Berenize

 

        Dicebant mihi sodales, si sepulchrum amicae visitarem, curas meas aliquantulum fore levatas.

Ebn Zaiat

 

        Oinazea era askotakoa izaten da. Tankera asko hartzen ditu lur honetan zorigaitzak. Ostadarrak bezala, osorik hartzen du zorigaitzak ere odaiertz zabala, ostadarrarenak bezain ugariak ditu koloreak eta hark bezain desberdinak, baina harexen modura elkarri estu lotuak. Ostadarrak bezala osorik hartzen du zorigaitzak ere odaiertz zabala! Baina nolaz atera dut nik edertasunetik itsustasun mota bat? Nolaz, bakearen itunetik, oinazearen pareko ideia? Baina nola gaitza etikan ongiaren ondorio baita, hala jaiotzen da pozetik ere nahigabea. Edo iraganeko zorionaren oroitzapena gaurko estura da, edo gaur diren agoniek, izan ahal izan ziren estasietan dute jatorria...

        Egaeus dut bataio izena; abizena ez dut aipatuko. Alabaina, ez dago eskualde honetan nire arbasoen oinetxe ilun grisa baino dorre ohoragarriagorik. Ameslarien arrazakoa dela esan izan dute gure leinuaz; eta xehetasun harrigarri askotan, familiaren etxearen nolakotasunean, egongela nagusiko freskoetan, logeletako tapizetan, armategiko pilare batzuen zizel lanetan, eta, batez ere, antzinako margolanen galerian, liburutegiaren estiloan eta, azkenik, liburutegi horretako edukien bitxikerian, bada uste hori frogatzen duen nahiko lekukotasun.

        Gela horrekin lotuak daude nire lehen urteetako oroitzapenak, eta hango liburuekin; liburu horiez ez naiz gehiago mintzatuko. Hantxe hil zen gure ama. Hantxe jaio nintzen ni. Baina alferrik da esatea lehenago ez nintzela bizi izan, ez duela arimak jaiotzaren aurreko izaterik. Ezetz diozue? Ezin hasiko gara orain auzi horri buruzko eztabaidan. Ni arrunt sinetsita nago horretaz, baina ez diot besteri ezer sinetsarazi nahi. Bada, nolanahi ere, airezko formen oroitzapen bat, begi espiritual eta esanguratsuena, soinuena, soinu musikal baina tristeena; galduko ez den oroitzapena da, itzala bezalakoa, lausoa, aldakorra, zehazgabea, ziurtasunik gabea, eta itzala bezalakoa, orobat, itzalaz bezala hartaz ere ez bainaiz libratuko nire arrazoiaren argitasunak dirauen artean.

        Gela horretan jaio nintzen. Ezereza iduri arren ezereza ez zen gau luzetik bat-batean maitagarrien lurraldean esnatu nintzelarik, irudimenezko jauregi batean, monasterioetako pentsamendu eta erudizioaren eremu zabalean, ez da harritzekoa txundituta eta gogo biziz begiratzea neure ingurura, haurtzaroa liburuetan alferrik galdu eta gaztetasuna ameskerietan xahutu izana; baina harritzekoa da, urteak joanda, heldutasun beteak nola aurkitu ninduen oraindik ere gurasoen etxean; miragarria da nolako etena gertatu zen nire bizi iturrietan, miragarria zenbateraino irauli zen nire pentsamendu arruntenaren nolakotasuna. Mundu honetako errealitateek ikuskarien gisara baino ez ninduten hunkitzen; eta ametsen munduko ideia eroak, nire eguneroko izatearen gai ez ezik, izatea bera bihurtu zitzaizkidan, izate osoa eta bakarra.

 

* * *

 

        Berenize eta ni lehengusuak ginen, eta elkarrekin hazi ginen nire gurasoen oinetxean. Baina ez ginen modu berean hazi: ni, osasungabe, eta tristuran murgilduta; arina, graziaz beterik eta energiaz gainezka hura; mendialdeko itzulia zen harena; nireak, klaustroko ikasketak; ni neure bihotzaren baitan bizi nintzen, eta guztiz emana, gorputzez eta arimaz, meditazio sakon eta garratzenetara; bizitzan arduragabe mugituz hura, bidean sortzen zitzaizkion itzalak edo ordu bele-hegodunen ihes isila batere gogoan hartu gabe. Berenize! Haren izena aipatzen dut... Berenize! Eta izenaren soinuarekin, ehunka ernatzen dira memoriaren hondakin ilunetan oroitzapen asaldatuak! Ai, zeinen bizia ageri zaidan orain haren irudia, zorion eta pozezko lehen egun haietan bezalakoa! Oi, edertasun zoragarri eta, hala ere, fantastikoa! Oi, Arnheimgo zuhaixketako silfidea! Oi, iturri haietako naiadea! Eta gero... misterioa eta izumena da gero dena, eta kontatu behar ez litzatekeen istorioa. Eritasun batek, eritasun hilgarri batek, hartu zuen Berenize, simun haizearen erasoak bezala; eta, begira nengokiola, aldaketaren espirituak astindu zuen, adimenean, ohituretan eta izaeran barneratu zitzaion, eta, modurik sotil eta ikaragarrienean, nortasuna bera ere nahasi zion! Ai! Suntsitzailea joan-etorrian zebilen, eta biktima... non zen biktima? Ez nuen ezagutzen... edo ez nuen jada Berenize bezala ezagutzen.

        Nire lehengusuaren izaera moral eta fisikoari halako nahasmendu izugarria eragin zion aurreneko eritasun hilgarri hark beste asko ekarri zituen ondotik. Bere nolakoan denetan penagarriena eta tematuena zena aipatuko dut, epilepsia moduko bat, behin baino gehiagotan trantzean amaitzen zena, ia-ia ezereztea zirudien trantzean, eta maiz oneratzeko modua harrigarri gogorra izaten zuena. Bitarte horretan neure gaitza —ezin dudala bestelako izenez deitu esan baitidate—, neure gaitza, bada, ikaragarrizko lastertasunaz ari zitzaidan areagotzen, eta, denborarekin, monomania bihurtu zen, forma berria eta ezohikoa zuena, unetik unera indartzen zena, eta, azkenean, ezin ulertuzko moduan menderatu ninduena. Monomania hori, horrela izendatu behar badut, psikologiaren jakintzak arreta deritzan adimenaren tasun horren suminkortasun gaizto bat zen. Litekeena da ez ulertzea; baina beldur naiz, izan ere, irakurle arruntari interes intentsitate nerbioso hau adieraziko dion beste modurik ez ote den izango, zeren haren eraginpean, neure kasuan behintzat (teknikoki ez mintzatzeagatik), meditazioaren ahalmenak unibertsoko objektu arruntenen behaketaz arduratzen baitziren, eta bete-betean haietan murgiltzen.

        Arreta guztia liburu baten ertzeko txikikeriaren batean edo tipografian ipinita ordu luze nekagabeetan hausnarrean aritzea; liluratuta geratzea, udako egun oso batez ia, tapiz bat edo lurra zeharka jotzen zuen itzal bitxi bati so; gau oso batez lanpara baten sugar tenteari edo su baten txingarrari begira-begira egotea; lore baten urrinarekin egunetan eta egunetan ametsetan aritzea; hitz arrunten bat beti-bat errepikatzea, harik eta hitzaren soinuak, errepikatzearen errepikatzeaz, adimenari ideiarik batere adierazten ez zion arte; gorputzaren gelditasun erabateko, luze eta tematiaren bidez mugimendu edo izate fisikoaren zentzuak oro galtzea: halakoxeak ziren arrarokeria arrunt batzuk, ez kaltegarrienak, antzekorik izan den arren ezin analiza edo esplika daitekeen adimenaren ahalmenen egoera batek sortuak.

        Baina ez nazazue oker ulertu. Berez hutsalak ziren objektuek sorrarazten zuten arreta desegoki, zorrotz eta gaiztoa, ez da nahastu behar, nolakotasunari dagokionez, gizaki orok duen hausnarrerako zaletasunarekin, batez ere irudimen biziko pertsonek duten horrekin. Era berean, ez zen, lehen unean pentsa daitekeen bezala, muturreko egoera bat, zaletasun horren gehiegikeria-edo, aitzitik, funtsean zen berezia eta desberdina. Lehen kasuan, ameslariak, edo zaleak, objektu normalean ez hutsal batek erakarri duelarik, harexek sortutako ondorio edo iradokizunen nahasmenean, pixkana, gogotik baztertzen du oharkabean delako objektua, harik eta, sarritan atseginkeriez betea den ameskeria hori amaitzen denean, incitamentuma, edo gogoeten lehen kausa, osorik desagertu edo ahaztu zaiola konturatzen den arte. Nire kasuan, lehen objektua hutsala izaten zen beti, baina, nire begiratuaren hoztasunaren ondorioz, garrantzi desitxuratua eta irreala izaten zuen. Dedukzio gutxi egiten nuen, edo batere ez; eta haiek ere setaz itzultzen ziren jatorrizko objektura, beren ardatzera. Hausnarketak ez ziren inoiz izaten, inoiz ez, atseginak; eta, ameskeriaren amaieran, lehen kausak, begien bistatik galdu ez ezik, iritsia izaten zuen gaitzaren ezaugarri nagusia zen interes naturaz gaindiko eta gehiegizko hori. Hitz batean, nire kasuan gehien lantzen zen adimenaren ahalmena, lehen esan dudan bezala, arreta izaten zen, eta ameslariaren kasuan berriz espekulazioa.

        Garai hartan irakurtzen nituen liburuak, berez nire nahasmena larriagotzen ez zuten arren, nahasmenaren beraren nolakotasun fantastiko eta lotura gabearen parte ziren, eta ez txikia gainera, ikusiko denez. Ondo gogoan ditut, besteren artean, Coelius Secundus Curio italiar noblearen De Amplitudine Beati Regni Dei, San Agustinen Jainkoaren hiria lan handia, eta Tertulianoren De Carne Christi; azken horretako esaldi paradoxazko batek —Mortuus est Dei filius; credible est quia ineptum est: et sepultus resurrexit; certum est quia impossibile est—, osorik hartu zuen nire denbora, ikerketa neketsu eta alferreko aste askoan.

        Ikusiko da hortaz nolako antza zuen nire arrazoimenak, hutsalkeriek bere orekatik aterarazten zutelarik, Ptolomeo Hefaistok aipatzen duen itsas harkaitz harena, hura ere, giza bortxaren erasoak gogor erresistitu arren, eta orobat uraren eta haizearen haserrealdi bortitzenak, anbulu zuri deritzan lorearen ukituarekin baino ez baitzen ikaratzen. Eta nahiz eta, pentsalari arduragabeari, dudarik gabeko gauza irudituko bide zaion eritasun zoritxarreko haren ondorioz Berenizeren egoera moralean sortu zen aldaketak parada ezinhobea eskaintzen zidala esplikatzen saiatu naizen hausnarketa bizi eta ezohiko hori lantzeko, halakorik ordea ez zen batere gertatu. Nire gaixoaldiko tarte argietan, Berenizeren zorigaitzak, izan ere, min ematen zidan, eta, bihotzeraino bainuen sartua haren bizitza gozo eta erosoaren hondamen erabatekoa, iraultza bitxi hura hain bat-batean gertatu zen modu harrigarriaz gogoetan aritzen nintzen, sarritan eta minduta. Baina gogoeta horiek ez ziren nire gaitzaren nolakotasunari zegozkionak, aitzitik, nirearen antzeko egoeran gizaki arruntari bururatuko zitzaizkiokeen modu berekoak ziren. Nire nahasmenak, bere izaerari leial, Berenizeren egoera fisikoaren aldaketa ez garrantzitsu baina bai deigarriak nabarmentzen zituen, haren nortasun pertsonalaren itxuraldaketa bitxi eta asaldagarria.

        Bere edertasun paregabearen egun argitsuenetan, ez dut uste Berenize maite izan nuenik. Nire izatearen bitxikeria arraro hartan, nire sentimenduak ez ziren inoiz izaten bihotzekoak, eta nire grinak adimenekoak izaten ziren beti. Goizean goizeko grisean, basoko eguerdiko itzal korapilatuetan, liburutegiko gau isiltasunean, Berenize igaro, eta nik ez nuen ikusten Berenize bizia, arnasa hartzen zuena, ametsetako Berenize bat baizik; ez lurreko izakia bailitzan, lurrari atxikia, haren abstrakzio baten gisara baizik; ez mirestekoa, baina aztertzekoa; ez objektu maitagarri, aitzitik, espekulazio ulergaitz baina nahasi baterako gai. Eta orduan, orduan, dardarka jartzen nintzen haren aurrean, eta zurbildu egiten nintzen inguratzen zitzaidanean; hala ere, minaren minez, haren egoera eroria eta tamalgarria deitoratzen nuelarik, gogoan izaten nuen luzaroan maite izan ninduela, eta, une gaizto batean, ezkontzaz mintzatu nintzaion.

        Eta azkenean, gure ezteien eguna hurbiltzen ari zenean, halako batean, neguko arratsalde batean —Alzion ederraren inude diren sasoiz kanpoko egun bero, lasai eta lainotsu horietako batean—, liburutegi barneko gelan nengoelarik (eta bakarrik nengoela uste nuen), begiak jaso, eta han ikusi nuen Berenize nire aurrean.

        Nire irudimen asaldatua, giro lainotsuaren eragina, gelako argi mehe dardartia, edo haren irudia inguratzen zuten tapiz grisak, zer ote zen halako irudi-lerro dudatsua eta nahasia sortzen zuena? Ezin esan nuen. Ez zuen hitzik esan; eta nik ahaleginak eginda ere ezin nuen silabarik ebaki. Dardar ikara hotz batek korritu zidan gorputza; eraman ezinezko larritasuna gaineratu zitzaidan; jakin-min izugarri bat sartu zitzaidan ariman; eta eserlekuan atzera eginda, arnasestuka eta geldi-geldi geratu nintzen denbora puska batez, begiak Berenizerengan finkaturik. Ai! Gehiegia zen haren argaltasuna, eta haren irudiaren lerroetan lehengo izakiaren arrastorik ez zen sumatzen batere. Berenizeren aurpegira jo zuen azkenean nire begiratu suharrak.

        Bekokia altua zuen, eta oso zurbila, eta bitxiki lasaia; garai batean bel-beltza izan zuen ilea, partez, bekoki gainean erortzen zen, eta kizkur ugariek estaltzen zizkion loki sakonak; kizkur horail biziak ziren ordea haiek, eta beren nolakotasun fantastikoan, begitartean nagusitzen zitzaion malenkoniarekin guztiz ezin adostuzkoak. Begiek ez zuten ez bizitasunik ez distirarik, eta nini gabeak ziruditen; eta oharkabean itzuri egin nion kristalezko begiratu hari, ezpain mehe eta eroriei so egiteko. Zabaldu ziren ezpainak; eta esangura bitxiko irribarre batean, begibistara azaldu ziren pixkana Berenize aldatu haren hortzak. Hobe Jainkoak hortz haiek ikusten utzi ez balit, edo ikusi eta bertan hil banintz!

 

* * *

 

        Ate baten kolpeak distraitu ninduen, eta, berriz begiratu nuenean, alde egina zen Berenize gelatik. Baina nire adimenaren gela nahasitik ordea, handik ez zuten, ai, alde egin, eta ez zuten alde egingo, hortzen mamu zuri eta beldurgarriek. Ez hortzen azaleko arrastorik, ez esmalteko itzalik, ez ertzetako akatsik, irribarre pasakor hartan ezertxo ez zen izan nire oroimenean irarrita geratu ez zenik. Orduan baino argiago ikusten ditut orain. Hortzak! Hortzak! Hemen zeuden, eta han, eta leku orotan, ikusgai eta ukigai nire aurrean; luzeak, estuak eta zuriegiak, ezpain zurbilak haien inguruan bihurrituta, aurreneko mugimendu izugarri haren unean bezalaxe. Indar bete-betean gaineratu zitzaidan orduan nire monomania, eta alferrik borrokatu nintzen haren eragin bitxi eta eraman ezinezkoaren kontra. Kanpoko munduko objektu ugarietatik, hortzetan baino ezin nuen pentsatu. Irrika suharrez desiratzen nituen. Haien behaketa hutsera bildu zen bestelako ardura eta zaletasun oro. Haiek, haiek bakarrik nituen adimenaren begietan, eta haietxek, beren banakako izatean, bihurtu ziren nire adimenaren jardunaren funtsa. Era guztietako argietan behatu nituen. Jarrera guztiak harrarazi nizkien. Haien ezaugarriak aztertu nituen. Haien berezitasunen gainean aritu nintzen hausnarrean. Haien nolakotasunaren aldaketan pentsatzen jarduten nuen. Ikara egiten nuen irudimenean ahalmen sentikorra eta kontzientea, eta, baita ezpainen laguntzarik gabe ere, adierazpen moralaren gaitasuna egozten nienean. Arrazoiz esan izan da Mademoiselle Salléz «que tous ses pas étaient des sentiments», ni Berenizez arrunt sinetsita bainengoen que toutes ses dents étaient des idées. Des ideés! Ai! Horra hor erraustu ninduen pentsamendu burugabea! Des idées! Ai! Horixe zen, beraz, halako eromenaz gutiziatzen nuena! Iruditu zitzaidan haien edukitzeak beste ezerk ez zidala bakea itzuliko, haiek bakarrik ekarriko zidatela berriz arrazoimena.

        Eta horrelaxe bildu ninduen ilunabarrak, eta gero iluntasuna etorri zen, eta geratu zen, eta joan zen, eta eguna berriz argitu zuen, eta bigarren gau baten lainoak hasi ziren berriz inguratzen; eta gela bakartian eserita jarraitzen nuen oraindik; eta meditazioan murgilduta nengoen oraindik; eta hortzen mamuak bere nagusitasun ikaragarrian jarraitzen zuen oraindik, gelako argi eta itzal aldakorren gainean balebil bezala, nabarmen eta gorrotagarri. Azkenean garrasi batek, ikara eta atsekebezkoa irudi, urratu zituen nire ametsak; eta gero, isilune baten ondoren, ahots asaldatuen hotsa entzun zen, eta, hotsarekin nahastuta, pena edo oinazezko intziri isilak. Altxatu nintzen eserlekutik, liburutegiko ateetako bat zabaldu, eta neskame bat ikusi nuen ondoko gelan, malkoetan blai, eta hark esan zidan Berenize... Berenize ez zela jada! Epilepsialdi batek jo omen zuen goizean, eta orain, gaua iristean, gertu zeukan hilobia, eta eginak ziren hilobirako prestakuntza guztiak.

 

* * *

 

        Liburutegian eserita aurkitu nuen neure burua, bakarrik berriz ere. Amets nahasi eta estugarri batetik esnatu berria nintzela irudi zuen. Banekien gauerdia zela, eta banekien eguzkia sartu zenetik lurpean zetzala Berenize. Baina bitarteko aldi goibelaz ez dut gogoramenik, ez behintzat gogoramen zehatzik. Izumenak betetzen zuen hala ere denboraldi haren oroitzapena, eta izumen are ikaragarriagoa zen lausoa zelako, eta, anbiguoa zelako, handiagoa zen beldurra. Orri beldurgarria zen nire izatearen liburuan, oroitzapen nahasi, lazgarri eta ulertezinez osorik betea. Saiatu nintzen oroitzapen haiek dezifratzen, alferrik ordea; zeren, joandako soinu baten izpiritua nola, halaxe sumatzen bainuen belarrietan, behin eta berriz, emakumezko ahots baten oihu zorrotz zulatzailea. Gauzaren bat egin nuen... baina zer ordea? Ozen egin nuen galdera, eta gelako oihartzun xuxurlariek erantzun zidaten, «baina zer ordea?»

        Lanpara bat neukan ondoko mahaian, eta kutxatila bat hartatik gertu. Ez zuen aparteko berezitasunik, eta sarritan ikusia nintzen, familiako sendagilearena baitzen; baina nola iritsi zen hara, nire mahai gainera, eta zergatik ikaratzen nintzen begiratzen nuenean? Haiek ordea ez ziren kontuan hartzeko gauzak, eta azkenean liburu baten orri irekietan ipini nituen begiak, eta han azpimarraturik ageri zen esaldi batean. Ebn Zaiat poetaren hitz berezi baina bakunak ziren: «Dicebant mihi sodales si sepulchrum amicae visitarem, curas meas aliquantulum fore levatas». Baina zergatik, hitz haiek irakurtzean, laztu zitzaizkidan buruko ileak, eta zergatik gogortu zitzaidan zainetan odola?

        Kolpe arin bat entzun zen liburutegiko atean, eta, hilobitik aterea balitz bezain zuri, zerbitzari bat sartu zen hanka-punttetan. Izumenak erotuta zekartzan begiak, eta ahots dardarti, lakar, isil-isilaz mintzatu zitzaidan. Zer esan zuen? Esaldi puska batzuk entzun nituen. Gaueko isiltasuna urratu zuen garrasi ikaragarri bat aipatu zuen, nola elkartu ziren zerbitzariak, nola ibili ziren hots haren jatorriaren bila; eta haren hitzak ikaragarri argiak bihurtu ziren orduan, isilka mintzatu zitzaidanean hilobi bortxatu batez, hiljantziz estalitako gorputz desitxuratu baina oraindik arnasa hartzen zuen batez... taupadaka oraindik... oraindik bizirik!

        Nire arropak seinalatu zituen; lokatzez beteta zeuden, eta odoleztatuta. Nik ez nuen hitzik egin, eta zerbitzariak eskua hartu zidan gozo-gozo: giza azazkalen harramazkak ageri zituen. Hormaren kontra jarrita zegoen zerbait seinalatu zidan. Zenbait minutuz egon nintzen hari begira: pala bat zen. Oihuka, mahaira inguratu eta mahai gaineko kutxatila hartu nuen. Baina ezin ireki nuen; eta nire dardar-ikaretan, ihes egin zidan eskutik eta astun erori zen, eta mila puskatan hautsi zen; eta handik, zarata handiaz, hortz zirujiazko zenbait tresna atera zen, eta haiekin nahasirik sakabanatu ziren lurrean hogeita hamabi gauza txiki, zuri, boli tankerakoak.

 

 

 

© Edgar Alan Poe

© itzulpenarena: Koro Navarro

 

 

"Edgar Alan Poe / Kontakizunak" orrialde nagusia