HITZAURREA

 

        Edgar Allan Poe: bizitza eta obra

        Edgar Allan Poe Bostonen jaio zen, 1809an, eta Baltimoren hil zen, 1849an. Misteriozko eta beldurrezko lanek eman zioten ospea: «The Raven» («Belea») poemak, eta «Ligeia» eta «The Murders in the Rue Morgue» («Rue Morgueko hilketak») kontakizunek, adibidez, oso fama handia izan zuten, gaur egun ere bizirik dirauena. Idazle gutxi dago literaturaren historian Poek adinako interpretazio eta hipotesi sorrarazi duenik. Idazle gutxik liluratu dituzte Poek bezala belaunaldiz belaunaldi irakurleak eta mitomanoak. Pertsonak berak ere, baita obratik aparte ere, interes bizia sorrarazi du.

        Antzezleen semea zen Poe. Ama zen, izan, antzezle, eta arrakasta handia izaten zuen bere lanetan; aitak ez zuen antzerkirako batere balio, eta edaten hasi zen. Alkoholak markatuko zituen bikotearen hiru seme-alabak: William, zaharrena, gazterik hil zen, tuberkulosi alkoholikoz; bigarrena, Edgar, idazlea, delirium tremenseko krisi batek jota hil zen, eta alaba gazteena, Rosalie, adimen urrikoa zen. Edgarrek bi urte zituela, etxetik alde egin zuen aitak. Ama, haurdun eta gaixorik, hegoaldera joan zen, han sustraituagoa baitzegoen antzerkia. Hogeita lau urterekin hil zen, Edgarrek lau urte ere bete gabe. Amaren eritasunak eta heriotzak arrasto sakona utzi bide zuten Poeren memorian.

        Umeak familia banatan geratu ziren. Allan senar-emazteek hartu zuten Edgar. Eskoziar jatorriko familia aberatsa zen, presbiterianismo zorrotzekoa. 1812an Allan jauna Londresa joan zen, eta berarekin eraman zituen emaztea eta haurra. Lau urte eman zituzten han, barnetegietan Edgarrek. Han, alde batetik, asko ikasi zuen —«frantsesa, historia, latina eta literatura asko»—, baina, bestetik, kalte handia egin zion Ingalaterrako egonaldiak, aldaketak ekarri zion bakardade eta noraezagatik, hegoaldeko paisaje eguzkitsuetatik atera eta «ingeles herri goibeltsu» batean utzi baitzuten, bakarrik, iparreko lainoetan, zaharkinen artean. Hango eraikinak agertuko ziren hogei urte geroago «William Wilson» kontakizunean, eta orobat da hangoa liburu honetako Usher Etxeko dekoratua, ipuin gehientsuenetako bera: etxe zahar izugarri handia, lainoetan galdua, horma-altua, ate-astuna, ziegez beteak diruditen sotoak dituena, eta inoiz bertan bizi izan ziren hilen arrastoak nonahi igartzen zaizkiona. Dekoratu erromantiko hori ez da bakarrik literatura gotikoaren oroitzapena; era berean da idazlearen haurtzaroko bizikizun latzen emaitza.

        1820ko udan itzuli ziren Allandarrak Richmondera. Edgar, hamaika urterekin, haur ikaratia, isila, goibela zen, eta, bere heroi guztiak bezalaxe, bere baitan itxi zen. 1823 eta 1824 artean, Byronen lana eredu hartuta, ondu zituen lehen poemak. 1826an Virginiako Unibertsitatean sartu zen, filologia klasikoa eta modernoa ikastera. Baina, ikaskideekin batera, edanean eta jokoan hasi zen. Izan ere, edariak ekarriko zion Poeri hondamendia: taldean ondo hitz egiteko bizkorgarriren bat behar izaten zuen, baina kopa bat jerez hartzea sekulako mozkorraldi baten hasiera gertatzen zitzaion; eta gutxitan iristen bazen ere intoxikaziora, eskandalu izugarriak sortu zituen behin baino gehiagotan. Esan izan da drogazalea ere bazela, baina ez dirudi egia denik. Nolanahi dela ere, zor handiak egin zituen unibertsitatean; aitaordeak ez zituen ordaindu nahi izan, eta 1827an gurasoen etxetik alde egin zuen Edgarrek, Bostongo hirira. Urte haietan idatzitako poema batzuk besterik ez zuen hartu bidairako, laster argitaratuko zituenak: Poems. Tamerlane and Other Poems (1827, Tamerlan eta beste poema batzuk). Poek berak idatzitako ohar biografiko batzuen arabera, sekulako abenturak bizi izan zituen garai hartan, askatasunaren aldeko borrokan, Grezian, Errusian, Siberian... Gezurra zen dena. Soldadu joan zen, eta hegoaldeko hainbat gotorlekutan ibili ondoren, West Point-eko Akademia Militarrean sartu zen. Gogokoa zuen hango diziplina, hantxe aurkitu zuen behar-beharrezko zuen bizitza ordenatua. Bere izaera zakarrak ordea berehala sortu zizkion arazoak agintariekin. Azkenean bota egin zuten eskola militarretik, eta gurasoengana itzultzen saiatu zen. Ez zuten onartu ordea, eta izeba batengana joan zen: Maria Clemm, beti zainduko zuen emakume eraman onekoa, Poeren emazte maitea izango zen Virginiaren ama, bere ama.

        1833rako argitaratuak zituen hiru poema liburu, baina, ez baitzuten arrakastarik izan, hitz lauz hasi zen idazten. Baltimore Saturday Visitor egunkariak ipuin lehiaketa batean ehun dolarreko saria eskaintzen zuela-eta, Poek sei kontakizun bidali zituen. «MS. Found in a Bottle» («Botila batean aurkitutako eskuizkribua») kontakizunak irabazi zuen lehiaketa (1833). Adiskide batek eskatuta, Southern Literary Messenger aldizkariko zuzendaritza hartu zuen: eginahalean, hamazazpi aleko argitaraldia hamabost milaraino igotzea lortu zuen. Bizitza berri bat hasteko gogoa zuen, aldizkariko lanak segurtasuna eskaintzen zion, zoriontsua zela zioen. Bere lehengusu Virginia Clemmekin ezkondu zen: urtebeteren buruan hilko zen hamahiru urteko emakume-haurra, Mariaren alaba. Ezkondu eta hilabete gutxiren ondoren ordea, guztiz bat-batean, ondoezik larrienak jota zegoen poeta: «(...) alferrik borrokatu naiz malenkoniaren kontra. Zorigaitzak jota nago, eta ez dakit zergatik». Opioa eta alkohola hartzen zituen bere egonezina sendatzeko. Neurrigabe edaten hasi zen, eta zenbait egunez desagertzen zen, taberna zulo miserableenetan. Krisiak gero eta gogorragoak ziren. Hainbat aldizkaritako zuzendari izan zen, eta modu berean errepikatzen ziren beti gertaerak: gau eta egun lan eginez, bere ardurapean zituen aldizkarien argitaraldiak biderkatu ondoren, arrakasta eta dirua lorturik, bat-batean depresiozko krisiak jotzen zuen, eta lur jota geratzen zen. Virginiaren heriotzaz gero, are larriagotu ziren krisi haiek. Bazekien edariak izugarrizko kaltea egiten ziola, baina ezin zuen utzi. Berrogei urte zituela hil zen, Baltimoren, Delirium tremenseko krisi batek jota, bakarrik, estimatzen zutenek ezer ez zekitela, bere ipuinetako pertsonaiei deika. «Jainkoak lagun dakiola nire arima gaixoari» izan omen ziren Edgar Poe gizarajoaren azken hitzak. Bestelakorik esan da ordea. Izan ere, idazlea hil bezain pronto sortu zen elezaharra, sortu ziren elezaharrak, Poeren bizitzak bezala obrak ere eskaintzen dituen gaietatik abiatuta: sadismoa, nekrofilia, intzestoa, droga. XX. mendeko psikoanalisiak, esan gabe doa, berebiziko materiala aurkitu du Poerengan, eta horrek areago zabaldu du idazle madarikatuaren izena.

 

* * *

 

        Edgar Allan Poek poesia, fikzioa eta kritikaren teoria landu zituen. Zenbait kritikariren iritziz (T.S. Elliot, A. Huxley), ezertan ez zuen obra biribilik lortu. Poeren poesiak, oso bakuna baita, oso erritmo markatuko lelo baten efektua eragiten du, eta sentimendu sakon eta primitiboak azaleratzen ditu. Poemen musikaltasuna agerikoa da, baina egileak sarritan belarrira ondoen jotzen duen hitza hautatzen du, ez poemaren zentzuak behar duena. Izan ere, hitzen esanahiek ez zuten Poe bereziki arduratzen, ezta poemaren beraren esanahi orokorrak ere.

        Izumenezko eleberria genero herrikoia eta tradizio handikoa da ingeles hizkuntzazko erromantizismoan. Poek leialtasunez jarraitzen dio tradizio horri, topiko guztiei eutsiz, baina osagai berriak txertatu zizkion, eta generoa bikain berriztatu zuen. Lehen begiratuan, klasikoak bezalakoxeak dira Poeren izumenezko ipuinak: heroia bakar-bakarrik dago gaztelu zahar batean, edo ziega batean itxita dago, edo basoan galduta dabil. Osagai horiek ordea Poek ez ditu deskribatzen: halako lekuetan, egoera horietan egoteak dakarren egonezina eta larritasuna deskribatzen ditu. Izuzko ipuinetan gehiago nabarmentzen da izakia lekua baino, sentsazioa objektua baino. Poek ez du eszenografia bat antolatzen, izumenezko ipuin klasikoetan bezala; aitzitik, gogo egoera iradokitzea da helburua. Irakurketa poliki-poliki hasten da, irakurlea egoeraren dimentsio psikologikoaz jabe dadin; Poeren unibertsoa ez baitago ez benetako munduan ez izadiaz gaindikoan: adimenaren mundua da harena, gogoarena, errealitate objektiboaren gainean eraikia. Egileak ez du irakurlea mundu horren existentziaz komentzitu nahi: mundu hori sentiarazi nahi dio, kontzientzia guztiz nahasirik duen pertsona baten gogo egoeraren kide egin nahi du. Kontakizun askotan, benetan gertatuak fantasia bitxienekin nahastu zituen. Horren adibide argia da The Narrative of Arthur Gordon Pym (1838, Arthur Gordon Pym-en kontakizuna), Melvilleren Moby Dicken aurrekaritzat hartzen dena; orobat nahasten ditu fantasia eta errealitatea —fantasia nagusitzen da, jakina— bilduma honetako «Maelström» ederrak. Poeren beste istorio famatu batean, liburu honetan argitaratzen den «Usher Etxearen hondamena» kontakizunean, neurosi kasu bat aztertzen da, oraintsu jakin denez, bere ezagun baten kasua, ez, uste izan den bezala, berea.

        Poeren ipuinek eragin handia izan dutela inork ez du auzitan jartzen; areago, literatura genero berri baten sortzailea izan zela ere esaten da, polizia eleberriarena hain justu. Detektibe logikaz betea eta sen handikoa, Sherlock Holmes-engandik hasita detektibe guztien eredua izango zena, Poek asmaturiko Monsieur Auguste Dupin da, The Murders in the Rue Morgue (1841, Morgue kaleko hilketak), The Purloined Letter (1842, Gutun ebatsia), eta hemengo Marie Rogêten misterioa istorioetako protagonista. Dupin dandy bat da, itxuran nahiz arrazobidean, bere lana dotoretasun matematikoz egiten duena, eta matematikaren logika zehatzaz harilduko dira istorio hauek. Ez dute ordea alderdi makabroa galduko, xehetasun odoltsu higuingarrienak ere argi deskribaturik agertzen baitira; itxuraz oso bestelakoak diren istorio beldurgarrienak —hemengo Putzua eta pendulua edota Berenizek adibidez— logikarik hertsienaren garapenean oinarritzen diren bezala.

        Asaldagarria izaten da maiz Poeren kontakizunen irakurketa. Egonezinak hartzen baitu irakurlearen irudimena —eta itzultzailearena—, ez plazerrik gabe ordea. Poeren kontakizunek sentikortasunari eragiten diote, haren alderdirik senezkoen eta ezkutuenari. Eta eragin hori negatiboa da, ez baitu ekintzara edo ezer baiestera bultzatzen; gehienera ere, ezezagunak edo ezagutu daitekeenaren mugak gugan duten indarrari buruzko hausnarketa sorrarazten dute. Hala ere, higikunde erromantikoko bigarren mailako epigonotzat hartu dute adituek Poe; fikziozko lanetan, eleberrigile gotikoen ondorengotzat, eta Byron eta Shelleyren jarraitzailetzat bertsozkoetan. Badirudi hortaz ingeles tradizioan kokatu beharra dagoela, baina, obra ingelesez idatzia badu ere, Poe ez da britainiar idazlea, idazle iparramerikarra da, areago, Estatu Batuetako hegoaldekoa da: badira bere obran errepikatzen diren gai batzuk, familiako krimen baten obsesioa, izugarrikeriak, Faulkner, O'Neill edota Tennessee Williams-en lanetan ere agertuko direnak.

        Berehala ezagutu eta goretsi zuten atzerrian Poeren izena. Bi frantses poeta izan zituen propaganda egileak: Charles Baudelaire eta Stéphan Mallarmé. Haiek ezagutarazi zuten, ez bakarrik Frantzian eta Europan, baita Estatu Batuetan bertan ere. Poek paper erabakigarria jokatu zuen frantses literaturan: poesian ereduzko maisua izan zen, eta gidaria kritikan. Frantses sinbolismoa Poeren Konposizioaren filosofia lanean oinarritu zen, haren irudiak baliatu zituen, eta haren adibideak erabili zituzten «poesia huts» delakoaren teoria modernoa sortzeko.

 

* * *

 

        Bilduma hau osatzen duten kontakizunak ezagunak dira oso. Dauden guztiak dira ezagunak, baina ez daude guztiak, garrantzizkoenetako batzuk euskaratuak baitaude. Amontillado upela lehendik ere irakur zitezkeen euskaraz, sona handiko idazle-itzultzaileek euskaratua (Jon Mirandek aurrena, Oskillasok gero), aspaldi samar. Beste bertsio bat izango da beraz hau, modernoagoa bai behintzat, batuagoa. Ordenari dagokionez, kronologia hartu da irizpidetzat. Marie Rogêten misterioa ordea, gainerakoak baino askoz luzeagoa baita, eta estiloz oso desberdina —ez da, besteak bezala, izumenezkoa, aldiz, esan den bezala, polizia eleberriaren generoan sartzen da—, azkena utzi da.

Koro Navarro Etxeberria

 

 

 

© Koro Navarro

 

 

"Edgar Alan Poe / Kontakizunak" orrialde nagusia