XX
Baina Astin hodei beheek zerua estaltzen zuten, haizea harrotu eta ilunabarra jausi zen berehala; trenetik salto egin genuenean inor ez zen gutaz ohartu. Trenbidetik ibiltzen hasi nintzen, eta zaparradako argi hitsarekin etxola eta biltegi txikituak, zulo handiak eta habe hautsiak ikusi nituen. Soroetara iritsi nintzen berehala. Zubiko arku bat behea jota zegoen. Norantz jo behar nuen igartzeko astia izan nuen, eta lehen euri tantak erortzerako sartu nintzen estalpe batean.
Jendea eta gurdiak aurkitu nituen han; benta bateko ukuilua zen, fardeletan eserita zegoen norbait barrez ari zen. Jendearen sartu-irten eta tximist haien artean ahots doinu bereziak entzuten nituen, lurrekoak, nire dialektoaz kutsatuak denak. Horrek adorea eman zidan. «Nire patua duk beti aterpeak aurkitzea», pentsatu nuen.
Zerbait jan nuen, platerkada handi bat zopa eta ogi pusketa bat, sukaldean, koipe eta ke artean. Barru handi hartan beste batzuk, entsalada jaten eta edaten. Emakumetxoak, bidaztiak eta gurgizainak. Aterpean euria eta bideak, gurdi ilarak, Tanaro haranean gertatzen zen zerbait larria ziren mintzagai. Nik halako herri batera nindoala esan nuen; galdetu nuen bakarrik erraza al zen haranetik gora igotzea. Dialektoz hitz egin nuen. Gurdizain batek begiratu zidan, oinetatik bururaino. — Pasatu, pasatzen da, bai —esan zidan—, geratzea okerrena—. Baziren egun batzuk alemanak hortik zebiltzala, eta emakumeek baino ez zuten lorik egiten etxeetan. — Zer ikusiko gaude —esan zuen azpantar berde-grisak zituen beste batek—. Alemanek alde egiten badute, garia ebakitzen da. Muturrak apurtzen badituzte, ordea...
Pentsatu nuen nire harana beste bat zela eta beste muino batzuk zeharkatu behar nituela. Norbaitek nire ahotsean nabaritu eta besteei galde egin zien: — Zer berri dago Langa alde horretan?
Langa aldean borrokan ari ziren etengabe. Herrien arabera. Baziren bazter batzuk gutarren esku zeudenak erabat. Irauten zuten bitartean, jakina. Bideetan ez zegoen benetako arriskurik, baina bai ordea zubi eta herrietan. Berriro ikusi nuen burdinazko zubia, non umetan burrunba egiten bainuen oinekin. Inguruko herri bat aipatu nuen, zubi horretatik hara iristen baitzen. — Hor errepublika dago —esan zuten.
Nahasteak eta ekaitzak bete zuten ia gau osoa. Isil ezkila zela eta, ezinezkoa zen mugitzea; eguna urratu aurretik abiatzen zenak gelarik ere ez zuen eskatu. Ni zaku batzuen gainean etzan eta gurdizainak manta bat eskuratu zidan. Ekaina izan arren, hotza zegoen. Norbaitek baso bete ardo batzuk zeuzkan erretilu bat irauli eta kiratsa sentitu nuen gau osoan, iluntasun haizetsu hartan. Ahots latz logale haiek afariez eta iragandako gauzez ari ziren hizketan eta hizketan.
Lehen argiarekin, gurdizaina mugitu zen. Nire bide berberetik joan behar zuen, baina haran erdira besterik ez. Lodia zen, kopetiluna, begiak irainduta zeuzkan. Zeru hotz eta argira begiratu eta esan zuen: — Goazen.
Goiz osoa eman genuen ibilian, alde banatan eseriak eta hankak zintzilik. Ez genuen berriketa handirik egin; gizabidez esan nion Torinotik nentorrela, han egon bainintzen lanean, eta etxera itzultzen nintzela. Begiak altxatu zituen, eta esan: — Hobe zenuen trenez joatea, Alessandriatik.
Geltokiek beldurra ematen zidatela esan niezaiokeen? Bere gurdiaren kirrinka nahiago nuela? Berak egiten zuen bizimoduarekin, barre egingo zien nire arazoei, bere begiek barrerik egiten bazuten, behintzat. Ez zen tristea ez harroa, bakarrik zegoen. Muinoa begiztatu nuen zeru estaliaren azpian; muino batean eliza txiki bat eta pinu beltz bat. Beti bezala, eliza hura han goian zeinen ezkutaleku ona izango zen pentsatu nuen. Mendi lepoetan mahastiak eta galsoroak, ñabar, artean euriz heze; ez nuen gogoratzen hain muino bizirik, hain gozorik.
Gurdiaren motelarekin luzetsita nengoen. Eguraldiaz hitz egin nuen. Potolo hari galde egin nion seguruagoak al ziren bideak gauez edo euria ari zuenean. Esan zuen eguzki argia nahiago zuela; ilunabarrean beti iritsi ahal zaizu bestearen kolpea; egun argiz, behintzat, abertzaleek zein alemanek aurpegia ikusten dizute. Inorenganako begikotasunik gabe hitz egiten zuen, kaskagogorra zen.
Alemanak aurkitu genituen, automobil bat aldapa erdian geldirik. Uniforme berdexka haiek errepide bustiaren kolorekoak ematen zuten. Gurdizainak lurrera egin zuen salto, ni muinoko baso txiki batera begira geratu nintzen, adi-adi.
Handik gutxira, guganaino iritsi eta aurrea hartu ere egin zigun, zalapartatsu, kamioi handi batek, uniforme arre, mutil txapeldun eta fusil kanoiez beterik. — Errepublika aurrera ateratzen dute horiek —marmaratu zuen gurdizainak—, gauean txerria jango dugu.
Lehen herrian, plazan aurkitu genituen, geldirik. Alemanak, motozikletan, oina lurrean jarri eta berriz abiatzen ziren, ateetatik emakume batzuk begira zeuden. Fusil tiro bat entzun zen, auskalo non, inork ez zuen jaramonik egin.
Orain gurdia bilin-balan zihoan harri txintxarren gainean. Jaitsi behar izan nuen. Marinel bat atera zitzaigun, fusila pronto zuela. Geratu ginen, eta nire laguna gurdi-kaxan bila ari zen bitartean, beste hark, ilehori orintsu bat bera, golde karga estaltzen zuen oihala altxatu eta begiratu zuen. Aurrera jarraitzeko keinua egin zuen.
Bide-bidera itzultzean, bat-batean, zerbait esan behar zela eta: — Mugarik ba al dago hauen eta besteen artean? —esan nuen.
Ez zuen ezer erantzun, eta txistua bota zuen lurrera.
— Ikusi al dituzu? Haiek ere badaude herrietan?
— Hobe genuke! —esan zidan—; han dauzkagu, muinoan. Gau eta egun begia elkarri kendu gabe.
Orain, pentsatzen nuen, saltsan nagok. Harrapatzen banaute, nireak egin dik. Chierin ezin nintzen geratu. Landetxean ere ez. Neguko beldurrez, kolegioaz pentsatzen banuen, izukaitz sentitzen nuen neure burua, zentzugabe, ume. Ondo nekien Langa guztian nire izena zekien aleman bakar bat ere ez zegoela, baina hartara jarria nengoen ordurako, eta denen beldurra nirea ere bazen: izualdi bakoitzak aitzakiak ateratzeko balio zidan.
Gurdi gainera igo ginen berriro. Hitz egiteari utzi nion, beti kontu berbera ateratzen nuela konturatu nintzelako.
— Molinin gaude —esan zuen halako batean lagunak—. Zuretzat hobe da zapatak erantzi eta gurutzatzea. Behealde hartan geratuko naiz.
Gurdiak kirrinka jarraitzen zuen bitartean, elkarri agur egin eta izen hura esan nion oihuka, burdinazko zubiko errepidea. Keinu baldar bat egin zidan Tanaroz bestaldeko muinorantz, nola abiatzen nintzen begira geratu zitzaidan eta txistua bota zuen lurrera.
Ibaiko ura eta hondar-gune zabala igaro eta gero, muinoan gora abiatu nintzen arin baino arinago. Ibilian, nire balean galdezka nindoan non lo egin, non bazkaldu ote zuen Dinok; gurdizainak Torinoz bestaldean ere ba ote zebiltzan, mendian alegia. Berokia eta lepokoa jantzirik alde egin zuen. Fonso zegoen lekura iritsi ezean, esan nuen neure artean, itzuliko zen. Ume batentzat ez dago arriskurik.
Nire bidea soro eta mahasti artean bihurritzen zen, Torinoko nire muinoan ez bezalako leku batean: hemen mendi lepoak zuri ageri ziren, landuta eta luberrituta; basorik ez. Artean basorik ez zen, idiak marruz entzuten ziren, oiloak hegalei eragiten; airea bera ere biguna zen, etxe usainekoa —eta ni, aldiz, bizkor nindoan, ingurura begira, erne, Belborekin II Pinoko sakanetan sartu eta lurreko isilpekoei, sustraiei, txaradian nagusi den izu etengabeari adi jartzen nintzenean bezala—. Orain benetan nenbilen ihesean, erbia ihesean dabilen bezala.
Ilundu aurretik bizpahiru herri zeharkatu nituen, bidea gorantz hasten zen; urrunean, muinoen gainetan, elizak ikusten ziren, baserri bakartuak. Tanaro igaro nuenetik, ez automobilik ez motozikletarik ere ez zitzaidan ageri, ez paretik ez atzetik; idi-gurdi bakan batzuk besterik ez nituen ikusi, eta herri bateko plazan lagun batzuk, oinutsik eta zereginik ezean. Emakumetxo oihulari batek saldu zizkidan ogia eta tomate batzuk hartu nituen afaltzeko; ea galduta ote nengoen galdetu zidan. — Etxera noa —esan nion—. — Ba, ondo egiten duzu, ondo egiten duzu —esan zidan oihuka—. Hau ez da bizimodua.
Partisautzat hartu ninduela ulertu nuen geroago. Horrek aztoratu egin ninduen. Besteak beste, non ote ziren galdetzerik ez neukan, espioitzat joko ninduten eta. Ibili behar nuen, geratu gabe ibili eta atzera ez begiratu. Arratsalde hartan ibili nuen alor mortuen arteko, behe-lainoen arteko azken bide zatia. Kilkerrak aditzen ziren. Goi-goian nengoen; tontor batean nenbilen.
Lo egiteko lekua, soro bateko erretenean eserita, oinutsik, zigarro bat erretzen ari zen gaztetxo batek adierazi zidan. Alkandora eta galtza urratu batzuk baino ez zeuzkan soinean; buruan, aldiz, artilezko kapela bat. Gelditu nintzen. — Asko falta al zait haranera iristeko? —galdetu nion.
— Geraldi bat egin nahi duzu? —esan zuen zirkinik egin gabe, neure dialekto berberaz—. Ez zaizu komeni, alemanen postua dago hor.
— Ez diet beldurrik alemanei —esan nuen orduan—, haranaz bestaldera joan behar dut.
— Harantzago partisauak dabiltza —esan zuen berak, estutu gabe.
— Ez diot beldurrik inori, etxera noa.
Burua mugitu eta zigarroa astindu zuen, kontu handiz. — Itzulinguru bat egin dezakezu, bidezidorretik joanda. Baina orain berandu da. Hobe duzu bihar arte itxaron.
Soto hura eta baso txiki bat igarotzeko esan zidan. Gereziondo baten atzean etxe belzkara batzuk zeuden ilaran, ukuilu bat. Mandioak eta lastategiak; tontorpean, soroen altueran, beste teilatu behe batzuk, zut-zutak. Hobeto ezkutaturiko baserririk behin ere ez nuen ikusi: bidetik, galburuak eta mendi lepo urrunak besterik ez ziren ikusten.
Otinok —ez zidan galdetu nire izena— gerezi azpira eraman eta egarri ote nintzen galdetu zidan. Abar bat jaitsi eta hustu egin genuen. Txistua jaurtitzean bezalako hots bat ezpainekin eginez botatzen zituen hezurrak, eta Agliano aldera ote nindoan galdetu zidan.
— Gaur goizean kea ikusten zen.
Rocchettara nindoala esan nuen, Belbo ibaiaren bailarara, eta Chieritik nentorrela. Otinok salto egin zuen zuhaitzera, bere hanka-beso luze haiekin, eta adaxkak botatzen hasi zen.
— Non dago Rocchetta hori? —zioen.
— Erretzen al dituzte herriak hemen?
Ez zidan erantzun; txistuka ari zen. Irmo egoteko doinua egiten zuen txistuka. — Soldadu ibilia zara zu —esan nuen orduan.
— Beharko nuke —erantzun zidan.
Gaua mandioan eman nuen, kilkerren kilkerrez gortuta. Airea hotza zen, behe-lainoak edo hodeiek soroak estaltzen zituzten. Lasto azpian sartu nintzen. Ilunpean, ez hain beltza ikusten nuen zeru arkua, eta belar artean ezkutatzeko gertu nengoen lehen alarmarekin batera. Denek ez ditek lastozko ohe bat, esaten nion neure buruari.
Zutabe batetik zintzilik utzitako tresnak hartzen ari zela esnatu ninduen Otinok. Itsutzeko moduko argitasuna zegoen, behe-lainoa eta eguzkia. — Ez zara iritsiko gaur —esan zidan. Ogia eskatu nion. Haraneko amilburuan egindako etxeen artean ibili ginen. Emakume bati hots egin zion; bi ogi ekarri zizkigun—. Utziko al didazu aurpegia garbitzen? —galdetu nion.
Baldea atera genuen putzutik. Behe-lainoko argi biziaz ondo ikusi nuen Otinoren larru beltzarana, bai eta bere gizonezko aurpegiera ere. — Hango hura da bidea —azaldu zidan—. Segi beti beherantz doan bidezidorretik, trenbidea aurkituko duzu; Tinella ibaia ikusiko duzu; sartu gero sarastira...—. Dinorekin jolasean ari nintzenekoa etorri zitzaidan burura.
© Cesare Pavese
© itzulpenarena: Koldo Biguri