II
Errepidera atera eta ilunpean adi nengoela begira, gailurraz bestaldean, kilkerren ahotsen artean itorik ia, alarma ari zen joka. Hantxe banengo bezala sumatu nuen hiria izozten, oin hotsa, ateak danba ixten, kaleak ikaran eta huts-hutsik. Izarrei argia zerien hemen. Ordurako etena zen kantua haranean. Belbok zaunka egin zuen, oso urruti ez. Lasterka hurbildu nintzen haren ondora. Patio batean sartua zen eta jauzika ari zen etxe batetik irtendako jendearen artean. Argi bat iragazten zen erdi itxitako ate batetik. Norbaitek oihu egin zuen: «Itxi atea, babolioa!»; eta barre egin zuten, hots handiz. Atea itzali zen.
Belbo ezaguna zuten haiek; norbaitek bi atsoak aipatu zituen umore onez, nor ote nintzen galdetu gabe hartu ninduten haien artean. Hara-hona zebiltzan ilunpean; umeren bat ere bazen, eta denek gora begiratzen zuten. «Etorriko ote dira? Bai?, ez?», zioten. Torinoz, ezbeharrez, etxe hondatuez hitz egiten zuten. Aparte eserita zegoen emakume batek marru egiten zuen bere artean.
— Dantzan ari zinetela uste nuen —esan nuen, zerbait esatearren.
— Egia balitz! —bota zuen Belborekin lehenik hitz egin zuen gizon gaztearen itzalak—. Baina inor ez da gogoratzen klarinetea ekartzeaz.
— Ausartuko al zinatekete? —esan zuen neska ahots batek.
— Berak, behintzat, etxea sutan egonda ere egingo luke dantzan.
— Bai, bai —esan zuen beste batek.
— Ezin da, gerran gaude. Italiarrok —hemen ahotsa aldatu egin zen—, gerra hau zuengatik egin dut. Zuentzako oparia da, izan zaitezte haren duin. Ezingo da dantzarik ez lorik egin gehiago. Gerra besterik ez duzue egin behar, neuk bezalaxe.
— Egon isilik, Fonso, entzungo dizute eta!
— Zer nahi duzu ba? Kantatzen ari gara!
Eta ahotsak lehenagoko kantuari heldu zion, baina ahapeka, moteldurik, kilkerrak gogaitzeko beldurrez edo. Neska batzuk ere batu ziren; bi mutil elkarren atzetik korrika hasi ziren belardian. Belbo zaunkaka hasi zen amorruz.
— Lasai —esan nion.
Zuhaizpean mahai bat zegoen, eta haren gainean botila bat eta basoak. Jabeak, aguretxo bat bera, niri ere zerbitzatu zidan. Ostatu moduko bat zen hura, baina denak senitartekoak ziren gutxi gorabehera, eta denak batera Torinotik etorriak.
— Irauten duen bitartean, ondo —zioen atso batek—, baina lokatzarekin eta euriarekin?
— Ez eduki beldurrik, amona, beti dago leku bat zuretzat hemen.
— Orain ez da ezer, negu hau da.
— Negu honetan amaituko da gerra —esan zuen mutiko batek, eta alde egin gero.
Fonso eta neskak kantatzen ari ziren, ahotsa apalduta beti, beti urruneko zurrumurru bat, zalaparta bat aditzeko prest. Neuk ere, minututik minutura, belarria erne jartzen nuen kilkerren korurantz, eta bat-batean atsoak berriz ireki zuenean ate-alderdia, neuk ere itzaltzeko esan nuen.
Jende haren baitan, gazteen baitan, beraien txantxetan, lagunartearen eta ardoaren begikotasun errazean bertan, bazen ezagutzen nuen zerbait, aspaldiko hiria, beste gau batzuk, Po ondoko txangoak, ibai ondoko ostatu eta jantoki ugariak, adiskidetasun iraganak gogoratzen zizkidana. Eta muinoko hozgiroaren gainean, hutsune hartan, erne egonarazten zuen antsia hartan, antzinagoko zapore bat berraurkitzen nuen, nekazal mundukoa, urrutikoa. Senak bultzaturik jarraitzen nien neska eta emakumeen ahotsei, eta isilik nengoen. Fonsoren ateraldiekin ahapeka egiten nuen barre, gustura. Zerupean eserita nengoen, besteekin batera, habea baten gainean. — Zuk zer egiten duzu?, oporretan zaude? —esan zidan ahots batek.
Ezagutu nuen ahots hori. Orain, horretaz pentsatzean, begien bistakoa iruditzen zait. Ezagutu nuen, eta ez nion galdetu neure buruari norena ote zen. Ahots latz samarra zen, zirikatzailea, zakarra. Emakumeen eta leku hartako ohiko ahotsa iruditu zitzaidan.
Zakurrarekin trufatara atera nintzela erantzun nuen txantxetan. Berak galdetu zidan ea trufak jaten ote ziren irakasle nengoen lekuan.
— Nork esan dizu irakaslea naizela? —esan nuen harriturik.
— Argi dago —esan zidan ilunpean.
Burlazko zerbait bazen ahots hartan. Edota mozorroturik bezala hitz egiteko jokoagatik ote zen? Une batean aztertu nituen lehenagoko solasaldiak; ez nuen uste neure burua saldu nuenik, eta ondorioz atera nuen atsoak ezagutzen zituzten haiek nire berri ere bazekitela beharbada. Torinon ala han goian bizi ote zen galdetu nion.
— Torinon —erantzun zidan lasai.
Itzalpean traza ederrekoa izan zitekeela ohartu nintzen. Lepo eta belaunen lerro biribila garbi-garbia zen. Belaunak beso artean hartuz eseri eta atzerantz abandonatzen zuen bere burua, aire dohatsu batez. Haren begitartea arakatzen ahalegindu nintzen.
— Ni jan nahian, ala? —esan zidan aurpegira.
Alarmaren amaiera entzun zen orduan. Une batez, denak isilik geratu ziren, ezin sinetsirik, gero iskanbila handi bat piztu zen, eta umeak saltoka ari ziren, atsoak bedeinkazioak esan eta esan, eta gizonek basoak eskuan hartu eta erritmoa markatzen zuten.
— Gaurkoz pasa da.
— Beranduago etorriko dira.
— Italiarrok, zuengatik egin dut.
Emakumea bere hartan zegoen, zirkinik egin gabe. Artean burua paretaren kontra abandonaturik zeukan, eta totelka «Zu Cate zara. Cate haiz» esan nionean ez zidan erantzun. Uste dut begiak itxita zituela.
Altxatu behar izan nuen, denak etxera zihoazelako. Ardoa ordaindu nahi izan nuen, baina «Ezta pentsatu ere» esan zidaten. Agur egin, eskua eman Fonsori eta beste bati, Belbori hots egin eta, sorginkeriaz bezala, bakarrik geratu nintzen, errepidean, etxeko aurrealde narrastu hari begira.
Zertxobait beranduago, landetxean nengoen berriro. Baina bitartean gaua heldu zen, gau beltza, eta Elvira zain zegoen, eskailera mailetan ia, eskua esku gainean eta ezpainak josita. Hauxe baino ez zuen esan:
— Gaur alarmak harrapatu zaitu. Kezkatuta geunden.
Burua mugitu nuen eta platera aurrean nuela irribarre eginez jaten hasi nintzen. Bera bueltaka ari zen nire inguruan, argipean, isilik, sukaldean desagertzen zen, armairuak ixten zituen.
— Hala balitz arratsaldero! —esan nuen marmarrean. Berak ez zuen ezer esan.
Mastekatzen ari nintzela topaketa hartaz pentsatzen nuen, gertatutakoaz. Catek baino areago denborak zidan axola, urteek. Sinestezina zen. Zortzi, hamar? Iruditzen zitzaidan gela edo armairu ahaztu bat zabaldu, eta barruan beste inoren bizitza aurkitu nuela, bizitza hutsal bat, arriskuz betea. Horixe nuen ahaztua. Ez, ordea, Cate, ez antzinako atsegin xumeak; baizik eta egun haiek bizi zituen gaztea, gazte ausart hura, gauzetatik ihes egiten zuena oraindik gertatu behar zutelakoan, ordurako gizondua, eta beti inguruan begiratzen zuena, bizitza benetan etorrita ere; gazte horrek asaldatzen ninduen. Zertan gentozen bat bera eta biok? Zer egin nuen nik bere alde? Gau arrunt eta sutsu haiek, halabeharrezko arrisku haiek, ohe bat edo leiho bat bezain ohiko itxaropen haiek —iruditzen zitzaidan denak urruneko herri bat oroitzen zidala, bizitza gorabeheratsu bat, nolatan gozatu eta hola traizionatu ote dugun galdetzen diguna hartaz pentsatzean.
Elvira kandela bat hartu eta gelako beste aldean geratu zen. Erdiko lanparako argi errainutik kanpo zegoen, eta igotzean itzaltzeko eskatu zidan. Ezbaian zegoela ulertu nuen. Gelako argi giltzaren ondoan kanpoko farolarena zegoen, eta batzuetan nahastu eta argiz betetzen nuen patioa.
— Lasai —esan nuen tupustean—. Behar dena itzaliko dut.
Berak eskua eztarrian jarririk eztul egin eta barre egin zuen ia.
— Gabon.
Tira ba, esan nuen nirekiko bakarrik geratu bezain laster, dagoeneko ez haiz lehengo mutil hura, ez haiz lehenagoko arriskuetan sartzen. Emakume honek etxera lehenago etortzeko esan nahi likek, hirekin hitz egin nahi likek, baina ausartzen ez, eta beharbada eskuak bihurritzen dizkik, beharbada burkoan estutzen dik gorputza eta eztarria haztatzen. Ez dik plazerik agintzen, eta ondo zekik hori. Baina ametsetan jartzen duk, bakarrik bizi haizela ikustean, eta espero dik hire bizitza guztia hemen barruan gertatuko dela, lanpara honekin, gela honetan, gortina eder hauen ondoan, hiretzat garbitu dituen izaren artean. Hik badakik, baina dagoeneko ez haiz arrisku horietan sartzen. Ez duk bera bilatzen, gehienez ere hire muinoak.
Antzinako Cate hark ere horrelako ametsik egin ote zuen pasa zitzaidan burutik. Duela zortzi urte, zer zen Cate? Neskatila irrizale eta astitsu bat, argala eta baldar samarra, oldarkorra. Nirekin irteten bazen, nirekin zinemara edo zelaira etortzen bazen, nire besoaren kontra estutzen bazen atzazal hautsiak ezkutatuz, horrek ez zuen esan nahi ezer espero zuenik. Nizza kalean gela bat alokatu, lehen lezioak eman eta sarri kafetegian jaten nuen urte hartan. Etxetik sosak bidaltzen zizkidaten, garai hartan ez bainintzen nire kasa moldatzen. Ez nuen inolako etorkizunik, ezpada eskola ikasi eta hirian bizi, inguruetan begiratu eta goiz bakoitza abentura eta promesa duen herriko gazte baten etorkizun orokorra. Jende asko ikusten nuen egun haietan, afanean ibiltzen nintzen eta jende askorekin bizi. Eskola urteetako lagunak zeuden, Gallo ere bazegoen, gero Sardinian bonba batek hil zuena; bazegoen emakumerik ere, hainbaten arrebak, eta Martino, kutxazainarekin ezkondu zen jokalaria; eta hitzontziak ere, liburuak, komediak eta poesiak idatzi eta patrikan sartuta kafetegira eramaten zituztenak haietaz hitz egiteko. Gallorekin dantzara joaten ginen, muinora joaten ginen —bera ere nire herrialdekoa zen—, herrian eskola bat irekitzeaz jarduten genuen, berak agronomia irakatsiko zuen eta nik zientziak, lurrak hartu behar genituen, hazitegiak eraiki, soroak zaharberritu. Ez dakit Cate nola bildu zen gure artera; hiriko kanpoaldean bizi zen, Po ibaira daramaten belardien ertzean. Gallok gureak ez bezalako lagun koadrilak zeuzkan; billarrean jokatzen zuen Nizza kalearen bukaeran; txalupan irten ginen batean, Cateri hots egiteko sartu zen patio batera. Gero ni bakarrik joan nintzen neskarekin udan.
Caterekin nenbilenean ibai bazterrera hurbildurik uzten genuen txalupa, belardira jaitsi eta sasi artean borrokan hasten ginen jolasean. Emakume askorekin lotsatzen nintzen, baina Caterekin ez. Berarekin erraza zen haserretzea iniziatiba galdu gabe. Tabernan edateko eskatu denean bezala zen, nolabait; ez dugu ardo apartarik espero, baina badakigu etorriko dela. Cate eseri eta laztantzen uzten zen. Gero inork ikusiko ote gintuen ikarak hartzen zuen. Gure artean, hitzak ez ziren asko, eta horrek adorea ematen zidan. Ez nuen hitzik egin edo ezer agindu behar.
— Zein alde zegon —esaten nion— borrokan egin eta elkar besarkatzearen artean?
Horrela, belarretan elkartu egin ginen, behin, bitan, modu txarrez. Iritsi zen eguna non tranbian esan genion elkarri amodioa egitera gindoazela. Heldu eta berehala ekaitzak harrapatu gintuen goiz batean, amorruz arraunean hasi ginen, kale egindako aukeragatik kexuz.
Arratsalde batez Catek nire etxeko eskailerak igo zituen zigarro bana lasai erretzearren, eta orduko hartan ohean gusturago egin genuen amodioa, eta berak zioen zeinen ederra den euria eta hotza dagoenean elkarrengana etorri, hitz egin eta barruko sua itzaltzea. Nire liburuak ukitu eta, jolasean, usaindu egin zituen, eta galde egin zidan ea benetan balia nintekeen gau eta egun gela hartaz, inor gogaitzera etorri gabe. Bera senideekin bizi zen, sei edo zazpi, patio batera jotzen zuten bi gelatan. Baina arratsalde hartan baino ez zen etorri nire bila. Aldiz, lagunekin egoten nintzen tabernara azaldu ohi zen, baina Gallo egonda ere eta denok agur egiten genion arren, eserita geratzen zen, kikildurik, eta galduak zituen bere algarak. Nire baitan borrokan zeuden neska edukitzeko poza eta bere itxura eskas eta eskarmentu gabeak ematen zidan lotsa. Esaten zidan makinaz idazten jakin nahi izango zuela, denda handi batean lan egin eta dirua irabazi bainatzera joateko. Inoiz edo behin ezpainetarako pintura erosi nion eta biziki alaitu zen, eta orduantxe konturatu nintzen emakume bat manten daitekeela, hezi eta bizi erazi, baina bere dotorezia zertan datzan jakinez gero, grazia galtzen duela. Catek jantzia higatua zeukan eta poltsa urratuta; bihotza hunkitu egiten zen beran entzutean, hainbestekoa zen bere bizimoduaren eta asmoen arteko aldea; baina ezpainetarako pinturak eragindako alaitasun hark urduri jarri ninduen, argi utzi zidan niretzat bera sexua baino ez zela. Sexu dohakabea, gogaikarria. Penagarria zen hain nahigabetu eta ezjakin ikustea. Zuzendu egiten zen, batzuetan, baina piztualdi inozoak zeuzkan, nardatu egiten zuten uko eta sinpleziak. Berari loturik egon eta zerbait, denbora esaterako, zor niolako ideia astun gertatzen zitzaidan, aldi bakoitzean. Gau batez, geltokiko arkupeetan, besotik helduta neraman eta nire gelara igotzea nahi nuen. Udako azken egunak ziren eta etxekoandrearen semea biharamunean zetorren udalekutik; bera etxean egonda ezinezkoa zen etxera emakume bat eramatea. Etortzeko eskatu nion, arren egin, txantxetan hasi nintzen, pailazoarena egiten.
— Ez haut jango —esan nion.
Ez zuen ezer jakin nahi.
— Ez haudala jango.
Egoskortasun gogor hark erresumina ematen zidan. Berak gorputza estutu nire besoaren kontra eta «Goazen paseatzera» errepikatzen zuen.
— Zinemara joango gaitun gero —esan nion, irribarrez—. Bazeukanat dirurik.
Eta berak, muturtuta:
— Ez nabilek hirekin diruagatik.
— Ni, ordea —esan nion aurpegian—, bai ibiltzen naun hirekin ohera joatearren.
Suminduta begiratu genion elkarri, bion aurpegiak gorri. Lotsa sentitu nuen beranduago, uste dut segituan negar egingo nukeela amorruagatik, bakarrik, orduan librea nintzelako, hartu ninduten harrotasun eta poza tartean egon ez balira. Cate negarrez ari zen, malkoak irristatzen zitzaizkion.
— Orduan hirekin noak —esan zidan ahopean.
Hitz egin gabe iritsi ginen atarira; bere gorputza nirearen kontra estutu eta bere pisu guztiaz bermatzen zen nire sorbaldan. Atarian geundela, geldiarazi egin ninduen. Borrokan ari zen bere baitan:
— Ez, ez diat sinesten —esan zuen.
Prentsa baten antzera nire besoa estutu, eta alde egin zuen.
Arratsalde hartaz gero ez nuen berriz ikusi. Ez nuen gehiegi pentsatu gure kasuaz, itzuliko zelakoan. Baina ez zela itzuliko ulertu nuenerako, nire doilorkeriaren erresumina itzalia zen, Gallo eta adiskideak ziren berriz nire zerumuga, eta, funtsean, gozatzen nuen nire ezinikusi asebetearen edo zorionez galdutako aukeraren plazera, gerora ohitura bilakatu delarik nire baitan. Gallok berak ere ez zidan horretaz hitz egin berriro, astirik ere ez zuen izan. Ofizial joan zen Afrikako gerrara eta tarte batean ez nuen ikusi. Negu hartan bere agronomiaz eta herriko eskolaz ahaztu nintzen, erabat kalekume bihurtu, eta konturatu bizitza benetan ederra dela. Etxe askotan sartu nintzen, politikaz hitz egiten nuen, beste arrisku eta plazer gehiago ezagutu eta beti irten nintzen haietatik. Zientzi lan batzuk egiten hasi nintzen. Jendea ikusi eta lankideak ezagutu nituen. Zenbait hilabetez asko estudiatu eta etorkizun bat nuelako itxurak egiten nituen. Airean zegoen zalantza izpi hark, denona zen sukar hark, mehatxuak, gerra hurbilak are biziago bihurtzen zituzten egunak eta hutsalago arriskuak. Norbere burua abandonatu, eta gero berriz senera etorri egin zitekeen; ez zen ezer gertatzen eta denak zuen zaporea. Bihar, batek jakin.
Orain gauzak gertatu egiten ziren eta gerra hor zegoen. Gauez pentsatu nuen horretaz, argi errainuaren pean eserita, nire atsoak lo zeudelarik, zuhur, bihotz hunkigarri eta bakean. Zer axola dute alarmek muinoan, denek etxeratu eta zirrikiturik antzematen ez dutelarik? Cate ere lo zegoen, baso arteko etxean. Artean pentsatzen ote zuen nire aspaldiko doilorkeriaz? Nik atzo balitz bezalaxe pentsatzen nuen horretaz, eta ez nengoen atsekabeturik gure topaketa hain labur eta hain goibela izan zelako.
Zenbait egunez pentsatu nuen horretaz, Torinon lanean nengoela, Belborekin hizketan, arratsaldez etxera joatean. Gau batean baratzean nengoen eta beste deiadar batek jo zuen. Antiaereoak tiroka hasi ziren berehala. Gelara erretiratu ginen; dardara egiten zuen tiroen tiroz. Kanpoan, metraila printza hilgarriek txistu egiten zuten zuhaitz artean. Elvira dardara batean zegoen; atsoa isilik. Gero motorren eta danbatekoen burrunba etorri zen. Etengabe leihoa gorritu eta itsutzeko moduan zabaltzen zen. Ordubetetik gora iraun zuen, eta azken tiro bakanen pean irten ginenean sugarretan zegoen Torino haran osoa.
© Cesare Pavese
© itzulpenarena: Koldo Biguri