—Eranskina—
Iragandako nire bizitza-zatiak

 

        Marrazki batean elkarrekin lotzen saiatu naiz hemen azken neguan eta udaberrian iragandako nire bizitza-zatiak, nigandik espero duzun lan handia zuri emateko dudan gogoak apur bat lausenga zaitzan.

        Baina marko faltsu bat besterik ez dut sortu. Ez ezazu konturik hartu ohiko gauzez beti egiazkotasun gordinez, monotonia haserregarriz mintzo banaiz.

        Nire arima da: ezin dut ametsaren makalaldi gaixotik suspertzeko ezer egin. Desagertutako hilabete hauetan, asaldatu, torturatu edo pozez leherrarazi nauen ororen kondar oinazetuak birpasatzerakoan, artegatasun etsi eta goibela sentitzen dut, nire bizitza osoaren patu sekreturik eta errukigabeena. Amets haiek, etsipen haiek, gaur jada niretzat ezer ez den dantzari haren irudiarekin batera desagertu egin ziren. Zure irudi ezti txiki ilegorriak desagerrarazi du hura. Horrela desagertuko ote zara zu ere noizbait?

        Ez dakit, ez zait jada axola; nekatuta nago, izugarri nekatuta nago, besterik ez.

        Gauza bakarra sentitzen dut orain, egiazkoa eta errukigabea: ez nazazu utz egun hauetan, ez nazazu utz, arren, errukiz; ihar eta hotz eta etsiegi geldituko nintzateke. Ziur egon zaitez. Hain akituta nago, ezen orain behin-betiko keinu hura egiteko indarrik ere ez daukadala sentitzen baitut.

        Inoiz ez. Inoiz ez. Ez dakit zer egingo dudan bizitzan.

        Nekatuta nago, izugarri nekatuta. Erruki, ez nazazu orain utz, besterik ez.

        Nire lore xume guztiak zuri ematen ahaleginduko naiz.

27ko VII 25 (gauez)

 

        Eta ez ikaratu. Irakur itzazu orrialde hauek zeru urdina begiratuko zenukeen bezala, une batez soilik.

        Zuri eskaintzen dizkizut orrialde asaldatu eta etsi hauek, zuri, poesia eta ametsezko bizitza berri bat eskaini didazun horri.

 

        Hemeretzi urteko mutil batek errebolber-desarra batez bere buruaz beste egin du.

        Egunkariek keinu tragikoa izan dela esan dute.

        Bizitzari diruarekin eta odol hotzean jazartzea atsegin zaion nire ikaskide batek zera esan du «Mengela zuan».

        «Gustu on apur bat!» ateratzen zaio esnob bati.

        Langile serioek «Koldarra!» esango zuten

        «Bederen maitasunagatik egin zezakeen bere buruaz beste maitearekin batera, horrela egunkariek artikulu berezi bat egingo zuten protagonistaren figurari buruz» izan da nire gogoeta sekretua, baina ez dut izan inori esateko ausardiarik.

        Litekeena da birjina asaldaturen batek eta baita birjina ez den asaldaturen batek ere zera pentsatu izana: «Oi harekin hil banintz!»

        Azkenik, ezer jakin ez duten haiek, ziur da ez dutela ez ezer esan, ez pentsatu.

        Denak beren jitearen arabera mintzo izan dira eta edonor ohar liteke bakoitzak esan zezakeen gauza bakarra esan duela, ez gehiago ez gutxiago. Inor ezingo litzateke beste era batera mintzatu. Denek zuten arrazoi, baina, hain zuzen horregatik, hark ere bazuen.

        Eta bakoitza ahalegindu daiteke ulertzen auzia ezin zitekeela bestela izan, besterik gabe horrela izan delako...

        Baina mutil honek gauza asko azaltzen dituen oroitzapen-liburu bat utzi du. Gogaituko ez den norbaitek irakurri ahal izango lukeen liburua. Ergela da, baina interesgarria. Hona hemen aipatutako liburua.

 

.........................................................

 

        Udaberria dator eta ni, orain dela gehiegi, axolagabe sentitzen naiz. Zeru garbiak, haize berriek eta gaztetasunez horditutako lurrinek nire ezinegona gero eta gehiago beilatzea besterik ez dute egiten.

 

.........................................................

 

        Zenbat denbora igaro da hitzik eta arterik gabe.

        Nire bihotza itxaropenaren irrikaz dago, hainbesterainoko irrikaz ezen nekatuta baitago, nekatuta.

 

.........................................................

 

        Hara, berriro igaro da urtaro sendo eta osasuntsu osoa. Uda bere bizitza kontziente eta libroaz igaro da eta inoiz baino nahasi eta akituago utzi nau. Nik ulertu ezinik, natura ederra nire albotik igarotzen da, oraindik maitasuna ezagutu ez eta emakumeak kalean albotik igarotzen zaizkidan bezalaxe. Eta lainoarekin eta hiriko argi espasmodikoekin batera nire hilabete goibelak itzuli egiten dira, unadura hotz eta etsipenezko nire babes grisa, eta lotsak jota maite dut, nire miseriaren irudia baita.

 

.........................................................

 

        Nik gaizkia eta ongia egingo nituzke, edozein gehiegikeria, gehiegikeria izanik handia, arranditsua izango balitz. Aitzitik, nire zorroztasun zekenak kaskarkeriara bultzatzen nau. Hori da nire nahigabea.

 

.........................................................

 

        Nire adiskide batek, Baraldik (beste garai batzuetako gaztea, nobela heroikoaren maitale, eder eta adoretsua, nik kasik emakume legez maite dudana) bere maitearentzat bertsoak idatz ditzadan eskatu dit, zeren eta berak mintzatzen, laztantzen, miresten baitaki baina ez daki hitzak paper gorrotagarrian itsasteko artea.

        Irribarre egin dut, triste, eta hura aurkitu behar zuen lekura lagundu dut. Aurpegi erabat tristeko neska hura ikusi dut. Berehala utzi naute.

 

.........................................................

 

        Idatzi dizkiodan eta elkarrekin irakurri dituzten gauza guztietatik (eta neskak ez du nire berri), bakarra geratzen zait orain: ezer esaten ez duen pasarte xume bat, nire arimaren ohiko malkoz betetako artegatasun gogaikarria ez bada. Hara hemen:

 

                Negu-arrats bateko lainopean

                eskua luzatzen zuen eskalea

                ikusi dut arrenka, eta arima

                asaldatu didan saminarekin bat

                zera pentsatu dut:

                —Ni ere horrelakoa banintz! Zer izango zinateke

                zu niretzat? Topatu izango ote zintudan inoiz

                bizitzan?

 

        Ohiz bestelako hitzak dira, esangurarik gabekoak, baina nik ez dut hauek ez maitatzerik lortzen, agian harentzat egin ditudan beste guztiak baino gehiago. Amodio bat izan gabe, ezer izan gabe, horiek dira emakume bizi batentzat idatzi ditudan eta berak irakurri dituen lehen poesia hitzak.

 

.........................................................

 

        Laino hozkirri eta hezeetako gauetan kotxe-ilara luzeak ikusten ditut antzerki eta zinema aurrean. Iragarki distiratsuen islada fantastiko eta bortitzen pean zamari gizajo horiek kiribilduta daude, hotzez, hanka nekatuen gainean beren baitara bilduta, burusi urri batez estalita.

        Buru kulunkaria dute, eguneko lanak nekatuta eta, teinkada mingarri batez mugitzen direnean, durunda urratuzko trostatxoa hartzen dute kale mortuetan.

        Oi munduaren gaztetasun osasuntsuko lehen zaldi lauhazkariaren irudi zangar eta basati ederrak! Bidegurutze hori, argi fantastikoen pean aldakor, modernoa, espasmodikoa, liluragarria da. Begiak eta gogoa asaldatzen ditu. Hau ez da osasungarria eta, hala ere, zoragarria litzateke bertan gorputz-arimaz murgiltzea, zamari gizajo horiengatik ez balitz, hotzez dardarka, zergatia jakin ez eta desagertzera kondenatuta dauden biktima gaixoak.

 

.........................................................

 

        Egun hauetan, harengandik libratu ezinik, ilauntzen nauen desio bitxi batek harrapatu nau. Estatu Batuetako hiri batean, bakarrik eta inolako bizibiderik gabe aurkituko banintz, nahigabetuko ninduketen sentimendu-saldo guztia sentitu, gozatu eta sufritu nahiko nuke. Han, hizkuntza apenas ezer ulertu gabe, galduta (hara, orain, ederki) herabeti, neke handiz bilatu eta, antzoki batean, goseak ez hiltzeko lan bat aurkitu. Errebista-konpainia bat, Italian bezala.

        Han edozein gauza xume egin, bastidoreetan ahalik eta atzeen eta, batzuetan, eszenan azaldu, naizena bezain herabe eta harro, eta lotsaz beteta sentitu eta nire partea azkar, begi erdi-itxiekin, ia ulertu gabe esan. Gero, bastidoreen atzean, arropa aldatzen duten laguntzaile, antzezlari eta dantzarien artean, zalaparta ulertezin eta basati samarra entzun, eta nire albotik halako toki batetako ustelkeria guztia pasatzen sentitu. Agindu bati jaramonik ez egin eta kolpatuta sentitu nahiko nuke ere, neska haien guztien aurrean, kanpora, gosetera bidali ahal izango ninduketen hitzak apenas ulertu; gero nire oinazearen

        boluptate

        garratza ariman ezkutaturik, mundu horren guztiaren

        plazer

        erdian gelditu ahal izan eta aginduak bete, horrela, mekanikoki, bizitzak behartuta. Sufritu, izugarri sufritu nahiko nuke. Eta gero, beti neure baitan bilduta, zailtasun handiak direla bide, ia inoiz hitz egin gabe, bizitza haren gertakizun txikien erdian, haietako neska eder bat, tarteka, niregatik eta nire bakardadearengatik interesatzen dela ikusi eta, horrela, ezarian ezarian, bihotz-bihotzez aurpegi hura eta dantzari-gorputz hauskor eder hura maitatu eta, sekretuki, hari mintzatu baita jendetzaren erdian ere, baina berak bakarrik ulertzen duela, beretzat bakarrik. Eta hark erantzutea, mesprezu edo gaiztakeriarik gabe, nire gauza on urriak, nire nahigabea maitatuz hark erantzutea eta biok bakarrik, bakarrik gelditzea.

 

.........................................................

.........................................................

 

                Oi dantzari,

                zango, aldaka, sorbalda, bular eta bizkar, biluzi,

                soineko arin eta gorputzean estu,

                dena ikusteko modukoa, oi gorputz eder

                eta aurpegi eder, urdangarena egiten duzuela

                ala soilik gustukoa duzuenari eskaintzen zaretela

                ala ezjakinak zaretela pentsatzen dudanean,

                izugarri sufritzen dut eta aldi berean gozatzen

                agian ohean eduki

                ahal izango zaituztedala pentsatuz.

                                                                  Eta aldi berean

                amets egiten dut, errealitatearen gainetik hegaldatuz,

                zuetako baten bat, begi handi misteriotsuzko

                neska jatorra dela.

                Baina neure buruari uko egin behar diot

                eta zeuei buruz irribarretsu mintzatu,

                ni neu ere ziur, nire ametsa ergela dela,

                erromantikoa eta faltsua dela, inpotentearena.

                Oi, aire garbi apur bat, aire garbia!

 

.........................................................

.........................................................

1926ko abenduaren 14a

 

        Baraldik, bere maitearekin batera (aurpegi sumindu hura), bere buruaz beste egin du (maitasunagatik).

        Amorru handia sentitzen dut berak baino lehen erabaki ez izateagatik.

.........................................................

.........................................................

 

        Hark bizi izan duen poesia zoragarrian pentsatzen dut, nik neure baitara bilduta, babes lohi, artega eta alferrikakoan, neure burua deitoratu besterik egin ez dudan bitartean.

.........................................................

.........................................................

 

        Sufritu, sufritu, sufritu. Eta zergatik? Bizitza, ez dut nik eskatu. Bai, bai. Buruz dakizkit kontrako arrazoiak. Ahalegindu beharra dago eta eginbeharrak pairatuz aurkitzen da duintasuna bizitzan. Baina honek guztiak kristauen Hitzaren injenuitatearen antza dauka: "Zoriontsuak izan nahi duzue? Sinets ezazue, irmo, bihotz-bihotzez, halaxe zaretela eta izango zarete".

        Eta hori injenuoegia da edo, agian, sakonegia. Oinazearen kontra nik egin dezakedan borondatearen ahalegin oro, nire obsesio nire irrazionalean, lokitik zentimetro gutxitara doan akidura eskuineko eskuaren uzkurdura konbultsibo bilakatzen zait. Ai! Egun hauetako batean eskuan errebolberra dudala errepikatuko dut keinua. Eta orduan

 

.........................................................

.........................................................

 

        Ezarian ezarian dantzari batekin interesatu naizela ohartu naiz: hura benetan apaingarririk gabeko pozez bizi da zibilizazio oso baten gainbehera sotil honen erdian eta benetan ez daki aurpegi tristea duenik. Bere aurpegiak eta bere gorputzak eztitasunez horditzen naute, dardarazten duten argi eta musika espasmodikoen erdian. Bere begiak atseden lasaia dira nire arimarentzat, epeltasun eztia, eta hor irudikatzen eta amesten gal ninteke.

        Eta suizidioaren ideia zoragarri bilakatzen da harengan, desagertu egiten da.

 

.........................................................

.........................................................

 

        Bere eszena gaineko mugimenduek halako xarma liraina dute, ezen birjinala baitirudi. Nork daki! Beste kideen erdian, pinporta berdea den larrosa oraindik freskoa da, korola zimel, higatu eta hondatuzko hilerri baten erdian. Inguratzen duen jendetzatik urrun dago. Batzuetan zur eta lur gelditzen naiz hura ere mundu horretan bizi dela pentsatuz.

        Baina ezin da izan, ezin da. Desberdina behar du izan. Bere arte zekena bere kideenaz hain desberdina eta askoz gorenekoa den bezala, horrela dago bere arima begi handi samindu eta gazte haietan zabalik.

        Berriro ikusteko beharra daukat, beti ikustekoa eta amets egitekoa, galduta amets egitekoa.

 

.........................................................

.........................................................

 

        Barregarria da egoera hau, nik neuk egin izan diot barre garai batean: haren begirada batekin, irribarre batekin, pentsamendu batekin pozik dagoen maiteminduaren egoera eta, aitzitik, orain, horixe soil-soilik eduki ahal izango banu, zoriontsu nintzateke, hain zoriontsu!

 

.........................................................

.........................................................

 

        Oi, zergatik ez ote naiz ni poeta jainkotiar bat hari irribarrea eragin eta nigan nostalgiaz pentsaraziko lioketen hitzak esateko?

        Baina ez, grisean, doilortasunean, egunerokotasun ergelenean bizi behar dut eta, harengatik mugimendurik egin gabe, nitaz barre egin ez dezan pozik egon.

 

.........................................................

.........................................................

 

        Hura ezagutu eta poesiaz horditu ahal izan! Nire argitasuna urria da, baina haren aurrean gauza zoragarriak sinetsiko nituzke. Ahalegin titanikoan neure burua suntsituko nuke, neure izpiritua ere ezereztatu egingo nuke, baina poesia handia emango nioke!

        Baina (amets xumeak nireak) ziurrenik ez luke ezer ulertuko.

 

.........................................................

.........................................................

 

        Baina orain daukadan amets zoragarri hau, zergatik da denek eduki ohi duten eta edukitzen badakiten hain gauza arrunt hori? Horregatik besoak erori egiten zaizkit eta ez naiz amets egitera ere ausartzen.

        Pavese harrosko ergela!

        Bai, bai. Beste kontrako arrazoi hau ere buruz dakit: bizitza ederra da, ni gaztea naiz, ez dut oraindik bera juzgatzeko eskubiderik. Baina ez da bizitza nik epaitzen dudana, neure burua baizik. Ziur naiz, ziurtasun matematikoz badakit, ezein arimak ezin duela bere jitea aldatu, eta nola jaio den bat, horrela doala arrastaka hilobiraino. Inork ezin dio bere buruari ihes egin. Ausarta bada ausarta, mengela bada mengela. Eta ni, beti, gauza guztietan, sufrimendua horrela bilatzera kondenatuta nago. Hori da nire miseria, horren mengel eta horren doilorra izatea. Aski da behingoz, Jainkoarren!

 

.......................... Hemen, erdiraino iritsi ..........................

 

        Baina zer egiteko gai izango nintzateke? Nik hura bilatzen dudan bezala hura ere nire bila etorriko balitz: nik hari esaten sekula ausartuko ez nintzatekeena berak esango balit, zer egiteko gai izango nintzateke? Kalean albotik igarotzen zaizkidan emakumeetan ederrenak ni nahi izango banindu, ni bakarrik, zer egiteko gai izango nintzateke?

        Aurreneko porrotean... Nik ez dakit zer den gainean daramadan sorginkeria hau. Ezer eta inor bakean miresten uzten ez didan tortura hau.

        Agian neurekoikeria da, zoriontasuna sakrifiziorik gabe irabazteko asmo hutsala. Baina ez al da gizon batentzat ezduina zoriontasunaz gozatzea, ezduintzat hartzen den era berean, adib., gizon batek bere burua makilatzea? Horra, edozeinek jakingo luke galdera horri zehatz erantzuten; nik ez. Eta hori da nire arimarik itsusien eta errealena.

 

.........................................................

 

        Garai batean arte kontuetan saiatu nintzela oroitzen naiz. Orain, bere aurpegiarentzat, bere figurarentzat, askok eta askok besarkatu eta laztandu duten bere gorputzarentzat bizi naiz soilik.

        Eta ez dut bere ahotsaren soinua ere ezagutzen. Barregarria ere bada hau guztia.

        Ez dut ezer gehiago, ezer gehiago, sentitu nahi. Gehiegi erretzen dute salatzen nauten gogoeta hauek.

        Ondoegi ikusten dut neure hutsegite ergela: jada ezin dut ezta neure buruaz beste egin ere. Eta itzuli egiten naiz ordu guztietako, une guztietako neure sufrimendu luze, amaiezinera: espasmo bat, barne ekaitz oldartu bat ere ematen ez dakiena, baina bere kaskarkeria grisean izugarri aurrera egiten duen eta, batek ezer egin ezinik, gauza arin, literario eta ezer zuritzen ez duen sufrimendua.

        «Oi, izugarria da, nardagarria!»

 

.........................................................

 

        Beti pentsatu ohi dut, arima ondo ikusi ahal izango balit, irribarre bat bederen egingo lidakeela. Faltsukeria, norberekeria, doilorkeria, ezin izenda daitezkeen orbanak ikusiko lituzke, baina baita bakerik ematen ez didan desordena honetan, bederen, purua izaten ahalegintzen den egiazkotasuna ere eta, beraganako, bakarrik beraganako maitasun bat, hain handia ezen agian inguratzen duen mundu likits eta hortera horretatik erauzi ahal izango bainuke.

        Baina bizitza bestelakoa da.

        Hark lan egiten du, eta ordaindu eta, harekin lo egin eta automobilez eramateko eskubide osoa duten besaulkietako haiengandik zerbait hartuz, apur bat hobeto bizitzen saiatzen da.

        Ondo egiten du, ezingo luke bestela jokatu. Eta ez du zertan ulertu beharrik gar sukartsua beren erabilera eta ustiaketarako nonahi ikusi nahi luketen porrot egileen sakonera metafisiko guztiak. Harentzat egiazki ni ez nintzateke kankailu gogaikarri bat besterik, ezta?

        Gelditu eta entzungo ninduke baldin traje ingeles, zetazko alkandora, automobila eta, batez ere, diruz betetako zorro batez inguratuko banintzaio.

        Ezer ez. Nik ezingo dut hori inoiz egin. Hark ez du inoiz egingo. Ez du hura gelditzea ere merezi.

        Ni neu jartzen naiz jokoz kanpo. Eta, horrela, hura pozik dago eta ni ere bai.

        Baina izugarria da, inoiz ez, inoiz ez!

 

.........................................................

 

        Gaur gauean, bera mantentzen duen tipoaren automobilean amaitu du. Han izan naiz neure buruaz beste egiteko. Baina ez dut neure burua hausteko ausardiarik izan. Azken frogaren ondoren lortuko dut. Bihar hitz egin nahi diot. Zein erru du bizitza hori egiten badu? Zer dauka txarrik bizitza hori egiteak?

        Ez dakit, ez dakit, baina eduki ezin dudalako, nola tratatu jakingo ez nukeelako, maitasuna zer den ulertzen ez dudalako eta sekula ulertuko ez dudalako, zeren eta eduki ahal izango banu Jainkoarren ez dakit ez dakit ez dut ulertzen ez dut ezer jada ezer ikusten, bizitza hasi baino lehen bizitzaren kondar bat besterik ez naizelako, horregatik egingo dut neure buruaz beste.

        Baina hark, hark ez du errurik. Ni naiz asaldatua, eroa.

 

.........................................................

 

        Ederra da arma hau. Distiratsua, sendoa, erabat bere baitara bildurik, badirudi badakiela, jostailu txiki bat izanik, heriotza eman dezakeela (ikaragarria). Etengabe pentsatzen dut, arma honek kontzientziarik balu, zer egingo lukeen eskuaz mantso, salbaziorik gabe, katua sakatuz lokian ezarriko nuen egunean. Ezinezkoa iruditzen zait oraindik distiratsu, sendo, orain esku artean daukadan modu berean gelditu ahal izatea. Eta, ostera, epeltasun labur batek soilik oroituko du jasandako asaldaketa izugarria eta gero... lehen bezala.

        Zikinkeriaren bat, agian kanoian, beste ezer ez.

        Eta ni, zer izango naiz orduan? Hotz, geldirik edo espasmo ikaragarriak bihurrituta. Zer izango naiz?

 

.........................................................

.........................................................

 

        Ez natzaio inoiz, inoiz hari mintzatzera ausartuko. Mantendua? Neska jatorra? Ez dakit. Baina berdin da.

        Aurpegi eder hori eta gorputz eder hori ez dira sekula nireak izango. Horrela, begietan amets bat bezain garden gordetzen dut. Inguratuko banintzaio akabera litzateke.

        Etzi betiko desagertuko da.

        Amets eder bat. Inoiz, inoiz ez dut antzeko bizitzarik bizi izan. Izugarri sufritzen dut eta, hala ere, pozik nago, horrenbeste bozkarioz beteta. Oraindik bere soineko urdin zoragarria jantzita eta, agian, eszenatokiaren gainean ikusiko dudala pentsatzen dut, eta gero, neure buruaz beste egingo dut. Agian, iritsiko zaio horren berria. Maria, Mary deitzen da. Ona da. Horren ezti jokatzen du bere guraso langile eta umeekiko, ezen ni zoratzear bainauka. Hark, hain zuzen! Dantzari batek!

        Asteazkena da: ihes egingo dut betiko. Ez dut sekula gehiago ikusiko, ez naiz harentzat jaioa.

        Milanera doa. Ez dakit, Florentziara joatea nahiago nuke. Ni ere han izan bainaiz: horrela leku haietan, arte-lili zoragarri haien erdian imajinatuko dut. Laster, udaberria izango da. Udaberria Toscanan!

        Mariuccia deitzen dute. Eta harekin beti automobilean dagoen gizon lodikote horren maitalea dela pentsatzea ere.

        Ez, ez gehiago hari inguratu, horrela soilik izango da nirea betirako.

 

.........................................................

.........................................................

 

        Oi maite izango banindu, elkarrekin errebolber-desarra bat tiro egingo bagenu.

 

.........................................................

.........................................................

 

        Hura lasai doa bere konpainiarekin. Ez daki ezer, ziur, agian

                        gogaikarri

        itzal betaurrekodun                ilun batek alde guztietara

                        higuingarri

        jarraitzen diola salbu. Oi jakin ahal izango balu!

        Baina hura ez dago ezertara behartuta, ez lidake ezer zor izango. Oraindik ere, ez diot hitz egin eta! eta zertarako balioko luke hitz egiteak? Turinen dagoen azken eguna da. Eta zer esateko gauza izango nintzateke? Hasi bezain laster, begirada batez edo esaldi lizun eta zorrotz batez urruti bidaliko ninduke. Eta horrela betirako hondatuko ninduke. Egin dezala bere bizitza.

        Ni neureaz nazkatuta nago.

        Ez bururik ez hankarik ez duten zakur-ametsen atzetik beti. Eta hauek desagertzean, alda ezin ditzakedan lantu berak jarraituko dutela ohartu naiz orain. Inork, inork ezin dio bere buruari ihes egin.

        Honela amaitzen dut. Asaldaketa, harrokeria eta etsipenezko une sukartsu bat. Eta izu eta espasmozkoa. Gero espero dezagun amaituko dela.

 

.........................................................

.........................................................

 

        Desengainatutako edozein jostuntxoren antzera. Nire bizitza guztiaren ondoren! Baina patua da. Horrela jaioa naiz. Horrela hil behar dut. Ez dago munduan ni salba nazakeen indarrik. Horrela betiko.

 

.........................................................

.........................................................

 

        Bihar ez dut gehiago ikusiko. Ez dut harengana hurbiltzeko adorerik izan, betiko galdu dut eta jakin badakit horrela gertatuko dela beti nire bizitzan. Eta orduan hura nire begietan daukadala amaituko dut. Azken jasoaldia, poesia egiterakoan bezala. Cocotte izango da, ezduina gaiztoa, nahi den guztia izango da, baina begietan dudan irudia jainkotiarra da.

        Amaierako esaldi eder bat: lokian, haren ahoaren musu baten ordez, errebolberraren kanoiaren hotz hura izango dut.

 

.........................................................

.........................................................

 

        Oi, noizbait berun izugarri hura jartzeko adorea izan eta loki eta garunaren sarraski odoltsuaren bat-bateko espasmoa sentitzea!

        Gero, jada ezer ez, jada ezer ez, jada ez dut ezer sentituko, desagertuko naiz, jada ez izan, sekula ez existitu izan, betirako!

 

.........................................................

.........................................................

 

        Baraldi, eredua eman eta zain zaitudan hori, nire hitzen zain; azkenean nik ere zure adore bera daukat bihotzean, apur bat makalagoa, besterik ez.

 

.........................................................

 

        Barka iezadazu faltan izan nauzun denbora zeken hau. Baina nik ere bilatu egin behar izan dut hiltzeko neure emakumea aurkitu arte. Ezer ez. Ezer ez. Bazeneki zeinen izugarria den bakarrik hiltzea. Heriotzaren ezjakinean aurkitzen bagara, maitasunaz hitz egingo dugu oraindik, gaztaroan egiten genuen bezala: kale ilunetan zehar (Turinen) eta ni, zure alboan, emakume bati bezala, besoa estutzen. Zuk zeure azken gau urdin izugarri hura kontatuko didazu, amodio gartsuak jota. Eta nik berriro entzungo dizut, buru makur, etsipenez irribarretsu, neure erantzunik gabeko itxaropen etsiko bizitza luzean egin dudan bezala.

        Eta nork daki oraindik zuretzat poesiak idatzi ahal izango ditudan! Agian, inork ezin dio bere buruari ihes egin.

 

.........................................................

.........................................................

 

        Goizaldean, zurrun aurkitu dute, kale batean, hotz, buru hezurra txikituta, zikin, odol eta koaguluzko garun-muinezko putzu batean, izugarria. Esku kadaberikoan, arma.

 

1928ko Irailak 24-27

(Reaglie-ko azken egunak)

 

        Eta munduak bere bizitzari jarraitu dio, ezer gertatu ez balitz bezala.

        Eta zuzena da! Bere ametsetan murgilduta, azken gerran hildako, iraulitako eta txikitutako pavese1 guztiak dagoeneko ahaztu dituen mundua; milaka urtetan zehar txikizio ikaragarriak eta gizonen oinaze-bihurritzeak, urratutako ametsak, zoramenak eta ordurik tragikoenak ahazten dituen mundua; mundua, beti harrizko mozorro-esfinge bera den mundu hori agian ez da, unetxo batez ere, ikaratuko burubero baten keinu azkarragatik.

        Badira askoz luze eta mingarriagoak diren agoniak, eta pasa egiten dira.

        Zibilizazio ikusgarri honek bere itzaltzean daukan lili bakarra, oraindik ahantzi ez duena eta, heriotzan zehar, gizakientzat giza bihotzaren taupada gordetzen duena, aurpegirik gabeko izpiritua da, Artea. Aurpegirik gabe, unibertsala eta betierekoa delako. Eta gizaki guztien lilura izan behar duelako (da). Forma ukigarri bat izango balu, baita pentsamendu soilean balitz ere, berriro bere inguruan grinak eta Herio hasiko lirateke. Eta Herioa eta Artea dira gauza gizatiar guztietan puruak diren bakarrak. Bizitzaren hilezkortasuna eta mugagabetasuna dauka, baina baita gehiago ere. Bizitza bera da, erantzunik gabeko bere oinazeez erauzia.

 

        Inguruan gertatzen diren borrokak ez dira artearengatik, baizik Ospea, eta abarrengatik. Hura purua, purua da. Ezerk ez du hura nahasten. Ez da hartaz gozatzen oinazerik gabe lortzen denean baizik.

        Aita jator samar eta serio batek bere semeak idatzia izan ledin nahi izango ez lukeen liburua, eta munduan apur bat bizitzen dakien ezein pertsonak irakurri behar ez lukeen liburua.

        Halako ergelkeria eta erromantikokeria txatxu mordoa da, ezen apo bati ere okarazi egingo bailioke.

 

 

 

© Cesare Pavese

© itzulpenarena: Maite Lopetegi

 

 

"Cesare Pavese / Bizitza lanbide" orrialde nagusia