—1946—
—46ko urt. 1—
Hau ere amaitu da. Muinoak, Turin, Erroma. Lau emakume erre dituzu, liburu bat inprimatu, poesia ederrak idatzi, mea asko laburbiltzen dituen forma berri bat aurkitu (Zirtze-ren solasaldia). Zoriontsua al zara? Bai, zoriontsua zara. Sasoirik badaukazu, adimenik badaukazu, zereginik badaukazu. Bakarrik zaude.
Aurten bitan egon zara suizidioaren mugan. Denek miresten zaituzte, zorionak ematen dizkizute, dantza egiten dute zure inguruan. Eta?
Ez duzu sekula borrokarik egin, gogora ezazu hori. Ez zara sekula borrokatuko. Ba al duzu inorentzat garrantzirik?
—Urt. 6—
Jainkoak zuretzat besteak dira, kanpotik ikusten diren gizaki buruaski eta burujabeak.
—Urt. 12—
Tragedia grekoan ez dago gaiztorik. Ez da inolako erantzukizunik argitzen; gertaera bat, patu bat egiaztatzen da.
—Urt. 26—
Zaildua egoteak zera esan nahi du: norberaren lana gero eta argiago ikustea, osatzen ikustea, jakitea bultzada hori mantentzeko zein den behar den gutxieneko indarra, eta gainerako gizonak (emakumeak) bere tentaldi eta apeuez zure inguruan jolas daitezen uztea. Bidea, zirrara, zalaparta, haizetea ezagutzen da: eztanda egiten uzten zaio, sakonki harrapatua edo menderatua izan gabe. Badago beste egitekorik. Hori da zaildua egotea.
Solasalditxo mitikoetako «jainko izatea» «zaildua egote» horixe da. Haien formularioaren neurrizko aberastasuna (patu, jainko, hilkor, izen, irribarre egitea, etab.) mundu horren mailan soilik dira errealitate beteak. Giroa, azentua, fondoa koherenteki mitikoak dira; ez lukete esaten duten guztia esango egungo egiantzekotasunera murriztuko balira.
—Ots. 8—
Iragan urtean, garai honetan bertan, ez zenekien zein bizitza-ondare izango zenuen urte baten buruan. Baina egiazki bizitza izan al zen? Crean zehar egindako ibilaldi goibel eta itxi hark, agian, sinbolikoki hilabete hauetako pertsona eta grina eta gauza askok baino gehiago esan zizun.
Egiazki, mitoa Crean egindako aurkikuntza izan da, Creako bi negu eta uda hartakoa. Mendi hura horretaz blaituta dago.
Gaur Gutt.-en emaztea ohi bezala estudioan sartu eta agurtu egin gaitu (agurtu egin nau) eta lasai eseri da, eta gero begira egon zait.
Ez dago emazterik, giza gorputzik edo/eta bakerik ez daukan gizasemerik. Zuk, ba al daukazu?
Baina Gutt.-en emaztearen senarra, nor da? ba al dauka oraindik emazterik?
Emaztea beti eduki ez duenak, ez du sekula edukiko.
Jakina, itxaroten zaituen, zurekin lo egingo duen emaztea edukitzea, esan beharko zenukeen zerbaiten epeltasuna bezalakoa da, eta horrek berotzen eta laguntzen eta biziarazten zaitu.
Bakarrik zaude. Zurekin hitz egiten duen emaztea edukitzea ez da ezer. Gorputzen besarkadak beste ezerk ez du garrantzirik. Zergatik, zergatik ez daukazu?
«Ez duzu sekula edukiko». Dena ordaintzen da.
Eta hori badaukanak beste bat bilatzen du. Pinelli. Eta tira.
Bakarrik egon nahi duzun bitartean, zure bila etorriko dira. Baina eskua luzatzen baduzu, ez dute ezer jakin nahi izango. Eta tira.
—Ots. 13—
Hobeto oroitzen dituzu pertsonen ahotsak aurpegiak baino. Ahotsak zeharkakoa den zerbait, gorde gabeko zerbait daukalako. Aurpegia ikusiz gero, ez zaizu ahotsa bururatzen. Ahotsa entzunez gero (berez ezer ez dena) honi pertsona bat egokitzeko joera daukazu eta aurpegia bilatzen diozu.
—Ots. 16—
Gauzak eta pertsonak gureak dira, hau da, garrantzia dute guretzat, kosta zaizkigun heinean besterik ez, ez ematen diguten heinean. Izaki bat atxikitzeko bera ustiatu beharra dago, ez zerbitzatu.
—Ots. 20—
(solasalditxoei hitzaurrea)
Aukeran, gustura utziko genuke alde batera horrenbeste mitologia. Baina ziur gaude mitoa hizkera dela, adierazpidea: alegia, ez dela arbitrarioa den zerbait, bere baitan biltzen duen sinbolo-mintegi bat baizik (hizkera guztiak bezala, bestalde); beste batek adierazi ezingo lukeen esanahi-substantzia jakin bat. Izen berezi bat, keinu bat, gertakari mitiko bat aipatzen dugunean, lerro erdi batean, silaba gutxi batzuetan sintetiko eta trinkoa den zerbait, grinazko, giza egoerazko izaki bat, konplexu kontzeptual bat biziarazten eta elikatzen duen errea-
esaten
litate-gunea dugu. Izen hori, keinu eta gertakari hori
adierazten
haurtzarotik, eskolatik ezaguna baldin bazaigu, hobe. Egiazkoagoa eta zorrotzagoa da asaldaketa-materia ezagun bat iraultzen duenean. Orain arte, aski izan zaigu mito helenikoak erabiltzea, mito horien arrakasta herrikoi barkagarria, bere berehalako eta ohiko onargarritasuna kontutan izanik. Izuikara sentitzen dugu mordoiloa, heteroklitoa, ustekabekoa den edozeren aurrean eta (materialki ere) mugatzen, barruti bat egiten, agerpen amaitu batean tematzen saiatzen gara. Ziur gaude agerpen handia zailtasun berberean setatze tematsutik besterik ezin daitekeela irten. Ez dugu bidaiari, esperimentatzaile, menturazaleekin zerikusirik. Badakigu harritzeko modurik ziurrena (eta azkarrena) beti objektu bera tinko begiz jotzea dela. Halako batean objektu hori (miragarria) sekula ikusi ez izana irudituko zaigu.
Menturarik gabeko horrenbeste zoriontasun ziurrenik mentura guztiei irekia egotetik sortzen zaizu: zure inguruan ikusten dituzu eta ez duzu horiek garaitu edo pairatzearren ezer egiten. Zer egiten duzu? Ikusten dituzu, zeure mania bizi eta zeure burua ezagutzen duzu. Zerbait aldatuko litzateke horien barruan bazeunde?
Poesi lanak zure zoriontasun honen antzera egiten dira. «Bai»-en, baieztapenen oreka sinestezina, denak ahoskatuak izateko prest, denak zintzilik dauden eta sekula husten ez diren aukera amaigabeetan aberats. Ez-gozatzearen artea, hori da artea.
Poesia ez da sentimendu bat, egoera bat baizik; ez da ulertze bat, izate bat baizik.
—Ots. 22—
Arratsaldea bakardadean igaro duzu berriro, zine txikian, txokoan eserita, erretzen, bizitza eta egunaren amaieraz gozatzen. Filmea ume baten antzera begiratzen duzu: menturarengatik, emozio estetiko edo mnemoniko xumearengatik. Eta gozatu egin zara, ikaragarri gozatu zara. Horrela izango da hirurogeitamar urterekin ere, iristen bazara.
—Ots. 23—
Zerbait amaitzen ari da. Eta horretaz ohartzen zara, urduri eta larri zaudelako aspertu eta erretzera esertzen zarenean. Bizitza praktikoaren beldur zara? Ez. Zure hutsunearen beldur zara.
Hiri honek ez dauka oroitzapenik.
—Ots. 24—
Berriz ere bakarrik. Bulegoa, zinea, masailezur estutu bi zuk etxe bihurtzen dituzu.
Grina baten historian amaiera etxearen, isolatzearen beharra berriz sortzeak erakutsi beharko luke.
—Ots. 26—
Besteekin (eta baita jalgitzen den pertsona bakarrarekin ere) orduantxe hasi eta unetxo bat geroago amaituko bagenu bezala bizi behar da.
—Martxoak 1—
Emakume horrek beti egin izan du bere kapritxoa eta bere komenientzia (eskatu, ukatu, urratu) baina xeratsua izan da eta salbatzen da. Gizonezko horrek, ia dena eman du, loa eta nekeak galdu ditu, heriotzaren xeran izan da (baina dena zegoen eskaera handiaren mende) eta zer egin dezake kondenatu besterik?
Etnologoak ergelak dira, uste baitute aski dela masei iraganeko (eta egungo) kultura anitzak hurbiltzea, haiek ohitu daitezen ulertzen eta zabaltzen eta arrazakeriatik, nazionalismotik, intolerantziatik irteten. Arraza eta nazio-mitoz mozorrotzen diren interesek dauzkaten eskakizunek mugiarazten dituzte grina kolektiboak. Eta interesak ez dira baliogabetzen.
—Martxoak 3—
Norbaiti mendeku hartzea! Egitzazu barkatu duzun itxurak: laga ezazu bizitzaren mendekuen mende. Ez dago denboraren iragaterik, berez, irainduaren laguntzarik gabe, guztiei gauza ikaragarriak eragiten ez dizkionik.
Eta ez soilik denborak: besteek, akaso zure arerioak zu irain, bortxa, trenka zaitzan eragin duten beste horiek. Utz iezaiezu egiten, guztiei. Mendekatuko zaituzte. Hainbat eta maiteagoak izan zure arerioarentzat. Aski da haiei bizitzen uztea. Denei. Zer mendeku izango litzateke denak ez balira?
—Martxoak 4—
Gauza bera zarete zu maite dituzun emakumeentzat eta gogaitzen zaituzten emakume haietako bat zuretzat.
Ez dago besteek zure arerioari eragiten diotena baino mendeku ederragorik. Zuri eskuzabalaren partea egiten uztearen meritua eta guzti dauka.
—Mar. 9(uscio)—
Jainkoek ez dute sentimendurik. Badakite zer den gertatu behar duena eta nola: egin egiten dute (utilitaristak dira).
—Mar. 14—
Gizakiak ez dira sufritzeaz nahigabetzen, baizik gainditu, eutsi eta sufriarazten dieten aginteaz.
—Mar. 28—
Eskuak iturrian garbitzerakoan pixagura dator. Magia sinpatikozko adibide ederra. Horregatik ulertzen da basatiek uste izatea ura, edo esperma, isuriz euria lortzeko erregutzen zutela.
—Mar. 29—
Cornered, à bout, etab. egotearen sentsazio hau ez dut arratsalde eta gau hauetan bezala sekula sentitu izan. Ezein txinpart bitalek ez du jada hutsunea ordezkatzen. Ondotxo dakit ez naizela harantzago joango eta dagoeneko dena esanda dagoela. Porrota are okerragoa da nolabaiteko emaitzarik lortu dudalako eta, beraz, ezin naizelako erabateko abailduran jausi. Eta badakit jaiki eta oraindik gauzak egingo ditudala. Baina arraila egon badago, agiria da. Hell.
—Mar. 31—
Patuaren jakinduria, funtsean, geurea bera da. Guk funtsean benetan egiten utzi zaigun kontzientzia amaigabe batez laguntzen dugulako. Tentazio ugari izanda ere, ez dugu sekula huts egiten. Beti patuaren zentzuan jokatzen dugu. Gauza bakarra dira biak.
Huts egiten du bere patua oraindik ulertu ez duenak. Hau da, ez du ulertu oraindik zein den bere iraganaren ondorioa, etorkizuna erakusten dion bera. Baina ulertu ala ez, berdin-berdin erakusten dio. Bizitza oro da izan behar zuena.
Apr. 3
Beltzaran sutsuak, ilegorri hotzak: bikote harrigarria osatzen dute. Nork ez luke esango zori ederra dudanik? Batek gorputza du, besteak izpiritua: baina ezer egiteko alderantzikatu egin beharko lirateke, beltzaranak izpiritua, ilegorriak gorputza. Aitzitik, ez dago ezer, eta hobe.
Apr. 4
Goizero, kirats, hezetasun, epeltasunaren formapean, molde edo gorputz astrala bailitzan ohean nekea uzten dugu.
Apr. 8
Zu zeu bazara, ni neu naiz: eta horrek esan nahi du ez dakidala zer egin neure buruarekin.
Apr. 10
Askatasunaren auzia dela eta PC-tik aldegin duten intelektualek beren buruari galdetu beharko liokete ea zer egiteko asmoa izango luketen hainbeste axola zaien askatasun horrekin. Eta orduan ikusiko lukete [alferkeria salbu, bakoitzaren interes aitorrezinak (bizimodu eroso, hausnarketa ilun, sadismo dotoreak) salbu] ez dagoela inongo auzirik PC-k kolektiboki ematen duenaz desberdina den erantzunik ematen diotenik.
—Apr. 16—
Sasoia, guzti ahaltasunaren sentimendu hau, soldatatik ala heldutasunetik dator? Zeure bokazioagatik dardarka, egin duzuna egin baduzu, zer egin beharko zenuke gaur? Lotsa zaitez.
Apr. 17
Alu batean isurtzea gogoko duenak, ordain dezala.
Horixe: erruak gaixotasun bihurtzeko agiriko joera da psikoanalisiaz atsegin ez duzuna. Bertute, izateko era adoretsu bihurtuko balituzte ulertuko zenuke, baina ez: adibidez, igelen beldur izatea eragin duen trauma antzematen da eta orduan sendaketa espero duzu. Gezurra galanta!
Argiak izan gaitezen: ez daukat ezer formulario psikoanalitikoaren kontra (barne-bizitza aberastu du); bai, ordea, beren axolagabetasun nagia zuritzeko formulario horixe erabiltzen duten lotsagabeen kontra; mutikoei popatik ematea beraiek kortxokentzekoarekin izan zuten esperientziaren ondorio dela esatea zuriketa dela uste duten horien kontra, hain justu. Ez jauna! Ez dago zertan mutikoei popatik eman beharrik.
Apr. 25
Arratsaldero, bulegoan amaitu ondoren, ostatukoa amaitu ondoren, lagunak alde egin ondoren, ikaragarrizko poza, bakarrik egotearen aringarria itzultzen da ostera. Eguneroko benetako onura bakarra da.
Antzeman dut naturako txoko orok antolaketa, harreman-egitasmo bat duela. Adibidez, giro bereko loreek denek dute tonu jakin bateko kolorea. Teresak dioenez, argi eta hezetasun berezi bat dagoelako gertatzen da hori. Egia. Ez dago probidentzia zirikatu beharrik. Aski da lege naturalen jokoa.
Teresa zure grinen ohiko aftermath-a da. Haiek garaiak, hura txikitxoa; haiek gogorrak, hura gozo eta alaia; haiek zail eta konplexu, hura ireki eta maitekorra; haiek arerio, bera adiskide ona. Abaildua eta wistful utzi duen harreman batetik ateratzen ari da, jakina. Haren aitzindari guztiak bezala. Haiek bezala amaituko ote du?
—Mai. 4—
Idaztea ederra da bi poztasunak biltzen dituelako: bakarrik mintzatzea eta jende-saldo bati mintzatzea.
Inolako zirriborrorik gabe, inolako itzulerarik gabe, inolako berrukitzerik gabe idaztea lortuko bazenu, gustua hartuko al zenioke oraindik? Ederra, zeure burua findu eta beira izateko lasai prestatzea da ederra.
—Mai. 5—
Zein da morroi hauen bizitza?
Zirtoa, irribarretxoa, janzkera edo hitz-bitxitasuna. Ba al dauzkazu zuk besterik?
—Mai. 8—
Erroma eta honek nire bizitzan duen esanahia jada 43ko ekaina-uztailean ikusi nuen. Ohar nadin harreman estua dagoela urte bat baino lehenagotik egiten nituen irakurketa (etnologia) eta Erromaren beraren artean. Zergatik etorri naiz, txiripaz?
Mundu mito-etnologiko guztia umotu ondoren, hara non Erromara itzuli, eta solasaldien estilo berria asmatu eta idazten dudan.
—Mai. 25—
Zalantzarik gabe, pertsonaia aparta ezagutu dut. S.A.. Ez dut inolako enbarazurik sentitu. Erabat ulertzen dut. Hura baino aberatsagoa naiz. Ez soilik gazteagoa naizelako, baizik oro har. Badakit forma zer den; hark ez daki.
Hala ere hura «Turin 1900-10»-eko lorea da. Oroitzapen batek bezala hunkitzen nau. Haren baitan Thovez, Cena, Gozzano, Amalia, Gobetti daude. Nietzsche, Ibsen, poema lirikoa. Nire gaztaroko zalantza eta pastiche guztiak. Urruna. Nerabezaroa, dannunzianismoa, hutsegitea diren artearen eta bizitzaren arteko nahasketa dago. Guztia gainditua eta iragana.
—Mai. 24—
Ezin duzu zure lan-egunaren aldaketa irrazional bat-batekorik jasan. Beste norbait bazkalorduan, ezohiko bidaia, etab. Ez al dauka horrek (jenero bat antzematen duzunean) derrigorrezko eskema bat egiteko zure maniaren antzik (Mari del Sud, Le streghe, etab.)?
—Maiatzak 31—
Gauza asko ikusi ditut Erromatik Piemontera etortzean. Soro-zelaietako landareak eta beren kokapena (haltzak, haritzak, lizarrak, sahatsak, mahastiak, lerrokada luzeetan, antzoki-bastidoretan, lautadetan) Virgilio eta nire gaztaroko beste irakurketa klasikoetako haiek dira. Ikusi dut Piemonten arbola baino berdea dagoela, landare-itsasoa. Arraroa, zeren klasikoen arbolak Erromakoak ziren zalantzarik gabe eta nik, berriz, piemontearrak ikusi eta hemen beste inon ez ditut berraurkitu. Piemonten irakurtzen nuelako izango da.
Kale hiritar luze eta garaien abstraktutasuna atzeman dut ustekabean. Gaur goizean, guztia lausotzen duen lanbroaren lurrin iraunkorra sentitu dut. Erromako idortasunik, kolore garbirik ez.
—Ekainak 3—
Bidaiatzearen lilura eszenatoki aberats kontaezinak doi-doi ukitu eta haietako bakoitza gurea izan zitekeela jakitea da eta, jaun handi legez, harantzago igarotzea.
Ekainak 18
Harrokeriaz eta boluptatez osatutako grina batean zentzugabea da altruismoa bilatzea.
—Ekainak 19—
Jokoa galduta dagoenean hasten naiz ni poesiak egiten.
Ez da sekula ikusi poesia batek gauzak aldatu dituenik.
—Ekainak 23—
Grinaren amaiera baten ohiko akidura da: anarkikoa, unatua eta aldabera. Baina oraingoan ez da grinarik izan (eta hainbat hobeto ikusten dira nire utzikeriaren boluptatezko osagai nagiak). Nire mitoaren lege hutsa. Ezin asma nezakeen ezer egokiagorik nire bizitza erromatarraren itxiera gisa.
Hiri bat utzi behar dudanean, hiria usteltzen hasten da. Zorionekoa ni.
—Eka. 24—
Emakume batengandik lortzen duen mesprezuzko keinua da bere amodio-atsegina. Ez du beste irribarrerik lortzen.
—Eka. 27—
idazlearen tentazioa
Zerbait idatzi izanak, fusil disparatu berria bezala, oraindik dardarati eta kiskalia, zeure buruaz erabat hustuta uzten zaitu, hor non ez baituzu soilik zeure buruaz dakizun guztia utzi, baizik baita susmatzen eta suposatzen duzuna ere: izuikarak, mamuak, inkontzientea. Neke eta tentsio handiz egin izana, egunak eta zirrarak eta tupusteko aurkikuntzak eta porrotak eta bizitza guztia puntu hartan sorgortzea zainduz egin izana. Ohartzea hau guztia ezer ez dela baldin eta giza keinu batek, hitz batek, norbaitek babesten, berotzen ez badu. Eta hotzak hil, basamortuan mintzatu, gau eta egun bakarrik egon hildako bat bezala.
—Uztailak 2—
Aski da gezurretan aritzea (exageratzea, egoera jakin batekin jokatzea) eta horra hor ondorio apartekoak, horra non ikusten duzun bestea zalantzan eta sufritzen. Gehiago eska al zenezake? Haragizko jolasa ezin da sortu gezurretik, gutxi gora-beheratik.
—Uzt. 5—
Libertatea salbatuz gero, liberalek ez dakite gero hartaz zer egin.
—Uzt. 7—
Libertino eta lotsati, beraz, astun eta zurrun. «Iruzurti» dio M.-k. Ez daki zenbat arrazoi duen.
Bere emaztea, zergatik marruskatzen da nirekin, gero harekin alde egiteko? Argi dago, ez?
Zergatik begiratzen nau T.k ikusten ez duten eta arduratuta dauden begiez? Itxi diezazkiodan beldur da.
Izan al da agur beltzagorik? Mereziagorik?
(amaitua Erroma)
—Uztailak 13Milan eta Serralunga—
Urrundik ikusita hunkitzen gaituena (adibidez, muino garaiago batetik ikusitako lautada malkartsua) kolore neutrozko barrunbe haiek, hodeitxo haiek, eremu ketu eta nabar haiek (urruntasunaren kolore urdin hura) beste horrenbeste mugatutako eta garbi osatutako gauza, objektu, soroak direlako kontzientzia da. Aberatsa da gauza erreal eta perfektuz osatutako urruntasun hori.
—Uzt. 19—
Neska hori erabat sentsuala dela, amodioan beste ezertan ez duela pentsatzen jakiteak (guztia dakien adiskideak orain egindako konfidentzia horrek) ez al du zure bihotza tupustean nahigabez, etsipenez, ustelez betetzen? Bere besoen artean eduki zaitu eta ez zaitu nahi izan. Edo ez al duzu hartu? Betiko kontu zaharra.
—Uzt. 20—
«Trago bakoitzaren ondoren zurruteroak burua okertzen du, igerilariak bezala aurpegia bihurtzen du, pozik, berriro edaten du, barregarria da». Hozkarik egiten ez duen pasartea, saiheslea. Frantses gustuko itxurazko samurtasuna da.
—Uzt. 21—
(Frazer berriro irakurtzean)
1933an, zer aurkitzen zenuen liburu horretan? Mahatsa, garia, epaitea, garijotzea dramak izan zirela, eta haietaz hitzen bidez mintzatzea zentzu sakonak ukitzea zela, zeinetan odola, abereak, iragan betierekoa, inkontzientea artegatzen baitziren. Garian ihes egiten zuen piztitxoa izpiritua zen: antzinakoa eta umetakoa biak bat egiten zenituen; baserriko misterio eta zirraren zure oroitzapenak hondorik gabeko zentzu bakar bat hartzen zuten.
Abu. 3
Kosmoseko jazoera zikliko bat (Core-ren bahiketa) adierazten duen gertakizun mitiko bat behin betirako agitzea eta artean ematen den paisaiaren, keinuaren, jazoeraren esperientzia askotan errepikatuaren espresioa antzekoak dira. Zenbatetan begiratu duzu Quarti eta Conioloko muinoa bera adierazi baino lehen?
—Abu. 18—
Ikasgaiak ez dira ematen, hartu egiten dira.
—Abu. 19—
Asaldaketa mitiko bakoitzean, zergatik etortzen zaizkizu gogora zeure herriko enbor eta ibaia eta ilargia atzean duen muinoa eta bidea eta soro eta belazeen usaina?
—Abu. 21—
Antzinakoek gogoko izaten zuten jainko bat leku exotikoetan, urrunetan kokatzea, edo tankera horretako epitetoak jartzea, edo etxeko izenez urruneko lekuak izendatzea eta alderantziz: haiek ere literatoak zirela esatea bezala da hori.
—Ira. 9—
Gaizki pentsa ezazu, ez zara oker ibiliko.
—Ira. 9—
Herri alemana bezalaxe, emakumeak herri etsaia dira.
Guztien erruki izaten da, aspertzen diren haietaz izan ezik. Eta, hala ere, aspertzea goreneko zigortzat jotzen da eta kodeak hartara derrigortzen du: gartzela.
—Ira. 15—
Itxarotea ere bada zeregina. Izugarria, ezer ez itxarotea da izugarria.
—Ira. 16—
Plazer bakarra dago, bizirik egotea, beste guztia miseria da.
—Ira. 27—
Idazten dakienarentzat forma bat beti da liluragarria. Txorakeriak esateko eta gaizki esateko arriskua du, baina bere hitzez blaitzeko prest tentatzen duen forma liluragarria da. (Esan nahi dut adibidez, zure solasaldi mitologikoen generoa)
—Ira. 29—
errealismoa, artean, grekoa da
alegorismoa, judua.
Turinen
—Urr. 5—
Egia izan liteke gerrak mundua sendatzen duela bera eraberrituz. Hori gertatuko litzateke gerra garaian biharra desiratuz, orainaren amaiera desiratuz bizitzen berrikasten delako eta ez zaiolako denborari zikoitzen gisara atxikitzen. Alegia, gazteen gisara bizi ohi da. Oro har, edonolako oinazeren eraginkortasuna dena.
Mahasti mardul baten lerroak (berdeak edo gorriskak edo horiak) itsasoaren uhinen antzera daude kokatuta, eta zurrunbiloen antzera itsasoaren ugaritasuna dute. Freskotasuna, xarma, ezkutuko altxorrak.
—Urr. 26—
Gogor ari naiz nobelarekin. Pivano gaur goizean ezkondu da. Hotzeriak jota nago. Ederki.
—Urr. 27—
Behin gertatzen dena, beti gertatzen da. Kanpoko eskuhartzerik ez bada behintzat. Baina orduan gertakizuna ezkorra izango da.
(Urliak beti jokatuko du era berean.
Elbarritu egingo da eta jada ezingo du.
Ez du beste era batera egingo, ez du ezer egingo).
Dagoeneko badakit egunkari-ohar hauek ez dutela garrantzirik beren aurkikuntza esplizituengatik, baizik eta nire izateko era inkontzientearen gainean irekitzen duten argizuloarengatik. Esaten dudana ez da egia, baina (esate hutsak) nire izana traizionatzen du.
—Urr. 31—
Solasalditxoetan gizakiek kualitate jainkotiarrak nahiko lituzkete; jainkoek, aldiz, gizatiarrak. Jainkoen ugaritasunak ez du garrantzirik: jainkotiarra eta gizatiarraren arteko solasaldia da.
—Aza. 5—
Adimenaren bidez ikusten den edozein sinbolo alegoria da.
—Aza. 16—
joan den udaberrian, Erroman, Pintor-en osaba etorri zen eta Giaime-ren egunkariko niri buruzko pasarteak kopiatuak ekarri zituen.
42ko uztaila:
«P. Turineko gazteetako onena da, neurritsua eta zintzoa»
«aitoren semeak apur bat emakumeen gisakoak dira»
Zergatik egin hitzaldirik? Egunkariak eta liburuak guztien eskura daude (baita burkiderik axolagabeenen eskura ere). Hitzaldietan go-getter-ek oso gogokoa duten egin behar ikusgarri eta ekinzale bat dago. Hitzaldiek zientziaren ogia errazago banatzen dutelako usteari, erantzuten zaio hitzaldi batetik sekula ez dela kulturalki baliozkoa den ezer ateratzen; bertan entzun den oro, fruitua emango badu, liburuetan bilatu behar izango dela... Eta orduan? Errazkeria eta arrakasta-eskola besterik ez dira. Jarrai dezala ezjakin kulturaren aurrean txapela kendu eta lan egiteko eta tenpluan sartzeko prest ez dagoen burkideak (horrela ikusten baita hasieran; gero norberaren odol bihurtzen da). Merezia dauka.
Baldin egia bada erlijioak eta magiak subkontzientearen konplexuak (deabruak, hildakoak, izpirituak, etab.) objektibatzerakoan gizaki primitiboa askatu eta niari bidea eman ziotela, beste horrenbeste gertatuko da esperientzia guztiarekin ere: esperimentatzen den guztia (amodioa, mentura, arriskua, etab.) objektibatu egiten da eta aske uzten gaitu.
—Aza. 26—
Emakume batek esperma-gustua duenean eta nirea ez denean, ez dut gogoko.
—Abe 17—
Kretan altzifrea Artemisari sagaratua zegoen.
Taigeto eta Erimanto Artemisari; Cilena Hermes-i.
—Abe. 27—
Emakumea, besteekin, edo benetan ari da, edo txantxetan. Benetan ari bada, orduan beste horrena da eta kito; txantxetan ari bada, orduan urdanga da eta kito.
© Cesare Pavese
© itzulpenarena: Maite Lopetegi