—1936—
—(ots. 16)—
Halabeharrak egin du Lavorare Stanca Turini buruzko poesiekin hasi eta bukatu izatea: zehazkiago, Turin, bertatik itzultzen den, eta Turin, inor bertara itzuliko den leku gisa. Liburua, S. Stefano Belboren zabaltzea eta Turini gaina hartzea dela esan liteke. «Poemaren» azalpen askoren artean, hori da bat. Herria hiri bilakatzen da, natura giza bizitza bilakatzen da, mutikoa gizon bilakatzen da. «S. Stefanotik Turina» irudika daitezkeen esangura guztien mitoa dela ikusten dut.
Bitxia da, era berean, azken Paessaggio-aren ondoren osatutako poesia guztiak Turin ez beste edozertaz mintzo izatea. Itxura denez, halabeharrak nire nahigabea poesi aldaketa erabakior bilakatzen erakutsi nahi dit.
Turin eta hari dagozkion jokoak gainditzeak beste mundu bat eraikitzea esan nahiko du, eta bere oinarriak, beti bezala, atsekabe eta isiltasunezko garai jakin bat izango dira. Izan ere, aisia gartsuzko hilabete hauetan idazten dudan edozer gauza etorkizunerako «bitxikeria» bat besterik ez baita izango: isiltasuna, alegia. Hilabete hauetan iraganeko balore asko erortzen ari dira eta barne-ohiturak galtzen, eta, zori aparta, oraingoz ezerk ez ditu ordezkatzen. Hondamen ezdeus hau, ezgaitasun neketsu hau, bakarrik poetek duten dohain bedeinkatu gisa, berriro hasi beharko duen antzezpenaren aurreko oihal gisa hartzen ikasi behar dut. Azalduko dut. Haurtzaroko, hobeto esanda heldugabetasuneko, egoera larbatura itzultzen naiz, garai hartako bortiztasun eta etsipen guztiekin. Lavorare stanca oraindik idatzi ez duen gizonarengana itzultzen naiz. Azkazalak marraskatzen, gizakiez etsita, argia eta natura arbuiatzen, haurrarenak izan arren ikaragarriak diren izuek beldurtuta orduak igarotzea, nire hogei urteetara itzultzea da. Zein mundu ote dagoen itsaso honen bestaldean ez dakit, baina itsaso orok dauka beste ertza eta iritsiko naiz. Bizitzaz nahigabetu egiten naiz orain, ostera dastatu ahal izateko.
Egia da, orain idatzitako poesiak (Parole, Altri tempi, Poetica, Mito, Semplicitá, Un ricordo, Paternità, L'istinto, Tolleranza, 'Usteddazzu) izpiritualki Il dio-caprone, Baletto, Pensieri di Dina, Gelosia, Creazione, Dopo, Agonia eta ahaztutako besteekin batera doazela: Epaves liburuska izango da hau, ez etorkizunerako lana.
Etorkizuna atsekabe luze eta isiltasun luze batetik etorriko da. Halako ezjakintasun eta halako galtze-egoerak apaltasuna eskatzen du, hots, balore berrien, mundu berri baten aurkikuntza. Nire lehen hogei urterekiko izango dudan abantaila bakarra trebatutako eskua, oharkabeko sena izango da. Desabantaila: aurreko uzta eta hondoa agortu izana.
Baina, nik dakidala, lan berria, soilik, atsekabearen amaieran hasiko da. Oraingoz ezin dezaket besterik egin; estetika, batasunaren arazoa ikertu, eta oinazearekin amaitzearren galderak aztertu.
—(Ots. 17)—
Ona da Homero berrikustea. Zein da bere poemaren batasuna? Liburu bakoitzak batasun sentimentala dauka, kokagune batasuna; horregatik irakurtzen da harmonikoki eta fisikoki ere osotasun gisa. Odisea-ren VIII liburua: poesiaren, dantzaren, lehiaketaren kontsolamendua; kantua, urrezko mito jolastia; atsegin eta malko idealezko oasi batean bizitzaren nobleziaren gailentzea. Odisea-ren X liburua: mentura, eragozpenen segida, giza negarra eta zailtzea. Iliada-ren III liburua: emakume ederra eta emakumearengatiko gerra eta maitasun ilaungarria. Eta horrela, hurrenez hurren. Definizio horietan pentsatzen al zuen Homerok edo haren ordeko besteren batek? Ez dut uste, baina esanguratsua da Grezia osoaren bizitza biltzen duen liburua era honetara egina izatea edo, berdina dena, honela ulertu ahal izatea.
Baina adi. Bi poema hauen lilura handia beren pertsonaien batasun materialean datza, zeina poesi eztanda horietan aldizka pizten baita. Beraz, poesia xedetsu handiaren lehen adibidetik agertzen zaigu joko bikoitz hau: pasadizoen garapen naturala (bikoitz zein erdi izan zitezkeenak, galerarik jasan gabe) eta hurrenez hurreneko argiztapen poetiko organikoak. Kontaketa eta poesia, alegia. Bi elementu horien batasuna TREBETASUNA da, besterik ez.
Poesia bereizietan miraria berregitea posible den ala ez, horixe da orain azaltzen den arazoa; ez ezergatik, baizik eta gogoak, bere agerpide guztietan, batasuneranzko joera duelako. Etorriaren arabera idaztea, baina lurpeko trebetasunez zati anitzak poema berean bateratuz.
Modu errazena hurrenez hurreneko poesietan elementu protagonista bera gordetzearena lirudike. Eta horrek ez du balio, zeren orduan hobe bailitzateke besterik gabe poema kontatua egitea, eta frogatuta dago horrek ez duela funtsik.
Poesi multzo jakin bateko gaiaren (batasun materialaren) eta argiztapenaren (batasun izpiritualaren) arteko harreman sotil, eta ia beti sekretuak, usmatzea geratzen da.
Usmatzeak esan nahi du idazterakoan horiek ezartzea; eta moduak honako hauek dira: natura (gaien mundua) ondo mugatutako osotasun gisa hartzen ohitzea; aurreko poesien deialdi eta oihartzunei zuhurki amore ematea; buru hotzez, gaiak bilatu eta beren kokagunea kalkulatzea eta, buru beroz, iraganeko uhinaldi erritmikoan intuitiboki galtzea. Poesia bat idazterakoan, zera esatea: hein batean jada ezagutzen dudan munduaren beste zati bat atzeman dut; atzemate horretan jada ezagutzen denaren erreferentziez laguntzea; alegia, norberaren iraganean ona eta bidezkoa dena zaintzea. Ezerezean salto egiterik, goiz batean kolpetik jaiotzerik inoiz nahi ez izatea. Aurreko gaueko zigarro-mutxikinak erabiltzea eta denbora (aurrekoa eta gerokoa) setakeria besterik ez dela etsitzea. Baina, batez ere, sugearena inoiz ez egitea, larrua sekula ez eranztea: zeren, zer du ba gizonak bere-berea, bizia, jada bizi izandako hori ez bada? Baina oreka gordetzea; zeren zer du ba gizonak bizitzeko, oraindik bizi izan ez duena baizik?
Homerok badu beste puntu interesgarri bat: apelatiboak eta errepikatzen diren bertsoak. Azken batean, honek guztiak balio ukaezineko gihar lirikoa osatzen du kasu bakoitzean, eta berridatzi egiten da berriro, berdina edo ia berdina, hasierako intuizioa berrikusteko lanik hartu gabe. (Horretan ere, hizkuntza poetiko, errotutako jerga, erabileraren poderioz hitz bakar bilakatutako esaldi, sentimendu baten kristalizazio hieratiko izatearen egiak ez du laguntzen. Izan liteke; areago, hala da; baina niri beste zerbaiten itxura egiten didate eta eskubide osoa dut Homeroren berariazko aukera balira bezala eztabaidatzekoa. Ez du bere asmoak kontatzen; neuk, irakurleak, ikusten dudana balio du).
Horregatik, uste dut liburu bakoitzaren batasunaren zati bat lortzeko oso modu tekniko garrantzitsua dela. Ez dakit irakurle bakoitza ohartu ote den nola liburu bakoitzak beretzat berezitako apelatibo eta bertso errepikatuen multzo jakin baten ezaugarria duen. Irudituko luke zenbait keinuren, zenbait irudiren, zenbait errepikapenen materialtasuna era honetan poesiaz (mnemonikoa eta kristaldua bada ere) koloreztatzen dela sorkuntzaren ezinbesteko urritasuna ezkutatzeko. Alegia, lehen Grekoak kontaketaren eta poesiaren arteko oposizioa sentitu duela eta honela (gure gusturako, injenuoki) asetzen saiatzen dela. Ez dago azaldu beharrik liburua aldatzean errepikapenen tonua ere aldatzen dela (baina ez beti, noski), koloreztatze bereziaren edo, nahi badugu, liburu bakoitzaren setakeriaren arabera.
Amaitzeko, batasuna lortzeko modu bat apelatibo edo esaldi bat hitz soil bilakatu eta hiztegia birsortzen duten zenbait formula lirikoren errepikapena da. Hizkuntza asmatzeko (poetaren lana) bide guztietan horixe da eraginkorrena eta, pentsatuz gero, erreal bakarra. Eta argitu egiten du nolatan lanaren zati horretan, formula berdinak errepikatzen diren horretan, batasun aire bat dabilen: gizon bera da (asmatzailea) hitz egiten ari dena.
—Ots. 23—
Zenbat eta gehiago hausnartu eta are hautemangarriagoa iruditzen zait liburu-batasunaren eraikidura homerikoa. Guztiak hura uniformetasunera makurtuta uste izanarazi beharko lukeenean, aldiz, tapiz zirkunskribatu eta nabarraren gogoa, batasun desberdinduaren azterketa azaltzen du. Egiazki, era askotara (maitasuna, grina heroikoa, mentura, gerra, idilioa, itzulera, mundu sibarita, giza gustua, mendekua, haserrea, etab.) baldintzatuta dauden nobela laburren idazlea da. Horretan bere kide Dante eta Shakespeare-ren antzekoa da: indartsuak, azken ñabarduretan ere sentitzen diren ñimiñotasunez gozatzen diren egundoko eraikitzaileak, egunerokoak diren hats bete eta jarraiez bizitza osoan zehar arnasa egiten dutenak. Eta batez ere, gizon hauek ez dira esperientziatik sortu eta esperientzia hori sentsazio batean batu eta igertzen duen bat-bateko oihu monotonoaren gizonak; gauza guztien iragarle ongi hitzeginak dira, ugaritasunaren eragile lasai eta sorgorrak; jolasean bezala irudietan zizelatzen duten esperientziaren trufariak eta azkenean hura ordezkatzen dute maltzur. Injenuitatea falta dute batez ere.
Horrela ulertuak, kontaketaren eta poesiaren arteko zubiaren jokoa asetzeko beharrezkoa den maltzurtasun, trebetasun handi eta sotileko lan horretarako ongi baldintzatuta ageri dira sortzaileak. Miresgarriak dira konpromezuan, esperientziaren arte erabat sozial eta zentzuzkoan. Sentitzearen bortiztasunetik ondorioztatu beharrean, bizitzen jakitearen artetik ondorioztatzen dute handitasuna. Oinarri biografiko horixe da lirikoek eta sortzaileek amankomunean duten gauza bakarra. Baina lirikoentzat dena bortiztasun horretan agortzen bada ere, haientzat, maisuentzat, bizitzen jakitea giza materiala torneatzen laguntzen duen artea da soilki, bere kabuz aske utzia, apaindua, bukatua: guztien eskura jarria. Horrela, idazlanean desagertu egiten dira, lirikoek bertan itxura galtzen duten bitartean.
—Ots. 28—
Badago nire urte honen eta poesiari buruzko gogoeta horren arteko paralelotasunik. Oinaze itzela ez dut une handietan izan (maiatzaren 15a, uztailaren 15a, abuztuaren 4a, ots. 3a) tarteko boladetako zenbait aldi ezkututan baizik; era berean, poemaren batasuna ez dira ama-eszenak, baizik eta une sortzaile guztien arteko harreman sotilak. Hau da: batasunak ez dio horrenbeste zor eraikidura handiari, bilbearen hezurdura ezagunari, baizik eta harreman txikien, errepikapen xehe eta kasik hutsalen trebetasun jolastiari, desberdintasun guztien azpitik temati diharduten itzuleren bilbeari.
Zerk samintzen nau harengan? Kale asfaltatuan besoa altxatu zueneko eguna, irekitzera ez zetozela eta gero ilea askatuta azaldu zeneko eguna, kalean bestearekin ahapeka mintzatzen zeneko eguna, presarazi nauen mila aldiak.
Baina hau jada ez da estetika, auhenak dira. Oroitzen ditudan minutu ederrak zerrendatu nahi nituen eta nahigabeak besterik ez ditut gogoratzen.
Tira, berdin balio dute. Harekiko nire istorioa ez dago eszena handiz osatua, baizik barne-lipar sotilez. Horrela behar du poemak. Itzela da oinaze hau.
—Martxoak 15—
Amaitua konfinamendua.
© Cesare Pavese
© itzulpenarena: Maite Lopetegi