HITZAURREA

 

«La letteratura è una difesa contro le offese della vita»

 

        «Baina klasiko batek, aldi berean, horren indartsua ere baden oposizio, antitesi-harremana ezar dezake. Jean-Jacques Rousseau-k pentsatzen eta egiten duen guztiak interes handia du niretzat; baina kontra egiteko, kritikatzeko, harekin eztabaidatzeko irrika eutsi ezina sortzen dit. Hori izaera-mailako antipatia pertsonalaren ondorioz da, baina hori besterik ez balitz, aski nuke ez irakurtzea, eta, aitzitik, ezin uka nire egileen artean dagoela. Beraz, esango dut: 11. Hotz utzi ezin zaituen eta harekiko harremanean eta, agian, kontrastean zeure burua definitzeko balio dizun huraxe da zure klasikoa.» (Calvino, Italo, Por qué leer a los clásicos, Tusquets, Barcelona, 1992.)

 

        Horra hor Bizitza lanbide klasiko bihurtzen duena. Adiskide batek pasarte politen bat irakur niezaion eskatu zidan behin. Pentsatzen hasi eta pasarte politen bila ibiltzerik ez zegoela otu zitzaidan. Ederrak bai, garratzak, zorrotzak. Baina ez «politak».

 

        Bere lanaren garapenari bere kontzientzia kritikoak jarraitzen dio etengabe. Egiazaletasunak, egiaren bilaketak ez du kontzesiorik egiten. Pavesek ez du ez epeltasunik, ez adostasunik bilatzen. Bizitzan moralki zilegi gertatuko zaion jarrera bilatzen duen pertsona baten egunkaria da hau. Itaunketa etengabea, beraz. Egunkaria izanik, irakurle bakar bati zuzendutako idazkia da. Eta irakurle horri ez dio konplizitaterik, ez onespenik eskatzen. Erantzunik ez dagoela (edo onartuko ez duela) jakinda, erantzunak eskatzen dizkio eta itaunketa jarrera bihurtzen da. Baina hori ez zaio aski atseden hartzeko, itaun batek beste batera baitarama, segida latz amaigabean.

        Horrek guztiak baztertu egiten du «ohiko egunkari intimo» izateko aukera. Ez dauka gertakizunean gelditzerik (egilearen bizitzako datu gutxi jasoko dugu irakurleok). Oso nabarmen gelditzen da, esaterako, 1908an jaioa izanik eta, beraz, Italiak oso partehartze aktiboa izan zuen bi gerrateen artean bizi izanik, gerrari buruzko zein aipamen gutxi egiten duen. Gertakizunen aurrean, gertakizunen gainetik, jarrera moralak arduratzen du. Eta literaturan aurkitzen du, bizitzan bainoago, bere kezkak bideratzeko aukera. Ezinbestez da idazle.

 

        ZENBAIT DATU BIOGRAFIKO

        Esan bezala, 1908ko irailaren 9an jaio zen San Stefano Belbon, Piemonteko herrian, eta sei urte zituela, ama, arreba eta hirurak Turinen jarri ziren bizitzen eta arrebarekin bizi izan zen bertan, harik eta 1950eko abuztuaren 26an Turineko Roma hotelean somnifero dosi handi bat irentsiz bere buruaz beste egin zuen arte.

        Letretako lizentziatua, bere tesia Walt Whitmanen poesiari buruzkoa izan zen. Ondorengo urteetan Estatu Batuetako literaturari buruzko saiakera eta itzulpen ugari argitaratu zituen. 1935ean atxilotu eta Brancaleonen (Calabria) konfinatu zuten zenbait hilabete gartzelan egon ondoren.

 

        Einaudi argitaletxeko arduradunetako bat izan zen, idazten eta itzultzen jarraitzen zuen bitartean. Gerra garaian (1939-45) ez zuen armadan ez eta partisanoen taldeetan parte hartu baina gerra amaitu ondoren Alderdi Komunistan (PCI) sartu zen eta L'Unità aldizkarian idatzi zuen.

        Azkeneko urteetan gaztaroan amestutako onespena jaso zuen bere lanak eta 1950eko ekainean Strega saria irabazi zuen.

        Azken egunetan zenbait laguni adierazitakoari kasu eginez, bere zeregina amaitutzat zeukan («Non ho più da fare, la parabola è compiuta. Artisticamente ho dato il massimo che potevo: il resto non esiste.»). «Denei barkatzen diet eta denei eskatzen barkatzeko. Ongi? Ez atera marmarizo gehiegirik» izan ziren idatzi zituen azken hitzak.

 

        Idazle batek, bere obra garatzen den bitartean, egindako erreflexioen berri izateko aukera ez da sarri gertatzen, eta beraz, alferrikakoak iruditzen zaizkit bere lanari buruzko nire hitzak. Are gehiago, Koldo Bigurik «Muinoko etxearen» hitzaurrean esandako asko errepikatu behar bainituzke hemen. Horixe irakurtzeko gonbitea egiten diot irakurleari.

 

        IDAZLANEN ZERRENDA KRONOLOGIKOA

        Lavorare stanca (Lanak nekatu egiten du, 1930-1940).

        Il carcere (Espetxea, 1938)

        Paesi tuoi (Zure herrikoak, 1938)

        La bella estate (Uda ederra, 1940)

        La spiaggia (Hondartza, 1941)

        Feria d'agosto (Abuztuko feria, 1944)

        La terra e la morte (Lurra eta Heriotza, 1945)

        Dialoghi con Leucò (Leukorekin solasaldiak, 1945)

        Il compagno (Burkidea, 1946). Xabier Mendigurenek euskaratua eta Elkarrek 1984an argitaratua.

        La casa in colina (Muinoko etxea, 1948). Sail honetan (27) Koldo Bigurik euskaratua eta 1992an argitaratua.

        Il diavolo sulle coline (Muinoetako deabrua, 1948)

        Tra donne sole (Emakume bakartien artean, 1949)

        La luna e i faló (Ilargia eta sutzarrak, 1949)

        Verrá la morte e avrá i tuoi occhi (Helduren dun heriotza eta heure begiak ukanen dizkin. Liburuari izenburua ematen dion poema eta beste zenbait Joseba Sarrionaindiak euskaratu ditu. Izkiriaturik aurkitu ditudan ene poemak. 239-250 or. Pamiela, 1985.). Hil ondorengoa. (1951)

        Il mestiere di vivere, 1935-1950 (Bizitza lanbide). Hil ondorengoa (1952)

        Notte di festa (Festa-gaua). Hil ondorengoa. (1953)

        Fuoco grande (Su handia), Bianca Garufirekin elkar lanean. Hil ondorengoa. (1959)

        Lettere, 1924-1944 eta 1945-1950 (Gutunak). Hil ondorengoa. (1966).

 

        ITZULPEN HONI BURUZKO ZENBAIT OHAR

        Itzulpen hau 1990ean Marziano Guglielminetti eta Laura Nay-k egindako argitalpenean oinarrituta dago. Lehenagoko argitalpen guztiak 1952an Italo Calvino eta Natalia Ginzburg-ek egin zuten lehendabizikoan oinarritu ziren. Lehenengo bertsio hori, eta beraz, beste ondorengoak ere, beren argitaratzaileen iritziz, batetik, intimoegi edota gordinegiak eta, bestetik, mingarriak izan zitezkeen pasarteak ezabatuta argitaratu ziren, bertan aipatutako eta artean bizi ziren pertsonenganako begirunez.

        Honako hau, berriz, zuzenketa eta ezabaketarik gabeko lehen bertsioa da. Ohar ugari eskaintzen ditu. Testua ulergarri egiten lagunduko zuten oharrak aukeratu eta testua astun zezaketenak baztertzeko erabakia hartu behar izan dut. Esan beharra dago ere, jatorrizko bertsioan ohar guztiak amaieran eranskin gisa datozela eta itzulpen honetan, aldiz, ohar bakoitza dagokion orrialdean. I.O. laburtzapenak neronek egindako oharrak eta jatorrizko hizkuntzan bertsio honen prestatzaileek egindakoak bereizten ditu.

        Itzulpenari berari lotuz, «gizona/gizakia» kontzeptuak bereizteko ahaleginean hartutako ildoa nabarmendu nahi nuke. Genero-neutrotasuna argi ez zegoenean «gizona» itzuli dut eta gizaki kontzeptua nabarmenki neutroa zenean soilik erabili dut, hots, batez ere natura eta jainko kontzeptuei kontrajartzen zaienean.

        Hautemangarria da Pavese-k bere bizitzako azken garaian egunkari hau argitaratzeko nahia azaldu izana eta izenburua berak jarria izatea, ez gerora beste inork asmatua. Hala ere, ez zuen atzera zuzenketarik egin.

 

        Besteak beste Juan Garziari (aspaldiko eta oraintsuko literatur irakaskuntza-solasaldiak gogoan) eta Maider Etxaideri, noski, eskertu nahi diet hemen beren laguntza eta adiskidetasuna.

 

 

 

© Maite Lopetegi

 

 

"Cesare Pavese / Bizitza lanbide" orrialde nagusia