Nolatan ez zen suntsitu Austria

1849. urteko abuztuaren 20.ean
arratsaldeko 12,30etan

 

        1849ko abuztuaren 20an, arratsaldeko 12,30etan, Austria suntsitu beharra zegoen; horrela erabakia zuen Pistolaren Anaidiak. Austria aldi hartan erruduna zen ere ez dakit, baina gauza batean ez dut dudarik: erabaki hura gogoeta sakonen ondoren hartu zen. Ez zegoen beste erremediorik; afera erabakia zegoen, zin egina, eta betearazteko lana lau gazte hauen esku fidagarrietan utzia: Jan Zizka Trocnovekoa, Prokop Handia, Prokop Txikia eta Nikolas Hussekoa; hau da, nerau, Pepik Rumpal —zurginaren semea—, Frantik Mastny —jostunaren semea—, eta Antonin Hochmann —Rakovnik ondoko herri batetik ailegatu berria, bere anaia nekazari batek ikasketak ordaintzen zizkiona.

        Ez ezazula uste gure buruari jarri genizkion izen historikoak nolanahi aukeratu genituenik; bakoitzaren merituen arabera jarriak ziren. Niri Zizka izena egokitu zitzaidan, beltxena izateagatik, mintzatzerakoan mingainean herdoilik ez izateagatik eta gure Anaidiaren lehenbiziko batzarrera (batzarrak Rumpaldarren sabaian egiten genituen) ezkerreko begia benda beltz batez estalia nuela agertzeagatik, bendak aho zabalik utzi baitzituen denak. Benda hura, harrezkeroztik, batzar guztietan jarri behar izan nuen; oso gustukoa ez nuen kontua zen, baina ez zegoen beste erremediorik. Besteek nireak adinako arrazoiak ematen zituzten, zalantza izpirik gabeak, nork bere izengoitia merezi izateko.

        Konspirazioa bikain prestatua zegoen, perfekzioaren pareko zorroztasunaz. Urtebetez gure ibilaldiak tiragomarekin trebatzeko aprobetxatu genituen. Mastnyk —Prokop Txikia ere deitua— gure ariketetarako munizio ezin hobeaz hornitzen gintuen, eta luze gabe lortu genuen ehun pausora zegoen edozein enborretan jotzea, gizon bat adinako lodiera zutenetan bai behinik behin. Baina ez ziren ariketa haiek izan egin genuen gauza bakarra. Urte hartan zehar handik eta hemendik dirua baztertzen joan ginen, eta Pistolaren Kaxan sartzen; handik heldu zitzaion izena anaidiari. Azkenean bildutakoa hamaika florinera ailegatu zen. Bost florinen truke, Stare Mestoko Trikopy kaleko denda batean pistola bat erosi genuen, «Liejako diseinua», dendariak esan zigunez. Pistola batzar guztietan begiratzen genuen —opor aurretik egunero egiten genituen—, eta eskuz esku ibiltzen zen, eta den-denok benetan Liejako lana zela berresten genuen. Jakina, ez genuen tiro bat ere egin harekin; lehenbizi, bolborarik ez genuelako, eta bigarrenik, egoera arriskutsua zelako eta kontuz ibili beharra zegoelako. Horrela, bada, zuhurtzia erabatekoaz gorde genuen sekretua eta, horregatik, ez genuen beste inor onartu anaidian.

        Gainera, Latin Eskolako lehenbiziko urteko lau ikasle ginen, eta sinetsiak geunden laurokin aski zela. Gelditu zitzaizkigun sei florinekin bagenuen beste pistola bat erosteko adina, eta, hala egin izatera, halako bi bihurtuko genuen gure armamentua, baina diru sobrantea bolbora erosteko gorde genuen, ez baikenekien segurutik prezioaren berri. Gure proiekturako aski eta sobra genuen pistola batekin. Bagenuen, dena dela, beste ondasun bat: portzelanazko pipa bat, eta Prokop Txikiak hantxe erretzen zuen, gure isilpeko bileretan, gu denon izenean; pipa polita zen, paregabea, bikain apaindua kaliza batekin eta lantza eta aizkora batekin, baina ez zuen inongo balio berezirik gure zereginetarako. Traste elektriko bat ere izan genuen, txanpon bat erabiliz Prokop Handiaren anaiak egina, sarrailgin-aprendiza baitzen, baina aparatuak ez zuen funtzionatzen eta etxean utzi genuen.

        Gure plana? Ondoren azalduko dut jende guztiak mirets dezan. Helburu nagusia: Austria suntsitzea. Lehenbiziko pausoa: Pragaren jabe egitea. Ezinbestekoa: Belvedereko ziudadela gure menpe hartzea, horrek Pragaren jabe eginen gintuzkeelako eta, gure ustez, inork ez zuelako modurik izanen gu inondik bondardatzeko.

        Aldez aurretik erabakitako xehetasunak hauek ziren: ziudadelari eguerdian punttuan erasoko genion, kontuan hartuta aspaldi guztitik harresiak gauerdian atakatzeko ohitura dagoela eta, beraz, ordu horietan hain juxtu egoten direla zentinelak erneen. Aitortu beharra dago gure xedea zuhurtzia ia deabruzkoan oinarritua zegoela. Ziudadelak garai hartan guardia-talde txikia zuen: sei-zortzi soldadu guztira. Horietako batek patiora ematen zuen burdinazko atearen ondoan zuen guardia-postua; ate gehienak beti erdi zabalik egoten zirenez gero, soldadua alde batera eta bestera ikusi genuen. Bigarren zentinela bat Pragako aldean paseatzen zen, kanoi batzuk zeuden tokian. Aitaren batean —esan genuen gure artean— laurok eta beste norbait (hemendik gutxira jakinen duzu nor zen bosgarrena) Atera hurbilduko gara; zentinela harrapatu eta hilko dugu, fusila kendu, gure tiragomekin guardia-etxolako leihoa hautsi eta agertzen diren soldaduei eraso, hil eta fusilak kenduko dizkiegu. Oraindik bigarren zentinela geldituko zaigu. Horrek, segur aski, bere burua entregatuko du; hura lotu eta fusila kenduko diogu. Errenditzen ez bada, beretzat kalte: hilko dugu. Orduan, atean kanoi bat paratuko dugu, han makila baten gainean dagoen uztai bikeztatuari su eman eta harresitik oihuka hasiko gara herritarrei iraultza hasia dela aldarrikatzeko. Orduan, pentsatzekoa denez, armada azalduko da. Baina ez da ailegatzen ahalko guganaino, guk noizean behin harresiko ateak ireki, eta kanoi-balak jaurtikitakoan berriz ateak itxiko ditugulako. Lehenbiziko lerroko soldaduak hil eginen ditugu eta gainerakoak, segur aski, errenditu eginen dira, bizkitartean toki guztietan iraultzak eztanda eginen duelako, eta beren burua entregatzen ez badute, haientzat kalte. Handik aterako gara, Pragako herritarrekin bat egin eta gero aurrena eginen duguna Hradcanyko gotorlekuan sartuak dauden preso guztiak askatzea izanen da. Gainerakoa gaua egunari darraion bezala etorriko da. Gure lehenbiziko bataila handia Nemecky Brodetik hurbil irabaziko dugu. Bigarrena Moraviako Zelaietan, Promysl Otacar erregearen espiritua mendeku aldarrika dagoen lekuan hain zuzen. Ondoren Vienaren jabe egin eta Austria suntsituko dugu. Azkeneko horretan hungariarrek lagunduko digute. Gero hungariarrak garbituko ditugu. Zoragarri!

        Ezbehar odoltsu honen hasieran, lehenago aipatu bosgarren lagunak munta handiko eginkizuna izan behar zuen. Halere, ez zuen deusen berririk eta ez zuen deus jakin behar azkeneko unera arte. Pohorak barazki-saltzailea zen. Bila Hora atzeko herri batekoa zen, Jenec ondokoa, eta astean hirutan Pragara etortzen zen, eta oilasko eta usakumeak ekartzen zituen zakur handi batek tiratutako gurditxo batean. Gizon hori gure buruzagi Rumpalek —Prokop Handiak— hautatu zuen xehetasun garrantzitsu batez mintzatu ginenean: nola hornitu behar genuen bolboraz. Bolboraz hornitzea, garai hartan, hagitz afera latza zen; merkatariek agintarien baimen ofiziala behar izaten zuten erosteko, baina Prokop Handiak kontatu zigun Pohorakek bere gurasoen dendan haragi gazitua erosteko ohitura zuela Pragara joaten zen aldiro eta bidenabar bere herriko dendariek enkargatutako bolbora hartzen zuela. Hori ikusita, nire lagunak galdetu zion guretzako bolbora ere erosiko ote zuen, ongi ordainduta, eta Pohorakek baiezkoa eman zion.

        Beraz, abuztuaren 19an Pohoraki sei florin eman zitzaizkion, horietatik bi errege-sari gisa eta beste laurak bolbora erosteko. Barazki-saltzaileak agindu zuen biharamunean lasterrago ibiliko zela bere salgaiak saltzen eta erosketak egiten, eta gero bere gurditxoarekin pasatuko zela, ez Strahoveko Atetik, baizik eta Bruskakotik, Prokop Handiari bolbora emateko. Gure planaren arabera, orduantxe, eta ez lehenago, jakinen zuen Pohorakek gure indar handiaren berri; eta, dudarik gabe, bere zakur zuria askatu, gurditxoa kamioan utzi eta guregana bilduko zen. Azkeneko horri buruz ez genuen zalantza-arrastorik ere, Pohorakek bi florin hartuak zituelako, eta ez dezagun ahantz beretzat ohorea zela. Gainera, gero egitekoren bat aurkituko genion, erabat ziur egon zitekeen. Prokop Handiak esanda genekien, gainera, Pohorakek behin kontatu ziola aurreko urteko Mendekoste egunaren biharamunean soroan lanean ari zela husar batekin sesioan hasi eta azkenean husarra zalditik eraitsi zuela.

        — Bila Horaren atzean Bohemiako gizon indartsuenak bizi dituk —esan zuen horren harira Prokop Handiak.

        Eta horrek Rakovnikeraino ere hartzen dik —esan zuen Nikolas Hussekoak, ukabila astinduz gora.

        Egia esan behar badut, niri oso egokia iruditzen zitzaidan Pohorak gure laguntzaile izatea. Eta apustu eginen nuen beste buruzagiak iritzi berekoak zirela.

        Kontua zen, beraz, gure planari dagokionez, lehenago xehe-xeheki azaldu dudan bezala, ateetako zentinelaz erabakitakoa betetzea. Esan dezadan leku hartan, hilabete batzuk lehenago, guztioi arrastoa utzi zigun gauza bat gertatu zitzaigula. Laurok, eta besteren batzuk, pilotan jokatzen ari ginen harresietako lubakian. Joko militar horri «Artzain handia» deitzen zitzaion, eta zenbait orduz jo eta su borrokan ibili ginen, bi taldetan banaturik. Gomazko pilota polit bat genuen, guttienean berrogei zentimo kostatu zena. Ongi jokatzen ariko ginen, zeren han barna iragaten ari zen granadari bat guri begira gelditu baitzen zutik; handik denbora-puska batera soropilean jarri zen gure jokoa erosoago ikusteko. Halako batean pilota granadariaren ondora joan zen, eta orduan bera nagiki luzatu zen, tripaz beheiti gelditu arte, eta pilota hartu. Gero poliki altxatu zen —guri iruditu zitzaigun ez zuela sekula altxatzen bukatuko—, eta uste genuenean bere eskuin bizkorrarekin pilota itzuliko zigula, kontua da lasai-lasai baloia beretzat gorde eta patxadan maldan goiti joan zela. Hura ikusita, inguratu egin genuen, erruguka eskatu, garrasi eta mehatxu egin..., baina alferrik. Prokop Handiari eta Nikolas Hussekoari belarrondoko bana ematea besterik ez genuen lortu. Orduan harrika hasi gintzaizkion, baina granadaria gure atzetik etorri zen, eta egiari men egiteko, aitortu behar dugu den-denok ihesi atera ginela.

        Edozein moduz, gizona jipoitzea hanka-sartzea izanen zuan —zioen, ondoren, Jan Zizka Trocnovekoak—. Zuek badakizue zein den gure planen funtsa eta auskalo zer gertatuko zen! Behin ere ez duk jakiten zer gerta daitekeen, gurea bezalako konplot bat dagoenean alegia. Ni ordurako dardarka nengoan. Gustura helduko nioan tipo horri! Baina gero pentsatu nian: «Egon pixka batean, lasai».

        Eskertu zuten denek azalpen tolesgabe hori, denok aitortzen baitzuten beldurtu zirela eta ia ez zirela zutik egoteko gauza.

        Gertakari hartaz oroituta beharbada, abuztuko lehenbiziko egunetan, gure hizketagai bakarra gure planaren xehetasun txikienak ziren egunetan, halako batean galdetu nuen:

        Pohoraken zakurrak ausiki egiten du?

        Ez, egin gabe! —esan zuen Prokop Handiak—: atzo berean mazapanak saltzen dituen dendariaren neskari gonak tarratatu zizkioan.

        Hori axola handikoa zen. Pohoraken zakurrak ausiki egiten zuen.

 

* * *

 

        Egun gogoangarri hartako goiza iritsi zen. Zeruetako Kronika hutsezinak astelehen goiza zela dio. Emeki nola argitzen zuen ikusi nuen, zeruak nola hartzen zuen tonu grisaxka, eta ondoren argia nola joan zen bizitzen; hori dena denbora-tarte luze samarrean. Hala ere, nik nahiago nuen argia inoiz urratu ez eta eguna inoiz hasi ez balitz, eta Naturak jauzi egin balu egun haren gainetik, egun bakar haren gainetik. Eta horrelako zerbait gertatuko zen esperantzan, errezoan hasi nintzen, atertu gabe... Arima, aitor dut, zinez larriturik, hil beharrean nuen.

        Erabat aztoraturik eman nuen gaua. Une bakar batzuetan baizik ez nuen lorik egin, baina sukarraren moduko loa zen; berehala esnatu eta iraulka hasten nintzen nire ohatze bero-beroan, eta lan ematen zidan ez kexatzeak.

        Zer duk? Hasperenka ari haiz! —galdetu zidan amak behin baino gehiagotan.

        Ez —erantzun eta loaren itxurak egin nituen.

        Orduan ama jaiki, argia piztu eta nire ohatzera hurbildu zen. Begiak itxi nituen eta amak bere esku-azpia kopetan jartzen zidala sumatu nuen.

        Mutiko hau sutan da! Zatoz, gizona, hau ez dago ongi!

        Utzi! —erantzun zuen aitak—. Atzo borrokan ibili izanen zen bere lagunekin. Ume deabruak!... Egun oso-osoa pasatzen du Frantikekin, Pepikekin eta Rakonvikeko mutilarekin. Eta aski du, zerbait egin behar dugu.

        Estudiatzeko elkartzen dira, eta horrela gehiago ikasten dute.

        Ez naiz gezurretan ariko; ez nengoen batere ongi. Egia esateko, egunak ziren ez-ongi nengoela eta abuztuaren 20a hurbildu ahala gero eta makurrago sentitzen nintzen. Gainerako buruzagiei ere antzeko zerbait nabaritzen nien. Hondarreko batzarretan nahasi antzean mintzatzen zirela ohartu nintzen, eta beldurrez ote zeuden susmoa hartu nien. Handik egun pare batera indarrak bildu eta afera mahairatu nuen, kemenez. Denek ahalik argien ukatu zuten; berotu ginen; ordura arte behin ere ez zen hitz egin hainbesteko indarraz. Baina hurrengo gauetan, halaz guztiz, gaizki lo egiten segitu nuen. Jakina, besteengan benetako adorea nabaritu banu, ni ere benetan adoretsu sentituko nintzen seguruena.

        Nik ere beldurra nuen? Ezin nuen inola ere onartu. Hala ere nire buruari galdera bat egin nion —patuari kargu hartzea bezala zen niretzat—: zergatik egokitu zitzaidan niri egiteko ikaragarri hori? Bat-batean Austria suntsitu beharra kaliza bat bete samindura adierazezin iruditu zitzaidan. Gustura eginen nuen otoitz honela: «Jainko maitea, urrun ezazu nigandik edari samin hau!». Baina ulertu nuen ez zegoela beste erremediorik; eta loriaren tontorrari, bat-batean, Golgotako tontorraren tankera hartu nion. Halere, zin larri batek lotua nengoen.

        Hamarretarako gure guardia-postuetan egon behar genuen; Pohorakek hamaiketan ailegatu behar zuen; hamabi eta erdietan burutuko zen ekintza.

        Bederatzietan atera nintzen etxetik.

        Haize goxo batek freskatzen zituen nire loki sutuak.

        Bazirudien zeru urdinak irribarre egiten zidala Marinkak, Prokop Handiaren arreba lirainak, bere bihurrikerietara gonbidatzen ninduenean bezala. Esan dezadan, bidenabarkoan, bera zela nire maitea. Orduan Marinkaz oroitu nintzen, eta berak nire heroi-izatearen aurrean beti erakusten zuen miresmen handiaz. Tupustean bularra zabaltzen eta arima bizkortzen zitzaidala sentitu nuen.

        Nire espirituan aldaketa miragarria gertatu zen ni Oreinen Lubakira ailegatzerako. Bitan txingoka nindoala harrapatu nuen nire burua.

        Neraman guztia errepasatu nuen gogoan. Dena behar zen bezalaxe zegoen: bi tiragoma sakela batean gordeak, beste sakelan begiko benda beltza eta besapean liburu bat, jendearen oharkabean pasatzeko. Harresietan instrukzioan ari ziren soldaduen artetik iragan nintzen, baina dardararik ere ez nuen egin. Ongi nekien gure erasoaren ordurako soldadu horiek kuarteletan egonen zirela.

        Oraindik denbora dexente falta zenez gero, paseo bat egin nuen gerora borroka-toki izanen zen lekuan barna. Chotekeko lorategiak gurutzatu nituen, Nikolas Hussekoak han baitzuen, jaisten zen kamiotik hurbil, bere guardia-postua. Beheiti begiratu nuen, Bruskako Atera, eta pentsatu nuen hantxe egon behar zuela gero Prokop Txikiak Pohoraken zain, hura noiz ikusiko, ondoren guri segituan abisatzeko eta lubakian barna etorriz hari aurrea hartzeko. Ziudadelaraino hurreratu nintzen, eta berriz harresietatik pasatu nintzen Bruskako Atera joateko. Ziudadela ondora ailegatu nintzenean bihotza pilpiraka hasi zitzaidan indarrez, baina baretu zen urrundu nintzenean. Harresiek, ziudadelatik ate hartarainoko tartean, bi gotorleku dituzte, irtenak. Lehenbizikoa gora samarrean dago eta goian, luze-zabal osoan, ordoki koxkor bat du. Zelaiaren erdian, garai hartan, urmael txiki bat zegoen, harlanduzko baranda batekin, eta, inguruan, zuhaixka eta sastraka usuak: gure josteta anitzetarako leku kuttunena. Zuhaixka horietako baten azpian harri-hornitu ederra geneukan gorderik gure tiragometarako. Bigarren gotorlekuak zokogune sakonagoa du. Gaur egun, bertan, Panorama kafe-etxea dago, baina garai hartan toki hura ere sasiz itxia zegoen. Pauso batzuk haratago Bruskako Atea dago, hau da, nire guardia-postua, buruzagi nintzen aldetik zegokidana.

        Atearen gaineko banku txiki batean jarri eta liburua ireki nuen. Dardara arin batek gurutzatu zuen nire gorputza, eta bizkarrean hotzikara moduko zerbait sentitu nuen, baina ziurtatu dezaket ez zela beldurra. Nahiko ongi sentitzen nintzen, ustez, baina aitortu beharra dut nire borroka-lagunetako inor ez ikusteak aldarte onez egoten lagundu zidala.

        Orduan errezelo izpi bat piztu zitzaidan, atsegin eman zidana: nire lagunak beldurtu eta ez zirela agertuko. Baina, ixtanteko, errezelo horiei gogor egiteko eskatzen zidan bihotzak, heroi bat bainintzen. Zoritxarrez, halere, pentsamenduak kontrakoa iradokitzen zidan, buruan piztu baitzidan, susmoa uxatuz gero, lagunak niregana erakarriko nituelako superstizioa. Hori ikusita ez nien kasu egin nire buruaren aginduei.

        Tarteka instrukzio-eremuetako turuta eta danbor hotsak ailegatu ziren nigana. Ate azpitik sartu eta atera ari ziren gurdiak eta jendea. Hasieran ez nion asko erreparatu horri, baina handik puska batera superstizioak bere mendean hartu ninduen pixkana. «Zubiaren bukaera aldeko gizon hark —egiten nuen nire golkorako— Bubenec aldera jotzen badu, gureak egin dik; Podbaba aldera jotzen badu, aldiz, ez diagu zertaz kezkaturik. Ikus dezagun! Bat, bi, hiru, lau, bost. Denek Bubenec aldera hartu ditek! Eta turutak, Belvederetik, erasorako deiak balira bezala aditzen dituk orain». Braust zutitu nintzen.

        Une hartan hamarrak jo zuten San Vitoko dorrean. Ingurura begiratu eta Nikolas Hussekoa ikusi nuen, lasterka zihoala zumardian barna bere guardia-postura. Bihotz xalo eta ausarta! Gerlari kementsua!... Oporrei ere uko egin zien balentria handi honen alde. Baziren hamabost egun, nahi izatera, bere anaiarekin egon zitekeela. Nikolasen hurbiltasunak amorrua eman zidan, halere. Nik bera ikusten nuen bezalaxe ikusten ahal ninduen berak ni. Orduantxe erronda egin beste erremediorik ez nuen, nire eginbehar militarra baitzen. Poliki ibili nintzen paseoan harresietan zehar, eskuan liburua irekita neramala. Han goian ez zegoen arimarik ere.

        Urmaeleraino joan nintzen. Bazterrean Prokop Handia zegoen, belar gainean etzanda. Ikusi nuenean, pauso luze eta astunak ematen hasi nintzen, kamioan ahalik hobekiena entzun zitezen nire hanka-hotsak.

        Prokop Handiak ere liburu ireki bat zuen eskuan eta niri begira zegoen. Begiak gorrituak zituen.

        Dena ongi?

        Dena ongi.

        Hemen duk?

        Bai.

        Horrek esan nahi zuen hartua zuela bere esku utzi genuen pistola. Gure harriak azpian zituen arbolari begiratu bat eman nion. Prokop Handiak ere begiratu eta irribarre egiteko eginahalak egin zituen, baina ia-ia ez zuen lortu. Orduan ziudadelatik soldadu bat atera zen, pitxar bat eskuan, drillezko traje bat soinean eta militar-kapelua buruan. Ordenantza bat zen; gure kalkuluetan erabat ahantzia genuen soldadu hura. Baina, tira!, beste bat; azken finean, zer inporta zuen? Ordenantza polliki-polliki hurbildu zen gugana eta, gure parera ailegatuta, pitxerra lurrean utzi zuen. Ikaratu ginen.

        Mutikoak, ez duzue izanen zigarroren bat niretzat?

        Ez, ez dugu...

        Ezin izan nuen esaldia bukatu, ezin niolako aitortu gutako inork ez genuela artean erretzen, Prokop Txikia kenduta.

        Baina krejcarren bat izanen duzue noski, eta tabakoa erosteko ematen ahal didazue. Ni iazko iraultzaz geroztik nago hemen —zirrarakoa sentitu genuen berriz, elektrizitateak emana bezalakoa—, eta mutikoek egunero tabakorako ematen didate.

        Kobrezko bi txanpon atera eta, esku dardaratia luzatuz, eman egin nizkion. Soldaduak txistu-soinua egin, bere pitxerra bildu eta ospa egin zuen, eskerrak ere eman gabe.

        Esku-keinu batez Prokopi agur egin eta kamiora jaitsi nintzen. Chotekeko lorategietara sartu eta Nikolas Hussekoarengana hurbildu nintzen. Bista Ederra zeritzan banku batean eserita zegoen, zelatan, eta liburuaren gainetik begiratzen zuen beheiti. Berriz ere pauso luze eta sendoak ematen hasi nintzen, halakreta jantzita banindoa bezala.

        Dena ongi?

        Bai, dena —erantzun zuen irribarre bortxatuaz.

        Prokop Txikia hor da?

        Bai, bere postuan, tximinia bat bezala kea botatzen.

        Halaxe zen. Han zegoen Prokop Txikia, barandaren gainean jarrita, zangoak aurrera eta atzera, puru bat erretzen. Segur aski hiru zentimoko bat.

        Bihar ni ere erretzen hasiko nauk.

        Baita ni ere.

        Agur esateko betiko keinua, eta alde egin nuen, ahalik urrats sendoenak eginez.

        Bruskako Atearen gainean nintzen berriz. Soldaduak nor bere instrukzio-eremutik itzultzen ari ziren. Zer itxura polita ematen zuten! Baina, harritzekoa, egun hartan atsekabeturik begiratzen nien. Beste garai batean ikuste hutsarekin berotzen nintzen; turuten bibrazioa aski zen nire zakur-ametsak oso gora hega zitezen, eta musika-bandarik ez zegoenean nire irudimenak soinuak ordezkatzen zituen eta zaldiko urduri baten gainean ikusten nuen nire burua, bataila irabazietatik etxerakoan. Nire atzetik soldaduak gizon-kantak abesten zihoazen, eta inguruan jendeketak, zoraturik, goraipatu egiten ninduen; nik, bitartean, hoztasunez, buru-makurtu txikiak egiten nituen, aldian-aldian. Baina egun hartan irudimena ez zen ohi bezain gora hegatu. Zopa egiteko nire amak erabiltzen zuen garagardo zozo nazkagarri jasanezinaren antza zuen. Nire gogoa ez zegoen garaipenaren turutaren hotsak aditzen ziren alturetara igotzeko moduan; aho-sabaia lehor nuen, mingainean aholegarra banu bezala. Soldaduren batek deskuiduan begiratzen zidanean, nik begirada saihestu eta kontrako aldetik zerbaitek begia jotzen zidalakoa egiten nuen.

        Nire ingurura begiratu nuen. Bazirudien alaitasuna nagusi zela goizeko isiltasunean, urre-euri batek, oharkabean, ibar eta mendi-muinoak busti balitu bezala. Nik, halere, kutsu elegiazkoa hartzen nion horri guztiari. Eta, giro epela bazegoen ere, hotzikara sentitu nuen.

        Zeru urdinari begiratu eta Marinkaz oroitu nintzen berriz. Nire neska maitea! Zergatik ote nuen une hartan Marinkari beldur pixka bat niolako sentsazioa?

        Gogoak, hondarrean, beste bide batzuk hartu zituen. «Tira! —esan nuen nire artean—; Zizkak gizon bakar batzuekin Gurutzearen ehun zaldun garaitu zitian. Pertzevalek ordubetean ehun soldadu hil zitian ezpataz». Baina Jainkoak bakarrik zekien zer gertatuko zen. Historiak ez du formularik eskaintzen gauza batzuetarako. Idor-idorra nuen mingaina, legarrak hartua bezala.

        «Ez, ezinezkoa duk!; ez zagok atzera egiterik! Bete dadila patua».

        Atearen azpitik lehenago baino jende gehiago pasatzen ari zen. Nik begiradarekin segitzen nien, nire gogoetetan murgildurik. Gero berriz superstizioa oldartu zitzaidan eta probak egiten hasi nintzen, oharkabean nire buruari engainu eginez alabaina. Bakarrik nekazari-jantziak zeramatzatenei erreparatzen nien, espero nezakeelako, horregatik, okertzeko arrisku handirik gabe, seguruena ezkerraldera hartuko zutela, Podbaba aldera.

        Nolanahi den, zer gertatu zen? Gauza bat ongi gogoan dut, dena dela. Gutxiena espero nuenean, berriz sukar moduko kitzikadura batek harrapatu ninduen eta, nekez bada ere, altxatu egin nintzen. «Hobe izanen duk —esan nion nire buruari— beste bisita bat egitea postuetara». Edozein moduz, ordurako deika ari zitzaidan eginbehar utziezina.

        Prokopengana hurbildu nintzen unean —urrats sendo eta geldoak egin nahian, nahiz eta neroni ere ohartzen nintzen lehenago baino arinagoak zirela— nor eta ofizial ikuskatzailea sartzen ari zen ziudadelara. «Nolanahi ere —esan genuen gure artean—, berriz ateratzen den arte itxoin beharko diagu».

        Prokop Handia hilotza bezain zurbil zegoen.

        Pepik, izutua hago, ezta? —esan nuen hartaz benetan errukiturik.

        Prokop Handiak ez zuen erantzun. Baina eskuineko eskuko behatz erakuslea alde bereko begiaren azpian jarri eta, betazala jaitsaraziz, begi-zuringoaren behealdea agerian utzi zuen. Keinu hark, Pragako haurren artean ongi ezaguna, ezezko borobila adierazten zuen.

        Zergatik ez zuen aitortu beldurra zuela? Austria oraindik salba zitekeen...

        Hamaikak! —esan zuen zezelka Prokop Handiak.

        Haize epelak hamaika kanpai-hots geldoen oihartzuna zekarren. Kanpai-danbada bakoitzak burrunba luzea egiten zuen gure belarrietan; nahi gabe gora begiratu nuen, ea soinu horiek ikusteko modukoak bihurtuak ote zeuden. Indar handiko hil kanpaiak ziren, Europako estatu handien eta zaharrenetako baten alde joak.

        Nikolas Hussekoaren postua aztertutakoan, korrika txikian jaitsi nintzen Prokopengana. Bidezkoa iruditu zitzaidan hura akuilatzea, buruzagi gorena zen aldetik bere eginbeharrak bete zitzan.

        Prokop Txikia artean barandaren gainean eserita zegoen, baina ez zen erretzen ari; aldiz, izterren gainean bere kapelua zuen, aranez betea. Gogo biziz jaten ari zen. Hezur bakoitza ahotik kontu handiz atera, behatz erakuslearen muturrean utzi, gero hartan behatz lodia jarri, indarra egin eta ttak!..., kamioaren beste aldean zeuden oiloetako bat berehala iheska eta kakaraka ateratzen zen. Gehientsuenak toki seguruago batera joanak ziren; oilo bakar bat, beltza, gelditzen zen oraindik lohian mokoka, arriskutik hurbil. Prokop Txikia hura jotzeko destatzen ari zenean, ni ikusi ninduen. Orduan tiroa desbideratu eta oiloa jo beharrean hezurrak ni jo ninduen, kokotsean. Zaztako mingarri eta bizia eman zidan, zartailu-muturrarekin emana bezalakoa. Prokopen aurpegia pozez txoratzen.

        Baina zertan ari haiz? Erne egon beharko huke!

        Erne nagok. Ez diat begirik, ala? Nahi duk?

        Ez nagok goseak. Zenbat balio ditek?

        Zortzi fuky. Hartu baten bat.

        Lau hartuko ditiat, Pepikentzat. Baina adi egon! Honezkero edozein unetan ailega litekek!

        Berriz nire postura igo nintzen. Prokop Txikiak botatako beste hezur batek zaztakoa eman zidan belarrian, baina ez nuen lepoa jiratu ere egin. Aurrera segitu nuen, duintasunez.

        Hamaika eta erdietan, berriz Prokop Handiaren postuan nintzen. Artean belarraren gainean zegoen etzanda.

        Aranak ekarri dizkiat Frantiken partez.

        Prokop Handiak muzin egin zien. Aranak lurrean utzi nituen eta ni ere eguzkitan etzan nintzen.

        Zeruan ez zegoen hodei bakarrik ere. Eta goiti begira gelditzen den jende guztiari bezalaxe gertatu zitzaidan: begiradak bere indarra galtzen du eta ematen du airea xomorro txuriz betea dagoela, denak begien aurrean dantzan, zorabioa sortzeraino.

        Baina iruditu zitzaidan, pixkana-pixkana, begiak ez ezik gorputz osoa neukala xomorro horietaz beterik; odola sekulako ziztuan zebilkidan zainetan barna baina, tupustean, hormatu zitzaidala sentitu nuen, eta gihar guztiak uzkurtuz zihoazkidala. Iruditu zitzaidan zerutik argia ez, baizik eta berun urtua erortzen zela euriaren gisan.

        Alde batera jiratu nintzen, Prokopi buruz buru.

        Hamaikak laurden gutxi ziren.

        Aizak —esan zidan bat-batean, begietan latz-ikara nabari zuela—. Pohorakek ez ziguk traizio egin izanen, ezta?

        Ez horixe! —esan nuen totelka, konbentzimendurik gabe. Ezinegonak harrapatu ninduen; altxatu eta batera eta bestera hasi nintzen. Traizio doilorrena gerta zitekeelako pentsamendua gogoratu zitzaidan.

        Orduan beheiti begiratu nuen eta, harri eta zur, Prokop Txikia eginahala guztian mehargunetik lasterka igotzen ikusi nuen.

        Prokop Txikia! —esan nuen garrasika. Hasieran ihes egitea bururatu zitzaidan.

        Prokop Handia ere zutik jarri zen, salto batean. Kontrako aldetik Nikolas Hussekoa agertu zen laster eginez. Prokop Txikia ikusi zuen gugana etortzen eta zer gertatzen zen jakitera heldu zen.

        Prokop Txikia arnasestuka iritsi eta esan zuen:

        Eliza ondoan zurrutean ari ziren morroi batzuek esan ditek poliziak azokan barazki-saltzaile bat atxilotu duela.

        «Pohorak!», pentsatu genuen denok. Eta, harri koxkor bat txorien artera botatzen denean bezala, guztiok lasterka atera eta barreiatu egin ginen.

        Mehargunera jaitsi nintzen arrapaladan, burua sorbalden gainean dantzan. Aitaren batean Waldstein kalean nintzen, baina zerbaitek bultzatzen ninduen lasterka segitzera. Senovazna kalean sartu eta San Tomas elizara ailegatu nintzen; arkupeetatik plazan goiti hartu eta lehenbiziko zutabea pasatu nuen, baina bigarrenera ailegatzean harri eta zur gelditu nintzen.

        Poliziak une hartantxe Pohorak zeraman ondoko komisariara, gurdi, zakur eta guzti. Argi eta garbi ikusi nuen Pohorak izugarri larritua zegoela; aurpegian oinaze lazgarria nabari zuen.

 

* * *

 

        Gizateriaren historiak hutsune tamalgarri bat izanen luke baldin Pohorakekin zer gertatu zen kontatuko ez banu.

        Egun hartan Pragara ohi baino beranduxeago sartu zen; saltzaile batentzat, Pragako usadioetarako, aski berandu zela esan liteke: zazpiak ziren. Strahoveko Atetik aldaroka kale maldatsuetan beheiti joan zen, zakur zuria alde batetik alai lasterka, gurditik tiratu behar ez zuelako, eta Pohorak beste aldetik, gurdiari eutsiz ezker eskuarekin pertikatik hartuta.

        Zer dela-eta hain berandu gaur, Pohorak? —galdetu zion Kale Sakoneko okinak, atorrutsik espaloian patxadan erretzen ari zen bitartean.

        Geldialdi batzuk egin behar izan ditut bidean.

        Pohorakek irribarre egin eta sooo! luze bat esanda gurdia geldiarazi zuen. Eskuineko sakelan eskua sartu eta zumezko zorroko botilatxo bat atera zuen, pattarra, eta okinari eskaini zion.

        Tragoxka bana?

        Ez, eskerrik asko. Nik egina dut nire goizeko tragoa.

        Nik ere bai; baina hobe bost aitagure bat bakarra baino.

        Eta Pohorakek trago ederra edan, botila hutsa gorde, agurtu eta bidean aurrera egin zuen.

        Nekazarien Azoka jendez gainezka zegoen ailegatu zenerako. Poliziak tokirik ez zuela esan zion eta Pohorakek gurditxoarekin alde batetik bestera ibili behar izan zuen, baina eztabaida nekagarri baten ondotik postu huts bat aurkitu zion. Batzuetan Pohorakek, barazkiez gain, erbiak, gantza eta arrautzak ere eramaten zituen. Egun hartan oilaskoak eta usakumeak besterik ez zeraman. Hegaztiak ziren bere salmenta nagusia. Horregatik Pohorakek usain zelebre samarra botatzen zuen, ez oso goxoa, oilategi-usaina, bere inguru guztian urrutitik ere sumatzen zena.

        Pohorakek aspaldi eginak zituen berrogeita hamar urte. Irakurleak uste baldin bazuen, lehenago esandakoagatik, Pohorak altu samarra zela, barka dezala, baina bere irudimena apaldu beharko du. Pohorakek ez zuen, ez, Herkules baten eiterik preseski. Txikia zen, konkortuxea, eta gehiago zuen hezurretik giharretik baino. Aurpegi ihar baztangak pikatuan hainbeste zulo zituen, ezen bihotz oneko edozein gizonek haiek pixka bat betetzeko aholkua emanen baitzion. Pohorakek jaka koadrodun urdin bat janzten zuen, baina zenbait tokitan —bizkarrean, lepo azpian eta ezkerreko sorbaldan bereziki— lohi idorraren kolorea hartzen zuen eta ez zitzaion koadrorik ikusten. Galtzak gaztaina-kolorekoak zituen, eta galtza-barrenak gora bilduak eramaten zituen beti, nahiz eta hartan, konparazio batera, zortzi aste ziren euri-tantarik egin gabe. Neguan zein udan burua oihalezko kapelu ilun batekin babesten zuen, eta kapeluaren ertzetik janari-saltzaile baimena ateratzen zitzaion.

        Pohorakek lasto pixka bat barreiatu zuen gurdi azpian, itzalean, eta zakurra bertan etzan zen lotara. Ondoren barazki-saltzaileak bere salgaiak atera eta gurdian zabaldu zituen. Azkenik, pixka bat tentetu eta ingurura begiratu zuen.

        Poxpolin —esan zion ondoko saltzaileetako bati, gutxienez berrogeita hamar urteko emakumea bazen ere—, mesedez, begiratu bat eman noizbehinka nire gurdiari. Bideak zintzurra lehortu dit eta tragoxka bat edan behar dut, bat bakarra.

        Hurbileko kafe-etxe batera sartu eta kafe bat hartu zuen. Ondotik ostatura joan zen, handik hiru pausotara edo, bi kopa kumel edan, bere botilatxoa betearazi geroko eta sakelan gorde zuen. Gero bi ogi-opil erosi zituen, mitxoleta-haziz zipriztinduak, bata beretzat eta bestea zakurrarentzat, eta bere saltokira itzuli zen.

        Ezkerrean ala eskuinean? —galdetu zion aulki baxu batzuk alokatzen zituen emakume batek. Pohorakek behatzaz adierazi zion aulkia non jarri, hitzik egin gabe; emakumeari krejcar bat eman eta eseri egin zen. Gero jakako ezkerreko sakelatik pipa eta tabako-poltsa atera zituen. Poltsa ireki, pipa bete, txalekoaren eskuineko sakelaren zoko-zokotik poxpolu-kaxa bat atera eta erretzen hasi zen. Gustura ari zen. Gero bere salgaiei begiratu bat eman zien.

        «Oilaskoak berrogei krejcarrean; usakumeak hogeian», zioen bere artean, ke-bafada lodiak bota bitartean.

        Agure moztaka bat hurbildu zen, garagardo-saltzailea ezbairik gabe. Aise jakiten da agure edo atso bat garagardo-saltzailea den, atzetik beti neskame bat joaten delako kobrezko uztaiak dituen kupela bati bultzaka.

        Zer balio dute oilasko horiek?

        Zer balio duten? —erantzun zuen Pohorakek patxadan, bere pipa ahoko ertz batetik bestera eramanez—. Urrea balio dute, baina berrogei krejcarrean emanen dizkizut.

        Burutik egina zaude noski! Hogeita bi emanen dizut. Zer diozu, konforme? Sei eramanen ditut.

        Pohorak isilik gelditu zen, buruari eraginez, garagardo-saltzaileak alde batera egiten zuen bitartean. Gero berriz eseri eta kea botatzen segitu zuen.

        Bat bakarra ere ez duzu salduko prezio horretan —esan zion ondoko saltzaileak, Pohorakek lehenago «poxpolin» deitu zionak—. Alferrik ari zara; azokan gaur asko dago saltzeko.

        Eta zer inporta zain atso zahar horri? Nik nahi dudan prezioan saltzen ditinat. Hi arduratu hire arrautza ustel horietaz. Pohoraki erakutsiko dion hik saltzen! Gainera, gaur deus salduko ez banu ere, irabazi pollita zeramanat sakelan etxera.

        Eta txalekotik florin batzuk atera eta esku-ahurrean ibili zituen hotsa aterarazteko.

        Atsoa isildu egin zen. Pohorak ere bai, amorrazioa pattarretan itoaz.

        Andre bat ailegatu zen, bere neskamearekin.

        Zenbatean daude oilasko horiek?

        Berrogei krejcarrean.

        Alajainkoa! Horren garesti? Hogeita bost emanen dizut. Konforme?

        Pohorakek ez zuen erantzun orduan ere.

        Gizona, ez izan kaskagorra!

        Horrek ez du bueltarik. Nik nire prezioa jarri dut. Hori da dagoena.

        Andrea, goazen —esan zion neskameak—; dena dela, ez dute freskoak ematen.

        Freskoak, freskoak!? Hi bai freskoa, aza-hostoa! Nire oilaskoak xamur-xamurrak ditun, hoberenen pare!

        Eta horietako batzuk hanketatik hartuta, airean astindu eta oihu egiten zuen. Atso guztiak orduan irri-algaraka hasi ziren, eta Pohorakek berriz pattarretan ito zuen amorrazioa.

        Kontuak berdintsu segitu zuen denbora-puxka batean.

        Azoka husten joan zen, baina Pohoraken oilaskoak eta usakumeak hortxe zeuden saldu gabe. Noizean behin barazki-saltzaileak txorrotx begiratzen zien, han ikusita sufrituko balu bezala, eta amorruz zioen bere artean: «eutsi goiari, gizona, eutsi».

        Pattarra bere eragina egiten hasia zen.

        Saltxitxa-saltzaile bat ailegatu zen, oihuka.

        Saltxitxa beroak! Hoztu baino lehen hartu!

        Ekartzu bat hona!

        Pohorakek saltxitxa pare bat hartu eta irentsi egin zituen. Bitartean, saltzailea ondoko postuetan eskaintzera joan zen. Gero barazki-saltzailearen postura itzuli eta esan zion:

        Aittona, hiru krejcar saltxitxengatik.

        Zer saltxitxa?

        Ondoko saltzailea, emakume bat, tartean sartu zen:

        Arestian jan dituzunak.

        Nik saltxitxa bakarra jan dut! Erotuak zaudete denak!

        Eztabaida piztu zen. Pohorak asma ahala guztiak esaten hasi zen. Saltzaileak, kakoa airean astinduz, poliziari deitu zion. Poliziak, gertatzen zena jakindakoan, barazki-saltzaileari galdetu zion:

        Bi saltxitxa jan dituzu?

        Pohorakek begiak zorroztu eta erantzun zuen:

        Bai, jauna.

        Orduan, ordaindu oraintxe!

        Bai horixe! Erabat ahantzia nuen, kabo jauna. Badakizu... adina, zaharra naiz. Ez naiz lehengoa.

        Haiek irriak ondoko postuetakoak! Pohorak berriz jarri zen, erretxindurik, kexu: «Hau burua nirea! Hau burua!». Ondoren bere botilatxoa hustu eta berriz pipa piztu zuen.

        Eguzkiak gupidarik gabe berotzen zuen. Pohorak ez-ongi zegoen. Zakurrari begiratu zion, gurdiaren itzalean lo baitzegoen; nagiki altxatu zen, oilaskoak eta usakumeak olana batekin estali eta zakurraren ondoan etzan zen...

        Denak joanak ziren erositakoarekin, baita eguneroko azken bezeroa ere, «andre maingua». Saskiak eta postuak desagertzen zihoazen eta feriako saltzaileek kaxak zeramatzaten, arrautzekin eta gainerako salgaiekin. Poliziak itzuli osoa eman zion azokari eta oihu egin zuen: «bukatu lehenbailehen, denak!».

        Pohoraken gurdiaren aurretik pasatzean gelditu egin zen. «Agudo, bildu dena. Norena da gurdi hau?», esan zuen, gurdiari bultza eginez. Azpitik kexu-marmar bat atera zen. Poliziak hantxe ikusi zuen Pohorak, lozorroan lastoaren gainean, kapelua buruaren azpian zuela burkotako. «Pohorak, altxa!», eta zango batetik tiratu zion.

        Zakurrak salto egin zuen, hainbesteko indarraz tiratuz gurditik, ezen gurpilak Pohoraki eskua zapaldu baitzion. Pohorak, halaz guztiz, ez zen iratzarri. Poliziak irri egin zuen.

        Botaiozu balde bat ur —esan zion azoka txukuntzen hasiak ziren kale-garbitzaileetako bati.

        Eta... braust, balde erdi bat urek burua zipatu zion agure gixajoari.

        Pohorak ikaraturik esnatu zen, eta ondoren eseri eta begiak igurtzi zituen.

        Jaiki zaitez!

        Pohorak ederki kostata zutitu zen.

        Ez dakit zer dudan; ez nago ongi. Zaharra naiz asto lanean aritzeko.

        Ongi da, lasai. Zatoz nirekin, zahar gixajo hori. Lo pixka bat egiteko toki bat emanen dizugu.

        Konforme, nahi duzun bezala.

        Eta Pohorakek bere gurdiaren pertikari heldu eta poliziak eraman zuen tokira joan zen, bihotza tristurak harturik.

        Bitartean, Rumpaldarren etxeko ganbaran, batzarrean ginen; batzar latza. Elkarri betirako leialtasun-zina egin genion. Jan Zizka Trocnovekoaren txostena: «Pohorak ikusi dut; han nintzen ni, orain hemen nagoen bezalaxe; gogotik lagunduko nion, baina ezin izan dut deus egin». Nikolas Hussekoa izan zen bilera huts egin zuen bakarra, ordurako Rakovnikeko basoetara bidean baitzen.

        Arratsaldeko seiak aldean bukatu ziren gure herio-ikarak. Ordu hartan Pohorak ailegatu zen, neke handiz, bere gurditxoarekin maldan goiti, bere herrira bidean, eta Rumpalen denda aurrean gelditu zen. Prokop Handiak, kristalezko ateen atzean gorderik, dendan esaten ari zirena aditu zuen, larriturik, bihotza pilpiraka.

        Gaizkitu naiz —zioen Pohorakek—. Komisariara eraman behar izan naute, eta han lo pixka bat egin dut. Gaua siroky Dvuren pasatu behar dut. Gaur azokan ez zegoen deus saltzeko modurik. Espero dezagun bihar hobeki egotea!

        Handik egun batzuetara, hiriko zoko batean, iturri baten ondoan, pistola bat aurkitu zuten, berri-berria. Inork ez zekien nola agertu zen han eta oso esamesa bitxiak zabaldu ziren.

        Handik lau astera Prokop Handia Pohorakengana hurbildu zen, azokatik bere gurdi hutsarekin ateratzen ari zenean, eta galdetu zion:

        Pohorak, zer egin zenuen sei florin haiekin?

        Pohorakek geldialdia egin zuen:

        Zer sei florin?

        Gizona! Bolbora pixka bat erosteko eman nizkizunak.

        Zuk niri sei florin eman? Pepik, Pepik, ez zenioke adarra jo behar honelako agure gizajo bati! Zaharrei adarra jotzea bekatua da, ongi dakizu —esan zuen behatz erakuslearekin mutiko gaixoari mehatxu eginez.

        Gero berriz bere bideari lotu zitzaion, lasai.

 

 

 

© Jan Neruda

© itzulpenarena: Fernando Rey

 

 

"Jan Neruda / Mala Stranako ipuinak" orrialde nagusia