San Wentzeslaoren meza

 

        Elizako korura ematen duten eskaileren azken mailan eserita nengoen, eta hatsa hartzera ere ez nintzen ausartzen ia. Burdinsare itxian zehar elizaren parte handi bat ikusten nuen: eskuinaldean San Joanen zilarrezko sarkofagoa eta ezkerraldean sakristiako sarbidea. Denbora-puska ederra pasatua zen arratsaldeko bedeinkazioa bukatuz geroztik, eta jendea joana zen San Vito katedraletik. Ez zen inor gelditzen, salbu nire ama, San Joanen sarkofagoaren aurrean, bere errezoetan erabat sartua, eta sakristau zaharra, San Wentzeslaoren kaperatik ateratzen ari baitzen, azkeneko itzulia egiten. Ni nengoen tokitik hurbil iragan zen, aterabide aldera jo zuen, errege-otoizlekuaren azpitik, atea giltzatu eta, segurtasun handiagoa erdiesteko, kisketa ere itxi zuen. Gero bere bidetik joan zen. Ia aldi berean nire ama jaiki zen, aitaren egin eta sakristauarekin joan zen. Hilobiak ez zidan utzi haiek ikusten; haien hanka-hotsak aditu baizik ez nuen egin, isiltasunean burrunba egiten baitzuten, eta haien arteko solasaldiko zenbait hitz. Geroxeago berriz beste aldean agertu ziren, sakristiaren ondoan. Sakristauak beste atea itxi zuen, danbatekoa emanda; kisketaren kurrixka aditu zen, eta handik aurrera ez nituen gehiago ikusi ez ama ez sakristaua, eskuinaldetik joan baitziren. Artean bi aldiz aditu nuen nolako kirrink-hotsa egiten zuten hesiko burdina zaharrek; ondotik hantxe ikusi nuen neure burua, bakarrik, giltzapeturik erabat. Sentsazio arrotz batek aztoratu ninduen; hotzikara antzeko zerbait sentitu nuen bizkarrean goiti... eta ez batak ez besteak ez zidaten grazia arrastorik egin.

        Tupustean altxatu nintzen, painulua atera eta ahalik sendoena lotu nuen burdin-hesiko atea, ez zegoelako itxita kisketaz baizik. Hurrena, ziztuan igo nintzen eskaileretan goiti koruko lehenbiziko eskailbururaino, eta han murrura inguratu eta berriz maila batean jarri nintzen. Zer gerta ere egin nituen bi gauzak. Ongi nekien handik laster elizako ateak irekiko zituztela, gauaz eliza zaintzen zuten zakurrak saltoka sar zitezen. Guk, meza-mutilok, ez genituen behin ere ikusi zakur haiek, zaunka egiten ere ez genien aditu, baina gure artean esan ohi zen hiru artzakur handi eta gaizto zirela, aldare nagusiaren atzeko koadroko Wentzeslao erregearen zakurraren antzekoak. Eta sekulan zaunkarik egiten ez zutela ere esaten zen; eta hori zakurrengan amorruaren adierazgarri handiena izaten omen da.

        Banekien, gainera, zakur handiak trebeak zirela ateetako kisketak irekitzen; horregatik lotu eta seguratu nituen painuluarekin beheitiko ateak. Kontuan hartua nuen koruaren goialderaino ez zirela ailegatzen ahalko nire atzetik, eta goizean, sakristauak berriz giltzapetzen zituenean, jaisten ahalko nintzela batere kuidadurik gabe.

        Zergatik nintzen ni han? Azalduko dut. Kontua San Vito katedralean gaua ematea zen; inork jakin gabe, noski. Eta afera ez zen makala. Mutikook segurutik genekien gauero-gauero, hamabietan punttuan, San Wentzeslaok meza esaten zuela bere izena daraman kaperan. Egia esanda, neronek hedatu nuen xurrumurrua nire lagunen artean, baina berria uste on-oneko iturritik hartua nuen. Havel sakristauak —bere sudur luze gorri neurriz goitikoarengatik Havel hegazterrena deitzen zioten— nire gurasoen etxean kontatu zuen historia, eta hain modu bitxian begiratu zidan zeharka, ezen ixtanteko ulertu bainuen ez zuela nahi nik sekretua ikasterik. Baina ikasi nuen, eta nire lagun-minetako biri eman nien horren berri, eta haiekin erabaki nuen gau batean meza hartara joatea. San Wentzeslao zen gure tema! Nik, bultzatzaile bainintzen, lehentasuna izan nuen, nola ez, eta horregatik ni izan nintzen hirukoteko estrainekoa beheitiko koruan esertzeko joan eta hantxe giltzapean gelditzen, mundutik arrunt bereizirik.

        Etxean ez zuten sumatuko nire falta. Horretan ez nuen zalantza-izpirik. Inozotik deus ere ez duten bederatzi urteko mutilen artean zabaldua dagoen ohitura horri esker, gezurrak esateko ohiturari esker alegia, ama engainatzea lortu nuen, esanaz gure izebak, Stare Meston bizi baitzen, gau hartan ni ikustera joatea nahi zuela. Jakina, gaua bere etxean pasatuko nuela ulertzen zen, eta hori ez zen oztopo izanen biharamun goizean ni rorate mezara joan nendin, meza-laguntzaile eginbeharrak betetzera. Gerora denaren berri baldin bazuten, ez zidan inporta, orduan aukera izanen nukeelako San Wentzeslaok meza nola ematen zuen kontatzeko. Horren ondoren hagitz pertsona inportantea izanen nintzela iruditu zitzaidan, ia-ia Wimer andre zaharra bezain inportantea, Wimer zurginaren ama alegia, Hradcany jauregikoa, zeinak izurrite larriaren denboretan bere begiekin ikusi baitzuen Kaputxinoen Ama Birjina, urrezko longainaz jantzirik Loreto plazan barna oinez, etxeak ur bedeinkatuaz zipriztintzen. Jendeak hagitz poztu ziren izurriteak ez zituela joko jakin zutenean; baina kolerak juxtu etxe horietan lehenago baino jende gehiago hil zuenean, bururatu zitzaien, egiazko arrazoi gisa, Ama Birjinak auzokoen artetik hautatu zituela berarekin zeruetako erreinuan sartu behar zutenak.

        Mundu guztia egon izanen da noizbait —une batez badere— jenderik gabeko eliza baten barrenean, eta jakinen du nolako sentsazioa sortzen duten gogoan nabetzar isil horiek. Irudimen biziko haurrengan, ohiz kanpoko gauzak esperatzen baitituzte, zirrara —ezinbestean— biziagoa izaten da, askoz ere. Ni zain egon nintzen denbora-puska batean; laurak eta laurden jo zuten, bostak, bost eta erdiak... eta kanpai-hotsek, elizan, hilobi batean bezalako burrunba egiten zuten, baina atean ez zen soinu ñimiñoena ere. Ez al zen katedrala zaindu beharrik? Edo ilundu arte ez ote zituzten askatu behar zakurrak?

        Eskailera-mailatik jaiki eta pixkana-pixkana tentetu nintzen. Leiho hurbilenetik ez zen sartzen argi ahul eta hits bat besterik. Azaroko hondarreko egunak ziren, Santa Katalina festaren ondokoak, eta egunak, ordurako, oso motzak ziren. Kanpotik, noizean behin, urruneko soinu bat ailegatzen zitzaidan belarrietara, oso garbi aditzen zena halere. Gauaz hain lasai egoten da zoko hartan, ezen tristura ere ematen baitu. Noiz edo noiz pasatzen zen norbaiten ibili geldoa aditzen zen. Beste batzuetan hanka-hots lasterrak, eta, azkenik, solasaldiak, urrutikoak horiek ere. Bat-batean urrutiko soinu bat hurbiltzen joan zen. Ibilgailu astunen bat gazteluko ataria gurutzatzen ari zen segur aski. Soinua argiagoa egin zen: ibilgailua, beharbada, ataria pasatu eta plazara hurbiltzen ari zen. Soinua gero eta handiagoa egin zen, zaldien azazkalen ttaka-ttaka aditzen zen zola zauritzen; gero kateen klinki-klanka eta gurpil handiek zolaren gainean egiten zuten kirrinka-karranka. San Jorge kuartelera zihoan gurdi militar bat zen, dudarik gabe. Hain zen handia soinua, non elizako leihoak ere dar-dar pixka bat egin baitzuen, eta eliza-txoriak, koru gain-gainean, txioka hasi baitziren izuturik. Eliza-txorien txorrotxioa aditzean, hasperen egin nuen, sakon: niregandik hurbil izaki bizirik egote hori baltsamo bat bezalakoa zen nire bihotzarentzat.

        Horrek ez du esan nahi nik eliza hutsean estura edo beldurra sentitzen nuenik. Ez zegoen horretarako arrazoirik. Ezin hobeki ohartzen nintzen nire eginkizunaren berezitasunaz, baina ez neukan deus txarra egiten ari nintzen kontzientziarik. Ez nengoen larriturik, ez nuen sentitzen inongo bekaturen bihotz-zimikorik; aitzitik, sentitzen nuen zilegi zitzaidala harro egotea. Ezin hobea sentitzen nintzen, guztiz ona, fede bizi gartsuak nigan beste gizon bat sortu balu bezala, lehengoa ez bezalakoa eta handik aurrerakoa ez bezalakoa. Nire burua gurtu ere eginen nuen, baina haur bat ez da gauza izaten heldu frankori hain atsegingarri zaien berekoikeria ergel horretarako. Beste batean, apika, iratxo edo mamuen beldur izanen nintzen, baina banekien han, elizan, mamuek ez dutela inolako ahalmenik. Eta hantxe lur emandako santuen espirituek? Bakar batek kezkatzen ninduen, San Wentzeslaorenak, eta santu hori bene-benetan poztuko zen nik hainbesteko ausardia nuelako, bera, bere lorian, Gure Jauna zerbitzatzen ikuste hutsagatik. «Berak nahi badu —nioen nik neure artean—, ikusiko dik nolako debozioarekin zerbitzatuko dudan aldarean, nolako arretaz eramanen dudan meza-liburua, bere metalezko estalkiekin, alde batetik bestera, eta nola saiatuko naizen mezerdikoan zintzarria behar baino ozenago ez jotzen. Eta kantatuko diat, hain gora eta ongi, ezen San Wentzeslaok pozaren pozez malkoak isuriko baititu, eta bi eskuak nire buru gainean pausatuko, esanez: Hau mutil zintzoa!».

        Une hartan katedraleko dorrean sei kanpaikadaren burrunba aditu zen eta nire ametsetik esnatu ninduten. Sorbaldatik zintzilik neraman eskolako bizkar-zorrotik nire irakurgaien liburua atera, barandaren gainean ireki eta irakurtzen hasi nintzen. Nire begi gazteek artean egin zezaketen hori, nahiz eta ilun zegoen, oso ordurako. Baina hots bakoitzak, txiki-txikia izanagatik, arreta galarazten zidan, eta uneoro geldialdia egiten nuen nire irakurraldian, harik eta kanpoan berriz herio-isiltasuna nagusitu zen arte. Halako batean pauso arin batzuk hurbiltzen zirela nabaritu nuen, eta nire leiho azpian gelditzen zirela hain juxtu. Bozkario-itsaso batek hartu zuen nire bihotza, berehala pentsatu bainuen nire bi adiskideak zirela. Kanpoan txistu-hots berezi bat aditu zen: gure ohiko seinalea. Poz-zirrara sentitu nuen, pentsatuta gogoz behinik behin nire lagunak nirekin zeudela eta ordu haietan momentu bat aurkitu zutela nire ondora etortzeko eta..., gero auskalo, etxean, egurtu batzuk hartzeko, ihes egiteagatik. Gixajoak! Aldi berean, halarik ere, harro sentitu nintzen ustez eta nire lagunek, beharbada, miresten nindutela, eta beharbada ni nengoen tokian egon nahiko zutela gutxienez ordubetez. «Mutil horiek —egiten nuen nire baitan— ez ditek gau osoan lorik eginen!». Eta zer gustura utziko nien sartzen, ordubetez bederen, lagun egin ziezadaten.

        Argi eta garbi ezagutu nuen ahots hura; Fricekena zen, zapatariaren semearena. Bera zen! Ezin nintzen oker egon. Izugarri maite nuen! Egun hartan, esan dezadan, goiz-goizetik suerte txarra besterik ez zuen izan gizajoak. Hasteko, lehenbiziko mezan erretore jaunari ura boten gainean bota zion —beti bezala apezari begiratu beharrean elizara begira egoteagatik!—. Arratsaldean eskolako maisuak harrapatu zuen, Aninkari, zuzendariaren alabari, musu ematen eta gutun txiki bat ematen. Aninka guk hirurok maite genuen eta berak ere hirurok maite gintuen. Beste txistu-hots bat! Oraingoan Kubicek zen. Kubicek! Ihuhu! Gustura eginen nuen neronek ere txistu eta ihuhu!, berak bezala edo, gutxienez, hitz bat ozen esanen, erantzun gisa. Baina elizan nintzen eta isilik egon beharra zegoen. Mutilak oso gora mintzo ziren, nik entzun niezaien; batzuetan zer edo zer esaten zidaten, baina nik ez nien ulertu hitz bakar batzuk besterik. Hauexek: «Hor hago?». «Ihuhu! Hor hago?». «Ez duk beldurrik?».

        «Hemen nagok. Ez diat beldurrik!», erantzunen nien. Norbait hurbildu aldiro, haiek lasterrari ematen zioten, eta gero bueltan gibelera etortzen. Murruetan zehar haiek ikustearen eta haien mugimendu bakoitzaz ohartzearen sentsazioa nuen, eta bat-batean pozaren pozez nire aurpegian irribarrea ageri zela sumatu nuen. Zerbaitek jo zuen leihoaren kontra. Ikaratu ere egin nintzen! Baina pentsatu nuen, geroxeago, harri koxkor bat bota zutela. Berriz! Halako batean, plazan, gizon baten ahots sendoa aditu zen; gizonak zakurrarenak esan eta nire adiskideek ihesari eman ziotela aditu nuen. Ez ziren itzuliko! Ez zegoen esperantzarik! Alferrik zen itxoitea.

        Larritasun pixka bat sentitu nuen lehenbiziko aldiz. Liburua bizkar-zorroan gorde, bigarren barandaraino joan eta beheiti begiratu nuen, elizara. Den-denak lehenago baino itxura tristeagoa zuela iruditu zitzaidan, berezko itxura tristea, iluntasunaz gainekoa. Gauzak ongi bereizten nituen eta are iluntasun beltzagoarekin ere bereiziko nituen, denak ezagutzen nituelako, banan-banan. Baina ematen zuen aldareak oihal morez estaliak zeudela, Garizuman bezala, eta beren tolestura zabalek dena inguratzen zutela, denari kolore bera emanaz edo, hobeki esanda, dena batere kolorerik gabe utziaz. Burua gehiago atera nuen barandatik. Eskuinaldean sagrarioko kandela-argia diz-diz ari zen, errege otoizlekuaren azpi-azpian. Kandelari harrizko meatzari batek eusten zion, oso irudi ezaguna hura, kolore naturalekin pintatua. Argi txikia sutan zen, lasai, zeru-gangako izarño lasaiena bezala, dardararik gabe batere. Argiaren azpian dornadura ikusi nuen, koadro berdinetan banatua; eta aurrean bankua, gaztaina-kolore iluneko dirdaiekin. Aldare hurbilenean urre-marra batek distiratzen zuen zurezko santu baten abitu apaingarriz betean. Burua estututa ere ezin nintzen oroitu zer santu zen hura. Begirada meagizonaren irudian finkatu nuen berriz. Aurpegiak azpitik hartzen zuen argia; matraila beteek bola zikin desitxuratu baten antza zuten; ezin nituen ikusi egunaz ia ikara eragiten ziguten begi atereak. Haratxeago, ilunpean, San Joanen hilobia zegoela nabaritu nuen, baina koloreaz aparte, argixeagoa, ezin izan nion deus ikusi. Berriz meagizonari so egin nion, eta iruditu zitzaidan espres atzeraka eramaten zuela burua maltzurki irri egiteko, eta matrailen kolore gorrixka, seguru aski, ederki kostata eusten zion irri-murrika horren ondorio zela. Zeharka begira irri egiten ari zitzaidan beharbada. Begiak itxi eta errezoan hasi nintzen. Berehala hobekixe sentitu nintzen; altxatu eta meagizonari sendotasunez begiratu nion. Argitxoak pizturik segitzen zuen lasai. Dorrean zazpiak jo zuten.

        Luze gabe, halere, beste sentimendu gozakaitz bat sortu zitzaidan. Hotzikara sentitu nuen. Kanpoan hotz lehorra zen eta barrenean, jakina, freskura zegoen; behar bezala jantzita banengoen ere, ez nuen arropa gehiegi. Bat-batean, gainera, gosea sentitu nuen. Pasatua zen ohiko afalordua, eta ahantzi nuen nire gaueko ibilaldirako zerbait hartzea. Besterik ezin eta, heroi moduan goseari eustea erabaki nuen. Hotzari gogor egiteko, aldiz, ez zen aski borondatea, gorputz barrenera sartua bainuen, eta mugitu beharra izan nuen berotzeko, pixka bat bederen. Koruan batera eta bestera ibili nintzen; ondotik beheitiko organoaren atzealdera joan nintzen, goitiko organora —organo nagusira— joateko eskailbururaino hain zuzen. Elizako zoko guztietara eginik, eskaileran goiti joateko erabakia hartu nuen. Lehenbiziko eskailera-mailak karrask egin zuen, eta arnasa moztu egin zitzaidan. Goiti segitu nuen, halere, poliki eta kontu handiz, jai-egunetan musikarien atzean jartzeko egiten genuen bezalaxe, horrela organoko hauspoei eragiten zien gizonak guri aditu ez eta jaitsaraz ez gintzan.

        Koru nagusira ailegatu nintzen. Pausoz pauso egin nuen aurrera barandarekin topo egin arte. Han, beldur pixka batez joan eta nolabaiteko sentimendu poetikoaz gelditu ohi ginen lekuan, bakarrik nengoen, arrunt bakarrik, inortxok ere ikusten edo kontrolatzen ez ninduela. Han, organoaren alde banatako mailetan, jarlekuak daude eta bata bestearen gainera altxatzen dira antzinako anfiteatroetan bezala. Behe-beheko mailan eseri nintzen, dunbalen ondoan hain juxtu. Nork galarazten ahal zidan guretzat hainbesteko xarma zuten dunbal horiekin jostatzea? Nire ondo-ondokoa ukitu nuen, nire eskuarekin arraxtada eginez haren gainetik, danbor-larruko hautsa kendu ere nahi izan ez banu bezala; ondotik behatzarekin ukitu nuen berriz, indar handixeagoarekin, eta soinu bat aditu nuen, ia-ia sumaezina. Hori ikusita, bazter utzi nuen josteta. Bekatu zen zerbait egiten ari nintzela iruditu zitzaidan.

        Nire aurrean, atrilen eta barandaren gainean, koruko liburukoteak zeuden irekita. Liburu horiek ere ukitzen ahal nituen; bakarren bat jasateko gauza nintzen probatzen ahal nuen eta, gaua izan ez balitz ere, ez nion eutsiko tentazioari. Guretzat koruko liburu haiek zerbait misteriotsua zuten. Apaingarriak brontzezkoak zituzten, oso astunak. Azalak hondatuxeak zeuden. Pergaminozko orriek, zeinak zurezko belarrien laguntzaz pasatzen ziren, ertz-muturrak zikinak eta higatuak zituzten; orri horietan kolore zoragarrienekin pintatutako inizial urreztatuek distira ematen zuten. Antzinako letra gotiko beltzez beteak zeuden, gainera, eta horietako gehienetan nota beltz eta gorriak, jarleku altuenetik ere ikusten genituenak, hain ziren handiak. Liburu horietako batek izugarrizko pisua izan behar zuen, zeren errege kaperako tenore altu meheak ezin baitzuen mugitu ere egin —guk horregatik gutxiesten genuen—, eta liburu horietakoren bat alde batetik bestera eraman beharra baldin bazegoen, beti aurpegi zanbratuko baxu mozkoteak egin behar izaten zuen; eta hura ere kexatzen zen pisuaz. Gure estimu guztia baxuarentzat zen: bere ahots lodiak bihotza ukitzen zigun, musika-uholde batek gorputza gurutzatuko baligu bezala, eta prozesioa zenean beti harengandik ahalik hurbilena jartzen ginen. Ni orduantxe nintzen tokian egoten zen beti baxua meza nagusian, eta harekin batera beste bi gizonek kantatzen zuten —ahots molde berekoak, hain ahots sendokoak ez baziren ere—. Pauso bat haratago bi tenorek zuten lekua; tenoreek garrantzi txikia dute baina horietako bat, halere, estimu handitan genuen. Dunbalak ere ibiltzen zituen, eta makilatxoak hartzen zituenean eta bere aldamenean Rojko dendaria, Harrizko Txoria deritzan etxearen jabea, tronboia jotzeko prestatzen zenean, orduan une solemneena hurbiltzen zen guretzat. Haratxeago haur kantariek zuten tokia eta, horien erdian, koruko zuzendari guztiahaldunak. Bere hitzak aditu nituen: nola akuilatzen zituen mutikoak meza hasi aurretik; ondoren, banatzen ari ziren orri notadunen xarrasta aditu nuen, kanpoko kanpai-hotsak, sakristiako txilina eta organoaren doinuen uholdea, bere soinu-akordeekin eliza osoa dardarazten zuena; eta ikusi nuen koruko zuzendariak lepoa luzatzen zuela aldare nagusira begiratzeko, eta bat-batean orekan zuen batuta mugitu zuela Kyrie eleyson solemnea sortarazi eta bere indar eta edertasun guztiarekin elizako zoko guztietara hedatzeko. Kantariei aditu nien, musika ere bai. Meza osoa pasatu zen nire irudimenetik, baita Dona nobis pacem sostenitua ere. Sekula ez zen meza ederragorik kantatu une hartan nire arima zokotik ateratzen ari zena baino; baxuaren ahotsari sekula entzun gabeko eztitasuna zerion, eta uneoro dunbalen eta turuten burrunba-hotsa ere aditzen zen. Ez dakit zenbat denbora iraun zuen meza hark, baina iruditu zitzaidan, behin baino gehiagotan, nire bihotzetiko soinu miragarriak, sortu ahala, dorreko kanpai-hotsekin nahasten zirela. Bat-batean hotz handiak berriz astindu zuen nire gorputza eta, nahi gabe, altxatu egin nintzen.

        Erdiko nabearen alturetan zilar-dirdai lauso bat zegoen. Zenbait leihotatik gau izartsuaren argia sartzen zen; ilargiaren argia ere bai agian. Barandaren aurreko horma-bularrera igo nintzen eta elizaren hondo aldera begiratu nuen. Hasperen sakon bat atera zitzaidan bularretik; eliza guztiei darien usain bereziak —intsentsu eta lizunaren nahastea— birikak betetzen zizkidan. Han beheiti mausoleo handiaren marmol zuriak distiratzen zuen; aldare nagusiaren parean sagrarioko beste kandela-argia ñir-ñirka ari zen, eta aldareetako hegal urreztatuetan bazirudien argi arrosa dardarati bat pasatzen zela noizean behin. Nerbioak artean fede-sukarraldiaren eraginpean nituen. Zeren antza izanen ote zuen San Wentzeslaoren meza hark? Dorreko kanpaiek, segur aski, ez zuten joko. Joz gero, kanpai-hotsak munduan aditzen ahalko ziren, eta bukatua egonen zen sekretu zoragarria. Beharbada sakristiaren aurreko kanpai ttikia adituko zen; organoaren musika misteriotsua sortuko zen, eta bat-batean jarraigoak aurrea hartuko zuen, naturaz gaindiko argi batek inguraturik, eta aldare nagusiaren paretik pasako zen, eta gero eskuinaldeko nabetik San Wentzeslaoren kaperara. Jarraigoak, noski, igande arratsaldeetako elizkizun solemneen ordena bera izanen zuen. Ordena bestelakoa izan zitekeenik ere ez zitzaidan burutik pasatzen.

        «Jarraigo misteriotsuko buru —nioen nire artean— makila gorrien gaineko brontzezko esku-argiak izanen dituk. Segur aski aingeruek eramanen ditiztek. Horretan ez zagok duda-arrastorik! Ondoren kantariak, baina nork eginen du horien egitekoa?». Iruditu zitzaidan seguruena jarraigoan hurrenak triforioan goian dauden irudiak izanen zirela, buru polikromatuak dituztenak: errege txekiarrak, Luxemburgeko familiako erreginak, artzapezpikuak, kalonjeak eta katedrala eraiki zuten maisu handiak. Gaur eguneko kalonjeak segur aski ez ziren egonen jarraigoan; ez ziren ohore horretarako behar bezain duinak, Pesina kalonjea batik bat. Hori zen gutxien maite nuena. Behin, igandeko bedeinkazioko elizkizun batean, brontzezko esku-argi astuna eraman nuen batean, epelak eman zizkidan zuzen-zuzen ez eramateagatik. Beste behin, kanpaijoleak dorrera igotzen utzi zidan, Josef izeneko kanpaia jo nezan. Lehenbiziko aldiz nintzen han goian bakarrik erraldoi jostagarri haien jaun eta jabe, eta hainbesteko gogoz jo nuen, ezen, nire eginkizuna beteta jaitsi nintzenean —harrotasunez, zilegi zitzaidan bezala—, Pesina kalonjea nire zain zegoen dorrearen oinean kanpaijoleari galdeka: «Nor zen goian zegoen astoa? Ordara jotzen zuela zirudien!».

        Nire irudimenean antzinako gizon handiki guztiak ikusi nituen, beren harrizko begiekin, jarraigoaren buru, baina —gauza harrigarria— ez zitzaidan burura etortzen beren gorputzaren eta zangoen irudia; burua besterik ez nien ikusten, baina halere denak hanken gainean ibiliko bailiran mugitzen ziren. Haien ondotik, beharbada, Kinsky familiaren kaperan ehortzitako artzapezpikuek segituko zuten; haien atzetik, San Joanen hilobiko zilarrezko aingeruak, eta ondotik San Joan bera, gurutzea eskuan. Hurrena, San Sigismundoren erlikiak, hezur bakar batzuk buruko gorri baten gainean, baina burukoa ere ibiliko balitz bezala. Gero, zaldun batzuk beren halakretetan; gero, mausoleo guztietako errege-erreginak eta printze-printzesak, horietako batzuk bikain jantziak beren marmolezko longain gorriekin, eta beste batzuk, besteak beste Jorge Podebrad, marmol zurizko longainekin. Eta azkena, kaliza zilarrezko kaliz-gainaz estalita zeramala, San Wentzeslao bera: gizamolde gazte eta sendoa. Buruan, birretaren ordez, brontzezko kasko soil bat; gorputza babesten dion altzairu-sareko atorra, zeta zuri distiratsuz estalia; ilea, luzea, sorbaldetara ailegatzen zitzaiola, kizkurretan; aurpegia, onbera, lasaitasun solemnearen ispilu. Harritzekoa! Ez nuen batere zailtasunik izan bere aurpegia imajinatzeko: begi urdin handiak, matraila gorri osasuntsuak, bizar biguna; baina, halere, aurpegia ez nion ikusten haragi eta odolezkoa, baizik eta argi dirdiratsu eta lasaiaz egina.

        Handik lasterreko jarraigoa imajinatzen aritu nintzen bitartean, begiak itxita izan nituen. Isiltasunak, nekeak eta irudimen kitzikatuak beren ondorena izan zuten. Logaleak menean hartzen ninduen eta zangoek huts egin zidaten. Berehala berriz tentetu nintzen eta nire begiek lekua arakatu zuten. Isiltasuna eta lasaitasuna lehenago bezala. Baina, halako batean, hilobi-isiltasun hura oso bestelako eragina izaten hasi zen niregan. Sentitu nuen, gainera, ordurako nire nekea handia zela, gorputza hozmindua neukala, eta beldur lauso eta horregatik sumingarri batek bere menpean harrapatzen ninduela. Ez nekien zeri nion beldurra, baina beldur nintzen. Eta nire haur-kemen ahula, bat-batean, euskarririk gabe gelditu zen.

        Barandaren horma-bularrean eseri eta negarrez lehertu nintzen, saminez. Malkoak zerizkidan, bularra arras estutua nuen; negarrari eusteko eginahalak egiten banituen ere, negar-zotinka hasi nintzen; gero negarra larriagoa izan zen eta burrunba-hots samina egiten zuen hango isiltasunean; burrunbak —ustekabeko soinua izan baitzen— are gehiago handitu zuen nire beldurra. Hain bakarrik ez banengo eliza izugarri handi hartan!... Giltzapean ez banengo behinik behin!

        Goraki kexatu nintzen berriz, lehenago baino ozenago apika, eta une hartan —erantzun gisa— airean bihotza pozez bete zidan soinu bat aditu nuen. Nire gainetik txoritxoen txio ahula ailegatzen zitzaidan. Ez nengoen bakarrik!; eliza-txoriek nirekin pasatu behar zuten gaua! Oso ongi nekien non zuten babeslekua: habeen artean, eskaileren gainean hain zuzen. Hantxe zuten beren gordeleku sakratua; hantxe onik eta salbu egoten ziren gure erasoetatik ere. Habeen azpitik eskuaz harrapatzen ahal genituen, baina ez genuen behin ere egin.

        Erabakia berehalakoa izan zen. Arnasari eutsiz eskailera-mailak igo nituen, kontuz. Segituan habearen aurrean nintzen; badaezpada ere berriz arnasa hartu nuen, eskua luzatu eta eliza-txori bat harrapatu nuen. Txoria, izuturik, txioka hasi zen errukarriro eta amorruz behatzean mokokada bat eman zidan, baina ez nion ihes egiten utzi. Behatzetan bere bihotz-taupada lasterrak sumatzen nituen; beldurra erabat itzali zitzaidan. Ez nintzen hain bakarrik sentitzen. Inondik inora! Eta kontzientziak esaten zidan, gainera, izaki ahula babestu behar nuen izaki indartsua nintzela. Orduan, bada, konfiantza berri batek lasaiturik ikusi nuen nire burua.

        Eliza-txoria ukabilean gordetzeko asmoa nuen. Horrela ez zitzaidan beldurra berriz piztuko eta lokartu ere ez nintzen eginen. Edozein modutan, ez zen denbora asko falta hamabietarako. «Erne egonen nauk —esan nuen neure artean— ordua ez pasatzeko». Eta bi jarlekuren gainean etzan nintzen, eliza-txoria nuen eskua bularraren gainean jarrita, eta aurpegia San Wentzeslaoren kapera aldera begira, barrenean meza misteriotsurako argia piztu bezain laster hura ikusi ahal izateko.

        Nire tokian kokatu nintzen, eta argitasun arre bat sartzen zen leiho batera begiratu nuen. Ez naiz oroitzen zenbat denboraz gelditu nintzen horrela begira. Bai, ordea, argitasun arre hori argiagotuz joan zela, urdin bihurtu arte, geroz eta urdin biziagoa. Zerua urdina zen berriz. Une hartan dorreko kanpaiek jo zuten. Kanpai-hotsak bata bestearen ondotik, makina bat kanpai-hots, ezin konta ahala...

        Ziztada min bizi batek iratzarri ninduen bat-batean. Gorputza hebaindua bezala neukan, desegina. Nire begien aurrean dena gorria iruditu zitzaidan, odolaren koloreko sugarrak botatzen zituen labe bati so banengo bezala. Belarrietara infernu-zulokoak ziruditen txistu-hots eta uhuriak ailegatzen zitzaizkidan.

        Non ote nengoen? Agudo oroitu nintzen, halere. Aurreko gauean jarlekuen gainean etzan nintzen, eskua bularraren gainean jarrita; baina eskua zabalik neukan, hutsik. Nire aurrean San Wentzeslaoren kaperako leihoa, barrenetik argitua. Eta nire belarrietara organo txikiaren soinua eta rorate mezako kantu ezaguna iritsi ziren.

        San Wentzeslaoren meza ote zen hura?

        Aldaroka jaiki eta isilik beheitiko korura ematen zuen leihora hurbildu nintzen. Ahalkez kristaletan zehar beheiti begiratu nuen.

        Aldarean erretore jauna meza ematen ari zen. Sakristauetako bat ari zen meza laguntzen, eta une hartantxe mezerdian goratzeko jotzen ari zen.

        Begirada, amen batean, beldurrez, toki ezagun batera finkatu nuen. Hantxe zegoen ama, belauniko beste batzuetan bezala, burua makurturik, zeinatzen. Haren ondoan nire izeba, Stare Mestokoa, belauniko hura ere.

        Amak burua altxatu zuen eta ongi ikusi nuen bere matrailetan beheiti negar-malkoak zerizkiola, banaka-banaka.

        Orduan, gertatutako guztiaz ohartu nintzen. Lotsa handia sentitu nuen.

        Ene errukarria! Buruko mina nuen eta dena jira-bueltaka neukan, txoraturik. Nire ama negarrez ari zen, ni galdutzat emanda seguruenik, eta amaren min ikaragarria, neronek hari sortua, bihotza saminez erdiratzen ari zitzaidan, eta arnasa larritzen. Laster jaitsi nahi izan nuen, amaren aurrean agertzeko, baina zangoek huts egin zidaten, buruak paretan irrist egin eta lurrera erori nintzen. Zorionez, aldi berean hasi nintzen negarrez. Hasieran, malkoek suaren antzera erretzen ninduten, gero bularra goxatu zidaten.

        Euri langar hotza ari zuen jendea rorate mezatik atera zenean. Heroia, apaldua eta etsitua, elizako atearen aurrean gelditu zen, baina inork ez zion kasurik egin. Berak ere ez zion inori egin; baina, hondarrean, ama xaharrak, izebarekin batera atera zenean, bat-batean bere semearen ezpainen musu gartsua sentitu zuen bere esku zimurrez betean.

 

 

 

© Jan Neruda

© itzulpenarena: Fernando Rey

 

 

"Jan Neruda / Mala Stranako ipuinak" orrialde nagusia