«Hiru Liliak»

 

        Burutik egina egon behar nuen aldi hartan. Nire zainetako pilpira nabaritzen ahal nuen; odola borborrean neukan.

        Gau beroa, iluna. Bero sapako egun batzuen ondoren, hodeitzar beltz lodiek zerua estali zuten. Haize-eraso bortitza zebilen arratsaldeaz geroztik; erauntsiak hodeiak astindu eta zarratatzen zituen, eta geroago berriz sortzen; iluntzean ekaitz ikaragarria izan zen, eta euri-zaparrada, eta hala ekaitzak nola zaparradak gau beltzera arte iraun zuten. Eserita egon nintzen Hiru Liliak ostatuko zurezko arkupeetan, Strahoveko Atetik hurbil; ostatu ttikia, garai hartan bezero franko igandeetan baizik izaten ez zuena —gehien bat kadeteak eta ofizialordeak—, saloi txiki batean dantzan aritzen zirenak pianoaren soinuan. Egun hura igandea zen hain xuxen ere... Eserita egon nintzen, bakar-bakarrik, arkupeetan, leiho ondoko mahai baten aurrean. Ostotsen burrunba aditzen zen, atertu gabe ia; euri-erasoak teilatua inarrosten zuen nire buruaren gainean; ura ibaika heldu zen, gainezka, kaleetan; eta ostatuaren barrenean kadeteek ez zioten atsedenik ematen pianoari denbora-tarte laburretan baizik. Nik noizbehinka leiho irekitik begiratu eta bikote alaiak ikusten nituen, irribarretsu, dantzan; nekatzen nintzenean lorategiko ilunpean zer suma gelditzen nintzen begira. Oinaztura bizi-bizi batek barrutia argitu zuen batean, lorategiko paretaren ondoan, arkupeen muturrean, giza hezur pilak ikusi nituen. Behinola kanposantu bat izan zen hor eta hain juxtu hondarreko astean aritu ziren gelditzen ziren gorpuzkinak hobitik ateratzen beste norabait eramateko. Lurra artean iraulia zegoen eta hilobiak irekiak.

        Ez nintzen, halere, nire mahaian luzaro patxadan gelditu. Maiz altxatu eta hurbiltzen nintzen saloiko atera, zabal-zabalik baitzegoen, bikoteei hobeki behatzeko. Hemezortzi urte inguruko neska eder batek txoraturik nindukan. Segaila, gorputz liraina, garondoaren parerainoko ile beltza, aurpegi borobil-luzexka belusa bezain fina, begi argiak... Hura edertasuna neska harena! Gehiena begiek zoratzen ninduten! Ura bezain argiak ziren; misteriotsuak, aintzira ezkutu bateko ur-azala bezalakoak; hain lasaiak, ezen berehala hitz hauek pizten baitzituzten gogoan: «Lehenago nekatuko da sua zuraz eta itsasoa uraz gizonak emakume honetaz baino».

        Ia gelditu gabe ari zen dantzan. Baina segituan ohartu zen txoraturik nindukala. Ni zutik nengoen ate ondotik pasatzen zen bakoitzean, begira-begira gelditzen zitzaidan, eta, saloi txikian barna dantzan aurrera egiten zuenean, begirada, urrutitik, nigan finkatzen zuela erreparatu nuen. Ez nuen ikusi, ordea, bertako inorekin mintzatzen zenik.

        Berriz atera hurbildu nintzen eta gure begiradak berehala topatu ziren elkarrekin, neska azkeneko ilaran bazegoen ere. Dantza-saioa bukatzekotan zegoen; une hartan beste neska bat sartu zen saloira, arrapaladan, hatsankaturik eta hezurretaraino zipaturik, eta begi ederreko neskarenganaino iristeko bidea ireki zuen jende artean. Musika jo zuten berriz, dantzaldiaren azken saioa egiteko. Sabaitik zintzilik zeuden kate gisako lehenbiziko apaingarrien azpian, neska ailegatu berriak zerbait esan zion ahapeka begi zoragarrikoari, zeinak burua makurtuz baietz egin baitzuen, hitzik esan gabe. Azken dantza-saioak gehixeago iraun zuen. Grazia eta umore ona zituen kadete batek gidatzen zuen dantza. Dantzaldia bukatu zenean, neska begi-argiak berriz lorategira ematen zuen ate aldera begiratu eta saloiko ate nagusitik atera zen. Kanpoan berokia nola janzten zuen ikusi nuen; desagertu zen gero.

        Atzera nire mahai ondoan jarri nintzen. Une hartan ekaitza are gehiago zakartu zen, bere hots eta soinuen saila agortu nahi izan balu bezala; haizearen orroa entzun zen berriz eta oinaztargiak ziren bata bestearen ondotik. Aditzen aritu nintzen, aztoraturik, baina horrela ere ez nuen deus buruan neska hura besterik, bere begi zoragarriak besterik. Ez nintzen mugitu nire jarlekutik. Nahi izan banu ere, ez nintekeen orduan etxera joan.

        Handik ordu laurden batera begiratu bat eman nion saloiari. Hantxe zen berriz neska. Bere jantzi bustiak txukuntzen ari zen, bere ile hezea idortzen, eta bera baino zaharragoko lagun bat laguntzen ari zitzaion.

        — Zertara joan zara etxera ekaitz honekin? —galdetu zion besteak.

        — Ahizpa bila etorri zait.

        Ahotsa aditzen nion lehenbiziko aldia zen. Inork izatekotan, berak zuen ahots goxoa; fina zinetan.

        — Zerbait gertatu da zuen etxean?

        — Ama hil zaigu arestian.

        Bihotz ikara sortu zidan.

        Neska jiratu eta arkupeetara atera zen. Nire aldamenean zen, bere begiratua nire begien hondoraino sartu zen, eta bere eskuak nire esku dardaratia ukitzen zuela sentitu nuen. Esku hartatik heldu nion. Eskuaren guria!

        Hitzik esan gabe, arkupeen barreneraino eraman nuen; segitu zidan, gogor egin gabe.

        Ekaitza bere gorenean zen. Haize-erauntsia orroka, zeru-lurrak dardarka latz ikaraz; gure buruen gainetik ostotsen burrunba aditzen zen, eta inguru guztia itxura iluna hartzen ari zen. Hildakoak hilobi irekietatik deika eta oihuka ari bailiran.

        Neska nire besoetan babestu zen. Nire bularrean bere jantzi bustiak sumatu nituen; gorputz leun eta epel hura sentitu nuen nirearen kontra, eta bere arnasa, gar baten gisan erretzen zuena... Bere arima ustela edan behar nuela iruditu zitzaidan!

 

 

 

© Jan Neruda

© itzulpenarena: Fernando Rey

 

 

"Jan Neruda / Mala Stranako ipuinak" orrialde nagusia