Doktore zaputza

 

        Gertakari benetan bitxi baten ondoren egunkariek haren berri eman zuten arte ez zen hasi jendea hari horrela deitzen. Heribert zuen deitura, eta bataiarriko izena, berriz, bat arrunt-arrunta. Ez naiz hartaz oroitzen, ordea. Heribert jauna medikua zen edo, hobeki esanda, medikuntzako doktore titulua zuen, graduatua zen; baina ez zuen sendatzen ez ezer ez inor. Bera lehenbizikoa izanen zen aitortzen ikasle gisa erietxeak bisitatzen zituen garaitik ez zuela gaixo bakar bat ere izan esku artean. Norbaitekin hitz egin balu, argi eta garbi aitortuko zuen. Baina doktorea hagitz tipo berezia zen.

        Heribert doktorea Heribert doktorearen semea zen, bere garaian Mala Stranako jende artean ospe handiko medikua izana. Ama oso gazterik hil zen, eta aita, aldiz, semearen adin nagusitasunetik denbora laburrera; Oujezden bizitza bakarreko etxetxo bat utzi zion, eta diru pixka bat ere bai beharbada, ez asko dena dela. Heribert doktorea etxe hartan bizi izan zen. Beheko solairuan bi denda txiki zeuden eta lehenbiziko bizitzan kalera ematen zuen gela bat, alokatua, errenta xume bat uzten ziona; doktorea ere lehenbiziko bizitzan bizi zen, barren aldeko gela batean, zeinera estali gabeko zurezko eskaileretatik ailegatzen baitzen patiotik zuzenean. Ez dakit gelak nolako itxura zuen, baina ongi dakit doktorea oso apal bizi zela. Beheko dendetako batean barazki-saltzaile bat jarri zen, eta andreak doktoreari gela txukuntzen zion. Andrearen semea, Jozifek, adiskide nuen; elkarrekikoak aspaldi egin genituen, Jozifek artzapezpikuaren kotxe-gidari hasi eta izugarri harropuztu baitzen. Hark esanda dakit, dena dela, Heribert doktoreak berak prestatzen zuela bere gosaria, bazkaldu Stare Mesto auzoko ostatu merkeren batean egiten zuela eta afari legea edozein modutan pasatzen zuela.

        Heribert doktoreak, nahi izatera, bezero franko izanen zuen Mala Stranan. Aita hil ondoren, gaixoek harengan jarri zuten konfiantza, baina berak ez zuen inor etxean hartu edo bisitatu: ez pobrerik, ez aberatsik. Pixkana-pixkana konfiantza agortu zitzaien, auzokoak ere ikasle galdutzat hartzen hasi ziren, eta geroago irri murrika ere egiten zuten Heribert doktorea aipatzen zenean. «Hori doktorea! Katua ere ez nioke eramanen!». Heribert doktoreari hori, itxuraz, ez zitzaion asko inporta. Bere jokabidea ikusita, jendea bost axola zitzaion. Ez zuen inor agurtzen, eta bera agurtzen bazuten, ez zion agurrari erantzuten. Kalean barna ibiltzen zenean haizeak astindutako hosto zimeldua ematen zuen. Txiki samarra zen —neurri berriaren arabera, metro eta erdi besterik ez— eta kalean halako moldez ibiltzen zen, ezen bere gorputz iharra beti beste pertsonengandik gutxienez metro erdira egoten baitzen. Horregatik, bada, bere pausaje zalantzazko hori! Bere begi urdinetan zakur egurtuarena bezalako muzina sumatzen zitzaion beti. Aurpegia gordea zuen gaztaina-kolore argiko bizarraren atzean; aurpegi sobera bizartsua, iritzi guztien arabera zikin itxura ematen ziona. Neguan, soingaineko arre zabal-zabala janzten zuenean, bere buru ñimiñoa, oihalezko kapelu batek estalia, astrakan merkezko lepoan gordetzen zen; eta udan, traje koadrodun arin bat janzten zuenean, edo beste bat arinagoa, drillezkoa, balantzaka zebilela ematen zuen, zuztar ahul batean bezala. Hilabete beroetan goizeko laurak aldean atera ohi zen gazteluko harresien ondoko lorategietara joateko, eta bertan jartzen zen, banku erosoenean, liburu bat eskuan. Behin baino gehiagotan gertatu zen Mala Stranako bizilagunen bat haren ondoan jarri eta solasean hastea. Baina Heribert doktorea altxatu, liburua itxi eta hitzik erantzun gabe alde egiten zuen. Aurrerantzean erabat bakarrik utzi zuten. Eta hainbestekoa izan zen kontua, ezen Mala Stranako neskazahar bakar bat ere ez zen saiatu Heribert doktorearengana hurbiltzen, nahiz eta berrogei bat urte besterik ez zuen.

        Baina halako batean —lehenago esan dudan bezala— zerbait gertatu zen, egunkariek ere jaso zutena. Gertakari horietaz, bada, esan nahi dut zerbait.

        Ekaineko egun zoragarria zen; dena irriz dagoela sentitzen duzun egun horietakoa: zeru sabaia, lurra eta jendearen aurpegiak. Egun hartan, bada, ilunabar aldera, punpezia izugarriko hileta-segizio bat pasatu zen Oujezden barna auzoko ateetarantz. Schepeler jauna ehortzi behar zuten, Kontuen Auzitegiko kontseilaria, baina —Jainkoak barka diezadala—, itxuraz bederen, jarraigoak ere poz-irribarrea erakusten zuen. Zenduaren aurpegia, jakina, ez zen ikusten ahal, ez baita gure ohitura Hegoaldeko zenbait herritan bezala hildakoei zerraldo irekietan lur ematea, hilobira sartu aurretik eguzkiak hondar aldiz bero ditzan. Baina, momentuak eskatzen zuen seriotasun neurrizkoa kenduta, ukaezina zen gehienen poza. Jendeak, nolabait esateko, barrenera sartua zuen egun zoragarri hura. Eta barrenak bizitzaz gozatzea eskatzen zien.

        Alaien, segur aski, Estatuko bulego desberdinetako funtzionarioak zeuden, lepoan hilkutxa zeramatenak. Eta ez zen gutxiagorako. Bi egun oso eman zituzten bulegoz bulego lasterka, baina orain pozik zihoazen, zamaren azpian pauso motelean, burutik kendu ezinik jende guztia begira zutela hau esanez: «Horra hor Kontuen Auzitegiko kontseilarigaiak». Pozik zirudien beste bat Link doktore luxea zen, kontseilari zenaren alargunak hogei dukat ordaindu bai-tzion Schepelerren gaixoaldiak iraun bitarteko lansari gisara; zortzi egun eskas iraun zuen gaixoaldiak. Link doktorea, halere, buru makur zebilen, buruan zerbait balerabil bezala. Ostrohradsky bizilaguna ere kontent zegoen; lanbidez larrugilea zen, hildakoaren ahaide hurbilena. Bere osaba bizi izan zen artean, ez zion kasu handirik egin, baina orain bazekien testamentuan bost mila florin utzi zizkiola, eta behin baino gehiagotan, bidean, esana zion Kejrik garagardogileari: «Ezin da ukatu, bihotz oneko gizona zen!». Ostrovsky zerraldoaren atzean zihoan, ondo-ondoan, eta haren aldamenean Kejrik mozkotea, osasun bete-betean, zenduaren adiskide hoberen eta minena. Atzerago Kdojek, Muzik eta Homann jaunak zihoazen, Kontuen Auzitegiko kontseilariak, Schepeler zena baino maila apalagokoak nolanahi ere. Bistan zen horiek ere pozik zeudela. Minez bada ere, esan behar dut Marie Schepeler andreari ere, lehenbiziko zaldi-kotxean bakarrik baitzihoan, kutsatu zitzaiola gehienen poza; esan beharra dago, dena dela, bere poza ez zela ekaineko eguraldi alaiaren ondorio. Andrea, azken finean, emakumea zen, eta emakume ororentzat jende guztiaren arreta hiru egun osoz bereganatzeak ez du xarma gutxi. Gainera, bere gorputz lerdenari ezin hobeki ematen zioten doluzko jantziek, eta bere aurpegiak, zurbil antxa beti, bereziki zoragarria zirudien dolu beltz-beltzaren aldean.

        Kontseilari jaunaren heriotza benetan sentitu eta zoritxarrak eman zion zarrako penagarria ezin ahantziz zegoen bakarra Kejrik garagardogilea zen, ordura arte ezkongai eta, arestian esan dudan bezala, zenduaren adiskide hoberen eta minena. Jadanik aurreko egunean alargun gazteak argi adierazi zion Kejriki espero zuela merezi bezalako saria jasotzea, senarrari, bizi zen bitartean, halako fideltasuna gordetzeagatik. Eta Ostrohradsky bizilagunak bere lehenbiziko «dudarik gabe bihotz oneko gizona zen!» esan zionean, Kejrikek goibel erantzun zion: «Bai zera, bihotz ona izan balu, luzeago biziko zen». Eta gero ez zion gehiago erantzun Ostrohradskyri.

        Segizioa pixkana-pixkana Oujezdeko Atera hurbiltzen ari zen. Orduan atea ez zegoen orain bezain arin; garai hartan, artean, bi tunel luze eta ilun ziren, harresi astunen azpitik eginak. Aurreragoko hilobien benetako gaztigua.

        Hilkutxaren gurdia segizioaren burura aurreratu eta atearen parean gelditu zen. Apezak jiratu, gizon gazteek kontu handiz zerraldoa lurrean utzi eta errespontsuak errezatzen hasi ziren. Ondotik kotxe-gidariek gurtetxeko ohola atera zuten eta, gero, gazteek zerraldoa jaso zuten bertan uzteko. Orduantxe gertatu zen dena! Alde batean indar handiegia ote zegoen edo batean zein bestean baldarkeria berdina, kontua da gazteei usterik gutxienean zerraldoak eskuetatik alde egin, parte estuenak lurra jo eta estalkia ireki zela kraska eginez. Gorpua ez zen kutxatik atera baina belaunak bildu zituen eta eskuineko eskua kanpoan gelditu zitzaion zintzilika.

        Izua nagusi. Berehala herio-isiltasuna egin zen, edozeini besteen sakeletako erlojuen tiki-taka entzuten uzten zuena. Begirada guztiak kontseilari zenaren aurpegi geldian iltzatu ziren. Eta zerraldoaren ondoan suertatu zen hain juxtu Heribert doktorea. Une horretan han barna pasatzen ari zen, bere paseoetako batetik etxerakoan; denbora-puxka batean jende artean ibili zen alde batera eta bestera noraezean; geroxeago apezen ondoan gelditu beharrean izan zen, eta orain bere beroki gris ttikia ageri zen hildakoaren mihise beltzaren ondoan.

        Ixtant bateko kontua izan zen. Nahi ezik ia, Heribertek zenduaren eskua hartu zuen, seguruena berriz kutxa barrenean paratzeko asmoz, baina berriz bere tokian jarri beharrean, bere eskuan eduki, behatzak urduritasunez mugitu eta begiak, zorrotz-zorrotz, hildakoaren aurpegian iltzatu zituen. Gero besoa luzatu eta zenduaren eskuineko betazala altxatu zuen.

        — Zer esan nahi du honek? —esan zuen orduan haserre Ostrohradskyk—. Inork ez du deus egin behar? Geldirik egonen gara hemen denok?

        Gizon gazteetako batzuk mugitu ziren zerraldoa jasotzeko.

        — Egon! —esan zuen Heribertek, ahots izugarri sendo eta ozenaz—. Gizon hau ez da hila!

        — Hori astakeria! Zu burutik egina zaude! —esan zuen Link doktoreak.

        — Non dago polizia? —egin zuen oihu Ostrohradskyk.

        Aurpegi guztietan sekulako durduzadura nabari zen. Bakarra Kejrik garagardogilea hurbildu zen laster Heribert doktorearengana.

        Zer egin behar da? —galdetu zuen larriturik—. Ziur zaude ez dagoela hilik?

        — Bai, katalepsiak joa dago, hori da dena. Orain eramazue lehenbailehen etxe batera, bere onera ekartzen saia nadin.

        — Nire bizitza osoan ikusi dudan astakeria handiena! —esan zuen Link doktoreak—. Gizon hau hila ez bada, orduan...

        — Nor da gizon hori? —galdetu zuen Ostrohradskyk.

        — Medikua omen da.

        — Doktore zaputza! Guardia! —esan zuen oihuka larrugileak, bat-batean bost mila florinez oroituta.

        — Doktore zaputza! —zioten Kdojek eta Muzik kontseilariek ere.

        Baina ordurako Kejrik, hildakoaren adiskide zintzoa, gazte batzuen laguntzaz, zerraldoa hurbileko ostatu batera eramaten ari zen.

        Hura iskanbila kalekoa, hura zalaparta! Hil-kotxea joan egin zen, kotxeek buelta eman zuten eta Kdojek kontseilaria oihuka: «Goazen, goazen; gero jakinen dugu denaren berri». Baina inork ez zekien zer egin.

        — Gizona! Bazen garaia etortzekoa, komisario jauna! —esan zion Ostrohradskyk udaltzainen komisarioari, orduantxe heldu baitzen—. Hemen gauza bitxiak gertatzen ari dira: komedia bidegabea, gorpu baten profanazioa egun-argiz eta Praga erdiaren aurrean...

        Ostrohradskyk komisarioari segitu zion ostatu barreneraino. Link doktorea desagertu egin zen. Handik puska batera Ostrohradsky berriz atera zen, komisarioarekin.

        — Mesedez, zoazte denak —esan zion komisarioak pilatutako jendeari—. Ezin da inor sartu. Heribert doktoreak ziurtatzen du kontseilari jauna bere onera ekarriko duela.

        Schepeler andreak kotxetik jaitsi nahi izan zuen, baina kontua galdu zuen. Batzuetan pozak hil ere egin dezake.

        Kejrik tarrapatan atera eta kotxera hurbildu zen, han baitzeuden emakume batzuk alargunari lagundu nahian. «Eramazue poliki bere etxera —esan zuen— eta etorriko da bere onera». Gero bere artean purrustaka: «Ederki dago, ederki dago atso hori!». Jiratu, beste kotxe batera igo eta Heribert doktoreak agindu zion lekura joan zen.

        Kotxeak bata bestearen ondotik abiatu ziren eta jendea pixkaka-pixkaka barreiatu zen. Edozein moduz, gertalekura jende asko hurreratu zen egun guztian, eta hildakoa eraman zuten etxearen parean polizia-talde bat egon zen iskanbilarik izan ez zedin. Jendea gauza bitxienak haizatzen hasi zen. Batzuek Link doktorea larrutzen zuten eta gezur suerte guztiak esaten zituzten harengatik; beste batzuek, aldiz, Heribert doktoreari egiten zioten irri. Kejrik jauna zenbait aldiz agertu zen, hitz batzuk esateko, arnasa estuturik: «Esperantza handiak ditugu. Neronek ere sumatu diot pultsua. Doktore honek gauza miragarriak egiten ditu!». «Arnasa hartzen du!», esan zuen azkenean, zoraldi betean; berriz kotxea hartu zuen, esperoan baitzuen, kontseilariaren andreari berri ona eramateko.

        Noizbait ere, arratseko hamarrak jo baino lehentxeago, esku-ohe estali bat atera zuten ostatutik. Alde batean Heribert doktorea eta Kejrik jauna zihoazen, bestean komisarioa.

        Ez zen Mala Strana osoan ostatu edo tabernarik gaueko hamabiak pasata ere jendez gainezka egon ez zenik. Schepeler jaunaren piztuera edo Heribert doktorea... ez zebilen beste konturik, eta denak bero eta suturik mintzo ziren.

        — Latin-liburu horiek guztiek adina daki.

        — Begiratu besterik ez dago; behehala ikusten da mediku ona dela... Bere aita ere doktore bikaina zen, hoberena! Nolako egurra, halako ezpala!

        — Baina, zergatik ez du mediku-lanetan aritu nahi? Estatuko edozein kontseilarik adina irabaz lezake.

        — Behar adina diru izanen du segur aski.

        — Eta zergatik deitzen diote doktore zaputza?

        — Zaputza? Lehenbiziko aldia da aditzen dudala.

        — Nik gaur ehun aldiz aditu dut, ba.

        Handik bi hilabetera, Schepeler kontseilaria bere lehengo ogibidera itzuli zen. «Zeruan Jainkoa eta lurrean Heribert doktorea!», esaten zuen. Eta halako beste batean: «Kejrik hau aparta da!».

        Praga guztia Heribert doktoreaz mintzatzen zen. Mundu osoko egunkariak mintzatu ziren hartaz. Mala Strana harro zegoen. Gauza harrigarriak gertatu ziren. Baroi, konde eta printzeek Heribert jauna mediku pertsonaletarako kontratatu nahi izan zuten. Italiako errege batek ere ordura arte sekula aditu gabeko dirutza eskaini zion. Hil izatera poz handia emanen zuten batzuk gogotik saiatu ziren haren zerbitzuak lortzen. Baina Heribert doktoreak mundutik aparte segitu zuen, bere baitan itxita. Xurrumurru bat ere zabaldu zen: kontseilariaren andrea dukatez beteriko zakuto bat eskaini nahian joan omen zitzaion, baina Heribert doktoreak onartu ez, eta gainera galeriatik ura bota zion.

        Geroago ere jendea bost axola zitzaiola erakutsi zuen maiz. Agurtzen zuten, baina berak ez zien sekula agurrei erantzuten. Lehenago bezala, bere kasa harat-honat ibiltzen zen kaleetan, eta bere burutxo ia gardena balantzaka mugitzen zen, lotsati, mitxoletaren loreak beren zuztarrean bezala. Ez zuen behin ere gaixorik bisitatu, ez etxean hartu. Baina jendeak berdin segitzen zuen hari «doktore zaputza» deitzen. Izengoitia zerutik erori balitzaio bezala.

        Hamar urte luze dira ikusi ez dudala; ez dakit bizirik dagoen ere. Bere Oujezdeko etxea lehenago bezalaxe dago. Egun hauetako batean, doktorea zer moduz dagoen galdetu behar dut.

 

 

 

© Jan Neruda

© itzulpenarena: Fernando Rey

 

 

"Jan Neruda / Mala Stranako ipuinak" orrialde nagusia