Ruska andrearen bihotz samurra

 

        Josef Vels Mala Stranako merkatari aberatsenetakoa zen. Uste dut bere dendan Indiatik eta Afrikatik ekartzen den orotik bazuela, makilgoxotik eta betunetarako marfil erretik hasi eta urrezko hautsekin buka. Denda uneoro jendez gainezka izaten zuen. Vels jaunak egun osoa ematen zuen han, salbu igandeetan San Vito katedralean meza nagusiaren orduan eta Pragako auzo-batzarrek desfileak antolatzen zituzten aldiro, Udaleko tiratzaileen kidegokoa baitzen. Vels jauna lehenbiziko konpainiako lehenbiziko pelotoikoa zen, Nedomy tenientearen eskuinaldean desfilatzen zuen hirugarren gizona. Dendan bi saltzaile eta bi aprendiz bazituen ere, berak bakarrik atendituko zituen, gogotik, bezero guztiak. Baina, dena dela, berak atenditzen ez zituenak ere agurtzen zituen, eta irribarre eta eskuarekin agur-keinuak egiten zizkien. Egia esanda, Vels jauna ia beti irriz egoten zen: dendan, kalean, elizan, leku guztietan. Saltzaile-irriak aurpegian ildo ezin ezabatuzkoak utziak zizkion eta, horregatik, irri hura ezin zen sekula desagertu bere begitartetik. Vels jauna ez zen sobera altua; bai, ordea, potolo samarra, eta burua eten gabe mugitzen zuen. Dendan gehientsuenetan plater-kapelua eramaten zuen, baita larruzko mandarra ere, garai hartan dendariek izaten zituzten horietakoa, eta kalean txistera janzten zuen, eta frak urdina, urrearen koloreko botoiak zituena. Nik buruan Vels jaunaren gaineko irudi bat egina nuen. Ez dakit, ordea, oso zuzena zen, zeren, egiari men egiteko, esan beharra dut bizi izan zen artean ez nintzela behin ere egon haren etxean; baina Vels jaunaz pentsatzen nuen bakoitzean irudi bera bururatzen zitzaidan: kapelurik gabe baina mandarrarekin, mahai ondoan eserita, aurrean lurrina zerion plater bat zopa zuela, besoa mahaian bermaturik eta eskuaz koilara aho irribarretsura hurbiltzen. Holaxe eta holako egoeran ikusten nuen nik haren irudia, nire gogoan zizelatua bezala. Ideia txoroa, badakit.

        Baina gure historia hasten den egunean —184...ko maiatzaren 3an, arratsaldeko lauretan— Vels jaunak utzia zuen bizien mundua. Goian zetzan hilik, lehenbiziko solairuan, bere dendaren gainean, harrera-gelan, zerraldo polit-polit batean. Estalkia artean jarri gabe zegoen, eta Vels jaunak irribarre egiten zuen hil ondotik ere, begiak itxita.

        Hileta handik ordu laurden batera egitekoa zen. Hil-kotxea, borladuna zeritzana, zain zegoen plazan, etxe aurrean. Haren ondoan tiratzaile-konpainia bat formazioan jarri zen, musika-banda eta guzti.

        Gela, hil-kapera bihurturik, ia betea zegoen; bertan zeudenak Mala Stranako handikiak ziren. Gauza jakina zen San Nikolas elizako erretorea beranduxko etorriko zela, bere laguntzaileekin, nolabaiteko garrantzia zuen herritar baten hileta zenetan egin ohi zuen bezala, inork esan ez zezan ziztuan bidali nahi zuela hilobira. Gelan bero itogarria zegoen. Arratsaldeko eguzkiak airea berotzen zuen eta ispilu handietan bere errainuak islatzen; hilkutxa inguratzen zuten kandela altuek sugar horiak ematen zituzten, kea zerienak; giro beroan usain azkarra zegoen: kandelen lurrina eta zerraldo bernizatu berriari, hilotzaren azpiko zirbilei eta akaso hildakoari berari ere zerizkien usainak. Isiltasun erabatekoa nagusi; jendea, noizbehinka baizik ez, ahapetik mintzatzen zen marmarka. Ez zen inor negarrez ari, Vels jaunak ez zuelako ahaide hurbilik uzten, eta ahaide txikiek esan ohi dutelako: «Ai ene, negar eginen nuke gogotik... baina ezin dut, ez dut-eta malkorik! Eta bihotza erdiratu beharrean dut... eta hori askoz okerragoa da!».

        Halako batean gelan Ruska andrea sartu zen, Rus zenaren alarguna, Grafeko lorategietan izan zen ostatu baten jabearena; ospe handiko ostatua, artilleroek beren dantzaldi sonatuenak bertan egiten zituztelako. Inori axola ez zaionez, deus gutxi esanen dut Ruska andrea alargundu zeneko kontuez aditzen zirenei buruz. Garai hartan artilleroen bateria bakoitzean bonbaketari-multzo bat zegoen, soldadu gazte sail bat, kementsu eta lirainak, osasun betekoak. Rus jaunak ezin ikusi handia omen zien soldaduei; batzuen iritziz bere andrearengatik eta, beste batzuen iritziz, behin epelak eman zizkiotelako sesio batean. Baina, diodan bezala, hori ez zaio inori inporta. Ruska andreak hogeita bosten bat urte zeramatzan bere alarguntza-pentsioaren kontura bizitzen, ez zuen seme-alabarik eta Selky Trheko, Nekazarien Plazako, bere etxean bizi zen. Norbaiti galde egin baliote zertan aritzen zen, seguru erantzunen zuen: «Hiletetara joaten da».

        Vels jaunaren etxean, Ruska andreak aurrera egin zuen jende artean katafalko ondora ailegatu arte. Sasoiko emakumea zen, alturaz tartekoa, berrogeita hamar urte eginak zituena. Sorbaldetan arraun-xerrako mantelina beltz bat zuen, eta buruan tonu berde argiekiko begizta batzuekin apaindutako kapelu beltz bat. Bere begi gaztaina-kolorekoek hildakoaren aurpegiari so egin zioten. Uzkurtu egin ziren bere hazpegiak, begietatik malkoak isuri zituen, eta bularretik min eta negar intziriak atera zitzaizkion.

        Geroxeago, musuzapi txuri bat atera eta begiak eta ahoa xukatu zituen laster. Ondoren alde batera eta bestera begiratu zuen. Ezkerraldean Hirt kandelagilearen andrea zegoen, errezoan bere otoitz-liburutik irakurtzen. Eskuinaldean oso apain jantzitako andre bat zegoen, Ruska andreak ezagutzen ez zuena. Pragakoa baldin bazen —eta hala zirudien—, ibaiaz bestaldekoa behar zuen. Halaz guztiz, hitz egin zion, alemanez, jakina, zeren, nazio kontuetan, garai hartan Mala Stranak argi eta garbi alemanen alde egiten baitzuen.

        — Jainkoak betiko atsedena eman diezaiola! —esan zuen Ruska andreak—. Inork ez luke esanen hilda dagoenik ere. Irribarre ere egiten du. —Eta berriz begietatik zerion malko-erreka xukatu zuen—. Alde egin du gu hemen utzita; zituen dirutza eta ondasunak ere hemen utzi ditu. Heriotza lapur hutsa da, ez da hala?

        Andre ezezagunak ez zuen deus erantzun.

        — Hileta judu batean ere egona naiz behin —segitu zuen, ahots apalez—, baina ezin dut esan gustatu zitzaidanik. Ispilu guztiak estaliak egoten dira, edozein aldetara begiratuta ere hilotza ikus ez dadin. Baina hemen elizkizuna askoz politagoa da, hildakoa leku guztietatik ikusten delako. Apustu eginen nuke hilkutxa hau gutxienez zilarrezko hogei florin kostatzen dela. Polita benetan! Baina merezi zuen gizarajoak! Begira, ispilu horretatik irribarre egiten digula ematen du. Heriotzak ez du batere aldatu; luzatu bezala egin du, hori da dena. Lo dagoela ematen du, ezta?

        — Nik ez nuen ezagutu Vels jauna —esan zuen andre ezezagunak.

        — Ez? Nik bai, oso ongi gainera. Ezkongai zelarik ezagutu nuen, eta bere andrea zena ere bai, hura ere ezkongai zenean. Ezkontza-eguna gaur balitz bezalaxe oroitzen naiz andreaz; negar batean aritu zen argitu zuenetik. Egin kontu! Halako egunean negar egitea, bederatzi urte eman ondoren elkarrekin. Hori ergelkeria!, ezta? Gizona bederatzi urte egon zen haren zain; hobe zuen laurogeita hemeretzi egon balitz! Emakume hura ongi mutur-beltza zen. Egia da ahizpa guztietan argiena eta politena zela eta inork baino hobeki gobernatzen zuela bere etxea, baina merkatuan merkezurrean ibiltzen zen, ordubetez eztabaidan txakurtxiki batengatik, bokata-zuritzaileekin ere borrokan azken xentimoagatik, eta neskameak ogi-erdiz edukitzen zituen. Vels jaunaren etxea infernuko zuloa zen! Etxe hartan neskame egondako bi neskatxa izan nituen nik, eta dena dakit. Ez zion senarrari bakerik ematen ixtant batez ere. Gizonak, azkenean, beldurra hartu zion eta andreak garrasi egiten zionean, erantzun ere ez zion egiten, eta orduan eta amorru biziagoan andrea. Erromantikoa esaten zaiona zen andrea; jende guztia beraz errukitzea bilatzen zuen. Kexu zen beti, senarrak min-oinazeak besterik ez omen zion sortzen. Amorrazioz Vels jaunak pozoitu egin balu, poztu eginen zen, eta senarrak bere burua urkatu balu ere bai; horrela, bederen, jendea beraz errukituko zen.

        Ruska andrea berriz bere ondoko ezezagunari begiratzeko jiratu zen, baina ordurako ez zegoen han. Hainbeste berotu zen hizketan, non Ruska andrea ez zen ohartu ere egin bere aldamenekoa lotsaz gorri-gorri egin eta erretolikaren erdian alde egin zuela. Orain andre ezezaguna ondoko gelan zegoen, Uhmühl jauna —Estatuko kontu-hartzaile eta Vels jaunaren ahaide— solaskide zuela.

        Ruska andrea hildakoaren aurpegi mutuari begiratzeko jiratu zen eta berriz negar-malkotan hasi zen.

        — Gizagaixoa! —esan zion ozen samar Hirt kandelagilearen andreari—. Honi ere ailegatu zaio bere bekatuak ordaintzeko ordua! Zeren, Vels ez zen preseski gizon zintzoa! Gutxienez Tonda gaixoarekin ezkondu balitz haurdun utzi zuenean.

        — Gaur gauean sorginak etorri dira ala? —lehertu zen ahots bat atzetik, gizon-esku hezurtsu bat emakumearen sorbaldan pausatzen zen bitartean. Bertan ziren guztiak berehala jiratu eta Ruska andrea ikusi zuten, eta Uhmühl jauna haren aurrean jadanik, andreari besoaz atea seinalatzen ziola eta ahots lakar baina zorrotzaz esaten ziola:

        — Segi hemendik!

        — Zer gertatzen da? —galdetu zuen atetik orduan Uhmühl jaunaren anaiak, Mala Stranako polizi komisarioa, bere anaia bezalaxe hezur eta azal hutsa zena.

        — Sorgin mihi-gaizto hori hona sartu eta gaizki esaka ari da hildakoaren gainean. Nabala bezalako mingaina du.

        — Moztuiozu, ba.

        — Hileta guztietan berdin egiten du —esan zuten bertan ziren batzuek.

        — Behin kanposantu batean ere sortu zuen iskanbila!

        — Kanpora, alde! Laster! —agindu zion komisarioak, Ruska andreari eskutik helduta. Andreak negar-zotinka segitu zion, ume baten gisan.

        — Hau eskandalua! Eta hain hileta politean! —esan zuten bertan gelditzen zirenek.

        — Orain, isilik! —agindu zion komisarioak Ruska andreari, erretorea eta kapilauak heldu zirela ikusita. Eskaileraraino lagundu zion eta, andreak hitz egiteko eginahal guztiak egin bazituen ere, komisarioak ez zion txintik ere esaten utzi eta indarka etxeko ateraino eraman zuen. Han guardia bati deitu eta esan zion:

        — Eramazu emakume hau bere etxera, hileta bitartean istilurik sortu ez dezan.

        Ruska andrea piper gorria bezain gorri jarri zen eta ez zen ohartu zer gertatzen ari zitzaion.

        — A zer iskanbila! Eta hain hileta politean! —zioten jendeek plazan.

        Uhmühl anaiak —Uhmel udal-izkribauaren semeak eta Umel tindatzailearen ilobak—, ikusten denez, oso zorrotzak ziren. Eta Ruska andrearen kontra Mala Stranaren haserrea piztu zuten, edo mundu osoarena ere esan liteke, baldin eta Mala Stranak —nik, bertako semea, nahi nukeen bezala— mundu osoa hartuko balu.

        Biharamunean, Ruska andreari Zubiko Kaleko komisariara ager zedin dei egin zioten.

        Joan-etorri handia zegoen han beti. Udan leihoak irekita lan egiten zutenean, kale osoan aditzen zitzaien. Atxilotzen zituzten guztiei ikaratzeko moduko oihuak egiten zizkieten. Garai hartan, artean ez zegoen gaurko egunean polizi legeek galdatzen duten gizalegezko tratua. Maiz, leiho azpian, espaloian, Josef harfenista jartzen zen, Mala Stranako iraultzaile itzaltsua. Eta gutako norbait —gazteak— han barna pasatu eta begira gelditzen bazitzaion, Josefek begia kliskatzen zion, behatz lodiarekin goitiko keinua egin eta lasai botatzen zuen: «zaunkaka ari dira». Ez dut uste horretan mesprezu-arrastorik zegoenik; besterik gabe, Josef ahalik modu adierazgarrienean hitz egiten saiatzen zen.

        Eta hantxe zegoen Ruska andrea, bere mantelinarekin eta begizta berde argiekiko kapeluarekin, 184...ko maiatzaren 4ko arratsaldean, komisario zorrotzaren aurrean.

        Ahitua zirudien, lurrera begira zegoen eta ez zuen erantzuten. Eta komisario jaunak bere errietaldi gogorra bukatu eta esan zionean «Hobe duzu zure bizitza osoan hileta batera ez agertu! Orain, segi hemendik», alde egin zuen. Garai hartan komisario batek pertsona bati hil zedin ere debekatzen ahal zion. Kontuak atera, beraz, hileta batera joatea!

        Bulegotik atera zenean, komisarioak bere menpekoetako bati esan zion:

        — Berak ez du kulparik. Zerra bat bezalakoa da: azpian jartzen zaion guztia ebakitzen du.

        — Gormutuen aldeko isun bat ordaindu beharko luke! —esan zuen menpekoak.

        Irri-algarak egin zituzten biek, umore onean berriz.

        Ruska andrea ez zen denbora luzean bere onera etorri, ez zuen barreneko bakea berreskuratu. Baina noizbait ere —dena iristen da—, bere bidea aurkitu zuen.

        Handik urte erdira edo, etxez aldatu zen eta gela bat alokatu zuen, Oujezdeko Atearen ondoan hain zuzen. Han barna pasatu behar zuten hil-segizio guztiek. Eta hil-segizio bat pasatzen zen aldiro Ruska andrea agertzen zen bere etxeko atean eta negar egiten zuen, bihotz-bihotzez.

 

 

 

© Jan Neruda

© itzulpenarena: Fernando Rey

 

 

"Jan Neruda / Mala Stranako ipuinak" orrialde nagusia