Rysanek jauna eta Schlegl jauna

 

 

I

 

        Ez luke zentzurik izanen zalantzan jartzeak Pragan egon diren nire irakurleek Mala Strana auzoko «Stajnic» ostatua ezagutzen ote duten. Auzo hartako lehenbiziko ostatua da; «Harrizko zubiko» dorrearen ondoren lehenbiziko etxea ezkerraldean; Zubiko kaleak eta Bainuetako kaleak egiten duten izkina. Leiho ederrak ditu eta beirate handi bat. Kale jendetsuenean jartzera ausartu ziren ostatu bakarra da, ateak, gainera, zuzenean kalera emanda dituena. Gainerako ostatu guztiak kale aski gordeetan daude, edo etxe-atzeetan, edo, bederen, arkupeak dituzte, auzo hartako egiazko zuhurtasunak eskatzen duen moduan. Horregatik, Mala Stranako benetako seme bat, kale isil haietako batean jaioa, zoko poetiko ugari dauden lekua baita, ez da sekulan sartzen «Stajnic» ostatuan. Hara maila bateko funtzionarioak joaten dira: katedratikoak, armadako ofizialak —bizitzaren halabeharrak auzo hartara eraman zituenak eta beharbada hemendik laster beste batera eramanen dituenak—, funtzionario erretiratu batzuk, zenbait etxe-jabe aberats, horiek ere aspaldi erretiratuak beren negozioetatik, eta beste inor ez. Nolabait esateko, bezeria burokratiko-aristokratikoa.

        Orain dela urte asko ere, ni artean batxilergoko lehenbiziko urteak egiten ari nintzen gaztetxo bat nintzen denboran, bezeriak bazuen tankera bitxi hori; hala ere, ez zen oraingoa bezalakoxea. Hitz bakarrean, «Stajnic» ostatua Mala Stranako Olinpoa zen, auzo hartako jainkoak elkartu ziren tokia. Historian eztabaida izpirik onartzen ez duen baieztapena da jainkoak zuzenean nor bere herritik ateratzen direla. Greziarren jainkoak dotoreak eta argiak ziren, lirainak eta alaiak, helenoak betiere, alde guztietatik begiratuta. Eslaviarren jainkoak... Barkatu! Guk eslaviarrok ez dugu eduki inoiz behar bezainbesteko indar plastikorik ez estatu handiak egiteko, ez zenbait jainko sortzeko ere. Gure antzinako jainkoak guretzat, gure jakintsuek zernahi esanik ere, oraindik zerbait lanbrotsua eta zehazgabea dira. Noizbait agian artikulu bat idatziko dut, burutsu eta zorrotza, jakina, jainkotiartasunaren eta gizatiartasunaren arteko parekotasunaz. Gaurkoz gauza bakarra esan nahi dut: «Stajnic» ostatuan bildu ziren jainkoak, dudarik batere ere egin gabe, Mala Strana auzoko egiazko jainkoak zirela. Mala Stranak —etxeek zein jendeak— zerbait du isiletik, patriarkaletik, baita logaletutik ere, eta giro horrek gizon horiek guztiak ere kutsatzen zituen. Funtzionarioak, ofizialak, katedratikoak eta pentsiodunak izanik ere, gaur bezala, bestelakoak ziren; garai haietan funtzionario eta ofizial jendeak ez zuen destinoa aldatzen gaur egun bezain maiz; gurasoek eginahalak egiten zituzten beren semeek karrera Pragan buka zezaten, destino bat lortzen zieten gero eta semeak hantxe gelditzen ziren betikoz, adiskide dirudunen itzalak babesturik. «Stajnic» ostatuko bezero horietako batzuk noizbait espaloian gelditzen zirenean, bertatik pasatzen ziren guztiek agurtu egiten zituzten. Hagitz ezagunak baitziren.

        Batxilerrontzat, «Stajnic» ostatuko Olinpoa are olinpoago zen guretzat gure irakasle zahar guztiak bertan zeudelako. Zaharrak?! Zergatik diot zaharrak? Ezin hobeki ezagutzen nituen gure Mala Strana maiteko jainko haiek guztiak; beti iruditzen zitzaidan horien artean ez zegoela bat bakarra ere gaztea, edo, hobeki esanda, segur aski horiek denek itxura bera izanen zutela txikitatik. Gehienez ere txikixeagoak izanen ziren.

        Denak gogoan ditut, oraintxe ikusten ariko banintz bezala. Lehenbizikoa, Apelazio Auzitegiko kontseilari jauna. Altua, mehea eta duintasun ikaragarrikoa. Artean jardunean ari zen funtzionarioa zen; sekulan ez nintzen iritsi, halere, eginkizun haiek zehatz-mehatz zein ote ziren jakitera. Hamarrak inguruan eskolatik ateratzen ginenean, hura bere etxetik ateratzen zen, Karmeldarren kalean bizi baitzen, eta duintasun izugarriaz Ostruha kalera abiatzen zen, Cardaren ardandegira sartzeko. Ostegun arratsaldeetan eskolarik izan ez eta harresi zaharretan jostetan aritzen ginen bitartean, bera parke haietan barna ibiltzen zen paseoan. Eta arraltsaldeko bostak baino lehentxeago «Stajnic» ostatura sartzen zen. Nik garai hartan asmo sendoa nuen asko ikasteko eta hura bezala Apelazio Auzitegiko kontseilari izateko; baina gero, ez dakit nola, ahantzi nuen asmo hura.

        Gero konde jauna zegoen, begibakarra. Mala Strana auzoan ez zen sekula konde faltarik izaten; baina konde begibakar hura zen seguruena auzoko ostatuetara joan ohi zen bakarra, garai haietan behinik behin. Altua, hezurtsua, kolore bizikoa, kalpar motz eta zurikoa eta partxe beltz bat eramaten zuena ezkerreko begia estaltzeko. Bi ordu ere ematen zituen «Stajnic» ostatuaren pareko espaloian. Leku hartatik pasatzekoa nintzen egun batean, itzulinguru bat egin beharrean gertatu nintzen. Naturak aristokratei aurpegikera berezia eman zien, aristokratiko deritzana, hegazti harraparien antz handia ematen diena. Konde jaunak, nire iduriko —egiari men eginez—, hango belatz baten antz handia zuen; belatz hura, egunero-egunero, puntualitate egiatan krudelaz, eguerdiko hamabietan, San Nikolas elizako dorreko orratzean pausatzen zen, bere ehizakia txikitu eta irensteko: usakume bat, lumak plazara erortzen zitzaizkiona. Belatz haren antza zuen, bada. Egun hartan, beraz, itzulinguru bat egin nuen kondea espaloian ikusi nuenean, beldur ikaragarria bainuen bere mokoa iltzatuko ote zidan.

        Armadako mediku potoloa ere maiz joaten zen ostatura, artean sasoiko gizona, baina ordurako erretiratua. Esaten dutenez, behin, goi-goiko agintari bat Pragako ospitaleak ikuskatzen eta zenbait gauza maiseatzen ari zenean, jaun horrek agintariari erantzun zion ez zekiela deus deusetan ere. Horrek erretiroa ekarri zion eta, bidenabar, gure mirespena, guk gazteok iraultzaile sutsutzat hartzen baikenuen jaun lodi hori. Gainera oso goxoa zen. Bere gustuko mutiko bat topatzen zuenean —eta mutikoa batzuetan neska izaten zen— hura geldiarazi, musua laztandu eta, ezagutzen ez bazuen ere, esaten zion: «Goraintziak zure aitari nire partetik».

        Gero... baina ez dut segitu nahi! Xahar horiek guztiak bat-batean xaharrago egin ziren, eta gero hil. Utz ditzagun bakean deskantsatzen. Atsegin handiz gogoratzen ditut horien artean eman nituen momentuak. Atsegin handiz gogoratzen dut sentsazio hori, askatasunarena eta baita handitasunarena ere, Unibertsitatean matrikulatu eta ondoan «Stajnic» ostatura lehenbiziko aldiz sartu nintzenean sentitu nuena, irakasleen beldur izan gabe, pertsona bikain haien artean. Ez zidaten kasu handirik egin, egia esan behar badut. Hobeki esanda, ez zidaten kasurik egin ia batere. Behin baizik ez; behin, aste anitzen buruan, armadako medikuak, nire ondotik pasatzean, esan zidan: «Bai, bai, gazte, garagardoak gaur egun ez du zipitzik ere balio, jendeak zernahi esanda ere»; eta esan bidenabar erdeinuz begiratzen zien lehentxeago mahai baten ondoan berekin eseriak egonak zirenei... Brutus ez bestea, astazakila! Esan dezaket, okertzeko deskuidurik gabe, gizon hura gauza izanen zela, konparazio batera, Zesarri berari ere leporatzeko ez zekiela deus ere garagardoaz.

        Nik, aitzitik, arretaz erreparatzen nien haiei; ez asko aditzen nielako, baizik eta harrigarri egiten zitzaizkidalako. Haien kopia aski kaxkartzat daukat nire burua; baina bikainetik eta handitik dudana gizon haiei zor diet. Guztietatik, ez ditut sekula atzenduko bi gizon, bien deiturak nire bihotzetik ezin ezabatuzkoak baitira: Rysanek eta Schlegl zeritzen, eta ezinikusia zioten batak besteari.

        Eta barka ezazu orain, irakurle, historia beste modu batez hasten badut.

        «Stajnic» ostatura Zubiko kaletik sartuta, lehenbiziko gelan, billarreko mahaiak dauden tokian, hiru leiho ikusten dira eskuinaldean, Bainuetako kalera ematen dutenak. Leiho bakoitzaren aurrean mahaitto bat dago, eta atzean banku bat ferraren formakoa. Mahaitto horren ondoan hiru lagun esertzen ahal dira: bat bizkarra leihoari emanda eta beste biak ferraren alde banatan; bi lagun horiek ere leihoari bizkarra emanda jarri nahi badute, billarreko mahaiei begira gelditu eta jokoa ikusiz dibertitzen ahal dira.

        Hirugarren leihoaren parean biltzen ziren egunero, arratsaldeko seietatik zortziak bitarte, Rysanek jauna eta Schlegl jauna, gure herritar non-nahi estimatuak. Lekua libre zegoen beti, gordea, haientzat; beste norbaitek haien ohiko jarlekuetan inoiz esertzeko ausardia izanen zuela bururatze hutsa pentsaezina zen Mala Stranako egiazko bizilagun batentzat eta bere burutik baztertzen zuen zeharo ezinezkoa balitz bezala. Pentsa zitekeenik ere! Leiho ondoko lekua beti hutsik gelditzen zen; Schlegl jauna sarreratik hurbilen zen ferraren aldean jartzen zen eta Rysanek jauna beste aldean, kanabete haratago. Biak leihoari bizkarra emanda egoten ziren eta, hortaz, aurrez aurre elkarri begiratu gabe, eta billarreko mahaietan jokatzen zirenei beha pasatzen zuten denbora. Tragoxka bat edan nahi zutenean eta pipa piztu nahi zutenean baizik ez ziren jiratzen mahai aldera. Hamaika urte ziren leku horietan horrela jartzen zirela, egun bakar batean ere huts egin gabe. Eta denbora horretan guztian ez zioten behin ere hitzik esan elkarri, ezta elkarren berri izateko ere.

        Mala Stranako guztiok zekiten zer gorroto bizia zioten elkarri. Haien arteko etsaitasuna aspaldikoa zen, urte askokoa, eta gupidagabea zen. Arrazoia ere ezaguna zen, gaizto den ororen jatorria: emakume bat. Biek emakume bera maitatu zuten. Hark nahiago zuen Rysanek jauna, aspaldiko eta itzal handiko merkatari bat, inongo menpekotasunik gabea, denda on baten jabe; baina gero, halako batean, ustekabean Schlegl jauna hautatu zuen, ia hamar urte gazteagoa zelako beharbada. Eta azkenean harekin ezkondu zen.

        Ez dakit Schleglen andrearen edertasuna hainbestekoa ote zen, Rysaneken oinaze amaigabea eta ondorioz beti-koz ezkongai gelditu izana ulertzerainokoa. Urte asko dira andre hark agur esan ziola munduari; lehenbiziko erditzean hil zen, eta senarrari alabatxo bat utzi, nonbait bere amaren berdin-berdina zena. Orain diodan garaian, Schlegl andereñoak hogeita bi urte inguru izanen zituen. Ezagutu nuen; oso maiz bisitan etortzen zitzaion Poldyn kapitainaren andreari, gure gaineko bizitzan bizi zen andreari; kalean barna ibiltzen zenean estropezu egiten zuena hamabi pausotik behin. Jendeak esaten zuen Schlegl andereñoa polit-polita zela. Ez dut nik ezetzik esanen; baina haren edertasuna, nolabait azaltzeagatik, arkitektonikoa zen. Den-dena bere lekuan; haren gorputz guzti-guztian simetria akatsik gabea zen nagusi eta jakina zen detaile bakoitzaren arrazoia. Baina arkitekto ez zen pertsona batentzat, ordea, bere onetik ateratzeko modukoa zen. Jauregi baten fatxada ematen zuen, hain gutxi mugitzen zuen aurpegia. Bere begiek ez zuten bizitasunik eta leiho garbitu berrien dirdaia zuten. Ahoa, sifoasa txiki bat bezain polita, mantso irekitzen zen ate baten gisan, eta gero zabal-zabalik gelditzen zen, edo geldotasun berberaz berriz ixten. Eta hori dena, gisuztatu berria ematen zuen larruazala zuela. Seguruenik orain ez da hain ederra, bizirik baldin badago; baina politagoa izanen da noski. Halako eraikuntzek hobera egiten dute denbora pasa ahala.

        Zoritxarrez ezin dizuet esan ez zergatik ez nola gertatu zen Rysanek jauna eta Schlegl jauna elkartzea hirugarren leiho ondoko mahaitto hartan. Halabehar madarikatuak erru pixka bat izan zuen, egunero bizitza ozpindu nahi baitzien bi zahar horiei. Patuak lehenbiziko aldiz mahaitto haren aurrean elkarrengana bildu zituenean, harrotasunak ez zien utzi ez batari ez besteari beren lekutik alde egiten. Bigarren aldian destainagatik jarri ziren han. Hurrena, beren gogortasuna erakusteagatik eta «jendearen esamesen beldurrez». Eta gero «Stajnic» ostatuko ohiko bezero guztiek ulertu zuten bi zaharrentzat ohore-kontua zela eta bietako inork ezin zuela amore eman.

        Seiak aldera ailegatzen ziren, gaur bata minutu bat lehenago, bihar bestea. Gizalegez agurtzen zuten jende guztia, denak eta banaka-banaka, eta salbuespen bakarra batak bestearekin egiten zuten. Zerbitzariak udan kapela eta makila hartzen zizkien, eta neguan larruzko kapelua eta berokia, eta gakoan uzten zituen zintzilik, bakoitzaren jarlekuaren atzean. Arropa horiek erantzi eta gero, batzuetan burua makurtzen zuten usakumeek bezala —zahar jendeak ohitura hori du eseri nahi duenean—, esku bat mahaittoaren ertzean jarri —Rysanek jaunak ezkerra eta Schlegl jaunak eskuina— eta mantso-mantso esertzen ziren, leihoari atzea emanda, billarreko mahai aldera begira gelditzeko. Tabernari lodia konplimenduko sudur-hautsak eskaintzeko asmotan hurbiltzen zenean, bere betiko aurpegi irribarretsuarekin eta berriketan atertu gabe, bereiz deitu behar izaten zien haietako bakoitzari sudur-hautsaren kaxako estalkian ttak-ttak joaz, eta bietako bakoitzarentzat esan behar zituen eguraldi txar edo onari buruzko betiko solasak. Bestela, besteak ez zituen onartuko hautsak edo gorrarena eginen zuen. Inor ezin zen harro agertu esanez biekin batera solasean aritua zela. Behin ere ez zuen batak deus jakin nahi izan besteaz; mahaiko laguna ez zen existitzen biotako inorentzat.

        Zerbitzariak biotako bakoitzari aurrean jartzen zion garagardoa. Handik puxka batera mahaitto aldera jiratzen ziren —sekula ere ez biak batera, elkarri zehar-begiratua emanez baina axola ez balitzaie bezalako plantak eginez—, eta magnesitazko pipa bat ateratzen zuten, zilarrezko apaingarriduna, eta jakako kanpoko sakelatik poltsa bat bete tabako; pipak bete, piztu eta berriz lehengo moduan jartzen ziren. Horrela bi ordu ematen zituzten, eta horrelaxe edaten zituen bakoitzak bere hiru garagardoak; geroago, altxatu —gaur bata minutu bat lehenago, bihar bestea—, eta pipak gordetzen zituzten, tabernariak berokiak janzten laguntzen zien, eta mundu guztiari diosala egiten zioten, guztioi agur esanez, batak besteari izan ezik.

        Espres jarri nintzen lurreko suaren aldameneko mahaian. Horrela, aurpegia parez pare ikusten nien eta eroso egoten ahal nintzen haiei begira batere nabarmendu gabe.

        Rysanek jauna oihal-saltzailea zen; Schlegl jaunak purtzileri denda bat zuen. Ordurako beren negozioetatik erretiratuak zeuden finka-jabe aberats gisa, baina aurpegikeran artean ezagun zuten beren lehengo ogibidea. Rysanek jaunaren aurpegiak lehenago saltzen zuen marra zuri eta gorriko oihala oroitarazten zuen beti; Schlegl jaunarenak, berriz, bazter utzitako almeriz zahar baten itxura zuela iruditu zitzaidan beti.

        Rysanek jauna garaiagoa zen, meheagoa eta, lehenago esan dudan bezala, zaharragoa. Bere onenak emanda zegoen, maiz ahul sentitzen zen, eta matrailezurra, nahi gaberik, erori egiten zitzaion. Adar beltzezko armazoiko betaurrekoak ibiltzen zituen. Ilea arrea zuen eta, jatorrizko koloretik gordetzen zuen pixarra ikusita, Rysanek jauna ilehoria izan zela ziurtatzen ahal zen. Matrailak hondoratuak zituen, eta zurbil; hain zurbil ezen haien ondoan sudur luzeak gorria ematen baitzuen, gorrimina, karmin-kolorekoa kasik. Horrexegatik, beharbada, beti malko bat, ttantta bat, izaten zuen zintzilik sudur-puntatik, apaingarri gorri hartatik isuria. Biografo saiatua naizen aldetik, adierazi beharra daukat Rysanek jauna sobera berandu ahalegintzen zela malko hura xukatzen: bere bularrera erori ondoren batzuetan.

        Schlegl jauna moztaka samarra zen; leporik ez zuela esan nahi dut. Burua bola bat bezalakoa zuen; kalparra, urdindu samartua, beltza. Aurpegia, bizarra egina zuen aldean, beltz urdindua, eta ilerik ez zuen aldean, gorrixka: haragi puxka bat distiratsua eta gero beste bat iluna, Rembrandten erretratu baten argi-ilunak bezala.

        Bi heroi haienganako benetako estimazioa sentitu nuen nik, eta zenbat eta gehiago estimatu, orduan eta gehiago miresten nituen. Banku hartan jarrita zeuden bezala, egunero borroka latza izaten zuten, norgehiagoka krudela, errukigabea. Borrokan beren armez baliatzen ziren: isiltasuna pozoiz gainezka eta mespretxu nabariena. Eta bataila beti erabakitzeko gelditzen zen. Bietatik nork jarriko ote zuen azkenean hanka bere etsaiaren lepazurraren gainean? Schlegl jauna bietan bizkorrena zen gorputzez; beregan dena motza zen, llaburra; hitz egiten zuenean, ematen zuen kolpe-hotsak aditzen zirela. Rysanek jauna xuabexeago mintzatzen zen, pollikiago; ahula zen, baina heroitasun berarekin gorrotatzen zuen eta eusten zion isiltasunari.

 

 

II

 

        Zerbait gertatu zen.

        Jubilate igandearen, hau da, Bazko ondoko hirugarren igandearen aurreko asteazken batean Schlegl jauna ailegatu eta bere betiko tokia hartu zuen. Eseri, pipa bete eta piztu egin zuen, ketzarra botaz tximinia baten gisan. Tabernaria sartu zen eta harengana jo. Hautsen kaxako estalkian ttak-ttak jo zuen, eskaintzeko. Kaxatxoa itxitakoan esan zuen, ate aldera begiratu bidenabar:

        — Orduan gaur ez dugu Rysanek jauna ikusiko, ezta?

        Schlegl jaunak ez zuen deus erantzun, eta estatua baten begirada galduaren hoztasunaz aurrera begiratu zuen.

        —Hortxe, armadako medikuak esan du —segitu zuen kontatzen tabernariak, ateari bizkarra emanda, Schlegl jaunari begira—. Beti bezala jaiki da goizean; bat-batean hotzikara sentitu du gorputz guztian, hainbestekoa non segituan berriz oheratu beharra izan baitu, eta denborarik galdu gabe doktoreari abisatu diote. Birikeria! Armadako medikuak gaur hiru aldiz ikusi du. Dagoeneko gizon zaharra da. Hala ere, esku onetan dago; ez da esperantza galdu behar.

        Schlegl jaunak eztul txikia egin zuen, ezpainak itxita. Begirada ez zitzaion deus ere mudatu, ez zuen nabari aztoramen izpirik ere. Tabernaria ondo-ondoko mahaira joan zen.

        Ni Schlegl jaunaren aurpegira beha nengoen. Denbora-puxka luzean erabat geldirik egon zen; gero ezpainak erdi-ireki zituen, keari ateratzen uzteko, eta behin edo behin piparen ahokoa ezpain-ertz batetik bestera eraman zuen. Geroxeago bere lagunetako bat hurbildu zitzaion. Solasean aritu ziren, eta batzuetan Schlegl jaunak ajataka egin zuen irri. Nazka ematen zidan haren irriak.

        Ez zen dudarik, Schlegl jauna ohi ez bezala jokatzen ari zen. Beste batzuetan bere lekuari josia zegoela ematen zuen, zentinela bat bere guardia-lekuan bezala; orain, ordea, urduri zegoen, ezinegonaz. Billar-partida bat hasi ere egin zuen, Köhler jaunarekin, dendariarekin. Partida guztietan suertea alde izan zuen doublea ailegatu zen arte, eta aitortu beharra dut poztu egin nintzela hondarreko atakada hartan behin ere asmatu ez eta Köhler jaunak beti harrapatzen zuelako.

        Gero berriz eseri zen, eta erre eta edan egin zuen. Norbait hurbiltzen zitzaionean ohi baino gorago eta esaldi luzeagoekin mintzatzen zen. Haren mugimendu txikienari ere erreparatu nion; garbi ohartu nintzen barrenetik pozik zegoela eta ez zuela bere etsai gaixoarenganako atsekabe ñimiñorik ere sentitzen. Laburbilduz: berriz ere izugarrizko ezinikusia hartu niola.

        Batzuetan begirada, ihesi bezala, barra aldera joaten zitzaion, hurbil armadako medikua baitzegoen eserita. Ziur nago gogotik esanen ziola medikuari gaixo hartaz sobera ez arduratzeko. Gizon gaiztoa, inon gaiztorik bada.

        Zortziak aldera joan zen armadako medikua. Hirugarren mahaittoaren parean gelditu zen.

        — Gabon —esan zuen—; oraindik Rysanek jauna ikusi behar dut. Kontuz ibili beharra dago.

        — Gabon —erantzun zuen Schlegl jaunak, hotz.

        Arrats hartan Schlegl jaunak lau garagardo edan zituen eta zortzi eta erdiak arte gelditu zen.

        Egunak joan ziren, asteak joan ziren. Apiril hotz eta zakar baten ondoren maiatz benetan goxoa egin zuen, eta udaberri zoragarria izan genuen. Maiatz ona egiten duenean, Mala Strana paradisua da. Petrin lore zuriz josia dago, alde guztietatik esnegain eztia isuriko balu bezala, eta Mala Strana osoa lila zurien urrinak inguratzen du.

        Rysanek jauna eritasunaren mendetik atera zen azkenean. Udaberria benetako baltsamoa izan zen eriarentzat. Maiz eguzkitan topatu nuen parkean. Mantso ibiltzen zen, makilaren laguntzarekin. Lehen ere ez zen batere lodia, baino orain are meheago zegoen, inondik ere. Beheko matrailezurra ez zitzaion gehiago berriz itxi. Bakarra falta zuen zapi batekin matrailezurrari eutsi, begiak itxi eta zerraldoan sartzea. Baina bat-batean bizkortzen hasi zen.

        Ez zen joaten «Stajnic» ostatura. Han nagusi zen, hirugarren mahaittoan, ordura arte, Schlegl jauna bakarrik. Eta han jarri eta gogoak ematen zion bezala mugitzen zen.

        Ailegatu ziren ekaineko hondar egunak eta, San Pedro eta San Pablo egunean hain xuxen, bi zaharrak gibelera mahai berean jarrita ikusi nituen. Berriz ere han zegoen Schlegl jauna aulkiari josia bezala eta biak leihoari atzea emanda.

        Auzokoak eta adiskideak Rysanek jaunarengana joan ziren zorionak ematera. Denek bihotz-bihotzez zoriondu zuten eta zaharrak, atseginez hunkiturik, burua kulunkatu, irri egin eta ahalik gutxiena esaten zuen. Artean pattal zegoen. Schlegl jauna billarreko mahaira begira zegoen, tabakoa erretzen.

        Halako batean, bakarrik utzi zutenean, Rysanek jaunak barra aldera zuzendu zuen begirada, han baitzegoen jarrita bere medikua: esker oneko arima bat!

        Rysanek jauna toki berera begiratzeko jiratu zen unean hain juxtu, Schlegl jaunak burua bere lagunarengana jiratu zuen, hari so egiteko. Begiratu bat eman zion Rysanek jaunaren gorputz osoari, polliki, lurretik hasita belaun zorrotzetara, eta gero eskuan gelditu, mahaittoaren ertzean pausatua, hezur eta azal hutsa, eta gero gora, matrailezur lokatura eta aurpegi zurbilera iritsi arte. Baina segundo bateko kontua izan zen dena; berehala begiak bere etsaiarengandik bereizi eta berriz burua zuzen jarri zuen.

        — Gizona! Hau poza! Berriz ere osorik! —esan zuen tabernariak, orduantxe ailegatua sukaldetik edo sototik. Sartu eta, Rysanek jauna ikusi orduko, harengana joan zen laster—. Berriz osorik eta gure artean! Jainkoari eskerrak!

        — Jainkoari eskerrak, eskerrak Jaunkoari! —erantzun zuen Rysanek jaunak irribarretsu—. Oraingoan lortu dut ihes egitea. Berriz sasoian sentitzen naiz.

        — Baina Rysanek jaunak ez du erretzen? Oraindik pipa erretzeko gogorik gabe?

        — Uste dut gaur dudala gogoa lehenbiziko aldiz. Erreko dut, bai!

        — Ederki, ederki. Hori ongi da! —tabako-kaxa itxi, ttak-ttak jo, berriz ireki hitz bat edo beste esanez Schlegl jaunari eskaintzeko, eta alde egin zuen.

        Rysanek jaunak pipa atera eta bere jakako sakelan tabako-poltsa bilatu zuen. Buruari pixka bat eragin eta berriz bila hasi zen, eta hirugarrenean poltsa aurkitu ez zuenez, zerbitzariari deitu eta esan zion:

        — Segi nire etxera. Badakizu non bizi naizen, ezta? Hemen kale-kantoian. Esaiezu tabako-poltsa emateko, mahai gainean egon behar du-eta.

        Zerbitzaria txistuan atera zen.

        Momentu hartan Schlegl jauna mugitu egin zen, eskuineko eskua luzatu zuen bere poltsa irekia zegoen aldera eta hurbildu egin zion, Rysanek jaunaren pare-parean jarri arte ia-ia.

        — Nahi baduzu, «Hiru Erregerekin» eta tabako arruntarekin egindako nahastea dut nik —esan zuen lehor; eta gero eztul txikia egin zuen.

        Rysanek jaunak ez zuen deus erantzun; begiratu ere ez zuen egin. Burua beste aldera begira zuen, aurreko hamaika urteetan bezain hotz.

        Behin edo behin eskua mugitu zuen, barreneko bulkada batek eraginda bezala; baina bere ahoak itxita segitzen zuen.

        Schlegl jaunaren eskuineko eskua poltsari itsatsia gelditu zen, begiak lurrari finkaturik, oraintxe ke-laino batez inguratua, oraintxe eztulka eztarrian zerbait traban balu bezala.

        Une hartan zerbitzaria itzuli zen.

        — Eskerrik asko; badut nire poltsa, begiratu! —esan zion orduan Rysanek jaunak Schlegl jaunari, berari begiratu gabe betiere—. Nik ere nahaste bera gastatzen dut, «Hiru errege» eta tabako arrunta —gaineratu zuen handik puska batera, beste zerbait esan behar zuela ulertu balu bezala.

        Pipa bete, piztu eta erre egin zuen.

        — Gustatzen zaizu? —egin zion purrust handik tarte batera Schlegl jaunak, normalean baino ehun aldiz ahots lakarragoan.

        — Jainkoari eskerrak, bai, gustatzen zait.

        — Jainkoari eskerrak, dudarik ez egin —berriz, Schlegl jaunak.

        Aurpegiko giharrak uzkurtu egin zitzaizkion, azkenean zeru beltzean argi bat piztu balitz bezala. Eta berehalaxe gehitu zuen:

        — Beldur ginen hemengook zerbait gertatuko ote zitzaizun.

        Orduan bai; orduan Rysanek jaunak burua jiratu zuen bere solaskidearengana. Bien begiratzeek topo egin zuten.

        Eta harrezkeroztik elkarri hitz egin zioten Rysanek jaunak eta Schlegl jaunak «Stajnic» ostatuko hirugarren mahaittoan.

 

 

 

© Jan Neruda

© itzulpenarena: Fernando Rey

 

 

"Jan Neruda / Mala Stranako ipuinak" orrialde nagusia