AITZIN-SOLASA

 

        Jan Neruda ez da oso idazle ezaguna. Gure bazterrotan deus gutxi dakigu Europako Ekialdeko literaturaz, eta kulturaren arloan, behinik behin, oraindik ere ez da erabat erori Berlingo harresia. Horregatik bat baino gehiago harrituko da jakitean Pablo Neruda poeta Nobel Saridunak —Neftalí Reyes zuen bataiarriko izena— Mala Stranako ipuinak irakurritakoan hautatu zuela bere goitizena Nerudaren estiloak liluratuta.

        Jan Neruda Pragan sortu zen 1834an. Txekiar literaturako maisuetakotzat hartzen du askok gaur egun, eta Mala Stranako ipuinak dira, duda-izpirik gabe, bere obrarik ezagunen eta estimatuena.

        Txekiarrek talentu handiko idazle mordoxka batez aberastu dute XX. mendea, baina ez dira hain ezagunak XIX. mendekoak. Hogeita Hamar Urteko Gerraren ondoren haustura handia gertatu zen txekiar estatuan eta kulturan. Germanizazio prozesua hasi zen, pixkana-pixkana gero eta indar handiagoa hartu zuena. Horrela, bada, txekiar kulturak zein hizkuntzak atzera egin zuten, hirietan batik bat, eta txekiera herri xehearen hizkuntza, nekazari jendearen hizkuntza bilakatu zen. Baina, paradoxa bada ere, filosofia alemaniarraren eraginez piztu zen, gero, kontzientzia nazional eta linguistikoa, abertzaletasuna eta bertako hizkuntzaren aldeko apustua.

        Erreformatzaile nazionalen lehenbiziko belaunaldia, gehien bat, unibertsitateko jendez osatua zegoen. Hizkuntza bizkortu, gramatikak eta hiztegiak egin eta munduko literaturako klasiko batzuk itzuli nahi zituzten. Bigarren belaunaldia, 1800dik aurrera, hizkuntza beren lanetarako erabili gogo zuten idazle batzuek osatu zuten. Nork irakurri nahi zuen txekieraz garai hartan? Edo hobeki esanda, nor zen txekieraz irakurtzeko gauza? Irakasle, apez eta noble txekiar batzuk kenduta, irakurleek komediak, egutegietako testuak eta moral-ipuinak besterik ez zuten nahi.

        Baina bi belaunaldi horiek lortu zutena ez zen makala izan. Hil hurren zen hizkuntza suspertu zuten, liburu batzuk txekierara itzuli zituzten eta beren hizkuntza sormen-lan egiazkora hurbildu. Eta are garrantzitsuagoa, txekiar kontzientzia bizitu zuten herrian. Gehiago ziren txekieraz mintzatu, irakurri, ikasi eta bizi nahi zutenak. Txekierazaletasuna pizteko tresna nagusia prentsa idatzia izan zen.

        Jan Neruda, 1834an jaioa, hurrengo belaunaldikoa da. Bere garaiko idazle txekiar gehienak bezala jatorri apalekoa zen, baina, haiek ez bezala, Pragan jaioa, Hiriaren bihotzean gainera, Mala Strana auzo bikainean hain zuzen ere. Egun Neruda kalea deritzanean sortu zen hain juxtu. Familia pobrea bazuen ere, hezkuntza egokia izan zuen... Pragako eskola alemanetan. Ironia irudituagatik, Nerudaren belaunaldiko idazleek, txekiar literatura ez ezik gizarte txekiarra ere uztarri germanikotik askatzeko xedea bere egin zutenek, Gazte Germaniarren mugimendutik hartu zuten eredua: Heine, Börne, Gutzkow ziren haien gogokoenak.

        Neruda 13 urte zituela hasi zen txekierazko eskolak hartzen, «Elizan bezain txintxo egoten ginen han, liluraturik, zoraturik» esaten digu Nerudak berak, eta bere garaiko txekierazko hezkuntza-erakunderik bikainenean ibili zen, Akademické eskolan. Han hasi zen Neruda bere lehen poema eta artikuluak idazten. Aitak beharturik zuzenbidea ikasi zuen, baina hura utzi eta filosofiari ekin zion. Halere ez zituen, diru faltagatik, filosofiako ikasketak bukatu. Lehenik, hortaz, funtzionario lana bilatu zuen. Geroago irakasle ibili zen eta, azkenean, kazetari lanbidea hartu zuen.

        Txekiar letretan poema liburu batekin egin zuenez sarrera, poetatzat hartu zuten berehala. Baina tradizio erromantikoak ere izan zuen horretan zeresanik: erromantikoek literatur forma guztien gainetik poesia zeukaten. Prosa-idazlerik bikainenak ere Parnasora igotzez gero, poeta gisa baizik ez zitezkeen ailega gailurrera.

        Ez da erraza argitzen Neruda ezkongai gelditu izana, eta hori, bizitzako azken urteetan, bereziki pisua egin zitzaion. Emakume zenbait izan ziren bere bizitzan, eta nahiz eta bi amodio tragiko izan zituen, bere bizitzako lehen amodioa, eta seguruaski handiena, Karolina Svetla nobelagile txekiarra izan zen, baina konbentzioa hautsi nahi ez eta ez zuen senarra utzi nahi izan; bere bigarren amodioa Nerudak ezkontza-proposamena egin baino lehenago hil zen.

        Ez da dudarik, halere, herri txekiarrarenganako maitasunak bete ziola hutsune hori. Nerudak oso barneratuak zituen zenbait balore: lan zintzoa, nazio kontzeptua, demokrazia liberalaren oinarrizko printzipioak (bizitza osoan borrokatu zen horien alde), gizarte zuzen baten ideala (horregatik aipatu zituen bere idatzietan gizarteak baztertutako gizon-emakumeen problemak). Baina, denetan, Nerudarentzat eta bere garaikideentzat, nazio kontzeptuak lehentasuna hartu zuen. Bere lanaren bidez aritu zen haren alde, eta kazetari eta poeta gisa egin zuenak ere ukitu hori du. Ez, ordea, bere fikzio lanaren gailurra osatzen duten Mala Stranako ipuin hauek.

        Narrazio hauek erabat fikziozkoak badira ere, eguneroko esperientziak eta kezkak agertarazten dituzten kazetari-lanak dira. Behatzaile baten jokabidea hartu zuen: elkarrekin zerikusi gutxi duten elementuak hartu zituen langaitzat, eta bere lanari esker bihurtu zituen interesgarri. Horren emaitza «collage» miresgarri bat da. Bere lanik interesgarrienak, hala ere, bere herriko jendea eta bere garaiko ohiturak deskribatzean egin zituen. Begirada zorrotza eta formulazio zehatza ziren Nerudaren temak. Honela idatzi zion bere lehen andregaiari:

        «Aita hilzorian dut. Ni aldameneko ohean nengoen etzanda, lasai lo, seme bati legokiokeen baino lasaiago, agian. Halako batean, esnatu eta azken ordua bazetorkiola ohartu nintzen. Gainera makurtu nintzaion; nekez hartzen zuen arnasa. Bihotza lehertuko zitzaidala pentsatu nuen; itoko nintzela uste nuen, hain lehor eta estu nuen eztarria. Hala ere, gizona nola hiltzen den aztertzen jarraitu nuen. Maitea, sekula ez zinateke zoriontsu izanen ni bezalako deabru batekin».

        Nerudak aitorpen zinikotzat aurkezten duenak idazlearen obsesioa erakusten du: jakin eta komunikatzeko irrika edo, hobeki esanda, ahalik eta zehaztasun handienaz komunikatu ahal izateko, dena ikastea.

        Neruda, dudarik gabe, txekiar gizarteko hemeretzigarren mendeko pertsonaia handienetako bat izan zen, «zutabegile politiko» txekiarretan puntakoena eta poeta gisa miretsia. Idazleak beren gailurrean izaten diren adinera iritsi zen, nahiz eta amaren heriotzak eta ondorengo bakardadeak kolpe handia eman zioten. Orduantxe sentitu zuen haurtzaroko egun zoriontsuetara itzultzeko irrika: dena aurrean zeukan garai hartara, pasadizo xumeena gertaera handi bihur zitekeen garai hartara. Horrek eman zion aukera Mala Stranako jende eta kontuak berriro gogora ekartzeko eta horri buruzko liburu bat idazteko, liburu bateratu tankera duen bakarra.

        Hau da, dudarik gabe, Nerudak idazle gisa izandako esperientziaren goi maila: jendeen eta eguneroko bizitzaren xehetasunak begi zorrotzez ikusten dituenaren esperientzia, irribarre nola egin dakien poeta eta kazetari batena, baina, horrez gain, sufritu duenarena eta inguruan sufritu duen jendearena. Dudarik gabe, narrazio hauek txekiar literaturan Nerudaren aurretik idatzitako guztiaren gainetik daude.

        Kazetaritzak erakutsi zion Nerudari estilo aberastasuna, eta pentsarazi zion bere irakurleengana iristeko bide hobea zela ixtorioak kontatzea predikuak botatzea baino. Lehen pertsona erabiltzen badu, ez da bere ixtorioei benetakotasun handiagoa emateko. Kontalaria, dena dela, ikusten duena jasotzen duen behatzaile bat besterik ez da gehientsuenetan. Gainera, biltzen dituen gertaerak anekdota hutsak izaten dira, eta normalean erro sakonak dituzten problemen kontaera laburrak. Horrela kontatzen du urtetan eta urtetan elkarren ondoan eta elkarri hitzik esan gabe egunero mahai beraren alde banatan esertzen diren bi gizonen ixtorioa, emakume gazte bati bi barrabasek nola egiten dioten irri, eskale bat nola pasatu zen pobreziatik mixeria gorrira... Ixtorioen axaleko anekdotikotasunaren eta atzealdean gelditzen diren bizitzen tragikotasunaren arteko tentsioa da Nerudak kontalari gisa duen artearen ezaugarri nagusietako bat.

        Errealismoa da eskola nagusia txekiar literaturan garai horretan, eta, bere estilizazioa gorabehera, Neruda errealista da. Mala Stranako ipuinetan paisaje urbanoa da berria, eta, horrez gain, mezu edo ikasbiderik emateari idazleak egiten dion ukoa. Kritikariak hain harriturik gelditu ziren, non isiltasunaz baizik ez baitzuten erantzun; irakurleak, berriz, berehala harrapatu zituen obra honek. Gaur egun txekiar literaturako obrarik ospetsuenetako —eta irakurrienetako— bat da dudarik gabe.

        Mala Strana auzo osoa datorkigu burura Nerudaren hitz eta irudietan. Mala Stranako ipuinak irakurrita, Pragara bisitan joateko gogoa ere ematen du, berak hainbesteko zehaztasunez deskribatutako zokoak lehengo tokian eta lehenago bezalaxe ote dauden ikusteko. Neruda hil eta handik mende batera Poliziaren Kuartel Nagusia kale-estu ilun berean dago behinik behin.

Fernando Rey

 

 

 

© Fernando Rey

 

 

"Jan Neruda / Mala Stranako ipuinak" orrialde nagusia