TÖRLESS IKASLEAREN NAHASMENDUAK

 

        Zerbait aipatzen dugunean, kendu egiten diogu, nolabait, bere balioa. Amildegien sakonetan murgildu garela uste dugu, baina gainazalera berriro agertzen garenean, atzamar-punta zurbiletan daukagun ur-tantak ez du bere jatorrizko itsasoaren antzik. Altxor miresgarriz beteriko koba aberats bat aurkitu dugula iruditzen zaigu, baina egun-argitara itzultzean baliogabeko harri eta beirakiak baino ez dakargu. Ilunpetan geratu den altxorrak dirdiraz dirau, hala ere, aldatu gabe.

(Maeterlink)

 

        Tren-geltoki txiki bat, Errusiarako bidean.

        Geltokiko galtzada zabalaren alde banatan, legar horixkaren erdian, burdinazko lau errail paralelo hedatzen ziren, amaigabe. Trenek jaurtikitzen zuten keak erreta, errailen alboko lurrean zerrenda iluna eta zikina zegoen.

        Geltokiko eraikin behe, oleoz margotuaren atzealdean, etorbide zabal batek sarbide-aldaparaino zeraman. Haren mugak inguruko lur zapalduan galtzen ziren eta soilik ezagutu zitezkeen bi ilaratan lerroturik ageri ziren arazki tristeetan, zeinen hostoak hautsak eta gedarrak itorik agertzen baitziren.

        Kolore triste haien edo, agian, ganduak apaltzen zuen bazkalondoko eguzkiaren argi zurbil eta indargearen eraginez, han ziren gauzek zein gizakiek itxura axolagabe, geldo eta mekanikoa zuten nolabait, txotxongilo-antzoki baten eszenatik hartuak bailiren. Alditik aldira, eta tarte berdinetan, geltoki-burua bere bulegotik irten eta, burua beti modu berean jiratuz, urrunera begira geratzen zen, jagolearen etxolaren parean zeuden seinaleetara, mugan atzerapen nabaria jasana zuen trenaren etorreraren berri eman behar baitzioten. Erlojua patrikatik ateratzen zuen besoaz mugimendu berbera orain eta berriro eginik, burua astindu, eta desagertu egiten zen atzera, ordua jotzean dorre-erloju zaharretako irudiak sartu eta irteten diren bezala.

        Geltokiko eraikinaren eta errailen arteko nasa zabal eta sendarrean gazte-talde zalapartatsu bat paseatzen zen hara-hona, elkarrizketa ozen baten gunea zirudien bikote helduaren inguruan. Ez zirudien, ordea, talde horren alaitasuna erabat benetakoa zenik. Barre-algara alaitsuen zarata urrats batzuk harantzago iraungitzen zen, aurrez aurreko oztopo tinko eta ikusezin baten aurka jo eta lurrera amilduko balitz bezala.

        Törless kontseilariaren emazteak, berrogei urte inguruko andreak, errezel lodi baten atzean ezkutatzen zituen negar-malkoek gorritutako begi tristeak. Iritsia zen agurraren ordua, eta latz zitzaion seme bakarra berriz ere jende arrotz artean hain denbora luzeaz utzi behar izatea, berak bere kuttuna zaintzeko eta babesteko aukerarik izan gabe.

        Zeren hiri txiki hura hiriburutik urrun, inperioko ekialdean baitzegoen, biztanleria urriko nekazaritza-eremu idor batean.

        Törless andreak bere semea hain leku urrun eta arrotz hartan uzteko zuen arrazoia hiri hartan barnetegi militar ospetsu bat egotea zen, aurreko mendean instituzio erlijioso baten lurretan eraikia. Izan ere, leku bakarti hartan, hazteko bidean ziren gazteak hiri handiaren eragin alferrikaltzailetik babestuta zeuden.

        Nazioko familiarik prestuenen semeek han hartzen zuten heziketa, bertako ikasketak amaitutakoan unibertsitatean hasi edota ejertzitoan zein estatuaren administrazioan sartzeko. W. Barnetegi Militarrean ikasketak eginda izatea oso gomendio baliagarritzat hartzen zen, bai aipatutako arlo horietan bai, oro har, ospe eta mafia oneko gizarte giroan.

        Arrazoi hori zela medio erabaki zuen Törless familiak, lau urte atzerago, seme gaztearen gogo handiguratsuari amore ematea eta institutuan onartua izan zedin ahaleginak egitea.

        Erabaki horrek malko ugari isuraraziko zizkien gerora. Zeren Törless mutikoak, institutuko ateak ezinbestean bere atzean itxi zireneko une beretik ia, etxe-min lazgarri eta grinatsua pairatu baitzuen. Ez klaseek, ez parkeko belardi oparoetako jolasek, ezta institutuak ikasleei eskaintzen zizkien gainerako dibertsioek ere, ez zuten bera erakartzeko ahalmenik. Normalean ez zuen horrelakoetan parte hartzen. Errezel baten atzetik bezala ikusten zuen dena, eta sarritan, egunean zehar, ahaleginak egin behar izaten zituen zotin bortitz bat itotzeko. Gauak, berriz, malkotan ematen zituen beti.

        Gutunak idazten zizkien etxekoei, ia egunero, eta gutun haietan soilik bizi zen. Egiten zuen beste guztia esanahirik gabeko gertaera goibel mordoa iruditzen zitzaion, bidean egindako geldialdi alferrikakoak, erloju batean orduak adierazten dituzten zenbakien antzekoak. Idazten zuenean, ordea, zerbait berezi eta bakana sentitzen zuen bere baitan, eguzki eta kolore miresgarriz beteriko uharte baten gisakoa, egunero modu hotz eta axolagabean inguratu eta astintzen zuten sentsazio grisen itsasotik aterea. Eta egunean zehar, jolasten edo klasean zegoenean, iluntzean bere gutuna idatziko zuela pentsatzen zuen bakoitzean, iruditzen zitzaion katea ikusezin batean urrezko giltza bat ezkutuan gorderik zuela, inork ezin ikus zezakeenean lorategi zoragarrietako ateak irekitzeko balio ziona.

        Benetan bitxia zena, Törless erretzen zuen bat-bateko sentimendu hori, gurasoenganako joera alegia, berarentzat ere zerbait berri eta harrigarria izatea zen. Iraganean ez zuen inoiz horrelakorik sumatu, gustura eta bere kabuz joan zen institutura, eta barreak ere egin zituen lehendabiziko agurrean ama negarrari eutsi ezinik ikusi zuenean. Eta gero, egun batzuk bakarrik igaro eta ondo samar sentitu ondoren, bat-batean lehertu zitzaion sentimendu hura indarrez bere baitan.

        Etxe-mintzat hartu zuen, gurasoenganako guraritzat. Baina, egia esan, zerbait zehaztugabe eta orokorragoa zen, zeren joran horren objektua, gurasoen irudia alegia, ez baitzen han inondik agertzen. Pertsona maitatu bati buruz dugun gorputzezko oroitzapen plastiko eta ez soilik memoriazko horretaz ari naiz, zentzumen guztiei mintzatzen zaiena eta zentzumen guztietan gorderik dagoena, zerbait egiten dugunean bestea gure alboan isilik eta ikusezin nabariarazten diguna. Une labur batez dardarka irauten duen durundi bat bezala antzematen zuen. Denbora hartan Törlessek ez zeukan, nolabait esateko, guraso maite-maiteen (berak deitu ohi zien bezala) irudia buruan margotzerik. Saiatzen baldin bazen samin neurrigabe bat agertzen zen haien ordez. Samin horren joranak zigortu egiten zuen Törless, baina, era berean, bizirik iraunarazten zion, haren sugarrak mingarri suertatu arren erakargarri ere bazitzaizkiolako. Gurasoez pentsatzea aitzakia bilakatu zitzaion, gero eta sarriagotan, samin berekoi hori bere baitan pizteko. Honek bere gozamen handiko harrotasunean kateatzen zuen, kapera bateko bakardadean bezala, non, ehunka argizari eta pintura sakratuetako begien artean, bere buruari ezarritako oinazeak eragindako zauriak intsentsuz igurzten zizkioten.

        Etxe-minaren kemena motelduz eta indargabetuz joan zenean, argiro azaldu zen beraren jitea. Desagertzean, espero zitekeen poztasuna ekarri beharrean, hutsunea utzi zuen Törless gaztearen ariman. Eta «ezerez» horretan, barneko «betegabe» horretan nabaritu zuen beraz jabetu eta gero desagertutako hura ez zela joran hutsa izan, zerbait positiboa baizik, arimako indar bat, berarengan saminaren aitzakiaz loratua.

        Ordurako, dena den, amaituta zegoen, eta estreinako poztasun handi baten sorburu hura ez zen nabarmenki azaldu agorturik egon arte.

        Esnatutako arimaren aztarna grinatsuak haren gutunetatik desagertu ziren berriro garai horretan, eta haien ordez institutuko bizimoduaren eta lagun berrien deskribapen zehatzak irakur zitezkeen.

        Gaixo eta eihar sentitzen zen, oraindik loratu gabe bere lehenengo negua bizitzen duen zuhaitz txiki baten antzeko.

        Gurasoak, berriz, pozik zeuden. Samurtasun bizi, burugabe eta neurgaitzez maite zuten. Institutuko oporrak amaitu eta gero etxea berriro ere hutsa eta hila iruditzen zitzaion beti Törless andreari, eta zenbait egun igaro ondoren ere, negarrez kurritzen zituen gelak, semearen begiradapean egondako edo haren atzamarrek ukitutako gauzak han eta hemen ferekatuz. Aitak zein amak mila pusketatan txikituak izatea ere onartuko zuketen, baldin eta hori semearen onerako balitz.

        Gutunetako zirrara moldakaitzak eta tristura grinatsu eta setatiak mindu egiten zituzten gurasoak, aparteko sentiberatasunean murgilaraziz. Horri jarraitu zion arindura alai eta bareak, ordea, poztu egin zituen eta, horren bitartez semeak krisialdi bat gainditua zuelakoan, beren indar guztiekin sostengatu zuten.

        Ez kasu batean ez bestean ez zuten arimaren garapen jakin baten sintomarik hauteman; aitzitik, samina eta lasaitasuna, hein berean, semearen barne-egoeraren berezko ondoriotzat hartu zituzten. Ez zuten inola ere sumatu heltzen ari zen gazteak bere barneko indarrak askatzeko egindako lehen ahalegina izan zela, arrakastarik gabea baina.

 

        Törless ez zen batere pozik sentitzen, euskarritzat har zezakeen zerbait berriaren bila ari zen, han eta hemen, baina alferrik.

 

        Garai hartako gertaera batek adierazten du orduan Törlessengan hazten hasi eta ondorenean garatuko zena.

        Behinola, institutuan azaldu zen H. printzea, inperioko nobleteriaren familia boteretsu, zahar eta kontserbadoreenetariko baten semea.

        Haren begi leunak motel eta arranditsu iruditu zitzaizkien beste guztiei. Zutik zegoenean aldaka nabarmentzeko eta hitz egitean atzamarrekin jolasteko zuen modua barregarritzat eta emakumezkotzat jotzen zuten. Eta, oroz gaindi, barregarritzat jo zuten institutura gurasoen ordez ordura arteko tutoreak ekarri izana, teologian doktore eta apaiza bera.

        Baina Törlessengan zirrara sakona eragin zuen lehenengo unetik bertatik. Gorteko printzea izateak zerikusia izan bide zuen. Edonola ere gizaki mota ezberdina zen ezagutu berri zuen hura.

        Bazirudien landetan galdutako jauregi noble baten eta gogo jardunen isiltasunak berarengan zirauela artean ere. Mugimendu leun eta malguz ibiltzen zen, kikildurik eta bere baitara herabeti itxita, areto hutsak tente eta tinko zeharkatzeko ohitura daukanaren modura, zeinetan zaila izaten baita ikusezinezko izkinetan beste inorekin topo egitea.

        Printzearekiko harremana, beraz, plazer psikologiko gozo baten sorburu bilakatu zen Törlessentzat. Giza ezagutza mota bat sortarazi zuen berarengan, norbait ahotsaren tonuan, eskuaz gauzak hartzeko moduan, baita isiltasunaren tinbrean eta gorputzak espazio batean egokitzean duen adierazkeran ere —hain zuzen ere, ariman zein giza alorrean zerbait izateko modu iheskor eta ezkutu baina baita ere benetako eta orokorrean— ezagutu eta gozatzen irakasten duena. Era horretan pilatzen dira buruko zein gorputzeko osagaiak eskeleto itxurako gune baten inguruan, izpirituaren izaera aldez aurretik antzematen utziz.

        Garai labur horretan Törless idilio batean bezala bizi izan zen. Lagun berriaren erlijiotasunean ez zuen eskandalizatzeko arrazoirik aurkitu, berarentzat, familia burges eta librepentsalari batean jaioa izaki, zerbait erabat ezezaguna bazen ere. Zalantzatan ibili gabe onartu zuen ordea, bere begien aurrean printzearen izaera nabarmentzen zuen pribilegiotzat harturik, berearen zeharo ezberdin eta alderatzerik gabeko izaeratzat, alegia.

        Printzearekin bidetik urruti zegoen kapera batean bailegoen sentitzen zen, eta hala eguneko argia elizako leihoetan zehar ikusteak, nola gizon horren ariman pilatzen ziren urrezko apaindura hutsalen gainetik begia irristatzen uztearen gozamenak, leku hura berarentzat egokia ez zelako pentsamendua ezabatu zuten. Horrela, printzearen irudi lainotsua osatu zuen, eredu ezkutuen arabera konposatutako arabesko eder bat atzamarraz beregana ekarriko balu bezala, horretaz pentsatzerik izan gabe.

        Baina bat-batean bien arteko lotura hautsi egin zen. Tontakeria baten erruz, Törlessek geroago bere buruari aitortuko zionez.

        Halako batean, erlijio gai bati buruz eztabaidatzeari ekin zioten. Eta une hartantxe jazo zen dena. Zeren Törlessen adimenak eraso egin baitzion printze laztanari, bortizki eta kontrolik gabe. Arrazoizko isekak jaurtiki ziouen printzearen kontra, beronen arimaren eraikin filigranatsua basaki suntsituz, eta ondorioz sutan jarri eta elkarrengandik banandu ziren.

        Harrezkeroztik ez zioten elkarri hitz bakar bat bera ere zuzendu. Törlessek bazekien, bere barne ilunean, zentzugabekeria hutsa egin zuela, eta azterketa intuitibo nahasi batek adierazten zion adimenaren egurrezko makila horrek, oso une desegokian, zerbait fin eta gozoa suntsitua zuela. Hori, dena den, bere menpean ez zegoen zerbait zen. Harrezkero, iraganarekiko joran bat geratu zen beraren barnean, baina ordurako bazirudien beste nonbaiterantz urruntzen zuen korronte batean murgilduta zegoela.

        Denboraldi baten buruan utzi zuen printzeak barnetegia, hor ez zen-eta gustura sentitzen.

 

        Törlessi huts eta aspergarri bihurtu zitzaion ingurua. Baina bitartean helduago izatera iritsia zen, eta antzematen hasitako nerabetasuna ezkutuan eta poliki-poliki hasia zen berarengan sendotzen. Bere garapenaren etapa horri egokitzen zitzaizkion lagun berriak egin zituen garai hartan, etorkizunean garrantzi handikoak izango zirenak. Haien artean Beineberg eta Reiting, baita Moté eta Hofmeiere ere, egun horretan gurasoak agurtzen ari zelarik berarekin zirenak.

        Lagun horiek, harrigarria bazen ere, bere belaunaldiko gaiztoenak ziren, alde batetik talentudunak eta, jakina, familia onekoak, baina, bestetik, basatiak eta burugogor zakarrak. Printzearengandik banandu zenetik pairatzen zuen ekimen-gabezia nabarmena izan zen, hain zuzen ere, mutiko haiekin elkartzeko arrazoia. Haien laguntasunean indartu eta luzatzen zen bere aldaketaren norabide zuzena, oraingoan sentsazio delikatuegien aurrean zuen beldurra beren izaeraz baztertzen baitzuten ikaskideek, indar osasuntsu eta biziaz.

        Törless haien eraginetara moldatu zen erabat, bere buru-egoera, gutxi gora-behera, ondorengoa baitzen: adin horretan Goethe, Schiller, Shakespeare, eta zenbait idazle moderno irakurtzen da institutuan. Irakurritakoa idatzi egiten da berriro, ondo ulertzen ez bada ere. Horrela, erromatar tragediak eta lirikarik sakonenak sortzen dira, orri beteko luzera duten lerrokadetan eta nekez erdietsitako lan bikaineko samurtasunean apailatuak. Berez irrigarri diren gauzek izugarrizko balioa dute garapenaren segurtasunerako, kanpotik datozen loturek eta sentimendu mailegatuek izpirituzko zoru bigun eta arriskugarritik harantzago eramaten baitituzte gazteak, norberak zerbait izan nahi duen baina horretarako oraindik gai ez den urte horietan. Guzti horretatik gero norberarengan zerbaitek irauteak edo ezer ez irauteak ez du axolarik. Norberak bere izaera eskuratzen duenean desagertzen baita soilik aldakuntzaren aldian azaltzen den arriskua. Une horretan bertan gazte bati bere pertsonaren irrigarrikeria hori erakutsiko balitzaio, lurzorua urratuko litzaioke oin azpian, edo hutsartea besterik ez dakusan sonanbulu esnatu berri bat bezala amildegiratuko litzateke.

        Lilura hori, garapena suspertzeko baliagarri izan ohi den trikimailu hori, falta zen institutuan. Baziren hango liburu-bilduman klasikoak, baina aspergarri irizten zieten; horrez gain, nobela sentimentalen aleak eta graziarik gabeko militar-ipuinak besterik ez zegoen.

        Liburu egarriz Törless txikiak dena irakurri zuen, eta pare bat eleberritan aurkitu zuen berarengan tarte batez eragina izango zuen ideia hutsal eta samur bat edo beste, baina bere izaeran benetako eragina izango zuenik ez zuen ezer aurkitu.

        Garai hartan bazirudien Törlessek inolako izaerarik ez zuela.

        Irakurketa haien eraginez, kontakizunen bat edo beste idatzi zuen eta hasiera eman zion epopeia erromantikoren bati. Bere heroiek maitasuna zela-eta pairatzen zuten asaldurak masailak gorritu, pultsua bizkortu eta begiak distirarazten zizkion.

        Baina luma utzi orduko ahaztu egiten zuen dena. Bere izpiritua, nolabait, mugimenduan besterik ez zen bizi. Horregatik, noizbehinkako bultzadei erantzunez, olerki edo ipuinen bat idaztea lortzen zuen. Halakoetan asaldatu egiten zen, baina, hala ere, ez zuen oso seriotan hartzen, jarduera garrantzirik gabea iruditzen baitzitzaion. Ez zuen hortik ezer ere bereganatzen, eta bere baitatik ezer ere ez zen ateratzen. Axolagabekeria gainditzen zuten sentimenduak kanpotik beharturik soilik agertzen zitzaizkion, aktore batek bere paperak beharturik baino antzezten ez duen bezala.

        Burmuinaren erreakzioak ziren. Baina izaera edo arima, ildo zein doinu bezala sentitzen den hori guztia —zeinaren aurrean pentsamendu, erabaki eta ekintzek halabeharrezko, aldakor eta esangura gutxiagokoak diruditen—, adibidez hori, Törless edozein arrazoi ulergarriren gainetik printzearengana erakarri zuena, azken hondo iraunkor hori, erabat desagertua zen Törlessengan aldi hartan.

        Ikaskideengan, berriz, aberekeriak eta kirolerako grinak ezabatzen zuten hondo horren beharrizana, institutuetan literaturaren inguruko jolasek egin ohi duten bezala.

        Törless izpiritualegia zen ikaskideen jokabide horri lotzeko; baina, aldi berean, institutuko bizitzan elkarren kontra etengabe zartadaka aritu eta borrokarako beti prest egon behar izatearen ondorioz agertzen ziren sentimendu faltsuen irrigarritasunak eragindako urguritasun zorrotza adierazten zuen. Bere izaerak zerbait zehaztugabea jaso zuen orduan, bere burua aurkitzea eragotzi zion barneko desanparoa.

        Bat egin zuen lagun berriekin, haien basakeriak erakartzen zuelako. Handinahia zenez gero, ahalegintzen zen han eta hemen besteei nagusitzen. Baina bide erdian geratzen zen beti, eta horregatik pairatu behar izan zituen isekak ez ziren makalak izan. Horrek ulitu egiten zuen atzera. Garai larri hartan Törlessen bizitza lagun zakar eta gizontsuekin lehian aritzeko ahalegin iraunkorra izan zen soilik, eta, halaber, barruko axolagabekeria sakona eginahal horren aurrean.

        Gurasoen bisitaldietan isil eta betizu eusten zion bakarrik zeuden bitartean. Edozein aitzakiaz baliatzen zen amaren losin samurrei ihes egiteko. Gogo onez onartuko zituzkeen benetan, baina lotsatu egiten zen, ikaskideen begiak bereganantz zuzenduta zituen eta.

        Gurasoek onartu egiten zuten hori, garapen-urteetako dorpezia zelakoan.

        Bazkalondoan, erruz azaltzen zen jendea. Kartetan jokatu, jan eta edan egiten zuten, irakasleen gaineko pasadizoak kontatu eta kontseilariak hiriburutik ekarritako zigarroak erretzen zituzten.

        Giro baketsu horrek alaitu eta lasaitu egiten zituen senar-emazteak.

        Ez zekiten Törlessentzat noiz edo behin bestelako orduak ere etortzen zirela, gero eta ugariagoak azken aldian. Zenbait unetan institutuko bizimodua erabat axolagabeko bihurtzen zitzaion. Eguneroko kezken orea desegiten zen orduan, eta bizitzako orduak, barneko lotura galduta, alde orotara sakabanatzen zitzaizkion.

        Maiz egoten zen jesarrita, bere baitara bildurik bezala, gogoeta sakonetan murgilduta.

 

 

        Ordukoa bi eguneko bisitaldia izan zen. Jan eta erre egin zuten, baita ibilaldi bat egin ere, eta heldua zen unea trenak senar-emazteak berriz ere hiriburura eraman zitzan.

        Errailetako dardara leun batek trenaren hurbiltzearen berri eman eta geltokiaren teilatuko kanpaiak hots egin zuen, errukigabe, kontseilariaren andrearen belarrian.

        — Egia da beraz, Beineberg maitea, nire mutikoa zainduko duzula? —zuzendu zitzaion galdezka Törless kontseilaria Beineberg baroi gazteari, mutil luze eta hezurtsua bera, belarri oso atereak baina begi bizkor eta adierazkorrak zituena.

        Törless txikiak umore txarreko keinua jarri zuen agindu horrengatik. Beinebergek, aldiz, balakaturik sentituz, irribarre egin zuen maltzur samar.

        — Eta, bereziki, eskatu nahi nizueke —zuzendu zitzaien orain kontseilaria gainerakoei— semeari zerbait gertatuz gero ahalik eta arinen horren berri emateko.

        Hori entzundakoan Törless gazteak, agurraldi guztietan neurriz kanpoko horrelako kontuak jasan behar izatera ohituta bazegoen ere, sekulako gogaitasunez esan zuen:

        — Baina aita, zer gertatuko zait ba?

        Besteek elkar joka batu zituzten orpoak, ezpata finak alboan tente zituztela, eta kontseilariak hau gaineratu zuen oraindik:

        — Inoiz ez zegok jakiterik zer gerta litekeen, eta guztiaren berri berehala jasoko dudalako pentsamenduak lasaitu egiten naik erabat; azken finean, gainera, balitekek hik idazteko eragozpenak izatea.

        Orduantxe sartu zen trena. Törless kontseilariak semea besarkatu zuen, Törless andreak aurpegiaren kontra tinko uztartuta zeukan errezela, malkoak ezkutatu nahirik; adiskideek eskerrak eman zituzten batak bestearen ondoren, eta, azkenik, bagoiko atea itxi zuen ikuskatzaileak.

        Senar-emazteek berriro ikusi zuten institutuko eraikinaren atzealde garai eta soila —parkea inguratzen zuen murru erraldoi eta luzanga—, eta, horren ondoren, zelai gris-nabarrak eta fruta-arbola sakabanatuak.

 

        Bitartean gazteak geltokitik alde eginak ziren, hirirantz, eta bata bestearen atzean zebiltzan, bi ilara osatuz —horrela bederen hauts lodiena eta likinena saihesteko—, kalearen alde banatan, elkarrekin asko hitz egin gabe.

        Bostak jo zuten eta zelaiak serio eta hotz bihurtu ziren, hori arratsaren zantzua balitz bezala.

        Törless erabat tristatu zen.

        Bazitekeen gurasoen abiatzea izatea horren erruduna, edo agian ordurako natura osoaren inguruan erortzen zen eta urrats gutxiko tartean gauzen formak kolore astun eta hitsekin desitxuratzen zituen malenkonia isil eta sorra.

        Arratsalde osoan zehar leku guztietan pausatua zen axolagabekeria itzel hori herrestan zebilen lautadaren gainetik, lanbroaren arrasto lingirdatsua bailitzan, eta ereindako lurren eta berun grisezko arbi-zelaien gainean itsasten zen.

        Törlessek ez zion begiratzen ez ezkerrean ez eskuinean zeukanari, baina sentitu egiten zuen. Pausoz pauso zapaltzen zituen aurretik zihoanak utzitako oinatzak, hautsean oraindik sumagarriak, eta gauzek hala izan behar zutelako sentipena zeukan, harrizko eginbehar batek bere bizitza osoa mugimendu horretan —pausoz pauso—, lerro bakar horretan, hautsean barrena hedatzen zen zerrenda mehar horretan harrapatu eta lotuko balu bezala.

        Bidegurutze batean gelditu ziren, beste bide batek haienarekin bat egiten zuen soilgune biribil eta zabal batean. Norabide-seinale usteldu bat airerantz zeiharka altxatzen zen bertan, eta inguruari kontrajartzen zitzaion marra horrek garrasi etsiaren eragina izan zuen Törlessengan.

        Aurrera jo zuten berriro. Törlessek gurasoengan, ezagunengan, bizitzan pentsatzen zuen. Ordu horretan janzten da jendea beilaldi baterako edo erabakitzen du antzokira joatea. Eta ondoren jatetxera joaten da, orkestra bat entzun eta kafetegia bisitatu. Harreman interesgarriak izaten ditu. Abentura adeitsuaren itxaropenak biharamunera arte irauten du. Bizitzak, gurpil miragarria bailitzan, beti zerbait berri eta ustekabekoa ekartzen digu biraka.

        Törlessek hasperen egin zuen pentsamendu horien kariaz, eta institutuaren muga itxia hurbiltzen zioten urratsak eman ahala zerbaitek itotzen zuen gero eta tinkoago.

        Kanpaiaren hotsa joka ari zitzaion belarrietan. Ezeri ez zion kanpai-hots horri baino beldur handiagorik: aiztokada lazgarria bailitzan modu atzeraezinean markatzen zuen egunaren amaiera.

        Orduan ez zuen ezer ere sentitzen, eta bizitza axolagabekeria iraunkorraren pean iluntzen zen; baina kanpai-hots horrek laidoa areagotzen zuen, eta, amorru sorrean, zirgit eginarazten zion bere buruaz, bere patuaz, eta lurperatu berri zuen egunaz pentsatzean.

        Ezin duk gehiagorik sentitu, datozen hamabi orduetan ez duk sentitzerik izango, hamabi ordutan zehar hilik hago...: horixe zen kanpai-hotsaren esanahia.

 

        Gazte-taldea txabola antzeko lehen etxe baxuen artera iristeaz batera aienatu zen Törlessengandik gogoeta sor hori. Tupusteko interes batek hartu balu bezala, burua altxatu eta parean zituen eraikin txiki eta zikinen barnealde lurruntsua begiztatzen ahalegindu zen.

        Etxe gehienen ateen aurrean, txabusina eta atorra zarpailez jantzitako emakumeak zeuden, oin zikin zabalak eta beso beltzaran biluziak zituztenak.

        Gazte eta sasoikoak zirenek eslavierazko hitz zakarrak jasotzen zituzten mutilengandik. Ukondokadaka jotzen zuten elkar «jaun gazteen» lepotik barre eginez. Noizbehinka, oihu egiten zuen batek edo bestek, bularrak estuegi igurzten zizkiotelako, edo birao algaratsu batekin erantzuten zion izterrean jasotako zapladari. Beste batzuek, berriz, seriotasun amorratuaz begiratzen zieten presaka pasatzen ziren mutilei, eta ustekabean azaldu zen nekazari batek erdi ezbaitsu erdi onkote egin zuen irribarre.

        Törlessek ez zuen bere adiskideen gizontasun ausartiegi eta goiz-heldu horretan esku hartu.

        Arrazoia, gaztetxo gehienei gertatu ohi zaien bezala, sexu gauzetan zeukan nolabaiteko herabetasunean zetzan hein batean, baina batez ere sexu arazoetarako zeukan izaera berezian, lagunena baino kolore ezkutuago, sendoago eta ilunagoa baitzuen, eta nekezago kanporatzen baitzen.

        Besteak emakumeekin lotsagabeki aritzen ziren bitartean —ia «ausarkeriagatik» desioagatik bainoago—, Törless txiki eta isilaren arima kitzikatuta zegoen, benetako lotsagabekeriak astinduta.

        Hain begi sutsuekin begiratzen zuen leiho txiki eta atari zokotsu eta meharretan zehar etxeen barnealdera, ezen dena sare fin baten eitean dantzatzen zitzaion begien aurrean.

        Haurrak iraulka ari ziren etxarteetan, zarama artean eta erdi biluzik; han-hemenka lanean ziharduen emakume baten edo besteren gonak ikusgai uzten zuen belaunpea, edo arropako tolesturen kontra zurrun itsasten zen bular trinko bat. Eta, hori guztiori zeharo bestelakoa zen atmosfera animaliazko eta itogarri batean gertatuko balitz bezala, aire astuna eta geldoa zerien etxeetako korridoreei, eta Törlessek antsiaz arnasten zuen.

        Museoetan ikusiak zituen antzinako pintura ongi ulertu gabeetan pentsatzen zuen. Zerbait itxaroten zuen, irudi haien aurrean inoiz gertatu ez zen zerbait beti itxaron zuen bezala. Zer...?, ...Zerbait harrigarria, inoiz gertatu ez zitzaiona; inolaz ere ezin irudika zezakeen ikuskizun lazgarri bat; sentsualtasun izugarrizko eta animaliazko zerbait, atzaparrez harrapatu eta goitik behera zarrastatuko zuena; gertakari bat, modu oraindik ilunen batean zerikusia bide zeukana emakumeen txabusina zikinekin, haien esku zakarrekin, haien gelen arrunkeriarekin,... patioetako zaramaren zikintzearekin... Ez, ez;... areago sentitzen zuen orduan suzko sarea begien aurrean; hitzek ezin zuten adierazi; ez zen hitzek bihurtzen zuten bezain gogorra, zerbait guztiz mutua zen, zintzurraren iratopena, pentsamendu ia nabariezina, hitzen bidez esaten saiatzean soilik kanporatuko zena; baina iduri luke orduan gehiago urruntzen zela, haren tamaina guztiz handituko balitz bezala, ez bakarrik dena askoz hobeto ikustea ahalbidetuz, baizik eta hor ez ziren gauzak ere ikusaraziz... Bazen, dena den, lotsatzeko modukoa.

 

        — Etxe-mina al du mutikoak? —galdetu zion supituki eta isekari v. Reitingek, ikaskide garaia eta bi urte helduagoak, Törlessen isiltasunak eta begi ilunduek haren arreta erakarria baitzuten. Törlessek irribarre egin zuen asaldatu eitean, Reiting maltzurrak haren barneko gertaerak zelatatu balitu bezala.

        Ez zuen erantzunik eman. Harrezkero iritsiak ziren hit, txikiaren elizako plaza lauzaturaino —karratu baten forma zeukana—, eta elkarrengandik banandu ziren.

        Törlessek eta Beinebergek ez zuten oraindik institutura itzuli nahi. Besteek, ordea, ez zuten luzaroago gelditzeko baimenik, eta etxerantz abiatu ziren.

 

 

        Gozotegira sartu ziren biak.

        Han zeuden jesarrita ohol biribileko mahai txiki baten alboan, lorategira ematen zuen leihoaren aldamenean, gas-koroa baten azpian, zeinaren argiek esne-zurizko esferen atzean gurguratzen baitzuten.

        Giro patxadatsuan zeuden, zenbait edari eskatuta zigarroak erre eta gozokiak jaten zituzten, aldi berean bezero bakarrak izatearen atseginaz gozatuz, atzeko gelan baso bat ardo edaten zegoen gizonaz gain ez baitzegoen han beste inor. Aurrean bare zegoen, eta bazirudien tabernaria ere —emakume gizen eta zaharkitua— loak hartuta zegoela.

        Törlessek emeki iluntzen ari zen lorategia zekusan leihoaz bestaldean, arreta handirik gabe baina.

        Beinebergek hitz egiten zuen. Indiari buruz. Beti bezala. Zeren haren aita, armadako jenerala, ofizial gaztea zeneko garaian han izan baitzen Ingalaterraren zerbitzuan. Eta ez zen mugatu, beste europar askok egin ohi zuen bezala, zurlanduak, oihalak eta jainkoen irudiak ekartzera; horrez gain, budismo esoterikoaren ilunsenti estrainio eta isileko zerbait sentitu eta bereganatu ere egin zuen. Horri buruz ikasitakoa ez ezik, geroago irakurri zuena ere helarazi zion semeari haurtzarotik bertatik.

        Irakurtzearena bitxia zen benetan haren kasuan. Zaldizko ofiziala zen eta liburuak ez zituen orokorrean batere gogoko. Eleberriak erdeinatzen zituen filosofia idazkiak beste. Irakurtzean ez zuen aburu eta gai eztabaidagarriez gogoetarik egin nahi, liburuak zabaldu bezain laster jakintza bikainen erdiraino iritsi baizik, atarte ezkutu bat zeharkatuko balu bezala. Liburu horien jabetzak berak kondekorazio sekretu baten gisakoa izan behar zuen, baita munduz gaindiko errebelazioen bermea ere. Eta hori Indiako filosofia liburuetan soilik aurkitzen zuen, harentzat liburu hutsak bainoago errebelazioak, errealitateak, giltza-idazlanak baitziren, erdi aroko alkimisten magia-liburuen antzekoak.

        Gizon osasuntsu eta bipil hori liburuei lotzen zitzaien, eta, zerbitzuaren eginbeharrak seriotasunez betetzeaz gain, bere hiru zaldiak ia egunero zaintzen zituen, gehienetan arratseko partean.

        Horren ondoren, edozein pasarte hartu alietzera, eta egun horretan ezkutuko zentzua aurkituko ote zuen galdetzen zion bere buruari. Eta ez zuen inoiz etsipenik nozitu, tenplu sakratuko atalondoraino besterik ez zela iristen onartu behar bazuen ere.

        Sekretu solemne baten gisako zerbaitek inguratzen zuen aire zabala maite zuen gizon sendo eta belztu hura. Eguneroko gauaren aurrean aurkikuntza ezohiko bat lortzear zeukalako sinesmenak nagusitasun hertsi batez hornitzen zuen. Begiak ez zituen ameslari, nareturik eta tinko baizik. Ezkutuko zentzua aldatu gabe hitzak lekuz aldatzeko aukerarik ematen ez zuten liburuak irakurri ohi zituen, eta esaldi bakoitzaren zentzuaren eta zentzu bikoitzaren arteko oreka zuhur eta arretaz beteak moldatua zuen haren adierazkera.

        Noizean behin bakarrik galtzen ziren pentsamendu horiek malenkonia atseginezko ilunabar batean. Hori gertatzen zitzaion aurrean zituen idazkien jatorrizko aleetan gorderik zegoen eta milaka gizakik bereganatua zuten kultu sekretuan pentsatzen zuenean. Anaiatzat hartzen zituen milaka gizaki haiek, agian tarte zabal batek berarengandik urruntzen zituelako, zeren, aldi berean, hurbilean xehetasun guztiekin ikus zitzakeenak arbuiatzen baitzituen. Goibeldu egiten zen halako orduetan. Bizitza indar sakratuen iturburuetatik urrun ematera eta bere ahaleginak harremanen zorigaitzean agian ahitzera kondenatuta egoteak zapuztu egiten zuen. Baina puska batean liburuen aurrean jesarrita egon ondoren, tankera berezia hartzen zuen haren umoreak. Malenkonia ez zen leuntzen, aitzitik, areago handitzen zen tristura, baina zapaltzeari utzita. Sekula baino abandonatuago eta toki galduagoan sentitzen zen, baina atsegin fin bat zetzan tristura hartan, zerbait arrotza egitearen atsegina, jainkotasun ulergabe baten zerbitzari izatearen harrotasuna.

 

        Unatu arte hitz egin zuen Beinebergek. Aita miragarriaren irudiak bizirik zirauen berarengan, handituta eta desitxuratuta. Haren zertzelada guztiak gordetzen zituen, baina aitarengan apeta hutsa izan zena —bere bitxitasunagatik mantendua eta goratua— itxaropen fantastikoa bilakatua zen semearengan. Aitaren berezkotasun hori, besteengandik bereiztearren gizaki gehienek eduki behar dutena —arropen aukeratzearen bitartez soilik bada ere— eta gizabanakotasunaren azken babeslekutzat har daitekeena, arimaren ezohiko indar baten poderioz agintaritza eskura zezakeelako sinesmen irmoa bihurtu zen semearengan.

        Törlessek ongi aski ezagutzen zituen hitzaldi haiek. Albotik igarotzen zitzaizkion ia ukitzeke.

        Beineberg zigarro bat egiten ari zen eta Törless, leihotik apur bat urrundurik, hari so zegoen. Eta aldian behin sortzen zitzaion harenganako okaztadura nabarmena sentitu zuen berriz ere. Baina tabakoa trebeziaz hartzen zuten esku ilun mehe haiek ederrak ziren benetan. Atzamar argal obal antzekoak, azazkal ederki moldatuak, nobleziaren adierazgarri ziren, begi nabar-ilunetan eta gorputz osoaren argaltasun luzangan ere hauteman zitekeen noblezia beraren adierazgarri, alegia. Egia zen belarriak nabarmenki atereak zituela, aurpegia txikia eta forma baldarrekoa zela, eta buruaren itxurak, oro har, saguzarra zekarrela gogora. Halaz guztiz —pentsatzen zuen Törlessek, zalantzak baztertuz eta ezaugarri kontrajarri horiek alderatuz—, horren modu berezian kezkatzen zuena ez zen, hain zuzen ere, ezaugarrietan antzeman zitekeen itsuskeria, haien bikaintasuna baizik.

        Gorputzaren argaltasunak ere —Beinebergek berak maiz goraipatzen zuena, Homeroren korrikalarien altzairuzko hanka segailak eredutzat hartuta— ez zion zirrara handirik eragiten. Askotan saiatua zen horren zergatia aurkitzen, baina, une horretan gertatzen zitzaion bezala, ez zuen inoiz azalpen egokirik lortu. Gogo onez arakatuko zituen Beinebergen begiak, baina hura konturatu egingo zen eta elkarrizketaren bati ekin beharko zion. Eta une hartan bertan otu zitzaion zein zen ezberdintasuna, irudiaren erdia bakarrik ikusirik eta beste erdia fantasian osatzean, hain zuzen. Gorputza arropak erantzita irudikatzen baldin bazuen erabat ezinezkoa suertatzen zitzaion argaltasun lasai baten ideiari eustea. Horren ordez, mugimendu urduri eta bilbatuak etortzen zitzaizkion begien aurrera, baita gorputz-atalen bihurritzea eta bizkarrezurraren okertzea ere, martirioaren deskribapen orotan edo urteko ferietako artisten ikuskizun traketsetan aurki daitezkeenen antzekoak.

        Eta eskuetan pentsatzean, nolabaiteko imintzio hobezinen inpresioa jaso beharrean, atzamarren mugikortasuna baino ez zuen nabaritzen. Okaztadurarik handiena, hala ere, Beinebergen eskuetara zuzentzen zen, haren atalik ederrena izan arren. Bazeukaten zerbait lizuna. Horrelaxe deituko zukeen. Eta lizunkeriaren inpresioa sortzen zuten gorputzaren mugimendu bihurriek ere. Bazirudien lizunkeria eskuetan biltzen zela gehienbat, eta hauek ukituko zutelako aurreustea islatzen zela kanporantz, Törlessen larruazalaren gainean euri nazkagarri baten eitean isuriz. Harrituta eta apur bat izututa zegoen burutapen hori zela eta. Zeren bigarren aldiz egun berean, ustekabean eta itxurazko loturarik izan gabe, sexuarekin zerikusia zuen zerbait iristen baitzitzaion pentsamenduen artera.

        Beinebergek egunkari bat hartua zuen eta Törlessek zehaztasunez behatzeko aukera izan zuen.

        Nekez aurki zitekeen ideiarteko lotura horren bat-bateko agerpenaren erantzukizuna izango zuen ezer.

        Oinarririk ez izan arren, gero eta biziago bilakatu zitzaion atsekabea. Bien artean nagusitu zen isiltasunak hamar minutu iraun ez bazuen ere, Törlessen okaztadura punturik goreneraino ailegatua zen ordurako. Beraren eta Beinebergen arteko oinarrizko tenore eta harreman bat azalerazten zen estreinako aldiz, eta bazirudien betidanik ezkutuan egon bide zen mesfidantza supituki azaltzen zela kontzientziara.

        Bien arteko egoera arian-arian zorroztenagotzen ari zen. Hitzez ezin adieraz zitezkeen biraoak zetozkion gogora. Lotsa antzeko zerbaitek urduri jartzen zuen, beraren eta Beinebergen artean jadanik zerbait gauzatu izan balitz bezala. Atzamarrak tarrapataka hasi zitzaizkion mahaiko oholean.

 

        Aldarte berezi hori baztertzearren, leihotik kanpora begiratzen hasi zen berriro.

        Beinebergek begiak jaso zituen egunkaritik; gero, zer edo zer irakurri zuen ozenki, orria alde batera utzi eta aharrausi egin zuen.

        Isiltasunarekin batera desegin zen Törless zapalduta zeukan zama. Hitz garrantzigabeak isuri ziren azkenik une haren gainetik, eta itzali egin zuten. Axolagabekeriak jarraitu zion lehentxeago bat-batean agertutako arreta biziari.

        — Zenbat denbora dugu oraindik? —galdetu zuen Törlessek.

        — Bi ordu eta erdi.

        Sorbaldak goratu zituen dardarka. Zain zeukan agintekeria geldiarazlearen estutasuna sentitu zuen berriz ere. Ikastorduak, adiskideekiko eguneroko harremanak. Beinebergenganako okaztadurak ere ez zirudien egoera berri batek une batez eragindako zerbait baino.

        — Zer dago gaur afaltzeko?

        — Ez zekiat.

        — Zer dugu bihar klasean?

        — Matematika.

        — Ah bai? Zer edo zer egin behar dugu?

        — Bai, trigonometria teorema pare bat; baina arazorik gabe ulertuko dituk, ez ditek ezer berezirik.

        — Eta ondoren?

        — Erlijioa.

        — Erlijioa? Zertxobait izango diagu hor ere. Ziur nagok, aukera izatekotan, bi eta bi bost direla froga nezakeela, jainko bakar bat dagoela bezain ongi...

        Beinebergek isekari begiratu zion Törlessi.

        — Hor bai haizela barregarria! Bazirudik plazera ere ematen diala horrelakoak esateak; begiak behintzat sutan jarrita dituk grinagatik...

        — Zergatik ez? Ez al da bitxia? Beti izaten duk punturen bat, non inork ez baitaki esaten duena gezurra den ala asmatu duen hori norbera baino egiazkoagoa den.

        — Nolatan ba?

        — Hitzez hitz ez hartu. Bazekiagu beti noiz ari garen gezurretan. Baina hala eta guztiz, hain sinesgarriak iruditzen zaizkiguk gauzak horrelakoetan ere, ezen isilik geratzen garen, gure pentsamenduek nolabait harrapaturik.

        — Bai, baina zerk ematen dik ba plazera?

        — Horrexek hain zuzen, bulkada batek buruan, zorabio edo ikaratu batek...

        — Utzi hori ba, umekeria hutsak dituk!

        — Ez diat bestelakorik baieztatu. Hori duk, hala ere, eskola honetako gauzarik interesgarriena, nire ustetan.

        — Xede jakinik ez badauka ere, burmuinarekin ariketak egitearen antzekoa duk hori.

        — Ez —esan zuen Törlessek, berriro lorategirantz begiratzen zuelarik. Atzealdean, urrun, gas-garrek gurguratzen zuten. Sentimendu bat sumatzen zuen, lanbroa bezala barnean goraka zetorkiona.

        — Ez zeukak xederik. Arrazoi duk. Baina zertarako horrelakorik esan? Egun osoan zehar eskolan egiten ditugun gauza guztietatik, zerk dauka benetan xederik? Non aurkitzen dugu baliokoa den zerbait, guretzat balioa daukana..., ulertzen duk? Arratsean bazekiagu beste egun bat bizi izan dugula, hau eta bestea ikasi eta plangintza bete dugula, baina hutsik geratu gaituk, gure baitan esan nahi diat, goseak-edo gaudek barnean...

        Beinebergek zerbait murmurikatu zuen,... trebatzeaz, izpiritua prestatzearen beharraz,... oraindik ezin hasi,... geroago...

        — Prestatzea? Trebatzea? Zertarako ordea? Ezagutzen duk zehatza den zerbait? Zer den ere ez dakian zerbaiten zain hago. Horrela duk. Itxarotearen xedea izateaz gain zer den ez dakigun zerbaiti itxaroten zioagu etengabe... hori bai aspergarria!

        — Aspergarria... —esan zuen Beinebergek pentsakor, buruari eraginez.

        Törlessek lorategiari so jarraitzen zuen. Haizeak biltzen zituen orbelen xuxurla entzun uste izan zuen. Zeharo ilundu aurretik beti agertu ohi den erabateko isiltasunaren unea heldu zen orduan. Ilunabarrean gero eta sakonago aienatutako formek zein urtzen ari ziren koloreek segundo batzuez isilik eta arnasa etenda zeudelako itxura hartu zuten.

        — Aizak, Beineberg —esan zuen Törlessek jiratu gabe—, iluntze aldean bazeudek beti oso tankera berezikoak diren une batzuk. Begiratzen dudan bakoitzean oroitzapen berbera zetorkidak. Behin, haurra nintzenean, ordu hauetan jolasean ari ninduan basoan. Neskamea urrundua zuan nigandik; ez ninduan konturatu, artean nire alboan zegoelako ustetan. Supituki, zerbaitek gora begirarazi zidaan. Bakarrik nengoela sentitu nian. Bat-batean, isil-isilik zegoan dena. Eta ingurura begiratu nuenean, iruditu zitzaidaan zuhaitzak neuri so nituela ingurumarian, zutik eta mutu. Negarrez hasi ninduan, helduek abandonatuta sentitzen ninduan, bizigabeko izakien eskuetan... Zer da hori? Behin eta berriz sentitzen diat. Entzun ezinezko hizkuntza bezalakoa den bat-bateko isilune hori.

        — Ez zekiat zer esan nahi duan; baina zergatik ez dute gauzek hizkuntzarik izango? Ziurtasunez ezin esan zezakeagu ezta arimarik ez dutenik ere!

        Törlessek ez zuen erantzunik eman. Ez zituen gogoko Beinebergen aburu espekulatiboak.

        Tarte baten ondoren hasi zen hau berriz ere:

        — Zergatik jarraitzen duk leihotik begira, zer aurkitzen duk hor?

        — Lehengo arazo berberaz egiten ditiat oraindik gogoetak.

        Baina aitortu nahi ez zuen bestelako zerbaitez pentsatzen ari zen. Une batez soilik lortu zuen sekretu garrantzitsu batek eta bizitzan artean gauzatu gabeko harremanak begiztatzearen erantzukizunak eragindako atezuari eustea. Beti halako exijentziei jarraitu ohi zien bakardade eta abandonu sentimendu hura itzuli zitzaion. Hau sentitzen zuen: «hemen bazegok niretzat zailegia den zerbait», eta haren pentsamenduek, hondoan eta zelatan bazen ere, tartean zegoen beste nonbaiterantz ihes egiten zuten: bakardaderantz.

        Lorategi hutsean hosto bat dantzan zebilen zabuka, leiho argituaren alboan, iluntasuna zeharkatzean marra argi bat atzean utzita. Bazirudien iluntasuna urruntzen zela, atzera egiten zuela, hurrengo unean berriro itzuli eta leihoaren aurrean gelditzeko, murrua balitz bezala. Iluntasun horrek berez mundu bat osatzen zuelako itxura zuen. Etsai beltzen oste baten antzera etorria zen lurrera, eta gizakiak hiltzeraino jipoitu, erbesteratu, edo beste edozer egina zuen haien aztarna guztiak desagerrarazteko.

        Törlessi, horretaz pozten zela iruditu zitzaion. Une horretan ez zituen gizakiak maite, ez nagusiak ez edadekoak. Ilun zegoenean ez zituen maite. Ohituta zegoen gizakiak burutik baztertzera. Horren ondorioz mundua etxe huts eta goibela bihurtzen zitzaion, ikara bat sentitzen zuen bularrean, gelaz gela zerbaiten bila ibili beharko balu bezala —gela ilunak, non inork ez baitzekien zer ezkutatzen zen izkinetan—, bereek eta ez beste inoren oinek kurrituko zituzten atalaseak haztamuka zeharkatuz, gela bateraino, zeinean ateak bat-batean atzetik eta aurretik itxi ondoren, oste beltzaren andrearen aurrean ikusten baitzuen bere burua. Une horretan bertan hertsiko ziren zeharkatuak zituen gainerako ate guztien sarrailak, eta orduan iluntasunaren itzalak jagole egongo ziren murruetatik urrun, iren beltzak bailiren, gizakien hurbiltzea galaraziz.

        Tankera hori hartzen zion Törlessek bakardadeari basoan behin batean abandonatu zutenez geroztik, hainbeste negar egin zuen egunetik. Emakume baten xarma zuen, baita gizakoi ez izatearena ere. Berak emakume gisa sentitzen zuen, baina haren arnasa iratopen hutsa zen bere bularrean, haren aurpegia giza aurpegi guztien ahanztura zirimolatsua, eta haren eskuak bere gorputzaz jabetzen ziren ikarak.

        Haren sekretu lizunaren jakitun, fantasia horren beldur zen, eta horrelako burutapenek gero eta areago menpera zezaketelako pentsamenduak kezkatzen zuen. Baina burutapen horiek lasaien eta garbien sentitzen zenean etortzen zitzaizkion. Erreakzioa bailiren, barrenean jaiotzen ari zitzaizkion baina bere adinerako artean egokiak ez ziren ezaguera sentiberak sumatzen zituen uneetan. Zeren moralezko indar fin guztien garapenean hasierako puntu bat baitago, zeinean arima ahuldu egiten den eta bizipen ausarti bat egia bihur daitekeen —arimaren sustraiek ondorenean babestuko duten lurra zulatu eta irauliko balute bezala—, zeinagatik etorkizun handiko hainbat gaztetxok umilazioz beteriko iragana baitaukate.

        Törlessek aldarte jakin batzuk hobeste hori geroan harridurarako erraztasun gisa azaleratuko zen arimazko garapenaren lehen zantzua izan zen. Gerora gaitasun bereizgarri batek menperatuko zuen fermuki. Gertaerak zein gizakiak, gauzak zein bere burua hain modu berezian sentitzera behartuta zegoen, ezen alde batetik deusestezinezko adiezintasuna eta bestetik erabat argitu gabeko hurbiltasunezko sentimendua baitzeukan. Ulergarri zeritzen baina hitz eta pentsamenduetan ezin guztiz adierazizko. Gertaeren eta bere «Niaren» artean, berezko sentimenduen eta barneko «Nia» bilatzen zuen ulermenaren artean, hodeiertz itxurako marra erdibitzaile bat zegoen, bera hurbildu ahala bere irrikatzetik atzera egiten zuena. Bai, bere sentsazioak —ezagunago bihurtuz— pentsamenduekin zenbat eta estuago inguratu, hainbat eta arrotzagoak eta ulertezinagoak iruditzen zitzaizkion aldi berean, eta ez zirudien orduan berarengandik atzera egiten zutenik, baizik eta bera haiengatik urruntzen zela, hurbiltzen zitzaielako irudipena ezin baztertu bazezakeen ere.

        Orduan nekez uler zitekeen kontraesan bitxi horrek tarte zabala beteko zuen gerora bere izpirituzko garapenean. Bazirudien arima zarrastatu nahi ziola, mehatxu egiten zion problemarik nagusiena bilakaturik.

        Borroka horren gogortasuna behin-behinean agertzen zen, ezohiko edozein giro zalantzakor urrundik sumatu bezain laster —apur bat lehenago gertatu bezala—, baina Törless izutzen zuen bat-bateko nekadura bezala soilik. Indarge sentitzen zen, preso eta errendatua bailitzan, bere buruarengandik besteengandik bezain isolaturik; huts eta etsirik oihukatu nahi zukeen, baina, horren ordez, itxaropenez beteriko gizaki serio, oinazeztatu eta nekatu horrengandik urruntzen zen nolabait —artean izuturik brastako ukoarengatik eta jadanik haren bekatuzko arnasa epelak liluraturik—, eta bakardadeak berarentzat zituen ahots xuxurlatiak aditzen zituen.

        Törlessek ordaintzea proposatu zuen supituki. Beinebergen begietan ulertzearen distira ikusi zuen; aldartea nabaritua zion. Törlessek ez zuen gustuko haren ulertzea. Beinebergenganako gaitzespena areagotu egin zitzaion berriro, harekiko elkarkidetza gaizkitu egiten zuela sentituz.

        Baina hori beste alderdi bat baizik ez zen. Gaizkitzea beste bakardade bat da, murru ilun berria.

        Eta elkarrekin hitz egin gabe, abiatu egin ziren.

 

 

        Xir-xir aritu zuen euria azken minutuetan, airea heze eta astuna zen, laino nabarra dardaraz zebilen argiontzien inguruan, eta espaloiek distiratzen zuten han-hemenka.

        Törlessek ezpata hartu, zoladuraren kontra jotzen baitzuen, eta gorputzean bermatu zuen tinko; orpoen hots kalakariak modu berezian asaldatzen zuen.

        Berehala lur biguna zapaldu zuten oinen azpian, hirigunetik urruntzen ari baitziren kale zabal batetik, ibairantz abiatuz.

        Hau itzulinguruka jaisten zen, beltz eta geldo, borborka eta zarata sakona atereaz, oholezko zubiaren azpitik. Argiontzi bakarra zegoen han, hautsez estalia eta kristalak birrindurik. Haize-boladen eraginez argia artega kikiltzen zen eta honen distirak olatu jauzkariak erakusten zituen, noiz edo behin, mutikoen bizkarretan urtzean. Zubiko oholtzarrak oinpean makurtzen ziren, lekutik atera eta berriro itzuliz.

        Beineberg gelditu egin zen, isilik. Ibaiaren beste aldea zuhaitz hostotsuz jantzita zegoen, zeinek, kaleak eskuinerantz jo eta ibaiaren parean jarraitzen zuenez, mehatxu egiten baitzuten, zeharkaezinezko murru beltz baten antzera. Arretaz bilatuz gero, zuzen-zuzen zihoan bidexka mehar eta ezkutu bat aurki zitekeen. Arropak urratzen zizkien sastraka jori eta oparotik tantak erortzen ziren euri gisara. Puska batez ibili ondoren, gelditu eta pospolo bat piztu behar izan zuten. Dena isilik zegoen; ibaiaren xuxurla ez zen ezta entzun ere egiten. Bat-batean soinu zehaztugabe eta hautsi bat iritsi zitzaien urrundik. Oihu edo oharpen baten tankera zuen. Edo zuhaixken artetik haienganantz zetorren izaki adiezin baten deiadar hutsarena. Soinurantz abiatu ziren, gelditu eta berriz ere abiatu aurrera. Ordu laurden bat-edo iragan ondoren, arnasa hartuta, ahots ozenak eta akordeoi baten doinua antzeman zituzten.

        Zuhaitzen arteko tarteak zabalago bihurtu ziren, eta urrats batzuk emanik soilgune baten ertzera ailegatu ziren. Haren erdian bi solairuko etxetzar handi bat zegoen.

        Bainuetxe zaharra zen. Behiala hiri txikiko biztanleek zein inguruneko nekazariek osasunetxe gisa erabilia, azken urteetan ia hutsik zegoen. Bakarrik beheko solairua erabiltzen zen, han baitzegoen fama txarreko ostatu bat.

        Biak lipar batez isildu eta aditzen ahalegindu ziren. Zuhaixken artetik irteteko Törless mugitzen hasi zenean, bota astunen kirrika entzun zen goiko korridorearen oholezko zoruan, eta mozkorti bat irten zen balantzaka. Haren atzean, korridoreko itzalean, emakume bat zegoen, ahots azkarraz eta amorratuaz zer edo zer zioela, ahapeka, gizonari zerbait exijituko balio bezala. Honek barre egin zion eta konkortu egin zen hanken gainean. Gero, eskaera antzeko bat entzun zen, aditzerik izan ez zutena. Ahotsaren soinu lausengarri eta limurgarria soilik entzun zitekeen. Orduan irten zen emakumea ere eta eskua bermatu zuen gizonaren sorbaldan. Ilargiak argiztatzen zituen haren azpigona eta jaka, haren irribarre erregutzailea. Gizonak aurrerantz begiratu zuen eta buruari eragin zion, eskuak poltsikoetan sartuta zituela. Gero tu egin eta emakumea albora bultzatu zuen. Agian zerbait esango zuen. Ondoren emakumearen ahotsa aditu ahal izan zuten, ozenago bihurtua.

        — Ez duk beraz ezer eman nahi? Hi..!

        — Hobe dun gora itzuli, urdanga hori!

        — Zer diok? Alproja halakoa!

        Erantzun gisa mozkorrak harri bat hartu zuen, mugimendu traketsekin:

        — Ez badun oraintxe bertan ospa egiten, gizaki ergel hori, bizkarra berotuko dinat!

        Eta jaurtikitzeko keinua egin zuen. Törlessek emakumearen azken biraoa entzun zuen, eskaileran gora desagertu aurretik.

        Gizona geldirik egon zen apur batean, isilik, harria eskuan aiko-maiko zeukala. Barre egin zuen, hodei beltzen artean ilargi horixkak igerian zeharkatzen zuen zeruari begira. Gero zuhaixka ilarari erreparatu zion, begiak zabal-zabalik, harantz abiatzekotan balitz bezala. Törlessek atzera mugitu zuen oina, badaezpada, bihotza samaraino igotzen zitzaiola sentituz. Mozkorrak hobeto pentsatu bide zuen azken buruan. Eskuak harria erortzen utzi zuen. Goiko leihorantz azken irain gordin bat zuzendu, barre garaile eta zakarrez, eta kantoiaren atzean desagertu zen.

        Bi mutilak mugitzeke zeuden artean.

        — Ezagutu duk? —xuxurlatu zuen Beinebergek— Bozena izan duk.

        Törlessek ez zuen erantzunik eman, mozkortia itzultzen ote zen zelatan. Beinebergek aurrera bultzatu zuen.Jauzi arin eta zuhurrekin —beheko solairuko leihotik isurtzen zen argi kono erakoaren aurretik pasatuz— etxeko korridore ilunera sartu ziren. Zurezko eskailera bihurgune meharretan igotzen zen lehen solairura. Itxuraz norbaitek entzun zituen haien urratsak maila kirrikarietan, edo agian ezpata batek jo zuen zuraren kontra: tabernako atea ireki eta baten bat atera zen, etxean nor sartu ote zen ikustera, akordeoia isildu supituki eta ahotsen zaratotsa eten egin zen lipar batez, itxaroten.

        Ikaraturik Törless eskailerako bihurgunearen kontra estutu zen. Baina bazirudien, ilun egon arren, norbaitek antzemana zuela, zeren zerbitzariaren ahots isekaria entzun baitzuen zer edo zer esaten, atea atzera ixten zen bitartean. Segituan barre algara lehertu zen.

        Lehen solairuko mailartea guztiz ilunpetan zegoen. Ez Törless ez Beineberg ez ziren aurrerako pausorik ematera ausartzen, beste zerbait botako eta zarata gehiago sortuko ote zuten beldurrez. Asaldurak eraginik, hatz presatiekin bilatzen zuten ateko krisketa.

 

        Bozena nekazari gaztea zen garaian hiri handira paria zen. Han, neskame aritu ondoren, kamarako laguntzailea izatera iritsi zen.

        Hasieran oso ongi moldatu zen. Harengan zirauen nekazari-izaerak zein zerbitzatzeko abiadura irmo eta bizkorrak andreen konfiantza ziurtatu zioten —haren izaeran zirauen ukuilu-usainean gordetako zintzotasuna maite zutelako—, baita jaunen maitasuna ere, neskaren lurrina gogoko baitzuten. Gero, agian gogoagatik soilik, agian pozik ez zegoelako edo, agian, suhartasunerako joran sorragatik, bizimodu hori utzi zuen. Tabernako zerbitzari bihurtu zen, gaixotu, etxe publiko dotore batean ostatu aurkitu, eta poliki-poliki, bizimodu lasakak ahitu ahala, probintziara bazterreratu zen atzera.

        Hemen, azken urteak emandako lekuan, jaioterritik gertu, egunean zehar tabernan laguntzen zuen eta arratsean eleberri merkeak irakurri, zigarroak erre eta lantzean behin gizonen baten bisita hartzen zuen.

        Ez zen artean itsusi-itsusi bihurtu, baina bere jokaeraren bidez benetan agerian utzi eta azpimarratu nahi zuen xarma hura desagertua zela bere aurpegitik. Gogoko zuen nobleteriaren munduko dotorezia eta gorabeherak ongi ezagunak zituela esatea, ordurako haietatik urrun bazegoen ere. Hori, bere burua eta, orokorrean, gauza guztiak bost axola zitzaizkiola aitortzen zuen argi eta garbi. Abandonu hori gorabehera, bazuen inguruko nekazarien semeen artean nolabaiteko ospea. Egia zen ttu egiten zutela hari buruz hitz egitean, eta haren kontra beste edozein neskaren kontra baino zakarrago jokatzera beharturik sentitzen zirela, baina hondarraren hondarrean oso harro zeuden haien artean jaioa zen eta mundua bernizean barrena ikusia zuen «gizaki madarikatu» horrekin. Eta harengana joaten ziren mintzatu eta dibertitzera, banan-banan eta ezkutuka bazen ere. Horren bitartez Bozenaren bizitzak harrotasun eta justifikazio hondar bat aurkitzen zuen. Institutuko jaun gazteek poztasun handiagoa sortarazten zituen, inondik ere. Horien aurrean erakusten zituen propio bere ezaugarririk gordinen eta itsusienak, horrelakoa izanik ere —emakumeak berak esan ohi zuen bezala— herrestan etorriko zitzaizkiola jakin baitzekien.

        Lagun biak sartu zirenean Bozena ohean zetzan, erretzen eta irakurtzen, ohi bezala.

        Törlessek, atearen parean zutik, antsiaz xurgatu zuen zekusan irudia.

        — Ene jainkoa, zer nolako mutiko goxoak datozkit hemen? —esan zien eztenkari sartu berriei, destaina apur batekin arakatzeaz batera—. Eta hi, baroi hori, zer esango dik amak honetaz?

        Ohiturakoak zituen horrelako hasierak.

        — Aski dun...! —erantzun zion purrustaka Beinebergek, ohean haren ondoan esertzeaz batera. Törless muturrean jesarri zen; haserre zegoen Bozenak ez ziolako inolako jaramonik egiten, ezezagun bat bailitzan jokatuz.

        Emakume horren etxera egiten zituen bisitak Törlessen poz bakar eta sekretua bihurtuak ziren azken aldian. Urduri jartzen zen asteburua hurbildu ahala, eta irrikaz egoten zen igandeko ilunabarrean harengana isilean abiatuko zen orduaren zain. Isilean ibili behar izatea zen gehien kezkatzen zuena. Bazitekeen, adibidez, lehentxeago tabernan zeuden gazteei bera harrapatzea bururatzea, jolas-gogo hutsagatik txantxaren bat egitea jauntxo gazte biziotsuari. Ez zen koldarra, baina bazekien, hori gertatuz gero, han ez zuela defendatzerik izango. Ezpata erabat alferreko izango zen ukabil zakarren kontra. Horrez gain eskandalua eta zigorra izango zituen zain. Irtenbide bakarrak ihesa edo erregutzeari ekitea izango zituen. Edo Bozenaren babesa onartzea. Hori pentsatze hutsak zirgit eragiten zion. Baina horixe zen! Bakarrik hori! Ez besterik! Beldur horrek, amore eman behar izate horrek erakartzen zuen behin eta berriz. Goi mailako posizioa utzi eta beheko jende artean murgiltzea, haien artean, haiek baino beherago.

        Ez zen biziotsua. Halakorik gauzatu baino lehen okaztadura eta beldurra sentitzen zituen, ekar zitzakeen ondorioengatik. Haren fantasiak bakarrik hartzen zuen norabide kaltegarria. Asteko egunak bata bestearen atzean, beruna bailiren, bizitzaren gainean pilatzen zitzaizkionean, orduan pizten zen erakartzen zuen kitzikapen karruskagarri hura. Bisitaldien oroitzapenek sedukzio guztiz berezi baten irudia osatzen zuten. Bozena doilorkeria izugarrizko izakia iruditzen zitzaion eta harekiko harremana, harekin egonik izandako sentsazioak, buru-sakrifizioaren kultu lazgarri hutsa. Eguneroko bizitzan inguratu eta lotzen zuen guztia uzteak kitzikatu egiten zuen: goi mailako posizioa, txertatuak zeuzkan pentsamendu eta sentimenduak, ezer ere ez zion ematen eta zapaldu egiten zuen hori guztia. Biluzik, dena erantzirik, korrika bizian emakume horrenganantz ihes egiteak kitzikatzen zuen.

        Hori guztia beste gazte askori gertatzen zaionaren antzekoa zen. Bozena jator eta ederra izan balitz eta Törlessek maitatu ahal izan balu, ausiki ere egingo ziokeen bion gozamena samineraino igoaraziz. Zeren gizaki helduaren lehenengo grina ez baita inor maitatzea, dena gorrotatzea baizik. Ez ulertua sentitzea, eta mundua ez ulertzea, ez doaz estreinako grinarekin batera, honen ezinbesteko zergatia dira. Eta hau ihesa baino ez da, non bi izateak bakardade bikoitzaren esanahia duen.

        Laster iraungitzen dira hasierako grina gehienak, eta zapore mingotsa uzten dute. Errakuntza bat da, deslilura. Ez dugu geure burua ulertzen, ezta ezein errudun aurkitzen ere. Horren arrazoia drama horretan gizakiak gehienbat halabeharrez elkartzean datza: halabeharrezko bidaideak ihesean. Lasaitasuna iritsi orduko ez dute gehiagorik elkar ezagutzen. Kontrako ezaugarriak nabaritzen ditu batak bestearengan, eta ez komunak direnak.

        Baina hori bestelakoa zen Törlessengan, bakarrik zegoelako. Prostituta zaharkitu eta zitaldu hori ez zen gai Törlessek bere baitan zeukan guztia askatzeko, baina bai —bestea emakumea izanik —barneko horren zati bat garaiz aurretik gainazalera aterarazteko, loratzear dagoen kimu helkorra balitz bezala.

        Horiek ziren orduan zituen burutapen apartekoak eta sedukzio fantastikoak. Baina hainbat aldiz ere oso hurbil egon zen bere burua lurrera botatzetik eta, etsipenagatik, oihuka hastetik.

 

        Bozenak Törlessi jaramonik egin gabe jarraitzen zuen. Bazirudien gaiztakeria hutsagatik egiten zuela, mutikoa haserrarazteko. Supituki berriketa eten zuen:

        — Emadazue dirua tea eta edariak erosteko.

        Törlessek arratsaldean amarengandik jasotako zilarrezko txanponetako bat eman zion.

        Emakumeak labexka makatu bat hartu zuen leihoaren paretik, eta alkohola irazeki; gero, eskaileran behera abiatu zen, astiro eta oinak arrastaka.

        Beinebergek Törless bultzatu zuen:

        — Zergatik hago hain motel? Pentsatuko dik ez haizela ausartzen.

        — Utzi bakean —eskatu zion Törlessek—, ez diat gogorik. Hitz egin hik harekin. Gainera, zergatik hainbeste kontu hire ama dela eta?

        — Nire izena jakin duen unetik, baieztatzen dik nire izebaren etxean neskame izan zela eta nire ama ezagutu zuela. Alde batetik egia zirudik, beste batetik ziur nagok gezurretan ari dena. Atsegin hutsagatik; baina ez diat ulertzen zer datekeen hor atsegingarria.

        Törless gorritu egin zen; pentsamendu bitxi bat bururatua zitzaion. Orduan itzuli zen Bozena edariekin eta ohean jesarri zen berriro Beinebergen alboan. Aurreko berriketari heldu zion berehala.

        — ...Bai, hire amatxo neska ederra zuan. Ez duk egiatan haren antzik, hire belarri atereekin. Alaitsua ere bazuan. Batek baino gehiagok desiratuko zian, dudarik gabe. Arrazoi osoaz.

        Etenaldi baten ondoren, oso barregarri iritzi zion zerbait bururatu zitzaion:

        — Hire osaba, dragoi-ofiziala, ba al dakik nor den? Uste diat Karl zuela izena, hire amaren lehengusua zuan eta gorte egiten zioan garai hartan! Baina igandeetan, andreak elizan zirenean, nigana etortzen zuan. Gelara hau eta bestea eramateko agintzen zidaan hirutik bitan. Gizaseme galanta zuan, gogoan diat oraindik, eta harira etortzen zuan...

        Eta hori esateaz batera esanahi anitzeko barrea egin zuen. Gero, gai horri buruzko berriketa hedatzen jarraitu zuen, bistan zenez atsegin berezia eragiten zion eta. Bere hitzak arruntak ziren eta bazirudien mintzatzean zerabilen adierazkerak dena zikindu nahi zuela.

        — ...Uste diat hire amak ere gustuko izan zuela. Jakin izan balu! Hire izebak osaba eta biok etxetik kaleratuko gintizkean segur aski. Horrelakoak dituk andre finak, baita gizonik ez dutenean ere. Bozena maitea hau, Bozena maitea bestea... horrela ematen ziaten egun osoa. Entzun beharko hituzkeen sukaldaria haurdun geratu zenean. Eta gure artean oinak urtean behin baino sarriagotan garbitzen ez genituela pentsatzen zutelakoan nagok. Sukaldariari ez ziotean tutik esan, hori egia duk, baina gelan zerbitzuan ari nintzelarik entzuten nian hari buruz nola mintzatzen ziren. Hire amak jartzen zuen aurpegiak kolonia-ura eta ez besterik edan nahi duenaren itxura zian. Hori gertatu eta berehala, hire izebak berak sudurrerainoko sabela zeukaan.

        Bozenak hitz egiten zuen bitartean, Törless haren ziplada lohiek hartuta sentitzen zen, defendatzerik gabe ia.

        Emakumeak deskribatzen zuena bizirik zekusan Törlessek, begien aurrean. Beinebergen ama berarena bihurtu zen. Gurasoen etxeko areto argitsuak gogoratu zitzaizkion, baita otorduak giro gurgarriz sarritan hornitu ohi zuten aurpegi zaindu, garbi eta hurbilezinak ere. Esku hotz eta gailenen gizalegezko jokabide bikainak jan bitartean irauten zuen halaber. Antzeko hainbat xehetasun bururatzen zitzaion, eta lotsatu egiten zen gela txiki kiratsu horretan egoteaz eta emagaldu baten hitz iraingarriei dardarka erantzuteaz. Manerak uneoro gordetzen zekien gizatalde haren portamolde hobezinaren oroitzapenak edozein moralezko gogoetak baino eragin sakonagoa izan zuen berarengan. Oroitzapen horren grina ilunak erretzen zuen Törless, honek irrigarri zeritzon moduan. Fermutasun irudikorrez ikusi zuen esku baten mugimendu baztertzaile hotza, irribarre isila, zeinekin bera zokoratu nahi baitzuten, garrantzi gabeko animalia zikina bailitzan. Guztiarekin ere, bere lekuan geratu zen, tinko eserita.

        Xehetasunak gogoratu ahala gorrotozko pentsamendu-katea bat hazten zitzaion, lotsarekin batera, gero eta areago. Beinebergek Bozenaren berriketaren gaineko azalpenak emateaz batera hasia zen, Törless gorritu zenean.

        Une hartan burura supituki etorri zitzaion amaren irudiak lotuta zirauen berarengan, ezabatu ezinik. Irudi horrek, kontzientziaren muga zeharkatuta, ertzean jo zuen —tximista bezain agudo edo urruntasun zehaztugabean—, ustekabean ikusita, ia pentsamendu baten itxura hartu gabe. Estali beharreko galdera mordo batek jarraitu zion: «Zerk ahalbidetzen du Bozena honen bizitza zantarra eta nire amarena elkarri hurbiltzea, biak pentsamendu berberean indarrez estutzea? Zergatik ez du bekokiarekin lurra ukitzen hartaz hitz egiten duenean? Zergatik ez da agerikoa, amildegi bat tarteko bailegoen, bien artean ez dagoela inolako antzekotasunik? Zergatik ote hau guztia? Emakume hau sexu-irrits guztien korapiloa duk niretzat; ama, aldiz, egun arte nigandik urrun, hodeirik gabe, garbi eta itzalik gabe nire bizitzan zehar ibilia, gurari guztietatik haratago legokeen izarra bezalakoa duk».

        Baina galdera horiek ez ziren benetan garrantzizkoak. Ez zuten berarengan eraginik ia. Bigarren mailako zerbait ziren. Törlessi geroxeago burututako zerbait. Biderkatu egiten ziren, haietariko batek ere ez zuen-eta egiazkoa adierazten. Aitzakiak baizik ez ziren, saihesbideak, aldez aurretik, supituki, senaz, sortu baino lehen zentzu gaiztoan erantzuna emana zuen arimazko lotura baten errealitatearen zantzuak. Törlessek horditurik begiratzen zion Bozenari, ama ezin ahantz zezakeela. Barnetik zihoakion katea batek lotzen zituen biak elkarrekin. Gainerako guztia ideien elkarlotura horretan kiribiltzea baino ez zen. Horixe zen errealitate bakarra. Baina pisu hori ezabatzeko ezintasunaren bitartez aparteko esanahi ilun bat agertu zen, irribarre maltzur baten antzera ahalegin guztiei lagun egiten ziena.

 

        Hori guztia bazter uzteko asmoz Törlessek gelako ingurua aztertu zuen. Baina gauza ugari ziren buruan zeukanaren isla: gainaldean orban ugertsuak zituen burdinazko berogailu txikia, oheko zutoin korrokoilduak, kaiza hainbat puntutan marguldua, izara maiztuetako zuloetatik barrena ikus zitekeen ohe-arropa zikina; Bozena, sorbalda agerian uzten zion atorra, azpigona nahasiaren kolore gorri arrunta, haren irribarre zabal berritsua; eta azkenik Beinebergen jokabidea, berearekin alderatuz apaiz zoratu eta lizun batena zirudiena, otoitzetan era serioan esanahi bikoitzeko esaerak apailatzen...; hori guztia beraz jabetu eta pentsamenduak atzera bihurtzen zizkion bortizki.

        Alde batetik bestera iheska izutuan zerabiltzan begiratuek puntu bakar batean aurkitu zuten bakea: gortina txikien gainaldean. Handik sartzen ziren zeruko hodeiak eta ilargi geldia.

        Gaueko aire bare eta hozkirrira bat-batean irtena zela iruditu zitzaion. Pentsamendu guztiak zeharo lasaitu ziren une batez. Oroitzapen goxo bat etorri zitzaion. Aurreko udan egon zen landetxea. Parke isilean emandako gauak. Belusezko ortzi duna, izar dizdizariak. Parkearen sakonetik zetorren amaren ahotsa, aitarekin legarrezko bidexka argitsuetan paseatzen zenean. Amak ahots erdi ozenez abesten zituen kantak. Baina orduan... gorputza hotz zeharkatuz... hor zegoen berriro alderatze mingarria. Zer sentitu ote zuten biek une hartan? Maitasuna? Ez. Lehen aldiz zetorkion pentsamendu hori. Guztiz bestelako zerbait izan behar zuen. Ez pertsona nagusi edota edadekoei zegokien zerbait; ezta beraren gurasoei ere. Gauez leiho irekian jesarri eta nagusiek ez dituzten abandonu sentimenduak izatea, irribarre eta begiratu isekari bakoitzaren nahasmendua, norberaren garrantzia azaltzeko ezintasuna, hori ulertuko lukeen norbaiten irrika..., hori da maitasuna! Baina horretarako gaztea izan eta bakarrik egon beharra dago. Gurasoengan bestelako zerbait izango zen; zerbait lasai eta narea. Amak xumeki abesten zuen arratsean, lorategi ilunean, eta bare zegoen...

        Baina hori zen, hain zuzen ere, Törlessek ulertzen ez zuena. Plan eramangarri horiek, helduarentzat konturatzeke egunak hilabetetan eta urtetan elkarlotzen dituztenak, arrotz zitzaizkion artean. Baita egunaren amaiera noiz datorren garrantzirik gabekotzat jotzen duen gogogabetasun hori ere. Bere bizitza egunez eguneko tartera mugatzen zen. Gau bakoitzak ezereza, hilobia, iraungipena esan nahi zuen berarentzat. Egunero hiltzera etzan ahal izatekoa, horretaz gogoetarik egin gabe, ikusi gabe zeukan artean.

        Horregatik, zerbait ezkutatzen ziotela susmatu zuen beti. Berarentzat gauek atari ilunen antza zuten, zeinek norbaitek estaltzen zizkion gozamen ezkutuetara baitzeramaten, bere bizitzak huts eta dohakabea izaten jarrai zezan.

        Aspaldiko arrats batean ikusi zuen amaren barre bakana eta senarraren besoan indar jostariz bermatzeko haren modua gogoratu zitzaizkion. Bazirudien horrek zalantza guztiak ezabatzen zituela. Ukiezinen eta lasaien mundutik atarte bat ailegatzen bide zen horraino. Eta defentsa indargabetzen zion mesfidantza gaizto horretaz irribarrez soilik pentsa zezakeela jakin zuen.

        Bitartean, Bozenak hizketan segitzen zuen. Törlessek erdi erne aditzen zuen. Igande gehienetan hara joan ohi zen norbaitez ari zen.

        — Nola du izena? Hire ikasmailakoa duk.

        — Reiting?

        — Ez.

        — Nolako itxura du?

        — Horren altuerakoa duk, gutxi gora-behera —Bozenak Törless seinalatu zuen—, burua, berriz, aukeran handiegia dik.

        — Ah, Basini?

        — Bai, bai, horixe dik izena. Bai dela barregarria. Eta dirua xahutzen dik; ardoa besterik ez dik edaten. Diru mordoa kostatzen zaiok, eta nirekin mintzatu baizik ez dik egiten. Etxean omen dituen amodioez aritzen duk harroputz; ba al dauka baten bat? Nik argi ikusten diat ez duela emagaldurik inoiz ezagutu. Hi ere mutiko bat haiz, baina ausarta haiz; hura, ordea, traketsa duk eta beldurrak zegok, horregatik kontatzen zidak burutik buru nola jokatu behar duen bizizale batek —berak dioen bezala— emakumeekin. Dioenez emakumezkoek ez ditek besterik merezi; nolatan jakin dezake hori?

        Beinebergek irribarre isekariz begiratu zion, erantzun gisa.

        — Bai, egin barre! —agindu zion Bozenak jostari—. Behin galdetu nioan ea amaren aurrean ez zen lotsatuko. «Ama?»... «Ama?» esan zian, «zer da hori?», «hori ez dun orain existitzen. Hori etxean utzi dinat, higana etorri aurretik». Bai, ireki itzak belarri luze horiek, horrelakoak zarete zuek! Semetxo begikoak, jaun gazte finak; errukia ematen zidatek zuen amek!...

        Törlessi, hitz horiek entzunda, bere buruaren gaineko lehengo burutapenak itzuli zitzaizkion. Nola dena atzean utzita gurasoen irudiari traizioa egina zion. Eta orduan konturatu zen ez zela berak bakarrik egindako zerbait, baizik eta beste askoren ohiko kontua. Lotsatu egin zen. Baina han ziren gainerako pentsamenduak ere. Besteek ere egiten dute! Traizioa egiten diate! Badituk isilpeko jolaskideak. Balitekek besteengan bestelakoa izatea, baina horrek berdina izan behar dik: gozamen ezkutu eta apartekoa, non eguneroko simetriak sortarazitako beldurra itotzen baitugu... Gehiago ere ba ote dakite...?! Erabat ezohiko zerbait? Hain zeudek lasaiturik egunean zehar;... eta amaren barre hori?... urrats lasaiz ate guztiak ixtera joango balitz bezala.

        Gatazka horretako une batean Törlessek amore eman eta, bihotza iratorik, ekaitzak eraman zezan utzi zuen.

        Eta une horretan bertan altxatu zen Bozena, eta hurbildu zitzaion.

        — Zergatik ez du txikiak ezer esaten? Kezkatuta dago? Beinebergek zer edo zer xuxurlatu eta irribarre maltzurra osatu zuen.

        — Zer, etxe-mina? Alde egin al du amak? Eta mutiko bihurria ziztu bizian dator nigana!

        Bozenak eskua sartu zion adatsean, samur eta hatz irekiekin.

        — Tira, ez izan ergela. Emadak musu bat. Gizaki sotilak ez dituk goxokien gisakoak —Eta burua atzera makurtu zion.

        Törless saiatu zen zerbait esaten, txantxa zakarren bat asmatzen, kinka hartatik irteteko edozein hitz axolagabe esatea ezinbestekoa zela sentitzen baitzuen, baina ez zuen tutik ere esan. Harrizko bihurtutako irribarrez tinko begiratu zion gainean zeukan aurpegi lasakari, begi lausoei; kanpoko mundua txikitzen hasi zitzaion..., gero eta urruntzenago... Harria altxatua zuen nekazari gaztearen irudia agertu zitzaion une batez..., beraz trufatzen zela zirudien..., gero bakar-bakarrik geratu zen.

 

 

        — Aizak, bazekiat nor den —xuxurlatu zuen Reitingek.

        — Nor?

        — Kutxatiletako lapurra.

        Törless itzuli berria zen Beinebergekin. Afaria hastear zegoen eta zerbitzuan jardun ohi zuten jagoleak alde eginak ziren. Mahai berdeen artean talde berritsuak ikus zitezkeen, eta aretoan zehar bizitzak gurguratu eta durundi egiten zuen epel.

        Ikasgela arrunta zen, hormak zuriz margotuta zeuden, gurutzefika beltz handia zeukan, eta agintean zeuden errege-erreginen irudiak arbelaren alde banatan. Artean beroturik ez zegoen burdinazko berogailu handiaren ondoan, batzuk oholtzan, beste batzuk inguruan paratutako aulkietan, eguerdian Törless senar-emazteak geltokira lagundu zituzten gazteak jesarrita zeuden. Reitingez gain, baziren han Hofmeier garaia eta Dschjusch izenordea zeukan Poloniako konde txiki bat ere.

        Törlessek jakin-min nabaria zuen.

        Kutxatilak gelaren atzeko muturrean zeuden. Kutxa luzeak ziren, bakoitza giltzaz ixten ziren kaxoi ugariz osatua. Institutuko apopiloek gutunak, liburuak, dirua eta mota guztietako zarameriak gordetzen zituzten hor.

        Azken boladan, sosen batzuk desagertu zirela eta, hainbat kexu entzun ziren, inori buruzko susmorik adierazi ez bazen ere. Beineberg izan zen, aurreko astean, dirutza handi samar baten lapurreta nozitu zuen lehenengoa. Baina, Törlessek eta Reitingek izan ezik, inork ez zekien horren berri.

        Susmoak zerbitzariengana zuzendu zituzten.

        — Esadak ba! —eskatu zion Törlessek; baina Reitingek keinu bat egin zion agudo—. Pst!... geroago. Inork ez zekik ezer horretaz.

        — Zerbitzari bat? —xuxurlatu zion Törlessek.

        — Ez.

        — Eman argibideren bat... Nor?

        Reitingek, beste guztiengandik bereizirik, ahapeka esan zuen:

        — B.

        Tentuz eramandako elkarrizketa horretatik ez zuen inork, Törlessez gain, fitsik ere ulertu. Baina jakinarazpenak itsumustuko zartada baten eragina izan zuen harengan. «B?» Horrek Basini izan behar zuen. Baina hori ezinezkoa zen! Haren ama andre aberatsa zen. Haren tutorea jaun agurgarria. Törlessek ez zuen sinetsi nahi, baina, aldi berean, Bozenak kontatutakoa etorri zitzaion gogora.

        Ezinegonez itxaron zuen besteak jatera joango ziren unea. Beineberg eta Reiting bertan geratu ziren, eguerdian asko jan zutela-eta gose ez zirelako aitzakiaz.

        Reiringek proposatu zuen, hitz egin baino lehen, «gora» igotzea.

        Ikasgelen kanpoaldean luzatzen zen korridorera irten ziren. Gasezko gar dardaratiek tarte laburrak argitzen zituzten soilik, eta, emeki ibili arren, urratsen durundia gune hutsetan entzun zitekeen.

        Atetik berrogeita hamar metrora eskailera bat igotzen zen bigarren solairura, zeinean natur zientzien kabinetea, irakaskuntza-tresnak eta ikasgela huts batzuk zeuden.

        Hortik aurrera eskailera mehar bihurtzen zen, eta, angelu zuzenean elkartutako maila laburretan, ganbarako solairuraino zeraman. Hor amaitu beharrean —eraikin zahar asko, logikarik gabe, maiz xederik ez duten zoko eta mailez hornituta dauden bezala— zoruaren paretik gora egiten zuen zati batean, ganbarako sarbidea ixten zuen burdinazko ate sendar bateraino. Ateaz bestaldean zurezko eskailera batetik jaitsi beharra zegoen, ganbarara ailegatu ahal izateko.

        Atetik hona, berriz, eskaileraren azpialdean, zenbait metrotako altuera zuen hutsune galdu bat sortzen zen. Inoren oinek zapaltzen ez bide zuten gune horretan aspaldiko antzerki-emanaldietako tramoiak zeuden pilaturik.

        Egunaren argia iraungitzen zen hauts zaharrez gainezka zegoen eskailera ilunean, —baita eguerdi eguzkitsuetan ere—, zeren eraikin sendoaren hegal baten kontra bermatzen zen ganbararako igobide hori ez baitzen ia inoiz erabiltzen.

        Eskailerako azken maila-buruan Beinebergek kalostraren gainetik jauzi egin zuen, eta, barroteen laguntzaz, tramoien artean erori zen. Törlessek eta Reitingek haren bideari jarraitu zioten. Behean, xede horrekin propio jarritako kutxa batean oinak jarri zituzten, eta, azken jauzi baten ondoren, zoruraino heldu ziren.

        Eskaileran inor egotekotan, haren begiak ilunpetara ohitu arren, ezinezkoa izango zitzaiokeen elkarren kontra eta ordenarik gabe pilatutako tramoia puntadun mordo nahasi bat baino antzematea.

        Hala ere, Beinebergek tramoietako bat albora mugitu zuenean, ikusgai geratu zen behealdean hodi itxurako sarbide mehar bat.

        Mutilak, jaitsieran euskarri bezala erabilitako kutxa ezkutatu ondoren, tramoien artean sartu ziren.

        Bidea guztiz ilun zegoenez, ezinbestekoa zen lekua oso ondo ezagutzea aurrera jo ahal izateko. Mihisezko paretak kirrika egiten zuen, han-hemenka, mutilek ukitzen zutenean; sagu ikaratuen murmurioa entzun zitekeen, eta usteldutako arka zaharren kiratsa barreiatzen zen.

        Hiru mutilek, bide horretara ohituta baitzeuden, aurrera segitu zuten, pausoz pauso eta kontu handiz, alarma-gailu eta tranpa-trikimailu gisa alde batetik bestera jarritako kordeletan ez trebukatzeko.

        Denbora dezente iragan ondoren, eskuinaldean zorua erdibitzen zuen murruan zegoen ate txiki batera iritsi ziren.

        Beinebergek ate hori ireki zuenean, eskaileraren goiko maila-buruaren azpian geratzen zen gelatxo baten antzeko hutsune mehar batera sartu ziren. Beinebergek piztua zuen kriseilu txikiaren argi dardaratiak abenturazko itxuraz hornitzen zuen toki hori.

        Maila-buruaren azpiko tartean sabaia horizontala zen, eta, gelatxoaren tarterik altuena izan arren, haren altuerak zutik egotea eragozten zuen ia. Atzera jo ahala, aldiz, sabaia beherantz makurtzen zen, eskaileraren parean, angelu itxi eta zorrotz batean bukatu arte. Angelu honen eta haren aurreko paretaren artean osatzen zen gela txikiak ganbara eta eskaileraren egitura bereizten zituen murru erdibitzailean jotzen zuen, eta horrela, eskailera bermatzen zen eta luzeran hedatuz zihoan murru hori gelatxoaren muga naturala bihurtzen zen. Baina bigarren paretak —atea zeukanak—, ordea, nolabaiteko xedearekin eraikia zirudien. Baliteke tresneria-gordeleku izateko eraiki izana, edo agian etxegileak, erdi aroko ereduren bati jarraituz, zoko iluna ikusi eta ezkutalekua egin nahi izan zuen, hutsunea pareta horrekin hertsiz.

        Nolanahi ere, hiru mutilez gain, institutu osoan ez zen gela horren berri zuenik beste inor, eta are gutxiago, jakina, helburu zehatzekin erabiltzeko asmoa izango zuenik.

        Hori horrela, gelatxoak, mutilen gogoaren arabera apainduta, abenturazko giroa zeukan.

        Paretak Reitingek eta Beinebergek soto batean lapurtutako banderen ehun gorriaz jantzita zeuden, eta, bitan tolestuta, neguan logeletan bigarren burusi gisa erabiltzen ziren bururdietako batek estaltzen zuen zorua. Ganbara itxurako gelatxo horren aurrealdean ehunez estalitako kutxa batzuk zeuden, jesarleku gisa erabiltzen zirenak; atzealdean, zoruak eta sabaiak bat egiten zuten zokoan, ohantze bat zegoen apailatuta. Gortina batek ilunpetan utzi eta gelaren aurrealdetik bereizten zuen atzeko zati hori, hiru edo lau pertsonarentzako aterpea eskaintzen zuena.

        Atearen ondoko paretan, errebolber kargatu bat eskegita zegoen.

        Törlessek ez zuen gela hori guztiz gogoko, nahiz eta, alde batetik, haren mehartasuna eta bakardadea gustatzen zitzaizkion, mendi baten barruan bezala sentitzen zelako. Gainera tramoien hauts usainak zeharkatu egiten zuen, zehaztugabeko sentsazioak eraginez. Baina, beste alde batetik, tema eta sekretu giroa sortarazi behar zuten ezkututasuna, alarma-kordel horiek eta errebolberra irrigarri iruditzen zitzaizkion. Bazirudien lapurren bizimodura bultzatu nahi zutela.

        Törlessek parte hartzen zuen, baina bakarrik beste biei jarraitzeko. Beinebergek eta Reitingek, ordea, seriotasun osoz hartzen zituzten gauza haiek. Törlessek bazekien hori. Bazekien Beinebergek institutuko soto eta behe-solairuko gela guztiak ireki zitzaketen giltzak zeuzkala. Bazekien ere sarritan ikas orduetan desagertzen zela eta, nonbait jesarrita —sabaiaren goiko gapirioetan, edo lur azpian, abandonatutako galga ugarietako batean—, aldean beti eramaten zuen eskuargiaren argitara, abenturazko istorioak irakurtzen zituela edo naturaz gaindiko pentsamendutan murgiltzen zela.

        Antzekoak zekizkien Reitingi buruz. Honek ere bazeukan zoko ezkutu bat, etorkizunerako zituen egitasmo maltzurrak biltzen zituzten egunkariak gordetzeko; hauek, ikaskideen artean eragin nahi zituen azpikeria ugarien zioen, antolaketaren eta bilakaeraren gaineko ohar idatziz beterik zeuden. Zeren Reitingek ezagutzen zuen plazerik handiena gizakiak elkarren kontra xaxatzea baitzen, bata bestearen laguntzaz zapuztea eta indarkeriaren bidez mesede eta lausenguak irabazteaz gozatzea, haien azalaren azpian gorrotoaren gaitzespena antzeman bazezakeen ere.

        — Trebatu egiten nauk —esaten zuen aitzakia moduan, adeitsuki barre eginez. Eta ia egunero leku ezezagun batean egiten zuena ere trebatze-ariketak ziren: horma, zuhaitz edo mahai baten kontra ukabilkadaka aritzen zen, besoak sendotu eta eskuetako ikorzirinak gogortzeko asmoz.

        Törlessek bazuen horren guztiaren berri, baina hein batean baizik ez zuen ulertzen. Noizean behin jarraitu zien Reitingi eta Beinebergi haien ibilera bitxietan. Horren ezohikotasuna gustatzen zitzaion, baina ondoren egunaren argitara itzultzea eta bere burua ikaskideen artean berriro ikustea ere, baretasunaren erdian, belarrietan eta begietan bakardadearen asaldura eta iluntasunaren haluzinazioak dardarka sentitzen zituelarik. Baina Beinebergek edo Reitingek hain kitzikagarri zitzaizkien hitzaldi harroputzei ekiten zietenean, entzule bat nahi eta bera hartzen zutela, orduan agortzen zitzaion ulermena. Reitingi berotuegi irizten zion halakoetan. Aitari buruz hitz egiten zuen batik bat, pertsona bitxia, aldakorra eta gero desagertua izan zela esanez. Haren izena maila bikaineko familia bat ezkutatzen zuen izenordea omen zen. Amak eskakizun handinahiak edukitzera bultzatu zuenez, estatu kolpeak burutzeko eta goi-politikan sartzeko asmoa zuen ofizial izatera iritsi eta gero.

        Asmo horiek ez ziren, Törlessen aburuz, benetan sinesteko modukoak. Iraultzen mendeak behin-betiko iraganak zirelakoan zegoen. Halaz guztiz, amore eman eta Reiting, neurri mugatuan, seriotan hartzen zuen. Hau tirano hutsa zen, gupidagabea aurre egiten ziotenekin. Alde zituen jarraitzaileen kopurua egun batetik bestera aldatzen zen, baina gehiengoa izaten zen beti. Horretan zetzan haren talentua. Urte bat edo bi lehenago gerra bati ekin zion Beinebergen kontra, honen hondamenarekin amaitu zena. Beineberg nahikoa isolaturik geratu zen bukaeran, nahiz eta, gehienen iritziz, odol-hoztasunari eta bere buruaren kontrako ezinikusiak sortzeko ahalmenari zegokionez, Reitingen parean zegoen. Baina etsaiaren adeitasuna eta begikotasuna falta zituen, eta haren gelditasunak zein filosofiarekiko uztardurak mesfidantza sortzen zieten gehienei, mota ezezaguneko gehiegikeriak sumatzen baitzituzten haren izaeraren hondarrean. Guztiarekin ere, oztopo zailak jarri zizkion Reitingi, eta honen garaipena halabehar soilaren ondorioa izan zen. Harrezkeroztik, elkarren interesak tartean zirelako, elkarrekin iraun zuten.

        Törless, aldiz, axolagabe azaltzen zen gauza horien aurrean. Ez zen halakoetan batere trebea. Baina, hala ere, sartuta zegoen mundu horretan, egunero zeukan begien aurrean, eta ikus zezakeen zer esan nahi zuen estatu batean —zeren horrelako institutu batean klase bakoitza estatu txikia baita— posturik gorenaren jabe izateak. Horregatik, bi lagunenganako begirune zuhurra erakusten zuen. Batzuetan haiek imitatzeko sentitzen zituen bulkadak saiakera diletanteak baino ez ziren. Hori horrela, eta besteak baino gazteago izanik, haien ikasle edo laguntzaile antzeko zerbait bilakatu zen. Babesa ematen zioten eta haren aholkuak entzuten zituzten. Zeren Törlessen izpiritua azkarrena baitzen. Arrasto bati jarraitzen hasiz gero, berebiziko emankortasunez asma zitzakeen konbinazio eta kako-makorik korapilatsuenak. Inor ez zen gai, bera bezain ongi, egoera jakin batean gizakien jokabidearen ahalbide guztiak aurresateko. Baina bere kabuz erabaki behar zuenean, eskura zituen psikologia-ahalbideen artean bat aukeratu eta horren arabera jokatu behar zuenean, orduan huts egiten zion, interes osoa galdu eta indarge geratzen zen. Hala ere, aginte-batzordearen isilpeko buruaren eginkizuna gustatzen zitzaion. Batez ere, hori zelako barneko gogaitasun sakona arintzen zion gauza bakarra.

        Batzuetan, haatik, barne-menpekotasun horren ondorioz galtzen zuenaz konturatzen zen. Egiten zuen guztia institutuko bizimodu ziztrina jasangarri bihurtzen zuen joko hutsa iruditzen zitzaion. Ez zuen inolako zerikusirik haren benetako izaerarekin, etorkizunean eta artean zehaztu gabeko garaian agertuko zenarekin.

        Zenbait aldiz, bi lagunek gauza horiek zein seriotan hartzen zituzten ikustean, ulermenak huts egiten ziola sentitzen zuen. Txantxetan hartuko zituzkeen, baina beldurrak zegoen ez ote zen, haien fantasien atzean, berak antzeman zezakeena baino zerbait egiazkoagorik gorderik egongo. Bi munduren artean erdibituta sentitzen zen: bata, guztiz hiritarra, zeinean dena erabat araututa zegoen eta arrazoiaren arabera ziharduen, etxean ikusia zuen bezala; bestea, abenturazkoa, iluntasunez, sekretuz, odolez eta ustekabe irudikaezinez betea. Bazirudien batak bestea erabat baztertzen zuela. Ezpainetan gorde nahi zukeen irribarrea eta bizkarra kurritzen zion ikara gurutzatu egiten ziren. Pentsamendu-errainu bat antzeman zuen...

        Bere baitan zerbait zehatza sentitzen hasteko irrika nabaritu zuen; ongia eta gaizkia, erabilgarria eta erabiltezina bereiziko zituzten premia finkoak; nahiago zukeen aukeratu ahal izan, huts egin arren, dena muturreko sentiberatasunez hartu baino.

        Gelatxoan sartu orduko, leku horretan beti gertatu ohi zitzaion bezala, barneko gatazka horrek menpe hartu zuen berriro. Bien bitartean, Reiting kontatzen hasia zen:

        Basinik dirua zor zion; eta ordainketa eguna, ohore-hitza eman arren, behin eta berriro atzeratua zuen.

        — Ez nian ezer horren kontra —jarraitu zuen Reitingek—. Zenbat eta beranduago ordaindu, orduan eta denbora luzeagoz izango nian neure menpean. Ez al da huskeria, azken finean, ohore-hitza bizpahiru aldiz ez betetzea? Baina, azkenean, diruaren beharra izan nian neuk. Jakinarazi nioan, eta ordainduko zidala zin egin zian solemneki. Jakina, orduan ere ez zian hitza bete. Salatu egingo nuela esan nioan argiro. Beste bi eguneko epea eskatu zidaan, tutoreak dirua igorri behar zioan eta. Anartean haren egoerari buruzko informazioa jaso nian. Beste inorekiko zorrik ba ote zuen jakin nahi nian; hori ere kontutan hartu beharrekoa zuan.

        Igarri nuena ez zitzaidaan batere gustatu. Dschjuschi eta beste zenbaiti ere dirua zor ziean. Horren zati bat ordainduta zeukaan, nola eta niri artean zor zidaan dirua erabiliz. Besteek gogor estutzen ziaten, ordain ziezaien. Horrek haserrarazi nindian. Onberena nintzelakoan ote zegoen? Hori ez zitzaidakean gustatuko. Baina pentsatu nian: «Itxaron. Aukera izango diat ideia hori harengandik uxatzeko». Tutorearengandik jaso behar zuen zenbatekoa aipatu zidaan, ni lasaitzeko asmoz, zor zidana baino diru gehiago zela esanez. Beste ikasleei galdetu niean berriro, eta kalkulatu nian igorriko zioten dirutza ez zela nahiko izango zor guztiak kitatzeko; ezta hurrik eman ere. «Aha», pentsatu mari, «orain saiatuko duk berriz ere».

        Eta horrela gertatu zuan. Nigana etorri zuan, oso zuhur eta isilean, eta barkamen apur bat eskatu zidaan, besteek oso estututa zeukatelako aitzakiaz. Orduko horretan guztiz hotz iraun nian. «Eskatu besteei», esan nioan, «ez nagok ohituta haien atzean egotera». «Hi ezagunago haut, hirekin konfiantza handiagoa diat», ahalegindu zuan hura. «Nire azken hitza: dirua bihar bertan ekarri; bestela nire baldintzak jarriko ditiat». «Zer nolako baldintzak?» galdetu zian. Entzun beharko zenuketen. Arima saltzeko prest balego bezala. «Zer nolako baldintzak? Oho! nire esanetara egon beharko duk egitasmo guztietan». «Besterik ez bada, egin egingo diat, jakina, gogo onez gainera». «O, ez soilik gogoko duanean; agintzen diadan guztia bete beharko duk, obedientzia itsuaz!» Zeiharka begiratu zidaan, erdi irribarrez, erdi herabeti. Ez zekian norainoko lotura ezarriko nion, noraino hitz egiten nuen serio. Edozer egingo zuelako hitza emango bide zidakeen, baina beldur zuan proban ezarri nahi izango ez ote nukeen. Azkenik, gorritu eta esan zian: «dirua ekarriko diat». Barregarria iruditu zitzaidaan gizakia; beste berrogeita hamarren artean ez nioan ordura arte inoiz erreparatu. Ez zian inongo garrantzirik, ezta? Eta supituki, hain hurbil nuela, haren xehetasun guztiak ikustea neukaan. Banekian bere burua saltzeko prest zegoela; besterik gabe, gainerakoak konturatzeke. Benetako ezustea izan zuan, eta gizaki bat modu horretan supituki kanporatzea baino ederragorik ez zegok, ordura arteko haren bizimodu oharkabea gure aurrean zetzak bat-batean, kardamuaren jardunak egurra hausten duenean bezala...

        Izan ere, biharamunean dirua ekarri zidaan. Eta, horrez gain, kasinora joan eta zerbait edatera gonbidatu nindian. Ardoa, opilak eta zigarroak eskatuta, nahi beste hartzeko agindu zidaan, eskerronez, erakutsitako egonarria saritzearren. Haren jokaera apala ez zitzaidaan gustatu, bazirudian gu bion artean ez zela inoiz hitz zaurigarririk izan. Esan egin nioan, eta orduan are atseginago bihurtu zuan. Bazirudian nire eskuetatik urrundu eta berriro nire parean jarri nahi zuela. Ez zian bestelako asmorik; hitz bakoitzak gure adiskidetasuna berretsi nahi zuen bigarren zentzua zeukaan. Baina begiak nigan finkatzeko moduan bazuan zerbait artifizialki lortutako hurbiltasun-sentimendua galtzearen beldurra adierazten zuena. Azkenean higuingarri bihurtu zitzaidaan. Pentsatu nian: «uste al du hori jasango dudala?», eta bestea txundituko zuen zerbait asmatzen saiatu ninduan. Minduko zuen zerbait bilatzen nian. Orduan gogoratu zitzaidaan Beinebergek goizean kontatutakoa, norbaitek dirua lapurtu ziola, alegia. Une bateko gogorapena izan zuan, albotik pasatu zitzaidana. Baina itzuli egin zuan, ia sama iratotzerainoko indarrez. «Hori bai lukek egokia», pentsatu nian eta galdetu nioan, bestela bezala, zenbat diru zeukan artean. Kontuak atera eta espero nuen emaitza erdietsi nian. «Nor izan da ba hain ergela, guztiarekin ere hiri dirua uzteko?», galdetu nioan barrezka. «Hofmeier».

        Uste diat bozkarioz dardarka hasi nintzela. Hofmeier bera nirekin egona zuan ordu bi lehenago, eta mailegu bat eskatua zidaan. Beraz, minutu pare bat lehentxeago burutik pasatu zitzaidan hori egia bihurtu zuan supituki. Beste burutapen batzuekin ere gerta daitekeen bezala, adibidez: suak etxe bat hartuko duela pentsatzen diagu, txantxetan eta arrazoirik gabe, eta berehala sugarrak egundoko indarrez barreiatzen dituk goraka.

        Ahalbide guztiak hartu nitian kontutan; egia zuan ziurtasun osoa ez neukala, baina sentsazioa nahikoa zuan niretzat. Hurbildu nintzaioan eta, ziri mehe eta zorrotz bat burmuinean sartu nahi banio bezala, modu benetan atseginean esan nioan: «Esadak, Basini maitea, zergatik habil gezurretan?» Hori esandakoan begiak noraezean mugitu zitzaizkioan buruan, beldurrak airean; hala ere segitu nian: «Balitekek hik beste inor engainatu ahal izatea, baina ni ez nauk egokiena. Hik badakik Beineberg...». Ez zuan ez gorritu ez zurbildu, bazirudian nahasmen baten irtenbidearen zain zegoela. «Labur esateko», esan nian, «nire zorra ordaintzeko erabili duan dirua bart lapurtu huen Beinebergen kutxatilatik!»

        Atzera bermatu ninduan, esandakoaren eragina ikusteko. Gerezia bezain gorri zegoan; ahoskatu nahi zituen hitzak eztarrian trabatzen zitzaizkioan, listua ezpainetara jaurtikiz; azkenean lortu zian hitz egitea. Nire kontrako akusazio-jario hutsa izan zuan: nola ausartzen nintzen horrelakoak esaten; non aurkitzen nuen oinarri izpirik susmo iraingarri hori buruan erabiltzeko; berarekiko borroka baizik ez nuela bilatzen, ahulagoa zelako. Amorru soilagatik egiten nuela, zorrak ordainduta nire menpetik at geratuko zelako. Klasekoei deituko ziela,... prefektuari,... zuzendariari; Jainkoa jartzen zuela bere errugabetasunaren lekuko; horrela aritu zuan amaigabe. Ni larritu egin ninduan, benetan, bidegabeki jokatu eta merezi ez zuen mina eman niolako ustetan, hain eder zuen aurpegia gorrituta... Animalia txiki, oinazetu eta babesgabe baten itxura zeukaan. Baina nik ez nian besterik gabe amore eman nahi. Haren solasa entzutean erakutsi nuen irribarre isekariari eutsi nioan —gehienbat asaldatuta nengoelako—. Noizean behin buruari eragin eta lasai esaten nioan: «baina hori bazekiat».

        Puska baten ondoren, lasaitu egin zuan. Nik irribarreari eusten nioan. Zeren irribarre horrek, berez, bestea lapur bihur zezakeela sentitzen bainuen, errugabea izan arren. «Gero beti izango duk zuzentzeko tenorea», pentsatzen nian.

        Une batzuen ostean, berriz, aldizkako begirada isilak egotzi eta gero, supituki zurbildu zuan. Aldaketa nabaria gertatu zuan haren aurpegian. Lehentxeago edertzen zuen errugabeko itxura sotila desagertu zuan kolorearekin batera. Berdexka, margula, hezetasunak hanpatua ematen zian. Behin bakarrik ikusia nian horrelako aurpegia —kalean, hiltzaile bat atxilotu zutenean—. Jendartean zegoan nahastuta, beste edonor bezala, inolako susmorik sortarazi gabe. Baina poliziak eskua sorbaldan jarri zionean, zeharo bestelako gizaki bihurtu zuan tupustean. Aurpegia desitxuratu egin zitzaioan, eta finkatuta zituen begi ikaratuek irteera bat bilatzen ziaten, urkamendi-fisonomia nabaria eskainiz.

        Horixe ekarri zidaan gogora Basinirengan gertatutako aurpegiera-aldaketak; banekian dena orduan, eta itxaron baizik ez nian egin...

        Eta horrela gertatu zuan. Nik ezer esan gabe Basini negarrez hasi zuan —isiltasunaren ondorioz ahiturik—, barka niezaion erregutuz. Dirua premia larriak eraginda hartu zuela; konturatu izan ez banintz ere ahalik eta lasterren itzuliko zukeela, inork ez zuela horren berri izan. Ez nuela lapurretatzat jo behar; ezkutuko mailegua izan zela...; malkoek eragotzi ziotean jarraitzea.

        Gero erreguka hasi zuan ostera. Obedientzia osoa eskaini zidaan, nire nahi guzti-guztiak beteko zitian, baina ez nioan inori ere kontatuko. Horixe izan zuan esklabo bihurtzeko jarri zuen prezioa, eta haren begietan nahastu eta bihurritzen ziren amarrukeria eta beldur larritua nazkagarritzat hartu nitian. Hitz eman nioan epe laburrean haren etorkizunaz gogoetak egingo nituela, baina jakin behar zuela arazoa batez ere Beinebergi zegokiola. Zer egin beharko genikek harekin, zuen ustez?

        Törlessek begiak itxita entzuna zuen Reitingek kontatutakoa. Aldian behin hotzikarek barrenak astindu eta atzamar-puntetaraino heltzen zitzaizkion, eta pentsamenduak ordenarik gabe nahastu eta pilatzen zitzaizkion buruan, burbuilak irakiten dagoen urean bezalaxe. Horrela sentitzen da gizona, esaten denez, suhartasun suntsitzaile batekin lotuko duen emakumea estreinako aldiz ikusten duenean. Une batez makurtzen omen da, indarrak bilduz eta arnasa etenda; bi gizakiren arteko hurkotasun estuaren kanpo-isiltasuna nagusitzen da lipar batez. Ezinezkoa da une horretan gertatzen dena adieraztea. Suhartasunak hedarazten duen itzalaren antzekoa da. Itzal organikoa; aurreko atezu guztien lasaitzea eta, aldi berean, bat-bateko lotura berrien egoera, zeinean etorkizun osoa gordetzen baita; buruorratz baten ahoan kontzentratzen den inkubazioa... Eta beste alde batetik ezereza da, zehaztugabeko sentsazio sorra, ahulezia, beldurra...

        Horrela sentitu zuen Törlessek. Garrantzirik gabeko iritzi zion Reitingek bere buruaz eta Basiniz kontatutakoari: honen hanka sartze zuhurgabea eta txarkeria txepel hutsa, eta hortik ondorioztatuko zen Reitingen haserrealdi basatia. Beste alde batetik, berriz, gertaerak beraren kontra zuzenean —eta oso modu berezian— bihur zitezkeelako susmo larria izan zuen, arazo horretan punta zorrotzez mehatxu egiten zion zerbait bazela sumatuz.

        Törlessek Basini irudikatu zuen, Bozenaren ostatuan, eta ingurura begiratu zuen. Iruditu zitzaion ganbarako paretek mehatxu egiten ziotela, gainera amilduko zitzaizkiola, esku odoltsuez harrapatu nahi zutela; errebolberra dilindaka ari zen bere lekuan...

        Harri moduko zerbait eroria zen, lehen aldiz, bere ameskerien bakardade mugagabean; han zegoen; nahitaez; hura zen errealitatea. Bera bezalakoa izana zen Basini, atzo bertan; gero, tranpa-atea ireki eta han hondoratu zen Basini. Zehatz-mehatz Reitingek deskribatu zuen bezala: bat-bateko eraldaketa, eta horrekin basera aldatu zen gizakia...

        Eta horrek guztiak, berriz ere, nolabaiteko zerikusia zuen Bozenarekin. Azken pentsamenduek biraoa ekarri zuten, eta zerien usain usteldu eta eztitsuak nahastuta utzi zuen Törless.

        Zitaltze sakona eta amore emate hori, laidoaren hosto astun, zurbildu zein pozoitsuek horrela estaltzea —ispilu bateko irudi urrun eta gorpuzgabeak bezalako ametsek eraginda— Basiniren bidez agertu zen supituki.

        Ba ote zen kontutan hartu eta saihestu beharreko zerbait, pentsamenduen ispilu isiletik supituki kanpora jauzi zitekeenik?...

        Baina gainerako guztia ere posible zen. Posible ziren Reiting eta Beineberg, baita gelatxo hori ere... Posible zen ordura arte ezaguna zuen eguneroko mundu argitik atari batek beste mundu sor, apurtzaile, suhartsu, biluzi eta suntsitzaile batera eramatea ere. Posible zen beirazko eta burdinazko eraikin sendo eta garden bat bezain araututa dagoen eta familia eta bulego esparruetara mugatzen den bizimodua daramaten gizakien, eta ahots orrotsuz beteriko bide nahasietan galduta dabiltzan beste gizaki amildu, odoltsu eta zantar amorratu haien artean iraganbidea izan bainoago elkar ukitzen duten eta uneoro isilpean gaindi daitezkeen muga hurbilak egotea...

        Eta hor zirauen galderak: zergatik da posible? Zer gertatzen da horrelako uneetan? Zer igotzen da arrapaladan, eta zer iraungitzen da supituki?...

        Horra hor Törlessi gertaera horrek igoarazten zizkion galderak. Ilun igotzen ziren, ezpain itxiekin, sentimendu sor eta zehaztugabeak, ahuleziak eta beldurrak oztopatuta.

        Baina Bozenaren hitz urratu, urrun eta sakabanatuak Törlessenganaino iristen ziren, eta itxaropen larriz hornitzen zuten.

        Une horretan entzun zuen Reitingen galdera.

        Törlessek hitz egiteari ekin zion berehala. Bat-bateko bulkada edo harridura batek astindu zuen. Aurrean zerbait erabakigarria zegoela iruditu zitzaion, eta izutu zen hurbiltzen ari zelako, saihestu nahi izan zuen, haren agerpena atzeratu... Hitz egin zuen, baina sentitu zuen asmaketak baino ez zitzaizkiola bururatzen, bere hitzek ez zutela barneko oinarririk eta egiazko esanahirik gabeak zirela...

        Esan zuen: — Basini lapurra duk —Eta hitz horren hots gogor eta zehatza hain gertatu zitzaion mesedegarri, ezen bi aldiz errepikatu baitzuen—. Lapurra, eta horrelako jendeak zigorra merezi dik, leku guztietan, mundu osoan. Salatu egin behar diagu, institututik urrun dezaten! Bide zuzena aurki dezala hemendik kanpo, gure artean egoterik ez zeukak!

        — Ez, zergatik orain muturreraino eraman? —galdetu zuen Reitingek, besteak esandakoa atsegin ez zuela erakutsiz.

        — Zergatik? Ez duk ezinbestekotzat jotzen, ala?

        — Inola ere ez. Hire jokabidea ikusirik, bazirudik guztiok suntsitu behar gaituen sufre-euria atearen aurrean legokeela, Basini gure artean geratuko balitz. Arazoa ez duk, oraindik, horren larria.

        — Nola esan dezakek hori! Nahi duk, bada, lapurretan aritu den eta gero bere burua esklabo edo neskame izateko eskaini duen gizaki batekin egunero elkarrekin jesarri, jan eta lo egin? Ez diat hori inondik ere ulertzen. Heziketa berbera jasotzen diagu, gizarte berbereko kideak garelako. Berdin al liake etorkizunean harekin erregimentu berbereko partaide izatea, ministerio berberean lan egitea, edo familia berberekin harremantzea; balitekek ere berak hire arreba gorteatzea...?

        — Hara, ez duk uste hori gehiegi dela?! —barre egin zuen Reitingek—. Hire esanen arabera bazirudik anaiarte baten kideak garela, bizitza osorako! Uste al duk «W. Barnetegi Militarrean ikasi du, eskubide eta betebehar bereziak ditu» dioen marka aldean eramango dugula beti? Aitzitik, gerokoan nork bere bidea hartzen dik, eta dagokion eginkizunari lotzen zaiok, gizarte bakarra zegok eta. Esan nahi diat ez dugula etorkizuna dela-eta burua hautsi beharrik. Eta oraingoari dagokionez, ez diat esan Basinirekin adiskidetu behar dugunik. Agerian geratuko duk distantzia mantentzen dugula. Basini gure eskuetan zegok, eta nahi duguna egin zezakeagu berarekin; nigatik tu egin diezaiokek, bi aldiz egunero: berak jasanez gero, non geratzen da, hortaz, elkarkidetasuna? Eta altxatuko balitz, nor den hemen nagusi erakutsiko geniokek. Gu eta Basiniren artean dagoen lotura bakarra, hago ziur, haren zitalkerian aurki dezakegun dibertimendua duk, eta ez besterik!

        Törlessek, pentsatzen zuenaz konbentzituta ez egon arren, hizketan jarraitu zuen, gogo-beroturik:

        — Entzun, Reiting, zergatik jartzen haiz, horren gartsuki, Basiniren alde?

        — Haren alde jartzen naizela? Ez zekiat. Ez diat inolako arrazoi berezirik; istorio horrek guztiak ez zidak zipitzik ere axola; haserrarazten nauena hik gehiegitzea duk. Zer arraio daukak buruan? Idealismoa-edo, nire ustez. Institutuaren edo zuzentasunaren goraipamen sakralizatua. Ez dakik, benetan, zer nolako pirtzilkeria dirudien horrek. Ez ote duk, azken batean —eta Reitingek, begiak kliskatuz, susmozko begiratua egotzi zion Törlessi— aitortu nahi ez duan bestelako arrazoiren bat Basinik alde egin dezan? Mendeku zaharren bat? Esan ezak, ba! Horrela izanez gero abagune eder hau erabil genezakek.

        Törless Beinebergengana jiratu zen. Baina honek irribarre maltzurra baino ez zuen egin. Elkarrizketak iraun zuen bitartean txibuki luze bat xurgatzen aritua zen, eserita, hankak ekialdetarren eran uztarturik zituela, eta bere belarri atereekin jainko baten irudi traketsa zeukan, argitasun moteleko gune horretan.

        — Nigatik, nahi duzuena egin; niretzat ez dik ez diruarekin ez zuzentasunarekin zerikusirik. Indian hesteak zulatuko lizkioketek banbu zorroztu batez; hor behintzat plazera legokek. Ergela eta koldarra denez, ez genikek haren erruki izan beharko, eta nire bizitza osoan ez nauk inoiz ere horrelako jendearekin gertatzen denaz kezkatu. Berez ez dituk ezer, eta ez zekiagu haien arima nora joan daitekeen. Alak horni dezala zuen epaia bere dohainez!

        Törlessek ez zuen ezer erantzun. Bukatutzat eman zuen auzia, Reitingek kontrakoa esan eta Beineberg erabakia hartzetik kanpo jarri ondoren. Ez zeukan erresistentzia gehiago jartzerik; sentitu zuen ez zuela gogo gehiagorik etortzeko zena eta ezezaguna geldiarazteko.

        Hortaz, onartu egin zuten Reitingek egindako proposamena. Erabaki zuten, hasteko, Basini zaingopean jartzea, nolabaiteko tutoretzapean, gaiztakeriak zuzen zitzan aukera emateko asmoz. Haren diru-sarrerak eta gastuak zorrotz kontrolatuko zituzten, eta gainerako ikasleekiko harremanak hiruren baimenaren menpe geratuko ziren.

        Antza zenez, erabaki hori egokia eta borondate onekoa zen. «Erabateko pirtzilkeria», Reitingek ordukoan esan ez zuen bezala. Zeren eta, onartu nahi ez bazuten ere, horrekin behin-behineko egoera eta ez besterik sortzen zela sentitzen baitzuten. Reitingek gogo txarrez uko egingo ziokeen arazoari jarraitzeari, plazera ematen baitzion, baina, beste alde batetik, ez zuen argi ikusten zein norabide eman nahi zion. Eta Törless geldiarazita bezala zegoen, egunez egun Basini alboan izango zuelako pentsamenduak jota.

        Apur bat lehenago, «lapurra» hitza esan zuenean, arindurik sentitu zen une batez. Bere baitan inarrosten ziren gauzak kanporatzea eta urrunera jaurtikitzea bezalako zerbait izan zen.

        Baina hitz bakar hori ez zen gauza izan berehala agertu ziren galderei erantzuteko. Hauek nabarmenago bilakatuak ziren, eta ez zegoen luzaroago saihesterik.

        Törlessek Reitingi eta gero Beinebergi begiratu zien, begiak itxi, hartutako erabakia bere artean errepikatu, begiak berriro ireki... Jakin ere ez zekien hori guztia fantasia hutsa —beira urtu eta erraldoi baten eitean gauzak estaltzen zituena— ala egiazkoa zen, ez zekien dena bere aurrean artega goizargitzen zen bezalakoa zenetz. Eta ez al zekiten ezer Beinebergek eta Reitingek galdera horiei buruz, hasieratik bertatik berak hain arrotz zeritzon mundu horretan gogara mugituak baziren ere?

        Törless haien beldur zen. Baina soilik itsu eta ergeltzat hartzen dugun erraldoi baten beldur izaten den bezala...

        Bazegoen, dena den, zerbait erabakita: ordu laurden lehenago baino askoz urrunago zegoen. Itzulbidearen aukera ezabatuta zeukan. Jakin-min leun bat harrotu zen; gogoaren kontra lotuta egonik, nola jokatuko zuen? Beraren barnean hausnarrean zegoen denak ilun zirauen, baina gogoa sumatu zuen gainerakoek nabaritzen ez zuten ilunpe horren irudia begiradaz arakatzeko. Gogo horretan hotzikara eme bat zegoen nahastuta. Bazirudien bere bizitza zeru gris iraunkor batek estaltzen zuela —tankera izugarri eta aldakorreko hodei handiekin—, eta oraingo eta betiko galdera: Mamuak dira? Hodeiak baino ez dira?

        Eta galdera hori berarentzat zen bakarrik! Misterioa bezala, arrotz eta debekatua besteentzat.

        Horrela hasi zen Basini, estreinako aldiz, gerora Törlessen bizitzan edukiko zuen garrantzira hurbiltzen.

 

 

        Biharamunean, Basini zaingopean jarri zuten.

        Ez zeremoniarik gabe. Goizaldeko ikastordu bat erabili zuten horretarako, gainerako ikasleek parkeko belardi zabal batean ariketa fisikoak egiten zituzten bitartean.

        Reitingek hitzaldi bat eman zuen. Ez bereziki laburra. Basiniri bere existentzia alferrikaldua zuela aurpegiratu zion, salatu izana merezi zuela, eta soil-soilik dohain berezi bati esker libratua zela kaleratua izatearen ondoriozko desohoretik.

        Gero, ezarritako baldintzak jakinarazi zizkioten xehetasunez. Haiek betetzearen kontrola Reitingen esku utzi zuten.

        Basini guztiz zurbil egon zen ekitaldi osoan zehar, baina hitz bakar bat ere erantzun gabe, eta, aurpegiari erreparatuz gero, ez zegoen beraren barnean gertatzen ari zena adieraz zezakeen ezer ere.

        Törlessek, berriz, aldian oso gozakaitz aldian oso garrantzitsu iritzi zion eszenari.

        Beinebergek arreta handiagoa eskaini zion Reitingi, Basiniri baino.

 

 

        Hurrengo egunetan, itxuraz, arazoa ahaztu egin zuten. Reiting ez zuten ia ikas orduetan eta otorduetan baizik ikusten, Beineberg sekula baino isilago zegoen, eta Törlessek baztertu egiten zuen istorioaren gaineko gogoetak egitea.

        Basini ezer gertatu ez balitz bezala mugitzen zen ikaskideen artean.

 

        Törless baino altuagoa zen, baina gorputza ahulago osatuta zeukan, mugimendu leun eta geldoak eta emakumezko aurpegiera. Adimen kamutsa zuen, eta azkenetakoa zen esgriman zein soinketan, baina, hala ere, xalotasun irtirin eta atsegin baten jabe zen. Bozenarengana joan bazen, gizonarena egiteko baino ez zen izan. Egiazko irritsa ez baitzegokion, seguruenik, beraren garapen artean atzeratuari. Premia, komenientzia edo betebehartzat harten zuen besteek berarengan bizipen adeitsuen usaina nabaritzea. Unerik preziatuena Bozenarengandik aldendu ondorengoa zuen, orduan oroitzapenaren jabetzari eta ez beste ezeri lotzen zitzaiolako.

        Bien bitartean, harropuzkeria hutsagatik, gezurrak esaten zituen. Oporraldi guztien ostean abenturatxo baten edo besteren oroigarriak ekartzen zituen: xingolak, ile-kiribilak, gutun laburrak. Baina behinola, fardelean galtzamarra txiki, garesti, urdin eta lurrindatu bat berekin ekarri zuenean —geroxeago frogatu zenez hamabi urteko arrebarena zena—, sekulako trufak jasan behar izan zituen harrokeria horregatik.

        Azaltzen zituen moralezko gutxiagotasunak eta burugabekeriak sustrai berbera zeukaten. Ez zuen ezein iradokizuni buru egiteko ahalmenik, eta horren ondorioek harrituta uzten zuten beti. Bekokian kiribiltxo politak zituen emakume hura bezalakoa zen, zeina senarrari otorduetan pozoi-dosiak ezkutuan eman ondoren erabat zur eta lur geratu zen fiskalaren ezohiko hitz gogorrak eta herio epaia entzutean.

 

        Törlessek Basini saihesten zuen. Horren bidez galdu zuen, arian-arian, hasierako unean pentsamenduen erroen azpitik harrapatu eta inarrosi zuen barneko ikara sakon hura ere. Törlessen ingurua arrazoiaren mundura itzuli zen. Harridura ahuldu eta, egunez egun, irrealago bihurtuz joan zen, egiazko mundu sendo eta eguzkiak argituan izaterik ez duen amets baten zantzua bailitzan.

        Aldarte hori ziurtatzeko asmoz, gurasoei, gutun baten bidez, guztiaren berri eman zien. Orduan sentitutakoa utzi zuen bakarrik aipatu gabe.

        Lehenengo egokieran Basini institututik urruntzea lortu behar zuelako ustera iritsia zen, berriz ere. Ezin irudika zezakeen gurasoek bestela pentsatuko zutenik. Haiengandik Basiniri buruzko epai zorrotz eta gaitzeslea espero zuen, semearengandik hurbil jasan nahiko ez zuten momorro higuingarritzat, atzamar-puntekin urrunera jaurtiki beharrekotzat, hartuko zutela.

        Baina erantzun gisa jaso zuen gutunean ez zen, inondik ere, horrelakorik azaltzen. Gurasoak ahalegintzen ziren, arrazoidun jende oro bezala, nondik norako guztiak zuzentasunez aztertzen, nahiz eta iritzia osatzeko semeak presaz idatzitako gutuneko jakinarazpen nahaspilatu eta traketsez baliatu behar izan zuten.

        Hori horrela, epairik bigunena eta zuhurrena nahiago izan zuten, kontutan harturik semearen gaztetasunak, seguruenik, haserrea eragin eta gehiegitzera bultzatua zuela. Gomendatzen zuten, beraz, Basiniri hobetzeko aukera ematea, esanez ez litzatekeela zuzena izango hutsegite txiki batek norbaiten etorkizuna betiko alferrikaltzea. Batez ere —eta hau bereziki azpimarratu zuten—, arazoa artean garatzen ari ziren izaerei zegokielako, eta ez dagoeneko helduak diren gizakiei. Basinirekiko harremanetan serio eta tinko aritu beharko zuen, kasu guztietan, baina baita onberatasunez jokatu eta hobekuntzarantz eramaten saiatu ere.

        Törlessek ezagunak zituen adibide batzuk erabili zituzten beren aholkua indartzeko. Zeren honek ongi gogoratzen baitzuen nola lehen ikasmailetan zuzendaritzak zigor latzak ezarri ohi zituen, eta eskudirua hain murriztuta uzten zuen, ezen sarritan, eutsi ezinik, alboan zituzten ikasle gazteengana jotzen zuten, jatun eta aberatsenei urdaiazpiko-ogitartekoen pusketak eskatzera. Bera ere ez zen horretatik libratu, lotsa ezkutatzeko zuzendaritza makur eta gorrotagarriaren kontrako madarikazioak botatzen bazituen ere. Eta ez urteei soilik, baizik eta gurasoen aholku serio eta onberei esker ere, ikasi zuen, poliki-poliki, horrelako ahuleziak harrotasunez saihesten.

        Baina horrek guztiak ez zuen ordukoan eraginik izan.

        Onartu behar zuen gurasoek, zenbait puntutan, arrazoi zutela, baina bestalde bazekien nahikoa zaila zela horren urrundik epai erabat zuzenak ematea; uste zuen, guztiarekin ere, haien gutunak zerbait garrantzitsuagoa falta zuela.

        Zeren ulerkor azaltzen baitzen gertatutakoaren aurrean, eta ez zuen hartzen maila jakin bateko gizakien artean gertatu behar ez lukeen makurkeria barkaezintzat. Harridura eta kezka falta zituen. Kontuz eta zaratarik gabe konpondu behar zen ohiko zerbait bailitzan hitz egiten zuten. Orban bat, itsusi samarra baina eguneroko beharrak bezain saihestezina. Ikusmolde pertsonal eta kezkatu baten aztarnak urriak baino urriagoak ziren, Beinebergengan eta Reitingengan bezala.

        Törlessek onar zezakeen esandakoa. Horren ordez, gutuna puska txikitan urratu eta erre egin zuen. Lehen aldiz bilakatzen zen horrelako errespetugabekeria baten errudun.

        Gutunak ez zuen berarengan nahi zuen eragina sortarazi, kontrakoa baizik. Proposatzen zion ikusmolde apalari atxiki beharrean, Basiniren gaiztakeriaren alde problematiko eta kezkagarria bururatu zitzaion. Esan zuen bere golkorako, buruari eragiten ziolarik, artean gogoetak egin behar zituela, zergatia zehaztasunez ezin azal bazezakeen ere...

        Bitxiena zen ametsekin bainoago gogoetekin hurbiltzen bazitzaion Basiniri, orduan ulergarri, eguneroko eta muga zehatzekoa iruditzen zitzaiola, gurasoek eta lagunek ikusi nahi zuten bezala; hurrengo unean, aldiz, desagertu egiten zen, ondoren oso hondo sakon batetik diz-diz egiten zuen irudi guztiz txikia bihurturik itzultzeko...

 

 

        Behinola, gaueko ordu txikietan —oso berandu zen, eta denak lotan zeuden— Törless esnatu zuten.

        Ohean Beineberg zeukan jesarrita. Hain zen hori ezohikoa, non berehala sumatu baitzuen zerbait berezia zerabilela eskuartean.

        — Altxa hadi. Baina zaratarik egin gabe, inork antzeman ez gaitzan; goazen gora, zerbait kontatu behar diat.

        Törless arin jantzi, berokia hartu eta zapinetan labaindu zen...

        Gora iritsitakoan Beinebergek, kontu handiz, sarbideko oztopoak zein bere lekuan jarri zituen berriro, eta ondoren tea prestatu zuen.

        Törlessek, artean gorputz-adarrak nagiturik zituela, gogo onez sentitu zuen barnetik isurtzen zitzaion bero lurrindu eta urre-horia. Izkina batean bermatu zen, uzkurturik. Ezusteko bat itxaroten zuen.

        Azkenean, Beinebergek esan zuen:

        — Reitingek engainatu egiten gaitik.

        Törless ez zen batere harrituta sentitu; normaltzat jo zuen arazoak horrelako jarraipena izatea; iruditu zitzaion hori besterik ez zuela itxaron. Ia pentsatu gabe esan zuen:

        — Susmo hori nian neuk!

        — Nola? Susmoa huen? Baina seguru asko ez huen ezer nabarituko, ezta? Ez zirudik hori higan normala izango zenik.

        — Bai, egia esan, ez diat ezer nabaritu; gainera ez nauk horretaz gehiago kezkatu.

        — Ni, ordea, arretatsu ibili nauk. Lehendabiziko egunetik beretik ez nauk Reitingez fidatu. Bazekik Basinik zor zidan dirua itzuli egin didala. Eta nondik uste duk atera duela? Bere dirutik? Ez.

        — Eta uste duk Reitingen eskua tartean dagoela?

        — Jakina.

        Törlessen lehen pentsamendua Reiting antzeko arazo batean nahastuta zegoela izan zen.

        — Uste duk, beraz, Reiting ere, Basini bezala...?

        — Baina zer pentsatzen duk! Basinik nirekin zituen zorrak kitatzeko behar zuen dirua Reitingek berak eman ziok, bere dirutik.

        — Ba, ez diat horretarako arrazoirik ikusten.

        — Nik ere ez nian ikusten, denbora luzez. Hala ere, konturatuko hintzen zer nolako indarrez defendatu zuen Reitingek Basini hasiera-hasieratik. Arrazoi izan huen orduko hartan; naturalena izango zukean morroia hemendik kaleratzea. Baina propio ez ninduan orduan hirekin bat etorri, pentsatzen bainuen: oraindik ikusi behar diat zer dagoen hemen jokoan. Ez zekiat ziur Reitingek ordurako asmo argiak zituen, ala itxaron baino ez zuen egiten, harik eta Basini erabat bereganatuta izan arte. Nolanahi ere, bazekiat gaur zertan diren gauzak.

        — Eta?

        — Hago apur batean, ezin diat horren arin kontatu. Ezaguna izango duk, segur aski, orain dela lau urte institutuan gertatu zen istorioa?

        — Zer istorio?

        — Ba horixe, sonatu hura!

        — Gainetik bakarrik. Dakidan gauza bakarra duk, orduan, zerrikeria baten kariaz, eskandalu handia sortu zela, eta tartean izan ziren asko eta asko zigortu eta kaleratu zituztela.

        — Bai, horretaz ari nauk. Behinola, oporretan nengoela, berri zehatzak izan nitian kurtso hartako norbaiten ahotik. Mutiko eder bat egon zuan ikasleen artean, eta asko maitemindu zituan harekin. Hori ezaguna duk, urtero gertatu ohi duk. Baina urte hartan muturreraino eraman ziaten.

        — Nola?

        — Nola... ? Ba... ! Ez lelokeriarik galdetu! Eta gauza bera egiten dik Reitingek Basinirekin!

        Törlessek, zertan ari ziren ulertuta, eztarrian korapilo bat sentitu zuen, hareaz beterik izango bailuen.

        — Ez nikean Reitingengandik horrelakorik espero —Ez zitzaion zer esan hoberik bururatu. Beinebergek sorbaldak goratu zituen.

        — Engaina gaitzakeela uste dik.

        — Maiteminduta dago?

        — Ezta pittin bat ere. Ez duk hain eroa. Dibertitu egiten duk harekin. Gehien jota kitzikapen sentsuala sortzen ziok.

        — Eta Basini?

        — Hori?... Ez al haiz konturatu zein mutiri bihurtu den azken aldi honetan? Ez dik onartzen nik ia ezer esatea. Reiting aipatzen dik behin eta berriro, bere santu babesle partikularra balitz bezala. Pentsatuko zian, seguruenik, hobe izango zela dena bakar batengandik jasatea, bakoitzarengandik zati bat bainoago. Eta Reitingek babestuko duela hitz eman bide ziok, bere agindu guztiak betetzen baldin baditu. Oker zeudek baina, eta Basinik larrutik ordainduko zidak!

        — Nola jakin duk?

        — Jarraitu egin zieat.

        — Nora?

        — Horraxe, ganbarara. Reitingek bazeukaan beste sarbidearen giltza, nik emandakoa. Ni hona etorri ninduan, zuloa ireki eta haiengana ezkutuan hurbildu.

        Gelatxoa eta ganbara bereizten zituen pareta mehean irekiune bat zegoen, giza gorputz bat sartzen uzteko bezainbesteko zabalerakoa. Ezusterik gertatuz gero, larrialdi-irteera gisa erabiltzeko asmoz zegoen eginda, eta normalean adreiluz itxita eduki ohi zuten.

        Elkarrizketari pausaldi batek jarraitu zion, zeinean ez baitzen tabakoaren txingarra besterik entzun.

        Törlessek ez zuen pentsatzerik izan; ikusi zuen... begi itxien atzean, brastakoan, gertaeren zurrunbilo zoroa ikusi zuen,... gizakiak; gizakiak argiune bizian, argi distiratsu eta mugikorrekin, sakon lurperatutako itzalekin; aurpegiak,... aurpegi bat; irribarre bat, begien kliskatu bat,... azalaren dardara. Inoiz ikusi edo sentitu gabeko eran ikusten zituen gizakiak: baina ikusi gabe ikusten zituen, burutapenik gabe, irudirik gabe; beraren arimak soilik ikusiko balitu bezala. Hain ziren nabarmen, ezen mila aldiz zeharkatzen zuten beren indarraz, nahiz eta atari batera iritsitakoan gelditu, gainditzerik izango ez balute bezala, eta atzera egin, berak menperatzeko hitzak bilatzen hasi bezain laster.

        Galdezka segitu behar zuen. Dardarka zuen ahotsa.

        — Eta.. hik ikusi duk?

        — Bai.

        — Eta... nola zegoen Basini?

        Baina Beineberg isildu egin zen, eta berriz ere zigarroen txirtxir urduria baino ez zen entzun. Puska luzea iragan arte ez zion Beinebergek hitz egiteari berriro ekin.

        — Zehatz-mehatz aztertu diat arazoa; eta badakik oso modu berezian pentsatzen dudala horretaz. Hasteko, Basiniri dagokionez, ez diat uste haren erruki izan behar dugunik. Salatu edo jipoi genezakean, baita —nahi izatekotan— gogo hutsagatik heriotzaraino martirizatu ere. Ezin sinets baitezaket gizaki horrek munduaren mekanismo miragarriarentzat inolako garrantzirik izan dezakeenik. Halabeharrezko zeritzoat, ordenatik kanpo sortua. Esan nahi diat: nolabaiteko garrantzia izan behar dik, baina zerbait zehaztugabea duk, bidean aurkitzen dugun harraren edo harriaren antzekoa, saihestu edo zapalduko dugun ez baitakigu. Eta hori hutsaren hurrengoa duk. Zeren munduaren arimak, bere zati batek bizirik irautea nahi baldin badu, argiro adierazi ohi baitu. Horrela izanez gero erresistentzia jartzen dik: harraren gainetik pasatzera behartzen gaitik, edo harriari gogortasun handia ematen ziok, tresnarik gabe txikitzea ezinezko gerta dakigun. Eta tresna horren eskuratze-bidean oztopo txiki eta gogor ugari ezartzen dik tartean; horiek gainditzen baditugu, berriz, gauzak aldez aurretik bestelako garrantzia bazuelako izaten duk.

        Gizakiarengan, gogortasun hori izaeran zetzak, gizaki izatearen kontzientzian, erantzukizun zentzuan, munduaren arimaren parte dela sentitzean. Gizakiak kontzientzia hori galtzen badu, bere burua ere galtzen dik. Eta bere burua galduz gero, amore emanez gero, sortzeaz batera naturak eman zion berezitasuna, berezkotasuna, galdu egiten dik. Eta oraingo kasuan beste edozeinetan baino argiago zegok alferreko zerbaitez ari garela, munduaren arimak aspaldian abandonatu zuen forma huts batez.

        Törlessek ez zuen ezadostasunik sentitu. Arreta handirik gabe entzuten egona zen. Ordura arte ez zuen inoiz horrelako arrazonamendu metafisikoetarako ziorik izan, ezta pentsatu ere Beinebergen adimeneko norbait mutur horretaraino endekatzera iritsi ahal izango zela. Kontu hori guztia ez zen inoiz, ordura arte, beraren bizitzaren hodeiertzean azaldu.

        Hori horrela, ez zuen ahaleginik egin Beinebergen adierazpenen zentzua aztertzeko; erdizka baino ez zituen entzun.

        Ez zuen benetan ulertzen nola ari zitekeen bestea hitz-jario amaigabe horretan. Dena zegoen dardarka beraren barnean, eta Beinebergek pentsamenduak ateratzeko —Jainkoak daki nondik— erakusten zuen ardurari irrigarri eta desegoki iritzi zion; bere onetik ateratzen zuen. Baina Beinebergek aurrera jarraitu zuen, ezaxolati:

        — Reitingi dagokionez, oso bestelakoa duk gauza. Egindakoaren ondorioz nire eskuetara etorri duk, baina haren patua ez zaidak, inola ere, Basinirena bezain axolagabe. Badakik haren amak ez duela ondasun handirik; institututik kaleratuko balute plan guztiek porrot egingo lioketek. Hemen zerbait lor lezakek, osterantzean ez likek ia aukerarik aurkituko. Eta ni ez nauk inoiz Reitingen gogoko izan,... ulertzen duk?... gorrotatu egin naik,... eraso egin zidak, ahal izan duenean... uste diat poztuko litzatekeela nigandik libratzerik baleuka. Ikusten duk orain sekretu horren jabe izatetik atera dezakedan atarramendua?

        Törless ikaratu egin zen. Halako oldarrez, non bazirudien Reitingen patua bere egiten zuela. Ikaraturik begiratu zion Beinebergi. Honek itxita zituen begiak, zirrikitu txiki bat soilik erakutsiz, eta bere sarean zelatan dagoen armiarma izugarri, handi eta lasai baten itxura zeukan. Törlessek haren azken hitzak entzun zituen, argi eta nabarmen, diktaketa baten azken esaldiak bailiren.

        Ez zion aurrean gertatutakoari jaramon handirik egin, baina bazekien: Beinebergek bere ideien gainean hitz egiten du berriro, gertatutakoarekin zerikusirik ez badute ere,... eta jakin ere ez zekien zergatik gertatu zen hori.

        Kanpoko leku batean, abstraktuan bilbaturik —berak gogoratzen zuenez—, amarauna abiadura itzelez estutua bide zen. Zeren supituki konkretu bihurtu baitzen, egiazko, bizidun; eta buru bat zegoen tranpan harrapaturik... sama estekaturik zeukala. Törlessek, besterik gabe, ohartarazi zion:

        — Ezin duk hori haren kontra erabili.

        Agian Beinebergenganako betiko okaztadura isilpekoa zebilkion buruan.

        Baina Beinebergek, puska batez hausnarrean egon ondoren, esan zuen:

        — Zertarako ba? Penagarria lukek berarentzat. Niretzat, nolanahi ere, ez duk aurrerantzean arriskutsua, eta baliagarriegi duk, lelokeria horregatik trebukarazteko.

        Horrela amaitu zen arazoaren lehen atal hori. Baina Beinebergek hizketan jarraitu zuen, berriz ere Basiniren etorkizunari buruz ziharduela.

        — Uste duk, oraindik, Basini salatu behar genukeela?

        Baina Törlessek ez zuen erantzunik eman. Beinebergen mintzoa entzun nahi zuen, haren hitzen hotsak lurreko leize sakonetan emandako urratsena baitzirudien, eta berak egoera horren atseginaz gozatu nahi zuen.

        Beinebergek bere pentsamenduak azaltzen segitu zuen:

        — Nire ustez hobe diagu, oraingoz, geuretzat gordetzea, eta geuk zigortzea. Zeren zigortu egin behar diagu, hori argi zegok, haren harropuzkeriagatik, besterengatik ez bada. Institutukoek, gehienez ere, kaleratuko liketek, eta horrekin batera gutun luzea idatziko lioketek osabari; hik badakik, nonbait, zer nolako kutsu ofiziala ematen zaion horri. Jaun Agurgarri hori, berorren lobak ahaztu du... desbideratu egin da... itzultzen diogu berorri... espero dugu, aukera izango duela... hobekuntzaren bideari... une honetan ezinezkoa besteen artean... etab. Ba al du haientzat horrelako kasu batek interesik edo baliorik?

        — Eta nolako balioa izan dezake guretzat?

        — Nolako balioa? Hiretzat inolakoa ere ez. Ziur nagok hi kontseilari bilakatuko haizela, edo olerkiak idatziko dituala; hik ez duk horren beharrik, balitekek ere beldur izatea. Baina nik bestelako burutapenak egiten ditiat neure bizitzari buruz!

        Törlessek arretaz entzun zuen orduan.

        — Basinik badik niretzat balioa, balio handia, benetan. Ze begira: alde egiten utziko bahio, besterik gabe, horrekin lasaituko hintzateke, gizaki gaiztoa zelakoan —Törlessek eutsi zion irribarre egiteari—. Horrekin konformatzen haiz ez dualako talenturik, edo interesik, kasu horren bidez irakaspenik eskuratzeko. Nik, ordea, badiat interes hori. Aurrean daukadan bidea edukita, gizakiak bestelako modu batean aztertzera behartuta nagok. Horrexegatik gorde nahi diat Basini niretzat, beraren bitartez zerbait ikasteko.

        — Baina nola zigortu nahi duk?

        Beinebergek ez zuen berehalakoan erantzun, espero behar zen eraginari buruzko gogoetan ari balitz bezala. Gero esan zuen, zuhur eta zalantzatsu:

        — Oker hago, nire kezka nagusia zigorra dela pentsatzen baduk. Argi zegok azken buruan zigorra izenda genezakeela... baina, labur esateko, bestelako zerbait zerabileat buruan, nahi dudana duk... nolabait azaltzearren...: torturatu...

        Törlessek uko egin zion ezer esateari. Ez zuen artean argi ikusten, baina sentitzen zuen dena zetorkiola —bere baitan— etorri behar zitzaion modura. Beinebergek, bere hitzen eragina ezin neur baitzezakeen, jarraitu zuen:

        — Ez duk zertan ikaratu, ez duk horren larria. Lehenik eta behin, azaldu nianez, Basinik ez dik inolako errespeturik merezi. Bera torturatzeko edo barkatzeko erabakia gure beharren menpe egongo duk, bilatu nahi dugunaren arabera. Barneko arrazoitan oinarrituz. Baduk hik baten bat? Behin aipatu huenak, moralarekin, gizartearekin eta horrekin guztiarekin zerikusia daukanak, ez dik, bistakoa denez, zipitzik ere axola; uste diat heuk ere ez duala sekula horretan sinetsi. Beraz, bazirudik axolagabea haizela. Tenorean hago, nahi izanez gero, gauza honetatik kanpo geratzeko, baldin eta jokoan sartu nahi ez baduk.

        Nire bideak, aldiz, ez dik atzera egiten, ezta albotik igarotzen, baizik eta erdigunea zeharkatzen. Horrela izan behar dik. Reitingek ere ez dik hori guztia bazter utziko, berarentzat balio berezia daukalako gizaki bat bere menpe edukitzeak, harekin jardun ahal izateak eta tresna gisa erabiltzeak. Berak agintea nahi dik, eta Basinirekin egiten duena hirekin ere egingo likek, aukera izanez gero. Niretzat bazegok hor zerbait gehiago tartean, ia neure buruaren kontrako betebehar bati loturik dagoena; nola azal nezake gu bion arteko ezberdintasun hori? Hik badakik nola miresten duen Reitingek Napoleon: pentsa ezak, ostera, nik gogokoen ditudan gizakiek filosoforen baten edo Indiako santuen antz handiagoa dutela. Reitingek Basini sakrifikatuko likek, hori egitean inolako interesik sentitu gabe. Txikitu egingo likek, moralki, ekinbide horren bilakaera ezagutzeko gogo hutsagatik. Eta, esan diadanez, hik eta nik Basiniri emango liokeen tratu berbera jasoko genikek, berak erruki apur bat ere sentitu gabe. Nik alderantziz, hik bezala, Basini azken batean —guztiarekin ere— gizakia ere badelako sentsazioa zeukaat. Berari zuzendutako ankerkeriak mindu egingo nindikek, nolabait, neure barnean. Baina horretaz ari gaituk! Biktima batez, hain zuzen ere! Ikusten duanez, bi harik naukatek estuturik. Alde batetik, nire sinesmen garbiei kontrajarrita, gelditasun gupidatsuz loturik naukan hari zehaztugabe bat, eta bestetik nire arimara —barneko ezagupenik sakonenetara— zuzentzen den bigarren bat, zeinak kosmosari kateaturik naukan. Basiniren tankerako gizakiak, lehentxeago esan diadanez, esanahirik gabekoak dituk, halabeharrezko forma hutsak. Egiazko gizakiak beren muinean barneratzeko gai direnak dituk, gizaki kosmikoak, munduaren bilakabide handiarekiko harremanetan hondoratzeko gauza baitira. Begiak itxita mirariak egin ahal ditiztek, munduaren energia guztia —kanpoan nabaria, barnean bezainbeste— erabiltzen dakitelako. Baina bigarren hariari jarraitu dioten gizaki guztiek lehenengoa hautsi behar izan ditek aurretik. Irakurri ditiat monje argituek jasaten zituzten penitentzia tamalgarriei buruzkoak, eta Indiako santuen metodoak ez dituk, nonbait, erabat ezezagun. Hor gertatzen diren krudelkeria guztien helburu bakarra kanporantz zuzendutako grina miserableak moteltzea duk, zeinak —handikeria zein gosea, gozamena zein gupida—, norberak bere artean piztu dezakeen suari darizkion soilik.

        Reitingek ez dik kanpokoa besterik ezagutzen; nik bigarren hariari heltzen zioat. Orain bazeukak abantaila bat, ororen iritziz, nire bidea geldoagoa eta ziurtasun gabeagoa duk eta. Baina zartada batez gaindi nezakek, barra bailitzan. Ikusten duanez, mundua ezin aldatuzko lege mekanikoetan oinarritzen omen duk. Hori zeharo gezurrezkoa duk, hori ikasliburuetan baino ez duk aurkitzen! Kanpo-mundua tematsua duk, eta egia duk lege izenez ezagutzen ditugunak nekez alda daitezkeela, badituk, hala ere, gainditzea lortu duten gizakiak. Hori, gehienek ezagutzen ez duten hainbat liburu sakratu eta erabat bermatutan ageri duk. Horiei esker bazekiat izan direla gizakiak beren borondatearen bulkada soilaren poderioz harriak, airea eta ura mugiarazi ahal izan dituztenak, lurraren energia osoak haien borondateari buru egiterik izan gabe. Baina hori ere izpirituaren azaleko garaipena baino ez duk. Zeren eta arima guztiz ikusteko gai denari desegiten baitzaio bere gorputzeko bizitza, halabehar soila delako; horiek, liburuetan esaten denez, arimaren erresuma goiagoko batean sartzen dituk, zuzen-zuzenean.

        Beinebergek seriotasun osoz hitz egiten zuen, asaldurari eutsiz. Törlessek, bitartean, begiak itxita zirauen; Beinebergen arnasa hurbiltzen sentitu eta irentsi egiten zuen, durditzen zuen sorgorgarria balitz bezala. Orduan, amaiera eman zion Beinebergek solasaldiari:

        — Ikus dezakek, hortaz, zer den kezkatzen nauena. Basini aske joaten uztera bultzatzen nauten arrazoiak iturburu arruntetik eta azalekotik zatozkidak. Hik jarrai diezaiekek, nahi izanez gero. Niretzat ez duk aurreiritzia baino, eta ezabatu behar diat, nire barne-barneranzko bideari heltzea eragozten didaten beste oztopo guztiak bezala.

        Ona duk, dena den, Basini torturatzea —bera umiltzea esan nahi diat, zapuztea, nigandik urruntzea— niri latza gertatzea. Ezinbestekoa duk biktima bat izatea. Eragin arazgarria izango dik. Harengan ikasiko diat, egunez egun, gizatasuna funtsik gabeko zerbait dela, azaleko antzekotasuna, imitazio hutsa; hori zor zioat.

        Törlessek ez zuen dena ulertu. Iruditu zitzaion, berriro ere, lokarri ikusiezin bat korapilatu egiten zela supituki, ageriko eta hilgarri bihurturik. Beinebergen azken hitzak entzun zitzakeen artean: «azaleko antzekotasuna, imitazio hutsa», errepikatu zuen bere golkorako. Bazirudien Basinirekiko bere harremanari egokitzen zitzaiola esaera hori. Izan ere, ez ote zetzan Basinik berarengan sortzen zuen narritadura berezia horrelako agerkundeetan? Hau da: bestearen lekuan jartzeko ezintasunean, eta, ondorioz, beti zehaztu gabeko irudietan antzeman behar izatean? Ez al zegoen, apur bat lehenago Basini irudikatu zuenean, beste irudi bat horren atzean, desitxuraturik agertzen zena? Antzekotasun antzemangarrikoa, nahiz eta ezeri lotuta ez egon?

        Modu horretan, Beinebergen egitasmo bitxien gaineko gogoetak egin beharrean, jasotako zirrara berriek eta ezohikoek erdi sorgortuta zegoela, Törless bere burua argitzen ahalegindu zen. Basiniren gaiztakeriaren berri izan aurreko eguerdia gogoratu zitzaion. Irudi horiek han zeuden jadanik. Beti egon zen beraren pentsamenduek ezin uler zezaketen zerbait. Bakana eta era berean arrotza zirudien zerbait. Irudiak ikusita zituen, egiazko irudiak ez baziren ere. Txabola haien aurrean, baita Beinebergekin batera gozotegian jesarrita egon zenean ere.

        Antzekotasunak ziren, eta aldi berean gaindiezinezko ezberdintasunak. Eta joko horrek, isilpeko perspektiba guztiz berezko horrek, asaldatuta zeukan.

        Eta orduan gizaki bakar batek bereganatzen zuen hori guztia. Dena gizaki bakar batean gorpuztu eta benetako bihurtu zen. Berezitasun osoa gizaki horrengana besterendu zen. Horrela, fantasiatik bizitzara iragan zen, eta mehatxagarri bihurtu...

        Törless nekatuta zegoen, asalduren ondorioz, eta beraren pentsamenduak solteago kateatzen zitzaizkion elkarri.

        Gogora zezakeen, halarik ere, ez zukeela Basini aske joaten utzi beharko, erabakita baitzegoen beraren bizitzan rol garrantzitsua eta artean duna jokatu beharko zuela.

        Bitartean, buruari eragiten zion, zurturik, Beinebergen hitzak gogoratzen zituenean. Bera ere...?

        Ezinezkoa duk berak eta nik gauza berbera bilatzea, baina, hala ere, berak hori deskribatzeko hitz egokiak aurkitu ditik...

        Törlessek amets egiten zuen, pentsatu bainoago. Ez zen gauza bere problema psikologikoa eta Beinebergen fantasiakeriak bereizteko. Azken batean, lokarri eten ezina guztiaren inguruan gero eta irmoago estutzen ari zelako sentsazioa zeukan.

        Elkarrizketak ez zuen jarraipenik izan. Argia itzali eta logelara itzuli ziren, isil-ostuka.

 

 

        Hurrengo egunek ez zuten erabakirik ekarri. Eskolan zeregin asko zegoen, Reitingek saihesten zuen —badaezpada— bakarrik geratzea, eta Beineberg bera aldendu egiten zen elkarrizketa berri baten bidetik.

        Gertatutakoa sakon barneratu zen Törlessengan egun haietan, oztopatutako ur-korronte baten antzera, eta atzeraezinezko norabidea eman zien beraren pentsamenduei.

        Horrekin batera, Basini urruntzeko asmoa erabat ahaztu zuen. Törless, estreinako aldiz, bere buruan kontzentratuta sentitzen zen, beste ezertan pentsatzeko gai izan gabe. Bozenarenganako interesa ere ezabatu egin zitzaion. Haren aldera izandako sentimenduak oroitzapen fantastiko bihurtu zitzaizkion, seriotasunak ordezkatu baitzituen.

        Ez zirudien, guztiarekin ere, seriotasun horrek fantasia gutxiago zuenik.

 

        Törless, pentsamenduetan murgildurik, parkera irten zen paseatzera, bakarrik. Eguerdi aldea zen, eta udazken berankorreko eguzkiak oroitzapen margulez janzten zituen belardiak eta bideak. Urduri zegoenez ez zuen luze paseatzeko gogorik, eta eraikinari itzulia emanda etzan egin zen, leiho urriko murruaren oinean, belar-gune belaxkatu eta kirrizkari batean. Haren gainetik, udazkenean ohikoa den kolore urdin hits eta makalaz, zerua hedatzen zen, hodei zuri, txiki eta multzotuek arin zeharkaturik. Etzan zen Törless, bizkarra luze bezain zabal lurrean, eta ameslari begiratu zuen noraezean, aurrean zituen bi zuhaitzen adaburu hostobakanduen artetik.

        Beinebergengan pentsatzen hasi zen; bai zela hori gizaki benetan berezia! Haren hitzak Indiako tenplu gainbeheraturen bati legozkioke, jainko lazgarrien irudien eta suge sorginduen artean, ezkutaleku sakonean; baina zein esanahi ote zuten gaur, institutuan, Europa moderno honetan? Baina, hala ere, bazirudien hitz horiek, amaiera eta norabiderik gabeko bide baten antzera, denbora ezin luzeagoz milaka bihurgunetan trabatu eta atzeratu ondoren, supituki helburu eskuragarri baten aurrera iritsiak zirela.

        Eta supituki konturatu zen —hori estreinako aldiz gertatuko bailitzaion— zein goian zegoen zerua.

        Ikara bat bezala izan zen. Beraren gainean bertan ezin deskribatuzko zulo txiki, urdin eta sakon batek distiratzen zuen, hodeien artean.

        Iruditu zitzaion posible izan behar zuela haraino igotzea, eskailera luze baten laguntzaz. Baina zenbat eta gorago igo, begiak altxatuz, orduan eta gehiago atzeratzen zen hondo urdin eta distiratsua. Baina irudi zukeen noizbait eskuratzeko modua egon behar zuela, baina begiradaz geldiaraztekoa ere. Desira horrek tormentu ahaleko oldarra hartu zuen.

        Ikusmenak, ahalik eta gehien teinkaturik, gezi itxurako begiradak iraizten zituela zirudien, eta hauek, zenbat eta urrutiago destatu, orduan eta hurbilago jotzen zutela.

        Horren gainean egiten zituen Törlessek gogoetak; ahaleginak egiten zituen, ahalik eta lasaien eta arrazoiari atxikien irauteko. «Zalantzarik gabe, ez zegok amaierarik», esaten zuen bere artean, «aurrera zoak beti, jarraian aurrera, infinitura». Begiak zeruan finkatuta zituen, hitz horiek errepikatuz, arao baten irmotasuna proban ezarri nahi balu bezala. Baina arrakastarik gabe; hitzek ez zuten ezer adierazten, edo, hobeto esanda, zerbait oso bestelakoa adierazten zuten, gauza berberaz ariko bailiren, baina kontrako alde arrotz eta axolagabe batetik.

        «Infinitua!» Törlessek ezagutzen zuen hitz hori, matematika klasearen bidez. Ez zuen inoiz horri buruzko burutapen berezirik egin. Errepikatu egiten zen, behin eta berriro; norbaitek asmatu zuen noizbait, eta harrezkeroztik bazegoen kontutan hartzea, ziurtasunez, gauza finkoa bailitzan. Kalkuluetan erabiltzen zen; horrezaz gain, ez zion Törlessek inoiz beste esanahirik bilatu.

        Oraingoan, aldiz, hitz horri zerbait larrigarria atxikirik zegoelako susmoak zartada baten indarrez astindu zuen. Kontzeptu mantsotu bat iruditu zitzaion, egunero malabarismo txikitan aritzeko berak erabilia, eta ondoren norbaitek supituki askatua. Bazirudien ulermena gainditzen zuen zerbait higikor, basati eta suntsigarria lotan egona zela —asmatzaile baten lana bitarteko—, gero supituki esnatzeko eta izugarri bihurtzeko. Une horretan zeruan zekusan hori bere gainean, mehatxu eta trufa egiten zuelarik.

        Azkenean begiak itxi zituen, une horrek zeharo torturatzen zuelako.

 

        Baina laster esnatu zen, belar zimela inarrosten zuen haize zaflada kirrizkari batek jo baitzuen; ez zuen gorputza ia antzematen, eta oinetatik hozkirri atsegin bat igotzen zitzaion, gorputz-adarrak nagitasun goxo baten sentsazioaz hornituz. Zerbait emea eta motela erantsi zitzaion lehengo ikarari. Artean sentitzen zuen zerua, erraldoi eta isil, goitik so zeukala, baina gogoratzen zuen, baita ere, inpresio hori sarritan izana zuela; eta oroitzapen guztietan barrena joan zen, beilaldiaren eta ametsen artetik bezala, haien arteko harremanen korapiloan lotuta sentituz bere burua.

        Han zegoen haurtzaroko lehen oroitzapen hura, zeinean zuhaitzak gizaki sorginduak bezain serio eta isilik baitzeuden. Egun hartan sentitu zuen, seguruenik, gerora hainbat aldiz gertatuko zena. Bozenaren etxean izandako pentsamenduetan ere antzeman zuen, zerbait berezia eta aurreustez betea eduki baitzuten, adierazten zutena baino haratago zegoena. Eta egon ere bazegoen baretasuna une hartan, gozotegiko leihoaren aurreko lorategian, sentsualtasunaren errezel ilunak erori baino lehen. Eta Beineberg eta Reiting ere arrotz eta irreal bihurtu ziren, sarritan, pentsamenduaren lipar batean; eta Basini azkenik? Harekin gertatutakoaren irudikapenak goitik behera zarrastatzen zuen Törless; batzuetan zentzuduna eta egunerokoa zen, baina beste batzuetan inpresio horiek komunean zeukaten isiltasunak hartuta egoten zen; irudiz beteriko isiltasun hori Törlessen oharmenean atergabe iragazten zen, egiazko eta bizidun direnekin ohiko den tratamendua bat-batean exijituko bailuen; lehentxeago infinitutasunaren irudikapenak bezala.

        Törlessek sentitu zuen isiltasun horrek alde guztietatik setiatzen zuela. Mehatxuka egona zen betidanik, indar urrunak eta ilunak bezala, baina berak saihestua zuen, instintiboki, eta begirada beldurtiaz igurtzi baino ez zuen egin, noiz edo behin. Orain, berriz, halabehar batek, gertaera batek, arreta zorroztu eta horrantz zuzenarazten zion, alde orotatik erasoz, zeinu bati jarraituko balio bezala; estutasun itzela ekarri zuen, uneoro areagotzen baitzen.

        Halako zoramen bat jabetu zen Törlessez, gauzak, gertakariak eta gizakiak zentzu bikoiztuan antzemanaraziz. Alde batetik, nolabaiteko asmatzaile baten energiari esker hitz kaltegabe eta argigarri bati lotutako zerbait zen, eta bestetik zerbait erabat arrotza, unez une lehertzeko mehatxu egiten zuena.

        Badaude, benetan, azalpen errazak eta naturalak gauza guztietarako, eta Törlessek bazekizkien, baina zirudienez —ikaragarriro harrigarria izan arren—, ez zekarten berekin kanpo estalki bat baino, barnekoa —Törlessek ez-natural bihurtutako begiekin atzean diz-diz ari zen zerbait bezala ikusita— inolaz ere agerian jarri gabe.

        Horrela zetzan Törless, hainbat oroitzapenen korapiloan lotuta, pentsamendu bitxiak lore arrotzen gisara hazten ziren bitartean. Gogora zetozkion gure bizitzan adimena islatu ohi duten loturek porrot egiten duten une eta egoera ahaztezin haiek, bata bestearen alboan mugituko bailiren, paralelo, eta abiadura berberean, elkarri estu eta nahaspilan atxikirik.

        Zenbait arratsen isiltasun izugarria eta kolore tristekoa aldatu egiten zen, brastakoan, udako eguerdi baten goganbehar bero eta dardarati bihurturik, zeinak musker nabarren saldo irristari baten oin uzkurtuekin anima gorian gainez egiten baitzuen.

        Orduan gogoratu zitzaion, supituki, printze haren irribarrea, begiratua, mugimendu bat —elkarren arteko barne harremanak desegin zirenekoa—, zeinaren bidez gizaki hark, kolpe leun batez, Törlessek haren inguruan bilbatutako harreman guztiak suntsitu baitzituen, ustekabean zabaldutako eta bizitzaren deskriba ezinezko segundo batean kontzentraturiko urruntasun berri eta ezezagunera abiatzeko. Gero, landen arteko basoaren oroitzapenak etorri zitzaizkion. Baita bere etxeko gela ilundu baten irudi isila ere, galdutako laguna geroago gogoratuko ziona, supituki. Poema baten hitzez oroitu zen...

        Badaude ere gauzak zeinetan bizitzen dena eta norbereganatzen dena alderatzeko ezintasuna nagusitzen baita. Zeren beti gertatu ohi da, ezen, galderarik eta zatitzerik gabe une batean bizitzen duguna ulertezin eta nahasi bihurtzen zaigula, pentsamendu katearen bitartez gure jabetza iraunkorrari estekatu nahi diogunean. Eta gure hitzek urrundik bilatzen duten bitartean itxuraz handia eta gizakientzat arrotza dena erraztu egiten da, eta urdurigarritasuna galtzen du, gure bizitzaren jarduera-esparruan sartu bezain laster.

 

        Izan ere, oroitzapen horiek guztiek sekretu berbera zeukaten komunean. Törlessek esku-eskura ikus zitzakeen bere aurrean, denak elkar kideturik baleude bezala.

        Garai batean sentimendu ilun batek lagun egin zien, berak arreta gutxiz erreparatu bazion ere.

        Horrexetan ahalegintzen zen orduan. Gogoratu zitzaion nola, behin batean, aitarekin batera paisaiari so zegoela, tupustean esan zuen: «hau bai ederra!», eta nola lotsatu zen, aita poztu zitzaioneko. Zeren modu berean esan baitzezakeen: «ikaragarri tristea da». Hitzen hutsegitea izan zen bera torturatu zuena, eta kontzientziak erdizka antzeman zuen hitzak halabeharrezko aitzakiak zirela sentitzen zuena adierazteko.

        Eta orain irudia gogoratzen zuen, eta hitzak gogoratzen zituen, baita ageriko arrazoirik gabeko gezurtatzearen sentsazio hura ere. Haren begiradak oroitzapena zeharkatzen zuen, behin eta berriz. Baina beti itzultzen zen kontsolamendurik gabe. Burutazioen erresumari egindako irribarre liluratua —berak nolabait barreiaturik mantendu zuena— nekez nabari zitekeen aurpegiera mingarri bihurtu zen astiro...

        Beharra zuen beraren eta bere izpirituaren aurrean hitzik gabe zirauen horren artean zubia, lotura edo alderaketa bat atsedenik gabe bilatzeko.

        Baina pentsamenduak baretu orduko ezin ulertuzko eragozpen hori agertzen zen berriro: «Gezurra esaten duk». Egin nahi zuen baina beti hondar setatia agertzen zelako ezin buka zezakeen zatiketaren antzekoa zen; edo amaigabeko lokarriak askatzea zirudien, hatz sukartsuekin, ahalegin larriaz.

        Eta azkenik amore eman zuen. Ingurua hertsiki itxi zitzaion, eta oroitzapenen eragabetasun ez-naturala hazi egin zen.

        Begiak zerura zuzendu zituen berriz ere, kasualitate batez bere sekretua erauzi ahal izateko eta toki orotan estutzen zuena zer zen asmatzeko itxaropenaz. Baina lur jota geratu zen, bakardade sakonaren sentimendua gainean ixten zitzaion bitartean. Eta Törlessek sumatu zuen ganga geldi eta mutu horren azpian erabat bakarrik zegoela, puntu txikia eta biziduna balitz bezala sentitzen zela, hilotz erraldoi eta garden horren azpian.

        Baina ikarak ez zuen luze iraun. Antzinako tankera hartu eta beraren gorputz-adar guztiez jabetu zen.

        Iruditu zitzaion argiak esne itxurako distira hartzen zuela, eta bere begien aurrean dantzan ari zela, laino hotz eta zurbilaren antzera.

        Astiro eta arretatsu burua jiratu zuen, inguruari erreparatuz, dena aldatuta ote zegoen egiaztatzeko asmoz. Ustekabean, leihorik gabeko murru grisa igurtzi zuen begiradaz, buruaren atzean baitzegoen. Iruditu zitzaion berarenganantz konkorturik zegoela, eta isilik begiratzen ziola. Aldian behin zurrumurrua jaisten zen hormatik, eta bizitza urduri bat itzarri egiten zen.

        Horrelako zerbait sarritan sumatua zuen, ezkutalekuan, Beinebergek eta Reitingek beren mundu fantastikoa hedatzen zutenean, eta poztu egiten zen hartaz, ikuskizun traketsetan entzun ohi den musika bakanaz egingo zukeen bezala.

        Baina egun argitsuak berak ezkutaleku hondogabe bihurtua zelako itxura zuen, eta isiltasun biziduna bildu egiten zen Törlessen inguruan.

        Ez zuen burua jiratzerik. Beraren ondoan, zoko heze eta goibel batean, eztul-belar batek luzatzen zituen bere hosto zabalak, bareek eta harrek ezkutaleku gisa erabil zitzaten.

        Törlessek entzun zituen bihotzaren taupadak. Gero itzuli zen zurrumurru eme, xuxurlati eta irristakor bat... Eta soinu hori zen sekulatik isilean egondako mundu baten oihartzun bakarra...

 

 

        Biharamunean Beineberg eta Reiting elkarrekin zeuden Törless inguratu zitzaienean.

        — Hitz egin diat Reitingekin —esan zuen Beinebergek—, eta dena hitzartuta zegok. Uste diat hiri ez zaizkiala horrelako gauzak interesatzen.

        Törlessek zeloen eta erneguaren antzeko zerbait igotzen zitzaiola sentitu zuen, egoeraren bat-bateko norabide berria antzematean, baina ez zekien gaueko elkarrizketa Reitingen aurrean aipatu behar zuenetz.

        — Behintzat deitu behar zenidaten, honetan zuek bezainbeste sartuta nagok eta —erantzun zuen.

        — Egingo genikean, Törless maitea —esan zuen Reitingek agudo, orduko horretan ez baitzuen, antza zenez, zailtasun gehiagorik nahi—. Baina ez diagu hi aurkitzerik izan, eta hire adostasunez ziur gintuan. Zer diok, horrezaz gain, Basiniri buruz? —(barkamen hitz bat ere ez, beraren jokabidea berez ulertuko bailitzan).

        — Zer diodan hari buruz? Ba, nire ustetan gizaki zitala duk —erantzun zuen durduzaturik.

        — Egia, ezta? Oso zitala.

        — Baina hi gauza ederretan aritzen haiz harekin, hala ere! —Eta Törlessek irribarre nolabait behartua osatu zuen, lotsagarri baitzeritzon Reiting areago ez sumintzeari.

        — Ni? —Reitingek sorbaldak goratu zituen—. Eta zer? Aukera guztiak aprobetxatu behar dituk gozatzeko, eta hura horren ergela eta doilorra baldin bada...

        — Hitz egin duk harekin harrezkeroztik? —sartu zen Beineberg tartean.

        — Bai, nigana etorri zuan atzo, eta dirua eskatu zidaan, zorrak ditik-eta berriz, eta ez zeukak ordaintzerik.

        — Eman egin diok?

        — Ez, oraingoz ez.

        — Oso ondo —iritzi zion Beinebergek—. Badiagu, beraz, espero genuen aukera hura harrapatzeko. Agin hiezaiokeen gaur bertan nonbaitera azaltzeko.

        — Nora? Gelatxora?

        — Agian ez. Horren berri ez baitu orain arte jakin. Esaiok, hobe, ganbarara joateko, hi berarekin egon hintzen leku horretara.

        — Zer ordutan?

        — Demagun... bostetan.

        — Ondo zegok. Nahi duk paseatzen jarraitu?

        — Bai. Törlessek zer edo zer izango dik oraindik egiteko, ezta?

        Törlessek ez zuen, egia esan, beste inolako zereginik, baina sumatzen zuen besteek bazutela zerbait eskuartean, eta ezkutatu egin nahi ziotela. Haserretu zen bere zurruntasunagatik, parte hartzea eragozten baitzion.

        Hortaz, begirada jeloskorrez jarraitu zien, eta irudikatzen saiatu zen zer itun ote zeukaten elkarren artean.

        Konturatu zen, une horretan, zer nolako xumetasuna eta begikotasuna antzeman zitekeen Reitingen ibilera tente eta malguan. Beraren hitzen adinakoa. Baina, aldi berean, gau hartako haren jokabidea irudikatzen ahalegindu zen; barnekoari eta arimazkoari zegokien alderdian. Bata besteari suhartasunez lotutako bi arimen hondoratze luze eta geldoa izango zen, inondik ere, eta ondoren lurpeko erresuma baten itxurako amildegia; bien bitartean une bat, zeinean munduko zaratak, goian, goian urrun, isildu eta itzali egiten baitziren.

        Posible al da, berriz, horrelako zerbaiten ostean gizaki bat hain atsegina eta apala izatea? Ez bide zuen izango harentzat horrenbesterainoko garrantzirik. Törlessek gogo onez galdetuko ziokeen. Baina horren ordez, umeen adinako beldurrez, Beineberg endredamakila horren eskuetan utzia zuen.

 

 

        Hamaikak laurden gutxiagotan Törlessek ikusi zuen nola Beineberg eta Reiting oheetatik isilgordeka jaisten ziren, eta bera ere jantzi egin zen, besteei jarraitzeko prest.

        — Pst! Hago apur batean. Konturatu egingo dituk hirurok elkarrekin alde egiten badugu.

        Törless burusiaren azpian sartu zen atzera.

        Korridorean elkartu eta ohiko tentuaz abiatu ziren, ganbarako igobidean gora.

        — Non da Basini? —galdetu zuen Törlessek.

        — Beste aldetik zetorrek. Reitingek eman ziok giltza.

        Denbora osoa iluntasunean eman zuten. Goiko burdinazko ate handiaren aurrean egon ziren arte ez zuen Beinebergek eskuargia piztu.

        Sarrailak eutsi egiten zion. Hainbeste urtez itxita egon ondoren tinko zirauen, giltzari obeditu gabe. Azkenik atzera mugitu zen, hots ozenez; atearen hegalak erro herdoilduak marraskatu eta amore eman zuen.

        Ganbara aldetik aire epel eta mina barreiatu zen kanpora, negutegi txikietan dagoenaren antzekoa.

        Beinebergek atea itxi zuen berriz.

        Zurezko eskaileratik jaitsi eta zehargapirio gotor baten alboan kokorikatu ziren.

        Haien parean urez beteriko upa erraldoi batzuk zeuden, suterik izatekotan itzaltze lanetan laguntzeko asmoz han kokatuak. Denbora luzez aldatu gabe egonda, horko urari kirats gezi-mina zerion.

        Ingurumaria, orokorrean, guztiz itogarria zen: sargoritsua sabaiaren azpian, aire eskasekoa, eta gapirio gotorrak nahas-mahasean igotzen ziren goiko iluntasunean galtzeraino, edo mamu kutsuko sarea osatzen zuten zoruan.

        Beinebergek eskuargia estali zuen eta jesarrita gelditu ziren, zurrun, hitzik esan gabe, ilunpetan. Minutu luzeak iragan ziren.

        Orduan, ilunguneko beste muturrean, ateak kirrinka egin zuen. Leun eta astiro. Bihotza taupada bizian jartzeko moduko zarata izan zen, hurbiltzen ari den sariaren lehen hotsa bezalakoa.

        Ondoren, urrats herabeak entzun ziren, oin baten kolpea zur durunditsuan... Isiltasuna... Gero berriz urrats beldurtiak... Itxaronaldia... Giza ahots eme bat... — Reiting?

        Beinebergek estalkia kendu zion eskuargiari, eta ahotsa zetorren lekurantz errainu bat egotzi zuen.

        Gapirio gotor batzuk distiraz argitu ziren, itzal zorrotzen artean, baina haratago dilindaka ari zen hautsezko kono bat ikus zitekeen soilik.

        Baina urratsak zehatzago eta hurbilago antzeman zituzten.

        Orduan jo zuen —oso gertu— berriro oin batek zoruan, eta berehala agertu zen argi-konoaren behealde zabalean Basiniren aurpegia, errautsezko argitasun zalantzakorrean.

 

        Basini irribarrez zegoen. Atsegin, eztitsu. Irudi batena zirudien irribarreari eutsi zion argiaren laukitik irten bitartean.

        Törlessek, gapirioan larriminez jesarrita, begietako giharren dardara sentitu zuen.

        Orduan, Beinebergek Basiniren doilorkeria guztiak zerrendatu zituen, banan-banan; tonu berberaz, hitz erlatsekin. Eta amaitutakoan, galdera:

        — Ez haiz lotsatuko, ala?

        Eta Basiniren begirada, Reitingi zuzenduta, hauxe esango balu bezala: «Heldua duk garaia lagun diezadaan». Eta erantzun gisa Reitingen ukabilkada, aurpegian bertan, halako indarrez, non atzera zabukarazi baitzuen, eta gapirioetan trebukatu ondoren zorura erorarazi. Beineberg eta Reiting harengana oldartu ziren.

        Eskuargia irauli eta argia alderrai hedatu zen, geldo, zoruaren gainetik, Törlessen oinetan pausatu arte...

        Entzuten zituen zaratek adierazi zioten Basini jipoitzen ari zirela, arropak erantzita, tresna mehe eta malgu batez baliatuz.

        Argi zegoen hori guztia aldez aurretik prestatuta zeukatela. Basiniren zotina eta kexu-oihu sorrak entzun zitzakeen, babesa etengabe eskatzen; gero sorgorturiko txilioa zirudien garrasia baino ez zuen antzeman, eta aldi berean ahapekako biraoak eta Beinebergen arnasaren borbor suhartsua.

        Törless bere lekuan gelditu zen, mugitzeke. Hasierako unean gogo eustezina izan zuen besteekin batera oldartu eta zartadaka hasteko, baina beranduegi heltzeaz gain soberan egongo zelako sentsazioak atzera bultzatu zuen. Maingutasun astun baten eskuak oratzen zizkion gorputz-adarrak.

        Axolagabetasun nabariaz begiratu zuen zorura. Ez zuen ahalegin handirik egin zaratei erreparatzeko, eta bihotzaren taupadak mantsotu egin ziren. Begiekin jarraitu zion argiari, oinetara isurtzen baitzitzaion, potxingo bat osatuz. Hautsezko orbanak eta amarauntxo itsusi bat distiraz argitu ziren. Haratago, distira hori gapirioetako lotuneen artetik iragazi eta iluntze zikin eta hautsezko batean iraungitzen zen.

        Törlessek beste ordubete bat emango zukeen jesarrita, konturatzeke. Ez zuen ezertan pentsatzen, baina, aldi berean, erabat lanpeturik zegoen. Bere buruari so egiten zion. Baina hutsuneari begira bailegoen, bere burua ertzean agertzen zen dirdira lausotuaren itxurapean antzemanez. Eta nahasgune horretatik, ertz horretatik, astiro baina beti ikuskor, irrikatasun bat hurbiltzen zitzaion ageriko kontzientziari.

        Zerbaiten eraginez, Törlessek irribarre egin zuen. Gero irrikatasuna indartuz joan zitzaion. Beraz jabetu eta jesarlekutik behera erakartzen zuen, belaunetara; zorura. Behartu egiten zuen gorputza oholen kontra estutzera; sentitu zuen begiak arrain batenak bezain handi bihurtzen zirela; sentitu zuen bihotzak gorputz biluzia zeharkatu eta zuraren kontra jotzen zuela.

        Törlessek, asaldura nabarmena zeukan-eta, gapirioan bermatu behar izan zuen, beherantz mugiarazten zuen astinduari buru egiteko.

        Izerdi-tantak zituen bekokian, eta bere buruari galdetzen zion, behin eta berriz, zein zen horren guztiaren esanahia.

        Axolagabetasunak ikaraturik, beste hirurak entzuten ahalegindu zen, ilunguneko beste muturrean.

        Dena baretuta zegoen; bakarrik Basini kexu zen, arropak haztamuka bilatzen zituen bitartean.

        Törlessek sentitu zuen hots kexati horrek atsegingarriro lasaitzen zuela. Armiarma hanka zirudien hotzikara batek bizkarra kurritzen zion, goitik behera. Gero omoplatoen artean finkatu eta buruko azala atzerantz teinkatu zion. Harritu egin zen, kitzikapen sexualeko aldarte bizian zegoela nabaritu baitzuen. Pentsatzeari ekin zion, berebiziko irrikatasun hori estreinako aldiz noiz azaldu zitzaion gogoratu ezinik, nahiz eta bazekien zoruaren kontra estutzera bultzatuta sentitu zeneko jadanik agertua zela. Lotsatu egin zen horregatik; baina irrikatasunak odol-baga ahaltsu baten indarrez uholdeztatzen zion burua.

        Itzuli ziren Beineberg eta Reiting, arropak haztatuz, eta isilik jesarri ziren beraren alboan. Beinebergek lanparari erreparatu zion.

        Une horretan sentitu zuen Törlessek, berriz ere, irrikatasun horrek beherantz erakartzen zuela. Begietatik ateratzen zitzaion —horixe sentitzen zuen orduan—, begietatik burmuinera, begirada hipnotikoa bezala. Galdera bat zen, bai... bat, ez... etsipena... ezaguna zitzaion...: murrua, ostatuaren lorategi hura, etxola kaskarrak, haurtzaroko oroitzapen hura... gauza berbera!, gauza berbera! Beinebergi begiratu zion: «Ez ote du horrek ezer ere sentituko?», pentsatu zuen. Baina Beineberg konkortu egin zen, lanpara jasotzeko asmoz. Törlessek haren besoari heldu zion.

        — Ez al du begi baten itxura? —esan zuen, zoruan hedatzen zen argiaren distira seinalatuz.

        — Ez haiz orain poetiko jarriko, ezta?

        — Ez. Baina ez al duk heuk esaten begiak berebiziko kasua direla? Energia berezi bat zeriok aldika —gogoratu, bestela, hipnotismoari buruzko hire ideia xelebreak—, fisika klaseetan lekurik ez duena; ziurra duk ere gizakia errazago islatzen dela begietan, hitzetan baino...

        — Ongi, eta zer?

        — Nire ustez argi horrek begi baten antza dik. Mundu arrotz batera irekitzen duk. Zerbait asmatu behar nukeelako sentsazioa diat. Baina alferrik. Hor murgildu nahiko nikek.

        — Beraz, poetiko jartzen hasia haiz.

        — Ez. Seriotan ari nauk. Erabat etsirik nagok. Begira ezak horrantz, eta sentituko duk hik ere. Potxingo horretan ihauskatzeko premia izango duk, hautsez beteriko zoko horretan lau hankatan herrestan ibiltzeko, gisa horretan asmatu ahal izango bahu bezala...

        — Nire maitea, horiek umekeriak dituk, sentimentalkeriak. Ahaztu orain, mesedez, horrelako gauzak.

        Beineberg konkortu zen, azkenik, eta lanpara haren lekuan jarri zuen. Törless, berriz, maltzur sentitu zen. Iruditzen zitzaion gertaera horien zentzua lagunek baino sakonago bereganatzen zuela.

        Basiniren berragerpenaren zain zegoen, barneko hotzikara batez, buruko azala atzerantz teinkatzen zitzaiola sentitzen zuen bitartean.

        Ongi asko zekien berarentzat zerbait aurrikusita zegoela, gero eta tarte sarriagotan eta hertsiagotan inguratzen baitzuen; sentsazio bat, besteentzat ulertezina, baina beraren bizitzarako oso garrantzi handikoa izan beharko zuena.

        Baina sentsualtasun horren esanahia ez zuen artean ezagutzen, gertaeren hasieran bertan egona zela gogoratzen bazuen ere; bazekien berarentzat bakarrik zela agerikoa, eta torturatu egiten zuela, haren oinarria ezezagun zitzaiolako.

        Eta erabaki zuen horri buruzko gogoetak ahalik eta lasterren egitea. Bien bitartean, Basiniren berragerpena itxarotearen asaldura ikaragarriari lotu zitzaion.

        Beinebergek lanpara arteztu zuen, eta errainuek zirkulu bat taxutu zuten iluntasunean, esparru huts itxurakoa.

        Eta hor azaldu zen, tupustean, Basiniren bisaia. Lehen aldiz iritsi zeneko itxura berberaz; irribarre eztitsu eta iraunkor horrekin; bitarteko aldian ezer gertatu ez bailitzan, nahiz eta zenbait odol tantek goiko ezpainean, ahoan eta kokotsean arrasto gorri bat marrazten zuten, bat baten antzera bihurritzen zena.

        — Jesar hadi hor! —Reitingek gapirio gotorrak seinalatu zituen. Basinik obeditu egin zion. Reiting mintzatzen hasi zen—: Pentsatuko huen, seguruenik, erraz libratuko hintzela, ezta? Lagunduko niala uste huen? Ba oker hengoen. Hirekin egin nuena, hire doilorkeria norainokoa zen ikusteko egin mari.

        Basinik defentsa mugimendu bat egin zuen; Reitingek, berriz, harengana berriro oldartzeko keinua. Orduan Basinik esan zuen:

        — Jainkoarren eskatzen dizuet; ezin nuen bestelakorik egin.

        — Iso! —oihukatu zuen Reitingek—. Kokotaraino gaudek hire aitzakiekin. Bazekiagu orain hirekin zertan ari garen, eta horren arabera jokatuko diagu...

        Isilik geratu ziren puska batean. Gero, supituki, Törlessek esan zuen, ahapeka, lagunkiro ia:

        — Esan, bada: lapurra naiz!

        Basiniren begiak handi eta ia ikaratu bihurtu ziren; Beinebergek barre egin zuen, onespena erakutsiz.

        Baina Basini isilik geratu zen. Orduan Beinebergek ostikoa eman zion saihetsetan, eta oihukatu zion:

        — Ez al duk entzun? Lapurra haizela esan behar duk! Eta berehala esango duk!

        Isilunea luzatu zen oraindik apur batean, ia oharkabez. Ondoren, ahots apalez, arnasaldi batean, ahalik eta ñabardurarik txikieneko tonuaz, Basinik esan zuen:

        — Lapurra nauk.

        Beinebergek eta Reitingek barre egin zuten, gogobeterik, begiak Törlessengana zuzenduta:

        — Hori bai izan dela ideia ona hire aldetik, txiki hori.

        Eta Basiniri:

        — Eta orain esango duk, berehalaxe: animalia naiz, deabruzko animalia, zuen deabruzko animalia eta txerrikumea!

        Basinik esan egin zuen, eragozpenik jarri gabe, begiak itxita zituela.

        Baina Törless iluntasunera atzeratu zen berriz ere. Higuingarri zeritzon eszenari, eta lotsaturik zegoen bere ideia besteen atseginerako eskaini izanaz.

 

 

        Matematika klasean zegoela, zerbait otu zitzaion Törlessi.

        Azken egunetan, interes handiz adituak zituen klase horretan emandako azalpenak, bere artean pentsatzen baitzuen: «Hau, esaten dutenez, bizitzarako benetako prestakuntza baldin bada, bilatzen dudanaren zantzuak aurkitu beharko nitizkek hemen».

        Eta Matematika zuen gogoan, hain zuzen, infinituaren gaineko pentsamenduak izan zituenez geroztik.

        Klasearen minean danbada bero bat sentitu zuen buruan.

        Ikas ordua amaitu orduko Beinebergengana jo zuen, horrelako zerbaiti buruz hitz egin zezakeen bakarra zelakoan.

        — Ongi ulertu duk klasean azaldu dutena?

        — Zer?

        — Irudimenezko zenbakien kontu hori.

        — Bai. Ez duk horren zaila. Bakarrik egiaztatu behar duk bat negatiboaren erro karratua kalkulu-unitatea dela.

        — Ba horixe duk. Hori ezin duk izan. Zenbaki guztiek, positiboak zein negatiboak izanik, emaitza positiboa ditek karratura jasoz gero. Hortaz, ez zegok zenbaki negatibo baten erro karratua izan litekeen zenbaki errealik.

        — Arrazoi osoa duk; baina, hala eta guztiz, zergatik ez genuke saiatu beharko, zenbaki negatibo baten kasuan ere, erro karratua kalkulatzen? Argi zegok, noski, horrek ez lukeela emaitza errealik emango, baina horrexegatik esaten duk emaitzak irudimenezko zenbakia behar duela izan. Horrela gertatzen duk honako hau esaten denean ere: hemen norbait jesarrita zegoenez, aulki bat ipiniko diagu harentzat; eta, hilik egon arren, bizirik balego bezala jardungo diagu.

        — Baina nolatan egin daiteke hori, matematikaren ikuspuntutik erabat ezinezkoa dela baldin badakigu?

        — Jokatu egiten duk, halaz guztiz, horrela ez balitz bezala. Emaitzaren bat izango duelakoan. Bestelakoa al da zenbaki irrazionalen kasuan? Inora ez daraman zatiketa bat, frakzio bat, zeinaren emaitza inoiz ez eta inoiz ez baita lortzen, etengabeko kalkuluak egin arren? Eta zer espero dezakek, ba, lerro paraleloak infinituan elkartzen direla pentsatzen baduk? Nire ustez, dena zehatz-mehatz aztertuko bagenu, ez legokek matematikarik.

        — Bai, hor arrazoi duk. Horrela irudikatuz gero, nahikoa zuzena zirudik. Baina bitxia duk, dena den, irudimenezko zenbaki horiekin, beste hainbeste ezinezko neurrirekin bezala, kalkulatzerik badagoela esatea, baita eragiketen bidez emaitza konkretuak eskuratzen direla ere.

        — Baina horretarako irudimenezko faktoreek elkar ezabatu behar ditek, eragiketa egiteaz batera.

        — Bai, bai; esaten duan guztia bazekiat. Baina ez al dago, hala ere, zerbait berezia gauza horri atxikirik? Nola adieraz nezake? Pentsa ezak honetaz: horrelako kalkuluetan oso zenbaki soilduak zeudek hasieran, metroak edo pisuak edo neur daitekeen beste edozer iruditzen dutenak, gutxienez zenbaki errealak direlako. Horrelakoak aurkitzen ditiagu kalkuluaren bukaeran ere. Baina hasierakoak zein bukaerakoak lotuta zeudek hasieran ez zegoen zerbaiten bitartez. Ez al du horrek zubi baten antza, zeina segurtasunez gurutzatzen baitugu, osorik bailegoen, bi muturretako zutabeak baino ez eduki arren? Horrelako kalkuluek baditek niretzat zerbait zorabiagarria; iruditzen zaidak bidearen zati batek alde egiten duela, Jainkoak zekik norantz. Benetan ohargarria dena mota horretako kalkuluetan dagoen energia duk, baita egokiro lurreratzen ahalbidetzeko duten gaitasuna ere.

        Beinebergek irribarre burlatia osatu zuen:

        — Hitz egiten duk gure apaiztxoak egingo lukeen moduan. «...sagar bat ikusten duk —horra hor argiaren dardarak, eta begia, etab.—, eta eskua luzatzen duk, lapurtzeko asmoz —horra hor giharrak eta nerbioak, mugitzen hasiak—. Baina bi aldeen artean bazegok zerbait, batak bestearen barnetik ateratzen duena, eta hori arima hilezkorra duk, bekatua egin eta gero...; ja, ja, zuen ekintzak ezin azal daitezkek arima kontutan hartzeke, zuengan pianoa jotzean bezala jokatzen baitu...»

        Eta katekistak alegia hori aipatzean atera ohi zuen tonua imitatu zuen.

        — Horrezaz gain, ez diat interes handirik istorio horretan.

        — Ba nik uste nian hiri batez ere interesatu behar zitzaiala. Nik behintzat higan pentsatu behar nian, zeren, benetan hain azaldu ezina baldin bada, hire sinesmenak berretsiko litizkek.

        — Zergatik izan beharko zuen azaldu ezina? Nire ustez, balitekek matematikaren asmatzaileek hor beren oinetan trebukatu izana. Zergatik ez zatekeen, bada, gure ulermenetik harago dagoen hori ulermen honexen lepotik trufatuko? Baina ez diat gauza horiekin burua nekatuko, inora ez zeramatek eta.

 

 

        Egun horretan bertan, Törlessek bisitatzeko baimena eskatu zion matematika irakasleari, azken ikasgaiko zenbait punturi buruzko azalpenak jasotzeko.

        Biharamunean, eguerdiko atsedenaldian, irakaslearen bizileku txikira zeraman eskaileran gora abiatu zen.

        Oso begirune handia zion orain matematikari, zeren ordura arte bizigabeko ikasgai iritzi bazion ere, tupustean guztiz bizia zirudien zerbait bihurtua zitzaion. Eta begirune horren kariaz bekaitza sentitzen zuen irakasle horrenganako, xehetasun guztiak burutik burura ezagutzen zituelako, eta ezagupen horiek beti aldean zeramatzalako, lorategi hertsi bateko giltzak bailiren. Horrezaz gain, jakin-min herabeti samar batek bultzatzen zuen Törless. Ordura arte ez zen inoiz gizon gazte eta buruz heldu baten gelan egon, eta gizaki jakintsu eta aldi berean lasai horren bizitza zer nolakoa zen ezagutzeko jakin-mina sentitu zuen, nahiz eta horretarako azaleko, inguruko objektuez baliatu behar.

        Normalean, ordea, jarrera beldurti eta isila izaten zuen irakasleen aurrean, eta horregatik ez zuen uste oso begiko zitzaienik. Beraz, ate aurrean durduzaturik zegoela, eskaera hori ausardia hutsa iruditu zitzaion, bere asmoa azalpenak jasotzea bainoago —hori zalantzan jartzen baitzuen isilean, bere artean—, gelari —irakasleari eta matematikarekiko haren eguneroko ohaidetasunari— begiratu bat egoztea bide zelako.

        Irakaslearen langelan sartzeko agindu zioten. Lekua luze samarra eta leiho bakarrekoa zen. Leihoaren parean tintazko orbanez zipriztindutako idazmahaia zegoen, eta paretaren alboan sofa borladun bat, oihal berde, ezkabiatsu eta ildaskadun batez jantzita. Sofa horren gainean ikasle-katxutxa kolorgetu bat zegoen eskegita, baita unibertsitate garaiko argazki marroi eta ilundu mordoa ere, bisita txartelen tamainakoak. X formako hankak zituen mahai obal antzeko horretan, zeinaren apaingarriek itxura airosoa hornitu beharrean porrot egindako adeitasunaren eragina sortzen baitzuten, pipa bat eta tabako gaizki xehatua zeuden. Gela osoari tabako merke horren usaina zerion.

        Törless inpresio horiek artean bereganatzen ari zela, nolabaiteko atsekabez —zerbait nazkagarria ukitu bailuen—, irakaslea sartu zen.

        Gizon gaztea zen, gehienez hogeita hamar urtekoa; ile-goma, urduria eta oso matematikari ona, akademiak eskaturik zenbait azterlan garrantzitsu aurkeztuta baitzituen.

        Idazmahai ondoan eseri zen berehala, pilatutako paperak apur bat irauli (Törlessi gero irudituko zitzaion hor aurkitzen zuela babeslekua), betaurrekoak sudur-zapiaz garbitu, zango bat bestearen gainean antxumatu eta Törlessi begiratu zion, itxaroten.

        Hau irakaslea ere begiradaz aztertzen hasia zen. Artile zurizko galtzerdi trauskil pareari erreparatu zion, eta konturatu zen praketako behe-ertzak belztuta zituela, botinetako betuna igurztearen ondorioz.

        Sudur-zapia, berriz, zuri eta dotore nabarmentzen zen, eta gorbatak joskera ona zuen, nahiz eta pintura-paleta bezain joria eta nabarra izan.

        Törless, nahi gabe, etsirik sentitu zen azterketa labur horren ondoren; ezin espero zezakeen gizaki hori garrantzi handiko ezagupenen jabe izango zenik, hain agerikoa baitzen pertsona horrengan zein beraren ingurumarian ez zela horrelakoren aztarnarik ttipiena ere antzematen. Bere artean oso bestelako moduan irudikatua zuen matematikari baten langela; hor asmatzen bide ziren gauza izugarriak adieraziko zituen zerbait egongo zela. Arrunkeriak, ordea, min ematen zion; sentsazio hori matematikara ere hedatu zen, eta begirunea mesfidantzazko ikusiezin bihurtzen hasi zen.

        Irakaslea alde batetik bestera mugitu zen bere lekuan, ezinegonez, jakin gabe isilune luzeak eta bestearen begiratu arakatzaileak zer esan ote nahi zuten, eta bi gizakien artean ulergaiztasun giroa nagusitu zen.

        — Nahi dugu, ba,... nahi duzu... prest nago, gogo onez, behar dituzun azalpenak emateko —hasi zen irakaslea.

        Törlessek bere zalantzak jakinarazi zizkion, eta ahalegindu zen berarentzat zuten garrantzia azpimarratzen. Baina iruditzen zitzaion laino lodi eta uher batean zehar hitz egiten ziola, eta hitzik hoberenak zintzurrean itotzen zitzaizkiola.

        Irakasleak irribarre egin zuen, eztulka, eta esan zuen:

        — Zure baimenarekin.

        Zigarro bat piztu eta astiro erretzen hasi zen; papera —Törlessek normal iritzi zionez— hanpatu eta okertu egiten zen, zirtaka; irakasleak betaurrekoak hartu zituen sudurretik, berriro jarri, buruari eragin,... azkenik, Törlessi amaitzeko denborarik eman gabe:

        — Pozten naiz, Törless maitea, oso pozten naiz —moztu zion—. Zure gogoetak pentsamolde serio baten adierazle dira,... baten,... baina ez da hain erraza nahi dituzun azalpenak ematea,... espero dut ongi ulertuko didazula hau.

        Hara, traszendentea den zerbaiten eginkizunaz hitz egiten ari zara, hum... bai, faktore traszendente izenaz ezagutzen ditugun horietaz...

        Egia esan, ez ditut ezagutzen horri buruzko zure sentimenduak; ez da erraza natura gainditu duenaz eta ulermenaren muga estuen bestaldean dagoenaz jabetzea. Ez dagokit niri, benetan, nire burua hor nahastea, ez da-eta sartzen nire zientzi esparruan; horretaz modu batean zein bestean pentsa daiteke, eta horrexegatik, hain zuzen, saihestu nahi nuke edonorekin polemizatzea. Baina matematikari dagokionez —eta hemen azpimarratu zuen matematika hitza, zorigaiztoko ate bat behin-betiko itxi nahi bailuen—, matematikari dagokionez gauza segurua da hemen ere lotura naturala eta matematikazkoa baino ez dagoela.

        Baina hori horrela izanik ere, zenbait hipotesi egin behar nituzke —benetan zientifikoki jarduteko— nekez ulertuko zenituzkeenak, azaltzeko behar beste denbora ez baitugu.

        Ez dut ukatzen, noski, egiazko izaerarik ez duten irudimenezko zenbaki horien kontua —adibidez— ez dela, ha ha, buruhauste txikia ikasle gazteentzat. Baina onartu behar duzu, ezen kontzeptu matematiko horiek pentsaera matematikoaren ezarpen hutsak direla. Hartu kontutan, beraz: eskolaren oinarrizko mailan, zeinean zu oraindik zauden, zail gertatzen da ikasleei gai guztiez azalpen egokiak ematea. Zorionez, gutxi konturatzen dira horretaz, baina norbait agertzen denean, gaur zu bezala —esan dizudanez, oso pozik nago horregatik— esan daitekeen gauza bakarra hauxe da: lagun maitea, sinetsi egin behar duzu; orain baino hamar aldiz matematika gehiago dakizunean, orduan ulertuko duzu, baina bien bitartean: sinetsi!

        Ez dago besterik, Törless maitea, matematika oso mundu berezkoa da, eta beharrezkoa da bertan luzaro bizi izatea, hor derrigorrezkoa den guztia sentitzeko.

        Törless poztu egin zen irakaslea isildu zenean. Atea ixten entzun zuenetik, hitzak arian-arian urruntzen zirelako sentsazioa izan zuen..., beste alde axolagabe horretara abiatuz, zeinean azalpen egoki guztiak baitzeuden, ezer argitzen ez bazuten ere.

        Baina hitz-uholdeak eta porrotak sorgorturik zeukaten, eta ez zen konturatzen alde egiteko unea zela.

        Hortaz, hori eragitearren, irakaslea ahalegindu zen Törless konbentzituko zuen behin-betiko azken argudio bat aurkitzen.

        Mahai txiki baten gainean Kanten liburu famatu bat zegoen. Irakasleak hartu eta Törlessi erakutsi zion.

        — Begiratu liburu honi, hau filosofia da, gure elkarrizketako gaiaren alderdi nagusiak biltzen ditu. Eta haren zergatirik sakonenak barneratu ahal izango bazenitu ere, dena ezinbestean mugatzen duten azaldu ezineko pentsamendu-ezarpenekin topo egingo zenuke, hala eta guztiz. Horren antzeko zerbait gertatzen da matematikarekin. Eta, guztiarekin ere, aurrera dihardugu etengabe. Horra hor zer garrantzitsu diren gauza horiek. Baina —irribarre egin zuen, Törless liburua berehala zabaldu eta orriak iraultzen hasten zela zekusalarik— utzi hori orain. Adibide bat eman nahi nizun, gerokoan gogoan izan dezazun, besterik ez; oraingoz zailegia litzateke zuretzat.

 

 

        Törlessek erabat urduri eman zituen egun horretako gainerako orduak.

        Kant eskuan eduki izanak —bere unean arreta gutxi eskaini zion ustekabeko gertaera horrek— eragin ahaltsua zeukan orain berarengan. Kant izena nahikoa ezaguna zuen, hari buruz asko entzunda zuelako, eta berarentzat zeukan balioa, izpirituzko zientziekin urruneko lotura baino ez duten gehienentzat bezala, filosofiaren azken hitza izatearena zen. Nagusitasun horren arrazoia Törlessek liburu serioekin ordura arte izandako harreman murritzean zetzan. Zeren eta gizaki gaztetxoek, lanbidez gurtzain, lorazain edo gozogile izan nahi duteneko garaia gainditutakoan, ohitura baitute beren fantasia bizitzan zerbait bikaina egiteko eta beren handinahia asetzeko ustez aukera gehien emango dieten esparruetara bideratzeko. Mediku izan nahi dutela esaten badute, nonbait itxarongela eder eta jendez betea, edo tresna kirurgiko bereziak gordetzen dituen beirazko armairu bat edo horrelako zerbait ikusi dutelako izan ohi da; karrera diplomatikoaz hitz egiten badute, nazioarteko aretoetako dotoretasuna dute buruan. Labur esatearren: lanbidea aukeratzen dute beren buruarentzat gogokoentzat jotzen duten giroaren eta gehien gustatuko litzaiekeen jarreraren arabera.

        Izan ere, Törlessek noiz edo behin entzuna zuen Kant izena, beti santu izugarri bat omen zelako tonuaz aipatuta. Hortaz, Törlessek uste zuen filosofi problema guztiak behin-betiko argituta zeudela, Kanti esker, eta horrezkeroztik zientzia horrek huskeriatan ziharduela, Schillerren eta Goetheren ondoren poesia gehiagorik egitea merezi ez zuela uste zuen bezala.

        Etxean liburu horiek kristal berdeko armairuan zeuden gorderik, aitaren langelan, eta Törlessek bazekien armairu hori ez zutela inoiz ere irekitzen, ez bazen bisitariren bati erakusteko. Jainko baten santutegia zirudien, zeinera ez baikara hurbiltzen, eta zeina pozik gurtzen baitugu, haren existentziari esker zenbait gauzaz kezkatzeko beharra ezabatzen zaigulako.

        Filosofiarekiko eta literaturarekiko harreman oker horrek eragin kaltegarria izango zuen gerora Törlessen bizitzan, hainbat ordu tristeren errudun izanik. Zeren eta horren bidez haren handinahia benetako objektutik desbideratu baitzen, eta —helburuz desjabeturik egonda objektu berri bat bilatzen zuen bitartean— ikaskideen eragin basati eta irmoaren menpean erori zen. Joera horiek noizean behin eta lotsa kutsuz itzultzen zitzaizkion, eta beti zerbait alferreko eta irrigarria egin izanaren kontzientzia uzten zioten. Baina hain ziren joera indartsuak, non zail gertatzen baitzitzaion haietatik erabat libratzea, eta atergabeko borroka hori zen bere izaerari lerro finkoa eta norabide zuzena ebasten ziona.

        Baina egun horretan bazirudien, aitzitik, harreman hori fase berri batean sartzen ari zela. Azalpenak alferrik bilatzera orain bultzatzen zuten pentsamenduak ez ziren gehiagorik irudikapen jostari baten sustraigabeko kateamenduak, baizik eta beraren barnean iraultzen zitzaion eta aske uzten ez zuen zerbait, eta sentitzen zuen bere bizitzaren zati batek pilpiratzen zuela horren guztiaren atzean. Hori erabat berria zen Törlessentzat. Bere baitan ordura arte ezagutu gabeko ziurtasuna zeukan. Ametsezkoa eta sekretuz betea zen ia. Azken sasoiko eraginen pean isilean garatua zen, inondik ere, eta supituki hasia zen hatzez ate joka, ekin ahalean. Ama bat bailitzan sentitzen zen, bere sabeleko fruituaren mugimendu oldartsuak estreinako aldiz sumatzen dituenean.

        Atseginez beteriko arratsalde miragarria izan zen.

        Törlessek bere poesia-saio guztiak atera zituen kutxatilatik, han gorderik baitzituen. Berogailuaren ondoan jesarri eta bakar-bakarrik geratu zen, guztien bistatik kanpo, bionbo gotorraren atzean. Koaderno guztien orriak gainetik irakurri ondoren mila-puska txikitan astiro urratu, bata bestearen ostean, eta sutara jaurtiki zituen, agurraren zirrara finaz gozatuz.

        Horren bidez iraganeko bagaia osoa atzean utzi nahi zuen, une horretatik aurrera bere ardura etorkizuneko urratsei bete-betean lotuko bailitzaien, bestelako kezkarik gabe.

        Azkenik altxatu eta besteengana hurbildu zen. Zeharkako begirada izutu guztietatik libre sentitzen zen. Egin berri zuena erabat instintiboki gertatua zen; ezerk ez zion bermatzen harrezkeroztik gizaki berria izango zenik, bulkada horren agerrerak izan ezik. «Bihar», esan zuen bere artean, «bihar berrikusiko diat dena, zehaztasun osoz, eta argitzea lortuko diat».

        Aretora sartu, aulkien artean ibili eta zabaldutako koadernoak ikusi zituen, baita orri zuri biziak ere, zeinetan hatzak azkar mugitzen baitziren, hemendik hara, bakoitzak bere itzal txikia atzean utzita; halako begiez ikusten zituen, non bazirudien supituki esnatuta dena garrantzi handikotzat jotzen zuela.

 

 

        Baina biharamunak deslilura gogorra ekarri zion. Goizean, irakaslearen etxean ikusitako liburuaren «Reclam» argitalpena erosi zuen Törlessek, eta klaseen arteko lehen atsedenaldia erabili zuen irakurtzeari ekiteko. Baina ez zuen hitz bakar bat ere ulertu, hain zegoen parentesiz eta orri-oineko oharrez josita, eta begiez esaldiei arretatsu erreparatuz gero iruditzen zitzaion esku zahar eta hezurtsu batek garuna burutik biraka erauzten ziola, torloju baten gisara.

        Ordu erdi baten ostean ahiturik utzi zionean, bigarren orriraino baino ez zeukan irakurrita, eta bekokia izerditan zuen.

        Baina hortzak elkarren kontra estutu eta beste orri bat irakurri zuen atsedenaldia amaitu baino lehen.

        Gauean, ordea, ez zuen gogorik izan liburua berriro ukitzeko. Beldurra? Nazka?, ez zekien ziur. Baina suaren indarrarekin erretzen zuena zen irakasleak gelan —itxura hutsaleko gizaki horrek— liburua erabiltzeko azaldu zuen erraztasuna, berarentzat eguneroko denbora-pasa bailitzan.

        Aldarte honetan zegoela agertu zen Beineberg.

        — Hara, Törless, zer moduz atzo irakaslearekin?

        Jesarri ziren bakarrik, leiho baten hegalean, eta beroki asko eskegita zeuzkan gakotegi bat mugitu zutenez, klasetik xuxurla urruna eta lanparen argia sabaian islatua heltzen zitzaien soilik. Törless, bestela bezala, aurrean eskegita zeukan beroki batekin jostatzen hasi zen.

        — Lotan hago ala? Zer edo zer erantzungo zian. Ziur nagok ez huela estualdi batean jarriko. Ezta?

        — Zergatik?

        — Ba segur aski ez zuelako horrelako galdera ergelik espero.

        — Galdera ez zuan batere ergela; oraindik ez diat bazter utzi.

        — Ez diat gogo txarrez esan; harentzat bakarrik izango zuan ergela. Beren gauzak buruz ikasita ditiztek, apaiztxoak dotrina bezala, eta ohikoa ez den zerbait galdetzen zaienean beti estutu egiten dituk.

        — Beno, erantzuteagatik ez zuan estutu. Aitzitik, ez zidaan ja hitz egiten utzi, hain agudo baitzeukan erantzuna ahoan.

        — Eta nola argitu zian istorioa?

        — Inola ere ez. Esan zidaan oraindik ezin uler dezakedala, pentsamenduaren ezarpenak direla, eta horrelakoak ulertu ahal izateko luze eta xehetasunez jardun beharra dagoela aurretik.

        — Horra hor iruzurra! Ez dituk gauza beren istorioak hi bezain arrazoiduna den gizaki bati kontatzeko. Hamar urtez nekatu beharra duk burua hori ulertu ahal izateko. Baina ordura arte mila aldiz baliatuko haiz zutabe horietaz eraikin handiak egiteko, zeinetan dena inongo akatsik gabe egokitzen baita; itsu sinetsi behar duk gauza horietan, katolikoek agerkundean bezala, betidanik egiatzat hartuak izan direlako,... trebetasuna ote da gizaki bati frogak horrela irentsi araztea? Beste alde batetik, inork ez liokek buruan sartuko bere eraikinak zutik dirauen arren giltzarri nagusia airean aiena litekeela harrapatzen saiatzerakoan.

        Beinebergen gehiegitze horrek eragin gogaikarria izan zuen Törlessengan.

        — Ez diat uste hik deskribatzen duan bezain gordina denik. Ez diat inoiz zalantzan jarri matematikak arrazoi izatea —azken batean emaitzek hori erakusten ditek—, bitxiagoa iruditu zaidak, alabaina, gauzak ulermenaren kontra nola zuzentzen diren; baina balitekek hori ere itxura baino ez izatea.

        — Beraz, hamar urte horiek emango hituzke itxaroten, ulermena orduan prest izango dualako ustean... Baina nik gogoetak egin ditiat horretaz, azkenengo aldiz hitz egin genuen egunetik, eta zinez uste diat arazoak baduela bere alderdi ezkutua. Horrezaz gain, egun hartan oso bestelako eran hitz egin huen, gaurkoarekin alderatuz.

        — O ez. Kezkagarri zeritzoat oraindik, gertatzen dena duk ez dudala hik bezala muturreraino eraman nahi. Hori guztia bitxia duk niretzat ere. Irrazionalaren, irudimenezkoaren, infinituan elkartzen diren lerroen kontuak asaldatuta naukak. Horretaz gogoetak egiten ditudanean sorgorturik sentitzen nauk, burua kolpatuko balidate bezala.

        Törless makurtu egin zen, aurreko itzalean murgilduz, eta ahotsa apaldu zitzaion hitz egiteaz batera.

        — Lehen dena argi eta ordenaturik zegoan nire buruan; baina orain pentsamenduek hodei-itxura hartu ditek, eta hainbat puntutara iristen naizenean zuloak topatzen ditiat, zeinetatik urruntasun infinitu eta zehaztugabea ikusten baitut. Matematikak arrazoi bide dik; baina zer gertatzen zaie nire buruari eta gainerako guztienari? Ez al dute hori sentitzen? Nola irudikatzen dute? Inola ere ez?

        — Uste diat hori hire irakaslearengan ikus hezakeela. Hik, kezka agertu zaianean, berehala begiratu duk ingurura, barnean duan gainerakoarekin nola egoki daitekeen jakin beharrez. Haiek, ordea, milaka kiribil-guneko bide bat eginda ditek garunean barrena, eta irun duten hariak eusten dion jakin nahi dutenean atzera begiratzen ditek, baina azken bihurgunea besterik ez ditek ikusten. Horrexegatik sortzen dizkiek estualdiak heure galderekin. Haietako inork ere ez likek atzerako bidea aurkituko. Nola baiezta dezakek, hortaz, gehiegitzen ari naizela? Gizaki heldu eta zuhur horiek erabat elkarloturik zeudek sare batean, zeinean lotune bakoitzak besteak sostengatzen baititu, eta horrek osotasunari mirari itxura ematen ziok; baina batek ere ez zekik zein den besteak sostengatzen dituen lehen lotunea.

        Guk biok ez diagu inoiz horri buruz horren serio hitz egin, azken buruan ez baita ohikoa gauza horietaz luze mintzatzea, baina orain ikus dezakek zein ahula den jendeak —konformatu nahirik— onartu egiten duen munduaren gaineko ikuspegia. Gezurra duk, iruzurra duk, kirtenkeria!, anemia! Zeren haien ulermena gai duk azalpen zientifikoak burutik ateratzeko, hori bai, baina gero kanpoan izoztu egiten dituk, ulertzen? Bai, bai! Puntako horiek, bikain horiek, irakasleek aipatzen dizkiguten horiek hain dituk finak non ukitu ere ezin baititugu egin, hilik zeudek, izozturik, ulertzen? Izotz-punta horiek alde orotara so zeudek finko, eta ezein gizaki ez duk gai haiekin batera ezer egiteko, hain bizigabe dira eta!

        Törless atzerantz bermatuta zegoen berriz. Beinebergen arnasa beroak eskegitako berokien kontra jotzen zuen, eta zokoa epeltzen zuen. Kitzikapen une guztietan bezala Beinebergek sentsazio gogaikarria eragin zuen Törlessengan. Horrenbeste hurbildua zitzaion ezen haren begi geldiak —bi harri berdexkaren antzekoak— Törlessen alboan bertan baitzeuden, eta eskuak han-hemenka uzkurtzen ziren argi-itzalean, berebiziko zalutasun itsusiaz.

        — Baieztatzen duten guztia ziurtatu gabea duk. Dena berez gertatzen duk, esan ohi ditek; harria erortzen bada, horra hor grabitate-indarra; baina zergatik ez da izango jainkoaren nahia norbaiti —honek hori irrikatuko balu— harriaren patua konpartitzeko betebeharra arintzea? Baina zertarako kontatzen diat horrelakorik? Bide erdian geratuko haiz beti! Zerbait berezia une batez bilatu, buruari apur bat eragin, apur bat ikaratu, horraino bai; hortik haratago ez haiz ausartuko. Nolanahi ere ez duk nire kalterako.

        — Nirerako agian? Hire baieztapenak ere ez dituk hain ziurrak.

        — Nola esan dezakek hori? Egiazko diren bakarrak dituk. Gainera, zertarako liskartu hirekin?! Laster ikusiko duk, Törless maitea; apustu ere egingo nikek sekulako interesa izango duala horren berezitasuna zein den jakiteko. Adibidez, Basiniri dagokionez, nire gisa...

        — Utzi hori mesedez —eten zion Törlessek—, ez nikek hori orain nahastu nahi.

        — O, eta zergatik ez?

        — Hargatik. Ez diat nahi, eta kito. Gogaikarri zaidak. Hau eta Basini gauza ezberdinak dituk niretzat; eta ez nagok ohituta bi gauza lapiko berean egosten.

        Beinebergek ahoa okertu zuen, haserre bizian, bere ikaskide gazteagoaren ezohiko irmotasun eta erabakia entzunda. Baina Törlessek sentitu zuen nola Basiniren aipatze soilak beraren ziurtasun osoa makaldua zuen, eta hori estaltzeko asmoz mintzo haserrean jarraitu zuen.

        — Gauzak ziurtasunez baieztatzeko duan modua zentzugabea duk. Ez duk uste hire teoriak ere harearen gainean eraikita egon litezkeela, besteak bezala? Horiek ere makina bat kiribil-gune burugabe dituk, eta haien asmo ona ontzat eman behar duk.

        Bitxia izan arren Beineberg ez zen asaldatu; irribarre pittin bat desitxuratua osatu eta haren begiek bi aldiz urduriago distiratu zuten; gero esan zuen:

        — Oraindik ikusi behar duk, oraindik ikusi behar duk...

        — Zer ikusi behar dut oraindik? Nigatik bada, ikusi egingo diat; baina ez zaidak txintik ere axola, Beineberg! Ez nauk ulertzen. Ez dakik zer interesatzen zaidan. Matematikak torturatzen nauenean, eta ni... —baina hobeto pentsatu agudo, eta ez zuen Basini aipatu—, matematikak torturatzen nauenean ez diat bilatzen horren atzean hik bilatzen duana, zerbait oso bestelakoa baizik, ez naturaz gaindiko zerbait, naturala den zerbait baizik, ulertzen duk?, ez nigandik kanpokorik; neure baitan bilatzen diat, neure baitan! Zerbait naturala! Ulertzen ez badut ere! Matematikak buruzkoa bezain txarto ulertzen duk hori..., oi, utz nazak betiko bakean hire espekulazioekin!

        Törless asalduraren ondorioz dardarka ari zen, altxatu zenean.

        Beinebergek, aldiz, etengabe errepikatzen zion:

        — Ikusiko diagu, bai, ikusiko diagu...

 

 

        Gauean, ohean zegoela, ez zuen lo hartzerik izan. Ordu laurdenak poliki-poliki pasatzen ziren, erizainak haren ohe albotik bezala, oinak izoztuta zituen, eta burusiak zapaldu egiten zuen, berotu beharrean.

        Logelan ez zen ikasleen arnasketa patxadatsu eta berdintsua besterik entzuten, klaseetan lan egin, esgriman aritu eta aire zabalean korrika egin ondoren loaldi osasungarriaz gozatzen baitzuten, animalien gisara.

        Törless logileen hatsei adi zegoen. Horra hor Beinebergena, beste hori Reitingena zen; eta Basiniren arnasa zein? Ez zekien; baina mekanismo baten antzera berdintsuki, patxada berdinaz eta segurtasun berdinaz gora eta behera egiten zuten horietako bat izan behar zuen.

        Mihisezko gortinetako bat altuera erdiraino bakarrik zegoen tolestuta; haren azpitik gaueko argiaren distira sartzen zen, zoruan karratu geldi eta margula marraztuz. Gortinako kordela, igotzean nonbait trabatu edo geroago berez askatu zelako, bihurgune itsusiak eginez jaisten zen, eta bazirudien haren itzala zoruan zebilela herrestan, har baten gisara.

        Hori guztia itsusitasun larri eta trakets batek kutsatuta zegoen.

        Törless saiatu zen zerbait atseginean pentsatzen. Beineberg etorri zitzaion burura. Ez al zuen gaur polito astindu? Haren harropuzkeriari ostiko ederra eman? Ez al zuen erdietsi, estreinako aldiz, bere berezkotasuna bestearen kontra defendatzea?, halako moldez nabarmentzea, non besteak sentitu behar izan zuen elkarrengandik zein urrun zeuden bakoitzaren ikusmoldeak, sentikortasunezko ñabarduren mugagabeko ezberdintasunen eremuan? Ez al zuen berak erantzun egokia eman? Bai ala ez?...

        Baina «bai ala ez» hori hanpatzen zitzaion buruan, goraka zihoakion anpulua bailitzan, eta lehertu egiten zen, eta «bai ala ez?»... «bai ala ez?» hori hanpatzen zen behin eta berriz, atergabe, erritmo zapaltzaileaz, tren-gurpilen ibileraren antzera, zurtoin garaiko loreen kulunka bezala, etxe isil batean pareta meheetatik entzun daitekeen mailuaren hotsa bezala... «Bai ala ez?» gogaikarri eta arranditsu horrek nazkatu egiten zuen Törless. Haren alaitasuna faltsua zen, hain irrigarriro ari baitzen saltoka.

        Eta azkenik iruditu zitzaion, zutitzeaz batera, beraren burua zela han kulunkatu, sorbaldetan biraka aritu edo konpasean igotzen eta jaisten zena...

        Gero dena isildu zen Törlessen baitan. Haren begien aurrean gainazal beltz eta zabal bat besterik ez zegoen, eta alde orotara biribil eitean hedatzen zen.

        Han zetozen... urrutiko ertzetatik hona... bi irudi txiki eta kulunkari, zeiharka mahai gainetik. Bere gurasoak ziren, zalantzarik gabe. Baina hain txikiak, non ezin senti zezakeen ezer haienganako.

        Beste aldean desagertu ziren berriro.

        Beste bi zetozen; baina atzetik zetorren beste batek aurrea hartzen zien —bere gorputzaren altuera halako bi ziren urratsak emanez—, gero izkinari buelta emanda desagertzeko. Ez al zen hori Beineberg? Eta beste bi horietatik, ez al zen bat matematika irakaslea? Törlessek sudur-zapitxoagatik ezagutu zuen, poltsikoan dotoreziaz ageri baitzen. Baina nor ote zen bestea? Oso liburu lodia zeraman besapean, beraren altuera erdikoa. Ozta-ozta garraia zezakeen. Urrats bakoitzaren ostean gelditu behar izaten zuten eta liburua lurrean utzi. Eta Törlessek entzun zuen irakaslearen ahots makala, hauxe zioela: hori horrela baldin bada, erantzun egokia hamabigarren orrialdean aurkituko dugu, baina hamabigarrenak berrogeita hamabigarren orrialdera igortzen gaitu, eta kontutan hartu behar da hogeita hamaikagarren orrialdean ohartarazten dena ere, eta baldintza horien pean... Han zeuden biak, liburuaren gainean konkorturik, eta eskuekin orriak arin iraultzen zituzten. Puska baten ondoren berriro zutitzen ziren, eta beste gizonak irakaslearen masailak ferekatzen zituen, lauzpabost aldiz. Gero urrats pare bat ematen zuten aurrerantz, eta Törlessek ahotsa entzuten zuen ostera, matematika klasean eragiketa luze bat egiaztatzen zuenean bezala. Horrela jarraitzen zuen, bestea irakaslea berriro ferekatzen hasi arte.

        Eta beste hori...? Törlessek bekainak jaso zituen, hobeto ikusteko. Ez al zuen ile-mototsa? Eta antzinako janzkera? Oso antzinako modakoa? Eta zango erdirainoko zetazko galtzak? Ez ote zen hori...? O! Eta Törless esnatu egin zen, oihu bat botaz: Kant!

        Hurrengo unean irribarre egin zuen; oso isil zegoen dena haren inguruan, logileen hatsa mantsotuagoa zen. Bera ere lotan egona zen. Eta bitartean ohea berotua zitzaion. Gorputza gogara laxatu zuen burusiaren azpian.

        «Beraz, Kantekin amets egin diat», pentsatu zuen, «zergatik ez luzaroagoan? Agian sekreturen bat konta ziezadakean». Gogoan baitzuen, hain zuzen ere, nola behin batean, historia ikasgaia prestatu gabe zuela, gaiari zegozkion pertsonaiekin eta gertaerekin amets egin zuen, halako bizitasunez non biharamunean haiei buruz idatzi ahal izan zuen garai hartan bizi izan bailitzan, eta azterketa bikaintasunez gainditu zuen. Orduan gogoratu zitzaizkion berriro Beineberg; Beineberg eta Kant; aurreko eguneko elkarrizketa.

        Ametsa astiro aldendu zen Törlessengandik, astiro, zetazko burusia bailitzan, gorputz biluziko larruazalaren gainetik amaigabe lerratzen baitzitzaion.

        Baina laster urduritasun berezi batek ordezkatu zuen irribarrea. Eman ote zuen benetako aurrerapausorik pentsamenean? Antzeman ote zuen zerbait liburu horretan asmakizun guztien ebazpidea izan zitekeena? Eta bere garaipena? Beineberg isilarazi ahal izan bazuen bere ustekabeko gartsutasunagatik izan zen, zalantzarik gabe...

        Baina atsekabe sakon bat nagusitu zitzaion, gorputz ondoezarekin batera. Horrela egon zen etzanda, minutuak eta minutuak, nazkak barrenak gogoz industen zizkiola.

        Gero, supituki, oheko izara leun eta epelek gorputzeko puntu guztiak ukitzen zizkiotelako sentsazioa etorri zitzaion kontzientziara. Törlessek burua jiratu zuen zuhur, oso astiro eta zuhur. Ongi, karratu margul horrek zoruan zirauen, eta albora pittin bat mugitua bazen ere haren itzala herrestan bihurtzen zen artean. Iruditzen zitzaion arriskuren bat zegoela hor kateaturik, eta berak ohetik begira ziezaiokeela segurtasunezko lasaitasunez, burdin hesiek babesturik sentitzen zelako.

        Haren larruazalean, gorputz osoaren inguruan, sentsazio bat sortu eta supituki oroitzapenezko irudi bihurtu zen. Haurtxoa zeneko garaian —bai, bai, horixe zen—, artean janzki txikiak zeramatzala eta eskolara hasi aurretik, uneak izan ohi zituen, zeinetan neskato izateko joran adierazkaitza sentitzen baitzuen. Eta joran hura ez zegoen ez buruan —o, ez!—, ezta bihotzean ere; gorputz osoan zebilkion kilikari, burutik oinetaraino korrikan, larruazalaren azpitik. Bai, une haietan neskato sentitzen zen biziki, eta bestelakorik ezin izan zitekeela sinesten zuen. Garai hartan ez baitzekien ezer gorputzen arteko ezberdintasunaren garrantziaz, eta ez zuen ulertzen zergatik leku orotan jende guztiak esaten zion mutila izan beharko zuela betiko. Eta norbaitek galdetzen zionean ea zergatik uste zuen hobe zela neskatoa izatea, orduan sentitzen zuen hori ezin azalduzkoa zela.

        Gaur sumatzen zuen berriro horrelako zerbait, lehen aldiz. Berriro larruazalean zehar, gorputz guztia korrituz.

        Bazen aldi berean gorputza eta arima izatearen itxura zeukan zerbait. Korrika eta presaka zebilela zirudien, zeren milaka aldiz eta tximeleta-antena mordoa bailitzan haren gorputzaren kontra jotzen baitzuen. Eta, aldi berean, neska gazteek —helduek inolaz ere ulertzen ez dituztela sentitzen dutenean— ihesean erakutsi ohi duten tema hura zirudien, baita helduen lepotik barretxoak egitean antzematen zaien harropuzkeria ere, herabetia den eta beti lasterka ospa egiteko prest dagoen harropuzkeria hori, zeinagatik uste izaten baitute edozein unetan alde egin dezaketela eta beren gorputz txikien leku sakon eta beldurrezko batean ezkuta daitezkeela...

        Törlessek barre egin zuen bere golkorako, eta gorputza gogara laxatu zuen burusiaren azpian.

        Ametsetan agertutako gizontxo bihurri horrek zer nolako irrikaz iraultzen zituen orriak hatzekin! Eta karratu hori hortxe behean? Ah, ah. Erreparatu ote diote gizontxo burutsu horiek horrelako zerbaiti inoiz ere beren bizitza osoan? Gizaki burutsu horien aurrean behin-betiko segurtasunaren babesa sumatu zuen, eta lehen aldiz sentitu zuen bazegoela zerbait bere sentsualtasunean —aspaldiko partez baitzekien hor zegoela gakoa— inork kendu edo imitatu ezin ziezaiokeena, zuhurtzia arrotz guztietatik babesten zuen murrurik garaien eta ezkutuenaren itxurako zerbait.

        Egon ote dira gizontxo burutsu horiek, inoiz beren bizitzan —jarraitu zuen ildo horretatik—, murru bakarti baten oinean etzanda, eta ikaratu ote dira inoiz eustorearen atzetik datozkien murmurioengatik, hilik dagoen zerbaitek haiekin hitz egiteko modua bilatuko bailuen? Sentitu ote dute inoiz haizeak udazkeneko hostoetan harrotu ohi duen musika, halako indarrez non supituki ikara sortzen zaien..., zeina poliki-poliki sentsualtasun bihurtzen baita? Sentsualtasun bitxia ordea, zeren hasieran ihesaren itxura baitu, eta gero barre burlati batena. O, erraza da burutsua izatea galdera horiek guztiak alde batera uzten badira...

        Bien bitartean bazirudien gizontxoa gero eta haztenago ari zela, erraldoia izateraino, aurpegiera zurrun eta gupidagabea zuela, eta zerbaitek zeharkatzen zuen Törlessen gorputza behin eta berriz, garunetik abiaturik, astinaldi elektriko mingarri baten oldarraz kolpatuz. Atari itxi baten aurrean ezinbestean geldirik egotearen mina —une bat lehenago odolaren kolpe beroek uxatutakoa— bizkortu egiten zen berriro, eta kexu mutu batek kurritzen zion arima, gaueko landa zabaletan dardaratzen den txakur baten ulua bailitzan.

        Orduan loak hartu zuen. Baina artean erdi lo zegoela pare bat aldiz begiratu zion leihoaren gaineko puntu horri, alde batetik bestera doan soka bat —teink dirauen berrestearren— haztatzen dugunean bezala. Gero erabaki zuen, modu lausoan, biharamunean horren gaineko gogoetak egingo zituela berriz ere —lumaren eta paperaren laguntzaz, hobeto egiteko—, eta azkenik bainua eta zirrara sentsuala zirudien berotasun epel eta goxoa sentitu zuen, zeina ez baitzitzaion tankera horren pean kontzientziaratu, baizik eta Basinirekin zerikusia zeukan era zeharo ezagutezin eta bortitz batean.

        Gero loak sakon hartu zuen, eta ez zuen ametsik egin.

 

 

        Nolanahi ere, gauza berbera izan zuen buruan biharamunean esnatu zenean. Gogotik jakin nahiko zukeen zer ote zen, azken finean, Basiniri buruz erdi amestu erdi irudikatu zuen hura, baina ez zen gogoratzeko gai izan.

        Bakarrik geratu zitzaion poztasun samur bat, Gabonetan etxean nagusitu ohi denaren antzekoa, umeek badakite-eta opariak hor daudela, giltzatutako ate misteriotsuaren atzean, haren zirrikituetatik argi-izpi distiratsu eta sakabanatuak sartzen baitira.

        Arratsean Törless ikasgelan geratu zen; Beineberg eta Reiting desagerturik zeuden eta segur asko ganbarako gelatxoan egongo ziren; Basini aurrean zegoen jesarrita, bere lekuan, eta burua bi eskuetan bermatuta zuen, liburu bati begira.

        Törlessek koaderno bat erosia zuen, eta idazluma eta tinta prestatzen ari zen arretatsu. Gero, duda-mudatan egon ondoren, lehenengo orrian idatzi zuen: De natura hominum; filosofiaz ari zenean egokien baitzeritzon latinezko izenburua jartzeari. Gero arabesko artistiko bat taxutu zuen horren inguruan eta aulkian bermatu zen atzera, tinta lehortu zain.

        Baina hori egin eta gero geldi jarraitu zuen, idazluma berriz hartu gabe. Zerbaitek geldiarazten zuen. Lanpara handi eta beroen giro hipnotikoa izango zen nonbait, edota gizaki saldo horri zerion animaliazko berotasuna. Beti izan ohi zuen gogoeta horretarako isuria, gorputz barnean sukarrezko sentimendu mailaraino igotzen baitzitzaion, izpirituaren ezohiko sentikortasunari lotuta. Gaur bezala. Idatziz kontatu nahi zuena egun osoan apailatua zuen xehetasunez buruan: bizipen horien guztien multzoa Bozenaren etxean emandako arratsean hasi eta azken aldian beraz jabetua zen sentsualtasun zehaztugabe horretaraino iristen zen. Espero zuen, ezen, egite guztiak banan-banan ordenatu ondoren, gai izango zela hari buruzko interpretazio egokia eta ulermenaren araberakoa osatzeko, ehunka puntutan gurutzatzen diren lerro makurren irudian nahastuta dagoen marra bat atera daitekeen bezala. Eta ez zuen gehiagorik nahi. Zeren ordura arte beti sentitua zen arrantzale bat bezala, sarearen astinduagatik harrapakin ederra erdietsi duela sumatzen duenean, nahiz eta ahalegin guztiak gorabehera argitara jasotzeko gauza ez izan.

        Törlessek idazteari ekin zion, baina presaka eta formaz arduratu gabe. «Sentitzen dut» idatzi zuen, «zerbait nire baitan, eta ez dakit zer den». Baina lerroa ezabatu zuen berehala, eta haren ordez hau jarri zuen: «Gaixorik egon behar dut, zoraturik!» Hotzikara batek menperatu zuen, hitz horrek sentsazio patetikoa eta atsegina sortu zion eta. «Zoraturik,... edo bestela zer dela-eta bihurtzen zaizkit gauzak arrotz, besteek egunerokotzat hartzen dituzten bitartean? Zer dela-eta torturatzen nau arroztasun horrek? Zergatik kitzikatzen nau sentimendu arrotz eta lizun horrek?» —propio hautatu zuen azken hitz hori, esanahi biblikoz betea, ilunago eta osatuago iritzi ziolako—. «Lehen gizon gazte orok bezala —nire ikaskide guztiek bezala— erantzuten nion aurrean neukanari...» Gelditu zen apur batean. «Egia al da hori?», galdetu zion bere buruari; «Bozenaren etxean, esate baterako, hain izan zen bitxia; hortaz, noiz hasi ote da?... Berdin ziok», pentsatu zuen, «noizbait, nolanahi ere». Baina amaitu gabe utzi zuen esaldia.

        «Zer gauza zaizkit arrotz? Hutsalenak. Gehienbat gauza bizigabeak. Zer da hor bitxia niretzat? Ezagutzen ez dudan zerbait. Baina hori da gakoa! Nondik datorkit "Zerbait" hori? Haren izatea nabaritzen dut; eragina du niregan, hitz egin nahi izango bailuen. Sentitzen dut gizaki baten asaldura, mutu baten hitzak ahoko imintzioengatik ulertu nahi baina lortzen ez duenean. Gainerakoek baino zentzumen bat gehiago izango bainuen, oraindik erabat garatu gabeko zentzumena, zeinak, hor egon arren, nabarmena izan arren, ez baitu funtzionatzen. Niretzat mundua hotsik gabeko ahotsez beterik dago; ba ote naiz, beraz, igarle edo haluzinatu bat?

        Baina niregan eragina duena ez da bakarrik bizigabea dena; aitzitik, gizakiek zalantza gehiago sortzen dizkidate. Garai batean ikusten nituen beraiek beren burua ikusi ohi duten bezala. Beineberg eta Reiting, adibidez, badute beren gelatxoa, gelatxo ohiko eta ezkutu bat ganbaran, gogoko dutelako horrelako ihesleku baten jabe izatea. Eta horra joaten dira, bai amorraturik daudenean, bai gainerako ikaskideen eraginetik babesturik egon nahi dutenean. Oso arrazoi garbi eta ulergarriak. Gaur egun, berriz, sarritan iruditzen zait ametsetan nabilela eta haiek ametseko irudiak direla. Ez bakarrik haien hitzak eta ekintzak, ez, haiengan gorputzezko hurbiltasunari loturik dagoen guztiak bizigabeko gauzen eragin berdina du niregan. Eta, guztiarekin ere, lehen bezala entzuten ditut hizketan nire alboan, ikusten dut nola haien ekintzak eta hitzak era berdintsuan apailatzen diren, bata bestearen ostean,... horrek erakusten dit, behin eta berriz, ez dela ezer ezohikorik gertatzen, baina hala eta guztiz badago aldi berean zerbait nire baitan matxinatu egiten dena. Aldaketa hori hasi zen, gogoratzen dudanez, Basiniren...»

        Tupustean begiak igo eta horrengana zuzendu zituen.

        Basinik jesarrita zirauen, liburuan bermaturik, eta ikasten ari zelako itxura zuen. Ikusteaz batera Törlessi pentsamenduak isildu zitzaizkion, eta aukera izan zuen deskribatu berria zuen tortura limurgarria indarrean sentitzeko. Konturatu zen zein lasai eta kaltegabe zirudien Basinik, hor aurrean jesarrita zegoelarik, alde banatan zituen mutilen antzera, eta gogoan bizitu zitzaizkion Basinik pairatutako doilorkeriak; hau da: ez zuen inolako asmorik bere buruari esateko —nagusitasun moralari atxikirik doan nolabaiteko alaitasun horrekin— ezen doilorkeriak nozitu dituzten gizaki guztiak ahalik eta arinen saiatzen direla behintzat beren kanpo-itxura barea berreskuratzen; horren ordez beraren barnean zerbait astintzen zela sentitu zuen, mugimendu zoratu eta birakariekin, zeinek tarteka Basiniren irudia sinestezinenezko bihurketan makurtu eta gero inoiz ez ikusitako desitxuratzean destolesten baitzuten, halako moldez non Törless zorabiatzear zegoen. Horiek ziren, dena den, berak geroago asmatutako alderaketak. Une hartan, soilik sentitzen zuen ziba erotu gisako zerbait bular iratotik burura biraka igotzen zitzaiola, zorabioaren sentsazioa alegia. Bien bitartean, Basinirekin zerikusia zuten hainbat sentsazio ere, garai ezberdinetakoak, nahastu egiten ziren hor jauzika, kolorezko puntu barreiatuak bailiren.

        Egia esan, beti izan zen sentsazio bakarra eta berbera. Eta, hobeto esanda, sentsazioa bainoago lur sakoneko lurrikara zen, eta, uhin nabarmenik eragiten ez bazuen ere, arima osoa halako oldar ahaltsuz dardarazten zuen, ezen uhinek gainazaleko uhindura kaltegabeak baitziruditen sentsazio ekaiztsu horien ondoan.

        Sentsazio hori antzina bestelako modu batean bereganatu bazuen, horren arrazoia izan zen zentzumenak ahalbidetzen zizkion irudiez bakarrik baliatu behar izan zuela organismo osoa uholdeztatzen zion olatu hori deskribatzeko; mugarik gabeko ilunpetik ateratzen den itsas korronte baten zipriztinak bezala, itsasertzeko harkaitz garaietan tupust egin eta hegaldatu ondoren argi-zirkuluan berriz eta babesgabe murgiltzen direnean.

        Inpresio horiek, hala ere, ezegonkor eta aldakorrak ziren, eta Törless halabeharrezkoak zirela jakitun zen. Ez zeukan ziurtatzeko modurik, zeren argi ikusten zuen gainazalera igotako ordezkari horiek ez zitzaizkiola egokitzen ustez ordezkatu behar zuten masa ilun eta altxatu gabearen oldarrari.

        Ez zuen inoiz «ikusi» Basini jarrera bizidun batean, gorputzezko irudi plastiko batean; ez zuen inoiz benetako ikusketarik izan: bakarrik horrelako zerbaiten irudipena, nolabait haren ikusketaren ikusketa. Izan ere, beti iruditzen zitzaion irudi bat labaintzen zela azal misteriotsuan, eta hori gertatzen zen unean bertan ez zuen harrapatzeko modurik izaten. Horren ondorioz urduritasun iraunkorra zeukan bere barnean, zinematografo baten atarian sentitzen denaren antzekoa, zeren horrek eragiten digun irudipenarekin batera ezinbestean sentitzen baitugu erakusten den irudiaren atzean beste ehunka ere badaudela, oso bestelakoak direnak.

        Baina ez zekien energia irudiztatzaile hori —oso hein txiki-txikiko irudiztatze-ahalmenekoa izan arren— non bilatu ote zezakeen beraren barnean. Susmatzen zuen, modu ilun batean, bere arimaren ezaugarri asmaezin harekin zerikusia zuela, baita gauza bizigabeen, objektuen eta ehunka begi isil eta galdekatzaileen erasoarekin ere.

        Törlessek jesarrita zirauen artean, isilik eta zurrun, eta bere barneko zirimola zoroan erabat harrapaturik zegoela Basiniri begiratzen zion atergabe. Eta behin eta berriz bururatzen zitzaion galdera berbera: zer ote da nire baitako ezaugarri berezi hori? Poliki-poliki Basiniren irudia eta lanparetako distira beroa desagertu ziren, eta ez zuen gehiago sentitu inguruko berotasun animaliazkoa, ezta gizaki multzotik burrunba eta marruma gisara zetorkion zurrumurru mantso hura ere. Hori guztia haren inguruan kulunkatzen zen, zirkuluan eta nahasturik, ore bero eta goritasun ilunekoa bailitzan. Belarrietan, berriz, erredura sentitzen zuen, eta hatz-puntetan izotzezko hotza. Hain gogoko zuen aldarte hartan zegoen, gorpuztezko bainoago arimazko sukarrekoa baitzen. Giro atsegin hori nabarmenduz joan zen, arian-arian, eta zirrara samurrak gehitu zitzaizkion. Iraganean, aldarte horretan egonik, gustura murgildua zen emakumeek arima gazte baten aurretik lehen aldiz pasatzean lagatzen duten arnasa epel horren oroitzapenean. Eta gaur ere piztu zitzaion berotasun hori. Horra oroitzapen bat... Bidaia batean... Italiako hiri txiki hartan... gurasoekin zegoen..., antzoki batetik hurbileko ostatu batean. Arratsero opera berbera ematen zuten, eta arratsero entzuten zituen haren hitz eta tonu guztiak. Ez zuen hizkuntza ulertzen. Baina, hala eta guztiz ere, arratsero jesartzen zen leiho berberean eta adi egoten zen. Era horretan maitemindu zen aktoresetako batekin, inoiz ikusi ez bazuen ere. Ez zuen inoiz sentitu, une haietan bezala, antzerkiak hunkitzen zuela; doinuen grina bereganatu zuen txori handien hegal-kolpeak bailiren, eta iruditzen zitzaion haien hegaldian beraren ariman taxutzen zuten lerroa senti zezakeela. Ez ziren giza grinak hark entzuten zituenak, ez, gizakiei ihes egiten zieten grinak ziren, eguneroko kaiola meharretatik ihes egingo luketenen antzekoak. Kitzikapen une haietan ez zuen inoiz gogoan izaten grina haiek —han goian, isilean— antzezten zituzten pertsonak. Irudikatzen saiatuz gero sugar ilunak edo sinestezineko izari erraldoiak gurutzatzen zitzaizkion begien aurretik, ilunpetan giza gorputzak hazten diren eta giza begiek putzu sakonetako gainaldean distiratzen duten bezala. Sugar goibel horiek, begi horiek iluntasunean, hegal-kolpe horiek maite izan zituen orduan aktoresa ezezagun haren izenpean.

        Eta nork sortu zuen opera hori? Ez zekien. Baliteke testua maitasunezko eleberri motel eta sentimental bat izatea. Sentitu ote zuen sortzaileak doinuari esker oso bestelako zerbait bihurtua zela?

        Pentsamendu batek estutu zion gorputz osoa. Helduak ere horrelakoak ote dira? Mundua horrelakoa ote da? Ba ote dago lege orokor bat, gu baino indartsuagoa, handiagoa, ederragoa, grinatsuagoa, ilunagoa dena? Eta hain ahalmen urria ote dugu haren aldean non mila hazi erein ditzakegun han-hemenka, harik eta ernamuin bat sugar ilun baten gisara supituki loratu eta hazkunde arinez gugandik gorantz urruntzen den arte?... Eta haren gorputzeko nerbio guztietan «Bai» urduri batek pilpiratzen zuen, erantzun moduan.

        Törlessek ingurura begiratu zuen begi distiratsuekin. Hor zeuden artean lanparak, berotasuna, argia, gizaki saiatsuak. Baina iruditu zitzaion horien guztien artean bera hautatu bat zela. Santu bat bezalakoa, zerutiar aurpegikoa; artista handien intuizioaz ez baitzekien ezer.

        Azkar, beldurrak eragiten duen abiaduraz, idazluma hartu eta lerro batzuk idatzi zituen egindako aurkikuntzari buruz; azken txinpart batek dirdiratu zuen haren barnean,... gero errauts grisezko euria lehertu zitzaion begi aurrean, eta haren izpirituzko erlantz nabarra itzali egin zen...

 

 

        Baina Kantekiko gertakaria erabat gaindituta zeukan ia. Törlessek ez zuen horretaz gehiago pentsatzen egunean zehar; bere igarkizunaren ebazpidetik oso hurbil zegoelako ustea biziki hautematen zuen, eta, beraz, utzi egin zion beste inoren bideaz kezkatzeari. Azken arratsetik iruditzen zitzaion gorantz zeraman ateko krisketa eskura izan zuela, azken unean berriro ihes egin bazion ere. Baina konturatua zenez uko egin behar ziola filosofa liburuen laguntzari, eta haietaz ez zela benetan fidatzen, nahikoa aiko-maiko zegoen, ate horretara hurbiltzeko aukera nola berreskuratuko ote zuen jakin nahirik. Ahaleginak egin zituen bere idazkiarekin jarraitzeko, baina idatzitako hitzak hilik geratzen ziren: aspalditik ezagututako galdera goibel mordo hutsa zen, eta ez zitzaion berriro une hura ernatzen, zeinean galdera horien artetik begiratu baitzuen, kandela-sugar dardaratik argitutako ganga bati begiratuko ziokeen bezala.

        Horregatik erabaki zuen ahal bezain laster bilatuko zituela, berriz ere, berarentzat hain eduki berebizikoa izan zuten egoerak; eta sarritan haren begirada Basinirengan pausatzen zen bereziki, hau besteen artean inozo mugitzen zenean, zelataturik zegoela jakiteke. «Noizbait», pentsatu zuen Törlessek, «berpiztu egingo zaidak hori, beharbada lehen baino biziago eta argiago». Eta guztiz lasaitu zen, pentsatu baitzuen horrelako gauzen aurrean gela ilun batean bezala sentitzen garela, eta hor gaudelarik, leku egokia hatzekin ukitzeari uzten badiogu, egin dezakegun gauza bakarra horma ilunak alietzera behin eta berriz haztatzea dela.

        Gauez, ordea, pentsamendu hori kolorgetzen zitzaion apur bat. Lotsatu egiten zen, nolabait, irakasleak erakutsitako liburuan egon zitezkeen azalpenak bilatzeari era horretan uko egin izanagatik. Etzanda geratzen zen, lasai, Basiniren gorputz laidotuak beste guztienak bezala nola arnasten zuen entzuten zuelarik. Lasai zetzan, ehiztaria zelatan dagoenean bezala, itxaronaldiak saria izango duelako sentsazioarekin. Baina liburuaz pentsatzen hasiz gero duda-izpi bat sortzen zitzaion, gardamua bailitzan, baliorik gabeko zerbait egiten ari zelako susmoa, jasandako hondamen baten aitorpen herabetia.

        Sentsazio hori gauzatu bezain laster, haren arretak galtzen zuen esperimentu zientifiko bat ikustean ohikoa den alde atsegina. Orduan bazirudien Basiniri gorputzezko eragin bat zeriola, kitzikapen bat, emakume batengandik hurbil lo eginez burusia edozein unetan kendu ahal diogula sentitzean izan ohi dugunaren antzekoa. Ziztada bat garunean, kontzientziatik irteten dena, eskua luzatu besterik ez dugula behar esanez. Hain zuzen ere bikote gazteak gehiegikerietara bultzatzen dituen hori, sentsualtasunezko beharrizanez guztiz harantzago.

 

        Törlessek uste zuen ezen bai Kantek, bai irakasleak, bai ikasketak eginda dituzten guztiek dakitena berak ere jakitean agian bere jakin-min ausartiari irrigarri iritziko ziola, eta pentsamendu horren bizitasunaren arabera, hunkipen horren indarraren arabera, makaldu edo indartu egiten zitzaion sentsualtasunaren kemena, eta haren begiek, denak lotan egonik nagusitzen zen isiltasuna gorabehera, bero eta irekita zirauten. Eta tarteka suak hartzen zuen, halako oldarrez non gainerako pentsamendu oro iraungitzen baitzen. Une horietan, erdi borondatez erdi etsirik, bere aieruetan murgiltzen bazen, orduan gertatzen zitzaion gizaki guztiei gertatu ohi zaiena, hau da: sentsualtasunerako haien isuria ez dela inoiz hain eroa eta lizuna —gozameneko gurariak arima urratzen diolarik— nola baita kontzientziaren oreka inarrosten duen porrota jasaten dutenean.

        Gauerdia jo eta gero lo-kuluxka urduri batek hartu zuen azkenean; hala ere aldika iruditzen zitzaion ezen Reitingen edo Beinebergen oheak zeuden ingurumarian norbait altxatu eta berokia hartuta Basinirenganantz joaten zela. Gero logelatik alde egiten zuten... Baina litekeena zen hori guztia irudikapen hutsa izatea ere.

 

 

        Gero bi jaiegun etorri ziren; astelehena eta asteartea izanik zuzendariak erabaki zuen ikasleek larunbata ere libre izatea, lau egunetako oporraldia osatuz. Törlessentzat, hala ere, egun gutxi ziren etxerako bide luzea egin ahal izateko; horregatik espero zuen gurasoek bisitatuko zutela, baina aitak ministerioan gelditu behar izan zuen, premiazko eginbeharren kariaz, eta amak, gaixorik sentitzen baitzen, ez zion bidaiaren arriskuari bakarrik aurre egin nahi.

        Törlessek gurasoen gutuna jaso zuen, zeinak bidaia bertan behera utzi beharra azaltzen baitzuen, hitz kontsolagarri eta samur ugarien artean, eta berehala konturatu zen horrela nahiago zuela. Oztopotzat hartuko zukeen ia —behintzat nahasmendu larria sortuko ziokeen—, orduko hartan gurasoei harrera egin behar izatea.

        Hainbat ikaslek inguru hartako lurjabeen gonbidapenak jaso zituzten. Dschjuschek ere oporrak hartu zituen, haren gurasoek landetxe eder bat zuten-eta hiri txiki horretatik egun beteko kotxe-bidaia eginez iristeko bezain hurbil, eta Beineberg, Reiting eta Hofmeier ere harekin joan ziren.

        Dschjuschek Basini ere gonbidatua zuen, baina Reitingek gonbidapena ez onartzeko agindu zion. Törlessek aitzakiatzat erabili zuen gurasoak etorriko zitzaizkionetz artean ez jakitea; ez zuen inolako gogorik kaltegabeko ospakizun alaitsuetan eta dibertimenduetan esku hartzeko.

        Larunbateko eguerdian etxe handi hori isilik eta ia abandonaturik zegoen.

        Törlessek pasabideak kurritzen bazituen oihartzuna entzuten zuen mutur batetik bestera; inor ez zen beraz arduratzen, zeren irakasle gehienak ere ehizan egitera edo beste nonbaitera joanak ziren. Bakarrik otorduetan —egun horietan jantoki hustuaren alboko gela txiki batean zerbitzatzen ziren otorduak— ikusten zuten elkar institutuan gelditutako ikasle bakarrek. Jan ondoren haien urratsak pasabideetako eta geletako ihesean sakabanatzen ziren berriz, eta etxeko isiltasunak irensten zituen; otorduen artean zeramaten bizitzak soto eta ganbarako armiarma eta ehunzangoenak bezain arreta gutxi erakartzen zuen.

        Törlessen klasetik bera eta Basini bakarrik geratu ziren institutuan, erizaindegian zeuden batzuez gain. Agur egiteko unean Törlessek elkarrizketatxo bat izan zuen ahapeka Reitingekin, Basini hizpide izanik. Reiting beldur zen ez ote zen Basini aukeraz baliatuko irakasleren batengana jo eta babesa eskatzeko, eta arren eskatu zion Törlessi bestea arretatsu barranda zezan.

        Törlessek, dena den, ez zuen horrelako eskaeren beharrik arreta osoa Basiniri lotzeko.

        Atari aurrean zeuden kotxeen, bagaiak garraiatzen zituzten zerbitzarien eta txantxa artean elkarri agur esaten zioten ikasleen zalaparta iraungi bezain laster, Basinirekin bakarrik zegoelako kontzientzia erabat jabetu zen Törlessez.

        Ondokoa lehen bazkalorduaren ostean izan zen: Basini aurrean zegoen jesarrita, bere lekuan, eta gutun bat idazten ari zen; Törless, ostera, irakurtzen saiatzen zen atzealdeko izkinarik urrunenean jesarrita.

        Lehen aldiz ahalegintzen zen berriz liburu jakin harekin, eta Törlessek, kontu handiz, honela antolatua zuen egoera: Basini aurrean zegoen jesarrita, eta bera atzean, begiak bestearengan itsatsirik zituela, haren barnean iltzaturik. Eta horrela nahi zuen irakurri. Orri bakoitzaren ostean Basinirengan areago sakonduz. Horrela gertatu behar zuen; horrela aurkitu beharko zituen egiak, bizitza, bai, bizitza bizkor, zail, eta zalantzaz betea eskuetatik aldentzen utzi gabe...

        Baina gauza ez zen irten berak espero zuen bezala. Aldez aurretik zerbait kontu handiz antolatu ohi zuen guztietan bezala. Berezkotasuna falta zuen eta giroa asperraldi tematsu eta likin bihurtu zitzaion berehala, aurretik antolatuegi dauden ahaleginei higuina itsatsi ohi zaien bezala.

        Törlessek liburua lurrera bota zuen, amorru bizian. Basinik ikaraturik begiratu zion, baina berehalaxe ekin zion berriro idazteari.

        Horrela iragan ziren orduak, ilunsentirantz arrastaka. Törlessek eserita jarraitzen zuen, sorgorturik. Orokorrean sentsazio nagitzar, burrunbari eta durundiz betea zeukan, eta horren guztiaren artetik bereizten zuen gauza bakarra poltsiko-erlojuaren tiki-taka zen, zeina buztan txiki bat bailitzan zabukatzen baitzen orduen gorputz astunaren atzetik. Bitartean gela aienatuz joan zen... Basinik ezin zuen idazten jarraitu... «Ah, seguru asko ez duk ausartzen argia piztera», pentsatu zuen Törlessek. Artean bere lekuan jesarrita ote zegoen? Törlessek begiak ohitu behar izan zituen iluntasunera, lehentxeago ilunsentiko paisaia eiharrari begira egona zen-eta. Bai. Han, itzal zurrun horrek, Basini izan behar zuen. Ah, eta hasperen ere egiten du, behin..., bi aldiz..., ala lotan ote dago?

        Zerbitzari bat etorri eta lanpara piztu zuen. Basini esnatu eta begiak igurtzi zituen. Gero liburu bat kutxatilatik hartu eta ikasteko plantak egin zituen.

        Törless harekin hitz egiteko irrikatan zegoen, eta hori eragozteko gelatik irten zen presaka.

 

 

        Gauean Törlessek egundoko gogoa izan zuen Basinirengana oldartzeko. Sentsualtasun sutsu hori egunez nozitutako oinaze sorgor eta alferrekoaren eraginez bizitu zitzaion. Zorionez loak garaiz hartu eta salbatu egin zuen.

        Iragan zen hurrengo eguna ere. Ez zuen isilaren antzutasun berbera besterik ekarri. Isiltasunak eta itxaronaldiak narritatzen zuten Törless, etengabe arretatsu egon behar izateak izpirituaren gainerako indar guztiak makaltzen zizkion, eta eragozten zion edozertaz pentsatzea.

        Lur jota, desliluratuta, eta zalantzarik gogorrenen kariaz bere buruarekin atsekabeturik zegoela, goiz oheratu zen.

        Erdi lotan egon zen puska batean, urduri eta beroturik, harik eta Basini etortzen entzun zuen arte.

        Ez zen mugitu, baina begiradaz jarraitu zion irudi ilunari ohe albotik igaro zenean; jantziak eranztean Basinik sortu zuen hotsa entzun zuen, baita ondoren burusiak gorputza estaltzean atera zuen kirrizka ere.

        Törlessek ez zuen beste ezer entzuterik, arnasari eusten bazion ere. Hala eta guztiz Basini lotan egon beharrean bera bezalako entzute-ahaleginak egiten ari zelako sentsazioa ezin zuen baztertu.

        Horrela iragan ziren ordu-laurdenak..., orduak. Noiz edo behin oheetan mugitzen ziren gorputzen hots ahulak entzun zitezkeen, han-hemenka.

        Törless oso egoera berezian zegoen, ezin lokarturik. Aurreko gauean sukartu egin zutenak haren irudimeneko irudi sentsualak izan ziren. Ia amaieran bideratu ziren irudiok Basinirenganantz; gero loaren esku gupidagabeak zapuztu zituen, horiek azken aldiz matxinatzen ahalegindu, eta azkenik oroitzapen oso lauso batek baino ez zuen iraun. Baina gaur irrika kementsu bat zuen hasiera-hasieratik, ohetik altxatu eta Basinirengana hurbiltzekoa. Basini esna egon eta entzuten ari zitzaiolako sentsazioa izan zuen bitartean Törlessek nekez lortu zuen bere lekuan bertan gelditzea; eta orain, bestea jadanik lotan zegoelarik, inoiz baino ziztada izugarriago batek beraz jabetu eta lotan zegoen horrengana oldartzera bultzatzen zuen, Basini harrapakina bailitzan.

        Törlessek suma zezakeen ordurako, gorputz osoan, nola ohean esertzeko eta gero altxatzeko mugimenduek giharrak dardarazten zizkioten. Hala eta guztiz ere, ez zuen artean mugiezintasun hori gainditzerik.

        «Eta zer egingo ote nuke, ba, harengana banoa?», galdetzen zuen bere artean, ia ahots ozenean, hain zegoen beldurtuta. Aitortu behar zuen bere barneko oldarrak eta sentsualtasunak ez zutela helburu zehatzik. Estutuko zatekeen, benetan Basinirengana oldartu balitz. Jipoitu nahi ote zuen? Ez horixe! Eta orduan zein modutan aseko zuen harekin bere kitzikapen sentsuala? Okaztadura sentitu zuen bat-batean, gaztaroko hainbat bizio txiki gogoratzeaz batera. Gizaki baten aurrean modu horretan lotsagarri geratzea? Inoiz ez!...

        Baina okaztadura hazi ahala bizkortu egin zitzaion Basinirengana abiatzeko irrika. Törlessek argi ikusten zuen horrelako ekinbide bat zentzugabekeria hutsa zela, baina bazirudien bulkada psikiko huts batek ohetik ateratzen zuela, indarrez bezala. Eta irudi guztiak haren burutik aienatzen ziren bitartean, bere buruari hobe zukeela lo egitea errepikatzen ziolarik, etzalekutik altxatu zen mekanikoki. Oso astiro —nabaritzen zuen nola arimazko bulkada horrek, urratsez urrats eta erregulartasunez, aldea jaten zion erresistentziari— altxatu egin zen. Lehenik beso bat..., gero gorputz-enborra bermatu, ondoren belaun bat atera zuen burusi azpitik..., orduan...; supituki ziztu bizian mugitu zen, oinutsik, Basinirengana abiatuta, eta haren oheko ertzean jesarri zen.

        Basini lotan zegoen.

        Oso amets atseginak zituelako itxura zuen.

        Törlessek ez zituen artean bere ekintzak menperatzen. Jesarrita gelditu zen une batez, isilik, lotan zegoenaren aurpegiari finko erreparatuz. Antzeko egoeretan ohikoak diren pentsamendu laburrek eta ordenarik gabeek zeharkatzen zioten garuna, norbaiti oreka galtzean, amiltzean edo eskuetatik zerbait kentzen diotenean gertatzen zaion bezala. Eta gogoetak egiteke Basiniren sorbaldari heldu eta esnatzeraino eragin zion.

        Erdi lotan oraindik nagiak atera zituen, geldotasun astunez, eta gero tentetu zen Törlessi begi logaleekin begiratzen ziolarik.

        Törless ikaratu egin zen; erabat durduzaturik zegoen; egindakoaz oharturik ez zekien zer egin hortik aurrera. Egundoko lotsa sentitu zuen. Haren bihotzeko taupadak entzuteko modukoak ziren. Azalpenak, aitzakiak pilatzen zitzaizkion mihian. Galdetu nahi zion Basiniri ea pospolorik zeukan, edo ea ordua esan ahal zion...

        Basini hari so zegoen, begiak txunditurik.

        Törlessek, hitzik jaregin gabe, besoa atzera ekarri eta ohetik jaitsi zen, isilean, bere lekura itzultzeko; Basinik, ordea, egoera ulertu uste izan eta jaiki zen brastakoan.

        Törless aiko-maiko geratu zen ohe muturrean. Basinik begiratu zion berriro, begiak galdetzaile eta arakatzaile zituelarik, gero ohetik erabat jaitsi, berokia eta zapinak agudo jantzi eta ibiltzen hasi zen, oinak arrastaka.

        Törlessek kolpetik ulertu zuen ez zela hori gertatzen zen lehen aldia.

        Bidean ganbarako gelatxoko giltza hartu zuen, burko azpian gorderik baitzeukan...

        Basini gelatxorantz abiatu zen zuzenki. Bazirudien orain ongi asko ezagutzen zuela beste garai batean ezkutatu zioten bide hori. Kutxari heldu zion Törless igo zedin, eta ondoren tramoiak tentuz alboratu zituen, mugimendu zogiekin, ondo trebatutako morroia bailitzan.

        Törlessek atea ireki eta sartu egin ziren. Basiniri bizkarra emanda lanpara txikia irazeki zuen.

        Jiratu zenean Basini biluzik zeukan aurrean.

        Mekanikoki urrats bat eman zuen atzera. Nahastu eta txunditu zuen tupustean ikusteak gorputz biluzi eta elurra bezain zuri hori, zeinaren atzean paretako kolore gorria odol bihurtu baitzen. Basini ongi osatuta zegoen; gorputza gizonezko ezein formaz gabetua zeukan, liraintasun lerden eta aratzekoa, neska gazte batena bezalakoa. Törlessek nerbioetan sentitu zuen biluztasun horren irudia, piztutako sugar bero eta zuria bailitzan. Ezin zion ihes egin edertasun horren ahalmenari. Ordura arte ez zuen jakin edertasuna zer ote zen. Izan ere, zer zen artea haren adinean? Ez al da, adin jakin batera iritsi arte, zerbait ulertezina eta aspergarria, aire zabalean hezitako edozein gizakirentzat?

        Baina orain aurkitzen zuen, sentsualtasunerako bidean zegoen une horretan. Isilpean, tupustean. Larruazal biluziari arnasa epel eta erogarria zerion, lausengu biguna eta haragikoia. Baina, guztiarekin ere, bazegoen hor eskuak solemneki uztartzera behartzen zuen zerbait.

        Lehen ezustekoaren ostean Törless lotsatu egin zen batarengatik zein bestearengatik. «Gizona da gero!» Pentsamendu horrek sumindu egin zuen, baina iruditu zitzaion, hala ere, neska bat ez zitekeela bestelakorik izan.

        Lotsaturik, Basiniri zuzendu zitzaion, tonu agintariz:

        — Zer arraio uste izan duk? Berehala hartuko duk berriz...!!

        Orduan bestea txunditu egin zen; zalantzatsu eta begiak Törlessengandik mugitu gabe hartu zuen berokia zorutik.

        — Jesar hadi hor! —agindu zion Törlessek. Basinik obeditu zion. Törless paretan bermatu zen, eskuak bizkar atzean gurutzatuta zituelarik.

        — Zergatik biluztu haiz? Zer nahi huen nigandik?

        — Ba, nik uste nian...

        Ezbaian egon zen.

        — Zer uste izan duk?

        — Besteak...

        — Zein besteak?

        — Beineberg eta Reiting...

        — Beineberg eta Reiting zer? Zer egiten dute? Dena kontatu behar didak! Horixe nahi diat; ulertzen duk? Besteengandik entzunda daukadan arren.

        Törless gorritu zen gezur trakets hori esan zueneko. Basinik, berriz, hozka egin zien ezpainei.

        — Konta ezak, ba!

        — Ez, ez nazak kontatzera behartu! Mesedez, ez hori egitera behartu! Nahi duan guztia egingo diat. Baina ez kontatzera behartu... O, hain duk ni torturatzeko modu berezia...!

        Gorrotoa, beldurra eta erregu gartsua borrokatzen ziren

        Basiniren begietan. Törless, gogoz bestera, mantsotu egin zen.

        — Ez haut torturatu nahi. Bakarrik behartuko haut egia esatera, besterik ez. Beharbada hire interesean.

        — Baina ez diat ezer egin bereziki kontatzea merezi duenik.

        — Orduan, zergatik biluztu haiz?

        — Haiek behartzen ninditean.

        — Eta zergatik egin duk haiek exijitzen zutena? Koldarra haiz ala? Koldar zorigaiztokoa?

        — Ez, ez nauk koldarra! Ez hori esan!

        — Hago isilik! Haien jipoien beldur bahaiz, balitekek nireak ere ondo merezita izatea!

        — Ez nauk hire jipoien beldur.

        — Zer duk, ordea?

        Törlessek mintzoa lasaitu zuen berriz. Egindako mehatxu gordinak haserrarazi zuen. Baina nahi gabe atera zitzaion, uste baitzuen Basinik harroago jokatzen zuela berarekin besteekin baino.

        — Beldurrak ez hagoela esatean, zer esan nahi duk?

        — Esaten zidatek agindu guztiak betez gero dena barkatuko didatela, denbora-tarte bat iragan eta gero.

        — Barkatu haiek biek?

        — Ez, orokorrean.

        — Nolatan baiezta dezakete hori? Ni ere tartean nagok!

        — Gero hitaz arduratuko omen dituk!

        Horrek Törless kolpatu zuen. Gogoratu zituen Beinebergen hitzak, nola Reitingek Basini bezala tratatuko zukeen, aukera izanez gero. Eta benetan beraren kontrako azpikeriaren bat eskuartean baleukate, nola egin behar zien aurre? Besteak bezain ahaltsua ez izanik, noraino eramango ote zuten? Basinirekin bezainbeste?... Bere barnean dena altxatu zen ideia horren kontra.

        Minutuak iragan ziren beraren eta Basiniren artean. Bazekien adorea eta euskortasuna falta zituela horrelako azpilanak burutzeko; baina soilik interes gutxiegi zeukalako, ez zuelako izaera osoa jokoan sartuta sentitzen. Beti izan zuen hor zer galdu gehiago zer irabazi baino. Baina oraingoan egoera alda zezakeela sentitu zuen, zeren agian gauza izango baitzen berarengan askoz ere irmotasun eta ausardia handiagoa biltzeko. Jakin beharra zeukan, hala ere, noiz izango zuen aukera egokia dena jokoan jartzeko.

        — Ez al diate ezer zehatzagorik esan?... zer asmatu duten?... Niri buruzko hori?

        — Zehatzagorik? Ez. Bakarrik esan ziaten arduratuko zirela.

        Dena den,... hor zirauen arriskuak,... ezkutuan nonbaiten,... eta Törlessen zelatan zegoen;... urrats bakoitzak tranpara eraman zezakeen, edozein gau izan zitekeen borrokaren aurreko azkena. Segurtasun falta itzela zegoen pentsamendu horietan. hor amaitzen zitzaion besteek nahi bezala eramaten uztea, hor amaitzen zen aurpegi misteriotsuekin jolastea. Horrek bazituen punta zorrotzak, eta errealitate nabarmena zen.

        Elkarrizketa hasi zen berriz.

        — Eta zer egiten dute hirekin?

        Basinik isilik eutsi zion.

        — Zoritxar horretatik benetan libratu nahi baduk, dena esan behar didak.

        — Biluztera behartzen naitek.

        — Bai, bai, hori ikusi diat,... eta gero...

        Denbora-tarte bat iragan eta gero Basinik esan zuen, supituki:

        — Hainbat gauza.

        Emakumezko tonu irtirin batez esan zuen.

        — Beraz, haien... mai... talea haiz?

        — O ez, haien laguna nauk.

        — Nolatan ausart haiteke hori esatera!

        — Beraiek esan ohi ditek.

        —Zer...?

        — Bai, Reitingek.

        — Reitingek zer?

        — Bai, oso lagunkiro jokatzen dik nirekin. Sarritan biluzten nauk eta historia liburuetatik hartutako zerbait irakurtzen zioat; Erromaren eta hango enperadoreen gainean, Borgia familiaz, Timur Chanez,... ba, hik badakik, horrelako gauza aparta eta odoltsuak. Horrelakoetan samur ere izaten duk nirekin.

        — Eta ondoren, gehienetan jipoitu egiten naik...

        — Zeren ondoren?!... Ah, bai!

        — Bai. Zeren dioenez, osterantzean, jipoituko ez banindu, sinetsiko likek gizona naizela, eta orduan ezingo likek nirekin hain samur eta leun jokatu. Baina honela haren gauza nauk, eta ez dik lotsarik sentitzen.

        — Eta Beineberg?

        — O, Beineberg gorrotagarria duk. Ez duk uste hik ere haren arnasari kiratsa dariola?

        — Ixo! Nire ustea ez zaik piperrik ere axola! Konta ezak Beinebergek hirekin zer egiten duen!

        — Beno, Reiting bezalatsu, baita... Baina ez nauk berriro iraindu behar...

        — Jo aurrera.

        — Ba... itzulinguruak egiten ditik. Lehenik nire arimari buruzko solasaldi luzeetan aritzen duk. Lohitu egin dudala, baina soilik haren sarrerako ataria, nolabait. Barnekoenaren aldean huskeria eta azalekoa duk hori. Hala ere ezabatu beharra zegok; modu horretan bekatari asko santu bihurtu dituk iraganean. Bekatua, hortaz, ez duk hain makurra goiko ikuspuntu batetik; baina muturreraino eraman behar duk, menperatu ahal izateko. Jesartzera behartzen naik, kristal landu bati finko begiratzeko...

        — Hipnotizatu egiten hau?

        — Ez. Dioenez nahi dik nire arimaren gainazalean noraezeko igerian dabiltzan gauzak sorgortu eta indargetu. Hori lortutakoan gai izango lukek nire arimarekin harremanetan jartzeko.

        — Eta nola lortzen da hori?

        — Oraindik emaitzarik gabeko esperimentua duk. Jesarrita egoten duk, eta nik lurrean etzanda egon behar diat, horrela bazeukak oinak nire gorputzaren gainean jartzea. Kristalak apaldu behar naik eta logalea sentiarazi. Gero agintzen zidak zaunka egiteko. Zehaztasunez deskribatzen zidak nola egin: mantso, gero zotinka, zakur logale batek egingo lukeen bezala.

        — Zertarako hori, ordea?

        — Batek zekik zertarako balio duen. Gero txerriak bezala kurrinkatzera behartzen naik, eta maiz errepikatzen zidak badaukadala animalia horren zerbait neure baitan. Baina ez dik egiten ni iraintzeko asmoz; mantso eta lagunkiro errepikatzen zidak, nire nerbioetan grabatu beharrez, dioenez. Esaten zidak nire aurreko existentzian horrelako zerbait izan nintzela, eta erauzi beharra dagoela, kaltegabe bihur dadin.

        — Eta sinesten diok hori guztia?

        — Jainkoak babes nazala! Berak ere ez dik sinesten. Gainera, amaitu orduko oso bestelakoa izaten duk. Nolatan sinetsiko nituzke gauza horiek?! Nork sinesten du ariman gaur egun?! Eta nork horrelako arima-transmigrazioan?! Ongi zekiat gaiztakeria bat egin dudala; baina ez diat hori zuzendu ahal izateko itxaropena galdu. Horretarako ez zegok amarruen beharrik. Ez diat burua hausten horren kariaz, nire gaiztakeria zergatik burutu ote nuen. Hori berez zetorrek, agudo; geroago konturatzen gaituk lelokeria egin izanaz. Baina hark atsegin baldin badu hor naturaz gaindiko ezer bilatzea, nigatik egin zezakek. Denbora batez haren esanetara egon behar diat. Ea laster uzten dion ni ziztatzeari...!

        — Zer?

        — Bai, orratz batez; baina ez gogorki, zeren bakarrik ikusi nahi dik nola erreakzionatzen dudan... ea gorputzeko beste atalen batean zer edo zer nabarmena gertatzen den. Nolanahi ere, min ematen zidak. Berak ziok, hain zuzen, medikuek ez dakitela tutik ere horretaz; ez nauk konturatu zer frogatu nahi duen, baina gogoratzen diat asko hitz egin ohi duela fakirrei buruz, zeren horiek arimari so daudenean ez baitute gorputzeko minik sentitzen.

        — Bai, ideia horiek ezagunak ditiat; baina hik heuk esan duk hori ez dela guztia.

        — Ez duk, ez, noski; esan diat ere hori itzulingurutzat hartzen dudala. Horren ostean hainbat ordu laurden ematen ditik isil-isilik, nik ez zekiat zertan. Gero lehertu egiten duk, tupustean, eta zerbitzuak exijitzen ditik nigandik —eroturik bailegoen—, Reitingek baino askoz ere modu zakarragoan.

        — Eta hik egiten duk higandik exijitzen duten guztia?

        — Zer beste egin nezake? Gizaki zintzoa izan nahi diat berriz, eta lasai bizi.

        — Eta ez al zaik axolako bien bitartean gertatutakoa?

        — Horren kontra ez zeukaat ezer egiterik.

        — Entzun orain arretaz, eta nire galderari erantzun: Nola izan zen lapurtzearena?

        — Nola? Ba begira, diruaren premia larria neukaan; zorrak nitian Traiteurrekin, eta ez zidaan onartzen ordainketa atzeratzea. Ni sinetsirik nengoan hurrengo egunetan dirua jasoko nuela. Baina bitartean ez zidaan ezein ikaskidek sosik maileguz eman nahi: batzuek ez zeukatean ezta beraientzat ere, eta aurreztaile direnak poztu egiten dituk aurreztaile ez dena hilaren bukaeran estu dabilenean. Ez nioan inori iruzurrik egin nahi; bakarrik nahi nian ezkutuko mailegua hartu.

        — Ez nauk horretaz ari —eten zion Törlessek, egonarria galduta, Basini kontakizuna nabarmenki arintzen ari baitzen—. Galdetu diat: nola, nola egin ahal izan huen, nola sentitu hintzen orduan? Zer gertatu zen lipar hartan hire barnean?

        — Ah, ba... ezer ez. Lipar bat baino ez zuan izan, ez nian ezer sentitu, ez nian gogoetarik egin, supituki gertatu zuan, besterik gabe.

        — Eta beste hori, Reitingekin lehen aldiz? Gauza hori higandik exijitu zuenean? Ulertzen duk...?

        — O, gozakaitza izan zuan, jakina. Batez ere agindupean egin nuelako. Ze bestela... pentsa ezak zenbatek egiten dituzten horrelakoak, plazer hutsagatik, gainerakoek fitsik jakin gabe. Hori ez duk, beraz, horren makurra.

        — Baina hik agindupean egin huen. Doilortu egin haiz. Lupetzan arrastaka ibili behar bahu bezala, beste norbaitek gogoko duelako.

        — Hor arrazoi duk. Egin behar izan nian.

        — Ez, ez huen behar.

        — Osterantzean jipoituko nindiketean, salatu; egundoko desohorea neureganatuko nikean.

        — Ongi. Orain utz dezagun hori. Bestelako zerbait jakin nahi nikek higandik. Entzun, bazekiat Bozenaren etxean dirua xahutu duala. Handikiarena egin duk haren aurrean, harroxko ibili haiz, heure gizontasuna goraipatu duk. Gizona izan nahi duk, beraz? Ez soilik ahotik eta ...arekin, arima osoarekin baizik? Bestetik, ordea, norbaitek exijitzen dik horrelako zerbitzu doilortua, eta lipar berean nabaritzen duk koldarra haizela, eta ez duala ezetz esaterik: ez al dik urradura batek arima zeharkatzen? Ikara batek? —zehaztugabea—, higan adierazezinezko zerbait burutu balitz bezala?

        — Ene jainkoa, ez haut ulertzen; ez zekiat zer nahi duan; ezin diat ezer, ezer ere esan.

        — Orduan entzun ongi; aginduko diat oraintxe berriro biluzteko.

        Basinik irribarre egin zuen.

        — Etzan ahozpez lurrean, nire aurrean. Barrerik ez! Benetan agintzen diat! Entzuten duk?! Oraintxe bertan obeditu ezean ikusiko duk zer gertatuko den Reiting itzultzen denean!... Horixe. Ikusten duk, hor hago lurrean etzanda, biluzik, nire aurrean: Dardarka eta guzti, hotz haiz ala? Ttu egin nezakek hire gorputzean, nahi izanez gero. Estutu burua tinko lurraren kontra; ez al du zoruko hautsak itxura bitxia? Ez al dirudi hodeiz eta etxeen tamainako harkaitzez osatutako paisaia? Zizta hintzaket ere orratzekin. Bazeudek hor baten batzuk oraindik, lanparako hutsunean. Ez dituk dagoeneko larruazalean sentitzen?... Baina nik ez diat nahi... Behar hintzaket zaunka egitera, Beinebergek egin zian bezala, hautsa jatera txerrien antzera, mugitzera behar hintzaket —hik badakik—, eta kexu hasiko hintzen: o ama maitea... —Törlessek laidotzea eten zuen, tupustean—. Baina ez diat nahi, ez diat nahi, ulertzen?!

        Basini negarrez ari zen: — Torturatzen naik...

        —Bai, torturatzen haut. Baina bost axola zaidak; gauza bakarra jakin nahi diat: hori guztia hire barnean sartzen diadanean, aizto baten gisara, zer sentitzen duk? Zer gertatzen da higan? Zer edo zer lehertzen al da higan? Esan! Aurretik arrakalarik izan gabe supituki milaka zatitan puskatzen den kristala bezalakorik? Heure buruaz egin duan irudia, ez al da iraungitzen zaflada batez; ez al da agertzen besteren bat haren lekuan, farol magikoen irudien antzekoa, iluntasunetik irteten direnean? Ez nauk, ordea, inolaz ere ulertzen? Ezin diat zehatzago azaldu; hik heuk esan behar didak... !

        Basinik negar egiten zuen, atergabe. Emakume kutsuko sorbaldak uzkurtzen zituen; gauza berbera errepikatzen zuen, behin eta berriz:

        — Ez zekiat zer nahi ote duan; ezin diat ezer azaldu; lipar batean gertatu zuan; ezin zitekean bestela gertatu; hik berdin-berdin jokatuko hukeen.

        Törless isildu egin zen. Unaturik zegoen, paretan bermatu zen mugitzeke eta aurrera begiratu zuen finko, hutsartera.

        «Nire egoeran izan bahintz, berdin-berdin jokatuko hukeen», izan ziren Basiniren hitzak. Ezinbestean gertatu zen, horra arrazoi garbia, erraza eta desitxuratzerik gabea.

        Törlessen kontzientzia matxinatu egin zen, mesprezu osoz, entzundako ausarkeriarengatik. Ez zirudien, ordea, bere izaeraren matxinatze horrek berme nahikorik eskain ziezaiokeenik. «...bai, nire izaerak harenak baino tinkoago eutsiko liokek, ez nitizkek horrelako ausarkeriak jasango; baina, hain garrantzitsua al da hori? Garrantzitsua ote da nik irmotasunagatik, zintzotasunagatik edo bestelako arrazoi funsgabeengatik beste era batera jokatzea? Ez, arazoa ez duk nola jokatuko nukeen, baizik eta benetan Basinik bezala jokatuko banu ez nukeela nik ere hor ezer ezohikorik antzemango. Hona hemen benetakoa: neure buruaz izango nukeen sentimendua harena bezain sinplea eta zalantzarik gabea izango lukek...»

        Pentsamendu hori —ordenarik gabe, bata bestearen gainean eta behin eta berriz hasten ziren esaldietan apailatua—, zeinari Basinirenganako mesprezuak samin eme eta barruko bat gaineratu baitzion, Törlessek apur bat lehenago izandako sentsazio bazterrezin baten ondorioa zen, eta haren eragina moralean bainoago barne orekan nabaritzen zuen. Reitingen eta Beinebergen aldetik mehatxu egin ziezaiokeen arriskuaren berri Basiniren bitartez izan orduko Törless ikaratu egin zen. Besterik gabe ikaratu, eraso baten kasuan bezala, eta gogoetak egin gabe ziztu bizian bilatu zuen defentsa eta aterpea. Benetako arriskua izan zen une horretakoa; eta orduan izandako sentsazioak kitzikatzen zuen, bulkada bizkor eta bat-batekoa. Alferrik ahalegintzen zen hori beregan berriz ere irazekitzen. Baina bazekien bulkada horrek arriskuaren berezitasun eta esanahi bikoitz guztiak eraman zituela berekin.

        Eta, halaz guztiz, arrisku horixe zen berak aste batzuk lehenago leku berberean estreinako aldiz sumatutakoa. Orduko hartan gelatxoak ikaratu zuen, ikasgeletako bizitza argi eta epeletik urrundurik zegoelako —ahaztutako Erdi Aroan bailegoen—, baita Reitingek eta Beinebergek ere, bazirudielako hango gizakiez oso bestelako zerbait bilakatuak zirela, bestelako bizitza zuten pertsonak ziruditela, goibelagoak eta odolzaleagoak. Orduko hartan hori guztia eraldaketa eta jauzia izan zen Törlessentzat, haren inguruko irudia mende luzeetako loalditik supituki esnatutako begiek ikusiko balute bezala.

        Eta, halaz guztiz, arrisku berbera zen... Atergabe errepikatzen zen. Eta bera atergabe saiatzen zen bi sentsazio ezberdin horietako oroitzapenak alderatzen...

        Bien bitartean Basinik denbora dezente zeraman zutiturik; nabaritu zuen kidearen begiratu finkoa eta izpirituan galdua, arropak emeki bildu eta alde egin zuen hotsik egin gabe.

        Törlessek ikusi egin zuen —laino artean edo—, baina gertatzen utzi zion, hitzik esan gabe.

        Barneko perspektibaren aldaketa hura supituki zein puntutan gauzatu ote zen igartzeko eginahalak lotzen zion arreta osoa.

        Baina puntu horretara hurreratu bezain laster gertatzen zitzaion hurbila eta urruna alderatu nahi dituenari gertatu ohi zaiona: ez zituen inoiz bi sentsazioetako oroitzapenen irudiak aldi berean harrapatzen, eta horren ordez krak eme baten sentsazioa zihoakion barnetik, gorputzaren kasuan begiak egokitzean giharrak modu ia nabari ezinean sumatzen bide diren bezala. Eta horrek bereganatzen zuen arreta osoa une erabakigarrian, alderatzearen ekintza nagusitzen zitzaion alderatzearen objektuari, gero teinkada ia nabari ezina agertu eta dena baretu egiten zen.

        Eta Törlessek berriro ekiten zion denari.

        Proportzionaltasun mekanikoko bilakabide horrek loaldi finko, erne eta izotza bezain hotza eragiten zion, eta haren lekuan lotuta eta mugitzeke uzten zuen. Zehaztugabeko luzaroan.

        Harik eta pentsamendu batek Törless esnarazi zuen arte, esku epel baten ukitu emeaz. Itxuraz hain pentsamendu agerikoa, ezen Törless harritu egin zen horretaz aspaldian jabetu ez izanaz.

        Pentsamendu horrek, izandako bizipenak jaso besterik ez zuen egiten: sinple, desitxuratu gabe, proportzio natural eta egunerokoetan etorri ohi da urrundik beti hain handia eta sekretuz betea dirudiena. Ikusiezinezko muga bat gizakien inguruan taxutuko bailitzan. Kanpoaldean sortu eta urrundik bertaratzen denak isla erraldoi eta aldakorrez jositako itsaso lainotsua dirudi; barnealdera sartu, ekintza bihurtu eta bizitzari itsasten zaiona, ordea, argia eta txikia da, gizaki-izaritakoa eta gizaki-lineatakoa. Eta norberak bizi duen bizitzaren eta norberak sentitu, sumatu eta urrundik ikusten duen bizitzaren artean kokatzen da —atari meharra bailitzan— muga ikusiezin bat, zeinean gertaeren irudiak bata besteren kontra pilatzen baitira, gizakien artera barneratzearren.

 

        Eta pentsamendu hori beraren bizipenari egokitzen zitzaion arren Törlessek buruari eragin zion, hausnarrean. «Bai dela pentsamendu berezia...», nabaritu zuen.

 

 

        Azkenik etzan zen ohean. Ez zuen beste ezertan pentsatzen, hain gertatzen zitzaion pentsatzea astun eta antzua. Lagunen sekretuari buruz jakin zuenak garuna kurritzen zion, baina atzerriko egunkari batean irakurtzen den albistea bezain axolagabe eta indarge zitzaion.

        Basinirengandik ez zitekeen gehiagorik espero. Arazoak hor zirauen, dudarik ez! Baina hain zegoen kolokan, eta bera hain nekatuta eta lur jota. Amarru hutsa agian... hori guztia.

        Bakarrik Basiniren ikusteak, haren larruazal biluzi eta distiratsuak hedatzen zuen intsusa-lurrina loaren aurreko sentsazioen zoharduran. Azkenez Törless loak hartu zuen.

 

        Atsedenean ez zitzaion ezein amets agertu. Baina epeltasun ezin gozoago batek alfonbra bigunak zabaltzen zituen haren gorputzaren azpian. Hor esnatu zen azkenean. Oihu bat jaregiteko puntuan egon zen. Ohean Basini zeukan jesarrita! Eta hurrengo unean, zalutasun nabarmenaz, alkandora gorputzetik erantzi, burusiaren azpian egokitu eta gorputz biluzi eta dardaratia Törlessen kontra uztartu zen.

        Törlessek harridura gainditu bezain laster Basini bultzatu zuen, berarengandik bidaltzeko.

        Zer arraio uste duk...?!

        Basinik, berriz, arrenka ziharduen.

        — O, ez izan berriz horrelakoa! Inor ez duk hi bezalakoa. Ez naitek hik bezala arbuiatzen; itxurak egiten ditizkek soilik, gero bestelakoak izan ahal izateko. Baina hi? Hi hain zuzen... ?!... Ni baino gazteagoa haiz, indartsuagoa izan arren;... gu biok besteak baino gazteagoak gaituk;... hi ez haiz haiek bezain zakar eta harroputza;... hi samurra haiz;... nik maite haut...!

        — Zer,... baina zer demontre diok? Nik hirekin zer? Hanka,... alde hemendik oraintxe!

        Eta Törlessek, oinazeturik, besoa bermatu zuen Basiniren sorbaldan. Baina larruazal bigun eta arrotzaren hurbiltasun beroak jazarri, inguratu eta iratotzen zuen. Eta Basiniren xuxurla errepikatzen zen...:

        — Baina... baina... mesedez... o, hain lukek niretzat atsegina hiri zerbitzatzea.

 

        Törlessek ez zuen erantzunik aurkitu. Basini mintzo zen bitartean, zalantza eta gogoetaren segundoan, itsaso berde-sakon batek uholdeztatu zion zentzumena. Bakarrik Basiniren hitz higikorrek distiratzen zuten hor barruan, zilarrezko arrain txikien erlantza bailiren.

        Artean eusten zion besoa Basiniren gorputzaren kontra uztartzeari. Epeltasun heze eta astun bat jabetu zen haietaz; giharrak makaldu zitzaizkien; Törlessek ahaztu zituen... hitz pilpiratsuek berriz jo zutenera arte ez zen esnatu, zeren supituki sentitu baitzuen —zerbait zeharo ulertezina bailitzan— ezen bere eskuak —amets batean bezala— Basini erakartzen ari zirela.

        Orduan nagiak astindu eta oihukatu nahi izan zuen: «Basinik iruzur egiten dik; nahi duena hi bereganatzea duk, gero arbuiatzerik izan ez dezaan.» Baina oihua irato zitzaion; hots bat ere ez etxe zabalean; bazirudien isiltasunaren olatuak lotan zeudela pasabide guztietan, mugimendurik gabe.

        Bere onera itzuli nahi zuen: baina jagole beltzen gisara hor zeutzan pentsamendu horiek, atari guztien aurrean.

        Törlessek ez zuen hitz gehiagorik bilatu. Zeren eta sentsualtasunak, etsipenaren uneetatik berarengan pixkanaka-pixkanaka eta itzalgaizka sartua baitzen, gailurra jo zuen. Biluzik zetzan beraren alboan, eta burua estaltzen zion bere beroki bigun eta beltzarekin. Konformatze-hitz goxoak murmurikatzen zizkion belarrian, eta atzamar epelekin uxatzen zituen galdera eta eginbehar guztiak, alferrekotzat hartuta. Eta xuxurlatzen zion: bakardadean dena dago baimenduta.

        Beraz jabetzen hasi zen unean esnatu zen, segundo batzuez, honako pentsamenduari lotuta: Hori ez naiz neu!... ez neu!... Bihar izango naiz neu berriro!... Bihar...

 

 

        Lehen ikasleak astearteko arratsean itzuli ziren. Beste talde bat gaueko trenean etorri zen. Zarramaltza iraunkorra jabetu zen etxe hartaz.

        Törlessek gozakaitz eta gogo txarrez hartu zituen lagunak; ez zuen artean berea ahaztu. Gainera besteek bazekarten kanpotik zerbait freskoa eta mundu-gizonen kutsukoa. Horrek lotsatu egin zuen, berak orain gela meharren aire itogarria maite zuen eta.

        Sarri askotan lotsatzen zen, oro har. Baina ez, egia esan, limurtzeari amore eman ziolako —hori ez baitzen hain bakana institutuan—, baizik eta orain ezin saihets zezakeelako nolabaiteko samurtasuna Basinirenganako, nahiz eta aldi berean gizaki hori zeinen doilortua eta mesprezagarria zen gero eta argiago zekusan.

        Ezkutuko topaketak izaten zituen maiz harekin. Basinik Beinebergen eskutik ezagututako ezkutaleku guztietara eramaten zuen, eta Törless azpibide horietan trebea ez izaki bestea hobeto orientatu eta buruzagi bilakatu zen.

        Gauez ez zuen atseden onik izaten, zeloen kariaz Beineberg eta Reiting zelatatzen jardun ohi zuelako.

        Dena den, bata zein bestea Basinirengandik urrun egoten ziren. Zitekeena zen harekin jadanik aspertuta egotea. Bazirudien, nolanahi ere, aldaketa bat gertatua zela beraiengan. Beinebergek kopetilun eta itxita eusten zion. Hitz egiten bazuen beti izaten zen hurrengo gertakizun bat zeharresan misteriotsuekin aipatzeko. Reitingek, bistakoa zenez, bestelako gauzetara zuzentzen zuen orain bere arreta; ohiko trebeziaz bilbatzen zuen azpikeriaren baten sarea, zeinean batzuk mesedeen bitartez bereganatzen saiatu eta besteak ikaratzen baitzituen, azerikeria ilunaren bidez haien sekretuen sopikun bihurtzen zelako.

        Hirurak elkarrekin zeudenean, berriz, beste biek azaltzen zuten Basiniri gelatxora edo ganbarara berriro joan zedin agintzeko asmoa.

        Törless ahalegintzen zen hori atzeratzen, mota askotako aitzakiak erabiliz, interes horrexengatik aldi berean etengabe pairatzen bazuen ere.

        Aste batzuk lehenago ez zukeen aldarte horretan egotea ulertuko, zeren ordura arte beti gurasoak bezain sendo, osasuntsu eta naturala izan baitzen.

        Baina ez zitekeen sinetsi ere Basinik Törlessengan benetako desira —iheskorra eta nahasia izan arren— eragiten zuenik. Grina antzeko zerbait itzarri zen Törlessengan, hori bai, baina maitasuna izena noizik behinekoa eta halabeharrezkoa zen, eta Basini gizakia irrika horren behin-behineko eta ordezko objektua baino ez. Izan ere, harekin elkartzen zenean Törlessen desira —ase beharrean— Basiniz gaindi hazten zen, gose berri eta objekturik gabe baterantz abiaturik.

 

        Batez ere liluratu zuena mutil-gorputz horren biluztasuna izan zen.

        Izandako inpresioa forma ederrak —artean sexu-heldutasunetik urrun— dituen neskato gazte baten aurrean egotearena izan zen. Egundoko harridura jabetu zen beraz. Eta egoera horri berez zerion araztasunak isuri baten itxura zuen, Basinirekiko harremanetan agertutako sentsazio berri, urduri eta miragarri horrena, alegia. Gainerako guztiak zerikusi gutxi zeukan horrekin. Zeren eta desira aspalditik existitzen baitzen, jadanik Bozenaren etxean, bai eta askoz lehenago ere. Bazen nerabearen sentsualtasun ezkutua, objekturik gabea, ez inori zuzendua eta malenkoniatsua, zeinak udaberriko lur heze, beltz eta ernamuin-ekarlea baitirudi, baita lur azpiko ur-korronte iluna ere, ustekabeko edozein egokieraz baliatzen dena murruetan zehar lehertzeko.

        Törlessek bizi izandako eszena egokiera hori bilakatu zen. Harridura, gaizki-ulertzea eta inpresioen hutsegitea ezkutaleku isila bihurtu ziren, zeinean Törlessen arimak sekretu, debeku, lizunkeria, zalantza eta bakardade guztiak bildu baitzituen, tupust egindakoan mugimendu ilun horiek Basinirenganantz bideratzeko. Zeren bat-batean jo baitzuten arnasten zuen eta lurrina zerion zerbait epel eta haragizkoaren kontra, zeinean noraezean zihoazen amets zehaztugabe horiek gorpuztu eta nolabaiteko edertasunaz janzten baitziren, bakardadean nozitu zituzten Bozenaren itsusitasun kaustikoaren zehaldiak jasan beharrean. Horrek zabaltzen zien bizitzarako ataria, eta sortutako argilunean nahasten zen dena: nahia eta errealitatea, fantasia haragikoia eta bizitzaren aztarna epelak artean zekartzaten inpresioak, kanpotik iritsitako sentsazioak eta barnetik lehertuz ezezagun bihurtzeraino hauek estaltzen zituzten sugarrak.

        Baina Törlessek ez zeukan hori guztia gehiago bereizterik, eta dena sentsazio bakar, lauso eta atalik gabeko batean bateratu zitzaion, estreinako harriduran maitasuntzat har zitekeena.

 

        Guztiarekin ere, laster ikasi zuen dena hobeto baloratzen. Urduritasunak arrastaka zeraman hemendik hara, atsedenik gabe. Edozein gauza hartu eta berehala uzten zuen berriz, ukitu bezain agudo. Ez zeukan ikaskideekin elkarrizketatzerik, arrazoirik gabe mututu edo gauzak konturatzeke nahastu gabe. Gertatu zen ere, ezen, elkarrizketa baten erdian ahalke-olatu batek erasotzen ziola, halako oldarrez non totelka hasi eta alde egin behar izaten zuen...

        Bien bitartean Basini saihesten zuen. Ezin bazuen haren ikustea baztertu deslilura bat jabetzen zen beraz, ia beti. Basiniren edozein mugimenduk nazkaz betetzen zuen, liluren itzal hitsen lekuan argitasun hotz eta kamutsa agertzen zen, eta iruditzen zitzaion arima uzkurtzen zitzaiola, harik eta erabat ulertezin eta higuingarri zeritzon lehengo desira baten oroitzapena besterik geratzen ez zitzaion arte. Ahalke mingarri horri ihes egin beharrez oina lurraren kontra zapaldu eta gorputza kikiltzen zuen.

        Galdetzen zion bere buruari zer esango ote zuten besteek beraren sekretuaren berri jakingo balute; eta gurasoek, eta irakasleek?

        Azken aieru horiekin eten ohi ziren haren oinazeak. Nekadura hozkirri batek menperatzen zuen; beraren gorputzeko larruazal bero eta makaldua teinkatzen zen berriz, zirgit atsegin batekin. Lasai ikusten zituen gizakiak bere aurretik pasatzen. Baina orduan guztien kontrako arbuioa nagusitzen zitzaion. Susmorik makurrenak jabetzen ziren beraz norbaitekin hitz eginez gero.

        Horrezaz gain ahalke eza nabaritzen zuen besteengan. Ez zuen uste berak bezainbeste sufritzen zutenik. Bazirudien bihotz zimikoen arantza-koroa falta zutela.

        Baina iruditzen zitzaion agonia sakon batetik esnatua zela. Deuseztapenaren isilpeko esku batek igurzten zuela. Gaixotasun luze baten ondorioz bereganatutako jakintza ezin ahantz dezakeen norbaiten gisara.

        Egoera horretan zoriontsu sentitzen zen, eta horrela sentitzea irrikatzen zuen uneak behin eta berriz itzultzen zitzaizkion.

        Une horiek azaldu ziren Basini berriro axolagabe ikustea izan zueneko, higuina eta zantarkeria irribarre batez jasan ahal izan zituenean. Bazekien doilortu egingo zela, baina zentzu berria egozten zion orduan. Zenbat eta Basinik eskaintzen ziona itsusiago eta ez-duinago bihurtu, orduan eta nabarmenagoa zen geroxeago bertaratu ohi zitzaion fintasun sentikorrezko sentimenduarekiko jazargoa.

        Törless bazter batean uzkurtu eta zelatan egoten zen, bera inork ikusi gabe. Begiak ixteaz batera bulkada zehaztugabe bat igotzen zitzaion, eta begiak irekitzean ez zuen horrekin alderatzerik izan zezakeen ezer ere aurkitzen. Gero, supituki, Basini pentsamenduan agertu eta dena bereganatzen zuen. Laster aienatu ziren xehetasun guztiak. Ez zirudien gehiago Törless pentsamendu horren jabea zenik, ezta Basini helburutzat zuenik ere. Sentsaziozko xuxurlek inguratuta egon uste zuen, goraino botonatutako jantziak eta aurrean lotutako maskarak zeramatzaten emakume lizunak bailiren.

        Törlessek ez zekien haietako inoren izena, ezta bakar batek zer ezkutatzen ote zuen ere. Baina hor zetzan, hain zuzen ere, haien lausengu hordigarria. Ez zuen bere burua gehiago ezagutzen; eta horra hor haragikeria basa eta mesprezagarria, jai dotore batean bezala, zeinean argiak supituki itzali ondoren inork ez baitaki nor bultzatzen duen zorura eta nor estaltzen duen musuka.

        Gaztaroko gertaera horiek gainditutakoan Törless izpiritu sentibera eta fineko gizon bilakatu zen, izaera estetiko-intelektuala duten eta legeei zein —hein batean— moral publikoari atxikitzeagatik lasaitasunez hornituta dauden gizaki horietakoa, zeinei arimazko gertakari finetatik urrun dauden arrunkeriez gogoetak egiteko beharra arintzen baitzaie, eta zeinek, gauza horietaz interes pertsonala eskatzen baldin bazaie, sorkeria aspertua eransten baitiote itxura sotileko formaltasun apur bat ironiko horri. Izan ere, norberarengana eta ez beste inora bideratutako interes hori soilik lotzen zaio arimaren edo izpirituaren garapenari, edota, pentsamendu baten bitartez, han-hemenka, liburu bateko hitzen edo irudi baten ezpain hertsien artetik gure barnean handituz doan dena delako horri; noiz edo behin ernatzen zaiguna, doinu bakarti eta iraunkor batek gugandik aldendu —urrutirantz abiatuta— eta, mugimendu arrotzez, arrastaka daraman gure odolaren hart gorri eta mehea oldartsuki inarrosten duenean; baina beti desagertu egiten dena aktak idatzi, makinak eraiki, zirkora joan edo antzeko beste ehunka jardueratan aritzen garenean.

        Horrelako gizakiak, hortaz, erabat axolagabeak dira beraien formaltasun moralari soilik erronka egiten dioten gauzen aurrean. Horrexegatik Törless ez zen damutuko, geroko bizitzan, orduan gertatutakoaz. Hain zituen beharrak zentzu estu batean zorroztuta eta edertasunari bideratuta, non ez zitzaiokeen inola ere bururatuko, norbaitek txorigalduren baten haragikerien gaineko istorioak kontatu balizkio, bere sumindura gertatutakoaren kontra zuzentzea. Ez zukeen gizaki hori mesprezatuko txorigaldua izateagatik, nolabait esateko, baizik eta beste ezer hoberik ez izateagatik; ez haren haragikeriengatik, baizik eta horrelakoak egitera bultzatzen duen arima-aldarteagatik; izatez ergela delako, edo haren adimenak arimazko kontrapisua falta duelako...: azken batean, beraz, erakusten duen itxura triste, miserable eta makalduagatik. Eta modu berberean mesprezatuko luke haren bizioaren mamia, haragikeria sexualen ordez, zigarroak erretzeko edo alkoholaz gozatzeko zaletasun endekatua izango balitz.

        Eta, izpiritutasunaren gorapenean eta ez beste ezertan kontzentratuta dauden gizaki guztiei bezala, gutxi axola zitzaion gehiegizko kitzikapen lotsagarriak agertzea. Gogoko zuen onartzea ezen gozatzeko gaitasuna, talentu artistikoa eta arimaren bizitza findua zauri arinak eragin zitzaketen apaindurak zirela. Izan ere, saihestezinezkotzat jotzen zuen barneko bizitza aberatseko eta aldakorreko gizaki batek gainerakoentzat ezezagunak diren uneak izatea, baita apalategi ezkutuetan ongi babestutako oroitzapenak edukitzea ere. Eta bakarrik exijitzen zion gerokoan fintasunez jarduten jakitea horrelako gauzekin.

        Halako moldez non, behin batean, bere gaztaroko istorioa kontatua zion norbaitek galdetu zionean ea oroitzapen horrek ez al zion noiz edo behin lotsarik eragiten, ondoko erantzuna eman zion irribarreka: «Ez dut inondik ere ezesten doilorkeria izan zela. Zergatik, ordea? Gertatu egin zen. Baina horko zerbaitek bizirik iraun du harrezkeroztik: pozoi apur bat, ezinbestekoa baita arimak soberan duen osasuna eta segurtasuna erauzteko, finago, zorrotzago eta jakintsuago bihur dadin.

        Nahi zenuke, horrezaz gain, arimaren grina handi bakoitzak suaz markatu dituen doilorkeria-ordu guztiak zenbatu? Izan gogoan, bada, maitasunean ohikoak diren borondatezko umilazio-orduak! Elkar maite dutenak putzu sakonetara hurbiltzen diren lilurazko ordu horiek, zeinetan batak bestearen bihotzean jarrita baitauka belarria, espetxeko hormetan katu handi eta urduri baten atzapar urduriak entzuten ote diren antzematearren. Bakar-bakarrik dardarak sentitzeko! Soilik bakardadea gainditurik sakonune ilun eta madarikatu horien gainetik ikaratzeko. Soilik tupustean —indar goibel horien bakardadearen beldurrez— elkarren barnera ihes egiteko!

        Begira iezaiezu begietara bikote gazteei.

        — Sinesten duk...? ziotek, baina ez duk irudikatzen noraino hondora gintezkeen! —Begi horietan badago, alde batetik, trufa patxadatsua horretaz guztiaz ezer ez dakienarenganako, eta bestetik infernua elkarrekin zeharkatu dutenen harrotasun amultsua.

        Eta maitale horiek batak bestearekin egin bezala, horrela zeharkatu dut nik hori guztia nire bakardadean.»

 

        Guztiarekin ere, gerokoan Törlessen iritzia horixe izan arren, sentsazio bakarti eta antsiatsuzko zirimolaren erdian egon zen garaian ez zuen beti dena ondo amaituko zelako konfiantza hori izan. Lehentxeago torturatu zuten asmakizunetatik eragin-aztarna batek iraun zuen, bere bizipenen hondoan hots urrun eta ilun baten gisara entzun zezakeena. Horixe zen, hain zuzen ere, orain gogoan izan nahi ez zuena.

        Baina noizbehinka saihestezin zitzaion. Horrelakoetan etsipenak mende hartzen zuen, eta zeharo bestelako ahalke nekatu eta etorkizunik gabeko bat jabetzen zen beraz, oroitzapen horiekin batera.

        Hala eta guztiz ere, ez zen gauza izaten horren azalpen egokia asmatzeko.

        Institutuko harreman bereziek eragin nabaria izan zuten hor. Han zegoen preso, murru grisen atzean, gazteen energia oldartsua, eta han gordetzen zen hainbat ikasleri sena ezabatzen zion fantasia, gozamenezko irudiz josia.

        Haragikoitasuna, neurri mugatu batean, gizontasuntzat eta adoretzat hartzen zen, baita ukatutako dibertimenduak erdiesteko ausardiatzat ere. Are gehiago irakasle gehienen itxura zintzo eta zimelduarekin alderatuz gero. Zeren orduan «moral» oharpen-hitzak lotura irrigarria hartzen baitzuen: sorbalda meheekin, sabel potoloekin, zango argalekin, betaurrekoen atzean bildots txikien gisara alatzen diren begiekin, haien bizitza eredugarritasun serioko lorez jositako zelaia besterik ez bailitzan.

        Zeren institutuan, azken batean, ez zeukan inork bizitzaren gaineko ezagupenik, ezta irudikatzen ere zantarkeriatik eta lasaikeriatik gaixotasuneraino eta irrigarritasuneraino zihoan ñabardura-mailaketa hori, zeinak helduak okaztadura nabarmenaz betetzen baitzituen halako gauzez zerbait entzuten zutenean.

        Eragozpen horiek guztiak, zeinen eraginkortasuna ezin neurtuzkoa baitzen, falta zituen Törlessek. Modu ia inozo batean jauki zuen bere hutsegitea.

        Zeren erresistentzia-ahalmen etikoa, etorkizunean hainbeste balioetsiko zuen izpirituzko sentitze-gaitasun zoli hori, falta zuen artean. Baina jadanik suma zitekeen. Törlessek huts egin zuen, zerbait artean ezezagunak kontzientziara jaurtikitako itzalak ikusi baitzituen lehenik, eta konturatzeke errealitatetzat hartu zituen. Baina bazeukan bere baitan bete beharreko eginkizun bat: arimaren eginkizun bat, horretarako artean heldugabea bazen ere.

        Bazekien, halaz guztiz, zerbait ilunaren atzetik beraren barneko sakonera zeraman bide bati jarraitzen ziola; eta unaturik zegoen eginahal horregatik. Ohituta zegoen aurkikuntza ezohikoak eta ezkutuak lortzeko itxaropena edukitzera, eta era horretan iritsi zen sentsualtasunaren logela mehar eta zokotsuetara. Ez makurkeriagatik, baizik eta une bateko egoera izpiritual asmo gabearen ondorioz.

        Eta bere barneko zerbait serio eta handinahi horrekiko desleialtasunak errudun-kontzientzia lausoaz hornitzen zuen. Nazka zehaztugabe eta estalia ez zen harengandik erabat aldentzen, eta beldur antzeko zerbait jazartzen zitzaion, halako moduan, non ilunpean ibiltzen den norbaiten gisara jokatzen baitzuen, bidea oinen azpian ala galduta daukan ez dakienean.

        Orduan ahaleginak egiten zituen ezertan ere ez pentsatzeko. Egonean zirauen, mutu eta sorgorturik, aurreko galdera guztiak ahazturik. Haren umilazioen atsegin fina gero eta urriago bilakatu zen.

        Atsegin hori ez zen erabat iraungi, baina denbora-tarte horren amaieran Törlessek bertan behera utzi zuen erresistentzia, Basiniren patua erabakita bailegoen.

 

 

        Ondokoa egun batzuk geroago gertatu zen, hirurak elkarrekin gelatxoan zirelarik. Beineberg oso serio zegoen.

        Reiting hasi zen hizketan:

        — Beinebergek eta biok uste diagu ezin dugula Basinirekin orain arteko moduan jarraitu. Egokitu duk zor digun obedientziara, eta ez dik gehiagorik pairatzen horregatik; morroi baten etxekotasun lotsagabea erakusten dik. Heldua duk garaia, hortaz, beste urrats bat emateko. Ados hago?

        — Ba ez zekiat. Ez zekiat zer egin nahi duzuen harekin.

        — Zaila duk, egiatan, modua erabakitzea. Umilazioak eta zapalketa areagotu behar ditiagu. Ikusi nahi nikek noraino irits daitekeen. Bestelako kontua duk hori nola antolatu. Nire aldetik bazeuzkaat zenbait ideia polit horri buruz. Jipoi genezakek, esate baterako, eta bitartean berak eskerroneko salmoak abestu beharko litizkek. Kantu horren ahoskatzea ez lukek txarra izango; seguruenik tonu bakoitzak oilo-larrua aterako ligukek. Behar genezakek gauzarik zikinenak ekartzera. Bozenaren etxera eraman genezakek, eta honen aurrean amaren gutunak irakurrarazi, Bozenak ezinbesteko isekak eransten dituen bitartean. Edonola ere, ez dik hanka egingo. Beraz, patxadaz pentsa zezakeagu horretaz, hobeto zehaztu eta zerbait berria asmatu. Oraingoz aspergarria duk, dagozkion xehetasunak izan arte. Klasekoen eskuetan utz genezakek ere. Hori izango lukek zuhurrena. Nahikoa lukek ikaskide bakoitzak bere ekarria egitea Basini mila puskatan txikitzeko. Orokorrean gogoko ditiat horrelako jendalde-mugimenduak. Inork ez dik ezer berezirik egiten, eta hala ere hor zoazak olatuak gero eta gorantzago, tupust egindakoan buru guztiak estali arte. Ikusiko duzue nola inor ez mugitu arren egundoko ekaitza egongo den. Horrelako eszenak antolatzea aparteko plazera duk niretzat.

        — Baina nola hasi nahi duzue?

        — Esan bezala, nahiago nikek hori geroko utzi; oraingoz konformatuko nindukek bera estutzearekin —mehatxu edo astinduen bidez—, berriz ere guztiari baiezkoa eman arte.

        — Zeri? —jaregin zuen Törlessek. Bekoz beko begiratu zioten elkarri.

        — Tira, ez itxurak egin; ongi aski zekiat jakinaren gainean hagoela.

        Törless isilik geratu zen. Zer edo zer ote zekien Reitingek benetan?... ala haztamuka ari zen?

        — ... honez gero; Beinebergek esango zian norainokoak onartu dituen Basinik.

        Törlessek arnasa hartu zuen, arindurik.

        — Zer dela-eta begi harritu horiek? Orduko hartan horrelaxe jarri zitzaizkian ere, eta ez duk inolaz ere horren makurra. Gainera Beinebergek aitortu zidak berak ere berdintsu jokatzen duela Basinirekin.

        Hori esatean Reitingek begiratu bat egotzi zion Beinebergi, imintzio isekariz. Hori bai zela beste norbaiti zango artekoa egiteko modu agerikoa eta disimulurik gabea!

        Baina Beinebergek ez zuen tutik erantzun; lehengo jarrera gogoetatsuan iraun zuen jesarrita, begiak ia hetsita zituelarik.

        — Hara, ez huke nahi heure proposamena plazaratu?! Ideia zoro bat bururatu berri zaiok, Basiniri buruzkoa, eta gauzatu egin nahi dik beste edozeri ekin aurretik. Eta benetan dibertigarria duk.

        Beinebergek serio eusten nion; Törlessi begiratu irmoa egotzi eta hauxe esan zuen:

        — Gogoratzen haiz behinola hitz egin genuenaz, berokien atzean jesarrita egon ginenean?

        — Bai.

        — Ordutik hona ez diat berriro horretaz hitz egin, hizketa hutsak ez dik-eta inolako helbururik. Baina —sinets iezadak gogoetak egin ditiat sarritan. Reitingek oraintxe esan dian hori ere egia duk. Basinirekin egin duena neuk ere egin diat. Agian zertxobait gehiago. Horregatik hain zuzen, sinesten nuelako —orduan esan nianez— sentsualtasunerako atari zuzena izan zitekeela. Saiakera izan zuan. Ez nian bestelako biderik ezagutzen bilatzen nuenerako. Baina plan gabetasun horrek ez dik zentzurik. Gau ugari eman ditiat gogoetak egiten horren ordez zerbait sistematikoa nola antola daitekeen bilatuz.

        Uste diat orain aurkitu dudala, eta saiakera egingo diagu. Orain ikusiko duk zeinen oker egon hintzen halako hartan. Munduari buruz baieztatzen den guztia ez duk segurua, dena bestelako moduan gertatzen duk. Garai hartan horren iruntzia baino ez genian ezagutu, zeren azalpen naturala bere oinetan bertan trebukatu egiten zuan arakatzen genituen lekuetan, baina orain espero diat aurkia erakutsi ahal izatea: bestaldea!

        Reitingek te-kikarak banatu zituen; hori egiteaz batera kolpe alaitsua eman zion Törlessi.

        — Adi egon. Txukuna duk benetan honek bilbatu duena.

        Baina Beinebergek lanpara amatatu zuen mugimendu arin batez. Iluntasun horretan bakarrik ikus zitekeen labexkako alkoholezko sugarrek hiru buruen aldera jaurtikitzen zuten argi urdinxka eta dardaratia.

        — Itzali diat lanpara, Törless, gisa horretan hobeto hitz egiten delako honelako gauzez. Eta hi, Reiting, nigatik lo egin dezakek, sakonago ez ulertzeko bezain ergela baldin bahaiz.

        Reitingek barre alaiak egin zituen.

        — Gogoan duk, beraz, gure elkarrizketa. Hik heuk kausitu huen orduan berezitasun txiki hura matematikan. Adibide hori, zeinaren arabera gure pentsamendua, zoru sendo eta segurua eduki beharrean, zulo anitzen artetik ibiltzen baita. Begiak hertsi, une batez bizitza eten eta oztoporik gabe agertzen gaituk beste aldean. Egia duk etsirik egon behar genukeela aspalditik, hain dituk-eta ugari horrelako amildegiak gure jakintzaren alor guztietan, hain ziruditek zati isolatuak hondorik gabeko ozeanoan galduta.

        Baina ez gaudek etsirik, aitzitik, zoru sendoan bezain seguru sentitzen gaituk. Sentimendu ziur eta jakin hori ez bageneuka geure buruaz beste egingo genikek, etsi-etsian egongo ginatekeelako gure adimenaren gabeziengatik. Sentimendu horrek atergabe laguntzen eta elkartzen gaitik, eskutik heltzen ziok uneoro gure adimenari, ume txikia bailitzan babestuz. Horretaz jabetuz gero ezin diagu ukatu arimaren existentzia. Gure bizitza izpirituala aztertu eta gure adimenaren gutxiegitasuna onartzeaz batera sentitu egiten diagu. Sentitu egiten diagu —ulertzen?—, zeren sentimendu hori izan gabe pot egingo baikenuke zaku hutsen gisara.

        Ahaztuta diagu sentimendu honi garrantzirik ematea, baina hala ere zaharrenetakoa duk. Horren jakitun zituan zenbait herri orain dela milaka urte, elkarrengandik milaka milia urrunduta bizi izan arren. Eta horren jakitun izanik ezin uka zitzakeagu gama horrek. Baina ez haut hitzekin konbentzitu nahi; beharrezkoena esango diat soilik, guztiz prestatu gabe egon ez hadin. Dagokion froga egintzek ekarriko ditek.

        Arima existitzen dela onartzen baduk, orduan erabat logikoa duk gure ahaleginik sutsuenak horretara zuzentzea, hau da, harekin galdutako lotura berreskuratzera, haren konfiantza berriz izatera, haren indarrak hobeto erabiltzen ikastera, lo sakonean dirauen haren energia naturaz gaindikoa geureganatzera.

        Hori guztia posible duk, behin baino gehiagotan lortu izan duk eta: mirariak, sainduak eta Indiako jainko-argikusleak gertakari horien egiaztapen garbiak dituk.

        — Entzun ezak —eten zion Törlessek—, sinesmen horietan barneratu haiz heure hitzekin. Horretarako lanpara itzali behar izan duk. Hitz egingo al huke modu berean besteen artean jesarrita bageunde, geografia edo historia ikasten, edo etxerako gutunak idazten, lanparetako argi biziak piztuta eta beharbada prefektua bankuen artean bueltaka izanik? Ez hioke iritziko bitxi samar heure hitzei, arranditsu nolabait, guri baino zortziehun urte atzeragoko bizitzari egokituko balitzaizkio bezala?

        — Ez, nire Törless maitea, gauza berbera baieztatuko nikek. Gainera horixe duk hire hutsegitea, begiak beti besteengan jartzea; burujabetasun falta nabaria duk. Etxerako gutunak idaztea! Horrelakoetan gurasoak dituk gogoan! Nork esaten dik gai direla guri hor jarraitzeko? Gazteak gaituk, belaunaldi bat geroagokoak, litekeena duk haiek bizitza osoan sumatu ere ez dituzten hainbat gauza guretzat gorderik egotea. Behintzat nik horixe sentitzen diat neure baitan.

        Zertarako, ordea, solasaldi luzeak; frogatu egingo dizuet.

        Puska batean isilik egon ostean, Törlessek esan zuen:

        — Nola lortu nahi duk hire arima eskuragarri bihurtzea?

        — Horri buruzko azalpenak ez ditiat orain eman nahi, Basiniren aurrean egingo diat eta.

        — Bai, baina hori egin arte zerbait aurrera hezake.

        — Ondo zegok. Historiak erakusten dik hemen bide bakarra dagoela: norberaren baitan hondoratzea. Baina horra hor zailtasuna. Antzinako sainduek, esate baterako, artean ere arima mirarien bidez azaleratzen zenean bazeukatean helburu hori otoitz gartsuen bitartez lortzea. Arima bestelakoa zuan garai hartan, zeren gaur egun bide horrek porrot egiten baitu. Gaur ez zekiagu zer egin behar ote dugun; arima bestelakotu egin duk, eta bitarteko aldian ez zaiok, zorigaitzez, behar bezalako arreta eskaini eta elkarlotura desagertua duk modu berreskuraezinean. Bide berria gogoetarik artatsuenen bitartez aurki daitekek soilik. Horretan jardun diat buru eta bihotz aspaldion. Nire ustez hipnosiaren laguntzaz iritsiko gintuzkek hurbilen. Hori saiatu gabea duk orain arte. Horrekin prestidigitazio emanaldi arruntak baino ez duk egiten normalean, ez baitira inoiz saiatu metodo horiek goragoko eginkizunetara bideratzen. Nire aldetik, esango diadan azken gauza zera duk: ez diat Basini aipatutako modu ohiko horretaz baliaturik hipnotizatuko, baizik eta neure metodoaren arabera, zeina, oker ez banago, Erdi Aroan erabili ohi zenaren antzekoagoa baita.

        — Ez da bikaina gure Beineberg? —barre egin zuen Reitingek— mundu-amaieraren gaineko profezien garaian bizi izan balitz sinetsiko zukeen munduak beraren magiari esker iraun zuela bizirik.

        Iseka hori entzundakoan Törlessek Beinebergi begiratu eta konturatu zen honek aurpegia erabat zurrun eta arreta amorratuan desitxuratuta zeukala. Hurrengo liparrean sentitu zuen atzamar izoztuek oratzen zutela. Törless ikaratu egin zen egundoko asaldura horregatik; gero iraungi zen harrapatuta zeukan eskuaren atezua.

        — O, ez duk ezer izan. Pentsamendu bat soilik. Uste izan diat zerbait berezia bururatuko zitzaidala, nola egin behar den argituko zuen seinaleren bat...

        — Entzun ezak, pittin bat hunkiturik hago benetan —esan zuen Reitingek alaikiro—, lehen burdinazko tipoa hintzen eta jolastzat hartzen hituen horrelako gauzak; orain, berriz, emakume txoro baten gisara jokatzen duk.

        — Tira ba... Hik ezin duk irudikatu ere egin zer esan nahi duen horrelako gauzen gaineko ezagupen hurbila edukitzeak, egunez egun horretaz jabetzearen atarian egoteak!

        — Liskarrik ez —esan zuen Törlessek, aste gutxiren buruan askoz ere irmoago eta ausartago bihurtua baitzen—, nigatik norberak egin dezala nahi duena; ez diat ezer sinesten. Ez hire tormentuak, Reiting, ezta Beinebergen itxaropenak ere. Eta nire aldetik ez zekiat zer esan. Asmatzen duzuenaren zain nagok.

        — Noiz orduan?

        Erabaki zuten bi gau geroago antolatzea.

 

 

        Törlessek ez zien inongo oztoporik jarri. Egoera berri horretan guztiz hoztuta zeukan Basinirenganako bere sentimendua. Zorioneko irtenbidea izan zen hori, zeren horrela askatu baitzen behingoan ahalkearen eta antsiaren arteko kulunkatze-egoera horretatik, zeinetik Törlessek ezin izan zuen bere indarrak soilik baliatuz irten. Orain behintzat garbia eta zuzena zen Basinirekiko okaztadura, harentzat planeatutako umilazioek bera ere kutsatzerik baleukate bezala.

        Horrezaz gain arduragabe zebilen eta ez zuen gogorik ezer seriotan pentsatzeko; batik bat garai batean hainbeste kezkatu zuen horretan.

        Baina Reitingekin batera ganbarako eskaileran gora abiatu zeneko —Beineberg lehentxeago igoa zen Basinirekin— behin batean edukitakoaren oroitzapena bizitu zitzaion barnean. Sartuta zituen buruan Beinebergi egoera hartan aurpegiratu zizkion hitzak, eta irrikatzen zuen orduko kemen hura berreskuratzea. Duda-mudatan eusten zien urratsei maila bakoitzean. Baina ez zitzaion itzultzen aspaldiko ziurtasun hura. Ordukoan izandako pentsamendu guztiak gogoratu zitzaizkion, baina bazirudien berarengandik urrun samar igarotzen zirela, behinola pentsatutakoaren itzalezko irudiak bailiren.

        Azkenik, barnean ez zuenez ezer aurkitzen, jakin-mina kanpotik etorri behar zuten gertaerei lotu eta aurrera egin zuen.

        Urrats presatiekin Reitingen atzetik arin abiatu eta azken mailak igo zituen.

        Burdinazko ateak kirrinka egin eta haien atzean ixteaz batera sentitu zuen, hasperen eginez, ezen Beinebergen asmoa hitzontzi baten jolas hutsa zela, baina aldi berean zerbait sendarra eta hausnarketetan oinarritua; bere buruan, aldiz, dena nahasmendu opakuan zeukan.

        Zeharka luzatutako gapirio bat jesarlekutzat hartu eta antzokietan ohiko den itxaronaldi jorantsuzko atezuan gelditu ziren.

        Beineberg jadanik han zegoen Basinirekin.

        Egoerak ezin egokiago zirudien haren asmoetarako: iluntasunak, aire minduak eta ur-kupelei zerien usain ustelak eta gezaminak lo egiteko gogoa eta ondoren berriz esnatu ezinaren sentsazioa sortzen zuten, geldotasun nekatu eta nagikoa.

        Beinebergen aginduz, Basinik arropak erantzi zituen. Biluztasunak zohardura urdinxka eta gozakaitza zeukan ilunpean, eta ez zuen inolako kitzikapenik eragiten.

        Supituki Beinebergek errebolberra sakelatik atera eta Basiniren kontra bermatu zuen.

        Reiting bera ere aurrera oldartu zen izututa, edozein unetan tartera jauzteko prest.

        Baina Beinebergek irribarre egin zuen. Nabarmenki desitxuraturik, ez nahiak, baizik eta nolabaiteko hitz fanatikoen bulkadak ezpainak muturretara mugitu balizkio bezala.

        Basini belaunetan amildurik zegoen, perlesiak jota bailegoen, eta beldurrak hartutako begiekin armari so zegoen finko.

        — Altxa hadi —agindu zion Beinebergek— agintzen diadan guztia zehatz-mehatz betetzen baduk ez zaik kalterik gertatuko; protesta hitz ñimiñoenaz enbarazurik eginez gero, ordea, tiro egingo diat. Ez ahaztu hori!

        Edozein kasutan, hil egingo haut, baina beti izango duk bizitzara berriz etortzea. Heriotza ez zaiguk uste duan bezain arrotz; egunero hiltzen gaituk: loaldi sakon eta ametsik gabean.

        Irribarre nahasiak Beinebergen ahoa makurtu zuen berriz.

        — Belaunika hadi hor gainean —altuera erdian gapirio zabal eta horizontal bat zihoan— horrelaxe, erabat zutik, egon guztiz tente eta estutu bizkarra. Eta orain begiratu gorantz, urrunerantz; baina begiak kliskatu gabe, ahalik eta gehien ireki behar dituk!

        Beinebergek alkoholezko sugar bat paratu zuen bere aurrean, hain gertu non burua apur bat atzeratu behar izan zuen ikuspegi orokor bat erdiesteko.

        Ezer gutxi antzeman zitekeen, baina apur baten ondoren Basiniren gorputzak mugitzen bestearen itxura hartu zuen, hona eta hara kulunkatuz pendulu baten gisara. Isla urdinxkak haren larruazalean higitzen ziren gora eta behera. Noiz edo behin Törlessek antzeman uste izaten zuen Basiniren aurpegia, beldurrak desitxuratutako espresioaz.

        Denbora-tarte baten ostean Beinebergek galdetu zion:

        — Nekatuta hago?

        Galdera hori hipnotizatzaileen ohiko eran egin zuen.

        Gero, ahots eme eta apalduaz, azaltzen hasi zen:

        — Hiltzea gure bizimoduaren ondorioa besterik ez duk. Pentsamendu batetik bestera bizi gaituk, sentsazio batetik hurrengora. Gure pentsamendu eta sentimenduak ez dituk ur-korrontea bezain erraz isurtzen, «gainera erortzen zaizkiguk», harriak bezala erortzen zaizkiguk. Arretatsu erreparatuz gero sentitzen duk arima ez dela koloreak arian ariko urratsetan aldatzen dituen zerbait; horren ordez pentsamenduak kanpora jauzten dituk, zenbakiak bezala, zulo beltz batetik. Orain duk pentsamendu bat edo sentsazio bat, eta tupustean bestelako bat duk, ezerezetik sortua. Adi egonez gero antzeman hezake bi pentsamenduen artean dagoen une hori ere, zeinean dena beltz baitago. Zein eta une hori duk heriotza guretzat, bereganatu egiten gaituenean.

        Gure bizitza, azken finean, mugarriak jarri eta horietako batetik bestera saltoka ibiltzea besterik ez duk, egunez egun mila hiltze-segundo gainditurik. Hein batean atseden puntuan soilik bizi gaituk. Horrexegatik zioagu beldur irrigarri hori behin-betiko hiltzeari, horixe baita mugarri-gabetasun nagusia, ezin neurtuzko amildegia, zeinera denok jausten baikara. Hori duk benetan gure bizimoduaren erabateko ukapena.

        Baina bakarrik bizitza honetako ikuspegitik, bakarrik bere burua une batetik bestera sentitzen baino ikasi ez duenarentzat.

        Nik gaitz saltaria izendatu diat, eta sekretua hori gainditzean zetzak. Bizitzaren sentsazioa mantso irristatzen den zerbait bailitzan esnatu behar duk. Hori lortzen dugun liparrean heriotzatik hurbil egoten gaituk, bizitzatik bezainbeste. Ez gaituk gehiago bizirik —kontzeptuaren adiera arruntean—, baina hil ere ezin gaituk egin, zeren biziarekin batera heriotza ere ezabatu baitugu. Hilezkortasunaren unea duk, gure arima garun meharra utzi eta bere biziaren lorategi miragarrietan sartzen den unea.

        Hortaz, bete orain zehatz-mehatz nire esanak.

        Lo eragin pentsamendu guztiei, egin so finko sugar txiki honi;... ez habil pentsamendu batetik bestera... bildu arreta osoa heure barnean... Egin so finko sugarrari... hire pentsamena gero eta astiroago dabilen makina bihurtzen ari duk... gero eta... astiroago... zebilek... atergabe, puntu horretaraino, zeinean sentitzen baituk ez daukaala ez pentsamendurik ez sentsaziorik...

        Hire isiltasuna erantzuna izango duk niretzat. Begirada ez aldendu heure barnetik...!

        Iragan ziren minutuak...

        — Sentitzen al duk puntua... ?

        Erantzunik ez.

        — Entzun Basini, lortu al duk?

        Isiltasuna.

        Beineberg jaiki eta beraren itzal ahula gorantz luzatu zen, gapirioaren ondoan. Basiniren gorputza goian kulunkatzen zen nabarmenki, handik hona, isiltasunak horditurik.

        — Jira hadi alborantz —agindu zion Beinebergek— orain obeditzen duena ez duk gehiago garuna —murmurikatu zuen—, oraindik apur batean funtzionatzen badu ere, harik eta arimak ezarri zizkion aztarna guztiak iraungi arte. Arima bera nonbait zegok, bere hurrengo existentzian. Bazter utzi ditik naturaren legeek ezarritako girgiluak —Törlessi zuzendu zitzaion—, amaitu zaiok ezarrita zeukan zigorra, gorputz baten zama izatearena eta bat eginik iraunaraztearena. Konkor hadi aurrerantz Basini..., horrelaxe, poliki-poliki..., gorputza gero eta areago kanporatuz... Garunaren azken aztarna itzaltzean giharrak laxatu eta gorputz hustua gainbeheratuko duk. Edo airean eskegita geldituko duk; ez zekiat; arimak gorputza utzi dik, besterik gabe, ez duk hori ohiko heriotza, balitekek gorputzak airean eskegita irautea, zeren eta ezerk, biziaren edo heriotzaren ezein energiak, ez baitu bereganatzen... Konkor hadi aurrerantz... oraindik areago.

 

        Une horretan Basiniren gorputza, beldurragatik agindu guztiak beteak baitzituen, Beinebergen oinetara amildu zen harrabots handiz.

        Basinik garrasi egin zuen minaren minaz. Reitingek barre ozenak egin zizkion. Beinebergek, ordea, urrats bat atzera egin eta eztarriko hira-oihua bota zuen, iruzurraz konturatua baitzen. Tximista baino agudoago larruzko gerrikoa askatu, Basiniri ileetatik heldu eta amorru bizian jipoitu zuen. Ordura arte eutsitako atezua lehertu egin zen kolpe hiratu horietan. Kolpeen eraginez Basinik jaregindako txilioek txakur baten kexua ziruditen, eta zoko guztietan dardarikatzen zuten.

 

        Törlessek erabat lasai eutsi zion aurreko ikuskizuna gertatu bitartean. Galdutako sentsazioen eremura berriz eramango zuen zerbait gertatuko zelako itxaropen ezkutua izan zuen. Itxaropen zentzugabea, hori bazekien, baina bera lotzeko bezain sendoa. Orain, aldiz, dena amaituta zegoela uste zuen. Eszenak nazka ematen zion. Pentsamendurik ez; nazka hila eta sorgorra.

        Astiro altxatu eta hitzik esan gabe alde egin zuen. Guztiz mekanikoki.

        Beinebergek gogotik astintzen zuen Basini, gelditu gabe.

 

 

        Törlessek, ohean etzanda zegoelarik, hauxe sentitu zuen: amaiera da. Zerbait bukatu egin da.

        Hurrengo egunean patxadatsu ekin zien eskolako zereginei; ez zegoen ezertaz kezkatuta; Reitingek eta Beinebergek beren programa puntuz puntu eszenifikatu nahi zuten, baina Törless bidetik kanpo geratu zitzaien.

        Laugarren egunean, tartean beste inor ez zegoelarik, Basini hurreratu zitzaion. Itxura miserablea zuen, aurpegia zurbil eta zargaldurik zeukan, eta begietan beldur iraunkorreko sukarra dardaratzen zitzaion. Zeiharreko begiratu larriak eginez hitz presatiekin zizakatu zuen:

        — Lagundu behar didak! Hik bakarrik egin dezakek! Ezin diat luzaroago jasan nola torturatzen nauten. Aurreko guztiari eutsi zioat..., baina orain hiltzeraino joko naitek!

        Törlessi gogaikarri gertatu zitzaion berehala erantzutea. Azkenez esan zuen:

        — Ezin diat lagundu; hi heu haiz gertatzen zaian guztiaren erruduna.

        — Baina hain maitagarri izan hintzen nirekin orain dela gutxi.

        — Inoiz ez.

        — Baina...

        — Ahaztu hori. Ez ninduan ni izan... Amets bat... Une bateko aldartea... Ondo zetorkidak gainera hire laidoak hi nigandik urrundu izana... Ona duk niretzat...

        Basinik burua jaitsi zuen. Sentitu zuen etsipen gris eta margulen itsaso bat tartekatua zela beraren eta Törlessen artean... Törless hotz zegoen, bestelakoa zen.

        Orduan belaunetara oldartu, zorua buruaz jo eta garrasika hasi zen:

        — Lagun nazak! Lagun nazak!... Lagun nazak, jainkoarren!

        Törless zalantzan egon zen apur batean. Ez zeukan Basini laguntzeko gogorik, baina sentitzen zuen haserrea ere ez zen bestea bidaltzeko bezain bortitza. Hortaz, egokien iritzi zion honakoa esateari:

        — Igo hadi gaur gauean ganbarara; berriro hitz egin nahi diat hirekin horri buruz.

        Baina berehalaxe damutu zen hori esan izanaz.

        «Zertarako gala berriz astindu?», bururatu zitzaion, eta gogoetatsu esan zuen:

        — Baina ikusi egingo haute; ezinezkoa duk.

        — O ez, azken gauean goizaldera arte egon zituan nirekin; gaur lo egingo ditek.

        — Nigatik ados, hortaz. Baina ez laguntzarik espero nire aldetik.

 

        Törlessek gogoz bestera onartu zuen Basinirekin biltzea. Izan ere, ez zuen ikusten barneko ezer berririk aurkitzeko aukerarik. Soilik pedantekeria mota batek, hasiera-hasieratik itxaropenik sortzen ez zuen zehazkizun setati batek, gertakariekin berriro ere haztamuka jardutera akuilatu zuen.

        Beharrezkotzat jotzen zuen horrekin ahalik eta arinen amaitzea.

        Basinik ez zekien nola jokatu behar zuen. Hain zegoen jipoituta non ozta-ozta ausartzen zen mugitzera. Bazirudien nortasunaren ezaugarri guztiak alde eginak zirela harengandik; azken aztarnak begietan biltzen ziren soilik, eta Törlessi atxikitzen zitzaizkion erregu izutuan.

        Hau besteak zer egin zain zegoen.

        Azkenean Törlessek hautsi zuen isilunea. Agudo hitz egin zuen, gogaiturik, hainbat aldiz egindako zerbait formaltasun hutsagatik errepikatu behar denean bezala.

        — Ez diat lagunduko. Egia duk denbora luzez interesa izan nuela higan, baina orain amaituta zegok. Morroi gaizto eta koldarra besterik ez haiz, benetan. Hori baino ez. Zerk lot nintzake oraindik hirekin? Lehen uste izaten nian bestelako hitz edo sentsazio batek deskribatuko hinduela. Baina ez zegok benetan ezer deskribagarriagorik hi gaiztoa eta koldarra haizela esatea baino. Erraza duk, ez ziok ezer, baina horixe duk esan daitekeen gauza bakarra. Ahaztu egin diat lehen higandik nahi nuen bestelako hori, hire erregu lizunekin estutzen hasi hatzaidanetik. Puntu bat aurkitu nahi nian, higandik urruna, hortik hiri begiratzeko... horixe izan zuan higanako nire interesa; hik heuk suntsitu egin duk;... aski duk, ordea, ez diat hiri zertan azalpenik eman. Bakarrik azken galdera bat: Nola sentitzen haiz orain?

        — Nola sentituko nauk ba? Ezin zioat gehiago eutsi.

        — Oso gogor hartzen haute orain eta mingarri gertatzen zaik?

        — Bai.

        — Baina mingarri soilik? Pairatzen duala sentitzen duk, eta ihes egin nahi diok? Hain erraz, konplexutasunik gabe? Basinik ez zuen erantzunik aurkitu.

        — Ondo zegok, bide batez galdetzen diat, zehaztasun gutxirekin. Baina horrek ez dik axolarik. Ez zeukaat hirekin zerikusi gehiagorik; esana diat. Hirekin ez diat pitin bat ere gehiago sentitzeko aukerarik. Egik nahi duana...

        Törlessek alde egin nahi zuen.

        Orduan Basinik arropak erantzi eta Törlessengana oldartu zen. Gorputza ubeldurez josita zeukan; higuingarri. Haren mugimenduak urdanga baldar batenak bezain miserableak ziren. Törlessek atzera egin zuen, nazkatuta.

        Ilunguneranzko lehen urratsa eman orduko Reiting agertu zen.

        — Zer da hau, ezkutuko elkarrizketak Basinirekin?

        Törlessek Reitingen begiratuari jarraitu eta Basini ikusi zuen berriro. Zutik zegoen lekua ilargiaren izpi batek argiztatzen zuen, sabaileiho zabal batetik sartzen baitzen. Zohardura urdinxkak inguratutako larruazalak, zaurizko orbanez estaliak, legenardun batena ematen zuen. Mekanikoki Törless egonaldi hori zuri zezakeen aitzakia baten bila saiatu zen.

        — Berak eskatu zidak.

        —Zer nahi du?

        — Nik babestea.

        — Benetan? Ba egokiena hautatu dik.

        — Beharbada egingo nikek, baina erabat gogaikarri zeritzoat orain istorio honi.

        Reitingek begiak goratu zituen, higuinak eraginda, eta gero Basinirengana abiatu zen amorru bizian.

        — Irakatsiko diagu gure kontrako azpikeriak antolatzen! Törlessek, hire aingeru zaindariak berak, ikusi eta horrekin gozatzea izango dik.

        Ordurako Törless alde egiten hasia zen, baina beraren kontra hain garbiki zuzendutako makurkeria horrek geldiarazi zuen pentsatu gabe.

        — Entzun, Reiting, ez diat horrelakorik egingo. Ez diat inolako asmorik honetan nahastuta jarraitzeko; higuingarri zeritzoat.

        — Bat-batean?

        — Bai, bat-batean. Zeren lehen zerbait bilatzen nian honen atzean...

        Zergatik jabetuko ote zen hori berriro beraz...?

        — Aha, bigarren aurpegia.

        — Bai horixe; baina orain ikusten diat hi eta Beineberg bihozgabeko anker hutsak zaretela.

        — O, ikusiko duk Basinik zarama nola jaten duen —esan zuen Reitingek txantxetan.

        — Ez diat inolako interesik horretan.

        — Baina lehen bai...!

        — Esan diat, soilik Basiniren jarrera niretzako asmakizuna izan zen bitartean.

        — Eta orain?

        — Orain ez zegok niretzako asmakizunik. Gauzak gertatu egiten dituk: horra jakintza osoa.

        Törless harritu egin zen desagertutako sentsazioetara hurbiltzen zuten metaforak bat-batean berriz ere bururatzeaz. Eta Reitingek, isekari, «ba ez duk urrunera joan beharrik jakintza hori aurkitzeko» esan zuenean nagusitasunaren amorruzko sentimendua lehertu zen beraren balean, hitz gogorrak ahoratuz. Hainbeste mesprezatu zuen Reiting une horretan non gogokoen izango zukeen oin azpian zapaltzea.

        — Atsegin dituk isekak; baina egiten duzuena zentzugabeko tormentu hutsal eta nazkagarria baino ez duk!

        Reitingek zeiharka begiratu zion Basiniri, dena entzuten ari baitzen.

        — Hobe huke ez jarraitzea, Törless!

        — Nazkagarria, zikina; entzun duk!

        Orduan Reiting ere harrotu egin zen.

        — Debekatzen diat Basiniren aurrean gu iraintzea!

        — Zer demontre. Hik ez duk ezer debekatzerik! Denbora agortuta zegok. Garai batean errespetua nizuen; orain, aitzitik, nire kontra zaudetela ikusten diat. Zoro alu, higuingarri eta basati horiek!

        — Ahoa hertsirik eduki, osterantzean...!!

        Reitingek Törlessi eraso beharrean zirudien. Törlessek atzerako urrats bat eman zuen, eta oihukatu zion:

        — Uste duk zartadaka hasiko naizela hirekin? Hor zegok Basini horretarako. Egin harekin nahi duana, baina ni bakean utzi!!

        Reitingi egurra eman baino zerbait hobea bururatu zitzaion, antza zenez, eta alboratu egin zen. Ez zuen ezta Basini ere ukitu. Baina Törlessek, ezagutzen baitzuen, bazekien bizkarrean arrisku makur batek mehatxu egiten ziola.

 

 

        Handik bi egunera, bazkalondoan, Reiting eta Beineberg Törlessengana inguratu ziren.

        Honek asmo makurra igarri zien begietan. Agerikoa zen profezien porrot irrigarriak iraungi gabe zirauela artean Beinebergen gogoan, eta Reiting aritua zen nonbait hori areagotzen.

        — Entzun dudanez iraindu egin gaituk. Gainera Basiniren aurrean. Zer dela eta?

        Törlessek ez zuen erantzunik eman.

        — Badakik ez dugula horrelakorik onartzen. Hi izan haizenez, ordea, eta hire ateraldi apetatsuetara ohituta gaudenez, ez diagu seriotan hartuko, ez diagu gala astintzeko asmorik. Baina bazegok egin behar duan zerbait.

        Hitz lagunkoi horiek gorabehera zerbait makurra nabaritzen zen Beinebergen begietan.

        — Basini etorriko duk gaur gauean gelatxora; zigortzeko asmotan gaituk hi gure kontra zirikatzeagatik. Irteten ikustean jarrai iezaguk.

        Baina Törlessek ezetz esan zuen: — Egin dezakezue nahi duzuena; ni, aldiz, jokotik kanpo utzi behar nauzue.

        — Basini gozatu nahi diagu gaur gauean ere, bihar klasekoen eskuetan utziko diagu, zeren matxinatzen hasia baita.

        — Egin nahi duzuena.

        — Heu ere hor izango haiz.

        — Ez.

        — Heure aurrean ikusi behar dik, hain zuzen, ez dagoela ezer gugandik babes dezakeenik. Atzo bertan uko egin zioan gure aginduak betetzeari; jipoitu genian ia hiltzeraino, baina bere teman iraun zian: Bitarteko moraletara jo behar diagu berriz, lehen hire aurrean eta geroago klase osoaren aurrean umiltzeko.

        — Ez diat parte hartuko!

        — Zergatik?

        — Hargatik.

        Beinebergek arnasa hartu zuen; pozoia ezpainetan bildu nahi zuelako itxura zuelarik Törlessen pare-parean jarri zen.

        — Benetan uste duk ez dakigula zergatik? Uste duk ez dakigula noraino joan diren hire harremanak Basinirekin.

        — Ez zuenak baino urrunago.

        — Hara, eta horregatik aukeratu hau heu zaindari? Zer? Higana eta ez beste inorengana bideratuko zuen bere konfiantza? Horren ergeltzat ez gaituk ba hartuko?

        Törless amorratu egin zen:

        — Jakin nahi duzuena, baina ni utzi orain bakean zuen istorio nardagarri horiekin.

        — Zakartuko al haiz berriro?!

        — Nazka ematen didazue! Zuen zantarkeria zentzugabea duk! Horixe duk higuingarria zuengan!

        — Entzun ezak orduan. Eskerrona zor diguk hainbesterengatik. Hire maisuak izan gaituk. Pentsatzen baduk, hala eta guztiz, gure gainetik nagusi haitekeela, guztiz oker hago. Etorriko haiz gaur gauean, bai ala ez?

        — Ez!

        — Törless maitea, gure kontra matxinatzen bahaiz, etorri beharrean, ez haiz Basini baino hobeto ibiliko. Badakik zer nolako egoeran aurkitzen den Basini. Hori nahikoa duk. Guk gehiago edo gutxiago egin izanak gutxi lagunduko dik. Dena erabiliko diagu hire kontra. Hain haiz horrelakoetan ergela eta erabakiak hartzeko ezgauza non nekez izango baituk heure burua defendatzerik.

        Hortaz, ez baduk garaiz asmoa aldatzen, Basiniren sopikun bezala aurkeztuko haugu klasean. Babes hazala berak orduan. Ulertzen?

        Mehatxu-uholde hori, bai Beinebergek, bai Reitingek, bai biek aldi berean jaurtikitakoa, ekaitzaren zaratots oldartsuarekin iragan zen Törlessen gainetik. Biek alde egindakoan begiak igurtzi zituen, ametsetan egon bailitzan. Baina ongi ezagutzen zuen Reiting; amorruzko aldartean gai zen zitalkeriarik gaiztoenak burutzeko, eta, agi zenez, Törlessen irainek eta matxinatzeak sakon zauritu zuten. Eta Beineberg? Itxuragatik esan zitekeen urtez urte gordetako gorrotoak dardarazten zuela... eta horren arrazoia zen Törlessen aurrean irrigarri geratu izana.

        Halarik ere, zenbat eta gertaerak gainean tragikokiago pilatzen zitzaizkion, orduan eta axolagabeago eta mekanikoago irizten zien Törlessek. Beldur zien mehatxuei. Hori bai; baina ez beste ezeri. Arriskuak errealitatearen zirimolaren erdira eraman zuen.

        Etzan zen ohean. Ikusi zituen Beineberg eta Reiting alde egiten, baita Basiniren urrats nekatuak arrastaka pasatzen ere. Baina bera ez zen joan.

        Nolanahi ere, irudikapen ikaragarriek torturatzen zuten. Gurasoak gogoratu zituen, aspalditik nabaritzen ez zuen samurtasunaz. Sentitzen zuen zoru lasai eta segurtatu horren beharra zeukala, ordura arte estualdiak baino sortu ez zizkion barneko hura sendotzeko eta zentzatzeko.

        Baina zer ote zen barneko hura? Ez zeukan betarik hori hausnartzeko, ezta gertaeren gaineko gogoetak egiteko ere. Joran grinatsu bat sentitzen zuen soilik, egoera nahasi eta ordenarik gabe horretatik irteteko; sosegurako eta liburuetarako jorana zeukan barnean, bere arima lur beltza bailitzan, eta haren azpian ernamuinak mugitzen hasita baileuden, inork jakin gabe nola loratuko ote ziren. Lorazain baten irudiak mende hartu zuen, zeinak baratza modu bare eta itxaropentsuaz goizero ureztatzen baitu. Irudi hori ez zitzaion iraungitzen, eta haren segurtasun itxaropentsuak joran osoa biltzen zuelako itxura zuen. Horrela etor liteke soilik! Horrela soilik!, sentitu zuen Törlessek, eta horra nola, beldur zein hausnarketa guztiak gainditurik, ahalegin guztiak arima aldarte hori eskuratzera bideratu behar zituelako konbentzimendua jabetu zen beraz.

        Garbi ez zeukana zen hurrena zerk gertatu behar zuen. Zeren eta, guztiaren gainetik, sakontasun baketsurako joran horrek areagotzen baitzion zain zituen azpikerien aurreko izu-larria. Benetako beldurra zion zelatan zeukan mendekuari. Izan ere, horiek biak benetan saiatuz gero bera klasearen aurrean kalumniatzen izugarrizko energi gastua ekarriko baitziokeen horren kontrako lana burutzeak, eta horrexek min ematen zion jadanik, aldez aurretik. Eta orduan, nahasmen horretaz zein asmo eta borondate-indar arrotzen kontrako balio handirik gabeko borroka horretaz pentsatze hutsak eragindako nazkak gorputz guztia kurritzen zion.

        Une horretan gogoratu zitzaion etxetik aspaldian jasotako gutun bat. Berak gurasoei igorritako beste baten erantzuna zen, zeinean, zekien modurik hoberenean, garai hartako bere arimaren egoera berezien berri ematen baitzien, sentsualtasunaren episodioa gertatu baino lehenagokoak. Erantzuna nahikoa arrunta izan zen, betiko gisan, etika zuzen eta gogaikarriz josia, eta aholkua ematen zion Basini bere burua salatzera bultza zezan, modu horretan amaiera emateko menperatuta zeukan grina ez-duin eta arriskutsu hari.

        Gutun hori Törlessek beste behin irakurriko zuen, geroago, gelatxoko izara bigunetan, Basini alboan biluzik zuelarik. Eta aparteko plazeraz hornitu zuen hitz astun, sinple eta motelak mingainean urtzen uzteak, horren bitartean pentsatzen baitzuen ezen gurasoak beren existentziaren egun-argi distiratsuaren kariaz itsututa zeudela iluntasun horretan, zeinean bere arima, unetik unera, katu basa eta malgu baten eitean uzkurtzen baitzen.

        Baina gaur, berriro gogoratu orduko, zeharo bestelako moduan luzatzen zuen eskua pasarte hartarantz.

        Lasaitasun atsegina hedatzen zitzaion barnean, esku irmo eta onbera baten ukitua sentituko balu bezala. Erabakia une horretan bertan hartu zuen. Pentsamendu bat piztu zitzaion lipartxo batean, eta ezbairik gabe oratu zuen, nolabait gurasoen babespean.

        Esna iraun zuen, hirurak itzuli ziren arte. Gero zain egon zen, harik eta arnasketa berdindua entzunik lotan zeudela jakin zuen arte. Orduan agendatik orri bat arrapaladan hartu eta hona zer idatzi zuen, gaueko lanpararen argi motelean, letratzar dardaratietan:

        «Bihar klasearen eskuetan utziko haute, eta izugarrizkoak dituk hire zain. Duan irteera bakarra heure burua zuzendariari salatzea duk. Edozein kasutan jakitera iritsiko lukek, baina ordurako erdi hilik egongo hintzateke jipoien ondorioz.

        Egotzi dena R.i eta B.i eta ni ez aipatu.

        Ikusten duk salbatu nahi haudala.»

        Idatz-ohar hori Basiniri sartu zion eskuan, lotan baitzegoen.

        Ondoren bera ere loak hartu zuen, kitzikapenak unaturik zeukan eta.

 

 

        Hurrengo eguna, zirudienez, epetzat eman nahi zioten oraindik Reitingek eta Beinebergek Törlessi.

        Basiniren egoera, aldiz, gero eta larriagoa zen.

        Törlessek ikusi zuen nola Beineberg eta Reiting klasekideei inguratzen zitzaizkien banan-banan, eta nola taldeak osatutakoan suhartasunez txutxu-mutxuka aritzen ziren.

        Artean ez zekien Basinik idatz-oharra aurkitua zuen ala ez, ez baitzuen berarekin hitz egiteko egokierarik izan, zelataturik sentitzen zen eta.

        Hasieran beldur zen ez ote ziren berari buruz ere arituko. Baina hain zegoen zorigaitzak geldiarazita, arriskua gertu izanik, non dena hurreratzen utziko zukeen buru egin gabe.

        Geroxeago, berriz, bera ere taldeetako batean nahastu zen, beldurti, edozein unetan beraren kontra azalduko zirela sinetsirik.

        Baina ez zion inork ere erreparatu. Momentuz Basinik zeukan lehentasun osoa.

        Kitzikapenak gora egin zuen. Törlessek nabari zezakeen. Zitekeena zen Reitingek eta Beinebergek gezurrak gaineratu izana ere...

        Aurrena irribarreak izan ziren, gero begiratu serio eta makurrak zuzendu zizkioten Basiniri, eta azkenik isiltasun goibela, beroa eta apeta ilunez hornitua nagusitu zen klasean.

        Halabeharrez jaiegun bateko arratsaldea zen.

        Denak bildu ziren atzealdeko kutxatilen ondoan; orduan, hurbiltzeko agindu zioten Basiniri.

        Beineberg eta Reiting alde banatan jarri zitzaizkion, bi bezatzaile bailiren.

        Biluzarazteak, bitarteko beti arrakastatsuak, guztien dibertimendua eragin zuen, ateak itxita eta jagoleak jarrita zituztelarik.

        Reitingek Basiniren amak semeari idatzitako gutun sorta bat zeukan eskuan, eta irakurtzeari ekin zion. «Nire umetxo laztana...»

        Orro gisako barre-algarak.

        «Badakik alarguntsa izateagatik dagokidan diru apurretik...

        Barre lotsagabeak, murrika geldiezinak egin zituen jendaldeak. Reitingek irakurtzen jarraitzeko asmoa zuen. Supituki norbaitek bultzatu zuen Basini. Tupust egin zuen beste norbaiten kontra, eta honek, erdi txantxetan erdi suminduta, lehengoaren kontra bultzatu zuen atzera. Orduan hirugarren batek ere jo zuen. Brastakoan Basini gelako alde batetik bestera jaurtikitzen hasi ziren —biluzik eta ahoa beldurraren eraginez erabat zabalik zeukala—, pilota zurrunbilotsua bailitzan, guztien barre, oihu alaitsu eta sakaden artean, halako moldez non bankuetako ertz zorrotzetan zauritu zen, ondoren erori, belaunak odoltzeraino zarrastaturik, eta azkenean pot eginda amildu zen, odoleztaturik, hautsez zikindurik, begiak kolorge eta animalia itxurakoak zituela, isiltasuna une batez nagusitzen zen bitartean, zoruan etzanda ikustearren denak aurrerantz oldartzeaz batera.

        Törlessek zirgit egin zuen. Mehatxu ikaragarriaren ahalmena ikusi berri zuen aurrez aurre.

        Gainera artean ez zekien zer egingo ote zuen Basinik.

        Hurrengo gauean asmoa zuten Basini ohe bati lotzeko, eta erabakita zegoen esgrimako ezpatez jipoituko zutela.

 

        Baina, guztien harridurarako, goizean goiz zuzendaria azaldu zen ikasgelan. Harekin batera klaseko arduraduna eta bi irakasle. Basini ikasgelatik atera eta gela berezi batera eraman zuten.

        Zuzendariak, berriz, hitzaldi sumin bati ekin zion gertatutako basakeriengatik, eta ikerketa zorrotza agindu zuen. Basinik salatua zuen bere burua.

        Norbaitek emango zion zain zeukanaren berri.

 

 

        Törlessen kontra ez zuen inork susmorik agertu. Isilik jarraitu zuen jesarrita, bere barnean murgildurik, horrek guztiak berarekin zerikusirik ez bailuen.

        Ez Reitingek ezta Beinebergek ere ez zuten salataria bera izan zitekeelako susmorik izan. Haren kontrako mehatxuak ez zituzten ezta beraiek ere seriotan hartu; azaleratu bazituzten bera kikiltzearren egin zuten, beren nagusitasuna nabarmen uzteko, bai eta beharbada haserrearen ondorioz ere. Orain, aldiz, amorrua iraungi eta gero, ez zuten horretaz gehiago pentsatzen. Horrez gain, Törlessen gurasoei zor zieten adeitasunak burutik kenduko ziekeen haren kontrako ekintzarik burutzea. Hain zegoen garbi hori haientzat, ezen ez zuketen inolako ekinbiderik susmatuko haren aldetik.

        Törlessek ez zuen damu izpirik ukan emandako urratsaz. Hor gordetzen ziren sekretutasuna eta koldarkeria garrantzirik gabeak ziren lortutako askapen osoko sentsazioaren aldean. Hori erabat argi eta garbi zekusan orain, kitzikapen guztien ostean.

        Ez zuen esku hartu etortzeko zenaren gainean toki orotan piztu ziren ohiko elkarrizketa sutsuetan; patxadan eman zuen egun osoa.

        Iluntzeaz batera, lanparak irazeki zituztenean, bere lekuan jesarri eta garai batean ohar presatiak idazteko erabili zuen koadernoa zabaldu zuen.

        Baina ez zuen luzaroan irakurri. Orriak igurtzi zituen eskuaz, eta iruditu zitzaion lurrin fina zeriela, gutun zaharrei izpiliku-usaina darien moduan. Agortutako iraganaldiari eskaini ohi diogun malenkonia zen, samurtasunarekin nahastuta, eskuetan herio-loreak daramatzaten itzal samur eta zurbiletan gurekiko antzekotasun ahaztuak berriro aurkitzen ditugunean.

        Eta bazirudien ezen itzal fin eta malenkoniatsu hori, lurrin margul hori, korronte bete, epel eta zabal batean galtzen zela: Törlessi orain aurrean zabaltzen zitzaion bizitzan.

        Garapen-tarte bat bukatuta zegoen, arimak beste urte-eraztun bat bereganatua zuen, zuhaitz gaztea bailitzan; hitzik gabeko sentsazio ahaltsu horrek konpentsatzen zuen gertatutako guztia.

        Orduan hasi zen Törless oroitzapenen orriak iraultzen. Esaldi haiek, zeinen bidez gertatutakoa —bizitzaren harridura eta durduzadura anitz horiek— etsirik konstatarazi baitzuen, bizitu egiten zitzaizkion berriro, berpizteko itxura hartu eta elkarrekiko lotura irabazten zuten.

        Aurrean zituen, bide argitsu baten itxurapean, eta tentuz emandako urratsen oinatzak hor zeuden marraztuta. Baina artean zerbait falta zutela zirudien; ez pentsamendu berri bat, o ez; baina ez ziren Törless bizitasun osoz hunkitzeko bezain ahaltsuak.

        Ez zen seguru sentitzen. Eta orduan etorri zitzaion beldurra, biharamunean irakasleen aurrera joan behar baitzuen eta bere burua justifikatu. Zeretik?! Nola azalduko zien hori? Jarraitua zion bide ilun eta sekretuz bete hori. Galdetzen bazioten: zergatik ihauli duk Basini?, ezin erantzungo ziekeen: interesa nuelako nire garuneko fenomeno batean, «zerbait» bat zelako, zeinaz —hala eta guztiz— oraindik ezer gutxi dakidan, eta zeinari buruz pentsatzen dudan guztiari orain garrantzirik gabeko deritzodan.

        Urrats txiki horrek, erdietsi behar zuen izpirituzko bilakabidearen amaiera-puntutik artean bereizten baitzuen, ikaratu egiten zuen amildegi izugarriak bezala.

        Eta gaua iritsi baino lehen Törlessen aldartea kitzikapen sukartsu eta beldurrezkoa zen.

 

 

        Biharamunean, barnetegiko ikasleak itaunketara banan-banan deitu zituztenean, Törless desagertua zen.

        Aurreko arratsean ikusi zuten azken aldiz, koadernoaren aurrean jesarrita, agi zenez, irakurtzen.

        Institutu osoan bilatu zuten, Beineberg gelatxora igo zen ezkutuan begiratzera, baina ez zegoen han ere.

        Agerian geratu zen institututik ihes eginda zegoela, eta horren berri eman zioten inguruko poliziari, aurkitu eta tratu onez ekar zezan.

        Bien bitartean hasiera eman zitzaion ikerketari.

        Reiting eta Beineberg, Törlessek mehatxuen beldurrez ihesari eman ziola sinetsirik, behartuta sentitu ziren susmo guztiak harengandik uxatzera, eta gogotik defendatu zuten.

        Erru osoa Basiniri egotzi zioten, eta klaseko guztiek, batak bestearen ondoren, Basini morroi lapurra eta duintasun gabea zelako lekukotasuna eman zuten, esanez ere hobetzeko eman zizkioten asmo oneko egokiera guztiek porrot egin zutela, eta lapurretan jarraitu zuela. Reitingek baieztatu zuen onartu bai egiten zutela oker jokatu izana, baina soilik egin zutela errukiak agindu zielako ez zela bidezkoa ikaskide batek zigorrera bidaltzea harik eta irakaspen-bitarteko adiskidetsu guztiak agortuta egon arte, eta klaseko guztiek zin egin zuten berriro ezen Basinik pairatutako tratu txarrak tontorra baino ez zirela, zeren Basinik laidotzarrik zantarrenez erantzun baitzion haien nobletasunak eskainitako adeitasunari.

        Labur esateko, ongi antolatutako komedia izan zen, Reitingek maisutasunez eszenifikatua, eta hezleen belarrietan balioko ziren tonu etiko guztiak gaineratu zizkieten desenkusei.

        Basini isilik egon zen hori guztia entzun bitartean, sorgorturik. Herenegundik heriotza-ikara nagusitua zen beraz, eta itxirik eduki zuten gelako bakardadea zein ikerketaren abiada mantso eta burokratikoa askapentzat hartu zituen. Horrez gain, Reitingek eta Beinebergek ez zuten ahaztu mendekurik izugarrienaz mehatxu egitea haien kontrako adierazpenik egin ez zezan.

        Orduan ekarri zuten Törless atzera. Ahiturik eta goseak amorratzen zegoela harrapatu zuten alboko hirian.

        Haren ihesak zirudien misterio bakarra arazo guzti hartan. Guztiarekin ere, aldeko zuen egoera. Beinebergek eta Reitingek aurre-lan ederra egin zuten, azken aldian Törlessek erakutsitako urduritasuna eta haren sentiberatasun morala aipatuz, esanez horren ondorioz gaizkile sentitzen zela bera ere katastrofean, bere burua erruduntzat hartuta, hasieratik denaren jakinaren gainean izanik gertaerak salatu ez zituelako.

        Hortaz, Törlessek onginahi hunkituzko harrera izan zuen, ikaskideek aldez aurretik prestatua baitzioten bidea.

        Hala eta guztiz ere, izugarrizko urduritasunak jota zegoen, eta adierazpenetarako gai ez izatearen beldurrak zeharo unatuta zeukan...

        Ikerketa, zer aurki zezaketen sumatzen baitzuten, zuzendariaren etxebizitza pribatuan egin zuten. Zuzendariaz gain, bertan ziren klaseko arduraduna, erlijio irakaslea eta matematika irakaslea, zeinari irakasleriaren partaiderik gazteena izateagatik arauzko oharrak idazteko lana egokitu zitzaion.

        Ihesaren arrazoiaz galdeturik Törlessek ez zuen hitzik erantzun.

        Guztien partetik buru mugimendu ulerkorrak egon ziren.

        — Ongi da —esan zuen zuzendariak—, jakitun gaude horretaz. Baina esaguzu, arren, zerk bultzatu zintuen Basiniren gaiztakeria isilean gordetzera.

        Törlessek gezurtatzea besterik ez zukeen. Baina ikara moteltzen ari zitzaion. Gogo bizia sentitu zuen bere buruaz hitz egiteko eta bere pentsamenduak beste buru horietan probatzeko.

        — Ez dakit ziur, zuzendari jauna. Horren berri estreinako aldiz izan nuenean munstrokeria itzela iritzi nion,... ezin irudikatuzko zerbait zela...

        Erlijio irakasleak keinu gogobete eta arindua egin zion Törlessi buruaz.

        — Nik... nik Basiniren arimaz pentsatzen nuen...

        Erlijio irakaslearen aurpegia distiratsu jarri zen; matematika irakasleak betaurrekoak garbitu, arteztu, eta begiak kliskatu zituen...

        — Ezin irudika nezakeen halako umilazioa nola jabetu ote zen Basiniz, eta horrexegatik sentitu nintzen harenganantz erakarrita...

        — Ondo, ba, esan nahi duzu, nonbait, ikaskide horren hutsegiteak berezko higuina eragin zizula, eta gaiztakeria ikusteak liluratu zintuela, nolabait sugea aurrean ikusirik honen biktimei gertatzen omen zaien bezala.

        Klaseko arduradunak eta matematikariak, keinu bizien bitartez, egindako alderaketarekin bat zetozela aditzera eman zuten azkar.

        Baina Törlessek esan zuen:

        — Ez, egia esan ez zen higuina izan. Honelakoa izan zen ordea: neure buruari esan nion hark gaizki jokatu zuela, eta zigortu behar zutenen eskuetan jarri beharra zegoela...

        — Horixe zen egin behar zena.

        — ... Baina orduan hain berezi iritzi nion, non ez nuen inola ere zigorrean pentsatu, baizik eta guztiz bestelako ikuspuntutik harenganatu; beraz modu horretan pentsatzen nuen bakoitzean zerbait jauzten zen nire baitan...

        — Zehatzago azaldu beharko zenuke, nire Törless maitea.

        — Ezinezkoa da bestela esatea, zuzendari jauna.

        — Tira, tira. Kitzikatuta zaude; ikus dezakegu; nahastuta; esan berri duzuna oso iluna izan da.

        — Ondo bada, nahastuta sentitzen naiz; garai batean hitz hobeen bidez azal nezakeen. Baina beti heltzen naiz leku berberera, nire baitan zerbait miragarria zegoelako iritzira...

        — Ederki, baina hori ezinbestekoa da horrelako arazo batean.

        Törless pentsakor egon zen apur batean.

        — Agian honela adieraz daiteke: badira zenbait gauza gure bizitzan modu bikoitzean esku hartzen dutenak. Horrelakoen artean aurkitu nituen pertsonak, gertaerak, zoko ilunak eta hautsez beteak, murru garai bat, hotza, isila, supituki ernatzen hasten zena...

        — Baina Jainkoaren izenean! Törless, nora zoaz zure nahasmenduekin?

        Baina Törlessi plazera eragiten zion bere baitatik dena kanporatzeak.

        — ... irudimenezko zenbakiak...

        Denek begiratu zioten elkarri, eta berehalaxe Törlessi. Matematikariak eztul txiki bat egin zuen:

        — Gaineratu behar dut, adierazpen ilun horiek hobeto uler daitezen, Törless ikaslea behin batean nire bila etorri zela matematikaren kontzeptu jakin batzuk —irudimenezko zenbakiak tartean— argi niezazkion eskatuz, eskolatu gabeko arrazoimenei zailtasun nabarmenak sortarazi ahal baitizkiete. Aitortu behar dut ukaezinezko zolitasunez jardun zuela halako hartan, baina aldi berean, ageriko mania batek bultzaturik, galderak gure pentsamenaren kausaltasunean —behintzat harentzat— hutsuneak diruditen gauzetara soilik zuzentzen zituela.

        Gogoratzen zara, Törless, egun hartan esan zenuenaz?

        — Bai. Esan nuena izan zen nire ustez kasu horietan pentsamendu soila ez zela aski aurrera jotzeko, eta horren ondorioz bestelako, barneko ziurtasun baten beharra genuela mugak gainditzeko. Pentsamen soila nahikoa ez izate hori Basinirengan ere sentitu nuen.

        Zuzendaria egonarria galtzen hasi zen ikerketaren desbideratze filosofiko horiengatik, baina katekista nahikoa gogobeterik zegoen Törlessen erantzunekin.

        — Sentitzen zara, beraz —galdetu zion—, zientziatik urrunduta eta erlijiozko ikuspuntuetara eramanik? Badirudi Basinirekiko kasuan ere horrela gertatu zela —besteei zuzendu zitzaien—; agi denez badauka sentikortasun benetan harkorra moralaren eduki delikatua —gugandik harantzago baitago eta jainkozkotzat hartuko bainukeen— bereganatzeko.

        Zuzendaria behartuta sentitu zen orduan bera ere ildo horretatik esku hartzera.

        — Entzun, Törless, apaiz jaunak dioen bezala da? Joera duzu gertakarien zein gauzen atzean —zure modu orokor samarrean adieraztearren— hondo erlijioso bat bilatzeko?

        Poztu egingo zatekeen Törlessek baietz esan balu, bere juzkuari zoru sendo bat emango ziokeen eta; baina Törlessek esan zuen:

        — Ez, ez zen hori ere izan.

        — Esaguzu orduan behingoz, zabal-zabal —lehertu zen orain zuzendaria—, zer izan zen. Ezin murgil gaitezke orain horrelako azalpen filosofikoetan.

        Törless, aldiz, tematu egin zen. Nabaritzen zuen txarto hitz egin zuela, baina hala ezadostasunak nola gaizkiulertuaren ondorioz aurkitu zuen onarpenak nagusitasun arranditsuz hornitu zuten jende horren aldean, zirudienez ezer gutxi baitzekiten gizakien barne-aldarteez.

        — Ezin konpon dezaket gauzak ez izatea zuek nahi duzuen moduan. Era berean, ezin deskriba dezaket une bakoitzean zer sentitu nuen; baina horretaz pentsatzen dudana esaten badut baliteke ere zuek ulertzea zergatik hain denbora luzez ez nintzen hori bazter uzteko gai izan.

        Zutituta zegoen, hain itxura harroaz non epaile ematen zuen, eta begiek gizaki horiek saihesten zituzten, haien irudi irrigarriak ikusi nahi ez balituzte bezala.

        Leihoaz bestaldean belatxinga bat jesarrita zegoen adar batean; horrez gain ez zen besterik ageri lautada zuri erraldoian.

        Törlessek sentitu zuen heldua zela ordua argi, garbi eta garaile gisa hitz egiteko bere barnean gertatutakoaz, zeina hasieran lauso eta torturatzailea izan zen eta geroago indarge eta biziaz gabetua.

        Segurtasunez eta argitasunez hitz egitera bultzatu zuen sentimendu hori ez zen pentsamendu berri baten ondorioa izan, baizik eta berez sortua, berak sentitua, bere osotasunean, huts iruditzen zitzaion gela horretan zutik zegoelarik, behinola sentitu zuenean bezala, idazten, ikasten eta artatsu lanean ziharduten ikaskideen artean bere begi harrituak alderrai mugitzen utzi zituenean.

        Izan ere, pentsamenduen kontua nahiko gauza berezia da. Sarri askotan ez dira kasualitateak baino izaten, gero desagertu egiten baitira atzean arrastorik utzi gabe, eta pentsamenduek ere badituzte garai hilak eta garai biziak. Aparteko ezagupen bat lor daiteke, baina gero eskuetan zimeltzen zaigu astiro, lorea bailitzan. Formak iraun egiten du, baina koloreak, lurrina, desagertu egiten dira. Hau da, hitzez hitz gogoratzen ditugu, eta aurkitutako esaldiaren balio logikoak erabat ukigabe irauten du, baina, hala eta guztiz, gure barnearen gainazalean soilik mugitzen da, alde batetik bestera, gelditu gabe, eta ez gara hari esker aberatsagoak sentitzen. Harik eta tupustean —beharbada zenbait urteren ostean—, lipar batean, bien bitarteko aldian haren gainean ezer ere jakin ez dugula konturatzen garen arte, nahiz eta logikaren aldetik bagenekien dena.

        Bai, badira pentsamendu hilak eta biziak. Baina argiztatutako gainazalean mugitzen den pentsamena, uneoro kausalitatearen harian egiazta daitekeena, ez da ezinbestean bizirik dagoena. Bide horretan aurkitutako pentsamenduak axolagabe dirau, desfilean doazen soldadu-lerroetako edozein gizon bailitzan. Pentsamendu bat —baliteke aspalditik gure garunean sartu izana— bizi bihurtzen da dagoeneko pentsamendu ez den, dagoeneko logikoa ez den zerbait eransten zaionean, haren egia sentitzen baitugu justifikazio guztien gainetik, haragi bizi eta odoltsua zarratatzen duen aingura bailitzan... Ezagupen handi baten erdia garunaren argiunean osatzen da, beste erdia, berriz, barnekoaren zoru ilunean, eta hori arimaren aldartea da batez ere, eta bere gailurrik garaienean pentsamendua dago jesarrita lore baten gisara.

        Arimaren astinketa bat aski izan zen Törlessen azken bulkada hori goraino eramateko.

        Inguruko aurpegi minduei jaramonik egin gabe, nolabait bere buruari zuzenduta, hizketari ekin zion —begiak aurrerantz finko zituelarik—, oraingoan etenik gabe, bukaeraraino:

        — ... Agian gutxiegi ikasia dut oraindik modu egokian adierazteko, baina deskribatu egin nahi dut. Orain dela gutxi izan dut berriz neure baitan. Honela bakarrik azal dezaket: gauzak bi formatan ikusten ditut. Gauza guztiak; baita pentsamenduak ere. Gaurkoak atzoko berberak dira, eta ezberdintasuna aurkitzen ahalegintzen naizenean, begiak ixten ditudanean, bestelako argi baten azpian berpiztu egin ohi dira. Litekeena da ni zenbaki irrazionalekin erratu izana; matematikaren esparruan naturaltzat jotzen ditut, baina beraien berezitasun gordinean hartuz gero ezinezko irizten diet. Hor, ordea, erratuta nago seguru asko, gutxiegi baitakit haien gainean. Baina ez nintzen erratuta egon Basiniren kasuan, ezinezkoa izan zitzaidanean belarria murru garaiko xuxurla emetik eta begia lanpara batek supituki argitu zuen hautsaren bizitza isiletik aldentzea. Ez, ez nintzen erratuta egon gauzen bigarren bizitza sekretu eta oharkabeko batez mintzatu nintzenean! Ez duzue hitzez hitz hartu behar —ez diot gauza horiek bizirik daudenik, ezta Basinik bi aurpegi zituenik ere—, baina nigan bazegoen bigarren zerbait, eta horren bitartez ez nuen hori guztia ulermenaren begiekin ikusten. Pentsamendu bat nigan bizitu egiten dela sentitzen dudan bezala sentitzen dut ere badagoela nigan zerbait, zeina gauzak ikusteaz batera, pentsamenduak isiltzeaz batera, bizitu egiten den. Bada zerbait iluna nire baitan, pentsamendu guztien artean dagoena eta pentsamenduekin ezin neur dezakedana, bizitza bat, hitzetan ezin adierazizkoa baina hala ere nire bizitza ere badena...

        Bizitza isil horrek estutu, inguratu eta hurbilagotik begiratzera behartu nau. Beldur nintzen, uste bainuen gure bizitza osoa halakoa zela, eta han-hemenkako zatiak besterik ez nituela ezagutzen... o, izugarrizko beldurra nuen,... zentzumenek jota nengoen...

        Törlessen adinerako hain jasoak ziren esaldi eta metafora horiek erraz eta berez ezpainetaratzen zitzaizkion kitzikapen erraldoiko une horretan, iradokimen poetikoz ia. Gero ahotsa apaldu eta penak hunkiturik bailegoen gaineratu zuen:

        — ... Orain hori amaituta dago. Badakit oker nengoela. Jadanik ez naiz beldur. Badakit: gauzak gauzak dira eta horrela iraungo dute betiko; eta nik horrela ikusiko ditut beti, modu batean edo bestean. Batzuetan ulermenaren begiekin, beste batzuetan besteekin... Eta ez naiz inoiz gehiago saiatuko bata bestearekin alderatzen...

        Isildu egin zen. Erabat normal iritzi zion orduan alde egiteari, eta inork ez zion eragotzi.

 

        Kanpoan egon zenean, gelan geratu zirenek txunditurik begiratu zioten elkarri.

        Zuzendariak buruari eragin zion gora eta behera, aiko-maiko. Klaseko arduradunak aurkitu zuen hitza aurrena:

        —Ai, dirudienez profeta txiki horrek ikasgai bat azaldu nahi izan digu. Baina deabruak uler dezala. Kitzikapen hori! Gauza errazak modu horretan nahastea!

        — Pentsamenaren harkortasuna eta berezkotasuna —jarraitu zion matematikariak—; badirudi arreta handiegia jarri duela gure bizipen guztien faktore subjektiboan, eta horrek nahastu eta metafora ilun horietara bultzatu duela.

        Bakarrik erlijio irakasleak zirauen isilik. Konturatua zen nola «arima» hitza sarritan errepikatu zen Törlessen mintzaldian, eta gogotik jarriko zatekeen gizaki gazte horren alde.

        Baina ez zekien zer zen besteak benetan esan nahi izan zuena.

        Halaz guztiz, zuzendariak amaiera eman zion egoerari:

        — Ez dakit zehazki zer ote darabilen Törless horrek buruan, baina, egia esan, hain dago erabat kitzikaturik non ez baitut uste institutua bera egoteko lekurik egokiena denik. Haren izpirituzko elikadurak beharrezkoa du guk eskaini ahal dioguna baino zaintza arretatsuagoa. Nire ustetan ezin dugu erantzukizuna geure gain luzaroago hartu. Törlessek irakaskuntza bereziaren beharra dauka; hori jakinarazteko idatziko diot haren aitari.

        Beste guztiek berehala onartu zuten, aho batez, zuzendari agurgarriaren proposamen bidezko hori.

        — Egia esan, hain zen berezia, non ia sinetsirik nengoen histeriko bihurtzeko joera zeukala —esan zion matematikariak bere aldamenekoari.

 

        Zuzendariarena jasotzeaz batera Törlessen gutun bat iritsi zitzaien honen gurasoei, zeinean institututik ateratzeko eskatzen baitzien, han ez zen-eta gustura sentitzen.

 

 

        Bien bitartean Basini kaleratu egin zuten, zigor moduan. Eskolan, berriz, dena itzuli zen ohiko bidera.

        Erabakita zegoen Törlessen ama honen bila etorriko zela. Axolagabe esan zien agur ikaskideei. Ia berehala, haien izenak ahazten hasi zitzaizkion.

        Ez zen berriro igo gelatxo gorrira. Urrun zeritzon, aspaldi atzean utzita.

        Basiniren urruntzeaz geroztik dena hilik zegoen. Halako moldez, non bazirudien gizaki horrek harreman haiek guztiak beregan kateatu ondoren berekin eraman zituela alde egitean.

        Zerbait isila eta zalantzazkoa jabetu zen Törlessez, baina etsipena iraungita zegoen. «Basinirekiko gauza sekretu horiek izango zituan, nonbait, etsipen hori igoarazi zutenak», egin zuen bere artean. Ez zuen bestelako arrazoirik antzematen.

        Baina lotsatu egiten zen. Goizean lotsatu ohi garen bezala, gauean —sukarrak oinazetuta gaudelarik— gela iluneko zoko guztietatik mehatxu izugarriak oldartzen ikusi ditugunean.

        Guztiz irrigarri zeritzon komisioaren aurreko bere jokabideari. Hainbeste zalaparta! Ez al zuten arrazoi izan? Halako txikikeria batengatik! Nolanahi ere, bazegoen zerbait berarengan jasandako zauri hori arintzen ziona. «Egia duk era irrazionalean jokatu dudala», pentsatu zuen gogoetatsu, «baina bazirudik denak zerikusi gutxi izan duela nire arrazoiarekin». Horixe zen orain beraren sentsazio berria. Bere barnean gertatutako ekaitz izugarri baten oroitzapena zeukan, eta hori azaltzeko bere baitan aurkitutako zioak ez ziren inondik ere nahikoak. «Hortaz, zerbait guztiz ezinbestekoagoa eta sakonagoa izan beharko zian», ondorioztatu zuen, «arrazoiarekin eta kontzeptuekin azter daitekeena baino».

        Eta horrek, aurretik zegoenak eta grinak estali zuenak, egiazkoak, arazoak, lehen bezain finko zirauen. Arimazko perspektiba hori, urrunetik hurbilera aldatzen zena. Ezin harrapatuzko lotura hori, zeinak ikuspuntuaren arabera halako balioa ematen dien gertakariei zein gauzei, elkarren artean erabat arrotz eta aldera ezinak direlako...

        Hori eta gainerako guztia argi eta garbi zekusan ustekabean, zehaztasunez. Goizean ikusten dugun bezala, eguzkiaren lehen izpi argiek beldur-izerdia lehortu dutenean, mahaia eta armairua, etsaia eta patua beren berezko neurrietara berriz lerratzen direnean.

        Baina horrelakoetan neke eme eta apala gelditu ohi bada, horixe gertatu zitzaion Törlessi ere. Bazekien orain eguna eta gaua bereizten; egia esan beti jakin zuen, baina amets astun eta lauso bat isuria zen muga horren gainetik, eta lotsaturik zegoen nahasmendu horrengatik; baina bestelakoa izan zitekeelako oroitzapena, gizakien inguruan erraz desegiten diren muga meheak egotearena, amets sukartsuak arima ondotik isilean igarotzearena —murru sendarrak marraskatuz eta beldurrezko kalexkak irekiz—, sakon barneratua zitzaion eta itzal zurbilak islatzen zituen orain.

        Ezin zuen hortik ezer askorik argitu. Baina hitz-gabetasun horren ukitua bikaina zen, ernaldutako gorputzaren ziurtasuna bezalakoa, etorkizunaren erakarpen emea odolean sentitzen duenean. Konfiantza eta nekea elkartzen ziren Törlessengan...

        Gisa horretan, itxaron zion agurraldiari, isilik eta gogoetatsu...

        Ama, gizaki gazte nahastu eta erabat kitzikatu bat aurkituko zuela uste baitzuen, harritu egin zen semearen baretasun hotza ikustean.

        Geltokirako bidean baso txikia ageri zen eskuinaldean, Bozenaren etxearen ondoan. Hain zirudien hutsal eta garrantzirik gabea..., hautsez estalitako haltza eta sahats multzo soila.

        Törlessek gogoratu zuen zeinen irudika ezina iruditu zitzaion halako hartan gurasoen bizitza. Eta zeiharka begiratu zion amari.

        — Zer nahi duzu, nire haurra?

        — Ezer ez, ama, zerbait nerabilen buruan.

        Eta aztertu zuen amaren koratiloari zerion usain lurrintsua.

 

 

 

© Robert Musil

© itzulpenarena: Koldo Morales Belda

 

 

"Robert Musil / Törless ikaslearen nahasmenduak" orrialde nagusia