HITZAURREA

 

        Robert Musil Austriako Klagenfurt hirian jaio zen 1880an, izen oneko familia batean. Haren aita, Albert, ingeniaria eta inperioko funtzionarioa izan zen, familiaren tradizioari jarraituz. Lan arrazoiengatik familia Komotau herrira joan zen bizitzera Robert jaio eta hurrengo urtean. 1891n Albert Musil Brno hiriko «Makineria eta Makineria-eraikuntza» fakultateko katedratiko izendatu zuten, eta horrekin batera inperioko nobleteriaren partaide. Robertek, aitaren nahiari eutsiz, ofizial izateko ikasketak hasi zituen 1892an, Eisenstadteko akademia militarrean, eta 1894tik 1897ra bitartean Mährish-Weisskirchen barnetegi militarreko ikaslea izan zen. Hamazazpi urte zituelarik Vienan egiten ari zen ikasteka militarrak bertan behera utzi eta makineria-eraikuntza ikasteari ekin zion Brnon. Soldaduska bukatutakoan Stuttgarteko unibertsitate teknikoan aritu zen lanean, irakasle laguntzaile gisa. 1903an karrera amaitu eta Berlinera joan zen, filosofia, matematika eta psikologia ikastera. Zientziarako interesarekin batera literaturarakoa ere piztu zitzaion karrera hasi zueneko aldian. Garai horretan bere obran zein bere izpirituzko nortasunean eragin nabarmena izango zuten idazleen lanak irakurri zituen: Nietzsche, Machs, Maeterlinck, Novalis eta Emerson, besteak beste.

        Berlineko ikasketak burutu bitartean bizitu zitzaion literaturako interesa, eta idazten hasi zen. Haren lehen liburua, «Die Verwirrungen des Zöglings Törless» (Törless ikaslearen nahasmenduak), 1906an argitaratu zuten eta harekin lortu zuen Musilek bere bizitzako arrakasta literariorik handiena. Literaturari heldu bazion ere, ez zuen baztertu zientziarako grina; haren idazlanetan ageri diren zehaztasuna eta antolaketa zorrotza grina horrek eragindakoak dira.

        Literatura Musilen eginkizun nagusi bihurtu zen, eta horren ondorioz uko egin zion funtzionaritzak eskaintzen zion lan-segurtasunari, idazle izateko askatasun handiagoa behar zuela sentitzen baitzuen. «Törless» eleberriaren arrakastak bultzaturik Musilek idatziz esperimentatzeari ekin zion; 1911n «Vereinigunen» (Batasunak) izenburupean argitaratutako bi kontakizunak jarduera horren emaitza arrakastarik gabea izan ziren. Garai horretan literatur kritikak idatzi zituen zenbait aldizkaritan. 1908an aurkeztu zuen Ernst Machen teorien gaineko kritika, «Beitrag zur Beurteilung der Lehren Machs» (Machsen teorien kritikarako ekarpena), zeinean Machsen dogmatismoa gaitzesten baitzuen, honek natura-zientziak eta filosofia bereizten zituen dualismoari eusten ziolako.

        1911n Martha Heimann pintorearekin ezkondu zen. 1914an, Austriako beste intelektual askok bezala, poztasun handiz hartu zuen Munduko I Gerraren hasiera, Europa kaosetik aterako zuelako ustetan. Gerra aurrera joan ahala, moteldu egin zitzaion hasierako kemena eta jarrera kritikoagoa hartu zuen. Guztiarekin ere, beti egongo zen idazle politizatuek osatutako mugimendu demokratikoetatik urrundurik. Gerraren ostean armadaren heziketa-zerbitzuan lan egin zuen 1922ra arte; urte horretan uko egin zion behin-betiko funtzionaritzari, nahiz eta segurtasun ekonomikoa eskain ziezaiokeen, eta antzerki eta arte kritikak idazten hasi zen Pragako «Prager Presse» eta «Bohemia» aldizkarietarako. 1923an «Die Schwärmer» (Ameslari liluratuak) antzerki-lana argitaratu zuen eta, Alfred Döblin proposamenari esker, Kleist saria eman zioten. 1924an, «Drei Frauen» (Hiru emakume) elaberria argitaratu zuen urtean, Viena hiriko arte saria jaso zuen. Garai horretan hasi zen idazten bere obra nagusia eta bukatu gabea izango zen «Der Mann ohne Eigenshaften» (Ezaugarririk gabeko gizona) eleberria. 1925az geroztik obra erraldoi honen idaztean murgildu zen buru-belarri; beste idazleekiko eta, oro har, publikoarekiko harremanak murriztu zituen eta haren bizimodua gero eta isolatuago bihurtu zen. Bizi-baldintzak kaskartu egin zitzaizkion bizitzako azken urteetan, lan finkoei uko egin izanak egoera ekonomiko premiatsua ekarri baitzion, eta txikitatik zituen arazo psikologikoak areagotu zitzaizkion. 1930ean Hugo Lucáksengana jo zuen tratamendu psikoanalitikoa hartzera; urte berean «Der Mann ohne Eigenschaften» liburuaren lehen tomoa argitaratu zuen Rohwolt argitaletxeak. Arrakasta handia izan zuen, baina honek ez zuen arindu idazlea pairatzen ari zen miseria. 1931n Berlinera joan zen bizitzera, eta han Kurt Glaser arte-historiagileak elkarte bat eratu zuen Robert Musili laguntzeko, Rohwolt argitaletxeak ordainketak eten baitzituen 1933az geroztik. Urte horretan, hala ere, Musilek liburuaren bigarren tomoa argitaratzea lortu zuen. Hitlerrek boterea eskuratzeaz batera Suitza aldera erbesteratu zen. 1936an azken urteetako entsegu eta kontakizunak bildu zituen «Nachlass zu Lebzeiten» (Hilondoko idazkiak) izenburuko liburuan. Urte berean infartu larria izan zuen, eta 1938an naziek haren liburu guztiak debekatu zituzten Alemanian eta Austrian. Estatu Batuetara emigratzen saiatu zen, baina Thomas Mann, Albert Einstein eta beste batzuen laguntza jaso arren ez zuen hara joateko baimenik lortu eta Geneban geratu behar izan zuen. 61 urte zituelarik bakardadean eta miseria gorrian hil zen hiri horretan, 1942an. Hurrengo urtean argitaratu zuten «Der Mann ohne Eigenschaften» liburuaren hirugarren tomoa, bukatu gabe egon arren.

        Robert Musilek ez zuen hil aurretik lortu gerora izango zuen ospea, eta zenbait sari jaso eta liburu arrakastatsuak idatzi arren (batez ere «Die Verwirrungen des Zöglings Törless» eta «Der Mann ohne Eigenschaften»-en lehen tomoa) ez zen bere garaian igo alemanez idatzitako literaturaren gailurrean ongi merezia zeukan lekura. Gaur egun Thomas Mann eta Alfred Doblinekin parekatzen Jute Alemanian, eta Hermann Broch eta Rainer Maria Rilkerekin Austrian, hau da, herri hauetako idazlerik garrantzitsuenekin.

        Musilen obra nahikoa ahaztuta egon zen hainbat urtetan, harik eta Adolf Friséren ahaleginei esker gaurkotasuna lortu eta kritikarien zein literaturzaleen arreta erakarri zuen arte. Hari buruzko azterlanak eta eztabaidak ugaldu egin ziren, eta hainbeste urtetako nekeak merezitako onarpena lortu zuen. Nolanahi ere, seguruenik Karen estilo gogor eta zaila dela medio, ez du inoiz eskuratu bere mailako beste zenbait idazlek daukaten hedapena. Goraipatua izan arren ez du inoiz izan horrelako idazle bikain batengandik espero zitekeen irakurlego zabala.

        Musilen obraren ezaugarri nagusiak paradoxa baten itxura du: zientziatik hurbileko hizkuntza zehatza erabiltzen du gizakien ariman eta irudimenean gertatzen diren bizipen zehaztugabeak deskribatzeko. Zientziarako grinak haren estiloa markatu zuen, gertakarietara hurbiltzeko metodo zientifikoa erabiltzen baitzuen. Baina horrek ez zion arrazionalismoarekiko atxikimendurik ekarri. Aitzitik, Musilek XIX. mendearen bukaeran porrot egiten ari zen arrazionalismo burgesa arbuiatu zuen, Nietzscheren teoriek erakarrita sentitu zen, eta abangoardiako literaturan ezinbestekoa zen subjektibismoa bereganatu zuen; horrek ez du esan nahi jarrera irrazionalista garbirik hartu zuenik, bai ordea garai horretako zenbait korronte filosofikok eta artistikok eragin nabaria izango zutela Musilengan, hauen artean espresionismoak, inpresionismoak eta narratibagintza analitikoak.

        Musilen idazlan guztietan ageri den asmoa gizakien gogoan ezkutatzen den errealitatera hurbiltzea da. Haren obraren eginkizun nagusia gizakien barnean murgiltzea eta mugarik gabeko esparru psikologikoa arakatzea da. Musilek berak deskribatu zuen ahalegin horren jitea bere egunkarian («Tagebücher», 1976an Adolf Friséren eskutik argitaratua), bere burua «monsieur le vivisecteur» izendatu zuenean; «vivisecteur» baten lana hartu zuen eredutzat bere lan literarioan. Honek egin ohi duen moduan, Musilek zehatz-mehatz arakatu zuen ikerketaren helburutzat hartu zuen objektua: gizakiaren barne-errealitatea, arimaren eta izpirituaren mundu ilunean gertatzen diren prozesu ikusiezinak. Zehaztasun zientifikoa beti lematzat harturik, bere pertsonaien sentimendu, pentsamendu eta sentsazioak aztertzen ahalegindu zen Musil; desbideratze prozesuak interes handikotzat hartu zituen, moralaren ohituren eta konbentzionalismoen mugak gainditzeko abiapuntua izan zitezkeelakoan. Gizartearen arauak hausten zituzten jokabideak interesgune bihurtu ziren berarentzat: zoramena, gaiztakeria, indarkeria, sexualitatearen zenbait forma. Uneoro bilatu zituen gizakiek barnean daramatzaten indarrak askatzeko aukera eman zezaketen egoerak. Etengabe errepikatu zuen ikerketa introspektibo horrek eremu ezin mugatuzkoa zuen, eta, aldi berean, amaierarik edo irteerarik gabeko bidea zen. Musilen pertsonaiak munduko kaosean mugitzen dira, eta irtenbidea bilatzen dute kontraesanak markatutako arau arbitrarioetan. Gizakien gogoaren alderdi ezkutua eta errealitate ikusiezina, oharmen kontziente eta arruntetik urrun bilatu zituen, arrazoia, kausalitatea eta gizartearen moraletik harantzago.

        Musilek berak jarduera zientifikoaren ezaugarriak antzeman zituen bere testuetan, literaturari heltzeko zeukan modua kristal baten bestaldetik gertaerak hoztasunez behatzen dituen zientzialariaren jarrerarekin alderatu zuen. Giza arimaren eta izpirituaren milaka korapilo eta katramilak deskribatzeko idazkera trinkoa, zaila eta konplikatua erabili zuen, baina ikuspegi zientifikoak ez zuen eragotzi Musilek hizkuntzaren baliabide guztiak maisutasunez erabiltzea; haren prosa aberatsa eta barrokoa izan zen, metafora eta esanahi bikoitz ugariz jantzia, baina, aldi berean, ez zuen hitz bakar bat ere soberan, den-denek beren eginkizuna eta garrantzia zeukatelako.

        «Die Verwirrungen des Zöglings Törless» eleberria Stuttgarten hasi omen zen idazten Robert Musil, lanean aspertuta eta interesik gabe sentitzen zen garai batean. Idazterakoan Mâhrisch Weisskirchen barnetegi militarrean izandako bizipenak hartu zituen oinarritzat. Osagai autobiografiko hauek, ordea, ez ziren inondik ere liburuaren atalik garrantzitsuena. Musilek ez zeukan interes handirik berari gertatutakoak kontatzeko; ez zeukan, halaber, irakaskuntza-sistema hori salatzeko asmorik, zenbait idazlek eta kritikarik horrelakorik antzeman uste izan bazuten ere. Liburuan ageri den institutuaren bizimoduan azaltzen dira ondoko urteetan gorpuztuko zen gizarte totalitarioaren ezaugarri patogenoak; horregatik hainbat idazle antifaszistak idazlanaren alderdi hori azpimarratu zuen, eta ardatz nagusitzat hartu. Ez zen hori, alabaina, Musilek buruan zerabilena eleberria idazteari ekin zionean. Haren asmo nagusia bere ondorengo liburuetan erakutsiko zuena izan zen: protagonistaren barne-bilakaeran murgildu eta gorabehera psikologikoak ahalik eta zehatzen deskribatzea, gizakien balean dagoen bestelako errealitatea ezagutzeko saiakeren azterketa sakona burutzea. Kanpoko egiteek protagonistaren barnetasunean eraginik duten heinean soilik daukate garrantzia. Horren adierazgarri Törlessen inolako deskribapen fisikorik ez azaltzea da; beste pertsonaiaren bat deskribatzen duenean, berriz, haren ezaugarri fisikoek Törlessengan burutazioak pizten dituztelako izaten da.

        Liburuan, Törless gazteari W. barnetegi militarrean gertatutakoak kontatzen dira. Hasieran pairatzen duen etxe-mina, gurasoen urruntzeak sortua, ariman esnatzen ari zaion indarraren lehen adierazpen mingarria da. Ikaskide basa eta zakarrekiko harremanek, eta, halaber, Bozena prostitutari egindako bisitaldiek, nerabezaroko zantzuen agerpena areagotzen dute. Bizipen errealen bulkadak fantasia jorantsuzko irudiak sortzen ditu Törlessen gogoan. Beraz jabetzen den sentsualtasunak ez du objektu zehatzik aurkitzen; denboraldi batez Basini ikaskidearekiko harreman sexual eta sadikoetan gorpuzten da. Basiniren gaiztakeria Törlessen barne-ikerketa psikologikoaren interesgune bihurtzen da, eta Basini zigortzeko eta harengan esperimentatzeko Reiting eta Beineberg ikaskideek erabiltzen dituzten torturak eta krudelkeriak zientzialari baten jarrera hotzaz eta arakatzaileaz behatzen ditu. Baina gertaera horiek ere beste mugarri bat baino ez dira Törlessentzat errealitate ezkuturanzko bidean. Institutuan izandako bizipenak baliokoak izango zaizkio izaera sendotzeko, baina aldi berean hutsalak eta garrantzirik gabeak. Tarte batez goitik behera astindu zuten gorabeheren indarra agortzen da bukaeran, eta Törlessek institutua utzi egingo du, bere nortasunaren bilatze-lana beste nonbait jarraitu behar duelakoan.

 

 

 

© Koldo Morales Belda

 

 

"Robert Musil / Törless ikaslearen nahasmenduak" orrialde nagusia