HAMAIKAGARREN ATALA

 

        Biharamunean, atsedenaren eta loaren bidez Minoren sentimenduak aldatuta egongo zirela amesteko ahaleginak egin arren, berehala ohartu nintzen ezer ez zela aldatu. Are gehiago, gehienez ere, nabarmenki okerragoak zirela iruditu zitzaidan. Bezperan bezala, isilaldi luze, goibel eta temosoetatik axolagabeko gauzei buruzko halako hitz jario eztenkari eta araugabe batera igarotzen zen, zeinetan barrena, halere, nagusi zen pentsamendu bera antzeman baitzitekeen gardenduta, paper batzuetan filigrana bezala. Gainera, iruditu zitzaidanaren arabera, okerreratze hori halako inertzia, geldokeria edo axolagabekeria nahi batean zetzan, gauza berria berarengan, beti oso bizia eta ganorazkoa baitzen, eta bazirudien ordura arte egindako gauza guztietatik gero eta urrunagotzen zela adierazi nahi zuela horrek. Bere maletak zabaldu eta jantziak eta beste arropak nire armairuan jartzen hasi nintzen. Baina ikasteko erabiltzen zituen liburuen txanda iritsi, eta behin-behinean komodineko marmolaren gainean, ispiluaren alde batetik bestera lerrokatzea proposatu nionean, honela erantzun zuen: — Utzi maleta barruan..., ez didate ezertarako balioko.

        — Zergatik ba? —galdetu nuen—. Ez al duzu lizentziatu behar?

        — Ez naiz ezertan lizentziatuko.

        — Ez duzu gehiago estudiatu nahi?

        — Ez.

        Bera larritzen zuen betiko gauzaz hizketan hasiko ote zen beldurrez etsi eta maletan utzi nituen liburuak. Bestalde, ez zela garbitzen eta ez zuela bizarra mozten konturatu nintzen. Ordura arte beti oso txukuna eta bere itxuraz oso arduratua izan zen. Bigarren egun hura nire logelan eman zuen osorik, batzuetan ohean etzanda, erretzen, beste batzuetan atzera eta aurrera ibiliz, pentsakor itxuraz, eskuak patriketan sarturik. Baina bazkarian ez zion hitzik egin amari, agindu zidan bezala. Ilundu zuenean, kanpoan afalduko zuela esan eta bakar-bakarrik irten zen, eta ni ez nintzen laguntzea proposatzera ausartu. Ez dakit nora joan ote zen, oheratzeko nengoen etxera itzuli zenean, eta segituan ohartu nintzen edanda zegoela. Halako mugimendu neurrigabe eta burlazkoak eginez besarkatu ninduen eta hartu nahi izan ninduen, eta nik onartu, konturatu arren maitasuna egitea edatea bezala zela ordurako berarentzat, nekatzeko eta burua zoratzeko derrigorrez egiten den gauza penagarri bat. Halaxe esan nion, bai eta gaineratu ere: — Berdin litzateke beste emakume batekin egingo bazenu—. Barre egin zuen, eta erantzun: — Berdin litzateke, bai..., baina zu hor zaude, esku-eskura—. Haserre nengoen, hitz haien ondoren; eta haserre baino areago minduta, nireganako azaltzen zuen maitasun eskas edo hutsagatik.

        Gero, ustekabean, halako argi bat bezala piztu eta, beragana itzulirik, honela esan nion: — Begira..., badakit neska gaixo bat baino ez naizela..., baina saiatu ni maitatzen..., zerorren onerako eskatzen dizut...; ni maitatzea lortuz gero, seguru nago zeure burua ere maitatuko zenukeela azkenik—. Berak begiratu zidan, eta gero errepikatu, ozenki eta isekaz: — Maitea, maitea —eta argia itzali zuen. Ilunpean geratu nintzen, begiak zabal-zabalik nituela, mingostuta, harrituta, zer pentsatu ez nekiela.

        Ondoko egunek ez zuten inolako aldaketarik ekarri eta gauzek lehengo berean jarraitu zuten. Bazirudien ohitura berriak hartu zituela lehengo zaharren ordez, besterik ez. Lehenago estudiatu, unibertsitatera joan, kafetegian lagunak ikusi eta irakurri egiten zuen. Orain, ordea, ohean etzanda erre, gelan gora eta behera ibili, betiko kontu zoro eta eztenkadak atera, mozkortu eta amodioa egiten zuen. Laugarren egunean benetan etsiturik sentitzen hasi nintzen. Bere oinazea ez zela inondik inora ere gutxitzen konturatu eta oinaze harekin bizitzen jarraitzerik ez zegoela iruditzen zitzaidan. Nire logela, zigarro-kez beterik beti, atsedenik gabe, gau eta egun lanean ari zen oinaze-fabrika bat iruditzen zitzaidan; eta arnasten nuen airea bera gogoeta ilun eta kezkagarrizko lirdinga bihurtuta zegoen. Une haietan hainbat aldiz madarikatu nuen ni eskasa eta ezjakina izatea, eta ni baino ama eskas eta ezjakinago bat edukitzea. Estualdietan, ezer baino lehenago, pertsona zaharrago batengana jotzen da aholku bila. Baina nik ez nuen horrelako inor ezagutzen, eta amari laguntza eskatzea etxeko patioan jolasean zebiltzan ume ugarietako bati laguntza eskatzea bezala izango zen. Bestalde, ez nuen lortzen bere oinazearen hondoraino iristea; gauza askok ihes egiten zidaten; gutxika-gutxika konbentzitu nintzen batez ere Astaritari esandako guztia poliziaren paperetan idatzita zegoela eta, bere ahulkeriaren betirako lekuko, artxiboetan gordeta geratu zela pentsatzen zuelako zegoela oinazeturik. Bere esaldi batzuek baieztatu zidaten uste hori. Horrela, arratsalde haietako batean, honela esan nion: — Astaritari esan zenion guztiagatik penatuta baldin bazaude..., ba, Astaritak niregatik edozer egingo luke...; eskatzen badiot, seguru nago desagerraraziko duela zure itaunketa guztia.

        Berak begiratu zidan, eta halako ahots berezi batez galde egin: — Zer dela eta pentsatzen duzu hori?

        — Zerorrek esan zenuen lehengo egunean..., ahazten saiatu behar zenuela esan nizun, eta zuk ahaztu arren, poliziak ez zuela ahaztuko erantzun zenidan.

        — Eta nola egingo zenuke hori eskatzeko?

        — Oso gauza erraza da..., telefonoz hots egin eta ministeriora joango naiz.

        Ez zuen ez baiezkorik, ez ezezkorik esan. Eta nik, etsitu gabe: — Nahi al duzu eskatzea, orduan?

        — Nahi duzun bezala.

        Elkarrekin irten eta kafetegira joan ginen telefonoz deitzera. Berehala aurkitu nuen Astarita, eta berarekin hitz egin nahi nuela esan nion. Ministeriora joan ote nintekeen galdetu nion. Baina berak, ahots berezi baina totel batez, honela erantzun zidan: — Edo zure etxean, edo inon ez.

        Eskatu behar nion mesedeagatik ordaintzea nahi zuela ulertu nuen; eta ihesbideren bat bilatzen saiatu nintzen. — Kafetegi batean —proposatu nuen.

        — Edo zure etxean, edo inon ez.

        — Ederki —esan nuen orduan—, nire etxean—. Eta egun hartantxe, iluntzerako espero nuela gaineratu nuen.

        — Badakit zer nahi duen horrek —esan nion Minori etxera itzultzean—, amodioa egin nahi du nirekin..., baina inork ezin izan du inoiz emakume bat amodioa egitera behartu bere nahiaren kontra...; eta xantaiak, bat bakarra egin dit horrek, eskarmentu gabea nintzenean, baina ez dit besterik egingo.

        — Baina, zergatik ez duzu berarekin amodioa egin nahi? —galdetu zuen axola handirik gabe.

        — Maite zaitudalako.

        — Baliteke, ordea —esan zuen, axolarik ez duenaren ahotsaz berriro—, itaunketa suntsitu nahi ez izatea, berarekin amodioa egin nahi ez baduzu..., eta orduan zer?

        — Suntsituko du, ez zalantzarik izan.

        — Baina baldintza horrekin baino nahi ez badu?

        Eskaileretan geunden, geratu eta honela esan nion: — Orduan, zuk nahi duzuna egingo dut.

        Gerritik hartu ninduen, eta honela esan zuen poliki: — Ba, hauxe nahi dut nik: amodioa egiteko aitzakiarekin Astarita ekartzea eta zure logelara eramatea..., ni ate atzean egongo naiz zain eta, sartzen denean, tiro batez hilko dut errebolberrarekin...; gero ohe azpira arrastaka eraman eta guk egingo dugu amodioa, gau osoan.

        Diz-diz egiten zioten begiek, egun guzti haietan itsutu zituen laino lodi hartaz libraturik, lehen aldiz. Ikaratu egin nintzen, bere proposamenean halako logika bat bazegoela sentitzen nuelako, hain zuzen; bai eta handik aurrera askoz zoritxar handi eta erabatekoagoak espero nituelako, eta krimen hura gertatu ere gerta zitekeelako, itxura guztien arabera.

        — Mesedez, Mino —atera zitzaidan—. Ezta txantxetan ere, ez horrelakorik esan.

        — Ezta txantxetan ere —errepikatu zuen—; txantxetan ari nintzen, noski.

        Egia esanda, ez zela txantxetan aritu pentsatu nuen; baina lasaitu egin nintzen bere errebolberra, berak jakin gabe, balarik gabe zegoela pentsatzean, neronek kendu nizkiolako, esan bezala. ­ Ez kezkatu —jarraitu nuen—, nahi dudan guztia egingo du Astaritak..., baina ez berriro horrela hitz egin..., beldur handia sartu didazu.

        — Hara, orain txantxetan aritzerik ere ez da egongo! —esan zuen arinki, etxean sartzean.

        Egongelan geundela, halako bat-bateko urduritasun bat berataz jabetu zela konturatu nintzen. Gora eta behera hasi zen, eskuak patriketan sarturik, ohi zuen bezala. Baina beste era batera mugituz, ohiz baino kemen handiagoz, betiko nahigabea eta axolagabekeria ez, baizik eta halako hausnarketa sakon eta argi bat edo ageri zuen aurpegiera batez. Aldakuntza hura agiri galgarri haiek suntsituak izango zirela jakitean hartutako lasaituari zor zitzaiola pentsatu nuen; eta, berriro ere itxaropenari leku eginez nire bihotzean: — Dena konponduko da, ikusiko duzu —esan nuen.

        Ikara batek astindu zuen erabat, ezagutu ez banindu bezala begiratu zidan, eta gero era mekaniko batez errepikatu: — Bai, noski..., dena konponduko da.

        Ama etxetik kanpora bidalia nuen, afarirakoak erosteko aitzakiarekin. Halako batean baikortasun bolada bat etorri zitzaidan. Benetan dena konponduko zela eta, beharbada, nik uste baino askoz hobeto aterako zela pentsatu nuen. Astaritak eskatzen niona egingo zuen, ordurako egina ez bazuen; eta Mino egunez egun urrunduko zen bere barneko zimiko hartatik, gustua hartuko zion berriro bizitzari, konfiantzaz begiratzen hasiko zitzaion berriz etorkizunari. Gizon guztiei gertatzen zaiena da zorigaitzeko garaietatik bizirik ateratzearekin bakarrik konformatzea; baina beste haize batzuk datozela igarri orduko, han hasten dira asmo handiko planak egiten urrunera begira. Bi egun lehenago, Minori agur egiteko gauza izan nintekeela iruditu zitzaidan, zoriontsua izango zela jakinez gero; baina orain, zorion hori itzuli ahal izango niolako ametsa nuelarik, berari alde egiteko pentsamendua eduki ez ezik, niregana areago nola lotu ari nintzen aztertzen. Ez ziren adimenak ateratako kontuak asmo horiek osatzera bultzatzen nindutenak, baizik eta beti esperoan egon nahi duen eta laztasuna eta oinazea luzaroan jasan ezin dituen nire arimaren joera bultzada ilun bat. Gauzak zeuden bezala, guretzat bi irtenbide baino ez zeudela iruditu zitzaidan: elkar uztea, edo bizitza osorako elkarrengana lotzea; eta lehen aukera aintzat hartu ere nahi ez nuenez gero, bigarrena azkartzeko modurik ba ote zegoen galdetzen hasi nintzen neure artean. Ez dut gezurra maite, eta ustea badut nire alde on bakanen artean sar dezakedala egiazaletasuna, are gehiegizkoa ere batzuetan. Une hartan Minori gezurra esan nion, bai, baina egia esaten ari nintzela iruditu zitzaidalako, eta ez gezurra esaten ari nintzela. Egia bat egia bera baino egiazkoagoa, egia arimaren arabera, eta ez gertaera materialen arabera. Gainera, ez nuen ezertarako ere pentsatu, goi-argi bat bezalako zerbait izan zen, edo nonbait hor.

        Bera, beti bezala, gora eta behera zebilen, eta ni eserita nengoen mahai alde batean. — Aizu... —esan ilion halako batean—, egon..., zerbait esan behar dizut.

        — Zer?

        — Aspaldi honetan ez nintzen ongi sentitzen..., duela egun batzuk medikua ikustera joan nintzen..., haurdun nago.

        Berak geratu, niri begiratu eta errepikatu egin zuen: — Haurdun zaude?

        — Bai..., eta seguru-seguru nago zu izan zarela.

        Bera bizkorra zen eta, gezurretan ari nintzenik igarri ezin zuen arren, berehala ulertu zuen nire iragarpen horren benetako helburua. Aulkitxo bat hartu, nire ondoan eseri, aurpegian laztan gozo bat egin, eta honela esan zuen: — Horrek beste arrazoi bat izan behar luke, nik uste; are gehiago, arrazoirik handiena, gertatu den guztia ahaztu arazi eta aurrera jarraitzeko..., ez al da horrela?

        — Zer esan nahi duzu? —galdetu nuen, ez ulertzeko itxurak eginez.

        — Pater familias bihurtzeko nago —jarraitu zuen—, zure amodioagatik egin nahi ez nuena orain, zuek emakumeok esaten duzuen bezala, haurtxo horrengatik egin beharko dut.

        — Nahi duzuna egin ezazu —esan nuen, bizkarra jasoz—, egia delako esan dizut..., horixe da dena.

        — Azken finean, ume bat —jarraitu zuen bere hausnartzeko ahots harekin, ozenki pentsatuz bezala— bizitzeko arrazoia izan daiteke...; askok, ia denek, ez dute besterik eskatzen..., ume bat aitzakia ona da..., lapurtu eta norbait hil ere egin daiteke ume batengatik.

        — Baina nork eskatu dizu lapurtu edo inor hiltzeko? —moztu nion suminduta—. Pozik egoteko besterik ez dizut eskatzen..., ez bazaude, zer egingo diogu?

        Begiratu egin zidan eta berriro masaila laztandu, gozoki: — Zu pozik bazaude, ni ere pozik..., pozik al zaude?

        — Ni bai —erantzun nuen, seguru eta harro—, hasteko, umeak gustatzen zaizkidalako, eta gero zurekin izan dudalako—. Berak barre egin eta esan zuen: — Gaiztoa zara gero!

        — Zergatik gaiztoa?... Zer gaiztakeria dago haurdun egotean?

        — Bat ere ez..., baina onartuko duzu une honetan, gauzak honela daudela, ez dela kolpe txarra...; haurdun nago, beraz...

        — Beraz, zer?

        — Beraz, egin duzuna onartu behar duzu —oihukatu zuen bat-batean, ahots ozen-ozenez, zutik jarriz eta besoak mugituz—; beraz, bizi behar duzu, bizi, bizi.

        Ezinezkoa da bere ahotsaren doinua azaltzea. Bihotza ikaragarri estutu, eta begiak negarrez bete zitzaizkidan. — Nahi duzuna egin... —murmuratu nuen—, utzi nahi banauzu, utzi ba..., ni..., ni joan egingo naiz.

        Bere leherketaz damututa zirudien, niregana hurbildu eta berriz laztandu ninduen, esanez: — Barkatu..., ez kezkatu esaten dudanagatik..., ardura zaitez zure umeaz, eta ez nitaz.

        Eskua hartu nion eta nire aurpegitik pasatu nuen, nire malkoekin bustiz eta murmuratuz: — Ai ene, Mino!..., nola egingo dut zutaz ez arduratzeko?

        Luzaro geratu ginen horrela, isilik. Bera zutik zegoen nire ondoan, eskua estutzen nion nire aurpegiaren kontra, musu ematen nion, eta negarrez ari nintzen. Gero etxeko txirrina jotzen entzun genuen.

        Nire ondotik urrundu zen, eta zurbil-zurbil jarri, hala iruditu zitzaidan; baina une hartan ez nuen jakin zergatik, eta ez nion galdetu ere egin. Zutik jarri eta esan nuen: — Horra..., Astarita etorri da.... azkar..., irten hemendik.

        Sukalderantz irten zen, atea erdi itxirik utziz. Begiak presaka xukatu, aulkiak beren lekuan jarri eta ezkaratzera igaro nintzen. Berriro ere lasai-lasai eta neure buruaz seguru sentitzen nintzen; eta ezkaratzeko iluntasunean Astaritari haurdun nengoela esan ere egin ahalko niola pentsatu nuen: horrela bakean utziko ninduen eta, eskatzen nion mesedea ez bazuen amodioagatik egin nahi, errukiagatik egingo zuen.

        Area ireki eta pausu bat eman nuen atzera: Astaritaren lekuan, Sonzogno zegoen atean.

        Eskuak patriketan zituen eta, ia mekanikoki, atea ixteko keinua egin nuenean, sorbaldaz arinki bultzatuz erabat ireki eta barrura sartu zen. Egongelaraino joan nintzen bere ondotik. Mahai ondoan jartzera joan zen, leiho inguruan. Beti bezala, sonbreirurik gabe zegoen eta, sartu nintzen bezain laster, han sentitu nituen nire gainean bere begi tinko eta temati haiek. Atea itxi eta, axolarik ez duenaren itxurak eginez, hauxe galdetu nion: — Zergatik etorri haiz?

        — Salatu nindunan, ez?

        Sorbaldak jaso eta mahaiburuan eseri nintzen, esanez: — Nik ez hindudan salatu.

        — Ni utzi, jaitsi eta guardiei hots egitera joan hintzen.

        Lasai nengoen. Une hartan sentimendurik baldin banuen, ez zen beldurra, sumina baizik. Ez ninduen inola ere izutzen, eta haserre bizia sentitzen nuen nire baitan hazten, bere kontra eta, berak bezala, zoriontsua izatea galarazten zidaten guztien kontra. — Beste bat maite dudalako eta ez dudalako hirekin zerikusirik eduki nahi hi utzi eta jaitsi ninduan... —esan nuen—, baina ez niean hots egin guardiei..., ni ez nauk salatari bat..., guardiak beren kabuz etorri zituan..., beste norbaiten bila zetozean.

        Ondora etorri zitzaidan, aurpegia bi hatzen artean hartu, masailen altueran, eta ikaragarrizko indarraz estutu zidan, hortzak banatzera eta aldi berean aurpegia bereganantz altxatzera behartzen ninduelarik. — Eman eskerrak hire Jainkoari emakumea haizelako —esan zuen.

        Aurpegia zanpatzen jarraitzen zidan, min handiz itsusi eta barregarria iruditzen zitzaidan keinu bat egitera behartuz. Halako amorrazio batek hartu eta zutitu egin nintzen, bera atzera bultzatuz eta oihu eginez: — Hoa hemendik, ergela halakoa!

        Eskuak berriro patriketan sartu eta ondorago etorri zitzaidan, begietara zuzen begira, beti bezala. Oihu egin nuen berriz: — Ergel hutsa haiz!... Hire gihar horiekin..., hire begitxo urdinekin..., hire buruko ile motzarekin...; alde hemendik, aire..., astakirten alaena!

        Ergel-ergela zen, pentsatu nuen, ezer ez zuela egiten, baina, irribarre arin batez bere ezpain mehe zimurtuetan, eskuak patriketan, niri begira zetorkidala ikustean. Mahaiaren beste muturrera ateta nintzen korrika, plantxa bat hartu nuen, jostunek dauzkaten astun horietakoa, eta: — Alde hemendik, astakirten hori..., honekin muturrean joko diat bestela! —esan nuen oihuka.

        Une batez zalantzatan egon zen, geldirik. Une hartantxe, egongelako atea zabaldu zen nire bizkarrean, eta Astarita azaldu zen. Bistan zen atea zabalik aurkitu eta barrura sartu zela. Beragana bueltatu eta: — Esaiozu honi alde egiteko... —oihukatu nuen—, ez dakit zer nahi duen niregandik..., esaiozu alde egiteko.

        Ez dakit zergatik, atsegin handia hartu nuen Astaritaren jantzien dotoretasunari erreparatzean. Berria zirudien beroki bat zeukan, bularralde bikoitzekoa, grisa. Alkandorak zetazkoa zirudien, marra gorri-zuriekikoa. Zilar koloreko gorbata gris eder bat sartua zuen bere jantzi urdin iluneko tolesduren artean. Niri begiratu zidan, artean plantxa baineukan altxatutako eskuan, Sonzognor begiratu, eta ahots lasaiaz esan zuen: — Andereño honek alde egiteko esan dik..., zeren zain hago, ba?

        — Andereño honek eta biok —erantzun zuen Sonzognok ahots apal-apalez— gauza batzuk ditugu elkarri esateko..., hobe da zeuk alde egiten baduzu.

        Astaritak, sartzean, sonbreirua erantzi zuen, zetazko ertzez apainduriko feltro beltzezkoa. Presarik gabe mahai gainean utzi eta gero Sonzognoren ondora joan zen. Harritu egin ninduen bere jokamoldeak. Begiek, beti malenkoniatsu eta beltz, distira oldarkor batez argituak ziruditen, aho handia luzatu eta zimurtu egiten zitzaion atsegina eta erronka adierazten zituen irribarre batean. Hortzak agerian zituen. — A, ez duk alde egin nahi!... —esan zuen, silabak ondo markatuz—; nik, ordea, alde egingo duala esaten diat.... eta orain.

        Besteak ezezkoa egin zuen burua mugituz, baina, niretzat harritzekoa, pausu bat atzera eman zuen. Eta orduan Sonzognoren izaerari buruzko sentsazioa oso-osorik itzuli zitzaidan. Eta beldurtu egin nintzen, ez niregatik, Astaritarengatik baizik, hainbesteko ausardia ezjakin batez akuilatzen ari baitzen. Neskatila nintzela, zirkuan, lehoi-hezitzaile txiki bat, zigor batez armaturik, orroka ari zen lehoitzar bati aurre egiten eta zirikatzen ikusteak nire ariman piztu zidan larritasun berbera sentitu nuen. — Kontuz —oihu egin nahi izango nion—, horko hori hiltzaile bat da, munstro bat—. Baina ez nuen hitz egiteko indarrik izan. — Orduan, alde egin nahi duk..., bai ala ez? —esan zuen berriz Astaritak.

        Besteak berriro ere ezezkoa egin buruaz eta beste pausu bat eman zuen atzerantz. Astaritak pausu bat aurrera eman zuen. Aurrez aurre zeuden, bata bestea bezain altu ia. — Dena dela, nor haiz? —esan zuen Astaritak, bere aurpegiera maltzur hura ezabatu gabe. — Hire izena..., azkar!

        Besteak ez zuen ezer esan. — Ez duk esan nahi, e? —errepikatu zuen Astaritak ahots ia irrikatsu batez, Sonzognoren isiltasuna atsegingarria gertatu balitzaio bezala—; ez duk esan nahi, eta alde egin ere ez..., ezta?

        Une batez itxaron, gero esku bat altxatu eta belarrondoko pare bat eman zion Sonzognori, bat masail batean eta beste bat bestean. Nik ukabila ahora sartu eta hozka egin nion. «Orain hilko du» —pentsatu nuen, begiak itxiz. Baina Astaritaren ahotsa entzun nuen berriro: — Eta orain, ospa..., bizkor, ea, bizkor!—, eta, begiak berriz irekitzean, Astaritak Sonzogno paparretik hartu eta aterantz zeramala ikusi nuen. Sonzognok artean gorriturik zituen masailak belarrondokoengatik, baina ez zirudien gogor egin behar zuenik. Arrastaka eramaten uzten zion, beste zerbaitez pentsatuz bezala. Astaritak egongelatik kanpora eraman eta gero etxeko atea indarrez ixten zuela entzun nuen, eta Astarita berriro azaldu zen atetik.

        — Baina nor zen? —galdetu zuen, mugimendu mekaniko batez berokiko lepotik hari batzuk kenduz eta bere gainera begirada bat eginez, ahalegin gogor harekin bere dotorezia narrasteko beldurra izan balu bezala.

        — Ez dut inoiz jakin zein den bere deitura..., badakit Carlo deitzen dela, besterik ez —esan nuen gezurretan.

        — Carlo —errepikatu zuen, irribarre maltzur batez eta burua mugituz. Gero ondora etorri zitzaidan. Leiho ondoan nengoen eta kanpora begiratzen ari nintzen, kristaletatik barrena. Astaritak gerri bueltan beso bat jarri eta, aurpegiera eta ahots ordurako aldatuez: — Zer moduz? —galdetu zidan.

        — Ongi —erantzun nuen, berari begiratu gabe. Niri begira zegoen eta gero besoen artean estutu ninduen, indarrez, ezer esan gabe. Gozoki atzera bultza egin, eta hauxe gaineratu nuen: — Oso atsegina izan zara nirekin..., nik, beste mesede bat eskatzeko deitu dizut.

        — Entzun dezagun —esan zuen. Begiratu egiten zidan, baina ez zirudien adi zegoenik.

        — Galdeketa egin zenion mutil hura... —hasi nintzen.

        — A, bai! —moztu zidan, halako imintzio bat eginez—, bera berriro...; ez zen heroi baten antzera azaldu.

        Minoren galdeketari buruzko egia jakiteko gogoa etorri zitzaidan. — Zergatik?... —galdetu nuen—. Beldurra izan al zuen?

        Buruari eraginez erantzun zuen: — Ez dakit beldurra izan zuen ala ez..., baina, hori bai, lehen galderarekin den-dena esan zuen..., ukatu izan balu ezin izango nion ezer egin..., ez zegoen frogarik.

        Hortaz, pentsatu nuen, Minok zioen bezala gertatu zen. Bat-bateko hutsaldi moduko zerbait, hondoratze baten antzerakoa, arrazoirik gabekoa, ez eskatutakoa, ez derrigortua ere. — Zera... —jarraitu nuen—, pentsatzekoa da esan zuen guztia idatzita daukazuela...; idatzita daukazuen guztia desagertu eraztea nahi nuke.

        Lehengo irribarre maltzurra berriro: — Berak agindu dizu, ez?

        — Nire kontua da —nik erantzun. Eta atarramendu handiz zin egin nuen: — Hil nadila oraintxe bertan egia ez bada.

        Eta berak: — Denek nahi lukete artxiboetako paperak desagertzea..., poliziaren artxiboak dira haien kontzientzia txarra...; paperik ez, barneko zimikorik ere ez.

        Mino berriro gogoan hartu eta honela erantzun nuen: — Egia balitz!..., baina oraingoan beldur naiz oker zaudela.

        Berriz bere aldera erakarri ninduen, sabela sabel ondoan, eta, aztoraturik eta totelka galdetu zidan: — Eta zer emango didazu trukean?

        — Ezer ez —erantzun nuen sinpleki—, oraingo honetan ezertxo ere ez.

        — Eta ukatzen badizut?

        — Min handia egingo didazu, biziki maite dudalako gizon hori..., eta berari gertatzen zaion guztia niri gertatuko balitzait bezala da.

        — Baina nirekin ondo portatuko zinela esan zenidan.

        — Esan nizun, bai..., baina orain asmoz aldatu naiz.

        — Zergatik?

        — Ba..., ezergatik ez.

        Berriro estutu ninduen bere kontra eta, azkar, totelka eta belarrira hitz eginez, azken aldiz behintzat bere nahi etsitua betetzeko hasi zitzaidan arren eginez. Ezin ditut azaldu esan zizkidan gauzak zeren eta, arrenekin tartekaturik, idazten jakingo ez nituzkeen gauza izugarriak ateratzen baitzitzaizkion ahotik, ni bezalako emakumeei eta ni bezalako emakumeek beren maitaleei esaten dizkieten gauza horiek. Ez dakit nolako zehaztasun zorrotz eta ugariarekin aletzen zituen; baina normalean bihotz-zabaltze horiekin batera agertu ohi zen alaitasun gehiegizko hura gabe, eta bai ordea halako atsegin ilun batez, obsesu baten antzera. Behin zoro hiltzaile bat ikusi nuen eroetxean, erizainari esaten zer nolako oinazeak eragingo zizkion bere eskumenean eroriz gero, Astaritak bere lizunkeriak xuxurlatzeko jartzen zuen fanfarroikeriarik bat ere gabeko ahots gizabidetsu eta serio berberaz. Egia esateko, bere maitasuna zen horrela deskribatzen zidana, lizuna eta goibela aldi berean, beste inori haragikeria hutsa irudituko litzaiokeena, baina nik sakona, osoa eta, bere erara, beste edozein bezain garbia zela nekiena. Beti bezala, errukia baino ez zidan pizten, izugarrikeria guzti haien azpian bere bakardadea eta handik irteteko bere erabateko ezintasuna bakarrik sentitzen nituelako. Barrua husten utzi eta gero honela esan nion: — Ez nizun esan nahi, baina behartu nauzu..., egin ezazu uste duzuna..., baina dagoeneko ezin naiz lehengo berbera izan..., haurdun nago.

        Ez zen harritu, ez zen une batez ere urrundu bere tematik: — Bai..., eta zer?...

        — Bizimodu berria izango dut..., ezkondu egingo naiz.

        Beste ezertarako baino areago, nire uko hartatik kontsolatzeko aitortu nion nire egoera. Baina, hitz egitean, pentsatzen nuena esaten ari nintzela konturatzen nintzen, hitz haiek bihotzetik ateratzen zitzaizkidala. — Ezagutu ninduzunean ere nahi nuen ezkondu... —gaineratu nuen, hasperen batez—, eta ez zen nire errua izan, hala gertatu ez bazen.

        Artean gerria inguratzen zidan bere besoaz; baina indar gutxiagoz estutzen ninduen; orduan erabat apartatu zen niregandik. — Madarikatua izan bedi aurkitu zintudan eguna —esan zuen.

        — Zergatik? Benetan maite izan nauzu.

        Txistu egin zuen alde batera, eta berriro esan zuen: — Madarikatua izan bedi aurkitu zintudan eguna eta madarikatua jaio nintzenekoa—. Ez zegoen garrasika, eta ez zirudien inolako sentimendu gaiztorik kanporatzen ari zenik. Patxadaz eta sineste osoz ari zen hizketan. — Zure adiskideak ez du zertan beldurrik eduki behar... —erantsi zuen—, ez da galdeketarik transkribatu..., era berean, bere informazioak ere ez dira ezertarako ere kontutan hartu...; artxiboko paperetan, ordea, politika-gizon arriskutsutzat jotzen da..., agur Adriana.

        Leiho ondoan nengoen, eta alde egiten zuen bitartean urrundik begiratuz itzuli nion agurra. Mahai gainetik sonbreirua jaso eta bueltatu gabe irten zen.

        Bat-batean sukalderako atea zabaldu eta Mino sartu zen, eskuan errebolberra zuela. Harriturik begiratu nion, hustuta, hitzik esan gabe.

        — Astarita hiltzea erabakia nuen —esan zuen irribarre eginez—. Zer uste zenuen, benetan axola zidala niri buruzko paperak desagertzeak?

        — Eta zergatik ez duzu egin? —galdetu nuen ahots asaldatuaz.

        Buruari eragin zion: — Hain ondo madarikatu du jaio zen eguna!..., utzi dezagun beste urte batzuetan ere madarikatzen.

        Larritzen ninduen zerbait bazegoela sentitzen nuen; baina, ahaleginak egin arren, ez nuen ulertzen zer ote zen. — Dena dela —esan nuen—, nahi nuen guztia lortu dut..., artxiboko paperetan ez dago ezer.

        — Entzun dut, entzun dut —moztu zidan—, dena entzun dut..., ate atzean nengoen eta atea erdi itxirik zegoen..., ikusi ere egin dut..., adoretsua da —gaineratu zuen zabarki— zure Astarita hori...; danba..., danba!... Begiondoko benetan zoragarriak eman dizkio Sonzognori...; masailekoak emateko ere badaude moduak eta moduak..., masaileko horiek nagusi batek menpeko bati ematen dizkionetakoak ziren..., ugazabak edo hala sentitzen denak morroiari ematen dizkionetakoak...; eta nola jaso dituen Sonzognok!... Ez du tutik ere esan—. Barre egin zuen, errebolberra patrikan sartzen zuen bitartean.

        Zertxobait nahastuta geratu nintzen Astaritari buruzko laudorio berezi harekin. — Eta zer uste duzu egingo duela Astaritak? —galdetu nuen, ez oso seguru.

        — Auskalo!

        Ia gaua zen ordurako eta egongela iluntasun handian zegoen. Bera mahai aldera makurtu, kontrapisuko lanpara piztu, eta iluntasunak jarraitu zuen argiaren inguruan. Mahaian amaren antiojoak eta bakar-jokoetan erabiltzen zituen kartak zeuden. Minok eseri, kartak hartu eta banatu zituen; eta gero esan: — Nahi al duzu partida bat jokatu..., afaria etorri arte?

        — Hori pentsatzea ere! —atera zitzaidan—. Kartetan orain?

        — Bai..., briskan..., tira ba!

        Obeditu, bere aurrean eseri eta itsumustuan hartu nituen luzatzen zizkidan kartak. Burua nahastuta neukan eta eskuak, ez dakit zergatik, dardarka. Jokatzen hasi nintzen. Kartetako irudiek halako izaera gaiztoa eta ez fidatzekoa zutela iruditzen zitzaidan: pikatako txota, beltz-beltza, beldurgarria, begi beltzekoa eta ukabilean lore bat zuela; bihotzetako erregina, lizuna, agortua, piztua; diamantetako erregea, lodikotea, grinagabea, bihozgabea. Jokoan, gu bion artean apustu oso garrantzitsua zegoela iruditzen zitzaidan; baina ez jakin zein. Tristuraz lehertuta nengoen eta noizean behin, jokoaren erdian, hasperen txiki bat egiten nuen, bularra estutzen zidan pisuak hor jarraitzen ote zuen ziurtatzearren. Eta joan ordez, larriagotu ere egiten zela sentitzen nuen.

        Lehen partidan berak irabazi zuen, bai eta bigarrenean ere. — Zer gertatzen zaizu? —galdetu zuen, kartak nahasten zituen bitartean—, gaizki ari zara.

        Kartak bota eta esan nuen: — Ez nazazu horrela nahigabetu, Mino..., ez naiz sentitzen kartetan jokatzeko tenplean.

        — Zergatik?

        — Ez dakit.

        Altxatu eta pausu batzuk eman nituen, egongelatik, eskuak ezkutuan bihurrituz. — Hara joango gara, nahi duzu? —proposatu nuen.

        — Goazen ba.

        Ezkaratzera atera ginen eta han, ilunpean, gerritik hartu eta musu eman zidan lepoan. Orduan, nire bizitzan lehen aldiz beharbada, maitasuna berak hartzen zuen bezala hartzen nuela iruditu zitzaidan: burua zorabiatzeko eta ez pentsatzeko modutzat, beste edozein modu bezalakoa, ez atsegingarriagoa, ez garrantzitsuagoa ere. Burua eskuen artean hartu eta amorrazioz eman nion musu. Horrela besarkaturik geundela, nire egongelan sartu ginen. Ilunpean zegoen baina ez nintzen konturatu. Odola bezalako argitasun gorri batez beterik nituen begiak; eta erretzen gintuen suarekin azkar eta ustekabean dardarka ari zen argi baten distira zuten gure mugimendu guztiek. Halako une batzuetan, badirudi gorputz osoan barrena zabalduta dugun seigarren zentzu baten bidez ikusten dugula, eta iluntasuna eguzki-argia bezain hurbilekoa gertatzen zaigu. Baina ukitze fisikotik harantzago ez doan ikusmen bat da; eta gure bi gorputzak ziren ikus nezakeen guztia, gauean erresaka beltz batek hondartza batera jaurtiak bezala, itotako biren gorputzak.

        Halako batean, ohean etzanda aurkitu nintzen, lanparako argia nire sabel biluzian islatzen zelarik. Izterrak estutu egiten nituen, ez dakit hotzagatik ala lotsagatik, eta bi eskuekin estaltzen nuen sabelpea. Mino niri begira zegoen, eta honda esan zuen: — Sabela handituko zaizu orain..., hilero-hilero gero eta handiagoa..., eta egun batean minak behartuko zaitu orain horren gogo handiz ixten dituzun hanka horiek zabaltzera..., eta umearen burua, ile eta guzti, kanpora atera eta argitara bultzatuko duzu, eta hartu eta besoetan utziko dizute..., eta pozik egongo zara..., eta beste gizon bat egongo da munduan..., Astaritak dioena esan beharrik ez izatea espero dut.

        — Zer?

        — Madarikatua izan bedi jaio nintzen eguna.

        — Astarita gizagaixo bat da —erantzun nuen—, baina ni seguru nago nire umea zoriontsua eta zorionekoa izango dela.

        Gero mantarekin bildu eta lo geratu nintzela uste dut. Baina Astaritaren izenak berriz piztu zidan berak alde egin zuenean izan nuen larritasuna. Bat-batean, ezagutzen ez nuen ahots bat entzun nuen, «danba, danba» esaten zidana, ozenki, belarri ertzera, errebolberrak egiten dituen tiroen hotsa imitatu nahi denean bezala; eta salto batez eseri nintzen ohean, biziki ikaraturik eta antsiaz beterik. Artean piztuta zegoen argia, ohetik azkar atera, eta aterantz mugitu nintzen, ondo itxita ote zegoen ziurtatzeko. Baina Minorekin egin nuen topo, erabat jantzirik, zutik baitzegoen ate ondoan, erretzen. Nahasturik, ohera itzuli eta ertzean eseri nintzen. — Zure ustez —galdetu nuen—, zer egingo du Sonzognok?

        Begiratu zidan, eta gero erantzun: — Nola jakingo dut nik?

        — Ezagutzen dut —esan nuen, estutzen ninduen larritasuna hitz bihurtzea lortuz azkenik—, ez du ezer esan nahi protestatu gabe gelatik kanpora bidaltzen utzi bada ere..., hiltzeko gauza da..., zer uste duzu?

        — Litekeena dela.

        — Hilko duela uste duzu?

        — Hiltzen badu ez naiz harrituko.

        — Abisatu behar diogu —oihukatu nuen, jaiki eta besterik gabe janzten hasiz—, seguru nago hilko duela..., ai ene!, zergatik ez ote dut lehenago pentsatu?

        Presaka eta amorraturik jantzi nintzen, nire beldurraz eta nire susmoaz hizketan jarraituz. Minok ez zuen ezer esaten, erre eta nire inguruan zebilen batetik bestera. — Astaritaren etxera noa... —esan nion azkenik—, ordu honetan etxean dago..., zuk itxaron hemen.

        — Ni ere banoa.

        Etsi nuen, funtsean poztu egiten ninduen bera nirekin etortzeak, hain asaldaturik egonda, gaizki sentitzeko beldurrez nengoelako. Soingainekoa jantzi eta honela esan nuen: — Taxi bat hartu behar dugu..., azkar—. Minok ere berokia hartu eta kanpora irten ginen.

        Kalean, presaka ibiltzen hasi nintzen, ia korrika, eta Minok besotik helduz eta oinkadak luzatuz jarraitzen zidan. Handik gutxira aurkitu genuen taxi bat, eta ni oldar handiz sartu nintzen, Astaritaren helbidea oihuka esanez. Prati aldeko kale bat zen, ez nintzen inoiz joan hara, baina banekien ez zegoela Justizia jauregitik urrun.

        Taxia ibiltzen hasi zen eta ni, nire senetik kanpora bezala, bidaiari adi jarri nintzen aurrerantz makurturik, kaleak begiratuz gidariaren sorbalda gainetik. Halako batean Mino hizketan entzun nuen, nire atzean, poliki, bere buruari hitz eginez bezala: — Ze arraio! Suge batek beste suge bat jan du—; baina ez nion jaramonik egin. Justizia jauregi aurrean azaldu orduko, geratzeko esan, jaitsi eta Minok ordaindu zuen. Korrika, lorategi txikiak zeharkatu genituen, harri txintxarrez estalitako bidexketatik, eserleku eta zuhaitz artetik. Astarita bizi zen kalea ustekabean azaldu zitzaidan begien aurrean, ezpata bat bezain luze eta zuzena, lerroka jarritako farola zuri handi batzuek begiek ikusi ahaleko guztian argitua. Tankera bertsuko eraikuntza sendoak zituen kale bat zen, dendarik gabekoa, eta hutsik zirudien. Astarita zenbaki handi batean bizi zen, kale muturrean nonbait. Kale hartan hain lasaitasun handia zegoelarik, han esan nuen: — Baliteke dena irudikeria hutsa izatea..., baina, hala ere, egin behar zen.

        Eraikuntza horietako hiru edo lau eta beste hainbeste zeharkale atzean utzi, eta gero honela esan zuen Minok ahots lasaiaz: — Baina zer edo zer gertatu da, antza..., begira—. Begiak altxatu eta, ez oso urruti, jende pilo beltz bat ikusi nuen hango atari handi horietako baten aurrean. Pareko espaloian lerrokaturik, pertsona batzuk zeuden, gora, zeru ilunera begira. Berehala seguru egon nintzen huraxe zela Astaritaren ataria, eta korrika hasi nintzen, eta Minok ere korrika egiten zuela iruditu zitzaidan. — Zer da..., zer gertatu da? —galdetu nion, arnaska, atarian pilatzen zen talde hartako lehenari.

        — Ez da ondo ulertzen —erantzun zuen hark, mutiko ilehori bat bera, sonbreirurik eta gabanik gabea, bizikleta bati eskulekutik heltzen ziona—, norbaitek bere burua bota du eskailera zulotik..., edo bota dute..., guardiak teilatura igo eta beste norbaiten bila ari dira.

        Jendetza artetik bide egin, eta, ukondokadak emanez, patioan sartu nintzen; zabala zen, ongi argitua, eta jendez lepo eginda zegoen. Burdina landuz eginiko eskulekua zeukaten eskailera batzuk errebuelta zabal bat eginez ageri ziren buru guzti haien gainetik gora. Aurrerantz bultza eginez, nire kemenak ia gorantz eramanik, lur zati huts bat ikusi ahal izan nuen, eskailerapean, bizkar guzti haien gainetik. Marmol zurizko habe biribil baten gainean, brontze horizko irudi bat ageri zen, hegalekin eta biluzik, beso bat altxatua zuena, barruan lanpara bat zeukan kristal opakozko bola baten euskarri. Habearen azpi-azpian, lurrean giza gorputz bat estaltzen zuen izara batek. Denek alde batera begiratzen zuten, nik ere begiratu nuen, eta izaratik kanpora aterata zegoen zapata beltzez jantzitako oin bati begiratzen ziotela ikusi nuen. Une hartantxe, hainbat ahots hasi ziren nagusitasunez oihuka: — Atzera..., alde, alde..., atzera!—; eta indarrez bultzatu ninduten, beste guztiekin batera, kanpora, kalera. Atariko ate handiko bi alderdiak berehala itxi ziren.

        — Mino, goazen etxera —esan nion bizkarrean neukan norbaiti, eta aldi berean bueltatu egin nintzen. Aurpegi ezezagun bat ikusi nuen orduan, harriturik niri begira. Jendea, alferrik protestatu eta itxitako atetzarrean ukabilka hasi arren, kaletik barreiatzen zen, berriketan.

        Beste batzuk alde guztietatik zetozen korrika, auto pare bat eta bizikletazale asko geratu ziren galdetzeko. Jendetza haren artean batetik bestera hasi nintzen gero eta estutuagorik, banan-banan aurpegi guztiei begiratuz, hitz egiten ausartu gabe. Garondo batzuk, sorbalda batzuk, Minorenak iruditzen zitzaizkidan, indar handiz sartzen nintzen jende taldeen barruan, eta harriturik begiratzen zidaten aurpegi ezezagun asko eta asko ikusten nituen orduan. Artean, beste inon baino jende ugariago zegoen atetzarraren ondoan, bazekiten hilotz bat zegoela barruan eta berriro ikustea espero zuten. Elkarren ondo-ondoan estuturik zeuden, aurpegi patxadatsu eta serioa jarriz, antzoki baten atean lerroan itxaroten denean bezala. Alde batetik bestera jarraitzen nuen; halako batean denak ikusiak nituela eta denbora guztian jende berbera ikusten ari nintzela konturatu nintzen. Talde haietako batean Astarita aipatzen zutela iruditu, eta berataz axolarik ez nuela eta nire larritasun guztia Minorengatik zela konturatu nintzen. Azkenik, han ez zegoela konbentzitu nintzen. Bultzaka patiora sartzen nintzen bitartean alde egingo zuen. Ihes hori espero beharko nukeela iruditu zitzaidan, ez dakit zergatik; eta harritu egin nintzen, lehenago pentsatu ez nuelako. Nire indar guztiak bilduz, plazaraino arrastaka ibili, taxi batean sartu eta nire etxeko helbidea eman nuen. Minok ni galdu eta bere kabuz etxera itzultzea ere zitekeena zela pentsatu nuen. Baina ia seguru nengoen ez zela egia.

        Ez zegoen etxean eta gau hartan eta hurrengoan ere ez zen etorri. Nire logela barruan geratu nintzen, ezinegonean eta antsiaz beterik, hainbesteraino ere non gorputz osoa dardarka baineukan. Baina ez neukan sukarrik, nire baitatik kanpo bizi nintzela iruditzen zitzaidan bakarrik, giro anormal eta gehiegizko batean, zeinetan edozein ikuspenek, edozein hotsek eta edozein harremanek mindu eta bihotza erdibitzen baitzidan. Ezerk ezin zidan gogoa Minorengandik apartatu, ez eta Sonzognoren krimen berriaren azalpen zehatz-zehatzek ere, haietaz beterik baitzeuden amak ekarri zizkidan egunkariak. Krimenak Sonzognoren marka nahastuezina zeukan: beharbada une batez borroka egin zuten, eskaileraburuan, Astaritaren pisuko ate aurrean, gero Sonzognok eskulekuaren kontra makurrarazi, altxatu eta eskailera-zulotik behera bota zuen Astarita. Ankerkeria hori guztiz adierazgarria zen: Sonzognok ez beste inork ezingo zuen pentsatu gizon bat era hartara hiltzea. Baina, esan bezala, pentsamendu bat baino ez neukan eta ez nintzen arduratu ez eta Sonzogno, teilatuetatik katu baten antzera ihes egiten zuen bitartean, gau hartan beranduago tiroka nola hil zuten azaltzen zuten artikuluez ere. Goragalea bezala ematen zidan edozein jarduerak, edozein denbora-pasak, edo baita, sinpleki, Minori buruzkoa ez zen edozein gogoetak ere, eta, aldi berean, Minoz gogoratzeak itzali ezinezko larritasun batez betetzen ninduen. Bizpahiru aldiz gertatu zitzaidan gogoan Astarita hartzea; eta, niganako bere maitasunaz eta bere malenkoniaz oroitzean, beraganako erruki handi eta ahalgabe bat sentitu nuen, eta nire artean esan Minorekiko hain irrikaz beterik egon ezean, segur aski negar egingo nukeela beragatik, eta otoitz egingo nukeela bere arimaren alde, inoiz ez zuelako zorionik izan eta gorputzetik hain goiz eta hain modu ankerrean banatua izan zelako.

        Horrela igaro nituen lehen egun oso hura, gau osoa eta ondoko egun osoa eta gau osoa ere. Ohean etzanda nengoen, edota eserita ohe aurreko besaulkian. Kakoan zintzilik aurkitu nuen Minoren jaka bat indarrez estutzen nuen eskuen artean eta noizean behin musu ematen nion grina handiz, edota hozka egiten nion, nire urduritasuna mugatzearren. Eta amak zerbait jatera behartu ninduenean ere, esku bakarrarekin jan nuen eta bestearekin jaka zoroki estutzen jarraitu nuen. Amak ohean sartu nahi izan ninduen, bigarren gauean, eta biluzten utzi nion ezer egin gabe. Baina eskuen artetik jaka hura kendu nahi izan zidanean, garrasi zorrotz-zorrotz bat egin nuen bat-batean, eta ama erabat izutu zen. Amak ez zekien ezer, baina gutxi gorabehera ulertzen zuen Mino ez egoteagatik nengoela etsituta.

        Hirugarren egunean ideia bat osatzea lortu nuen eta goiz osoan indar handiz heldu nion, nahiz eta, nolabait, funtsik ez zuela sentitu. Haurdun nengoelako Mino ikaratu egin zela pentsatu nuen, nire egoerak jartzen zizkigun betebeharretatik ihes egin nahi izan zuela eta bere etxera alde egin zuela, probintziara. Uste itsusia zen, baina nahiago nuen koldarra zela imajinatu, bere ihesari buruz ezinbestez egin behar nuen beste edozein hipotesi onartu baino. Hipotesi ezinago tristeak ziren, bere desagerpenaren inguruko zertzeladek eragindakoak ziruditenak.

        Egun hartantxe, eguerdi inguruan, amak nire logelan sartu eta karta bat bota zidan ohe gainera. Minoren idazkera ezagutu eta alaitasun bizi batek hartu ninduen. Ama irten arte itxaron nuen, eta gero nire asaldapena itzali arte. Ondoren, karta zabaldu nuen. Hona hemen osorik:

 

        Ene bihotzeko Adriana:

        Karta hau jasotzen duzunean hilda egongo naiz. Pistola ireki eta deskargatuta zegoela ikusi dudanean berehala ulertu dut zu izan zinela eta gozotasun handiz gogoratu zaitut. Adriana gaixoa, ez dituzu ezagutzen armak eta ez zenekien bala bat bazegoela errekamaran. Zu horretaz konturatu ez izanak ziurtatu egin nau nire asmoarekin aurrera jarraitzeko. Eta gainera, norbere burua hiltzeko era asko dago.

        Esan nizun bezala, ezin dut onartu egin nuena. Azken egunotan, maite zaitudala konturatu naiz; baina logikoa banintz gorrotatu beharko zintuzket; zu zarelako, neurririk handienean gainera, neuregan gorrotatzen dudan eta nire galdeketak ikustarazi zidan guzti hori. Une hartan, egia esanda, izan beharko nukeen pertsonaia erori eta naizen gizona baino ez nintzen izan. Ez zen egon ez koldarkeriarik, ez eta traiziorik ere, borondatearen eten misteriotsu bat baizik. Baina honek urrutiegi eramango ninduke. Esan dezadan, neure burua hilez, egon behar luketen lekura itzultzen ditudala gauzak.

        Ez beldurrik izan, ez zaitut gorrotatzen, are gehiago, hain biziki maite zaitut, non zutaz pentsatzea aski baita bizitzarekin bakeak egiteko. Posible izan balitz, bizirik jarraituko nukeen, zurekin ezkondu eta, sarritan esaten duzun bezala, elkarrekin pozik egongo ginatekeen. Baina ez da posible izan, inola ere.

        Jaio behar duen haurraz pentsatu dut, eta zentzu honetan bi karta idatzi ditut, bat nire etxekoei, eta bestea nire adiskide abokatu bati. Azken finean, jende ona da eta, zuganako sentimenduei dagokienez ilusiorik ezin egin daitekeen arren, uste oso-osoa dut bete egingo dituztela beren eginbeharrak. Ustekabean ukatuko balira, ez zalantzarik eduki legera jotzeko. Nire adiskide abokatu hori zuregana joango da, eta berataz fida zaitezke.

        Pentsa ezazu inoiz nitaz. Besarkada bat; zure Mino.

        P.S.— Nire adiskide abokatuaren izena Francesco Lauro da. Bere helbidea: Cola da Rienzo kalea, 3.

 

        Karta hori irakurri eta gero, manta azpian sartu nintzen, burua izarekin bildu eta malko bizi-bizian negarrari eman nion. Ezin esan nezake zenbat denbora eman nuen negarrez. Amaitzen nuela iruditzen zitzaidan bakoitzean, halako urratu mingots eta gogor bat gertatzen zitzaidan bularrean, eta berriro hasten nintzen negar-zotinka. Ez nuen oihurik egiten, bestela nahi izan arren, amari atentzioa emango ote nion beldurrez. Isilik ari nintzen negarrez, eta hura nire bizitzan negar egingo nuen azken aldia izango zela sentitzen nuen. Minorengatik, neuregatik eta nire iragan guztiagatik eta nire etorkizun guztiagatik ari nintzen negarrez.

        Azkenerako, negarrari utzi gabe, jaiki eta, kordegabeturik bezala, burua zoraturik nuela eta begiak negarragatik lausotuta, azkar jantzi nintzen. Gero ur hotzarekin begiak garbitu, ahal izan nuen bezala aurpegia pintatu, gorrituta eta handituta baineukan, eta ezkutuan atera nintzen, amari esan gabe.

        Auzuneko polizia-etxera abiatu nintzen, eta komisaria ikustera joan. Nire istorioa entzun, eta gero, sinesgabe itxuraz, esan zuen: — Egia esan, ez dakigu ezer..., berriz pentsatuko zuen, ikusiko duzu.

        Arrazoia izatea nahi nuen. Baina aldi berean, ez dakit zergatik, sumin handia sentitu nuen berarekiko. — Ezagutzen ez duzulako hitz egiten duzu horrela —esan nuen zakarki—, denak zu bezalakoak direla uste duzu.

        — Baina, aizu —galdetu zuen—, bizirik ala hilik egotea nahi duzu?

        — Bizitzea nahi dut —oihukatu nuen—, bizitzea nahi dut..., baina beldur handia dut ez ote dagoen hilda.

        Une batez gogoeta egin eta gero esan zuen: — Lasaitu..., karta hori idatzi zuen unean beharbada benetan nahi zuen bere burua hil..., baina gero baliteke damutzea..., gizon bat da..., denei gerta dakieke.

        — Bai, gizona da —esan nuen totelka. Ordurako ez nekien zer esaten ari nintzen.

        — Dena dela, zatoz berriz gaur gauean —esan zuen azkenik—, gauean jakingo dut zer esan.

        Polizia-etxetik elizara joan nintzen zuzen-zuzenean. Bataiatu, konfirmatu eta lehen jaunartzea egin nuen eliza zen. Oso eliza zaharra zen, luze eta biluzia, harri zabarrez eginiko zutabe lerro pare batekin, eta harlauza grisezko lurra zuena, hautsez betea. Baina bi zutabe lerroetatik harantzago, alboko nabeetako iluntasunean, oso kapera aberatsak, urre kolorekoak, zabaltzen ziren, altxorrez beteriko kobak bailiran. Kapera horietako bat Amabirjinari eskainita zegoen. Ilunpe hartan belaunikatu nintzen, lurrean, kapera ixten zuen brontzezko ate-sarearen aurrean. Amabirjina koadro handi ilun batean pintatuta zegoen, lorez beteriko ontzi askoren atzean. Jesus Haurra besoetan zuen, eta bere oinetan, belaunikaturik eta eskuak baturik, fraide jantzitako santu bat, bera adoratzen. Lurreraino makurtu eta indarrez jo nuen kopeta lurreko harlauzetan. Musu eta musu emanez harriari, Gurutze bat egin nuen hautsetan, eta gero Amabirjinari deitu, eta zin bat egin nire bihotzean. Bizitza guztian, gizonei, ez eta Minori ere, niregana hurbiltzen ez uzteko hitza eman nuen. Maitasuna zen benetan axola eta gustatzen zitzaidan gauza bakarra, eta Mino salbatzeagatik, sakrifizio handiagorik ezin nezakeela egin iruditzen zitzaidan. Gero, artean ere makurturik eta kopeta lurraren kontra zapaldurik nuela, hitzik eta pentsamendurik gabe errezatu nuen, bihotzaren bultzada hutsarekin, denbora luzean. Baina jaiki nintzenean, itsutu bezala egin nintzen, kaperan nagusi zen iluntasuna bat-bateko argitasun batez urratzen zela iruditu, eta argitasun horrekin argi eta garbi ikusi nuen Amabirjinak gozoki eta maitagarriro begiratzen zidala eta, hala ere, ezezkoa egiten zidala buruaz, nire otoitza ez zuela onartuko esanez bezala. Unetxo baten kontua izan zen, eta gero zutik aurkitu nintzen berriro ate-sare ondoan, aldare aurrean. Mundu honetan baino areago bestean nengoela, aitaren egin eta etxera itzuli nintzen.

        Segundoak eta minutuak kontatzen egon nintzen egun osoan zain; eta arratsalde partean polizia-etxera itzuli nintzen. Komisariak halako modu batez begiratu zidan; ia konortea galtzen nuela sentitu, eta ahots hari batez esan nuen: — Orduan egia da, bere burua hil du.

        Komisariak erretratu bat hartu zuen mahaitik, luzatu eta esan zuen: — Identifikatua izan ez den batek, bere burua hil du, bai, geltoki ondoko ostatu batean..., begiratu ea bera den.

        Erretratua hartu eta segituan ezagutu nuen. Bularretik gora atera zuten, ohe batean etzanda, nonbait. Loki batetik, tiro egin baitzion, odol arrasto beltz askok gurutzatzen zioten aurpegia. Baina arrasto horien azpian aurpegiera lasaia zeukan, bizitzan inoiz ikusi ez nion bezalakoa.

        Ahots motelez bera zela esan eta zutik jarri nintzen. Komisariak hitz egiten jarraitu nahi zuen, ni kontsolatzearren beharbada; baina ez nion aukerarik utzi, eta bueltatu gabe irten nintzen.

        Etxera joan eta, orduan, amaren besoen artera jaurti nintzen, baina negarrik egin gabe. Banekien ergela zela eta ez zuela ezer ulertzen, baina bihotza ireki niezaiokeen pertsona bakarra zen, hala ere. Den-dena kontatu nion, Minoren suizidioa, gure maitasuna, haurdun nengoela. Baina ez nuen esan Sonzogno zela umearen aita. Nire zina ere kontatu nion, eta bizimodua aldatu eta berarekin batera alkandorak egiten edo neskametzan hasiko nintzela esan nion. Amak, esaldi inozo baina zintzo ugarirekin kontsolatzen saiatu ondoren, ez nuela ezer presaka egin behar esan zuen: familiak zer egingo zuen ikusi behar zen orain.

        — Hori nire umeari dagokion gauza da —erantzun nuen—, ez niri dagokidana.

        Biharamun goizean, ustekabean, Minoren bi adiskide haiek azaldu ziren, Tullio eta Tommaso. Haiek ere jaso zuten karta bana, non Minok, bere burua hil behar zuela iragarri ondoren, bere traizioa deitzen zuen horretaz abisatu eta ondorioekin kontuz ibiltzeko esaten baitzien.

        — Ez beldurrik izan —esan nuen zakarki—, beldurrik baduzue, egon lasai..., ez zaizue ezer gertatuko—. Eta Astarita aipatu nien, eta esan Astarita, guztia zekien bakarra, hilda zegoela, eta galdeketa ez zela transkribatu, eta haiek ez zeudela salatuta. Tommaso Minoren heriotzarekin benetan nahigabetuta zegoela iruditu zitzaidan; baina bestea artean ikararen ikaraz bere onera itzuli gabe zegoen. Handik une batera, honela esan zuen Tulliok: — Baina saltsa ederrean sartu gaitu..., traizio bat izan da, bene-benetan—; eta eskuak igurtzi zituen, bere barre-algara arrunt horietako bat eginez, ohi bezala; gauza hori benetan barregarria izan balitz bezala.

        Suminduta zutitu eta esan nuen: — Traizioa?, baina ze traizio eta traizio-ondo!..., bere burua hil du, zer gehiago nahi duzue? Zuetako inork ez zuen izango beste horrenbeste egiteko gibelik..., eta hau ere esaten dizuet: zuek biok ez duzue inolako meriturik, traiziorik egin ez baduzue ere..., zorigaiztoko pare bat zaretelako, gizajo pare bat, arlote pare bat, eta sekulan ez duzue izan sos bakar bat ere, eta zuen familiak gizajo eta arloteen familiak dira, eta gauzak ondo badoaz, inoiz izan ez duzuena izango duzue azkenik, eta ondo egongo zarete, zuek eta zuen familiak...; baina bera aberatsa zen, etxe oneko semea zen, jaun bat zen, eta horretan sinesten zuelako egiten zuen hori, eta ez ezer espero zuelako...; bera dena galtzen atera zitekeen, zuek ez bezala, dena irabazten atera zaitezketelako..., horixe esaten dizuet..., eta lotsatu beharko zenukete niregana traizioaz hitz egitera etortzeaz.

        Tullio txikiak erantzuteko bezala zabaldu zuen bere aho handi hura; baina besteak, ulertu baitzuen, keinu batez gerarazi eta esan zidan: — Arrazoia duzu..., baina egon seguru..., nik ondo baino ez dut pentsatuko beti Minori buruz—. Hunkituta zirudien, eta begikoa gertatu zitzaidan, bistan zelako benetan maite izan zuela Mino. Gero agur esan eta alde egin zuten.

        Bakarrik geratu nintzenean, ia arinduta sentitzen nuen nire oinazea, bi horiei esan nien guztiarekin. Mino hartu nuen gogoan, eta gero nire umea. Hiltzaile baten eta emagaldu baten ume izango zela pentsatu nuen; baina gizon guztiei gerta dakiekeena da norbait hiltzea, eta emakume guztiei, diru truke beren gorputza saltzea; eta ongi jaiotzea eta osasuntsu eta sendo haztea zen gehien axola zuena. Eta mutila izanez gero Giacomo deituko niola erabaki nuen, Minoren oroimenez. Baina neskatoa izanez gero, Letizia deituko niola, nire alderantziz, bizitza alai eta zoriontsua izan zezala nahi nuelako, eta seguru nengoelako, Minoren etxekoen laguntzarekin, izan ere izango zuela.

 

 

 

© Alberto Moravia

© itzulpenarena: Koldo Biguri

 

 

"Alberto Moravia / Erromako emakumea" orrialde nagusia