ZORTZIGARREN ATALA

 

        Ez dakit zergatik, oso-oso ondo gogoratzen dut egun haietan egiten zuen eguraldia ere. Amaitua zen otsaila, hotz eta euritsua, eta martxoa etortzean egunak epelagoak izaten hasi ziren. Hodei zuri mehe batzuek osaturiko sare lodi batek zeru osoa estali eta begiak itsutzen zituen etxeko itzaletik kalera irten orduko. Airea gozoa zen, baina artean bazituen neguko gogortasunaren arrastoak. Atsegin harritu batez nenbilen argi hil, mehe eta logale harekin, eta noizean behin ibilera moteldu eta begiak ixten nituen; edo geratu egiten nintzen, txunditurik, gauzarik hutsalenak ikusten: katu zuri-beltz bat, atari baten ondoan ilea miazkatzen ari zena; erramu-arbola bateko adar bat, haizeak hautsi eta zintzilik zegoena, baina, beharbada, berdin-berdin loratuko zena; belar motots berde bat, espaloiko harlauzen artean hazia. Aurreko hiletako euriek etxe azpialdeetan utzi zuten goroldioak lasaitasun eta konfiantza sentsazio handia eragiten zidan: esmeralda koloreko tertziopelo eder hark lur mehean, kaleko harrien eta adreiluen artean sustraiak atera bazitzakeen, orduan nire bizitzak ere, goroldioak baino sustrai txikiagorik ez izanik, hazteko oso elikagai gutxi behar zuelarik, eta benetan eraikuntza baten oinetan sortutako lizunaren moduko zerbait baino ez izan arren, aurrera atera eta loratzeko aukera bazuela pentsatzen nuen. Azken garaietako arazo penagarri guztiak betirako amaituta zeudelakoan nengoen, bete-betean; eta, ordurako, Minorekiko nire harremanak bakean goza nitzakeelakoan. Pentsamendu horrekin, lehen aldiz iruditu zitzaidan dastatzen nuela bizitzaren egiazko zaporea, asperraldi bigunez, gertutasunez eta itxaropenez egina.

        Bizimodua aldatzeko aukera aintzat hartzen ere hasi nintzen. Funtsean, Minorekiko nire maitasunak beste gizonekiko grina kendu egiten zidan, eta hartara, baten batekin halabeharrez egoten nintzenean ez neukan ordurako jakin-minaren eta sentsualtasunaren pizgarria ere. Baina hala ere pentsatzen nuen bizimodu bat izan edo beste bat izan, berdin dela, ez duela merezi aldatzeko ahalegin gehiegirik egiteak, eta bizimodua aldatzekotan, astinaldirik eta etenik gabe, gauzen indarrez, eta ez nik nahi nuelako, ohitura, grina eta interes berriekin aurkitu beharko nukeela, eta ordura arte ez bezalakoa izan. Ez nuen ikusten bizimodua aldatzeko beste erarik; artean ez nuelako materialki zabaltzeko eta hazteko inolako egarririk; eta, gainera, ez zitzaidalako iruditzen bizimodua aldatuz hobetuko nintzenik.

        Egun batean, nire gogoeta horien berri eman nion Minori. Berak adi entzun, eta honela esan zidan gero: — Kontraesanetan erortzen ari zarela iruditzen zait...; ez al duzu beti esaten aberatsa izan nahi zenukeela, etxe ederra, senarra eta umeak eduki nahi zenituzkeela? Gauza horiek zuzenak dira, eta oraindik ere baliteke lortzea..., baina ez dituzu lortuko era horretako arrazoiekin.

        Eta nik erantzun: — Ez dut esan nahi dudanik..., baizik eta nahi izango nukeela..., hau da, jaio baino lehenago aukeratzerik izan banu, ez nukeen aukeratuko naizena izatea, noski...; baina etxe honetan jaio naiz, ama honengandik, baldintza hauetan, eta, azken finean, naizena naiz.

        — Hortaz?

        — Hortaz, zentzugabekeria iruditzen zait beste norbait izan nahi izatea...; beste norbait izan nahi nuke, bai, beste norbait bihurtuz ni neu izaten jarraitzerik izango banu..., hau da, aldaketaz benetan aprobetxatzeko aukera izanez gero...; baina beste norbait izateagatik izateak ez du merezi.

        — Beti merezi du —esan zuen berak ahapetik—, zeuregatik ez bada, besteengatik behintzat.

        — Eta gainera —jarraitu nuen, etenari jaramonik egin gabe—, axola duena egiten dena da..., uste al duzu Gisellaren antzera maitale aberatsen bat ezingo nuela aurkitu?... Edo ezkondu eta guzti?... Egin ez badut, hori da, funtsean, esanak esan, ez nuelako nahi benetan.

        — Neu ezkonduko naiz zurekin —esan zuen txantxetan, besarkatzen ninduen bitartean—, aberatsa naiz..., gure amona hiltzen denean, eta ez zaio asko faltako, hainbat eta hainbat lur hektarea jasoko ditut herentzian, bai eta etxe bat herrian eta pisu bat hirian ere...; behar bezala jarriko dugu etxea, auzoko andreak halako egun jakin batzuetan gonbidatuko ditut, sukaldaria, neskamea eta zalgurdi arin bat edukiko dugu, edo automobil bat beharbada...; egunen batean, agian, borondate on apur batekin, nobleak ere bagarela jakin, eta konde edo markes deitura hartuko dugu...

        — Zurekin ez dago serio hitz egiterik —esan nuen ondotik bultza eginez—, txantxetan ari zara beti.

        Arratsalde haietako batean zinemara joan ginen Mino eta biok. Itzultzean, jende askotxo zeraman tranbia batera igo ginen. Minok etxera etorri behar zuen nirekin, eta elkarrekin afaldu behar genuen harresien ondoko ostatuan. Berak billeteak hartu eta aurrera egin zuen tranbiako pasabidean pilatzen zen jendearen artetik. Nik atzetik jarraitu nahi nion, baina jendetzaren atzerakada batek bistatik galdu arazi zidan. Begiekin bilatzen nuen bitartean, eserleku baten kontra estuturik, eskua ukitzen zidatela sentitu nuen. Begiak jaitsi eta, orduan, nire azpi-azpian eserita, Sonzogno ikusi nuen.

        Arnasak huts egin zidan, eta zurbiltzen nintzela eta aurpegiera aldatzen zitzaidala sumatu nuen. Jasan ezinezko bere betiko eran begiratzen zidan, begi tinko-tinko haiekin. — Eseri nahi? —esan zuen gero hortz artean, erdizka altxatuz.

        — Eskerrik asko —nik hitz totelka—, berehala jaitsiko nauk.

        — Eseri, hala ere.

        — Eskerrik asko —errepikatu eta eseri nintzen. Eseri ezean, konortea galduko nukeen beharbada.

        Bera zutik geratu zen nire ondoan, ia zelatan, esku banarekin nire eserlekuari eta nirearen aurrekoari helduz. Aldatu gabe zegoen: gerrian estu geratzen zitzaion zira berbera zeraman, dardarizo mekaniko berbera zeukan matrail hezurrean. Begiak itxi, eta une batez nire pentsamenduak zertxobait antolatzen saiatu nintzen. Egia zen beti era hartara begiratzen zuela; baina aldi hartan begietan gogortasun handiagoa aurkitu niola iruditu zitzaidan. Nire aitorpenaz gogoratu, eta apaizak, beldur nintzen bezala, hitz egin eta Sonzogno horren jakinaren gainean bazegoen, orduan nire bizitzak gutxitxo balio zuela pentsatu nuen.

        Pentsamendu hark ez zidan beldurrik eman. Baina berak, nire aurrean tente, egiatan beldurtzen ninduen, edo, hobe esanda, liluratzen eta menderatzen ninduen. Ezin niola ezer ukatu sentitzen nuen; eta bion artean bazela lotura bat, maitasunezkoa ez jakina, baina bai beharbada Minorekin lotzen ninduena baino sendoagoa. Berak ere bazekien, berez edo, eta nagusiaren antzera jokatzen zuen, hain zuzen. — Goazen elkarrekin hire etxera —esan zuen handik gutxira—. Eta nik, zalantzarik gabe: — Nahi duan bezala.

        Mino hurbildu zen, inguratzen zuen jendetzatik askatuz, eta hitzik esan gabe Sonzognoren ondoan jartzera etorri zen; besteak helduta zeukan eserleku berari heldu zion eskuarekin, eta bere atzamar luze meharrekin ia ukitzen zituen Sonzognoren atzamar labur eta lodiak. Tranbiaren astinaldi batek elkarren kontra bota zituen eta Mino gizalegez barkatzeko eskatu zion Sonzognori, kolpea eman ziolako. Ni sufritzen hasi nintzen bata bestearen ondoan ikustean, elkarrengandik hain gertu eta elkarrentzat hain ezezagun, eta, ez bat eta ez bi, Sonzognok berari hitz egiten niola ez sinesteko moduan, nabarmenki Minoren aldera zuzendu, eta honela esan nion: — Begira, orain gogoratu naiz beste batekin geratu naizela gaur gauean..., hobe izango da banatzea.

        — Etxera lagunduko zaitut, nahi baduzu.

        — Ez..., pertsona hori tranbiaren geralekuan dago nire zain.

        Ez zen gauza berria. Esan bezala, etxera gizonak eramaten jarraitzen nuen, eta Minok bazekien. — Nahi duzun bezala... —esan zuen lasai—, orduan bihar ikusiko zaitut—; nik baiezkoa egin nion begiekin, eta jende artetik urrundu zen.

        Une batez, jende artetik bide egiten zuen bitartean begiratzen niolarik, etsipen larriak hartu ninduen. Azkenengo aldiz ikusten ari nintzela pentsatu nuen, neuk ere ez jakin zergatik. — Agur —murmuratu nuen nire artean, begiekin jarraitzen nion bitartean—, agur maitea—. Geratzeko oihu egin nahi izango nion, atzera etortzeko, baina inolako ahotsik ez zitzaidan irten ahotik. Tranbia geratu zen, eta bera jaisten ikusi nuela iruditu zitzaidan. Tranbia berriz abiatu zen.

        Bide guztian ez Sonzognok, ezta nik ere ez genuen ahoa ireki. Lasaitzen ari nintzen, eta nire artean esaten ezinezkoa zela apaizak hitz egin izana. Bestalde, ondo pentsatuta, ez zitzaidan oso desatsegina gertatzen berarekin topatu izana. Horrela behin betirako galduko nituen nire aitorpenaren ondorioei buruzko azken zalantzak.

        Geralekura iristean, altxatu, tranbiatik jaitsi eta une batez atzera bueltatu gabe ibili nintzen. Sonzogno aldean neukan eta, burua mugituz gero, ikus nezakeen. — Zer nahi duk nigandik? Zergatik itzuli haiz? —esan nion azkenik.

        Harridura ukitu batez erantzun zuen: — Herorrek esan hidan itzultzeko.

        Egia zen; beldurragatik, ahaztuta neukan. Nigana hurbildu eta besotik heldu zidan, indarrez estutuz eta ia-ia tente jarriz. Gorputz guztia dardarka hasi zitzaidan, nahi gabe. — Nor zunan hori? —galdetu zuen.

        — Nire adiskide bat.

        — Gino berriro ikusi al dun?

        — Behin ere ez.

        Ingurura begiratu zuen zeharka: — Ez zekinat zergatik, aspaldi honetan iruditzen zaidan atzetik dabilkidala norbait...; bi pertsona bakarrik izan zitezkeen salatu nautenak..., hi eta Gino.

        — Gino, eta zergatik? —galdetu nuen hortz artean. Baina taupada bizian neukan bihotza.

        — Bazekinan gauza hura urreginari eramango niola..., izena ere esan nionan...; seguru ez zekin neuk hil dudanik, baina erraz asko iger zezaken.

        — Ginori ez zaiok interesatzen hi salatzea..., bere burua ere salatuko likek horrela.

        — Horixe bera uste dinat nik —esan zuen hortz artean.

        — Eta ni, ba... —jarraitu nuen nire ahotsik lasaienarekin—, seguru egon haiteke nik ez dudala ezer esan..., ez nauk ero bat..., neu ere sartuko nindukek barrura.

        — Horixe espero dinat, hire onerako —erantzun zuen mehatxuka. Eta gero erantsi: — Gino une batez ikusi dinat berriro...; horrela, txantxetan, gauza asko zekizkiela esan zidanan..., ez nagon lasai..., urde zikin bat dun.

        — Gau hartan oso gaizki erabili huen egiatan, eta gorroto dik, noski—. Hitz egiten ari nintzen bitartean, ia-ia Ginok benetan salatu izan espero nuela konturatu nintzen.

        — Kolpe ona izan zunan —esan zuen, harrotasun ilun batez—; pare bat egunetan minduta izan ninan eskua.

        — Ginok ez hau salatuko —esan nuen azkenik—, ez zaiok komeni..., eta, gainera, beldur handia dik.

        Bata bestearen ondoan genbiltzala ari ginen hizketan, elkarri begiratu gabe, ahots motelez. Ilunabarra zen, behe-laino urdinxka batek inguratzen zituen harresi ilunak, platano arbolen adar zuriak, etxe horixkak eta kale zabaleko ikusbitarte urruna. Atarira iritsi ginenean, lehen aldiz izan nuen Mino traizionatzeko sentsazio oso-osoa. Sonzogno beste gizon bat baino ez zela pentsatuz engainatu nahi izango nukeen neure burua; baina banekien ez zela egia. Atarira sartu eta atea bildu nuen berriro, eta han, ilunpe hartan, geratu eta Sonzognoren aldera bueltatu nintzen. — Begira —esan nion—, hobe da joaten bazara.

        — Zergatik?

        Egia osoa esan nahi izan nion, ematen zidan beldurra gorabehera: — Beste gizon bat maite dudalako, eta ez dudalako traizionatu nahi.

        — Nor? Tranbian zegoen hura?

        Minorengatik beldurtu, eta azkar erantzun nuen: — Ez..., beste bat..., ez duk ezagutzen...; eta orain, mesedez, utz nazak, joan hadi.

        — Eta joan nahi ez badinat?

        — Baina ez al duk ulertzen gauza batzuk ezin direla indarrez lortu?... —hasi nintzen esaten. Baina ezin amaitu. Ez dakit nola, ilunpe hartan, ez bera, ez mugimendua ere ikusi ezinik, zaplazteko ikaragarri bat iritsi zitzaidan aurpegira. — Segi hortik! —esan zuen gero.

        Azkar abiatu nintzen eskaileretarantz, burumakur. Berriro heldu zidan besotik, eta maila bakoitzean eusten zidan, eta ia iruditzen zitzaidan lurretik altxatzen eta hegan eramaten ninduela. Masaila sultan neukan; baina, batez ere, susmo beltz batek ikaratuta nengoen. Belarrondoko harekin, susmatzen nuen, azken garaietako erritmo zoriontsua eteten zen eta niretzat berriz hasten ziren larritasunak eta ikarak. Etsipen handi bat sentitu eta, ez bat eta ez bi, igartzen ari nintzen patuari ihes egitea erabaki nuen. Egun hartantxe alde egingo nuen etxetik, beste nonbait hartuko nuen aterpea, Gisellaren etxean edo errentan hartutako gelaren batean.

        Hainbeste su eta hainbeste gar jartzen nuen hori pentsatzean, non ia ez bainintzen konturatu etxera sartu, ezkaratzera igaro eta nire gelara joan nintzela. Ohe ertzean aurkitu nintzen, edo esnatu esan beharko nuke, Sonzognok, gizon artatsuaren bere mugimendu zehatz eta harroekin, jantziak banan-banan erantzi eta hurrenez hurren aulkitxo baten gainean jartzen zituen bitartean. Amorrazioa pasatuta zuen, eta lasai-lasai esan zidan: — Lehenago etorri nahi izango ninan..., baina ezin izan dinat...; hitaz beti pentsatu dinat, hala ere.

        — Zer pentsatu duk? —galdetu nuen itsu-itsuan.

        — Bata bestearentzat eginak garela —geratu egin zen, txalekoa eskuan zuela, eta aurrera jarraitu zuen, halako doinu berezi batez—; are gehiago, zerbait proposatzera etorri naiz.

        — Zer?

        — Dirua bazeukanat..., Milanora joango gaitun elkarrekin, lagun asko zeuzkanat han...; garaje bat jarri nahi dinat..., eta gero Milanon ezkondu ahalko gaitun.

        Barrutik den-dena desegiten nintzela sentitu, eta flakiak jota, begiak itxi nituen. Ginoren ondoren, ezkontzea proposatzen zidaten lehen aldia zen, eta Sonzogno zen proposamen hori egiten zidana. Hainbeste irrikatu bizitza normal bat, senarrarekin eta umeekin, eta horra non eskaintzen zitzaidan. Baina halako azal huts batera murriztutako normaltasun bat, zeinen barruan dena anormala eta ikaragarria baitzen. — Zergatik, ordea? —esan nuen ahulki—. Apenas ezagutzen dugun elkar, behin baino ez nauk ikusi...

        — Hik baino hobeto ez nau inork ezagutzen... —erantzun zuen nire ondoan eseriz eta gerritik helduz—, dena dakizu nitaz.

        Hunkituta zegoela pasatu zitzaidan burutik, maite ninduela erakutsi nahi zidala eta nik maitatu behar nuela. Baina irudipenez bezala, ezerk ez zuelako bere jokamoldean horrelako sentimendurik nabarmentzen uzten. — Ez zekiat ezer hitaz —esan nuen ahapetik—, gizon hura hil huela baino ez zekiat.

        — Eta gainera —jarraitu zuen, bere buruarekin hizketan bezala—, nekatuta nagon bakarrik bizitzeaz...; bakarrik egonda, azkenik erokeriaren bat egiten dun.

        Isilaldi baten ondoren, nik: — Horrela, ahotik hortzera, ezin diat erantzun bai edo ez... Utzidak pentsatzeko denbora.

        — Pentsatu, pentsatu... —erantzun zuen hortz artean, baita ni harritu ere horrekin—, ez zegon presarik gainera—. Gero, nire ondotik altxatu eta berriz janzten hasi zen.

        Hunkituta nengoen bere «Bata bestearentzat eginak gaitun» harekin, eta, funtsean, zuzen ez ote zegoen galdetzen nion neure buruari. Zer espero nezakeen nik orduan, bera bezalako gizon bat ez bazen? Eta, bestalde, ez al zen egia lotura ilun batek, nik ezagutu eta beldurrez espero nuenak, lotzen ninduela berarengana? Burua etsipenez mugitzen eta apal-apal «Ihes egin, ihes egin» esaten ari nintzela ohartu nintzen harrituta. — Milanora... —esan nuen, ahoa txistuz bete zidan ahots argi batez—, baina ez al hago bila joango ez ote zaizkian beldurrez?

        — Esateagatik esan dinat...; egiatan, existitzen naizenik ere ez zekiten.

        Halako batean, gorputz atalak astun bihurtzen zizkidan ahultasuna joan, eta oso indartsua eta oso adoretsua nintzela iruditu zitzaidan. Zutitu, soingainekoa erantzi eta kakoan eskegitzera joan nintzen. Egin ohi nuen bezala, giltzari buelta eman eta gero, urrats motelekin, leiho ondora joan eta leihatilak itxi nituen. Gero, ispilu aurrean tente, gerruntzeko botoiak askatzen hasi nintzen, behetik gora. Eta ia segituan gelditu eta Sonzognoren aldera bueltatu nintzen. Ohe ertzean eserita zegoen eta zapata-sokak askatzeko makurtzen ari zen. — Itxaron apur bat... —esan nuen, ezaxolatu ahotsa jarriz—, pertsona batek etorri behar zian, hobe duk amari abisatzen badiot bidal dezala—. Ez zuen ezer erantzun, ez eta horretarako astirik eduki ere. Logelatik irten, nire atzean atea itxi eta egongelara pasatu nintzen.

        Ama makinaz josten ari zen leiho ondoan; aspaldi hartan, ez aspertzearren, lanen bat egiten hasia zen berriro. — Hots egidazu Gisellaren edo Zelindaren etxera..., bihar goizean —esan nion azkar, ahapetik. Zelinda hiriko erdialdean logelak errentan jartzen zituen bat zen, noizean behin harengana joaten nintzen nire maitaleekin, eta amak ere ezagutzen zuen.

        — Zergatik ba?

        — Banoa hemendik —esan nuen—, horko horrek nitaz galdetzen duenean..., esaiozu ez dakizula ezer.

        Ama aho zabalik geratu zen, niri begira, zenbait urte lehenago nirea izan zen larruzko jaka txiki bat, guztiz soildua, kako batetik jasotzen nuen bitartean. — Batez ere, ez esan nora joan naizen —erantsi nuen—, ni hiltzeko kapaz litzateke.

        — Baina...

        — Sosak betiko lekuan daude..., orain, mesedez..., ez ezazu ezer esan eta hots egin bihar goizean—. Presaka irten, hanka-puntetan ezkaratzeraino ibili eta eskaileretatik jaisten hasi nintzen.

        Kalean nengoela, korrika hasi nintzen. Banekien ordu hartan Mino etxean egoten zela, eta garaiz iritsi nahi nuen, lagunekin afaltzera irten zedin baino lehen. Plazaraino korrika egin, taxi bat hartu eta Minoren helbidea esan nuen. Taxia zebilen bitartean, halako batean, Sonzognorengandik ez, baizik eta, batez ere, neure buruarengandik ihes egiten nuela konturatu nintzen, indarkeria hark eta amorru hark ilunki erakarrita sentitzen bainintzen. Sonzognok eduki ninduen estreinako eta, aldi berean, azkeneko aldian bota nuen garrasi lazgarria, ikara eta plazeraren artekoa, gogoratu, eta neure artean esan nuen ordura arte gizon bakar batek ere, ezta Minok ere, jakin ez zuen eran menderatu ninduela behin betirako. Bai, derrigorrez onartu behar izan nuen azkenik: egiatan bata bestearentzat eginak ginen, baina burua jira-biraka jartzen dion, begiak lausotzen dizkion eta, azkenik, hondo zorabiagarri baterantz botatzen duen amildegiarentzat gorputza nola egina dagoen, eta halaxe, ordea.

        Eskailerak binaka igo, arnaska iritsi, eta Minori buruz galde egin nion atea irekitzera etorri zitzaidan neskame zaharrari.

        Ikaratu aurpegia jarriz begiratu zidan, gero, ezer esan gabe, ni ate ondoan utzirik alde egin zuen.

        Minori abisatzera joan zela pentsatu nuen, ezkaratzean sartu eta atea itxi nuen.

        Orduan zurrumurru moduko bat entzun nuen ezkaratza pasabidetik bereizten zuen oihalaren atzean. Gero, oihala altxatu, eta Medolaghi alarguna azaldu zen. Ahaztua neukan, ikusi nuen lehen eta azken alditik. Bere itxura beltz sendoa eta bere hildako-aurpegi zuria, begien mozorro beltzak zeharkaturik, ustekabean nire aurrean sortzean, ikaratu egin nintzen, ez dakit zergatik, agerkunde beldurgarri baten aurrez aurre aurkitu izan banintz bezala. — Diodati jaunaren bila al zatoz? —galdetu zuen berehala, geratuz eta urrundik hitz eginez.

        — Bai.

        — Atxilotu egin dute.

        Ez nuen ondo ulertu; ez dakit zergatik, atxiloketa hura Sonzognoren krimenarekin loturik zegoela bururatu, hitz totelka hasi nintzen: — Atxilotu?... Baina berak ez du zerikusirik!

        — Ez dakit ezer —esan zuen—, bakarrik, etorri direla, miatu dutela eta atxilotuta eraman dutela—. Bere nahigabetu aurpegia ikusirik, ez zidala ezer esango konturatu nintzen; — Baina zergatik? —galdetu nion, hala ere.

        — Andereño, esan dizut ez dakidala ezer.

        — Baina nora eraman dute?

        — Ez dakit ezer.

        — Baina esadazu behintzat enkarguren bat utzi ote duen.

        Une hartan erantzun ere ez zuen egin, baina, buelta emanda, handitasun iraindu eta zorrotz batez, dei egin zuen: — Diomira!

        Ikaratu aurpegia zeukan neskame zaharra azaldu zen berriro. Etxekoandreak atea seinalatu zion eta, oihala altxatuz eta joatekoa eginez, esan: — Lagundu andereñoa—. Oihala berriro erori zen.

        Eskaileretatik jaitsi eta kalera irten ondoren bakarrik ulertu nuen azkenik Minoren atxiloketa eta Sonzognoren krimena gauza desberdinak zirela, batak bestearekin ikustekorik ez zutenak. Egia esanda, bata eta bestea batzen zituen lotura bakarra nire ikara zen. Ustekabean hainbeste zoritxar pilatzean, bere dohain guztiak batera eskaintzen zizkidan patuaren oparotasuna aitortu behar nuen; fruiturik desberdinenak batera ontzen dituen sasoi egokiaren antzera. Eta, esaera zaharrak dioen bezala, egia da benetan gaitzak ez datozela inoiz bakarka. Hori pentsatu baino areago, sumatu egiten nuen, irudipenezko kazkabarraren azpian buru-bizkarrak makurtuz, kalez kale nenbilen bitartean.

        Jakina, laguntza eskatzeko, Astarita izan zen burura etorri zitzaidan lehen pertsona. Buruz nekien bere bulegoko zenbakia; kalean topatu nuen lehen kafetegian sartu eta zenbakia markatu nuen. Telefonoak deia egin zuen, baina inork ez zuen hartu. Behin eta berriro zenbakia markatu, eta azkenik etsi nuen Astarita ez zegoela. Afaltzera aterako zen, eta beranduago itzuli beharko zuen. Hori banekien, baina, gertatu ohi den bezala, aldi hartantxe, salbuespen gisa, bulegoan aurkituko nuela espero izan nuen.

        Erlojua begiratu nuen. Arratsaldeko zortziak ziren, eta Astarita hamarrak baino lehen ez zen itzuliko bulegora. Zutik nengoen kale kantoi batean, nire aurrean zubi baten gainalde biribila zabaltzen zen, eta kaleko jendea etengabe agertzen zen haren gainean, bakarka edo taldeka, eta hegan iristen zitzaidan ondora, beltz eta presaka, haize erauntsi etengabe batek harrotutako orbela bezala. Baina zubiaz bestaldean, lerro-lerro jarritako etxeek lasaitasun sentsazioa ematen zuten, beren leiho argitu guztiekin, eta haien barruan mahaien eta beste altzarien artean atzera eta aurrera zebilen jendearekin. Mino ustez eraman zuten polizia-buruzagitza nagusitik oso urruti ez nengoela pasatu zitzaidan burutik, eta, itxura txarreko burutazioa zela jakin arren, hara zuzenean argitasunak eskatzera joatea erabaki nuen. Aldez aurretik banekien ez zidatela argitasunik emango; baina ez zidan axola, bere alde zerbait egin nahi nuen, besterik ez.

        Zeharkale batzuetatik abiatu nintzen, arin ibiliz hormen ondo-ondotik, buruzagitzara iritsi, maila bakan batzuk igo eta barrura sartu nintzen. Aulki batean etzanik, oinak beste aulki baten gainean eta kapela mahaian zuela, egunkaria irakurtzen ari zen guardia batek nora ote nindoan galdetu zidan atezaintzako kabinatik.

        — Atzerritarrentzako bulegora —erantzun nuen. Buruzagitzako bulego ugarietako bat zen, eta behin Astaritari entzun nion aipatzen, ez dakit zergatik.

        Ez nekien nora nindoan, zerbait egin behar eta eskailera zikin eta gaizki argitutako batzuetatik igotzen hasi nintzen. Etengabe topatzen nintzen gora edo behera, eskuak paperez beteta zituztela zebiltzan enplegatu edo guardia uniformedunekin, eta hormaren ondo-ondoan geratzen nintzen, lekurik ilunenean, burumakur. Eskaileraburu bakoitzean pasabide baxu, zikin eta ilunak begiztatzen nituen, eta jendea alde batetik bestera, argi apur batzuk, zabaldutako ateak, gelak eta gelak. Buruzagitzak lanez gainezka dagoen erlategi bat ematen zuen egiatan, baina bertan bizi ziren erleak, jakina, ez ziren lore gainean pausatzen, eta haien eztia, lehen aldiz dastatzen nuena, usain txarrekoa zen, beltza eta oso mingotsa. Hirugarren solairuan, etsiturik, pasabideetako batetik sartu nintzen, zerbait egitearren. Inork ez zidan begiratzen, inor ez zen nitaz arduratzen. Pasabideko bi aldeetan hainbat eta hainbat ate ageri ziren lerro-lerro, zabalik gehienak, eta haien ondoan uniformea jantzitako guardiak zeuden, lasto-aulkietan eserita, erretzen eta berriketan. Gelen barruan, gero, ikuskizun berbera beti: paper-zorroz beteriko apalategiak eta apalategiak, mahaia, eta haren atzean guardia bana, luma eskuan. Pasabidea ez zen zuzena, pixka bat saihesten zen alde batera, eta hala, berandu gabe ez nekien non nengoen. Tarteka, pasabidea baxuago bihurtu, eta orduan hiruzpalau maila igo edo jaitsi beharra zegoen; edo, bestela, guztiz antzeko beste pasabide batzuekin gurutzatzen zen, eta han ageri ziren zabaldutako ate gehiago lerro-lerro, guardia gehiago ate ondoan eserita, eta argi gehiago. Nahastuta nengoen, eta halako batean atzera itzuli, eta ibilitako pasabide-zati batetik berriz nenbilela iruditu zitzaidan. Uxier bat handik igaro, eta han galdetu nion, itsu-itsuan: — Buruzagi-ordea, mesedez?—, eta berak ezer esan gabe seinalatu zidan atzamarrez, oso urruti ez, bi ate artean zabaltzen zen pasabide ilun bat. Pasabide hartara joan, lau maila jaitsi, eta pasabide estu-estu eta baxu batetik sartu nintzen. Bien bitartean, bukaera aldean, hodi moduko hura angelu zuzena eginez saihesten zen lekuan, ate bat zabaldu eta bi gizon agertu ziren, niri bizkarra emanez eta ertzerantz ibiliz. Haietako batek eskumuturretik heltzen zion besteari, eta une batez azken hori Mino zela iruditu zitzaidan. — Mino! —oihukatu nuen orduan, korrika hasteaz batera.

        Ez nuen haien ondora iristeko astirik izan, baten batek beso batetik harrapatu ninduelako. Guardia oso gazte bat zen, aurpegi beltzaran eta zorrotzekoa, kapela alde baterantz makurtua zuena ile beltz eta kizkur mataza handi baten gainean. — Zer nahi duzu? Noren bila zabiltza? —galdetu zuen.

        Oihu egin nuenean, bi haiek nire aldera itzuli eta oker ibili nintzela konturatu nintzen. — Nire lagun bat atxilotu dute... —esan nuen arnasestuka—, hona ekarri ote duten jakin nahi nuen.

        — Nola du izena? —galdetu zuen guardiak, ni askatu gabe, zalantzarik gabeko nagusitasun batez.

        — Giacomo Diodati.

        — Eta zer egiten du?

        — Estudiantea da.

        — Eta noiz atxilotu dute?

        Bat-batean konturatu nintzenez, bere burua goratzeagatik egiten zizkidan galdera guzti haiek, eta ez zekien ezer. — Baina, hainbeste gauza galdetu ordez..., esadazu non dagoen! —esan nuen sumindurik.

        Pasabidean geunden, bakarrik; berak ingurura begiratu, eta gero, bere besoen artean estutuz, elkar adituaren ahots harroaz hauxe esan zidan, xuxurlaturik: — Estudianteaz, gero arduratuko gara..., baina bitartean, eman musu bat.

        — Baina utzi joaten..., ez denbora galdu arazi! —oihukatu nuen amorraturik. Bultza egin, korrika atera, beste pasabide batetik sartu, eta ate bat zabalik ikusi nuen, eta haren atzean gela bat, besteak baino zabalagoa, atzeko aldean idazmahai bat zuena; mahai atzean, gizon heldu bat zegoen eserita. Sartu, eta arnas batean galde egin nuen: — Jakin nahi nuke nora eraman duten Diodati estudiantea..., gaur arratsaldean atxilotu dute.

        Gizonak gainean egunkari bat zabalik zeukan idazmahaitik begiak altxatu eta harrituta begiratu zidan: — Jakin nahi zenuke...

        — Bai, nora eraman duten gaur arratsaldean atxilotu duten Diodati estudiantea.

        — Baina nor zara zu..., nork utzi dizu sartzen?

        — Ez arduratu horretaz..., esan bakarrik non dagoen.

        — Baina nor zara? —errepikatu zuen, oihuka eta ukabilkada bat emanez mahaian—. Nola ausartu zara? Ba al dakizu non zauden?

        Ezer ez nuela jakingo konturatu nintzen bat-batean; eta, aldiz, neu ere atxilotua izateko arriskua zegoela: orduan ezingo nuen Astaritarekin hitz egin, eta Mino barruan geratuko zen. — Ez du axola —hasi nintzen esaten, atzera eginez—, oker bat izan da..., barkatu.

        Nire aitzakia haiek aurreko galderek baino areago amorrarazi zuten. Baina ordurako ate ondoan nengoen. — Sartzean edo irtetean agur faxista egin behar da! —oihukatu zuen, bere buru gainean eskegitako txartel bat seinalatuz. Keinu bat egin nuen buruaz, arrazoia zuela esateko bezala, egia zela, agur faxista eginez sartu eta irten behar zela; eta, atzeraka ibiliz, gelatik irten nintzen. Pasabide guztia ibili, buelta bat eman eta azkenik, eskailerak topatu nituenean, presaka jaitsi nintzen. Atezaintza aurretik igaro, eta kalera irten nintzen.

        Poliziaren eraikuntzan sartu izanaren ondorio bakarra denbora pixka bat pasatzea izan zen. Kontuak atera nituen: Astaritaren ministeriorantz poliki-poliki abiatuz gero, hiru ordu laurden edo beharbada ordubete emango nuen. Gero, han, ministerio ondoko kafetegi batean eseri, eta hogei minuturen buruan Astaritari hots egingo nion telefonoz, eta beharbada aurkituko nuen.

        Nenbilen bitartean, Minoren atxiloketa Astaritaren mendeku ere izan zitekeela pasatu zitzaidan burutik. Berak kargu garrantzitsu bat betetzen zuen, hain zuzen, Mino atxilotu zuen polizia politiko hartan; aspalditik zeuden Minoren zelatan, noski, eta bazekiten berarekiko nire harremanen berri; ez zen inola ere ezinezko gauza espedientea Astaritaren eskuetatik igaro, eta berak, jeloskortasunagatik, Mino atxilotzeko agindua eman izana. Hori pentsatzean, Astaritaren kontrako sumin antzeko zerbait sortu zitzaidan. Banekien artean maiteminduta zegoela nitaz, eta nire susmoak arrazoizkoak zirela egiaztatu orduko, bere gaiztakeria hargatik ordain oso mingotsa ateratzeko gai sentitu nintzen. Baina aldi berean ulertzen nuen, beldurrez gainera, gauzak beharbada ez zirela nik uste bezala, eta gizon sentibera eta grinatsu baten izaera ez, baizik eta ongi muntaturiko makina batena zeukan aurpegirik gabeko etsai ilun baten aurka borrokatzera nindoala nire arma ahulekin.

        Ministerio parera iristean, kafetegi batean esertzeko burutazioa baztertu, eta telefonora joan nintzen zuzen-zuzen. Aldi hartan, lehen deiarekin norbaitek hartu zuen telefonoa, eta Astaritaren ahotsak erantzun zidan.

        — Adriana naiz —esan nuen biziro—, eta ikusi nahi zaitut.

        — Oraintxe?

        — Berehala..., premiazko gauza bategatik..., ministerio azpian nago.

        Une batez hausnartu edo, eta gero joateko esan zidan. Astaritaren ministerioko eskaileretatik bigarren aldiz igotzen nintzen; baina lehendabizikoaren aldean, oso bestelako tenplearekin. Lehen aldian Astaritaren xantaiaren beldur nengoen, Ginorekiko ezkontza hondatuko ote zidan beldur, pobre guztiek polizi giroan haien buru gainean zintzilik sentitzen duten nolabaiteko mehatxuaren beldur. Harako hartan, aldiz, bihotza erdibituta nuela joan nintzen, arima dardarka nuela. Izpiritu oldarkorra neukan, Astaritari neuk xantaia egiteko asmoz, Mino berriz edukitzearren edozein bide erabiltzera erabakita. Baina nire oldarkortasuna ezin zitekeen Minorekiko maitasunagatik bakarrik azaldu. Astaritarekiko, bere ministerioarekiko, arazo politikoekiko, eta, Mino politikaz arduratzen zen neurrian, Minorekiko berarekiko mespretxua ere sartzen zen nire oldarkortasun hartan. Politikaz ez nekien ezer, baina, nire ezjakintasun haretxegatik beharbada, politika gauza barregarria eta garrantzirik gabekoa iruditzen zitzaidan, Minorekiko nire maitasunaren aldean. Ikusten ninduen edo, bakar-bakarrik, entzuten zidan bakoitzean, Astarita totelka hasten zela gogoratu nintzen, eta atseginez pentsatu nuen ez zela totelka hasiko, noski, bere nagusi baten aurrean azaltzen zenean, ezta Mussoliniren beraren aurrean ere. Pentsamendu guzti haiekin, bizkor nenbilen ministerioko pasabide luze-zabaletatik, eta parean topatzen nituen enplegatuei erdeinuz begiratzen niela konturatzen nintzen. Besapean estuturik zeramatzaten karpeta gorri-berdeak harrapatu, airera bota, eta debekuz eta bidegabekeriaz beteriko orri haiek han eta hemen barreiatzeko gogo handia neukan. Gelaurrean, uxier bat ondora etorri zitzaidan; — Astarita doktorearekin hitz egin behar dut..., bizkor... —esan nion presaka, aginduz—, berarekin geratuta nago..., eta ezin dut itxaron—. Harrituta begiratu zidan, baina ez zen protestatzera ausartu, eta han nengoela esatera joan zen.

        Ikusi ninduenean, Astaritak ondora etorri, eskuan mun eman eta gela barruko diban baterantz eraman ninduen. Lehendabiziko aldian ere horrela hartu ninduen, eta uste dut berdin egiten zuela bulegora joaten zitzaizkion emakume guztiekin. Bularrean lehertzeko zorian neukan suminari ahal bezala eutsi, eta esan nuen: — Begira, Mino atxilotzeko agindu baduzu..., aterarazi berehala..., bestela ez nauzu berriro inoiz ikusiko, egon seguru.

        Bere aurpegian harridura handi bat eta hausnarketa gogaikarri bat margotzen zirela ikusi, eta ezer ez zekiela ulertu nuen. — Baina, itxaron, ze arraio, zein da Mino hori? —galdetu zuen totelka.

        — Uste nuen bazenekiela —esan nuen. Eta ahal bezain labur, Minorekiko nire maitasunaren istorioa kontatu nion, bai eta nola atxilotu zuten arratsalde hartan bere etxean. Mino maite nuela esatean kolorea aldatzen zitzaiola ikusi nuen, baina nahiago izan nuen egia esan, eta ez bakarrik gezurra esanez gero Mino kaltetzeko beldurrez, baizik eta, baita ere, guztiei nire maitasuna oihukatzeko irrika bizia nuelako. Orain, Astaritak Minoren atxiloketarekin zerikusirik ez zuela jakin ondoren, ordura arte zutik eduki ninduen sumina erori, eta berriro armarik gabe eta ahul sentitzen nintzen. Horrela, ahots sendo eta biziaz hasi nuen nire kontakizuna, eta amaitu, ia kexuz amaitu nuen. Begiak malkoz bete eta gutxi egin zitzaizkidan, estu eta larri hau esan nuenean: — Eta gainera ez dakit zer egingo dioten..., egurra ematen omen diete.

        Astaritak bertan moztu zidan: — Egon lasai..., langile bati, beharbada..., baina estudiante bati...

        — Baina nik ez dut nahi..., ez dut nahi bera barruan egoterik —oihukatu nuen, negar ahotsez.

        Gero isilik geratu ginen biok. Nik neure bihozmina menperatzeko ahaleginak egiten nituen eta Astarita niri begira zegoen. Lehen aldiz ez zirudien eskatzen nion mesedea egiteko prest zegoenik. Baina bere nazka hartan zerikusia izango zuen berarekin ez beste gizon batekin maiteminduta nengoela jakiteak ematen zion nahigabeak. — Ateratzen uzten badiozu... —gaineratu nuen, esku bat bere esku baten gainean jarriz—, hitz ematen dizut nahi duzun guztia egingo dudala.

        Erabakirik hartu gabe begiratzen zidan, eta nik, horretarako tenplerik ez izan arren, aurreratu eta ezpainak eskainiz, honela esan nion: — Orduan..., egingo didazu mesede hori?

        Begira geratu zitzaidan, musu emateko tentazioaz eta, aldi berean, lausengu hutsagatik eskainitako musu haren esanahi umiliagarriaren jakinaren gainean, aurpegia negarrez bustirik zuela. Gero atzera bultza egin zidan, salto batez zutitu, itxaroteko esan eta joan zen.

        Ordurako seguru nengoen Astaritak lortuko zuela Mino aske uztea. Eta gauza horietan ezjakina izanik, han imajinatzen nuen komisari esaneko bati haserre ahotsez deitu eta Giacomo Diodati estudiantea berehala libre uzteko agindua ematen zuela. Luzetsita, minutuak zenbatzen nituen; Astarita berriz agertu zenean, zutik jarri nintzen, eskerrak eman eta Minoren bila korrika ateratzeko asmotan.

        Baina Astaritak halako aurpegiera berezi bat zeukan, ez oso atsegina, atsekabez eta malezia-amorruz nahastua. — Atxilotu dutela diozu? —esan zuen lehor—, tiro egin die agenteei, eta gero ihesi atera da..., agenteetako bat hil zorian dago ospitalean...; orain, harrapatzen badute, eta harrapatuko dute, jakina, ezin dut ezer egin bere alde.

        Arnasarik gabe geratu nintzen, harriduragatik. Batez ere, errebolberretik balak atera nituela gogoratzen nintzelako; baina egia zen berriz ere karga zezakeela nik ezer jakin gabe. Gero, bigarren une batean, poz handi batek hartu ninduen, eta poz hori era askotako sentimenduetatik sortua zen, berehala konturatu nintzenez. Mino libre zegoela jakiteak ematen zidan poza, alde batetik; bestetik, hala ere, agente bat hil zuela jakiteak ere pozten ninduen, funtsean, lehenago inola ere ez nuelako uste horretarako gauza izango zenik; erabat aldatzen zuen horrek ordura arte berari buruz neukan ustea. Miretsita ikusi nuen nola nire arimak, beti indarkeria ororen etsai izanik, kemen handi eta gogorrez txalotzen zuen Minoren ekintza larria; lehenagoko batean Sonzognoren krimena nire irudimenaz berregitean sentitu nuen atsegin itzalezin berbera zen, funtsean; baina oraingo honetan, aldiz, zuribide moral antzeko zerbaitek lagundua. Gero, laster aurkituko nuela, eta gordeleku bila elkarrekin ihesi aterako ginela pentsatu nuen; beharbada, atzerrira joango ginela, bai bainekien iheslari politikoei harrera ona egiten zitzaiela han; eta bihotza itxaropenez bete egin zitzaidan. Orduan pentsatu nuen bizitza berri bat hastear zegoela, beharbada, niretzat, eta nire bizi berri hori Minori eta bere adoreari zor niela esan nuen nire arterako, eta beraganako eskerronez eta maitasunez beterik sentitu nintzen. Bien bitartean, Astarita aurrera eta atzera zebilen gelan, amorratu itxuraz, noiz edo noiz geratuz mahai gaineko zerbait lekuz aldatzeko. — Badirudi atxilotu dutenean, adorea hartu, tiro egin eta ihes egin duela —esan nuen, lasai-lasai.

        Astaritak gelditu eta begiratu egin zidan, aurpegi osoa imintzio itsusi batez zimurtuz. — Pozik zaude, ez?

        — Ongi egin du agente hori hiltzean —esan nuen zintzoki—, horrek barrura eraman nahi zuen..., zerorrek ere berdin egingo zenukeen.

        — Ni ez naiz politikaz arduratzen... —erantzun zuen ahots gogaikarri batez—, eta agente hura bere eginbeharra betetzen ari zen, besterik ez..., agente hark emaztea eta seme-alabak zituen.

        — Bera politikaz arduratzen bada —erantzun nuen—, bere arrazoiak izango ditu, nonbait..., eta agenteak pentsatu behar zuen gizon batek, kartzelara sartu baino lehen, edozer egiten duela..., harentzat okerrago.

        Mino hiriko kaleetatik ikusten nuela iruditu eta lasai nengoen, eta bere gordelekutik deitu eta berriz ikusiko nueneko uneaz gozatzen ari nintzen aldez aurretik. Nire patxadak bere senetik kanpo atera zuen Astarita, nonbait. — Baina topatu egingo dugu —oihukatu zuen bat-batean—, zer uste duzu, ez dugula aurkituko?

        — Nik ez dakit ezer..., pozik nago ihes egin duelako, hori da dena.

        — Aurkituko dugu, eta orduan seguru egon daiteke ez dela hain erraz aterako estualditik.

        — Ba al dakizu zergatik zauden horren haserre? —esan nion handik gutxira.

        — Ez nago inondik inora haserre.

        — Espero zenuelako atxilotuta egongo zela, horrela nirekin eta berarekin zeinen eskuzabala zaren erakusteko..., baina ihes egin dizu..., eta horrexek amorratzen zaitu.

        Amorraturik sorbaldak jasotzen zituela ikusi nuen. Gero telefonoak hots egin eta Astaritak, eztabaida gogaikarri bat eteteko aitzakia bilatzen duenaren antzera lasaitua hartuz, aparailua hartu zuen. Lehen hitzetan ikusi nuen nola bere aurpegiak, egun ekaiztsu batean ustekabeko eguzki errainu batek apurka-apurka argitzen duen paisaia baten antzera, hasierako aire haserre eta iluna baztertu eta itxura bareagoa bereganatzen zuen; eta hori, neuk ere ez nekien zergatik, zorigaitz seinale iruditu zitzaidan. Deiak luzetxo iraun zuen, baina Astaritak bai eta ez besterik ez zuen esan, eta, hartara, ez nuen ulertu zertaz ari zen. — Pena dut zuregatik —esan zuen gero, telefonoa eskegitzeaz batera—, baina oker bat zegoen estudiante horren atxiloketari buruzko lehen komunikazioan...; seguruago egotearren, buruzagitzak bai zure etxera, bai berera ere bidali ditu agenteak..., horrela batean edo bestean harrapatzea espero zuten...; eta, izan ere, logela alokatzen zion alargunaren etxean atxilotu dute...; zure etxean, ordea, agenteek gizon ilehori txiki bat aurkitu dute, iparraldeko azentua zuena eta, ikusi dituen orduko, eskatzen zizkioten dokumentuak erakutsi ordez, tiro egin eta ihes egin duena...; hasieran bera zela uste izan dute...; baina, bistan da, justiziarekin argitu beharrekoak dauzkan norbait zen.

        Alditxar batek hartzen ninduela sentitu nuen. Hortaz, Mino kartzelan zegoen; eta, gainera, Sonzognok uste zuen nik salatu nuela. Edonork pentsatuko zuen berak bezala, alde egiten nuela eta gero, berehala, agenteak iristen zirela ikustean. Mino kartzelan, eta Sonzogno mendekatu nahirik. Hain aztoratuta nengoen, non «Gaixoa, ni» baino ez bainuen esaten asmatu, aterantz lehen pausu bat egiten nuen bitartean.

        Oso zurbilduta egongo nintzen, ezen Astarita bere garailearen satisfazio itxura iluna bertan galdu, eta ondora etorrita, antsia handiz hasi zitzaidan: — Baina, orain, eseri..., hitz egin dezagun..., konpondu ezin denik ez dago.

        Burua mugitu eta eskua atean jarri nuen. Astaritak geldiarazi ninduen, eta totelka honela esan zidan: — Begira..., hitz ematen dizut ahal dudan guztia egingo dudala..., neuk egingo diot itaunketa..., eta gero, ezer larririk ez badago, ahalik eta azkarren libre uzteko aginduko dut...; ongi dago horrela?

        — Bai, ongi dago —erantzun nuen, ahots itzali batez. Eta, ahaleginak eginez, gaineratu: — Edozer egiten duzula ere, badakizu eskertu egingo dizudala.

        Banekien Astaritak benetan egingo zuela Mino askatzeko bere esku zegoen guztia; eta desio bakarra neukan: alde egin, ahalik eta lasterren atera bere ministerio beldurgarri hartatik. Baina berak, bere polizi eskrupuluaz: — Ahaztu baino lehen...; zure etxean topatu duten gizon haren beldur izateko arrazoirik baldin baduzu..., ba, esadazu bere izena..., horrela errazago harrapatuko dugu.

        — Ez dakit bere izena —erantzun, eta joatekoa egin nuen.

        — Dena dela —jarraitu zuen, etsi gabe—, hobe duzu zeure kasa komisariarengana joan eta..., dakizuna esatea...; haien esku jarri behar duzula esan eta alde egiten utziko dizute...; baina ez bazoaz, okerrago izango da zuretzat.

        Horrela egingo nuela erantzun eta agur egin nion. Ez zuen atea berehala itxi, handik begira geratu baitzitzaidan gelaurretik urruntzen nintzen bitartean.

 

 

 

© Alberto Moravia

© itzulpenarena: Koldo Biguri

 

 

"Alberto Moravia / Erromako emakumea" orrialde nagusia