ZAZPIGARREN ATALA

 

        Egun hartatik aurrera ohiko bizimoduarekin jarraitu nuen. Mino benetan maite nuen, eta behin baino gehiagotan izan nuen nire ogibidea bertan behera uzteko gogoa, egiazko maitasunaren hain kontrakoa izanik. Baina, maitasuna maitasun, nire egoera lehengo hartan zegoen, eta ni betiko moduan, hau da, dirurik gabe eta irabazteko bide hori baino ez nuela. Ez nuen Minoren dirurik nahi; gainera, berak ere ez zeukan askorik, etxekoek hirian egotekoa bidaltzen ziotelako justu-justu. Are gehiago, honetaz esan behar dut etengabe izaten nuela elkarrekin joaten ginen leku, kafetegi edo jatetxe guztietan ordaintzeko gogo itzalezina. Berak beti-beti uko egiten zion nire eskaintzari; eta aldi bakoitzean etsiturik eta mingosturik geratzen nintzen. Gero, dirurik ez zuenean, lorategi publikoetara eramaten ninduen, eta jarleku batean esertzen ginen hitz egitera eta kalekoei begiratzera, eskaleen antzera, hain zuzen. — Baina dirurik ez badaukazu ere —esan nion egun batean—, berdin-berdin joan gaitezke kafetegi batera..., neuk pagatuko dut..., axola al dizu?

        — Ezin daiteke.

        — Zergatik, baina? Nik kafetegi batera joan nahi dut zerbait edatera.

        — Zoaz bakarrik orduan.

        Egia esan, kafetegira joatea baino areago, beraren ordez ordaintzea zen axola zidana. Horretarako gogo handia, minbera eta tematia neukan; eta beraren ordez ordaintzea baino are gehiago ere, zuzen-zuzenean dirua eskuratu nahi izango nion, irabazten nuen diru guztia, aldi bateko nire maitaleengandik hartzen nuen neurrian. Nire maitasuna horrela bakarrik erakutsi ahalko niola iruditzen zitzaidan; baina horretaz gainera, bera mantenduz gero, nirekin oniritzi hutsa baino lotura indartsuago batez lotuko nuela ere pentsatzen nuen. — Izugarri gustatuko litzaidake zuri dirua ematea... —esan nion beste behin—, eta seguru nago zuri ere zertxobait gustatuko litzaizukeela jasotzea.

        Barreari eman zion, eta: — Gure harremanak —erantzun zuen—, niri dagokidanez behinik behin, ez daude gustuan oinarrituta.

        — Zertan ba, orduan?

        Esan ez esan egon zen, eta gero: — Ni maitatzeko zure nahian, eta nahi horren aurrean nik dudan ahulezian...; baina horrek ez du esan nahi nire ahulezia horrek mugarik ez duenik.

        — Zer esan nahi duzu?

        — Oso erraza da —erantzun zuen lasai—, eta askotan azaldu dizut...; zuk nahi izan duzulako gabiltza elkarrekin..., nik, aldiz, ez dut nahi izan, eta oraindik ere, teorian behintzat, ez nuke nahi.

        — Nahikoa, nahikoa —moztu nion—, ez dezagun hitz egin gure maitasunaz..., oker egin dut hortaz hitz egitean.

        Hainbat aldiz, bere izaeraz pentsatzean, azkenik ondorioz atera dut, minez atera ere, benetan ez ninduela maite eta, berarentzat, ez dakit zein esperimentutarako objektua baino ez nintzela. Egia esanda, bere buruagatik baino ez zen kezkatzen; baina, muga horien barruan, agerian zen bere izaera zeharo nahaspilatua zela. Nire ustez ulertarazi dudan bezala, probintziako etxe oneko semea zen, fina, bizkorra, ikasia, ongi hazia eta serioa. Bere familia, ulertu ahal izan nuen apurraren arabera, ez baitzitzaion hartaz hitz egitea gustatzen, nire normaltasun amets alferretan neu jaiotzeko nahi izango nukeen familia horietako bat zen. Betiko moduko familia bat, aita sendagile eta lur-jabea, ama oraindik gaztea eta etxean denbora luzean egoten zena, senarra eta seme-alabak baino ez buruan; hiru arreba, bera baino txikiagoak, eta anaia zaharrago bat. Aita, egia da, atarramendu gutxiko gizona zen, baina izen handikoa bere herrian; ama santu-jale samarra; arrebak dezente kaskarinak; eta anaia nagusia, Giancarlo adiskidearen mailako alproja bat; baina, azken finean, akats horiek guztiz errespetagarriak ziren, eta niri, hain bestelako egoeran eta hain jende desberdinaren artean jaioa izanik, ez zitzaizkidan akats ere iruditzen. Gainera, familia osoa bat eginda zegoen, eta denek, bai gurasoek eta bai anai-arrebek ere, biziki maite zuten Mino.

        Oso zorionekoa zela iruditzen zitzaidan, antzeko familia batean jaio zelako. Berak, ordea, ezin zuen bere familia ikusi, gorroto zion, ezin zuen eraman, niretzat ulertu ezinezko gauza. Eta bazirudien ezinikusi berbera, gorroto berbera eta ezin eraman berbera sentitzen zuela bere buruarekiko, bera zenarekiko eta egiten zuenarekiko. Baina bere buruaren kontrako gorroto hori bere etxekoen kontrako gorrotoaren isla baino ez zen, nonbait. Beste hitz batzuetan esanda, bazirudien bere baitan familiari loturik geratutako zati guztiari, edota famili giroaren eragina jasotakoari behintzat, gorroto ziola. Ongi hezia, ikasia, bizkorra, fina eta serioa zela esan dut. Baina arbuiatu egiten zituen bizkortasun hura, heziera on hura, jakintza hura, fintasun hura eta seriotasun hura, bera jaio eta hazia zen giroari eta familiari zor zizkielakoan bakarrik. — Baina, orduan —esan nion halako batean—, zer izan nahi zenuke? Guzti horiek gauza onak dira..., eskerrak eman beharko zenizkioke zeruari haiengatik.

        — Bai zera! —erantzun zuen hortz artean—, zertarako nahi ditut?... Neuk, behintzat, nahiago izango nuen Sonzogno bezalakoa izan.

        Oso hunkituta zegoen Sonzognoren istorioarekin, ez dakit zergatik. — Hauxe bai dela! —atera zitzaidan—, hura munstro bat da, eta zuk munstro baten antzekoa izan nahi?

        — Jakina, ez nuke erabat Sonzognoren antzekoa izan nahi —azaldu zuen lasai—, nire pentsamendua argitzeko bakarrik aipatu dut Sonzogno...; nolanahi ere, Sonzogno mundu honetan bizitzeko egina dago, eta ni ez.

        — Jakin nahi al zenuke —esan nuen nik orduan— zer izan nahi nukeen nik?

        — Entzun dezagun.

        — Nik —hasi nintzen esaten, aspalditik laztandutako nire amets bat beren barruan zeukaten hitzetako bakoitza dastatuz—, zu zarena eta izatea batere gustatzen ez zaizuna, horixe izan nahi nukeen..., zurea bezalako etxe aberats batean jaio nahi izango nukeen, heziketa ona jasotzeko...; zurea bezalako etxe eder txukun batean bizi nahi izango nukeen...; zuk bezala, maisu onak eta atzerriko umezainak eduki nahi izango nituzkeen...; uda kostaldean edo mendian pasatu nahi izango nukeen, zuk bezala..., eta soineko ederrak eduki, eta inoren etxera gonbidatua izatea, eta jendea nirera gonbidatzea...; eta, gero, maite nauen norbaitekin ezkondu nahi izango nukeen, lan egiten duen eta bera ere etxe onekoa den pertsona jator batekin..., eta pertsona horrekin bizi eta berarekin familia eduki nahi izango nukeen.

        Ohean etzanda ari ginen hizketan. Bat-batean, askotan egiten zuen bezala, nire gainera jauzi egin zidan, estutuz eta gogor erabiliz, eta behin eta berriz esanez: — Ederki, ederki, ederki..., alegia, Lobianco andrea bezalakoa izan nahi zenukeen.

        — Nor da Lobianco andrea? —galdetu nuen, harriturik eta zertxobait minduta.

        — Sorgin izugarri bat, bere etxera askotan gonbidatzen nauena bere alaba beldurgarriren batekin maitemindu eta ezkonduko naizelako itxaropenez... Ze ni, kaleko hitzetan esaten den bezala, partidu ona naiz.

        — Baina nik ez nuke Lobianco andrea bezalakoa izan nahi, mola ere.

        — Ba, derrigorrez izango zinen, esaten dituzun gauza guztiak izan bazenitu...; Lobianco andrea ere familia aberats batean jalo zen, heziera ezin hobea eman zioten, maisu onekin eta atzerriko umezainekin, eskolara eta baita, hori uste dut, unibertsitatera ere bidaliz...; bera ere hazi zen etxe eder txukun batean...; bera ere udaro joaten zen kostaldera eta mendira...; berak ere eduki ditu soineko ederrak, eta inoren etxera gonbidatu zuten, eta bere etxera ere gonbidatzen zuen jendea...; gonbidapen asko jaso eta gonbidapen asko egiten zituen...; bera ere ezkondu da gizon jator batekin, Lobianco injineruarekin, lan egiten duen eta etxera diru asko eramaten duen gizona, bera...; eta berak ere seme-alaba ugaritxo izan ditu senar horrekin, fidela eta guzti izan zaiola uste dut...; hiru neska eta mutil bat izan zituen..., eta, hala ere, esan dudan bezala, sorgin izugarri bat da.

        — Baina berez izango da sorgin bat..., edozein dela ere bere ingurua.

        — Ez, sorgina da bere adiskideak eta bere adiskideen adiskideak sorginak diren bezala.

        — Sorgina izango da —protestatu nuen, bere besarkada sarkastikotik askatzeko ahaleginetan—, baina norberak bere izateko modua du..., baliteke Lobianco andrea sorgin bat izatea..., baina seguru nago bere egoera hartan naizen baino hobea, askoz ere hobea aterako nintzela.

        — Lobianco andrea bezain izugarria aterako zinen.

        — Zergatik baina?

        — Hargatik.

        — Baina, ikus dezagun..., zure familia ere iruditzen al zaizu izugarria?

        — Zalantzarik gabe..., izugarri baino izugarriagoa.

        — Eta zu? Zu ere izugarria al zara?

        — Familiatik datozkidan zati guztietan, ni ere.

        — Baina zergatik?..., esadazu zergatik.

        — Hargatik.

        — Hori ez da erantzuna.

        — Erantzun hori bera emango lizuke Lobianco andreak —esan zuen—, halako galdera batzuk egingo bazenizkio.

        — Zein galdera?

        — Ez dago esan beharrik —erantzun zuen doinu arin batez—, galdera gaiztoak... «Hargatik» on batek, etsi-etsian esanda, sudurluzeenei ere ixten die ahoa..., hargatik..., ezergatik ere ez..., hargatik.

        — Ez dizut ulertzen.

        — Zer axola dio elkarri ulertzen ez badiogu ere, elkar maite badugu, maite dugun bezala? —amaitu zuen, bere era ironiko eta, funtsean, maitasunik gabekoan besarkatzen ninduelarik. Eta horrela amaitu ziren eztabaidak. Ezen, hala nola inoiz ez baitzuen bere burua erabat sentimenduaren mende uzten, eta beti zati bat beretzat gordetzen baitzuen, garrantzitsuena beharbada, bere maitasun-joera bakanei balio guztia kentzeko, era berean inoiz ez zidan erabat irekitzen bere burua, eta bere adimenaren erdi-erdira iristen nintzela iruditzen zitzaidan aldi bakoitzean, ziri batekin edo burlazko ekintza batekin botatzen ninduen atzera, nire arretatik ihes eginez. Benetan iheskorra zen, zentzu guztietan. Eta behe-mailako pertsona iruditzen zitzaidan, ia esperimentatzeko eta ikertzeko objektua. Baina beharbada horrexegatik maite nuen hain biziki, hainbesteko menpekotasunez, eta hain babesgabeki.

        Gainera, bere etxekoak eta bere giroa ez ezik, baita gizon-emakume guztiak ere gorroto zituela iruditzen zitzaidan inoiz edo behin. Beste egun batean, ez naiz gogoratzen zergatik, honako hau esan zuen: — Aberatsak izugarriak dira..., baina pobreak ez dira inondik ere hobeak, arrazoi desberdinengatik baina.

        — Hobe zenuke —esan nuen— zabal-zabal aitortuko bazenu gizon-emakume guztiak gorroto dituzula, bakar bati ere barkatu gabe.

        Barreari eman zion, eta: — Era abstraktuan —erantzun zuen—, haien artean ez nagoenean ez ditut gorroto..., are gehiago, hobetu ere egin daitezkeela pentsatu eta guzti egiten dut...; uste hori izango ez banu, ez nintzateke arduratuko politikaz...; baina, haien artean nagoenean, ikara ematen didate...; benetan —gaineratu zuen, halako batean, minez—, gizon-emakumeek ez dute ezer balio.

        — Gu ere gizon-emakumeak gara —esan nuen—, eta horregatik guk ere ez dugu ezer balio..., eta beraz ez dugu epaitzeko eskubiderik.

        Berak berriro barre egin eta honela erantzun zuen: — Baina nik ez ditut epaitzen..., sentitu egiten ditut..., edo, hobe esanda, usmatu egiten ditut..., zakur batek eper baten edo erbi baten arrastoa usmatzen duen bezala... Epaitzen al du zakurrak, beharbada? Usmatu egiten ditut, gaiztoak, ergelak, berekoiak, zikoitzak, arruntak, faltsuak, zirtzilak, zikinkeriaz beteak..., halaxe usmatzen ditut: sentimendu bat da...; ba al dago sentimendu bat indargabetzerik?

        Ez nuen jakin zer erantzun, eta: — Nik ez dut horrelako sentimendurik —besterik ez nion erantzun.

        — Gainera, gizon-emakumeak zintzoak izango dira, gaiztoak izango dira, ez dakit..., baina, zalantzarik gabe, alferrekoak dira, ez dira beharrezkoak...

        — Zer esan nahi duzu?

        — Esan nahi dut gizateria osoa bazterrera utz litekeela lasai-lasai..., alferreko haragia baino ez dira munduaren azalean..., karatxo bat...; mundua ederragoa izango litzateke gizon-emakumerik gabe, haien hiririk, kalerik, porturik gabe, haien antolabide txikirik gabe...; pentsa zeinen ederra izango litzatekeen mundua, bertan zerua, itsasoa, zuhaitzak, lurra eta animaliak baino izango ez balira.

        Barre egin nuen, ezinbestez, eta esan: — Bai burutazio bitxiak, zureak!

        — Gizateria —jarraitu zuen— hankarik eta bururik gabeko gauza da..., txarrerakoa erabat, baina..., gizateriaren historia asperrezko aharrausi luze bat baino ez da...; zertarako behar da?... Nire esku egon balitz, bazterrera utziko nukeen.

        — Baina zu ere —kontra egin nion— gizateria horren barruan zaude..., zeure burua ere utziko zenukeen bazterrera?

        — Neure burua batez ere.

        Kastitatea zen bere beste kasketa bat, are bitxiagoa, praktikan jartzen ahalegindu ez, eta plazera hondatzeko baino balio ez ziolako. Beti-beti goretsi egiten zuen, batez ere, minduta bezala, maitasuna egin ondoren. Berak zioenez, maitasuna arazo guztietatik libratzeko erarik inozo eta errazena baino ez zen, azpitik atera erazten zituelako, ezkutuka, inork erreparatu gabe, apopilo gogaikarriak zerbitzuko atetik atera erazten diren bezala. — Gero, egindakoa egin eta gero, paseatzera joaten da norbere kidekoarekin, emaztea izan edo maitalea izan, mundua den bezalaxe onartzeko prest..., daitekeen mundurik okerrena ere, beharbada.

        — Ez dizut ulertzen —esan nuen.

        — Ba —berak erantzun—, hau behintzat ulertu behar zenuen..., ez al da zure espezialitatea?

        Minduta sentitu eta honela esan nuen: — Nire espezialitatea, zuk diozun bezala, zu maitatzea da..., baina, nahi baduzu, ez dugu berriro inoiz egingo maitasuna...; berdin maitatuko zaitut.

        Barre egin zuen, eta galdetu: — Seguru-seguru al zaude?—; eta egun hartarako, amaitu zen kontu hura. Baina gero beste hainbat aldiz hasi zen berriro gauza berberak errepikatzen; eta horrela, azkenik, ez nien jaramonik egin, eta hori ere onartu nuen, kontraesanez beteriko bere izaeraren beste hainbat ezaugarri bezala.

        Politikaz, ordea, ez zidan inoiz hitz egiten, zeharka esandako gauza bakan batzuk alde batera utzirik. Oraindik ere ez dakit zein zen bere helburua, zeintzuk bere ideiak, zein alderditakoa zen. Horretaz ezjakina nintzen, bere bizitzaren zati hori isilpean zeramalako eta, neurri batean, ez nuelako politikaz ezer ulertzen eta, lotsagatik edo axolarik ezagatik, argitasunak eman ahalko zizkidaten azalpenak ez nizkiolako eskatzen. Gaizki egin nuen; eta Jainkoak daki gero damutu ez ote naizen. Baina orduan oso erosoa iruditzen zitzaidan nire ustez axola ez zidaten gauzetan ez nahastea eta maitasunaz bakarrik pentsatzea. Bestela esanda, beren gizonek etxera ekartzen duten dirua nola irabazten duten ere, askotan, ez dakiten beste hainbat emakumeren antzera, emazte zein maitale, jokatzen nuen. Beste hainbat aldiz topatu nintzen bere bi adiskideekin, ia egunero elkar ikusten baitzuten. Baina haiek ere ez zuten politikaz hitz egiten ni aurrean nengoela: txantxetan hasten ziren, edota garrantzirik gabeko gauzez jarduten zuten.

        Hala ere, ez nuen lortzen nire barrutik halako kezka sentimendu bat kentzea, gobernuaren kontrako azpilanetan aritzea arriskutsua zela konturatzen nintzelako. Mino istilu gogorren batean nahastuta gertatuko ote zen beldurrez egoten nintzen: nire ezjakinean, ezin nuen banatu azpilanaren ideia armen eta odolaren ideiatik. Are gehiago, honi dagokionez gogoan dut gertakari bat, ondo frogatzen duena nola tartean sartzeko beharra sentitzen nuen, era ilun batez halere, bera mehatxatzen zuten arriskuak uxatzearren. Banekien debekatuta zegoela armak soinean eramatea; eta legearen kontra armak eramate hutsa kartzelarekin zigortzen zela. Bestalde, halako momentu batzuetan oso erraza da burua galtzea, eta armak erabiltzeak askotan estutasunetan sartu ditu bestela salbatuko ziren pertsonak. Arrazoi horiengatik pentsatzen nuen Minok ez zuela ezertarako ere behar hainbeste harrotzen zuen errebolber hura, berak bestela esan arren, eta, gainera, zeharo arriskutsua izango zela, erabili beharrean aurkituz gero, edota, bakar-bakarrik, soinean zuela harrapatua izanez gero. Baina ez nintzen horretaz hitz egitera ausartzen, alferrik izango zela konturatzen nintzelako, batez ere. Azkenik, sokapetik lan egitea erabaki nuen. Armak nola funtzionatzen zuen azaldu zidan behin. Egun batean, bera lo zegoen bitartean, galtzetako patrikatik errebolberra atera eta balak kendu nizkion kargadoretik. Gero errebolberra berriz itxi eta patrikan sartu nuen. Balak tiradera batean gorde nituen, arropa zuriaren azpian. Hori dena istant batean egin nuen, eta gero bere ondoan lo egitera itzuli nintzen. Bi egun beranduago, balak poltsan sartu eta Teverera botatzera joan nintzen.

        Egun haietako batean Astarita etorri zitzaidan bila. Ia ahaztuta neukan; eta, neskamearen kontuari zegokionez, nire eginbeharra egin nuelakoan, ez nuen gehiago pentsatu nahi. Astaritak jakinarazi zidan apaizak polizia-buruzagitzara eraman zuela hauts-kaxa eta, itzuli ondoren, andreak, buruzagitzak berak aholkaturik, salaketa kendu eta neskamea, errugabetzat eman eta gero, kartzelatik atera zutela. Onartu behar dut berri hark poztu egin ninduela, batez ere nire azken aitorpenetik geratua zitzaidan uste txarra ezerezten zuelako. Neskamea ordurako libre egonda, bera baino areago, Mino etorri zitzaidan burura, eta nire golkorako esan nuen ez nuela ordurako ez niregatik, ez beragatik ere beldurrik eduki behar, hainbeste ikaratu ninduen salaketa ezabatu eta gero. Nire pozaldian, Astarita besarkatu eta guzti egin nuen.

        — Horren axola handikoa zen zuretzat, beraz, emakume hura kartzelatik ateratzea? —adierazi zuen, duda keinu batez.

        — Zuri —esan nuen gezurretan—, arraroa irudituko zaizu, egunero auskalo zenbat errugabe kartzelara bidaltzen dituzunez gero, ezeren kezkarik gabe..., baina niretzat benetako oinazea zen.

        — Nik ez dut inor bidaltzen kartzelara —murmuratu zuen berak—, nire eginbeharra bete baino ez dut egiten.

        — Baina ikusi al duzu apaiza? —galdetu nuen.

        — Ez..., ez dut ikusi..., telefonoz hots egin zuen...; hauts-kaxa aitorpenaren sekretupean jasoa zuen apaiz batek bihurtu zuela esan zidaten..., nik orduan gomendioa egin nuen.

        Gogoetatsu geratu nintzen, nik ere ez nekielarik zergatik. Eta gero: — Benetan maite al nauzu?

        Bertan aztoratu egin zen nire galderarekin eta, estuki besarkatuz, hitz totelka erantzun zuen: — Zergatik galdetzen didazu?... Jakin beharko zenuke dagoeneko.

        Musu eman nahi zidan; baina nik muzin egin eta: — Galdetzen dizut —esan nuen— jakin nahi dudalako beti lagunduko didazun ala ez..., eskatzen dizudan bakoitzean..., oraingoan lagundu didazun bezala.

        — Beti —esan zuen, gorputz osoa dardarka zuela. Eta gero, bere aurpegia nirearen ondora hurbilduz: — Baina txintxo ibiliko al zara nirekin?

        Mino itzuli ondoren, erabaki sendoa hartua nuen Astaritarekin berriro harremanik ez edukitzeko. Nire ohiko aldi bateko maitaleen aldean guztiz desberdina zen; eta, maite ez izan arren eta, areago, inoiz edo behin beraganako ezinikusia eta guzti eduki arren, beharbada horrexegatik iruditzen zitzaidan bere mende jartzea Minori traizioa egitea bezala izango zela. Egia esateko tentazioa izan nuen: «Ez, ez naiz inoiz txintxo ibiliko zurekin»; baina, halako batean, asmoa aldatu eta bertan geratu nintzen. Pentsatu nuen ahaltsua zela, Giacomo edozein egunetan eraman zezaketela atxiloturik, eta, Astaritak aske uzten ahalegintzea nahi banuen, ez zitzaidala komeni bera nahigabetzea. — Bai, txintxo ibiliko naiz zurekin —esan nuen, etsiturik, arnas batean.

        — Esan —errepikatu zuen susperturik—, esan..., apur bat maite al nauzu?

        — Ez, maite ez —erantzun nuen etsi-etsian—, badakizu hori..., askotan esan dizut.

        — Eta ez nauzu inoiz maite izango?

        — Uste dut ezetz.

        — Baina zergatik?

        — Ez dago zergatirik.

        — Beste norbait maite duzu.

        — Hori ez zaizu axola.

        — Baina nik zure maitasunaren beharra daukat —esan zuen etsiturik, bere begi behazuntsu haiekin begiratzen zidalarik—, zergatik..., zergatik ez nauzu apur bat maitatu nahi?

        Egun hartan, gauean berandu arte nirekin geratzen utzi nion. Kontsolatu ezinik zegoen bera maitatzerik ez nuelako, eta bazirudien ez zuela inoiz sinesten egia esaten ari nintzenik. — Baina ni ez naiz beste gizonak baino txarragoa —errepikatzen zuen—, zergatik ezingo nauzu ni maitatu, eta bai beste norbait?—. Errukia hartzen nion, benetan; eta, gainera, beraganako nire sentimenduei buruz galdetu eta galdetu ari zitzaidanez gero, nire hitzetan itxaropenerako aitzakiaren bat bilatu nahirik, ia gezurra esateko tentazioa izan nuen, hainbeste axola zitzaion ameskeria hura ematearren. Gau hartan ohiz baino malenkoniatsu eta atsekabetuagorik zegoela ohartu nintzen. Bazirudien nire bihotzak ukatzen zion maitasuna kanpotik nahi zuela nire baitan ernarazi, keinu eta jokabideekin. Gogoan dut halako batean ni besaulki batean biluzik esertzea nahi izan zuela. Nire aurrean belaunikatu, eta burua altzoan jarri zidan, aurpegia nire sabelean zapalduz, eta horrela geratu zen, geldi-geldirik, luzaroan. Bitartean, nik behin eta berriz pasatu behar nion eskua buruaren gainetik, laztan arin eta etengabe batean. Ez zen hura maitasunaren pantomima moduko hori egitera behartzen ninduen lehen aldia; baina egun hartan aurreko aldietan baino etsituago iruditu zitzaidan. Indarrez estutzen zuen aurpegia nire sabelaren kontra, barruan sartu eta irentsia izatea nahi izan balu bezala, eta batzuetan zotinka hasten zen. Une haietan ez zitzaidan maitalea iruditzen, amaren altzoko ilunaren eta beroaren bila zebilen umea baizik. Eta gizon askok inoiz jaio ez izana nahi izango luketela pentsatu nuen; eta, bere ekintza harekin, oinazez argitara bota zituzten errai goibeltsuetara berriro sartzeko gurari iluna ematen zela aditzera, oharkabean beharbada.

        Gau hartan, hain luzaroan egon zen belaunikaturik, non logura etorri eta lokartu egin bainintzen, burua besaulkiko bizkarrean eroria nuela, eta eskua bere buru gainean. Lo egin nuen, ez dakit noiz arte, eta halako batean iruditu zitzaidan esnatu eta Astarita ikusten nuela, baina ez nire oinetan belauniko, baizik eta nire aurrean eserita, jantzirik ordurako, bere begi behazuntsu eta malenkoniatsuekin niri begira. Baina beharbada amets bat izan zen; edota begitazio hutsa. Kontua da halako batean benetan esnatu eta ikusi nuela Astarita alde egina zegoela, nire altzoan, aurpegia jarri izan zuen lekuan, betiko diru kopurua utzirik.

        Gero hamabost bat egun igaro ziren, nire bizitzako zoriontsuenetakoak. Ia egunero ikusten nuen Mino eta, gure harremanak aldatu gabe bazeuden ere, aski neukan ohitura moduko harekin, haren bidez halako akordio bat aurkitua genuela baitzirudien. Esan gabe erabakia genuen ez ninduela maite, ez nindukeela inoiz maite izango, eta, nolanahi ere, maitasuna baino kastitatea nahiago izango zukeela. Orobat, esan gabe erabakia genuen nik maite nuela, beti maite izango nuela bere grinarik eza eta guzti, eta, beti ere nahiago nuela hura bezalako maitasun bat, osoa ez zena eta kolokan zegoena, maitasunik eza baino. Ni ez naiz Astaritaren antzera egina; eta maite izango ez ninduela etsirik, atsegin handia aurkitzen nuen, halere, maitatzean. Baina ezingo nuke zin egin nire bihotzaren barru-barruan erdi lo, otzanaren otzanaz, pazientziaren pazientziaz eta samurtasunaren samurtasunez azkenik bere maitasuna irabaziko nuelako itxaropena ez zegoenik. Baina ez nion inola ere arnasarik ematen amets horri; eta hura, beste ezer baino, gozotasun eztabaidatu eta badaezpadako haien osagaia zen, apur bat mingotsa.

        Halere, isilean eta bestela bezala, bere bizitzan sartzen ahalegintzen nintzen eta, ate nagusitik ezin sartuz, zerbitzuko atetik agertzeko moldatzen nintzen. Gizon-emakumeekiko bere gorroto aitortua eta, uste dudanez, egiazkoa gorabehera, bere balean bazeukan, kontraesan bitxi batekin, bere ustez gizon-emakumeen onura zenaren alde predikatu eta jokatzeko joera itzalezina. Ia beti bat-bateko damuekin eta atsekabe eztenkariekin nahastua, egia da, baina benetakoa. Garai hartan bazirudien grina hartu ziola, berak, zirikatzeko asmo apurtxo batez, nire heziketa deitzen zionari. Esan dudan bezala, niregana lotzen saiatzen nintzen eta bere joera hori bultzatu egin nuen horregatik. Esperimentu hori, ordea, ia berehala amaitu zen, esatea merezi duen eran. Halako batean, gauero hasi zitzaidan bila etortzen, bere liburu batzuk aldean ekarriz; eta, laburki zeri buruzkoa zen azaldu ondoren, orain zati bat, gero beste bat irakurtzen zuen. Ondo irakurtzen zuen, intonazio ugarirekin, hariaren arabera, aurpegia gorritzen eta bere hazpegiei aparteko bizitasuna ematen zien gar batez. Baina ahaleginak egiten nituen arren, ulertzen ez nituen gauzak irakurtzen zituen batez ere; eta laster asko utzi nion adi egoteari, aski nuelarik irakurketak ernetzen zizkion aurpegierak ikustearekin, inoiz ere asetzen ez zen atsegin batez ikusi gainera. Egiaz, irakurraldi haiekin erabat arduragabetzen zen, beldurrak eta eztenkadak ahazturik, bere giroan egonda egiati agertzeko beldurrik ez duenaren antzera. Horrek hunkitu egin ninduen, ordura arte uste izan nuelako maitatzea zela, eta ez irakurtzea, giza arima zabaltzeko baldintzarik egokiena. Minori, ordea, alderantziz gertatzen zitzaion, antza zenez; eta egiatan aurpegian ez nion inoiz hainbesteko berotasunik eta hainbesteko tolesgabetasunik ikusi, ez eta niganako egiazko oniritzia sentitzen zuen aldi bakanetan ere, nola, ahotsa doinu sakon bitxiekin altxatuz edota hizketan ari denaren antzera apalduz, bere egilerik gustukoenak irakurtzen zituenean. Desagertu egiten zitzaion, orduan, unerik serioenetan ere erabat galdu ez eta aurretiaz eta kanpotik finkatutako paper bat etengabe jokatzen ari zelako sentsazioa ematen zuen komediazko eta burlazko bere faltsukeria itxura hura. Begiak negarrez bustitzen ere ikusi nizkion, hainbat aldiz. Gero, liburua itxi eta: — Gustatu al zaizu? —galdetzen zidan.

        Gustatu zitzaidala erantzun ohi nuen, nire arrazoiak azaldu gabe, horrelakorik ezingo bainukeen egin, esan dudan bezala, ia hasieratik etsi nuelako hain gai iluna ulertu nahi izateaz. Baina egun batean, ordea, ez zen konforme geratu eta honela galdetu zidan: — Baina, esadazu zergatik gustatu zaizun..., esan argi.

        — Egia esanda —erantzun nuen, une bateko zalantzaren ondoren—, ezin dut ezer azaldu, ez dudalako ezer ulertu.

        — Eta zergatik ez didazu esan?

        — Ez dut ezer ulertu..., edo ezer gutxi..., orain arte irakurri didazun guztiaz.

        — Eta irakurtzen utzi didazu..., abisatu gabe?

        — Irakurtzea gustatzen zitzaizula ikusten nuen, eta ez nizun poz hori lapurtu nahi...; gainera, ez naiz inoiz aspertu..., irakurtzen duzun bitartean oso dibertigarria da zu ikustea.

        Salto batez zutik jarri zen, suminduta: — Baina ze deabru..., ergel hutsa zara..., zozo hutsa!...; eta ni denbora alferrik galtzen..., babo halakoa!—. Liburua nire burura jaurtitzekoa egin zuen, baina garaiz geratu zen, eta era hartako irainak botatzen jarraitu zuen une batez. Barrua lasaitzen utzi, eta gero honela esan nion: — Hezi nahi nauzula diozu..., baina ni hezteko lehen baldintza badakizu zein den?, zerbait egitea, zuk ondo dakizun moduan bizimodua irabazteko beharrik ez edukitzeko...; gizonak harrapatzeko, ez dut poesiarik edo moralari buruzko gogoetarik irakurri behar...; irakurtzen eta idazten jakin gabe ere, berdin pagatuko lidakete.

        Eta berak zirika erantzun: — Etxe ederra nahi zenuke, senarra, umeak, soinekoak, automobila, ez?...; baina okerrena da Lobianco andrea bezalakoek ere ez dutela irakurtzen..., zureak ez diren beste motibo batzuk dauzkate, baina zureak bezain arrazoizkoak, antza denez.

        — Ez dakit zer nahi nukeen —erantzun nuen zertxobait minduta—, baina liburu horiek beste maila bateko jendearentzat dira egokiak, ez niretzat...; eskean dabilen emakume bati prezio handiko sonbreiru bat erosi eta bere betiko arropa zarpailekin eramatea nahi bazenu bezalaxe da.

        — Izango da —esan zuen—, baina hauxe da lerro bat irakurtzen dizudan azken aldia.

        Bere pentsatzeko eta jokatzeko modua azaltzen duela iruditzen zaidalako kontatzen dut sesio hura. Hala ere, zalantzatan jartzen dut ni hezteko ahaleginarekin jarraituko zuela, baita nire ulertzerik eza aitortu ez banio ere. Eta hori ez pazientziarik ez zuen gizona zelako, baizik eta halako ezintasun bitxi bat zuelako, ia fisikoa ere deituko nukeena, etengabeko eta egiazko berotasuna eskatzen zuen edozein ahaleginetan irauteko. Ez zidan inoiz argi eta garbi hitz egin, baina halere ulertu nuen bere hitzei zerien komedia-giro hura askotan bere aldartearen egiazko ezaugarria zela. Askotan gertatzen zitzaion edonolako helburu batekin berotu, eta, bere beroaldiaren suak irauten zuen bitartean, gauza zehatz eta posibletzat hartzea helburu hura. Gero, bat-batean, sua itzali egiten zen, eta asperkeria, nahigabea eta, batez ere, zentzugabekeria sentsazioa besterik ez zuen izaten. Orduan, axolagabekeria nagi eta ahul moduko batean erortzen utzi, edo azaleko eta ohiturazko eran jokatzen zuen, su hura inoiz itzali ez balitz bezala; hau da, hitz batean esanda, itxurak egiten zituen. Zaila zait azaltzea zer gertatzen zitzaion abagune haietan: segur aski, bizitasuna ustekabean eten egiten zitzaion, bat-batean odolaren beroa bera burutik aldendu balitzaio bezala, bertan hutsunea eta lehortasuna baino ez utzirik. Itsumustuko eten bat zen, ustekabekoa, erabatekoa, halako batean eten eta minutu bat lehenago atarramentu handiz argituta zegoen etxea ilunpetan murgiltzen duen argindarrarekin konpara daitekeena; edota motor batekin, halako batean indarrak huts egitean, gurpil bat bestearen ondoan geratu eta mugitu ezinik gelditzen denean. Bere baitan beroaldi eta piztualdiak hilaldi eta nagialdiekin tartekatzen zirela ikusi nuenean erreparatu nien lehen aldiz bere barru-barruko bizitasunaren piztu-itzali horiei; baina azkenerako begiak erabat ireki zitzaizkidan, hasieran garrantzi askorik eman ez nion, baina, geroago, esanahiz beterik azaldu zitzaidan pasadizo bitxi batekin. Egun batean, uste ez nuen eran, honela galdetu zidan: — Gustatuko al litzaizuke zerbait egitea guretzat?

        — Norentzat?

        — Gure taldearentzat..., esate baterako, eskuz-eskuko paperak banatzea?

        Ni beragana hurbildu eta gure lokarriak sendotu ahalko zituen edozeren zain egoten nintzen beti. — Jakina... —erantzun nuen zintzoki—, esan zer egin behar dudan, eta egingo dut.

        — Eta ez al duzu beldurrik?

        — Zergatik eduki beharko nuke? Zuk egiten baduzu...

        — Bai —esan zuen—, baina lehenago zer den azaldu behar dizut...; ideia batzuengatik arriskutan jarriko baldin bazara, lehenago jakin beharko duzu zeintzuk diren.

        — Azaldu ba.

        — Ez zaizkizu interesatuko, ordea.

        — Zergatik? Hasteko, bene-benetan interesatuko zaizkit..., eta, gainera, egiten duzun guztia interesatzen zait, zuk egiten duzulako behintzat.

        Niri begira zegoen eta, bat-batean, ustekabean, begiek diz-diz egin eta aurpegia piztu egin zitzaion. — Ederki —esan zuen azkar—, orain beranduegi da..., baina bihar den-dena azalduko dizut...; neuk esanda azalduko dizut, liburuekin aspertzen zarenez gero...; baina, kontuan izan: luze joko du..., eta zuk entzun eta jarraitu beharko didazu..., inoiz edo behin ulertzen ez duzula iruditu arren.

        — Saiatuko naiz ulertzen —esan nuen.

        — Ulertu beharko zenuke —erantzun zuen, bere buruari hitz eginez bezala. Eta utzi egin ninduen.

        Biharamunean haren zain egon nintzen, baina ez zen etorri. Bi egun beranduago etorri zen, eta, nire gelara sartu zenean, hitzik esan gabe eseri zen ohe aurreko besaulkian. — Orduan —esan nuen alai—, prest nago..., adi.

        Ohartuta nengoen aurpegia adorerik gabe zuela, begiak itzaltsu, eta bere planta guztia agortuta eta itzalita bezala; baina ez nuen kontutan hartu nahi izan. — Alferrik egongo zara adi —erantzun zuen azkenik—, ez duzulako ezer entzungo.

        — Zergatik?

        — Hargatik.

        — Esan egia —protestatu nuen—, gauza batzuk ulertzeko ergelegia edo ezjakinegia naizela uste duzu..., eskerrik asko.

        — Ez, oker zaude —erantzun zuen serio.

        — Ba, orduan, zergatik?

        Une batez horrela jarraitu genuen, nik etsitu gabe jakin nahian, eta berak muzin eginez. — Jakin nahi al duzu zergatik?... —esan zuen azkenik—. Neuk ere ez nukeelako ideia horiek azaltzen asmatuko gaur.

        — Nolatan hori, etengabe horretaz pentsatzen ari zara eta?

        — Etengabe pentsatzen dut, egia da, baina atzodanik, eta auskalo noiz arte oraindik, ideia horiek ez dauzkat argi, edo hobe esanda, ez dut ezer ere ulertzen horietaz.

        — Bai zera!

        — Saia zaitez ni ulertzen —esan zuen—, duela bi egun, guretzat lan egitea proposatu nizunean, ideia horiek berehala azaldu izan banitu, seguru nago ez bakarrik kemen handiz, argi eta garbi eta sinestarazteko indarrez egingo nukeela, baizik eta, gainera, zuk ondo baino hobeto ulertuko zenituzkeela...; gaur, aldiz, ahoa eta mingaina mugitu ahalko nituzke, beharbada, halako hitz jakin batzuk esateko..., baina ekintza mekanikoa izango litzateke, ez nuke hartan inola ere parte hartuko...; gaur —esan zuen azkenik, silabak markatuz— orain ez dut ezer ulertzen.

        — Ez duzula orain ezer ulertzen?

        — Ez, orain ez dut ezer ulertzen: ideiak, kontzeptuak, gertaerak, oroitzapenak, sinesteak, den-dena lokatz antzeko zerbait bihurtu zait..., burua lokatz horretaz beterik daukat —kopetan kolpe bat eman zuen atzamarrekin—, buru guztia..., eta nazka ematen dit, gorotza balitz bezala.

        Zalantzatan eta ulertu ezinik begiratzen nion. Orduan sumin-ikara batek astindu zuen, itxuraz. — Saia zaitez ni ulertzen —errepikatu zuen—, ideiak bakarrik ez, idatzi, esan edo pentsatutako edozein gauza ulertu ezinezkoa iruditzen zait gaur..., zentzugabekoa..., esaterako..., Aitagurea ba al dakizu?

        — Bai.

        — Ba, errezatu.

        — Aita gurea —hasi nintzen—, zeruetan zarena...

        — Nahikoa da —moztu zidan—. Pentsa orain une batez zenbat eratan errezatu den otoitz hori hainbat mendetan..., zein sentimendu ugarirekin...; ba, nik ez dut inondik ere ulertzen..., inola ere..., atzetik aurrera esan zenezake..., eta niretzat berdin-berdin izango litzateke.

        Une batez isildu, eta gero aurrera jarraitu zuen: — Baina ez dira gauzak bakarrik, nigan eragin hori dutenak..., gauzak ere bai..., eta pertsonak...; zu nire ondoan zaude, besaulkiko besoan eserita, eta ikusten zaitudala uste duzu beharbada..., baina ez zaitut ikusten, ez zaitudalako ulertzen...; ukitu eta guzti egingo zaitut, baina berdin-berdin ez zaitut ulertuko...; are gehiago, ukitzen zaitut —eta hori esanaz batera, herioan bezala, batatik tira egin zidan indarrez, bularrak agerian utziz—, titia ukitzen dizut..., haren tankera, epeltasuna, ingurua sentitzen ditut, haren kolorea ikusten dut, haren erliebea..., baina ez dut ulertzen zer den...; nire arterako esaten dut: hona hemen gauza biribil bat, beroa, leuna, zuria, puztua, erdian mutur biribil ilun bat duena..., esnea emateko balio duena eta, laztanduz gero, plazera ematen duena..., baina ez dut ezer ulertzen...; ederra dela esaten diot neure buruari, desioa piztu beharko lidakeela..., baina, berdin-berdin, ez dut ezer ulertzen...; entenditzen didazu orain? —errepikatu zuen amorruz, titian hain indar handiz imurtxi eginez, non oihu egin bainuen minaren minez. Segituan askatu ninduen eta, handik gutxira, gogoetatsu itxuraz: — Segur aski —esan zuen— honelako ulertezina da hainbeste pertsonaren baitan ankerkeria sortarazten duena...; inoren minaren bitartez nahi dute aurkitu errealitatearekiko lotura.

        Une batez isilik geratu ginen. Eta gero: — Hori egia bada —esan nuen—, nola moldatzen zara orduan, halako gauza batzuk egin behar dituzunean?

        — Esaterako zer?

        — Ez dakit..., orriak banatzen dituzula diozu..., eta zerorrek idazten dituzula...; horretan sinesten ez baduzu, nola egiten duzu idatzi eta banatzeko?

        Algara handi eta sarkastiko bat egin zuen: — Sinesten dudalako itxurak egiten ditut.

        — Baina ezinezkoa da.

        — Nola ezinezkoa? ia denek egiten dute hori; jatea, edatea, lo egitea eta maitasuna egitea alde batera utzirik, ia denek egiten dituzte gauzak haietan sinetsiko balute bezala..., ez al zara orain arte konturatu?

        Barrez ari zen, urduri. — Nik ez —erantzun nuen.

        — Zuk ez —esan zuen modu ia iraingarri batez—, nahi duzun bakoitzean jan, edan, lo egin eta maitasuna egitera mugatzen zarelako, hain zuzen... Gauza guzti horiekin, dirudienez, ez da beharrezkoa itxurak egitea...; asko da..., baina aldi berean nahiko gutxi—. Barrez ari zen; halako batean zaflada handi bat eman zidan izterrean eta gero, ohi zuen bezala, bere besoen artean hartu ninduen, eta, estutuz eta astinduz, hau hasi zen errepikatzen: — Ala ez dakizu itxurakeriaren mundua dela hau? Ez al dakizu erregearengandik hasi eta eskalearenganaino denak ari direla itxurak egiten?... Itxurakeriaren mundua, itxurakeriarena, itxurakeriena...

        Nahi zuena esaten utzi nion, banekielako halako uneetan hobe zela ez mintzea eta protestaka ez hastea, eta lasaitu arte itxaron behar zela... Azkenik, ordea, etsi-etsian: — Maite zaitut... —esan nuen—, horixe bakarrik dakit, eta nahikoa dut horrekin—. Eta berak, bat-batean lasaituz: — Arrazoia duzu —erantzun zuen, bakar-bakarrik. Arratsaldea, gero, betiko antzera amaitu zen, berriro politikaz eta berak hartaz hitz egiteko ezintasunaz mintzatu gabe.

        Bakarrik geratu nintzenean, gogoeta asko egin eta gero, azkenik pentsatu nuen balitekeela gauzak berak esan bezala izatea; baina askoz ere seguruagoa izango zela nik ulertuko ez nuelakoan eta, beharbada, buru-arinkeriaren batekin bera kinka larrian jar nezakeelakoan, politikaz hitz egin nahi ez izatea. Ez nuen uste, ez, gezurretan ari zenik; baina eskarmentuagatik banekien mundu guztiari irits dakiokeela egun bat non dena pusketaka erortzen dela ematen baitu edo, berak zioen bezala, non ez baita ezer ulertzen, ezta aitagurea ere. Niri ere gertatu izan zait, ondo ez nagoenean edota edozergatik ere aldarte txarrez nagoenean, gutxi gorabehera asperkeria, nahigabe eta itsutasun sentsazio berberak izatea. Jakina, beste motiboren bat ere edukiko zuen bere bizitzarik sekretuenaren berri eman nahi ez izateko: nire adimenarekiko edo nire zuhurtasunarekiko konfiantzarik eza, esan bezala. Gerora ulertu nuen, berandu ordea, oker nengoela; eta bere baitan, adinagatik eskarmentu gabea izatean, edota izaera ahulekoa izatean, egoera morboso haiek berebiziko garrantzia zeukatela.

        Baina une hartan, aldiz, atzera egitea eta bera nire jakin-minarekin ez gogaitzea komeni zitzaidala pentsatu, eta halaxe egin nuen.

 

 

 

© Alberto Moravia

© itzulpenarena: Koldo Biguri

 

 

"Alberto Moravia / Erromako emakumea" orrialde nagusia