SEIGARREN ATALA

 

        Bazirudien dena bide onetik zihoala: Giacomo itzulia zen eta, gainera, bidegabeki salatutako neskamea kartzelatik ateratzeko modua aurkitu nuen, trukean bere lekua hartzera behartua izan gabe. Egun hartan, Giacomok alde egin ondoren, bi ordu gutxienez eman nituen nire zorionaz gozatzen, batzuetan gure eskuetara iritsi berria den joia edo beste objektu baliozko batez gozatzen den bezala, hau da, harriturik, ulertu gabe, ilunki, baina gozamen sakon batez, hala ere. Bezperetako kanpaiek esnatu ninduten atseginezko nire barneko bildutasun hartatik. Astaritaren aholkuaz gogoratu nintzen, kartzelan sartutako emakume gaixo hari laguntzeko premiaz. Jantzi eta presaka atera nintzen.

        Gozoa da neguan, egunak laburrak direnean eta goiz osoan eta arratsaldeko lehen orduetan etxean, bakarrik geure burutazioekin geratu garenean, irten eta hiriko erdialdeko kaleetatik ibiltzea, zirkulazioa inon baino handiagoa, kaleko jendetza inon baino ugariagoa eta dendak inon baino argi gehiagoz azaltzen baitira. Aire hotz garbiarekin, hiriko bizitzaren zalapartaren, mugimenduaren eta distiraren erdian, burua argitu egiten da, arimak alde batera uzten ditu bere trabak, eta halako poz-kilika bat, halako horditasun alai bat sentitzen da, bat-batean oztopo guztiak gaindituta baleude bezala eta, benetan, jende artean noragabe, arin, kezkarik gabe ibiltzea beste zereginik geratuko ez balitz bezala, pozik kaleek gure eginbeharrik ezari proposatzen dizkioten sentsazio iheskorren artetik orain honi, orain hari jarraitzeagatik. Orduan, benetan dirudi, une bakar batzuez, gure zor guztiak, kristau otoitzak dioen bezala, barkatu dizkigutela, guk merezi gabe, eta ordainetan ezer eman gabe, onginahi orokor eta misteriotsu bategatik bakar-bakarrik. Jakina, aldarte alaiz egon behar da, edo norbere buruarekin gustura behintzat; ezen, bestela, sentsazioa eduki daiteke hiriko bizitza alferreko iskanbila zentzugabe bat baino ez dela. Baina ni egun hartan, esan dudan bezala, zoriontsua nintzen; eta batez ere, erdialdean nengoela, espaloietatik kaleko jendetzaren erdian ibiltzen hasi nintzenean konturatu nintzen zoriontsua nintzela.

        Banekien elizara joan behar nuela aitorpen hura egitera. Baina, hain zuzen neure buruari eginbehar hori jarri niolako eta jartzeagatik pozik nengoelako, ez neukan presarik eta ez nuen horretaz pentsatu ere egiten. Horrela, poliki ibili nintzen kalez kale, eskaparateetan ikusgai jarritakoak ikusteko geratuz noizean behin. Ezagutzen nindutenek, ikusi izan banindute, kalekoei amua botatzen ari nintzaiela pentsatuko zuten seguru aski. Egia esanda, zerbait ez banuen buruan, horixe ez nuen. Beharbada, gustatzen zitzaidan gizonen bati niregana hurbiltzen utzi ahalko nion, baina ez diruagatik, alaitasun hutsak bultzatuta baizik, bizitzak gainez egiten zidalako. Baina, geldirik eskaparateetara begira nengoela, ohiko esaldiekin eta laguntzeko ohiko eskaintzak eginez hurbildu zitzaizkidan apurrak ez zitzaizkidan gustatu. Horrela, ez nien erantzun, ez eta begiratu ere, eta aurrera jarraitu nuen espaloitik, han egon ez balira bezala, nire ohiko ibilera maiestatetsu eta axolagabeaz.

        Viterbotik itzuli ondoren azken aldiz aitortu nintzen eliza begien aurrean azaldu zitzaidan ustekabean, aldarte alai eta kezkagabe harekin nengoela. Zinemako kartelen eta mertzeriako eskaparatearen artean, biak argiagatik dizdiz, ilunpean murgilduta, haize-geriza moduan ezarririk kaleko sargune batean, tronpeta jotzeko eran eginda zeuden bi aingeruz koroaturiko bere frontoi garaiarekin, eta aldameneko etxe bateko argizko errotuluaren isla moreez ñabarturik, elizako aurrealde barroko hura buruko zapi zahar baten itzalpetik, kalekoen beste aurpegi argituen artetik, konfidentziazko dei keinu bat egiten zidan atso baten aurpegi ilun zimurtsu baten antzekoa iruditu zitzaidan. Gogora etorri zitzaidan aitor-entzule frantses ederra, aita Ella, bai eta beragana sentitu nuen erakarpena ere, eta bera mundu handiko gizona eta gizon gazte eta azkarra izanik, beste apaizen aldean hain desberdina, bere gain hauts-kaxa itzultzeko lana beste inork baino hobeto har zezakeela iruditu zitzaidan. Gainera, aita Eliak, neurri batean, ezagutzen ninduen, eta hartara ez zitzaidan hain nekosoa izango ariman zimiko egiten zidaten gauza izugarri eta lotsagarri ugariak aitortzea.

        Harmailetatik igo, atea ixten zuen oihala alboratu eta sudur-zapi txiki bat buru gainean zabalduz sartu nintzen. Atzamarrak ur bedeinkatuan bustitzen ari nintzela, ontziaren inguruan landutako irudi batek atentzioa eman zidan: biluzik zegoen emakume bat zen, ileak airean eta besoak altxaturik zituela ihesi zebilena, eta haren atzetik jarraika papagai-mokoa zeukan herensuge itsusi bat, atzeko hanken gainean tente, gizon baten antzera. Emakume haren baitan neure burua ezagutu nuela iruditu zitzaidan, eta ni ere antzeko herensuge batetik ihesean nenbilela pentsatu nuen; bakarrik, emakume haren ihesa bezala, nirea itzuli-inguruka egitea eta, inguruan korrika ibiltzean, batzuetan gertatzen zitzaidan ihes egin ez, baizik eta desio baten atzetik nenbilela, herensuge itsusiaren atzetik alai. Ur bedeinkatu ontziaren ondotik aitaren eginez abiatu nintzen eliza barrura, eta azkeneko aldian ikusi nuen nahas-mahas, ilunpe eta miseria berberean jarraitu zuela iruditu zitzaidan. Orduan bezala, ilunpean murgildurik zegoen, aldare nagusia izan ezik, kandela guztiak piztuta baitzituen, elkarren ondo-ondoan, gurutzearen inguruan, latorrizko argimutilen eta zilarrezko ontzien arteko argitasun nahasian. Argiturik zegoen Amabirjinari eskainitako kapera ere, non otoitz egin bainuen hain sineste handi eta alferrekoaz; eskailera batzuetara igota, bi sakristau urre-zerrendekiko oihal gorri batzuk eskegitzen ari ziren arkitrabetik. Aita Eliaren kofesategian norbait zegoela ikusi eta aldare nagusiaren aurrean belaunikatzera joan nintzen, hor-hemen jarritako lasto-aulki ugari haietako batean. Ez neukan inola ere bihotza ukituta, baina bai nengoen luzetsita, hauts-kaxaren kontu hura eskuen artetik noiz kenduko. Ezinegon hura berezia zen, alaia, oldar handikoa, atsegingarria eta, funtsean, ez zitzaion harrotasunik falta, aspalditik asmatu eta laztandutako ekintza on bat egiterakoan sentitzen denaren antzera, hain zuzen ere; eta gerora ere askotan konturatu naiz bihotzetik sortzen eta, nonbait, adimenaren aholku guztiei entzungor egin nahi dien ezinegon honek, azkenik, ekintza ona kolokan jartzen duela eta, batzuetan, gehiago hausnartutako beste edozein jokamoldek baino kalte handiagoa egiten duela.

        Aitortzen ari zena altxatzen eta urruntzen ikusi eta berehala, kofesategira joan nintzen zuzen-zuzen, belaunikatu eta, aitor-entzuleak hitz egin arte itxaron gabe, honela esan nuen azkar: — Aita Elia, ez naiz etorri ohiko moduan kofesatzera..., berorri oso gauza larria esan eta mesede bat eskatzera etorri naiz; seguru nago ez didala ukatuko.

        Saretxoaz bestaldetik, aitor-entzulearen ahotsak, ahapetik, hitz egitera gonbidatu ninduen. Hain sinetsita nengoen saretxoaz bestaldean aita Elia zegoela, non ia iruditzen baitzitzaidan haren begitarte lasai ederra ikusten nuela saretxo ilun eta dena zulatu haren gainean jarria. Orduan, sartu nintzenetik lehen aldiz, halako bihotz-zarrastada fidakor eta elizkoi baten oldarra sentitu nuen. Nire arimaren bultzada bat bezala izan zen, gorputzetik askatu eta mailatxo haien gainean, saretxo haren aurrean guztiz biluzik, eta bere lohikeriak ondo agerian zituela, belauniko jartzekoa. Une batez benetan iruditu zitzaidan haragirik gabeko arima bat baino ez nintzela, airez eta argiz egina, heriotzaren ondoren gertatzen omen den bezala. Alta Elia ere iruditu zitzaidan, nirea baino argitsuagoa zen bere arimaz, gorputzaren presondegitik askatu, kofesategiko saretxoa, paretak eta iluntasuna desagerrarazi eta nire aurrean zegoela, haragi eta hezur, itsugarri eta kontsolagarri. Baina nik ez nuen sekulan hain ondo sumatu ordura arte.

        Hizketan hasi nintzen, begiak itxirik eta kopeta saretxoaren kontra jarria nituela; eta dena esan nuen. Nire ogibidea, Gino, Astarita, Sonzogno; lapurreta eta hilketa. Nire izena esan nuen, eta Ginorena, Astaritarena eta Sonzognorena. Lapurreta non gertatu zen esan nuen, hilketa non gertatu zen, ni non bizi nintzen. Pertsonen itxura ere deskribatu nuen. Ez dakit zein bultzada nagusitu zen nitaz. Beharbada, etxekoandre batek, aldi luze batez zabartuta egon ondoren, azkenik bere etxea garbitzera deliberatu eta azken hauts izpia, altzarien azpian edo zokoetan geratutako azken hautsa harrotu arte lasai geratzen ez denean daukan berbera. Eta egiatan, nire kontakizunaren xehetasun guztiak arauz eta taxuz kontatzen eta esaten nituen neurrian, arima eta gogoa garbitzen nituela eta arinago eta lohigabeago sentitzen nintzela iruditzen zitzaidan.

        Ahots arrazoizko eta lasai berberaz hitz egin nuen denbora guztian. Aitor-entzuleak hitzik esan gabe eta bukatu arte moztu gabe entzun zidan. Isildu nintzenean, isilaldi bat gertatu zen une batez. Gero, izugarrizko ahots motel ezti-jario zuri bat entzun nuen, honela zioena: — Esan dizkidazun gauzak, ene alaba, ikaragarriak dira, beldurgarriak, eta buruak ia ez ditu sinetsi nahi..., baina ongi egin duzu aitortzean..., orain nire esku dagoen guztia egingo dut zure onerako.

        Denbora luzea igaroa zen eliza hartan estreinako eta azkeneko aldiz aitortu nintzenetik. Eta nire onberatasunaren zalaparta gustagarrian ia ahaztu egin nuen zehaztasun hain berezi eta atsegin hura: aita Eliaren frantses ahoskera. Orain hitz egiten zidan hark ez zeukan hemengo edo hango eskualdeko ahoskera, baina italierazkoa zen dudarik gabe; hainbat apaizen ahotan nabarmen gertatzen den ahoskera ezti-jario berezi hura zeukan. Ahotik hortzera ulertu nuen itsutu egin nintzela, eta horrekin batera sentsazio ikaragarri bat izan nuen, lore eder bat desioz eta uste onez beterik hartzeko eskua luzatu eta atzamarrak suge baten azal hotz dardaratiarekin topatzen direla sentitzen duenaren antzera. Izan ere, espero ez nuen aitor-entzule baten aurrez aurre egoteko ustekabe penagarriari ahots ilun labain hark nire ariman pizten zuen izu sentsazioa gaineratzen zitzaion. Hala ere, indarrak atera eta: — Baina berori al da benetan aita Elia? —esan nuen totelka.

        — Hura eta bera —erantzun zuen apaiz ezezagunak—, zergatik? Beste inoiz ere etorri al zara hona?

        — Beste behin.

        Apaiza une batez isildu zen, eta gero: — Esan didazun guztia zatika-zatika aztertu beharko litzateke... —esan zuen—, ez da gauza bat bakarra, asko baizik, haietako batzuk zuri dagozkizunak eta beste batzuk beste norbaiti dagozkionak...; zuri dagokizunez, konturatzen al zara bekatu zeharo larriak egin dituzula?

        — Bai, badakit —murmuratu nuen.

        — Eta damututa al zaude?

        — Baietz uste dut.

        — Zure damua egiazkoa bada —jarraitu zuen, aita baten antzera barru-barrutik hitz eginez—, barkamena espero dezakezu, egiatan...; zoritxarrez, ez zara zu bakarrik..., tartean badaude besteak, besteen erruak eta krimenak...; izugarrizko hilketa baten berri dakizu..., gizon bat era ikaragarrian hil da...; ez al duzu zure barruan errudunaren izena aitortu eta behar den bezala zigor erazteko beharra?

        Horrela, Sonzogno salatzeko burutazioa ematen zidan. Eta ez dut esango, apaiza izanik, oker zegoenik. Baina, era hartan, ahots harekin eta une hartan aditzera emanda, nire susmoak eta nire beldurrak handitu egin zituen proposamen hark. — Nor izan den esaten badut —esan nuen totelka—, barrura noa ni ere.

        — Gizonek, Jainkoak bezala —erantzun zuen berehala—, zure sakrifizioa eta zure damua aintzat hartzen jakingo dute...; legeak, zigorra bakarrik ez, barkamena ere ezagutzen du..., baina sufrimendu apur baten truke, oso sufrimendu arina biktimaren herioaren aldean, hain modu ikaragarrian iraindua izan den justizia bere lekuan jarriko duzu berriro...; ai, ez al duzu aditzen biktimaren ahotsak nola errukia eskatzen dion alferrik bere hiltzaileari?

        Ziri eta ziri jarraitu zuen nirekin, bere ogibideko berezko esaldien artetik, arretaz eta ez atseginik hartu gabe, hitzak aukeratuz. Nik, ordea, handik alde egiteko gogoa besterik ez neukan ordurako, gogo zoroa ia. — Salatzeko kontu hori, pentsatu nahi dut... —esan nuen azkar—, bihar itzuli eta jakinaraziko diot zer erabaki dudan... Bihar hemen topatuko al dut?

        — Bai, jakina, edozein ordutan.

        — Orduan, ongi... —esan nuen nahasturik—, oraingoz, objektu hau itzultzeko eskatzen diot, besterik ez—. Isildu nintzen, eta berak, otoitz labur baten ondoren, benetan damututa ote nengoen eta bizimodua aldatzeko gogoa ote neukan berriz galdeturik, nire baiezko erantzuna jaso eta absoluzioa eman zidan. Gurutze santuarena egin eta kofesategitik irten nintzen; bitartean, bera atetxoa ireki eta aurrean geratu zitzaidan. Bere ahotsak piztu zizkidan beldur guztiak mamitu egin zizkidan bere itxurak. Txikia zen, baina buru handia zeukan, alde batera makurtua, etengabe lepaminez balego bezala. Ondo begiztatzeko astia ere ez nuen izan, hainbesterainokoak ziren-eta handik alde egiteko nire gogoa eta berak eragiten zidan izua. Zeharka ikusi nituen bere aurpegia, erdi beltzarana, erdi horia, kopeta zurbila, betzuloetan sartu eta galdutako begiak, sudur motz zulo-zabala, eta ezpain more eta okerrekiko ahotzar itxuragabea. Ez zen zaharra, nonbait, baina ez zeukan adinik. — Baina, zergatik ez zara lehenago etorri, alaba maitea? —esan zuen, dolu-ahotsez, eskuak bular aurrean bilduz eta burua mugituz—. Zergatik? Zenbat, zenbat gauza ikaragarri galaraziko zenituen!

        Era horretara Jainkoak ez zukeela ni inoiz hara joaterik nahi izango erantzun nahi izango nion, uste nuen bezala; baina geratu egin nintzen eta, hauts-kaxa poltsatik atera eta eskuan jarri nion: — Azkar ibili, mesedez... —esan nuen zintzoki—, ezin dizut esan zer nolako oinazea den niretzat emakume gaixo hark nire erruz kartzelan jarraitzen duela pentsatzea.

        — Gaur bertan —erantzun zuen, hauts-kaxa bularrean estutuz eta arrenka eta minez dagoenaren itxuraz.

        Ahapetik eskerrak eman eta, buruaz agur keinua eginez, presaka irten nintzen elizatik. Bera zegoen lekuan geratu zen, kofesategi ondoan, eskuak bular aurrean tinkatzen eta burua astintzen.

        Kalean nengoela, gertatuari buruz hoztasun handiagoz hausnartzen saiatu nintzen. Orain, hasierako kezkabide nahasiak baztertu ondoren, apaizak aitorpena isilik edukiko ez zuen beldurrez nengoela konturatzen nintzen, funtsean; eta ahaleginak egiten nituen nire beldurrek zer nolako oinarriak zituen neure buruari argitzeko. Banekien, denek dakiten bezala, aitorpena sakramentu bat dela eta, hortaz, ezin hautsizkoa. Banekien, orobat, ia ezinezkoa zela apaiz batek sakramentu bat hala haustea, apaiz ustela izan arren. Bestalde, ordea, Sonzogno salatzeko bere aholku hark beldur ematen zidan ez ote zuen bere kontu hartuko, nik egin ezean, Palestro kaleko krimena egin zuenaren izena poliziari agertzea. Baina, batez ere bere itxurak eta bere ahotsak ikaratzen ninduten, eta okerrena gertatuko ez ote zen beldurrez betetzen. Buruari baino areago bihotzari jarraitzen diot, eta, zenbait animaliak bezala, senak eraginda bezala usaina hartzen diot arriskuari. Nire buruak ni lasaitzeko hartutako arrazoi guztiak hutsaren pare iruditzen zitzaizkidan arrazoigabeko susmo txar haren aldean. «Egi-egia da: aitorpenaren sekretua ezin hautsizkoa da —pentsatzen nuen—, baina, berdin-berdin, mirakulu batek bakarrik eragotziko dio apaiz hari Sonzogno, ni neu eta beste guztiak salatzea».

        Beste zerbaitek ere laguntzen zuen nire baitan zoritxar hurbil eta misteriotsu baten sentsazioa pizten: nire lehen aitor-entzulearen ordez bigarrena egoteak. Bistan zen fraide frantsesa ez zela aita Elia, izen horrekin markatutako kofesategian entzun zidan arren; baina orduan nor zen? Damututa nengoen benetako aita Eliari haren berri eskatu ez izana. Baina, horretaz gainera, ia beldur nengoen apaiz itsusi hark ezer ez zekiela erantzungo zidala, bai eta horrela egiaztatu ere fraide gaztearen irudia nire buruan hartzen ari zen agerkunde itxura. Eta egiatan bazuen irudipenezko zerbait, bai zeharo desberdina zelako beste apaizen aldean, bai nire bizitzan agertu eta gero desagertu zen moduagatik ere. Inoiz ikusi ote nuen ere zalantzan jartzera iritsi nintzen; edo, hobe esanda, hezur eta haragitan ikusi ote nuen; eta une batez pentsatu nuen begitazio bat izan nuela. Batez ere, orain, Kristoren antz ukaezina aurkitzen niolako, irudi sakratuetan azaldu ohi den eran. Baina hori egia bazen, Kristo benetan agertu bazitzaidan oinaze-unean eta benetan entzun bazuen nire aitorpena, apaiz itsusi eta zimur hark ordezkatu izanak zoritxarra esan nahi zuen, argi eta garbi. Besterik ez bazen, aditzera eman nahi zuen erlijioak, nire larrialdirik handieneko unean, abandonatzen ninduela. Urrezko txanpon altxor bat gordea duen kutxa bat ireki eta, txanponen ordez, hautsa, armiarma-sareak eta sagu-kaka aurkitzea bezala.

        Nire aitorpenetik zoritxarren bat etorriko ez ote zen susmo txar honekin itzuli nintzen etxera eta segituan oheratu nintzen, afaldu gabe, gau hura atxilotu aurretik etxean igaroko nuen azkena izango zelakoan. Esan dezadan, hala ere, ez nuela ordurako inolako beldurrik eta ez neukala nire halabeharretik ihes egiteko gogorik. Lehen ikara igaro eta gero, emakume guztien baitan azaltzen den ahultasun nerbioso batetik sortzen zitzaidana, mehatxatzen ninduen zortea onartzeko nahia eta guzti jaio zen nire ariman, etsipena baino areago. Neure burua etsipenaren azken maila iruditzen zitzaidan haren hondoraino erortzen uzteko zalekeria moduko zerbait ere sentitzen nuen. Ia gehiegizko zoritxarraren babespean nengoela iruditzen zitzaidan; eta halako atsegin batez pentsatzen nuen ezin zitzaidala, heriotzaz aparte, eta ordurako hark ez ninduen beldurtzen, ezer okerragorik gertatu.

        Baina biharamunean alferrik egon nintzen ustez poliziak egingo zidan bisitaren zain. Egun guzti hura eta ondoko eguna igaro ziren, nire susmo txarrak zurituko zituen ezer gertatu gabe. Bitarte guztian ez nintzen etxetik, ez eta gelatik ere irten, eta azkar asko nekatu nintzen nire arinkeriaren ondorioei buruz pentsatzeaz. Giacomo berriz gogoan hartu, eta berriro ikusi nahi nuela konturatu nintzen, behin bazen ere, apaizaren salaketak, ezinbestez egingo zuela pentsatzen jarraitzen bainuen, bere ondorioak eduki baino lehenago. Hirugarren egunean, arratsaldean, ia gogoetatu gabe, ohetik altxatu, arretaz jantzi eta etxetik irten nintzen.

        Banekien zein zen Giacomoren helbidea; eta hogei bat minututan azaldu nintzen bere etxe azpian. Baina atariko ate handitik sartzera nindoala, hara nindoanik jakinarazi ez mola eta, lotsak harrapatu ninduen bat-batean. Beldur nintzen harrera txarra egingo zidala edota bidali ere egingo ninduela. Nire urratsak, ezinegonean, moteldu eta, aldarte triste-tristeaz, denda baten aurrean geratu nintzen, nire golkoan galde eginez ez ote zitzaidan komeni atzera itzuli eta berak ni ikustea erabaki arte itxarotea. Ondo nekien gure harremanaren hasierako une haietan zuhurtasun handiz eta erne jokatu behar nuela, eta ez niola inoiz aditzera eman behar berataz maiteminduta nengoela eta ezin nuela bera gabe bizi. Beste alde batetik, mingots samarra iruditzen zitzaidan atzera itzultzea, aitorpenagatik urduri nengoelako eta bera ikusteko beharra nuelako, nire kezkabideez ahaztearren besterik ez bazen ere. Begiak geratua nintzen dendako eskaparatera joan zitzaizkidan, gorbatak eta alkandorak zeuden barruan, eta halako batean gogoratu nintzen gorbata berria erostea agindu niola, dena zirpilduta zeukanaren ordez. Maiteminduta gaudenean, buruak ez du arrazoi onik egiten; nire ikustaldia zuritzeko gorbataren oparia erabil nezakeela esan nuen nire artean; konturatu gabe horrexek egiaztatzen zuela beraganako nire sentimendua morrontzazkoa eta irrikaz betea zela. Dendara sartu eta, luzaro aukeratzen egon ondoren, marra gorriekiko gorbata gris bat erosi nuen, ederrena eta garestiena. Denda-mutilak, bezeroen erosketetan eragin nahi duten saltzaileen kortesia arin samarraz, gorbata hura ilehori ala beltzaran batentzat zen galdetu zidan. — Beltzarana da —erantzun nuen poliki; «Beltzarana» hori ahots gozoz esan nuela konturatu, eta gorritu egin nintzen denda-mutila nire ahoskeraz ohar zitekeela pentsatzean.

        Medolaghi andre alarguna etxe zahar triste batean bizi zen, zeinen leihoek Lungoteverera jotzen baitzuten. Oinez zazpi eskailera zati igo, eta arnasarik hartu gabe jo nuen itzalpean murgildutako ate batean. Ia berehala atea ireki eta Giacomo azaldu zen atzean. — A, zu zara! —esan zuen harrituta. Norbaiten zain zegoen, bistan zen.

        — Sar al naiteke?

        — Bai..., bai..., zatoz hemendik.

        Ia ilunpean zegoen ezkaratzetik egongelara pasarazi ninduen. Han ere itzala zegoen, kristal gorri biribil beruneztatuak, elizetan egoten direnen antzekoak, zeuzkaten leihoengatik. Nakarrez tarazeaturiko altzari beltz batzuk begiztatu nituen. Erdian mahai biribil bat zegoen, eta haren gainean kristal urdinez eginiko pattar-botila eta edalontziak, antigoaleko itxurakoak. Hainbat alfonbra ere bazeuden, bai eta hartz-larru zuri bat ere, soildu samarra. Han barruan dena zen zaharra, baina garbi eta txukuna, eta, nonbait, ezin gogora zitekeen garaitik etxean nagusi zen isiltasun handiaren barruan gordea bezala. Egongelaren muturrean esertzera joan nintzen, sofa batean. — Inoren zain al zeuden? —galdetu nuen.

        — Ez..., baina zergatik etorri zara?—. Hitzak, egia esanda, ez ziren oso goxoak. Baina ez zitzaidan suminduta iruditu, harrituta besterik ez.

        — Zu agurtzera etorri naiz —erantzun nuen irribarrez—, uste dudalako hauxe izango dela elkar ikusiko dugun azken aldia.

        — Zergatik?

        — Seguru-seguru nago beranduenik ere bihar etorriko zaizkidala atxilotzera eta kartzelara sartuko nautela.

        — Kartzelara?..., zer demontre esaten ari zara?

        Ahotsa eta aurpegia aldatu zitzaizkion, eta bere buruagatik beldur zegoela ulertu nuen; beharbada uste zuen salatu edo nolabait konprometitu nuela, norbaiti bere jarduera politikoaren berri emanez. Berriz irribarre egin eta aurrera jarraitu nuen: — Ez beldurrik eduki..., ez du zerikusirik zurekin, inondik ere ez.

        — Ez, ez —zuzendu zuen azkar—, baina ez dut ulertzen..., hori da dena...; kartzelara sartu? Zergatik ba?

        — Itxi atea eta eseri hemen —esan nion, sofa seinalatuz, nire ondoan.

        Atea ixtera joan eta nire aldamenean eseri zen. Orduan, lasai-lasai, hauts-kaxaren benetako istorioa kontatu nion, guztia, baita nire aitorpena ere. Berak burumakur aditzen zidan, niri begiratu gabe, azkazaletan hozka eginez, arreta-seinale bere baitan. — Seguru nago —esan nuen amaieran— apaiz hark azpijokoren bat egingo didala... Zer uste duzu zuk?

        Buruari eragin eta hizketan hasi zen, ez ordea niri begira, baizik eta bere aurrera begira, leihoko kristal beruneztatuen alderantz. — Ez du zertan egin behar..., uste ere, ez dut uste egingo duenik..., ez da nahikoa apaiza itsusia izatea...

        — Baina ikusi behar zenuen —ebaki nion biziro.

        — Munstro bat litzateke horrelakorik egingo balu... Baina egia da, baita ere, dena gerta daitekeela —gaineratu zuen azkar, irri eginez.

        — Hortaz, zure ustez, ez dut beldurrik izan behar.

        — Ez..., gainera ezin duzu ezer egia..., ez dago zure esku.

        — Hori da hori hitz egiteko era!... Beldurrez zaude, beldurrez zaudelako..., gu baino indartsuagoa da.

        Halako batean keinu bihozkoi bat egin zuen, bere keinuetako bat. Esku bat jarri zidan lepoan, irri eginez astindu eta honela esan zidan: — Baina zu ez zaude beldurrez..., ezta?

        — Baietz, ba!

        — Ez zaude beldurrez, emakume adoretsua zara.

        — Hitz ematen dizut sekulako beldurra izan dudala..., pentsa, ohera sartu eta pare bat egunetan ez naiz atera!

        — Bai..., gero niregana etorri eta dena lasai baino lasaiago kontatu didazu...; zuk ez dakizu beldurra izatea zer den.

        — Eta zer egin behar dut? —galdetu nuen, gogoz kontra irribarre eginez—. Ezin naiz beldurraren beldurrez garrasika hasi.

        — Zuk ez duzu beldurrik.

        Une batez isilik geratu ginen. Gero berak galdera bat egin zidan, harritu ninduen ahoskera berezi batez: — Eta zure lagun hori, horrela deituko dugu, Sonzogno hori, nolako morroia da?

        — Beste asko bezalakoa —esan nuen ilunki. Une hartan ez nuen ezer aurkitzen Sonzognori buruz esateko.

        — Baina nolakoa da?... Deskribatu.

        — Zer ba? Atxilotzea nahi al duzu? —esan nuen barrez—. Gogora ezazu ni ere joango naizela barrura—. Eta gero: — Ilehoria da..., txikia..., sorbalda zabalak ditu..., aurpegi zurbila, begi urdinak...; alegia, ezer berezirik ez... Gauza aipagarri bakarra dauka, oso-oso indartsua dela.

        — Oso-oso indartsua?

        — Ikusita, inork ez luke esango..., baina gero, besoak ukitzen badizkiozu, burdinazkoak dirudite—. Arretaz aditzen zuela ikusirik, Gino eta Sonzognoren arteko istiluaren istorioa kontatu nion. Ez zuen hitzik bat ere esan hari buruz, baina azkenean: — Eta uste al duzu Sonzognok aurretiaz prestatua zuela bere krimena?... —galdetu zuen—; esan nahi dut, prestatu eta gero odol hotzez egin duela?

        — Bai zera! —nik erantzun—, horrek ez du inoiz ezer prestatzen...; Gino lurrera bota baino une bat lehenago ez zuen horrelakorik pentsatu ere egiten..., eta berdin izango zen urreginarekin.

        — Orduan, zergatik egin zuen?

        — Ba..., bera baino indartsuagoa delako..., tigre bat bezalakoa...: orain lasai egongo da, baina gero atzaparka egingo dizu, auskalo zergatik—. Orduan, Sonzognorekiko nire harremanen istorio osoa kontatu nion, bai eta nola jo eta, ilunpean, hilko ninduela mehatxatu ninduen ere; eta azkenik: — Ez du sekulan pentsatzen... —esan nuen—, halako batean bere borondatea baino indartsuagoa den indar batek menderatzen du..., eta orduan hobe da bere ondoan ez egotea...; seguru nago hauts-kaxa saltzeko asmoz joan zela urreginarengana..., gero hark irainen bat bota, eta berak hil zuen.

        — Hitz batean esanda, piztia moduko bat da.

        — Nahi duzun bezala deitu... Nik uste dut —gaineratu nuen, Sonzognoren amorru hilgarriak eragiten zidan sentimendua neure buruari argitu nahirik— zu maitatzera behartzen nauenaren antzeko joera bat dela...; zergatik maite zaitut? Jainkoak bakarrik daki...; zergatik dauka Sonzognok halako batean hiltzeko joera? Hori ere Jainkoak bakarrik daki...; esango nuke kasuotan ez dagoela ezer azaldu beharrik.

        Bera gogoetatsu zegoen. Gero burua altxatu eta honela galdetu zidan: — Eta zure ustez, zer-nolako joera sentitzen dut zurekiko? Zu maitatzeko joera sentitzen dudala uste al duzu?

        Ez ninduela maite esango ote zuen beldur ikaragarri batek hartu ninduen. Eta eskuaz ahoa estali nion, arren eginez: — Mesedez..., ez ezer esan nirekiko sentitzen duzunari buruz.

        — Zergatik, ba?

        — Ez zaidalako axola..., ez dakit zer sentitzen duzun nirekiko, eta ez dut jakin nahi ere...; nahikoa zait zu maitatzea.

        Buruari eragin zion, eta esan: — Oker egiten duzu, ni maitatzean.... Sonzogno bezalako gizon bat maitatu beharko zenuke.

        Benetan harritu egin nintzen: — Zer diozu? Gaizkile bat?

        — Gaizkilea, beharbada..., baina, esan dituzun joera horiek sentitzen dituena... Sonzognok, hiltzeko joera sentitzen duen bezala, seguru nago maitatzekoa ere sentituko lukeela..., horrela, sinple-sinpleki, hainbeste komeriarik gabe... Nik, aldiz...

        Amaitzen utzi ez, eta protestatu egin nion: — Baina ezin duzu zeure burua Sonzognorekin konparatu..., zarena zara; hura gaizkile bat da, munstro bat..., eta gainera ez da egia maitatzeko joera sentituko lukeela...; halako gizon batek ezin du maitatu..., harentzat zentzuak asetzea baino ez da..., ni edo beste inor, berdin da.

        Ez zirudien konbentzituta zegoenik; baina ez zuen ezer esan. Isilaldi hartaz baliaturik, beso bat luzatu, eta atzamarrak sartu nizkion eskumuturretik barrena, besotik gora egin nahirik. — Mino —esan nuen.

        Ikara batek astintzen zuela ikusi nuen: — Zergatik deitzen didazu Mino?

        — Giacomoren txikigarria da..., ezin dut?

        — Ez..., ez..., ahal duzu..., baina gure etxean txikigarri horrekin deitzen naute..., horixe da dena.

        — Zure amak horrela deitzen zaitu? —galdetu nuen, eskumuturra utziz, eta eskua gorbataren azpitik sartuz eta atzamarrekin alkandorako bi ertzak haztatuz, bular biluziaren gainean.

        — Bai, amak horrela deitzen nau —baieztatu zuen, ezinegon apur batez. Eta handik gutxira, halako doinu berezi batez, erdi erdeinuz, erdi eztenka: — Bestalde, ez da zuk eta amak esaten duzuen gauza bakarra..., funtsean, iritzi berbera daukazue ia denari buruz.

        — Esaterako? —galdetu nuen. Aztoratuta nengoen, eta ia ez nengoen esaten zuenari adi. Alkandorako botoiak askatu, eta eskua bere mutil-sorbalda argal eta lerdenera eramateko ahaleginak egiten ari nintzen.

        — Esaterako —erantzun zuen—, politikaz arduratzen nintzela kontatu nizunean, segituan esan zenuen, ikaratu ahotsez: «Baina debekatuta dago..., arriskutsua da...»; ba, horixe bera, ahots berberaz esango luke gure amak.

        Bere amaren antza edukitzeak lausengatu egiten ninduen, lehen-lehenik bere ama zelako, eta gero andre bat zela banekielako. — Kaikua zara gero! —esan nuen samurki—, gauza txarra al da hori? Horrek esan nahi du amak maite zaituela, nik maite zaitudan bezala...; egi-egia da arriskutsua dela politikaz arduratzea..., ezagutzen nuen mutil gazte bat atxilotu eta bi urte daramatza barruan..., eta gainera, zertarako balio du? Haiek indartsuagoak dira, eta mugitzen zaren bezain laster kartzelan sartzen zaituzte... Politikarik gabe ere ondo baino hobeto bizi daitekeela iruditzen zait.

        — Ama, ama —oihu egin zuen, poz-dardaraz eta eztenkari—; horixe bera esaten du gure amak.

        — Nik ez dakit zer esaten duen zure amak —erantzun nuen—, baina esaten duena esaten duela ere, zure onerako esaten du, hori egia da...; bakean utzi beharko zenuke politika..., zu ez zara politikoa lanbidez..., estudiantea zara..., estudianteek estudiatu egin behar dute.

        — Estudiatu, lizentziatu, bizimodua bilatu —murmuratu zuen, bere buruari hitz eginez bezala.

        Ez nion erantzun, baina, nire aurpegia berera hurbilduz, ezpainak luzatu nizkion. Musu eman, eta gero elkarri begira geratu ginen, eta bazirudien damututa zegoela niri musu eman izana, eta umiliatu eta haserre itxuraz begiratzen zidan. Politikari buruzko bere hitzak nire musu harekin eten ote nituen beldurrez, hauxe gaineratu nuen azkar: — Baina, nahi duzun bezala, ni ez naiz sartuko zure gauzetan..., gainera, nahi baduzu..., etorri naizenez gero, eman diezadakezu pakete hori..., eta ezkutatu egingo dut, erabaki genuen bezala.

        — Ez, ez —erantzun zuen biziro—, mesedez, hobe ez... Astaritaren adiskidea zarenez gero, topatzen baldin badizu...

        — Zergatik? Hain arriskutsua al da Astarita?

        — Okerrenetako bat da —erantzun zuen serio.

        Ez dakit nolako gogo gaiztoa sentitu nuen bere amodio propioan zirikatzeko. Baina gaiztakeriarik gabe, maitekiro. — Azken finean —adierazi nuen samurki—, inoiz ez duzu izan pakete hori nire ardurapean uzteko asmorik.

        — Zergatik atera nizun kontu hori, orduan?

        — Ba, barkatu, ez mindu..., baina uste dut nire begien aurrean zeure burua agertzeagatik egin zenuela..., gauza debekatuak eta arriskutsuak benetan egiten dituzula erakusteko.

        Sumindu egin zen, eta erdiz erdi asmatu nuela konturatu nintzen. — Babokeriak! —bota zuen—, ergel galanta zara zu!—. Baina gero, bat-batean lasaituz: — Zergatik?... —galdetu zuen mesfidantzaz—, zerk pentsa erazten dizu hori?

        — Ez dakit —erantzun nuen irribarrez—, zure jokamoldeak..., beharbada ez zara konturatzen..., baina ez duzu seriotan ari denaren itxura ematen.

        Burla keinu bat egin zuen, bere buruari zuzendua bezala: — Aldiz, oso gauza serioak dira —esan zuen. Zutitu eta, beso argalak zabalduz, zeremoniaz errezitatzen hasi zen, ahots izunez: — Armak, hona armak: neu bakarrik naiz borrokatuko, neu bakarrik eroriko—. Hanka-besoak astintzen zituen, barregarri zegoen eta txotxongilo bat zirudien, nolabait. — Zer esan nahi du? —galdetu nuen.

        — Ezer ez —berak erantzun—, bertso bat da—. Harrigarriro, kilikatik bat-bateko erorialdi ilun gogoetatsu batera igaro zen, itxuraz. Berriz eseri eta honela esan zidan zintzoki: — Aldiz..., begira..., ni benetan atxilotuko nautela espero dut, hain seriotan egiten dut eta...; eta orduan denei erakutsiko diet seriotan ari naizen ala ez.

        Ez nuen ezer esan, baina, aurpegian laztan bat eginez, eskuen artean hartu eta esan nuen: — Zeinen begi ederrak dituzun!—. Eta egia zen, bere begiak oso ederrak ziren egiatan, gozoak eta handiak, begirada bizi eta lañokoak. Berriro aztoratu zen, kokotsa dardarka hasi zitzaion. — Zergatik ez goaz zure gelara? —murmuratu nuen.

        — Ezta pentsatu ere!..., alargunaren gelaren ondokoa da..., eta berak egun osoa ematen du gelan, atea zabalik, pasabidea zelatatzeko...

        — Orduan, goazen nire etxera.

        — Beranduegi da..., urrun bizi zara..., berandu gabe nire lagun batzuek etorri behar dute.

        — Orduan hementxe.

        — Zu erotuta zaude!

        — Aitortu beldur zaudela! —esan nuen, etsitu gabe—. Ez duzu propaganda politikoa egiteko beldurrik..., hori diozu behintzat..., baina egongela honetan maite zaituen emakumearekin harrapatuko zaituzten beldur zaude...; zer gerta daiteke, azken finean?... Alargunak etxetik bidaliko zaituela..., eta beste gela bat bilatu beharko duzula...

        Banekien bere harrotasuna ukituz gero dena lortu zitekeela berarengandik. Eta, izan ere, konbentzituta zirudien. Egia esanda, nik adinako desioa zeukan, segur aski. — Zu erotuta zaude —errepikatu zuen—; gainera, penagarriagoa izan daiteke hemendik bidalia izatea, atxilotua izatea baino...; eta, gero, non sartuko gara?

        — Lurpean —esan nuen poliki eta bihotz handiz—, zatoz..., erakutsiko dizut nola egiten den—. Orduan hain larri zegoen, itxuraz, non ez baitzen hitz egiteko gauza. Sofatik altxatu eta, presarik gabe, lurrean etzan nintzen. Zorua hainbat alfonbraz estalita zegoen, eta gela erdian pattarrerako botila-edalontziak gainean zeuzkan mahaia zegoen. Alfonbren gainean etzan nintzen, burua eta bularraldea mahai azpian nituela; gero Minori tira egin nion beso batetik, nire gainean jartzera behartuz, bere gogoaren kontra. Burua atzera bota nuen, begiak itxiz, eta alfonbrako hauts usain zaharra ona eta hordigarria iruditu zitzaidan, udaberrian zelai batean etzan banintz bezala eta usain hura, artile zikinarena ez, baizik eta lore eta belarrena izan balitz bezala. Mino nire gainean zegoen, eta bere pisuak zoruaren gogortasun gozagarria sentiarazten zidan, eta pozik nengoen berak ez zuelako sentitzen eta nire gorputza zuelako etzaleku. Gero lepoan eta masailetan musu ematen zidala sentitu, eta poz handia izan nuen, horrelakorik ez zuelako inoiz egiten. Berriro ireki nituen begiak, aurpegia sorbalda baten aldera bihurtua neukan, masaila alfonbraren artile zakarraren kontra jarria eta, alfonbratik harantzago, argizariz igurtzitako mosaikoa ikus nezakeen, eta, hango aldean, ate alderdien azpialdea. Arnas sakona egin eta begiak itxi nituen.

        Mino altxatu zen lehenik, ni une luze batez geratu nintzen utzi ninduen bezala, beso bat aurpegi gainean, ahoz gora, jantziak nahasian, hanka bat hemen eta bestea han. Zoriontsu eta nire zorionak ezereztua bezala nengoen, eta horrela luzaro gera nintekeela iruditzen zitzaidan, zoruaren gogortasun ona bizkar atzean edukita, hauts usain hura sudurretan nuela. Baliteke une batez lo eta guzti egin izana, lo arin-arin eta iheskorra, eta ametsetan nengoela iruditu zitzaidan, zelai loretsu batean nengoela benetan, etzanik, belarretan, eta mahaiaren ordez, nire buruaren gainean, eguzkiz beteriko zerua zegoela. Minok gaizki nengoela pentsatu zuen, nonbait, halako batean astintzen ninduela eta ahapetik hitz egiten zidala entzun niolako: — Baina, zer duzu? —galdetu zuen—. Zertan zabiltza? Aupa, azkar, altxa!

        Kostata, besoa aurpegitik kendu, poliki mahai azpitik atera eta berriro zutitu nintzen. Zoriontsu eta irribarrez nengoen. Mino, arasaren ondoan, makurturik, artean arnaska, niri begira zegoen isilik, haserre eta nahastu aurpegiz. — Ez zaitut berriro ikusi nahi ­esan zuen azkenerako. Horrekin batera, bere gorputz makurtua halako inarrosaldi bitxi batek astindu zuen, panpina bati bultzagarria puskatzen zaionean bezala.

        — Zergatik?... —erantzun nuen irribarrez—. Elkar maite dugu..., elkar ikusiko dugu—, eta beragana hurbilduz laztan bat egin nion. Baina aurpegi zuri eta larritua baztertu eta: — Ez zaitut berriro ikusi nahi —errepikatu zuen.

        Banekien bere etsaitasun hori niri amore eman izanak sortutako nahigabeari zor zitzaiola batez ere. Gogor egin gabe eta damu handiz ez bazen, ez zen inoiz makurtzen ni maitatzera. Egin nahi ez duen eta egin beharko ez lukeen zerbait egitera erabakitzen den norbaiten antzera. Baina seguru nengoen bere tenple txarrak ez zuela luze iraungo, eta nireganako desioa, borrokatua eta gorrotatua izanda ere, azkenik indartsuagoa izango zela beti bere kastitate nahi bitxi hura baino. Horrela, ez nien jaramonik egin bere hitzei; eta, erosi nion gorbataz gogoraturik, apal txiki baten ondora joan nintzen, baten gainean utziak bainituen poltsa eta eskularruak. — Aizu —esan nuen, bitarte horretan—, ez horren haserre egon..., ez naiz berriro itzuliko hona...; ongi horrela?

        Ez zuen ezer erantzun. Bien bitartean, atea zabaldu eta neskame zahar batek bi gizon sarrarazi zituen. — Kaixo, Giacomo —esan zuen lehenak, ahots motel eta lodiaz.

        Segur aski bere politika lagunak zirela pentsatu eta jakin-minez begiratu nien. Hitz egin zuena erraldoi bat zen benetan: Mino baino garaiagoa, sorbalda zabalekoa eta boxeolari profesional itxurakoa. Ilea horia eta kizkurra zeukan, begiak zeru kolorekoak, sudurra zapala, ahoa gorri eta itxuragabea. Baina aurpegiz atsegin eta zintzoa zen, gustatu zitzaidan bere planta, lotsa eta lañotasuna nahasten zituena. Negua izan arren ez zeraman berokirik, jaka azpian leporainoko jertse zuri bat baino ez zeukan, kirolari itxura egiaztatzen ziona. Ikusgarriak iruditu zitzaizkidan bere eskuak, gorriak eta eskumutur lodikoak, barrukoz kanpo zeramatzan jertse-besoetatik kanpora ateratzen zitzaizkionak. Oso gaztea zen, nonbait, Giacomoren adin berekoa beharbada. Bigarrenak, aldiz, berrogei bat urte izango zituen eta, lehenak ez bezala, langilea edo nekazaria baitzirudien, burges baten itxura eta janzkera zeuzkan. Txikia zen eta, bere lagunaren ondoan, mozkotea eta guzti ematen zuen. Dena beltzez jantzitako gizontxo bat zen, aurpegia dortoka-oskolez inguraturiko betaurreko handi batzuek jaten ziotena. Betaurrekoen azpian sudurtxo zapal bat ageri zen, eta sudurpean aho handi-handia zabaltzen zen, belarri batetik besteraino iristen zitzaion pitzadura bat ia. Masail meharrak zituen, bizardunak, jantzi-lepoa zirpilduta zeukan, trajea hondatuta eta zikina, handiegia bere gorputz ziztrinerako; halako zarpailkeria gogorzale bat adierazten zuen denak bere baitan, atseginez hartutako miseria. Egia esanda, bi haien itxurak miretsi egin ninduen, Mino halako dotorezia axolagabe batez janzten zelako beti, eta besteak ez bezalako jende klase batekoa zela ematen zuelako. Ez banitu ikusi Minori agur egiten eta Mino haiei agurra itzultzen, sekulan ez nuen pentsatuko adiskideak zirenik. Baina, barrutik aterata, begikoa gertatu zitzaidan handia, eta begitan hartu nuen txikia. — Goizegi etorri al gara? —galdetu zuen handiak, bere estutasuna salatzen zuen irribarre batez.

        — Ez, ez —esan zuen Minok, gorputza astinduz. Zorabiatuta zegoen, eta bazirudien bere onera itzultzeko ahaleginetan ari zela. — Ordu-ordura etorri zarete.

        — Ordu-orduan iristea erregeen kortesia da —esan zuen txikiak, esku-igurtzi bat eginez. Eta bat-batean, ustekabean, bere esaldi hura barregarria samarra bailitzan, algaraka hasi zen. Gero, barre egin ondoren, atsegingarria ez zen bat-batekotasun berberaz, serio jarri zen, ni barre egin ote zuen zalantzan jartzeko bezain serio.

        — Adriana —esan zuen Minok ahaleginak eginez—, hauek nire bi adiskide dira..., Tullio —eta txikia seinalatu zuen—, eta Tommaso.

        Abizenik ez zuela esaten konturatu eta izen faltsuak izango zirela pentsatu nuen. Irribarre eginez, eskua luzatu nuen. Handiak atzamarretan min egin zidan eskua tinkatzean; txikiak, aldiz, izerdiz bete zidan, esku barrena blai baitzeukan. — Pozten naiz —esan zuen txikiak, irrigarria iruditu zitzaidan zeremonia batez; handiak, ordea: — Urte askotarako —sinpletasunez eta, hala iruditu zitzaidan, atseginez. Bere ahotsak dialekto kutsu apur bat bazuela ere konturatu nintzen.

        Une batez elkarri begiratu genion, isilik. — Giacomo, nahi baduk —esan zuen handiak—, joan egingo gaituk..., orain zereginak badauzkak, bihar itzuliko gaituk.

        Minok dardara egiten zuela eta begiratzen ziola ikusi nuen; bai eta ulertu ere haiei geratzeko esatear eta niri alde egiteko eskatzear zegoela. Ordurako ondotxo ezagutzen nuen, eta banekien bere jokabideak ezin zuela bestelakoa izan. Minutu batzuk lehenago berea izan nintzela gogoratu nintzen: artean baneukan lepoan musu ematen zidaten bere ezpainen sentsazioa, eta haragian estutzen ninduten bere esku haiena ere. Ez zen izan nire aldartea, beti etsitzeko prest egon ohi dena, baizik eta nire gorputza oldartu egin zena, bere eskaintza eta bere edertasuna behar ez zen moduan hartuak izan balira bezala. Aurrerantz pausu bat eman eta: — Bai —esan nuen gogor—, hobe da alde egin eta bihar itzultzen bazarete..., oraindik gauza asko esan behar dizkiot Minori.

        Han atera zen Mino, atsegin ez den eran ustekabean harrapatu dutenaren itxuraz: — Baina, hitz egin behar dut haiekin.

        — Bihar hitz egingo duzue.

        — Zera... —esan zuen Tommasok, onbera samar—, erabaki ezazue..., geratzea nahi baduzue, esan..., alde egitea nahi baduzue...

        — Gu pozik, e! —amaitu zuen Tulliok, ohiko barrearekin.

        Mino artean zalantzan zegoen. Berriro nire gorputzak, nire gogoz kontra, bultzakada oldarkor bat izan zuen: — Aizue —esan nuen ahotsa altxatuz—, duela minutu gutxi amodioa egin dugu Giacomok eta biok, hemen, lurrean, alfonbra honen gainean...; zuek zer egingo zenukete bere lekuan? Bidaliko nindukezue?

        Mino gorritzen zela iruditu zitzaidan. Aztoratu egin zen, noski, eta erdeinuz bizkarra eman eta leiho ondora ibili zen. Tommasok zeharka begiratu zidan, eta gero esan, irribarrea ezabatu gabe: — Ulertzen dut..., bagoaz..., bihar ordu berean ikusiko dugu elkar, Giacomo.

        Tullio txikia, aldiz, bazirudien asaldatu egin zutela nire hitzek. Begiak betaurreko lodien atzean zabal-zabal jarriz eta ahozabalik begiratzen zidan. Jakina, sekulan berari gertatu gabeko gauza zen emakume bati hain zintzoki hitz egiten entzutea, eta une hartan hamaika pentsamendu zikin gurutzatuko ziren bere buruan. Baina handiak atetik hots egin zion: — Goazen, Tullio—; eta bera, begi harritu eta nirekiko irrikaz beteak nigandik kendu gabe, aterantz atzera ibili eta irten zen.

        Haiek kanpoan egon arte itxaron, eta gero Minorengana joan nintzen, leiho ondoan geratu baitzen, gelari bizkarra emanez; eta besoa jarri nion lepo inguruan: — Egingo nuke orain ezin nauzula ikusi.

        Poliki bueltatu zen, eta begira geratu zitzaidan. Begietan sumina ageri zuen; baina nire aurpegia ikusirik, goxoa eta maitasunez betea nonbait, eta, bere modura, errurik gabea, begirada aldatu zitzaion eta honela esan zuen, arrazoizko doinu ia triste batez: — Pozik egongo zara! Nahi zenuena lortu duzu.

        — Bai, pozik nago —esan nuen, indarrez besarkatuz. Besarkatzen utzi zidan, eta gero galde egin: — Zer zen esan behar zenidan hori?

        — Ezer ez —nik erantzun—, gauean zurekin geratu nahi nuen.

        — Baina laster afaldu behar dut... —esan zuen—, eta hemen afaltzen dut..., Medolaghi andre alargunarekin.

        — Ongi, gonbida nazazu afaltzera.

        Begiratu eta irribarre egin zuen nire ausardiagatik, baina nekez bezala. — Ongi da —esan zuen, etsiak hartuta—, berari esatera noa..., eta zer zarela esango diot?

        — Nahi duzuna..., senide bat.

        — Ez..., nire emaztegaia zarela esango dut... Ongi iruditzen?

        Ez nintzen ausartu bere proposamen hura zeinen atsegin zitzaidan erakustera. — Niregatik!... erantzun nuen, axolagabe itxurak eginez—, elkarrekin geratuz gero, ondo..., emaztegaia edo beste edozer.

        — Itxaron, segituan nator.

        Bera irten, eta ni egongelako izkina bateraino ibili nintzen, soinekoa altxatu eta azpikogonako botoiak presaka lotu nituen, maitasunaren zorabioan eta bere adiskideak ustekabean iristean, dena nahaspilatuta geratu zitzaidalako. Aurreko paretako ispilu batean nire hanka luze bikaina ikusi nuen, zetaz jantzia, eta eragin bitxia eduki zuen nire baitan, altzari zahar guzti haien artean, giro itxi eta isil hartan. Ginorekin, bere nagusi andrearen landetxean maitasuna egin eta hauts-kaxa lapurtu nuenekoaz gogoratu nintzen, eta ezinbestez konparatu nuen nire bizitzako une ordurako urrun hura oraingoarekin. Harako hartan hutsune sentsazioa izan nuen, mingostasuna, eta, Ginorekin zuzenean ez, baina bai Ginoren bidez hain irain ankerra egin zidan munduarekin mendekatzeko irrika. Orain, ordea, pozik, libre eta arin sentitzen nintzen. Berriro ere ulertu nuen Mino benetan maite nuela, eta ez zitzaidala axolarik berak maite ez baninduen ere.

        Arropak itxuran jarri, ispilura hurbildu, eta ileak txukundu nituen. Nire atzean, atea ireki eta Mino sartu zen barrura.

        Nigana noiz hurbildu eta besarkatuko ninduen zain geratu nintzen, ispiluan neure buruari begiratzen nion bitartean. Bera, ordea, egongelako beste aldeko sofa baten gainean esertzera joan zen. — Horra ba —esan zuen, zigarro bat pizten zuen bitartean—, platera bat gehiago jarri da..., laster joango gara mahaira.

        Ispilua utzi eta, haren ondoan esertzera joanda, beso bat bere besoaren azpitik sartu eta neure gorputza estutu nuen berearen kontra: — Bi horiek —esan nuen esatearren—, politikan sartuta daudenak dira, ez?

        — Bai.

        — Ez dira oso aberatsak, antza denez.

        — Zergatik?

        — Nola jantzita dauden ikusi besterik ez dago.

        — Tommaso nire maizter baten semea da —esan zuen—, eta bestea eskola maisua da.

        — Ez zait atsegin.

        — Nor?

        — Eskola maisua..., zikina da eta halako begirada bat egin dit, zurekin maitasuna egin dudala esan dudanean!

        — Bere gustukoa zara, nonbait.

        Une luze batez isilik egon ginen. Gero nik: — Lotsatu egiten zara zure emaztegaia naizela esatean...; nahi baduzu, alde egingo dut.

        Banekien hori zela berari maitasun azalpenak lapurtzeko modu bakarra: nirekin lotsatzen zela salatuz. Eta, izan ere, beso bat gerri bueltan jarri eta honela esan zidan: — Neuk proposatu dizut..., zergatik lotsatu behar dut zurekin?

        — Ez dakit..., tenple txarrez zaudela ikusten dut.

        — Ez nago tenple txarrez, txorabilduta nago —erantzun zuen doinu ia zientifiko batez—, eta hori maitasuna egin dugulako...; emadazu nire onera itzultzeko astia.

        Artean zurbil-zurbil zegoela eta gogo txarrez erretzen ari zela ohartu nintzen. — Arrazoia duzu... —esan nuen—, barkatu..., baina beti horren hotza eta horren gozogabea zara! Burua galdu egiten dut zurekin... Horrelakoa ez bazina, lehengoan ez nintzen horren temoso jarriko, hemen geratu nahi nuela eta.

        Zigarroa bota eta honela esan zuen: — Ez da egia hotza eta gozogabea naizenik.

        — Ba...

        — Nire gustukoa zara oso —niri begira adi jarraitu zuen—, eta, izan ere, duela gutxi ez dizut nahi izango nuen bezala gogor egin.

        Esaldi hori atsegingarri gertatu zitzaidan eta hitzik esan gabe begiak makurtu nituen. Eta berak: — Dena dela, azkenik arrazoia daukazula uste dut..., eta ezin dela hau maitasuna denik esan.

        Bihotza estutu egin zitzaidan, eta totelka atera zitzaidan, ezinbestez: — Eta zer da ba, zure ustez, maitasuna?

        Eta berak: — Maite izan bazintut, duela gutxi ez nuen zu hemendik bidaltzeko gogorik izango..., eta gero ez nintzen suminduko geratu nahi izan duzunean.

        — Sumindu zara, ala?

        — Bai..., eta orain berriketan jardungo nuke zurekin, alai egongo nintzateke, arma izango nintzateke, irekia, jostaria..., laztanak egingo nizkizuke, hitz gozoak esango nizkizuke, musu emango nizuke..., etorkizunerako planak egingo nituzke..., ez al da hori maitasuna?

        — Bai —esan nuen poliki—, maitasunaren ondorioak dira, behintzat.

        Une luze batez isilik geratu zen eta gero, inolako atseginik gabe, apaltasun lehor batez: — Gauza guztiak berdin egiten ditut... —esan zuen—, maitatu gabe eta bihotzean sentitu gabe..., baina buruan jakinik nola egiten diren eta, batzuetan, baita eginez ere, hotzean eta kanpotik..., horrelakoxea naiz eta, dirudienez, ezin naiz aldatu.

        — Ba, niri zaren bezalakoa gustatzen zatzaizkit... —erantzun nuen, ahalegin handi bat eginez—, ez kezkatu—. Eta bihozberatasun handiz besarkatu nuen. Ia une berean atea ireki eta neskame zahar batek burua sartu zuen, afaria pronto zegoela esateko.

        Egongelatik irten eta pasabide batetik jangelara joan ginen. Ondo gogoratzen ditut gela hartako eta hango pertsonen zehaztasun guztiak, une hartan argazki-xafla bat bezain sentikorra nintzelako. Jardun baino areago, neure burua begi zabal eta tristez jarduten ikusten nuela iruditzen zitzaidan. Hori da, beharbada, sufriarazten digun eta bestelakoa nahi genukeen errealitate bati gogor egiteko sentimenduak gure baitan daukan eragina.

        Medolaghi alarguna, ez dakit zergatik, egongelako bere ebano beltzez eta tarazeaturiko nakar zuriz egindako altzarien oso antzekoa iruditu zitzaidan. Emakume heldua zen, altu samarra, bularralde zabalekoa eta aldaka sendoak zituena. Zeta beltzez jantzita zegoen erabat, aurpegia zabal eta zaildua zuen, ia nakarra bera bezain zurbila, tindatuak zirudien ile beltz batez inguratua, eta betondo ilun zabalak zituen. Lorez apainduriko zopa-ontzi baten aurrean zutik zegoen, eta erdeinuz bezala zerbitzatzen zuen zopa. Kontrapisuko lanparak, mahai gainean eskegirik, bularraldea argitzen zion, fardeltzar beltz distiragarri baten oso antzekoa, eta itzalean uzten zion aurpegia. Itzal horretan, atzaparkada beltzez inguraturiko begiek, aurpegi zurian zehar, inauterietan eramaten diren zetazko mozorro horietako bat ekartzen zuten gogora. Mahaia txikia zen, eta lau platera zituen, alde bakoitzean bana. Andrearen alaba bere lekuan eserita zegoen ordurako, eta ez zen altxatu gu sartzen ikustean.

        — Andereñoa hor jarriko da —esan zuen Medolaghi andreak—; nola deitzen da andereñoa?

        — Adriana.

        — Hara, nire alaba bezala! —esan zuen andreak ardurarik gabe—; bi Adriana dauzkagu—. Zuhurtasunez hitz egiten zuen, guri begiratu gabe, eta argi zegoen ni han egotea ez zitzaiola inola ere gustatzen. Lehenago esan dudan bezala, ia ez nintzen inoiz pintatzen, ilea ez nuen ur oxigenatuz bustitzen eta, hitz batean esanda, ez nuen mola erakusten zein zen nire ogibidea. Baina herriko neska apal eta eskolatu gabea nintzela, gauza argia zen jakina, eta ez nuen ezkutatzeko ardurarik bat ere. — Ze jende klase ekartzen didazun etxera! —pentsatuko zuen une hartan Medolaghi andreak—, herriko neska bat.

        Eseri eta nire antzera deitzen zen neskari begiratu nion. Nire erdia zen, zehazki, buruan, bularretan, aldaketan, guzti-guztian. Argala zen, ile urriko kaskezurra zeukan, aurpegi obal eta fina, begi handi distiragabeak zituena, eta izutu itxurakoa. Berari begiratu eta, nire begiradengatik, begiak eta kopeta makurtzen zituela ikusi nuen. Lotsatia zela pentsatu eta, giroa berotzearren, honela esan nuen: — Badakizu arraro egiten zaidala beste norbait nire izen berbera eduki eta nire aldean horren desberdina izatea?

        Zerbait esatearren hitz egin nuen, berriketa nonbaitetik bideratzeko asmoz; eta esaldia zozo samarra zen. Baina ez nuen inolako erantzunik jaso, eta harritu egin nintzen. Neskak begiratu egin zidan, begiak ondo irekita zituela, eta gero, hitzik esan gabe, aurpegia platera gainean makurtu eta jateari ekin zion. Orduan, bat-batean, egia argitu zen nire buruan: ez zen lotsatia, ikaratuta zegoen. Eta neu nintzen bere ikararen arrazoia. Ikaratuta zegoen nire edertasunarekin, arrosa bat armiarma sare batean bezala lehertzen baitzen bere etxeko giro itzali eta hautsez betean; nire gorputzaren joritasunarekin, ez baitzen nabaritu gabe gera zitekeen gauza, baita isilik eta geldirik nengoenean ere; baina, batez ere, ni herriko neska bat izatearekin. Aberatsak ez du pobrea maite, jakina, baina haren beldur ere ez da egoten, eta badaki bazter batean egotera behartzen, harrokeriaz eta handiustez; baina heziketagatik edo jatorriagatik aberats izpiritua duen pobrea, ordea, benetan ikaratu egiten da egiazko pobrearekin, halako gaixotasun batek jota dagoenarengandik kutsatzeko joera duela uste duenaren antzera. Medolaghi biak ez ziren aberatsak noski, bestela ez zuten gelarik errentan jarriko; pobre sentituz, baina onartu nahi ez zutelarik, ni, mozorrorik gabeko pobre bat, bertan egotea arriskua eta iraina zen haientzat. Batek jakin neska hari zer pasatu zitzaion burutik hitz egin nionean: hemengo honek hitz egiten dit, nire adiskide izan nahi du, ezingo dut inoiz bistatik galdu. Gauza guzti horiek istant batean ulertu eta afaria amaitu arte ahoa ez irekitzea erabaki nuen.

        Baina ama biziagoa eta, beharbada, jakinzaleagoa izaki eta ez zion uko egin nahi izan berriketari. — Ez nekien emaztegaia zenuenik —esan zion Minori—; aspalditik?

        Zeremonia handiko ahotsa zeukan, eta, nolabait esatearren, bular eskergaren atzetik mintzo zen, bera babesten zuen lubaki baten atzetik bezala. — Joan den hiletik —esan zuen Minok. Egia zen, hilabete baino ez zen elkar ezagutzen genuela.

        — Andereñoa erromatarra al da?

        — Bai horixe! Zazpi belaunalditatik.

        — Eta noiz ezkonduko zarete?

        — Laster..., bizitzera joango garen etxea libre egon bezain laster.

        — A..., baduzue orduan etxerik?

        — Bai, landetxe txiki bat lorategia eta guzti..., dorretxo batekin..., polit-polita.

        Minok horrela azaltzen zuen, bere burla-ahotsarekin, nire etxe ondoko etorbidean erakutsi nion etxetxoa. Eta nik, ahaleginak eginez: — Etxe horren zain bagaude... —esan nuen—, beldur naiz ez garela inoiz ere ezkonduko!

        — Inozokeriak! —esan zuen Minok ahots alai batez. Zeharo bere onera itzulirik zirudien, bai eta aurpegian kolore gehiagorekin ere: — Badakizu esandako egunerako egongo dela libre.

        Ez zait plantak egiten jardutea gustatzen, eta horregatik ez nuen ezer esan. Neskameak platerak aldatu zituen. — Landetxeak, Diodati jauna —esan zuen Medolaghi andreak—, gauza on asko dituzte, baina ez dira erosoak..., zerbitzari asko behar dituzte.

        — Zergatik? —esan zuen Minok—. Ez da horren beharrik egongo..., Adriana arduratuko da sukaldari lanak, neskame lanak eta etxezain lanak egiteaz..., ez da egia, Adriana?

        Medolaghi andreak ni begirada batez neurtu eta: — Baina andre batek baditu beste zeregin batzuk, sukaldeaz arduratzen, gelak garbitzen eta oheak egiten ibili gabe... —esan zuen—, baina Adriana andereñoa ohituta badago..., orduan...—. Ez zuen amaitu, eta neskameak luzatzen zidan platerera zuzendu zituen begiak. — Ez genekien etorriko zinenik..., arrautza batzuk erantsi besterik ezin izan dugu egin.

        Ni haserre nengoen Minorekin, andrearekin, eta ia-ia «Ez..., kalea egitera ohituta nago» erantzun nahi izango nuen. Baina Mino, poz-pozik, poztasun zoro batez, bere basoa bete zuen oso airoso, nirea ere bete (Medolaghi andrearen begiek kezkati jarraitzen zioten botilari), eta berearekin jarraitu zuen: — Baina Adriana ez da andre bat..., eta inoiz ez da izango... Adriana beti egon da oheak egiten eta gelak garbitzen... Adriana herriko neska bat da.

        Medolaghi andreak lehen aldiz ikusi izan banindu bezala begiratu zidan; gero kortesia iraingarri batez baieztatu egin zuen: — Horixe ba..., esaten nuena: ohituta baldin badago...—. Alabak burua makurtu zuen plateraren gainean. — Bai, ohituta dago —jarraitu zuen Minok—, eta nik ez dut behartuko hain ohituta egokiak aldatzeka... Adriana alkandoragile baten alaba da, eta alkandoragilea da bera ere... Ez da egia, Adriana?—. Beso bat luzatu zuen zamauaren gainetik, nire esku bat hartu eta agerian utzi zuen eskugaina: — Azkazalak pintatzen ditu, egia da, baina langile eskuak ditu: handiak, sendoak, sinpleak..., bere ilea bezala: kizkurra, bai, baina, halere, gogorra, sendoa—. Eskua utzi eta ileetatik tira egin zidan, indarrez, piztia bati bezala. — Horra, Adriana, guztian eta guztiagatik, gure herri on, sendo eta osasuntsuaren ordezkari duin bat da.

        Bere ahotsean ziri-erronka moduko zerbaiten hotsa zegoen; baina inork ez zion heldu. Alaba niregan barrena begiratzen zuen, gardena banintz bezala, eta nire atzean zerbait ikusi izan balu bezala. Amak platerak aldatzeko eskatu zion neskameari eta gero, Minoren aldera bihurtuz: — Eta, Diodati jauna, joan al zara komedia hura ikustera? —galdetu zuen, erabat ustekabean.

        Ia barregura eman zidan mintzagaia aldatzeko modu hain trakets hark. Minok, aldiz, ez zuen zirkinik egin, eta: — Ez ezazu aipatu ere egin..., zaborra besterik ez zen, benetan.

        — Gu bihar joango gara..., aktoreak ordea oso onak omen dira.

        Minok erantzun zuen aktoreak, funtsean, ez zirela egunkariek zioten bezain onak; andrea miretsi egin zen egunkariek gezurra esatearekin; Minok patxadaz erantzun zuen egunkariak, lehen lerrotik hasita azkeneraino, gezur hutsa zirela; eta handik aurrera gure hizketaldia antzeko mintzagaiez ehundu zen. Ohiko esangai hauetako bat agortu orduko, Medolaghi andreak beste bati erasotzen zion berehala, gaizki ezkutatutako presa batez. Minok, itxuraz dibertitzen ari baitzen, jokoan sartu eta bizi-bizi erantzuten zuen. Aktoreez hitz egin zuten, gero Erromako gau-bizitzaz, kafetegiez, zinema-lekuez, antzokiez, ostatuez eta antzeko gauzez. Tamburello deitzen den jokoan beti pilota berbera elkarri pasatzen dioten bi jokalari ematen zuten, pilotari ihes egiten ez uzteko adi-adi. Baina Minok beti itxurak egiten egoteko bere izpirituak bultzaturik egiten zuen, oso sustraituta baitzegoen bere baitan, eta Medolaghi andreak, aldiz, nireganako eta niri buruzko edozerekiko beldurra eta nazkagatik. Bazirudien bere forma hutsezko eta ohikeriaz beteriko berriketa harekin zera esan nahi zuela: «Era honetara esaten dizut ez dela egokia herriko neska batekin ezkontzea, eta, nolanahi ere, ez dela egokia Medolaghi Estatuko funtzionarioaren alargunaren etxera ekartzea». Alabak ez zuen arnasarik ere hartzen: ikaratuta, bazirudien argi eta garbi espero zuela afaria amaitu eta nik albait azkarren alde egingo nuela. Alditxo batez dibertitu egin nintzen elkarrizketa hartako borrokarekin, gero nekatu eta bihotzean zelatan neukan tristurari oso-osorik nitaz jabetzen utzi nion. Minok ez ninduela maite konturatzen nintzen, eta hori jakitea, azken finean, mingotsa zen niretzat. Gainera, ikusi nuen nola Mino nire bihotzaren barrutik esan nizkion gauzez baliatu zen ezkongai ginelako itxurak egiteko; eta ez nuen ongi ulertzen adarra niri jo nahi ote zidan, ala bere buruari, ala bi emakume haiei. Beharbada guztiei, baina, batez ere, bere buruari. Berak ere, bere bihotz barrenean, bizimodu normal eta egokia izateko nire nahi berberak eduki eta, nireak ez bezalako arrazoiengatik, inoiz ere betetzea espero izan ez balu bezala. Bestalde, ondo nekien ni herriko neska bat nintzelako gorespen hura ez zela inondik ere lausengu bat, ez niretzat, ez herriarentzat ere: bi emakumeentzat gorrotagarria izateko bide bat baino ez zen izan, besterik ez. Eta oharpen guzti haien bidez konturatzen nintzen egia zela lehentxeago esan zidan guztia: ez zela bihotzez maitatzeko gauza. Une hartan bezain ondo inoiz ez nuen ulertu dena zela maitasuna eta dena zegoela maitasunaren baitan. Eta maitasun hori edo bazegoen, edo ez zegoen. Eta baldin bazegoen, norbere maitalea ez ezik, pertsona guztiak eta gauza guztiak ere maite ziren, niri gertatzen zitzaidan bezala; baina ez baldin bazegoen, orduan ez zen ezer eta inor maite, eta hori bere kasua zen. Eta maitasunik ezak ezgaitasuna eta ezintasuna eragiten zituen azkenik.

        Orain mahaia jasota zegoen, eta ogi-papurrez beteriko zamauaren gainean, lanparako argi biribilaren azpian, lau kikara bete kafe, tulipan itxurako buztinezko hautsontzi bat eta orin ilunez zikindutako esku zuri bat, hatzetan balio gutxiko eraztunez edertua, ketan zegoen zigarro bati eusten: Medolaghi andrearen eskua. Halako batean, ezin eramanak bularra puztu eta zutik jarri nintzen: — Mino, barkatu —esan nuen, nire ahotsaren erromatar kutsua nahita nabarmenduz—, baina zereginak dauzkat..., alde egin behar dut.

        Zigarroa hautsontzian zapaldu eta bera ere zutitu zen. Nik «gabon» ozen bat esan, herriko neskarena hain zuzen, burua apur bat makurtu —Medolaghi andreak patxadaz erantzun zidan eta alabak ez zuen erantzun ere egin—, eta irten nintzen. — Beldur naiz Medolaghi andreak, gaurkoaren ondoren, beste gela bat bilatzeko ez ote dizun eskatuko —esan nion Minori, ezkaratzean geundela.

        Berak sorbaldak kizkurtu zituen: — Ez dut uste..., asko ordaintzen diot, eta ordainketak garaiz egiten ditut.

        — Ni banoa —esan nuen—, afari honek triste jarri nau.

        — Zergatik?

        — Benetan konbentzitu naizelako ez zarela maitatzeko gai.

        Berari begiratu gabe esan nituen hitz haiek, tristuraz. Gero begiak altxatu eta damu-minez zegoela iruditu zitzaidan. Edo beharbada ezkaratzeko itzala zen bere aurpegi zurbilean. Guztiz damututa sentitu nintzen, bat-batean. — Mindu al zara? —galdetu nuen.

        — Ez —esan zuen ahaleginak eginez—, egia da, gainera...

        Arima maitasunez bete zitzaidan, bero-bero besarkatu nuen eta esan: — Ez da egia..., minduta nengoelako esan dut..., eta, gainera, bizi-biziki maite zaitut, halere...; begira..., gorbata hau ekarri dizut—. Poltsa ireki, gorbata atera eta luzatu nion. Berak begiratu eta galde egin zuen: — Lapurtu al duzu?

        Txantxetan ari zen eta bere baitan horrek, geroago pentsatu nuen bezala, edozein esker onek baino maitasun handiagoa salatzen zuen beharbada. Baina une hartan, ordea, bihotza erdibitu egin zitzaidan. Begiak negarrez busti, eta: — Ez, erosi egin dut... —esan nuen—, hemen beheko denda batean.

        Nire oinazeaz konturatu, eta besarkatzeaz batera honela esan zidan: — Tuntuna..., ziria sartzearren esan dut..., gainera, lapurtu izan bazenu ere gustatuko zitzaidan..., baita gehiago ere.

        — Itxaron, jarriko dizut —esan nuen, zertxobait kontsolaturik.

        Berak kokotsa altxatu eta gorbata zaharra kendu nion, alkandora lepoa gorantz jarri eta berria lotu nion. — Gorbata zirpildu itsusi hau —esan nuen— eraman egingo dut..., ez duzu berriro jantzi behar—. Egia esanda, bere oroigarri bat nahi nuen, berak soinean eramandako zerbait.

        — Orduan laster ikusiko dugu elkar.

        — Noiz?

        — Bihar, afalostean.

        — Ederki—. Eskua hartu eta haren gainean musu eman nahi izan nion. Berak jaitsi egin zuen, baina ezin izan zuen nire ezpainek ukitzerik galarazi. Azkar, atzera begiratu gabe, eskaileretatik behera abiatu nintzen.

 

 

 

© Alberto Moravia

© itzulpenarena: Koldo Biguri

 

 

"Alberto Moravia / Erromako emakumea" orrialde nagusia