BOSGARREN ATALA

 

        Egongelako atera hurbildu eta hatzak eskulekuan jartzean, bat-batean ulertu nuen, miran bat gertatu ezean, Giacomo eta bion artean Astarita eta bion arteko zoritxarreko harreman berbera sortzeko arriskuan nengoela. Ondo ikusten nuen Astaritak nirekiko sentitzen zituen menpekotasuna, beldurra eta desio itsu berbera sentitzen nituela nik Giacomorekiko; eta, bere maitasuna lortzekotan, beste era batera jokatu behar nuela konturatu arren, ezinbestez behartuta sentitzen nintzen neure burua, bere aurrean, azpiko, antsiaz beteriko eta menpeko maila batean jartzera. Ez nuke asmatuko esaten zeintzuk ziren nire menpekotasun horren motiboak; jakinez gero deuseztatu egingo nukeelako, hain zuzen ere; senez bakarrik ohartzen nintzen gai ezberdinez eginak geundela, nirea Astaritarena baino gogorragoa, baina Giacomorena baino hauskorragoa zela; Astarita maitatzea eragozten zidan zerbait zegoen bezala, zerbait ere bazegoela Giacomori ni maitatzea galarazten ziona; eta Astaritak nirekiko zuen maitasunarekin gertatzen zen era berean, Giacomorekiko nire maitasunak sorrera txarra eta akabera okerragoa izango zuela. Bihotza saltoka neukan bularraren barruan, arnasari buelta hartu ezinik nengoen, bera ikusi eta berarekin hitz egin baino lehenago ere pausu okerren bat egiteko beldur handi-handia neukan, beraren gustukoa izateko nire antsia eta nire irrika bere begien aurrean nabarmen utzi eta, horrela, berriro eta betiko galtzeko beldurra, alegia. Horixe baita, dudarik gabe, maitasunaren madarikaziorik handiena: ez zaiola maitasunez erantzuten, guk maite dugunean ez gaituztela maite, eta maite gaituztenean ez dugula maite. Ez da inoiz gertatzen bi maitale sentimenduan eta desioan elkarren pare egotea; nahiz eta hori izan gizon-emakume guztiek beren kasa lortu nahi dutena. Nik ondotxo nekien, Giacomorekin maiteminduta nengoelako hain zuzen ere, bera ez zegoela maiteminduta nirekin. Eta banekien, aitortu nahi ez banuen ere, nik edozer eginda ere, ez nukeela inoiz lortuko bera maitemintzea. Hori guztia pasa zitzaidan burutik, egongelako atearen atzean, bizi-biziki larriturik zalantzatan nengoen bitartean. Burua nahasturik sentitzen nuen, ergelkeriarik okerrenak egiteko prest, eta horrek ezin eta gehiago sumintzen ninduen. Azkenik, adorea hartu eta barrura sartu nintzen.

        Zirrikitutik ikusi nuen bezala jarraitzen zuen: besoak mahai gainean jarririk, ateari bizkarra emanda. Baina, sartzen nintzela entzutean, bueltatu eta, zalantzaz beteriko arreta kritiko batez, honela esan zidan: — Hemendik nenbilen, eta bisita egitea bururatu zait..., beharbada gaizki egin dut—. Poliki hitz egiten ari zela ohartu nintzen, hitzekin arriskatu baino lehen ondo-ondo ikusi nahi izan banindu bezala; eta aztoratu egin nintzen, bere begietan nola azaltzen ote nintzen pentsatzean, desberdina beharbada, edota hainbeste denboraren ondoren nire bila itzultzera bultzatu zuen oroitzapenean bezain erakargarria ez. Baina lehentxeago ispiluan begiratzean neure burua ederra ikusi nuela gogoratu eta lasaitu egin nintzen. — Inondik ere ez —esan nuen arnasestuka..., oso ondo egin duzu..., bazkaltzera irteteko nengoen..., elkarrekin bazkal genezake.

        — Baina, ezagutzen al nauzu? —galdetu zuen, zirikatzeko asmoz beharbada—. Ba al dakizu nor naizen?

        — Ezagutuko ez zaitut, ba! —esan nuen zozoki; eta nire kontrako gogoa nire mugimenduetan eragina edukitzen hasi baino lehen ere, bere eskua hartu eta ezpainetara eraman nuen, maitasunez begiratzen niolarik. Bera nahastuta geratu zen eta hori gustatu egin zitzaidan. — Zergatik ez zara lehenago azaldu, gaiztoa halakoa? —galde egin nion, ahots samur eta irrikatsuaz. Burua mugitu eta: — Zeregin handia izan dut —erantzun zuen.

        Burua guztiz galdu nuen. Eta ezpainetatik bihotzera eraman nuen bere eskua, bularraren azpira eta honela esan nion: — Begira nola egiten didan bihotzak—; baina aldi berean ergeltzat hartzen nuen neure burua, pentsatzen nuelako ez nuela hori egin behar, ez eta horrela mintzatu ere. Lotsagatik halako imintzio bat egin zuen, eta nik, orduan, ikaratuta, honela erantsi nuen bizkor: — Gabardina janztera noa, berehala nator..., itxaron.

        Hain nahastuta sentitzen nintzen, eta bera galtzeko hain beldurrez nengoen non, ezkaratzean nengoela, etxeko ateko giltzari amorruz buelta eman eta sarrailatik kendu bainuen: horrela, janzten nintzen bitartean, alde egin nahi izan balu, ezingo zen irten. Gero, nire gelan sartu, armairuko ispilura joan eta zapi muturraz pintura guztia kendu nuen begietatik eta ahotik. Gero, ezpainetako pintura hartu eta berriro pintatu nituen, baina apurtxo bat besterik ez. Gabardina bilatu nuen arropa eskegitzeko kakoan, baina aurkitu ez, eta une batez galdurik sentitu nintzen; gero gogora etorri zitzaidan armairu barruan eskegi nuela, handik atera eta jantzi egin nuen. Ispiluan begiratu eta nire orrazkera ikusgarriegia zela iruditu zitzaidan. Presa handiz, orraziaz desegin eta Ginorekin ibiltzen nintzen garaian bezala orraztu nituen ileak. Orrazten nintzen bitartean zin egiten nion neure buruari nire grinaren bultzada zoroei gogor egin eta estu-estuki kontrolatuko nituela nire hitzak eta nire ekintzak. Ezkaratzera igaro eta burua egongelako atetik sartu nuen Giacomori hots egiteko.

        Baina irtetera gindoazela, etxeko ateak nire trikimailua salatu zion, giltzaz itxi ondoren berriro irekitzea ahaztu zitzaidalako. — Ihes egingo ote nuen beldurrez al zeunden? —murmuratu zuen, nik, nahastu samar, poltsan giltza bilatzen nuen bitartean. Giltza nire eskutik hartu eta berak ireki zuen atea, niri begiratuz eta burua halako seriotasun gozo batez mugituz. Bihotza pozez bete eta eskaileretatik korrika ibili nintzen bere atzetik, besotik helduz. — Ez zenuen alde txarrera hartuko, ezta? —galdetu nion antsiaz. Ez zidan erantzun.

        Kalean, eguzkitan ibiltzen hasi ginen, besotik helduta, ate eta denden ondotik. Hain pozik nengoen bere ondoan nenbilelako, non ahaztu bainuen zin egin nuena; eta dorredun etxetxoaren aurretik pasa ginenean, norbaitek nire eskua hartu eta berea estutzera eraman izan balit bezala izan zen. Horretaz gainera, berari aurpegira hobeto begiratzeko aurrerantz makurtzen nintzela ohartu nintzen. — Ba al dakizu oso pozik nagoela zu ikusteagatik? —galdetu nion.

        Berak bere betiko lotsa imintzioa egin zuen. — Ni ere pozik nago —erantzun zuen, baina inondik ere pozezkoa iruditu ez zitzaidan doinu batez.

        Odola egiteraino hozka egin nuen ezpainetan, eta nire atzamarrak atera nituen bereen artetik. Bera ez zen konturatu, nonbait: ingurura begiratzen zuen, eta arreta galdurik zuela zirudien. Baina harresietako ate ondoan geundela, zalantza eduki, geratu eta honela esan zuen, zerbait ezkutatu nahi duenaren ahotsaz: — Entzun, gauza bat esan behar dizut.

        — Esan, ba.

        — Benetan halabehar hutsagatik etorri naiz zugana..., halabehar hutsagatik dirurik gabe nagoen bezala...; horregatik, hobe da elkar uzten badugu—. Hori esan eta eskua luzatu zidan.

        Hasieran ikara handia sentitu nuen. «Honek utzi behar nau», pentsatu nuen, eta, nahastuta nengoenez, indarrez besarkatuz, arrenka hasi eta negar egin beste erremediorik ez nuen izan. Baina gero, ni uzteko azaltzen zuen aitzakia berberak irtenbide erraz bat erakutsi, eta nire sentimendua aldatu egin zen. Bazkaria ordaindu niezaiokeela pentsatu nuen, eta atsegingarria gertatu zitzaidan pentsatzea beragatik ordaindu behar nuela beste hainbatek niregatik ordaintzen zuten modu berean. Beste inoiz esan dut zer nolako plazer sentsuala izaten dudan nire ordain-saria eskuratzen dudan bakoitzean. Orain, aldiz, diru hori ordaintzeko plazera ez dela txikiagoa ikusten nuen. Eta maitasuna diruarekin nahastea, azken hau jasoa zein ordaindua izan, ez dela interes kontu hutsa. — Ez arduratu... —esan nuen, bero-bero—, nik ordainduko dut..., begira..., dirua daukat—; eta poltsa irekiz, aurreko gauean han sartu nituen billete batzuk erakutsi nizkion.

        — Hori ez da egiten —esan zuen halako etsipen izpi batez.

        — Berdin dio, itzuli zara, gauza zuzena da nik itzuli zarela ospatu nahi izatea.

        — Ez..., ez..., hobe da ez egitea—. Berriro eskua luzatu eta alde egin nahi izan zuen. — Tira, goazen hemendik eta ez dezagun berriz kontu hori atera —esan nion, beso batetik helduz, eta jatetxerantz abiatu nintzen.

        Lehenengo aldiko mahaitxo berean eseri ginen eta dena orduan bezalakoxea zen ia, neguko eguzki izpi batek ateko kristaletatik sartu eta mahaitxoak zein paretak argitzen zituelako. Ostalariak janari zerrenda ekarri zigun eta nik ahots seguru eta babesleaz agindu nuen nahi genuena, nire maitaleek nirekin egiten zuten bezala. Eskatzen nuen bitartean bera isilik zegoen, begi makur. Ardoa ahaztu nuen, nik ez dudalako edaten; gero gogoratu nintzen berak edan zuela lehengo aldian eta, ostalariari berriz hots egin ondoren, litro bat ardo eskatu nion.

        Ostalaria urrundu orduko, poltsa ireki, handik ehun lirako billete bat atera, lau zatitan tolestu eta, ingurura begiratuz, mahai azpitik luzatu nion nire lagunari.

        Galde eginez bezala begiratu zidan berak.

        — Dirua —esan nuen ahapeka—, gero, horrela ordaindu ahalko duzu.

        — A, dirua —esan zuen berak poliki. Billetea hartu, mahai gainean zabaldu, begiratu, eta gero tolestu zuen berriz, nire poltsa ireki eta barrura itzuli zuen. Serio, baina aldi berean ironia apur batez.

        — Nik ordaintzea nahi al duzu? —galdetu nuen harriturik.

        — Ez, nik ordainduko dut —erantzun zuen lasai.

        — Baina orduan zergatik esan duzu ez zenuela dirurik?

        Zalantza eduki, eta gero zintzotasun mingots batez erantzun zuen: — Ez naiz halabeharrez etorri zure bila..., egia esanda, hilabete osoa pasatu dut zuregana etorri behar nuela pentsatzen..., baina zure aurrean azaldu naizenean, hanka egiteko gogoa etorri zait..., eta dirurik ez nuela esatea pentsatu dut orduan..., pikutara bidaliko ninduzulakoan—. Irribarre egin eta eskua kokotsetik pasatu zuen: — Oker nengoen, dirudienez.

        Beraz, esperimentu moduko zerbait egin zuen nirekin. Eta ez zuen nitaz ezer jakin nahi; edo hobe esanda, nirekiko oniritzia borrokan zegoen bere barruan indar berbereko ezinikusi batekin. Gerora iritsi naiz jakitera bere izaeraren osagairik nagusienetako bat zela esperimentu moduan gezurrezko paperak jokatzeko bere trebezia hura. Baina une hartan guztiz nahasturik sentitu nintzen, eta ez nekien seguru poztu ala mindu behar ote nuen engainatu ninduelako eta engainu harekin kale egin zuelako. — Baina, zergatik alde egin nahi zenuen? —galdetu nuen, itsumustuan.

        — Zurekiko ez dudala ezer sentitzen konturatu naizelako..., edo hobeto esanda, desioa besterik ez, nire adiskideak zure lagunarekiko sentitzen zuenaren antzekoa.

        — Ba al dakizu —esan nuen— elkarrekin irteten hasi direla?

        — Bai —erantzun zuen mespretxuz—, bata bestearentzat eginak daude.

        — Ez zenuen nirekiko ezer sentitzen —heldu nion berriro lehengoari—, eta ez zenuen etorri nahi..., baina etorri zara—. Nire maitasunak huts egin zuen, uste nuen bezala bestalde, baina halere atsegingarria gertatzen zitzaidan erakustea egin zuenak ez zuela zentzurik bere hitzen arabera.

        — Bai —erantzun zuen—, arima ahulekoak deitu ohi diren horietako bat naizelako.

        — Etorri zara eta hori nahikoa da niretzat —esan nuen ankerkeriaz. Mahai azpitik eskua luzatu eta belaun gainean jarri nion. Bitartean begiratu egiten nion, eta ukitu nuenean aztoratzen zela eta kokotsak dardara egiten ziola ikusi nuen. Atseginez ikusi ere aztoratzen zela; eta biziki desio baninduen ere, hilabete osoan nire bila etortzea pentsatu zuela esatean aitortu zidan bezala, ondo asko ulertu nuen bere baitan bazegoela uko egiten zidan alderdi bat; eta alderdi horretxen kontra zuzendu behar nituen nire ahaleginak, umiliatzeko eta deuseztatzeko. Gogora etorri zitzaidan elkarrekin lehendabiziko aldiz egon ginenean nolako begirada zorrotza zuzendu zion nire bizkar biluziari, eta neure buruari esan nion oker egin nuela egun hartan begirada horrek ni izozten uztean, eta bera liluratzeko nire ahaleginetan etsi ez banu, begirada hura itzali egingo zela, orain bere aurpegiko duintasun ikaratua desegin eta itzaltzen zen modu berean.

        Mahai aldera makurtuta, ahapeka hitz egin nahi izan banio bezala, laztandu eta aldi berean nire laztanak bere aurpegian nolako eragina zeukan zelatan nengoen nire begiekin, eragin alai eta atsegingarria izango zela uste bainuen. Bera niri begira zegoen, minduta eta galde egiteko gogoaz dagoenaren aurpegieraz, emakume-betile luzeak zeuzkaten bere begi beltz, handi eta distiratsu haiekin. — Horrela nire gustukoa izatea nahikoa bada zuretzat, zeuk ikusi... —esan zuen azkenik.

        Kolpetik, burua altxatu nuen. Eta ia orduantxe jarri zituen ostalariak kubiertoak eta janaria mahaian. Isilik hasi ginen bazkaltzen, jateko gogorik gabe. Gero berak hitz egin zuen berriro: — Zure lekuan, edanarazi egingo nizuke.

        — Zergatik?

        — Mozkortuta nagoenean errazago egiten dudalako besteek nahi dutena.

        Bere lehengo esaldiarekin minduta nengoen, «Horrela nire gustukoa izatea nahikoa bada zuretzat, zeuk ikusi...» horrekin, alegia; eta ardoari buruzko bere hitzek konbentzitu egin ninduten alferrik ahaleginduko nintzela. Etsiak harturik esan nuen: — Egin nahi duzuna egitea nahi dut, besterik ez..., alde egin nahi baduzu, alde egin ba..., hortxe duzu atea.

        — Alde egitekotan —erantzun zuen ahots jostari batez—, benetan alde egin nahi ote dudan jakin beharko nuke seguru.

        — Ni joatea nahi al duzu?

        — Elkarri begira geratu ginen. Nire oinazean, erabakita nengoen; eta nire burubidea ikusirik urduri jarri zen, lehenago laztandu nuenean bezain urduri bai behintzat. — Ez, gera zaitez —esan zuen, ahaleginak eginez.

        Isilik bazkaltzen hasi ginen berriz. Gero basoa goraino ardoz bete eta zurrutada batean hustu zuela ikusi nuen. — Ikusten? —esan zuen—, edaten ari naiz.

        — Ikusten dut.

        — Laster mozkortuta egongo naiz eta orduan, beharbada, maitasuna aitortu eta guzti egingo dizut.

        Bihotza erdibitu egiten zidaten bere hitzek. Eta horrelako oinazerik ezin nuela gehiago eraman iruditu zitzaidan. — Ez min gehiagorik eman, gehiagorik ez —esan nion apal-apaldurik.

        — Min ematen al dizut?

        — Bai, adarra jo nahi didazu..., baina nitaz ez arduratzeko besterik ez dizut eskatzen nik..., kasketa hartu dut zurekin..., pasatuko zait..., baina, bitartean, utz nazazu bakean.

        Berak, ezer esan gabe, beste basokada bat ardo edan zuen. Mindu ez ote nuen beldurrez, honela galde egin nion: — Zer gertatzen zaizu? Haserre al zaude nirekin?

        — Ni? Alderantziz.

        — Gustatzen bazaizu niri adarra jotzea, aurrera ba..., esateagatik esan dut.

        — Baina nik ez dizut adarra jo nahi.

        — Eta gustatzen bazaizu gaiztakeriak esatea —jarraitu nuen, bere menpekoa izateko ez dakit nolako gogo batez beterik; trikimailurik ez kalkulurik gabe, doilorkeriaraino menpekoa—, esan ba..., berdin maiteko zaitut..., edo gehiago..., joko baninduzu, musu emango nioke jo nauen eskuari...

        Arretaz begiratzen zidan, erabat asaldatuta zirudien, argi zegoen nire grinak nahastu egiten zuela. — Joango al gara? —esan zuen gero.

        — Nora?

        — Zure etxera.

        Hain etsiturik nengoen non ia ahaztu bainuen nire etsipenaren arrazoia; eta bere gonbidapenak, hain ustekabean iritsi zenez, lehen platera justu-justu amaituta eta ardo erdia pitxarrean zegoelarik, harritu egin ninduen, atsegina eman baino areago. Pentsatu nuen, arrazoiz pentsatu ere, maitasunak ez, baizik eta nire hitzek eragiten zioten larritasunak bultzatzen zuela bazkaria etetera. — Nirekin amaitzeko irrikatan zaude, ez da egia?

        — Nola konturatu zara? —galdetu zuen; baina erantzun horrek, egiazkoa izateko ankerregia izanik, ustekabean lasaitu egin ninduen. Begiak makurtuz erantzun nuen: — Horrela; gauza batzuk erraz ulertzen dira..., amaitu dezagun bazkaria, ordea..., gero joango gara.

        — Nahi duzun bezala..., baina mozkortu egingo naiz.

        — Mozkortu, ba..., niregatik!

        — Baina mozkortu, gaizki egoteraino mozkortuko naiz..., eta maitatzeko maitale bat eduki ordez, sendatu beharreko gaixo bat izango duzu orduan.

        Nire beldurra erakutsi nuen, inuzente-inuzente; eta eskua pitxarrerantz luzatuz, esan nuen: — Orduan, ez edan.

        Barrez hasi zen. — Sinetsi egin duzu —esan zuen, barre egiten zuen bitartean.

        — Sinetsi, zer?

        — Ez eduki beldurrik..., ez naiz hain erraz gaizki sentitzen.

        — Zuregatik egin dut —esan nuen umiliaturik.

        — Niregatik, ai ene!

        Ikusten denez, ni zirikatzen jarraitzen zuen. Baina ziri horietan argi ageri zen, hala ere, oso bere-berea zen gizabidea; eta gainera ez zitzaidan erabat gogaikarria gertatzen. — Eta zuk —gaineratu zuen—, zergatik ez duzu edaten?

        — Ez zait gustatzen..., eta gainera basokada batekin mozkortzen naiz.

        — Eta zer? Biok mozkortuko gara.

        — Baina gauza itsusia da emakume bat mozkortzen denean..., ez dut nahi zuk mozkortuta ikusterik.

        — Zergatik?... Zer da ba itsusia?

        — Ez dakit..., itsusia da emakume bat balantzaka ikustea, edo ergelkeriak esaten..., keinu lotsagarriak egiten..., gauza tristea da...; dagoeneko, ni gizagaixo bat naiz, hori badakit, eta badakit gizagaixo bat naizela uste duzula..., baina edaten badut eta mozkortuta ikusten banauzu, gero ez didazu aurpegira begiratuko ere.

        — Eta aginduko banizu?, edateko, esan nahi dut.

        — Lotsagarri ikusi nahi nauzu, beraz —esan nuen, gogoeta eginez—, baina ni ez naiz itsusia, horixe da nire gauza on bakarra..., alde on hori galtzea nahi al duzu?

        — Bai, horixe nahi dut —esan zuen halako enfasi batez.

        — Ez dakit zer nolako gustua atera dezakezun hortik, baina nahi baduzu, eman ba ardoa—; eta basoa inguratu nion.

        Berak basoa begiratu, ni begiratu, eta berriro hasi zen barrez. — Txantxetan ari nintzen —esan zuen.

        — Zu beti txantxetan.

        — Beraz, ez zara itsusia? —hasi zen berriro, une batez niri adi begira egon ondoren.

        — Horixe diote, behintzat.

        — Nik ere horixe uste dudala uste al duzu?

        — Ba al dakit nik zer uste duzun zuk?

        — Ikus dezagun..., zure ustez, zer pentsatzen dut?, zer sentitzen dut zurekiko?

        — Ez dakit... —esan nuen poliki eta beldurrez beterik—, zuk ez nauzu maite, noski, nik maite zaitudan bezala..., beharbada zure gustukoa naiz, horrela, emakume bat itsusia ez bada gizon batentzat gustagarria den bezala edo.

        — A, orduan, benetan uste duzu ez zarela itsusia.

        — Horixe ba —esan nuen harro—; badakit ederra eta guzti naizela..., baina, berdin da, zertarako balio izan dit nire edertasun honek?

        — Edertasunak ez du zertan ezertarako balio behar.

        Bien bitartean, bazkaltzen amaitu eta ia bi pitxar hustuta genituen. — Ikusten duzunez —esan zuen—, edan dut eta ez naiz mozkortu—. Baina bere begi distiragarriek eta bere eskuen dardarizoak bere hitz horiek gezurtatzen zituztela iruditu zitzaidan. Begiratu egin nion, itxaropenez beharbada. Honela jarraitu zuen: — Etxera joan nahi duzu, ez?... Venus, bere harrapakina atzaparretan harturik.

        — Zer diozu?

        — Ezer ez, abagune honetarako itzuli dudan bertso bat...; ostalaria, aizu!

        Apur bat zeremonia zalea zen beti, baina era barregarrian. Eta era barregarrian hots egin zion ostalariari zenbait ordaindu behar zuen jakitearren, eta sudurraren azpian jarri zion dirua, gehiegizko eskupekoa utziz eta honela esanez: — Hau zuretzat—. Gero, geratzen zen ardoa edan eta jatetxeko atean elkartu ginen.

        Kalean geundela, etxera iristeko irrikatan nengoen. Banekien gogo gutxiz itzuli zela nigana; eta banekien arbuiatzen eta gorrotatzen zuela nigana, gogoz kontra bazen ere, itzularazi zuen sentimendua. Baina konfiantza handia neukan nire edertasunarekin eta beraganako nire maitasunarekin, eta luzetsita nengoen bere etsaitasunari nire arma horiekin aurre egiteko zain. Halako borondate oldarkor eta alai batek pizturik sentitzen nintzen berriro, eta pentsatzen nuen nire maitasuna indartsuagoa izango zela bere higuina baino eta, azkenerako, bere metal gogor eta desatsegin hura ere urtuko zela nire suaren beroan eta maite egingo ninduela berak ere.

        Bere ondoan nenbilela, arratsaldeko lehen ordu hartan hutsik zegoen errepide hartan, honela esan nion: — Baina hitz eman behar didazu ez duzula alde egin nahi izango etxean gaudenean.

        — Agintzen dizut.

        — Eta beste gauza bat ere agindu behar didazu.

        — Zer?

        Ezbaian ibili eta gero, honela esan nuen: — Lehengoan, dena ondo joango zen, halako batean lotsatu ninduen moduan begiratu izan ez bazenit..., agindu behar didazu ez didazula horrela begiratuko.

        — Nola?

        — Ez dakit, begi gaiztoz.

        — Begiradei ezin zaie agindurik eman —esan zuen une baten ondoren—, baina, nahi baduzu, ez dizut begiratu ere egingo..., begiak itxiko ditut..., ongi?

        — Ez..., inondik ere ez —erantzun nuen tematuta.

        — Nola nahi duzu ba begiratzea?

        — Nik begiratzen zaitudan bezala —erantzun nuen. Burua kokotsetik hartu eta, gelditu gabe ere, nola begiratu behar ninduen erakutsi nion: — Horrela, begi samurrez.

        — A, bai..., begi samurrez.

        Nire etxeko eskaileretara iritsi ginenean, hain kaskar eta zikinak zirela ikusirik, Gisellaren etxetxo garbi, txukun eta zuriaz gogoratu nintzen, ezinbestez. Eta, neure buruari hitz eginez bezala, esan nuen: — Etxe ziztrin honetan biziko ez banintz eta gajo bat ez banintz, zure gustukoa izango nintzateke, seguru aski.

        Ustekabean, bera geratu, bi eskuekin gerritik heldu eta zintzoki hitz eginez esan zidan: — Hori uste baduzu..., seguru egon zaitez ez dela egia—. Bere begietan maitasunaren antzeko zerbait bazela iruditu zitzaidan. Aldi berean, makurtu eta bere ahoaz nirea bilatu zuen. Arnasan ardo hats handia zeukan. Ezin izan dut inoiz agoantatu ardo kiratsa; baina une hartan, bere ahoan inuzentea eta atsegina iruditu zitzaidan, hunkigarria ia, eskarmenturik gabeko mutil baten ahoan izango zen bezala. Bilatu ez arren, nire hitzekin bere puntu sentibera bat ukitu nuela ulertu nuen. Esan dudan bezala, bere ariman maitasunaren txinparta piztu nuela iruditu zitzaidan orduan. Gerora konturatu nintzen bere buruaganako maitasunaren ardura bat izan zela, gehienez ere; eta, besarkatu ninduenean, maitasunak bultzatuta baino areago, bere moduan halako xantaia moral bat jasaren zuelako besarkatu ninduela. Handik aurrera, askotan xantaiatu nuen modu berean; nire pobreziagatik eta nire ogibideagatik mespretxatzen ninduela aurpegiratuz; eta nire desioak betetzea lortu nuen beti, baina bide batez umiliatuta eta etsituta sentituz, bera gehiago ulertzen nuen neurrian.

        Baina egun hartan ez nuen ezagutzen beranduago ezagutzera iritsi nintzen bezain ondo. Eta musu hark poz handi-handia eman zidan, erabateko garaipena lortu izan banu bezala. Ezpainak justu-justu ukitzearekin konformatu nintzen, ekintzaren balioarekin ase, eta, eskutik hartu eta «goazen, goazen korrika gora» esanez, alai eta sutsuki arrastaka eraman nuen eskaileretako azken mailetatik. Berak hitzik esan gabe utzi zidan arrastaka eramaten.

        Ia korrika sartu nintzen nire gelan, bebarruko hormen kontra kolpeak hartu araziz txotxongilo bat bailitzan. Indarrez sartu nintzen barrura eta, lagundu baino areago, bota egin nuen ohe gainera. Orduan, lehen aldiz mozkortuta egon ez ezik, iragarri zuen bezala, gaizki sentitzeko bezain mozkortuta ere bazegoela konturatu nintzen. Nahiko zurbil zegoen, eskua kopetatik pasatzen zuen, aurpegi zorabiatua jarriz, begietan argi lauso eta dardarati bat zeukan. Hori guztia amen batean ikusi nuen; eta benetan gaizki sentitzen ote zen eta horrela, bigarren aldiz, gure harremana ustel aterako ote zitzaigun beldur handia izan nuen. Une batez, nire arropak eranztearren gelan aurrera eta atzera nenbilen bitartean, oso damututa sentitu nintzen, larrituta ia, edatea eragotzi ez niolako. Baina aipagarria da burutik ez zitzaidala pasatu hainbeste desio nuen bere maitasunari uko egitea. Gauza bakar bat espero nuen, ordea: ni maitatzeko bezain gaizki ez egotea bera; eta, benetan gaizki-gaizki bazegoen ere, horren ondorioak nire desioa itzali ondoren agertzea, eta ez aurretik. Benetan maiteminduta nengoen berarekin; baina galtzeko hain beldur handiz, non maitasun horrek ez baitzuen lortzen nirekoikeriaren mugak igarotzea.

        Hortaz, mozkortuta zegoela ikusten ez nuelako itxurak egin eta, biluztu ondoren, bere ondoan eseri nintzen ohean. Gabana jantzita zeukan, sartu zenean bezala. Eranzten laguntzen hasi nintzaion; eta laguntzen nion bitartean hitz egiten nion, alde egitea pentsa ez zezan.

        — Oraindik ez didazu esan zenbat urte dituzun —esan nion. Eta bitartean nik gabana kendu eta berak, otzan-otzan, besoak altxatzen zituen ateratzen uzteko.

        — Hemeretzi urte —erantzun zuen handik gutxira.

        — Nik baino bi gutxiago.

        — Hogeita bat al dituzu?

        — Bai, eta laster hogeita bi.

        Atzamarrak gorbatako korapiloan nahasten zitzaizkidan. Poliki, nekez bezala, nire eskuak apartatu eta berak desegin zuen korapiloa. Gero besoak erortzen utzi eta neuk kendu nion gorbata. — Gorbata hau ajatuta dago dena —esan nuen—, erosiko dizut bat..., zein kolore gustatzen zaizu?

        Barrez hasi zen, eta gustatzen zitzaidan barre egiten zuenean, aurpegi polit eta atsegina zeukalako. — Mantendu nahi nauzu, e? —esan zuen—, lehenago bazkaria pagatu nahi zenuen..., orain gorbata bat erregalatu.

        — Baboa! —esan nuen maitasun bizi-bizi batez—, inporta al zaizu? Niri gustatu egingo zait gorbata bat ematea..., zergatik ez zaizu gustatuko zuri?—. Bitartean, jaka eta txalekoa kendu nizkion eta alkandora hutsean zegoen ohe ertzean eserita.

        — Ikusten al da hemeretzi urte ditudala? —galdetu zuen. Beti gustatzen zitzaion bere buruaz hitz egitea; oso azkar konturatu nintzen horretaz.

        — Bai eta ez —esan nuen, berarentzat, ondo nekienez, lausengarria zen zalantza batez—, zure ilean ikusten da batez ere —erantsi nuen, buruan laztan eginez—, gizon batek ez du horren bizirik edukitzen ilea...; aurpegian ez, ordea.

        — Zenbat urte ditudala esango zenuke?

        — Hogeita bost.

        Isildu egin zen, eta mozkorrean murgilduta balego bezala begiak ixten zituela ikusi nuen. Gaizki sentitzen ote zen beldurra izan nuen berriro eta azkar kendu nion alkandora. — Hitz egidazu zutaz... —esan nuen—, ikaslea al zara?

        — Bai.

        — Zer ikasten duzu?

        — Legeak.

        — Familiarekin bizi al zara?

        — Ez..., etxekoak herrian dauzkat, S. herrian.

        — Pentsio batean bizi al zara?

        — Ez, alokatu dudan gela batean—; begiak itxirik zituela erantzuten zuen, itsumustuan. — Cola di Rienzo kalean, hogei, barrukoa zortzi, Medolaghi alargunaren etxean... Amalia Medolaghi andrearen etxean.

        Ordurako bularra biluzik zeukan. Desioz beterik, ezin izan nion eskua bularretik eta lepotik pasatzeko irrikari eutsi. — Zergatik zaude horrela? —galdetu nion— Hotzik?

        Burua altxatu eta begiratu zidan. Gero barre egin eta honela esan zuen ahots zorrotz samarrez: — Zer uste duzu, ez naizela konturatzen?

        — Zertaz?

        — Xomorro-xomorro ni biluzten hasi zarela..., mozkortuta nago, baina ez uste duzun bezain mozkortuta.

        — Bai, eta? —erantzun nuen harriturik—, horrela bada ere, ezer okerrik ba al dago hor? Zerorrek egin beharko zenuke..., egiten ez duzunez gero, lagundu egiten dizut.

        Ez zidan entzun, nonbait. — Mozkortuta nago —jarraitu zuen, burua mugituz—, baina ezin hobeto dakit zer egiten ari naizen eta zergatik nagoen hemen..., ez daukat laguntza beharrik, begira—. Halako batean, mugimendu gogor batzuk eginez, besoak mehar samarrak izanik txotxongilo baten itxura zuelarik, gerrikoa askatu eta galtzak eta soinean geratzen zitzaion guztia kendu zituen. — Eta nigandik zer espero duzun ere badakit —erantsi zuen bi eskuekin niri gerri azpitik helduz. Bere esku indartsu eta urduriekin estutzen ninduen, eta bere begietan bazirudien mozkorrak malezia kementsu bati utzi ziola lekua. Gerora, baita bere burua gehien abandonatzen zuenean ere aurkitu nuen malezia hura bere baitan. Egiten zuena egiten zuela ere, beti esna zeukan eta, geroago minez jakingo nuen bezala, harremanak edukitzea eta ni benetan maitatzea eragozten zion kontzientzia argiaren aztarna nabarmen samarra zen hura.

        — Hauxe nahi duzu, ezta? —erantsi zuen, nire gerria estutzen eta azkazalak haragian sartzen jarraituz—. Eta hau, eta hau, eta hau. «Hau» bakoitzarekin maitasun keinu bat egiten zuen, musu emanez, hozka eginez, eskuekin traizioz haragia estutuz gutxien uste nuen lekuan. Nik barre egiten nuen, gorputza babestu eta borroka egiten nuen, bere piztualdi harekin poztuegirik, bere jokabidean behartutakoa zer eta gogozkoa zer zen ohartzeko. Mina ematen zidan benetan, ia nire gorputza gorrotatzeko zerbait balitz bezala, eta ez maitatzekoa. Eta bere begietan, irritsa baino areago, bazirudien halako sumin bat ari zela dizdiz. Gero, hasi zen bezala, bere zoraldia kolpetik amaitu zen. Era bitxian, azaldu ezineko moduan, beharbada mozkorraren mende zegoela berriro, bere burua ohera ahoz gora erortzen utzi zuen, luze bezain zabal; begiak itxi zituen eta ni han geratu nintzen, bere ondoan, sentsazio arraro batez, inoiz mugitu izan ez balitz bezala, inoiz hitzik egin ez balit bezala, ez ukitu, ez eta besarkatu ere izan ez banindu bezala. Artean dena hasteko egon balitz bezala.

        Geldirik egon nintzen une luze batez, ohe gainean belauniko, bere aurrean, ileak begien gainerantz zintzilik nituela, berari begira eta noizean behin, lotsaz, hatz puntaz ukituz bere gorputz luze argal, eder eta zikingabe hura. Azal zuria zeukan eta hezurrak nabarmentzen zitzaizkion, eta sorbalda zabal eta meharrak zeuzkan, aldaka estuak eta hanka luzeak, eta ilerik ez zeukan, bularrean apur bat izan ezik, eta ahoz gora etzanda egonik, sabela gogortuta zeukan, sabelpea altxaturik eta eskainia zegoelarik. Maitasunean ez zait gogorkeria gustatzen eta horregatik, benetan, gure artean ez zela ezer gertatu iruditzen zitzaidan, hasteko zegoela dena. Hartara, artifiziozko iskanbila ironiko haren ondoren, isiltasuna eta lasaitasuna gure artera itzuli arte itxaron, eta, neurez dudan aldarte gozo gartsuaz berriro sentitu nintzenean, poliki, egun sargoritsu batzuetan itsaso geldi bateko ur gozagarrian apurka-apurka sartzen garen bezala, bere ondoan etzan eta hankak bere hanketara lotu nituen, lepoa nire besoekin inguratu eta pega-pega eginda geratu nintzaion. Aldi hartan ez zen mugitu, ez eta mintzatu ere, amaitu arte. Izenik gozoenekin deitzen nion, arnas egiten nion aurpegira, eta nire laztanen sare bero estuan biltzen nuen, eta bera, hilik bezala, geldirik eta ahoz gora zetzan. Gerora jakin nuen erakuts zezakeen maitasun frogarik handiena zela partaidetzarik gabeko bere gelditasun hura.

        Gauean askoz beranduago, ukondo gainean altxatu eta berari begira geratu nintzen, arreta bizi batez, zeinetatik, hainbeste denboraren ondoren, oroitzapen guztiz zehatz eta mingarria geratu baitzait. Lo zegoen, aurpegia burkoan hondoratua zuela, alde baterantz etzanda; galdua zuen beti eta kosta ahala kosta agertu nahi zuen ohiko duin itxura, kolokan edukitzen zuen duintasun hura; eta bere begitartean, loak zintzo bihurtzen zuen begitarte hartan, gaztetasuna besterik ez zen geratzen, definitu ezinezko freskotasun edo xalotasun moduan areago, arimaren alderdi edo joera bereziren bat ispilatzen zuen adierazpen moduan baino. Dena dela, hurrenez hurren maltzur, etsai, axolagabe, anker, eta desioz beterik ikusi nuela oroitu, eta satisfazio goibel eta irrikaz betea sentitzen nuen, pentsatzen bainuen maltzurkeria hura, etsaitasun hura, axolagabekeria hura, desio hura, bera ziren gauza guztiak, niregandik eta gainerako guztiengandik bereizten zutenak, niretzat beti urrun eta ezkutuan geratua zen erdigune sakon batetik ateratzen zirela. Ez nuen bere jokabide hori hitzez desmuntatuz eta aztertuz azaltzerik nahi, makina baten zatiak desmuntatu eta aztertzen diren bezala; maitasun hutsagatik bere sustrairik meharrenetan ere ezagutu nahi izango nukeen, baina hori, tamalez, ez nuen lortu. Beragandik ihes egiten zidan apur hura bera zen oso-osorik, eta ihes egiten ez zidan zati handiak, aldiz, ez zeukan garrantzirik eta ez nekien berarekin zer egin. Hurbilagoak eta ezagunagoak izan nituen Gino, Astarita, bai eta Sonzogno bera ere. Berari begiratu eta nire baitako alderdirik sakonena minez sentitzen nuen ez zelako berearekin bildu ahal izan, pixka bat lehenago gure gorputzak bildu ziren bezala. Alderdi hura alargun geratua zen, eta saminez zegoen galdutako aukeragatik. Beharbada une batez, elkar maite genuen bitartean, ireki egin zen bera, eta aski izango zen keinu bat edo hitz bat ni bere barrura sartu eta bertan betirako geratzeko. Baina ez nuen asmatu une hari heltzen, eta beranduegi zen ordurako, bera lo zegoen, eta berriro urrun nigandik.

        Era hartara hari begira nengoen bitartean, begiak ireki zituen, baina geldirik geratu zen, burua alde baterantz burukoan hondoratua zeukala. — Lo egin al duzu zuk ere? —galdetu zuen.

        Bere ahotsa aldatua iruditu zitzaidan, fidakorragoa eta barnekoagoa. Eta halako batean espero izan nuen, loa bitartean, era misteriotsu batez, hazita egongo zela gure arteko konfiantza. — Ez..., zuri begira geratu naiz.

        Une batez isilik geratu zen, eta gero berriz hizketan hasi: — Mesede bat eskatu behar dizut..., baina, prest al zaude niri laguntzeko?

        — Galdetzea ere!

        — Emango dizudan pakete bat etxean edukitzeko faborea egin behar didazu..., etorriko naiz gero haren bila, eta, ondoren, beharbada, beste bat ekarriko dizut.

        Beste une batean jakin-mina azalduko nuen paketeen kontu hargatik. Baina orduan, batez ere berak eta gure harremanek zidaten axola. Bera elkar ikusteko beste aukera bat izango zela pentsatu nuen; berak nahi zuena egin behar nuela, ahalik eta gehien; eta galderak egin izan banizkio, agian damutu eta atzera egingo zuela bere eskariarekin. — Horixe baino ez baduzu nahi! —erantzun nuen, arinki.

        Berriz ere une luze batez isilik geratu zen, gogoetan balego bezala, eta gero: — Onartzen duzu, orduan?

        — Esan dizut baietz.

        — Eta ez al duzu jakin nahi zer dagoen pakete horien barruan?

        — Ez badidazu esan nahi —erantzun nuen, axolarik ez izateko itxurak egiten saiatuz—, zure arrazoiak dituzulako izango da..., nik ez dizut galdetuko.

        — Baina zerbait arriskugarria egon liteke..., zer dakizu zuk?

        — Zer egingo diogu, ba?

        — Baliteke —jarraitu zuen, ahoz gora jarriz; begiak argi inuzente eta alai batez piztu zitzaizkion— lapurtutako gauzak izatea..., baliteke ni lapurra izatea.

        Sonzogno etorri zitzaidan gogora, lapurra ez ezik hiltzailea ere bazelako; bai eta nire lapurretak, hauts-kaxa eta zapia ere; eta kointzidentzia bitxia iruditu zitzaidan berak lapurrarenak egin nahi izatea benetako lapurra zen eta lapur artean bizi zen ni bezalako baten aurrean. Laztan bat egin nion, eta goxoki esan: — Ez, zu ez zara lapurra, inondik ere.

        Goibeldu egin zen, bere amodio propioa beti zelatan egoten zen eta gauzarik arraro eta ustekabekoenekin mintzen zen: — Zergatik? Izan ere, izan ninteke.

        — Ez duzu itxurarik..., dena izan liteke..., baina zuk ez duzu hori pentsarazten.

        — Zergatik? Nolako itxura daukat nik, ba?

        — Zarenaren itxura daukazu..., familia oneko mutila zara, estudiantea...

        — Estudiantea naizela neuk esan dizut..., baina beste zerbait ere izan nintekeen..., eta halaxe naiz, izan ere.

        Ez nion jaramonik egiten, ordurako. Neuk ere lapur itxurarik ez nuela pentsatzen nuen; eta horixe nintzen, hala ere; eta horixe nintzela esateko irrikatan nengoen. Tentaldi horri bere jokamolde bitxiak berak laguntzen zion. Lapurtzea gaitzetsi beharreko gauza zela pentsatu izan nuen nik beti; eta horra hor norbait, antzeko zerbait gaitzetsi ordez, niretzat guztiz misteriotsua zen auskalo zein alderdi on aurkitzen ziona. Zalantzatan egon nintzen une batez, eta honela esan nuen gero: — Arrazoia duzu... Seguru nago ez zarela lapurra, eta horrexegatik pentsatzen dut ez zarela..., baina itxura dela eta ez dela, izan zintezke..., jendeak ez du beti izaten benetan denaren itxura...; neuk, esaterako: lapur itxurarik ba al daukat?

        — Ez —erantzun zuen niri begiratu gabe.

        — Eta, halere —esan nuen lasai—, horixe naiz.

        — Horixe zarela?

        — Bai.

        — Eta zer lapurtu duzu?

        Poltsa komodinaren gainean utzia nuen, hartu, hauts-kaxa barrutik atera eta erakutsi nion. — Hauxe, aspalditxo ikusten egon nintzen etxe batean...; eta lehengo egunean, denda batean, zetazko zapi bat, amari eman diodana.

        Ez da pentsatu behar harrokeriagatik egiten nituela aitorpen haiek. Egia esanda, elkarren arteko intimitatea, sentimenduzko kidekotasuna irrikaz nahi izateak bultzatzen ninduen egitera: besterik ezean, baita krimen bat aitortzeak ere hurbildu eta maitatzera eraman dezake. Serio jarri eta bere baitan sarturik begiratzen zidala ikusi nuen; eta segituan beldurrez pentsatu oker juzkatuko ninduela eta ni berriz ez ikustea erabaki zezakeela horregatik. — Baina ez ezazu uste —erantsi nuen berehala— pozik nagoenik lapurtu dudalako..., pentsa, hauts-kaxa itzultzea eta guzti erabaki dut..., gaur bertan itzuliko dut...; zapia ezin dut itzuli..., baina damututa nago eta berriro horrelakorik ez egitea erabaki dut.

        Nire hitz horiekin, bere ohiko maleziak dizdiz egin zion begietan. Begiratu zidan, eta halako batean barrez algaraka hasi zen. Gero sorbaldetatik heldu, ohera bota eta han hasi zitzaidan traizioz eskuka eta zimikoka. — Lapurra..., lapur bat zara..., lapur bat zara..., lapurra..., lapurtzarra..., lapurtxoa..., litxarreroa... —errepikatzen zuen halako samurtasun zirikatzaile batez, eta ez nekien mindu ala lausengatuta sentitu behar ote nuen. Baina bere su eta bere gar hura nolerebait kitzikagarri eta gustagarri gertatzen zitzaizkidan. Betiko geldotasun hilgarria baino hobea zen beti. Horregatik barrez ari nintzen eta gorputz guztia astintzen nuen, kilikabera naizelako eta berak, gaiztoki, kilika egiten zidalako atzamarrekin galtzarbean. Baina, gorputza bihurritu eta negar egin arte barre egin arren, ondo ikusten nuen denbora guztian bere aurpegia, nire gainean halako ankerkeria batez zintzilik, itxita eta berebaitaraturik agertzen zitzaiola. Gero, hasi zen bezala, tupustean amaitu zuen eta, atzerantz ahoz gora etzanik, honela esan zuen: — Ni ez naiz lapurra, ordea..., ez naiz inondik ere..., eta pakete horietan ez dago lapurtutako ezer.

        Pakete haietan zer zegoen esateko irrikatan zegoela ohartu nintzen; eta, niretzat ez bezala, batez ere harrotasun kontua zela konturatu ere bai. Harrotasun bat, funtsean, Sonzogno bere krimena aitortzera bultzatu zuenaren ez oso desberdina. Aldeak alde, gizonek antzeko gauza asko dauzkate; eta, emakume bat maite dutenean, edo berarekin maitasun harremanak dauzkatenean behintzat, beti erakutsi nahi izaten dute beren gizontasuna, egin dituzten edota egitekotan dauden ekintza ausart edo arriskutsuen itxuran. Samurtasunez hitz egin nion: — Funtsean, pakete horietan zer dagoen esateko sekulako gogoa daukazu.

        Mindu egin zen. —Ergel hutsa zara..., ez daukat inolako gogorik..., baina zer daukaten jakinarazi behar dizut, mesedea egin nahi didazun ala ez erabaki ahal dezazun...; ba, propagandarako gauzak dauzkate.

        — Zer esan nahi du horrek?

        — Halako lagun talde baten barruan nago —azaldu zuen poliki—; oraingo gobernua ez dugu, nolabait esateko, maite..., egia esan, gorrotatu egiten dugu, eta albait lasterren hemendik joatea nahi genuke...; pakete horietan, hain zuzen, ezkutuka inprimaturiko orritxo piloa dago, jendeari azaltzeko zergatik gobernu hau ez den gobernu ona eta nola bota daitekeen.

        Ni sekulan ez nintzen arduratu politikaz. Niretzat, eta beste askorentzat ere uste dut, gobernuaren kontua ez zen inola ere ahotan erabiltzen. Baina Astarita eta noizean behin politikari buruz aipatzen zituenak gogoratu nituen. Eta, asaldaturik: — Baina debekatuta dago... —atera zitzaidan—, arriskutsua da!

        Satisfazio nabarmenaz begiratu ninduen. Azkenik esan nion gustatzen zitzaion eta bere amodio propioa lausengatzen zuen zerbait. Baietz esan zuen seriotasun gehiegizko eta enfatiko samar batez: — Arriskutsua da, bai..., orain zure esku dago mesede hori egin nahi didazun ala ez erabakitzea.

        — Baina, nik ez dut neuregatik esan —ihardetsi nion bizitasun handiz—, zuregatik esan dut..., niregatik bada, onartu egiten dut.

        — Kontutan hartu —abertitu zidan berriro— arriskutsua dela benetan... Aurkitzen badizkizute, kartzelan amaituko duzu.

        Berari begiratu eta, halako batean, itzali ezinezko maitasun handi-handia sentitu nuen, ez dakit berarekiko ala ez nekien beste zerbaitekiko. Begiak malkoz bete eta totelka hasi nintzen: — Baina ez al duzu ulertzen ez zaidala batere axola? Kartzelara joango naiz..., eta zer?—. Burua astindu eta malkoak begietatik masailetara irristatu zitzaizkidan. — Zergatik negar hori orain? —galdetu zidan harriturik.

        — Barkatu —nik esan—, tuntuna naiz..., neuk ere ez dakit zergatik..., beharbada nahi nukeelako maite zaitudala eta zuregatik edozer gauza egiteko prest nagoela konturatzea.

        Artean ikasi gabe nengoen ez niola nire maitasunaz hitz egin behar. Nire hitzei erantzunez, gerora beste hainbat aldiz egiten ikusi niona egin zuen: aurpegia nolabaiteko asaldura urrun batez bete, begirada baztertu eta: — Ongi, orduan... —esan zuen azkar— bi egun barru ekarriko dizut paketea, horretan geratzen gara...; orain alde egin behar dut, berandu da—. Esaten zuen bitartean, ohetik salto batez jaiki eta presaka janzten hasi zen. Ni nengoen lekuan geratu nintzen, ohean, nire bihotz hunkituarekin eta nire malkoekin, biluzik eta apur bat lotsatuta, ez nekien biluzik egoteagatik ala negar egin izanagatik.

        Arropak lurretik jaso, hara erori baitziren, eta jantzi zituen. Kakora ondoratu, han eskegita zeukan gabardina hartu, jantzi eta ondora hurbildu zitzaidan. — Ukitu hemen —esan zuen, hain gustukoa nuen irribarre inuzente eta atsegin hartaz.

        Begiratu eta gabardinako poltsikoetako bat seinalatzen zidala ikusi nuen. Ohera hurbildu zen, nik ahaleginik egin gabe besoa luzatzerik izan nezan moduan. Zerbait gogorra sentitu nuen poltsikoaren oihalean zehar. — Zer da? —galdetu nuen ulertu gabe.

        Irribarre egin zuen, bere buruarekin pozik, esku bat poltsikoan sartu eta, niri zuzen-zuzen begira, poliki errebolber beltz bat atera zuen kanpora, baina ez osorik. — Errebolberra! —bota nuen—, baina zertarako?

        — Auskalo! —berak erantzun—; beharrezkoa izan daiteke inoiz.

        Ezbaian geratu nintzen, ez nekien zer pentsatu, eta berak ez zidan denbora eman ere. Arma poltsikoan berriro sartu, makurtu, ezpainez nireak ukitu eta esan zuen: — Esan bezala, bai?..., bi egun barru etorriko naiz—. Ustekabe hartatik nire onera itzuli baino lehenagorako ere kanpoan zen.

        Gero, askotan, gure lehen maitasun-elkartze hartaz pentsatu eta garrazki kargu hartu diot neure buruari, ez nuelako jakin bere politikarako grinak zekarzkion arriskuak aurretiaz ikusten. Egia da ez nuela orduan eta ez nuela inoiz ere inolako eraginik izan bere baitan; baina geroago ikasi ditudan hainbat gauza jakin izan banitu behintzat, aholku eman ahalko niokeen eta, aholkuak alferrik zirenean, bere ondoan egon etsi-etsian eta jakinaren gainean erabat. Errua nirea izan zen, jakina, edo, hobeto esanda, nire ezjakintasunarena, baina hartan ez nuen errurik, nire zertzeladei zor zitzaien eta. Lehenago esan dudan bezala, inoiz ez nintzen arduratu politikari buruzko gauzez, ez nuelako ezer ulertzen haietaz eta nire patuak jarritako bidetik aparteko bezala sentitzen nituelako, beste planeta batean gertatu balira bezala, eta ez nire ondoan. Egunkariren bat irakurtzean, lehen orria eta politikari buruzko bere albisteak pasatu, ez zitzaizkidalako interesatzen, eta kronika beltzean begiratzen hasten nintzen, han, behintzat, gertakari eta krimen batzuek zenbait gogoetagai hornitzen baitzioten nire buruari. Egia esanda, itsas hondoan murgildurik, ilunpean ia bizi omen diren eta azalean, eguzki argitan gertatzen denaren berririk bat ere ez dakiten animaliatxo garden horien zertzeladen oso antzekoak ziren nireak. Politika, gizonek itxuraz garrantzi handia ematen dieten beste hainbat gauza bezala bestalde, goragoko mundu ezezagun batetik iristen zitzaidan, beren itsaspeko zoko sakonetan animaliatxo xinple haiei iristen zaien egun-argia baino ahulago eta ulergaitzago.

        Baina errua ez zen nirea eta nire ezjakintasunarena bakarrik izan; berarena, bere arinkeriarena eta bere harrokeriarena ere izan zen. Bere baitan, harrokeriaz gainera, beste zerbait bazegoela sentitu izan banu, eta bazegoen egon ere, beharbada beste era batera jokatu eta ahaleginak egingo nituzkeen, ez dakit zein ondoriorekin ordea, ez nekizkien gauza guzti haiek ulertzeko eta ezagutzeko. Eta honi dagokionez, beste gauza bat aipatu nahi dut, nik ardura gutxiz jokatzeko lagundu baitzuen zalantzarik gabe: alegia, bazirudien serio aritu ordez, bera beti paper bat jokatzen ari zela, burla-irriz bezala. Bazirudien zatika-zatika bere pertsonaia ideala eraiki zuela bere buruarentzat, hartan sinesten ez bazuen ere, neurri bateraino; eta bere ekintzak pertsonaia horren arabera moldatzen saiatzen zela denbora guztian, ia mekanikoki saiatu ere. Etengabeko komedia horrek, nolabait, dena berak oso ondo ezagutzen zuen joko bat zela pentsarazten zuen; baina, jokoetan gertatzen den bezala, seriotasun handia kentzen zion egiten ari zenari eta, bide batez, halako gezurrezko segurtasun bat iradokitzen zuen, alegia bere ustez konpondu ezinezko gauzarik ez zegoela eta, azken momentuan, galduz gero ere, jokoan zeukan kontrakoak itzuliko ziola partidan galdutakoa, bai eta eskua luzatu ere. Dena dela, beharbada, itzali ezinezko joera bategatik guztiarekin txantxetan aritzen diren mutikoekin gertatzen den bezala, benetan ari zen jokatzen; baina bere kontrakoa, aitzitik, seriotan ari zen jokoan, segituan ikusi zen bezala. Horrela, partida amaitu zenean, desarmaturik eta baliabiderik gabe aurkitu zen, edozein jokotatik kanpo, estualdi hilgarri batean.

        Gauza hauek, eta beste asko, zoritxarrez tristeagoak eta besteak bezain arrazoizkoak, geroago pentsatu izan ditut, gertatutakoari buruz gogoeta egitean. Baina orduan, ustez aditzera eman dudan bezala, ez zitzaidan burutik pasa ere egin paketeen kontu hark nolabait gure harremanetan eragina izan zezakeen susmorik. Pozik nengoen itzuli zelako, pozik nengoen berari mesede bat egin ahal izateaz eta bide batez berriro ikusteko aukera edukitzeaz, eta ez nekien poz bikoitz hartatik harantzago joaten. Gogoan dut nola, eskatu zidan mesede bereziaz nola edo hala eta ametsetan bezala pentsatzen ari nintzela konturatu, halako batean burua astindu, «Umekeriak!» esateko bezala, eta beste zerbaitez pentsatzen hasi nintzen. Gainera, hain aldarte onez nengoen non, nahi izan banu ere, ezin izango bainituen nire gogoetak arazo kezkagarri bati zuzendu.

 

 

 

© Alberto Moravia

© itzulpenarena: Koldo Biguri

 

 

"Alberto Moravia / Erromako emakumea" orrialde nagusia