LAUGARREN ATALA

 

        Biharamun goizean arretaz jantzi nintzen, hauts-kaxa poltsan sartu eta Astaritari telefonoz hots egitera irten nintzen. Harritzekoa zen, baina oso pozik nengoen; aurreko gauean bere aitorpenarekin Sonzognok eragin zidan larritasuna guztiz joanda zegoen. Gero askotan ikusi ahal izan dut nire bizitzan karitatearen eta gaitzespen moralaren etsairik handiena dela harrokeria. Ikara edo beldurra baino areago, harrokeria sentitzen nuen nik orduan, krimen hura nola gertatu zen eta egilea nor zen hirian neuk bakarrik nekiela pentsatzean. — Bazekinat nork hil duen urregina —esaten nion neure buruari, eta gizonei eta gauzei aurreko egunean ez bezalako begiekin begiratzen niela iruditzen zitzaidan. Nire gorpuzkeran zerbait aldatuta zegoela ere iruditzen zitzaidan; eta ia beldurrez nengoen Sonzognoren isilpekoa ez ote zen argi irakurtzen nire aurpegieran. Aldi berean, nekien guztia norbaiti kontatzeko irrika goxo, atsegin eta itzalezina sentitzen nuen. Ontzi estu batean ur gehiegi dagoenean bezala, isilpeko hark gainezka egiten zidan ariman, eta beste norbaitenera isurtzeko tentaldia neukan. Uste dut honetxegatik hainbat eta hainbat gaiztaginek jakinarazten dizkietela beren maitaleei edo beren emazteei egin dituzten gaiztakeriak, eta berauek beren lagunik kuttunenetako bati kontatzen dizkietela, eta beronek beste bati, harik eta berria poliziaren belarrietara iritsi eta denak galtzen diren arte. Baina orobat uste dut gaizkileek, beren delituak inori aitortzean, jasanezina iruditzen zaien zama bat kendu nahi dutela gainetik, beste pertsona batzuen bizkarrera ere boteaz. Errua bizkar askoren artean partitzeko moduko batuketa bat balitz bezala, hartara arindu eta hutsaren pare bihurtzeraino. Aldiz, egiatan, inoren esku utzi ezin daitekeen fardela da, eta haren pisua ez da gutxitzen pertsona gehiagori bizkarreratu arren, eta bai biderkatzen, ordea, zama horri eustea onartzen duten guztiak zenbat, hainbat aldiz.

        Kaleetatik telefono publiko baten bila nenbilen bitartean, egunkari pare bat erosi eta Palestro kaleko hilketari buruzko notiziak bilatu nituen kronika orrietan. Baina egun batzuk igaroak ziren ordurako; eta lerro etsitu bakan batzuk baino ez nituen aurkitu

        Argirik ez urreginaren hilketan» titularraren azpian. Huts handiren bat egin ezean, Sonzogno seguru egon zitekeela konturatu nintzen, ez zutela inoiz aurkituko. Biktimaren salerosketak ere legez kanpokoak izanda, bereziki zailak gertatzen ziren poliziaren ikerketak. Urreginak, egunkariek ziotenez, klase eta era guztietako pertsonak biltzen zituen, sarritan isilpean eta aitortu ezinezko arrazoiengatik; hiltzailea berak lehenago inoiz ikusi gabeko norbait ere izan zitekeen, aurre-asmorik gabe hil zuen norbait. Hipotesi hori egiatik hurbil-hurbil zegoen. Baina hain zehatza izateagatik beragatik ematen zuen aditzera poliziak, etsita, utzi egin ziola erruduna bilatzeari.

        Telefono publikoa jatetxe batean aurkitu eta Astaritaren zenbakia markatu nuen. Baziren sei aste behintzat ez niola deitzen, eta ustekabean harrapatu nuen nonbait, hasieran nire ahotsa ezagutu ez, eta bulegoan erabiltzen zuen ganorazko doinu hura erabili zuelako. Une batez, nitaz ez zuela ezer jakin nahi ere iruditu zitzaidan; eta, egia esaten ari naiz, bihotzondoko bat izan nuen kartzelan zegoen neskameaz eta patu gaiztoaz pentsatzean, gaixo hura salbatzearren gehien behar nuenean Astaritak ni maitatzeari uztea nahi baitzuen. Egonezin hark, hala ere, poztu egin ninduen, nire zintzotasunaren zentzua itzuliz, ulertarazi zidalako emakume hura askatzea benetan bihotzean neukan gogoa zela eta ni, funtsean, Sonzogno hiltzailearekin harremanak eduki arren, betiko Adriana goxo eta errukitsua nintzela artean ere.

        Ikaraturik, nire izena eman nion Astaritari, eta lasaitua hartuz entzun nuen bere ahotsaren doinua aldatzen zela, trabatu egiten zela hitzetan, harrituta eta arduraz. Aitortzen dut ia oniritzizko bultzada bat izan nuela berarekiko; halako maitasunak, beti ere lausengu bat izanik emakume batentzat, lasaitu eta esker onez betetzen ninduelako. Elkar ikusteko ordua jarri nuen laztanezko ahotsez, berak huts egin gabe etorriko zela agindu, eta jatetxetik irten nintzen gero.

        Amesgaiztoak eginez igaro nuen gau guzti hartan euria goian behean egin zuen; eta askotan entzun nuen, loaren erdian, euriaren hotsak haizearen uluekin nahasturik nola eratu zuen etxe inguruan eguraldi txarrezko horma bezalako bat, eta horrela ugaldu nire barne-borrokaren ilunpeetako bakardadea eta intimitatea. Baina, eguna argitzean edo, euria atertu eta haizeak, bere azken boladekin, hodeiak eramateko indarra aurkitu zuen, zeru urdina eta aire garbitu eta geldia utzirik. Astaritari hots egin ondoren, platano arbolekiko kale batetik abiatu nintzen, goizeko lehen eguzkiaren azpian. Burua apur bat nahastua neukan, horixe baino ez zitzaidan geratzen askotan etendako nire amesgaizto hartatik; eta, aire hotzarekin berehala pasa zitzaidan. Oso pozik nengoen eguna ederra zelako, eta begiz jotzen nituen gauza guztiek bazeukaten, hala iruditzen zitzaidan, zerbait erakargarria, nire begiak liluratu eta atseginez betetzen ninduena. Ordurako lehor zeuden harlauzen ertzetan geratzen ziren hezetasun aztarnak atsegin zitzaizkidan; platano arbolen enborrak atsegin zitzaizkidan, haien azala, elkarren gainean jarritako ezkata zuri, berde, hori eta ilunez osatua, urrundik urrezkoak baitziruditen. Atsegin zitzaizkidan gaueko garbiketaren arrastoak hezetasun mantxa handitan ageri zituzten etxeetako aurrealdeak; atsegin zitzaizkidan goizean kalean zebiltzanak, lanera presaka zihoazen gizonak, besapean otarrea zeramaten neskameak, liburuak eta karterak zeramatzaten neskatilak eta mutikoak, gurasoek edo senide zaharrenek eskutik helduak. Eskale zahar bati limosna emateko geratu nintzen eta, poltsan dirua bilatzen nuen bitartean, konturatu nintzen nire begiak atseginez pausatzen zirela haren beroki militar zaharrean, eta maitemintzen zirela ukondo eta lepo inguruan josita zeuzkan adabakiekin. Adabaki grisak, marroiak, horiak, gutxiago ajatutako berde kolorekoak ziren; eta ohartu nintzen gustatzen zitzaidala haien kolorea ikustea, eta zeinen ondo josita zeuden hari beltzezko jostura zabal ikusgarri batez, eta harritu egin nintzen berak goiz haietako batean adabakiak trapu zaharren batetik hartu, zuloaren arabera moldatu eta maitasunez josiz egin zuen lanaz pentsatzean. Labetik irten berria den ogia gosea duenari atsegin zaion bezala atsegin zitzaizkidan niri adabaki haiek; eta, urruntzean, askotan bueltatu nintzen berriz begiratzearren. Eta orduan, bat-batean pentsatu nuen zeinen ederra izango zen goiz hura bezalako bizitza edukitzea, hain garbia, hain txukuna, eta hain atsegina. Bere alderdi goibel guztiak garbituta zeuzkan bizitza bat, gauza guztiak, baita apalenak ere, maitasunez begiratzeko modukoa. Pentsamendu horrekin, gizon bakar batekin, etxe berri, txukun, argitsu eta garbi batean bizimodu normala edukitzeko irrika, hain denbora luzean mutu eta lokartua, itzuli zitzaidan. Nire ogibidea ez nuela atsegin ohartu nintzen; nahiz eta, kontraesan berezi bategatik, izatez hartarako joera eduki. Ogibide garbia ez zela pentsatu nuen; nire inguruan zegoela beti, nire gorputzean, nire atzamarretan, nire ohean, izerdi, giza hazi, bero zikin, hezetasun itsaskor sentsazioaz, neure burua garbitu eta gela txukundu arren bertan jarraitzen zuela zirudielarik. Eta pentsatu nuen beti gizon desberdinen aurrean ia egunero biluztu eta berriz janzteak eragozten zidala neure gorputza begiratzea, neskatila nintzelarik, ispiluan begiratzean edo bainuan garbitzean sentitzen nuen atseginaz eta kuttuntasunaz. Polita da berez hazi, indartu eta edertzen den gauza berri eta ezezagun bat bailitzan begiratu ahal izatea norbere gorputza; baina nik, nire maitaleei aldi bakoitzean berritasun sentsazio hori ematearren, neure buruari kendu egin nion betirako.

        Gogoeta haien argitan, Sonzognoren krimena, Ginoren maltzurkeria, neskamearen zorigaiztoa eta nahastuta ninduten gainerako mordoilo guztiak neure bizitzaren nahaste-borrastearen ondorio hutsak iruditzen zitzaizkidan. Esanahi berezirik gabeko ondorioak, ordea, erruduna izateko inolako sentsaziorik ematen ez zidatenak eta bizimodu normala edukitzeko nire aspaldiko asmoa betetzea lortu orduko ezereztu zitezkeenak. Zentzu guztietan bakean egoteko irrika bizia etorri zitzaidan. Moralarekin bakean, ez zuelako nahi nirea bezalako ogibidea egiterik; naturarekin bakean, nire adinean emakume batek umeak edukitzea nahi zuelako; gustu onarekin bakean, objektu ederren artean bizitzea, arropa berri eta ederrak janztea, etxe argitsu, garbi eta erosoetan bizitzea nahi zuelako. Tamalez, gauza batak bestea eragozten zuen; eta moralarekin bakean egon nahi izan banu ezingo nintzen naturarekin bakean egon; eta gustu onak bizkarra ematen zien bai moralari, bai naturari. Pentsamendu horrekin, ohiko ernegua sentitu nuen, nire bizitza bezain zaharra, beti zorretan nengoelako beharrizanarekin, eta nire asmorik handienak sakrifikatuz baino ezin nezakeelako ase. Berriro konturatu nintzen, ordea, artean ere nire halabeharra erabat onartu gabe nengoela; eta horrek konfiantza apur bat itzuli zidan, bizimodua aldatzeko aukera ikusi bezain azkar ez ninduela ustekabean harrapatuko eta ganoraz eta gogoz aprobetxatuko nuela pentsatu nuelako.

        Eguerdian geratu nintzen Astaritarekin, bulegotik irten eta gero; ordu batzuk falta ziren eta, zer egin ez nekiela, Gisellaren bila joatea erabaki nuen. Ez nuen aspalditik ikusten; eta garai batean Riccardok bere bizitzan izandako lekua, erdi senargai, erdi maitale, beste norbaitek hartu ez ote zion susmoa neukan. Nik bezala, Gisellak ere espero zuen egunen batean bide zuzenetik abiatzea; uste dut hori nire tankerako emakume guztien itxaropena dela. Baina nik sortzetik beretik neukan joera hori; Gisellarentzat, aldiz, munduaren iritziari garrantzi handia ematen zionez gero, prestutasun kontua zen. Lotsatu egiten zen, bera zer izan eta huraxe zela pentsatzen zutelako besteek, batez ere; nik baino joera handiagoa eduki arren. Nik, ordea, ez nuen inolako lotsarik; bakar-bakarrik, noiz edo behin, menpekotasun eta desnaturalizazio sentsazioa.

        Gisellaren etxe ondoan nengoen, eta eskaileretatik igotzera nindoan. Baina emakume atezainaren ahotsak gerarazi egin ninduen: — Gisella andereñoaren etxera al zoaz? Dagoeneko ez da hemen bizi.

        — Eta nora joan da?

        — Casablanca kaleko 7.era—. Casablanca kalea kale berri bat zen auzune berri batean. — Ile horiko gizon bat etorri zen autoan, gauzak hartu eta alde egin zuten.

        Segituan konturatu nintzen horixe entzuteko joan nintzela hara: norbaitekin alde eginda zegoela, alegia. Ez dakit zergatik, nekea sentitu nuen ustekabean, eta hankak ahuldu, eta ate-ertzari heldu behar izan nion lurrera ez erortzeko. Baina eutsi egin nion, eta, hausnartu ondoren, Gisella bere helbide berrian bilatzera joatea erabaki nuen. Taxi batean sartu, eta Casablanca kalera eramateko esan nion gidariari.

        Taxia zebilen neurrian, urrundu egiten ginen hiriko erdialdetik eta kale estuetan batzuk besteen ondoan lerroturiko hango etxe zaharretatik. Kaleak zabaldu egiten ziren, bitan banatuz, plazetan bilduz eta gero eta zabalago bihurtuz; etxeak berriak ziren, eta etxeen artean landetako marra berdea ikusten zen noizean behin. Ohartzen nintzen nire bidaia horrek ezkutuko esanahi bat zuela, nahiko penagarria eta gero eta tristeagoa. Halako batean gogora etorri zitzaizkidan Gisellak niri errugabetasuna kentzeko eta bere antzeko bihurtzeko egin zituen ahalegin guztiak; eta, nahi gabe, zauri batetik odola isurtzen den modu berean, negarrez hasi nintzen.

        Taxitik jaitsi nintzenean, bidaia amaitu ondoren, begiak diz-diz eta masailak busti-bustita neuzkan. — Andereño, ez da negarrik egin behar —esan zuen gidariak. Burua mugitzera mugatu nintzen, eta Gisellaren etxeko sarrerarantz zuzendu.

        Etxetxo zuri-zuri bat zen, tankera modernokoa, eraiki berri-berria, lorategi biluzi txiki batean pilatutako kupel, habe eta pala batzuek, eta ate-sareko burdinak zikintzen zituzten kare zipriztinek salatzen zuten bezala. Ezkaratz zuri eta huts batean sartu nintzen, eskailerak ere zuriak ziren eta kristal zurituekiko leiho batzuk zeuzkaten, argi lasai bat iragazten zutenak. Atezainak, lanerako buzoaz jantzitako mutil ilegorri bat bera, ohiko atezain zahar eta zikinen aldean dezente bestelakoa, igogailuan sartzen utzi zidan, nik botoia zapaldu eta igogailua gorantz hasi zen. Alkoholez ziratutako egur berriak duen usain gozoa zegoen igogailuaren barruan. Mekanismoaren zaratan ere bazirudien zerbait berria zegoela, zuela gutxitik funtzionatzen zuen motor baten antzera. Igogailua azken solairuraino igo zen, igotzen zen neurrian argia gehitu egiten zen, sabairik egon ez eta igogailua zuzenean zerura igo balitz bezala. Gero gelditu egin zen, ni irten eta argitasun bizi baten erdian aurkitu nintzen, zuriaren zuriz itsutzen zuen eskaileraburu batean, eskulekuak latoi distiragarriz eginak zituen egur argizko ate eder baten aurrean. Txirrina jo nuen, neskametxo argal beltzaran bat, aurpegi politekoa, enkajezko buruko bat eta amantal brodatua zeramatzana, etorri zitzaidan irekitzera. — De Santis andereñoa? —esan nuen—, esaiozu Adriana naizela.

        Utzi egin ninduen, eta pasabidean barrena, eskaileretan zeudenen antzeko esne koloreko kristalak zeuzkan ate bateraino ibili zen. Pasabidea ere zuria eta biluzia zen, etxe guztia bezala; apartamentua txikia izango zela bururatu zitzaidan, lau gela baino gehiago ez. Berotuta zegoen, eta erradiadoreko epeltasunak biziagoa egiten zuen kare hezearen eta berniz berrien usain mina. Gero pasabide bukaerako ate kristalduna ireki, neskamea berriz azaldu eta sar nintekeela esan zidan.

        Sartu nintzenean, hasieran ez nuen ezer ikusi, ate pareko horma guztia betetzen zuela zirudien kristaleria zabal batean barrena neguko eguzkia olatutan sartzen zelako, itsutzeko moduan. Azken solairua zen, eta kristaleria haietan zehar zeru urdin eguzkitsua baino ez zen ikusten. Une batez, nire bisita ahaztu eta ezin hobeto sentitu nintzen, eguzki bero eta likore zahar bat bezain urrezkoarekin begiak itxiz. Baina Gisellaren ahotsak izutu egin ninduen. Kristaleria aurrean eserita zegoen, ile griseko emakume txiki bat zeukan bere aurrean eta beragana luzatzen zituen atzamarrak, ontzi txikiz beteriko mahaitxo baten gainean: manikura-andrea zen. — O, Adriana..., eseri..., itxaron apur bat —esan zuen, ganora faltsu batez.

        Ate ondoan eseri eta ingurura begiratu nuen. Gela luzea zen, kristaleriaren aldetik, eta estua. Egia esanda, ez zegoen altzari askorik, mahai bat, arasa bat eta egur argizko aulki bakan batzuk besterik ez; baina dena berria zen, eta eguzkia zegoen gainera. Eguzki horrek luxuzko zerbait zeukan; etxe aberats batean bakarrik, pentsatu nuen ezinbestez, egon zitekeen horrelako eguzkia. Goxotasun hartan begiak itxi egin nituen, gogoz itxi gainera, eta une batez ez nuen ezertaz ere pentsatu. Gero belaunetara zerbait astun eta biguna erortzen zitzaidala sentitu nuen; begiak ireki eta ikusi nuen katu handi-handi bat zela, inoiz ikusi ez nuen espezie batekoa; ilea oso luzea zeukan, zeta bezain leuna, ia urdina zen gris kolore batekoa; luzea zeukan aurpegia, eta gustatu egin zitzaidan bere itxura haserre eta maiestatetsua. Katua nire kontra hasi zen bere gorputza igurzten, isatseko mototsa goratuz eta marru latzak eginez. Gero nire altzoan kukubilkatu eta ardatzean hasi zen. — Hau katu ederra! —esan nuen—. Zein arrazatakoa da?

        — Pertsiakoa —erantzun zuen Gisellak harro—, oso arraza preziatua da..., katu hauek bakoitza mila liratan ere saltzen dira.

        — Sekulan ikusi gabe nengoen —esan nuen, eskua katuaren bizkarretik pasatuz.

        — Ba al dakizu nork daukan honelako katu bat? —esan zuen manikurak—. Radaelli andreak..., ikusi beharko zenuke zeinen ondo tratatzen duen..., kristau bat baino hobeto...; lehengo egunean, lurrin-ontzia hartu eta goitik behera lurrindu zuen... Orduan, ez duzu nahi oinetako azkazalei ere pasadatxo bat ematea?

        — Ez..., ez du axola, Marta..., gaurkoz nahikoa da —esan zuen Gisellak. Manikurak maletatxo batean sartu zituen bere tresnak eta bere ontziak, agur esan eta gelatik irten zen.

        Bakarrik geratu ginenean, elkarri begiratu genion. Gisella bera ere guztiz berria iruditu zitzaidan, etxea bezala. Jertse gorri eder bat zeukan, angorazkoa, eta inoiz ikusi ez nion tabako koloreko gona bat. Gizenduta zegoen, gogoratzen nuen baino bular handiagoa zegoen jertsean eta aldaka zabalagoak gonan. Ohartu nintzen, baita ere, apur bat handituak zituela betazalak, ongi jan, asko lo egin eta kezkabiderik ez duenak bezala. Betazalek, era horretara, maltzur itxura apur bat ematen zioten. Azkazaletara une batez begiratu, eta gero galdetzeagatik bezala galde egin zidan: — Zer iruditzen zaizu? Gustatzen al zaizu nire etxea?

        Ni ez naiz inondik ere bekaiztia. Baina une hartan, nire bizitzan lehen aldiz beharbada, hozka sentitu nuen bekaizkeria; eta harritu egin nintzen, bizitza guztian horrelako sentimendua eduki dezakeen jendea dagoela pentsatzean, ezin penagarriagoa eta mingarriagoa iruditu baitzitzaidan. Aurpegia luzatu bezala egin zitzaidan, kolpetik argaldu banintz bezala, eta horregatik ezinezkoa gertatzen zitzaidan irribarre egitea eta Gisellari esaldi atseginen bat esatea, nahi izango nukeen bezala. Gisellarekiko, gainera, ezinikusirik gogorrena sentitzen nuen. Gaiztakeriaren bat esan nahi izango nion, zauritu, mindu, umiliatu, hitz batean, bere poza mingostu. «Zer gertatu ote zait?» pentsatzen nuen erabat nahastuta, katuaren bizkarra laztantzen jarraitu arren. «Dagoeneko ez al naiz ni neu?». Zorionez, sentimendu hark ez zuen luze iraun. Nire arimaren sakonetik, erakuts dezakedan ontasun guztia errebelatzen eta mugitzen ari zen bekaizkeriaren erasoaren aurrean. Gisella nire adiskidea zela eta beragatik pozik egon behar nuela pentsatu nuen. Gisella bere etxe berrian lehen aldiz sartzen eta pozaren pozez txalo jotzen imajinatu nuen, eta ni berriro ere eguzki eder hark berotuta sentitu nintzen; baina barru-barruan, lehen baino areago, eguzkia ariman sartu izan balitzait bezala. Eta esan nuen: — Galdetzea ere! Honen etxe ederra eta honen alaia..., baina nondik nora?

        Hitz horiek zintzoki esan nituela iruditu zitzaidan; eta irribarre egin nuen: Gisellari berari baino areago, neure buruari, saritzearren bezala. Berak garrantzia eman nahirik eta isilpeko bat esaten duenaren antzera erantzun zuen: — Gogoan al duzu Giancarlo, ilehori hura, eta nola berehala borrokan hasi ginen gau hartan bera eta biok? Ba, gero, nire bila itzuli zen..., eta hasieran zirudien baino askoz ere hobea zen...; gero berriz ikusi genuen elkar..., askotan gainera...; duela egun batzuk non esaten didan: hator nirekin, sorpresa bat eman nahi dinat...; nik, badakizu, opariren bat eman nahi zidala uste nuen, poltsaren bat, lurrinen bat...; aldiz, autoan sarrarazi, hona ekarri, eta sartzeko esan zidan..., etxea huts-hutsik zegoen..., bere etxea zela pentsatu nuen...; gustatzen ote zitzaidan galdetu zidan..., nik baietz, baina ezer imajinatu gabe, jakina...; eta orduan berak: hiretzat hartu dinat etxe hau...; pentsa nola geratu nintzen.

        Harro eta bere buruarekin ederretsita, irribarre egin zuen, ingurura begiratuz. Bihotzak bultzaturik, zutitu, beragana joan eta besarkatu nuen. — Izugarri pozten naiz... —esan nuen—, izugarri benetan..., poz-pozik nago.

        Keinu horrek erabat deuseztatu zuen nire ariman gera zitekeen sentimendu gaizto guztia. Aurpegia kristalen ondoan jarri eta kanpora begiratu nuen. Etxea muino batean edo eraikita zegoen, eta haren azpian paisaia mugagabe bat zabaltzen zen. Lautada landu bat zen, erreka batek bihurrituz zeharkatzen zuena, eta han eta hemen ereinda basoak, etxeak eta harkaitzezko erliebeak azaltzen zituena. Hiritik, eraikuntza zuri batzuk eta, ikuspegiko mutur batean, kanpoaldeko auzune bateko azken zabalgunea baino ez ziren ikusten. Hodeiertzean, mendi urdin lerro bat marrazten zen nabarmenki zeru argitsuaren kontra. Gisellarengana bueltatu eta honela esan nion: — Ba al dakizu ikuspegi zoragarria daukazula?

        — Egia da, ezta? —erantzun zuen. Arasara joan, bi baso txiki eta sabel handiko botila bat atera eta mahai gainean utzi zituen. — Pattar pixka bat hartuko al duzu? —galdetu zuen zabarki. Argi zegoen etxekoandrearen keinu guzti horiek atsegin handia ematen ziotela.

        Mahai aurrean eseri eta isilik hurrupatu genuen pattar hura. Ondo nekien Gisella aztoratuta zegoela, eta bere lotsa arintzen lagundu nahi izan nion. — Baina ez zara ongi portatu nirekin... —esan nion goxo-goxo—, esan behar zenidan.

        — Ez dut astirik izan —esan zuen presaka—, badakizu, etxea aldatzean..., eta gainera zeregin handia izan dut, gauzarik beharrezkoenak erosten, altzariak, arropa zuria, ontziak...; ez dut arnasa hartzeko momentu bakar bat ere eduki...; etxe bat ez da erraz antolatzen—. Ezpainak estutuz hitz egiten zuen, etxe oneko andre batzuek bezalaxe.

        — Ulertzen dizut —esan nuen gaiztakeria edo mingostasun izpirik gabe, nirekin zerikusirik ez zuen gauza izan balitz bezala, hain zuzen—, orain, etxea jarri eta hobe zaudenez, ez nauzu ikusi nahi..., lotsatu egiten zara nigatik.

        — Ez naiz inola ere lotsatzen —erantzun zuen berak amorrazio txiki batez, nire arrazoizko doinuarekin haserreago hitzekin baino, nonbait—; ergel hutsa zara hori uste baduzu...; bakarrik, hemendik aurrera ezingo dugu lehen bezala elkar ikusi..., elkarrekin irten eta gainerako guztia esan nahi dut...; berak jakingo balu, ederra egingo nuke!

        — Egon lasai —esan nuen goxoki—, ez nauzu berriro ikusiko..., zer gertatu zaizun jakiteko bakarrik etorri naiz gaur.

        Berak ez entzunarena egin zuen, bai eta horrela nire susmoak baieztatu ere. Une batez, isilaldi bat egin zen. Gero, ardura faltsuaren itxuraz:

        — Eta zu, zer? —galde egin zidan.

        Berehala, neure-neurez —eta horrek ikaratu egin ninduen—, Giacomo etorri zitzaidan gogora. Ahots itoaz erantzun nuen: — Ni? Ezer ez..., betiko moduan.

        — Eta Astarita?

        — Behin edo behin ikusi dut.

        — Eta Gino?

        — Amaitu egin dugu.

        Giacomoren oroitzapenak estutu egin zidan bihotza. Baina Gisellak bere modura ulertu zuen nire aurpegiak nabarmentzen uzten zuen atsekabea; bere fortunagatik eta bere erdeinuzko jarreragatik mingostuta nengoelakoan, segur aski. Eta ahalegin handia kostatu zitzaion ardura batez, honela esan zuen, une batez hausnartzen egon ondoren: — Ba, inork ez dit burutik kentzen Astaritak etxea jarriko lizukeela, zuk nahi izanez gero.

        — Baina ez dut nahi —erantzun nuen lasai—; ez Astaritak, ez beste inork.

        Aurpegi harritua jartzen zuela ikusi nuen: — Zergatik? Ez zenuke honelako etxe bat eduki nahi izango?

        — Etxea ederra da —erantzun nuen—, baina librea izan nahi dut, batez ere.

        — Ni librea naiz, ba —esan zuen, minduta—, zu baino libreagoa..., egun osoa daukat niretzat.

        — Ez nintzen askatasun horretaz hitz egiten ari.

        — Zeinez, ba?

        Mindu nuela konturatu nintzen, batez ere argi azaltzen nuelako ez nuela miresten etxe hura, bera hainbeste harrotzen zuena. Baina horrelako mespretxurik ez zegoela eta, egiatan, ez nuela maite ez nuen gizon batekin loturik egon nahi azalduz gero, mina emango nion berriro, eta lehen baino min handiagoa gainera. Nahiago izan nuen mintzagaia aldatu. — Zergatik ez didazu erakusten etxea?... —esan nuen—, zenbat gela dituzu?

        — Axola zaizu etxea, ala? —esan zuen nahigabe laño batez—; honelako etxerik ez zenukeela eduki nahi izango esan duzu.

        — Ez dut hori esan —erantzun nuen lasai—, zure etxea oso polita da..., honelako etxe bat eduki ahalko banu!

        Ez zuen ezer esan; behera begiratzen zuen, atsekabetu aurpegia jarriz. — Orduan —hasi nintzen berriro, indar handiegirik gabe—, ez didazu erakutsi behar?

        Begiak altxatu zituen, eta harriturik ikusi nuen malkoz beterik zituela: — Nire adiskidea zinela uste nuen, baina ez —adierazi zuen halako batean—, zu..., zu..., inbidiaz beterik zaude..., eta ni mintzearren gutxiesten ari zara nire etxea, nahita ari zara, gainera—. Aireari hitz egiten zion, aurpegia negarrez busti-bustirik zuela. Amorruzko malkoak ziren haiek; inbidiaz beterik, ordea, bera zegoen, arrazoirik gabeko inbidia batez, ezer jakin gabe haserretzen baitzen Giacomorekiko nire maitasun etsituarekin eta maitasun horren inguruan sentitzen nuen urruntasun mingotsarekin; baina, bera hain ondo ulertu arren, are gehiago, ulertzen nuelako hain zuzen ere, errukitu egin nintzaion. Zutitu nintzen, beragana hurbildu eta esku bat jarri nion sorbaldan:

        — Zergatik diozu hori...?, nik ez dut inbidiarik..., beste gauza batzuk nahi nituzke..., hori da dena..., baina pozik nago pozik zaudelako...; orduan —esan nuen azkenik, bera besarkatuz—, erakutsi beste gelak.

        Zintz egin zuen, eta gero lausengatu itxuraz esan: — Guztira lau dira..., eta ia hutsik daude.

        — Goazen, ba!

        Zutitu eta nire aurretik abiatu zen pasabidean barrena eta, ate bat bestearen ondoren irekiz, ohea eta haren oinetan besaulki bat baino ez zituen logela bat, beste ohe bat sartuz «gonbidatuentzat» jarri nahi zuen gela huts bat eta neskamearentzako gela —zulo bat benetan— erakutsi zizkidan. Hiru gela horiek nolabaiteko erdeinu batez erakutsi zizkidan, ateak zabalduz eta zertarako ziren labur azalduz, atseginik gabe. Baina bere aldarte txarrak harrokeriari utzi zion lekua bainugela eta sukaldea erakutsi zizkidanean, biak portzelanazko axuleiuz apainduak, makina berriak, elektrikoak, eta iturri distiragarriak zeuzkatenak. Makina haiek nola erabiltzen ziren azaldu zidan, nola gasarekin funtzionatzen dutenak baino hobeak ziren, nola garbitzen zuten eta zeinen baliagarriak ziren, eta nik, horretarako tenplerik ez baneukan ere, guzti horretaz interesatuta egoteko itxurak egin nituen, miretsita edo harrituta dagoenaren ohiko adierazpenekin. Hain pozik zegoenez nire jarrerarekin, ikustaldia amaitu eta esan zidan: — Goazen berriro hara..., beste basotxo bat hartuko dugu.

        — Ez..., ez —nik erantzun—, alde egin behar dut.

        — Zergatik presa hori?..., itxaron apurtxo bat.

        — Ezin dut.

        Pasabidean geunden. Berak une batez zalantza eduki, eta gero esan zuen: — Baina berriz etorri behar duzu..., badakizu zer egin dezakegun, gainera? Berak askotan joan behar izaten du Erromatik kanpora..., nik esango dizut, egun hauetako batean, eta zuk ekarri zure lagun pare bat..., eta alaitu egingo gara pixka bat...

        — Eta berak jakiten badu?

        — Eta zergatik jakingo du?

        Eta nik: — Ongi da..., horrela egingo dugu—. Nik ere zalantza eduki, eta gero adorea hartuz esan nuen: — Honetaz ari garela..., esadazu, berak ez dizu inoiz ezer esan gau hartan berarekin zegoen lagunaz?

        — Ikasle hura? Zergatik? Interesatuta al zeunden?

        — Ez, jakiteagatik diot.

        — Bart ere ikusi dugu.

        Nire aztoramendua ezin ezkutatuz, honela esan nuen segurtasunik gabeko ahots batez. — Entzun..., ikusten baduzu..., esaiozu nire bila etortzeko..., baina horrela, garrantzirik eman gabe.

        — Ongi, esango diot —erantzun zuen berak. Baina susmo txarrez begiratzen zidan; eta ni, bere begirada haiekin, aztoratu egin nintzen, iruditzen zitzaidalako letra argiz idatzita zegoela nire aurpegian Giacomo maite nuela. Erantzunaren doinuagatik nire mandatua ez zuela egingo ulertu nuen. Etsiak harturik, atea ireki, agur esan eta presaka eta atzera begiratu gabe jaitsi nintzen eskaileretatik. Bigarren eskaileraburuan geratu eta paretan bermatu nintzen, gora begira. — Zergatik esan ote diot? —pentsatzen nuen—. Zer gertatu ote zait?—. Berriro jaisten hasi nintzen, burumakur.

        Astaritarekin nire etxean geratu nintzen; hara iritsi nintzenerako agortuta nengoen, ordurako galdua nuen goizez irteteko ohitura, eta eguzki guzti harekin eta aurrera eta atzera ibilita, nekatuta nengoen. Ez nintzen triste ere sentitzen, Gisellari egindako bisita aldez aurretik ordaindua nuen, taxian bere etxe berrira nindoala negar egin nuenean. Amak ireki zidan atea bai eta esan ere ia ordubete bazela norbait zain nuela nire gelan. Zuzenean hara joan eta ohean eseri nintzen, Astaritaz arduratu gabe; bera zutik zegoen, leiho aurrean tente, eta patiora begiratzen zuela zirudien. Une batez geldirik egon nintzen, eskua bularrean nuela, arnasestuka eskailerak presaka igo nituelako. Astaritari bizkarra ematen nion, nire begirada galdua gelako aterantz zuzenduz. Egunon esan zidan, baina ez nion erantzun. Gero ondora etorri zitzaidan esertzera eta beso bat jarri zidan gerri bueltan, zuzen-zuzen niri begira.

        Hainbeste kezkarekin ahaztuta nuen beti bizirik eta beti zelatan zeukan bere haragizaletasun zoroa. Ezin eraman bizi-bizia sentitu nuen: — Beti gogoarekin al zaude? —hasi nintzen esaten ahots motel eta gogaikarriaz, atzera eginez.

        Berak ez zuen ezer esan, baina nire eskua hartu eta ezpainetara eraman zuen, behetik gora begiratuz. Zoratu behar nuela iruditu zitzaidan eta askatu egin nuen eskua. — Beti gogoarekin? —hasi nintzen berriro—. Goizez ere bai?... Goiz osoa lanean eman ondoren?... Baraurik zaudenean?... Bazkaldu aurretik?... Ba al dakizu apartekoa zarela?

        Bere ezpainak dardarka eta bere begiak zabal-zabalik ikusi nituen: — Baina nik maite zaitut.

        — Baina maitatzeko garaia eta gainontzeko guztirako garaia dago..., ordu batean geratzeko esan nizun, amodio kontua ez zela aditzera emateko hain zuzen, eta zuk..., aparta zara benetan..., ez al zara lotsatzen?

        Zuzen-zuzen begiratzen zidan eta ez zuen ezer esan. Halako batean, ondoegi ulertzen nuela iruditu zitzaidan. Nitaz maiteminduta zegoen, eta ez dakit zenbat egunez espero izan zuen nirekin egoteko aukera hura. Ni hainbeste trantze larriren erdian borrokan nenbilen bitartean, berak nire hankez, nire bularrez, nire aldakaz eta nire ahoaz pentsatu besterik ez zuen egin. — Horrela —gaineratu nuen, apur bat lasaiturik—, ni orain biluzten banaiz...

        Baietz egin zuen buruaz. Barregura etorri zitzaidan, gaiztakeriarik gabe, baina bai ordea erdeinuz. — Eta ezin al zaizu burutik pasa ere egin ni triste egon naitekeela, edo bakarrik gauza hauetatik urrun..., gosez nagoela, edo nekatuta..., edota bestelako kezkak dauzkadala..., gauza hauek ez zaizkizu pasatzen burutik, ez?

        Niri begira zegoen, gero, bat-batean, nire gainera jaurti eta, indarrez besarkatuz, aurpegia hondoratu zuen nire lepoaren eta sorbaldaren arteko zuloan. Ez zidan musurik ematen, aurpegia nire haragiaren kontra estutu besterik ez zuen egiten, haren epeltasuna sentitzearren bezala. Arnas sakona zeukan, eta noizean behin hasperen egiten zuen. Ordurako ez nengoen suminduta berarekin, ekintza horiek ohiko erruki harritua pizten zidaten, triste baino ez nintzen sentitzen. Nahiko hasperen egin zuela iruditu zitzaidanean, atzera bultzatu eta esan nion: — Gauza serio bategatik deitu dizut.

        Begiratu egin zidan, gero nire eskua hartu eta laztantzen hasi zen. Egoskorra zen, eta benetan, berarentzat bere desioak baino ez zuen axola. — Zu poliziakoa zara, ez da egia?

        — Bai.

        — Ba, atxilotu behar nauzu, kartzelara sartu—. Etsi-etsian esan nituen hitz haiek. Une hartan, halaxe egin zezan nahi nuen.

        — Zergatik ba? Zer gertatzen da?

        — Lapurra naizela, horixe gertatzen da —esan nuen kemen handiz—, lapurtu dudala, eta ni atxilotu ordez errurik ez duen emakume bat atxilotu dutela, horixe gertatzen da..., horregatik, atxilotu behar nauzu..., gogo onez joango naiz kartzelara..., horixe nahi dut.

        Ez zirudien harrituta zegoenik, aspertuta baizik. — Lasai... —esan zuen, imintzio batez—, zer gertatu da..., esan argi.

        — Esan dizut, lapurra naiz—. Eta hitz gutxitan kontatu nion lapurreta eta nola neskamea atxilotu zuten, nire lekuan. Ginoren azpijokoa ere kontatu nuen, baina bera aipatu gabe eta morroi hitz orokorra erabiliz bakarrik. Aldiz, Sonzognori eta bere krimenari buruz hitz egiteko irrika handi-handia sentitu nuen eta nekez eutsi nion. — Orain, aukeratu zuk... —esan nuen azkenik—, edo aterarazten duzu andre hori kartzelatik..., edo gaur bertan noa polizia-etxean neure burua aurkeztera.

        — Lasai —errepikatu zuen, esku bat altxatuz—, presarik ba al duzu?... Hura kartzelan dago baina oraindik ez dute kondenatu..., itxaron dezagun.

        — Ez..., ezin dut itxaron..., kartzelan dago eta badirudi egurra ematen diotela..., oraintxe erabaki behar duzu.

        Nire doinuagatik, serio ari nintzela ulertu zuen; eta, aurpegi nahiko nahigabetua zuela, altxatu eta pausu batzuk eman zituen gelan. Gero, honela esan zuen, bere buruari hitz eginez bezala: — Hala ere, dolarren kontua hor dago.

        — Baina berak beti ukatu du..., dolar horiek aurkitu zituzten..., gorroto zion norbaiten mendekua izan zela esan genezake.

        — Eta hauts-kaxa zeuk daukazu?

        — Hona hemen —esan nuen, poltsatik atereaz eta berari luzatuz.

        Baina berak ez zuen hartu nahi izan: — Ez..., ez..., ez didazu niri eman behar—. Une batez zalantzatan zegoela iruditu, eta gero esan zuen: — Zerbait egin dezaket andre hori kartzelatik ateratzeko..., baina, poliziak errugabea delako froga eduki beharko luke..., hauts-kaxa hauxe bera.

        — Ba..., hartu eta itzuli zerorrek jabeari.

        Gustatu ez zitzaidan moduan egin zuen barre: — Ikusten da, bai, gauza hauek ez dituzula ulertzen..., nik zuregandik jasotzen baldin badut hauts-kaxa hau..., moralki behartuta egongo nintzateke zu atxilotzera..., bestela zera esango lukete: nola lortu ote du Astaritak lapurtutako objektua, nork eta nola eskuratu ote dio, eta abar, eta abar...; ez..., zerbait egin beharko zenuke hauts-kaxa hori polizia-buruzagitzara iristeko..., baina zeure burua saldu gabe, jakina.

        — Posta bidez bidal nezake.

        — Posta bidez, ez.

        Gelan beste pausu batzuk gehiago eman zituen, gero ondora etorri zitzaidan esertzera. — Hauxe egin behar duzu... —esan zidan—, ezagutzen al duzu elizgizonen bat?

        Viterbotik itzuli ondoren fraide frantses batekin konfesatu nintzela gogoratu nintzen, eta erantzun nuen: — Bai, konfesatzen nauen fraidea.

        — Konfesatzera joaten al zara oraindik?

        — Joaten nintzen.

        — Ongi..., zoaz zure fraide horrengana eta esaiozu dena..., niri esan didazun bezala..., eta eskatu hauts-kaxa hartzeko eta zure partez buruzagitzara eramateko...; apaiz bat ezin da ukatu hori egitera..., ez dago inolako argitasunik ematera behartuta, aitorpenaren sekretuak eragozten diolako...; egun bat edo bi pasa ondoren nik telefonoz deituko dut, eta..., tira, azkenerako zure neskame hori kalean egongo da.

        Poz handia sentitu nuen, eta ezin izan nintzen berarengana besoak luzatu eta musu eman gabe gelditu. Berak aurrera jarraitu zuen, ahots dardarati eta gogotsuaz: — Baina zuk ez dituzu gauza hauek egin behar..., sosak behar dituzunean, ba eskatu niri, eta nik...

        — Gaur bertan joan al naiteke fraidearengana?

        — Bai horixe.

        Hauts-kaxa eskuan nuela, aurrerantz zuzen-zuzen begiratuz, geldirik geratu nintzen une batez. Arindu ederra hartuta nengoen, neskamea ni neu izan banintz bezala; eta, benetan, aske uzten zuten egunean, berak nik baino arindu handiagoa hartuko zuela pentsatuz, hura eta bera nintzela iruditzen zitzaidan. Ordurako ez nintzen ez triste, ez nekatuta, ez nahigabetuta sentitzen. Astarita, bitartean, eskumuturrean zebilkidan hatzarekin, besoan gora egin nahian. Buelta eman eta ia laztan eginez honela esan nion, begi goxoak jarriz: — Gogo handia duzu, orduan?

        Baiezkoa egin zuen buruaz, ez baitzen hitz egiteko gauza. — Eta ez zaude nekatuta —jarraitu nuen ahots samur eta ankerraz—, ez duzu pentsatzen berandu dela..., eta hobe litzatekeela beste egun bat?

        Buruaz ezetz egiten zuela ikusi nuen. — Horren biziki maite nauzu, beraz? —galdetu nuen.

        — Badakizu maite zaitudala —erantzun zuen ahapeka. Eta besarkatu nahi izan ninduen. Nik neure burua askatu eta: — Itxaron —esan nuen.

        Onartzen nuela ulertu, eta segituan lasaitu zen. Zutitu nintzen, ate ondora poliki joan, eta buelta eman nion giltzari sarrailan. Gero leihora hurbildu, ireki, leihatilak bildu eta berriz itxi nuen. Berak begiradarekin jarraitzen ninduen, gelan aurrera eta atzera, atsegin nagi eta maiestatetsuz beteriko ibileraz nenbilen bitartean, eta begirada horiek nire soinean sentitzen nituen eta ulertzen nuen zeinen atsegingarria izan behar zuen berarentzat nire ustekabeko oniritzia. Leihatilak bildurik egonda, kantu marmaran hasi nintzen, ahots alai eta barru-barruko batez eta, kantatzeari utzi gabe, armairua ireki, gabardina erantzi eta eskegita utzi nuen. Gero, nire kantu motela eten gabe, ispiluan begiratu nuen neure burua. Sekulan ez nintzela hain ederra izan iruditu zitzaidan, sakon-sakonetik eta goxoki dizdiz egiten zuten nire begiekin, sudurra zimurtuta nuelarik eta ahoa erdizka irekita hortz zuri eta berdinen gainetik. Ederra izan, neure buruarekin pozik nengoelako eta bihotz onaren jabe sentitzen nintzelako nintzela ulertu nuen, eta zertxobait altxatu nuen ahotsa kantatzean eta, horrekin batera, eta blusako botoiak askatzen hasi nintzen behetik gora. Garai hartan puri-purian zegoen kantu zozo samar bat ari nintzen kantatzen; honela zioen: Canto quel motivetto che mi piace tanto e che fa dudu dudu dudu dudu; eta lelo zozo hura bizitza bera iruditzen zitzaidan, zentzurik gabea jakina, baina noizean behin baita gozo eta sorgingarria ere. Halako batean, ordurako bularra biluzik nuela, atea jo zuen norbaitek.

        — Ezin dut —esan nuen lasai—, geroago.

        — Gauza larria dun —erantzun zuen amaren ahotsak.

        Susmo txarra hartu nuen, ate ondora joan, ireki eta burua atera nuen.

        Amak irteteko eta atea ixteko keinua egin zidan. Gero, ezkaratzaren ilunpean, honela xuxurlatu zidan: — Hirekin nahita nahiez hitz egin nahi duen bat zegon hor.

        — Nor da?

        — Ez zekinat, gazte beltzaran bat.

        Egongelako atea poliki-poliki ireki eta begiratu nuen. Orduan bizkarra ematen zidan gizon bat ikusi nuen mahai aurrean eserita. Garondoagatik Giacomo ezagutu nuen berehala, eta atea itxi nuen azkar. Eta amari esan: — Esaiozu laster natorrela..., eta ez utzi gelatik irteten.

        Berak halaxe egingo zuela agindu eta ni berriro sartu nintzen nire gelan. Astarita artean ohean eserita zegoen, utzi nuen bezala. — Azkar... —esan nion—, azkar..., pena daukat, baina alde egin behar duzu.

        Bera harritu eta ez dakit zer hasi zen esaten protestatzeko. Baina ez nion amaitzen utzi, aurre hartu niolako: — Nire izebak ondoez bat izan du kalean... —esan nuen—, ospitalera joan behar dugu amak eta biok..., azkar, azkar—. Gezur nabarmen samarra zen hura, baina une hartan ez nuen besterik aurkitu. Niri begira zegoen, leloturik, bere zoritxarra sinetsi ezinik ia. Konturatu nintzen zapatak erantzi eta oinak lurrean jarrita zituela, koloreko marrez apainduriko galtzerdi batzuetan sarturik. — Tira..., zeren zain zaude? Alde egin behar duzu —errepikatu nuen haserretzen hasita. Eta berak: — Ongi..., banoa —eta makurtu egin zen zapatak berriz janzteko. Bere aurrean zutik, berokia luzatzen nion. Baina, neskamearen alde zerbait egitekotan, aginduren bat egin behar niola konturatu nintzen. — Entzun... —erantsi nuen, besoak berokiko mahuketan sartzen laguntzen nion bitartean—, damu dut benetan..., baina zatoz bihar gauean..., afalostean..., gaur gainera ia segituan bidali behar zintudan..., hobe da horrela.

        Berak ez zuen ezer esan, eta eskutik eramanda ateraino lagundu nion, nire etxean zegoen lehen aldia izan balitz bezala, hain beldur handiz nengoen egongelara sartu eta han Giacomo ikusiko ote zuen. — Begira, fraidearengana gaur bertan joango naiz —esan nion ate ondoan bertan. Berak buruaz keinu bat eginez erantzun zuen, ulertzen zuela esanez bezala. Aurpegia nahigabeturik eta izozturik zeukan. Luze iritzita nengoen eta, bere agurraren zain egon gabe, ia sudurren aurrean itxi nion atea.

 

 

 

© Alberto Moravia

© itzulpenarena: Koldo Biguri

 

 

"Alberto Moravia / Erromako emakumea" orrialde nagusia