HIRUGARREN ATALA

 

        Giacomori erabat uko egin nion, berari buruz ez gehiago pentsatzeko erabakiz. Maite nuela sentitzen nuen, bai eta, itzuli izan balitz, zoriontsua izango nintzela eta inoiz baino maiteago izango nuela ere. Baina era berean sentitzen nuen ez niola ni berriro umiliatzen utziko. Itzuli izan balitz, bere aurrez aurre geratuko nintzen, nire bizitzan itxirik gotorleku batean bezala, hartatik irten nahi ez nuen bitartean menderakaitza eta behera etorri ezin zitekeena baitzen... Zera esango nion: — Kaleko puta bat naiz..., horixe baino ez..., nahi banauzu, naizen bezala onartu behar nauzu—. Ulertu nuen nire indarra ez zela ez nintzena izatea deseatzea, nintzena onartzea baino. Pobrezia, nire ogibidea, ama, gure etxe itsusia, nire soineko arruntak, nire jatorri apalak, nire zorigaitzak, eta, barrurago sartuz, gauza guzti hauek onarrarazten zizkidan eta, harri bitxi bat lurrean bezala, nire ariman sakon-sakonean gordeta zegoen sentimendu hura ziren nire indarra. Baina seguru nengoen ez nuela berriro ikusiko; eta segurtasun horren medioz niretzat berria zen era batez maite nuen, ezinean eta malenkoniaz, baina ez ordea gozotasunik gabe. Hilda egonda inoiz itzuliko ez direnak maite diren bezala.

        Egun haietan guztiz hautsi nituen Ginorekiko harremanak. Lehenago esan dudan bezala, ez zaizkit atsegin bat-bateko etenak, eta gauzak beren bizitzaren eta beren heriotzaren arabera bizi eta hil daitezen nahi izaten dut. Nire nahi horren adibide ona dira Ginorekiko nire harremanak. Haietan zegoen bizitza amaitu zelako amaitu ziren haiek, eta ez nire erruz, ez eta, halako neurri batean, Ginoren erruz ere. Nire baitan ez nahigaberik, ez barrengo zimikorik utzi gabe amaitu ziren.

        Noizean behin ikusten jarraitu nuen, hilean bizpahiru aldiz. Gustatzen zitzaidan, esan dudan bezala, beraganako estimu guztia galdu nuen arren. Egun haietako batean telefonoz geratu ginen kafetegi batean, eta joango nintzela esan nion.

        Nire auzoko kafetegi bat zen. Gino barruko gelatxoan zegoen nire zain; leihorik gabeko sala txiki bat zen, portzelanazko axuleiuz estalia erabat. Sartu nintzenean, bakarrik ez zegoela ikusi nuen. Norbait zegoen berarekin eserita, niri bizkarra emanez. Bakarrik, zira berde bat zuela jantzirik eta ilehoria zela ikusi nuen, ileak eskuila moduan moztuta zituela. Ginorengana hurbildu nintzen eta bera zutitu egin zen, baina bere laguna eserita geratu zen. Ginok esan zuen: — Nire lagun Sonzogno duzu hau—. Orduan hura ere zutitu zen, eta eskua luzatu nion, berari begira. Baina tinkatu zidanean, tenaza batean ixten zidala iruditu zitzaidan, eta garrasi egin nuen minagatik. Berak berehala eskua askatu eta eseri nintzen, barre eginez eta esanez: — Badakizu mina egiten duzula?..., beti egiten al duzu horrela?

        Berak ez zuen ezer esan, ez eta irribarrerik egin ere. Aurpegia papera bezain zuria zeukan, kopeta gogor eta irtena, begiak txikiak, urdin argiak, sudurra motza, eta ahoa ebaki baten antzerakoa. Ile horia zuen, latz eta kolorgea, motz-motza, eta loki zapalak. Baina aurpegiko azpialdea zabala zen, matrail hezurrak lodi eta gatzik gabekoak. Hortzak etengabe estutzen ari zela ematen zuen, zerbait txikitzen ari balitz bezala; denbora guztian nerbio bat edo ikusten zen mugitzen eta dart egiten masaileko azalaren azpian. Ginok adiskidetasun begirunetsu eta miretsia erakusten ziola zirudien. — Hori ez da ezer... —esan zuen barrez—, jakingo bazenu zeinen indartsua den..., debekatua du ukabila.

        Sonzognok begi gaiztoz begiratzen ziola iruditu zitzaidan. — Ez da egia ukabila debekatua dudanik... —esan zuen gero ahots urriaz—, eduki nezake...

        — Zer esan nahi du ukabila debekatua edukitzeak? —galdetu nuen.

        Sonzognok labur erantzun zuen: — Ukabilka gizon bat hil daitekeenean..., orduan debekatuta dago ukabila erabiltzea..., errebolberra erabiltzea bezala da.

        — Baina ikusi zeinen indartsua den —ekin zion berriz Ginok, kitzikaturik eta Sonzognoren ederra irabazi nahirik bezala—. Ikusi..., utziozu besoa ukitzen.

        Ni zalantzatan nengoen, baina Ginok heltzen zion, eta bazirudien lagunak nik ere antzeko keinua egitea espero zuela. Esku bat luzatu nuen, eztiki, bere besoa haztatzeko. Berak besagaina tolestu zuen, giharrak tenkatzeko. Baina serio-serio, kopeta ilunduz ia. Orduan, niretzat ustekabean, itxuraz meharra ematen zuelako, burdinazko soka mordo bat bezalako zerbait sentitu nuen nire atzamarren azpian, soinekoaren besoan zehar. Eta esklamazio batez, ez dakit mirespenagatik ala nazkagatik ordea, eskua erretiratu nuen. Sonzognok atseginez begiratu zidan, ezpainetan irribarre arin bat agertzen zitzaiolarik. — Lagun zahar bat da... —esan zuen Ginok—, ez al duk egia, Primo, aspalditik garela ezagunak?... ia anaiak gara, nolabait esatearren—. Bizkarrean jo zion bizkarrean Sonzognori. — Primo zaharra! —erantsi zuen.

        Baina besteak bizkarra altxatu zuen, Ginoren eskua urruntzeko bezala, eta honela erantzun: — Ez gaituk ez lagunak ez anaiak..., autotegi berean lan egiten genian: hori duk dena.

        Ginok ez zuen aurpegiera aldatu: — Tira, bazekiat hi ez haizela inoren laguna..., beti bakarrik, beti hire kontura..., ez gizonik, ez emakumerik.

        Sonzogno hari begira geratu zitzaion. Begirada tinkoa zuen, ezin sinesteko bezain geldi eta tematia; begirada haren medioz, Ginok apartatu egin zituen bere begiak. — Nork esan ditik gezur horiek?... Nahi dudanarekin egoten nauk ni..., gizon edo emakume.

        — Esate bat zuan...—. Ginok bere patxada galduta zuela zirudien: — Nik behintzat ez haut inoiz ikusi inorekin.

        — Hik inoiz ez duk jakin nire berri.

        — Hara, egunero ikusten hindudan, goiz eta arratsaldez.

        — Egunero ikusten ninduan..., eta zer?

        — Zera —jarraitu zuen Ginok, nondik atera ez zekiela—, beti bakarrik ikusi hindudan, eta inor ez huela ikusten pentsatu nian..., gizon batek emakumea edo lagun bat duenean, beti jakiten duk.

        — Ez ergela izan —esan zuen besteak zakarkeriaz.

        — Orain ergela ere deituko nauk! —esan zuen Ginok aurpegia gorriturik zuela, ohiko eta kapritxozko bere tenple txarrez balego bezalako itxurak eginez. Beldurtuta zegoela igartzen zitzaion, ordea.

        Sonzognok errepikatu egin zuen: — Bai, ez ergela izan, bestela jo eta aurpegia hautsiko diat.

        Nik bertan ulertu nuen hori egiteko gauza izateaz gainera, egiteko gogoa eduki ere bazeukala. Eta honela esan nuen, esku bat bere besoan jarriz: — Joka hasi nahi baduzue, mesedez egin ezazue ni ez nagoenean..., gogorkeria eraman ezin dudan gauza da.

        — Nire laguna den andereño bat erakutsi diat —esan zuen Ginok apal-apalik—, eta hik hire modu horiekin izutu behar..., etsaiak garela pentsatuko dik, gero.

        Sonzognok nigana bueltatu eta lehen aldiz egin zuen irribarre. Irribarrearekin, begi-keinuak egin, eta kopeta zimurtzen zitzaion, ez alde guztietan modu berean, eta hortzak, txiki eta itsusiak, ez ezik, hortz-hobiak ere erakusten zituen.

        — Andereñoa ez da izutu, ez da egia? —esan zuen.

        Nik lehor erantzun nuen: — Ez naiz inola ere izutu..., baina, esan dudan bezala, gogorkeria ez zait gustatzen.

        Isilaldi luze bat etorri zen gero. Sonzogno geldirik zegoen, eskuak zirako poltsikoan zituela, matraileko nerbioak mugiaraziz eta hutsunera begira; Gino burumakur ari zen erretzen eta kea, ahotik irtetean, aurpegian gora igotzen zitzaion eta belarriak gorri bizi batez geratu zitzaizkion. Gero Sonzogno zutitu eta esan zuen: — Bueno, ni banoa.

        Gino azkar zutitu, ardura handiz, eta eskua luzatu zion, esanez: — Haserretu gabe, orduan, e Primo?

        — Haserretu gabe —erantzun zuen besteak hortzak estutuz. Eskua luzatu zidan, baina oraingoan minik egin gabe, eta urrundu egin zen. Argala zen eta ez oso altua; eta benetan ez zen ulertzen nondik zeukan hainbesteko indarra.

        Irten zen bezain azkar txantxetan hasi nintzen Ginorekin: — Adiskideak edo anaiak ere izango zarete, baina ederrak esan dizkizu.

        Ordurako bere onera itzulirik zegoen Gino; eta burua mugitu zuen: — Halakoxea da..., baina ez da gaiztoa..., eta gainera komeni zait berarekin onez egotea..., aukerakoa gertatu zait.

        — Nola hori?

        Gino kitzikaturik eta niri ez dakit zer esateko irrikatzen zegoela konturatu nintzen. Halako batean aurpegi alai eta harroa jarri zuen, egonezinik bezala. — Gogoan al duzu nire ugazaba andrearen hauts-kaxa hura?

        — Bai..., eta?

        Ginoren begiek pozez diz-diz egin zuten; — Ba, nik, gero, berriro pentsatu eta ez nuen itzuli —esan zuen ahotsa apalduz.

        — Ez zenuela itzuli?

        — Ez..., andrea azken finean aberatsa dela pentsatu nuen eta hauts-kaxa bat gehiago edo gutxiago, axola gutxi zitzaiola..., gainera, kontua egina zegoen —erantzun zuen halako zuhurtzia berezi batez—, eta, funtsean, lapurra ez nintzen ni izan.

        — Lapurra neu izan nintzen eta —esan nuen lasai.

        Ez entzunarena egin eta aurrera jarraitu zuen: — Baina gero, saltzeko arazoa zegoen..., gauza ikusgarria zen, ezagutzeko modukoa, eta ez nintzen fidatzen..., eta horrela patrikan gorde nuen denbora dezentean..., azkenik Sonzogno aurkitu nuen, eta gertatuaren berri eman nion...

        — Nitaz ere hitz egin al zenion? —moztu nuen.

        — Ez, zutaz ez..., neska lagun batek eman zidala esan nion, horrela, izenik atera gabe..., eta berak..., berak, pentsa, hiru egunen buruan, ez dakit nola, saldu eta ekarri zidan dirua..., bere partea hartu ere bai, jakina, halakoxe tratua egin genuen eta—. Pozez dardarka ari zen eta, une batez ingurura begiratu ondoren, billete biribilkatu mordo bat atera zuen patrikatik.

        Neuk ere ez nekielarik, erabat begitan hartuta neukan une hartan. Ez nuen gaitzesten, ez neukan eskubiderik noski, baina gogaikarria gertatzen zitzaidan bere bozkario doinua; eta gainera susmoa nuen dena ez zidala esan, eta isildu zidana zela segur aski okerrena. — Ondo egin duzu —esan nuen, lehor-lehor.

        — Hartu —jarraitu zuen billete mordoa askatuz—, hau zuretzat da..., kontatu ditut.

        — Ez, ez —esan nuen azkar—, ez dut ezer nahi, ezertxo ere ez.

        — Zergatik, ordea?

        — Ez dut ezer nahi.

        — Iraindu nahi nauzu zuk —esan zuen berak. Susmo eta nahigabe itzal bat igaro zitzaion aurpegitik, eta benetan iraindu ote nuen beldurrez geratu nintzen. Nire eskua berearen gainean jarriz, honela esan nion ahaleginak eginez: — Eskaini izan ez bazenit, ez dut esaten mindu, baina harritu behintzat bai egingo nintzen..., baina orain ondo dago horrela, niretzat amaitu den gauza delako ez ditut nahi, horixe da dena..., pozik nago, ordea, diru hori daukazulako.

        Niri begira zegoen, ulertu gabe, ezbaian, nire hitz horien atzean ezkutatzen zen isilpeko motiboa aurkitu nahian bezala zorrozki begiratzen zidalarik. Eta gero, askotan, berataz pentsatzean, konturatu egin naiz ezin ninduela ulertu nirea ez bezalako mundu batean bizi zelako, nireak ez bezalako kontzeptu eta sentimenduen arabera. Ez dakit mundu hori nirea baino txarragoa ala hobea ote zen, bakarrik dakit halako hitz batzuek ez zutela beretzat niretzat zuten zentzua, eta niri gaitzesteko modukoak iruditzen zitzaizkidan bere ekintzen arteko parte handi bat zilegitzat eta baita zuzentzat ere jotzen zuela berak. Batik bat, bazirudien buru argia edukitzeari ematen ziola garrantzirik handiena, maltzurkeriaren zentzuan ulerturik, ordea. Eta gizonen artean maltzurrak eta maltzur ez direnak bereiziz, ahaleginak egiten zituen beti lehen sailekoen artean egoten, kosta ahala kosta. Baina ni ez naiz maltzurra, ez eta buru-argia ere beharbada; eta inoiz ez dut ulertu nolatan gaiztakeria bat izan ote daitekeen, buru argiz egina izateagatik bakarrik, mirestekoa ez ezik, zuritzeko modukoa ere.

        Halako batean, larritzen zuen zalantza argitu zuen, nonbait, eta honela esan zuen: — Ulertzen dut, beldurrez zaudelako ez duzu nahi dirua..., lapurreta aurkituko den beldurrez..., baina hori hala bada, ez eduki beldurrik..., dena konponduta dago.

        Ez neukan beldurrik; baina bere esaldiaren bigarren zatia zaila gertatu zitzaidan, eta ez nintzen arduratu ukatzeaz: — Zer esan na duzu? —galde egin nuen—, konponduta al dago dena?

        Eta berak: — Bai, dena konponduta dago..., gogoratzen al zara nola esan nizun neskame bati hartu ziotela susmoa etxean?

        — Bai.

        — Ba..., nik begitan hartuta neukan neskame hori, nitaz gaizki esaka ibiltzen zelako nire atzetik...; lapurreta gertatu eta egun gutxitara konturatu nintzen gauzak okertzen ari zirela niretzat..., komisarioa bi aldiz itzuli zen, nire zelatan zeudela iruditzen zitzaidan. Hori bai: ez zuten ezer ere arakatu. Orduan burutazio bat eduki nuen: beste lapurreta bat eginez gero, arakatzen hasiko ziren, eta horrela ni moldatuko nintzen emakume horri egozteko aurreneko eta ondoko lapurreten errua.

        Ez nuen ezer esan eta bera, begiak zabalik eta dizdiz zituela, niri begira geratu zen une batez, bere maltzurkeria miresten ote nuen ikustearren edo, eta aurrera jarraitu zuen: — Nagusi andreak halako dolar batzuk zeuzkan tiradera batean...; nik dolarrak hartu eta neskamearen gelan ezkutatu nituen, maleta zahar baten barruan. Jakina, orduan arakatu egin zuten, dolarrak agertu ziren eta bera atxilotu zuten. Berak orain zin egiten du errugabea dela, noski, baina nork sinetsiko dio? Dolarrak bere gelan aurkitu dituzte.

        — Eta non dago emakume hori?

        — Kartzelan dago eta ez du aitortu nahi..., baina badakizu zer esan dion komisarioak nagusi andreari? «Egon lasai, andrea, onez ez bada txarrez, aitortu egingo du azkenik». Ulertu duzu, ez? Txarrez, badakizu zer esan nahi duen? Egurra.

        Nik begiratu egiten nion eta, hain kitzikaturik eta harro ikusirik, guztiz izoztuta eta nahastuta sentitzen nintzen. — Nola deitzen da emakume hori? —galdetu nuen, garrantzirik eman nahi gabe bezala.

        — Luisa Fellini..., emakume bat, ez oso gaztea, harroputza; esaten zuenez, oker bategatik zegoen neskame, eta inor ez zen bera bezain ondratua—. Barre egin zuen, kontraesanagatik.

        Ahalegin handi bat egin nuen, arnas sakona egiten duenaren antzera, eta gero esan: — Badakizu doilorkume handi bat zarela?

        — Nola? Zergatik? —galdetu zuen harrituta.

        Orduan, doilorkume deitu ondoren, libreagoa eta ausartagoa sentitzen nintzen. Suminaren suminez, aurpegia gorritu egiten zitzaidan, eta berriz hitz egin nuen: — Eta nik diru hori hartzea nahi zenuen!...; baina nik ondo asko igarri dut ez nuela hartu behar diru hori.

        — Baina zer? —esan zuen bere onera itzultzen saiatuz—, ez du aitortuko..., eta joaten utziko dute.

        — Baina zerorrek esan duzu kartzelan daukatela eta egurtu egiten dutela.

        — Esateagatik esan dut.

        — Ez du inporta..., kartzelara bidali duzu errurik ez duen bat..., eta gero niri esatera etortzeko aurpegia izan duzu..., doilorkume bat zara, benetan.

        Bera bat-batean haserre bizian jarri eta zurbildu egin zen; eta eskutik heldu zidan indarrez: — Ez nazazu berriz doilorkume deitu.

        — Zergatik? Doilorkumea zarela uste dut eta hala esaten dizut.

        Burua galdu zuen, eta harritzeko moduko indarkeria-ekintza bat egin zuen. Eskua bihurritu egin zidan berearekin, hautsi nahi izan balit bezala, eta gero, bat-batean, burua makurtu eta hozka egin zidan bertan, indarrez egin ere. Tiraka eskua askatu eta zutik jarri nintzen: — Burutik zaude, ala? —esan nuen—. Zer gertatzen zaizu orain?... Hozka egin?... Alferrik da, doilorkumea zara eta doilorkumea izango zara—. Ez zuen erantzun, baina bai burua eskuen artean hartu, ileak tiraka atera nahi izan balitu bezala.

        Zerbitzariari deitu eta hartutako guztia ordaindu nuen, bai nirea, bai berea eta bai Sonzognorena ere. Eta gero esan nion: — Ni banoa..., eta gainera esaten dizut gure artekoa amaitu dela..., ez zaitut berriro ikusi nahi, ez nazazu bilatu, ez etorri..., orain ez zaitut ezagutzen—. Ez zuen hitzik egin, ez burua altxatu ere; eta irten egin nintzen.

        Kafetegia kale hasieran zegoen, nire etxetik ez oso urruti. Harresiez bestaldetik ibiltzen hasi nintzen poliki. Gaua zen, zerua hodeiz beterik zegoen eta aire epel eta geldian euria ari zuen, euri fina, lanbroa ia. Gehienetan, harresiak ilunpean egoten dira, farola batzuen azpian izan ezik, urrun samar batzuk besteetatik. Baina segituan, kafetegitik irten bezain azkar, gizon bat ikusi nuen farola horietako baten azpitik irteten eta nire pausaje berarekin eta nire norabide berean ibiltzen harresien ondotik. Sonzogno zela konturatu nintzen, gerrian estu geratzen zitzaion ziragatik eta ile hori motzeko buruagatik. Harresien azpian txikia zirudien, noizean behin itzalpean desagertzen zen, gero berriz azaltzen farola baten argipean. Lehendabiziko aldiz, beharbada, nazka eman zidaten gizonek, gizon guztiek, beti nire gonaren atzetik, zakur arrak emearen atzetik ibiltzen diren bezala. Amorruaren amorruz dardarka sentitzen nintzen oraindik; eta Ginoren erruz kartzelara sartu zuten emakume hartaz pentsatzean, bihotz zimikoren bat sentitzen nuen ezinbestez, hauts-kaxa, azken finean, neuk lapurtu nuelako. Baina, beharbada, bihotz zimikoa baino areago, asaldura eta sumina zen. Bidegabekeriaren kontra errebelatu eta Gino gorrotatu arren, gorroto zuen bera gorrotatzeari eta bidegabekeria bat gertatu zela jakiteari. Ni benetan ez naiz gauza hauetarako egina; ezinegon gogor bat sentitzen nuen, eta ni neu ez nintzela iruditzen zitzaidan. Azkar nenbilen, Sonzogno nire ondora iritsi aurretik etxeratzeko gogoz, asmo hori zuela baitzirudien. Gero Ginoren ahotsa entzun nuen nire bizkarrean; — Adriana..., Adriana —deitzen zuen, antsiaz.

        Ez entzunarena egin eta azkarrago ibiltzen hasi nintzen. Besotik heldu zidan berak: — Adriana..., beti elkarrekin egon gara..., ezin dugu honela elkar utzi.

        Tiraka askatu nintzen eta berriz ekin nion bideari. Beste aldean, harresien azpian, Sonzognoren irudi txiki eta argia ilunpetik irten eta farola baten argiune biribilean sartu zen. Ginok, nire ondoan azkar zihoala bera ere, ez zuen etsi: — Baina nik maite zaitut, Adriana.

        Errukia eta gorrotoa eragiten zidan aldi berean; eta nahasketa hori esan daitekeen baino gogaikarriagoa gertatzen zitzaidan. Horregatik beste zerbaitez pentsatzen saiatzen nintzen. Halako batean, ez dakit nola, burua argitu bezala egin zitzaidan. Astaritaz gogoratu nintzen, nola eskaini zidan bere laguntza, eta pentsatu nuen emakume gaixo hura kartzelatik ateratzeko gauza izango zela seguru aski. Burutazio horrek onerako eragina izan zuen: arima zapaltzen zidan zama arintzen zitzaidala sentitu eta ia-ia iruditu zitzaidan Gino ez nuela ordurako gorrotatzen eta errukia baino ez niola. Geratu eta honela esan nion, lasai: — Gino, zergatik ez duzu alde egiten?

        — Baina nik maite zaitut.

        — Nik ere maite izan zaitut..., baina orain amaitu da..., Joan, hobe izango da zuretzat eta biontzat.

        Kaleko zati ilun batean geunden, ez farolarik, ez dendarik inguruetan. Gerritik heldu zidan eta musu ematen saiatu zen. Neure kasa askatu ahal izango nintzen ondo asko, indartsua naizelako, eta inork ezin diolako musurik eman nahi ez duen emakume bati. Aldiz, ez dakit zein izpiritu gaiztok iradoki zidan Sonzognori deitzea, beste aldean, harresien azpian geratu eta guri begira baitzegoen, geldi, eskuak zirako patriketan zituela. Deitu egin nion, nik uste, Ginoren ekintza okerra konpontzeko modua aurkitu, eta orduan nire baitan koketeria eta jakin-mina berriz azaltzen zirelako. Bi aldiz oihu egin nuen: — Sonzogno, Sonzogno!—, eta berak galtzada zeharkatu zuen segituan. Ginok, asaldaturik, utzi egin ninduen.

        — Esaiozu horri —hasi nintzen lasai, Sonzogno hurbildu eta berehala— bakean utzi behar nauela..., ez dut maite..., niri ez dit sinesten, beharbada zuri sinetsiko dizu, bere adiskidea zara eta.

        Eta Sonzognok: — Entzun al duk zer dioen andereñoak?

        — Baina nik... —hasi zen Gino.

        Uste nuen tarte batez jarraituko zuela eztabaidan, gertatu ohi den bezala; eta azkenik Ginok etsi eta alde egingo zuela. Aldiz, halako batean, Sonzogno ikusi nuen ulertu ez nuen keinu bat egiten eta Gino une batez berari begiratu eta gero, hitzik esan gabe, lurrera abailtzen, espaloitik ertzeko erretenera jira-biraka. Beharbada, erortzen baino ez nuen ikusi Gino, eta bere erorketaren bidez berregin nuen Sonzognoren keinua. Izan ere, begitazio bat izan nuela iruditu zitzaidan, hain izan zen bizkor eta isila keinu hura. Burua astindu eta berriz begiratu nuen: Sonzogno parean neukan, hankak zabalik, eta artean itxirik zeukan ukabila aztertzen ari zen; Gino, lurrean zetzala, bizkarra gure alderantz bihurturik, bere onera itzulita zegoen eta, espaloi ertzean ukondoa bermatuz, burua altxatu zuen pixkanaka. Baina ez zirudien zutitu nahi zuenik berriro; espaloi ertzeko erreteneko lokatz artean nabaritzen zen paper zuri bati begiratzen ziola ematen zuen. Gero Sonzognok esan zidan: — Goazen—, eta apur bat ametsetan bezala, etxerantz abiatu nintzen berarekin.

        Beso batetik niri helduta eta isilik zebilen. Ni baino txikiagoa zen, eta besoa inguratzen zidan bere eskua metalezko euskarri baten antzera sentitzen nuen erabat. Handik gutxira esan nion: — Gaizki egin duzu Ginori ukabilkada hori emanda..., ukabilkadarik gabe ere alde egingo zuen.

        Eta berak: — Horrela ez zaitu berriz molestatuko.

        Eta nik: — Baina nola egin duzu?... Ikusi ere ez dut egin..., Gino erori dela besterik ez dut ikusi.

        Honela erantzun zuen berak: — Ohitura kontua da.

        Hitzak esan baino lehen mastekatuz bezala hitz egiten zuen, edo hobeto esanda, haien sendotasuna aztertuz hortzen artean; beti itxiak zituen hortzak, eta felinoen hortzen antzera batzuk besteen barruan sartuak zituela imajinatzen nuen. Bere besoa haztatzeko eta eskuaren azpian bere gihar gogor eta tenkatuak sentitzeko gogo handia neukan orduan. Erakarri baino areago, jakin-mina piztu egiten zidan; eta, batez ere, beldurra eragiten. Baina beldurra, motiboa argitzen ez den bitartean, sentimendu atsegingarria eta, nolabait, kilikagarria ere izan daiteke. — Baina zer daukazu besoetan?... —esan nion—, oraindik ezin dut sinetsi.

        — Ukitzen utzi dizut, ordea —erantzun zuen berak, izugarria iruditzeraino bezain harrokeria serio batez.

        — Baina ez ondo..., Gino zegoen..., utzidazu berriz.

        Geratu eta besoa tolestu zuen, zeharka, serio eta, nolabait, xaloki begiratzen zidalarik. Baina bere xalotasuna ez zen ezertarako ere ume baten modukoa. Eskua luzatu eta poliki, sorbaldatik behera jaitsiz, giharrak haztatu egin nituen. Haiek hain bizirik eta hain gogor sentitzea sentsazio bitxia zen niretzat. — Indartsua zara benetan —esan nuen ahots ezti batez.

        Eta berak sineste ilun batez baieztatu: — Bai, indartsua naiz—. Eta bideari ekin genion berriro.

        Orduan damututa nengoen berari deitu izanaz. Ez nuen gustukoa; eta, gainera, bere seriotasunak eta bere jokamolde hark beldurtu egiten ninduten. Horrela, isilik iritsi ginen nire etxe pareraino. Giltza poltsatik atera nuen, eta esan: — Orduan, eskerrik asko lagundu nauzulako —eta eskua luzatu nion.

        Ondo-ondoraino etorri zitzaidan: — Igoko naiz.

        Ezetz erantzun nahi izango nion. Baina tinko begiratzeko bere modu hark, ezin sinesteko moduko egoskortasunez begiratzen baitzuen begietara, liluratu eta nahastu egin ninduen. — Nahi baduk —esan nion—; eta hitz egin ondoren bakarrik konturatu nintzen hika egin niola.

        — Ez eduki beldurrik —jarraitu zuen, bere modura ulertuz nire ikara—, bazeukanat dirua..., besteek halako bi emango dinat.

        — Baina zer uste duk? —esan nuen—, ez duk diruagatik—. Baina aurpegiera arraroa jartzen zuela ikusi nuen, burutik susmo mehatxagarri bat pasa izan balitzaio bezala. Bitartean, atea ireki nuen. — Dena dela, zertxobait nekatuta nengoan —erantsi nuen—. Ezkaratzera sartu zen nire atzetik.

        Gelan zegoenean, gizon txukunaren mugimendu zehatzak eginez biluztu zen. Bufanda bat zeraman lepo inguruan, arretaz erantzi zuen, eta gero tolestu eta zirako poltsikoan sartu. Jaka aulkiaren bizkarrean eskegi eta galtzak marra ez desegiteko moduan jarri zituen. Zapata parea aulki azpian sartu zuen eta, zapata barruan, galtzerdiak. Burutik oinetaraino, arropa berriekin jantzita zegoela ohartu nintzen, ez ziren jantzi finak, baina bai sendoak eta kalitate onekoak. Gauza horiek isilik egiten zituen, ez poliki, ez azkar ere, halako jarraitasun sistematiko eta neurrizko batez, nitaz arduratu gabe, bitarte horretan arropak erantzi eta ohean biluzik nengoelarik etzanda. Desio baninduen ere, ez zuen horrelakorik erakusten behintzat, matraileko azalaren azpiko giharren dardarizo etengabe hark aztoratuta zegoela esan nahi ez bazuen, behintzat; baina ezin zitekeen horrelakorik izan, lehenago ere gertatu zitzaiolako, artean nitaz pentsatzen zuenik ez zirudienean. Jadanik esana dut txukuntasuna eta garbitasuna maite ditudala eta ariman ere horrelako kualitateak daudela adierazten dutela, nire iritziz. Baina Sonzognoren txukuntasunak eta garbitasunak, gau hartan, guztiz kontrako sentimenduak piztu zizkidaten, izuaren eta beldurraren arteko zerbait. Era horretara prestatzen dira ospitaleetako zirujauak, pentsatu nuen ezinbestez, ebakuntza odoltsuren bat egiterakoan. Edo okerrago, harakinak, lepoa moztu behar dioten antxumearen begi zabalen aurrean. Horrela etzanik ohean, babesik gabe eta ezinean sentitzen nintzen, esperimenturen bat jasateko zain dagoen hilotza bezala. Eta bere isiltasunak eta lasaitasunak zalantzatan jartzen ninduten, biluzten amaitutakoan zer egin nahi ote zidan ez nekielarik. Halako moldez non, erabat biluzik zegoela, burkoaren ondoan jarri eta, harritzeko moduan, bi eskuekin sorbaldetatik heldu ninduenean, irmo egonarazi nahirik bezala, ezin izan bainuen izu-dardara bat ezkutatu. Bera konturatu eta hortz artean galdetu zidan: — Zer gertatzen zain?

        Eta nik erantzun: — Ezer ez..., eskuak izoztuta dauzkak.

        — Ez naun hire gustukoa, ez? —esan zuen, sorbaldetatik helduz beti, zutik eta tente zegoela burukoaren ondoan—, ordaintzen duen jendea nahiago dun, ez?—. Hitz egitean zuzen begiratzen zidan, eta bere begirada hura jasanezina zen egiatan.

        — Zergatik? —esan nuen—. Besteak bezalako gizona haiz..., eta gainera hik heuk esan duk besteek halako bi ordaindu nahi duala.

        — Nik bazekinat zer esan nahi dudan —erantzun zuen—, hik eta hi bezalakoek jende aberatsa maite duzue, jende fina...; ni hi bezalako bat naun..., eta zuek, emagaldu horiek, jaunak baino ez dituzue maite.

        Lehenago, aitzakiarik arinenarekin, Gino iraintzera eraman zuen sesiorako joera negargarri eta errukigabe berbera aurkitu nuen bere doinuan. Orduan Gino zer edo zergatik begitan hartuta zuela pentsatu nuen. Baina orain ulertzen nuen bere haserrekortasun ilun eta igarri ezin hura goibeltzeko gertu egoten zela beti eta, deabru antzeko hark menderatzen zuenean, berarekin edonola ere jokatu arren, beti huts egiten zela. Zertxobait minduta, honela erantzun nion: — Zergatik iraintzen nauk orain? Niretzat gizon guztiak berdinak zaretela esan diat lehenago.

        — Hala balitz ez huke aurpegi hori jarriko..., ez naun hire gustukoa, ez?

        — Baina, esan diat...

        — Ez naun hire gustukoa, ez? —jarraitu zuen—, penagarria dun, baina nahi eta nahi ez izan behar dinat hire gustukoa.

        — Ai ene, utz nazak bakean! —esan nuen, bat-batean suak hartuta.

        — Hire kuttuna haizea hartzera bidaltzeko balio izan dudan bitartean —jarraitu zuen—, nahi izan naun..., gero nahiago izango huen ni ere bidaltzea..., eta, aldiz, hona etorri naun...; ez naun hire gustukoa, ez?

        Orain beldurrez nengoen, benetan. Auskalo zer gauza izugarrira zeraman denak, bere hitz akuilagarriek, bere ahots lasai eta errukigabeak, bere begirada tinkoek —begi urdin haiek gorrituta ziruditen orduan. Eta konturatzen nintzen, beranduegi konturatu ere, bera bide horretan geratzen saiatzea harkaitz bat amildegi batetik biraka doan bitartean geratzea bezain ahalegin zoroa zela. Indarrez sorbaldak jasotzera mugatu nintzen. Berak lehen bezala jarraitu zuen: — Ez naun hire gustukoa, ez?..., eta nazka aurpegia jartzen dun ukitzen haudanean..., baina orain aldaraziko dinat aurpegia, potxoloa—. Esku bat jaso eta masailekoa eman nahi izan zidan. Antzeko zerbait espero nuen eta beso batez babesten saiatu nintzen. Baina hala ere lortu zuen jotzea, gogorkeria iraingarri batez jo ere, masail batean lehendabizi, eta gero, aurpegia apartatzen ahalegintzen nintzen bitartean, bestean. Nire bizitzan lehen aldiz gertatzen zitzaidan antzekorik; eta, kolpeen erresumina gorabehera, une batez harrituago geratu nintzen minduta baino. Besoa aurpegitik kendu eta honela esan nion: — Badakik zer haizen? Desgraziatu bat.

        Esaldiak hunkitu egin zuen, nonbait. Ohe ertzean eseri eta koltxoia bi eskuekin hartuz, kulunkatu egin zen une batez. Gero, niri begiratu gabe, hauxe esan zidan: — Desgraziatuak denok gaitun.

        Eta nik: — Emakume bat jo! Gibelak behar dituk benetan—. Halako batean jarraitu ezinik gertatu eta malkoz bete zitzaizkidan begiak. Ez ordea masailekoengatik bakarrik, baizik eta gau osoko nekeagatik, nahigabeko hainbeste gauza negargarri gertatu zirelako gau hartan. Gino gogoratu nuen, lokatzetan zegoela; burura etorri zitzaidan nola, berataz arduratu gabe, Sonzognorekin joan nintzen, alai, aparteko bere gihar haiek haztatzeko gogoa baino ez nuela, eta, ustekabean, damuturik sentitu nintzen, Ginorekin errukiturik eta neure buruarekin haserre, eta konturatu nintzen sentibera ez izateagatik eta nire ergelkeriagatik zigortu ninduela Gino lurrera bota zuen esku berberak. Atsegina hartu nuen gogorkeriagatik, eta orain gogorkeria berbera bihurtzen zen nire kontra. Negar artean Sonzognori begiratu nion. Eserita zegoen ohe ertzean, guztiz biluzi; azala zuria eta ilerik gabekoa zeukan, bizkarrak apur bat kuzkurtuta, besoak, ordea, zintzilik, beraien indarra inola ere erakusten ez zutelarik. Banatzen gintuen tartea deuseztatzeko irrika sentitu nuen bat-batean. Ahaleginak eginez esan nuen: — Zergatik jo nauk? Esango al didak hori, behintzat?

        — Jarri dunan aurpegiagatik—. Matraileko azalak dardara egiten zion; hausnartzen ari zela zirudien.

        Nire alde jarri nahi banuen, ezer baino lehen zer pentsatzen nuen esan behar niola, eta ez niola ezer ezkutatu behar konturatu nintzen. — Nire gustukoa ez haizela pentsatu duk —erantzun nuen—, baina oker hengoen.

        — Hala izango dun.

        — Oker hengoen..., egia esateko, hik, ez zekiat zergatik, beldurra ematen didak..., horrexegatik jartzen nian aurpegi hori.

        Hitz horiek entzutean bueltatu egin zen tupustean, eta begira geratu zitzaidan susmo txarrez bezala. Baina berehala lasaitu eta honela galdetu zidan, ez ordea harrokeriarik gabe: — Beldurra ematen al ninan?

        — Bai.

        — Eta orain ere ematen al dinat beldurra?

        — Ez, orain hil ere egin nazakek..., berdin zaidak dagoeneko—. Egia esaten ari nintzen; are gehiago, une hartan ia nahi nuen berak ni hiltzea, bat-batean bizitzeko gogoa joan zitzaidalako. Baina berak sumindu eta hauxe esan zuen: — Nork esan din ezer hiltzeaz?... Eta zergatik ematen ninan beldurra?

        — Ez zekiat..., beldurra ematen hidan..., azaldu ezin daitezkeen gauzak dituk.

        — Ginok ematen al zinan beldurrik?

        — Zergatik eman behar zidan?

        — Eta zergatik nik bai?—. Harrokeria guztia galdua zuen, ordurako; eta berriro ageri zen bere ahotsean halako sumin ilun bat.

        — Zera... —esan nion lasaitzearren—, edozer gauza egiteko kapaz haizela ikusten delako ematen hidan beldurra.

        Berak ez zuen ezer esan eta pentsakor geratu zen une batez. Gero, buelta mariez batera, honela galdetu zuen mehatxu doinuaz: — Guzti honek orain jantzi eta hanka egin behar dudala esan nahi al din?

        Berari begiratu eta berriro ere suminaren suminez zegoela ulertu nuen. Eta nire ezezko batek gogorkeria gehiago, eta okerragoa beharbada, ekarriko zidala. Onartu beharra zegoen. Bere begi argi haiek etorri zitzaizkidan gogora, eta nazka sentitu nuen amodioa egin bitartean tinko begiratuko zidatela pentsatzean. — Ez... —esan nuen emeki—, nahi baduk, geratu..., baina itzali argia.

        Zutitu egin zen; txikia zen, zurbila, baina gorputz egokia zeukan, lepoan izan ezik, motz samarra zuelako; eta hanka puntetan ibiliz joan zen ate ondoko giltzari eragiteko. Baina berehala konturatu nintzen argia itzaltzeko esatea ez zela ideia ona izan; izan ere, gela itzalpean geratu orduko, berriz hartu ninduen, ezin aurre egiteko moduan hartu ere, lehenago nire baitatik alde egina zegoela uste nuen beldurrak. Gelan gizon bat ez, baizik eta lehoinabar bat, edo zoko batean kukubilkatuta, nire gainera jauzi egin eta txiki-txiki egin nintzakeen beste basapiztiaren bat eduki banu bezala zen. Beharbada, kosta egin zitzaion ilunpean oherako bidea aurkitzea, aulki eta altzari artean; edo, beharbada, beldurraren eraginez luzea iruditu zitzaidan une hura. Benetan iruditu zitzaidan denbora amaigabea igaro zela ohera iritsi zen arte; eta bere eskuan nire soinean sentitu nituenean ezin izan nuen beste ikara bat, handiagoa gainera, eragotzi. Ez zela ohartuko espero nuen; baina, animaliak bezala, sen handikoa zen; eta, izan ere, ia berehala entzun nuen bere ahots fin-fina, honelaxe galdetzen zidalarik: — Beldurra oraindik?

        Ilunpe hartan, nire aingeru guardakoa han zegoen, nonbait. Ez dakit bere ahotsaren zein nabardurarengatik igarri nuen besoa altxatua zuela eta, nire erantzunaren arabera, zain zegoela ni jo ala ez erabakitzeko. Ulertu nuen bazekiela beldurra ematen zuela, eta, gainerako gizon guztiek bezala, beldurrik ez eman eta maitatua izan nahiko zukeela. Baina helburu horretara iristeko, berriz ere beldurra, eta beldur handiagoa ematea beste biderik ez zuen ezagutzen. Esku bat altxatu nuen eta, lepoa eta eskuineko sorbalda laztantzeko itxurak eginez, besoa altxatua zuela ohartu nintzen, uste nuen bezala, jaitsi eta nire aurpegian jotzeko prest. Ahaleginak eginez, nire ahotsari ohiko doinu samur eta lasaia eman nahirik, honakoa esan nion: — Ez..., oraingo honetan hotzagatik duk benetan..., sar gaitezen mantapean.

        — Ederki —esan zuen—. «Ederki» hark, mehatxu oihartzun bat baitzeukan artean, berretsi egin zuen nire beldurra, horren beharrik ez zegoen arren. Orduan, izarapean berak besarkatu eta estutzen ninduen bitartean, gure inguruan dena ilunpetan zegoelarik, larrialdi bizi bat izan nuen, nire bizitzako okerrenetakoa. Hanka-besoak beldurragatik gogortu eta, nire gogoz kontra, bazirudien atzeratu eta dardarka hasten zirela bere gorputz bereziki leuna, irristakorra eta suge batenaren antzekoa ukitzean; baina, horrekin batera, neure buruari esaten nion zentzugabekeria zela une hartan berari beldurra edukitzea, eta nire arimaren indar osoaz saiatzen nintzen beldurra menderatzen eta ni bere mende geratzen, beldurrik gabe, bihotzeko maitale bat bailitzan. Beldurra, hanka-besoetan baino areago, orain obeditzen baitzidaten, izuaren izuz hala ere, askoz barrurago sentitzen nuen, nire altzoaren hondoan, bai baitzirudien itxi eta ikaraz gogor egiten ziola besarkadari. Berak hartu egin ninduen azkenik, eta ikarak beltz eta izugarri bihurtzen zuen plazer bat sentitu nuen nik, eta garrasi ozen bat egin nuen ezinbestez, nahigabezko garrasi luze bat, ilunpe hartan, azken besarkada hura maitasunarena ez, baizik eta heriotzarena, eta garrasi hura, nigandik ihes egitean bere atzetik gorputz arimagabe eta sarraskitu bat baino uzten ez zuen nire bizitzarena izan balitz bezala.

        Gero hitz egin gabe geratu ginen ilunpean. Ni agortuta nengoen eta ia berehala lokartu nintzen. Laster bularrean zerbait oso astuna nuela sentitu nuen, Sonzogno haren gainean kuzkurtu balitz bezala, bere baitan erabat bildurik, biluzik, belaunak besoen artean harturik eta aurpegia belaunen artean. Nire bularrean eserita zegoen, ipurmasail biluzi eta gogorrek lepoa estutzen zidatela, eta oinak nire urdail gainean zeuzkala; lo egiten nuen neurrian, pisua handitu egiten zen eta ni, lo egon arren, hara eta hona mugitzen nintzen, gorputza askatu edo, behintzat, bera apartatu nahirik. Azkenik, itotzera nindoala iruditu eta oihu egin nahi izan nuen. Nire ahotsa, ahotsik gabe oihu eginez, bularrean geratu zitzaidan, luzaro, amaigabea iruditu zitzaidan denbora luze batez; gero, ahotsa kanporatzea lortu eta, indarrez kexatuz, esnatu egin nintzen.

        Mesanotxeko argia piztuta zegoen eta Sonzogno begira neukan, burua ukondoan bermaturik. — Lo luzea egin al diat? —galdetu nuen.

        — Ordu erdi batez edo —esan zuen hortz artean.

        Begirada motz bat bota nion, artean amesgaiztoaren ikara zeukana, nonbait; izan ere, ahoskera bitxi batez, honela galdetu zidan, berriketari ekiteko bezala: — Oraindik ere beldurra?

        — Ez zekiat.

        — Jakingo bahu nor naizen —esan zuen—, lehen baino beldur handiagoa edukiko huke.

        Amodioaren ondoren, beren buruaz hitz egin eta barrengo gauzak esatera emanak dira gizon guztiak. Ez zirudien Sonzogno arau honen salbuespena zenik. Bere ahotsa, ohi ez bezala, berezia zen, makala, maitekorra ia. Harro eta bere buruarekin ederretsita zegoela salatzen zuena apur bat. Baina ni izutu egin nintzen berriro, ikaragarri, eta bihotza jauzika hasi zitzaidan bularrean, txikitu nahi izan balu bezala. — Zergatik? —galdetu nuen—. Nor haiz, ba?

        Begiratu egin zidan, zalantzaz baino areago, niregan bere hitzek zeukaten ondorio ikusgarria dastatuz: — Palestro kaleko hura naun —esan zuen azkenik—, huraxe bera.

        Palestro kalean zer gertatu zen ez zuela azaldu behar uste zuen, eta bere harrokeriak ez zuen hutsik egiten orduan. Kale horretako etxe batean krimen ikaragarri bat gertatu zen egun haiexetan; egunkari guztiek hitz egin zuten hartaz, eta jende arruntak ere ahotan dezente erabili zuen, horrelako gauzetarako oso emana baita. Are gehiago, amak berak jakinarazi zidan horren berri, denbora luzea ematen baitzuen kronika beltzeko albisteak letrarik letra irakurtzen. Urregin gazte bat hil zuten bere etxean, bakarrik bizi baitzen bertan. Antza denez, Sonzognok erabilitako arma, ordurako bai bainekien nor zen hiltzailea, brontzezko paper-gaineko astun bat izan zen. Poliziak ez zuen inolako arrasto baliagarririk aurkitu. Urreginak, nonbait, lapurtutako gauzak ere eskuratzen zituen, eta uste zen, ikusiko den bezala hain zuzen ere, legez kontrako salerosketa bat egin bitartean hil zutela.

        Askotan konturatu naiz albiste batek harritu eta ikaratu egiten gaituenean, geure burua hustu eta edozein objektutan jartzen dugula gure arreta, begien aurrean azaltzen zaigun lehen gauzan, baina modu berezi batean jarri ere, haren azala zeharkatu eta barruan ezkutatzen den auskalo zein sekretutara iritsi nahirik bezala. Halaxe gertatu zitzaidan gau hartan, Sonzognok aitorpen hura egin ondoren. Zabal-zabalik neuzkan begiak, eta burua hustuta geratu zitzaidan bat-batean, isurki bat edo hauts oso fina duen ontzi bat zulatzen denean bezala; dena dela, hutsik egon arren, burua beste gai bat edukitzeko gertu sentitzen nuen, eta sentsazio hura mingarria zen, hutsune hori bete nahi izango nukeelako, baina ezin. Bien bitartean, begiak Sonzognoren eskumuturrari zuzentzen nizkion; bera nire ondoan etzanda zegoen, ukondoa ohean bermaturik. Beso zuria zeukan, leuna, ilerik gabekoa eta biribila, aparteko giharrak izateko arrastorik gabea. Eskumuturra ere biribil eta zuria zen; eta eskumuturrean, bere biluztasunean zeukan objektu bakarra, larruzko eskumuturreko bat zuen, erloju batena bezalakoa, baina erlojurik gabekoa. Bazirudien eskumuturreko haren kolore beltz koipetsuak halako esanahi bat ematen ziola, besoari ez ezik, baita gorputz zuri eta biluzi osoari ere, eta ni esanahi horretaz ari nintzen hausnartzen, baina argitzea lortu gabe. Kolore iluneko esanahia zen, arraunera zigortutako baten katenbegia ematen zuen. Baina bazen zerbait polit eta ankerra ere eskumuturreko beltz xinple hartan, Sonzognoren basakeriaren bat-batekotasuna eta felinotasuna baieztatzen zituen apaingarri bat bailitzan. Gogoetaldi hark une batez iraun zuen. Gero, halako batean, txoriak kaiola estu batean bezala astintzen ziren pentsamendu nahaspilatu mordo batez bete zitzaidan gogoa. Sonzognorekin hasiera-hasieratik beldurtu nintzela gogoratu nuen; berarekin amodioa egin nuela pentsatu nuen; eta konturatu egin nintzen ilunpe hartan, besarkadari amore emanez jakin nuela ezkutatzen zidan guztia, nire gorputz ikaratuaren bidez jakin gainera, nire buru ezjakinaren bidez baino lehenago ere, eta horrexegatik garrasi egin nuela era hartan.

        Azkenik, burura etorri zitzaidan lehen gauza esan nion: — Zergatik egin huen hori?

        Ezpainak ia mugitu gabe hitz eginez erantzun zuen: — Balio handiko zerbait neukanan saltzeko..., nik banekinan tratulari hura zerri bat zela, baina ez ninan besterik ezagutzen...; prezio barregarri bat jarri zidanan..., nik lehenagotik ere gorroto ninan, engainatu egin ninduelako beste batean...; objektua hartuko nuela esan nionan, bai eta iruzurti bat zela ere....

        — Zer erantzun zian, ba? —galdetu nuen. Harrituta konturatzen nintzen orduan, Sonzognok gertakaria kontatzen zuen neurrian nire beldurra, lehen aldiz, itzali egiten zela, eta partaidetza sentsazio batek, nire gogoz kontra, berotzen zidala arima. Eta urreginak zer esan zuen galdetu nionean konturatu nintzen hilketa zuritu ez, baina bai horretarako aitzakia emango zuen zerbait ikaragarria izatea espero nuela. Eta berak, labur-labur: — Alde egiten ez banuen, salatu egingo ninduela esan zinan..., orduan pentsatu ninan: nahikoa diagu..., eta buelta eman zuenean...—. Ez zuen amaitu, eta zuzen-zuzen begira geratu zitzaidan.

        Eta nik galdetu: — Nolakoa zuan bera?—, eta une hartantxe iruditu zitzaidan arrazoirik eta helbururik ez zuela nire jakin-min hark. Zehaztasunez erantzun zuen berak: — Burusoila, txiki samarra..., gaizto aurpegia zeukanan, erbi batena bezalakoa...—. Baina ezinikusi lasai baten doinuaz esan zituen hitzok, eta horrela ikusi eta gorrotatu ere egin nuen erbi aurpegiko salerosle hura, Sonzognok eskaintzen zion objektua mesfidantzaz eta faltsukeriaz aztertzen zuen bitartean. Ordurako ez neukan ezertarako ere beldurrik, iruditzen zitzaidan hildakoaren kontrako bere arrangura nireganatzen asmatu zuela Sonzognok, eta ez nengoen inondik ere seguru gaitzetsi behar nuen ala ez. Egia esanda, gertatutako guztia hain ondo ulertzen nuela iruditzen zitzaidan, non uste bainuen neu ere izango nintzatekeela krimen hura egiteko gauza. Ondo baino hobeto ulertzen nuen bere esaldi hura, alegia: «Eta berak erantzun zuenarekin pazientzia galdu nuen». Pazientzia Ginorekin galdu zuen lehendabizi, eta gero nirekin; eta halabeharrak bakarrik nahi izan zuen ez Gino, ez neu ere ez hiltzea. Hain ondo ulertzen nuen, hain bere barruan sentitzen nintzen, non, beragatik beldurtuta ez egoteaz gain, begikoa ere gertatzen baitzitzaidan, nolabait, ikaratzekoa zen modu batez. Begikoa, krimenaren berri jakin arte eta bera beste hainbat maitaleren arteko bat izan zen bitartean ez bezala. — Baina ez hago damututa? —galdetu nion—. Ez daukak inolako damurik?

        — Egina zegon —esan zuen berak.

        Adi-adi begiratzen nion; eta, bere erantzun horren aurrean, nik nahi ez izan arren buruaz onartu egiten nuela ikusi nuen harriturik. Orduan Gino etorri zitzaidan gogora, bera ere zerri bat zelako, Sonzognoren hitzetan, baina halere gizon bat zen eta maite izan ninduen, bai eta nik ere bera; urregin hura Gino baino hobea, ez okerragoa ere ez zela pentsatu nuen; alde batekin, ordea: nik ez nuen ezagutzen, eta bidezko iritzi nion bera hiltzeari, erbi aurpegia zuela halako doinu batez esaten entzun nuelako bakarrik; eta damutu eta ikaratu egin nintzen. Baina ez Sonzognorengatik, era hartara egina zegoelako bera eta juzkatzen hasi aurretik ulertu behar zelako, neronengatik baizik, Sonzogno bezala egina izan ez arren gorrotoak eta odolak nire izaera kutsa zezaten uzten nuelako. Halako ezinegona sentitu eta ohe gainean eseri nintzen salto batez: — Jainkoa —errepikatu nuen—, Jainkoa, zergatik egin duk hori?... Eta zergatik kontatu didak?

        — Beldur handia heukalako niregatik —erantzun zuen xinpleki—, eta ezer jakin gabe..., arraroa iruditu zaidan eta esan egin dinat... zorionez —erantsi zuen, bere gogoetarekin pozik—; besteak ez ditun hi bezalakoak..., bestela harrapatuta nengonan dagoeneko.

        — Hobe duk joan eta bakarrik uztea... —esan nion—, joan hadi.

        Eta berak erantzun: — Zer daukan orain?

        Sumintzen zeneko doinua antzeman nion. Baina bere burua bakarrik eta, une batzuk lehenago bere mende eduki ninduen arren, neuk ere gaitzetsia ikusteko ez dakit nolako oinazea ere antzematen niola iruditu zitzaidan. Eta hauxe gaineratu nuen azkar: — Ez uste beldurtuta nagoenik hirekin..., ez zeukaat inolako beldurrik..., baina etsi behar horretara..., pentsatu behar diat horretaz..., gero hi itzuli eta beste era batera egongo nauk.

        Eta berak: — Zer pentsatu nahi dun?... Ez naun inondik ere salatu nahi izango, ez?

        Hitz horiekin berriro sentitu nuen Ginok neskamearen kalterako egin zuen traizioaz hitz egiten zidan bitartean bere jarrerak piztu zidan sentsazioa: hau da, nirea ez bezalako mundu batean bizi den pertsona bat balitz bezala. Ahalegin handi bat egin nuen, eta honela erantzun: — Itzul haitekeela esaten diat, ordea..., ba al dakik zer esango zian beste emakume batek? Ez diat hire berririk jakin nahi, ez haut berriro ikusi nahi..., horixe esango zian.

        — Ni joatea nahi dun, ordea.

        — Joan nahi huela uste nian..., orduan, lehenago edo beranduago...; baina geratu nahi baduk, gera hadi..., lo egin nahi al duk hemen? Nahi baduk, nirekin lo egin dezakek eta bihar goizean alde egin..., nahi duk?—. Egia esanda, ahots hil, triste eta nahastuaz egiten nion proposamen hura; eta begirada galdua ateratzen zen, nonbait, nire begietatik. Baina, hala ere, egin egiten nion proposamen hura, eta pozik nengoen horregatik. Berak egin zidan begiradan, ordea, eskerron izpi bat antzeman nuela uste nuen, baina beharbada oker nengoen. Gero burua mugitu zuen:

        — Esateagatik esan dinat..., joan behar dinat benetan—. Altxatu eta jantziak utzi zituen aulkirantz ibili zen.

        — Nahi duan bezala —esan nuen—, baina geratu nahi baduk, gera hadi..., eta... —gaineratu nuen ahalegin handi batez— egun hauetako batean hemen lo egin beharra badaukak, etorri.

        Ez zuen ezer erantzun, janzten ari zen. Neuk ere jaiki eta bata bat jantzi nuen. Erokeria sentsazioa izan nuen mugitzen nintzen bitartean, nire gela belarrira hitz bizi eta zoroak xuxurlatzen zizkidaten ahotsez beterik egon balitz bezala. Beharbada erokeria sentsazio horretxegatik egin nuen zerbait, une hartantxe jakin ez arren zergatik egin ote nuen. Alegia, gelan mugitzen nintzen bitartean, motel nire mugimenduetan baina, halere, herioan egoteko sentsazioaz, zapata sokak lotzeko makurtzen zela ikusi nuen. Orduan, bere aurrean belauniko jarri eta honela esan nion: — Utzidak niri—. Harritu zela iruditu zitzaidan, baina ez zuen protestatu. Bere eskuineko oina hartu eta, nire altzoan jarriz, korapilo bikoitza egin nion zapata sokari. Gero beste horrenbeste egin nuen ezkerreko oinarekin. Ez zidan eskerrik eman, ez eta hitzik egin ere; segur aski gela hartan bi ginen hura zergatik egin ote nuen ulertzen ez genuenok. Jaka jantzi zuen. Poltsikotik kartera atera eta dirua eman nahi izan zidan.

        — Ez, ez —esan nuen, nahi gabeko ahots zartada batez—; ez, ez ezer eman..., ez dik inporta.

        — Zergatik?... Nire dirua ez al dun besteena bezain ona? —galdetu zuen suminak eraldatutako ahots batez.

        Arraroa iruditu zitzaidan berak ez ulertzea nazka ematen zidala beharbada hildakoaren patrika artean berotik atera zuen diru hark. Edo beharbada ulertzen zuen, baina nolabaiteko konplizitate batean konprometitu nahi ninduen, eta aldi berean jakin zeintzuk ziren beraganako nire benetako sentimenduak. — Ez... —ihardetsi nion—, baina..., ez nian diruaz pentsatzen deitu haudanean..., ahaztu hori.

        Baretu egin zen, itxuraz. — Ederki... —esan zuen—, baina oroigarri bat onartuko dun behintzat—. Patrikatik zerbait atera eta komodineko marmolaren gainean kokatu zuen.

        Objektua ukitu gabe begiratu eta zenbait hilabete lehenago Ginoren nagusi andrearen etxean lapurtu nuen urrezko hauts-kaxa ezagutu nuen. — Zer duk? —murmuratu nuen.

        — Ginok eman zidanan, saldu behar nuen objektua dun..., harako hark hutsaren truke eskuratu nahi zinan..., baina uste dinat balioa baduela..., urrezkoa dun.

        Nere senera etorri eta esan nuen: — Eskerrik asko.

        — Ez horregatik —berak erantzun. Zira jantzi eta gerrikoa estutzen ari zen gerri inguruan—. Orduan, ikusi arte —esan zuen ate ondotik. Une baten ondoren etxeko atea entzun nuen ixten ezkaratzean.

        Bakarrik nengoen, komodinera inguratu eta hauts-kaxa hartu nuen eskuan. Nahastuta nengoen eta halako mirespen ilun bat sentitzen nuen aldi berean. Hauts-kaxa diz-diz ari zen nire esku-barrenean, eta sarrailan txertaturiko errubia zabaldu egiten zela iruditu zitzaidan bat-batean, biribil eta gorria, gero eta gehiago zabaltzen zela nire eskuan, urrea estali arte. Esku-barrenean odolezko gorriune biribil eta distiragarri bat neukan, objektuaren pisu guztia zuena. Burua astindu eta gorriunea desagertu zen eta berriro ikusi nuen urrezko hauts-kaxa, sarrailan errubia eta guzti. Orduan hauts-kaxa komodin gainean utzi, ohean etzan nintzen, gorputza batan bildurik, argia itzali eta gogoetan hasi nintzen.

        Norbaitek kontatu izan balit hauts-kaxa haren istorioa, pentsatzen nuen, aparteko eta ia ezin sinesteko moduko kasu bat entzuten denean dibertitzen den bezala dibertituko nintzen. «Saltsa ederra!» esanarazten duten istorio horietako bat zen; eta gero, beharbada, nire ama bezalako emakumetxoek handik ateratzen dituzte lotorako zenbakiak: hildakoagatik hainbeste, urreagatik hainbeste, lapurragatik hainbeste. Baina oraingoan kasua niri gertatu zitzaidan; eta harrituta konturatzen nintzen zer nolako aldea dagoen halako gauza batzuen barruan egon ala kanpoan egon. Egia esanda, niri gertatutakoa, hazi bat lurperatu eta ahaztu ondoren, denbora luzea igaro eta gero kimu guztiak irekitzear dituen landare jori eta hostotsu bat aurkitzen duenari gertatzen zaiona bezalako zerbait izan zen. Baina, hori bai hazia, hori bai landarea, horiek bai kimuak! Atzera eta atzera egin, gauza batetik bestera, eta ez nuen hasiera aurkitzen. Neure burua Ginori eman nion nirekin ezkonduko zelakoan, baina berak engainatu ninduen eta nik, nahigabeagatik, hauts-kaxa lapurtu nuen. Gero lapurreta kontatu nion, bera ikaratu, eta nik, lana gal ez zezan, objektua eskuratu nion nagusi andreari itzultzeko. Baina berak ez zuen itzuli, gorde egin zuen eta, lapurtzeagatik salatuko ote zuten beldurrez, neskamea bidali zuen espetxera, eta neskamea errugabea zen, eta espetxean egurra ematen zioten. Bitartean, Ginok Sonzognori eman zion hauts-kaxa saltzeko, eta Sonzogno urreginagana joan zen saltzera, eta beronek iraindu egin zuen Sonzogno, eta Sonzognok, suminaren suminez, hil egin zuen, eta horrela urregina hil zen, eta Sonzogno hiltzaile bat zen. Ondo nekien azken errua ezin niola neure buruari egotzi; bestela, pentsatu beharko nuen ezkondu eta familia edukitzeko nire gogoa izan zela hainbeste atsekaberen lehen motiboa; baina, hala ere, ezin nuen damuz eta aztoratuta sentitu gabe geratu. Azkenik, pentsatu eta pentsatu, burura etorri zitzaidan, azken finean, amarentzat harrotzeko motibo ziren hanka haiek, bular haiek, aldaka hark zutela errua; hitz batean, nire edertasunak zuela errua, berez inolako errurik eduki ez arren, naturatik datozen gauza guztiek bezala. Baina amorruagatik eta etsipenagatik pentsatu nuen hori, zentzugabeko gauza bat pentsatzen denean bezala, hamaika aldiz zentzugabekoagoak diren beste batzuk konpontzeko asmoz. Banekien inork ez zuela errua, funtsean; eta behar bezala zela dena; dena jasangaitza bazen ere; eta, errua eta errugabetasuna behar baziren, orduan denak zirela bai errudunak, bai errugabeak.

        Bitartean, ilunpea nire baitan sartzen zen poliki, uholde batean ura etxe bateko azpiko solairutik goikoetara igotzen den bezala. Ilunpean geratu zen lehena nire zentzu ona izan zen. Aldiz, nire irudimenak bukaerara arte gozatu zuen liluraturik Sonzognoren krimena. Baina gaitzespen eta ikara guztietatik urrunduz, hilketa hura ekintza ulertezina, eta horregatik, bere erara, harrigarriro atsegingarria balitz bezala. Iruditzen zitzaidan ikusten nuela Sonzogno Palestro kalean ibiltzen, eskuak zirako patriketan sarturik, gero etxean sartzen, zutik urreginaren egongelan zain. Urregina hara sartzen eta Sonzognori eskua luzatzen ikusten nuela iruditzen zitzaidan. Bere idazmahai atzean zegoen, Sonzognok hauts-kaxa luzatzen zion, hark aztertu eta faltsukeriaz burua astintzen zuen erdeinu gisa. Gero, erbi aurpegia altxatu eta kopuru barregarri bat esaten zuen. Sonzognok tinko-tinko begiratzen zion, begiak ordurako suminez beterik zituela, eta indarka kentzen zion objektua eskuen artetik. Gero engainatu nahi zuela leporatzen zion. Besteak salatuko zuela esaten zion mehatxuz, hanka egiteko agintzen zion. Ondoren, eztabaidan jarraitu nahi ez duenaren antzera, bueltatu edo makurtu egiten zen. Sonzognok eskuan hartzen zuen brontzezko paper-gainekoa eta lehen aldiz jotzen zion buruan. Bestea ihes egiten saiatu, eta orduan Sonzognok gainera etorri eta beste kolpe batzuk ematen zizkion, hil zuela seguru egon arte. Gero Sonzognok lurrera bultzatu, tiraderak ireki, dirua eskuratu eta ihes egiten zuen. Baina irten aurretik, egunkarietan irakurri nuen bezala, suminak berriz harturik, zapataren takoiaz aurpegian jotzen zion lurrean zetzan hildakoari.

        Liluraturik nengoen eta hilketaren xehetasun guztietan geratzen nintzen. Sonzognori jarraitzen nion, haren mugimenduak laztanduz ia, bere eskua nintzen, hauts-kaxa luzatzean, paper-gainekoari heltzean, urreginari jotzean; azkenik hildakoari aurpegia apurtzen zion bere oin sumindua nintzen. Burutapen horietan ez zegoen, esan bezala, inolako ikararik edo gaitzespenik, baina onespenik ere ez. Gehienez ere, txikitan amaren ipuinak entzutean sentitzen den gozotasun berezi berbera sentitzen nuen: bero-bero gaude, amaren ondo-ondoan, eta gure irudimena zoraturik ibiltzen da ipuinetako heroien abenturen atzetik. Nire ipuin hau, ordea, iluna eta odoltsua zen, heroia Sonzogno zen, eta nire gozotasuna tristura ahalgabe eta txundituarekin nahasten zen. Ipuinaren ezkutuko esanahiaz jabetzean, ia berriro hasten nintzen, krimenaren pausuak ibiltzen nituen berriro, plazer ilun hura dastatzen nuen berriro, eta berriro aurkitzen nintzen misterioaren aurrean. Behin eta berriz gogoetatu behar horretan, amildegi bateko alde batetik bestera salto egitean, jauzia ondo neurtu ez eta hutsunera erortzen den norbaiten antzera, ekintza baten eta bestearen artean lo geratu nintzen.

        Beharbada ordu pare batez lo egin, eta gero esnatu nintzen. Edo hobe esanda, gorputzez esnatzen hasi nintzen, nire buruak, harriduraren menpe edo, lo jarraitzen zuelako. Eskuekin hasi nintzen esnatzen, itsu baten antzera luzatzen bainituen ilunpean, non aurkitzen nintzen asmatu ezinik. Nire ohean etzanda geratu nintzen lo; orain, aldiz, tente eta zutik nengoen, oso leku estuan, parera leun, hermetiko eta bertikalen artean. Kartzelako ziega baten burutazioa etorri zitzaidan segituan; eta, horrekin batera, Ginok faltsukeriaz barrura sarrarazi zuen neskamearen oroitzapena. Neu nintzen neskamea, eta neure ariman sentitzen nuen jasaten ari nintzen bidegabekeriaren oinazea. Oinaze horretatik zetorkidan ni neu ez, baizik eta neskamea izateko sentsazio fisikoa; eta oinaze horrek eraldatzen eta bere gorputzean ixten ninduela, bere aurpegia ezarri eta bere mugimenduak egitera behartzen ninduela sentitzen nuen. Eskuak aurpegira eraman eta negar egiten nuen, eta pentsatzen bidegabeki giltzapeturik nengoela kartzelako ziega batean eta ezin nuela inola ere irten handik. Baina aldi berean inolako bidegabekeriarik jasan ez zuen Adriana hura nintzela sentitzen nuen, kartzelara sartu ez zuten Adriana hura, eta ondo nekien keinu bat egitea aski izango zitzaidala askatu eta berriz ere neskame hura ez izateko. Baina keinu hori zein ote zen, ezin nuen igarri; erruki eta larritasunezko nire kartzela horretatik irteteko irrikagatik, ezin esan daitekeen moduan sufritzen nuen arren. Gero, bat-batean, indarrez kolpe bat jasotzen duenean begia itsutzen duen nahigabez eta ilunpez eginiko argi berberaz inguraturik, Astaritaren izenak diz-diz egin zuen nire gogoan. «Astaritarengana joan eta askatzea lortuko dut», pentsatu nuen; eskuak berriro luzatu eta berehala konturatu nintzen ziegako paretan goitik beherako zirrikitu bat ireki eta irten nintekeela kanpora. Pausuren bat eman nuen ilunpean, atzamarren azpian argiaren giltza aurkitu eta presa zoro batez eragin nion. Gela argitu egin zen. Ate ondoan nengoen, arnasestuka, biluzik, gorputza eta aurpegia izerdi hotz ugariz bustirik. Nire ziega iruditu zitzaidana, armairuaren, gelako zokoaren eta komodinaren arteko lekua baino ez zen izan: leku estu bat, paretek eta bi altzariek ia erabat ixten zutena. Ametsaren erdian ohetik jaiki, ibili, eta barru hartan sartu nintzen.

        Argia berriz itzali eta ohera itzuli nintzen, pausuak neurtuz. Berriro lokartu aurretik, urregina inola ere berpizterik ez nuela pentsatu nuen; baina neskamea salba nezakeen, edo salbatzeko ahaleginak egin behintzat; eta horixe zen axola zuen gauza bakarra. Are gehiago, orduantxe egin behar nuen, uste nuen bezain ona ez nintzela konturatu ondoren. Edo, behintzat, odola ez gustatu, indarkeria ez miretsi eta krimenaz atseginik ez hartzeko bezain ona ez nintzela.

 

 

 

© Alberto Moravia

© itzulpenarena: Koldo Biguri

 

 

"Alberto Moravia / Erromako emakumea" orrialde nagusia