BIGARREN ATALA

 

        Biharamunean, uste ez nuelarik, makal, malenkoniatsua eta gogorik gabe aurkitu nuen neure burua, hilabeteko gaixoaldia igaro banu bezala. Izatez alaia naiz, eta niregan alaitasuna, gorputzaren osasunetik eta sendotasunetik etorririk, edozein trantze txar baino indartsuagoa izan da beti, hainbesteraino izan ere non batzuetan neure buruarekin haserretu bainaiz, gogoz kontra pozik sentitzean, zertzeladek onartu ezin zutenean ere. Esaterako, egunero, altxatu bezain azkar, oso gutxitan gertatzen zen kantatzeko edo amari xelebrekeriaren bat esateko gogorik ez edukitzea. Baina goiz hartan nahigabeko bozkario horrek ere huts egin zidan erabat: minbera sentitzen nintzen, opako, egunak eskaintzen zidan hamabi ordutako bizitzarekiko ohiko gose biziaz gabetuta. Amari, nire ez-ohiko aldarte horretaz berehala konturatu baitzen, gaizki lo egin nuela esan nion.

        Egia zen; hori bai, Giacomoren ukoak nire ariman ernatu zituen kezka sakonaren ondorio ugarietako bat ematen nuen eragingarritzat. Lehenago esan dudan bezala, aspalditik ez zitzaidan axola nintzen hura izatea: neure buruaren aurrez aurre jarririk, ez nuen hura ez izateko arrazoirik aurkitzen. Baina maitatzea eta maitatua izatea espero izan nuen; eta Giacomoren ezetza, berak eman zizkidan arrazoi korapilatsuak eta guzti, funtsean nire ogibideari leporatu beharrekoa zela iruditzen zitzaidan; arrazoi horrexegatik, ogibide hori gorrotagarri eta onartezina iruditu zitzaidan bat-batean

        Amodio propioa piztia ikusgarri bat da, kolperik gogorrenen azpian ere lo egin dezakeena; eta gero, ordea, atzaparkada huts bategatik hil zorian esnatzen da. Oroitzapen batek batez ere ziztatzen ninduen, eta mingostasunez eta lotsaz betetzen: aurreko gauean nire berokia kakoan eskegi bitartean esan nuen esaldi batenak, alegia. — Zer iruditzen zaizu logela hau? —galdetu nion—. Erosoa da, ez da egia?

        Gogoan nuen ez zuela erantzun, baina bai ingurura begiratu, gustatu ez zitzaidan imintzio bat eginez. Atsekabezko imintzioa zela ulertzen nuen orain. Segur aski pentsatu zuen: — Kaleko emakume baten gela—. Horretaz gogoratzean, esaldi hura hain atsegin armagabeaz esan izanak batez ere ematen zidan erresumina. Izan ere, pentsatu beharko nukeen bera bezalako pertsona bati, hain gizabidetsua eta hain sentibera izanik, gela hura kobazulo zikin bat zela irudituko zitzaiola, bi aldetatik itsusia, egia esanda apal samarrak ziren altzariengatik, eta haiek erabiltzen nituen moduagatik.

        Zoritxarreko esaldi hura inoiz esan ez banu hobe; baina ordurako esana zegoen, eta zereginik ez. Esaldi hura inondik ere ezin atera nintekeen kartzela bat iruditzen zitzaidan. Are gehiago, esaldi hura ni neu nintzen, ezin aldatuzkoa ordurako, nahita egin nintzen bezala. Ahaztea edo sekulan esan ez nuelako ameskeria edukitzea, neure burua ahaztu edo existitzen ez nintzelako ameskeria edukitzea bezala zatekeen.

        Gogoeta hauek nire zainetako odolik onenean bere bidea egiten zuen pozoi motel baten antzera kutsatzen ninduten. Normalean, goizez, zereginik ezean jarraitzeko ahaleginak egin arren, halako batean izarek nazkatu eta nire gorputza, bere kasako borondate batez mugiturik bezala, askatu egiten zen, ohetik salto eginez. Baina egun hartan kontrakoa gertatu zen: goiz osoa pasa zen, jateko ordua iritsi eta ni, neure burua akuilatu arren altxatzeko, mugitu gabe nengoen. Erabat loturik, geldirik, ezinduta, trakets sentitzen nintzen; eta aldi berean guztiz minberatuta, gelditasun hori ahalegin handi eta etsitua kostatu balitzait bezala. Batzuetan golko zingiratsu batean lehorrera loturik eta sabela ur beltz eta kiratsuz beterik duen txalupa usteldu bat nintzela iruditzen zitzaidan, hartara inor sartzen baldin bada, ohol ustelak segituan hautsi eta txalupa hura, aspaldi-aspalditik han egona, hondora joaten baita berehala. Ez dakit noiz arte egon nintzen horrela, manta azpian nola edo hala estalirik, hutsunera begira, izara sudur azpiraino neukala. Eguerdiko kanpai hotsak entzun nituen, gero ordu batak jo zuen, gero ordu biak, hirurak, laurak. Atea giltzaz itxi nuen; noizean behin ate joka zetorren ama. Laster jaikiko nintzela eta lasai uzteko erantzuten nion nik.

        Argia moteltzen hasi zenean, adorea bilatu eta giza gainekoa iruditu zitzaidan ahalegin bat eginik, mantak alde batera apartatu eta jaiki egin nintzen ohetik.

        Gorputz atalak inertziaz eta nahigabeaz puztuta sentitzen nituen; eta garbitu eta jantzi nintzen, gelako alde batetik bestera tarrastaka, ibiliz baino areago. Ez nuen ezer pentsatzen, bakarrik nekien, baina ez buruaz, nire gorputz osoaz baizik, egun hartan behin tzar ez nuela ohi bezala maitale zain egon nahi. Jantzita nengoelarik, amarengana joan eta gau hartan elkarrekin egongo ginela esan nion. Hirian ibiliko ginen kalerik kale, eta gero zerbait hartuko genuela kafetegi batean.

        Amaren pozak, era horretako gonbiteak jasotzeko ohiturarik ez zuenez gero, haserre jarri ninduen, neuk ere ez nekielarik zergatik; eta berriro ere inolako atseginik sentitu gabe ikusi nuen nola bere masailak bigun eta gizen zeuden, bere begiak txiki eta argi faltsu eta nolabaiteko batez beterik. Baina bere poza suntsi zezakeen esaldi zantarren bat esateko tentaldiari aurre egin eta bera jantzi zain geratu nintzen, mahai aurrean eserita, egongela erdi ilunean. Gortinarik gabeko leihoetako kristaletan barrena, faroleko argi zuria josteko makina argitu eta pareta bateraino luzatzen zen. Begiak mahairantz jaitsi eta, ilunpe hartan, erdizka ikusi nituen, lerroz lerro jarririk, arratsaldeetako asperraldi luzeak arintzeko amak egiten zituen bakar-jokuetako kartetako irudi biziak. Kolpetik, sentsazio bitxi bat izan nuen orduan: ama ni neu nintzela iruditu zitzaidan, ama hezur eta haragitan, bere alaba Adrianak, han bere gelan, aldi bateko bere maitalearekikoak noiz amaituko zituen zain zegoena. Segur aski, bere aulkian, bere mahai aurrean eta bere karten aurrean eseri nintzelako sentitzen nuen hori. Batzuetan, horrelako burutazioak eragiten dituzte lekuek; eta batek baino gehiagok uste izaten du, kartzela bat bisitatuz esaterako, behinola han higatu zen presoaren hotz berbera, etsipen berbera eta bakardade-sentsazio berbera sentitzen dituela. Baina egongela ez zen kartzela bat, eta amak ez zuen hain neke gogor eta imajinagarririk pairatzen. Bizi besterik ez zuen egiten, beti bizi izan zen bezala, gainera. Nolanahi ere, beharbada lehentxeago berarekin halako suminaldi bat izan nuelako nire barruan, bere bizitza horren zentzua aski izan zen nik nolabait haragi berri bat hartzeko. Jende onak, gaitzestekoak diren zenbait ekintza zuritzearren, «Jar zaitez nire lekuan» esaten du. Bada, une hartan, amaren lekuan jarri nintzen; ama ni neu nintzela bururatzeraino.

        Banintzen, bai, baina jakinaren gainean, eta hori ez zitzaion berari gertatzen, noski; bestela, nolabait, errebelatu egingo zen. Ustekabean, zimelduta sentitu nintzen, zimurtuta, agortuta; eta zahartzaroa zer den ulertu nuen, pertsona bat aldarazi ez ezik, ahul eta ezertarako gauza ez dela bihurtzen duelako. Nolakoa zen ama? Biluzten zen bitartean ikusia nuen inoiz, eta inolako gogoetarik egin gabe ikusi nizkion bere bular mehartu, zimel eta beltzaranak, bere sabel hori eta guria. Orain, esnea eman zidaten bular haiek, mundura ekarri ninduen sabel hura neure baitan sentitzen nituen, ukitzeko moduan, eta amari bere gorputz aldatua ikusteak eragiten bide zion atsekabe eta nahigabe ezindu berbera sentitzen nuela iruditzen zitzaidan. Edertasunak eta gaztetasunak eramangarri eta alai ere bihurtzen dute bizitza. Baina, eta joan direnean? Beldur-ikara batek astindu ninduen eta, nolabaiteko amesgaizto hartatik une batez esnatuta, benetan Adriana eder eta gaztea nintzelako poztu nintzen; eta ez nuelako amarekin ezer erdibanatzen, bera ez baitzen, ez orduan eta ez beste inoiz, ez gazte eta ez eder.

        Aldi berean, poliki-poliki, berriz mugitzen hasten den mekanismo trabatu baten antzera ari zitzaizkidan irakiten buruan amari, ni iritsi zain egongelan egoten zenean, etorriko zitzaizkion pentsamenduak. Ez da zaila, noski, ama bezalako batek era horretako egoera batean zer pentsa dezakeen imajinatzea; hori bai, burutazio horiek, gehienen baitan, gaitzespenaren eta mespretxuaren ume izaten dira ezinbestez; eta, egia esanda, imajinatu baino areago, halako mamu bat osatzen dute, hari beren etsaitasuna jaurtitzeko. Baina nik, ama maite izanik eta bere lekuan maitasunagatik jarririk, banekien une haietako bere pentsamenduak ez zirela ez interesatuak, ez beldurrak edo lotsak eragindakoak, eta ez zutela zerikusirik ni nintzenarekin edo egiten nuenarekin. Alderantziz, banekien bere pentsamenduak unean unekoak eta esanahirik gabekoak zirela, bera bezalako pertsona bati, zaharra, pobrea eta ezjakina izanik eta bizitza guztian gauza berbera bi egunez segituan uste izan edo pentsatu ezin izan baitzuen halabeharrak berehala gezurtatu gabe, bururatu behar zitzaizkionak bezalakoxeak, hain zuzen ere. Pentsamendu handiek eta sentimendu handiek iraupena eta babesa behar dute, baita triste eta ilunak badira ere, sendotu eta sustraiak ateratzeko denbora luzea behar duten landare ahulak baitira. Baina amak eguneroko gogoeta, sumin eta kezken belar galkorrak baino ezin izan zituen landatu bere buru-bihotzetan. Hartara, diru truke sal nezakeen neure burua nire gelan, eta halaxe egin ere egiten nuen; baina amak, bere egongelan, bere bakar-jokuaren aurrean, buruan ohiko tontakeriak iraultzen segitzen zuen, zuzena baldin bada era horretara deitzea hainbat urtez, haurtzarotik egun hartara arte, bere bizigai izan ziren gauza haiei: hau da, janariaren prezioa, auzokoei buruzko esamesak, etxeko lanak, ajeen beldurra, eginbeharrak eta antzeko huskeriak. Gehienez ere, beharbada, alboko elizako kanpaiek jotzen zutenean belarria luzatu eta honela pentsatzen zuen, garrantzirik eman gabe: «Oraingo honetan ohiz baino denbora luzeago ematen ari da Adriana». Edota, atea ireki eta ezkaratzean hizketan nagoela entzutean: «Adrianak amaitu du». Zer gehiago? Orain, burutazio horiek nituela, ama nintzen osorik, arima eta gorputzez; eta hain modu biluzi eta egiazkoan nekielako horixe nintzela, iruditzen zitzaidan berriz maite nuela eta lehen baino maiteago gainera.

        Ateak zabaltzean egin zuen zaratak esnatu ninduen loaldi moduko hartatik. Amak lanpara piztu eta galde egin zidan: — Zer egiten dun ilunpean?—, eta ni, itsuturik, zutitu eta begiratu nion. Soineko berri-berriak jantzita zegoen, lehen begiradatik konturatu nintzen. Sonbreirurik ez zeraman, inoiz ez zuelako horrelakorik jantzi, baina taxuera landua zuen soineko beltz bat zeukan jantzirik. Besoan larru beltzezko poltsa handi bat zeukan, metal horizko kremailerarekikoa, lepo inguruan, aldiz, katanarru bat. Bere ile grisak busti eta arduraz orraztu zituen, indarrez luzatuz eta horkila ugariz jositako motots txiki batean bilduz buruaren gainean. Kolore arrosa apur bat eman ere egin zuen masailetan, garai batean argal eta erreak eta oran loratuak baitzituen. Irribarre egiteko gogoa etorri zitzaidan, ia gogoz kontra, hain txukun eta dotore ikusirik. — Goazen —esan nion nire ohiko maitasunaz, mugitzen hasiz.

        Banekien amari poliki paseatzea gustatzen zitzaiola, zirkulaziorik handieneko orduetan, hiriko dendarik onenak aurkitzen diren kale nagusietan. Hortaz, tranbia bat hartu eta Nazionale kalearen hasieran jaitsi ginen. Neskatila nintzenean, kale hartara eramaten ninduen amak paseatzera. Piazza dell'Esedran hasten zen, eskuineko espaloian eta, poliki, pausoz pauso, dendetako eskaparateak banan bana arretaz aztertuz, Piazza Veneziaraino iristen zen. Han, pareko espaloira igaro eta, dendetako salgaiak kontu handiz aztertuz beti, eta ni eskutik arrastaka eramanez, Piazza dell'Esedrara itzultzen zen. Orduan, ezertxo ere erosi gabe, eta kaleko kafetegi ugarietako batean oina sartzera arriskatu gabe, etxera eramaten ninduen berriro, nekatuta eta logale. Gogoan dut ez zitzaizkidala gustatzen ibilaldi haiek, amak ez bezala, berak grinaz eta xehetasun handiz begiratzearekin lasaitzen zela baitzirudien, nik barrura sartu, erosi eta etxera eraman nahi izango nukeelako hainbeste argiz, kristal garbituen atzean eskaintzen ziren gauza berri eder horietakoren bat. Baina azkar asko ulertu nuen pobreak ginela eta ez nituen inola ere aditzera ematen nire sentimendu haiek. Behin bakarrik, ez naiz gogoratzen zergatik, izan nuen, esaten den bezala, gutizia bat. Eta jendez gainezka zegoen kale hartako zati handi samarra ibili genuen, amak beso batetik tira egiten zidala eta nik indar guztiekin gogor egiten niola, oihuka eta negarrez. Harik eta amak, pazientzia galdurik, irrikaz nahi nuen objektuaren ordez, belarrondoko pare bat eman zidan arte; eta ez edukitzearen mina ahaztu nuen, zaplaztekoek eginiko min berriago hargatik.

        Eta horrela, hor non nagoen berriro ere espaloi ertzean, Piazza Esedrara bidean, amarekin besotik helduta, urte guztiak alferrik igaro balira bezala. Horra hor espaloietako harlauzak, haien gainetik zapata txikiz, zapata handiz, botatxoz, takoidun eta takoirik gabeko zapataz, bota eta espartinez jantzitako oinak dabiltzalarik inurrien antzera, begiratuz gero, burua jira-biraka jarriz; horra hor kaleko jendea, orain gora eta gero behera, binaka, edota emakume, gizon eta ume taldeka, edo bakarka, zein mantso doala, zein bizkor, berdinak denak, beharbada desberdinak izan nahi luketelako hain zuzen, jantzi berberak, ile berberak, aurpegi berberak, begi berberak, aho berberak dauzkatelarik; horra hor larru-dendak, zapata-dendak, paper-dendak, urreginak, erloju-saltzaileak, liburu-saltzaileak, lore-saltzaileak, oihal-dendak, jostailu-dendak, etxerako tresnak saltzen dituzten dendak, moda-dendak, galtzerdi-dendak, eskularru-dendak, kafetegiak, zinemak, bankuak; horra hor etxaldeetako leiho argituak, eta jendea gora eta behera geletan edo mahai aurrean lanean; horra hor argizko errotuluak, beti berdinak; horra hor, kale kantoietan, egunkari-saltzaileak, gaztaina erre saltzaileak, Armeniako papera eta guardasoletarako gomazko eraztunak eskaintzen dituzten langabeak; horra hor eskaleak, itsua kale hasieran, burua hormaren kontra lerratua duela, antiojo beltzak eta esku batean sonbreirua, beherago emakume ia zahar bat, haur txiki bat duela bular zimelean, eta beherago burutik jota dagoen bat, eskuaren lekuan beso moztu hori eta argitsu bat duela, belaun baten antzekoa. Kale hartan, gauza ezagun haien artean nengoela, gelditasun sentsazio goibel bat izan nuen, hotzikara sakon batez astindu eta, une batez, biluzik nengoela pentsarazi zidana, arropen eta nire azalaren artean izu-arnas izoztu bat ibili balitz bezala. Kafetegi bateko irratiak kantuz ari zen emakume baten ahots sutsu eta ozena entzuten uzten zuen. Etiopiako gerrako urtea zen eta emakumea «Faccetta nera» ari zen kantatzen.

        Ama, jakina, ez zen konturatzen nire sentimendu hauetaz; neuk ere, bestalde, ez nituen nabarmentzen uzten. Lehenago esan dudan bezala, itxura on, gozo eta patxadatsua daukat, eta besteek nekez igartzen dituzte burutik pasatzen zaizkidan gauzak. Baina halako batean hunkiturik sentitu nintzen, nahi gabe (emakumearen ahotsak kantu sentimental bati ekin zion), ezpainak dardarka hasi zitzaizkidan eta honela esan nion aman: — Gogoratzen al zara nola kale honetan gora eta behera eramaten ninduzun dendak ikustera?

        — Bai —erantzun zuen—, baina orduan dena merkeago zegonan..., poltsa hura esaterako..., orduan hogeita hamar liratan eramango huen etxera.

        Poltsa-dendatik urregin baten dendara igaro ginen. Amak joiak begiratzen geratu eta liluraturik esan zuen: — Begira eraztun hori..., auskalo zenbat balioko duen...; eta eskumuturreko hura, urre hutsezkoa...; ni eraztun eta eskumuturrekin ez naun zoratzen..., baina lepokoekin bai...; koralezko lepoko bat baneukanan..., baina gero saldu behar izan ninan.

        — Noiz?

        — Bu!, duela urte piloa.

        Ez dakit zergatik, zer bururatuko eta, nire ogibidearen irabaziak eta guzti, ordura arte ezin izan nuela eraztuntxorik kaskarrena ere erosi. Eta amari esan nion: — Badakizu?..., erabaki dut hemendik aurrera ez dudala inor eramango etxera..., amaitu da.

        Amarekin nengoela nire ogibidearen konturen bat argi eta garbi aipatzen nuen lehen aldia zen. Berak orduantxe ulertzen jakin ez nuen imintzio bat egin zuen, eta gero esan: — Hainbat aldiz esan dinat..., egin ezan nahi dunana...; hi pozik baldin bahago, ni ere pozik nagon.

        Baina ez zirudien pozik. Jarraitu egin nuen: — Lehenagoko bizimodua egiten hasi beharko dugu berriz..., alkandorak mozten eta josten hasi beharko duzu atzera ere.

        — Urte luzetan egin dinat hori —esan zuen.

        — Ez dugu izango orain adina dirurik —ekin nion berriro, apur bat anker—, azkenerako ondo ohituta geunden..., nik, ordea, ez dakit zer egingo dudan.

        — Zer egingo dun? —galdetu zuen amak itxaropentsu.

        — Ez dakit —nik erantzun—, modeloarena egingo dut berriz..., edo lanean lagunduko dizut.

        — Lagundu niri? —esan zuen ahots etsituaz.

        — Edo —jarraitu nuen—, neskametzan hasiko naiz..., zer egingo dut bestela?

        Amak aurpegiera triste eta mingostuta zeukan orduan, azken garaietako gizentasuna bat-batean erortzen zitzaiola sentitu izan balu bezala, zuhaitzetako hosto zimelak udazkeneko lehen hotzekin erortzen diren moduan. — Nahi dunana egiteko esaten dinat —esan zuen uste osoz, hala ere—, hi pozik egotea, horixe dun axola duena.

        Bere baitan borrokan kontrako bi sentimendu zeudela konturatu nintzen: niganako maitasuna eta bizimodu erosoarekiko atxikimendua. Pena eman zidan, eta nahiago izango nuen bi sentimendu horietako bat etsi-etsian sakrifikatzeko indarra eduki balu: edo dena maitasuna, edo dena irabazia. Baina hori gutxitan gertatzen da, eta bizitza osoa ematen dugu gure alde onen emaitzak gure alde txarrenekin deuseztatzen. — Lehenago ez nengoen pozik... —esan nuen—, eta orain ere ez naiz pozik egongo...; hori bai, honela ezin dut aurrera jarraitu.

        Hitz horien ondoren ez genuen beste ezer esan. Amak aurpegiera erabat gris eta kolorerik gabekoa zeukan, bazirudien orduan berriro marrazten ari zela, arestiko mardultasunaren azpian, aspaldiko argaltasun zurruna. Lehentxeagoko arreta berberaz, lehen bezain luzaro begiratzen zituen eskaparateak; baina inolako poztasunik, ez eta inolako jakin-minik gabe, mekanikoki eta beste zerbaitez pentsatuz bezala. Beharbada ez zuen ezer ikusten, begiratu arren; edo hobe esanda, ez zituen ikusten dendetan ikusgai jarritako salgaiak, eta bai, ordea, josteko makina, oinpeko nekaezina, ero baten moduan gora eta behera dabilen orratza eta guzti, erdi jositako alkandora nahaspilak lan-mahaiaren gainean, hirian zehar bezeroei eramateko gertu dagoen arropa biltzeko oihal beltza. Nik, ordea, ez neukan horrelako mamurik nire begien eta eskaparateen artean. Nik ondo baino hobeto ikusten nuen, eta buru argiz pentsatzen. Objektu guztiak antzematen nituen kristalen atzean, banan-banan, prezio-txartelekin, eta neure artean esaten nuen bazitekeela nire ogibidean jarraitu nahi ez izatea, eta ez nuen nahi, hain zuzen ere; baina, egia esanda, ezin nezakeela besterik egin. Ikusgai zeuden objektuetatik zati handi bat eros nezakeen orain, halako muga batzuen barruan, baina modelo lanera edo antzeko beste edozein lanetara itzultzen nintzen egunean betirako agur esan beharko nien, eta berriro hasiko zen ama eta biontzat betiko bizimodu zeken eta deserosoa, ukatutako gutiziaz, alferreko sakrifizioz eta fruiturik gabeko aurrezkiz betea. Joia bat edukitzera ere irits nintekeen orain, nork erregalatu aurkituz gero. Baina bizimodu zaharrera itzuliz gero, joiak zeruko izarrak bezain eskuragaitz bihurtuko zitzaizkidan. Nahigabe handiak jo ninduen aspaldiko bizitzagatik, ergelki latz eta etsigarria azaltzen baitzitzaidan begien aurrean, eta, horrekin batera, dena zentzugabekeria bat zelako sentimendu bizia eduki nuen, bizimoduz aldatzera bultzatzen ninduten motiboez pentsatzean. Ikasle batekin kasketa hartu eta berak ez zuelako nirekin ezer jakin nahi izan. Erdeinatzen ninduela sartu zitzaidalako buruan. Hitz batean, ez nukeelako izan nahi nintzen hura. Harrokeria baino ez zela esan nuen nirekiko, eta harrokeria hutsagatik ezin nuela neure burua eta, batez ere, ama, aspaldiko egoera miserablera itzul arazi. Eskutik hortzera, Giacomoren bizitza ikusi nuen, une batez nirera hurbiltzen eta harekin nahasten, baina gero beste bide batetik sartzen, eta neurea, aldiz, ordurako hartua zuen bide beretik. «Maite izango nauen eta nirekin ezkonduko den norbait aurkituz gero, orduan bai, pobrea bada ere —pentsatu nuen—, baina burukeria bategatik ez du merezi». Hori pentsatzean, askapenez eta eztitasunez eginiko lasaitasun batek bete zidan arima. Gero, sarritan, bizitzak nonbait ezartzen didan patuari uko egin ez ezik, haren bila joan ere egin naizen bakoitzean izan dudan sentimendu bat zen. Nintzena nintzen, eta nintzena izan behar nuen, ez besterik. Emazte ona izan nintekeen, bitxia eman dezakeen arren, edota bere burua diru truke saltzen duen emakumea; baina ez pobre arlote bat, bere harrokeria asetzea beste helbururik gabe senperrenak egiten eta bizitza erretzen duena. Azkenerako neure buruarekin bakeak eginik, irribarre egin nuen.

        Emakumeentzako arropa, artileak eta zetak saltzen zituen denda baten aurrean geunden; — Begira ze zapi polita... —esan zuen amak—, horrelakoxe zapi bat nahi niken niretzat.

        Lasai eta nire onera itzulirik, begiak altxatu eta amak adierazten zidan zapia begiratu nuen. Zapi ederra zen, izan ere; zuri-beltza, txoriak eta adarrak zeuzkan marraztuta. Dendako atea zabalik zegoen, eta mostradorea ikus zitekeen eta mostradorearen gainean konpartimentudun tiradera bat, antzeko zapi mordoa zeuzkana, denak zimur-zimur eginda eta nahaspilatuta. — Gustatzen al zaizu zapi hori? —esan nion amari.

        — Bai, zergatik?

        — Orain edukiko duzu..., baina lehenago utzidazu zure poltsa eta hartu nirea.

        Berak ez zuen ulertzen eta aho zabalik begiratu zidan. Hitzik esan gabe, larru beltzezko bere poltsa handia hartu eta nirea, askoz txikiagoa, jarri nion eskuen artean. Bere poltsako kremailera ireki eta hatzekin eutsiz, dendan sartu nintzen, poliki, erosi nahi duenaren pausajearekin. Ama, artean ulertu ez, baina galde egitera ausartzen ez zelarik, atzetik etorri zitzaidan.

        — Zapiren bat ikusi nahi genuen —esan nion saltzaileari, konpartimentudun tiraderara hurbilduz.

        — Hauek zetazkoak dira..., hauek kaxemirazkoak..., hauek artilezkoak..., hauek kotoizkoak —hasi zen saltzailea, zapiak begien azpian zabalduz.

        Ni mostradore ondo-ondoan jarri nintzen, poltsa sabelaren parean nuela, eta, esku bakarrarekin, zapiak aztertzen hasi nintzen, zabalduz eta argitara atereaz, marrazkia eta koloreak hobeto antzematearren. Horrelako dozena bat zapi zuri-beltz behintzat bazeuden, denak berdinak. Haietako bat kaxaren ertzean erortzen utzi nuen, mutur bat mostradoretik zintzilik geratzeko moduan. Gero honela esan nion saltzaileari: — Egia esanda, zerbait biziagoa nahi nuen...

        — Badago artikulu finagorik —esan zuen saltzaileak—, baina gehiago balio du.

        — Erakutsi, mesedez.

        Saltzailea bueltatu egin zen, apalategitik kaxa bat jaisteko. Ni gertu nengoen eta, mostradoretik zertxobait apartatuz, moltsoa ireki nuen. Zapia muturretik hartzea eta sabela mostradorearen kontra berriz jartzea, amen bateko kontua izan zen.

        Bien bitartean, saltzaileak aterata zuen kaxa apalategitik. Mostradorean utzi eta beste zapi batzuk erakutsi zizkidan, handiagoak eta ederragoak. Luzaro aztertu nituen, patxadaz, kolore eta marrazkiei buruz oharrak eginez, eta goraipatzeko hitzak esanda amari erakutsiz; berak, dena ikusi, eta bizirik baino areago hilik zegoela zirudielarik, buruaz keinu eginez erantzun zuen. — Zenbat balio dute? —galdetu nuen azkenik.

        Saltzaileak prezioa esan zuen. — Arrazoia zenuen —erantzun nuen, pena ahotsa jarriz—, garestiegiak dira, niretzat bai behintzat..., eskerrik asko, hala ere.

        Dendatik irten ginen, eta urruti gabe zegoen eliza batera abiatu nintzen azkar, saltzailea lapurretaz ohartu eta jende artean korrika atzetik etorriko zitzaigun beldurrez nengoelako. Amak, nire besotik helduta, ingurura begiratzen zuen nahastuta eta mesfidantza itxuraz, norbait, mozkortuta egonda, mozkortuta daudenak, bera ez, baizik eta bere inguruan balantzaka eta elkar nahasten ikusten dituen gauzak ez ote diren oso seguru ez dagoenean bezala. Irribarre egiteko gogoa etorri zitzaidan bere nahasmendu horrengatik. Ez nekien zergatik lapurtu ote nuen zapi hura; bestalde, gauza horrek ez zeukan inolako garrantzirik, Ginoren nagusi andrearen etxean hauts-kaxa lapurtua nuelako ordurako, eta era horretako kontuetan lehen pausua da axola duena. Baina lehen aldiko atsegin sentsual hura sentitu nuen berriro; eta lapurtzen duen hainbeste jende zergatik dagoen ulertzen nuela iruditu zitzaidan orduan. Pausu gutxitan sartu ginen elizan, kale hartako zeharkale batetik. — Sartuko al gara elizan une batez? —esan nion amari.

        Eta berak, ahots apalez: — Nahi badun.

        Elizan sartu ginen; txikia eta zuria zen, biribila taxueraz, eta dantza-areto bat ematen zuen, zutabeak lurraren inguru guztian kokatuta baitzituen. Erabiliaren erabiliaz distiragarri agertzen ziren eserleku multzo pare bat zegoen, haien gainera halako argitasun zurbil bat erortzen zelarik kupulako leihoetatik. Begiak gorantz altxatu eta kupula hura hegalak zabalduta zeuzkaten aingerutxo irudiz pintaturik zegoela ikusi nuen, eta seguru sentitu nuen aingerutxo hain eder eta indartsu haiek babestuko nindutela eta saltzailea gaua baino lehen ez zela konturatuko lapurretaz. Elizako isiltasunak, intsentsu usainak, itzalak eta barne-bildutasunak ere lasaitu ninduten kaleko nahaspilaren eta argi biziegien ondoren. Presaka sartu nintzen, amari bultza eginez ia, baina segituan lasaitu eta sentitu nuen beldur guztiak itzaltzen zirela. Amak artean eskuetan zeukan nire poltsan bila ibiltzekoa egin zuen. Berea itzuli, eta ahapeka esan nion: — Jantzi ezazu zapi hori.

        Berak poltsa zabaldu eta buruan jarri zuen lapurtutako zapia. Hatzak ur bedeinkatu ontzian busti, eta lehen eserleku lerroan esertzera joan ginen, aldare nagusiaren aurrean. Ni belaunikatu nintzen eta ama eserita geratu zen, eskuak altzoan zituela eta aurpegia zapi handiegiak itzalita. Asaldaturik zegoela ohartzen nintzen; eta ezinbestez aurrez aurre jarri nituen nire patxada eta bere asaldapena. Aldarte gozo eta otzanez sentitzen nintzen, bai eta, erlijioak gaitzesten duen ekintza bat egin nuela jakin arren, barrengo harrik gabe eta erlijiotik askoz hurbilago ere, txartzat emateko moduko ezer egiten ez nuenean edota bizimodua ateratzeko su eta gar lan egiten nuenean baino. Lehentxeago, jendez beteriko kalera begiratzean izan nuen nahasmendu-ikaraz gogoratu, eta alaitu egin nintzen nire barruan argi ikusten zuen Jainko bat bazegoela pentsatzean, eta han ezer gaiztorik ez zuela ikusten, eta ni, bizitze hutsagatik, errugabea nintzela, gizon-emakume guztiak diren bezalaxe izan ere, bestalde. Banekien Jainko hori ez zegoela hor ni epaitu eta kondenatzeko, nire izatea zuritzeko baizik, ona baino ezin izan zitekeena, zuzen-zuzenean Bere mende zegoenez gero. Oharkabeki otoitz egin arren, otoitzaren hitzak esanez, aldarera begira nengoen, zeinen gainean, kandelen sugarren atzean, irudi ilun bat erdi ikusten bainuen koadro batean, Amabirjina iruditu zitzaidana, eta konturatu nintzen Amabirjinaren eta nire arteko kontua ez zela nik honela edo hala jokatu behar ote nuen, baizik eta, askoz gauza sakonagoa, bizitzeko adorez sentitu behar ote nuen ala ez. Eta halako batean, adore hori aldareko kandelen atzeko iruditik zetorrela iruditu zitzaidan, bat-batean nire izate osoa bildu zuen bero baten medioz. Bai, bizitzeko adorea neukan, ezer ulertu ez arren bizitzaz eta zergatik bizi garen jakin gabe.

        Ama han zegoen, burumakur eta aztoraturik, bere zapi berriak moko moduko bat egiten ziolarik sudur gainean; eta nik, bueltatu eta ikustean, bihotzez irribarre egin behar izan nuen, ezinbestez. — Errezatu apur bat..., on egingo dizu—, xuxurlatu nion. Bera izutu, ezbaian geratu, eta gero, gogo txarrez bezala, belaunikatu egin zen, eskuak elkartuz. Banekien ez zuela erlijioan sinetsi nahi, eta zintzoa izateko eta bizitzaren gogortasuna ahaztu erazteko helburua duen halako kontsolamendu bat iruditzen zitzaiola. Hala ere, ezpainak mekanikoki mugitzen zituela ikusi nuen, eta aldarte txar sinesgogorrez beteriko bere aurpegiera hark irribarrez jarri ninduen berriro. Adore eman nahi izango nion, eta esan burutapena aldatua nuela, beldurrik ez izateko, ez zuela iraganean bezala lanean berriz hasi beharrik izango. Halako umetasun bat bazegoen amaren aldarte txarrean, ume bati agindutako gozokia ukatzen zaionean bezala, eta horixe iruditzen zitzaidan nirekiko bere jokamoldearen alderdirik garrantzitsuena. Zeren eta, bestela, nire ogibidea bera eder begira egoteko nahi zuela pentsatuko bainuen; eta hori, funtsean, banekien ez zela egia.

        Errezatzen amaitu zuenean, aitaren egin zuen, baina erdeinuz eta lehor, niri atsegin ematearren egin zuela nabarmentzeko bezala; ni zutik jarri eta irteteko keinua egin nion. Ate ondoan geundela, zapia kendu, arduraz tolestu eta poltsara itzuli zuen. Nazionale kalera irten ginen, eta ni gozotegi batera abiatu nintzen. — Orain bermut bat hartuko dugu —esan nuen. Eta amak berehala erantzun zuen: — Ez, ez..., ez dago horren beharrik—, aldi berean gustura eta kezkaturik zegoela salatzen zuen ahots batez erantzun ere. Bera halakoxea zen, gehiegi gastatuko ez ote nuen beldurrez egoten zen beti, aspaldiko ohitura zen hura. — Eta zer? —esan nuen—. Bermut bat—. Bera isildu eta nire atzetik sartu zen gozotegian.

        Lokal zahar bat zen, mostradorea eta zokaloa kaoba distiragarriz eginak eta gozoki-kaxa ederrez beteriko hainbat bitrina zituena. Zoko batean eseri eta bi bermut eskatu nituen. Ama lotsaturik zegoen zerbitzariarekin, eta, bi bermutak eskatzen nituen bitartean, begi makur, geldirik eta ezinegonean egon zen. Zerbitzariak bi bermutak ekarri zituenean, berak basoa hartu, ezpainak busti, eta berriro utzi zuen mahaian. — Gozoa dun, esan zuen serio, niri begira.

        — Bermuta —esan nuen. Zerbitzariak metal eta kristalezko gozoki-ontzi bat bete pasta ekarri zuen. Ireki eta aman esan nion: — Hartu pasta bat.

        — Ez, ez..., mesedez.

        — Hartzeko, ba!

        — Gosea galduko dinat gero.

        — Pasta bategatik!—. Gozoki-ontzi barruan begiratu nuen, hostopil eta kremazko pasta bat aukeratu eta eman nion, esanez: — Jan ezazu hau..., jateko arina da.

        Berak hartu eta mokadu txikiz jan zuen, damuturik, aldi bakoitzean hozka egin zion lekuan begiratuz pastari. — Gozo-gozoa dun —esan zuen azkenik.

        — Har ezazu beste bat —esan nuen. Oraingoan ez zen arrenka ibili beharrik egon, eta bigarren pasta bat hartu zuen. Bermuta edan ondoren, isilik geratu ginen, gozotegiko bezeroen sartu-irtena ikusten. Argi ikusten nuen ama pozik zegoela zoko hartan eserita egoteaz, bermuta eta pasta pare bat urdailean zuela, jendearen joan-etorriak jakin-mina pizten eta dibertitzen zuela, eta niri esateko ezer ez zuela. Segur aski, antzeko lokal batean zegoen lehen aldia zen, eta esperientziaren berritasunak eragozten zion edozein gogoeta.

        Andre gazte bat sartu zen, neskatila bat eskutik helduta zeramala, larru zuri harroz eginiko lepo batez, soineko labur batez eta hari zurizko galtzerdi eta eskularruz jantzirik. Amak mostradoreko bitrinako pasta bat aukeratu eta eman zion. — Neskatila nintzenean —esan nion amari— ez ninduzun inoiz eramaten gozotegietara.

        — Nola egingo nuen? —berak erantzun.

        — Eta orain, aldiz —amaitu nuen lasai—, neuk ekartzen zaitut zu.

        Une batez isilik geratu, eta gero, burumakur: — Orain aurpegira botako didan hona etorri naizela... —esan zuen—, eta nik ez ninan etorri nahi.

        Esku bat bere eskuan jarri eta esan nion: — Ez dizut ezertxo ere aurpegira botatzen..., pozik eta guzti nago ekarri zaitudalako...; amonak eramaten al zintuen inoiz gozotegietara?

        Berak buruari eragin eta erantzun zuen: — Hamazortzi urte bete arte ez nindunan atera auzotik.

        — Ba, begira —esan nuen—, familia guztietan behar da norbait, egun batean ez bada bestean, halako gauza batzuk egingo dituena..., zuk ez dituzu egin, ezta zure amak ere, ezta segur aski zure amaren amak ere..., eta orduan nik egiten ditut..., ezin da horrela jarraitu betirako.

        Ez zuen ezer esan, eta horrela, beste ordu laurden batez geratu ginen jendeari begira. Gero poltsa ireki, zigarro-kaxa atera eta zigarro bat piztu nuen. Ni bezalako emakumeek gizonen arreta berenganatzeko erretzen dute askotan leku publikoetan. Baina une hartan ez nuen pentsatzen maitalerik erakartzea, are gehiago, gau hartan behintzat ezer ez egitea erabaki nuen. Erre nahi nuen, hori da dena. Zigarroa ezpain artean sartu, kea irentsi, eta gero kanpora jaurti nuen ahotik eta sudurretik, zigarroa bi hatzen artean nuela eta jendeari begira nengoela.

        Baina, nik nahi ez arren, zerbait akuilagarri zegoen, antza, keinu horretan, ezen berehala ikusi nuen mostradore ondoko norbait, eskuan kikara bat kafe eduki eta edatera zihoalarik, kikara erdi parean geratu eta tinko-tinko begira geratzen zitzaidala. Berrogei bat urteko gizon bat zen, motza, kopeta zabal eta zimurtua zuena, begi irtenak eta matrail-hezur astuna. Garondoa hain haragiz betea zeukan non kolkorik ez zuela baitzirudien. Oihal gorri bat ikusi eta buru makur eraso baino lehen geldirik geratzen den zezen baten antzera, kikara zintzilik zuela geratu zen, niri begira. Ondo jantzita zegoen, baina ez ordea dotore, sorbalda zabalak nabarmen uzten zizkion soingaineko estu batez. Begiak makurtu nituen eta une batez, zigarroa ezpainen artean nuela, gizon haren on-gaitzak neurtu nituen. Banekien begirada bat egin dietenean lepoko zainak puztu eta aurpegia more jartzen zaien horietako bat zela izatez; baina ez nengoen oso seguru gustatzen zitzaidan ala ez. Gero konturatu nintzen hura liluratzeko gogoak, enbor-azal zimurtsu batetik kimu samurretan kanporatzen den ezkutuko izerdi baten antzera, gorputz osoan egiten zidala kilima, nire jarrera zuhurra alde batera utz nezan. Eta hori, nire ogibidea bertan uzteko erabakia hartu eta ordubete eskasera. Benetan zereginik ez zegoela pentsatu nuen, ni baino indartsuagoa zen. Baina alaitasunez pentsatu nuen; elizatik irten nintzenetik bakezkoak egin nituelako nire fortunarekin, edozein izanda ere, eta sentitzen nuelako onarpen horrek nobleziazko edozein ukok baino gehiago balio zuela. Horrela, une batez gogoetatsu egon ondoren, begiak altxatu nituen, gizonaren alderantz. Artean han zegoen bera, piztia baten antzera, kikara esku lodi iletsuan zuela, eta behi-begiak niregana tinko. Orduan, nolabait esatearren, abiada hartu nuen, ahal nuen malezia guztiarekin, eta begirada luze, laztangarri eta irribarretsua jaurti nion. Berak aurpegi-aurpegian hartu zuen eta, susmatu nuen bezala, odol guztia bildu zitzaion. Kafea zurrupatu, kikara mostradorean utzi eta, bere soingaineko estuan zurrunduta eta bularra harrotuz, tipi-tapa kutxara joan eta ordaindu zuen. Atean zegoela bueltatu eta elkar aditzearen keinu argi eta aginduzko bat egin zidan. Nik begiekin baiezkoa eginez erantzun nion. Bera irten eta honela esan nion amari:

        — Utzi behar zaitut..., zu, ordea, geratu, ezingo dut-eta zurekin alde egin.

        Bera gozotegiko ikuskizunaz gozatzen ari zen; eta ikaratu egin zen: — Nora hoa..., zergatik?

        — Kanpoan norbait daukat zain —esan nuen zutitzean—, hemen daukazu dirua..., ordaindu dena eta joan etxera..., ni aurretik joango naiz..., baina ez bakarrik.

        Beldurturik begiratu zidan eta, halaxe iruditu zitzaidan, damuturik bezala. Baina ez zuen ezer esan. Agur keinu bat egin eta kanpora irten nintzen. Gizona nire zain zegoen kalean. Irten eta ia une berean etorri zitzaidan ondora, besotik indarrez helduz: — Nora joango gaitun?

        — Goazen nire etxera.

        Horrela, larritasun ordu apur batzuen ondoren, nire patua edo zirudien horren kontra borrokatzeari uko egin nion; aitzitik, maitasun handiagoz besarkatu nuen, lurreratu ezin den etsai bat besarkatzen den bezala; eta askaturik sentitu nintzen. Norbaitek pentsatuko du oso erosoa dela patu galgarri baina emankorra onartzea uko egin ordez. Baina nik askotan galdetu diot neure buruari zergatik tristura eta amorrua aurkitzen diren hain sarri halako arau batzuen arabera bizi edo halako ideal batzuetara moldatu nahi dutenen ariman, eta, aldiz, zergatik hain sarri diren alai eta kezka gabeak beraien bizitza onartzen dutenak, bizitza hori hutsalkeria, iluntasuna eta ahultasuna baino ez izan arren. Gainera, honelako kasuetan, bakoitzak arauei ez, baizik eta norberaren izaerari men egiten dio, hartara benetako patuaren itxura hartzen baitu. Nirea, esan dudan bezala, kosta ahala kosta alai, gozo eta lasaia izatea zen; eta nik onartu egiten nuen.

 

 

 

© Alberto Moravia

© itzulpenarena: Koldo Biguri

 

 

"Alberto Moravia / Erromako emakumea" orrialde nagusia