LEHEN ATALA

 

        Ordurako, Gisella eta biok, adiskideak baino areago bazkideak ginen. Ez geunden ados joan beharreko lekuei buruz, egia da, Gisellak jatetxeak eta luxuzko lokalak nahiago zituelako, eta nik, ordea, kafetegirik xumeenak edo kalea bera; baina halako akordio moduko bat finkatu genuen, gustuetan geneukan alde horrengatik: txandaka, batak nahiago zituen lekuetara lagundu behar zuen besteak. Gau batean, jatetxean alferrik afaldu eta gero, elkarrekin etxera gindoazela, auto bat segika genuela ohartu nintzen. Gisellari jakinarazi nion, bai eta esan ere zena zelakoari inguratzen utzi behar geniola, beharbada. Bera tenple txarrez zegoen gau hartan, afaria inolako etekinik gabe ordaintzea egokitu zitzaiolako eta azkenaldi hartan estualdi handitan zegoelako. — Zoaz zu... —erantzun zidan zakarki—, ni, benetan, lotara noa—. Bitartean, espaloira hurbildurik, autoa gure alboan mantso-mantso ibiltzen hasi zen. Gisella horma aldean zegoen eta ni espaloi ertzaren aldean. Ezkutuka begiratu nuen, eta ikusi bi gizon zeudela auto barruan. — Zer egin behar dugu?... —galdetu nion ahapeka Gisellari—. Zu ere ez bazatoz, nik ez dut ezer egingo.

        Berak ere zeharka begiratu zuen autorantz eta, une batez zalantzatan egon zen, antza, aldarte txarrez. Gero esan zuen: — Ni ez noa. Zoaz zu, beldurrez al zaude?

        — Ez, baina zu gabe ez noa.

        Buruari eraginez, berriz ere begiratu zuen autora, artean gure abiadan jarraitzen baitzigun; gero, bat-batean etsiz bezala, honela erantzun zuen: — Ongi da..., baina ezikusiarena egin eta goazen aurrera..., hemen, etorbide honetan ez zait gustatzen.

        Berrogeita hamar bat metro gehiago ibili genituen, autoa beti segika genuela, gero Gisellak kale kantoi batean jira egin, eta zeharkale ilun eta estu batean sartu ginen, publizitate txartel handiz tapizaturiko horma zahar baten ondoko espaloi mehar batetik. Autoak ere zeharkalean jira egiten zuela entzun genuen eta, gero, faro handiek argi errainu zuri batez astindu gintuzten. Argi hark biluzten gintuela eta horma heze hartara eta iragarki ajatu eta zarratatu haietara josita geundela iruditu zitzaigun; eta gelditu ginen. — Zer da hau, baina?... —esan zidan Gisellak ahapetik, haserre—. Ez al digute nahikoa begiratu etorbidean?... Etxera joateko nago...

        — Ez, ez —esan nuen azkar, arren eginez. Neuk ere ez nekien zergatik, baina automobileko bi gizonak ezagutzeko irrikatan nengoen—. Zer axola dizu...? Denek egiten dute gauza bera.

        Berak sorbaldak altxatu, eta aldi berean faroak jiratu eta itzali ziren, eta autoa espaloi ondoan geratu zen, gure parean. Gidariak buru ilehori eta azal gorriko bat atera zuen atetik, eta ahots ozenez esan zuen: — Gabon.

        — Gabon —erantzun zuen Gisellak, serio.

        — Nora zoazte, horrela, bakar-bakarrik, polit horiek? —jarraitu zuen hark—. Utziko al diguzue laguntzen?

        Oso xelebrea dela dakien pertsonarena bezalako doinu maltzurra gorabehera, ohiturazko esaldiak ziren eta hamaika aldiz entzunak izango ditut. — Ikusi egin behar... —esan zuen Gisellak, artean ere serio. Berak ere gauza berberak esaten zituen beti.

        — Zer ikusi behar duzue, ba? —ekin zion berriz automobileko gizonak.

        — Zenbat eman nahi diguzue? —galdetu zuen Gisellak, hurbilduz eta atetik esku bat sartuz.

        — Zenbat nahi duzue?

        Gisellak hainbat esan zuen. — Garestiak zarete —esan zuen hark, kantu-marmaran—, garesti-garestiak—. Baina onartzeko prest zirudien. Bere lagunak, aurpegia baino ez nion ikusten, zerbait esan zion, makurtuz eta belarri ertzera hitz eginez; baina ilehoriak sorbaldak altxatu eta gero, guregana zuzendurik: — Ongi da... —erantsi zuen—, sartu ba.

        Laguna atea ireki, jaitsi, eta automobileko atzealdera sartu zen; ondoren, barrutik nire aldeko atzeko atea ireki eta sartzera gonbidatu ninduen keinu batez. Gisella ilehoriaren ondora sartu zen. Honek, beragana bueltatu eta honela galde egin zion: — Orduan, nora goaz?

        — Adrianaren etxera —erantzun zuen Gisellak. Eta helbidea eman zuen.

        — Oso ongi —esan zuen ilehoriak—, goazen Adrianaren etxera.

        Oro har, ezagutzen ez nituen halako gizonekin aurkitzen nintzenean, autoan edo beste edonon, geldirik eta isilik geratu ohi nintzen, haiek hitz egin edo zerbait egin zezaten zain. Eskarmentuz nekien aurrea hartzeko irrikaz egoten direla, eta ez dutela inork adorea eman beharrik. Gau hartan ere egon nintzen mutu eta geldi, autoa hiriko kaleetatik zebilen bitartean. Nire albokoari, automobileko lekuetako banaketak gau hartarako nire maitaletzat erabaki baitzuen, eskuak baino ez nizkion ikusten, luze, mehe eta zuriak, belaun gainean pausatuak biak. Ez zuen hitz egiten eta ez zen mugitzen, eta burua atzean zeukan, ilunpean. Lotsatia zela pentsatu nuen, eta begikoa gertatu zitzaidan bat-batean: neu ere izan nintzen lotsatia, eta edozein lotsak hunkitzen ninduen, Gino ezagutu aurretik nolakoa nintzen pentsarazten zidalako. Gisella, ordea, hizketan ari zen. Gustatzen zitzaion urruntasunez eta gizabidez hitz egitea ahal zuen bitartean, errespetatzen duten gizonen artean dagoen emakume baten antzera. — Zuena al da auto hau? —galdetzen zuela entzun nuen halako batean.

        — Bai —erantzun zuen bere lagunak—, oraindik ez dinat bahituran jarri..., gustatzen zain, e?

        — Oso erosoa da —esan zuen Gisellak, bere buruaz seguru—, baina Lancia markakoak nahiago ditut..., azkarragoak dira eta suspentsio hobea dute..., nire senargaiak dauka Lancia bat.

        Egia zen, Riccardok Lancia bat zeukan. Baina inoiz ez zen izan Gisellaren senargaia, eta aspalditik ez zuten elkar ikusten. Ilehoria barrez hasi zen. — Hire senargaiak bi gurpileko Lancia bat izango din —esan zuen.

        Gisella oso minbera zen izatez eta huskeria bategatik iluntzen zen. — Eta zuk nortzuk garela uste duzu, ba? —galdetu zuen minduta dagoenaren ahotsaz.

        — Ez zekinat..., esadazue zuek nortzuk zareten —erantzun zuen ilehoriak—, ez niken hanka sartu nahi.

        Gisellak bazeukan beste ohitura bat, alegia, aurkitutako maitale horiekin plantak egitea, egiatan zena ez beste zerbait balitz bezala: dantzaria, idazkaria, andre zintzoa. Konturatu gabe bere burukeria horiek ez zetozela inondik ere bat haiei hurbiltzen uzteko hainbeste erraztasun eman eta diru kontua berehala ateratzearekin: — Caccini konpainiako bi dantzari gara —esan zuen patxadaz—, ez gaude ohiturik azaltzen diren lehenengoei gonbidatzen uzteko..., konpainia oraindik eratu gabe dagoenez gero, paseatzera atera gara gaur...; nik egia esan ez nuen onartu nahi..., baina nire lagunak baietz eta baietz esan du, pertsona jatorrak ematen duzuela...; nire senargaiak baleki, ederra egingo nuke...

        Ilehoriak barre egin zuen berriz: — Gu oso pertsona jatorrak gaitun benetan..., baina zuek kale gorriko puta pare bat..., gauza txarra al dun hori?

        Nire albokoak lehendabiziko aldiz hitz egin zuen. — Nahikoa duk, Giancarlo —esan zuen ahots lasaiaz.

        Nik ez nuen ezer esan; ez zidan graziarik egiten era horretan deitua izateak, bere asmo gaizto nabarmenagatik batez ere; baina egia zen, nolanahi ere. — Hasteko, ez da egia... —esan zuen Gisellak—, eta gero, zu astakirten galanta zara.

        Ilehoriak ez zuen ezer esan. Baina berehala abiada moteldu eta ondoren autoa geldiarazi zuen espaloi ondoan. Bigarren mailako kale huts eta argi gutxiko batean geunden, bi etxe lerroren artean. Ilehoria Gisellaren aldera bueltatu zen: — Aizan..., eta autotik kanpora bidaltzen bahaut, zer?

        — Egin proba —esan zuen Gisellak, atzerantz etzanez. Oso borrokazalea zen, eta inori ez zion beldurrik.

        Orduan nire albokoa aurrerantz makurtu zen, aurreko eserlekurantz, eta aurpegia ikusi nion. Beltzarana zen, ile orraztu gabea zeukan kopeta zabalaren gainean, begiak larru azal-azalean, handiak, ilunak eta argitsuak, sudurra markatua, ahoa bihurria, eta kokots itsusi bat atzerantz etzana. Oso argala zen, zintzur-sagar irtena ikusten zitzaion lepoan. — Isilduko al haiz, bai ala ez? —esan zion ilehoriari, indarrez baina suminik gabe, hala iruditu zitzaidan behintzat, eta benetan parte hartu gabe, ez dagokion eta axola ez zaion arazo batean nahita sartzen denaren antzera. Ez zeukan oso ahots sendoa edo gizonezkoarena, eta erraz lerratuko zitzaion faltsete ahotsera.

        — Hiri zer inporta zaik? —esan zuen besteak, bueltatuz. Doinu berezi batez esan, ordea, bere zakartasunagatik jadanik damuturik balego bezala eta lagunaren jardunak gogait egin ez balio bezala. Azken honek ez zuen etsi: — Baina, zer duk hau?... Ze deabru..., gonbidatu ditiagu, gurekin fidatu eta etorri dituk, eta iraindu egiten ditiagu—. Gisellaren aldera bueltatu zen. — Ez egin kasu, andereño..., askotxo edan du, beharbada..., bene-benetan esaten dizut ez zintuela iraindu nahi...—. Ilehoriak protesta keinu bat zirriborratu zuen, baina besteak geldiarazi, esku bat besapetik sartuz eta, premiatzeko doinuaz esanez: — Esan diat edan duala eta ez heukala iraintzeko asmorik..., eta orain goazen.

        — Ni ez naiz irainak entzuteko etorri —hasi zen Gisella segurtasunik gabeko ahotsaz. Bazirudien berak ere eskertzen ziola beltzaranari haren jarduna. Beltzaranak arrazoia eman zion berehala: — Jakina..., gutako inork ez du irainik entzun nahi..., jakina—. Ilehoriak ergel aurpegiaz begiratzen zien. Aurpegia gorri eta tankera desberdineko hanturaz betea zeukan, zanpatuta bezala, begiak urdin eta biribilak, eta ahoa gorria eta jatun eta ezin-ase itxura ematen ziona. Lagunari begiratu zion, Gisellari bizkarrean jotzen ari baitzitzaion gizabidez, gero Gisellari begiratu zion; ondoren, tupustean, barreari eman zion. — Zin egiten dut ez dudala ezer ulertzen —esan zuen—, baina non gaude?... Zergatik ari gara borrokatzen?... Nola hasi den ere ez naiz gogoratzen..., alai egon ordez, borrokan egitea ere!..., zin egiten dizuet zoratzeko bezala dela hau...—. Bihotzez ari zen barre egiten, eta Gisellarengana bueltaturik, esan zion: — Eder hori..., ez begi txarrik jarri niri..., funtsean, bata bestearentzat eginak gaude.

        Gisellak irribarre egiten saiatu eta: — Egiatan —esan zuen—, niri ere iruditzen zitzaidan...

        Ilehoriak bereari jarraitu zion, ahots zorrotzez eta garrasi batean: — Nik mundu honetako izateko modurik onena zeukanat, ez duk egia, Giacomo? Ogi pusketa bat naun..., jakin behar ni nola hartu..., hori dun dena..., orduan, emango al didan musu bat?—. Eta makurtuz, beso batez inguratu zuen Gisellaren gerria. Honek apur bat aurpegia atzeratu, eta esan zuen: — Itxaron—. Zapi bat atera poltsatik, aho gainetik pasa eta pintura gorria kendu zuen; gero, damuturik, musu lehor bat eman zion ezpainetan. Musu ematen zion bitartean, ilehoria modu xelebrean ari zen keinuka eta itotzeko itxurak egiten. Ia berehala banatu eta ilehoriak martxan jarri zuen berriz autoa, halako zeremoniazko keinu batzuk eginez. — Ederki..., hitz ematen dut hemendik aurrera ez duzuela nitaz kexatzeko arrazoirik edukiko..., oso txintxoa izango naiz, oso fina, oso jatorra..., baimena ematen dizuet kaskarreko bat emateko gaizki portatzen banaiz—. Autoa berriz abiatu zen.

        Bidaia amaitu arte hizketan eta barre algaraka jarraitu zuen, eta batzuetan, gure bizitzak arriskuan ipiniz, eskuak bolantetik altxatu eta imintzioak egiten. Nire laguna, ordea, bere jardun laburraren ondoren, itzalean eta isilpean sartu zen berriro. Oso begiko gertatzen zitzaidan orduan, jakin-minez eta erakarrita sentitzen nintzen berarekiko; eta, orain berriz gogoratzen dudanean, honenbeste denbora igaro eta gero, konturatzen naiz orduantxe maitemindu nintzela berarekin edo, behintzat, orduantxe hasi nintzela maite nituen eta ordura arte beti falta izan zitzaizkidan gauza guztiak haren inguruan jartzen. Izan ere, maitasunak osoa izan nahi du, eta ez zentzuen asetze hutsa; eta ni artean ere nenbilen garai batean Ginori aurkitu uste nion bikaintasun haren bila. Bera bezalako norbait, modu haiekin eta ahots harekin alegia, aurkitzen nuen lehen aldia zen, eta ez bakarrik ogibide hura neukanetik, baita nire bizitzan ere. Lehen aldiz posatzen egon nintzeneko pintore lodi hark bazeukan bere antzik, nolabait, egia da, baina hotzagoa eta bere buruaz seguruagoa zen, eta, bestalde, berarekin ere maiteminduko nintzatekeen, nahi izan banu behintzat. Beste era batera bazen ere, ahots hark eta jokamolde hark Ginoren nagusien etxera lehen aldiz bisitan joan nintzenean izan nituen sentimendu berberak esnatzen zituzten nire ariman. Harako hartan etxeko txukuntasuna, luxua eta garbitasuna gustatu, eta antzeko etxe batean bizi ezean bizitzeak ez zuela merezi iruditu zitzaidan bezala, orduan bere ahotsak eta bere imintzio hain gizabidetsu eta hain arrazoizko haiek, eta berari buruz pentsatzen uzten zutenak ere, ez dakit nola, baina grina handiz eta uste osoz erakarrita sentiarazten ninduten. Zentzuen desio bizi bat ere sentitzen nuen aldi berean, eta luzetsita nengoen, esku haiek noiz laztandu eta aho hark noiz musu emango zidan zain; eta konturatzen nintzen nire baitan gertatua zela, ez dakit ordea noiz, maitasunaren bereizgarria den eta lehen aldiz noiz pizten den hutsik egin gabe salatzen duen nahasketa hura, aspaldiko asmoez eta ordu-orduko plazerez osatua. Baina beldur handia ere baneukan, berak nire sentimendu horiei erreparatu gabe, ihes egingo ez ote zidan. Beldur hark bultzatuta, esku bat luzatu nuen berearen bila, eta estutuko ote zidan zain egon nintzen. Baina nire hatzen azpian, bere hatzen artean sartu eta haiekin lotzeko ahalegin traketsak egiten ari bainintzen, bere eskuek geldirik jarraitzen zuten. Nahigabe handi batek hartu ninduen, ez nuelako eskua erretiratu nahi, eta, aldi berean, bera geldirik egonda erretiratu behar nuela sentitzen nuelako. Gero, kolpetik kale kantoi batetik sarturik, autoak bata bestearen gainera bota gintuen, eta nik oreka galtzen nuelako plantak egin, eta neure burua erortzen utzi nuen, kopeta bere belaunen artean sartuz. Bera ikaratu zen, baina mugitu ez. Atseginez sentitzen nuen nola zebilen autoa, begiak itxi nituen eta, zakurrek egiten duten bezala, aurpegia bere eskuen artean sartu eta banatu nizkion, musu eman nien eta nire aurpegian pasatzen saiatu nintzen, bihotzez eta berez sortua nahiko nukeen laztan bat eraginez. Burua galdu nuela konturatzen nintzen, eta nolabait miretsita nengoen adeitasunez esandako hitz banaka batzuek eragin zutelako hainbesterainoko zorabio hura. Baina berak ez zuen eskaini hain apalki erregutzen nuen laztana eta, handik gutxira, erretiratu egin zituen eskuak. Ia segituan gelditu zen autoa.

        Ilehoria kanpora irten eta burlazko gizabide batez lagundu zion Gisellari jaisten. Gu ere atera ginen, nik kanpoko ate handia ireki eta bebarruan sartu ginen. Eskaileretatik, ilehoria gure aurrean igo zen Gisellaren ondoan. Txikia eta mardula zen, jantziak soinean lehertzen zitzaizkiola zirudien, baina ez zen lodia. Gisella garaiagoa zen bera baino. Eskaileren erdian, maila bat atzerago geratu eta, Gisellaren soineko barrena hartuz, gorantz altxatu zion, ageri-agerian utziz ligek estututako izter zuriak eta, apur bat, ipurmasailak ere, txiki eta meharrak. — Teloia gora doa! —egin zuen oihu, barre algara batez. Gisella esku zartada batekin soinekoa behera itzultzera mugatu zen. Zatarkeria hori ez zela nire lagunaren gustukoa izango pentsatu nuen, eta niri ere ez zitzaidala gustatzen aditzera eman nahi izan nion. — Oso alaia da zure adiskidea —esan nuen.

        — Bai —erantzun zuen, labur-labur.

        — Bistan da gauzak ondo dihoazkiola.

        Hanka puntetan sartu ginen etxean, eta zuzenean nire gelara sartu arazi nituen. Atea itxi eta une batez zutik geratu ginen lauok, eta, gela handia ez izanik, asko ginela zirudien. Ilehoria izan zen estualditik irten zena, ohean eseri eta eranzten hasi baitzen, bakarrik egon balitz bezala. Biluztu bitartean, etengabe ari zen barrez eta berriketan. Ostatuetako gelei buruz eta logela pribatuei buruz ari zen; bere arestiko abentura bat kontatzen zuen: — Eta esaten dit: «andre zintzoa naiz..., eta ez dut ostatura joan nahi...», eta orduan nik: ostatuak andre zintzoz beterik daude...», eta berak: «baina nik ez dut nire izena esan nahi...», eta nik: «nire emaztea zarela esango dut, berdin da-eta bat gora edo behera... Hara, goazen ostatura!». Nire emaztea balitz bezala egin dugu, joan gara logelara..., eta hara non hasten den, mamira joan behar denean, ordea, hau dela, bestea dela..., damututa dagoela, ez duela nahi, andre zintzoa dela benetan...; orduan nik pazientzia galdu, eta gaiztoz hasi naiz... Egin ez banu, hobe! Hara non leihoa zabaldu eta bere burua kalera botatzeko mehatxuka hasten den...; «Ederki», diot, «ulertzen dut, errua nirea da, neuk ekarri zaitut...», bera ohean eseri eta negar-zotinka hasten da..., istorio luze bat kontatzen du, triste-tristea, hunkigarria benetan, bihotza erdibitzeko modukoa..., baina, esan beharko banizue ere, ezin, ahaztu dut eta..., bakarrik dakit azkenerako zintzo-zintzo sentitzen nintzela eta ia-ia belauniko jarri eta barkamena eskatzeko nengoela beste era bateko pertsonatzat hartzeagatik... «Ongi da», esan nuen, «orduan ez dugu ezer egingo, esan nahi dut ohean etzan eta bakoitzak bere aldetik egingo duela lo...». Esan eta izan, ni segituan lokartu nintzen..., baina gau erdian esnatu eta bere aldera begiratu nuen: ez zegoen..., orduan nire jantziak begiratu eta nahaspilaturik daudela ikusi dut..., joan naiz arakatzera, eta kartera ere ez dagoela...! Andre zintzoa, hi!—. Barrez hasi zen, Gisella ere barrez eta ni irribarrez jarri gintuen alaitasun benetan geldiezin eta kutsagarri basez. Soinekoa, alkandora, galtzerdiak eta zapatak erantzi eta artilezko barrengo arropa hutsean geratu zen; gris kolorekoa eta orkatiletatik leporainokoa izanik, ekilibrista edo operako dantzari bat zela zirudien. Arropa horrek ere are barregarriago bihurtzen zuen, adineko gizonek bakarrik janzten baitzuten; eta une hartan ahaztu egin nintzen bere zakarkeriaz eta ia atsegina gertatu zitzaidan, beti gustatu izan zaizkidalako pertsona alaiak eta ni neu ere alaitasunera emanagoa naizelako tristurara baino. Gelan aurrera eta atzera hasi zen, hamaika xelebrekeria eta txantxa eginez, txiki, harro eta paparra puztuta, bere barrengo arropaz harroxko, uniforme bat balitz bezala. Gero, komodina zegoen zokotik, bat-batean salto egin ohera, eta Gisellaren gainera erori zen, honek ezusteagatik oihu egin zuelarik, eta ahoz gora jarri zuen, besarkatzeko bezala. Baina halako batean, xelebreki, bat-bateko pentsamendu batek akuilaturik, Gisellaren gainean lau hankatan jarraitu arren, aurpegi gorri eta grinatua altxatu, atzera gu bion alderantz begiratu, katuek jana ukitu aurretik egiten duten bezala, eta honela galde egin zuen: — Eta zuek, zeren zain zaudete?

        Nik nire lagunari begiratu eta: — Nahi al duzu ni biluztea? —galdetu nion.

        Berak artean altxaturik zeukan soingainekoaren paparra, eta ikaraturik erantzun zuen: — Ez, ez..., horien ondoren.

        — Beste aldera joan nahi al duzu?

        — Bai.

        — Zoazte autoan joan-etorri bat egitera —oihu egin zuen ilehoriak, artean ere Gisellaren gainean—, giltzak jarrita geratu dira... Baina laguna, proposamen horri ez entzunarena egin, eta gelatik irten zen.

        Ezkaratzera pasatu ginen; gazteari itxaroteko keinua egin eta egongelan sartu nintzen. Ama eserita zegoen erdiko mahaiaren aurrean, bakar-jokoan, kartak jartzen. Ikusi ninduen bezain laster, nik hitz egin arte itxaron gabe ere, zutitu eta sukalde aldera joan zen. Gorputza ezkaratzerantz luzatu eta pasa zitekeela esan nion gazteari.

        Atea itxi eta leiho ondoko zokoan zegoen kanapean esertzera joan nintzen. Berak ondoan eseri eta laztan egitea nahi izango nukeen: horrela gertatzen zen beti besteekin. Baina ez zion jaramonik egin kanapeari eta aurrera eta atzera hasi zen egongelan, mahai inguruan, eskuak poltsikoan sartuta zituela. Itxaron beharragatik pozik ez zegoela pentsatu eta: — Barkatuko didazu —esan nion—, baina logela bat baino ezin dut erabili.

        Berak geratu eta haserrekor itxuraz, baina, hala ere, gizabidez honela galdetu zidan: — Esan al dizut, ba, nik, gela bat nahi nuela?

        — Ez, baina uste nuen...

        Beste pausuren bat ere eman zuen gelan; eta nik orduan agoantatzen jakin ez eta, nire alboko kanapea erakutsiz: — Zergatik ez zara esertzen hemen, nire ondoan? —esan nion.

        Begiratu egin zidan; gero, erabaki bat hartuz bezala, esertzera etorri eta honela galdetu zidan: — Nola duzu izena?

        — Adriana.

        — Nik Giacomo dut izena —esan zuen, eta eskua hartu zidan. Jokamoldea ohiz kanpokoa zen; eta berriz pentsatu nuen lotsatia edo zela. Eskua hartzen utzi nion eta, adore ematearren, irribarre egin. Baina berak: — Orduan, denbora gutxi barru, amodioa egin beharko al dugu?

        — Hori da.

        — Eta gogorik ez badut?

        — Orduan ez dugu ezer egingo —erantzun nuen arinkeriaz, txantxetan ari zelakoan.

        — Ederki —esan zuen—, ez dut gogorik, ez dut gogorik bat ere.

        — Ongi —esan nuen nik. Baina, egia esateko, hain berria zen niretzat bere uko hura non artean ez bainuen ulertu.

        — Ez al zara mintzen? Emakumeei ez zaie gustatzen ukorik jasotzea.

        Ulertu nuen azkenik, eta, hitz egin ezinik, burua mugitu nuen ezetz esateko. Hortaz, ez ninduen nahi! Etsiak hartuta sentitu nintzen bat-batean, negarrez lehertzeko zorian. — Ez naiz mintzen, benetan —murmuratu nuen—, ez duzu gogorik..., zure lagunak amaitu arte itxaron eta alde egin, gero.

        — Ez dakit —jarraitu zuen—, gaua galaraziko dizut..., beste batekin dirua aterako zenuen.

        Ez zuela nahi baino areago ezin zuela pentsatu nuen. — Dirurik ez baduzu, berdin da..., beste inoiz emango didazu —proposatu nuen itxaropenez.

        — Neska zintzoa zara —esan zuen—, baina badut dirua..., begira, hauxe egingo dugu..., dirua emango dizut berdin-berdin..., horrela ez zaizu irudituko gaua alferrik galdu duzunik—. Eskua jakako patrikan sartu, aurretiaz prestatuak ziruditen billete mordo biribilkatu bat atera eta mahai gainean uztera joan zen, nigandik urrun, keinu trakets eta aldi berean —gauza bitxia— dotore eta erdeinuzko bat eginez. — Ez, ez —protestatu nuen—, inondik inora ere ez..., ezta hitzik esan ere—. Baina nagi samar esan nuen, ez ninduelako nahigabetzen, funtsean, diru hura jasotzeak: lotura bat zen beti ere, eta, harekin zorretan egonda, artean kitatu ahalko nukeela espero nezakeen. Nire badaezpadako uko hura onarpentzat hartu zuen berak, eta halaxe zen egiatan. Ez zuen dirua berriz hartu, eta mahai gainean geratu zen. Berriro eseri zen kanapean; eta nik, ekintza baldar eta ergela egiten nuelako sentsazioaz, eskua luzatu eta berea hartu nuen. Elkarri begira geratu ginen une batez; gero, bere atzamar luze argalekin hatz txikia bihurritu zidan ustekabean, indarrez. — Ai! —esan nuen, apur bat haserre—, zer duzu orain?

        — Barkatu —esan zuen; eta nahastu itxura jarri zuen, hain biziki jarri ere non damutu egin bainintzen nire errieta-hitz lehorrengatik. — Min egin didazu, badakizu? —erantsi nuen.

        — Barkatu —errepikatu zuen. Bat-batean estuturik, berriro zutitu eta egongelan ibiltzen hasi zen. Gero nire aurrean geratu zen. — Irtengo al gara? —esan zuen—. Hemen itxaron behar izateak nazkatu egiten nau, benetan.

        — Eta nora joan nahi duzu?

        — Ez dakit..., nahi al duzu norabait joatea autoan?

        Ginorekin autoan zenbat aldiz ibili nintzen gogoratu eta azkar erantzun nuen: — Ez, autoan ez.

        — Kafetegira joan gaitezke..., kafetegirik ba al dago alde honetan?

        — Alde honetan ez..., baina Portatik irten eta berehala uste dut badela leku bat.

        — Orduan, goazen hara.

        Zutitu nintzen eta egongelatik irten ginen. Eskaileretan gindoazela txantxetan saiatu nintzen: — Jakin behar duzu eman didazun diruak nahi duzunean nire bila etortzeko eskubidea ematen dizula..., ulertzen?

        — Ulertzen dut.

        Neguko gau bat zen, epela, hezea eta iluna. Lehenago, euria izan genuen egun osoan, eta farola bakanetako argi lasaiak ispilatzen zituzten putzu beltzez beterik ageri zen galtzada. Harresien gainetik, zerua oskarbi zegoen, baina ilargirik gabe eta izar gutxirekin, laino artean gordeta. Noiz edo noiz, tranbia ikusiezinak igarotzen ziren harresiez bestaldean, harietatik argi bortitz laburrak, une batez zerua, dorre motzak eta zabaldi berde-berdeak argitzen zituztenak, zipriztinetan jaurtiz. Kalean nengoela, gogoratu nintzen hilabeteak zirela ez nindoala Jolas Parkearen aldera. Gehienetan eskuinetara hartzen nuen, plaza alderantz, Gino hantxe izaten bainuen zain. Gaztetxoa izanik, ama eta biok elkarrekin paseatu eta, harresien azpiko kale zabaletik gora, dirurik ez genuelako barrura sartzera ausartu gabe, argiez eta musika-doinuez gozatzera joaten ginenetik ez nintzen joaten Jolas Parkera, ondo gogoratzen nintzen. Kale zabal hartan aurkitzen zen, alde hartatik, dorretxoa zeukan etxe hura, zeinen leiho zabalduetatik ikusi bainuen mahai inguruan bildutako familia; ezkontzearekin, etxe eta bizitza normal bat edukitzearekin lehen aldiz ametsetan jarri ninduen etxetxo hura. Nire lagunari garai bartaz, nire adin hartaz, nire amets haietaz hitz egiteko gogoa etorri zitzaidan; eta, esan behar dut, ez bakarrik sentimenduen bultzadagatik, jakinaren gainean ere bai. Berak nire itxuraren arabera ez juzkatzea nahi izango nukeen, beste argi desberdin eta hobe batez ikustea, egiazkoagoa baitzen nire ustez. Garrantzizko pertsonei harrera egiteko, besteek beren jaietako soinekoak jantzi eta haien etxeetako gelarik ederrenak zabaltzen dituzte; une hartan, izan nintzen huraxe, amestu eta bihurtu nahi izango nukeen huraxe ziren nire jaietako jantziak eta bisitarientzako nire gelak; eta nire oroitzapen hain pobre eta hain interesik gabe haiexek neuzkan, bera pentsamoldez aldarazi eta niregana hurbiltzeko.

        — Kaleko alde honetan —esan nuen, genbiltzan bitartean— inor ez da ibiltzen..., baina uda partean hona etortzen da auzoko jendea paseatzera..., ni ere etortzen nintzen paseatzera..., baina orain dela aspaldi...; zu behar zintudan, hona itzultzeko.

        Besotik hartu ninduen eta ur putzuz beteriko kale hartatik ibiltzen lagundu zidan. — Norekin paseatzen zinen? —galdetu zidan.

        — Amarekin.

        Barrez hasi zen, harritu ninduen barre zantar batez hasi ere. — Amarekin —errepikatu zuen, ahotsa hasierako «a»-aren gainean kulunkatuz—, ama..., beti dago ama bat..., ama..., zer esango ote du amak? Zer egingo ote du amak?... Ama, ama!

        Zerbaitengatik bere amarekin haserre zegoela pentsatu eta honela galdetu nion: — Zerbait egin dizu zure amak, ala?

        — Ez dit ezer egin —erantzun zuen—, amek ez dute ezer egiten..., nork ez du amarik?... Eta maite al duzu zure ama?

        — Bai horixe, zergatik?

        — Ezergatik ez —esan zuen azkar—, ez nitaz arduratu..., jarraitu...; hortaz, amarekin paseatzen zinen...

        Bere ahotsa ez zen oso lasaigarria ez eta gonbidatzailea ere; dena dela, apur bat jakinaren gainean, apur bat begikoa zitzaidalako, nire barruko gauzak esaten segitzeko gogoaz sentitzen nintzen. — Bai, elkarrekin paseatzen ginen, udan batez ere, gure etxean ez dagoelako arnasa hartzerik ere udan... Eta..., begira, ikusten al duzu hango etxetxoa?

        Berak geratu eta begiratu zuen. Etxetxoak, ordea, ez zeuzkan zabalik leihoak, are gehiago, bazirudien ez zela inor bizi. Trenbideetako langileen bi etxe luze eta baxuren artean estuturik, gogoratzen nuen baino txikiagoa iruditu zitzaidan, itsusi eta zantar samarra. — Eta?, zer zegoen etxetxo hartan?

        Orduan ia lotsatu nintzen esatera nindoanaz. Ahaleginak eginez jarraitu nuen: — Gauero pasatzen nintzen etxetxo haren ondotik eta leihoak zabalik izaten zituen, esan dudan bezala, uda zelako..., ordu hartan, mahai inguruan zegoen familia bat ikusten nuen beti...—. Bat-batean geratu eta isildu egin nintzen, aztoraturik.

        — Eta?

        — Ez zaizkizu interesatzen gauza hauek —esan nuen, eta nire lotsa harekin aldi berean zintzoa eta gezurtia izan nintzela iruditu zitzaidan.

        — Zergatik?..., dena interesatzen zait.

        — Ba —amaitu nuen azkar—, buruan sartuta neukan egunen batean neuk ere izango nuela halako etxetxo bat eta familia hari egiten ikusi nizkion gauza berberak egingo nituela.

        — A, ulertu dut —esan zuen—, horrelako etxetxo bat..., gutxirekin konformatzen zinen.

        — Gu bizi garen etxearen aldean —esan nuen—, ez da hain itsusia..., eta gainera, badakizu, adin harekin gauza asko pentsatzen dira.

        Berak etxetxoraino eraman ninduen besotik arrastaka. — Goazen ikustera ia oraindik ere badagoen familia hura.

        — Baina, zer gertatzen zaizu? —esan nuen, joan nahi ezta—, egongo da, noski.

        — Ederki, ikus dezagun.

        Etxetxo ondo-ondoan geunden. Ilun zegoen lorategi oparo eta estua, ilun leihoak, ilun dorretxoa. Ate-sarera hurbildu eta esan zuen: — Gutunetarako ontzia ere badago..., txirrina jo eta ikus dezagun inor ba ote dagoen...; baina, badirudi ez dela inor bizi zure etxetxoan.

        — Baina ez —esan nuen barrez—, utzi ezazu..., zer inporta zaizu?

        — Egin dezagun proba—; beso bat luzatu eta txirrina zapaldu zuen. Ihes egitea pentsatu nuen, norbait azalduko zen beldurrez. — Goazen, goazen... —arren egin nion—, norbait azaltzen bada, zer egingo dugu?

        — Zer esango ote du amak? —errepikatu zuen lelo batekin bezala, handik eramaten utziz—. Zer egingo ote du amak?

        — Ama sartu zaizu buruan, e? —esan nuen azkar ibiliz.

        Han gaude, bada, Jolas Parkean. Hara joan nintzen azkeneko alditik, han pilatzen zen jendetza, koloreko lanparatxo sortak, azetileno-argiz hornituriko postuak, pabilioietako edergailuak, musika eta zalaparta gogoratzen nituen. Etsiak hartu ninduen apur bat, horrelako ezer ez nuelako aurkitu. Bazirudien Jolas Parkeko hesiak, ondo pasatzeko leku bat baino areago, eraikuntzarako langai biltegi ilun bat inguratzen zuela. Hesiko punten gainetik mendi errusiarren arkuak altxatzen ziren, beren kotxetxoak han eta hemen zintzilik zeuzkatelarik, bat-batean perlesiak jota hegaldian geldirik geratutako zomorro sabel-handiak bailiran. Pabilioietako sabai zorrotzek, argirik gabe, kopetilun eta zapalik, lotan baleude bezalako sentsazioa ematen zuten. Hilik zirudien denak, pentsatzekoa den bezala, negua baitzen. Jolas Parke aurreko zabaldia hutsik eta ur putzuz beterik zegoen; farola bakar batek argitzen zuen, ahul samar.

        — Udan Jolas Parkea dago hemen —esan nuen—, jende piloa egoten da beti..., baina neguan ez dago irekita...; nora nahi duzu joatea?

        — Kafetegi hartara, ez?

        — Egia esan, ostatu bat da.

        — Goazen ba ostatura.

        Atepetik pasatu ginen; eta pare-parean, etxe ziztrin lerro bateko beheko solairuan bazen kristalezko ate bat argiturik. Sartu nintzenean bakarrik konturatu nintzen Ginorekin eta amarekin aspaldi afaldu eta Ginok mozkor nazkante hari bereak hartu arazi zizkion ostatu berbera zela. Mahaitxoetan ez zeuden hiruzpalau pertsona baino gehiago, marmolaren gainean egunkari paperetan bildutako zerbait jaten eta ostalariaren ardoa edaten. Kanpoan baino hotz handiagoa zegoen, aireak euri, ardo eta zerrauts usaina zeukan; estufak itzalita zeudela pentsa zitekeen. Zoko batean eseri eta berak litro bat ardo eskatu zuen. — Nork edango du litro bat? —galdetu nuen.

        — Zergatik? Ez al duzu edaten?

        — Gutxi edaten dut.

        Baso bat gora-goraino bete eta kolpetik hustu zuen, baina nekez eta plazerik gabe. Ohartuta nengoen ordurako, baina keinu horrek ziurtatu zidan: nahi zuen bezala egiten zituen gauzak, azaletik, haietan parte hartu gabe, paper bat jokatuz bezala. Isilik geratu ginen une batez, berak bere begi argitsu eta bizi-bizi haiekin begiratzen zidan, eta nik ingurura begiratzen nuen. Amarekin eta Ginorekin ostatu hartara joan nintzen aspaldiko gau haren oroitzapena berriz zetorkidan gogora eta ez nekien ondo pena ala nazka sentitzen ote nuen. Oso zoriontsua nintzen orduan, egia da; baina, aldi berean, oso inuzentea. Azkenik nire barruan erabaki nuen aspalditik itxirik egon den tiradera bat ireki, eta espero diren arropa ederren ordez, trapu bakan batzuk, hautsa eta pipiak baino aurkitzen ez direnean bezala zela. Amaituta zegoen dena, eta ez bakarrik Ginori nion maitasuna, baita nire neskatxo aldia eta bere amets traizionatuak ere. Eta hori egia zela, nire laguna hunkitzearren nahita eta jakinaren gainean nire oroitzapenez baliatu izanak frogatzen zuen. — Zure adiskide hori nazkante bat iruditu zait hasieran... —esan nuen zerbait esateagatik—, baina orain ia atsegin dut..., hain alaia da!

        — Ez da nire adiskidea, ordea... —erantzun zidan, oso zakar—, eta gainera ez da batere atsegina.

        Doinuaren gogorrak harritu ninduen. — Zuk uste? —esan nuen ganora gutxiz.

        Berak edan eta jarraitu zuen: — Pertsona xelebreengandik izurritik bezala ihes egin beharko litzateke..., xelebrekeria guzti haien azpian gero ez da ezer egoten..., ikusi beharko zenuke bere bulegoan..., han ez da batere xelebrea.

        — Zein bulego da hori?

        — Ez dakit, patente bulego bat.

        — Asko irabazten al du?

        — Asko bai, asko.

        — Zorionekoa bera.

        Ardoa zerbitzatu zidan. — Eta zu —galdetu nion— zergatik ibiltzen zara berarekin, hain nazkantea iruditzen bazaizu?

        — Umetako adiskidea dut —erantzun zuen imintzio bat eginez—, elkarrekin ibili ginen eskolan..., umetako adiskideak horrelakoak dira denak.

        Berriro edan, eta gaineratu zuen: — Baina, nolabait, ni baino hobea da.

        — Zergatik?

        — Gauza bat egiten duenean, benetan egiten du berak..., nik, ordea, lehenago egin nahi izaten dut, eta gero —bere ahotsa bat-batean izun bilakatu zitzaion, eta ni harritu eta ikaratu nintzen—, ordua iristean ez dut egiten...; gaur gauean, esate baterako..., berak telefonoz hots egin dit eta galdetu ea, esaten den bezala, neskatara joan nahi nuen..., nik baietz esan eta, aurkitu zaituztegunean, benetan deseatu izan dut amodioa egitea zurekin..., baina gero, ordea, zure etxera iritsi garenean, joan egin zait gogo guztia...

        — Joan egin zaizu gogoa —errepikatu nuen, berari begira.

        — Bai, niretzat orduan ez zinen emakume bat, objektu bat baizik, ez dakit, gauza bat..., gogoratzen zara nola hatza bihurritu eta mina egin dizudan?

        — Bai.

        — Ba..., benetan existitzen zinela konturatzeko egin dut..., horrela..., oinaze emanez, beharbada.

        — Bai, existitzen nintzen —esan nuen irribarrez—, eta min handia egin didazu—. Lasaituta, orain hasia nintzen ulertzen nahi izan ez baninduen, hori ez zela gertatu berarentzat atsegina ez nintzelako. Bestalde, pertsonen baitan ez da ezer arrarorik egoten. Haiek ulertzen saiatuz gero, berehala ikusten da guztiz onargarria den arrazoiren bati zor zaiola beti haien jokamoldea, bitxia izanda ere. — Ez naiz zure gustukoa izan, orduan?

        Buruaz ukatu zuen: — Ez da hori..., zu edo beste edozein, berdin izango zen.

        — Aizu... —galdetu nion, une batez ezbaian egon eta gero—, ez zara ba inpotentea izango?

        — Bai zera!

        Desio bizia nuen orain bere ondo-ondoan egoteko, banatzen gintuen aldea gainditzeko, bera maitatzeko eta berak maitatua izateko. Ukatu nuen bere ukoak iraindu ninduela; baina, egia esanda, irainduta beharbada ez nengoen, baina bai kezkatuta eta nire ohorean zirikatuta. Seguru nengoen ederra eta erakargarria nintzela, eta ni ez deseatzeko arrazoirik ezin zuela izan iruditzen zitzaidan. — Entzun... —proposatu nion sinpleki—, orain edariak amaitu eta gero etxera joango gara maitasuna egitera.

        — Ez, ezinezkoa da.

        — Orduan horrek esan nahi du ez naizela zure gustukoa izan, ezta lehen aldiz kalean ikusi nauzunean ere.

        — Ez..., baina saia zaitez ulertzen...

        Banekien ez dagoela gizonik halako argudio batzuei gogor egiten dienik. Patxadaz baina mingostu itxurak eginez errepikatu nuen: — Bistan da ez naizela zure gustukoa—; eta aldi berean beso bat luzatu eta aurpegian jarri nion eskua. Esku luzea daukat, handia eta beroa; eta, egia baldin bada izaera eskuan irakurtzen dela, nire izaera ez da inondik ere arrunta izango, Gisellarena ez bezala, berak esku gorri, latz eta itxuragabeak zituelako. Poliki-poliki laztan egiten hasi nintzaion, masailean, lokian, kopetan ile azpian, aldi berean eztitasun temati eta gogotsuaz begiratuz. Gogoratu nintzen Astaritak keinu berbera egin zuela nirekin ministerioan; eta berriro ere konturatu nintzen berataz maiteminduta nengoela, zalantzarik ez zegoelako Astaritak maite ninduela, eta hura maitasun keinu bat zelako, hain zuzen ere. Laztantzen nuen bitartean, hasieran geldirik eta erantzun gabe geratu zen; gero kokotsa dardarka hasi zitzaion, eta hura, segituan ohartu nintzen bezala, aztoratuta zegoelako seinalea zen bere baitan, eta larritu aurpegia jarri zitzaion, guztiz gaztea, mutiko batena bezalakoa; eta berataz errukitu nintzen, eta errukia sentitzeagatik poztu ere bai, beragana hurbiltzen ari nintzela esan nahi zuelako horrek. — Baina, zertan ari zara? —murmuratu zuen, lotsatzen den mutiko batek bezalaxe—, leku publikoan gaude.

        — Eta zer? —erantzun nuen lasai-lasai.

        Masailak sutan nituela sentitzen nuen, ostatuan hotza zegoen arren, eta ia miretsi egiten nintzen arnasaldi bakoitzean lurrun hodeitxo bat sortzen ikusten nuelako gure ahoen aurrean. — Emadazu eskua —esan nion. Gogo txarrez utzi zidan hartzen eta aurpegira eraman nuen. — Sentitzen al duzu —erantsi nuen— nola sutan dauzkadan masailak?

        Ez zuen ezer esan, niri begiratu besterik ez zuen egiten, eta kokotsak dardara egiten zion. Norbait sartu zen, ateko kristalei txintxin eginaraziz, eta eskua erretiratu nuen. Lasaitua hartzen duenaren antzera arnas egin zuen berak, eta bere basoa bete. Baina nik, bezeroa igaro zen bezain laster, eskua berriz luzatu eta, jakaren ertzen artean sartuz eta alkandorako botoiak askatuz, bere bular biluzira eraman nuen, bihotzaren alderantz. — Eskua berotu nahi dut —esan nuen—, eta gainera bihotza nola ari zaizun taupaka sentitu nahi dut—. Eskua jiratu nuen, lehenik esku-gainaren aldera, gero berriro esku-azpiaren aldera. — Hotza daukazu eskua —esan zuen, niri begira.

        — Orain berotuko da —erantzun nuen irribarre eginez. Besoa luzaturik neukan eta eskua poliki-poliki pasatzen nion bularretik eta saihets argaletik. Poz handia neukan, nigandik hurbil zegoela eta ni beraganako maitasunez betea nengoela sentitzen nuelako, hain betea egon ere non ez bainuen berearen beharrik ere. — Laster musu emango dizudala sentitzen dut —esan nion, berari begira, burlazko mehatxu batez.

        — Ez, ez —erantzun zuen, berak ere txantxetan egin nahirik, baina, funtsean, ikaratuta—, saia zaitez burua ez galtzen.

        — Orduan, goazen hemendik.

        — Goazen ba, nahi baduzu.

        Edaten amaitu gabe, ardo litroa ordaindu eta elkarrekin irten ginen ostatutik. Orain, bere modura, kitzikatuta zirudien; baina ez nirekin, maitasunagatik, baizik eta gau hartan gertatutakoek buruan ernarazi zioten ez dakit nolako garragatik. Beranduago jakin nuen, hobeto ezagutzera iritsi nintzenean, edozergatik ere bere izaeraren alderdi ezezagun bat aurkitzen edo benetan bazuela ziurtatzen zuen aldi bakoitzean etortzen zitzaiola kitzikadura hori. Oso berekoia zelako, nahiko modu atseginean hala ere; edo, hobeto esanda, bere buruaz kezkatua. — Beti gertatzen zait hau—, hasi zen esaten, bere buruaz hitz eginez bezala, nik, korrika ia, etxera bidean neraman bitartean—, zerbait egiteko gogo handia etortzen zait, irrika bizia, dena ezin hobea iruditzen zait, seguru nago jokatu nahi dudan bezala jokatuko dudala, eta gero, benetan jokatzeko orduan, dena pikutara joaten da eta ni, nolabait esanda, ez naiz orduan existitzen..., edo, hobe, nire parterik txarrenekin bakarrik existitzen naiz..., hotz bihurtzen naiz, nagi, anker..., hatza bihurritu dizudanean bezala.

        Bere baitan sarturik hitz egiten zuen, bakarrizketa batean bezala, eta beharbada ez nolabaiteko atseginik hartu gabe. Baina nik ez nion aditzen, pozez beterik sentitu eta oinek ia hegan egiten zidatelako ur putzuen artetik. — Baina gauza horiek lehenago ere esan dizkidazu... —erantzun nion alai-alai—, eta nik ez dizut esan zer sentitzen dudan...: zu nire besoen artean estutzeko gogoa daukat, nire gorputzaren kontra berotzeko, nire ondoan zu sentitu eta egin nahi ez duzuna egin erazteko..., egin arte ez naiz pozik geratuko.

        Berak ez zuen ezer esan, bazirudien esaten nuenak ez ziola ezta ukitu ere egiten belarria, hain zegoen bere baitaratuta, esan zuenaz gogoetatzen. Bat-batean besoa gerri bueltan jarri nion, eta esan: — Jarridazu besoa gerri inguruan, estu-estu, nahi duzu?

        Bazirudien ez zidala entzun; eta nik, orduan, bere besoa hartu eta, ahal nuen bezala, gerri bueltan jarri nuen, beroki bat janzteko egiten den bezala. Berriro ekin genion bideari, traba apur batez, biok neguko arropa lodiak jantzita egonda, nekez iristen ginelako besoaz bizkar osoa harrapatzera.

        Etxetxo dorredunaren ondoan egon ginenean, geratu eta esan nuen: — Eman musu bat.

        — Geroago.

        — Eman musu bat.

        Bera jiratu eta indarrez eman nion musu, bi besoak jarririk bere lepo bueltan. Ezpainak itxita zeuzkan, baina nik mingaina sartu nion ezpainen eta hortzen artean, eta, azkenik, ireki egin ziren. Ez nengoen oso seguru musua itzultzen zidan ala ez, baina, esan bezala, ez zitzaidan axola. Gero banatu eta ezpainetako pintura mantxa bat ikusi nion aho inguruan; arraroa eta barregarri samarra zirudien bere aurpegi serioan. Barrez hasi nintzen, zoriontsu. — Zergatik egiten duzu barre? —murmuratu zuen.

        Ezbaian ibili nintzen, gero egia ez esatea nahiago izan nuen, nire ondoan korrika ikustea gustatzen zitzaidalako, hain serio eta mantxa hura zuelarik aurpegian, ezer jakin gabe. — Ezergatik ez... —esan nuen—, pozik nagoelako..., ez nitaz arduratu—; eta, pozaren pozez, beste musu bat eman nion, azkar, ezpainetan.

        Baina etxeko ate handiaren parera iritsi ginenean ez genuen autoa aurkitu. — Giancarlok alde egin du —esan zuen tenple txarrez—, eta orain ez dakit zenbat ibili beharko dudan etxera itzultzeko.

        Ez nintzen mindu bere doinuagatik, kortesia gutxi samar erakusten zuen arren, ordurako ezin nintzelako ezergatik ere mindu. Maiteminduta gaudenean gertatzen den bezala, bere akatsak argi berezi batez azaltzen zitzaizkidan, eta argi hark atsegin bihurtzen zituen. Bizkarrak jaso eta: — Gaueko tranbiak dauzkazu... —esan nuen—, eta gainera, nahi baduzu, nirekin lo egiten gera zaitezke.

        — Ez, hori ez —erantzun zuen bizkor.

        Etxean sartu eta eskaileretan gora abiatu ginen. Etxe sarreran geundela, nire gelara bultza egin eta egongelan begiratu nuen apur bat. Ilun zegoen, leiho ondoan izan ezik, han farola baten argi-errainuak argitzen zituelako josteko makina eta aulkia. Ama oheratuta zegoen, antza, eta batek jakin Giancarlo eta Gisella ikusi eta hitz egin ote zuen haiekin. Atea itxi eta nire gelara joan nintzen. Ohe eta komodinaren artean aurrera eta atzera urduri zebilela aurkitu nuen.

        — Entzun —hasi zen—, hobe izango da joaten banaiz.

        Ez entzunarena egin nuen, berokia erantzi eta kakoan eskegi nuen. Hain pozik nengoen non jabearen harrokeriaz esan bainuen: — Zer iruditzen zaizu gela hau? Erosoa da, ez da egia?

        Ingurura begiratu, eta ulertu ez nuen imintzio bat egin zuen. Eskutik hartu, ohean eseri arazi eta honela esan nion: — Orain utzi niri—. Niri begira zegoen, gabanaren lepoa artean altxaturik garondoan, eskuak patriketan sarturik. Gabana kendu nion, ganora handiz erantziz, eta jaka gero, eta gabanarekin batera eskegi nuen kakoan. Presarik gabe gorbataren korapiloa askatu eta alkandora eta gorbata, biak batera, kendurik, aulki baten gainean utzi nituen. Gero, belauniko jarri nintzen eta, bere oina altzoan ipiniz, zapatariek egiten duten bezala, zapatak eta galtzerdiak erantzi eta musu eman nion oinetan. Zuzen eta presarik gabe hasi nintzen, baina arropak kentzen nizkion neurrian ez dakit nolako umiltasun eta adorazio-zoroaldia hazten zitzaidan. Elizan belaunikatzen nintzenean batzuetan izaten nuen sentimendu berbera zen beharbada; baina lehendabiziko aldiz sentitzen nuen gizon batekin; eta pozik nengoen, benetako maitasun egiazkoa, edozein sentsualitate eta edozein biziotatik urruna zela sentitzen nuelako. Biluzik geratu zenean, bere hanken artean belaunikatu eta bi eskuen artean hartu nuen bere sexua, lore beltzaran baten antzekoa, eta, une batez, estutu egin nuen nire masailen eta nire ilearen kontra, indarrez, begiak itxiz. Berak nire gogara egiten uzten zidan eta bere aurpegian bazen gustatzen zitzaidan nahastu itxura bat. Gero zutitu, ohe atzera joan eta azkar biluztu nintzen, arropak lurrera erortzen utziz eta zapalduz. Bera ohe ertzean eserita zegoen, hozpera, behera begira. Haren bizkarrean jarri nintzen, ez dakit nolako indar alai eta anker batek pizturik, heldu eta ahoz gora jarri nuen, burua burkoan zuela. Luzea zuen gorputza, argal eta zuria; gorputzek ere badute halako itxura bat, aurpegiek bezala, eta bereak gazte eta kastu itxura zuen. Bere ondoan etzan nintzen, nire gorputza berearen alboan luzaturik, eta, bera argal, mehar, hotz eta zuri ikusirik, ni oso sutsua, eta beltzarana, eta haragitsua eta sendoa nintzela iruditu zitzaidan. Indar handiz besarkatu ninduen bere kontra eta nik sabela estutu nuen bere aldakako hezurren kontra, eta besoak luzatu nituen bere bularrean zehar, eta bere aurpegiaren kontra jarri nuen neurea, eta bere belarriaren kontra zapaldu nituen nire ezpainak. Iruditzen zitzaidan, maitatu baino areago, nire gorputzean bildu nahi nuela, manta bero batekin bezala, eta nire sua bereganatu. Bera ahoz gora etzanik zegoen, baina burua zertxobait altxaturik zeukan, eta begiak zabalik, egiten nuen guztia ikusi nahirik bezala. Bere begirada erne hori axal-axaletik irristatzen zitzaidan bizkarretik, eta ez dakit nolako ezinegon deserosoan jartzen ninduen; dena dela, nire lehen bultzadek eraginda, aldi batez ez nion jaramonik egin. — Ez al zara hobeto, sentitzen? —murmuratu nion halako batean.

        — Bai —berak erantzun, doinu neutro eta urrun batez.

        — Itxaron —esan nuen. Baina berriz piztutako su batez besarkatu nahi izan nuenean, berehala sentitu nuen bere begirada tinko eta hotz hura nire bizkarrean zehar luzaturik, burdin hari busti baten antzerakoa, eta, bat-batean, nahasturik eta lotsaturik sentitu nintzen. Nire sua itzali zen, poliki beragandik urrundu eta aparte etzanik erortzen utzi nuen neure burua. Maitasun ahalegin handia egina nuen, etsipen errugabe eta antigoaleko baten gar guztia jarriz jokoan; ahalegin hori alferrekoa zela sentitzean malkoz bete zitzaizkidan begiak, eta besoa aurpegi gainean jarri nuen, negarrez ari nintzela ezkutatzeko. Oker egin nuela iruditzen zitzaidan, ezin nuela bera maitatu eta maitatua izan, eta gainera ilusiorik gabe ikusten eta juzkatzen ninduela pentsatzen nuen, benetan nintzen bezala. Orain banekien neure kontzientzian berriro ez ispilatzeko nire inguruan sortu nuen laino moduko batean bizi nintzela. Berak, ostera, bere begirada haiekin laino hori haizatu eta berriro nire begien aurrean jarri zuen ispilua. Eta benetan nolakoa nintzen ikusten nuen, edo hobeto esan, nolakoa nintzen bere ustez, neure buruaz ez nekielako eta ez nuelako ezer pentsatzen, esan dudan bezala, existitzen nintzela nekez sinesteraino. — Joan zaitez —esan nuen azkenik.

        — Zergatik? —ukondo gainean altxatu eta urduri begiratu zidan—, zer duzu?

        — Joan zaitez, hobe da —esan nuen lasai, besoa aurpegitik kendu gabe—, ez pentsatu haserre nagoenik zurekin..., baina iruditzen zait ez duzula ezer sentitzen nirekiko, orduan...—. Ez nuen amaitu, eta buruari eragin nion.

        Ez zuen erantzun; baina nire ondotik mugitzen eta altxatzen sentitu nuen: janzten ari zen. Pena zorrotza sentitu nuen orduan, sakonean zauritu eta zauri gainean burni zorrotz eta mehe batez ibili balitzaizkit bezala. Sufritu egiten nuen janzten ari zela sentitzean, sufritu egiten nuen laster betirako alde egin eta berriro ez nuela ikusiko pentsatzean, sufritzeagatik sufritzen nuen.

        Poliki jantzi zen, berriro deituko ote nion zain, beharbada. Gogoan dut une batez bere desioa akuilatuz geraraztea espero izan nuela. Gora begira etzan nintzen, manta jaurtiz nire gainean. Triste eta etsiak hartutakoa sentitzen nuen koketeria batez, hanka bat mugitu nuen, manta gorputzetik lerratzeko moduan. Sekulan ez nuen era hartara eskaini neure burua, eta, une batez, biluzik etzanda nengoen bitartean, hankak zabalduta, eta besoa begien gainean nituela, bere eskuak nire sorbaldetan eta bere arnasa ahoan neuzkalako ilusio ia fisikoa izan nuen. Baina gero, ia berehala, atea ixten zela entzun nuen.

        Nengoen bezala geratu nintzen, ahoz gora etzanik eta geldirik. Konturatu gabe, mina izatetik halako lo-erne batera lehendabizi, eta gero lokartuta egotera igaro nintzela uste dut. Gauean berandu esnatu nintzen, eta lehenengo aldiz konturatu bakarrik nengoela. Lehen loaldi hartan, banaketaren mingostasuna gorabehera, bere presentziaren sentsazioa geratu zitzaidan. Ez dakit nola, berriz lokartu nintzen.

 

 

 

© Alberto Moravia

© itzulpenarena: Koldo Biguri

 

 

"Alberto Moravia / Erromako emakumea" orrialde nagusia