BEDERATZIGARREN ATALA

 

        Eta horrela, bizitza beti ildo beretik eta irudi berberekin jiraka hasi zen niretzat, neskatila nintzenean etxeko leihotik ikusi eta beren argi distiratsuekin bihotzean hainbeste alaitasun sortzen zidaten Jolas-Parkeko tiobiboen antzera.

        Tiobiboetan ere irudiak gutxi dira, eta beti berberak. Musika zaratatsu, txilinkari eta kexatiaz, zisnea, katua, automobila, zaldia, errege-aulkia, herensugea, arrautza pasatzen ikusten dira, eta gero berriz zisnea, katua, automobila, zaldia, errege-aulkia, herensugea, arrautza, eta horrela gau osoan. Niretzat ere hasi ziren jiraka nire maitaleen irudiak, bai ezagunak nituen gizonak, bai berriak ere, baina lehengoen guztiz berdinak, hauek. Giacinti itzuli zen Milanotik, opariz zetazko galtzerdi pare bat ekarririk, eta, zenbait egunez, gauero ikusi nuen. Gero Giacintik berriz alde egin eta ostera hasi nintzen Gino ikusten, astean behin edo birritan. Beste gauetan, kalean topatzen nituen edota Gisellak aurkezten zizkidan gizonekin ibiltzen nintzen. Haien artean baziren gazteak, ez hain gazteak eta zaharrak ere; batzuk atseginak, kortesia erakusten zidatenak; beste batzuk nazkanteak, saldu eta erositako objektutzat jotzen nindutenak; baina, nolanahi ere, inori berriro ez lotzeko erabaki nuenez gero, musika berbera zen, azken finean. Kalean edo kafetegian elkar aurkitzen genuen, inoiz afaltzera joaten ginen, gero nire etxera. Han, nire gelan giltzapetu; amodioa egin, apur bat hitz egin, eta gero gizonak ordaindu eta alde egiten zuen, eta ama zain neukan egongelan sartzen nintzen. Goseak egonez gero, jan eta ondoren etzatera joaten nintzen. Askoz gutxiagotan, artean goiz bazen, berriz irten eta kalera itzultzen nintzen beste gizon baten bila. Baina egunak eta egunak ere ematen nituen gizonik bat ere ikusi gabe, eta etxean egoten nintzen zereginik ezean. Oso alfertuta nengoen, halako nagitasun triste eta irrikatsu batez, non asetzen baitzen, hala zirudien, ama eta bion atseden eta lasaitasun egarria ez ezik, beti nekaturik eta beti pobre dagoen nire jende guztiarena ere. Askotan, nire aurrezki kaxa hutsik ikusteak bakarrik lortzen zuen ni etxetik atera eta erdialdean kalerik kale ibiltzera ateratzea lagun bila; baina askotan, baita ere, nire alferkeria handiagoa izan, eta nahiago izaten nuen sosak Gisellari eskatzea edo ama dendetan zorretan erostera bidaltzea.

        Hala ere, ezin dut esan bizimodu hura benetan gustatzen ez zitzaidanik. Berehalaxe konturatu nintzen Ginorenganako nire joera ez zela inondik ere berezia eta apartekoa eta, funtsean, ia gizon guztiak gustatzen zitzaizkidala honegatik edo hargatik. Ez dakit beste horrenbeste gertatzen ote zaien nire ogibide bereko beste emakumeei, ala neure joera berezi baten adierazgarria baino ez den; nik bakarrik dakit halako jakin-minezko eta itxaropenezko hotzikara bat sentitzen nuela aldi bakoitzean, eta oso gutxitan ateratzen zitzaidala ustel. Gazteen baitan, gorputz luze, argal, artean nerabeak atsegin nituen, haien keinu baldarrak, lotsa, begi laztantzaileak, ezpain eta ileen freskotasuna; helduen baitan, aldiz, beso gihartsuak atsegin nituen, bular zabal eta beteak, gizontasunak gizonaren sorbaldetan, sabelean, hanketan jartzen duen ez dakit zer sendo eta ahaltsu hori; azkenik, zaharrak ere gustatzen zitzaizkidan, gizona, emakumea ez bezala, ez dagoelako adinari loturik eta zahartzaroan ere eusten diolako bere xarmari, edo tankera bereziko beste bat irabazten duelako. Egunero maitalez aldatzeak alde on eta txarrak lehen ikusian bereizteko dohaina ematen zidan, eskarmentuaren bidez bakarrik lortzen den begi zorrotz eta zehatzaz bereizteko, hain zuzen ere. Giza gorputza, gainera, atsegin misteriotsu eta asegabea eskaintzen duen iturri agortezina zen nire begietan; eta behin baino gehiagotan aurkitu nuen neure burua begiz miresten edo hatz puntaz ukitzen gau bateko nire lagunen gorputz atalak, biltzen gintuen azaleko harremanaz harantzago, haien itxura politaren esanahia argitu eta zergatik hainbeste erakartzen ninduten azaldu nahi izan banio bezala neure buruari. Baina ahalik eta ondoen ezkutatzen saiatzen nintzen erakarpen hori, gizon haiek, beren harrokeria beti esna egonik, maitasuntzat hartu eta pentsatuko zutelako haiekin maiteminduta nengoela; egiaz, ordea, maitasunak, beraiek ulertzen zuten bezala behintzat, ez zeukan zerikusirik nire sentimenduarekin; hau, gehienez ere, garai batean, elizara joanda, zenbait ekintza erlijioso egitean sentitu nituen begirune eta antsiaren antzekoa baitzen.

        Horrela irabazten nuen dirua ez zen pentsa zitekeen adina. Hasteko, ez nekien Gisella bezain diru-gosea eta tratularia izaten. Ordaina jaso nahi izaten nuen, jakina, ez nintzelako jostatzearren ibiltzen gizonekin; baina neure izaera bera zela medio, irabaziagatik baino areago halako gorputzezko joritasun bategatik eskaintzen nuen neure burua; eta ordaina jasotzeko unean baino ez nintzen gogoratzen diruaz, hau da, beranduegi. Baina halako uste ilun bat geratzen zitzaidan beti, alegia, ezer kostatzen ez zitzaidan eta normalean ordaintzen ez zen salgai bat inguratzen niela gizonei; diru hura soldata moduan baino areago opariz jasotzen nuelako sentsazioa. Iruditzen zitzaidan amodioa ez zela ordaintzen edo inoiz ez zela nahikoa ordaintzen; eta apaltasun eta harrokeria horiek zeudela tarteko, ez nintzen bidegabekoa iruditzen ez zitzaidan preziorik finkatzeko gauza. Horrela, asko ematen bazidaten, gehiegizko esker onez eskertzen nuen; gutxi ematen bazidaten, ordea, ez nuen engainatua sentitzerik lortzen, eta ez nuen protestatzen. Beranduago bakarrik onartu nuen, eskarmentu mingotsen batek irakatsita, Gisellaren antzera jokatzea, baietz esan baino lehenago egiten zituelako berak tratuak. Baina, hasieran, beti lotsatzen nintzen; eta zenbat diru zen hortz artean esatea baino ez nuen lortzen, eta hala, askok ulertu ez, eta errepikatu behar izaten nuen.

        Beste motibo bat ere bazegoen irabazten nuen dirua nahikoa ez izateko; alegia, lehen baino dezente kontu gutxiagoz nenbilen gastuetan eta, are gehiago, nire ogibiderako behar nituen soineko, lurrin, apain-mahairako gauza eta antzeko beste batzuk erosten eskuzabal samar bihurtua nintzenez gero, inoiz ez zen aski nire maitaleek ematen zidaten dirua; garai batean, modeloarena egiten eta amari bere lanetan laguntzen nenbilenean irabazten nuenarekin gertatzen zen bezalaxe, hain zuzen. Horrela, neure ohorea sakrifikatu arren, lehen bezain pobre jarraitzen nuela iruditzen zitzaidan. Lehen bezala, lehen baino sarriago ere, egun batzuetan ez zegoen sos bakar bat ere etxean. Lehen bezala, lehen baino okerrago ere, biharko eguna seguru ez edukitzeko kezkak larritu egiten ninduen. Axolagabea eta patxadosoa naiz izatez, eta kezka hori ez zen obsesioa izatera iristen, oreka gutxiagokoak eta axolagabeak diren beste hainbat pertsonari gertatzen zaien bezala. Baina altzari zahar baten zuntzetan dagoen pipia bezalako zerbait geratzen zen nire kontzientziaren ilunpe sakonetan; eta behin eta berriro ematen zidan aditzera den-denaz gabetuta nengoela eta ezin nuela ez nire egoera hori ahaztu eta atsedenik hartu, ez eta aukeratu nuen ogibidearekin egoera hori behin betiko hobetu ere.

        Amak, ostera, ez zeukan inolako kezkarik, edo, behintzat, ez zirudien horrelakorik zuenik. Nik berehala adierazi nion ez zuela egun osoan josten bista galdu beharrik; eta bera, nire iragarpen horren zain bizitza osoan egon balitz bezala, bere lanik gehienak bertan behera utzi, eta irabazteko baino gehiago denbora-pasa moduan hartu zituen enkargu batzuk gogo gutxiz betetzera mugatu zen. Hainbat urtetako ahalegina, neskatila zelarik enplegatu familia bati neskame lanak egitera joan zenean hasia, bat-batean hondarrik utzi gabe eta erremediorik gabe erori balitz bezala zen, zatika deseginez eta beren barrurantz eroriz hondatzen diren etxe zahar horiekin gertatzen den bezala, horma bakar bat ere ez baitzaie zutik geratzen, eta bai ordea hauts mordoa, besterik ez. Ama bezalako pertsona batentzat, diruak asetu arte jatea eta atsedena hartzea esan nahi du batez ere. Lehen baino gehiago jaten zuen, eta, bere ustetan, pertsona aberatsak pobreengandik bereizten zituzten erosotasunak eskaintzen zizkion bere buruari, hau da: berandu altxatu, gosaldu ondoren lo egin, noizean behin paseatzera joan. Esan behar dut berritasun honek berarengan zeukan eragina zela beharbada nire bizimodu berrian atseginik gutxien ematen zidan aldea. Segur aski, lanean gogor aritzera ohituta dagoenak ez luke inoiz utzi beharko; oporrak eta ongizanak usteldu egiten dute, baita —eta ez zen hori gure kasua— jatorri on eta zilegikoak direnean ere. Segituan, gure egoera hobetu zen bezain laster, ama gizendu zen, edo hobe esanda, bere argaltasun antsiatsu eta nekatua zeinen azkar desagertu zen kontutan harturik, puztu egin zen, osasunerako ona ez zen eran puztu ere, esanguratsua iruditzen zitzaidan modu batez, esangura hori niretzat iluna bazen ere. Aldakak, lehenago hezurtsuak, biribildu egin zitzaizkion, sorbalda meharrak bete, masailak, lehenago gogor eta arnasbehartuak bezala beti, laxatu eta mardul jarri. Baina amaren gizendu behar honen xehetasunik nabariena begiak izan ziren, lehenago irtenak, handiak, itxuraz esna eta izutiak baitzituen, eta orduan, aldiz, ttipituak, ez dakit nolako distira zalantzazko eta badaezpadakoz beteak. Gizendu egin zen, baina ez edertu, ez eta gaztetu ere. Nik eraman ordez, gure bizimodu aldatuaren arrasto nabarmenak berak zeramatzala iruditzen zitzaidan, aurpegian eta soinean eraman ere; eta ezin nion inoiz begiratu barne-zimiko, erruki eta nazka nahastuta zituen sentimendu penagarri bat izan gabe. Berak, gainera, handitu egiten zuen nire egonezin hori, satisfazio asegaitz eta zoriontsu batez agertzen zelako behin eta berriro. Egia esan, ez zitzaion egia iruditzen jasan-behar gehiagorik ez edukitzea; eta jokamolde hori bizitza guztian inoiz nahikorik jan ez duen eta atseden nahikorik izan ez duen norbaitena zen.

        Nik, jakina, ez nituen nire sentimenduak nabarmentzen uzten; ez nuelako bera hilduratu nahi, eta, beste alde batetik, zenbait gauza, berari esan baino lehenago, neure buruari esan beharko nizkiola konturatzen nintzelako. Baina gogaituta dagoenaren keinu horrek ihes egiten zidan batzuetan; eta orduan, lodi eta puztuta zegoela eta aldakekin kulunkatzen ibiltzen zelarik, egun osoan oihuka, korrika eta kexaka, argal eta ile guztia nahastuta egoten zenean bezala ez nuela maite iruditzen zitzaidan. Askotan honako galdera hau zuzentzen nion neure buruari. «Nik, eman dezagun, ezkontza egoki baten bidez lortu izan banu bizimodu erosoa, era berean lodituko ote zen ama?». Gaur baietz uste dut; eta bere loditasunean aurkitu uste nuen ez dakit zer zirtzil honi neuk zuzentzen nion begiradari leporatzen nion, ezagueraz eta barne-zimikoz beterik baitzegoen, gogoz kontra egon ere.

        Ginori ez nion denbora luzean ezkutatu nire egoera berria. Aitzitik, nahiko laster jakinarazi nion, berriro ikusi nuen lehenengo aldian, landetxean amodioa egin eta hamar egun beranduago. Goiz batean, esnatzera etorri zitzaidan ama. — Ba al dakin nor etorri den, nork hitz egin nahi duen hirekin? —esan zuen ahots apal batez—. Gino.

        — Esaiozu pasatzeko —esan nuen, horixe besterik ez.

        Hitzetan labur ibili nintzelako apur bat etsiturik, leihoa ireki eta irten zen. Gino handik gutxira sartu zen; eta segituan konturatu nintzen aztoratuta eta suminduta zegoela. Ez zidan agur egin, ohea inguratu eta aurrean jartzera etorri zitzaidan, nik etzanik eta erabat logale begiratzen niolarik. Gero honela galde egin zidan: — Entzun, mesedez..., lehengo egunean ez zenuen ustekabetan objektu bat hartuko andrearen apain-mahaitik, ez?

        «Hara, ba», pentsatu nuen. Inolako erru sentimendurik ez nuela ohartu nintzen. Ginoren morroi-izuak, aldiz, betiko zirrara penagarria eragiten zidan.

        — Zergatik? —esan nuen.

        — Balio handiko hauts-kaxa bat desagertu da..., urrezkoa, errubi bat duena...; andreak kristoren iskanbila atera du..., landetxea nolabait nire kontu zegoenez gero, ez dute esaten, baina konturatzen naiz susmoa hartu didatela...; zorionez, atzora arte ez da konturatu, itzuli eta astebete pasa denean, eta horrela badaiteke neskameetako batek lapurtu izana ere..., bestela, harrapatu, salatu, atxilotu eta ez dakit zer egingo zidaten dagoeneko.

        — Baina neskameei ez diete ezer egin, ezta? —galdetu nion, niregatik errugaberen bat tartean sartu ote zen beldurrez.

        — Ez —erantzun zuen nahiko urduri—, baina komisario bat etorri da, galdezka hasi zaigu; azken bi egunotan giro ederra dago!

        Une batez esan ez esan egon, eta gero: — Hauts-kaxa nik hartu nuen.

        Berak begiak zabal-zabal eginda jarri, eta imintzio itsusi bat egin zuen aurpegi osoaz. — Zuk hartu zenuela?..., eta horrela esaten didazu?

        — Eta nola esan behar dizut, ba?

        — Baina horri lapurreta deitzen zaio.

        — Bai.

        Begira geratu zitzaidan, eta haserre bizian jarri zen bat-batean: nire ekintzaren ondorioen beldur zen, beharbada, edo beharbada, modu ilun batez, lapurretaren erantzukizuna berari leporatzen niola igartzen zuen. — Esadazu, baina..., zer pasatzen zaizu?... A, horrexegatik nahi zenuen, beraz, andrearen logelara joan!..., orain ulertzen dut..., baina nik, maitea, ez nuen sartu nahi...; lapurtu nahi baduzu, egin ezazu nahi duzun lekuan, ez zait ezer ere axola, baina nik lan egiten dudan etxean ez...; lapurra!.... ederra egingo nuen, zurekin ezkonduz gero!..., lapur batekin ezkonduko nintzen...

        Barrua husten utzi nion, arretaz hari begira nengoela. Une hartan harrituta nengoen hainbeste denboran pentsatu nuelako hoberik ez zuen gizona zela. Bai zera, hoberik ez! Azkenik, bere errieta-hitz guztiak amaitu zituela iruditu zitzaidanean, honela esan nion: — Zergatik amorratzen zara horrenbeste, Gino?... Lapurreta ez dizute zuri leporatzen..., zenbait egunez oraindik hitz egingo dute horretaz eta gero ez dute gehiago pentsatuko..., eta auskalo zenbat hauts-kaxa dituen zure nagusi andreak!

        — Baina zergatik lapurtu zenuen? —galdetu zuen. Argi zegoen entzun nahi zuela, esan dudan bezala, modu ilunean susmatzen zuen hori. — Horregatik —erantzun nuen.

        — Horregatik; hori ez da erantzuna.

        — Orduan, benetan jakin nahi baduzu... —esan nuen lasai—; lapurtu nuen, ez gogoa nuelako, edo beharra, baizik eta, orain, lapurtu ere egin dezakedalako.

        — Zer esan nahi duzu? —hasi zen. Baina ez nion amaitzen utzi.

        — Gauez kalean ibiltzen naiz, gizon bat bilatu, hona ekarri eta gero berak ordaintzen dit..., hori egiten badut, lapurtu ere egin dezaket, ez?

        Ulertu egin zuen, eta bere erreakzioa espero zitekeena zen: — Hori ere egiten duzu..., ongi, ongi..., edema egingo nuen benetan, zurekin ezkonduz gero!

        — Lehen ez nuen egiten —esan nuen—, emaztea eta alaba dauzkazula dakidanetik egiten dut.

        Nire esaldi horretxen zain egon zen denbora guztian, eta segituan ihardetsi zuen: — Ez, laztana, orain ez niri errua bota..., inor ez da puta eta lapur bihurtzen, nahi ez badu.

        — Nonbait, ni hori nintzen, baina jakin ez —erantzun nuen—, baina horretarako aukera zuk eman didazu.

        Nire patxada ikusirik, zereginik ez zuela ulertu zuen. Eta taktika aldatu zuen. — Tira..., zer zaren edo zer egiten duzun, ez da nire kontua..., baina itzuli behar didazu hauts-kaxa hori..., bestela, lehenago edo beranduago galduko dut lana..., itzuli behar didazu eta nik itxurak egingo ditut, ez dakit, lorategian aurkitu dudala.

        Eta nik: — Zergatik ez duzu lehenago esan?... Lanpostua ez galtzeko bada, hartu ba..., hor dago, armairuko lehen tiraderan.

        Berehala, lasaitua eta presaka, armairura joan, tiradera ireki, hauts-kaxa hartu eta patrikan sartu zuen. Gero begiratu zidan, bestelako begi batzuekin ordea, haietan halako aldarte umil eta adiskidetzaile bat gailentzen zela baitzirudien. Baina ez nuen bere begirada hark iragartzen zuen ikuskizun lotsagarria jasateko adorerik. — Ekarri al duzu autoa? —galdetu nuen.

        — Bai.

        — Berandu da, ez zaizu komeni hemen geratzea..., berriz elkartzen garenean hitz egingo dugu denez.

        — Haserre al zaude nirekin?

        — Ez, ez nago haserre zurekin.

        — Bai, haserre zaude nirekin.

        — Ezetz diotsut.

        Hasperen egin zuen, oherantz makurtu eta musu ematen utzi nion. — Baina deituko al didazu? —esan zuen atetik, etsitu gabe.

        — Egon lasai.

        Halaxe hartu zuen Ginok nire bizimodu berria. Baina berriro elkar ikusi genuen egunean ez genuen hitz egin ez hauts-kaxaz, ez nire ogibideaz ere; ordurako gauza horiek, beren berritasunagatik bakarrik garrantzitsuak izandakoak, beren onera itzuliak eta interesik gabeak balira bezala. Berak, alegia, amaren antzera jokatu zuen, gutxi gorabehera; bakarrik, une bakar batez ez zuen erakutsi, antza, Giacinti etxera eraman nuen lehen gauean amak erakutsi zuen eta, artean ere, noizean behin, bere satisfazioan eta bere loditasunaren itxura kaltegarrian, ustez igartzen nion larritasuna. Ginoren ezaugarri nagusia, ordea, halako maltzurkeria ergel eta begi laburrekoa zen. Nik uste, bere traizioaren ondoren nire bizitzak jasandako aldaketen berri jakitean, bizkarrak jaso eta honela esango zuen: «Ba, kolpe batez bi txori..., horrela ezin dit orain ezer aurpegiratu eta berdin-berdin jarraituko dut bere maitalea izaten». Badira gizonak zoriontzat hartzen dutenak daukaten hori edukitzen jarraitzea, hasi dirutik eta emakumearengandik bizitzaraino bereraino, baita beren duintasunaren ordainetan bada ere; eta Gino horietako bat zen.

        Bera ikusten segitu nuen, gertatuak gertatu, esan dudan bezala, gustatzen zitzaidalako eta inor ez zegoelako bera baino gehiago gustatzen zitzaidanik; eta gainera, gure artean dena amaituta zegoela pentsatzen nuen arren, ez nuelako nahi amaiera hori zakarra eta desatsegina izan zedin. Inoiz ez zait gustatu errotik moztea, bat-batean ezer etetea. Bizitzan gauzak berez hiltzen direla uste dut, jaiotzen diren bezala alegia, asperraldiagatik, axolagabekeriagatik edota ohituragatik, berau asperraldi mota zintzo bat baita; eta horrela, berez hiltzen direla sentitzea atsegin dut, nire edo inoren errurik gabe, eta poliki-poliki beste batzuei uzten dietela lekua ikustea. Azken finean, bizitzan inoiz ez da gertatzen aldaketa argi eta garbirik; eta zalapartaka aldatu nahi duenak, gutxien espero duenean, kolpetik eta behin betirako errotik atereak uste zituen aspaldiko ohiturak oraindik bizirik eta temati azaltzen ikusteko arriskua dauka. Ginoren eskuen laztanek ere, bere hitzek bezala, hotz uztea nahi nuen; eta beldur nintzen, denborari denbora eman ezean, edozein unetan ager zitekeela berriro nire bizitzan eta gogoz kontra behartu aspaldiko harremanei berriz ekitera.

        Beste pertsona bat itzuli zen garai hartan nire bizitzara, Astarita. Berarekin, Ginorekin baino errazagoa izan zen dena. Gisellak ezkutuan ikusten zuen, eta uste dut Astaritak nitaz hitz egiteko aukera edukitzearren egiten zuela amodioa berarekin. Nolanahi ere, Gisella niri berataz hitz egiteko une egokiaren zain zegoen; eta denbora aski igaro zela eta ni nahiko lasai nengoela iruditu zitzaionean, Astarita aurkitu eta nitaz galde egin ziola esan zidan. — Ez dit ezer zehatzik esan —jarraitu zuen—, baina oraindik zurekin maiteminduta dagoela ulertu dut...; egia esan, pena eman dit..., benetan zoritxarrekoa dela ematen zuen...; berriz diotsut: ez dit ezer esan..., baina berdin-berdin igarri dut zu berriz ikusteko gogo handia duela..., orain, gainera...

        Baina nik moztu egin nion: — Entzun, alferrik duzu horrela hitz egiten jarraitzea.

        — Nola?

        — Ba, horren kontu handiz..., hobe, esan ezazu berak bidaltzen zaituela, berriz ikusi nahi nauela eta nire erantzuna eramatea agindu diozula.

        — Demagun egia dela hori —onartu zuen, harriturik—, eta orduan zer?

        — Orduan —erantzun nuen lasai—, esaiozu ez dudala ezer bera ikustearen kontra..., besteak ikusten ditudan bezala, noski, hau da, konpromisorik gabe, noiz edo noiz.

        Guztiz txunditurik geratu zen nire patxadarekin; uste zuen Astaritari gorroto niola eta ez nukeela berriz ikusi nahi izango. Ez zuen ulertu amodioa eta gorrotoa ez zirela jadanik existitzen niretzat; eta, gertatzen den bezala, gibel-asmoren bat izango nuela pentsatu zuen. — Ondo egiten duzu —esan zuen handik gutxira, itxura gogoetatsu eta maltzurrez—, zure lekuan, nik berdin egingo nuke.... batzuetan ezinikusien gainetik pasa beharra dago... Astaritak benetan maite zaitu, eta bere ezkontza hautsi eta zurekin ezkontzeko gauza ere izango litzateke..., baina, gaiztoa zara gero..., eta nik inuzentetzat hartzen zintudan!...

        Gisellak inoiz ez zuen ezer ulertu nitaz; eta eskarmentuz nekien alferreko lana izango zela begiak irekitzea. Horregatik, itxura hutsez lotsarik gabe erantzun nion: — Horixe eta bekaizkeria eta mirespen iraingarria nahastuta zituen aldarte batez utzi nuen.

        Nire erantzuna Astaritari jakinarazi zion, eta Giacintirekin lehen aldiz aurkitu nintzen gozotegi berean ikusi nuen berriz. Gisellak esan bezala, artean zoroki maite ninduen eta, izan ere, ikusi ninduen bezain laster, hildako bat bezain zurbil jarri, bere adore guztia galdu eta ez zuen ahoa zabaldu. Bere indarren gainetik zegoen, nonbait; eta, nik uste, arrazoia dute herriko emakume xehe zenbaitek, amak esate baterako, maitasun kontuez hitz egitean, halako gizon batzuk beren maitaleek sorgindu dituztela esaten dutenean. Nahi gabe eta ohartu gabe ere, nolabaiteko sorginkeria bat egin nion berari; eta, bera horren jakinaren gainean egonda ere, eta bere indar guztiekin hartatik ateratzen ahalegindu arren, ezin zitekeen askatu. Behin betirako jarri nuen uztarpean, loturik, morroi; behin betirako desarmatu nuen, geldiarazi eta nire eskumenean jarri. Ondoren azaldu zidan bakarka saiatzen zela, batzuetan, nirekin jokatu nahiko zuen paper hotz eta erdeinuzkoan, hitzak buruz ikasteraino ere; baina gero, ikusten ninduen bezain azkar, odolak ihes egiten zion masailetatik, nolabaiteko larritasun batek estutu egiten zion bularra, burua hustu eta mingainak uko egiten zion hitz egiteari. Nire begiradari aurre egiterik ez zuela iruditzen zitzaion, burua galtzen zuen, nire aurrean belauniko jarri eta oinetan musu emateko desio itzalezina sentitzen zuen.

        Eta benetan ez zen beste gizonak bezalakoa; esan nahi dut bere baitan bazela goganbehartuta dagoenaren zerbait. Elkartu ginen gauean, jatetxean isiltasun gogor eta ikaratu batez elkarrekin afaldu ondoren, nire etxera joan ginenean, Viterbora joan ginenetik Ginorekin hautsi nuen arte nire bizitza nolakoa izan zen zehatz-mehatz kontatzeko eskatu zidan. — Baina zergatik interesatzen zaizu horrenbeste? —galdetu nuen harriturik.

        — Ba! —erantzun zuen—, ezergatik ez..., baina berdin zaizu, ez?... Ez nitaz pentsatu, konta ezazu.

        — Niregatik!... —esan nuen bizkarrak jasoz—, hala nahi baduzu!—. Eta zehaztasun osoz, eskatu zidan bezala, kontatu nion bidaiaren ondoren gertatu zitzaidan guztia: nola gauzak argitzen aritu nintzen Ginorekin, nola jarraitu nien Gisellaren aholkuei, nola aurkitu nintzen Giacintirekin. Hauts-kaxaren kontua bakarrik isildu nuen, neuk ere ez jakin zergatik, beharbada bera estutasunetan ez jartzeko, lanbidez polizia baitzen. Galdera piloa egin zidan, Giacintirekin aurkitu nintzenekoari buruz batez ere. Ez zirudien inoiz asetzen zenik xehetasunekin, gauzen berri jakin baino areago, ikusi eta ukitu ere egin nahi izan balitu eta, hitz batean, haietan parte hartu nahi izan balu bezala. Ez dakit zenbat aldiz moztu zidan «Eta zuk zer egin zenuen?» edo «Eta berak zer egin zuen?» batez. Amaitu nuenean, besarkatu ninduen, «Nire errua izan da dena» xuxurlatuz.

        — Baina..., ez —erantzun nuen apur bat gogaituta—, ez da inoren errua izan.

        — Bai, nire errua izan da..., niregatik galdu zara..., Viterbon ez banintz hala portatu, dena bestela izango zen.

        — Oraingo honetan oker zaude erabat —erantzun nuen bizi-bizi—, errua, norbaitena izanez gero, Ginorena izan da..., zuk ez duzu zerikusirik, inondik ere...; zuk, maitea, nahitaez eduki nahi izan ninduzun Viterbon..., eta nahitaez lortutako gauzek ez dute garrantzirik... Ginok traizio hori egin izan ez balit, ezkondu egingo nintzen berarekin, gero gertatutakoa kontatuko nion, eta inoiz ezagutu ez bazintut bezala izango zen dena.

        — Ez, nire errua izan da..., itxuraz, Ginoren errua izan da, beharbada..., baina funtsean nire errua izan da.

        Bere erruaren gogoeta horri dezente loturik zegoela zirudien; baina, hala iruditu zitzaidan, ez damuturik zegoelako, aitzitik, gustatzen zitzaiolako usteldu eta hondatu ninduela pentsatzea. Gustatzen zitzaiola esatea, bestalde, oso gutxi esatea da: kitzikatu egiten zuen; eta beharbada horixe zen nirekiko bere grinaren motiboa. Berehala ulertu nuen hori, konturatu nintzenean askotan eskatzen zidala, elkartzean, ni eta aldi bateko nire maitaleen artean gertatutakoaren xehetasunak kontatzeko. Horiek kontatzen nizkion bitartean, egonezinean ikusten nuen, eta aurpegiera tinkatu eta arretatsua ipintzen zuen, lotsaz betetzen ninduena. Eta gero, segituan, nire gainera etzan eta, hartzen ninduen bitartean, grina biziz errepikatzen zizkidan hitz iraingarriak, zakarrak, lizunak, hemen azaldu nahi ez ditudanak eta emakumerik ustelduenari ere mingarriak irudituko litzaizkiokeenak. Bere jarrera arraro hori nireganako adorazioarekin nola ezkontzen zen, inoiz ulertu ez dudan gauza da; nire ikuspegitik, ezinezkoa da aldi berean emakume bat maitatu eta ez errespetatzea; baina maitasuna eta ankerkeria nahastu egiten ziren, nonbait, bere baitan, elkarri beren kolorea eta indarra emanez. Batzuetan buruak eman zidan bere erruz doilortuta nengoela imajinatzearen plazer hain berezi hori bere polizia politiko lanak pizten ziola; lan hori, ulertu nuen bezala, salatuen puntu ahulak aurkitu, usteldu eta betirako kaltegabe izateko zital bihurtzean zetzan, hain zuzen ere. Berak adierazi zidan, ez dakit zer zela eta, satisfazio berezi bat sentitzen zuela, gorputzezkoa ia, maitasun plazeraren antzekoa, salatutako batek aitortzea edo nolabait makurraraztea lortzen zuen aldi bakoitzean. — Salatutakoa emakume bat bezalakoxea da —azaldu zidan—, eusten duen bitartean, burua tente du..., etsi duenean, ordea, trapu bat bilakatzen da, eta nahi duzunean eta nahi duzun bezala eduki dezakezu berriro ere. Baina badaiteke bera sortzez izatea ankerra eta bere buruaz asea, eta izaera horixe zuelako aukeratu izana lanbide hori, eta ez alderantziz.

        Astarita ez zen zoriontsua; aitzitik, bere zoritxarra sekulan ikusi nuen osoena eta ezinbestekoena iruditu zitzaidan beti, ez zelako kanpoko zerbaiten ondorio, nik ulertu ezin nezakeen bere ezgaitasun edo bihurrikeria baten ondorio baizik. Nire ogibideko kontuak esanarazten ez zizkidanean, aurrean jartzen zitzaidan belauniko, burua altzoan jarri eta hala geratzen zitzaidan, batzuetan ordubetez ere, geldi-geldirik. Nik eskua burutik arin pasatu besterik ez nion egiten, amek umeekin egiten duten bezalaxe. Bera negarrez zotinka egoten zen, tarteka; beharbada negar ere egiten zuen. Inoiz ez dut maite izan Astarita; baina, une haietan, erruki handia nion, sufritzen zuela eta bere sufrimendua arintzeko inolako modurik ez zegoela ulertzen nuelako.

        Mingostasunik handienaz hitz egiten zuen bere familiaz: gorroto zuen bere emazteaz, maite ez zituen bere alabez, haurtzaro zaila eman zioten eta, artean eskarmentu gabea zenean, ezkontza dohakabe batera behartu zuten bere gurasoez. Bere lanbidea ez zuen ia inoiz aipatzen. Behin bakarrik esan zidan zerbait, imintzio berezi batez: — Etxeetan gauza baliagarri asko daude, garbiak ez badira ere..., gauza horietako bat naiz ni..., hondakinak botatzeko zaborrontzia naiz—. Baina, oro har, bere lanbidea guztiz ohorezkotzat zuelako sentsazioa izan nuen. Eginbeharraren zentzu oso handia zuen, eta, ministeriora egin nion bisitagatik eta esan zituen beste zenbait gauzarengatik ulertu nuen bezala, ereduzko funtzionario bat zen, ganora handikoa, isilpekoa, gogo-argia, ustelezina, zorrotza. Polizia politikokoa izanik ere, politikaz ez zuela ezer ulertzen aitortzen zuen. — Gurpil bat naiz, tresneria batean besteekin batera mugitzen dena —esan zidan beste batean—, haiek agindu eta nik bete egiten dut.

        Astaritak gauero ikusi nahi izango ninduen baina, esan bezala, inolako gizon bati lotu nahi ez izateaz gainera, gogaituta eta ezinegonean jartzen ninduen bere seriotasun ikaratuarekin eta bere bitxikeriekin; eta hala, erruki banion ere, ezinezkoa zitzaidan lasaitu-hasperen bat ez egitea uzten nuen bakoitzean. Horregatik, gutxitan ikusten saiatzen nintzen, astean behin baino gehiagotan ez. Harreman urri izateak niganako bere grina beti esna eta sutsu edukitzen lagundu zuen, jakina; aldiz, behin eta berriro proposatzen zidan bezala, berarekin bizitzea onartu izan banu, beharbada, poliki ni bere ondoan egotera ohitu eta benetan nintzen bezala ikusiko ninduen azkenik: hau da, neska gaixo bat, beste hainbat bezalakoa. Ministerioan, mahai gainean zeukan telefonoaren zenbakia eman zidan. Zenbaki sekretua zen; polizi buruak, gobernu-buruak, ministroak, eta beste pertsonaia garrantzitsu bakan batzuek baino ez zekiten. Hots egiten nionean, segituan erantzuten zuen; baina, ni nintzela konturatu orduko, bere ahotsa, une batez garbi eta lasaia, lausotu eta totelka hasten zen. Esklabo baten antzera jarria zen nire menpe, uztarpean. Gogoan dut, behinola, apur bat oharkabean, laztan bat egin niola aurpegian, berak eskatu gabe. Eskua berehala harrapatu eta gar handiz eman zion musu. Gero, beste inoiz, laztan hori nahita egin niezaiola eskatu zidan. Baina laztanak ez dira agintzen.

        Askotan, esan dudan bezala, ez neukan kalera jaitsi eta gizon bila hasteko gogorik, eta etxean geratzen nintzen. Ez nuen amarekin egon nahi izaten, zeren eta, biok, esan gabeko adostasuna balego bezala, isilik egoten ginen arren nire ogibideaz, gure berriketak beti amaitzen baitziren azkenik horren inguruan, hitz erdiz eta lotsaz; eta, orduan, ia ageri-agerian eta inolako estalkirik gabe hitz egin nahiago izango nukeen. Hortaz, amari trabarik egitera ez etortzeko esan eta logela barruan geratzen nintzen; eta ohean etzaten. Logelak patiora jotzen zuen, inolako zaratarik ez zen iristen kanpotik leiho itxian barrena. Unetxo batez lo egiten nuen, gero jaiki eta aurrera eta atzera hasten nintzen gelan, zeregin txikiren batean buru-belarri, arropa txukun jartzen, edo altzariei hautsa kentzen, esaterako. Zeregin horiek nire burutazioen makina martxan jartzeko akuiluak baino ez ziren, nire inguruan halako intimitate giro trinko eta itxi bat sortzeko. Gero eta gogoeta sakonagoak egiten nituen; eta azkenerako ia ez nuen inolako gogoetarik egiten, eta aski nuen hainbeste sakabanatzeren eta hainbeste ohitura neketsuren ondoren bizirik nengoela sentitzea.

        Bakar-ordu haietan, halako une batean beti halako nahaste gordin batek jotzen ninduen; bat-batean iruditzen zitzaidalarik buruargitasun hozmin batez ikusten nuela nire bizitza guztia eta neure burua ere alde guztietatik, eta dena batera. Egiten nituen gauzak bitan banatzen ziren; beren esanahizko haragia galdu, eta itxura zentzugabe eta ulergaitzak izatera murrizten ziren. Eta honela esaten nuen nire artean: «Sarritan ekartzen dut hona ni ezagutu gabe gauean nire zain egon den gizon bat..., elkarri loturik, borroka egiten dugu ohe honen gainean bi etsairen antzera..., gero paperezko orri koloredun inprimatu bat ematen dit..., biharamunean orri horren truke janariak, jantziak eta antzeko gauzak hartzen ditut». Baina adierazpen horiek lehen urratsa baino ez ziren nahaste sakonago baten bidean; nire ogibidearen inguruan neure ariman habia eginda zeukan iritzia handik uxatzeko balio zidaten; eta erakusten zidaten nola nire ogibide horixe zentzugabeko keinu multzo bat baino ez zen, beste keinu eta beste ogibide batzuen parekoa erabat. Segitu-segituan, hiriko zarata urrun batek, edota nire gelako altzari baten kirrinka batek, nire presentziaren sentsazio zentzugabe eta ia zorabiatua ematen zidaten. Eta nire artean: «Hemen nago, eta beste edonon egon ninteke..., eta orain dela mila urteko denboran egon nintekeen edo hemendik mila urtekoan... eta beltza edo zaharra izan nintekeen, edo ilehoria edo txikia... ». Amaierarik gabeko ilunpe batetik irtena nintzela pentsatzen nuen eta laster sartuko nintzela mugarik gabeko beste ilunpe batean, eta nire igaroaldi labur hori ekintza zentzugabe eta halabeharrezkoek bakarrik markatuta geratuko zela. Orduantxe ulertzen nuen nire larrialdia ez zitzaiela egiten nituen gauzei zor, baizik eta, sakonkiago, bizitze hutsari, hau ez baitzen on ez txar, mingarria eta zoroa baino.

        Nahaste horrek zenbaitetan oilo-ipurdia jartzen zidan beldurraren beldurrez; hotzikara sakonak izaten nituen, eta nire ile guztiak sentitzen nituen mugitzen eta sustraietaraino inurritzen; eta bat-batean iruditzen zitzaidan nire etxeko hormak, hiria eta mundua ere desagertu eta ni hutsune beltz eta mugagabe batean zintzilik aurkitzen nintzela; eta, soineko haiekin, oroitzapen haiekin, izen harekin, ogibide harekin zintzilik, gainera. Adriana izeneko neska bat, hutsunean zintzilik. Hutsune hori atarramentu handiko gauza izugarri eta ulergaitza zela iruditzen zitzaidan, eta kontu osoaren alderdirik tristeena, hain zuzen ere, hutsune horretan agertzean, arratsaldean Gisella zain neukan gozotegian azaltzen nintzen modu eta itxura berberarekin agertzea zela. Nire larritasuna ez zen arintzen, besteak ere hutsune haren azpian, hutsune haren barruan, hutsune hark inguraturik, era hutsal eta desegokian mugitzen eta aritzen zirela pentsatu arren. Bakarrik, harritu egiten nintzen, horretaz konturatzen ez zirelako eta, pertsona askok batera gauza berbera aurkitzen dutenean gertatzen den bezala, ez zutelako ikusitakoaren berri ematen edo hartaz sarriago hitz egiten.

        Une haietan belaunikatu eta errezatzen hasteko gogoa etortzen zitzaidan, areago haurtzarotik geratutako ohituragatik, benetako nahia edo kontzientziagatik baino, beharbada. Baina ez nuen errezatzen ohiko otoitzetako hitzekin, luzeegiak iruditzen zitzaizkidalako nire bat-bateko aldarterako. Aldiz, belauniko jartzen nintzen, hainbesteko oldarrez non batzuetan zenbait egunez minduta geratzen baitzitzaizkidan hankak, eta honelaxe errezatzen nuen, labur-labur: «Kristo, erruki zakizkit», ahots ozen eta etsituaz. Ez zen egiatan otoitz bat, baizik eta formula magiko bat ia, nire aztoramendua deuseztatu eta betiko errealitatea berriz aurkitzeko ustez balioko zidana. Horrela, etsi-etsian, nire gorputzaren indar guztiaz oihu egin ondoren, sorgorturik geratzen nintzen, aurpegia eskuen artean sarturik, luzaro. Azkenerako konturatzen nintzen ez nuela ezertaz pentsatzen, gogaitzen ari nintzela, betiko Adriana nintzela, nire logelan nengoela, neure gorputza ukitzen nuen, kalterik gabe eta hantxe aurkitzen nuela sinetsi ezinik ia, altxatu eta ohera joaten nintzen. Neka-neka eginda eta minberatuta sentitzen nintzen, aldats harritsu batetik behera erori banintz bezala; eta berehala lokartzen nintzen.

        Aldarte haiek, ordea, ez zuten inolako eraginik izaten nire ohiko bizimoduan. Betiko Adriana izaten segitzen nuen, bestalde, betiko izaerarekin, diruagatik gizonak etxera eraman, Gisellarekin ibili eta amarekin eta besteekin garrantzirik gabeko gauzez hitz egiten zuena. Eta batzuetan oso arraroa iruditzen zitzaidan hain desberdina izatea bakarrik edo norbaitekin egonda, neure buruarekin eta besteekin neuzkan harremanetan. Baina ezin nuen sinetsi neuk bakarrik sentitzen nituenik hain sentimendu indartsu eta etsituak. Guztiei, egunean behin gutxienez, norbere bizitza esan ezinezko larritasun-puntu zentzugabe batera murrizten zitzaiela pentsatzen nuen. Baina haien baitan ere ez zeukan inolako eragin nabarmenik horren berri jakiteak. Gero beraien etxetik irteten ziren, ni bezala, eta atzera eta aurrera ibiltzen ziren, zintzoki beren itxura hutsezko papera jokatzen. Gogoeta honek berretsi egiten zidan nire ustea, alegia, gizon guztiak, salbuespenik gabe, errukarriak direla, bizirik daudelako baino ez bada ere.

 

 

 

© Alberto Moravia

© itzulpenarena: Koldo Biguri

 

 

"Alberto Moravia / Erromako emakumea" orrialde nagusia