ZORTZIGARREN ATALA

 

        Ondoko egunetan, gauero ikusi nuen Giacinti. Berak biharamun goizean hots egin zion Gisellari, eta Gisellak, bazkalostean ikusi bezain laster eman zidan mandatua. Ginorekin elkar ikusteko geratu nintzen egunaren bezperako gauean atera behar zuen Giacintik Milanorako, eta horrexegatik onartu nuen gauero ikustea. Bestela uko egingo nion, neure buruari agindu niolako ez nuela inolako harreman iraunkorrik izango gizon batekin. Ogibide hori eduki behar banuen, hobe zen, pentsatzen nuen, bete-betean egitea, aldi bakoitzean maitalea aldatuz, eta ez gizon bakar batek mantentzen utziz, ogibide hori ez izateko ameskeriarekin neure burua engainatuz; arriskua baitzegoen, gainera, nik bera edo berak ni estimatzen hasteko eta, horrela, izatezko askatasuna ez ezik, sentimenduena ere galtzeko. Bestalde, artean aldatu gabe neuzkan ezkon bizitzari eta bizimodu normalari buruzko nire ideiak; eta pentsatzen nuen, ezkontzekotan, ez nintzatekeela ezkonduko mantentzen ninduen eta halako harreman interesatu bat, azkenik legezko bai, baina ez ordea moral bihurtzea erabakiko zuen maitale batekin, baizik eta ni maitatzen ninduen eta nik maitatzen nuen gazte batekin, nire maila bereko, nire gustu bereko eta nire pentsamolde bereko gazte batekin. Hortaz, nik aukeratutako ogibidea nire aspaldiko nahietatik urrun geratzea nahi nuen, kutsapenik gabe, ez konpromisorik gabe, neurri batean emazte ona eta ohaide ona izateko asmoarekin sentitzen bainintzen, baina inola ere ez, Gisellak egin nahi zuen bezala, bi gauzen arteko erdibide zuhur eta azal-hutsekoa aukeratzeko gai. Eta hori gainera, kontuak atereaz, askoz gehiago eskura zitekeelako askoren eskrupulutik, bakar baten esku-zabaltasunetik baino.

        Gau guzti haietan, jatetxe berera eraman ninduen Giacintik afaltzera, eta gero etxera lagundu eta nirekin geratzen zen berandu arte. Amak, ordurako, irteera horietaz hitz egiteari ere utzi egin zion; eta ondoko goizean, beranduko ordu batean, erretilu batean kafea ekarriz nire logelara sartzen zenean, ondo lo egin ote nuen galdetzera mugatzen zen. Garai batean, sukaldera joaten nintzen kafe hori zurrutaka edatera, goiz samar, labe ondoan zutik, artean ur izoztuaren hotza nuela eskuetan eta aurpegian. Orduan, aldiz, amak logelara ekartzen zidan eta ohean edaten nuen, berak pertsianak ireki eta gela txukuntzeari ekiten zion bitartean. Inoiz ez nion esaten iraganean esango ez niokeen ezer; baina berak bere kasa ulertu zuen dena aldatu zela gure bizitzan, eta bere jokabideaz azaltzen zuen ondo baino hobeto zekiela zer nolako aldaketa zen hura. Bion artean esan gabeko akordio bat balego bezala jokatzen zuen, eta bazirudien bere ardura horiekin, gure bizitzaren antolamendu berrian ere, niri zerbitzatu eta lehenago bezala baliagarria izateko eskatzen zidala, umiltasunez. Baina esan behar dut kafea logelara eramateko ohitura hark kontsolatu ere egingo zuela bera, zeren eta asko baitaude, eta haien artean ama, ohiturei onerako balioa ematen dietenak, baita onerakoak ez direnean ere, eta halaxe zen kasu hartan. Ahalegin berberaz sartu zituen gure eguneroko bizitzan beste antzeko aldaketa txiki batzuk ere: esaterako, lapiko handi bat ur irakin prestatzea niretzat altxatzen nintzenerako, loreak jartzea nire logelan ontzi batean, eta abar.

        Giacintik diru kopuru berbera ematen zidan beti, eta nik, amari ezer esan gabe, tiradera batera sartzen nuen, ordura arte berak bere aurrezkiak gorde zituen kaxan. Niretzat txanpon ale batzuk besterik ez nituen hartzen. Bera konturatu egingo zen gure ondasunek egunero izaten zuten gehikuntza horretaz, horretan nago behintzat; baina hitz bakar bat ere ez zen inoiz esan gure artean kontu horretaz. Nire bizitzan, gero, ohartu egin naiz zilegizko irabazpideak dauzkatenek ere ez dutela haietaz hitz egitea maite, kanpokoekin ez ezik, etxekoekin ere. Segur aski, diruari halako lotsa sentimendu bat dago loturik, edo begirunea behintzat, mintzagai arrunten multzotik ezabatu eta, isilpekoak edo aitortu ezinezkoak izanik, esan behar ez diren gauzen artera baztertzen duena; ia bide txarretik irabazia balitz bezala, bide hori edozein izanda ere. Baina beharbada egia da inork ez duela maite diruak ariman esnatzen duen sentimendua erakustea, oso sentimendu bortitza delako eta ia beti erru izpi baten ondoan azaltzen delako.

        Gau haietako batean, Giacintik nire gelan lo egin nahi zuela adierazi zidan; baina nik, goizean irtetean etxekonekoak hartaz konturatuko zirela eta, aitzakia horrekin bidali nuen. Egia esanda, berarekiko intimitateak, lehen gauetik aurrera, ez zuen inolako aurrerapausorik egin, ez noski nire erruz. Lehen gauean azaldu zen modu berean azaltzen jarraitu zuen alde egin zuen egunera arte. Balio gutxiko edo batere gabeko gizona zen benetan, maitasun harremanetan behintzat; eta berarekiko izan nezakeen sentimendu guztia, lehen egun hartan lo egiten zuen bitartean izan nuen: sentimendu orokor bat, beharbada berari ere ez zegokiona. Halako gizon batekin lo egitea pentsatzeak nazka ematen zidan; eta aspertzeko beldurra ere banuen, seguru nengoelako gauaren erdian esna edukiko ninduela bere barrukoak esaten eta bere buruaz hitz egiten. Bera, aldiz, ez zen ohartu aspertuta nengoela, ezta begitan hartua nuela ere, eta egun gutxi haietan nire begikoa izatea lortu zuelakoan utzi ninduen.

        Ginok eta biok elkar ikusi behar genuen eguna iritsi zen, eta hainbeste gauza gertatuak ziren hamar egun haietan, non ehun urte igaro zirela iruditu baitzitzaidan estudioetara joan baino lehenago bera ikusi, eta etxea jartzeko behar nuen dirua irabazteko lan egin, eta ezkontzekotan zegoen emaztegai bat nintzela uste nuenetik. Jarri genuen orduan bertan agertu zen bera, eta, autora sartzen ginen bitartean, nahiko zurbil eta larri bezala zegoela iruditu zitzaidan. Inori ez zaio gustatzen traizio bat aurpegiratzerik, ezta traidorerik ausartenari ere, eta berak asko pentsatu eta susmatu zuen, nonbait, gure ohiko harremanak eten genituen hamar egun haietan. Baina nik ez nuen berarekiko inolako erresuminik erakutsi, eta, egia esan, ez nuen itxurarik egiten, guztiz lasai sentitzen nuelako arima, eta, are gehiago, hasierako etsialdiaren garraztasuna pasa ondoren, ia berarekiko oniritzi barkatzaile eta eszeptiko batera makurtua ere. Azken finean, Gino artean gustatzen zitzaidan, zuzendu nion lehen begiradarekin konturatu nintzen bezala, eta hori asko zen jada.

        Aldi baten ondoren, autoa landetxera zihoan bitartean, hauxe galdetu zidan: — Orduan, zure apaiza asmoz aldatu al da?

        Zertxobait burlazko doinua zeukan, baina baita zalantzazkoa ere. — Ez..., neu aldatu naiz asmoz —erantzun nuen lañoki.

        — Eta zure amarekin egin behar zenituen lanak amaitu al dituzu?

        — Oraingoz bai.

        — Gauza arraroa!

        Berak ez zekien zer esan; baina argi zegoen bere susmoak egiazkoak ote ziren jakitearren zirikatzen ninduela.

        — Zergatik arraroa?

        — Esate bat da.

        — Uste al duzu ez zela egia zereginak nituela?

        — Nik ez dut ezer uste.

        Lotsarazi behar nuela erabakia nuen, baina neure erara, apurtxo bat jolastuz berarekin, katua saguarekin bezala, Gisellak gomendatu zidan gogorkeriarik gabe, ez baitzetorren bat nire izaerarekin. — Jeloskor al zaude? —galdetu nion koketeria apur batez.

        — Ni jeloskor?..., mesedez!

        — Bai, jeloskor zaude..., zintzoa bazina, aitortu egingo zenuke.

        Halako batean, jarria nion amuari heldu, eta: — Nire lekuan, edozein egongo litzateke jeloskor —esan zuen.

        — Zergatik?

        — Tira, tira..., nork sinetsiko dizu? Ni ikusteko ezta bost minutu ere aurkitzen uzten ez zizun lan bat?..., mesedez!

        — Baina egia da..., lan handia egin dut —esan nuen lasai. Eta egia zen; izan ere, zer zen bestela, lana ez bazen, eta oso lan nekosoa gainera, Giacintirekin gauero egin nuena?—. Eta epe guztiak eta baita arrioa ere pagatzeko adina irabazi dut —erantsi nuen, neure buruarekin txantxetan—, horrela zorrik gabe ezkondu ahalko gara, behintzat.

        Berak ez zuen ezer esan, argi eta garbi ari zen sinesten egia zela esaten nuen guztia, eta alde batera uzten hasierako susmoak. Iraganean izaten nuen erreakzio bat izan nuen orduan: besoak lepo bueltan jarri nizkion gidatzen zuen bitartean, musu bortitz bat eman belarri azpian, eta xuxurlaka esan: — Zergatik zaude jeloskor?... Badakizu nire bizitzan zu baino ez zaudela.

        Landetxera iritsi ginen. Ginok lorategiraino sartu zuen automobila, ate-sarea itxi eta nirekin batera abiatu zen zerbitzuko atetxorantz. Ilunabarra zen, eta lehen argiek diz-diz egiten zuten inguruko etxeetako leihoetan, neguko arratsalde hartako behe-laino urdinean gorri. Lurrazpiko solairuko pasabidea ia ilunpean zegoen, eta zaborretarako isurbide eta itxi usaina zegoen. Nik geratu eta honela esan nion: — Gaur, ordea, ez dut zure gelara joan nahi.

        — Zergatik?

        — Zure nagusi andrearen gelan nahi dut amodioa egitea.

        — Baina burutik al zaude? —bota zuen ikaraturik. Askotan egon ginen landetxeko goiko geletan; baina maitasuna bere gelan egin genuen beti, lurrazpiko solairuan.

        — Gutizia hori daukat —esan nuen—, zer axola dizu?

        — Axola dit, ordea!..., zer edo zer hausten bada..., inoiz ez da jakiten..., gero konturatzen badira, zer egingo dut?

        — Ai ene, hori zorigaitza, hori! —esan nuen arinkeriaz—, bidali egingo zaituzte, hori besterik ez.

        — Bai, horrela diozu zuk.

        — Eta nola esan behar dut, ba?..., benetan maite banauzu, ez zenuke une batez ere pentsatuko.

        — Maite zaitut, baina hori ez, ezta hitz egin ere, ez dut istilurik nahi.

        — Baina kontuz ibiliko gara..., ez dira konturatuko.

        — Ezetz.

        Guztiz lasai sentitzen nintzen; eta benetan ez neuzkan sentimenduen itxurak egiten jarraituz, honela esan nuen: — Zure emaztegaia naiz, eta fabore hori eskatzen dizut, eta zuk ukatu egiten didazu, gorputza zure nagusi andreak berea jartzen duen lekuan eta burua berak bermatzen duen lekuan jarriko ote ditudan beldurrez...; baina zer uste duzu? Ni baino hobea dela bera, ala?

        — Ez, baina...

        — Nik berak baino mila aldiz gehiago balio dut —jarraitu nuen—, baina zuretzat okerrago..., egin ezazu maitasuna zure nagusi andrearen izara eta burkoarekin..., ni banoa.

        Lehenagoko batean esan dudan bezala, oso handiak ziren nagusiekiko zeukan begirunea eta atxikimendua; eta horretaz harro zegoen, ergelkiro, haien aberastasun guztiak, nolabait, berarenak ere izan balira bezala; baina, hala hitz egiten nuela eta etsi-etsian banindoala ikusirik, iraganean erakutsi ez nion ganora guztiz berri batez joan ere, burua galdu eta atzetik etorri zitzaidan: — Baina itxaron..., nora zoaz?... Esateagatik esan dut..., goazen ba gora, nahi baduzu.

        Eskatzen utzi nion pixka batez, irainduarenak eginez; gero onartu nuen eta, elkarri loturik, noizean behin eskaileretan geratuz musu emateko, lehen aldian bezalaxe, baina, nire aldetik behintzat, bestelako aldarte batez, goiko solairura igo ginen. Nagusi andrearen gelan, zuzenean ohera joan eta estalkia kendu nuen. Berak, ordea, ikara bizian: — Baina ez duzu izaretan sartu nahi izango?

        — Eta zergatik ez? —erantzun nuen lasai—. Ez dut hoztu nahi.

        Isilik geratu zen, argi eta garbi gogaituta; eta ni, ohea prestatu ondoren, bainugelara sartu nintzen, gas tresna piztu eta ur beroaren iturria ireki nuen, ur hari bat ia-ia, bainera azkarregi bete ez zedin moduan. Gino atzetik zetorkidan, urduri eta umore txarrez; eta berriz hasi zen protestaka: — Bainua ere bai?

        — Haiek bainatu egiten dira maitasuna egin ondoren, ez?

        — Ba al dakit nik zer egiten duten? —erantzun zuen, bizkarra jasoz. Baina argi zegoen ez zituela benetan begi txarrez ikusten ausardia haiek; hori bai, bere buruari gogor egiten zion ez onartzeko. Adore gutxiko gizona zen, eta istilutan ez sartzea gustatzen zitzaion. Baina arauak hausteak areago erakartzen zuen, oso gutxitan onartzen zitzaion gauza zelako. — Arrazoia duzu, azken finean —esan zuen handik gutxira, irribarre erdi damutu erdi tentatu batez, eskuaz koltxoia probatuz—, ondo egoten da hemen..., nire gelan baino hobeto.

        — Esan ez dizut, ba?

        Elkarren ondoan eseri ginen ohe ertzean. — Gino —esan nion, besoak lepora jaurtiz—, pentsa zeinen ederra izango den biontzat etxe bat izango dugunean!..., ez da izango hau bezalako etxea..., baina gurea izango da.

        Ez dakit zergatik hitz egin ote nuen horrela. Beharbada, ordurako seguru nekielako gauza horiek guztiak ezinezkoak zirela; eta gustatzen zitzaidalako arimak min gehien ematen zidan lekuan zirika aritzea. — Bai..., bai —esan zuen berak, eta musu eman zidan.

        Nik badakit zer nolako bizimodua gustatzen zaidan —jarraitu nuen betirako galdutako gauza bat deskribatzeko sentsazio anker harekin—, ez noski hau bezain etxe ederra..., aski izango lirateke niretzat bi gela eta sukaldea..., baina gauza guztiak nireak direla..., eta dena ispilu bat bezain garbi dagoela..., eta han lasai egon..., igandean elkarrekin paseatzera joan..., elkarrekin jan, elkarrekin lo egin..., pentsa, Gino, zeinen ederra izango den!

        Berak ez zuen ezer esan. Egia esan, ni ez nintzen inondik inora hunkitzen horrela hitz egitean. Paper bat jokatzen ari nintzela iruditzen zitzaidan, agertokian dagoen antzezlearen antzera. Baina hori are mingotsagoa iruditzen zitzaidan; paper hain hotz, hain azaleko hori, nire ariman partaidetzarik urrunena ere pizten ez zuena, paper hori neu izan nintzelako hamar egun lehentxeago. Hitz egiten nuen batera, Gino luzetsita ari zen biluzten; eta berriro ere konturatu nintzen, autoan sartzean bezala, artean gustatzen zitzaidala, eta pentsatu nuen, erdeinu triste batez pentsatu ere, plazera onartzeko beti prest zegoen nire gorputzak bihurtzen ninduela hain bihozkoi eta barkabera, eta ez ordea nire arimak, ordurako beragandik urrun zegoelako. Berak laztandu eta musu ematen zidan, eta laztan eta musu horiekin sentitzen nuen neure burua nahasten eta zentzuen plazerak nola gainditzen zuen bihotzaren gogorik eza. — Hilko nauzu —murmuratu nuen azkenik zintzoki, ohean atzerantz erortzen utziz neure gorputza.

        Beranduago, hankak izara artean sartu nituen, berak ere berdin egin zuen, eta elkarren ondoan etzan ginen luxuzko ohe hartako manta-edredoia kokots azpiraino jarririk. Gure buruen gainean halako ohe-zeru bezalako bat zegoen, hartatik belo zuri eta lurrun itxurakoak jausten zirelarik ohe-buruaren inguru guztian. Gela guztia zuria zen, gortina arin eta luzeak zituen leihoetan, altzari baxu ederrak paretetan, ispilu biselatuak, beirazko, marmolezko eta metalezko objektu distiragarriak. Izara mehe eta finek laztandu bezala egiten ninduten gorputzean; eta, zirkinik eginez gero, koltxoia bigun-bigun jartzen zen, lo egin eta atseden hartzeko gogo bizia piztuz nire soin-ataletan. Bainugelatik, ate zabalduan barrena, bainerara erortzen zen uraren zarata zetorren, motel eta kexati. Gogo-gozo nengoen eta ez nengoen inola ere arranguratuta Ginorekin. Momentu egokia iruditu zitzaidan huraxe, dena nekiela esateko; seguru nengoelako gizabidez esango niola, sumin izpirik gabe. — Orduan, Gino —esan nuen isilaldi luze baten ondoren, ahots gozo-gozoaz—, Antonietta Partini deitzen da zure emaztea, ez?

        Bera erdi-lo zegoen beharbada; bihotzondoko gogor batek astindu zuelako, bat-batean norbaitek bizkarretik bultza egin balio bezala. — Baina, zer diozu?

        — Eta zure alaba Maria deitzen da, ezta?

        Berriz protestatu nahi izango zuen; baina begietara begiratu zidan, eta alferrik izango zela ulertu zuen. Burko berean geneukan burua, aurpegiak aurrez aurre jarriak, eta ia ahora hitz egiten nion. — Gino gizajoa! —jarraitu nuen—, zergatik esan zenidan hainbeste gezur?

        Gogor erantzun zuen: — Maite zintudalako.

        — Benetan maite izan baninduzu, pentsatu beharko zenuen asko sufrituko nuela egia jakitean..., baina ez zenuen horretaz pentsatu, ez, Gino?

        — Nik maite zintudan —esan zuen—, eta burua galdu nuen..., eta...

        — Nahikoa da —moztu nion—, hasieran atsekabe handia izan dut..., ez nuen uste kapaz izango zinenik..., baina orain amaitu da..., ez dezagun gehiago hitz egin horretaz..., eta orain bainatzera noa—. Izarak gainetik kendu, ohetik altxatu eta bainugelara joan nintzen. Gino ez zen bere lekutik mugitu.

        Ur irakin, urdinxka, eta portzelana zuri guzti haien eta iturriko kanila distiragarri haien artean ikusgarri batez beterik zegoen bainera. Baineran oinak sartu eta, poliki-poliki murgildu nintzen isurki borborkari hartan. Barruan etzan eta begiak itxi nituen. Alboko gelatik ez zetorren inolako hotsik; Gino nire hitzak hausnartzen ari zen, noski, ni ez galtzen lagunduko zion asmoren bat taxutzeko ahaleginetan. Irribarre egin nuen berataz pentsatzean, senar-emazteentzako ohe handian galdurik baitzegoen, berri hura artean aurpegi-aurpegian zuela, belarrondoko bat bezala. Baina gaiztakeriarik gabe egin nuen irribarre, gurekin zerikusirik bat ere ez duen gauza barregarri bategatik irribarre egiten den bezalaxe, zeren eta, esan dudan legez, ez nengoen inola ere arranguratuta berarekin eta, alderantziz, benetan nolakoa zen jakinik, beraganako halako oniritzia sentitzen nuela iruditzen zitzaidan. Gero, gelan zebilela entzun nuen, segur aski janzten ari zen. Handik gutxira burua sartu zuen bainugelako atetik eta makilatu duten zakurraren antzerako begiez begiratu zidan, sartzen ausartu gabe bezala.

        — Orduan, ez dugu berriz elkar ikusiko —esan zuen isilaldi luze baten ondoren, ahots apalez.

        Benetan maite ninduela ulertu nuen, baina bere modura, ez niri gezurra esan eta engainatzeak nazka emateko bezain maite, ordea. Astaritaz gogoratu nintzen eta Astaritak ere maite ninduela pentsatu nuen, berak ere bere modura. — Zergatik ez dugu berriro elkar ikusiko? —esan nion, beso bati xaboia emateaz batera—. Ikusi nahi izan ez bazintut, ez nintzen etorriko gaur..., elkar ikusiko dugu, baina ez lehen bezain sarritan.

        Hitz horiekin berriz adoretu zen, antza. Eta bainugelara sartu zen: — Xaboia ematea nahi al duzu? —galdetu zuen.

        Nahi eta nahiez ama etorri zitzaidan gogora, bera ere, amatasunak ematen duen aginteari uko egin ondoren, ardura eta arreta handiz ibiltzen zelako. — Nahi baduzu..., bizkarrean, iritsi ezin dudan lekuan —esan nion lehor-lehor. Ginok xaboia eta esponja hartu zituen, ni zutitu eta bizkar guztian eman zidan xaboia. Bainera pare-parean zegoen ispilu luze batean begiratu nion neure buruari, eta gauza eder guzti haien jabe zen andrea nintzela iruditzen zitzaidan. Segur aski, bera ere zutitzen zen horrela, eta neskame batek, ni bezalako neska gaixo batek xaboia eman eta garbituko zuen, gorputza luzatuz eta azalean urraturik ez egiteko ahaleginak eginez. Ez zen gauza itsusia izango, pentsatu nuen, pertsona batek zerbitzatua izatea, norberaren eskuekin egin ordez: geldirik egon, mugitu gabe, beste hura, arduraz eta begirunez beterik, inguruan saiatzen den bitartean. Landetxean lehen aldiz egon nintzenean izan nuen gogoeta sinple hura bururatu zitzaidan berriro: nire piltzarrik gabe, biluzik, Ginoren nagusi andreak adina balio nuela. Eta aldiz, bidegabeki, nire fortuna oso bestelakoa izan zen. — Nahikoa..., nahikoa... —esan nion Ginori, amorraturik.

        Berak albornoz bat hartu zuen, ni baineratik irten, berak albornoza zabaldu nire bizkarrean, eta nik gorputzaren inguruan jarri nuen. Besarkatu nahi izan ninduen, ukatzen ote nion ikustearren beharbada, eta nik, tente eta oihal zurian bil-bil eginik, lepoan musu ematen utzi nion. Gero gorputz osoa igurzten hasi zitzaidan, isilik, orkatiletatik bularretaraino, arretaz eta trebeziaz, bizitza guztian besterik egin ez balu bezala, eta nik begiak itxi eta berriz pentsatu nuen etxeko nagusia nintzela eta bera neskamea. Berak onespentzat hartu zuen nire gelditasun hura, eta igurtzi ordez laztantzen ninduela sentitu nuen bat-batean. Atzera bota nuen orduan, albornoza nire gorputz lehorretik erortzen utzi eta, oinutsik hanka-puntetan ibiliz, logelara pasatu nintzen. Gino bainugelan geratu zen bainera husten.

        Azkar jantzi eta gero alde batetik bestera ibili nintzen gelan altzariei begira. Apain-mahai aurrean geratu nintzen; dortoka-oskolez eta urrez eginiko gauzez beterik zegoen. Urrezko hauts-kaxa bati erreparatu nion, izkina batean, zepilo eta lurrin-flaskoen artean. Hartu eta begiratu nion. Oso astuna zen, urre hutsezkoa ematen zuen. Karratua zen, arraiaz apaindua, eta, sarrailan errubi handi bat zeukan sartua. Tentaldiaren sentsazioa ez ezik, aurkikuntzarena ere izan nuen: orain dena egin nezakeen, baita lapurtu ere. Poltsa ireki eta hauts-kaxa barruan sartu nuen; pisuaren pisuaz, hondoraino joan zen berehala, txanponen eta etxeko giltzen artera. Hartzean, halako atsegin sentsual bat ere sentitu nuen, nire maitaleek emandako diruak pizten zidanaren ez oso desberdina. Egia esanda, ez nekien zer egingo nuen hauts-kaxa hain baliotsu harekin, ez baitzen oso egokia nire jantzietarako eta egiten nuen bizimodurako. Ez nuen inoiz erabiliko, horretaz seguru nengoen. Baina, lapurtzean, nire bizitzako gorabeherak zuzentzen zituen logikari obeditzen niola iruditu zitzaidan. Etxea egin denean, teilatua ere ipini behar da, pentsatu nuen.

        Gino berriro sartu zen logelan, eta menpekoaren afanaz, ohea eta bere ustez beren lekutik kanpo zeuden gauza guztiak txukun jarri zituen. — Tira, tira —esan nion mespretxuz, amaitu ondoren, gauza guztiak beren betiko lekuan zeudela ziurtatzeko antsiaz begiratzen zuela ikustean—, nagusi andrea ez da ezertaz konturatuko..., oraingoz ez zaituzte bidaliko—. Hitz haiekin, minak eraginda bezalako zimiko bat egin zuen Ginoren aurpegiak orduan, konturatu nintzenez; eta hitz horiek esana damutu nintzen, gaiztoak zirelako eta ez zirelako egiazkoak ere.

        Ez genuen ahoa ireki ez landetxe barruko eskaileretatik jaistean, ez eta, kanpoan, lorategian, autoan sartzean ere. Gaua zen aspalditik; eta automobila auzo dotore hartako kale bihurrietatik abiatu bezain laster, une haretxen zain egon banintz bezala, negar egiten hasi nintzen gozoki. Neuk ere ez nekien zergatik egiten nuen negar eta, halere, mingostasun handia neukan. Ni ez nago paper etsitu eta amorratuak jokatzeko egina, eta arratsalde oso hartan, lasai agertzen ahalegindu arren, hain zuzen etsipenak eta amorrazioak markatu zuten nire ekintza eta nire hitz bat baino gehiago. Negarrez ari nintzela ere, lehendabiziko aldiz sentitu nuen benetako arrangura Ginorenganako: nahi ez nituen eta nire izaerarekin bat ez zetozen sentimenduak sentitzera behartu ninduelako bere traizioaz. Beti gozoa eta ona izan nintzela pentsatu nuen, eta pentsamendu horrek etsipenez bete ninduen. «Zergatik egin didazu hau guztia?... Nolatan ahaztuko dut, zer egingo dut hortaz gehiago ez pentsatzeko?» galdetu nahi izango nion Ginori, larri eta estuturik. Aldiz, isilik geratu nintzen, malkoak edanez eta noizean behin burua inarrosiz begietatik eror erazteko, fruiturik helduenak eror daitezen adar bat inarrosten den bezala. Ia ez nintzen konturatu hiri guztia zeharkatu genuela bitarte horretan. Gero autoa geratu, jaitsi eta eskua luzatu nion Ginori.

        — Hots egingo dizut —esan nion. Itxaropenez begiratu zidan, baina harriturik gero, nire aurpegi guztia negarrez bustirik ikusi zuenean. Baina ez zuen hitz egiteko astirik izan, ni, agur keinu bat eginez eta irribarrea nekez azalduz, urrundu nintzelako.

 

 

 

© Alberto Moravia

© itzulpenarena: Koldo Biguri

 

 

"Alberto Moravia / Erromako emakumea" orrialde nagusia