ZAZPIGARREN ATALA

 

        Egun hartan bertan, arratsean, Gisellaren bila joan nintzen alogerean hartuta zeukan bere gelara. Normalean, ordu hartan, ohetik jaiki berritan eta Riccardoren bila joateko janzten egoten zen. Ohe deseginean eseri nintzen, eta, bera nahas-mahasean utzitako arropa eta trastez beteriko gela erdi ilun hartan alde batetik bestera zebilen bitartean, lasaitasun handiz kontatu nion nola joan nintzen Astarita bisitatzera, eta nola Astaritak jakinarazi zidan Ginok emaztea eta ume bat zituela. Berri hori entzutean, Gisellak esklamazio bat egin zuen, ez dakit pozez hala ustekabez; ohean nire aurrean esertzera etorri zen, eta bi eskuak sorbaldan jarri zizkidan, begiak zabal-zabalik zituela: — Ez da izango!..., ezin dizut sinetsi!..., emaztea eta alaba..., baina egia da, benetan?

        — Alabak Maria du izena.

        Garbi zegoen albistea ahalik eta gehien jorratu eta komentatu nahi zuela, eta nire jarrera patxadosoarekin etsiturik zegoela. — Emaztea eta alaba..., eta alabak Maria du izena..., eta horrela esaten duzu?

        — Nola esan behar dut, ba?

        — Baina ez al zaitu nahigabetzen?

        — Bai, nahigabetzen nau.

        — Baina nola esan dizu? Gino Molinarik emaztea eta alaba ditu..., horrela?

        — Bai.

        — Eta zuk zer erantzun diozu?

        — Ezer ez..., zer erantzun behar nuen?

        — Baina zer sentitu duzu?... Ez duzu negar egiteko gogorik izan?... Azken finean, zuretzat hondamena da.

        — Ez, ez dut negar egiteko gogorik izan.

        — Orain ezingo zara ezkondu Ginorekin —adierazi zuen itxura gogoetatsu eta alaiaz—. Hau da hau!..., hori kontzientzia, hori!..., zu bezalako neska gaixo bat, berarentzat bakarrik bizi zena, nolabait esateko...; gizonak zerri batzuk dira denak.

        — Ginok —esan nuen— oraindik ez daki jakinaren gainean nagoela.

        — Zure lekuan egonez gero, maitea —jarraitu zuen kitzikaturik—, bereak eta bost esango nizkioke..., begiondoko pare bat ere emango nioke.

        — Hamar egun barru geratu gara —erantzun nuen—; amodioa egiten jarraituko dugula uste dut.

        Atzera jo eta begira geratu zitzaidan, begiak ia aterata zituela. — Baina zergatik?... Oraindik gustatzen al zaizu?... Egin dizun guztia egin ondoren?

        — Ez —erantzun nuen; eta ahots hunkitua apaltzea beste erremediorik ez nuen izan—, dagoeneko ez zait hainbeste gustatzen..., baina—, ezbaian egon nintzen eta, azkenik, ahaleginak eginez gezurra esan nuen: — Begiondokoak eta garrasiak ez dira beti mendekurik onena.

        Berak une batez begiratu zidan, begiak erdizka itxiz eta atzera eginez, pintoreek beren koadroekin egiten duten bezalaxe. — Arrazoia duzu... —esan zuen gero—, ez nuen horrelakorik pentsatu...I baina badakizu zer egingo nukeen zure lekuan? Bere saldan egosten utziko nuke, lasai egon dadin, seguru..., eta gero, halako egun batean, taka!, porruak landatzera bidaliko nuke.

        Ez nuen ezer esan. Une baten ondoren aurrera jarraitu zuen, ez hain ahots kitzikatuaz, baina bai alai eta kantariaz: — Oraindik ezin dizut sinetsi..., emaztea eta alaba..., eta zurekin itxurak egin, horrela..., eta altzariak erosten utzi dizu, eta arrioa..., hau da hau!

        Nik isilik jarraitzen nuen. — Baina nik igarri egin nion... —oihukatu zuen garaile—, hori aitortu behar duzu..., zer esan nizun? Gizon hori ez zela zintzoa... Adriana gaixoa!—. Besarkatu eta musu eman zidan. Musu ematen utzi nion, eta gero esan: — Bai, eta okerrena da amaren dirua gastatu dudala beragatik.

        — Eta amak ba al daki?

        — Oraindik ez.

        — Diruagatik ez beldurrik izan —esan zuen oihuz—, Astarita hain maiteminduta dago zurekin..., nahikoa da zuk nahi izatea, eta behar duzun diru guztia emango dizu.

        — Astarita ez dut berriro ikusi nahi —erantzun nuen—, beste edozein gizon bai, baina ez Astarita.

        Esan behar dut Gisella ez zela artaburu bat. Berehala ulertu zuen hobe zela Astaritaz ez hitz egitea, tarte batez behintzat, eta «beste edozein gizon bai» horrekin zer esan nahi nuen ere ulertu zuen. Une batez gogoetan ari denaren itxurak egin eta gero esan zuen: — Azken finean, arrazoia duzu, ulertzen zaitut..., gertatu denaren ondoren niri ere egingo lidake halako zer bat Astaritarekin ibiltzeak..., berak derrigorrez nahi ditu gauzak..., eta mendekatzeko esan dizu Ginoren kontu hori—. Berriz isildu zen; gero, ahots arranditsuaz: — Utzi nire kontu..., laguntzeko prest dagoen norbait ezagutu nahi al duzu?

        — Bai.

        — Utzi nire kontu.

        — Baina —erantsi nuen—, ez dut berriro inorekin lotu nahi, libre izan nahi dut.

        — Utzi nire kontu —errepikatu zuen hirugarren aldiz.

        — Orain —jarraitu nuen— diru hori itzuli nahi diot amari..., eta behar ditudan gauza batzuk erosi..., eta amak lan gehiagorik ez egitea nahi dut —esan nuen amaitzeko.

        Bien bitartean, Gisella jaiki eta apain-mahai aurrean esertzera joan zen. — Zu —esan zuen presa handiz hautsa emanez— zintzoegia izan zara beti, Adriana...; ikusten zer gertatzen den zintzoegia izanda?

        — Badakizu gaur goizean ez naizela joan posatzera?... —esan nuen—. Erabaki dut ez naizela berriz modelo izango.

        — Ondo egingo duzu —erantzun zuen—, nik orain zerarentzat bakarrik posatzen dut —eta halako pintore baten izena esan zuen—, berari mesedea egiteko..., baina amaitzen duenean, nahikoa.

        Orduan oso begiko gertatzen zitzaidan Gisella, eta bihotza suspertuta sentitzen nuen. Bere «Utzi nire kontu» haiek doinu lasaigarri batez jotzen zuten nire belarrietan, nire beharrez ahalik eta lasterren arduratzeko beste hainbat promesa bihozkor eta amatiarrek bezala. Ondo baino hobeto konturatzen nintzen Gisellak ez ninduela laguntzen benetan maite ninduelako, baizik eta, Astaritaren istorioarekin gertatu bezala, bere egoera berean eroria ikusi nahi ninduelako albait azkarren; baina inork ez du musu-truk ezer egiten, eta kasu honetan Gisellaren bekaizkeria nire komenentziarekin bat zetorrenez gero, ez neukan inolako motiborik bere laguntza ez bilatzeko, interesatua zela jakin arren.

        Presa handia zuen, berandutzen hasia zitzaiolako Riccardoren bila joateko. Gelatik irten eta etxe zahar hartako eskailera zut eta estuetako ilunpean jaisten hasi ginen. Eskaileretan, kitzikadurak eta, beharbada, zoritxarrean bakarrik ez nengoela erakutsiz nire mingostasuna eztitzeko nahiak bultzaturik, honela esan zidan: — Eta gainera, badakizu?..., pentsatzen hasia nago Riccardok ez ote didan ziria sartu nahi, Ginok zuri egin dizun bezala.

        — Bera ere ezkonduta al dago? —galdetu nuen inuzente-inuzente.

        — Ez horixe, baina halako istorio batzuekin hasi zait..., uste dut azak eman nahi dizkidala...; baina, honela esan diot: maitea, ez daukat inondik ere zure beharrik, nahi baduzu, geratu, bestela alde!

        Nik ez nuen ezer esan, baina bera eta bion artean, berak Riccardorekin eta nik Ginorekin geneuzkan harremanen artean alde handia zegoela pentsatzen nuen. Berak, funtsean, sekulan ez zuen ilusiorik egin Riccardoren zintzotasunaz, eta, ondo nekien, ez zuen inolako eragozpenik izan noizean behin traizionatzeko; nik, ordea, nire arimaren indar guzti-guztiaz espero izan nuen Ginoren emaztea izatea, eta beti zintzo jokatu nuen berarekin; ezin baitzitzaion traizioa deitu Astaritak bere xantaiarekin Viterbon amore emanarazi zidaneko han. Baina gauza horiek esanez gero mindu egin zitekeela pentsatu nuen, eta horregatik ez nuen ahorik ireki. Atarian geundela, biharamun arratsalderako geratu ginen, gozotegi batean, eta ordu-orduan iristeko eskatu zidan, segur aski ez zelako bakarrik egongo; eta alde egin zuen.

        Gertatutako guztia amari esan beharko niola sentitzen nuen; baina ez neukan bihotzik. Amak bene-benetan maite ninduen; eta, Gisellak ez bezala, Ginoren traizioan bere ideien garaipena ikusi eta bere satisfazio ankerra disimulatzea ere ez baitzuen pentsatzen, berak poz baino min gehiago hartuko zuen, azkenik arrazoia izan zuela ikustean. Azken finean, nire zoriona baino ez zuen nahi, eta axola gutxi zion nondik iritsiko nuen; bakarrik, uste oso-osoan zegoen Ginok ez zidala emango. Zalantza askoren ondoren, azkenik ezer ez esatea erabaki nuen. Banekien ondoko gauean, ekintzek eta ez hitzek irekiko zizkiotela begiak; eta nire bizitzan izandako aldaketa handia erakusteko modu oso gogorra zela konturatzen nintzen arren, atseginez pentsatzen nuen hainbat azalpen, gogoeta eta iritzi galaraziko nituela horrela; edo, behintzat, Ginoren azpijokoaren berri esan nionean Gisellak eskuzabaltasun handiz egin zituenen moduko azalpen, gogoeta eta iritziak. Egia esanda, ia nazka sentitzen nuen, nolabait, nire ezkontzaren kontu horrekin, eta albait gutxien hitz egin nahi nuen horretaz, bai eta besteek gai hori atera ez zezaten moduan jokatu ere.

        Biharamunean, ama zirika ez hasteko, susmo txarrak hartzen hasia baitzen, Ginorekin geratuta nengoelako itxurak egin nituen, eta arrats osoan geratu nintzen etxetik kanpo. Traje berri bat enkargatu nuen ezkontzarako, traje sastre horietako bat, grisa, zeremonia egin eta segituan janztea pentsatzen nuena. Nire trajerik onena zen, eta zalantzatan egon nintzen jantzi baino lehen. Baina gero pentsatu nuen egunen batean jantzi beharko nuela, eta egun hura ez zela izango ordukoa baino garbiagoa ez eta zorionekoagoa ere, eta, bestalde, gizonek itxuraren arabera epaitzen zutela, eta diru gehiago eskuratzearren nire itxurarik onenarekin aurkeztea komeni zitzaidala; eta eskrupuluak ahaztu nituen. Nire trajea jantzi nuen, beraz, ez ordea nolabaiteko zimikorik gabe —gaur egun, gogoratzen dudanean, aldiz, oso itsusi eta oso apala iruditzen zait, garai hartako nire jantzi guztiak bezala—, kontu handiz orraztu eta aurpegia pintatu ere egin nuen, baina ez ohiz baino gehiago. Honi dagokionez, esan nahi dut inoiz ez dudala ulertu nire ogibide bereko hainbat emakumek zergatik betetzen duten pinturaz aurpegia, gero kalean ibiltzen direnean inauterietako mozorroak ematen baitute, hain zuzen ere. Beharbada, daukaten bizimoduarekin oso zurbilak izango liratekeelako; edo beharbada beldur direlako, modu gogor horretan pintatu ezean, ez dutela eskuratuko gizonen arreta eta ez dietela behar adina aditzera emango hurbiltzen uzteko prest daudela. Nik, ordea, nekatu, lehertu eta guzti, beti edukitzen ditut nire kolore osasuntsu eta beltzaranak, eta apalkeriarik gabe esan dezaket nire edertasuna nahikoa izan dela beti, edergarri gehiegiren laguntzarik gabe, kaletik ibiltzen naizenean gizonei burua mugi erazteko. Gizonak nik ez ditut ezpain edo begietarako pinturarekin erakartzen, edota lasto koloreko ile hori faltsuarekin, baizik eta nire ibilera dotorearekin (halaxe ziurtatu didate, behintzat, haietako hainbatek eta hainbatek), aurpegiaren baretasun eta eztitasunarekin, hortz bikainen irriarekin eta ile kizkur eta beltzen ugaritasun eta gaztetasunarekin. Ilea tindatzen eta aurpegia pintatzen duten emakumeak ez dira konturatzen, beharbada, gizonek, hasieratik direnaren arabera juzkatzen dituztenez, nolabaiteko etsipena sentitzen dutela aldez aurretik. Baina nik, honen naturala, honen neurrizkoa izanik, zalantzatan utzi ditut beti nire benetako izaerari buruz, horrela abenturaren ilusioa emanez, bakarrik zentzuak asetzea baino areago, horixe bilatzen dutelako haiek, azken finean.

        Jantzirik eta txukundurik, zinema batera joan eta birritan ikusi nuen ikuskizun berbera. Gaua zelarik irten nintzen zinematik, eta zuzenean jo nuen Gisellarekin geratu nintzen gozotegira. Gozotegi hura ez zen beste egunetan Riccardorekin batera elkar ikusten genuen leku apal horietako bat; gozotegi dotorea zen, eta lehendabiziko aldiz sartzen nintzen ni hara. Leku hori nire pertsonari balioa eman eta nire kortesien prezioa igotzeko helburu zehatzarekin aukeratu zela ulertu nuen. Trikimailu guzti hauek eta segituan aipatuko ditudan beste batzuek ere egiatan eraman dezakete nire moduko emakume bat, eder eta gaztea izanik, eta edertasun eta gaztetasun hori buru argiaz erabiltzen jakinez gero, bizimodu eroso eta iraunkorra edukitzera, horixe baita, funtsean, denek beren buruei jartzen dieten azken helburua. Baina gutxik lortzen dute; eta ni sekulan ez nintzen egon horien artean. Sortzez herriko neska izanik, susmo txarrez ikusi ditut beti luxuzko lekuak; jatetxe, gozotegi eta kafetegi burgesetan ez naiz inoiz gustura sentitu, lotsatu egiten naiz gizonei irribarre egin edo begiratzean, iruditzen baitzait denen barregarri izateko jarri nautela argi arranditsu guzti horiekin. Aldiz, beti biziki eta maitasun handiz erakarri naute nire hiriko kaleek, beren eraikuntza guztiekin, beren eliza, beren monumentu, beren denda eta beren ate handi guztiekin, haien bidez askoz eder eta gozoagoak baitira, edozein jatetxe edo gozotegitako areto bat baino. Paseatzeko orduan, iluntzen hasten denean, plazara jaistea gustatu izan zait beti, eta, poliki ibiliz, dendetako eskaparate argituen aldamenean ikustea arratsaldeak, goian teilatuen artean, nola iluntzen den zerua, mantso-mantso; beti atsegingarria gertatu zait jende artean ibiltzea alde batetik bestera, eta bueltatu gabe entzutea usterik gutxien dituzun oinezkoak, zentzuak bat-batean pizturik, batzuetan xuxurlatzera ausartzen diren maitasun eskaintzak; beti atsegin izan zait kale berberean gora eta behera ibiltzea, aspertu eta, azkenerako, ia agortuta sentitu arte, baina gogoa artean fresko eta asegaitz dudalarik, ustekabeak inoiz amaitzen ez zaizkion feria batean bezala. Kalea izan da beti nire egongela, nire jatetxea, nire kafetegia; eta hori horrela da pobre jaio naizelako, eta jakina delako pobreak modu onean dibertitzen direla, begiekin gozatuz erostera inoiz sartu ezingo diren dendak, eta haien bizileku inoiz izango ez diren eraikuntzak. Arrazoi beragatik, elizak gustatu izan zaizkit beti; Erroman oso ugariak dira, denentzat irekiak eta denentzat luxuzkoak, eta haietan, marmol, urre eta apaingarri ederren artean, pobreziaren kirats zahar eta umila intsentsua baino minagoa izaten da batzuetan. Baina, jakina, aberats porrokatua dena ez da kaleetatik paseatzen eta ez da elizetara joaten, gehienez ere autoan gurutzatzen du hiria, kuxinetan etzanik eta, beharbada, egunkaria irakurriz; eta nik, kalea beste edozein leku baino nahiago izan nuenez gero, Gisellaren arabera nire gustu sakonenak sakrifikatzearen truke bilatu beharko nituzkeen topaketa haiek guztiak eragotzi nizkion neure buruari. Ez nuen sakrifizio hori egin nahi izan; eta Gisella eta bion arteko harremanak iraun zuen bitarte guztian, eztabaida latzak izan genituen biok nire gustuak zirela eta ez zirela. Gisellak ez zuen maite kalea; eta jendeak nazka eta mespretxua baino ez zion eragiten. Bere pentsamenduen gailurrean, ordea, luxuzko jatetxeak jartzen zituen berak, haietan zerbitzari arduratsuak ia antsiaz baitaude bezeroen keinurik txikienen zelatan, bai eta modazko dantzetarako aretoak, uniformez jantzitako musikariak, eta gaueko arropaz jantzitako dantzariak, kafetegirik dotoreenak eta joko-aretoak ere. Leku horietan oso bestelakoa zen bera, keinuak, jarrerak, eta ahoskera bera ere aldatzen zituen. Hitz batean, andre prestuaren antzera jokatzen ahalegintzen zen; horixe zen, izan ere, bere buruari jarria zion eta, gerora, ikusiko den bezala, neurri batean lortu zuen helburua. Baina hona zein izan zen azkenik izan zuen bere arrakastaren alderdirik bitxiena: bere asmo handiak aseko zituen pertsona ez zuela aurkitu luxuzko lokaletan, baizik eta, niri esker, hainbeste gorroto zuen kale horretan bertan.

        Adin oneko gizon batekin zegoela aurkitu nuen Gisella gozotegian; merkatal bidaiari bat zen, Giacinti izenaz aurkeztu zidana berak. Eserita, altuera normalekoa ematen zuen, sorbalda oso zabalak zituelako batez ere; zutik, ordea, ia nano bat zirudien; eta sorbalda zabal horiexengatik benetan baino txikiagoa ematen zuen. Ile zuri ugaria zuen, zilarra bezain garbia, buru gainean tente, altuago itxura edukitzeko beharbada, eta aurpegi gorri eta osasunez betea, estatua baten hazpegi egoki eta nobleekikoa: kopeta eder eta barea, begi handi eta beltzak, sudur zuzena, ahoa ongi marraztua. Baina aurpegi hori, lehen ikusian polit eta dotorea, ia higuingarria gertatzen zen, harrokeria, handiuste eta bihotz on faltsuaren espresioagatik.

        Ni zertxobait urduri sentitzen nintzen eta, aurkezpenak egin ondoren, hitzik esan gabe eseri nintzen. Giacintik Gisellaki egiten ari zitzaion berriketarekin jarraitu zuen, nire etorrera garrantzirik gabeko gorabehera bat izan balitz bezala, arratsaldeko gertakaririk nagusiena izan arren. — Zu ezin zara nitaz kexatu, Gisella—, eta esku bat jarri zion belaunean, eta hizketan egon zen denbora guztian ez zuen handik kendu—; zenbat denbora iraun du gure, esan dezagun, elkartasunak?..., sei hilabete? Eta esan al dezakezu, barru-barrutik, sei hilabeteotan behin ere bidali zaitudala zure gustua egin gabe?—. Ahots garbia zeukan, motela, markatua, silabak ongi bereizten zituena; baina argi zegoen uler zezaten baino areago, bere buruari entzun eta ahotik ateratzen zitzaion hitz bakoitzaz gozatzeko hitz egiten zuela horrela.

        — Ez, ez —esan zuen Gisellak, aspertu itxuraz, burua jaitsiz.

        — Galdetu Gisellari, Adriana —jarraitu zuen Giacintik, beti bere ahots garbi-garbi eta mailukatuaz—; ez bakarrik ez naiz inoiz zuhurra izan sosekin... zerbitzu profesionaletarako, esan dezagun; baizik eta, gainera, Milanotik itzuli naizen bakoitzean, beti ekarri diot opariren bat... Gogoratzen al duzu, esaterako, nola behin frantses lurrin flasko bat ekarri nizun?... Eta beste behin nola erregalatu nizun tul eta puntilazko azpiko arropa bat?... Emakumeek uste dute gizonek ez dutela ezer ulertzen dessous dagoenaz..., baina ni salbuespena naiz, ez?—. Irri egin zuen zuhurki, hortz-haginak erakutsiz, bikainak, baina faltsuak iruditzeraino bezain zuriak.

        — Eman zigarro bat, azkar! —esan zuen Gisellak lehor samar.

        — Segituan —berak erantzun, lehia ironiko batez. Niri ere eskaini zidan bat, hartu zuen bat beretzat eta, piztu ondoren, aurrera jarraitu zuen: — Eta gogoan al duzu beste batean ekarri nizun poltsa hura..., handia, larru lodikoa, ikusgarria benetan?... Ez al duzu gehiago erabiltzen?

        — Hura goizerako poltsa zen, ordea —esan zuen Gisellak.

        — Gustatzen zait opariak egitea —esan zuen gizonak niganantz zuzendurik—, baina ez arrazoi sentimentalengatik, noski... —burua mugitu eta kea jaurti zuen sudurretatik—, hiru motibo oso argirengatik baizik; lehena: gustatzen zaidalako eskerrak ematen dizkidatela entzutea; bigarrena: opari bat bezalakorik ez dagoelako zerbitzu onak lortzeko; izan ere, opari bat hartu duenak beti espero izaten du beste bat; hirugarrena: emakumeek ilusioa sentitu nahi dutelako, eta opari batek sentimenduaren inpresioa egiten duelako, baita sentimendurik ez dagoenean ere.

        — Maltzurra zara gero! —esan zuen Gisellak, ezaxolatuta eta hari begiratu ere gabe.

        Gizonak burua mugitu zuen, hortzez beteriko bere irribarre ederra erakutsiz. — Ez, ez naiz maltzurra..., bakarrik, bizi izan den eta eskarmentutik ikaskizuna ateratzen jakin duen gizon bat naiz..., badakit emakumeekin gauza batzuk egin behar direla, bezeroekin beste batzuk, langileekin beste batzuk, eta horrela...; ondo baino hobeto antolatutako artxibategi bat bezalakoa daukat nik burua..., esaterako: emakume bat ikusi dut..., karpeta atera, orriak pasa, ikusten dut halako neurri batzuek nahi zen ondorioa lortu dutela, beste batzuek ordea ez, karpeta itzultzen dut bere lekura, eta egoki den bezala jokatzen dut..., hori da dena—. Isildu eta irribarre egin zuen berriro.

        Gisella aspertu itxuraz ari zen erretzen, nik ez nuen ezer esan. — Eta emakumeek esker onez erantzuten didate —jarraitu zuen—, berehala ulertzen dutelako nirekin ez dutela etsipenik hartuko, ezagutzen ditudala beren nahiak, beren ahultasunak eta beren gutiziak..., segituan ulertu, berriketetan galdu ez eta, hitz batean, berak nahi duena eta nik nahi dudana dakien bezeroari esker onez erantzuten diodan bezalaxe...; Milanoko nire mahai gainean daukadan hautsontzi batean zera daukat idatzita: «Bedeinka ezazu, Jauna, denbora galarazten ez duena»—. Zigarroa bota eta, eskumuturretik jantziaren besoa apartatuz, erlojuari begiratu zion eta gero erantsi: — Jatera joateko ordua dela uste dut.

        — Zer ordu da?

        — Zortziak..., barkatu, berehala nator—. Zutitu eta gelako atzealderantz urrundu zen. Txikia zen benetan, bere sorbalda zabalekin eta He zuri, ugari eta buru gainean tentearekin. Gisellak zigarroa hautsontzian zapaldu eta esan zuen: — Oso aspergarria da, eta bere buruaz hitz egin besterik ez daki.

        — Konturatu naiz.

        — Zuk utziozu hitz egiten eta esan baietz beti —jarraitu zuen—, ikusiko duzu nola egiten dizun aitorpen mordo bat..., ez dakit zertzat hartzen duen bere burua..., baina eskuzabala da eta opariak benetan egiten ditu.

        — Bai, baina gero aurpegira botatzen dizkizu.

        Berak ez zuen ezer esan, baina burua mugitu zuen «Zer egingo diogu?» esateko bezala. Isilik geratu ginen apur batez, gero Giacinti itzuli, berak ordaindu eta gozotegitik irten ginen. — Gisella —esan zuen Giacintik kalean—, gaurko gaua Adrianari eskainia dago..., baina gurekin jateko ohorea egin nahi badiguzu...

        — Ez, ez, eskerrik asko —esan zuen Gisellak bizkor—, beste batekin geratu naiz. Giacintiri eta niri agur esan eta alde egin zuen. — Zeinen atsegina den Gisella! —esan nion Giacintiri, Gisella urrun zegoenean.

        Berak ahoa okertu eta erantzun zuen: — Bai, ez dago gaizki, gorputz ederra dauka.

        — Ez al zaizu atsegin?

        — Nik —esan zuen nire ondoan ibiliz eta besoa oso goitik, ia galtzarbetik indarrez helduz— ez diot inoiz inori eskatzen atsegina izateko, baizik eta ondo egiteko egiten duena..., emakume daktilografo bati, esaterako, ez diot eskatzen atsegina izateko, makinaz azkar eta okerrik egin gabe idazteko baizik...; horrela, Gisella bezalako emakume bati ez diot eskatzen atsegina izateko, bere lana ondo egiten jakiteko baizik, hau da, eskaintzen diodan ordubetea edo ordu parea atseginez pasa erazteko baizik... Hori bai, Gisellak ez daki bere lana egiten.

        — Zergatik?

        — Beti diruaz pentsatzen duelako..., eta beti beldur delako dirua ez diotela ordainduko edo ez dela aski izango...; nik ez dut eskatzen, noski, maite nazala nahitaez, baina bere lanbidearen zati bat da benetan maite banindu bezala jokatu eta horren itxurak egitea..., horretarako ordaintzen diot...; Gisellak, ordea, gehiegi ematen du aditzera ordainagatik egiten duela..., ez du arnasa hartzeko denbora ere uzten, berehala laxatzen baitu..., tira ba, ze arraio!

        Jatetxera iritsiak ginen; lokal zaratatsu bat zen, jendez betea, Giacinti bezalako gizonak denak, hala iruditu zitzaidan: merkatal bidaiariak, diru-truke-agenteak, negozio-gizonak, bidaian zeuden industri gizonak. Giacinti sartu zen lehendabizi eta, berokia eta kapelua mutilaren esku utziz, honela galdetu zuen: — Libre al dago nire betiko mahaia?

        — Bai, Giacinti jauna.

        Leiho ondoko mahai bat zen. Giacinti eskuak igurtziz eseri eta gero galde egin zuen: — Sake ona al duzu zuk?

        — Hori uste dut —erantzun nuen urduri.

        — Ongi, gustatzen zait..., mahaian, jatea nahi dut... Gisellak adibidez ez zuen inoiz jan nahi izaten..., gizentzeko beldurrez, esaten zuen...; babokeriak!, gauza bakoitza bere garaian..., mahaian, jan egiten da—. Benetan arranguratuta zegoen Gisellarekin.

        — Baina egia da —esan nuen lotsaz— gehiegi jateak gizentzen duela..., eta zenbait emakumek ez dute gizendu nahi.

        — Horietakoa al zara zu?

        — Ni ez..., baina, egia esan, sendoegia naizela esaten dute.

        — Ez egin kasurik: inbidia hutsa..., oso ongi zaude zauden bezala, nik esaten dizut, eta gauza hauetaz badakit—. Eta adore ematearren, aita baten antzera laztandu zidan eskua.

        Zerbitzaria etorri eta Giacintik esan zion: — Hasteko, kanpora lore hauek: gogaitu egiten naute..., eta gero betikoa, badakizu zer esan nahi dudan, ez?..., eta azkar.

        Gero, niganantz bueltaturik: — Ezagutzen nau eta badaki zer gustatzen zaidan..., utz ezazu nire kontu..., ez duzu kexatzeko motiborik izango, ikusiko duzu.

        Izan ere, ez nuen kexatzeko motiborik izan. Mahaian jarri zizkiguten plater guztiak gozoak izan ziren, ez oso finak, baina ugariak. Giacintik jateko gogo handia azaldu zuen eta nolabaiteko zeremonia batez jaten zuen, buru makur, labanari eta tenedoreari tinko helduz, niri begiratu gabe eta isilik, bakarrik egon balitz bezala. Jateko lanetan erabat sarturik zegoen, eta, bere lehia horretan, hain harro aipatzen zuen bere lasaitasun hori ere galtzen zuen, keinu gehiago eginez gainera, astirik eduki ez eta barur geratu beharko ote zuen beldurrez bezala. Okela puska bat ahoan sartu, ezkerrezko eskuaz azkar ogi zati bat puskatu, hozka egiten zion, beste eskuarekin basoa ardoz bete eta edaten zuen, mastekatzen amaitu baino lehen ere. Hau dena ezpainak mugituz, begi-niniak jiratuz eta noizean behin burua inarrosiz, katuek egiten duten bezala mokadua handiegia denean. Ni, ordea, ohi ez bezala, ez nengoen gose. Lehen aldiz maitasuna egitera nindoan maite ez nuen eta ezagutu ere ezagutzen ez nuen gizon batekin, eta arretaz begiratzen nion, nire sentimenduak aztertuz eta nola konponduko nintzen imajinatzen saiatuz. Gero inoiz ez diot erreparatu lagun egiten zidaten gizonen itxurari; beharbada, beharrak bultzatua, oso azkar ikasi nuelako lehen begiradatik aurkitzen alderdi on edo erakargarri bat, harremanen hurbiltasuna jasateko modukoa egiteko. Baina gau hartan, artean ikasi gabe neukan nire ogibideko trikimailu hori, lehen momentutik bertatik zerbait atsegingarria aurkitzen jakitean datzana, saldutako maitasuna hain nardagarria izan ez dadin hain zuzen; eta, nolabait esatearren, senak eraginda eta konturatu gabe bilatzen nuen. Lehenago esan dut Giacintiren begitartea ez zela itsusia; alderantziz, isilik egon, eta arima betetzen zioten grinak azaltzen ez zituen bitartean, ederra eta guzti iduri zezakeen. Hori asko zen, zeren eta, azken finean, amodioa gorputzezko batasuna baita neurri handi batean; baina hori ez zen aski niretzat, inoiz ezin izan dudalako gizon bat, ez dut esango maitatu, baina bai behintzat jasateko modukoa aurkitu, bere itxuragatik bakarrik. Bada, afaria amaitu zenean eta Giacinti, bere jan behar neurrigabea asea zuela, korrokada bat edo bi egin ondoren, berriz hizketan hasi zenean, konturatu nintzen bere baitan ez zegoela ezer, edo behintzat ni ez nintzen aurkitzeko gauza, bera niretzat maitagarri bihur zezakeenik, apurtxo bat sikiera. Bere buruaz bakarrik hitz egin ez ezik, Gisellak abisatu zidan bezala, nahiko modu zantarrean hitz egiten zuen, hau da, harropuzkeriaz eta aspergarriro, eta gainera inolako ohorerik ematen ez zioten eta nire lehen nazka sentsazioa erabat baieztatzen zuten gauzak kontatuz. Ezer ez, ezertxo ere ez zen bere baitan nire gustukorik; eta berak alderdi ontzat aurkezten zituen gauza guztiak, goraipatuz eta haietaz harrotuz, akats izugarriak iruditzen zitzaizkidan niri. Geroago ere aurkitu ditut, baina oso gutxitan, era horretako gizonak, ezer balio ez dutenak eta haienganako nolabaiteko oniritzia sentitzeko inolako bide onik eskaintzen ez dutenak; eta beti miresgarria iruditu zait horrelakorik egon ahal izatea, eta neure buruari galde egin diot ez ote den nire errua izango lehen begiradan aurkitzen ez baditut zalantzarik gabe dauzkaten alde onak. Nolanahi ere, denbora igaro ahala, ohitu egin naiz konpainia desatsegin hauetara, eta barre egiteko, txantxetan aritzeko eta, hitz batean, haiek nahi dutena eta uste duten bezalakoa izateko itxurak egiten ditut. Baina, gau hartan, lehen aurkikuntza hark gogoeta malenkoniatsu ugari eragin zizkidan. Giacinti hortzak zotz batez garbituz berriketan ari zen bitartean, neure artean esaten nuen oso ogibide gogorra zela aukeratu nuen hura, maitemindu itxurak egin behar nituelako, egiatan hain zuzen kontrako sentimenduak pizten zizkidaten gizonekin, Giacintiren kasuan bezala; ez zegoela dirurik horrelako faboreak ordaintzeko; ezinezkoa zela, honelako kasuetan behintzat, Gisellak ez bezala jokatzea, berak diruaz baino ez baitzuen pentsatzen, eta halaxe ematen aditzera. Gau hartan Giacinti nazkante hura zeharo bestela erabiltzekoa zen nire gela pobrera eramango nuela ere pentsatu nuen; halaber, ez nuela fortuna onik eta halabeharrak nahi izan zuela lehendabiziko alditik bertatik nik ilusiorik ez egitea, Giacintirekin topo eginaraziz hain zuzen, eta ez abentura bila ateratako mutil laño batekin edo handiusterik gabeko gizon zintzo batekin, asko baitaude horrelakoak; eta, labur esanda, Giacinti nire altzarien artean egotean zigilatuta geratuko zela bizimodu duin eta normala edukitzeko nire amets zaharrei eginiko ukoa.

        Bera ez zen isiltzen; baina apenas entzuten niola eta pozik ez nengoela ez konturatzeko bezain motza ere ez zen. — Panpoxa —galde egin zidan bat-batean—, triste al gaude?

        — Ez, ez —erantzun nuen azkar, ikaraturik; baina ia tentazioa nuela, bere ahoskera maitekor engainagarriagatik, nire bihotza ireki eta neure buruaz apur bat hitz egiteko, hain luzaro bere buruaz hitz egiten utzi ondoren.

        Berriz berak: — Hobe horrela..., ez zaidalako gustatzen tristura..., eta gainera ez haut gonbidatu triste egoteko..., hire arrazoiak izango ditun, ez dinat ukatuko, baina nirekin hagoen artean, utz ezan tristura hori etxean...; nik ez dinat ezer jakin nahi hire gauzekin, ez dinat jakin nahi nor haizen, ez zer gertatzen zainen, ez eta beste ezer ere..., zenbait gauza ez zaizkidan interesatzen..., gure artean kontratu bat zegon, idatzi ez badinagu ere...; nik halako diru bat ordaintzeko hitza ematen dinat, eta hi, trukean, gaua gustura pasa dezadan ahaleginduko haiz..., gainerako guztiak ez din axolarik—. Barrerik egin gabe esan zituen hitz hauek, zertxobait haserre, beharbada, ez niolako behar adinako arretaz adi nengoela erakutsi.

        Arima larritzen zidaten sentimenduak inola ere erakutsi gabe erantzun nion: — Ez nago inondik ere triste..., bakarrik, sekulako ke handia dago hemen barruan..., eta zarata bat, egundokoa!..., apur bat zorabiatuta nago.

        — Alde egin nahi? —galdetu zuen ardura handiz. Eta nik baietz. Zerbitzariari deitu zion berehala, ordaindu eta irten ginen kanpora. — Joango al gaitun hotelera? —galdetu zidan, kalean geundenean.

        — Ez, ez —esan nuen bizkor. Ikara ematen zidan nire dokumentuak erakutsi beharko nituela pentsatzeak; eta gainera, beste zerbait neukan erabakia: — Goazen nire etxera.

        Taxi batean sartu eta nire etxeko helbidea eman nuen. Taxia abiatu orduko, bera nire gainera jaurti zen, nire gorputza eskuztatuz eta lepoan musu emanez. Bere hatsagatik, dezente edan zuela eta seguru aski hordituta zegoela ulertu nuen. Hitz hori errepikatzen zuen, «panpoxa», neskatilei esan ohi zaiena eta, bere ahotik entzunda, esaera barregarri eta zertxobait zikintzailea ere bailitzan sumintzen ninduena. Apur batez nahi zuena egiten utzi nion eta gero esan, gidariaren bizkarra seinalatuz: — Hobe izango da iritsi arte itxarotea, ez?

        Berak ez zuen ezer esan, baina astun erori zen berriz kuxinen gainean, aurpegian odola bildu eta azala gorri zuela, bat-batean ondoezak kolpatu balu bezala. Gero marmar egin zuen erneguaz: — Joan nahi dudan lekura eramateko ordaintzen zionat, ez bere taxian gertatzen denaz arduratzeko—. Tema hori zeukan, alegia diruak, bere diruak batez ere, edozein aho itxi zezakeela. Ez nuen ezer erantzun eta, bidaiak iraun bitartean geldirik geratu ginen, bata bestearen ondoan, elkar ukitu gabe. Hiriko argiak leihoetatik sartzen ziren, une batez aurpegiak eta eskuak argitu eta gero desagertzen ziren; eta niri arraroa egiten zitzaidan bi ordu lehenago bazenik ere ez nekien gizon haren ondoan egotea, eta halako gizon batekin nire etxera joatea, berari maitale baten antzera neure gorputza eskaintzeko. Burutapen horien bidez, motza iruditu zitzaidan bidaia. Ia harrituta etorri nintzen nire onera, taxia betiko etorbidean, nire etxeko atari aurrean geratzen zela ikustean.

        — Mesedez ez egin zaratarik sartzean, amarekin bizi naiz eta —esan nion Giacintiri eskaileretan geundela, ilunpean.

        Eta berak: — Egon lasai, panpoxa.

        Eskaileraburura iristean, giltzaz atea ireki nuen, Giacinti atzean neukan, eskutik heldu nion eta, argia piztu gabe, ezkaratza gurutzatuz nire gelako atera gidatu nuen, sartzean ezkerretara zegoen lehena baitzen. Nire aurretik sarrarazi nuen, ohe ondoko argia piztu eta agur egitekoa iruditu zitzaidan begirada bat egin nien, atetik, nire altzariei. Poz-pozik gela berri eta garbia aurkitu zuelako, beharbada traste zikin eta zaharkituen artean sartuko ote zuten beldur zelarik, Giacintik satisfazio hasperen bat egin, berokia erantzi eta aulki baten gainera jaurti zuen. Itxaroteko esan nion eta gelatik irten nintzen.

        Zuzenean egongelara joan nintzen eta ama aurkitu nuen josten, erdiko mahai aurrean eserita. Ikusi ninduenean, lana alde batera utzi eta zutitzekoa egin zuen, beste gauetan bezala afaria prantatu behar zidalakoan, beharbada. Baina nik: — Ez mugitu, afalduta nator..., eta gainera..., norbait daukat han..., ez etorri ezergatik ere.

        — Norbait? —galdetu zuen harritu aurpegiaz.

        — Bai, norbait —esan nuen azkar—. Baina ez Gino..., jaun bat... —eta beste galdera baten zain egon gabe irten nintzen egongelatik.

        Logelan sartu eta giltzaz itxi nuen atea. Giacinti, luzetsita eta aurpegia gorri zuela, gela erdira etorri zitzaidan bila eta besoen artean hartu ninduen. Ni baino dezente txikiagoa zen eta nire aurpegia bere ezpainekin iristearren atzerantz makurrarazi ninduen, oheko egurraren kontra. Ahoan musurik ez hartzen saiatzen nintzen eta, bai lotsaz bezala aurpegia apartatuz, bai lizuntasunez bezala atzerantz eramanez, lortu egin nuen. Giacintik jaten zuen era berean egiten zuen maitasuna: lehia handiz, ezer baztertu gabe, eztitasunik gabe, alde batetik eta gero bestetik hasiz, zerbaitek ihes egingo zion beldurrez bezala, nire gorputzarekin itsututa, lehenago, jatetxean, janariarekin itsututa egon zen bezala. Besarkatu ondoren, ni erantzi nahian hasi zen nonbait, horrela, zutik. Beso bat eta sorbalda bat biluztu zizkidan, gero, biluztasun horrek ideiak nahastu izan balizkio bezala, berriz hasi zitzaidan musu ematen. Beldur nintzen bere mugimendu baldarrekin ez ote zidan jantzia urratuko, eta azkenerako hauxe esan nuen, nigandik apartatu gabe ordea: — Hara ba, biluztu!

        Berehala utzi ninduen eta, ohean eserita, arropa eranzten hasi zen. Nik, beste aldean, beste horrenbeste egin nuen. — Baina hire amak ba al zekin? —galdetu zuen gero.

        — Bai.

        — Eta zer esaten din?

        — Ezer ez.

        — Begi txarra jartzen al din?

        Bistan zegoen argitasun guzti horiek gozagarriak baino ez zirela beretzat abentura gordin hartan. Hori ia gizon guztiekin gertatzen den zerbait da; eta gutxi dira plazerarekin beste era bateko interes bat edo, hain zuzen ere, errukia nahasteko tentazioari amore ematen ez diotenak. — Ez dit begi ona, ez txarra ere jartzen —erantzun nuen lehor, zutituz eta azpikogona burutik erantziz—, nahi dudana egiteko libre naiz—. Biluzik geratu nintzenean, aulki baten gainean antolatu nituen nire arropa guztiak eta ohean etzan nintzen gero, ahoz gora, beso bat garondoan tolestuta nuela eta bestea luzaturik, altzoa eskuaz estaltzeko. Ez dakit zergatik, pintore lodiak amari erakutsitako kolorezko irudian nire antza zuen jainkosa paganoaren jarrera berberean nengoela iruditu zitzaidan; eta halako batean erneguzko mina sentitu nuen, garai hartatik nire bizitzan izandako aldaketa handiaz pentsatzean. Giacinti zur eta lur geratu zen, nonbait, nire gorputzaren edertasun sendoagatik, esan dudan bezala ez baitzen oso nabarmena arropa azpian, biluzteari utzi eta harritu aurpegiaz, ahoa erdi irekita eta begiak zabal-zabalik zituela begiratu zidalako. — Tira, azkar ibili —esan nion—, hotzak nago.

        Biluzten amaitu eta nire gainera jaurti zen. Lehenago ere hitz egin dut maitatzeko bere moduaz, beraren antzerakoa zelako ere, eta nahikoa deskribatu dudala iruditzen zait. Erantsi dezadan, bakarrik, ordaindu duten edo ordaintzera doazen diruagatik, eskabide xehe eta zorrotzak —ustez haien eskubidea den zerbaiti uko eginez iruzur egingo ote dieten beldurragatik edo— egiten dituzten gizon horietako bat zela. Irrits handikoa zen, esan dudan bezala, baina ez ordea buruan beti bere dirua ez edukitzeraino eta hari ahalik eta etekin gehiena atera nahi ez izateraino. Bere asmoa, azkar asko ohartu nintzenez, gure topaketa albait gehien luzatu eta niregandik bere ustez zor zitzaion gozamen guztia lortzea zen. Helburu horrekin afanean zebilen nire gorputzaren ondoan, soinua jotzeko luzaz prestatu behar den musika tresna bat balitz bezala; eta denbora guztian berearekin berdin egitera akuilatzen ninduen. Baina ni, obeditu arren, ia berehala hasi nintzen aspertzen eta begi hotzez begiratzen berari, ateratako kontu hain garden haiek nigandik urruti eraman izan balute bezala eta nik, desamodio eta atsekabezko kristal baten bidez, urruti-urruti, bera ez ezik neure burua ere ikusi banu bezala. Gauaren hasieran, senak bultzaturik bere baitan bilatzen saiatu nintzen beraganako oniritziaren kontrako sentimendua zen, izan ere; halako batean bihotzean lotsazko zimiko bat baino ez sentitu eta begiak itxi nituen.

        Bera azkenik nekatu eta elkarren ondoan etzanik geratu ginen, ohean. — Aitortu behar dun —esan zuen satisfazio ahotsaz—, gazte-gaztea ez izan arren, aparteko maitalea naizela.

        — Bai, egia da —erantzun nuen ezaxolaturik.

        — Emakume guztiek esaten zidaten —jarraitu zuen—, eta badakin zer uste dudan nik? Ardo ona botila txikian gordetzen dela..., ni baino bi aldiz handiagoko gizakote zenbaitek ez diten hutsa balio.

        Hozten hasia nengoen eta, ohean eserita jarriz, ahal bezala bota nuen mantaren punta bat gure gorputzen gainera. Maitasun ekintzatzat jo zuen berak, eta esan: — Ondo, orain lo pixka bat egingo dinat—. Gero nire kontra kuzkurtu eta benetan lokartu zen.

        Ni geldirik geratu nintzen, ahoz gora, bere buru zuritua bular gainean nuela. Mantak gerriraino estaltzen gintuen biok, eta berari begiratzean, adin heldua salatzen zuten larru-tolesdura bigunez markaturiko bere bularralde iletsuari, hain zuzen, lehen-lehenik, erabateko arrotz batekin egoteko sentsazioa izan nuen berriro ere. Baina bera lotan zegoen; eta, lotan egonik, ez zuen hitz egiten, ez zuen begiratzen, ez zuen keinu gehiagorik egiten; nolabait esateko, izatez oso atsegina ez zenez gero, lo egitean bere alderdirik onena bakarrik geratzen zen, hau da, gainerakoak bezalako gizon bat, ez lanbiderik, ez izenik gabekoa, on-gaitzik gabea, arnasaren medioz bularra altxatzen zitzaion giza gorputz bat bakarrik. Bitxia emango du, baina berari eta bere lo fidakorrari begiratzean, ia bihotzezko sentimendu batek hartu ninduen; eta argi ulertu nuen bera ez esnatzearren inolako mugimendurik ez egiteko kontuz nenbilelako sentitzen nuela hori. Ordura arte alferrik bilatu nuen oniritzizko sentimendua zen; azkenik, bere buru zuritua ikustean, nire bular gaztearen kontra astun makurtuta, nire ariman esnatua. Sentimendu hark kontsolatu egin ninduen, eta hain hotzak ez nengoela iruditu zitzaidan ia. Une batez, maitasunezko piztualdi bat ere sentitu nuen, begiak busti zizkidana. Egia esanda, maitasun sobera neukan orduan bihotzean, oraindik ere daukadan bezala. Maitasun bat, bidezko helburuen faltan, pertsona eta gauza zirtzilengana bideratzen zena, geldirik eta fruiturik gabe ez geratzekotan.

        Hogei bat minutu beranduago esnatu zen. — Denbora luzean egon al naun lo? —galde egin zidan.

        — Ez.

        — Ongi sentitzen naun —esan zuen ohetik altxatuz eta eskuak igurtziz—, a, zeinen ondo nagoen!..., hogei bat urte gazteago sentitzen naun, gutxienez—. Janzten hasi zen, bere poza eta asetasuna adierazten jarraituz. Isilik, ni ere jantzi nintzen. Gero, pronto zegoenean, honela galde egin zidan: — Berriz ikusi nahi hinduket, panpoxa..., nola egingo dinagu?

        — Deitu Gisellari —erantzun nuen—, egunero ikusten dut.

        — Beti al zaude libre?

        — Beti.

        — Gora askatasuna!

        Gero, eskua karteran sartuz, hauxe erantsi zuen: — Zenbat nahi dun?

        — Zure kontu —erantzun nuen. Eta zintzoki gaineratu: — Asko ematen badidazu, ekintza ona ere egingo duzu, beharra dut eta.

        Baina berak: — Asko ematen badinat, ez dun izango ekintza onak egitearren..., inoiz ez dinat ekintza onik egiten..., neska ederra haizelako eta gau atsegina pasarazi didanalako izango dun.

        — Nahi duzun bezala —esan nuen, bizkarrak uzkurtuz.

        — Denak din bere balioa, eta bere balioaren arabera ordaindu behar dun dena —jarraitu zuen, karteratik dirua atereaz—, ekintza onak ez ditun existitzen... Hik halako gauza batzuk eman dizkidan, esan dezagun, Gisellak emango zizkidanak baino kalitate handiagokoak..., eta zuzena dun hik Gisellak baino gehiago eskuratzea..., ekintza onek ez diten hemen zerikusirik...; beste aholku bat: ez inoiz esan «Zure kontu»..., utzi hori bide-saltzaileentzat..., «Zure kontu» esaten didanari, merezi duen baino gutxiago emateko tentazioa izaten dinat—. Keinu adierazgarri bat egin eta dirua eman zidan.

        Gisellak argitu zidan bezala, eskuzabala zen; eta, izan ere, nik espero baino diru gehiago zen. Hartzean, berriz sentitu nuen Viterbora joan ginenean Astaritaren diruak piztu zidan konplizitate eta sentsualtasun sentimendu bortitz hura. Eta burura etorri zitzaidan nire joera bat adierazten zuela horrek eta lanbide horretarako jaioa nintzela, nonbait, bihotzez oso bestelako gauzetarako asmoak eduki arren. — Eskerrik asko —esan nuen; eta, neuk konturatu baino lehen ere, kemen handiz musu eman nion aurpegian, esker onez beterik.

        — Eskerrik asko hiri —erantzun zuen berak joatean. Eskutik heldu eta ilunpean gidatu nuen, ezkaratzean barrena, etxeko ateraino. Une batez, nire logelako atea itxi eta etxeko atea artean ireki gabe, ilunperik handienetan mugitu ginen. Eta orduan, ez dakit nola, ia gorputzarekin sumatu nuen ama ere bazegoela ezkaratzeko zokoren batean, Giacintirekin batera nenbilen iluntasun hartan. Ate atzean zegoen, beharbada, hormara pega-pega eginda, edota arasaren eta paretaren arteko zokoan, Giacintik noiz alde egingo zuen zain. Gogora etorri zitzaidan harako hartan gauza bera egin zuela, Ginorekin nagusien landetxean aurkitu ondoren berandu etxeratu nintzen gauean; eta urduri-urduri jarri nintzen, aldi hartan bezala, Giacintik alde egin orduko, gainera etorri, ileetatik tira egin, egongelako sofaraino arrastaka eraman eta zirti-zarta hasiko ote zitzaidan pentsatzean. Ilunpean sentitzen nuen, ia ikusten nuela iruditzen zitzaidan; eta halako zama bat sentitzen nuen sorbaldan, bere eskua han balego bezala, nire buru atzean, ni ileetatik harrapatzeko gertu. Giacintiri eskutik heltzen nion esku batekin, eta bestean dirua estutzen nuen. Orduan ama gainera etorri eta berehala dirua erakutsiko niola pentsatu nuen. Diru hura irabaztera denbora guztian berak bultzatu ninduela gogorarazteko era mutu bat zen hura; bai eta ahoa ixteko ahalegin bat ere, bere diru-gosearen grinaz baliatuz, ondo bainekien hura nagusi zela bere ariman. Bien bitartean, atea ireki nuen. — Orduan, ikusi arte..., deituko zionat Gisellari —esan zuen Giacintik.

        Eskaileretatik jaisten ikusi nuen, bizkar-zabal, bere ile zuriak buruan tente, bueltatu gabe esku bat inarrosiz agur moduan; eta atea itxi nuen. Berehala, ilunpe hartan, aurretiaz pentsatu bezala, ama etorri zitzaidan gainera. Baina ez ninduen ileetatik harrapatu, beldur nintzen bezala; alderantziz, ia besarkatzen ninduela zirudien. Nire planari zintzoki jarraituz, nire eskuaz berea bilatu eta dirua jarri nion esku barrenean. Baina berak uko egin eta lurrera erori zen dirua: ondoko goizean topatu nuen, lurrean, nire logelatik irtetean. Hau guztia antsia apur batez gertatu zen, baina biotako inork ahorik ireki gabe.

        Egongelara sartu ginen eta ni mahai alboan eseri nintzen. Ama nire aurrean eseri eta begira geratu zitzaidan. — Ba al dakin hi hor hengoen bitartean, une batez beldurra izan dudala? —esan zuen halako batean.

        — Zeren beldurra? —galdetu nuen.

        — Ez zekinat —berak erantzun—. Hasteko, bakarrik sentitu naun..., hotz handia izan dinat..., eta gero ez nindunan neu banintz bezala sentitzen..., dena bueltaka neukanan inguruan..., edan denean bezala, badakin?..., dena hain arraroa iruditzen zitzaidanan!...; zera pentsatzen ninan: hura mahaia dun, hura aulkia, hura josteko makina..., baina ez ninan inola ere sinesten benetan mahaia, aulkia eta josteko makina zirenik..., eta neu ere ez nintzela ni iruditzen zitzaidanan...; nire artean esaten ninan: josten lan egiten duen atso bat haiz, Adriana izeneko alaba bat daukan..., baina ezin buruan sartu!...; lasaitzearren, zer izan naizen pentsatzen jarri naun, txikia nintzenean, hire adina neukanean, ezkondu nintzenean, hi jaio hintzenean...; eta beldurtu egin naun, dena egun batean bezala pasa delako, eta bat-batean, atzo gazte eta orain zaharra naizelako, eta konturatu ez horretaz..., eta hiltzen naizenean —amaitu zuen ahalegin batez, niri begira—, inoiz bizi izan ez banintz bezala izango dun.

        — Zergatik pentsatzen dituzu gauza horiek? —esan nuen poliki—; gaztea zara oraindik..., zertarako gogoratu heriotzaz?

        Ez zidan entzun, nonbait, eta pena eman zidan eta faltsua iruditzen zitzaidan zeremoniazko ahots horrekin jarraitu zuen hizketan: — Beldurtu naizela esan dinat; eta zera pentsatu dinat: eta batek ez badin bizitzen segitu nahi, derrigorrez segitu behar al din, berdin-berdin?... Ez dinat esan nahi batek bere burua hil behar duenik, norbere burua hiltzeko adore handia behar dun, ez, baina bakarrik gehiago bizi nahi ez izan, gehiago jan edo ibili nahi ez denean bezala...; ba, hire aitaren arimaren aurrean zin egiten dinat..., ez niken gehiago bizi nahi izango.

        Malkoz beterik zituen begiak, eta ezpainak dardarka. Niri ere etorri zitzaidan negargura, jakin gabe ordea zergatik, eta, zutiturik, bera besarkatu eta bere ondoan esertzera joan nintzen sofara, egongelaren bestaldean. Han, apur batez elkar besarkaturik geratu ginen, biok negarrez. Ni egonezinik sentitzen nintzen, oso nekatuta nengoelako batez ere, eta amaren kontuek, beren inkoherentziarekin eta logika ilunarekin, handitu egiten zutelako nire egonezina. Baina ni izan nintzen bere onera itzuli zen lehena, zeren, azken finean, elkartasunagatik egiten bainuen negar. Aspaldi utzia nion neure buruagatik malkoak isurtzeari. — Hara, hara —hasi nintzaion esaten, bere bizkarrean kolpetxoak emanez.

        — Esaten dinat, Adriana, ez nukeela gehiago bizi nahi izango —errepikatu zuen negarrez. Eskuaz kolpetxoak ematen nizkion bizkarrean, eta, hitz gehiagorik esan gabe, bere erara negar egiten utzi nion. Bitarte horretan, hitz haiek bere bihotzeko barraren azalpen argia zirela pentsatzen nuen. Berak beti predikatu zuen Gisellaren ereduari jarraitu behar niola eta ahal nuen ondoen saldu neure burua, hori egia zen. Baina esatetik egitera alde handia dago; eta etxera gizon bat eramaten nuela eta dirua eskuan sartzen niola ikustea kolpe handia izan zen berarentzat, nonbait. Orain begien aurrean zeukan bere predikuen ondorioa eta hartaz ikaratu baino ezin zuen egin. Baina, aldi berean, bere baitan bazegoen, antza, huts egin zuela ez aitortzeko halako gaitasun bat edo, eta, beharbada, halako atsegin mingots bat, era horretako aitorpen bat egitea alfer-alferrik zelako ordurako. Eta hartara, aurpegira «Gaizki egin dun..., ez berriro egin horrelakorik» esan ordez, nirekin zerikusirik ez zuten gauzez, bere bizitzaz eta gehiago ez bizitzeko bere nahiaz hitz egitea nahiago zuen. Sarritan ikusi dut nola pertsona asko, gaitzestekoa iruditzen zaien ekintzaren bat egiteko tentazioan erortzen direnean, beren buruari errieta egin eta ordainetan hasten diren hizketan, bai beren begietan bai besteen aurrean ere bihotz-zabaltasunaren eta nobleziaren argiaz agertaraziko dituzten maila handiagoko gauzei buruz, mila miliatara egiten dutenetik, edota, amaren kasuan bezala, egiten uzten dutenetik. Hori bai, gehienek horretaz ohartuta jokatzen dute jokatzen duten bezala; amak, ordea, gaixoa, konturatu gabe egiten zuen, arimak eta zertzeladek agintzen zioten bezala.

        Baina zuzena iruditu zitzaidan esan zuen hura, ez zuela gehiago bizi nahi. Nik ere ez nukeela gehiago bizi nahi izango pentsatu nuen, Ginoren engainuaz ohartu nintzenean. Hala ere, nire gorputzak bizitzen jarraitzen zuen, bere kontura, nire nahiari jaramonik egin gabe. Gizonei hainbeste gustatzen zitzaizkien bular haiek, hanka haiek, aldaka haiek bizitzen jarraitzen zuten; bizitzen jarraitzen zuen, nire izterren artean, sexuak, gehiago nahi ez nuenean ere maitasuna desearazten. Ohean etzan, eta gehiago ez bizitzeko eta goizean ez esnatzeko erabaki nezakeen; baina, lo zegoen bitartean, nire gorputzak bizitzen jarraitzen zuen, zainetan odola ibiltzen zitzaidan, urdailak eta hesteek digeritu egiten zuten, galtzarbeko ileak berriz hazten zitzaizkidan moztu nituen lekuan, azkazalak ere hazten ziren, azala izerdiz bustitzen zen, ni indarberritu egiten nintzen; eta, goizeko orduren batean, nik nahi gabe, nire betazalak altxatu eta begiek, gogoz kontra, gorrotatzen zuten errealitate hura ikusiko zuten berriro, eta, hitz batean, hil nahi izan arren, artean bizirik nengoela eta bizitzen jarraitu behar nuela konturatuko nintzen. Berdin zen bizitzera moldatu eta hortaz gehiago ez pentsatzea, pentsatu nuen ondorio gisa.

        Baina amari ez nion ezer esan guzti honetaz, konturatzen nintzelako bereak bezain pentsamendu tristeak zirela eta ez zutela inondik ere kontsolatuko. Ordea, negarrik ez zuela egiten iruditu zitzaidanean, beragandik apartatu eta esan nion: — Gosetuta nago—. Eta egia zen, jatetxean, urduri egonik, ia ez nuelako ukitu janaria.

        — Hire afaria hor zegon —esan zuen amak, nahiko pozik onurazko zerbaitetan aritzeko eta gauero egiten zuen zerbait egiteko eskatzen niolako—, oraintxe prantatuko dinat—. Bera irten eta bakarrik geratu nintzen.

        Mahai aurrean eseri nintzen, nire betiko lekuan, eta bera itzuli zain geratu nintzen. Une hartan ez nintzen pentsatzeko gauza, eta gertatu zen guztitik maitasunaren usain eztia hatzetan, eta masailetan malkoen arrasto gazi eta lehorra besterik ez zitzaidan geratzen. Geldirik nengoen, kontrapisuko lanparak egongelako pareta luze biluzietan barreiatzen zituen itzalei adi. Ama sartu zen gero, platera batean haragia eta barazkiak ekarriz. — Zopa segur aski ez dun gozoa egongo, eta ez dinat berotu..., eta gainera gutxi zegonan.

        — Ez du axolarik, nahikoa da horrela.

        Baso bete ardo eman zidan eta ohi bezala aurrean zutik geratu zitzaidan, geldirik eta nire aginduei adi, jaten nuen bitartean. — Gozoa al zegon xerra? —galdetu zuen handik gutxira, kezka apur batez.

        — Bai, gozoa dago.

        — Biziki eskatu zionat harakinari samurra emateko—. Bere onera itzulirik zegoela zirudien eta dena beste gauetan bezala zen benetan. Afaria mantso amaitu eta, ondoren, ahozabalka hasi nintzen, besoak zabalduz eta gorputza luzatuz. Halako batean, ondo sentitu nintzen, eta mugimendu hartan nire gorputzak halako atsegin sentsazio bat eman zidan, gazte, indartsu eta alai sentitzen nuelako. — Logura handia daukat —esan nuen.

        — Itxaron, ohea prestatuko dinat —esan zuen amak, arduratsu, eta gelatik joatekoa egin zuen. Baina nik gerarazi egin nuen: — Ez..., ez..., utzi, nik egingo dut.

        Zutik jarri nintzen, eta amak platera hutsa jaso zuen. — Bihar utzidazu lo egiten —esan nion—, nire kontura esnatuko naiz.

        Hala egingo zuela erantzun zidan eta ni, gabon esan eta musu eman ondoren, nire logelara joan nintzen. Ohea deseginda zegoen, Giacintik eta biok utzi genuen bezala. Burkoa eta manta apur bat txukundu besterik ez, eta gero biluztu eta barruan sartu nintzen. Une batez begiak zabal-zabalik geratu nintzen, ilunpean, ezer pentsatu gabe. — Puta bat naiz —esan nuen azkenik ozenki, nolako eragina egiten zidan ikustearren. Inolako eraginik ez zidala egiten iruditu zitzaidan eta, begiak itxirik, ia segituan lokartu nintzen.

 

 

 

© Alberto Moravia

© itzulpenarena: Koldo Biguri

 

 

"Alberto Moravia / Erromako emakumea" orrialde nagusia