SEIGARREN ATALA

 

        Bitartean altzarien epe guztiak ordaindu, eta lehen baino lan gehiago egiten hasi nintzen diru gehiago eskuratu eta arrioa ordaintzeko. Goizez estudioetan posatzen nuen, arratsaldez etxeko gela handian amarekin itxi eta gauera arte aritzen nintzen lanean. Berak josteko makinarekin lan egiten zuen, leiho ondoan, eta nik ez oso urruti eskuz josten nuen, mahai ondoan eserita. Amak arropa zuria josteko lanbidea erakutsi zidan, eta beti izan naiz oso trebea eta oso azkarra. Botoi-zulo ugari egoten zen beti josteko eta sendotzeko, eta gainera alkandora bakoitzak bere inizialak behar zituen eta nik bereziki ondo nekien egiten inizial horiek, nabarmen-nabarmenak, sendoak, oihaletik kanpora irteten zirela zirudien. Gizonezkoen barruko arropa zuria zen gure espezialitatea, baina emakumezkoen alkandora, edo azpikogona edo kuleroren bat ere josi behar izaten genuen noizean behin, baina beti arropa arrunta, amak ez zekielako arropa fina egiten eta, gainera, ez zuelako ezagutzen enkargurik egingo zion andrerik. Josten nuen bitartean, nire burua Gino, ezkontza, Viterboko irtenaldia, ama, hau da, neure bizitzari buruzko gogoetetan galtzen zen, eta azkar pasatzen zen denbora. Amak zer pentsatzen ote zuen, ordea, sekulan ez dut jakin; baina zerbait pentsatzen zuen, noski, makinaz lan egiten zuenean amorratu itxura zuelako eta, hitz egiten banion, gehienetan erantzun txarrak ematen zituelako. Arratsaldean, iluntzen hasi orduko, altxatu, hariak gainetik kendu eta, nire arroparik onenak jantzi ondoren, irten eta Gisellaren bila joaten nintzen, edo Ginoren bila, libre zegoenean. Orduan zoriontsua ote nintzen galdetzen diot orain neure buruari. Neurri batean banintzen, izan ere, gauza bat bizi-biziki desio nuelako eta uste nuelako gauza hori hurbil zegoela eta posible zela. Geroago jakin dut benetako zorigaitza itxaropen gehiagorik ez dagoenean etortzen dela, alferrik delako orduan ondo egotea eta ezeren beharrik ez edukitzea.

        Behin baino gehiagotan konturatu nintzen, garai hartan, Astaritak atzetik jarraitzen zidala kaletik. Hori goizean goiz samar gertatzen zen, estudioetara joaten nintzenean. Normalean, Astaritak ni irten arte itxaroten zuen, harresiek egiten zuten txoko batean, kaleko bestaldean. Ez zuen inoiz ere zeharkatzen kalea eta, ni plazarantz etxeen ondo-ondotik presaka ibiltzen nintzen bitartean, bera beste aldean mantsoago nire atzetik ibiltzera mugatzen zen, harresien aldamenetik. Niri begira ibiltzen zen, uste dut, eta horrekin aski zuela zirudien, gainera; bera bezala zeharo maiteminduta dagoen gizonaren jarrera, hain zuzen. Plazara iristen nintzenean, tranbiaren geralekuan jartzera joaten zen, ni geratzen nintzen lekuaren parez pare. Niri begira jarraitzen zuen; baina aski zen nire begiak bera zegoen aldera zuzentzea, berak segituan nahastu eta tranbia iristen ote zen ikustearren kalera begiratzen duenaren itxurak egiteko. Emakume bakar bat ere ezin daiteke hotz gelditu horrelako maitasun baten aurrean; eta nik, berriro berarekin ez hitz egiteko erabaki sendo-sendoa hartua banuen ere, lausenguz beteriko errukia sentitzen nuen berarekiko. Gero Gino iristen zen, edo tranbia, eguna zein zen; ni autora edo tranbiara sartu eta Astarita bere geralekuan geratzen zen nola urrundu eta desagertzen nintzen begira.

        Arratsalde haietako batean, afaltzeko etxeratzen ari nintzelarik, egongelan sartu nintzenean Astarita aurkitu nuen, zutik, sonbreirua eskuan zuela, eskuak mahaian jarririk, amarekin berriketan. Nire etxean ikustean, konbentzitzearren eta bere alde jartzearren amari zer esan ote zion pentsatuz, errukia osorik ahaztu eta amorru handi batek hartu ninduen. — Zer egiten duzu hemen? —galdetu nion.

        Berak begiratu zidan eta Viterbora bidean autoan gindoazela bere gustukoa nintzela esan zidanean zeukan bisaje dardarati eta ikaratua itzuli zitzaion aurpegira. Baina aldi hartan hitz egiten ere ez zuen asmatu. — Jaun honek ezagutzen hauela esan din —hasi zen ama, bihotzez bihotz hitz egitera doanaren itxuraz—, agurtu nahi hinduen...—. Astaritak pentsatu nuen bezalaxe hitz egin ziola ulertu nuen bere doinuagatik; eta, auskalo, dirua ere emango zion beharbada. — Mesedez ama, joan zaitez —esan nion amari. Bera ikaratu egin zen nire ahotsagatik, ia basatia zelako; eta, hitzik esan gabe, sukaldera abiatu zen. — Eta zuk zer egiten duzu hemen?... Zoaz hemendik—, esan nuen berriro. Berak begiratu zidan, ezpainak mugitu zituela iruditu zitzaidan, baina ez zuen ezer esan. Begiak betazal azpian hondoratuta zeuzkan, eta zuringoa ia ikusten zen; beharbada ondoezak emango ziola ere pentsatu nuen. — Zoaz hemendik —errepikatu nuen ozenki, oinarekin lurra joz—, jendeari hots egingo diot bestela..., hemen azpian bizi den gure lagun bati hots egingo diot.

        Gerora, askotan galdetu diot neure buruari nolatan Astaritak ez ninduen xantaiatu bigarren aldiz, amore ematen ez banuen, Ginori Viterbon gertatutako guztia kontatzeko mehatxatuz. Orduan lehen aldian baino arrakasta lortzeko aukera gehiagoz egin ziezadakeen xantaia, benetan lortu ninduelako, lekukoak zeudelako eta nik ezin nuelako ukatu. Eta ondorioz atera dut lehendabizikoan deseatzen ninduela bakarrik, eta bigarrenean, aldiz, maitatzen. Amodioak amodioa nahi izaten du trukean, eta Astaritak, ni maite izanez, Viterboko egun hartan lortu ninduen bezala lortzea, mutu eta geldirik, hildako baten antzera, inola ere aski ez zela sentituko zuen. Bestalde, orduan egia lehertzen uztera erabakita nengoen: azken finean, Ginok maite baninduen, ulertu eta barkatu behar ninduen. Seguru aski, hain erabakita nengoela ikusirik, bigarren xantaia bat alferrik zela ulertu zuen Astaritak.

        Jendeari hots egiteko nire mehatxuari ez zion ezer erantzun. Baina, sonbreirua mahai gainetik irristatuz, aterantz abiatu zen. Mahaiaren muturrera iritsi zenean, gelditu, burua makurtu, eta une batez hitz egiteko bezala biltzen zela iruditu zitzaidan. Baina begiak berriro nireganantz altxatu eta ezpainak mugitu zituenean, adoreak berriz huts egin zion, nonbait, eta mutu gelditu zen, niri begira. Bigarren begirada hura oso luzea iruditu zitzaidan. Gero, buruaz agurtzeko keinu bat eginik, atea bere atzean itxiz irten zen.

        Amarengana joan nintzen segituan, sukaldera, eta amorruz galde egin nion: — Zer esan diozu gizon horri?

        — Nik ezer ez —erantzun zuen ikaraturik—, zertan lan egiten dugun galdetu zidan..., berarentzat alkandorak egitea nahi zuela esan zidan.

        — Harengana bazoaz, hilko zaitut —esan nuen garrasika.

        Berak izuturik begiratu eta honela erantzun zuen: — Baina nork esan din joango naizela?... Bere alkandorak beste edozeini eskatzea ere bazeukan!

        — Eta ez dizu nitaz hitz egin?

        — Noiz ezkonduko haizen galdetu zidan.

        — Eta zuk zer erantzun diozu?

        — Urrian ezkonduko haizela.

        — Eta ez al dizu dirurik eman?

        — Ez, zergatik? —itxura hutsez harrituta begiratu zidan—. Eman behar al zinan?

        Ahoskeragatik seguru geratu nintzen Astaritak dirua eman ziola. Ondora joan eta beso batetik heldu nion indarrez: — Esan egia... Eman al dizu dirurik?

        — Ez..., ez zidan ezer eman.

        Eskua amantaleko poltsikoan zeukan. Eskumuturra indar ikaragarri batez estutu nion, eta eskuarekin batera bi zatitan tolestutako billete bat irten zen poltsikotik. Artean heltzen banion ere, makurtu eta hainbesteko lehiaz eta hainbesteko jelosiaz jaso zuen non, bat-batean, amaitu egin baitzen nire amorrua. Viterbora joan ginen egunean Astaritaren beste sos haiek nire ariman esnatu zituzten asaldura eta poza gogoratu nituen, eta amari, sentimendu berberak zituelako eta tentazio berberei amore eman zielako, kargu hartzeko eskubiderik ez nuela sentitu nuen. Orduan ezer galdetu ez banio nahiago izango nuen, billetea ikusi ez banio. — Ikusten, nola eman dizun? —esatera mugatu nintzen, nire ahots normalaz esan ere, eta, bestelako azalpenik itxaron gabe irten nintzen sukaldetik. Afarian, hitz erdiz esandako gauza batzuetatik ulertu nuen Astaritaz eta diruaz mintzatu nahi zuela. Baina mintzagaia aldatu nuen, eta etsi zuen.

        Biharamunean Gisella Riccardo gabe etorri zen elkartu ohi ginen gozotegira. Eseri bezain laster, hitzaurrerik gabe, esan zidan: — Oso gauza garrantzitsu batez hitz egin behar dizut gaur.

        Nolabaiteko susmo txar bat hartuta, odolak ihes egin zidan aurpegitik. — Berri txarrak badira, ez esan, mesedez —esan nuen ahots itzaliaz.

        — Ez dira ez onak, ez txarrak —erantzun zuen biziki—, berri bat da, besterik ez..., esan al dizut jadanik nor den Astarita?

        — Ez dut Astaritaren konturik entzun nahi.

        — Baina, entzun, ez umearena egin... Astarita, beraz, esan nizun bezala, ez da nornahi, oso goian dago... Polizia politikako arrain handi bat da.

        Zertxobait lasaiturik sentitu nintzen, politikarekin ez nuelako zerikusirik, azken finean. — Ez zait axola Astarita zer den, ministroa bada ere... —esan nuen, ahaleginak eginez.

        — Zu zara, zu!... —bafatu zuen Gisellak—; entzuidazu moztu gabe... Astaritak esan dit ministeriora joan behar duzula, derrigorrez, bere bila..., hitz egin behar dizu..., baina ez maitasunaz —erantsi zuen azkar, protestatzeko keinua egiten hasi nintzela ikusirik—, oso garrantzitsua den zerbaitez hitz egin behar dizu..., zurekin zerikusia duen zerbaitez.

        — Nirekin zerikusia duen zerbait?

        — Bai..., zure onerako..., hori esan dit behintzat.

        Kontrako hainbeste asmo hartu eta gero, zergatik erabaki ote nuen orduan Astaritaren gonbitea onartzea? Neuk ere ez dakit. — Ongi dago, joango naiz —esan nuen, larri-larri.

        Gisella zertxobait nahastuta geratu zen nire geldotasunagatik. Eta lehendabiziko aldiz konturatu zen nire zurbiltasunaz eta nire ikaraz. — Baina zer duzu? —galdetu zuen—. Poliziakoa delako? Baina ez du zure kontra ezer..., zeren beldur zaude?... Ez zaitu atxilotu nahi...

        Zutitu egin nintzen, zalantzaz beterik sentitzen nintzen arren. — Ongi da —esan nuen—, joango naiz..., zein ministerio da?

        — Barne Arazoetakoa..., Supercinemaren pare-parean, hain zuzen..., baina, entzun...

        — Zer ordutan?

        — Goiz osoan..., baina, entzun...

        — Ikusi arte.

        Oso lo gutxi egin nuen gau hartan. Ez nuen ulertzen zer nahi ote zuen Astaritak nirekin, bere grinatik aparte; baina nire ustez ezin huts egin zezakeen susmo batek ezer onik ez zela izango esaten zidan. Nora deitzen zidan ikusita, pentsatu behar nuen poliziak nola edo hala zerikusia zuela. Banekien, bestalde, pobre guztiek dakiten bezala, polizia mugitzen denean ez dela ezer onerako izaten; eta, nire jokabidea xehe-xeheki aztertu ondoren, ondorioz atera nuen Astaritak beste xantaia bat egin nahi zidala, Ginoren kontura lortuko zuen argitasunen batea baliaturik. Nik ez nuen ezagutzen Ginoren bizitza eta bazitekeen bera politikan nahastuta egotea. Sekulan ez nintzen arduratu politikaz, baina gobernu faxistari gustatzen ez zitzaizkion pertsona asko zeudela eta Astarita bezalako gizon batzuek gobernuaren etsai horiek harrapatzeko agindua zutela ez jakiteko bezain ezjakina ere ez nintzen. Nire irudimenak kolore biziz pintatzen zidan Astaritak aurrean jarriko zidan dilema: berriro amore eman edo Gino kartzelara sartzen utzi. Nire estutasuna hortik zetorren, inondik inora ere ez niolako Astaritar atseginik eman nahi eta, bestetik, ez nuelako nahi Ginok kartzelan amaitzerik. Gauza horietan pentsatuz, ez nuen inolako errukirik sentitzen Astaritarekiko, gorroto hutsa baizik. Gizon doilor eta zitala iruditzen zitzaidan, bizitzerik merezi ez zuena, errukirik gabe zigortu beharrekoa. Eta, egiatan, beste irtenbideen artean, Astarita hiltzea ere pasa zitzaidan burutik gau hartan. Baina, irtenbidea baino areago, lokartu ezinaren ameskeria morboso bat zen; eta, izan ere, erabaki objektibo eta sendoan gorpuztera inoiz iristen ez den ameskeriaren antzera, egunsentira arte ez nuen burutik kendu. Han ikusten nuen sakelako laban zorrotza, amak patata zuritzeko erabiltzen zuena, hartu eta poltsan sartzen nuela, Astaritarengana joan, beldurrez espero nuen agindua egiten zidala entzun, eta gero, nire beso sendoaren indar osoaz, labankada bat ematen niola lepoan, belarriaren eta bere alkandorako lepo zuri almidoituaren artean. Ikusten nuen nola irteten nintzen, lasaitasunik handiena duenaren plantak eginez, eta gero korrika joaten Gisellarengana edo beste lagunen batengana ezkutatzera. Baina, irudipen odoltsu guzti horiek nahastu arren, denbora guztian banekien ezingo nuela inoiz horrelakorik egin: ikara ematen dit odolak eta inori min egiteak; eta izatez bidegabekeriak jasaten dituzten horietakoa naiz, eta ez horrelakoak egiten dituztenetakoa.

        Egunsenti aldean loak hartu eta lo pixka bat egin nuen, gero eguna iritsi zen, altxatu eta Ginoren bila joan nintzen, beti bezala. Errebaleko betiko etorbidean elkar aurkitu genuen bezain laster, lehendabiziko solasen ondoren, galdera hau egin nion, nire ahotsari bidenabar esaten den zerbaiten doinua ematen saiatuz: — Esadazu..., zerikusirik izan al duzu inoiz politikarekin?

        — Politikarekin?... Zer esan nahi du horrek?

        — Gobernuaren kontra zerbait egitea, esan nahi dut.

        Elkar aditzeko itxuraz begiratu eta honela esan zidan gero: — Aizu, ergela ematen al dut?

        — Ez..., baina...

        — Esadazu beste ezer baino lehen: ergela ematen al dut?

        — Ez —erantzun nuen—, ez duzu ematen..., baina...

        — Orduan —esan zuen, amaitzeko—, zer dela eta nahi duzu nik politikarekin ikustekorik izatea?

        — Ba, ez dakit, batzuetan...

        — Ezer ez..., hori aditzera eman nahi izan dizunari esaiozu Gino Molinari ez dela inola ere ergela.

        Hamaikak aldean, ministerioaren inguruan, barrura sartzera ausartu gabe ordubete luze gora eta behera ibili eta gero, atezainaren aurrean azaldu eta Astaritaz galde egin nion. Lehenik marmolezko eskailera handi batzuetatik igo nintzen, gero eskailera txikiago baina beti zabal batzuetatik, gero halako pasabide zabal batzuetatik lagundu ninduten gelaurre batera, zeinetara hiru atek jotzen baitzuten. Ohiturik nengoen polizia hitza auzoetako polizia-etxeetako lokal zikin eta estuekin lotzen; horregatik, dezente harrituta geratu nintzen Astaritak lan egiten zuen bulegoetako luxua ikustean. Gelaurrea benetako egongela bat zen, mosaikozko lurra eta elizetan ikusten diren bezalako koadroak zituena; larruzko besaulkiak pareten ondoan eta mahai sendo bat erdi-erdian. Ezinbestez pentsatu nuen, luxu honek guztiak kikildurik, Gisellak arrazoia zuela: Astarita pertsonaia garrantzitsuren bat zen, nonbait. Espero ez nuen gertaera batek baieztatu zidan ustekabean Astaritaren garrantzi hori. Eseri eta berehala, ate horietako bat ireki eta andre oso altu eta eder bat, ez oso gaztea hala ere, irten zen, dena beltzez jantzirik, dotore, belo txiki bat zuelarik aurpegi gainean, eta segituan Astarita irten zen haren atzetik. Ni zutitu egin nintzen, orduan nire txanda zelakoan. Baina Astaritak, urrundik keinu bat eginik eskuz, ikusia ninduela baina artean nire txanda ez zela jakinarazteko bezala, andrearekin hizketan jarraitu zuen, ate ondoan. Gero, egongelaren erdira lagundu eta burua makurtuz eta eskuan muin emanez agurtu ondoren, dei keinu bat egin zion nirekin batera itxaroteko gelan eserita zegoen beste pertsona bati, agure antiojodun bat bera, bizartxo zurikoa, beltzez jantzitakoa eta maisua ematen zuena. Astaritaren keinuari erantzunez, hura azkar zutitu eta, arnaska eta morroi baten antzera, bereganantz abiatu zen. Biak gelan desagertu ziren, eta ni bakarrik geratu berriro ere.

        Astaritaren agerpen labur horretan gehien harritu ninduena Viterbora egin genuen bidaian ezagutu nuenean ez bezalako portaera erakutsi zuela izan zen. Harako hartan txepelduta, urduri, mutu, aztoratuta ikusi nuen; orain, aldiz, bere buruaren nahiko jabe iruditu zitzaidan, airoso baina neurrizkoa, ez dakit nolako gehiagotasun zorrotz eta, aldi berean, sotilaren sentsazioa ematen zuela. Ahotsa ere aldatuta zeukan. Bidaian doinu motel, bero eta itoez hitz egin zidan; baina bere ahotsak, belo txikiko andreari hitz egiten zion bitartean, halako doinu argi, hotz, neurrizko eta lasai bat zeukan. Gris ilunez jantzita zegoen, beti bezala, bere buruari nolabaiteko irmotasuna erasten zion lepo zuri batekin; baina orduan jantzia eta lepoa, bidaian inolako esanahi berezirik egotzi gabe ikusi nituenak, lekuari, altzari serio eta sendoei, aretoaren zabaltasunari, han nagusi ziren isiltasun eta txukuntasunari erabat egokituak iruditzen zitzaizkidan, uniforme bat izan balitz bezala, hain zuzen ere. Arrazoia zuen Gisellak, pentsatu nuen berriro, benetan handiki bat zen, nonbait; eta amodioa bakarrik izan zitekeen nirekiko harremanetan txepel eta beti nire azpitik sentituz jokatzeko arrazoia.

        Gogoeta guzti hauek zertxobait arindu zidaten nire hasierako asaldapena, eta hala, minutu batzuen buruan, atea ireki eta agurea irten zenean, nire buruaren aski jabe sentitzen nintzen. Aldi hartan, ordea, Astarita ez zen azaldu atetik niri deitzeko. Aldiz, zintzarri batek jo zuen, uxier bat sartu zen Astaritaren gelan atea bere atzean itxiz, berriz agertu, nigana hurbildu eta, nire izena ahots apalez eskatu ondoren, sar nintekeela esan zuen. Zutitu eta presarik gabe abiatu nintzen.

        Astaritaren bulegoa itxaroteko gela baino txikixeagoa zen gela batean zegoen. Gela hutsik zegoen, alde batera utzirik zoko batean zeuden diban bat eta larruzko bi besaulki eta beste zoko batean zegoen mahai handi bat, zeinen aurrean Astarita baitzegoen eserita. Bi leihotatik, gortina zurietan barrena, egun hotz bat sartzen zen gelara, eguzki gabekoa, isil eta tristea, Astaritak belo txikiko andreari hitz egiten zion bitartean zeukan ahotsaz pentsarazi zidana. Alfonbra leun handi bat zegoen lurrean, eta bizpahiru koadro paretetan. Haietako bat gogoratzen dut: belardi berdez osaturiko zabaldi bat agertzen zuen, hodeiertzean mendilerro harkaiztsu batek mugatua.

        Astarita, esan dudan bezala, bere mahai handi haren atzean eserita zegoen eta, sartu nintzenean, ez zituen begiak altxatu ere egin irakurtzen edo itxuraz irakurtzen ari zen paper batzuetatik. «Itxuraz» diot, berehala seguru egon nintzelako dena komeria hutsa zela, ni beldurtu eta bere nagusitasun eta bere garrantziaren sentsazioa niri emateko. Izan ere, mahaira hurbildu nintzenean ikusi nuenez, hain arreta handiz begiratzen ari zen orriak ez zituen hiruzpalau lerro baino, eta azpian izenpe bat zirriborraturik. Bestalde, kopetari eusten zeukan eskuak, bi hatzen artean zigarro piztu bat zeukalarik, aztoratuta zegoela salatzen zuen, argi eta garbi ari baitzen dardarka. Dardara egitean, errauts apur bat erori eta hain arreta handi eta itxurazkoaz aztertzen ari zen orriaren gainean barreiatu zen.

        Eskuak mahai ertzean jarri eta esan nuen: — Hemen naukazu.

        Seinale bati erantzunez bezala, hitz horiek aditzean utzi zion irakurtzeari, azkar asko zutitu eta agur egitera ondoratu zitzaidan, bi eskuak hartuz. Baina hau guztia isilik, mantendu nahi zituen nagusitasun eta airosotasunarekin bat ez zetorren moduan. Egia esanda, berehala konturatu nintzenez, nire ahots hutsa aski izan zen jokatzeko prestatua zuen papera ahazteko; eta beti bezala urduri jarri zen berriro, ezin galarazteko moduan. Muin eman zidan eskuetan, batean lehendabizi bestean gero, begi malenkoniatsu eta desioz beteak zabal-zabalik jarriz begiratu zidan, hitz egitekoa egin zuen, baina ezpainek dardara egin zioten eta une batez isilik geratu zen. — Etorri zara —esan zuen azkenik, ezagutzen nion ahotsaz, ahots apal eta itoaz.

        Orduan, beharbada bere jarreraren aldean, guztiz nire onera itzulirik sentitzen nintzen. — Bai, etorri naiz... —esan nuen—; egia esateko, ez nuen egin behar...; zer esan behar zenidan?

        — Zatoz, eseri hemen —esan zuen ahapetik. Ez zuen utzi nire eskua, indarrez heltzen zion eta, eskutik helduta beti, dibanera gidatu ninduen. Eseri nintzen; baina bera, bat-batean, aurrean belaunikatu zitzaidan, besoez bi hankak inguratuz eta kopeta estutuz nire belaunen kontra. Hau dena isilik, eta gorputz osoa dardarka zuela. Kopeta hainbesteko indarrez estutzen zuen non mina ematen baitzidan, eta une luze batez geldirik egon ondoren, bere buru soilak zirkin egin zuen gorantz, aurpegia altzoan jarri nahi izan balit bezala. Zutitzekoa egin nuen orduan, eta esan: — Gauza garrantzitsu bat esan behar omen zenidan..., esan ezazu..., bestela banoa.

        Hitz horiek aditzean, nekez bezala, altxatu, ondoan eseri, eskutik heldu eta ahapetik hasi zen: — Ezer ez..., berriro ikusi nahi zintudan—. Berriz zutitzekoa egin nuen eta berak, ni bertan egonaraziz, erantsi: — Bai..., esan nahi nizun akordio batera iritsi behar dugula guk biok.

        — Nola?

        — Maite zaitut —esan zuen azkar—, hain biziki maite zaitut!..., zatoz nirekin bizitzera, nire etxean, etxekoandrea izango zara..., nire emaztea bazina bezala..., soinekoak erosiko dizkizut, joiak, nahi duzun guztia...

        Bere senetik kanpo zirudien, hitzak nahasturik ateratzen zitzaizkion geldirik eta okertuta bezala zituen ezpainen artetik. — Horregatik etorrarazi al nauzu hona? —galdetu nuen hotz eta motz.

        — Ez al duzu nahi?

        — Ezta hitz egin nahi ere.

        Gauza harrigarria, ez zuen tutik ere esan nire erantzun horren ondoan. Baina esku bat altxatu zuen eta, ia liluratzen ninduelarik bere begiraden tinkotasun asaldatuarekin, laztan bat egin zidan aurpegi guztiaren inguruan, haren forma ezagutu nahi izan balu bezala. Arinak zituen hatzak, eta dardarka sentitzen nituen hatz puntak lokitik masailera, masailetik kokotsera, kokotsetik masailera eta masailetik lokira aurpegian zebilzkidan bitartean. Gizon maiteminduaren keinua zen, hain zuzen; eta hain indartsua da maitasunaren eragina, baita erantzun nahi ez litzaiokeenean ere, non une batez, errukituta, hain latz eta behin betikoa ez zen hitzen bat esan beharrean aurkitu bainintzen ia. Baina berak ez zidan astirik eman horretarako, laztantzen amaitu ondoren zutitu zelako, desioaren aztoramendua eta ez dakit zein konpromiso berri nahasten zituen ahoskera bitxi, arnasbehartu eta zehatz batez esanez: — Baina, itxaron..., egia da..., zerbait garrantzitsua esan behar dizut—. Bitartean, mahaira joan eta karpeta gorri bat hartu zuen.

        Orduan neu izan nintzen asaldatu zena, karpeta harekin zetorrelako niregana. — Zer da hori? —galdetu nuen ahots mehe samarrez.

        — Hau..., zera... —harritzeko gauza zen nola nahasten ziren agintea duenaren bere ahoskera ofiziala eta bere urduritasuna—, zure senargaiari buruzko argibide batzuk dira.

        — A! —erantzun nuen; eta une batez, nire herioan, begiak itxi nituen. Astarita ez zen konturatu, karpetako orriak pasatzen zituen, ezinegonaren ezinegonaz paperak zimurtuz. — Gino Molinari, ez da egia?

        — Bai.

        — Eta urrian ezkonduko zarete, ezta?

        — Bai.

        — Baina badirudi Gino Molinari jadanik ezkonduta dagoela —jarraitu zuen—, Antonietta Partinirekin, Emilio zenaren eta Diomira Lavagnaren alaba..., duela lau urte..., eta Maria izeneko neskatila bat dute..., emaztea Orvieton bizi da gaur egun, amarekin...

        Ez nuen ezer esan, dibanetik zutitu eta aterantz abiatu nintzen. Astarita tente geratu zen gela erdian, bere karpeta esku artean zuela. Atea ireki eta irten egin nintzen.

        Gogoan dut kalean aurkitu nintzenean, jendetzaren artean, negu hartako egun samur eta hodeitsu batean, sentsazio mingots baina seguru bat izan nuela, alegia nire bizitza, nire asmoek eta ezkontzeko prestakizunek eragindako eten baten ondoren, ohiko bidetik isurtzera itzulia zela, aldaketarik eta berritasunik gabe, bere lehenagoko bidetik denbora gutxiz eta artifizialki ateratzen duten ibai baten antzera. Sentsazio haren motiboa, beharbada, zera zen: nahastuta egonda, begiak alde batetik bestera zuzentzen nituela lehenagoko adorerik gabeko arreta batez, eta jendetza, dendak, ibilgailuak, lehen aldiz hainbat hilabeteren ondoren, normaltasun hutsagatik gupida gabeko argi batez agertzen zitzaizkidala, ez itsusi ez eder, ez interesgarri ez hutsal, ziren bezalaxe hain zuzen, mozkor bati mozkorra pasatu, baina artean indartsua denean agertzen bide zaizkion bezala, hain zuzen; baina, seguru aski, beste nonbaitetik zetorren, izan ere, konturatzen bainintzen bizitzaren normaltasuna ez zirela nire zorion nahiak, baizik eta, alderantziz, asmo eta programei gogor egiten dieten gauza guztiak, akatsez edo ustekabez azaltzen direnak, etsipena eta mina sortzen dituztenak. Eta zalantzarik gabe, hori egia bazen, eta halaxe iruditzen zitzaidan, ni, zenbait hilabetetako mozkorraldi baten ondoren, berriz bizitzen hasia nintzen goiz hartan.

        Hauxe izan zen Ginoren azpikeriaz konturatzean bururatu zitzaidan pentsamendu bakarra. Baina ez nuen gaitzestea pentsatu, eta ez zitzaidan iruditu inolaz ere benetan gorroto nionik. Ni ez nintzen engainatua izan, nire aldetik konplizitaterik agertu gabe; eta hurbilegi zegoen Ginoren besoen artean gozatu nuen plazeraren oroitzapena, bere gezurra zuritzeko ez bada, bai behintzat aitzakiaren bat ez aurkitzeko. Desioak itsutu zuelarik, gaiztoa baino ahulagoa izan zela pentsatu nuen; eta, azken finean, errua, horrela deitzerik baldin bazegoen, nire edertasunak zuela, gizonei burua galarazten eta begiramen eta betebehar oro ahaztu arazten baitzien. Beraz, Ginok ez zuen Astaritak baino erru handiagorik; hori bai, engainuaz baliatu zen, eta Astarita, aldiz, xantaiaz. Biek, gainera, ahal zuten neurrian, maite ninduten eta egiatan, ahal izan balute, zilegizko bideak erabiliko zituzketen ni edukitzeko, eta nik guztiaren gainetik jartzen nuen zorion apal hori ziurtatuko zidaketen. Patuak, ordea, nire edertasunarekin, zorion hori eskuratu ezin zidaten gizonekin topo egitea nahi izan zuen. Tamalez, gauza segurua ez bazen ere benetan errudunik bazenik, dudarik ez zegoen, ordea, biktimarik egon bazegoela, eta biktima hori ni neu nintzen.

        Norbaiti, beharbada, ahul samarra irudituko zaio arrazoibide hau, Ginorena bezalako traizio baten ondoren. Baina nik, iraindu nauten bakoitzean, eta sarritan iraindu naute nire pobrezia, lañotasun eta bakardadeagatik, beti sentitu dut iraindu nauena barkatzeko eta ahalik lasterren iraina ahazteko nahia. Irainaren ondoren nire baitan aldaketarik baldin badago, hura ez da gertatzen nire jokabidean, ez eta nire kanpoko itxuran ere, baizik eta, barrurago, nire ariman, bere baitan ixten baita, zauritua izan ondoren ahalik eta lasterren sendatzen hasten den haragi osasuntsu eta odolduaren antzera. Baina orbainak geratzen dira; eta arimaren aldaketa ia oharkabe hauek betirakoak izaten dira.

        Orduko hartan ere gauza bera gertatu zen Ginorekin. Ez nuen arrangurarik sentitzen berarekiko, ezta une bakar batez ere beharbada; baina gauza asko betirako txikitu egin zirela sentitu nuen nire baitan: beraganako oniritzia, familia bat osatzeko nire itxaropenak, Gisellari eta amari amore ez emateko nire nahia, nire erlijio-fedea, edo ordura arte izan nuen fede moduko hura. Neskatila nintzenean eduki nuen panpina batekin konparatu nuen neure burua: egun oso batean joka erabili eta hondatu ondoren, aurpegi irribarretsu eta arrosa geratu zitzaion arren, kinketako batzuk, zorigaiztoko kirrinka moduko batzuk entzun nituen panpina barruan. Burua atera nion eta, orduan, lepotik kanpora, portzelana pusketak, sokatxoak, eta hitz egin eta begiak mugiarazten zizkion tresneriako torloju eta burdinatxoak erori ziren, bai eta egur eta oihal pusketa batzuk ere, zertarako ziren inoiz ere igarri ez nienak.

        Zur eta lur baina lasai, etxera joan eta ohiko gauzak egin nituen arrats hartan, amari gertatutakoa jakinarazi gabe, ez eta atera nituen ondorioak aitortu gabe. Baina han konturatu nintzen ezinezkoa zitzaidala beste egunetan bezala nire arrioa josteraino itxurak egiten jarraitzea: prestatuta neuzkan gauzak eta josteko nituenak hartu eta giltzapean itxi nituen armairuan, nire gelan. Ama, jakina, triste nengoela ohartu zen, gauza bitxia nire balean, normalean alaia eta kezka gabea izaten naizelako; baina nekatuta nengoela esan nion, eta egon ere halaxe nengoen. Arratsaldean, ama sukaldean josten ari zen bitartean, lana utzi, nire gelara erretiratu eta ohe gainean etzan nintzen. Erabat behinola ez bezalako begiekin, atseginik hartu gabe eta itxaropenik gabe begiratzen nien, konturatu nintzenez, Astaritaren diruari esker ordurako ordainduta neuzkan eta benetan nireak ziren altzariei. Minik ez, baizik eta nekea eta axolarik eza baino ez nuela sentitzen iruditzen zitzaidan, guztiz alferrekoa gertatu den ahalegin handi bat egin ondoren bezala. Gainera, gorputza ere nekatuta neukan, gorputz atal guztiak jota, eta atseden hartzeko gogo handia nuen. Ia berehala, nire altzariak gogoan hartuz, eta espero nuen bezala ezingo nituela erabili pentsatuz nolabait, erabat jantzirik nengoela lokartu nintzen, ohean etzanda. Beharbada lau orduz egin nuen lo, lo egarriz, triste eta beltza iruditu zitzaidan loa; berandu samar esnatu eta ozenki hots egin nion amari, inguratzen ninduen ilunpetik. Berak azkar etorri eta esan zidan hain lasai eta hain gogo handiz lotan nengoela ikusi zuenez gero, ez ninduela esnatu nahi izan. — Jatekoa duela ordubetetik zegon prest —erantsi zuen zutik, niri begira—, zer egingo dun?... Ez hator jatera?

        — Ez daukat jaikitzeko gogorik —erantzun nuen, begi itsutuak beso batez estaliz—; zergatik ez didazu ekartzen hona?...

        Irten eta handik gutxira itzuli zen, erretilu batean nire ohiko afaria ekarriz. Erretilua ohe ertzean jarri zuen eta ni, gorputza altxatuz eta ukondoetan bermatuz, jaten hasi nintzen, gogorik gabe. Ama zutik geratu zen, niri begira. Baina lehen mokaduak jan ondoren, jateari utzi eta berriz etzan nintzen, burko gainean. — Zer egiten dun..., ez al dun jan behar? —galdetu zuen amak.

        — Ez naiz gose.

        — Ez al hago ondo?

        — Oso ondo nago.

        — Eramango dinat, orduan —marmaratu zuen. Erretilua ohetik kendu eta leiho ondoko mahai gainean uztera joan zen. — Bihar goizean ez etorri esnatzera —esan nuen, une baten ondoren.

        — Zergatik?

        — Erabaki dudalako ez dudala gehiago modelo lanik egingo, oso nekosoa da, eta gutxi irabazten da.

        — Eta zer egingo dun? —galdetu zuen urduri—, nik ezin haut mantendu..., dagoeneko ez haiz neskatila bat eta asko kostatzen dun..., eta gainera gastu asko zeuden..., arrioa...-. Estutzen eta negar zotinka hasia zen; — Orain utzi bakean... —esan nuen, besoa aurpegi aurretik kendu gabe, poliki eta neke handiz—, eta egon lasai, dirua ez da faltako.

        Isilaldi luze bat etorri zen ondoren. — Zerbait nahi al dun? —galdetu zuen azkenik, apalduta eta adeitsu, konfiantza gehiegiz jokatzeagatik errieta egin diotenean barka dezaten nahi duen neskame baten antzera.

        — Bai..., mesedez..., lagundu arropa kentzen..., oso nekatuta nago eta oraindik logale naiz.

        Berak obeditu eta, ohean eserita, zapatak eta galtzerdiak kendu zizkidan lehendabizi, eta gero txukun utzi ohe-buru ondoko aulkian. Gero soinekoa eta azpikogona kendu eta kamisoia janzten lagundu zidan. Denbora guztian begiak itxita nituen eta, ohe barruan sartu bezain laster, kuzkurtu nintzen, burua izaraz inguratuz. Amak, argia itzali ondoren, atetik gabon esaten zidala entzun nuen, eta ez nion erantzun. Azkar lokartu nintzen berriro, eta gau osoa eman nuen lotan, eguna argitu arte.

        Goizean Ginoren bila joan beharko nuen, beti bezala; baina, esnatu nintzenean konturatu nintzen ez nuela ikusi nahi harik eta mina pasa eta ni bere traizioa alderdikeriarik eta grinarik gabe hartzeko gauza izan arte, hau da, niri ez, baizik eta beste norbaiti gertatu izan balitzaio bezala. Ordurako ez nintzen fidatzen, geroan ere inoiz fidatu ez naizen bezala, sentimenduaren eraginez esan eta egiten diren gauzez; batez ere, gainera, sentimendu hori, eta horixe zen nire kasua, maitasun eta oniritzizkoa ez zenean. Gino ez nuen jada maite, jakina; baina ez nuen inondik ere gorrotatu nahi, pentsatzen bainuen, hala eginez gero, traizioaren kalteari nire ariman grina zantar eta nire duin ez zen baten zama hartzearen kaltea, okerragoa beharbada, erantsiko niola.

        Bestalde, goiz hartan halako alferkeria berezi bat sentitzen nuen, lizuna ia, eta ez nengoen aurreko arratsaldean bezain triste. Ama aspalditik kanpoan zen eta banekien eguerdia baino lehen ez zela itzuliko. Izara artean geratu nintzen, bada, eta plazer horixe izan zen handik aurrera plazerez bakarrik betea nahi nuen nire bizitzaren aro berri hartan probatu nuen lehena. Niretzat benetako luxua zen ohean alferkerian geratu eta denbora etekinik gabe pasatzen uztea, nire bizitzako egun guztietan goizeko lehen orduetan jaikitzen bainintzen. Denbora luzean ukatu nion hori neure buruari, baina orduan nahi nuen aldi guztietan eskainiko niola erabakia nuen, eta halaxe egitea pentsatzen nuen ordura arte neure buruari, pobreziak eta bizimodu normal eta familiartekoa edukitzeko ametsak behartuta, ukatu nizkion gainerako beste gauza guztiekin ere. Maitasuna gustatzen zitzaidala pentsatzen nuen, dirua gustatzen zitzaidala, diruz eskura daitezkeen gauzak gustatzen zitzaizkidala, eta neure artean esan nuen handik aurrera, aukera neukan aldi bakoitzean, ez niola uko egingo ez maitasunari, ez diruari, ezta diruak eman zezakeenari ere. Ez uste, ordea, amorruz, minagatik edo mendeku egarriagatik pentsatzen nituela gauza hauek. Aitzitik, samurtasunez pentsatzen nituen, aldez aurretik laztanduz eta gozatuz. Egoera orok, zantarra izan arren, bere alde ona du. Galduta neuzkan, ordurako behintzat, ezkontza eta handik ustez aterako nituen alde on apalak; baina, trukean, berreskuratua neukan nire askatasuna. Egia zen nire barru-barruko helburuak lehengo hartan zeudela artean; dena dela, bizitza erraza guztiz atsegin zitzaidan, eta ikuspegi horren distirak nire erabaki berrien azpian zeudekeen alderdi triste eta etsigarri guztiak ezkutatzen zizkidan. Ordurako, amaren eta Gisellaren predikuak beren fruituak ematen hasiak ziren. Bizimodu bertutetsua izan arren, denbora guztian jakin nuen nire edertasunak desio nituen gauza guztiak jar zitzakeela nire esku, nahi izanez gero bakarrik. Goiz hartan, lehendabiziko aldiz, nire gorputzari lanak eta seriotasunak inoiz lortzen utzi ez zizkidaten helburuak iristeko bitarte eroso samarra iritzi nion.

        Gogoeta edo, hobe esan, burutazio hauen medioz amen batean pasa zitzaizkidan goizeko orduak; eta ia harritu egin nintzen halako batean ondoko elizako kanpaiak eguerdia jotzen entzutean, eta ikustean eguzki errainu luze bat zabaltzen zela leihotik barrena etzanda nengoen ohe gaineraino. Kanpai haiek eta eguzki hura ere, goiz hartako alferkeria bezala, ez-ohiko gauzak iruditu zitzaizkidan, baliotsuak, luxuzkoak. Era berean, beren oheetan etzanik ametsetan, une hartantxe, kanpai hots haiexek entzun eta eguzki errainu huraxe ikusiko zuten harriturik Ginoren nagusienaren antzeko landetxeetan bizi ziren emakume aberatsek. Aurreko eguneko Adriana behartsu eta lanpetua ez, baizik eta aurrerantzean oso bestelako Adriana bat izateko sentsazio horrekin beti, ohetik azkenik jaiki, eta kamisoia erantzi nuen armairuko ispilu aurrean. Biluzik nengoela, neure buruari begiratu nion ispiluan eta orduan, lehendabiziko aldiz, ama ulertu nuen, pintoreari harro «Begira zer nolako bularrak..., zer nolako hankak..., zer nolako aldakak» esaten zionean. Astarita etorri zitzaidan burura, izaera, portaera eta ahotsa ere aldatzen baitzitzaizkion bular haiek, hanka haiek eta aldaka haiek desio zituelako, eta neure buruari esan nion dudarik gabe aurkituko nituela nire gorputzaz gozatzeagatik berak adina diru edo beharbada gehiago ere emango zidaten gizonak.

        Axola gehiegirik gabe, nire aldarte berriaren arabera, jantzi, kafe bat hartu eta kalera irten nintzen. Ondoko taberna batera joan eta telefonoz deitu nuen Ginoren landetxera. Berak eman zidan zenbaki hura, tentuz erabiltzeko gomendatuz, halere, morroiaren zuhurtasun nabarmenaz gomendatu gainera, nagusiei ez zitzaielako atsegin zerbitzariek telefonoa erabiltzerik. Neskamea edo zen emakume batekin hitz egin nuen eta gero, ia segituan, Gino jarri zen. Berehala galdetu zidan gaizki sentitzen al nintzen; eta irribarre egin nuen ezinbestez, ni engainatzen hainbeste lagundu zuen bere aspaldiko bikaintasun hura, ez erabat faltsua beharbada, ezagutzean. — Oso ondo nago —esan nuen—, sekulan ez naiz egon orain bezain ondo.

        — Eta noiz ikusiko zaitut?

        — Nahi duzunean —erantzun nuen—, baina lehen bezala elkar ikustea nahi nuke..., landetxean esan nahi dut, zure nagusiek alde egiten badute.

        Berehala ulertu zituen nire asmoak, eta ardura hartuz honela esan zuen: — Hamar egun barru alde egingo dute..., Eguberri jaietarako..., lehenago ez.

        — Orduan —erantzun nuen patxadaz—, hamar egun barru ikusiko nauzu.

        — Baina nola? —galdetu zuen harrituta—, zergatik ez lehenago?

        — Zereginak dauzkat lehenago.

        — Baina zer daukazu? —galde egin zuen, susmo txarra duenaren doinuaz—. Haserretu al zara nirekin?

        — Ez —erantzun nuen—, zurekin haserre egonez gero ez nizuke eskatuko landetxean elkar ikusteko—. Jeloskor jarri eta aspertzen has zitekeela pasa zitzaidan burutik. — Ez eduki beldurrik... —gaineratu nuen—, beti bezala maite zaitut..., baina amari lagundu behar diot lan berezi batean..., jaiengatik..., eta etxetik oso berandu ez bada ezin irtengo naizenez gero, eta zu, berandu inoiz ez zaudenez gero libre, nahiago dut zure nagusiek alde egin arte itxarotea.

        — Eta goizez?

        — Goizez lo egingo dut —erantzun nuen—; a, ez dizut esan, badakizu ez naizela gehiago modelo izango?

        — Zergatik?

        — Nekatuta nengoen..., gustatuko zaizu, ez?... Hamar egun barrura arte, orduan..., hots egingo dizut.

        — Ongi da.

        Ez zuen oso sinetsirik esan «Ongi da» hori; baina aski ondo ezagutzen nuen, susmoak susmo, esandako hamar egunak baino lehen azalduko ez zela seguru egoteko bezain ondo bai. Are gehiago, susmo txarrak zituelako hain zuzen ere ez zen azalduko. Bera ez zen oso adoretsua; eta bere traizioaz konturatu nintzela pentsatzeak bihotz-ikaraz eta ezinegonaz beteko zuen. Eskegi ondoren ohartu nintzen ahots lasai, atsegin eta are gozoaz ere hitz egin nuela Ginorekin, eta pozik geratu nintzen neure buruarekin. Laster nire berarekiko sentimenduak ere izango ziren lasaiak, atseginak eta gozoak; eta neure burua, bera, eta gure harremanak gorrotoaren aire faltsu eta gogaikarrian murgiltzeko beldurrik gabe ikusi ahalko nituen.

 

 

 

© Alberto Moravia

© itzulpenarena: Koldo Biguri

 

 

"Alberto Moravia / Erromako emakumea" orrialde nagusia