BOSGARREN ATALA

 

        Gau hartako ametsak, amets luze eta sakon batek, ezabatu zuen, edo hala iruditu zitzaidan behintzat, Viterboko gorabeheraren oroitzapena bera ere. Biharamunean lasai eta etsi-etsian ekin nien ohiko ganoraz bizimodu normal eta familiartekoa edukitzeko nire asmoei. Goiz hartantxe ikusi nuenean, Gisellak, damuagatik edo, seguruago, zentzuzko zuhurtasunagatik, ez zuen irtenaldia aipatu eta eskertu egin nion. Baina irrikan nengoen, Ginorekin laster aurkituko nintzela pentsatzean. Inolako errurik ez nuela uste izan arren, gezurra esan behar niola pentsatzen nuen, eta ez zitzaidan gustatzen hori egin beharra, ez nekien asmatuko ote nuen egiten, lehendabiziko aldia zelako eta ordura arte erabat zintzoki jokatu nuelako berarekin. Egia da ezkutatu niola Gisellarekin egon nintzela berriz; baina trikimailu hark hain kaltegabeko motiboak zituen non inoiz ez bainuen gezurtzat jo; gehienez ere, Gisellarekiko bere ezinikusi zentzugabeagatik erabili behar izan nuen baliabidetzat.

        Hain irrikatan nengoenez, egun hartan bertan elkartu ginenean, ia-ia hasi nintzen negarrez, den-dena esaten eta barkatzeko eskatzen. Viterborako irtenaldiaren kontuak pisu handia zuen nire ariman, eta hitz eginez hartatik libratzeko gogo bizia neukan. Gino beste norbait izan balitz eta nik jakin izan banu ez zela hain jeloskorra, hitz egingo nuen, jakina, eta gero, uste nuen bezala, lehen baino maiteago izango genuen elkar, eta ni babestuta eta berari lotuta sentituko nintzen amodioa bera baino lotura indartsuago batez. Beti bezala, autoan geunden, goizez, errebaleko ohiko etorbidean. Berak nire ezinegonaz konturatu eta galde egin zidan: — Zer duzu?

        «Orain dena esango diot..., autotik bota eta Erromara oinez itzuli behar badut ere» pentsatu nuen. Aldiz, ez nuen gibelik izan, eta neuk ere galde egin nuen: — Maite al nauzu?

        — Galdetzea ere! —berak erantzun.

        — Eta beti maiteko al nauzu? —heldu nion berriro, begiak malkoz beterik nituela.

        — Beti.

        — Eta laster ezkonduko al gara?

        Nire temagatik gogaituta iruditu zitzaidan: — Hitz ematen dizut —esan zuen—; pentsatu beharko dut ez zarela fidatzen nitaz... Ez al dugu erabaki aste santuan ezkonduko garela?

        — Bai, egia da.

        — Ez al dizut dirurik eman etxea jartzeko?

        — Bai.

        — Orduan..., hitzeko gizona naiz, bai ala ez? Zerbait esaten dudanean, egin egiten dut..., apustu egingo nuke amak zirikatzen zaituela.

        — Ez, ez, amak ez du zerikusirik honekin —erantzun nuen asaldaturik—; eta, esadazu..., elkarrekin biziko al gara?

        — Noski.

        — Eta zoriontsuak izango al gara?

        — Gure esku dago hori.

        — Eta elkarrekin biziko al gara? —galdetu nuen berriro, nire irrikaren zirkulutik irten ezinik.

        — Uf!... hori lehenago galdetu duzu eta nik erantzun dizut.

        — Barkatu! —esan nion—, baina batzuetan ezinezkoa iruditzen zait—. Eta, gehiago eutsi ezinik, han hasi nintzen negarrez. Harrituta geratu zen nire negarragatik, bai eta hunkituta ere, barne zimikoz betea zirudien hunkidura batez, askoz beranduagora arte argi azaldu ez zitzaidan arren zergatik. — Tira, tira —esan zuen—, zertarako negar egin?

        Egia esateko, gertatutako guztia ezin esatearen mingostasun eta estutasunagatik ari nintzen negarrez, barne zimikoaren pisua ezin niolako kendu kontzientziari. Eta bera hain ona eta hain akatsik gabea izanik, haren duin ez nintzelako nahigabetuta ari nintzen negarrez. — Arrazoia duzu —esan nuen azkenik ahaleginak eginez—, tuntun samarra naiz.

        — Ez dut hori esan nahi..., baina ez dut ikusten zergatik egin behar duzun negar.

        Baina artean pisu hura neukan ariman. Eta bera utzi ondoren, arratsalde hartan bertan, elizara joan nintzen konfesatzera. Ia urtebete zen ez nuela egiten: denbora guztian banekien egin ahalko nuela eta hori nahikoa zen niretzat. Ginori lehen musua ematearekin utzi nion konfesatzera joateari. Konturatzen nintzen nire Ginorekiko harremanak bekatuzkoak zirela erlijioaren arabera, baina, ezkondu behar genuela jakinik, ez nuen kontzientziako harrik eta ezkondu baino lehen behin-betiko barkatua izatea espero nuen.

        Hiriko erdialdeko eliza txiki batera jo nuen; zinema baten sarrera eta mertzeria baten eskaparatearen artean zeukan atea. Ia ilunpean zegoen, aldare nagusia eta Amabirjinari eskainitako alboko kapera bat izan ezik. Eliza oso hondatuta eta narras zegoen: lastozko aulkiak, denak lekuz kanpo eta nahas-mahasean jarriak, fededunek joatean utzi zituzten nahaspilan zeuden, eta meza baino areago, lasaitua hartuz uzten den bilera aspergarriren bat ekartzen zuten burura.

        Kupulako argizuloetatik erortzen zen argi ahul batek lurreko hautsa eta zutabeetan marmolaren itxurak egiten zituen igeltsu hori ñabarraren zartatu zuriak salatzen zituen. Hormetan elkarren ondo-ondoan eskegita, ezin konta ahala zilarrezko ex voto ageri ziren, suak hartutako bihotz itxurakoak, halako kinkaila malenkoniatsuaren sentsazioa ematen zutelarik. Baina airean antigoaleko intsentsu usaina zegoen, eta horrek bihotza eman zidan berriro. Neskatila nintzela, sarritan arnastu nuen usain hura; eta horrek nire gogoan eragiten zituen oroitzapenak errugabeak eta atseginak ziren denak. Horrela, leku ezagunean nengoela iruditu zitzaidan, eta, hara sartzen nintzen lehenengo aldia izan arren, eliza hartara joan ohi nintzela.

        Baina konfesatu aurretik Amabirjinaren irudia begiztatu nuen alboko kapera hartara joan nahi izan nuen. Txikitatik Amabirjinari kontsakratua nengoen; eta, are gehiago, haren antza nuela esaten zuen amak, nire aurpegi erregularrarekin eta nire begi beltz, gozo eta handiekin. Beti maite izan nuen Amabirjina, Jesus haurra besoetan duelako eta Jesus haurra, gizon bihurturik, hil ziotelako; eta berak, mundura ekarri eta seme bat maite den bezala maite izan zuenez, biziki sufritu zuelako gurutzean josita ikustean. Sarritan pentsatzen nuen Amabirjinak bakarrik uler zitzakeela nire oinazeak, hainbeste oinaze pairatu zituenez gero, eta neskatila nintzenetik, beran baino ez nion errezatu nahi, bera bakarrik zelako ni ulertzeko gauza. Gainera, Amabirjina amaren hain desberdina zelako gustatzen zitzaidan, hain bare eta lasaia, arropa aberatsez jantzia, maitasunez begiratzen zidaten begi horiekin; eta nire benetako ama bera zela iruditzen zitzaidan, eta ez beti garrasika eta beti afanean eta gaizki jantzita zegoen ama hura.

        Belaunikatu nintzen beraz eta, aurpegia eskuen artean gordeaz, burumakur, otoitz luze bat egin nuen, Amabirjinari berari, barkatzeko esanez egin nuen guztiagatik eta bere babesa eskatuz niretzat, amarentzat eta Ginorentzat. Gero gogoratu nintzen ez niola gorrotorik eduki behar inori, eta Gisellarentzat ere, bekaizkeriagatik saldu ninduen arren, Riccardorentzat, ergelkeriagatik Gisellari lagundu zion arren, eta azkenik Astaritarentzat ere eskatu nuen Amabirjinaren babesa. Astaritaren alde besteen alde baino luzaroago errezatu nuen, arranguratuta nengoelako berarekin hain zuzen, eta sentimendu hori suntsitu nahi nuelako, eta maitatu besteak maite nituen bezala, eta barkatu, eta erabat ahaztu egin zidan okerra. Azkenerako hain hunkituta sentitu nintzen non malkoak etorri baitzitzaizkidan begietara. Begirada altxatu nuen Amabirjinaren irudirantz, aldare gainera, eta malkoek belo baten antzera egiten zidaten, eta irudia ezabatua eta dardarka zegoen ur azpitik ikusia bezala, eta irudiaren inguru guztian diz-diz egiten zuten kandelak zenbat, hainbat urrezko mantxa ageri ziren, gozoak begietarako baina aldi berean mingotsak, batzuetan izarrak diren bezala, guk ukitu nahi eta, aldiz, hain urrun daudelako. Luzaro egon nintzen horrela, Amabirjinari begira, ia ikusi gabe; gero malkoak begietatik erori eta aurpegian behera irristatu ziren, halako kilima mingots bat eginez, eta Amabirjina ikusi nuen, Jesus haurra besoetan zuela, niri begira, eta aurpegia kandelen garren bitartez argitua. Errukiz eta begi onez begiratzen zidala iruditu zitzaidan, eta bihotz-bihotzez eskertu nion, eta, altxatuz, ordurako nire onera itzulirik sentitzen nintzela, konfesatzera joan nintzen.

        Kofesategiak hutsik zeuden denak; baina, begiez apaiz baten bila batetik bestera nenbilen bitartean, norbait ikusi nuen aldare nagusitik ezkerretara zegoen atetxo batetik irteten, aldare aurretik pasatzen, belaunikatu eta aitaren egiten eta beste aldera joaten. Fraide bat zen, ez nuen ondo ikusi zein ordenatakoa, eta, neure buruari adorea emanez, otzan-otzan deitu nion. Bera bueltatu eta berehala etorri zitzaidan parera. Hurbil zegoenean, artean gizon gaztea zela ikusi nuen, oso handi eta sendoa, aurpegi arrosa, fresko eta gizonarena zuena, bizar gorri mehe batez inguratua, begi urdinak eta bekoki zabal eta zuria. Ia nahi gabe pentsatu nuen gizon benetan ederra zela, elizetan eta baita kanpoan ere gutxitan topatzen diren bezalakoa; eta pozik jarri nintzen berarekin kofesatu behar nuelako. Ahots apalez adierazi nion nahi nuena eta bera, gonbidatzeko keinu arin bat eginik, nire aurrean hasi zen kofesategietako baterantz ibiltzen.

        Bera barruan sartu eta ni sare aurrean belaunikatzera joan nintzen. Kofesategian jositako xaflatxo esmaltatu batek aita Elia izena erakusten zuen; gustatu zitzaidan izen hori, eta konfiantza eman zidan. Belaunikatu nintzen, berak errezo labur bat egin eta gero galde egin zidan: — Aspaldi ez al zara kofesatu?

        — Ia urtebete —erantzun nuen.

        — Oso denbora luzea da..., luzeegia..., zergatik?

        Italieraz ez zuela ondo egiten konturatu nintzen, erreak gogortuz, frantsesek egiten duten bezala, eta, gero, egin zituen bi edo hiru okerrengatik, hitz arrotzak italieraren ebakerara moldatzean, hain zuzen frantsesa zela ulertu nuen. Atzerritarra zelako ere poztu nintzen, eta ez nuke asmatuko esaten zergatik. Beharbada, nolabaiteko garrantzia ematen zaion ekintza bat egiten dugunean, onerako seinale moduan azaltzen delako ez-ohikoa dirudien edozein gauza.

        Kofesatzeari zergatik utzi nion, kontatu behar nuen istorioan bertan jakingo zuela azaldu nion. Eta berak, isilaldi labur baten ondoren, esateko zer neukan galdetu zidan. Orduan, kemen eta konfiantzaz, Ginorekiko nire harremanak, Gisellarekiko adiskidetasuna, Viterborako irtenaldia eta Astaritaren xantaia kontatu nizkion. Hitz egin bitartean, neure artean galdetzen nuen, ezinbestez, zer nolako eragina izango zuten beregan nire aitorpenek. Ez zen besteak bezalako apaiz bat, eta bere ez-ohiko itxuragatik, mundu handiko gizona baitzirudien, apaiza zergatik egin ote zen pentsatzen nuen, jakin-min handiz. Bitxia emango du, Amabirjinari egin nion errezoak nire baitan eragin zuen egundoko zirrararen ondoren, nire aitor-entzuleaz jakin-minez azaltzeraino arreta galtzeak; baina nire ustez ez zegoen kontraesanik jakin-min eta zirrara haien artean. Nire arimaren barren-barrenetik irtenak ziren biak, non debozioa eta koketeria, bihozmina eta sentsualtasuna nahaspilatuta baitzeuden elkarrengandik ezin askatzeko moduan.

        Baina berataz esan dudan moduan pentsatu arren, hitz egin ahala halako lasaitu gozo bat, eta gehiago eta dena esateko egarri kontsolagarri bat sentitzen nituen. Iruditzen zitzaidan arintzen nintzela eta ordura arte estutu ninduen larrialditik gero eta gehiago sendatzen, sargoriak zimeldutako loreak azkenik lehen euri tantak jasotzen dituenean bezala. Nekez eta zalantzaz hitz egin nuen hasieran; ondoren, gero eta etorri handiagoaz; azkenerako, itxaropenez betetako zintzotasun bizi batez. Ez nuen ezer isildu, ezta Astaritak eman zidan dirua, eskaintza hark piztu zizkidan sentimenduak, eta zertan erabili nahi nuen ere. Berak inolako oharrik egin gabe entzun zidan; eta, amaitu nuenean, esan zuen: — Kaltea iruditzen zitzaizun hori galarazteko, hau da, zure senargaiarekin ez hausteko, mila aldiz handiagoa den kaltea egin diozu zeure buruari...

        — Bai, egia da —esan nuen bihotza taupada batean nuela, pozik bere hatz mehe haiekin arima irekitzen zidalako.

        — Egia esateko —jarraitu zuen bere buruari hitz eginez bezala—, zure senargaiarekiko harremanak ez du zerikusirik...; gizon horri amore emanez zekenkeriaren eraginari obeditu diozu.

        — Egia da, egia da...

        — Bada, hobe zen ez ezkontzea, egin duzuna egin baino lehen.

        — Bai, horixe pentsatzen dut nik ere.

        — Pentsatzea ez da aski..., orain ezkonduko zara, egia da, baina zein preziotan? Ezingo zara inoiz emazte ona izan.

        Gogor jo ninduen bere hitzen gogortasun eta zorroztasunak; eta larriturik esan nuen: — A, hori ez..., niretzat ezer ere gertatu ez balitz bezala da..., seguru nago emazte ona izango naizela.

        Nire erantzun honen zintzotasuna gustatu egin zitzaion nonbait. Une luze batez isildu eta gero berriz hasi zen ahots eztiagoaz: — Damututa al zaude egiatan?

        — Hori bai —esan nuen bizkor. Halako batean dirua Astaritari itzultzeko aginduko zidala pasa zitzaidan burutik; eta, dirua itzuli beharragatik aurretiaz nahigabea sentitzen banuen ere, batez ere berak, hain modu bereziaz gustatu eta liluratzen ninduenez, ematen zidalako agindu hori, pozik obedituko nuela pentsatu nuen. Baina, dirua aipatu gabe, bere ahots hotz eta urrunaz jarraitu zuen, doinu arrotzak halako intonazio harrigarriro maitekorra erasten ziolarik: — Orain, ahalik eta azkarren ezkondu behar duzu..., bide onera itzuli behar duzu..., zure senargaiari esan behar diozu zuen harremanek ezin dutela honela jarraitu.

        — Esan diot dagoeneko.

        — Eta berak zer esan du?

        Irribarre egin nuen ezinbestez, hain eder eta ilehoria izanik, berak egiten zidalako galdera hori kofesategiko itzaletik. Ahalegin batez erantzun nuen: — Aste santuan ezkonduko garela esan du.

        — Hobe litzateke berehala ezkontzea... —esan zuen une batez hausnartu ondoren, eta hain zuzen ere aldi horretan ez zuen apaiz moduan hitz egiten, baizik eta mundu handiko gizon gizabidetsu eta aldi berean nire arazoez arduratu behar izateagatik apur bat gogaituaren moduan—. Aste santua urruti dago...

        — Lehenago ezin dugu..., arrioa egin behar dut..., eta berak bere herrira joan behar du gurasoekin hitz egitera.

        — Nolanahi ere —jarraitu zuen—, ahalik eta lasterren ezkondu behar duzu..., eta ezkontzeko egunera arte guztiz eten egin behar duzu zure senargaiarekiko edozein haragizko harreman...; hori bekatu larria da..., ulertu al duzu?

        — Bai, egingo dut.

        — Egingo al duzu? —errepikatu zuen zalantza adierazten zuen doinuaz—. Dena dela, otoitzarekin indar zaitez tentazioen kontra..., saiatu otoitz egiten.

        — Bai..., otoitz egingo dut.

        — Beste gizon hori, ordea —jarraitu zuen—, ez duzu berriro ikusi behar, ezergatik ere ez...; horrek ez luke zuretzat zaila izan behar, maite ez duzunez gero..., etsitzen ez badu, berriz azaltzen bada, bidal ezazu.

        Horrela egingo nuela erantzun nion; eta berak, bere ahots hotz, isilkari eta, hala ere, entzuteko hain atsegingarriaz atzerriko doinuagatik eta isurtzen zitzaion gizabide sentsazioagatik, beste gomendio batzuk aipatu eta penitentzia moduan egunero hainbat errezo egitea agindu zidan; gero barkatu egin zidan. Baina alde egin baino lehen berarekin batera Aitagure bat erreza nezala nahi izan zuen. Pozez onartu nuen, pena ematen zidalako joateak eta artean ez nintzelako bere ahotsa entzuteaz ase. — Gure Aita zeruetan zarena —esan zuen.

        Eta nik errepikatu: — Gure Aita zeruetan zarena.

        — Etor bedi zure erreinua.

        — Etor bedi zure erreinua.

        — Egin bedi zure nahia, zeruan bezala lurrean ere.

        — Egin bedi zure nahia, zeruan bezala lurrean ere.

        — Emaguzu gaur egun honetako ogia.

        — Emaguzu gaur egun honetako ogia.

        — Baina barkatu gure zorrak, guk ere gure zordunei barkatzen diegunez gero.

        — Baina barkatu gure zorrak, guk ere gure zordunei barkatzen diegunez gero.

        — Eta ez gu tentaldira eraman, baina atera gaitzazu gaitzetik.

        — Eta ez gu tentaldira eraman, baina atera gaitzazu gaitzetik.

        — Amen.

        — Amen.

        Errezoa esatean izaten nuen sentimendua gogoratzeko ekarri dut osorik hona. Ni oso txikia izan eta berak esaldi batetik bestera eskutik helduta eramango banindu bezalako zerbait zen. Bitartean, ordea, Astaritak eman zidan diruaz ari nintzen pentsatzen eta ia etsituta sentitzen nintzen ez zidalako itzultzeko eskatu. Egia esateko, agin ziezadala nahi izango nukeen, nire borondate onaren, nire obedientziaren eta damuaren froga zehatza eman nahi niolako, eta benetako sakrifizioa eskatuko zidan zerbait egin nahi nuelako beragatik. Errezoa amaitu genuenean, ni zutitu eta bera ere irten zen kofesategitik, eta alde egitekoa egin zuen, niri begiratu gabe eta justu-justu egiten zuelarik agur keinu bat buruaz. Orduan, ia gogo txarrez eta hausnartzeke, mahukatik tira egin nion. Berak geratu eta begiratu zidan bere begi argi, hotz eta nareez.

        Inoiz baino ederragoa iruditu zitzaidan eta hamaika burutapen zoro gurutzatu zitzaizkidan gogoan. Maitatu ahalko nukeela pentsatu nuen eta gustatzen zitzaidala ulertarazteko zer egin beharko nukeen pentsatu nuen. Aldi berean, ostera, nire kontzientziaren ahotsak ohartarazi egiten zidan elizan nengoela, bera apaiza zela eta nire aitor-entzulea zela. Burutapen eta gogoeta guzti haiek, une berean jotzen nindutelarik, izugarri aztoratu ninduten; hala, une batez ez nintzen hitzik egiteko gauza izan. Berak orduan, arrazoizko itxaronaldi baten ondoren, honela galdetu zidan: — Beste zerbait esan nahi zenidan?

        — Jakin nahi nuen dirua itzuli behar ote diodan gizon horri —esan nuen.

        Berak begirada azkarra bota zidan, nire arimaren hondoraino iristen zela iruditu zitzaidana, hain zuzena eta zorrotza izan zen eta; gero labur erantzun zuen: — Behar handia al duzu?

        — Bai.

        — Bada, ez duzu zertan itzuli behar..., baina, dena dela, zeure kontzientziaren arabera joka ezazu.

        Halako doinu berezi batez esan zituen hitz horiek, gure ikustaldia amaituta zegoela aditzera emanez bezala; eta nik ahapetik: — Eskerrik asko—, irribarrerik gabe, begietara zuzen begiratuz. Benetan eskutatik joanda nengoen une hartan, eta ia espero nuen nola edo hala, keinu edo hitz batez, axola niola emango zidala aditzera. Berak, jakina, nire begirada haren esanahia ulertu, eta harridurazko argi arin bat igaro zitzaion aurpegitik. Agur keinu txiki bat egin eta, bizkarra emanez, joan egin zen, ni nahastuta eta guztiz aztoratuta utzi ninduelarik kofesategi ondoan.

        Amari ez nion ezer esan aitorpenaz, Viterborako irtenaldia ezkutatu nion bezala, bestalde. Banekien, jakin ere, oso ideia argiak zituela apaizei eta erlijioari buruz: denak oso gauza politak zirela, baina hala ere aberatsek aberats eta pobreek pobre jarraitzen zutela esaten zuen. — Ikusten da aberatsek guk baino hobeto errezatzen dakitela —esan ohi zuen. Familiaz eta ezkontzaz bezalaxe pentsatzen zuen erlijioaz: fededuna izan zen, sinesteduna, eta hala ere dena gaizki joan zitzaion beti, horregatik ez zuen gehiago sinesten. Behin esan nion saria beste munduan genuela zain, eta berak egundoko amorrazioa hartu zuen, esanez saria orduan eduki nahi zuela, berehala, hemengo mundu honetan, eta orduan eskuratzen ez bazuen dena gezurra zela esan nahi zuela. Baina, esan dudan bezala, erlijioaren arabera hezi ninduen, bera ere behinola fededuna izan zelako. Bakarrik, azken urteetan, ezbeharrek zakartu eta pentsaera aldatu zuen.

        Biharamun goizean, Ginorekin autoan nengoela, nagusiak bazihoazela eta, zenbait egunez, landetxean elkar ikusteko aukera izango genuela esan zidan. Nire lehen erreakzioa poza izan zen, ustez aditzera eman dudan bezala, maitasuna gustatzen zitzaidalako eta Ginorekin maitasuna egitea gustatzen zitzaidalako.

        Baina berehala gogoratu nintzen aitor-entzuleari egin nion promesaz eta esan nuen: — Ez, ezinezkoa da.

        — Zergatik?

        — Ezin delako.

        — Ongi da —esan zuen etsipenezko hasperen batez—, orduan bihar.

        — Ez..., bihar ere ez..., inoiz ez.

        — A, inoiz ez! —errepikatu zuen harrituarena eginez eta ahotsa apalduz—; hori al da?... Inoiz ez...; azalpenen bat emango didazu, behintzat.

        Susmo txarrez eta jelosiaz betetako aurpegiera jarri zuen. — Gino —esan nuen bizkor—, maite zaitut eta, egiatan, inoiz baino maiteago zaitut orain..., baina maite zaitudalako hain zuzen..., erabaki dut ezkontzen ez garen bitartean..., hobe dela ezer ez egotea gu bion artean..., ezer ez, maitasuna egitea esan nahi dut.

        — A, orain dena argi dago —esan zuen gaiztakeriaz—, beldur zaude ez dudala zurekin ezkondu nahi izango, e?

        — Ez..., seguru nago ezkonduko zarela nirekin..., beldur hori banu ez nituzke egingo prestakizun hauek guztiak eta ez nituzke gastatuko amaren diruak, bizitza guztia behar izan du eta aurrezteko.

        — Ene, luze ari da jotzen gero zure amaren diruaren kontu hori! —esan zuen. Zakartuta zegoen benetan, eta ia ez nuen ezagutzen. — Eta zergatik?

        — Kofesatzera joan naiz eta apaizak ezkondu arte zurekin maitasuna ez egiteko agindu dit.

        Nahigabezko keinu bat egin zuen eta ia biraoa iruditu zitzaidan esaldi bati ihes egiten utzi zion: — Baina zein eskubide dauka apaiz horrek gure arazoetan sudurra sartzeko?

        Ezer ez esatea nahiago izan nuen. Berak, berniz: — Esan, zergatik ez duzu ezer esaten?

        — Ez daukat ezer esatekorik.

        Konbentzitu ezinezkoa iruditu nintzaion nonbait; bat-batean iritziz aldatu eta hauxe esan zuelako: — Ongi, ba..., nahi duzuna..., hirira laguntzea nahi al duzu orduan?

        — Nahi duzun bezala.

        Esan behar dut orduantxe bakarrik azaldu zela nirekin zakar eta kortesia gutxiz. Biharamunean bertan etsitua zegoela ematen zuen eta beti bezala azaltzen zen: maitekor, adeitsu, kortesiaz. Egunero elkar ikusten segitu genuen horrela, ohi bezala, baina maitasuna egin gabe eta berriketa egitera mugatzen ginelarik. Noizbehinka musu bat ematen nion, berak ohoreagatik eskatzen ez zuen arren. Musu ematea ez zela benetan bekatua iruditzen zitzaidan, azken finean senar-emaztegaiak ginelako eta ezkontzeko geundelako. Gaur egun, egun horiek burura ekartzean, uste dut gure harremanak arian-arian hoztu eta, nabarmen agertu gabe, poliki-poliki eta oharkabean halako urruntasun batera bultzatuko ninduela espero zuelako jokatzen zuela Ginok, etsiturik, senargai begirunetsuaren paper berria. Egunero gertatzen zen neska batzuk, harreman luze-luze eta itogarrien ondoren, ia ohartu ere egin gabe, libre aurkitzen zirela, gaztaroko zatirik onena igaroa izatea beste kalterik gabe. Ezjakinean, aitor-entzulearen aginduarekin, gure harremanak moteltzeko beharbada bilatzen ari zen aitzakia eskaini nion. Bere kasa, segur aski sekulan ez zuen horretarako bihotzik izango, izatez ahula eta berekoia zelako eta gure harremanetatik eskuratzen zuen plazera askoz handiagoa zelako ni uzteko bere borondatea baino. Baina aitor-entzulea tartean sartzearekin, aukera zeukan konponbide azal-hutsekoa eta itxuraz desinteresatua hartzeko.

        Halako epe baten ondoren, ez zen hain sarritan ni ikustera etortzen, ez egunero lehen bezala, baizik eta egun batean bai eta bestean ez. Eta autoan egiten genituen ibilerak gero eta laburragoak zirela konturatu nintzen; eta berak gero eta arreta gutxiagoz entzuten zituela ezkontzari buruzko nire berriketak. Baina bere jokamoldean aldaketa hori gertatu zela nolabait konturatu arren, ez nuen ezer susmatzen; txikikeriak zirelako, hain zuzen, huskeriak, eta berak ohi bezala jokatzen segitzen zuelako, maitasunez eta kortesiaz. Azkenik, egun batean, atsekabetu aurpegia zuelarik, familiaren gorabeherengatik, gure ezkontzaren eguna uda pasa arte atzeratu behar zela eman zidan aditzera.

        — Nahigabe handia al da zuretzat? —gaineratu zuen, notizia hari buruz inolako oharrik egiten ez nuela, eta aurpegi sor eta mingotsaz aurrera begiratzera mugatzen nintzela ikusirik.

        — Ez, ez —esan nuen nire onera itzuliz—, ez du axolarik..., zer egingo diogu?...; gainera horrela denbora edukiko dut nire arrioa josteko.

        — Ez da egia..., izugarri nahigabetzen zaitu—. Bitxia zen zeinen tema handiz uste zuen nahigabetzen ninduela gure ezkontzaren atzerapenak.

        — Ezetz.

        — Orduan, nahigabetzen ez bazaitu, benetan ez nauzula maite esan nahi du eta, funtsean, ez litzaizukeela inportako ezkonduko ez bagina ere.

        — Ez ezazu hori esan —bota nuen ikaraturik—, niretzat ikaragarria litzateke..., ez dut horretaz pentsatu ere egin nahi.

        Keinu bat egin zuen, orduantxe ulertu ez nuena. Egiatan, nire borondatearen tinkotasuna probatu nahi izan zuen, eta atsekabeturik ohartu zen oso sendoa zela artean.

        Baina ezkontzaren atzerapenak, nik susmo txarra hartzeko nahikoa izan ez arren, amaren eta Gisellaren aspaldiko usteak baieztatu zituen. Amak, batzuetan egiten zuen bezala (eta bitxia zen jarrera hori, izatez oldarkor eta gogorra zelako), hasieran ez zuen inolako hitzik atera notiziari buruz. Baina arratsalde batean, ohi bezala, jatekoa zerbitzatzen zidan bitartean, zutik, isilik eta nire aginduei adi, nik ezkontzari buruzko ez dakit zer aipatu ondoren, honela esan zuen: — Badakin nola deitzen zitzaion nire garaian hi bezala ezkontzeko zain egonda, inoiz ezkontzen ez den neska bati?

        Ni zurbildu eta bihotza estutu egin zitzaidan: — Nola?

        — Freskatzen jarria —esan zuen amak patxada handiz—; berak freskatzen jartzen hau, sobratzen den haragia bezala...; batzuetan haragia, freskatzen jarri eta jarri, azkenik galdu eta orduan bota egin behar izaten dun.

        Amorru handia sentitu eta esan nuen: — Ez da egia...; azken finean, lehen aldiz atzeratu dugu..., eta hilabete gutxiz bakarrik...; baina zuk begitan hartu duzu Gino txoferra delako eta ez jaun bat, horixe da egia.

        — Nik ez dinat begitan inor hartu.

        — Bai, hartu duzu..., eta baita sos horiek gastatu behar izan dituzulako gure gelarako..., baina ez eduki beldurrik...

        — Alaba..., maitasunarekin tentelduta hago.

        — Beldurrik ez izateko diot, geratzen diren epe guztiak berak pagatuko dituelako...; pagatu dituzunak itzuliko dizkizugu..., begira...—. Eta, grinak harturik, poltsa ireki eta erakutsi nizkion Astaritak emandako billeteak. — Sos hauek bereak dira —jarraitu nuen, eta hain itsututa nengoenez gero, ia-ia egiaz ari nintzela iruditzen zitzaidan gezur horiek esatean—, berak eman dizkit hauek..., eta beste batzuk etorriko dira gero.

        Begirada dirurantz luzatu eta aurpegiera goibel eta etsitua jarri zuen, bihotzean zimiko egin zidana. Aspaldiko partez ez nuen hain gaizki tratatzen; eta horrekin batera ohartu nintzen gezurra esan nuela eta diru hori, gainera, ez zidala Ginok eman. Hitzik esan gabe, mahaia jaso, platerak hartu eta irten egin zen. Amorruz gogoetan une batez egon ondoren, zutitu eta atzetik jarraitu nion. Bizkarrez ikusi nuen, iturriko aska aurrean tente, platerak garbitzen eta banan-banan marmolaren gainean xukatzen uzten ari zela, burua eta sorbaldak makurturik apur bat; eta biziki errukitu nintzaion. Etsi-etsian besoak lepo inguruan jarri nizkion, eta honela esan: — Barkatu esan dudanagatik..., ez nuen pentsatzen..., baina Gino dela eta ez dela hasten zarenean, burua galdu beharrean jartzen nauzu.

        — Ba, ba, utzi nazan —erantzun zuen, nire besarkadatik askatzearren borrokatzeko itxurak eginez.

        — Baina ulertu behar nauzu —erantsi nuen grina handiz—; Gino ez bada nirekin ezkontzen..., ba, neure burua hil edo bizitza galduari helduko diot.

        Gisellak amak bezalatsu hartu zuen ezkontzaren atzerapenaren berria. Alokatuta zeukan gelan geunden, ni erabat jantzirik ohe ertzean eserita, bera kamisoi hutsean, apain-mahai aurrean, orrazten ari. Amaitu arte inolako iruzkinik esan gabe hitz egiten utzi zidan, gero, garaile eta lasai, esan zuen: — Ikusten nola arrazoia nuen?

        — Zergatik?

        — Berak ez du ezkondu nahi eta ez da ezkonduko..., orain ez da aste santurako, santu guztien egunerako baizik...; santu guztien egunean, ordea, eguberrietarako izango da..., eta gero, egunen batean begiak ireki, eta zerorrek utziko duzu bera.

        Amorrua eta nahigabea sentitzen nuen bere hitz horiengatik. Baina, nolabait, nire sumina amarekin bota nuen; eta gainera banekien pentsatzen nuen guztia esanez gero, Gisellarekiko harremanak hautsi beharko nituzkeela; eta ez nuen horrelakorik nahi, nire adiskide bakarra zelako, azken finean. Erantzun beharko niokeen, pentsatzen nuen bezala, ez zuela ni ezkontzerik nahi bazekielako Riccardo ez zela inoiz ezkonduko berarekin. Egia zen hori; baina oso gauza gaiztoa zen esateko, eta ez zitzaidan zuzena iruditzen Gisella mintzea, bakar-bakarrik, gogo txarrez beharbada, bekaizkeriaren eta jelosiaren sentimendu itsusiari amore ematen ziolako Ginori buruz hitz egitean. — Ez dezagun gehiago hitz egin horretaz..., ondo?... —erantzun nion, besterik ez—. Funtsean, zuri bost axola zaizu ezkontzen naizen ala ez..., eta ez zait gustatzen horretaz hitz egitea.

        Halako batean apain-mahaitik altxatu eta ohean nire ondoan esertzera etorri zen. — Zer dela eta ez zait axola? —protestatu zuen bizi-bizi. Eta gero, gerritik hartuz: — Niri, aldiz, pena handia ematen dit zurekin nahi duena egiten duela ikusteak.

        — Baina hori ez da egia —esan nuen ahapetik.

        — Eta zoriontsu ikusi nahi zintuzket —jarraitu zuen. Une batez isilik geratu zen; gero, halabeharrez bezala: — Eta horretaz ari garenez..., Astarita isildu gabe ari zait esaten berriz ikusi nahi zaituela, eta ez nau bakean uzten..., zu gabe ezin dela bizi dio..., maiteminduta dago benetan..., nahi al duzu berarekin geratzea?

        — Ez aipatu Astarita —erantzun nuen.

        — Bera jabetuta dago gaizki portatu zela egun hartan Viterbon —jarraitu zuen—, baina, azken finean, maite zaituelako egin zuen..., okerra konpontzeko prest dago.

        — Konpontzeko modu bakarra —esan nuen—, nire aurrean berriz ez azaltzea da.

        — Tira, tira..., azken finean gizon zintzoa da eta benetan maite zaitu..., ikusi nahi zaitu, zurekin hitz egin..., zergatik ezingo duzue kafetegi batean elkar ikusi, esaterako, ni hantxe nagoela?

        — Ez —esan nuen etsi-etsian—, ez dut ikusi nahi.

        — Damutuko zara.

        — Zoaz zu Astaritarekin.

        — Ni segituan joango naiz, maitea..., gizon eskuzabala da, sosari begiratzen ez diona..., baina zu nahi zaitu, buruan sartu zaio hori.

        — Bai, baina nik ez dut nahi.

        Denbora dezente jarraitu zuen Astaritaren aldekoak esaten; baina ez nion konbentzitzen utzi. Ezkondu eta familia bat osatzeko nire desio etsituaren erpinean nengoen orduan; eta ez arrazoiak, ez eta diruak ere liluratzen uztera erabakita nengoen. Viterbotik itzultzean, Astaritak dirua bortxaz eskuan sartuz nire ariman pizten asmatu zuen atseginezko hotzikara hartaz ere ahaztu nintzen. Gertatzen den bezala, hain zuzen Gisellak eta amak arrazoia eduki eta edozergatik ere ezkontzarik gertatuko ez zen beldurrez nengoelako heltzen nion itxaropen handiago eta amorratuagoaz ezkontzeko burubideari.

 

 

 

© Alberto Moravia

© itzulpenarena: Koldo Biguri

 

 

"Alberto Moravia / Erromako emakumea" orrialde nagusia