LAUGARREN ATALA

 

        Garai haietan, estudioetan posatzen jarraitzen nuelarik, Gisella izeneko modelo baten adiskide egin nintzen. Neska garaia eta ongi egina zen, larru azal zuri-zurikoa, ileak beltz eta kizkurrak zituen, begiak urdinak, txikiak eta sartuak, eta ahoa gorri eta handia. Nire aldean, oso bestelakoa zen izaeraz: erretxina, mihi-zorrotza, gozakaitza eta aldi berean oso praktikoa eta interesatua; eta beharbada desberdintasun horrexek batu gintuen. Modelo lanaz aparte ez nion beste bizibiderik ezagutzen; baina ni baino hobeto janzten zen eta ez zuen ezkutatzen opariak eta dirua jasotzen zituela bere senargaitzat aurkezten zuen gizon batengandik. Gogoan dut lepoak eta mahukak astrakanezkoak zituen jaka beltz bat janzten zuela negu hartan, nik dezente inbidiatzen niona. Senargaia Riccardo deitzen zen, gazte handi eta sendoa bera, ongi elikatua, patxadatsua, aurpegia arrautza bezain leuna eta nire ustez, orduan bai behintzat, ederra zuena. Beti dotore zihoan, ilea gominaz igurtzia, eta jantzi berriekin; bere aitak gorbata eta gizonezkoentzako arropa zuri denda bat zeukan. Ergela izateraino bezain xinplea zen, gozoa, alaia eta, beharbada, ona ere bai. Bera eta Gisella maitaleak ziren eta ez dut uste ezkontzeko hitzik zegoenik haien artean, Gino eta bion artean zegoen bezala. Baina, hala ere, Gisellak berarekin ezkondu nahi zuen, itxaropen gehiegirik gabe, nolanahi; Riccardori dagokionez, ordea, uste oso-osoa daukat Gisellarekin ezkontzeko ideia ez zitzaiola burura etorri ere egin. Gisellari, oso tentela baina ni baino adituagoa izanik, ni babestu eta trebatzea pasa zitzaion burutik. Hitz gutxitan esanda, bizitzaz eta zorionaz amak bezalako ideiak zituen. Bakarrik, amaren kasuan, ideia horiek, ametsondo eta gabetasunen fruitu izanik, modu mingots eta liskartsuan azaltzea, eta Gisellaren baitan, aldiz, bere izaera kamutsetik eratorriak eta halako handiuste temoso baten ondorio izatea. Ama, nolabait, ideia horiek azaldu eta han geratzen zen, berarentzat printzipioak baieztatzea garrantzitsuagoa bailitzan gauzatzea bera baino; Gisella, ordea, beti horrela pentsatu baitzuen eta bestela pentsa zitekeenik susmatu ere egin ez, miretsi egiten zen ez nuelako berak bezala jokatzen; eta, gogoz kontra ia, nire gaitzespena nabaritzen utzi nuenean bakarrik azaldu zen erretxinduta eta jeloskor, miretsi ordez. Bat-batean konturatu zen, ez bakarrik bere babesa eta trebatze lanak ez nituela onartzen, baizik eta, baita kondenatu ere egin nezakeela bera, nahi nuenean, nire nahi desinteresatu eta bihozkorren altueratik; eta orduan, ni beraren antzerako bihurtuz, nire zentzu ona deuseztatzeko asmoa bururatu zitzaion, beharbada ez guztiz jakinaren gainean. Lehen-lehenik, garbi jarraitzeagatik ergela nintzela errepikatzen hasi zitzaidan; benetan penagarria zela bizitza sakrifikatu hura egiten eta kalean hain gaizki jantzita ibiltzen ikustea; nahi izanez gero, nire edertasunari esker, nire egoera erabat alda nezakeela. Azkenerako, gizonik sekulan ezagutu ez nuela pentsatzen uzten niolako lotsaturik, Ginorekiko harremana aitortu nion, hori bai, ongi adieraziz senar-emaztegaiak ginela eta laster ezkondu behar genuela. Ginok zer egiten zuen galdetu zidan berehala, eta txoferra zela jakitean, kopeta zimurtu egin zuen. Hala ere, aurkezteko eskatu zidan.

        Gisella nire adiskiderik onena zen eta Gino nire senargaia: gaur bihotz hotzez epai ditzaket, baina orduan erabat itsua nintzen beren izaerekin. Ginori buruz, lehenago ere esan dut ezin hobetzat jotzen nuela; Gisellarekin, beharbada konturatu egiten nintzen bere akatsez baina, ordainetan, bihotz zabala eta nirekiko maitasun handia zuela pentsatzen nuen; eta nire fortunarekiko zeukan ardura hori errugabea nintzelako destainari eta ni usteltzeko gogoari baino areago, onberatasun gaizki ulertu eta okertu bati egozten nion. Horrela, presentazioak egin nituen, ez ordea errezelorik gabe: laño-lañoki, elkarren adiskide izatera hel zitezen nahi izango nukeen. Kafetegi batean gertatu zen. Gisella isilik egon zen denbora guztian, begi gaiztoak jarrita, nabarmen-nabarmen. Ginok, hasieran, Gisella liluratu nahi zuela iruditu zitzaidan, ohi bezala, landetxearen kontu horretara eraman baitzuen solasa, eta bere nagusien aberastasunak goraipatzen hasi baitzen, azalpen horiekin hura itsutu eta bere egoeraren apaltasuna ezkutatu nahi izan balio bezala. Baina Gisella ez zen bigundu, eta bere jarrera gaiztoan jarraitu zuen. Gero, ez naiz gogoratzen zer zela eta, hauxe adierazi zuen: — Zorionekoa zara Adriana aurkitu duzulako.

        — Zergatik? —galdetu zuen Ginok harrituta.

        — Normalean, txoferrak neskameekin ibiltzen direlako.

        Kolorea mudatzen ikusi nuen Gino; baina ez zen oharkabean erraz harrapatzen den gizona. — Egia da, egia da —errepikatu zuen astiro, ahotsa apalduz, ordura arte erreparatu gabeko kontu nabarmen bat gogoan hartzen duenaren itxuraz—; izan ere, ni baino lehenago zegoen txoferra sukaldariarekin ezkondu zen, hain zuzen..., ulertzekoa da, nola ez... Nik ere berdin egin beharko nuen..., txoferrak neskameekin ezkontzen dira eta neskameak txoferrekin..., hara, hara, nolatan ez naiz lehenago konturatu? Baina —gaineratu zuen zabarki—, Adriana sukaldeko laguntzailea izatea nahiago izango nuke, modelo baino... —eta eskua altxatu zuen, Gisellaren bainaren bati aurre hartzeko bezala—, lanbideagatik beragatik bakarrik..., nahiz eta, egia esanda, gizonen aurrean biluzik agertzea ere ez izan nire gustukoa..., baina batez ere lanbide horretan halako ezagutza, halako adiskidetasun batzuk egiten direlako, gero... —burua mugitu zuen eta ahoa okertu. Gero, tabako paketea eskainiz: — Erretzen al duzu?

        Gisella zer erantzun ez zekiela geratu zen; eta zigarroari uko egitera mugatu zen. Gero erlojuari begiratu eta hauxe iragarri zuen: — Adriana, joan behar dugu—. Berandu zen, izan ere, eta Ginori agur esanda irten ginen kafetegitik. — Egundoko zorakeria egitera zoaz... —esan zidan Gisellak kalean—, ni ez nintzateke inoiz ezkonduko horrelako gizon batekin.

        — Ez al zaizu gustatu? —galdetu nuen antsiaz.

        — Batere ez..., hasteko, altua zela esan zenidan eta, aldiz, zu baino txikiagoa da ia..., begi faltsuak dauzka, aurpegira inoiz begiratzen ez dutenak...; ez da inondik ere naturala eta halako zeremonia batez hitz egiten du!; urrundik ere ikusten da ez duela esaten pentsatzen duena..., eta gero harrotasun guzti hori, txoferra izanik!

        — Baina nik maite dut —ihardetsi nuen.

        — Bai, baina berak ez zaitu maite... —erantzun zuen lasai—, eta ikusiko duzu nola egun batean bidaliko zaituen porruak landatzera.

        Iragarpen hark hunkitu egin ninduen, hain segurua eta amarenaren hain berdina zelako. Gaur egun esan dezaket Gisellak, alde batera utzirik bere gogo gaiztoa, ordubete hartan hobeto ulertu zuela Ginoren izaera nik hainbat hilabetetan baino. Ginok ere iritzi gaiztoa azaldu zuen Gisellari buruz, gaiztoa, baina geroago, zati batean, zuzentzat jo behar izan dudana. Egia esanda, nire eskarmenturik ezaz gainera, biei nien maitasunak itsutu egiten ninduen; egia da, izan ere, gaizki pentsatuz ia beti asmatzen dela.

        — Zure Gisella hori —esan zuen berak—, gure herrian badaezpadako andrea deitzen ditugun horietako bat da.

        Harritu aurpegia jarri nuen. — Kaleko emakumea, esan nahi dut... —azaldu zuen berak—; izaera eta itxurak dauzka...; ongi janzten delako harro dago..., baina nola irabazi ditu jantzi horiek?

        — Senargaiak ematen dizkio.

        — Senargaiek, arratsaldero batek..., eta orain entzun, edo bera edo ni.

        — Zer esan nahi duzu?

        — Esan nahi dut nahi duzuna egin dezazula..., baina hura ikusten jarraitu nahi baduzu, ni ikusteari adio esan behar diozu..., edo bera edo ni.

        Burutapen hori burutik kentzen ahalegindu nintzen, baina lortu ez. Jakina, irainduta sentitzen zen Gisellaren arbuiozko jokabideagatik; baina gure ezkontzarako prestakizunen gastuetan laguntzea bururatu zion senargai paperarekiko leialtasun bera ere bazegoen nonbait bere ezinikusi minduan. Beti bezala, ezin hobea zen sentitzen ez zituen sentimenduak azaltzen. — Nire emaztegaiak ez du emagalduekin ibili behar —errepikatzen zuen gupidagabeki. Azkenerako, gure ezkontza hondatzen ikusteko beldurrez beti, Gisella ez nuela berriro ikusiko agindu nion; nahiz eta ongi jakin nire bihotzaren barruan ezin niola nire hitzari eutsi, ezinezkoa ere izango zitzaidala, Gisellak eta biok ordu berean eta estudio berean posatzen genuelako.

        Egun hartatik aurrera Ginok jakin gabe jarraitu nuen ikusten. Elkarrekin geunden bitartean, behin ere ez zuen galtzen utzi, ezkongaietan nengoela eta, ironiaz eta mespretxuz hitz egiteko aukerarik. Ginorekiko harremanei buruzko aitorpen ugari egiteko bezain inuzentea izan nintzen; aitorpen horiexetaz baliatzen zen bera ni zirikatzeko eta nire orduko bizitza eta etorkizunekoa kolore irrigarriz erakusteko. Bere lagun Riccardo, itxuraz Gisella eta bion artean inolako bereizketarik egin ez eta biok neska errazak eta begirunerik merezi ez zutenak ginelakoan, gustura sartzen zen Gisellaren joko horretan, eta iseka eta ziri are gogorragoak egiten zituen. Baina onbera eta kamutsa zen beti, lehenago esan dudan bezala, ez zelako ez bizkorra, ez gaiztoa ere. Berarentzat, ni ezkongaietan egotea txantxetan jarduteko edo denbora pasatzeko hizketa-gaia baino ez zen. Baina Gisellak, nire bertutea beti-beti aurpegiratzen zitzaion zerbait iruditu, eta bera gaitzesteko eskubidea kentzearren bere antzeko bihurtu nahi baininduen, garraztasun eta tema handiz jarduten zuen horretan, ni zauritu eta umiliatzeko modu guztiak saiatuz.

        Nire puntu ahulean jotzen ninduen batez ere: nire jantzietan alegia. Zera esaten zidan: — Gaur benetan lotsaturik nago zurekin ibiltzeagatik—. Edota: — Riccardok ez lidake onartuko soinean halako arropa batzuk jantzita irteterik..., ez al da egia, Riccardo?... Maitasuna, nire maitea, gauza horietan ikusten da...—. Nik, inuzente-inuzente, heldu egiten nien amu zakar horiei: berotu egiten nintzen, Ginoren alde ateratzen nintzen, nire soinekoen alde ere ateratzen nintzen, ez oso kemen handiz ordea, eta beti galtzaile ateratzen nintzen, gorrituta eta begiak malkoz beterik. Egun batez, Riccardok, errukituta, hauxe esan zuen: — Gaur opari bat egin nahi diot Adrianari..., goazen Adriana..., poltsa bat erregalatu nahi dizut—. Baina Gisellak aurre egin zion, gogor egin ere: — Ez, ez, oparirik ez... berak badu bere Gino hori, berak egin behar dizkio opariak—. Riccardok, onbera zelako baina bere oparia zenbat gustatuko zitzaidan imajinatu gabe egin baitzuen bere proposamena, berehala egin zuen atzera; eta ni, ozpinduta, arratsalde hartan bertan joan nintzen nire diruaz poltsa bat erostera. Biharamunean poltsa besazpian neramala azaldu nintzen bien aurrean, Ginoren oparia zela esanez. Gerra negargarri horretan lortu nuen garaipen bakarra izan zen. Eta garesti atera zitzaidan, poltsa ederra zelako eta diru asko ordaindu nuelako.

        Gisellari, hainbeste ziri, eztenkada eta sermoirekin nahikoa bigunduta eta helduta nengoela iruditu zitzaionean, deitu eta zerbait proposatu behar zidala esan zidan. — Baina utzidazu amaitu arte hitz egiten... —erantsi zuen—, ez hasi beti bezala ezetz eta ezetz, dena jakin baino lehen.

        — Esan ba —erantzun nion.

        — Badakizu maite zaitudala —hasi zen—, nolabait esanda, ahizpa bat bezalakoa zara niretzat..., zure edertasunarekin nahi duzuna eduki zenezake..., benetan pena ematen dit zu horren gaizki jantzita ikusteak, arlote bat ematen duzu...; orain, entzun —eten eta handikiro begiratu zidan—; badago gizon bat, oso fina, oso egokia, oso serioa, ikusi zaituena eta zurekin zeharo interesatuta dagoena...; ezkonduta dago, baina probintzian dauka familia..., arrain handi bat da —gaineratu zuen ahotsa apalduz—, poliziakoa..., ezagutu nahi baduzu aurkeztuko dizut...; esan dudan bezala, oso pertsona fina da, oso serioa eta berarekin seguru egon zaitezke inork ez duela ezer jakingo inoiz..., gainera oso lanpetuta ibiltzen da eta beharbada bizpahiru aldiz ikusiko duzu hilean...; berari ez dio axola Ginorekin jarraitzen baduzu ere, hori nahi baduzu..., baita ezkontzen bazara ere...; trukean oraingoa baino bizimodu hobea emango dizu..., zer diostazu?

        — Eskerrik asko diotsut —erantzun nuen zintzoki—, baina ezin dudala onartu.

        — Zergatik, baina? —bota zuen benetan harriturik.

        — Hargatik... Gino maite dut, eta onartzen badut ezingo diot inoiz aurpegira begiratu.

        — Tira..., esaten ez dizut, ba, Ginok ez duela inoiz jakingo?

        — Horrexegatik, ba.

        — Nik ordea —esan zuen bere buruari hitz eginez bezala—, inork egin izan balit aspaldi horrelako proposamenik...; orduan zer esango diot?... Pentsatu nahi duzula?

        — Ez..., ez..., ez dudala onartzen.

        — Ergela halakoa! —esan zuen Gisellak etsipenez—, fortunari ostikoa ematea esaten zaio horri—. Gisa bereko beste gauza asko esan zituen, eta nik beti berdin erantzun, eta, azkenik, dezente nahigabeturik alde egin zuen.

        Kemen handiz uko egin nion eskaintzari, haren balioa eztabaidatu gabe. Gero, bakarrik geratu nintzenean, halako sentsazio mingots bat izan nuen: beharbada arrazoia zuen Gisellak eta hura zen hain behar-beharrezkoak nituen gauza guztiak eskuratzeko modu bakarra. Baina segituan uxatu nuen burutazio hura; eta are tinkoago heldu nion ezkontzaren eta neure buruari agintzen nion bizimodu pobre baina egokiaren ideiari. Ustez egina nuen sakrifizioak kosta ahala kosta ezkontzeko beharrean jartzen ninduen orduan, lehen baino indar handiagoz jarri ere.

        Alabaina, halako ia harrokeria-bultzada bati gogor egiten asmatu ez, eta amari jakinarazi nion Gisellaren eskaintza. Bi aldetatik bere gustukoa izango zelakoan nengoen; banekien nire edertasunaz zeinen harro eta aldi berean bere ideiei zeinen loturik zegoen: eskaintza hark bere harrotasuna lausengatu eta bere usteak zuzenak zirela baieztatzen zuen. Baina guztiz harritu nintzen nire kontakizunarekin urduri jarri zelako. Halako argi gogotsu batez piztu zitzaizkion begiak eta aurpegia atseginaren atseginez gorritu oso-osorik. — Baina nor dun hori? —galdetu zuen azkenik.

        — Jaun bat —nik erantzun. Lotsatu egiten ninduen poliziako bat zela esateak.

        — Eta oso aberatsa dela esan din?

        — Bai..., badirudi asko irabazten duela.

        Ez zen ausartzen argi eta garbi pentsatzen zuena azaltzera: hau da, gaizki egin nuela eskaintzari uko egitean. — Ikusi hau, eta hirekin interesatuta dagoela esan din..., zergatik ez dion esaten aurkezteko?

        — Baina zertarako, ez dut nahi eta?

        — Lastima, ezkonduta egotea!

        — Ezkongai balitz ere, ez nuke ezagutu nahiko.

        — Modu asko zeuden gauzak egiteko —esan zuen amak—, pertsona aberatsa dun..., estimatzen hau..., gauza batak bestea zekarren..., lagundu ahalko din, horrela, ezer eskatu gabe trukean.

        — Ezetz! —erantzun nuen—, hutsaren truke ezer egiten ez duen jendea da hori.

        — Auskalo!

        — Ezetz! —errepikatu nuen.

        — Ez din inporta —esan zuen amak burua mugituz—, baina Gisella neska zintzo-zintzoa dun eta benetan maite hau...; beste bat inbidiatan egongo huke hirekin eta ez zinan horretaz hitz egingo...; bera, ordea, hire egiazko adiskidea dun, dirudienez.

        Nire ukoaren ondoren, Gisellak ez zidan hitz egin bere jaun dotoreaz; eta, halaber, gauza harrigarria, ezkongaietan nengoela eta, zirikatzeari utzi zion. Bera eta Riccardo ezkutuan ikusten jarraitzen nuen; baina behin baino gehiagotan hitz egin nion berataz Ginori, bakezkoak egin zitzaten asmoz, trikimailu horiek ez zitzaizkidalako atsegin. Baina aldioro, amaitzen ere ez zidan utzi, bere gorroto hitzak berriro azalduz eta ikusten nuela jakinez gero, gure artekoa amaituko zela zin eginez. Benetan ari zen; eta ia iruditu zitzaidan ez zitzaiokeela gehiegi inportako aitzakia horretaz baliatzea gure ezkontza pikutara bidaltzeko. Ginok ezin zuela Gisella ikusi esan nion amari, eta berak ia gaiztakeriarik gabe erantzun: — Ez din nahi hik bera ikusterik, beldur delako parez pare jarriko ditunala berarekin ibiltzean janzten uzten dizkinan arropa zaharrak eta Gisellari bere mutilak erregalatzen dizkion soinekoak.

        — Ez, Gisella oso zintzoa ez dela dio.

        — Oso zintzoa ez dena bera dun...; hobe Gisella ikusten dunala jakin eta zuen artekoa benetan hautsiko balu!

        — Ama! —esan nuen erabat ikaratuta—; ezta pentsatu ere hori berari esatea!

        — Ez, ez —erantzun zuen azkar, ia damuz—, horiek zuen kontuak ditun, ni ez naun hor sartuko.

        — Esaten badiozu —bota nuen su eta gar—, ez nauzu berriro ikusiko.

        Azaro erdialdea zen, eta artean egunak epelak eta garbiak ziren. Egun batean, Gisellak esan zidan autoan ibilaldi bat egitea erabaki zutela berak, Riccardok eta Riccardoren adiskide batek. Beste emakume bat behar zen hura laguntzeko, eta nitaz pentsatu zuten. Pozik onartu nuen, orduan, nire bizitzaren estualdian, haren pisua arinduko zidan edozein dibertsioren zain egoten bainintzen beti. Posatzen aparteko ordu batzuk egin behar nituela esan nion Ginori; eta goizean goizik, geratu ginen lekura abiatu nintzen, Ponte Milviotik kanpora, hain zuzen. Autoa zain neukan ordurako eta, hurbildu nintzenean, Gisella eta Riccardo, aurrealdean eserita, ez ziren mugitu, baina Riccardoren laguna autotik kanpora irten zitzaidan bila. Gizon gaztea zen, mozkote samarra, burusoila, aurpegia hori-horia zeukana, begiak handi eta beltzak, sudur makoa eta aho zabala, ertzetan zimurtua, irribarrez ari zela zirudiena. Dotore jantzita zegoen, baina Riccardo ez bezala erabat: serioa, jaka gris ilun bat eta praka gris argiago batzuk zituen, alkandora lepoa almidoitua eta gorbata beltza, perla batekin. Ahots gozoa zeukan eta begiak ere gozoak iruditu zitzaizkidan, malenkoniatsuak eta gogaituak bezala. Nahiko gizabidetsua zen eta ia zeremonia zalea ere. Gisellak Stefano Astarita izenaz aurkeztu zidan, eta berehala seguru iruditu zitzaidan bera zela gizon egoki hura, haren bitartez kortesiazko proposamenak egin zizkidana. Baina ez ninduen atsekabetu bera ezagutzeak, azken finean proposamen horiek ez zirelako inondik ere iraingarriak eta, are gehiago, lausengatu ere egiten ninduten, nolerebait. Eskua luzatu eta berak ezpainetara eraman zuen halako debozio arraro eta bere bizitasunagatik ia mingarri batez. Barrura sartu nintzen, bera ondoan eseri zitzaidan eta autoa abiatu zen.

        Autoa soro-zelai horituen artetik, errepide biluztu eta eguzkiz betean zebilen bitartean, ez genuen ia hitzik egin. Ni pozik nengoen auto batean nindoalako, pozik ibilaldiagatik, pozik leihotik sartu eta aurpegian jotzen zidan aireagatik; eta ez nintzen asetzen soro-zelaiak ikusteaz. Bizitza guztian bigarren edo hirugarren aldia zen beharbada autoan irtenaldi bat egiten nuela, eta ia beldur nintzen ez nuela nahikoa gozatuko: begiak zabal-zabalik jartzen nituen eta ahalik eta gauza gehienak ikusten ahalegintzen nintzen: belar metak, etxaldeak, zuhaitzak, soroak, mendixkak, basoak, pentsatzen bainuen gero hilabeteak, eta beharbada urteak ere igaroko zirela hura bezalako beste ibilaldi bat egin arte, eta xehetasunak atxiki behar nituela gogoan, gogoratu nahi nituen bakoitzean oroitzapen zehatza eduki ahal izateko. Baina Astaritak, apartaturik, zurrun, nire ondoan eseririk, niri baino ez zidan begiratzen, antza. Ez zituen une bakar batez ere apartatzen bere begi malenkoniatsu eta gogotsuak nire aurpegitik eta gorputzetik, eta benetan bere begiradak poliki-poliki gainean jartzen zitzaidan hatz baten eragina zeukan. Ezin esan dezaket bere arreta horrek nahigabetzen ninduenik; aztoratu baino ez ninduen egiten. Gutxika-gutxika berataz arduratzeko eta berarekin hizketan hasteko beharrean bezala sentitu nintzen. Eskuak belaun gainean zituela zegoen eserita, esku batean ezkon eraztuna eta beste eraztun bitxidun bat zeuzkan. — Polita, eraztuna —esan nuen buru arin samarrez.

        Begiak makurtu, eskua mugitu gabe eraztunari begiratu, eta honela erantzun zuen: — Aitarena zen..., hatzetik kendu nion hil zenean.

        — O! —esan nuen, barkamena eskatzeko bezala. Eta, ezkon eraztuna seinalatuz, erantsi: — Ezkonduta al zaude?

        — Bai, noski —erantzun zuen halako atsegin ilun batez—, emaztea daukat..., umeak dauzkat..., dena daukat.

        — Ederra al da zure emaztea? —galdetu nuen lotsaz.

        — Zu bezain ederra ez —esan zuen berak irribarrerik egin gabe, ahots apal-apal eta zeremoniazko batez, egia garrantzitsu bat adierazi balu bezala. Eta eraztuna zeukan eskuarekin nirea hartzen saiatu zen. Nik, berehala askatu, eta, ez bat eta ez bi: — Eta berarekin bizi al zara? —galdetu nuen.

        — Ez —erantzun zuen—, zerean dago —eta probintziako hiri urrun bat aipatu zuen—, eta ni hemen..., bakarrik bizi naiz..., espero dut ikustera etorriko zarela.

        Tragikoki eta ia dardarez eskaini zituen argitasun horiekin ez entzunarena egin nuen; eta gero galdetu: — Zergatik?... Ez al zaizu gustatzen zure emaztearekin bizitzea?

        — Legez banatuta gaude —azaldu zidan halako imintzio batez—, mutiko bat nintzen ezkondu nintzenean...; ezkontza amak antolatu zuen..., badakizu gauza hauek zer diren..., etxe oneko neska bat, dote onarekin...; gurasoek antolatzen dituzte ezkontzak eta gero seme-alabak dira ezkondu behar dutenak... Emaztearekin bizi?... Honelako emakume batekin biziko al zinateke zu?—. Kartera atera zuen bularretik, ireki eta argazki bat erakutsi zidan. Bizkiak ziruditen bi neskatila ikusi nituen, beltzaran eta zurbilak, zuriz jantziak. Eta haien atzean, eskuak haien sorbaldetan jarririk, emakume txiki bat, beltzarana, zurbila, begiak elkarren ondo-ondoan zituena gautxoriek bezala, eta aurpegiera gaiztokoa. Argazkia itzuli nion, berak karteran sartu zuen berriz, eta gero, xuxurlaturik esan: — Ez..., nik zurekin bizi nahi nuke.

        — Ez nauzu inondik ere ezagutzen, ordea —erantzun nuen, bere jokabide itsuagatik harri eta zur eginik.

        — Oso ondo ezagutzen zaitut..., hilabete da zure atzetik nabilela..., dena dakit zutaz.

        Niregandik aparte hitz egiten zuen, begirunez, baina, etengabe, begiak zuri jartzen zituen sentimenduaren bizitasunagatik. — Senargaia daukat —esan nuen.

        — Esan dit Gisellak —esan zuen ahots itoaz—. Baina ahaztu dezagun ezkongaietan zaudela..., zer axola du?—. Eta keinu baldar motz bat egin zuen eskuaz, airosotasun derrigortu batez.

        — Niretzat axola handia du —esan nuen.

        Berak niri begiratu eta berriz ekin zion: — Biziki estimatzen zaitut.

        — Konturatu naiz.

        — Biziki estimatzen zaitut —errepikatu zuen—, beharbada ez zara konturatzen zenbateraino estimatzen zaitudan.

        Benetan ero baten antzera hitz egiten zuen. Baina lasai nengoen nigandik aparte eserita zegoelako eta ez zuelako ahalegin gehiagorik egiten nire eskua hartzeko. — Ez dago inolako okerrik estimatzen banauzu —esan nuen.

        — Eta Zuk estimatzen al nauzu?

        — Ez.

        — Dirua daukat —esan zuen imintzio inarrosi batez—, zu zoriontsu bihurtzeko adina diru daukat..., ez zara damutuko ni ikustera bazatoz.

        — Ez daukat zure diruaren beharrik —erantzun nuen patxadaz, ia gizabidez.

        Bazirudien ez zuela entzun, eta, niri begira: — Oso ederra zara.

        — Eskerrik asko.

        — Oso begi ederrak dauzkazu.

        — Zuk uste?

        — Bai..., eta oso ederra da zure ahoa ere..., musu eman nahi nioke.

        — Zergatik esaten dizkidazu gauza horiek?

        — Eta zure gorputzari ere eman nahi nioke musu..., zure gorputz guztiari.

        — Zergatik hitz egiten didazu horrela? —protestatu nuen berriro—, ez dago ondo..., senargaia daukat eta bi hilabete barru ezkondu egingo gara.

        — Barkatu —esan zuen—, baina hain atsegingarria gertatzen zait zenbait gauza esatea!..., pentsa ezazu ez naizela zurekin hitz egiten ari.

        — Asko falta al zaigu Viterborako? —galdetu nuen, solasgaia aldatzeko.

        — Ia iritsi gara... Viterbon bazkalduko dugu..., zin egin behar didazu nire ondoan eseriko zarela mahaian.

        Barrez hasi nintzen, azken finean, bere grina hark lausengatu egiten ninduelako. — Ondo —esan nuen.

        — Nire ondoan eseriko zara —jarraitu zuen—, orain bezala..., nahikoa zait zure lurrina sentitzea.

        — Baina nik ez dut koloniarik jarri.

        — Kolonia erregalatuko dizut —esan zuen berak.

        Ordurako Viterbon geunden eta autoa mantsoago zihoan hirian sartzean. Bidaia guztian Gisella eta Riccardo, gure aurrean eserita, isilik egon ziren. Baina jendez beteriko kaletik poliki ibiltzen hasi ginenean, Gisellak bueltatu eta esan zuen: — Zer moduz, zuek? Zer uste duzue, ez zaituztedala ikusi?

        Astaritak ez zuen ezer esan. Nik, aldiz, protestatu egin nuen: — Ezin izan duzu ezer ikusi..., hizketan egon gara.

        — Tira, tira —esan zuen berak. Zeharo harrituta eta baita zertxobait minduta ere geratu nintzen Gisellaren jarrerarekin, eta, aldi berean, Astaritak ez zuelako protestatu. — Baina, esaten ez dizut, ba... —hasi nintzen.

        — Tira, tira —errepikatu zuen berak—, ez eduki beldurrik..., ez diogu ezer esango Ginori.

        Bien bitartean, plazara iritsiak ginen, autotik atera eta kaletik paseatzen hasi ginen, apai-apain jantzitako jendetzaren artean, azaroko eguzki distiratsu eta epelaren azpian. Astaritak ez ninduen une batez ere uzten, beti serio, are goibel ere, burua zurrun alkandora-lepo altuaren gainean, esku bat patrikan eta bestea zintzilik. Nirekin zebilela baino areago, nire zaindaria zela ematen zuen. Gisella, aldiz, barrez eta txantxetan ari zen ozenki Riccardorekin, eta jende asko bueltatzen zen guri begiratzeko. Kafetegi batean sartu eta bermuta hartu genuen zutik. Halako batean konturatu nintzen Astarita ez dakit nolako esaldi mehatxagarriak ari zela hortz artean esaka, eta zer gertatzen zitzaion galdetu nion.

        — Ate ondoan dagoen astakirten hori zuri begira dagoela denbora guztian —erantzun zuen suminduta.

        Bueltatu eta ikusi ere ikusi nuen gazte ilehori argal bat, niri begira, kafetegiko atean geldirik. — Hori ez da gauza txarra —esan nuen alai—. Niri begira dago..., eta zer?

        — Kapaz naiz hara joan, eta jota muturreko bat emateko.

        — Hori egiten baduzu ez dizut gehiago begiratuko eta ez dut berriro zurekin hitz egingo —esan nuen apur bat gogaituta—. Ez duzu ezer egiteko eskubiderik..., niretzat ez zara ezer.

        Berak ez zuen ezer esan eta kutxara joan zen bermuta ordaintzera. Kafetegitik irten eta kaletik paseatzen hasi ginen berriro. Eguzkiak, jendetzaren harrabotsak eta mugimenduak, probintziako jendearen aurpegi osasuntsu gorri guzti haiek poztu egin ninduten berriz. Pasealekuko zeharkale baten bukaeran, aparteko plazatxo batera iritsi ginen. — Ai ene! —esan nuen, bat-batean—. Horko hura bezalako etxetxo bat banu! —eta bi solairuko etxe txiki xinple bat seinalatu nuen, eliza baten gerizpean zegoena—; poz-pozik egongo nintzateke hemen biziko banintz.

        — Mesedez —erantzun zuen Gisellak—, probintzian bizi eta gainera Viterbon..., ezta munduko urre guztiagatik ere!

        — Berehala nekatuko zinateke, Adriana —esan zuen Riccardok—, hirian bizitzera ohituta dagoena ezin da egon probintzian.

        — Oker zaudete —esan nuen—, ni gustura egongo nintzateke..., maite nauen gizon batekin..., lau gela garbi, landareetarako txoko bat, lau leiho..., ez nuke besterik nahi—. Egia esaten ari nintzen, Viterboko etxetxo hartan ikusten nuelako neure burua Ginorekin batera. — Zuk zer diozu? —gaineratu nuen, Astaritaren aldera bueltaturik.

        — Ni ere geratuko nintzateke, zurekin —erantzun zuen ahope samarrean, besteek entzun ez zezaten saiatuz.

        — Apalegia zara, Adriana —esan zuen Gisellak—, horixe da zure akatsa..., bizitzan, gutxi nahi duenak ezer ere ez du lortzen.

        — Baina nik —erantzun nuen— ez dut ezer nahi.

        — Ginorekin ezkondu bai, ordea —oharteman zuen Riccardok.

        — A, hori bai.

        Berandu zen ordurako, pasealekua husten ari zen eta jatetxean sartu ginen. Beheko solairuko jangela jendez beterik zegoen, Viterbora merkatura etorritako nekazariak gainera, apain-apain jantzitakoak. Gisellak kopeta zimurtu zuen, arnasa kentzeko moduko kiratsa zegoela oharturik, eta bigarren solairuan ezin ote zitekeen jan galdetu zion ostalariari. Ostalariak baietz, eta, gure aurretik, egurrezko eskaileratxo batzuetatik abiatuz, kalexka estu batera jotzen zuen leiho bakarreko gela luze estu batera sarrarazi gintuen. Pertsiana zabaldu eta kristalak itxi zituen; gero, zamaua zabaldu zuen gelako zati handi bat betetzen zuen baserrietan topatzen direnen tankerako mahaitzar baten gainean. Gogoan dut paretak lore eta txoriak marraztuta zituen paper zahar kolorge eta leku askotan urratu batez tapizatuta zeudela; eta mahaiaz gainera, arasa kristaldun bat zegoela, platerez beterik.

        Gisella, bitartean, atzera eta aurrera zebilen jangelan, gauza bakoitza aztertuz, leihoan barrena kalexkara begiratuz ere. Azkenik, itxuraz beste gela batera jotzen zuen ate bat bultzatu eta, une batez burua sartu ondoren, ostalariarengana bueltatu eta bere airosotasun itxurazko batez, gela hura zer zen galdetu zion.

        — Logela bat —erantzun zuen ostalariak—, jan eta gero norbaitek atsedena hartu nahi badu ere...

        — Atsedena hartuko dugu, e Gisella? —esan zuen Riccardok bere barre ergel batez. Baina Gisellak ez entzunarena egin zuen eta, gelara berriro begiratu ondoren, kontu handiz bildu zuen atea, baina erabat itxi gabe. Jangelarekin poztu nintzen, txiki-txikia eta goxoa zen eta; baina ez nien jaramonik egin bildurik geratu zen ate hari, ez eta Gisella eta Astaritari ustez antzeman nien elkar adituaren begiradari ere. Mahai aurrean eseri ginen, ni Astaritaren ondoan, agindu nion bezala; baina bera konturatu ez balitz bezala zegoen, hitzik ez egiteraino bezain kezkatuta zirudien. Handik gutxira, ostalaria sartu zen hasierako platerekin eta ardoarekin; eta ni, oso gose bainengoen, janaria hartzera oldartu nintzen; bai eta besteak barrez jarri ere. Gisellak aukera horri heldu zion nire ezkontzari buruzko betiko eztenkadekin hasteko.

        — Jan, jan —esan zuen—, Ginorekin ez duzu inoiz horrenbeste jango, ez horren ondo ere.

        — Zergatik? —nik—, Ginok dirua irabaziko du.

        — Bai, eta babarrunak jango dituzue egunero.

        — Babarrunak ere gozoak dira —esan zuen Riccardok barrez—; platerkada bat eskatu nahi dut segituan, hain zuzen.

        — Ergela zara, Adriana —jarraitu zuen Gisellak—, ondasunak dituen gizon bat beharko zenuke..., gizon zintzo bat, txukuna, zutaz arduratuko dena, ezeren falta edukitzen utzi ez eta zure edertasunari probetxua ateratzen utziko dizuna..., eta, aldiz, Gino horrekin ibiltzen zara.

        Ni isilik nengoen, egoskor, burumakur, eta jaten jarraitzen nuen. Eta Riccardok, barrez: — Adrianaren lekuan, nik ez nioke ezeri uko egingo..., ez Ginori, horren gogoa duenez gero, ez gizon zintzoari ere..., biak hartuko nituzke..., eta litekeena da Ginok hori gaizki ez ikustea.

        — Hori ez —esan nuen azkar—, gaur zuekin bidaia hau egin dudala jakingo balu, hautsi egingo luke gure artekoa.

        — Zergatik, ba? —galdetu zuen Gisellak muturtuta.

        — Ez duelako nahi zurekin ibiltzerik.

        — Astazakil, arlote, inozoa halakoa! —esan zuen Gisellak amorruz—, proba egin nahi nuke, ba..., beragana joan eta esan: Adrianak ikusten nau, gaur egun osoan egon da nirekin; tira ba, hautsi ezazu orain zuen artekoa.

        — Ez..., ez! —arren egin nuen, ikaraturik—, ez horrelakorik egin.

        — Zuretzat benetan zorion handia litzateke.

        — Bai; baina ez egin —erregutu nuen berriro—, maite banauzu, ez egin.

        Berriketa guztian, Astaritak ez zuen ahoa ireki eta apenas ukitu zuen janaria. Denbora guztian, ordea, niri begira zegoen, izugarri aztoratzen ninduen bere begirada astun, pisu eta etsituaz. Horrela ez begiratzeko esan nahi izango nion, baina Gisellaren eta Riccardoren zirien beldur nengoen. Horrexegatik ez nuen protestatzeko gibelik izan Astaritak, eskuineko eskua sabelean neukan uneaz baliatuz, bere eskuan hartu eta indarrez tinkatu zidanean, esku bakar batez jatera behartuz. Gaizki egin nuen, ezen Gisellak bat-batean barrez esan zuen: — Hitzez, zintzo jokatzen duzu Ginorekin..., baina gero, egitez...; zer uste duzu, ez dudala ikusten Astarita eta biok eskutik helduta zaudetela mahai azpian?

        Gorritu egin nintzen, nahastuta bainengoen, eta eskua askatzen ahalegindu nintzen. Baina Astaritak indarrez atxiki zuen. — Utz itzazu lasai... —esan zuen Riccardok—, zer gauza txar dakar horrek, ba? Eskutik helduta daude..., ongi, egin dezagun guk beste horrenbeste.

        — Txantxetan ari nintzen —erantzun zuen Gisellak—, areago, pozik eta guzti nago.

        Pasta asciutta jan ondoren, denbora luzea eman genuen bigarren plateraren zain. Gisellak eta Riccardok barrez eta txantxetan jarraitzen zuten, eta bitartean edaten eta edan arazten zidaten. Ardoa, beltza, ona zen baina oso bizia, eta berehala igo zitzaidan burura. Gustatzen zitzaidan ardoaren zapore bero eta bizia, eta nire mozkorrean iruditzen zitzaidan ez nengoela inondik ere mozkortuta eta mugarik gabe edan nezakeela. Astaritak, serio eta goibel, eskua estutzen zidan eta ordurako nik ez nion gogor egiten: nire arterako esaten nuen esku tinkatze bat behintzat eskain niezaiokeela, azken finean. Ate gainean oleografia bat zegoen zintzilik, non ikusten baitziren arrosaz apaindutako balkoi bat, gizon bat eta emakume bat, berrogeita hamar urte lehenagoko moduan jantziak, era artifiziotsu eta zail batez besarkatuak. Gisellak oleografiari erreparatu eta esan zuen ez zuela ulertzen bi horiek nola lortzen zuten horrela musu ematea. — Saia gaitezen —proposatu zion Riccardori—, ikus dezagun haien antzera egiten ba ote dakigun.

        Riccardo barrez zutitu eta oleografiako gizonaren antzera jarri zen, Gisella, aldiz, bera ere barrez, mahaian bermatzen zelarik koadroko emakumea balkoiko baranda loretsuan bezala. Ahalegin handiz lortu zuten ahoak batzea; baina, une bertsuan, ia oreka galdu eta erori ziren mahai gainera. Berehala, Gisellak, jokoak kilikaturik, oihu egin zuen: — Eta orain zuek.

        — Zergatik? —galdetu nuen asaldaturik—, zergatik gu?

        — Bai, bai, saiatu.

        Astaritak beso bat gerri bueltan jartzen zidala sentitu eta askatzen saiatu nintzen: — Baina, nik ez dut nahi —esan nuen.

        — Ai ene!, zeinen nazkantea zaren! —oihukatu zuen Gisellak—, joko bat da..., joko bat baino ez.

        — Baina nik ez dut nahi.

        Riccardo barrez ari zen eta berak ere akuilatzen zuen Astarita ni musu ematera behartzeko. — Astarita, ez badiok musu ematen, ez that berriro aurpegira begiratuko—. Baina Astarita serio zegoen eta ia ikara ematen zidan: berarentzat, argi zegoen, ez zen inondik ere jokoa. — Utz nazazu bakean —esan nuen beragana bueltaturik.

        Berak niri begiratu zidan, Gisellari begiratu zion, galde eginez bezala, animatuko zutelakoan edo. — Aupa, Astarita! —oihu egin zuen Gisellak. Ia Astarita baino amorratuagoa zirudien, nolerebait anker eta gupidagabe iruditzen zitzaidan moduan.

        Astaritak estuago heldu ninduen gerritik, beragana eramanez; ordurako ez zen jokoa, eta besarkatu nahi ninduen, kosta ahala kosta. Hitzik esan gabe askatzen ahalegindu nintzen, baina bera oso indartsua izan eta, eskuez bularrean bultza egiten banion ere, poliki-poliki bere aurpegia nire aurpegira hurbiltzen zuela sentitzen nuen. Hala ere, ez zukeen lortuko musu ematerik, Gisellak lagundu ez balio. Halako batean, poz garrasi zorrotz bat eginez, altxatu, nire bizkarrean jarri eta, besotik helduz, atzera bultzatu ninduen. Ez nuen ikusten, baina bai bere amorrazioa sentitzen haragian sartzen zizkidan azkazaletan eta bere ahotsean, barre artean errepikatzen baitzuen, doinu hautsi, kitzikatu eta ankerrez: — Azkar, Astarita, oraintxe duzu aukera, azkar—. Astarita gainean neukan orduan; ni ahal bezainbat saiatzen nintzen aurpegia baztertzen, horixe baitzen egin nezakeen mugimendu bakarra, baina berak esku batez kokotsetik heldu eta bere aurpegira eraman zidan nirea; gero ahoan eman zidan musu, indarrez eta denbora luzean.

        — Horra, egin du! —oihukatu zuen Gisellak, garaile; eta poz-pozik itzuli zen bere lekura.

        Astaritak utzi ninduen; eta nik, haserre eta mindurik: — Ez naiz zuekin berriro irtengo.

        — Tira, tira, Adriana —oihu egin zuen Riccardok niri burla eginez—, musu bategatik!

        — Astarita ezpainetako pinturaz bete-beterik dago! —bota zuen Gisellak alai—, Gino sartuko balitz orain, auskalo zer esango lukeen!

        Egia zen, Astaritak aho guztia zeukan nire ezpainetako pinturaz zikinduta; eta bere aurpegi triste eta horiko mantxa gorrimin hura barregarria iruditu zitzaidan niri ere. — Hara, ba —oihu egin zuen Gisellak—, egin itzazue bakezkoak..., zuk, kendu egiozu pintura zapiaz..., bestela, zerbitzaria sartzen denean, auskalo zer pentsatuko duen.

        Aldi txarrari makurtu behar eta, nire txistuan bustitako zapi mutur batez, poliki-poliki kendu nuen kolore gorria Astaritaren aurpegi ilun eta gelditik. Berriro ere gaizki egin nuen otzan jokatuz, zeren, berehala, zapia gorde bezain laster, besoa jarri baitzidan gerri bueltan.

        — Utz nazazu —esan nuen.

        — Ai, ai, Adriana!

        — Zer pasatzen zaizu? —esan zuen Gisellak—. Berari gustatzen zaio..., zuri ez zaizu inporta..., eta halere musu eman diozu..., utz ezazu pixka bat.

        Horrela, berriro ere eman nuen amore; eta bata bestearen ondoan geratu ginen, bera besoa nire gerri bueltan zuela eta ni, gogor eta kopetilun. Zerbitzaria sartu eta bigarren platera ekarri zuen. Jatean tenple txarra pasa zitzaidan, Astaritak artean heltzen zidan arren. Jana oso ona zen eta, konturatu gabe, Gisellak etengabe jartzen zidan ardo guztia edan nuen. Bigarren plateraren ondoren, fruta eta gozokia jan genuen. Gozokia oso ona zen, ni ez nengoen ohituta horrelakorik jatera eta horrela, Astaritak bere zatia eskaini zidanean, ez nuen uko egiteko bihotzik izan eta hura ere jan egin nuen. Gisella, berak ere asko edan zuenez gero, hamaika jostaketa egiten hasi zen Riccardorekin, ahoan mandarina atalak sartuz eta atal bakoitzarekin musu emanez. Ni mozkortuta sentitzen nintzen, baina ez era txarrean, gustura baizik, eta ordurako Astaritaren besoak ez ninduen gogaitzen. Gisella, gero eta urduri eta piztuagorik, jaiki eta Riccardoren belaunetan esertzera joan zen. Barre egin nuen, ezinbestez, Riccardok itxurazko minez oihu egiten zuela ikustean, bere pisuarekin zanpatu balu bezala. Bat-batean, Astarita, ordura arte geldirik egona, besoa nire gerri bueltan edukiz besterik ez, musuka-musuka hasi zitzaidan lepoan, bularrean eta masailetan. Aldi hartan ez nuen hitzik atera, ezer baino lehen borrokatzeko mozkorregi nengoelako, eta gero musua beste norbaiti ematen ziola iruditzen zitzaidalako, estatua bat bezain geldirik eta gogorturik nengoelarik, bere ateraldi horri inola ere erantzun gabe. Nire mozkorrean, nire baitatik kanpora nengoela iruditzen zitzaidan, gelako zokoren batean, eta jakin-min axolagabe batez adi nengoela Astaritaren gripa gartsuari. Baina besteek amodiotzat hartzen zuten nire axolagabetasuna, eta Gisellak oihu egin zidan: — Ederki, Adriana..., hori da, hori!

        Erantzun nahi izango nion baina, ez dakit zergatik, asmoz aldatu eta, baso betea harturik, altxatu eta ahots garbi eta ozenez esan nuen: — Mozkortuta nago —eta kolpetik hustu nuen. Besteek txalo jo zutela iruditu zitzaidan. Baina Astaritak musu emateari utzi eta, zuzen begiratuz, ahapeka esan zidan: — Goazen horra.

        Bere begiei jarraitu eta aldameneko gelako ate bildua seinalatzen zutela ikusi nuen. Bera ere mozkortuta zegoela pentsatu nuen eta ezetz egin buruaz, baina gogorkeriarik gabe, koketeriaz ia. — Goazen horra —esan zuen berriz, lozorroan bezala.

        Gisella eta Riccardo barre egiteari utzi eta guri begira zeudela konturatu nintzen. — Tira ba... —esan zuen Gisellak—, mugitu..., zeren zain zaude?

        Mozkorra pasa zitzaidala iruditu zitzaidan bat-batean. Mozkortuta nengoen egiatan, baina ez, ordea, mehatxatzen ninduen arriskuaz ez konturatzeraino. — Ez dut nahi —esan nuen. Eta zutitu egin nintzen.

        Astarita ere zutitu eta, beso batetik helduz, aterantz eramaten saiatu zen. Beste bi haiek adore ematen hasi zitzaizkion berriro: — Aupa, Astarita!

        Astaritak ia ateraino eraman ninduen arrastaka, nik gogor egin arren; gero, tiraldi batez, askatu eta korrika irten nintzen eskaileretara eramaten zuen atera. Baina Gisella ni baino bizkorrago ibili zen. — Ez, polit hori, ez —esan zuen oihuka. Eta, Riccardoren belaunetatik altxatuz, ni baino lehenago iritsi zen atera, giltzari buelta eman eta sarrailatik kendu zuen. — Baina nik ez dut nahi —errepikatu nuen ahots ikaratuaz, mahai aurrean geldi.

        — Baina, zer gertatzen zaizu? —oihukatu zuen Riccardok.

        — Ergela halakoa! —esan zuen gogor Gisellak, Astaritaganantz bultza eginez—; zoaz, zoaz..., zenbat komeria!

        Bere amorrazioa, bere ankerkeria eta guzti, Gisella egiten ari zenaz ez zela konturatzen ulertu nuen: jarri zidan segada moduko hura zerbait alai, atsegin eta burutsua zela iruditzen zitzaion, nonbait. Riccardoren axolagabekeriak eta alaitasunak ere hunkitu ninduten, bai bainekien gizon zintzoa zela eta ez zela gaiztoa iruditzen zitzaion ezer egiteko gauza. — Baina nik ez dut nahi —esan nuen berriro.

        — Baina —esan zuen Riccardok oihuz—, zer gauza txar dakar horrek, ba?

        Gisellak artean besotik heltzen zidan, lehia handiz eta oso beroturik. — Ez nuen uste horren baboa zinenik...; baina, aizu..., zeren zain zaude?

        Astaritak ez zuen hitzik esan ordura arte, geldirik logelako ate ondoan, begiak niregana tinko. Gero, ahoa irekitzen zuela ikusi nuen, hitz egiteko bezala. Poliki, ilun, hitzak eranskorrak balira bezala eta ezpainetatik nekez atera ahal izan balitu bezala, esan zuen: — Zatoz..., bestela neuk esango diot Ginori gurekin etorri zarela gaur eta amodioa egin duzula nirekin.

        Berehala konturatu nintzen egingo zuela esaten zuena. Esaten dena zalantzatan jar daiteke, izan ere, baina ezinezkoa da ahotsaren doinuarekin huts egitea. Berak hitz egingo zion Ginori, egiatan, eta, niretzat, berarekikoak amaituta egongo ziren hasi baino lehenago ere. Aurpegi eman beharko nukeela pentsatzen dut gaur. Beharbada, oihu egin izan banu, indarrez gogor egin izan banu, xantaia zein mendekua alferrekoak zirela ulertaraziko nion. Baina, beharbada, hori ere alferrik izango zen, bere desioa indartsuagoa zelako nire nazka baino. Jakina, erabat menderatuta sentitu nintzen, eta aurpegi emateaz baino areago, mehatxuz esan zidaten eskandalua galarazteaz pentsatu nuen. Egia esateko, neure burua prestatu gabe iritsi nintzen pausu horretara, gogoa etorkizunerako nire asmoez beteta nuelarik, haiei ez bainien inondik inora ere uko egingo. Eta orduan hain gordinki gertatu zitzaidana, uste dut modu askotara gertatzen zaiela nireak bezain asmo apal, bidezko eta errugabeak ere dauzkaten guztiei. Munduak gure asmoetatik harrapatzen gaitu, eta goiz edo berandu prezio garesti eta mingarria ordainarazten digu; eta babesgabeek eta den-denari uko egin diotenek bakarrik espero dezakete hura ordaintzera behartuta ez egotea.

        Baina nire patu hura onartzen nuen une berean oinaze argi eta zorrotz bat jasan nuen. Eta bat-batean, bizitzaren bidea, ohiz hain ilun eta bihurria, halako batean zuzen-zuzen eta nabarmen-nabarmen agertu balitz bezala nire begien aurrean, argi eta garbi ikusi nuen Astaritaren isiltasunaren truke galduko nuen guztia. Begiak malkoz bete zitzaizkidan eta, aurpegia beso batez estaliz, negarrari eman nion. Ulertu nuen etsituaren etsituaz ari nintzela negarrez, eta ez gogor egiten niolako; eta, izan ere, negarra eta guzti, hankak Astaritarenganantz mugitzen nituela sentitu nuen. Gisellak besotik tira egiten zidan. — Zergatik egiten duzu negar?, lehenengo aldiz balitz bezala! —errepikatzen zuen. Riccardo barrez ari zela entzun nuen; eta, ikusi gabe, nire baitan tinko sentitu nituen Astaritaren begiak, poliki haien aldera hurbiltzen nintzelarik, negarrez. Gero, Astaritak beso bat gerri bueltan jartzen zidala sentitu nuen; eta gelako atea ixten zela nire bizkarrean.

        Ez nuen ezer ikusi nahi, entzutea beharbada gehiegi zela iruditzen zitzaidan. Besoa begien aurrean nuela jarraitu nuen tematuta, Astarita kentzen saiatu zen arren. Antzeko egoeretan maitale guztiak portatzen diren bezala portatu nahi izango zuen, nik uste; hau da, ni poliki eta ia ohartu ezinezko pausuak emanez bere desioetara makurtu. Baina tema handiz besoa aurpegi aurrean nuenez gero, beharbada nahi zuen baino askoz zakar eta gozakaitzagoa izan beharrean gertatu zen. Horrela, ohe ertzean esertzera behartu eta laztanez alferrik otzantzen saiatu ondoren, burko gainean bota ninduen eta nire gainean etzan zen. Gorputz osoa beruna bezain astun eta hila neukan gerritik behera, eta behin ere ez da egon hainbesteko menpekotasunez eta hain partaidetza gutxiz jasan den besarkadarik. Baina ia berehala atertu nuen negarra eta, berriz bular gainera erori zitzaidanean arnaska, besoa aurpegitik kendu eta begiak zabal-zabalik jarri nituen ilunpean.

        Bene-benetan uste dut gizon batek emakume bat maite dezakeen bezainbat eta, egiatan, Ginok baino areago ere maite izan ninduela Astaritak une hartan. Gogoan dut gelditu gabe, bere keinu dardarati eta grinatsu batez, bekoki eta masail gainean eskua pasatu eta pasatu aritu zitzaidala eta, maitasun hitzak xuxurlatuz, gorputz guztia ikara handian zuela. Baina nik elkor nituen begiak, zabal-zabalik, eta nire buruan, mozkorraldia igarota ordurako, halako hoztasun argi eta ekaiztsu bat sortua zen bat-batean. Laztantzen eta hitz egiten uzten nion Astaritari, eta nire gogoeten hariari jarraitzen nion. Nire logela zetorkidan begietara, antolatu nuen bezala, artean guztiz ordaindu gabe neuzkan altzari berriekin, eta halako kontsolamendu mingots setati bat sentitzen nuen. Orduan, esaten nuen neure artean, ezerk ez zidan galaraziko ezkontzea eta niretzat nahi nuen bizia bizitzea. Baina aldi berean konturatzen nintzen nire aldartea konponbiderik gabe aldatua zela, eta lehenago hainbeste itxaropen fresko eta laño egon ziren lekuan halako segurtasun eta bipiltasun berri batzuk zeudela orduan. Kolpetik, dezente indartsuagoa sentitzen nintzen, baina indar triste eta amodiorik gabeko batez.

        Azkenik, gelara sartu ginenetik lehendabiziko aldiz hitz eginez, hauxe esan nuen: — Horra joateko garaia da—. Eta berak, erantzutearren, ahots apal-apalez galde egin zidan: — Minduta al zaude nirekin?

        — Ez.

        — Gorroto al nauzu?

        — Ez.

        — Nik biziki maite zaitut —murmuratu zuen; eta musu ugari eta amorratuez betetzen hasi zitzaidan aurpegia eta lepoa. — Bai, baina horra joan behar dugu —esan nuen, barrua husten utzi eta gero.

        — Arrazoia duzu —erantzun zuen. Eta nire gorputz gainetik altxatuz ilunpean janzten hasi zen, iruditu zitzaidanez. Ahal bezala txukundu nintzen, zutitu eta piztu nuen ohe buruko argia. Itxi eta izpiliku usainak irudimenean sortarazi zidan bezalako gela bat azaldu zitzaidan argi horixka harekin: sabai baxua zuen, habe zurituez hornitua, hormak paper pintatuaz tapizatuak, altzari zahar eta sendoak. Zoko batean, konketa bat zegoen, marmolezko aska, bi palangana eta lore berde eta arrosaz apaindutako bi pitxar zituena, eta urre koloreko markoa zeukan ispilu handi bat. Konketara joan nintzen, ur pixka bat isuri palanganara eta toallaren mutur busti batez garbitu nituen Astaritak bere musuekin kolorerik gabe utzitako ezpainak eta artean negarragatik gorrituta neuzkan begiak. Bere hondo arraitu eta herdoildutik, ispiluak nire irudi mindu bat itzultzen zidan, eta une batez sorginduta geratu nintzen neure buruari begira, arima errukiz eta harriduraz betea nuela. Gero nire senera etorri, ilea eskuaz ahal bezain ondo txukundu eta Astaritarengana bueltatu nintzen. Ate ondoan zegoen nire zain eta, pronto nengoela ikusi orduko, ireki zuen, niri ez begiratzeko ahaleginak eginez eta bizkarra emanez. Argia itzali eta atzetik jarraitu nion.

        Gisellak eta Riccardok pozez hartu gintuzten, utzi genituen aldarte alai eta axolagabeaz jarraitzen baitzuten. Lehenago ez zuten ulertu nire mina; eta, horrela, orduan ere ez zuten ulertu nire patxada berria. — Inuzente galanta zaude zu!... —esan zuen oihuz Gisellak—, ez zenuela nahi, ez zenuela nahi, baina azkar eta ondo moldatu zara, dirudienez...; gainera, atsegin bazenuen, ongi egin duzu..., baina ez zuen merezi horrenbeste zarata ateratzeak.

        Begiratu nion; bitxi bezain bidegabekoa iruditzen zitzaidan, amore ematera bultzatu eta besotik heldu ere egin baitzidan Astaritak hobeto musu emateko, orain berak hain zuzen aurpegiratzea nire konformitatea. — Baina Gisella —esan zuen Riccardok, bere zentzu on arruntaz—, lehen era batera eta orain beste aldera egin behar al duzu?...; lehenago hainbeste aldiz esan..., eta orain ia-ia esango diozu gaizki egin duela.

        — Noski —ihardetsi zuen Gisellak gogor—, ez bazuen nahi, oso gaizki egin du..., nik, esaterako, nahi ez banu, ezta indarrez ere ezingo nindukezu behartu..., baina berak nahi zuen —erantsi zuen, kopeta ilun eta zimurrez niri begira—, nahi zuen, bai horixe...; ikusi ditut autoan, Viterbora gentozen bitartean..., horregatik, berriz diot, ez zuen horrenbeste komeria egin behar.

        Ni isilik nengoen, ia miretsiz bete-beteko ankerkeria hura, hain errukigabe eta oharkabea aldi berean. Astarita nigana hurbildu eta baldarki saiatu zen esku bat hartzen. Baina ni uko egin eta mahaiko beste muturrean esertzera joan nintzen. — Baina, begiratu Astarita —oihu egin zuen Riccardok, barreari emanez—, hileta batetik datorrela dirudi!

        Eta egiatan, baina bere moduan, Astarita, bere seriotasun ilunpetsu eta umiliatuaz, ni besteak baino hobeto ulertzen ahalegintzen zen. — Zuek beti txantxetan —esan zuen.

        — Negar egin behar al dugu, ba? —Gisellak oihuka—. Orain, zuek izan pazientzia, guk zuekin izan dugun bezala..., bakoitzari berea. Goazen, Riccardo.

        — Txintxo izan! —esan zuen Riccardok, bera ere altxatuz. Mozkortuta zegoen, argi eta garbi, eta berak ere ez zekien zeri buruz ari zen.

        — Goazen, goazen.

        Horrela, haiek ere irten ziren gelatik, eta Astarita eta biok bakarrik geratu ginen. Ni mahaiko mutur batean nengoen eserita, Astarita bestean. Eguzki errainu batek, leihotik sartuz, distira handiz argitzen zituen baxera, nahas-mahasean eta azal-hondakinez betea, erdizka hustutako basoak eta kubierto zikinak. Baina Astaritaren aurpegierak, eguzkiak aurpegian jotzen zuen arren, triste eta ilun jarraitzen zuen. Asea zuen bere desioa, baina halere hor jarraitzen zuen, zuzentzen zidan begiradan, aurkitu gineneko lehen uneetako bizitasun ekaiztsuak. Une hartan, errukitu egin nintzaion, egin zidan okerkeria gorabehera. Konturatzen nintzen oso zorigaiztokoa izan zela ni bere egin aurretik, eta orduan, bere egin ondoren ere, lehen bezain zorigaiztokoa zela. Lehenago, desio ninduelako sufritzen zuen; orduan, aldiz, ez niolako maitasunez erantzuten bere maitasunari. Baina errukia maitasunaren etsairik txarrena da; gorroto izan banu, egunen batean maite izango nuela espero zezakeen. Baina ez nuen gorroto eta, esan dudan bezala, erruki nionez gero, beragandik baztertzen ninduen hoztasun eta higuin sentimendu bat baino ez zidala pizten sentitzen nuen.

        Isilik, denbora luzean egon ginen eguzkiz beteriko gelan, Gisella eta Riccardo noiz itzuliko zain. Astaritak gelditu gabe erretzen zuen, zigarro bakoitza aurrekoaren hondarrarekin piztuz eta, erre bitartean, amorruz bere inguruan jarriak zituen ke hodeien artetik, hitz egin nahi baina ausartzen ez denaren begirada adierazkorrak bidaltzen zizkidan. Ni zeharka eserita nengoen mahai aurrean, hankak gurutzatuta, eta desio bakar batean biltzen nuen nire gogo guztia: alde egin. Ez nintzen nekatuta ez eta lotsatuta ere sentitzen: hori bai, bakarrik geratu nahi izango nuen, nire gogora hausnartu ahal izateko gertatuaren inguruan. Joateko gogo handi horrekin, nire buruak gauza hutsalei erreparatzen zien: Astaritak gorbata gainean zeukan perlari, paretetako papereko marrazkiari, baso baten ertzean paseatzen ari zen euli bati, pasta asciutta jatean blusa gainean egina nuen tomate mantxa txiki bati; eta neure buruarekin sumintzen nintzen, gauza serioagoez pentsatzeko moduan ez nengoelako. Baina hutsalkeria horiek oso aukerakoak gertatu zitzaizkidan Astaritak, isiltasun luze-luze baten ondoan, bere lotsa azkenik gainditurik, ahots itoaz galde egin zidanean: — Zer pentsatzen ari zara?—. Une batez hausnartu eta gero sinple-sinpleki erantzun nuen: — Atzazal bat hautsita daukat, eta noiz eta non hautsi ote dudan nengoen neure artean—. Egia zen; baina berak aurpegiera mingostu eta sinesgogorra jarri zuen, eta ondoren, antza, nirekin hitz egiteari uko egin zion.

        Azkenik, Jainkoak nahi izan zuenean, Gisella eta Riccardo itzuli ziren, apur bat arnaska, baina lehen bezala alaitsu eta lasai. Miretsi egin ziren hain serio eta isilik aurkitu gintuztelako; baina berandu zen ordurako eta haientzat amodioak, Astaritari gertatutakoaren alderantziz, lasaiago jartzeko eragina edo eduki zuen. Gisella gozo eta guzti zegoen berriro nirekin, Astaritaren xantaiaren aurrean eta ondoren ere erakutsi zituen urduritasun eta ankerkeria gabe; eta ia pentsatu egin nuen xantaia hura, egun hartan, bere Riccardorekiko harreman gezarako halako gozagarri berri eta sentsual bat izan zela berarentzat. Eskaileretan, beso bat gerri bueltan jarri eta xuxurlaka honela esan zidan: — Zergatik aurpegi hori?... Kezkatuta bazaude Ginorengatik, egon lasai..., ez nik, ez Riccardok ere ez diogu ezer esango inori.

        — Nekatuta nago —esan nuen gezurretan. Ez naiz inor gorrotatzeko gauza; eta aski izan zen gerrian jarri zidan beso hura nire sumina ezerezteko.

        — Nekatuta nago ni ere —erantzun zuen—. Haize guzti horrek aurpegian jo nau—. Eta handik gutxira, jatetxeko atean geratuta, bi gizonak gure aurretik zihoazelarik autorantz: — Ez al zara ba haserre egongo nirekin, gertatu denagatik?

        — Bai zera! —erantzun nuen—, zer uste duzu, zerikusia duela zurekin?—. Horrela, bere azpijokotik bere buruari aginduak zizkion satisfazio guztiak atera ondoren, gorroto ez niola ere ziurtatu nahi zuen. Ondoegi ulertzen nuela iruditu zitzaidan; eta horrexegatik, bera ulertzen nuela konturatu eta haserretuko zen beldur nengoelako nahi izan nituen ezereztu bere zalantza guztiak eta bihotz onez jokatu berarekin. Beragana aurpegia jiratu eta, masailean musu emanez, esan nion: — Zergatik egon beharko nuke haserre zurekin? Beti pentsatu duzu Gino utzi eta Astaritarekin hasi beharko nukeela.

        — Horixe da —onartu zuen enfasi handiz—, eta oraindik ere pentsatzen dut..., baina zuk, ordea, beldur naiz ez didazula inoiz barkatuko.

        Estututa zirudien; eta ni, harritzeko moduan kutsatuta, bera baino urduriago nengoen, nire egiazko sentimenduak igarriko zituen beldurrez.

        — Garbi ikusten da ez nauzula ezagutzen —erantzun nuen lañoki—; badakit maite nauzulako eta neure irabazia bilatzen ez dudala eta pena ematen dizulako nahi zenukeela nik Gino uztea. Baliteke —erantsi nuen azken gezur batez—, zuk arrazoia edukitzea.

        Berriz bere onera etorririk, besotik heldu eta honela esan zidan, bihotzez-bihotzeko berriketa doinu lasai batez: — Ulertu behar nauzu... Astarita edo beste bat..., baina Gino ez...; jakingo bazenu ze pena ematen didan zu bezalako neska eder bat horrela alferrik galduta ikusteak..., galdetu Riccardori..., egun osoan zutaz baino ez diot hitz egiten...—. Orain inolako trabarik gabe ari zitzaidan hizketan, ohi bezala; eta nik orduan ere baietz erantzuten nion berehala, esaten zuena esaten zuela ere. Automobilera iritsi ginen horrela. Hara joateko bidaian geneuzkan lekuak berriz hartu eta autoa abiatu zen.

        Itzultzean gutako inork ez zuen hitzik egin. Astaritak niri begira jarraitzen zuen, baina hildura gehiagoz desioz baino; baina aldi hartan bere begiradak ez zidan gogait egiten eta ez nuen sentitzen, joatean ez bezala, berari hitz egiteko edo berarekin adeitsu azaltzeko gogorik. Atsegin handiz arnasten nuen zabaldutako leihotik aurpegian jotzen zidan haizea, eta, oharkabean, Erromaraino zenbat bide zegoen kontrolatzen nuen kilometroen mugarriekin. Halako batean, ordea, Astaritaren eskua sentitu nuen nirea ukitzen eta gero ohartu nintzen esku azpian zerbait sartzen saiatzen ari zela, paper zati bat beharbada. Harrituta pentsatu nuen hitz egitera ausartu ez eta idazteari ekin ziola nirekin komunikatzeko. Baina gero, begiak jaitsiz billete bat zela ikusi nuen, lau zatitan tolestuta.

        Berak tinko-tinko begiratzen zidan, billetearen gainean hatzak itxi erazteko ahaleginak eginez; eta, une batez, aurpegira botatzea pasa zitzaidan burutik. Baina hantxe konturatu nintzen itxurak baino ez nituela egingo, arimaren bultzada sakon batek baino areago, izpiritu imitatzaile batek eragindakoa. Orduan jo ninduen sentimenduak txunditu egin ninduen, eta gero, gizonengandik dirua jaso dudan bakoitzean, inoiz ez dut hain argi eta biziro sentitu: halako kidetasun eta elkar aditze sentsual bat sentitu nuen, lehenago, jatetxeko gelan, bere laztanetatik bakar batek ere nire baitan pizten asmatu ez zuena bezalakoa. Sentimendu bat, hau da, ezinbesteko atxikimendua edo halako zerbait, ezagutzen ez nuen nire izaeraren alderdi oso bat erakutsi zidana kolpetik. Jakina, banekien diru horri uko egin behar niola; baina horrekin batera, onartu nahi nuela ere sentitzen nuen. Eta diruzaletasunagatik baino areago, eskaintza hark nire arimari zekarkion plazer berriagatik.

        Onartzera erabakita egon arren, billeteari uko egiteko keinua egin nuen; eta hura ere senagatik izan zen, batere konturik atera gabe. Astaritak ez zuen etsi, beti nire begietara begira; eta orduan eskuineko eskutik ezkerrera pasa nuen billetea. Halako kilika bitxi bat etorri zitzaidan, aurpegian eta arnas nahastuan sentitzen nuen haren sua. Astaritak une hartan igarri ahal izan balitu nire sentimenduak, maite nuela pentsatu ahalko zuen, beharbada. Baina ezta hurrik eman ere; diruak berak eta hura emateko moduak eta motiboak jotzen ninduten hainbeste indarrez ariman. Astaritak eskua hartzen eta ezpainetara eramaten zidala sentitu nuen, eta bertan musu bat ematen utzi nion, eta gero erretiratu nuen. Ondoren, Erromara iritsi arte ez genion berriro elkarri begiratu.

        Hirian, bakoitzak bere aldetik alde egin genuen, ia ihesean, gutako bakoitzak delitu bat egina genuela jakin izan bagenu bezala, eta, orduan, ezkutatzeko beharra besterik ez bagenu bezala. Eta, egiaz, delituaren oso antzeko zerbait egin genuen guk egun hartan: Riccardok ergelkeriagatik; Gisellak bekaizkeriagatik; Astaritak lizunkeriagatik; eta nik eskarmenturik ezagatik. Gisellak halako ordu bat jarri zidan biharamunean posatzera joateko, Riccardok gabon esan, eta Astaritak isilik nire eskua estutzen besterik ez zuen asmatu, serio eta aztoratuta. Etxeraino lagundu ninduten: nekea, barne zimikoa eta guzti, gogoan dut harrotasun asearen sentimendua izan nuela, nire atari aurrean geratutako auto eder hartatik jaistean, leiho batetik begiratzen zigun nire auzoko trenbide-langilearen familiaren begien aurrean.

        Nire gelan giltzapetzera joan nintzen eta, ezer baino lehen, dirua aztertu nuen. Billete bat ez ezik, milako hiru zirela ikusi nuen, eta une batez, nire ohearen ertzean eserita, ia zoriontsu sentitu nintzen. Diru hura altzarien azken epeak ordaindu, eta gainera behar nuen beste zenbait gauza erosteko ere aski zen. Ordura arte inoiz izan nuen baino diru gehiago zen, eta ez nintzen asetzen billeteak ukitu eta begiratzeaz. Nire antzinako pobreziak, atsegingarri baino areago, sinesgaitz ere bihurtzen zidan ikusten nuena. Luzaz begiratu behar nien billete haiei, nire altzariei begiratu nien bezala, nireak zirela erabat sinetsi ahal izateko.

 

 

 

© Alberto Moravia

© itzulpenarena: Koldo Biguri

 

 

"Alberto Moravia / Erromako emakumea" orrialde nagusia