HIRUGARREN ATALA

 

        Igande batean, bere ugazaba jaun-andreak kanpora irtenda zeudela esan zidan Ginok, neskameak oporretan joanak zirela beren herrietara, eta landetxea beraren eta lorazainaren esku utzi zutela. Bisitatu nahi al nuen? Berak hain sarritan eta hain mirespen handiko hitzez kontatua zidan hango berri, non ikusmina piztu baitzidan; eta gustura onartu nuen. Baina onartzen nuen une berean, halako asaldura sakon eta gogotsu batek ulertarazi zidan etxea ikusteko neukan irrika ezin zitekeela aitzakia bat baino izan, eta beste bat zela bisita haren motiboa. Dena dela, zerbait deseatzen dugunean eta aldi berean deseatu nahiko ez genukeenean gertatzen den bezala, aitzakia sinesteko itxurak egin nituen neure buruarekin eta berarekin. — Badakit ez nukeela joan beharko —ohartarazi nion autoan sartzean—, baina nolanahi ere denbora gutxi egongo gara, ezta?

        Hitz horiek halako doinu zirikatzaile eta aldi berean beldurtu batez esaten entzun nituen. — Etxea bisitatzeko denbora baino ez... —erantzun zuen Ginok serio—, gero zinera joango gara.

        Landetxea aldapan behera zegoen kaletxo batean zegoen, beste landetxe batzuen artean, auzo berri eta aberats batean. Oskarbi zegoen, eta mendixkan eraikitako landetxe guzti haiek, zeru urdinaren fondoaren kontra, adreilu gorrizko edo harri zurizko beren fatxadekin, estatuaz apaindutako galeriekin, etxegain kristalduekin, geranioz gainezka egindako terraza eta balkoiekin, landetxe bataren eta bestearen artean zuhaitz handi hostotsuak agertzen zituzten lorategiekin, halako aurkikuntza eta berritasun sentsazioa eragin zidaten, mundu libreago eta ederrago batean, non bizitzea oso atsegingarria gertatuko bailitzatekeen, sartzea bezala. Ezinbestez gogoratu nintzen nire auzoaz, harresien aldamenetik luzatzen zen kale zabalaz, trenbideetako langileen etxeez, eta honela esan nion Ginori: — Oker egin dut hona etortzea onartzean.

        — Zergatik? —galdetu zuen itxura airoso batez—, unetxo batez egongo gara..., zaude lasai.

        — Ez didazu ulertu —erantzun nuen—, oker egin dut, gero lotsatu egingo naizelako neure etxeaz eta neure auzoaz.

        — A, hori bai —esan zuen lasaituta—, baina zer egingo diozu? Aberats jaio behar zenuen..., auzo honetan aberatsak bakarrik bizi dira.

        Ate-sarea ireki eta nire aurretik sartu zen harlegarrez estalitako bidetxo batetik, azukre-opil eta baloi itxuraz inausitako bi zuhaixka lerro artetik. Kristal sendoko ate batetik sartu ginen landetxean, eta atalondo zuri eta biluzi batean aurkitu ginen; lurra marmolezko karratu zuri eta beltzez egina zuen, ispilua iruditzeraino distirazia. Atalondotik bebarru zabal argitsu batera iritsi ginen, zeinetara jotzen baitzuten beheko solairuko gelek. Bebarruko bestaldean eskailerak ikusten ziren, zuri-zuriak erabat, goiko solairura igotzeko. Hanka-puntetan ibiltzen hasi nintzen, hain geratu nintzen kokilduta bebarru haren itxurarekin. Ginok konturatu eta nahi nuen zarata guztia egin nezakeela esan zidan, etxean ez zegoelako inor.

        Egongela erakutsi zidan, areto handi bat hainbat bitrina eta hainbat sofa eta besaulki multzo zituena; jangela txikiagoa zen, mahai obal bat zeukan, aulkiak eta armairuak egur eder ilun distiratsuz eginak; arropategia zuriz bernizatutako horma-armairuz betea. Gelatxo txikiago batean taberna bat eta guzti zegoen, paretako txoko batean txertatua, benetako taberna bat, botiletarako apalak, kafea egiteko makina nikelatua eta zinkezko mostradorea zituena: kaperatxo bat ematen zuen, are gehiago sarrera ixten zuen urre koloreko ate-saretxoagatik. Janaria non egiten zuten galdetu nion Ginori, eta berak azaldu sukaldea eta zerbitzarien gelak lurrazpiko solairuan zeudela. Hura bezalako etxe batean nire bizitzan sartzen nintzen lehenengo aldia zen eta hatz puntekin ukitzen nituen, nahitaez, hango gauzak, nire begiei sinetsiko ez banie bezala. Dena berria iruditzen zitzaidan eta dena gai preziatuz egina: kristalez, egurrez, marmolez, metalez, ehunez. Pareta haiek, zoladura haiek eta altzari haiek nire etxeko zoladura zikinekin, pareta belztuekin eta zaharkitutako tresnekin konparatu beharra burutik aldendu ezinik nengoen, eta nire artean esaten nuen arrazoia zuela amak munduan diruak baino ez duela axola esaten zuenean. Gauza eder guzti haien artean bizi ziren pertsona haiek ere eder eta zintzoak izango zirela pentsatzen nuen, ez zutela edango, ez biraorik esango, ez oihurik egingo, ez zirela elkar joka arituko; hitz batean esanda, nire etxean eta nirearen antzeko etxeetan ikusiak nituen gauzetako bakar bat ere ez zutela egingo.

        Bitartean, Gino hamaikagarren aldiz ari zitzaidan azaltzen nolakoa zen hango bizimodua, halako harrotasun berezi batez azaldu ere, luxu guzti hartako eta edertasun hartako zerbait berentzat onuragarri bihurtu izan balitz bezala. — Portzelanazko plateretan jaten dute..., baina fruta eta gozoak, ordea, zilarrezko plateretan...; goilarak, labanak eta abar zilarrezkoak dira denak...; bost platera jaten dituzte eta hiru ardo klase edaten...; arratsaldean andreak traje eskotatua janzten du, eta jauna beltzez..., afariaren bukaeran, neskameak zilarrezko erretilu batean zazpi zigarro mota ekartzen dizkie, atzerriko zigarroak denak, jakina..., gero jangelatik irten eta kafea eta likoreak eraman arazten dizkiete horko mahaitxo gurpildun horretan...; beti daukate gonbidaturen bat..., batzuetan bi, batzuetan lau..., andreak honen lodiko harri bitxiak dauzka..., eta perlazko lepoko bat, zoragarria...; joiatan bakarrik, zenbait milioi izango ditu.

        — Lehenago esan didazu hori —moztu nion, lehor samar.

        Baina bera, harropuztuta, ez zen konturatu gogaituta nengoela, eta aurrera jarraitu zuen: — Andrea ez da behin ere jaisten lurrazpiko solairura..., telefonoz ematen ditu aginduak...; sukaldean, gainera, dena dabil argindarraz..., gure sukaldea jende askoren ohea baino garbiagoa da..., baina zer diot sukaldea? Baita andrearen bi zakurrak ere badira garbiagoak eta hobeto tratatuak jende asko baino—. Mirespenez hitz egiten zuen bere nagusiez eta mespretxuz pobreez; eta ni, apur bat bere hitzengatik, apur bat etengabe etxe haren eta gurearen artean egiten nuen konparaziogatik, oso pobre sentitzen nintzen.

        Beheko solairutik, goikora igo ginen eskaileretatik. Eskaileretan geundela, Ginok besoa gerri bueltan jarri eta indarrez estutu ninduen. Eta orduan ni, ez dakit zergatik, ia ametsetan hasi nintzen etxeko andrea nintzela, senarraren ondoan eskaileretatik igotzen ari nintzela, norbait etxean hartu edo otorduren bat eskaini eta gero, berarekin ohe berean etzatera joateko, goiko solairuan. Nire gogoetak igarri izan balitu bezala (etengabe zeuzkan horrelako intuizioak), honela esan zuen Ginok: — Eta orain elkarrekin lo egitera goaz..., eta bihar goizean ohera ekarriko digute kafea—. Barrez hasi nintzen, baina ia espero izan nuen egia izan ahal izatea.

        Egun hartan nire trajerik onena, nire zapata parerik onena, nire blusarik onena eta nire zetazko galtzerdi parerik onena jantzi nituen Ginorekin irteteko. Gogoratzen naiz trajea bi zatikoa zela, jaka beltza eta karratu zuri-beltzekiko gona bat. Oihala ez zen txarra, baina moztu zidan auzoko jostuna ez zen ama baino trebeagoa. Gona motz-motza egin zidan, baina motzagoa atzeko aldean aurrekoan baino, eta, hartara, izterrak agerian geratzen zitzaizkidan atzetik, eta aurretik belaunak estalita, ordea. Jaka estuegia egin zidan, papar-hegal handi batzuekin eta galtzarbeetan mina eta guzti ematen zidaten mahuka estu batzuekin. Jaka harekin lehertu egiten nintzen; eta bularra kanpora ateratzen zitzaidan, jakari zati bat falta izan balitzaio bezala. Blusa, bestalde, arrosa zen, sinple-sinplea, oihal arruntez egina, apaindurarik gabea, eta barnetik agertzen uzten zuen kotoi zurizko nire azpikogonarik onena. Zapatak, amaitzeko, beltzak ziren, distiratsuak, larru onekoak baina taxuera zaharkitu samarrekoak. Ez neukan sonbreirurik, eta ilea, gaztaina eta kizkurra, solte neraman sorbaldan. Traje hura janzten nuen lehenengo aldia zen, eta oso harro nengoen. Oso dotore nengoela iruditzen zitzaidan, eta derrigorrez ilusioak egiten nituen kalean denak bueltatzen zirela niri begiratzeko. Baina Ginoren ugazaba andrearen logelan sartu eta ikusi nuenean ohe handi zapal eta biguna, zetazko estalki akoltxatuarekin, liho brodatuz eginiko izarekin, eta goitik ohe burura erortzen ziren belo arin guzti haiekin, eta neure burua ikusi nuenean, gelako bestaldean zegoen apain-mahaiko ispilu hirukoitzean hiru aldiz islatua, arlote baten antzera jantzita nengoela konturatu nintzen, nire piltzar horiengatik neukan harrotasuna barregarria eta errukarria zela; eta ongi jantzi eta hura bezalako etxe batean bizi arte ezingo nuela neure burua zoriontsutzat hartu pentsatu nuen. Negargura etorri zitzaidan ia; eta ohean eseri nintzen, erabat aztoratuta, ezer esan gabe. — Zer duzu? —galdetu zidan Ginok ondoan eseriz eta nire eskua hartuz. — Ezer ez —erantzun nuen—, ezagutzen dudan neska arlote koitadu bat ikusten ari nintzen.

        — Nor? —galdetu zuen harrituta.

        — Horko hori —erantzun nuen, ispilua seinalatuz, han neure burua ikusten bainuen ohean eserita Ginoren ondoan; eta benetan ematen genuen biok, baina areago nik berak baino, etxe zibilizatu batean halabeharrez gertatu den basati iletsu bikote bat.

        Orduko hartan, larritzen ninduen nahigabe, inbidia eta bekaitz sentimendua ulertu, eta besarkatzen ninduen bitartean honela esan zuen: — Ez begiratu ispilu horretan. —Bere asmoak bete gabe geratuko ez ote ziren beldur zen, eta, aldiz, ez zen konturatzen ezer ezingo zela berarentzat onuragarriagoa izan nire umilazio sentimendu hura baino. Musu eman genion elkarri eta musu hark adorea eman zidan berriro, azken finean, norbait maite nuela eta norbaitek maite ninduela sentitzen nuelako.

        Baina handik denbora gutxira bainugela erakutsi zidanean, gela bat bezain zabala, zuria eta portzelanagatik distiratsua, bainu-ontzia horman txertatua eta iturriak nikelatuak zituena; eta, batez ere, armairuetako bat ireki zuenean, barruan, batzuk besteen kontra estututa, ugazaba andrearen soineko ugariak ikusten utziz, inbidia eta nire miseriaren sentimendua itzuli, eta etsiak hartu ninduen. Bat-batean gauza horietaz ez pentsatzeko nahi bizi bat etorri zitzaidan; eta, lehen aldiz, jakinaren gainean nahi izan nuen Ginoren maitale bihurtu, apur bat nire egoera ahazteko eta apur bat amets egiteko, estutzen ninduen menpetasun sentsazioaren kontra, neu ere libre eta gauzak egiteko gai nintzela. Ezin nintzen ondo jantzi ez eta hura bezalako etxerik eduki, baina behintzat aberatsen moduan egin nezakeen amodioa, eta beharbada haiek baino hobeto. — Zergatik erakusten dizkidazu soineko hauek, zer axola zaizkit niri? —galde egin nion Ginori.

        — Ikusteko gogoa izango zenuela uste nuen —erantzun zuen harrituta.

        — Ez daukat ikusteko inolako gogorik —esan nuen—, ederrak dira, egia da, baina ez naiz hona etorri soinekoak ikustera.

        Hitz horiekin, begiak nola pizten zitzaizkion ikusi nuen; eta arduragabetuta gaineratu nuen: — Hobe, erakutsi zure gela.

        — Lurrazpiko solairuan dago —esan zuen biziro—, hara joatea nahi duzu?

        Une batez isilik begiratu, eta gero gustatu ez zitzaidan zintzotasun berri batez honelaxe galde egin nion: — Zergatik egiten duzu ergelarena nirekin?

        — Ni, zera... —hasi zen aztoratuta eta txundituta.

        — Nik baino hobeto dakizu ez garela hona etorri etxea bisitatzera edo zure nagusi andrearen soinekoak mirestera, baizik eta zure gelara joan eta maitasuna egitera..., tira, orduan goazen azkar eta ahaztu dezagun.

        Horrela, une batean, etxe hura ikusi genuelako bakarrik, dezente aldatuta nengoen, lehentxeago hara sartu zen neska lotsati eta inuzentearen aldean; eta horrek harritu egiten ninduen, eta nekez ezagutzen nuen neure burua. Gelatik irten eta eskaileretatik jaisten hasi ginen. Ginok beso batez inguratzen zidan gerria, eta musu ematen genion elkarri maila bakoitzean: uste dut behin ere inor ez dela hain poliki jaitsi eskailera batzuetatik. Lehen solairuan, Ginok horman disimulaturiko ate bat ireki eta, zerbitzurako eskaileretatik, lurrazpiko solairura eraman ninduen. Ordurako gaua zen eta lurrazpikoa ilun zegoen. Argirik piztu gabe, pasabide ilun batetik, elkarri lotuta eta ahoa aho ondoan, Ginoren gelara iritsi ginen. Berak ireki zuen, sartu ginen, atea ixten zuela entzun nuen. Ilunpean, zutik geratu ginen tarte batez, elkarri musuka. Musua ez zen inoiz amaitzen, eten nahi nuen bakoitzean berriro hasten zuen berak, berak eten nahi zuen bakoitzean neuk nahi nuen jarraitu. Gero Ginok oherantz bultzatu eta ahoz gora erortzen utzi nintzen.

        Ginok hitz gozo eta esaldi liluragarriak errepikatzen zizkidan belarrira, lehia handiz, ni zoratzeko eta, bitartean, eskuez ni biluzten saiatzen ari zela ez konturatzeko asmo nabarmenaz; baina ez zegoen horren beharrik, inondik ere, lehendabizi neure burua berari eskaintzea erabakia nuelako, eta gero ordurako gorroto nituelako lehenago hain maiteak nituen arropa haiek, eta haietatik libre noiz sentituko zain nengoelako. Biluzik, pentsatzen nuen, Ginoren nagusi andrea eta munduko emakume aberats guztiak bezain ederra izango nintzen, edo ederragoa beharbada. Gainera, hilabeteak ziren nire gorputzak espero zuela une hura, eta, gogo txarrez, luzetsita zegoelako eta eragotzitako gogo hutsagatik dardarka ari zela sentitzen nuen, piztia gosetu eta lotu bat bezala, azkenik, luzaro barau egon ondoren, lokarriak askatu eta jateko eskaini diotenean.

        Horregatik, maitasun ekintza guztiz naturala iruditu zitzaidan, eta, gorputzaren plazerarekin batera ez nuen ekintza ez-ohiko bat burutzeko sentsazioa izan. Alderantziz, batzuetan paisaia batzuekin gertatzen den bezala, iruditzen baitzaigu lehenago ikusiak ditugula egiatan begien aurrean lehenengo aldiz azaltzen zaizkigun arren, ordurako eginak nituen gauzak egiten ari nintzela iruditu zitzaidan, ez dakit non ez noiz eginak, beste bizitza batean beharbada. Horrek ez zidan galarazi Gino grina handiz maitatzea, are amorruz ere, musu emanez, hozka eginez, eta ia ito arte nire besoetan estutuz. Berak ere amorru berberak hartua zirudien. Horrela, oso luzea iruditu zitzaidan denbora batez, gelatxo ilun hartan, etxe huts eta isil baten bi solairuren azpian lurperaturik, indarka besarkatu genuen elkar, mila eratara haragiak arakatuz elkarri, bizitzagatik borrokatzen diren eta elkarri ahalik eta gaitzik handiena egiten ahalegintzen diren bi etsairen antzera.

        Baina gure nahiak ase eta bata bestearen ondoan etzanda geratu ginenean, langiak eta ahituak, beldur handia etorri zitzaidan, Ginok, ni eduki ondoren, ez zuela jadanik ezkondu nahi izango nirekin. Orduan, ezkondu ondoren nolako etxean biziko ginen hasi nintzen esaten.

        Ginoren nagusi andrearen landetxeak biziki hunkitu ninduen, eta orduan zalantzarik gabekoa iruditzen zitzaidan gauza eder eta txukunen artean baino ezin zitekeela zoriona egon. Ongi konturatzen nintzen ez ginela sekulan iritsiko, ez diot hura bezalako etxe baten jabe izatera, etxe hartako gela baten jabe izatera ere ez; hala eta guztiz ere, tematuta, eragozpen haiek gainditzen saiatzen nintzen, azalduz etxe pobre batek ere aberatsa eman zezakeela benetan ispilu bat bezain garbi egonez gero. Landetxeko luxuak, eta hura baino areago hango txukuntasunak irakiten jarri zidan gogoa, hausnarrean. Garbitasunak arropa itsusia ere bihur dezakeela eder sinestarazi nahi nion Ginori; baina, egiatan, nire pobreziaren ideiarekin etsi-etsi eginda, eta aldi berean jakinik Ginorekin ezkontzea zela handik irteteko neukan bide bakarra, neure buruari batez ere nahi nion sinestarazi. — Bi gela baino ez badira ere, baina txukunak, lurra egunero garbituta —azaltzen nuen—, altzariei hautsa kenduta, eta sukaldeko ontziak ongi errepasatuta, dena bere lekuan, platerak beren lekuan, trapuak beren lekuan, arropak beren lekuan eta zapatak beren lekuan, ederra izan daiteke..., kontua da eskoba ongi pasatzea, batez ere, eta lurra ongi garbitzea, eta gauza guztiei hautsa kentzea egunero...; ez duzu juzkatu behar orain ama eta biok bizi garen etxeagatik..., ama ez da oso txukuna eta gainera ez dauka astirik inoiz, gaixoa...; baina gure etxea, hitz ematen dizut, ispilu bat izango da...

        — Bai, bai —esan zuen Ginok—, garbitasuna ezer baino lehen..., badakizu zer egiten duen andreak izkina batean hauts izpi bat aurkitzen duenean? Neskameari deitu, belauniko jartzeko esan eta eskuaz bildu arazten dio, zakurrekin egiten den bezala beren zikinkeriak egin dituztenean..., eta arrazoia dauka.

        — Seguru nago —esan nuen— nire etxea hau baino garbiagoa eta txukunagoa izango dela..., ikusiko duzu.

        — Baina zuk modeloarena egingo duzu —esan zidan zirikatzeko ahotsaz—, eta etxeaz ez zara arduratuko.

        — Bai zera modelo! —erantzun nuen bizi-bizi—, ez dut gehiago modeloarena egingo..., etxean egongo naiz egun osoan, garbi eta txukun jarriko dizut, eta jatekoa prantatuko dizut...; hori neskamea izatea dela dio amak..., baina elkar maite badugu, neskamea izatea ere atsegina da.

        Hala, denbora luzean geratu ginen berriketan; eta nik, poliki-poliki, itzaltzen sentitu nuen nire beldur hura, ohiko konfiantza laño eta harroxkoari lekua uzten. Eta nolatan edukiko nuen dudarik? Ginok nire asmoak onartu ez ezik, xehetasunak ere eztabaidatzen zituen, hobetzen zituen, bere golkotik ateratako gauzekin osatzen. Lehenago esan dudala uste dut, ordurako zinez samar ari zen nonbait; gezurtia izanik, bere gezurrak sinesten zituen azkenerako.

        Ordu pare batez beharbada hizketan egon ondoren, goxo-goxo lokartu nintzen eta uste dut Gino ere lotan zegoela. Ilargi errainu batek iratzarri gintuen, sotoko leihotik sartuta, ohea eta gure gorputz etzanak argituz. Ginok oso berandu izango zela esan zuen; eta, izan ere, mesanotxe gaineko erlojuak gauerdi pasea seinalatzen zuen. — Zer egingo ote dit orain amak! —esan nuen ohetik salto eginez eta ilargi argitan janzten hasiz.

        — Zergatik?

        — Bizitzan lehenengo aldiz etxeratuko naiz honen berandu..., gauean ez naiz inoiz bakarrik irteten.

        — Esaiozu —esan zuen Ginok, bera ere altxatuz— autoan buelta bat eman dugula, autoa hondatu eta hiritik kanpo gelditu egin dela.

        — Ez dit sinetsiko.

        Presa handiz irten ginen landetxetik eta Ginok bere autoan lagundu ninduen etxera. Seguru nengoen amak ez zuela sinetsiko autoaren aberiaren kontu hori; baina ez nuen imajinatzen bere intuizioa Gino eta bion artean gertatutakoa zehatz-mehatz asmatzeraino iritsiko zenik. Atariko eta etxeko ateko giltzak neuzkan. Sartu nintzen, bi eskailera zati ilunak korrika igo eta atea ireki nuen. Ama oheratuta egongo zela espero nuen; eta nire itxaropena betetzen zela zirudien, etxea guztiz ilun zegoela ikusi nuelako. Hanka puntetan, argirik piztu gabe, nire gelarantz hasteko nengoelarik ileetatik heltzen zidatela sentitu nuen, gogorkeria izugarri batez heldu ere. Ilunpean, amak, bera baitzen, egongelara eraman ninduen arrastaka, besaulki gainera bota eta, beti isil-isilik, ukabilka hasi zitzaidan. Ni besoaz babesten saiatzen nintzen, baina amak, ikusi izan balu bezala, azpitik, aurpegi-aurpegian kolpe txarren bat ematen asmatzen zuen beti. Azkenik nekatu, eta besaulkian nire ondoan esertzen zela sentitu nuen, arnaska. Gero altxatu, erdiko lanpara piztera joan eta aurrean jartzera etorri zitzaidan, eskuak gerrian, tinko-tinko niri begira. Begirada haren azpian, erabat aztoratzen eta lotsatzen nintzela sentitzen nuen eta arropak jaisten eta, borroka moduko haren ondoren dezente nahastuta neuzkanez, zertxobait txukuntzen ahalegintzen nintzen. — Apustu egiten dinat —esan zidan bere ohiko ahotsaz— Ginok eta zuk amodioa egin duzuela.

        Baietz esan nahi izango nion, egia zela; baina berriz joka hasiko ote zitzaidan beldur nengoen; eta, minak baino areago, bere kolpeen zehaztasunak ikaratzen ninduen, orduan argia piztuta baitzegoen. Gogaikarria gertatzen zitzaidan kalean begi bat handituta nuela azaltzea, batez ere Ginoren aurrean. — Ez, ez dugu amodioa egin... —erantzun nuen—, autoa bidean hondatu eta berandu egin zaigu.

        — Nik ordea esaten dinat amodioa egin duzuela.

        — Ez..., ez da egia.

        — Bai, egia dun..., hoa ispilu batean begiratzera..., zurbil hago.

        — Nekatuta nago nonbait..., baina ez dugu amodioa egin.

        — Bai, egin duzue.

        — Ez, ez dugu egin.

        Harritu eta ilunki kezkatzen ninduena zera zen, inolako suminik ez zuela salatzen bere egoskortasun horrek; eta bai ordea, bakar-bakarrik, jakin-min guztiz handi bat, ezertarako ere alferrekoa iruditzen ez zitzaidana. Bestela esanda, amak jakin nahi zuen Ginori neure burua eskaini ote nion, ez ordea zigortu edo errieta egiteko, baizik eta, bakar-bakarrik, jakitea beharrezkoa zuelako, bere motiboren batengatik. Baina beranduegi zen; eta, orduan seguru nengoen arren ez ninduela gehiago joko, ukatzen jarraitzen nuen tematuta. Orduan, bat-batean, ama nigana inguratu eta beso batetik heltzekoa egin zuen. Eskua altxatu nuen, neure burua babesteko bezala, baina berak esan zuen: — Ez haut ukituko, ez eduki beldurrik..., baina etorri, etorri nirekin—. Ez nuen ulertzen nora eraman nahi ote ninduen; hala ere, izututa, obeditu nion. Artean besotik heltzen zidalarik, pisutik kanpora eraman ninduen amak, eskaileretatik jaitsi eta kalera irten zen nirekin. Kalea hutsik zegoen ordu hartan, eta ia berehala ohartu nintzen gaueko farmaziako argi gorrirantz zihoala espaloietatik, larrialdietarako sendategia hantxe baitzegoen. Farmaziako ate aurrean geundela, azkeneko aldiz gogor egiten saiatu nintzen, oinak indarrez tinkatuz lurrean, baina berak tiraldi bat eginik behartu eta sartu nintzen, jaurtia, belauniko eroriz ia. Farmazian botikaria eta sendagile gazte bat baino ez zeuden. Amak sendagileari hitz egin zion: — Nire alaba duzu hau..., zuk aztertzea nahi dut.

        Sendagileak atzeko gelara pasarazi ninduen, larrialdietarako ohatila bat baitzegoen han. — Esadazu zer duen, ba... —galdetu zion amari—, zergatik aztertu behar dut?

        — Senargaiarekin amodioa egin du urdanga honek, eta ezetz dio —oihukatu zuen amak—, aztertu eta egia esatea nahi dut.

        Sendagilea dibertitzen hasten ari zen; irribarrez biboteei hozka egin eta: — Baina hori ez da diagnostiko bat, hori peritu lana da... —esan zuen.

        — Nahi duzun bezala deitu —erantzun zuen amak, oihuka beti—, baina azter dezazun nahi dut..., ez al zara ba medikua?... Ez al zaude behartuta eskatzen duen jendea aztertzera?

        — Lasai..., lasai..., nola duzu izena? —galdetu zidan sendagileak.

        — Adriana —nik erantzun. Lotsatuta nengoen, baina ez oso. Izan ere, bai amaren sesioak, bai nire gozotasuna ezagunak ziren auzo guztian.

        — Eta egin badu ere, zer? —esan zuen berriz sendagileak, nire asalduraz ohartuta itxuraz, eta azterketa egin nahi gabe—, zer gauza txar dakar horrek, ba?... Gero, ezkonduko dira, eta dena ongi joango da.

        — Zu arduratu zeure kontuez.

        — Lasai, lasai —errepikatu zuen sendagileak eztiki. Gero, nigana bueltaturik: — Ikusten duzu zure amak nahi duela..., orduan biluztu..., momentu bat eta gero joango zara.

        Adorea bildu, eta honela esan nuen: — Ongi da, bai, amodioa egin dut..., baina goazen etxera, ama.

        — Ez, ez, maitea —esan zuen berak nagusitasunez—, aztertu behar zaituzte.

        Etsituta, gona lurrera erortzen utzi eta ahoz gora etzan nintzen ohatilan. Sendagileak aztertu eta gero hauxe esan zion amari: — Arrazoia zenuen..., egin du..., pozik al zaude orain?

        — Zenbat da? —galdetu zuen amak, diru-zorroan bilatuz. Bitartean, ohatilatik jaisten eta berriro janzten hasi nintzen. Baina sendagileak ez zuen dirua nahi izan, eta honela galdetu zidan — Maite al duzu zure senargaia?

        — Bai horixe —erantzun nuen.

        — Eta noiz ezkonduko zarete?

        — Ez dira inoiz ezkonduko —oihukatu zuen amak. Baina nik, lasai: — Laster..., paperak egin bezain azkar. —Nonbait begietan hainbeste konfiantza laño neukan non sendagileak maitekiro egin baitzuen irribarre, masail batean zafladatxo bat eman zidan, eta kanpora irtenarazi gintuen gero.

        Etxera itzuli ondoren, amak irainez bete eta, beharbada, berriz joko ninduela espero nuen. Aldiz, horra non, tutik esan gabe, ordu berandu hartan, gasa piztu eta niretzat jatekoa prestatzen hasi zen. Lapiko bat jarri sutan, gero gela handira etorri eta, mahai ertzetik betiko oihal pusketak kenduta, mahaia jarri zuen. Lehentxeago ileetatik arrastaka eramanda bota ninduen besaulkian eserita nengoen, eta isilik begiratzen nion. Burua dezente nahastuta neukan, ez bakarrik ez zidalako errietarik egiten, baizik eta aurpegi guztian ageri zitzaiolako ez dakit nolako poztasun alaitsu eta gaizki ezkutatua. Mahaia jartzen amaitu zuenean, sukaldera itzuli eta handik gutxira berriz etorri zen, plater bat ekarriz.

        — Orain, jan ezan.

        Egia esan, oso gosetuta nengoen. Altxatu eta esertzera joan nintzen, apur bat aztoratuta, amak ardura handiz eskaintzen zidan aulkian. Platerean haragi pusketa bat eta bi arrautza zeuden, ez-ohiko jana. — Gehiegi da, baina —esan nuen.

        — Jan..., on egingo din..., jan beharra daukan —erantzun zuen. Benetan aparteko gauza zen bere aldarte ona, zertxobait gaiztoa beharbada, baina ezertarako ez nire kontrakoa. — Ginok ez din pentsatu hiri jateko zerbait ematerik, ez? —erantsi zuen handik gutxira, ia garraztasunik gabe.

        — Lokartu gara —erantzun nuen—, eta gero beranduegi zen.

        Berak ez zuen ezer esan eta zutik geratu zen, jaten nuen bitartean niri begira. Beti egiten zuen horrela: zerbitzatu eta jaten nuen bitartean begiratzen zidan, gero sukaldera joaten zen bakarka jatera. Sekulan ez zuen nirekin jaten mahaian, aspaldi samarretik; eta gutxiago jaten zuen beti, edo nire hondarrak edota gauza desberdinak, ez hain onak. Ni ardura guztiaz zaintzen den objektu preziatu eta minbera bat bezalakoa nintzen berarentzat, zeukan bakarra; eta bere mirabetasun losintxagarri eta miresle hura aspalditik ez zitzaidan harrigarri gertatzen. Baina orduko hartan, bere patxadak eta bere pozak halako urduritasun deseroso bat eragiten zidaten. — Amodioa egin dugulako haserretu zara nirekin... —esan nuen handik gutxira—, baina ezkonduko garela agindu dit..., oso laster ezkonduko gara.

        Berak segituan erantzun zuen: — Ez nagon haserre hirekin..., gau osoan hire zain egon naizelako eta kezkatuta nengoelako haserretu naun lehenago..., baina orain ez ezan gehiago pentsatu horretaz, jan.

        Bere doinu ihesle eta itxura hutsez lasaigarria, umeekin haien galderei erantzun nahi ez zaienean erabiltzen denaren antzekoa, are susmagarriagoa gertatu zitzaidan. Berriz ekin nion: — Zergatik? Ez duzu sinesten nirekin ezkonduko denik?

        — Bai, bai, sinesten dinat, baina orain jan.

        — Ez, ez duzu sinesten.

        — Sinesten dinat, ez eduki beldurrik..., jan.

        — Ez dut jango —adierazi nuen nire onetik aterata—, lehenago egia esaten ez badidazu...; zergatik jartzen duzu aurpegi alai hori?

        — Ez dinat inolako aurpegi alairik jartzen.

        Erretilu hutsa hartu eta sukaldera eraman zuen. Etorri arte itxaron, eta berriz esan nion: — Pozik al zaude?

        Berak une luze batez begiratu zidan isilik, eta gero erantzun, seriotasun mehatxagarri batez: — Bai, pozik nagon.

        — Eta zergatik?

        — Orain seguru nagoelako Gino ez dela ezkonduko hirekin eta porruak landatzera bidaliko hauela.

        — Ez da egia: ezkonduko dela esan du.

        — Ez dun ezkonduko, nahi zuena lortu din horrek..., ez dun ezkonduko hirekin eta porruak landatzera bidaliko hau.

        — Baina zergatik ez da ezkonduko nirekin?..., arrazoiren bat egongo da!

        — Ez dun ezkonduko eta porruak landatzera bidaliko hau..., ongi pasako din hirekin, piperrik ere ez din emango, halakoxe arlotea dun eta, eta porruak landatzera bidaliko hau.

        — Eta horregatik al zaude pozik?

        — Jakina..., orain benetan seguru nagoelako ez zaretela ezkonduko.

        — Baina zuri zer inporta dizu? —bota nuen amorratuta eta minduta.

        — Hirekin ezkondu nahi izan balu, ez zinan egingo amodioa hirekin —esan zuen berak, ez bat eta ez bi—; ni bi urtez ibili nindunan hire aitarekin ezkongaietan, eta ezkondu baino hilabete batzuk lehenagora arte musuren bat eman baino ez zidanan egin..., berak ongi pasako din hirekin eta porruak landatzera bidaliko hau, egon ziur..., eta pozik nagon bidaliko hauelako, ezkonduz gero hireak egina zuelako.

        Nahitaez, nire baitan aitortu behar nuen esaten zituen gauzetako batzuk egia zirela; eta negarrez bete zitzaizkidan begiak. — Badakit —esan nuen—, ez duzu nik inoiz familia bat izaterik nahi..., Angelinarena bezalako bizimodua egitera sartzea nahi duzu—. Angelina auzoko neska bat zen, bizpahiru senargai eduki ondoren, bete-betean emagalduarena egiten hasi zena.

        — Hi ondo egotea nahi dinat —erantzun zuen berak doinu garratzez. Eta, platerak jaso ondoren, sukaldera eraman zituen garbitu eta beren lekuan jartzeko. Bakarrik geratu nintzenean, luzaro hausnartzen egon nintzen amaren hitzak. Ginoren aginduekin eta jokabidearekin konparatzen nituen, eta ezinezkoa iruditzen zitzaidan amak arrazoia edukitzea. Baina nahastu egiten ninduten bere segurtasunak, bere patxadak, bere doinu alaiak eta begi argiek. Bitartean, ama platerak garbitzen ari zen sukaldean. Gero, armairuan sartzen zituela eta gelara zihoala entzun nuen. Handik gutxira, nekatuta eta umiliatuta, argiak itzali eta harekin bildu nintzen ohean.

        Biharamunean, han egon nintzen amaren zalantza horietaz hitz egin behar ote nion ala ez Ginori; eta ezbaian luzaro egon ondoren, ezetz erabaki nuen. Egiatan, orduan Ginok, amak zioen bezala, abandonatuko ote ninduen hain beldur handia neukan, non uste bainuen, amaren iritziak jakinaraziz, horretarako asmoa piztuko niola beharbada. Lehendabiziko aldiz konturatzen nintzen emakume bat, bere burua gizaseme bati ematen dionean, haren esku jartzen dela eta orduan ez duela inolako biderik bere burua nahi duenaren arabera gobernatzeko. Baina, hala ere, erabat sinetsita nengoen Ginok bere hitzari eutsiko ziola; eta bere jokabideak, ikusi nuen bezain laster, sineste hori berretsi zidan.

        Leunkeria eta laztan asko espero nituen, noski; baina beldur nintzen ezkontzeko kontuak isilduko ote zituen edota, behintzat, hartaz modu orokorrean hitz egingo ote zuen. Aldiz, autoa betiko etorbidean geratu bezain azkar, Ginok esan zidan bost hilabete barrurako, gehienez ere, jarri zuela ezkontzeko eguna. Hain pozik jarri nintzen, non, neure buruari egotziz amaren burutazioak, hauxe atera baitzitzaidan: — Badakizu zer uste nuen, ordea?... Atzo gertatu zenaren ondoren, abandonatu egingo ninduzula.

        — Baina —esan zuen berak iraindu aurpegia jarriz—, zerri bat naizela uste al zenuen?

        — Ez, baina badakit gizon askok egiten dutela hori.

        — Ba al dakizu —jarraitu zuen nire erantzunari jaramon egin gabe— haserretu ere egin naitekeela zure susmo horiengatik? Zer nolako ustea daukazu nitaz? Holaxe maite al nauzu?

        — Maite zaitut —erantzun nuen lañoki—, baina beldurrez nengoen ez ninduzula maite.

        — Maite ez zaitudalako frogarik eman al dizut orain arte?

        — Ez, baina inoiz ez da jakiten.

        — Begira —esan zuen tupustean—, erabat umore txarrez jarri nauzu, eta oraintxe lagunduko zaitut estudiora—. Eta autoa piztekoa egin zuen.

        Ikaratuta, besoak lepo ingurura jaurti nizkion, arren eginez: — Ez, ez zaitez mindu, esateagatik esan dut..., esan ez banu bezala.

        — Gauza batzuk esaten direnean, pentsatu ere egiten dira..., eta pentsatzen badira, maitasunik ez dagoela esan nahi du.

        — Baina nik maite zaitut.

        — Nik ez —esan zuen berak eztenka—, nik, esaten duzun bezala, zurekin ongi pasa eta gero azak ematea pentsatu dut beti..., harrigarria, alajaina, orain arte itxaron baduzu horretaz konturatzeko!

        — Baina Gino, zergatik hitz egiten didazu horrela? —oihukatu nuen, negarrari emanez—. Zer egin dizut?

        — Ezer ez —erantzun zuen autoa martxan jarriz—, baina orain estudiora lagunduko zaitut.

        Autoak abiadura hartu zuen, Gino serio eta gogor zihoan bolantean; eta ni negar batean hasi nintzen, zuhaitzak eta kilometroen mugarriak kristal atzean desfilatzen, eta hiriko lehen etxeen perfila zerumugan azaltzen ikusiz, soro-zelaietatik harantzago. Ama pozez zoratu egingo zen, pentsatu nuen, gure sesioaren berri entzutean eta Ginok, berak iragarri bezala, abandonatu ninduela jakitean; eta, etsipenak bultzaturik, atea ireki eta, gorputza kanporantz atereaz, oihu egin nuen: — Geratu, edo neure burua bota egingo dut.

        Begira geratu zitzaidan, autoak abiada moteldu zuen eta gero, alboko bidezidor batetik biratuz, gailurrean hondakin batzuk zituen mendixka baten atzean geratu zen. Ginok motorra itzali, frenoa ipini, nire aldera bueltatu eta ezin eramanez esan zuen: — Orduan, tira ba..., hitz egin.

        Benetan utzi nahi ninduela uste nuen eta su eta gar hasi nintzen hizketan, gaur egun, horretaz gogoratzean, barregarria eta hunkigarria iruditzen zaidan moduan. Zeinen maite nuen azaltzen nion; esan ere esan nion ez zitzaidala piperrik ere axola elkarrekin ezkontzea, aski izango nukeela bere maitale izatearekin. Bera adi zegoen, aurpegia goibelduta, burua mugituz eta noizean behin esanez: — Ez... Ez, gaurkoz nahikoa da..., biharko pasa egingo zait, beharbada—. Baina bere maitalea izatea nahikoa nuela esan nionean, tinko ihardetsi zidan: — Ez, ezkondu edo ezer ez—. Eztabaidan egon ginen horrela, denbora luzean; eta hainbat aldiz, bere koherentzia gaiztoaz, etsiarazi eta malko gehiago isurarazi zizkidan. Gero, gutxika-gutxika, bere jokabide urrikalgaitza aldatu zen, itxuraz; eta, azkenerako, hainbat aldiz alferrik musu eman eta laztandu ondoren, garaipen handi bat lortzen nuela iruditu zitzaidan, aurreko eserlekuetatik jaitsi eta atzekoetan ni hartzeko konbentzitu nuelako, berari gustua emateko nire irrikagatik laburregi eta samintzeko bezain nekosoa iruditu zitzaidan besarkada deseroso batean lotu ginelarik. Konturatu beharko nuen jokamolde horrekin ez nuela inolako garaipenik lortzen; aitzitik, areago jartzen nintzela bere mende, besteak beste neure burua berari emateko prest azaltzen nintzelako, maitasun hutsak bultzaturik ez ezik, baita bera biguntzeko eta hitzak aski ez zirenean konbentzitzeko ere, horixe baita maite duten emakume guztien jarrera, benetan maite ote dituzten seguru ez dakitenean; baina itsutuegi nengoen bere faltsukeriak onartzen zion jokabidearen bikaintasunarekin. Beti egin eta esaten zituen, hain zuzen ere, esan eta egin behar zituen gauzak; eta ni, eskarmentu gabea izanik, ez nintzen ohartzen bikaintasun hori areago zegokiola eraikia neukan maitalearen irudi arruntari, parean neukan gizonari baino.

        Baina ezkontzeko eguna finkatuta zegoen, eta berehala hasi nintzen prestakizunez arduratzen. Ginorekin batera erabaki nuen hasieran behintzat amarekin biziko ginela. Egongela, sukaldea eta logelaz gain, pisuan bazegoen beste laugarren gela bat, amak, dirurik ez zela eta, inoiz jantzi ez zuena. Hondatuta eta ezin erabiltzeko moduan zegoen arropa geneukan han, gure etxean denak hondatuta eta ezin erabiltzeko modukoa zirudien arren. Eztabaida ugariren ondoren, gutxienezko egitarau batera iritsi ginen: gela hura jantzi egingo genuen, eta nik arrio pixka bat egingo nuen. Ama eta biok oso pobreak ginen; baina banekien amak aurrezkiren batzuk bazituela; eta sos haiek niretzat bildu zituela banaka-banaka, berak esan ohi zuen bezala, edozer gerta ere, horri aurre egiteko. Zer gerta zitekeen, bestalde, ez zegoen oso argi; baina ez, noski, etorkizun badaezpadakoa zuen gizon pobre batekin ezkontzea. Amarengana joan eta honela esan nion: — Gordeta daukazun diru hori niretzat aurreztu duzu, ezta?

        — Bai.

        — Ba, ni zoriontsu izatea nahi baduzu, eman orain Gino eta biok biziko garen gela jartzeko... Egia bada niretzat gorde duzula, orain da erabiltzeko ordua.

        Errieta egingo zidala, eztabaidan hasiko ginela eta azkenik ukatuko zidala espero nuen. Aldiz, amak patxada handiz hartu zuen nire eskaria, Ginoren landetxera egin nuen bisitaren ondoren hainbeste nahastu ninduen lasaitasun maltzur hura berriz azalduz. — Eta berak ez al din ezer emango? —esan zuen, besterik ez.

        — Emango du, noski —esan nuen gezurretan—, esan du..., baina neuk ere nire partea jarri behar dut.

        Leiho ondoan josten ari zen eta, niri hitz egiteko, lana eten egin zuen. — Hoa nire gelara —esan zuen—, ireki armairuko lehen tiradera..., kartoizko kaxa bat zegon..., han zeuden aurrezki libreta eta urrezko gauzak...; hartu libreta eta urrezko gauzak ere..., erregalatzen dizkinat.

        Urrezko gauzak gutxi ziren: eraztun bat, belarritako pare bat eta katetxo bat. Baina, neskatila nintzenetik, altxor eskas hark, piltzarren artean ezkutatu eta aparteko abagunetan justu-justu ikusiak, irudimena piztu zidan. Besarkada sutsua eman nion amari. Berak atzera bota ninduen, erdeinurik gabe baina hotz, eta esanez: — Kontuz..., jostorratza zeukanat..., ziztatu egingo haut.

        Baina ez nengoen pozik. Ez zitzaidan aski nahi nuen guztia eta gehiago ere lortu izana; ama zoriontsua izatea nahi nuen, ni bezala. — Baina ama —esan nuen—, nire gogoa betetzeagatik egin behar baduzu, ez dut ezer ere nahi.

        — Jakina, beraren gogoa betetzeagatik behintzat ez dinat egiten —erantzun zuen berak berriz josten hasirik.

        — Benetan ez duzu sinesten —galdetu nuen eztiki— Ginorekin ezkonduko naizenik?

        — Ez dinat inoiz ere sinetsi, eta gaur gutxiago inoiz baino.

        — Orduan zergatik ematen didazu dirua gela jartzeko?

        — Hori ez dun alferrik botatako dirua, beti geratuko zaizkin altzariak eta izarak..., gauzak edo dirua, berdin dun.

        — Eta ez zara etorriko nirekin dendetan aukeratzera?

        — Mesedez —egin zuen oihu—, ez dinat ezer jakin nahi..., egin ezazue zuek, zoazte zuek, aukeratu zuek..., ez dinat ezer jakin nahi.

        Benetan gozagaitza zen nire ezkontzaren kontuarekin; eta ondo ulertzen nuen bere gozagaiztasun hori ez zetorrela Ginoren jokabide, izaera edo on-gaitzetatik, bizitza ikusteko bere modutik baizik. Ez zegoen inolako erdeinurik amaren jarrera horretan, ohiko pentsamolde arruntak azpikoz gora jarri beharra besterik ez. Beste emakumeek beren alabak ezkontzea espero izaten dute lehia handiz; amak, ordea, aspalditik eta lehia berberaz, ni ez ezkontzea espero zuen.

        Horrela, isilpeko apustu moduko bat zegoen ama eta bion artean: berak ni ez ezkontzea eta bere asmoak onak zirela konbentzitzea nahi zuen; nik, ordea, ezkondu eta ama nire pentsabidea zuzena zela konturatzea nahi nuen. Indar handiagoz heldu nion, beraz, ezkontzeko itxaropenari; ia nire bizitza guztia karta batean jartzen nuelakoan, etsi-etsian. Denbora guztian, saminez sentituz amak etsaikiro nire ahaleginak zelatatu eta porrot egitea espero zuela.

        Hemen gogorarazi behar dut berriro ere Ginoren bikaintasun madarikatu hura ez zela gezurtatu ezta ezkontzeko gure prestakizunekin ere. Ginok gastuetan lagundu egingo zuela esan nion amari; baina gezurra esan nuen, egun hartara arte Ginok ez zuelako inoiz aipatu ere. Harrituta geratu nintzen, eta aldi berean ikaragarri poztu, Ginok, nik horrelakorik eskatu gabe, diru kopuru txiki bat eskaini zidanean laguntzeko. Kopurua txikiagatik barkatzeko eskatu zuen, esanez gehiagorik ezin zuela eman, sarritan dirua bidali behar zielako etxekoei. Gaur, bere eskaintza hartaz pentsatzen dudanean, azalpen bat baino ez dut aurkitzen, alegia jokatzea erabaki zuen paperarekin azkeneraino zintzoki eta ez erabat atseginik hartu gabe portatu nahi zuela. Zintzo portatu, beharbada, engainatzen ninduelako damuturik, eta nahigabeturik, orduan nahi izango zukeen bezala, nirekin ezkontzeko moduan ez zegoelako. Garailearen pozaz, segituan aditzera eman nion amari Ginoren eskaintza. Oso urria zela ohartaraztera mugatu zen bera: bere poltsikoa kolokan jartzeko nahikoa ez, baina bai ni itsutzeko.

        Hura oso garai zoriontsua izan zen nire bizitzan. Egunero aurkitzen nintzen Ginorekin eta ahal genuen tokian maite genuen elkar: automobileko atzeko eserlekuan, edo zutik kale bakarti bateko kantoi ilunean, edo hiritik kanpo, belardi batean, edo berriro ere Ginoren gelan, landetxean. Etxera lagundu ninduen batean, eskaileraburuan egin genuen amodioa, pisuko ate aurrean, ilunpean, lurrean etzanik. Beste behin zineman egin genuen amodioa, atzeko eserlekuetan kukubilkatuta, proiekzio kabinaren azpi-azpian. Atsegingarria gertatzen zitzaidan berarekin tranbietan eta leku publikoetan jende artean sartzea, jendeak bultzatzen ninduelako eta nik aprobetxatzen nuelako nire gorputza berearen kontra estutzeko. Etengabe, berari eskutik heltzeko beharra sentitzen nuen, edota hatzak ile artetik pasatzeko edo beste edonola laztantzeko, edonon, baita aurrean beste pertsona batzuk zeudela ere; ia nitaz inor konturatzen ez zelakoan, ezin menderatuzko grina bati amore ematen zaionean beti gertatzen den bezala. Maitasuna mugarik gabe atsegin zitzaidan, eta agian maitasuna bera maiteago nuen Gino bera baino, maitasuna egiteko beharra sentitzen nuelako ez bakarrik Ginorekiko neukan sentimenduagatik, baizik eta, baita ere, horrek ematen zidan plazeragatik. Jakina, ez nuen pentsatzen plazer berbera jaso ahalko nuenik Ginorekin ez beste gizon batekin. Baina konturatzen nintzen, halako modu ilun batean, laztan haietan jartzen nituen garra, ganora eta grina ez zirela azaltzen gure maitasunarekin bakarrik. Berezkoak ziren, joera bat ia, nola edo hala, Ginorekikoa gertatu ez balitz ere, berandu gabe azalera irtengo zena.

        Baina ezkontzeko ideiak gaina hartzen zien beste guztiei. Sosak irabazteko, ahal baino gehiago laguntzen nion amari eta askotan berandu arte geratzen nintzen lotara joan gabe. Egunez, estudioetan posatzen ez nuenean, dendarik denda ibiltzen nintzen Ginorekin, altzariak eta arrioko gauzak aukeratzeko. Diru gutxi neukan gastatzeko eta, horrexegatik hain zuzen, askoz ardura eta zuhurtasun handiagoz bilatzen nuen. Ongi jakin arren gauza batzuk ezin nituela erosi, horiek ere erakusteko eskatzen nuen, eta denbora luzean egoten nintzen haiek aztertzen, haien balioaz eztabaidatuz eta prezioarekin gorabeheretan ibiliz; baina gero, gustura ez nengoela azalduz edo hurrengo batean itzuliko nintzela aginduz, ezer erosi gabe alde egiten nuen. Ez nintzen konturatzen, baina dendetan egiten nituen sartu-irten gogotsu haiek, debekatuta neuzkan objektuak lehiaz aztertu behar horrek, nahitaez eramaten ninduten amaren esanak egiazkoak zirela aitortzera: hau da, dirurik gabe, zorion gutxi eduki daitekeela. Landetxea bisitatu ondoren, aberastasunaren paradisua begiz jotzen nuen bigarren aldia zen eta, nik errurik eduki gabe handik kanpo sentitzen nintzenez, saminez eta asaldaturik nengoen. Baina, landetxean egin nuen bezala, bidegabekeria amodioaz ahazten saiatzen nintzen. Nire luxu bakarra zen eta ni baino aberats eta zorionekoagoak ziren beste hainbat emakumeren pare sentitzen uzten zidan amodio hartaz.

        Azkenik, dezente eztabaidatu eta dezente bilatu ondoren, nire erosketak egitera deliberatu nintzen, apal askoak izan baziren ere; eta epeka ordaintzekotan, dirua ez zelako nahikoa, gela oso bat erosi nuen, taxuera modernokoa: senar-emazteentzako ohea, komodina ispilu eta guzti, mesanotxeak, aulkiak eta armairua. Nahiko gauza arruntak ziren, prezio gutxikoak eta ez oso itxura finekoak; eta ez da sinestekoa zeinen grina handia hartu nien berehala nire altzari pobre haiei. Gelako paretak karez zuritu, ate-lihoak bernizatu eta lurra lixatu arazi nituen, halatan non gure gela garbitasun uharte bat baitzen etxearen itsaso zikinean: altzariak hara eraman zizkidaten eguna, nire bizitzako ederrenetako bat izan zen, zalantzarik gabe. Ia sinetsi ezinik nengoen hura bezalako gela bat neukanik, garbia, txukuna, argia, karez eta bernizaz usaintsu; eta sinestezin horri halako bozkario bat nahasten zitzaion, agortezina itxuraz. Batzuetan, ama begira ez nuela seguru nengoenean, gelara joan, oheko koltxoi biluziaren gainean eseri eta han geratzen nintzen, hainbat ordu luzez, ingurura begira. Estatua bat bezain geldirik, nire altzariei begiratzen nien, han zeudela sinetsi ez, edo une batetik bestera desagertu eta paretak hutsik geratuko ez ote ziren beldur egon banintz bezala. Edo bestela, jaiki eta zapi batez, maitasunez, hautsa kendu eta distira ateratzen nion egurrari. Sentimenduei nire burua menderatzen utzi izan banie, musu eman ere egingo niela uste dut. Leihoak, gortinarik gabe, gurea bezalako beste etxe txiki eta luze batzuek inguratzen zuten patio zabal eta zikin batera jotzen zuen. Lazaretxe edo presondegi bateko patiora begiratzen zuela zirudien, baina nik, ordurako liluratuta, ez nuen ikusten, nolabait esateko; eta pozik sentitzen nintzen, gelak zuhaitzez beteriko lorategi eder batera jo izan balu bezala. Han barruko gure bizitza, Ginorena eta biona, imajinatzen nuen: nola egingo genuen lo, nola maiteko genuen elkar. Aldez aurretik gozatzen nituen ahal bezain laster erosi nahi nituen beste objektuak: lore ontzi bat hemen, argi bat han, harantzago hautsontzi bat edo beste edergarri bat. Nire nahigabe bakarra bainugela bat ezin egitea zen, landetxean ikusi nuen portzelanaz eta iturriz zuri eta distiratsu hura bezalakoa ez bazen ere, bai behintzat berria eta garbia. Nire gela txukun-txukun eta garbi-garbi edukitzea erabakia nuen. Landetxera eginiko bisitalditik konbentzituta atera nintzen txukuntasun eta garbitasunarekin, hain zuzen ere, hasten dela luxua.

 

 

 

© Alberto Moravia

© itzulpenarena: Koldo Biguri

 

 

"Alberto Moravia / Erromako emakumea" orrialde nagusia