BIGARREN ATALA

 

        Modeloa izaten jarraitu nuen, beraz, nahiz eta amak marmar egiten zuen, gutxiegi irabazten nuela iruditzen zitzaiolako. Ama aldarte txarrez egoten zen beri garai hartan; eta, aitortzen ez zuen arren, banekien neu nintzela tenple txar horren arrazoi nagusia. Esan dudan bezala, bere uste osoa jarria zuen nire edertasunean ez dakit zein fortuna eta ondorio onetarako; modelo lana lehen maila besterik ez zen berarentzat, haren ondoren, esan ohi zuen bezala, gauza batek bestea ekarri behar baitzuen. Modelo apal izaten geratzen nintzela ikusita, mingostu eta ia haserretu egin zitzaidan; nire gutizia eskasarekin, irabazi segurua eskutik kendu banio bezala. Ez zidan esaten zer pentsatzen zuen, jakina, baina bere hitz gogorrez, hitz erdiz, hasperen, begirada malenkoniatsu eta antzeko beste jokamolde batzuen bidez ematen zidan aditzera. Etengabeko xantaia bat bezala zen; eta orduan ulertu nuen zergatik neska askok, ama etsitu eta handinahiekin nire antzera etengabe aspertu ondoren, azkenik etxetik ihes egin eta azaltzen den lehenengoari eskaintzen dioten beren burua, oinaze hura gehiagotan ez pairatzearren. Esan beharrik ez, maite ninduelako jokatzen zuen amak horrela; baina halako etxekoandre batzuek arrautzak erruten dituen oiloa maite duten bezalaxe zen; hau da, arrautzarik ez badu ematen, ukitzen eta pisatzen hasten dira, bai eta pentsatzen ere ez ote den hiltzea komeni.

        Zeinen ezjakinak eta zeinen eraman handikoak garen oso gazteak garenean! Nik, orduan, bizimodu ikaragarria neukan, eta konturatzen ez. Estudioetako pose-aldi luze, nekagarri eta aspergarrien ordainetan eskuratzen nuen diru guztia amari ematen nion zintzo-zintzo; eta pintatu eta marrazten ninduten bitartean biluzik, gorputz osoa gogortuta eta minberatuta nuela igarotzen ez nuen denbora josteko makinan ematen nuen, bizkarra makurtuta eta begiak orratzari tinko, edota amari bere eginbeharretan laguntzen. Josten harrapatzen ninduen gauak ere, eta goizean goiz jaikitzen nintzen, estudioak urrun zeudelako eta pose-aldiak oso goiz hasten zirelako. Baina lanera abiatu aurretik ohea egiten nuen eta etxea txukuntzen laguntzen nion amari. Nekaezina nintzen benetan, esanekoa eta eraman handikoa; eta, aldi berean, barne lasaia neukan, alaia eta barea, nire ariman ez zegoen bekaitzik, gorrotorik edo jelosiarik, eta bai ordea gaztaroaren berezko lore diren eztitasuna eta gibel-asmorik gabeko esker ona. Ez nintzen konturatzen etxean jasaten genuen urritasunaz: egongela luze-zabal eta biluzi bat, lanerako erabiltzen zena, erdian mahai handi bat, oihal pusketaz estalia, beste oihal pusketa batzuk iltzeetatik eskegita pareta dun eta zartatu batzuetan, eta aulki bakan batzuk han eta hemen; logela bat, senar-emazteentzako ohe batekin, nik eta amak elkarrekin lo egiteko; ohe gainean bertan hezetasun arrasto zabal bat zeukan sabaiak, eta eguraldi txarra egiten zuenean euri tantak erortzen zitzaizkigun gainera; sukalde txikia, belztua, amak, zabar samarra izanik, inoiz ondo eta erabat garbitzen ez zituen platera eta lapikoz betea. Ez nintzen konturatzen amaren sakrifizioaz, dibertsiorik, amodiorik, maitasunik gabe bizi baitzen. Neskatila nintzen garai hartaz, nire onberatasun eta lañotasunaz gogoratzen naizenean, neure buruaz errukitzeko behar handia besterik ezin dut sentitu, ezinean eta aldi berean goibel sentitzen naiz, halako nobela batzuetan atsegin dugun pertsonaia bati ezbeharrak gertatzen zaizkiola irakurri, nahigabe horietatik libratu nahi eta ezin dugula dakigunean bezala. Baina hala da; gizon-emakumeek ez dakite zer egin onberatasunarekin eta lañotasunarekin; eta hau ez da, beharbada, bizitzako misteriorik txikiena: naturak emandako tasunak dira, denok hitzez goraipatu bai, baina gero, ordea, zorigaitza ugaltzeko baino balio ez dutenak.

        Garai hartan, ezkondu eta familia bat osatzeko nire asmoak egunen batean bete ahalko nituela iruditu zitzaidan. Goizero tranbia hartzen nuen etxetik ez oso urrun zegoen plaza batean, non, beste eraikin batzuen artean, altuera gutxiko eraikuntza luze bat ikusten baitzen harresietara atxikirik, automobilak gordetzeko erabiltzen zena. Ordu hartan, gizon gazte bat egon ohi zen beti autotegiko ate ondoan, bere autoa garbitu eta konpontzen; beti-beti begiratzen zidan. Beltzarana zeukan aurpegia, fina eta bikaina, sudurra zuzen eta txikia, begiak beltz, ahoa ezin hobeki marraztua, hortzak zuri. Orduan modan zegoen aktore amerikar baten antz handia zeukan eta horregatik jo nuen begiz eta, gainera, hasiera batean, ez nuen benetan zen bezalako pertsonatzat hartu, ongi jantzita zegoelako eta gizalegez eta jendetasuna erakutsiz jokatzen zuelako. Autoa berea zela imajinatu nuen, eta bera bizibide oneko gizona zela, amak hainbestetan aipatzen zizkidan jaun horietako bat. Gustatzen zitzaidan, nolabait; baina ikusten nuenean baino ez nuen berataz pentsatzen; gero estudioetara joan eta ez nuen gehiago gogoratzen. Baina, antza, ni ohartu gabe, begirada hutsekin liluratu ninduen; baina goiz haietako batean, geralekuan tranbiaren zain nengoela, katuei hots egiteko erabiltzen den soinuaz hots egiten zidatela entzunik, buelta eman eta autoaren ondotik hurbiltzeko keinua egiten zidala ikusi nuenean, une bakar batez ere ez nuen zalantzarik izan eta, miretsi ninduen otzantasun hausnartugabe batez abiatu nintzen beragana. Berak area ireki eta, barrura sartu nintzenean, leihatilako kristalean jarria zuen eskua handia eta zaildua zela ikusi nuen, azkazalak hautsita eta beltzak zituela, eta hatz erakuslea nikotinaz horizkatuta, eskulanetan jarduten duten gizonen antzera. Baina ez nuen ezer esan eta berdin sartu nintzen barrura.

        — Nora eramango zaitut? —galdetu zuen, atea ixtean.

        Estudio baten helbidea esan nuen. Ahots gozoa zuela ohartu nintzen, eta nire gustukoa iruditu zitzaidan, nahiz eta zerbait faltsu eta azal hutsekoa zeukala sentitu. Berak, orduan: — Zera, buelta bat emango dugu..., goiz da..., gero lagunduko zaitut nahi duzun lekura—. Autoa abiatu egin zen.

        Nire auzotik irten ginen, hiriko errebalean dagoen harresien inguruko etorbidetik; alboetan etxe ziztrinak eta almazenak zituen bide batetik ibili ginen, eta gero, azkenik, landetatik. Han, zoro baten antzera hasi zen abiada bizian, bi platano arbola lerroren arteko bide zuzen batetik. Noizean behin hizketan hasten zen, nire aldera bueltatu gabe, kilometro-kontagailua seinalatuz: — Orain laurogeian goaz..., laurogeita hamarrean..., ehunean..., ehun eta hogeian..., ehun eta hogeita hamarrean...—. Zirrara eragin nahi zidan abiadurarekin; baina ni kezkatuta nengoen, posatzera joan behar nuelako, eta edozer gertatu eta autoak soro artean gelditu beharko ote zuen beldur nengoelako. Halako batean, kolpetik galgatu, motorra itzali eta nire aldera bueltatu zen: — Zenbat urte dauzkazu?

        — Hemezortzi urte dauzkat —erantzun nuen.

        — Hemezortzi urte..., gehiago uste nuen. —Zeremoniazko ahotsa zeukan benetan; batzuetan, hitzen bat azpimarratzeko, moteldu egiten zuen, bere buruari hitz egin edo sekretu bat esan balu bezala. — Eta nola duzu izena?

        — Adriana..., eta zuk?

        — Gino.

        — Eta zer egiten duzu? —galdetu nuen.

        — Saltzailea naiz —erantzun zuen zalantzarik gabe.

        — Eta zurea al da auto hau?

        Berak destainaz bezala autoari begiratu eta: — Bai, nirea da —esan zuen.

        — Ez dizut sinesten —esan nuen zintzoki.

        — Ez didazu sinesten..., polit horrek —errepikatu zuen asaldatu gabe, ahotsa apalduz, doinu harritu eta burlazkoaz—; eta zergatik, polit hori?

        — Txoferra zara.

        Berak are gehiago nabarmendu zuen bere burlazko harridura: — Gauza benetan harrigarriak esaten dizkidazu..., hara, hara, hata... ! txoferra...; eta zer dela eta pentsatzen duzu hori?

        — Zure eskuengatik.

        Eskuei begiratu zien, ez gorritu, ez nahastu gabe, eta esan: — Tira, andereñori ezin zaio ezer ezkutatu..., begi zorrotza duzu gero..., txoferra naiz, egia da..., ongi dago horrela?

        — Ez, ez dago ongi —erantzun nuen gogor—; are gehiago, berehala hirira eramateko eskatzen dizut.

        — Baina zergatik? Saltzailea naizela esan dizudalako al zaude haserre?

        Benetan suminduta nengoen berarekin une hartan, neuk ere ez jakin zergatik, gogoz kontra ia. — Ez dezagun gehiago hitz egin horretaz..., eta eraman nazazu.

        — Txantxetan ari nintzen, ordea..., eta zer? Orain ezin al da txantxetan ibili?

        — Ez zaizkit atsegin horrelako txantxak.

        — Bai tenple txarra zurea!...; nik pentsatzen nuen: andereño hau, baliteke printzesaren bat ere izatea..., jakiten badu txofer gizajo bat baino ez naizela, ez dit gehiago begiratuko aurpegira..., saltzailea naizela esango diot.

        Oso zuhurrak ziren hitz horiek, ni losintxatu eta bide batez nireganako bere sentimenduak aditzera ematen zizkidatelako. Gainera, halako gatz eta halako harrotasunez esaten zituenez gero, erabat konkistatu ninduen. — Ez naiz printzesa bat... —erantzun nion—, modelo lanak egiten ditut bizitzeko..., zu txofertzan zabiltzan bezala.

        — Zer esan nahi du modelo lanak?

        — Pintoreen estudioetara joaten naiz, biluztu eta pintoreek pintatu eta marraztu egiten naute.

        — Baina amarik ba al duzu zuk? —galdetu zuen zeremonia handiz.

        — Bai horixe..., zergatik?

        — Eta zure amak uzten al dizu gizonen aurrean biluzik jartzen?

        Nik inoiz ez nuen pentsatu nire lanbidean zerbait txarrik zegokeenik, izan ere, ez baitzegoen; baina atsegingarria gertatu zitzaidan berak seriotasuna eta zentzu morala agertzen zituzten sentimenduak edukitzea. Esan dudan bezala, ni normaltasun egarriz nengoen eta berak, bere faltsukerian, ondo baino hobeto igarri zuen (orain ere ez dakit nola lortu zuen ulertzea) zer nolako gauzak esan behar zizkidan eta zeintzuk ez. Beste norbait izanez gero, ezin nuen bestela pentsatu, nitaz trufatuko zen edo ez dakit nolako kilika eta jakin-mina azalduko zituen nire biluztasunaz pentsatzean. Horrela, bere gezurrak burura ekarri zidan lehen ustea aldatu egin zen ni ohartzeke; eta pentsatu nuen amaren seme on bat izango zela, azken finean, serioa eta ondratua, nire ametsetan senar izateko nahiko nukeen gizona imajinatzen nuen bezalakoa, hain zuzen ere.

        — Amak berak aurkitu zidan lan hori —esan nion laño-laño.

        — Orduan, horrek esan nahi du ez zaituela maite.

        — Ez —protestatu nuen—, amak maite nau..., baina bera ere modelo ibili zen neska zenean..., eta gainera, zin egiten dizut ez dagoela ezer txarrik..., ni bezalako neska askok dute lan berbera eta neska zintzoak dira.

        Berak burua astindu zuen, arren eginez bezala, eta gero bere eskua jarriz nirearen gainean: — Badakizu pozik nagoela ezagutu zaitudalako..., oso pozik.

        — Ni ere bai —esan zuen txoro-txoroan.

        Une hartan berak erakarrita bezala sentitu nintzen, eta musu emango zidala espero izan nuen ia. Eta, egiatan, musu eman izan balit, ez nukeen protestatuko. Aldiz, ahots serioaz hitz egin zuen, babes zentzua emanez: — Nire eskuan balego, ez zinateke modelo lanetan ibiliko.

        Biktima sentitu nintzen; eta beraganako eskerrona sentitu nuen. — Zu bezalako neska batek —jarraitu zuen— etxean egon behar du, eta beharbada lan bat egiten..., baina lan ondratua..., bere ohorea sakrifikatzera behartuko ez duena..., zu bezalako neska batek ezkondu behar du, etxea gobernatu, familia eduki eta senarrarekin egon.

        Nik pentsatzen nituen gauzak ziren, hain zuzen, eta ez dakit nola esan zeinen pozik nengoen berak ere hala pentsatzen zuelako edo hala pentsatzen zuela zirudielako. Eta nik: — Arrazoia daukazu..., baina, dena dela, ez duzu gaizki pentsatu behar nire amaz..., maite nauelako nahi izan du ni modelo sartzea.

        — Ez du ba ematen —erantzun zuen seriotasun errukitu eta sumindu batez.

        — Bai, maite nau..., bakarrik, halako gauza batzuk berak ez ditu ulertzen.

        Horrela hitz egiten jarraitu genuen, parabrisako kristal atzean eserita, geldirik zegoen autoan. Maiatza zen, gogoratzen naiz, aire gozoa zegoen eta platano arbolen itzal jostariak ageri ziren errepidean, begiek eman ahaleko guztian. Ez zebilen inor, auto bakanen bat abiada bizian, besterik ez; eta inguru guztiko soro-zelaiak, berde eta eguzkiz beteak, hutsik zeuden haiek ere. Azkenik, berak erlojuari begiratu eta hirira itzuliko ninduela esan zuen. Denbora guztian behin baino ez ninduen ukitu, eta eskuan. Musu ematen behintzat saiatuko zela espero nuen, eta aldi berean etsituta eta pozik nengoen bere zuhurtziaz. Etsituta, gustatzen zitzaidalako eta, gainera, bere aho gorri finari begiratzen niolako liluraturik; pozik, nik uste nuena egiaztatzen zidalako, alegia gazte serioa, nik nahi nuen bezalakoxea zela.

        Estudioraino lagundu eta egun hartatik aurrera, tranbiaren geralekuan halako ordu batean aurkituz gero, beti lagunduko ninduela esan zidan, berak ordu horretan ez zuelako zereginik. Nik gustura onartu eta egun hartan pose-aldiko ordu luzeak arinak iruditu zitzaizkidan. Nire bizitzak zentzu bat aurkitu zuela iruditzen zitzaidan; eta pozik nengoen berataz suminik gabe eta damurik gabe pentsa nezakeelako, gorputzez nire gustukoa izateaz gainera, beharrezkotzat jotzen nituen nortasun ezaugarriak zituen pertsona zela.

        Amari ez nion ezer esan; beldur nintzelako, arrazoiz gainera, berak ez zuela onartuko gizon pobre eta etorkizun apaleko batekin lotzea. Biharamun goizean, agindu zuen bezala, ni hartzera etorri eta egun hartan zuzenean estudiora eramatera mugatu zen. Ondoko egunetan, eguraldia ona zenean, errebaleko edo hiritik kanpoko etorbideren batera eraman ninduen batzuetan, nirekin eroso hitz egin ahal izateko; baina beti begirune handiz, eta beti solas serio eta ondratuak eginez, nire gustukoak izateko apropos eginak. Ni oso sentimentala nintzen orduan; eta biziki hunkituta geratzen nintzen onberatasun, bertute, moraltasun eta famili maitasun zaporea zeukan edozerekin, negarrez hasteraino geratu ere, malkoak erraz ateratzen baitzitzaizkidan, kontsolamendu, atsegin eta konfiantza sentsazio mingarri eta hordigarri bat nire baitaratuz. Horrela, apurka-apurka, bera benetan ezin hobea zela pentsatzera iritsi nintzen. Eta egiatan, pentsatzen nuen batzuetan, zein akats zituen? Ederra zen, gaztea zen, bizkorra zen, ondratua zen, zintzoa zen, ezin zitzaion akatsik txikiena ere leporatu. Gogoeta horiek miretsi egiten ninduten, bai eta ia-ia beldurtu ere, perfekzioa aurkitzea ez delako egunero gertatzen den gauza. Zer nolako gizona da hau, galdetzen nuen neure artean, aztertu eta aztertu arren inolako akatsik, inolako hutsik ez baitzaio nabarmentzen? Egiatan, ohartzeke, berataz maitemindua nintzen. Eta gauza jakina da munstro bat ere liluragarri agertzen duen antiojo bat dela maitasuna.

        Hain maiteminduta nengoelarik, lehenengo aldiz musu eman zidan egunean, gure lehen elkarrizketa egin genuen etorbide berberean, arinduta bezala sentitu nintzen, jadanik helduta dagoen desio bat edukitzetik lehen aldiz asetzera berez igarotzen denean bezala. Hala ere, gure bi ahoak hain berez, hain eutsi ezinezko modu horretan aurkitzeak beldur apur bat eman zidan, pentsatu nuelako ordurako ez nintzela egiten nuenaren jabe, nire ekintzak beragana hainbesteko premiaz bultzatzen ninduen indar ezin gozoago eta indartsu haren menpe zeudela. Baina erabat seguru geratu nintzen, elkarrengandik banantzean handik aurrera senar-emaztegaiak izango ginela esan zidanean. Orduan ere, pentsatu nuen, arazorik gabe irakurri zituen nire barru-barruko pentsamenduak eta behar ziren hitz horiexek esan zituen. Halaxe uxatu zen lehen musuak piztu zidan beldurra; eta, errepidean geldirik egon ginen denbora guztian, inolako ardurarik gabe eman nion musu, abandonu sentsazio bete, indartsu eta bidezko batez.

        Geroztik hainbat musu eman eta jaso ditut, eta Jainkoak daki ez ote ditudan arimaz zein gorputzez parte hartu gabe eman eta jaso, mila eskutatik pasatako txanpon higatu bat eman eta jasotzen den bezala; baina beti gogoratuko dut lehen musu hura bere bizitasun ia mingarriagatik, bai baitzirudien hartan arnasa hartzen zuela, Ginoganako nire amodioak ez ezik, nire bizitza guztiko itxaronaldi batek ere. Gogoan dut mundua gure inguruan jira-biran balego bezala, eta nik zerua azpian eta lurra goian banitu bezala sentitu nintzela. Egiatan, apur bat makurtuta nengoen bere aho azpian, gure besarkada hobeto luzatzearren. Zerbait bizi eta freskoak jotzen eta bultza egiten zuen nire hortzetan eta, ireki nituenez gero, bere mihiak, hitzen gozoarekin nire belarria hainbat aldiz laztandu ondoren, orduan, isilka, nire ahoan sartuz, ezagutzen ez nuen beste gozotasun bat erakusten zidala sentitu nuen. Ez nekien horrela eta horren luzaz eman zitekeela musu, eta azkar asko geratu nintzen arnasarik gabe eta hain mozkorturik non, apartatu ginenean, eserlekuan bermatu bainintzen, begiak itxirik eta gogoa lainoturik, kordea galtzekotan bezala. Horrela, egun hartan jakin nuen munduan bazirela beste atsegin batzuk, familiartean bizimodu lasaiaz gozatzekoaz gainera. Baina ez nuen pentsatu atsegin horiek ordura arte nire helburu izan ziren beste normalago haiek baztertu behar zituztenik; eta, Ginok senar-emaztegaiak izateko hitza eman ondoren, seguru sentitu nuen geroan bai batzuk eta bai besteak batera dastatu ahalko nituela, ez bekaturik, ez eta damurik gabe.

        Bene-benetan nire jokamoldea zuzena eta bidezkoa zela uste nuenez gero, arratsalde hartantxe, antsia gehiegiz eta askotxo ederretsita beharbada, den-dena kontatu nion amari. Leiho ondoan josten ari zela aurkitu nuen, pantailarik gabeko lanparatxo baten argi itsugarriarekin. Aurpegia sutan nuela esan nion:

        — Ama, senargaia daukat.

        Atsekabe zimiko batez, bekozko iluna jarri zuela ikusi nuen, bizkarrezurretik behera ur izoztu xurrut bat irrist egiten sentitzen duenaren antzera. — Eta nor dun?

        — Egun hauetan ezagutu dudan mutil bat.

        — Eta zertan lan egiten din?

        — Txofertzan.

        Beste zerbait gaineratu nahi izan nuen, baina ez nuen astirik izan. Amak makina geratu, aulkitik altxatu eta ileetatik heldu zidan. — Mutil batekin hasi haiz..., eta niri ezer esan ez..., eta txofer batekin, gainera..., ai ene!..., hilko naun!—; hori esanez batera belarrondokoak eman nahi zizkidan. Ni ahal bezala babesten nintzen eskuekin, eta azkenik ihes egin nion, baina atzetik segitu ninduen. Gela erdian zegoen mahaiari bira eman nion, bera atzetik nuela, oihuka eta ernegatuz. Ni guztiz ikaratuta nengoen bere aurpegi meharragatik, niregana luzatzen baitzuen nolabaiteko amorru mingarri batez. — Hilko haut —egiten zuen oihu—, oraingo honetan hilko haut—; eta bazirudien «hilko haut» bakoitzarekin bere herioa hazi eta mehatxu hura eraginkorrago bihurtzen zela. Ni mahai buruan geratzen nintzen, bere mugimenduei adi, banekielako une haietan ez zela bere buruaren jabe eta benetan gauza zela, ni hiltzeko ez bada justu-justu, bai behintzat eskura egokitzen zitzaion lehen objektuarekin zauritzeko. Eta, izan ere, halako batean guraize handiak, jostekoak, hartu zituen, eta justu-justu izan nuen apartatzeko denbora; guraizeek hegan atera eta paretaren kontra jo zuten. Ikaratuta geratu zen egin zuenarekin; eta, bat-batean, mahai ondoan eseri zen, aurpegia esku artean ezkutaturik, eta urduri eta zotinka negarrari eman zion, mina baino areago amorrua gozatzeko, nonbait. Eta malko artean: — Eta nik hainbeste asmo eder eduki hiretzat!..., aberasten ikusten hindudan..., hire edertasunarekin..., orain ordea senargai arlote batekin hasi haiz.

        — Baina ez da arlote bat —moztu nuen lotsaz.

        — Txoferra —errepikatu zuen bizkarra jasoz—, txoferra..., koitadu bat haiz, eta nik bezala amaituko dun—. Poliki esan zituen hitz hauek, haien mingostasuna dastatuz bezala. Eta handik gutxira: — Ezkonduko zarete, bere neskamea izango haiz, eta gero hire seme-alaben neskamea..., holaxe amaituko dun.

        — Autoa erosteko adina diru daukanean ezkonduko gara —esan nuen Ginoren asmoetako bat iragarriz.

        — Hik ikusiko dun... Baina ez hona ekarri —oihu egin zuen, halako batean, niregana aurpegi negartsua jasoz—, ez hona ekarri..., ez dinat ikusi nahi..., nahi dunana egin ezan, ikusi kanpoan..., baina ez hona ekarri.

        Gau hartan afaldu gabe oheratu nintzen, oso triste eta oso atsekabetuta. Baina konturatzen nintzen amak maite ninduelako jokatzen zuela hala, eta halako asmo batzuk bazituela nire etorkizunerako, Ginorekin ezkongaietan hasteak hankaz gora botatzen zizkionak. Gero, beranduago, amaren asmo horiek zeintzuk ziren jakin nuenean ere ez nintzen sentitu ama gaitzesteko indarrez. Berak saminak, nekeak eta miseriak baino ez zituen jaso bere bizimodu ondratu eta langilearen ordainetan. Harritzekoa al zen alabarentzat guztiz bestelako fortuna espero izatea? Esan behar dut, gainera, asmo egiazko eta benetakoak baino areago, amets lauso eta distiragarriak izango zirela, beharbada, beren lausotasun eta distiragatik hain zuzen ere, damu gehiegirik gabe eduki zitezkeenak. Baina hori nire ustea da; eta beharbada, aldiz, amak, bere kontzientziaren aspaldiko nahasmenduan, benetan erabakia zuen gerora, zoritxarrez, hartuko nuen bidetik zuzenduko ninduela. Gauza hauek ez ditut esaten amarekin arranguratuta nagoelako, baizik eta oraindik ere ez dakidalako ongi berak zer pentsatzen zuen orduan; eta nire eskarmentuak irakatsi didalako aldi berean gauzarik desberdinenak senti eta pentsa daitezkeela haien kontraesanaz konturatu gabe eta guztien artetik bat aukeratu gabe.

        Zin egin zuen ez zuela ikusi nahi, eta halako denbora batez errespetatu nuen bere nahia. Baina bazirudien Gino, lehen musu haien ondoren, gauzak behar bezala —berak hala esaten zuen— egiteko irrikatan zegoela; eta egunero-egunero esaten zuen amari aurkeztu behar niola. Ez nintzen ausartzen esatera amak ez zuela ikusi nahi haren lanbidea umilegia iruditzen zitzaiolako; horrela, hainbat aitzakiarekin, lehen presentazioa atzeratzen ahalegintzen nintzen. Azkenik, Ginok zerbait ezkutatzen niola ulertu zuen; eta hainbeste estutu ninduenez gero, egia azaldu behar izan nion: — Amak ez zaitu ikusi nahi; jaun batekin ezkondu beharko nukeela dio, eta ez txofer batekin.

        Autoan geunden, errebaleko betiko etorbidean. Aurpegi minduaz begiratu zidan eta hasperen egin zuen. Ni hain liluratuta nengoen berarekin, non ez bainintzen ohartu zenbaterainoko faltsukeria zegoen bere min horretan. — Begira zer den pobre izatea! —esan zuen zeremonia handiz. Eta isilik geratu zen une luze batez.

        — Nahigabetzen al zaitu horrek? —galdetu nion azkenerako.

        — Umiliatuta sentitzen naiz —erantzun zuen burua astinduz—; nire lekuan, beste batek ez zuen eskatuko presentazioa egiteko, ez zuen tutik ere esango ezkongaietan hasteaz... Joan eta egin itzazu gero gauzak behar den bezala!

        — Eta zer inporta dizu horrek? —esan nuen—. Maite zaitut...! nahikoa da hori.

        — Sos mordoarekin aurkeztu behar nuen —jarraitu zuen—, ezkontzeaz hitz egin gabe..., eta zure amak pozarren onartuko ninduen orduan.

        Ez nintzen ausartu kontrakorik esatera; banekien, jakin ere, egia hutsa esaten ari zela. — Badakizu zer egingo dugun? —jarraitu nuen handik gutxira—. Egun hauetako batean amagana eramango zaitut, berak ezer jakin gabe..., nahitaez ezagutu beharko zaitu..., ezin itxiko ditu begiak.

        Finkatutako egunean, arratsaldez, erabaki genuen bezala, egongelan sartu nuen Gino. Amak lana amaitu berria zuen orduan eta erdiko mahaiko muturretan zeudenak jasotzen ari zen, mahaia jartzeko. Ginoren aurretik sartuta, honela esan nuen: — Ama, hau Gino da.

        Sesio bat espero nuen; eta jakinaren gainean jarri nuen Gino. Baina, niretzat ustekabean, amak «Zer moduz?» esan zuen, lehor, begirada bat eginez behetik gora. Gero egongelatik irten zen.

        — Ongi joango dira gauzak, ikusiko duzu —esan nion Ginori. Beragana ondoratu nintzen eta, ahoa hurbilduz, erantsi: — Eman musu.

        — Ez, ez —ihardetsi zuen berak ahapeka, atzera eraginez—, zure amak arrazoia izango luke nitaz gaizki pentsatzean...

        Beti asmatzen zuen esan behar zituenak esaten, eta behar zen unean esaten zituen, esan ere. Derrigorrez onartu behar izan nuen arrazoia zuela. Ama berriz sartu eta, Ginori mola ere begiratu gabe esan zuen: — Jateko, birentzat bakarrik zegon, egia esan..., ez didan ezer esan..., baina aterako naun eta...

        Ezin izan zuen amaitu. Ginok aurrea hartu eta moztu egin zion: — Mesedez..., ez naiz etorri zuk afaltzen emateko..., utziko didazu gonbidatzen, zu eta Adriana.

        Zeremoniaz hitz egiten zuen, ongi hazitako pertsonek egiten duten bezala. Ama ez zegoen ohiturik inork berarekin era hartan hitz egiten ez eta gonbidatua izaten ere, eta une batez zalantzan geratu zen, niri begira. — Nik behintzat, Adrianak nahi badu...

        — Hemen ingurura joan gaitezke, tabernara —proposatu nuen.

        — Nahi duzuen lekura —onartu zuen Ginok.

        Amak amantala kentzera zihoala esan eta gu bakarrik geratu ginen. Halako poz xalo batez beterik nengoen, iruditzen zitzaidalako ez dakit zein batailatan garaile irten nintzela; baina egiatan komedia bat zen erabat, eta neu nintzen paperik jokatzen ez zuen bakarra. Ginorengana hurbildu eta, berak atzera bultzatu baino lehen, musu eman nion kementsu. Musu hartan aditzera ematen ziren hainbeste egunez oinazetu ninduen antsiaren ondorengo lasaitua, orduan ezkontzeko bidean oztoporik ez zelako ustea eta Ginorenganako eskerrona, amarekin kortesiaz portatu izanagatik. Ez neukan gibel asmorik, oso-osorik nengoen han, nire ezkontzeko nahiarekin, Ginoganako amodioarekin, amaganako maitasunarekin, zintzo, sineskor eta armagabe, hemezortzi urterekin izan daitekeen bezala, artean etsipenak arima ukitu ez duelarik. Geroago bakarrik ulertu nuen xalotasun hau oso gutxiri gertatzen zaiela hunkigarria eta gustagarria; eta gehienei barregarria iruditu eta hura zikintzeko nahia pizten diela batez ere.

        Hirurok elkarrekin joan ginen handik gertu zegoen ostatu batera, harresiez bestaldera. Mahaian, nitaz gehiago arduratu gabe, Ginok oso-osorik amari eskaini zion bere burua, bera liluratzeko asmoz, argi eta garbi. Amaren ederra irabazteko bere desio hori zuzena iruditzen zitzaidan; eta hala ere ez nintzen konturatzen zeinen arruntak ziren egiten zizkion losintxa ugariak. «Andrea» deitzen zion, deitura zeharo berria amarentzat; eta ardura handiz errepikatzen zuen sarritan, esaldiaren hasieran edo erdian, lelo baten antzera. Beste batzuetan, bidenabar bezala, zera esaten zuen: «Berori argia da, eta ulertuko du», edo «Berorrek bizitza bat izan du, eta ez dago gauza batzuk esan beharrik», edota, laburki, «Berorrek buru bizkorra dauka, eta...». Modua aurkitu zuen baita ama, nire adinean, ni baino askoz ederragoa izango zela esateko ere. — Nolatan konturatu zara? —galdetu nuen zertxobait ozpinduta. — Argi dago..., edonor konturako zen —erantzun zuen berak halako doinu orokor eta losintxagarri batez. Amak, gaixoa, zabal-zabalik jartzen zituen begiak horrelako zurikeriak egiten zizkiotela entzutean, eta aurpegi lausengatua, sorgortua eta eztitua erakusten zuen; edota, ohartu nintzen bezala, ezpainak mugitzen zituen, hotsik gabe errepikatuz, bere artean, gizonari ahotik ateratzen zitzaizkion hitz goxo ezti-jarioak. Jakina, huraxe izan inork horrelako gauzak esaten zizkion lehenengo aldia bere bizitzan; eta bazirudien bere bihotza, baraurik egon ondoren, behin ere ez zela aseko. Niri dagokidanez, jadanik esan dudan bezala, faltsukeria guzti horiek amaganako begirune maitekor hutsa eta niganako adeitasuna iruditzen zitzaizkidan; eta horregatik Ginoren bikaintasunaren koadro jadanik oparo samarrari beste pintzelkada bat gehitu besterik ez zioten egiten.

        Gurearen ondoko mahai batean gazte talde bat eseria zen, bitarte horretan. Haietako batek, mozkortuta itxuraz eta behin eta berriro begiratzen zidanak, esaldi lizun bat eta, aldi berean, niretzat lausengarria esan zuen ozenki. Gino esaldia entzun, azkar zutitu eta gaztearen ondora joan zen: — Errepikatu esan duzun hori.

        — Hiri zer axola? —galdetu zuen hark, mozkortuta benetan.

        — Andrea eta andereñoa nirekin daude —esan zuen Ginok ahotsa altxatuz—, eta nirekin dauden bitartean andreari eta andereñoari axola zaien guztia niri ere axola zait..., ulertu al duzu?

        — Ulertu diat, ez eduki beldurrik..., ongi zegok, ongi zegok —erantzun zuen hark izututa. Besteak Ginorekin haserre zeudela zirudien, baina ez ziren ausartu adiskidearen alde agertzera. Beronek, egiatan baino mozkor itxura handiagoak eginez, baso bat bete eta Ginori eskaini zion. Baina berak uko egin zion, keinu batez. — Ez al duk edan nahi? —oihukatu zuen mozkorrak—, ez al zaik gustatzen ardoa?... Oker hago..., ardoa ona duk..., nik edaten diat—. Eta kolpetik irentsi zuen. Ginok oraindik serio begiratu zion, gero gugana itzuli zen.

        — Jende gaizki hazia! —esan zuen eseri eta jaka txukuntzeko ukitu urduri batzuk egiteaz batera.

        — Ez zenuen hori egin behar —esan zuen amak, lausengatuta—; badakizu..., jendilajea da...

        Baina Ginori ez zitzaion iruditzen nahikoa erakutsia zuela bere gizabidea, eta honelaxe erantzun zion: — Ez nuela egin behar?... Zera horietako batekin, berorrek ulertzen dit, andrea, zera horietako batekin egon izan banintz, tira...; baina andre batekin eta andereño batekin nagoela, lokal publiko batean, jatetxe batean...; gainera, serio ari nintzela ulertu du, eta berorrek ikusi du nola geratu den isilik.

        Gorabehera honekin erabat liluratuta geratu zen ama. Baita Ginok edan arazten ziolako eta ardoak ez zuelako ere losintxek baino gutxiago txolintzen. Baina mozkorrekin askotan gertatzen den bezala, Gino azkenik gustukoa izan eta guzti, aldarte txarrez jarraitzen zuen elkarrekin hasiak ginelako. Eta lehen aukeran, ulertarazi nahi izan zion, gertatuak gertatu, ez zuela ahaztuta.

        Aukera hura nire modelo lanbideari buruz ari ginela gertatu zen. Ez naiz gogoratzen nola, goizean beste pintore batentzat posatzen aritu nintzela hasi nintzen esaten. Eta orduan Ginok:

        — Ergela izango naiz, ez naiz modernoa izango, nahi duzuena izango naiz..., baina Adriana egunero pintore horien aurrean biluzik agertzeko kontu hori ez zait batere ongi iruditzen.

        — Zergatik ba? —galdetu zuen amak, niri, Gino baino adituagoa izanda, hurbiltzen ari zen ekaitza berehala igartzeko modua eman zidan ahots asaldatu batez.

        — Ez delako morala, azken finean.

        Ez dut osorik emango amaren erantzuna, edaten zuen edo suminak hartzen zuen bakoitzean ihes egiten zioten gordinkeria eta lizunkeriez ongi apainduta zegoelako. Baina, bahetuta eta guzti, bere hitzek ongi asko islatzen dituzte kontu horri buruzko bere ideiak eta sentimenduak. — A, ez da morala! —hasi zen oihuka aho betean, halako moldez non beste mahaietako bezero guztiak jateari utzi eta gure aldera bueltatu baitziren—; ez da morala, e?..., eta zer da morala orduan? Morala al da egun osoa afanean pasatzea, platerak garbitzea, jostea, janaria prantatzea, plantxatzea, eskoba pasatzea, lurra garbitzea eta gero, gauean, senarra leher eginda datorrela eta afaldu orduko ohera doala, paretaren aldera bueltatu eta lo geratzen dela ikustea?... Hori da morala, e? Geure burua sakrifikatzea, arnasa hartzeko une bat ere ez edukitzea inoiz, zahar eta itsusi bihurtzea, leher egitea, morala al da hori?... Badakizu zer? Behin baino ez gara bizitzen eta, hil eta gero, salda bero...; zoazte infernura zu eta zure morala!..., eta Adrianak ondo baino hobeto egiten du ordaintzen diotenen aurrean biluztean..., eta hobe izango luke... —eta hemen, lizunkeria mordo bat, beste gauzen ahots zorrotz berarekin esanak zeudelako lotsatu nindutenak—; eta nik, berak gauza horiek egingo balitu, ez bakarrik eragotzi ez, lagundu ere egingo nioke..., bai, lagundu..., pagatzen badiote, jakina —erantsi zuen amak, berehala eginiko gogoeta batez bezala.

        — Seguru nago ez litzatekeela kapaz izango —esan zuen Ginok aztoratu gabe.

        — Ez nintzatekeela kapaz izango? Hori zuk esango duzu..., zer uste duzu? Pozik nagoela Adriana zu bezalako arlote batekin hasi delako, txofer batekin?... Eta ez nukeela mila aldiz nahiago izango bizitza galduari helduko balio? Uste al duzu gustukoa zaidala pentsatzea Adriana, askok milako billeteekin pagatuko luketen edertasun horrekin, zure neskamea izatera kondenatzen dela bizitza guztirako? Ba, oker zaude, erabat oker gainera.

        Bera oihuka ari zen, denak bueltatu eta ni erabat lotsatzen ari nintzen. Baina Gino, esan dudan bezala, ez zegoen ezertarako ere aztoratuta. Aprobetxatu zuen ama arnasarik gabe geratu zela, agortuta eta arnasestuka, ardo botila hartu, haren basoa bete eta «Ardo pixka bat gehiago?» proposatzeko.

        Amak, gaixoa, «Eskerrik asko» esan eta Ginok luzatzen zion basoa onartu beste erremediorik ez zuen izan. Jendea, haserreak haserre, ezer gertatuko ez balitz bezala elkarrekin edaten genuela ikustean, bere kontuetara itzuli zen. — Adrianak, bere edertasunarekin —esan zuen Ginok—, nire ugazaba andreak egiten duen bizitza egitea mereziko luke.

        — Zein bizitza egiten du? —galdetu nuen arretaz, gure solasa nigandik apartatzeko irrikatan.

        — Goizez —erantzun zuen berak halako handikeria eta ia hutsalkeriazko doinu batez, ugazaben aberastasunak berari nolabaiteko ospea inguratu izan balio bezala—, hamaiketan edo eguerdian jaikitzen da..., gosaria ohera eramaten diote zilarrezko erretilu batean eta zilarrezko pieza guztiekin..., gero bainatu, baina lehenago neskameak halako gatz berezi batzuk botatzen ditu uretara, ura lurrintzeko. Eguerdian, autoan, paseatzera eramaten dut..., bermuta hartzera joaten da, edo dendak ikustera... Etxera itzuli, bazkaldu, lotara joan eta gero bi ordu luze ematen ditu janzten...; ikusi beharko zenukete zenbat soineko dituen..., armairu bete-beteak..., bisitak egitera joaten da, beti autoan..., afaltzera joaten da..., gauean teatrora edo dantzara..., askotan bisitak izaten ditu etxean..., jokatzen dute, edaten, musika jotzen... Jende aberatsa, baina oso aberatsa..., bakarrik joiatan, uste dut milioika lira dituela nire ugazaba andreak.

        Arreta berehala galtzen duten eta tenplea aldatzeko huskeria bat nahikoa duten umeen antzera, ama ordurako ahaztuta zegoen nitaz eta nire patuaren bidegabekeriaz, eta begiak zabal-zabalik jartzen zituen hainbeste distiraren azalpenaren aurrean. — Milioiak —errepikatu zuen urre gosez—, eta ederra al da?

        Ginok, erretzen ari zelarik, tabako izpi bat jaurti zuen erdeinuz ahotik: — Bai zera ederra!... Itsusi-itsusia da..., argala, sorgina dirudi.

        Ginoren nagusi andrearen aberastasunez hizketan jarraitu zuten; edo, hobe esanda, Ginok segitu zuen aberastasun horiek goraipatzen, bereak izan balira bezala hain zuzen ere. Baina ama, une batez jakin-minez azaldu ondoren, halako aldarte ilun eta asaldatu batean erori zen berriro eta gau guztian ez zuen ahoa ireki. Beharbada lotsatzen zen suminaldi hartan sartu izanagatik; beharbada inbidiatan zegoen aberastasun guzti horrengatik eta erdeinuz pentsatzen zuen gizon pobre baten emaztegaia nintzela.

        Biharamunean, kezkatuta galdetu nion Ginori minduta al zegoen amarekin; baina berak erantzun zidan, ados egon ez arren, ondo ulertzen zuela haren ikuspuntua, bizimodu zorigaiztoko eta miseriaz beteak eragindakoa. Berataz errukitu behar zen, esan zuen azkenik, eta argi zegoen maite ninduelako hitz egiten zuela horrela. Horixe bera pentsatzen nuen nik, eta eskerrak eman nizkion Ginori hain bihotz zabalekoa zelako. Izan ere, beldurra izan nuen amaren istilu horrek ez ote zuen hondatuko gure harremana. Ginok hain neurriz jokatzen zuela ikusita, eskerronez beterik egoteaz gainera, bete-betean uste nuen, gero eta gehiago, mutil bikaina zela benetan. Hain itsu eta eskarmentu gabea izan ez banintz, erraz sumatuko nuen aurretik antolatutako faltsukeriak bakarrik erakuts dezakeela bikaintasun sentsazioa emateko asmorik; eta leialtasunaren ezaugarria dela, hain zuzen, alde on urriekin batera, akats eta hutsune asko aitortzea.

        Hortaz, ordurako, etengabe beraren menpean aurkitzen nintzen; ia iruditzen zitzaidalarik ezer ere ez niola eman bere bihotz samur eta zabalaren ordainetan. Beharbada, zorrak ordaintzeko beharra modu ilunean sentitzen duenaren aldarte horretan nengoelako ez nien gogor egin, lehentxeago egingo niekeen bezala, bere amodio-azalpen gero eta ausartagoei. Baina egia da, baita ere, gure lehen musuari buruz esan dudan moduan, berari neure burua eskaintzeko beharrean sentitzen nintzela halako indar guztiz ahaltsu eta aldi berean guztiz gozo batez; konpara baitaiteke gure asmoa kontrakoa izan arren, esna gaudela amets egin araziz hartzen gaituen loarekin, haren baitan abandonatzen garelako oraindik aurre egiten diogulakoan.

        Oso-oso ongi gogoratzen ditut nire liluramenduaren pausu guztiak, Ginoren konkistetako bakoitza neronek nahi izan nuelako eta plazera eta damua hartu nituelako haietatik. Eta baita apurka-apurka eman zirelako, ongi hausnartutako moduan, presarik gabe, ez eta luzetsi eta larritu gabe, areago herri bat inbaditzen duen jeneral baten antzera, ezen ez, nire gorputz geldiaren gainean, ahotik beherantz sabeleraino jaitsiz, desioari bere burua zorabiatzen uzten dion maitale baten antzera. Hau guztia horrela izan arren, egia da, baita ere, beranduago Gino benetan maitemindu zela nitaz, eta aurre-asmoaren eta neurriaren lekuan, ez beharbada amodio-amodioa, baina bai behintzat halako desio kementsu eta beti asegabea piztu zitzaiola.

        Autoan egiten genituen ibilera haietan, ahoan eta lepoan musu ematera mugatu zen. Baina goiz haietako batean, musu ematen zidan bitartean, bere hatzak nire blusako botoien artean kateatzen zirela sentitu nuen. Gero, halako hotz sentsazio bat izan nuen bularrean eta, begiak bere bizkarretik harantzago altxatuz parabrisako ispilurantz, titi bat biluzik nuela ikusi nuen. Lotsatu egin nintzen, baina ez nintzen estaltzera ausartu. Bera izan zen, itxuraz nire aztoramenduari erantzuten zion keinu arin batez blusako ertzak bular gainean berriz utzi eta botoi bakoitza bere zuloan sartu zuena. Eskerrak eman nizkion horregatik. Baina gero, etxean berriz ere gogoratzean, aztoratuta eta erakarrita sentitu nintzen. Biharamunean berriro egin zuen, eta orduan atsegin handiagoa eta lotsa gutxiago sentitu nuen. Harrez gero ohitu egin nintzen bere desioaren azalpen horretara; eta uste dut errepikatu izan ez balu, agian ez ninduela maite pentsatuko nuela.

        Bitartean, ezkondu ondoren izango genuen bizimoduaz hitz egiten zuen berak. Bere familiaz ere hitz egiten zuen: probintzian bizi zen eta ez zen pobre-pobrea, lur sail batzuk bazituelako. Gezurtiei askotan gertatzen zaien bezala, uste dut azkenerako berak ere sinesten zituela bere gezurrak. Egiatan, sentimendu oso indartsua erakusten zuen nirekiko, segur aski, gure intimitatea egunean-egunean hazi ahala, neurri berean gero eta egiazkoagoa izatera iritsi behar zuena. Niri dagokidanez, bere hitzek kontzientziaren hozkadak itzardu eta halako zorion sentimendu bete eta lañoa ematen zidaten, barrez gero behin ere sentitu ez dudana. Norbait maite nuen, norbaitek maite ninduen, laster ezkonduko nintzela pentsatzen nuen, munduan beste ezer ezin zitekeela deseatu iruditzen zitzaidan.

        Ama ongi baino hobeto konturatzen zen gure goizeko ibilerak ez zirela guztiz gaitz-gabekoak, eta zenbait esaldirekin eman zidan aditzera: «Nik ez zekinat zer egiten duzuen autoan irteten zaretenean, eta ez dinat jakin nahi», edota «Hi eta Gino ez-egitekoren bat egiten ari zarete..., hiretzat okerrago»; eta antzeko beste batzuekin. Baina, hala ere, orduan bere gaitzespenak ikusgarriro bigun eta alferrekoak zirela ohartu nintzen. Bazirudien Gino eta biok maitaleak ginelako etsiak hartu ez ezik, funtsean, huraxe desio ere desio zuela. Gaur egun erabat sinetsita nago gure harremana noiz hondatuko zain zegoela.

 

 

 

© Alberto Moravia

© itzulpenarena: Koldo Biguri

 

 

"Alberto Moravia / Erromako emakumea" orrialde nagusia