LEHEN ATALA

 

        Hamasei urte nituela, ederra nintzen benetan. Nire aurpegiak obalo bete-betea osatzen zuen, estua lokietan eta apur bat zabala azpian, begiak luze, handi eta gozoak nituen, sudurra zuzen-zuzena, bekokiarekin lerro bakarra osatzen zuelarik, ahoa handia, ezpain eder gorri mamitsuak zituena, eta, barre eginez gero, hortz zuri-zuriak eta berdinak erakusten nituen. Amabirjina bat ematen nuela esan ohi zuen amak. Ni, aldiz, garai haietan puri-purian zegoen zine aktoresa baten antza nuela ohartu, eta haren antzera orrazten hasi nintzen. Amak esaten zuen aurpegia ederra banuen ere, ehun aldiz ederragoa nuela gorputza; nirea bezalako gorputzik, esaten zuen, ez zen Erroma osoan aurkitzen. Orduan ez nintzen arduratzen neure gorputzarekin, edertasun guztia aurpegian zegoela iruditzen zitzaidan, baina gaur, ordea, amak arrazoia zuela esan dezaket. Hanka zuzen eta sendoak nituen, aldaka biribilak, bizkar luzea, gerri aldean estua, eta zabala sorbaldan. Sabela, beti izan dudan bezalakoa neukan, handixea, zilborra apenas ikusten zelarik, oso sartua baitzegoen haragian; baina amak esaten zuen beste edertasun bat zela hori, sabelak nabarmena izan behar duelako, eta ez lau-laua, gaurko usadioa den bezala. Bularrak ere sendoak nituen, baina irmo eta altuak, bularretako beharrik gabe tinko egoten zirenak; handi samarrak ez ote nituen arrangura nintzenean, bularrak ere benetan ederrak nituela esaten zuen amak, eta emakumeen bularrek, gaur egun, ez dutela ezer balio. Biluzik, geroago konturatuko nintzen bezala, handia eta haragiz jantzia nintzen, estatua baten gisan osatua; baina jantzirik, ordea, neskatila txiki bat ematen nuen, eta inor gutxik pentsatuko zuen halaxe egina nengoenik. Hori atalen arteko neurrien arabera zihoan, pintore batek, harentzat posatzen hasi nintzelarik, esan zidanez.

        Pintore hura amak aurkitu zidan: modeloa izan zen bera, ezkondu eta alkandorak egiten jarri aurretik; pintore batek alkandora batzuk agindu zizkion, eta berak, bere antzinako ogibidea gogoratuz, ni posatzen jartzea proposatu zion. Pintorearenera lehen aldiz joan nintzenean amak lagundu nahi izan ninduen, bakar-bakarrik joan nintekeela esanez gogor egin banion ere. Lotsaturik nengoen, ez ordea bizitzan lehen aldiz gizaseme baten aurrean biluztu behar nuelako, baizik eta igartzen nuelako zer nolakoak esango zizkion amak pintoreari, lana eman ziezadan. Eta, halaxe, bada, jantziak burutik ateratzen lagundu eta larrugorritan estudioaren erdian zutik ekarri ondoren, ama, su eta gar, honela hasi zitzaion pintoreari: — Baina, begira bular hori..., aldaka horiek..., begira hanka horiek... Non aurkituko duzu bular hauek, aldaka hauek, hanka hauek bezalakorik?—. Eta gauza horiek esateaz basera, ukitu egiten ninduen, merkatuan erosleak berotzeko abereekin egiten den bezalaxe, hain zuzen. Pintoreak barre egiten zuen, ni lotsaturik nengoen, eta, negua zenez gero, hotz handia neukan. Baina ulertzen nuen inolako gaiztakeriarik ez zegoela amaren aldetik, eta nire edertasunaz harro zegoela mundura ekarri ninduelako; eta, ederra banintzen, berari zor nion. Pintoreak ere amaren sentimendu horiek ulertzen zituela zirudien, eta maltzurkeriarik gabe egiten zuen barre, bihotz onez, eta, hartara, berehala nire onera etorririk sentitu, eta, nire lotsa gainditu ondoren, hanka puntetan estufara hurbildu nintzen berotzeko. Pintore hark berrogei urte inguru zituen, eta gizon lodia zen, alaia eta baketsua itxuraz. Desiorik gabe begiratzen zidala sentitzen nuen, objektu bati bezala, eta horrek lasaitu egiten ninduen. Gerora, hobeto ezagutu ninduenean, galanki eta begirunez erabiltzen ninduen, ez objektu baten gisan, pertsona baten gisan baizik. Oso begiko egin zitzaidan berehala, eta beharbada berataz maitemindu ere egin ahalko nintzen, esker onez, nirekin hain galaia eta hain maitabera zelako bakar-bakarrik. Baina berak ez zidan inoiz hartarako usterik eman, pintore baten antzera tratatzen baininduen, eta ez gizon baten antzera; eta berarentzat posatu nuen denbora guztian gure harremanak egoki eta neurrizkoak izan ziren beti, lehen egunean bezala.

        Amak niri buruzko laudorioak esaten amaitu zuenean, pintoreak, hitzik esan gabe, aulki baten gainean pilaturiko karpeta batzuk hartzera joan eta, orriak pasatzen aritu ondoren, kolorezko erretratu bat atera, amari erakutsi eta hortz artean hitz egin zion: — Hona hemen zure alaba—. Ni ere mugitu nintzen estufa ondotik erretratua ikusteko. Emakume bat azaltzen zuen biluzik, balio handiko oihalez estalitako ohe baten gainean etzanda. Ohe atzean tertziopelozko gortina bat zegoen, eta, airean zintzilik, gortinaren tolesduren artean, bi umetxo hegaldun, bi aingerutxo ziruditenak. Emakumeak nire antza zuen, izan ere; bakarrik, biluzik egon arren, oihal horiek eta atzamarretan zeuzkan eraztunak ikusita, bera erregina bat edo bestelako handiki bat izan zela igartzen zen, eta ni, aldiz, herriko neska bat besterik ez. Amak ez zuen ulertu hasieran, eta burua nahasturik begiratu zion erretratuari. Gero, bat-batean, antzari erreparatu zion, nonbait: —Egia..., bera da eta!... —bota zuen txundituta—, arrazoia nuen, ikusten?..., eta hau nor da?

        — Danae —irribarrez pintoreak.

        — Zein Danae?

        — Danae..., jentilen jainkosa bat.

        Ama, benetan bizi izandako pertsona baten izena espero zuelarik, nondik atera ez zekiela geratu zen, eta, bere nahasmendua ezkutatzearren, han hasi zitzaidan azaltzen pintoreak nahi bezala jarri behar nuela, etzanda, esate baterako, erretratuko emakumea bezala, edo zutik, edota eserita eta geldirik egon hark pintatzen zuen bitarte guztian. Pintoreak barrez esan zuen amak gehiago zekiela horretaz berak baino; eta, halako batean, ama, lausengaturik, han hasi zen esaten bera modelo lanetan aritu eta Erroma guztian modelorik ederrena izateko ospea zuela, eta zer nolako kalte handia egin zion bere buruari ezkondu eta modelo lanak bertan uztean. Pintoreak, bitartean, estudioko zokoan sofa batean etzanarazi eta posean jarri ninduen, hanka-besoak berak nahi zuen jarreran ezarriz; baina eztiki, gogoetatsu eta bere baitan sarturik, ni ukitu gabe ia, erretratua egin nahi zidan moduan jadanik ikusi banindu bezala. Gero, amak berriketan jarraitzen zuen bitartean, lehen marrak osatzen hasi zen kabailete baten gainean jarritako oihal zuri batean. Ama konturatu zen harrez gero hark ez ziola aditzen, buru-belarri ari baitzen nire erretratua egiten.

        — Eta zenbat ordainduko diozu nire alabari lanordu bakoitzeko? —galde egin zion.

        Begiak oihaletik jaso gabe, pintoreak kopuru bat esan zuen. Amak, aulki batean jarriak nituen arropak hartu eta aurpegira bota zizkidan.

        — Altxa, jantzi hadi... —agindu zidan—, hobe hemendik joatea.

        — Zer duzu orain? —galdetu zuen pintoreak harriturik, pintatzeari utzita.

        — Ezer ez, ezer ez —amak erantzun, presa handia edukitzeko itxurak eginez—. Goazen, Adriana..., zeregin asko zeuzkanagu.

        — Aizu, begira —esan zuen pintoreak—, zerbait proposatu behar baduzu, egin ezazu... Ze kontu dira hauek?

        Orduan ama sekulako iskanbila sortzen hasi zen, ozen oihukatuz niri hain gutxi ordaintzea pentsatzen bazuen zoratuta zegoela, ni ez nintzela inork nahi ez dituen modelo zahar horietako bat, hamasei urte nituela eta posatzen nuen lehen aldia zela hura. Zerbait lortu nahi duenean oihuka hasten da beti ama, eta sutan dagoela ematen du benetan. Baina ez dago sutan, inondik ere; nik ondo ezagutzen dut, eta badakit lasai baino lasaiago dagoela. Baina merkatuan erosle batek salgai baten truke diru gutxiegi eskaintzen duenean emakumeek oihu egiten duten bezala egiten du oihu berak. Jende gizabidetsuarekin batez ere egiten du oihu, badakielako gizabidez amore ematen dutela beti azkenean.

        Eta hala, bada, pintoreak ere amore eman zuen azkenean. Amak garrasi egiten zuen bitartean, berak irribarre egiten zuen eta tarteka keinua ere eskuaz, hitza eskatzeko bezala. Azkenerako, ama arnasa hartzeko geratu, eta berak berriz galdetu zion ea zenbat nahi zuen. Baina amak ez zuen berehalakoan esan. Ustekabean oihu egin zuen:

        — Jakin nahi nuke zenbat eman zion modeloari erakutsi didazun koadro hori egin zuen pintoreak.

        Pintorea barrez hasi zen: — Ze axola dio horrek?... Beste garai batzuk ziren..., botila bat ardo edo, emango zion... edo eskularru pare bat.

        Ama nahasturik geratu zen berriz, pintoreak erretratukoa Danae zela esan zionean bezala. Pintorea pixka bat adarra jotzen ari zitzaion amari, gaiztakeriarik gabe hala ere, baina ama konturatzen ez. Bera oihuka hasi zen berriz, pintoreari zekena deituz eta nire edertasuna goraipatuz. Gero, bat-batean, lasaitu itxurak egin eta nahi zuen kopurua esan zion. Pintorea ezezka aritu zen une batez, eta azkenik amak eskatu baino kopuru txikixeago batekin geratu ziren konforme. Pintorea mahaitxo batera inguratu, tiradera bat ireki eta ordaindu egin zion amari. Beronek, pozik asko, dirua hartu, niri azken gomendio batzuk eman eta alde egin zuen. Pintorea atea ixtera joan zen, eta gero, kabailete ondora itzulirik, honela galdetu zidan: — Holako oihuak egiten al ditu beti zure amak?

        — Amak maite nau —esan nuen.

        — Nik, ordea, esango nuke —erantzun zuen berak, lasai, marrazten berriz hasita— dirua maite duela batez ere.

        — Ez, hori ez da egia —erantzun nuen nik biziki. Neu maite nau, batez ere..., baina atsekabeturik dago pobre jaio naizelako, eta nik asko irabaztea nahi luke.

        Pintorearen kontu hau ezer baino lehen kontatu nahi izan dut, luze eta zabal gainera, egun hartatik aurrera hasi nintzelako lanean, geroago beste era bateko ogibide bat aukeratu badut ere; eta, bestetik, amak aldi hartan erakutsi zuen jarrerak aski ondo azaltzen duelako nolakoa zen eta nolako sentimenduak zituen nirekiko.

        Posatzeko ordua amaitutakoan, amarekin bildu nintzen, kafetegi batean geratu baikinen. Zer moduz joan zitzaidan galdetu zidan, bai eta zehatz-mehatz kontarazi ere posatzen nuen bitartean pintoreak, esan gutxiko gizona izatez, esan zizkidan gauza apur guztiak. Azkenik, erne egon behar nuela esan zidan, beharbada pintore hark ez zuela asmo gaiztorik, baina askok ohaide bihurtzeko asmoz hartzen zituztela modeloak. Nik, nolanahi ere, uko egin behar niela haien proposamenei.

        — Arlote batzuk ditun denak —azaldu zidan—, eta ezin ezer espero haiengandik... Hik, horren ederra izanda, zerbait hobea, askoz hobea espero dezaken.

        Amak lehendabiziko aldiz hitz egiten zidan horrela. Seguru hitz egiten zidan, aspalditik gogoan erabilitako kontuak esaten dituenaren antzera.

        — Zer esan nahi duzu? —galdetu nuen harriturik.

        Berak erantzun ilun samarra eman zidan: — Jende horrek hitzak ugari, baina dirurik ez...; hi bezalako neska eder batek jaun artean ibili behar din beti.

        — Ze jaun?..., nik ez dut jaunik ezagutzen eta.

        Berak begiratu eta, are ilunkiago, honela amaitu zuen: — Hik oraingoz egin modeloarena..., gero ikusiko dinagu...; gauza batak bestea zekarren.

        Baina aurpegiera gogoetatsu eta lehiatsua zeukan, eta ia ikaratu ninduen. Egun hartan ez nion beste ezer galdetu.

        Bestalde, amaren gomendioak ez ziren beharrezkoak, ni orduan, gazte-gaztea izanik ere, oso serioa nintzelako. Pintore haren ondoren beste batzuk aurkitu nituen eta azkar asko oso ezaguna izatera iritsi nintzen estudioen giroan. Esan behar dut pintoreak, oro har, sotil eta begirunetsuak zirela denak, nahiz eta batek baino gehiagok ez ezkutatu beren sentimenduak. Baina etsiarazi egin nien denei, hain gogor egin ere ezen bertutetsu bezain gozakaitza izateko ospea irabazi bainuen berehala. Pintoreak ia beti begirunetsuak zirela esan dut: hori hala zen, batez ere, ni marraztea eta pintatzea zelako haien asmoa, eta ez ni gorteiatzea, nik uste; eta marraztu eta pintatzean, gizasemearen begiaz baino areago artistaren begiaz ikusten ninduten, aulki bat edo beste gauzaren bat ikusten zuten bezala. Ohituta zeuden modeloekin egotera, eta nire gorputz biluziak, gaztea eta ernagarria izanik ere, ez zien zirrara handiegirik eragiten, medikuei ere gertatzen zaien bezalaxe. Aldiz, pintoreen adiskideek aztoratu egiten ninduten askotan. Barrura sartu eta pintorearekin berriketan hasten ziren. Baina ni azkar asko konturatzen nintzen ezin zituztela begiak nire gorputzetik apartatu, ezaxolatu itxura erakusteko ahaleginak egin arren. Beste batzuk, gainera, lotsagabeak eta guzti ziren, nahita hasten baitziren estudioan gora eta behera, niri alde guztietatik ondo baino hobeto begiratzearren. Begirada horiexek izan ziren, amaren esan ilunekin batera, nire koketeria iratzarri eta, aldi berean, nire edertasunaz eta edertasun horretatik atera nitzakeen onurez ohartarazi nindutenak. Azkenerako, nabarmenkeria horietara ohitu ez ezik, denbora igaro ahala atseginez hartu ere egiten nituen, bisitarien aztoramenduari erreparatzean, eta atsekabetu ere egiten nintzen, benetan axolarik ez niela konturatzen nintzenean. Halatan, buruko haize haiekin, oharkabean iritsi nintzen pentsatzera, amak nahi bezala, nire edertasunaz baliatuz neure bizimodua hobe nezakeela, gogoa izanez gero.

        Garai hartan, ordea, batez ere ezkontzeaz pentsatzen nuen. Artean nire zentzuak esnatu gabe zeuden, eta posatu bitartean begiratzen zidaten gizonezkoek ez zuten, harrokeriaz kanpo, bestelako sentimendurik ernetzen nire baitan. Irabazten nuen diru guztia amaren esku uzten nuen eta, posatzen ez nuenean, bere ondoan egon eta alkandorak mozten eta josten laguntzen nion, horixe baitzen gure bizibide bakarra gure aita, trenbideetako langilea izana, hil ondoren. Hain zuzen ere, trenbideetako langileentzat berrogeita hamar urte lehenago egindako etxe luze eta motz bateko bigarren solairuko pisu txiki batean bizi ginen. Gure etxea errebalean zegoen, platanoek itzaltzen zuten kale batean. Alde batetik, gurearen antzeko etxe batzuk zeuden lerroan, denak berdinak, denak bi solairukoak, denak zuriberritu gabeko adreiluz eginiko aurrealdeak zituztenak, hamabi leiho, seina solairu bakoitzean, eta erdian atea; bestetik, dorre batetik bestera, hiriko harresiak ageri ziren, leku hartan osoak eta berdetasunez beteak. Ate bat zabaltzen zen harresietan gure etxetik ez oso urruti. Ate ondoan, harresiari atxikirik, jolas parke baten esparrua zegoen, eta urte sasoi egokian bonbilla-lerroak piztu eta bere doinuak entzun arazten zituen. Nire leihotik, apur bat zeharretik, koloretako bonbilla-hariak, pabilioietako sabaia banderaz beteak eta, sarrera inguruan, platano arboletako adarren azpian pilatzen zen jendetza ikus nitzakeen. Garbi entzuten nituen doinu haiek, eta askotan esna geratzen nintzen gauez, haiek aditzen eta begiak zabalik nituela amets egiten. Iritsi ezinezko mundu batetik zetozela iruditzen zitzaidan, iritsi ezina niretzat behintzat, eta larritasunak eta nire gelako ilunpeak sendoago egiten zuten sentsazio hura. Jolas parkean hiriko biztanle guztiak bilduak zirela, eta ni bakarrik falta nintzela iruditzen zitzaidan. Jaiki eta hara joan nahiko nukeen, baina ez nintzen mugitzen, eta doinu haiek, gau osoan atertu gabe entzuten zirelarik, betirako mundu hori gabe geratuko nintzela pentsa arazten zidaten, baina jakin gabe, ordea, zergatik, ez bainekien okerrik egina nuenik. Batzuetan, soinu haiek entzutean, negarra ere etortzen zitzaidan, neure burua bazterturik sentitzearen mingostasunagatik. Oso sentimentala nintzen ni orduan; eta aski zen huskeria bat, neska lagun baten zatarkeria, amaren errieta edo zinemako pasarte hunkigarri bat, ni negar batean jartzeko. Beharbada, ez nukeen mundu zoriontsu eta debekatu horren zentzua izango amak, artean ume nintzela, ez banindu hain urrun eduki jolas parketik, beste edozein jolasetik bezala. Baina ama alarguna, pobrea eta, batez ere, zorte zekenak ukatu zizkion denbora-pasako atseginen etsai izanik, ez nuen ez jolas parkean, ez eta, bestalde, gainerako dibertsio lekuetan ere oina jartzeko aukerarik izan beranduagora arte: neskatila izan eta nortasuna osaturik izan nuen arte. Honi zor zaio, segur aski, zorionaren mundu alai distiragarritik baztertuta ez ote nagoen susmoa geratu izana nire baitan, bizitza guztian ia. Susmo bat, zoriontsua naizela ziur dakidanean ere uxatu ezin dudana.

        Esan dut ezkontzeaz besterik ez nuela pentsatzen garai hartan, eta gogoeta hori nola imajinatzen nuen ere esan dezaket. Gure kalea, errebalean, hain pobrea ez zen beste auzo batean barrena sartzen zen pixka bat beherago. Trenbideetako langileen etxe luze eta motz, beste hainbeste bagoi nekatu eta hautsez beteak ziruditen haien ordez, lorategiz inguraturiko landetxeak zeuden han. Ez ziren luxuzkoak, enplegatuak eta maila txikiko merkatariak bizi ziren haietan, baina, gure etxe behartsuaren aldean, bizimodu eroso eta alaiago baten itxura ematen zuten. Batez ere, elkarren desberdinak ziren eta, gainera, ez zuten begien bistan uzten gure etxean eta antzeko beste batzuetan bizilagunen aspaldiko axolagabekeria salatzen zuten karezartatu, beltzune eta pitzadura haiek bezalakorik; eta, azkenik, inguruan zeuzkaten lorategi estu baina oparo haiek ikusirik, etxe haietan, kaleko nahaspilatik eta promiskuitatetik urrun, intimitatea grina handiz zaintzen zela pentsatzen zen. Gure etxean, aldiz, kalea nonahi zegoen; ezkaratz luze-zabalean, salgaiak gordetzeko biltegia baitzirudien; eskailera zabal, zikin eta biluzietan; bai eta geletan ere, altzari zaharkitu haiek, han nahas-mahas utzirik, horrelakoak saltzeko asmoz espaloietan ikusgai jartzen dituzten kinkailariak ekartzen baitzituzten gogora.

        Udako arratsalde batean, kale hartatik amarekin paseatzen nenbilela, gogoan josita geratu zitzaidan famili giroko eszena bat ikusi nuen landetxe haietako leiho batetik; bizimodu normal eta egokiaz neukan usteari ondo lotzen zitzaiola iruditu zitzaidan. Gela txiki baina garbi bat, hormetan paper loreduna, arasa bat, eta erdian lanpara bat, afaltzeko jarritako mahaiaren gainean zintzilik. Mahai inguruan bospasei lagun, haien artean, hala iruditu zitzaidan, zortzi eta hamabi urte bitarteko hiru ume. Mahai erdian zopa-ontzi bat; eta ama, zutik, menestra zerbitzatzen. Harritzekoa emango du, baina guzti horretatik gehien hunkitu ninduena erdiko lanpararen argia izan zen; edo hobeto esanda, argi horrekin gauzek hartzen zuten aparteko itxura lasai eta normala. Gero, eszena hartaz gogoraturik, guztiz konbentziturik esan nion neure buruari helburutzat hartu behar nuela egunen batean halako etxe batean bizitzea, halako familia bat edukitzea eta, itxuraz, hainbeste maitasun sentimendu lasai eta seguru ikus arazten zituen argi haretxekin bizitzea. Asmo apalak nituela pentsatuko dute askok. Baina nire orduko bizimodua nondik eta norakoa zen eduki behar kontutan. Trenbideetako langileen etxe hartan jaioa izanik, landetxe hark eragiten zidana, nik inbidiaz ikusten nituen landetxe hartakoei hiriko auzo aberatsetako landetxerik handi eta edukitsuenek eragiten zieten berbera zen, segur aski. Izan ere, bakoitzak inoren infernuan jarri ohi du bere paradisua.

        Amak, ordea, asmo handiak zerabilzkien nirekiko; baina bihotzean neukanaren moduko edozein bizimodu baztertzen zuten asmoak ziren, azkar asko konturatu nintzen bezala. Funtsean, berak uste zuen nire edertasunaz arrakasta mota guztiak espero nitzakeela, eta ez ordea emakume ezkondu, familiadun, eta besteen antzekoa izatea. Behar gorrian geunden, eta nire edertasuna gure esku geneukan ondasun bakarra gertatzen zitzaion, eta, beraz, nirea bezain berea; batez ere, esan dudan bezala, berak munduratu ninduelako. Ondasun horretaz baliatzeko bere adostasuna behar nuen, komenientziei ezertarako begiratu gabe, gure egoera hobetzearren. Segur aski, irudimen falta zen, batez ere. Gurea bezalako egoera batean, nire edertasunari probetxua ateratzeko asmoa zen burura etor zekiokeen lehena. Amak ideia horri heldu zion, eta ez zuen behin ere etsi.

        Orduan apenas erreparatzen nien amaren asmo haiei. Baina geroago ere, argi azaldu zitzaizkidanean, ez nuen bihotzik izan galdetzeko, ideia horiek zituelarik, nolatan geratu zen bera hainbesteko pobrezian, trenbideetako langile baten emazte. Hitz erdi askotatik ulertu dut ni neu izan nintzela amaren porrotaren motiboa, ezustean eta nahi gabe jaio nintzelako. Bestela esanda, ustekabez jaio nintzen; eta ama, nire jaiotza eragozteko kemenik ez izanik (berak zioenez, hori egin beharko zukeen), aitarekin ezkondu eta halako ezkontza baten ondorio guztiak onartu beharrean gertatu zen. «Nire hondamena izan haiz hi» errepikatzen zuen sarritan, nire jaiotzaz ari zela; denbora batez, esaldi hura iluna iruditu zitzaidan, eta mina eman zidan, baina segituan ulertu ahal izan nuen haren esanahi osoa. Esaldi hark hauxe esan nahi zuen: «Hi gabe ez nindunan ezkonduko, eta orain automobilean ibiliko ninduken». Bere bizitzaz horrela pentsatzen zuelarik, ulertzekoa da zergatik ez zuen nahi bere alabak, bera baino askoz ederragoa izanda, oker berberak egitea eta patu berberean erortzea. Gaur egun ere, gauzak behar bezalako ikuspegitik ikus ditzakedalarik, ezingo nioke arrazoia ukatu. Amarentzat, familiak pobrezia esan nahi zuen, menpekotasuna eta poz banaka batzuk, senarra hiltzean berehala amaituak. Gauza normala zen, zuzena ez esatearren, bizitza prestua, famili bizitza, zorigaiztotzat jo eta erne ibiltzen bazen, bera galdu arazi zuten irudikeria berberekin liluraturik gera ez nendin.

        Bere modura, amak biziki maite ninduen. Esate baterako, estudioetan ibiltzen hasi eta berehala, soineko pare bat egin zidan, haietako bat bi zatikoa —gona eta blusa—, eta bestea osoa. Egia esateko, barruko arropa nahiago izango nuen, lotsatu egiten bainintzen, biluztu behar nuen bakoitzean, aldagarri zarpail, erabili eta, askotan, ez oso txukunak erakustean; baina azpitik piltzarrak ere eraman nitzakeela esan zidan amak: ongi azaltzea zela, batez ere, axola zuena. Bi oihal merke aukeratu zituen, marrazki eta kolore bizikoak, eta berak moztu zituen soinekoak. Alkandorak egiten bai, baina jostun lanetan ibilia ez zenez gero, gaizki atera zitzaizkion bi soinekoak, bere gogo guztia jarri arren. Gogoratzen naiz zati bakarreko soineko hark moko bat ateratzen zidala sama aldean, eta buruorratz bat eraman behar izaten nuela beti, bularrak agerian uzten zizkidalako. Besteak, bi zatikoak, aldiz, oso txiki eta oso motza zeukan blusa, eta, hartara, gerri aldea, bularrak eta eskumuturrak kanpoan uzten zizkidan; ordainez, gona luzeegia zen eta halako tolesdura batzuk egiten zituen sabelean. Niri, hala ere, oso gauza handia iruditu zitzaizkidan, ordura arte are okerrago jantzita ibiltzen bainintzen, izterrak agerian uzten zizkidaten gona motzekin, jertse eta lepo-zapiekin. Amak zetazko galtzerdi pare bat ere erosi zidan; ordura arte, hanka erdiraino iristen zitzaizkidan galtzerdiak jantzita eta belaun hutsik ibiltzen nintzen. Pozez beterik eta harro-harro geratu nintzen opari haiekin; ez nintzen aspertzen haiek miretsi eta haietaz pentsatzeaz; eta tente eta erne ibiltzen nintzen kalean, soinean zatar haiek ez, baizik eta ospe handiko jostun baten jantzi dotorea izan banu bezala.

        Amak nire etorkizunaz pentsatzen zuen beti, eta berandu gabe hasi zitzaion errezeloa hartzen nire modelo lanari. Gutxi irabazten nuen, bere ustez; eta gainera pintoreak eta haien lagunak jende pobreak ziren, eta ez zegoen estudioetan ezagutza baliozkorik egiteko itxaropenik. Halako batean, dantzaria izan nintekeela sartu zitzaion buruan amari. Asmo handiko burutapenez beterik egoten zen; nik, ordea, esan dudan bezala, senarrarekin eta umeekin bizimodu lasaia edukitzea, besterik ez nuen pentsatzen. Dantzaren burutapen hori, zinema bateko agertokian film biren artean bere lana erakusten zuen barietate konpainia bateko zuzendariaren enkargu bat jasotzean etorri zitzaion. Berak ez zuen uste dantzari ofizioa oso probetxuzkoa zenik berez; baina, sarritan errepikatzen zuen bezala, «Gauza batak bestea zekarren»; eta agertoki baten gainean azalduz gero, beti gerta zitekeen jaun bat ezagutzea.

        Egun batean, amak esan zidan zuzendari harekin hitz egin zuela, eta ni haren aurrera eramatera animatu zuela hark. Goizean joan ginen zuzendaria eta konpainia guztia ostatu hartuta zeuden hotelera. Hotela, gogoratzen naiz, geltoki ondoko etxetzar itzel eta zahar bat zen. Eguerdia zen ia, baina artean ilunpetan zeuden hango pasabideak. Lo kiratsak, ehun gelatan habia eginik, airea bete eta arnasa moztu egiten zuen. Pasabide horietako askotatik ibili ginen eta, azkenean, gelaurre antzeko bat aurkitu genuen, iluna, non hiru neska dantzari eta piano baten aurrean eseritako musikari bat jardunean baitzeuden argi eskas harekin, agertokian baleude bezala. Musikaria agure zimel bat zen, eta buruz jotzen zuen eta, hala iruditu zitzaidan, beste zerbaitez pentsatzen, edo, beharbada, lotan balego bezala. Aldiz, hiru dantzariak gazteak ziren, eta blusak erantzita zeuzkatenez gero, gona hutsez zeuden, bular eta besoak biluzik utzirik. Gerritik heltzen zioten elkarri, eta musikariak ariari erasotzen zionean, hirurak batera abiatzen ziren izara zikin pilorantz, hankak altxatuz, denak batera eskuinerantz lehen eta ezkerrerantz gero mugituz, eta, azkenik, leku ilun eta triste hartan arraroa zirudien keinu zirikagarri bat eginik, bizkarra eman eta ipurmasailak indarrez astinduz. Bihotza ilundu egiten zitzaidan, haiei begiratu eta, lurrean zarata handi eta motzak eginez, doinuari oinaz nola jarraitzen zioten ikustean. Izan ere, hanka sendo eta luzeak eduki arren, banekien ez nuela dantzarako ganorarik. Lehenagoko batean, dantza lezioak hartzen jardun nintzen auzoko eskola batean nire bi lagunekin batera. Haiek, aldi batzuen ondoren, bazekiten doinuari jarraitzen eta hanka eta aldaka bi dantzari adituk bezala astintzen; ni, ostera, arrastaka ibiltzen nintzen, gerritik behera berunezkoa banintz bezala. Iruditzen zitzaidan ez nengoela beste nesken antzera egina; nire baitan zerbait trinko eta astuna zegoela sentitzen nuen, musikak berak ere aska ezin zezakeen zerbait. Gainera, dantza egin nuen aldi bakan haietan, beso batek gerria inguratzen zidala sentitzeak halako makaltasun abandonatu bat pizten zidan, halako moldez non hankak mugitu baino areago arrastaka erabiltzen bainituen. Pintoreak berak esan zidan: — Zuk, Adriana, duela lau mende jaio behar zenuen..., garai hartan zu bezalako emakumeak ziren gustagarriak..., gaur egun, argala izatea modan egonda, uretatik kanpo dagoen arraina bezalakoa zara..., lau edo bost urte barru emakume mardula izango zara—. Oker zebilen iragarpen horrekin, ez bainaiz orduan baino gizen edo zabalagoa; baina arrazoia zuen, emakume argalen garai hartarako egina ez nengoela esatean. Nik sufritu egiten nuen nire ezgaitasun horregatik, eta argaldu eta beste neskek bezala dantzan ondo egin nahi izango nuen. Baina, gutxi janda ere, estatua bat bezain sendo segitzen nuen, eta dantza egiten nuenean ez nuen asmatzen doinu modernoen erritmo bizi eta saltokariei lotzen.

        Amari esan nizkion gauza horiek, ondo nekielako ustel aterako zitzaigula barietate konpainiako zuzendariari egin behar genion bisita, eta ez nindutela onartuko pentsatzeak umiliatu egiten ninduelako. Baina ama oihuka hasi zen esaten agertokietan denen begien bistan jartzen ziren koitadu haiek guztiak baino ederragoa nintzela, askoz ere ederragoa, eta eskerrak eman beharko zizkiola zuzendariak zeruari ni bere konpainian hartu ahal izateagatik, eta antzeko beste gauza batzuk. Amak ez zuen ezer ulertzen gaur egungo edertasunaz, eta gogo onez uste zuen emakumea politagoa dela zenbat eta bular ederragoak eta aldaka biribilagoak eduki.

        Gelaurre aldera irekitzen zen gela batean zegoen zuzendaria gure zain; gela hartatik, nik uste, dantzarien saioa ikusten zuen, zabalik zegoen atetik. Ohe deseginaren oinetan jarritako besaulki batean eserita zegoen. Kafea zeukan erretilu bat zegoen ohe gainean, eta une hartan amaitu berria zuen berak gosaria. Lodia eta zaharra zen; baina jantziak ondo plantxatuta eta txukun zegoen, apai-apain eginda, halako efektu berezi bat eragiten zuelarik izara nahaspilatu guzti haien artean, argi motel harekin eta itxi usain harekin. Aurpegi mardula zeukan, ia pintatua iruditu zitzaidana, ezen, masail zuri-gorrien azpian, halako beltzune osasungaitz batzuk nabarmentzen ziren. Monokulo bat zeraman, eta etengabe mugitzen zituen ezpainak, arnasestuka, eta hortz-hagin zuriegi batzuk erakutsiz, ordezkoak zirela pentsa erazteraino bezain zuriak. Dotorezia handiz jantzita zegoen, esan dudan bezala; bere pajarita gogoratzen dut batez ere, bularreko poltsikotik ateratzen zen zapiaren kolore eta marrazki berekoa. Eserita zegoen, sabela hanken artean zuela, eta jan ondoren ahoa xukatu eta honela esan zuen, ahoskera aspertu eta ia kexati batez: — Ea ba, erakutsi hanka horiek.

        — Erakutsi hankak zuzendari jaunari —errepikatu zuen amak irrikaz.

        Ordurako, estudioetan ibili eta gero, ez nintzen lotsatzen; horrela, arropak altxatu eta hankak erakutsi nizkion, eta geldirik geratu nintzen gero, jantzi barrenak eskuan hartuta eta hankak agerian nituela. Oso hanka ederrak dauzkat, luze eta zuzenak, elkarri ondo lotuak; hori bai, belaunak baino apur bat goragotik, izterrek halako taxuera xelebre bat hartzen dute, guri eta astun azaltzen dira, eta aldaken puntaraino zabaldu eta zabaldu egiten dira. Zuzendariak burua astindu zuen niri begira, eta honela galdetu zidan gero: — Zenbat urte dauzkazu?

        — Hemezortzi egin ditu abuztuan —erantzun zuen azkar amak.

        Zuzendariak ez zuen ezer esan, altxatu eta, arnasestuka, paper eta oihal artean, mahai gainean zegoen gramofono baten ondoraino ibili zen. Manibelari eragin, arretaz disko bat aukeratu eta gramofonoan jarri zuen. Gero esan zidan: — Saia zaitez musika honekin dantza egiten..., baina gona altxatuta beti.

        — Dantza lezio apur batzuk besterik ez ditu hartu —esan zuen amak. Bazekien proba erabakigarria izango zela hura eta, zeinen traketsa nintzen bazekienez, azterketaren ondorioaren beldur zen.

        Baina zuzendariak keinu egin zion eskuaz, isilik egoteko aginduz bezala, musika jarri eta beste keinu batez dantza egitera gonbidatu ninduen. Berak esan bezala hasi nintzen dantzan, jantziak altxatuta nituela. Egia esan, apenas mugitzen nituen hankak honantz eta harantz, modu zabar eta astunean, eta denboraz kanpo mugitzen nituela iruditzen zitzaidan. Zuzendaria zutik geratu zen gramofono ondoan, ukondoak mahai gainean ezarrita, aurpegia niregana jarria. Halako batean, gramofonoa itzali eta berriz eseri zen besaulkian, aldi berean atea seinalatzen zuen keinu argi samar bat eginik.

        — Ez al dago ondo? —galdetu zuen amak antsiaz eta gogor.

        Gizonak begiratu gabe erantzun zion (patriketan zigarro kaxa bilatzen zuen bitartean): — Ez, ez dago ondo.

        Nik banekien amak halako ahots batez hitz egiten zuenean sesioan hastekotan zela, eta horregatik tira egin nion besotik. Baina berak bultzada batez ni atzera bota eta, zuzendariari garretan zeuden bi begi jarriz, ozenki errepikatu zuen: — Ez dagoela ondo diozu? Eta jakin al daiteke zergatik?

        Zuzendaria, zigarroak aurkitu ondoren, pospoloak bilatzen hasi zen. Sendoa zen gorputzez, eta mugimendu bakoitzarekin neke handia hartzen zuela ematen zuen. Lasai erantzun zuen, baina arnasestuka: — Ez dago ondo, dantzarako ganorarik ez duelako, eta gero, ez duelako behar den gorpuzkera.

        Hemen, beldur nintzen bezala, betiko arrazoiekin hasi zen ama oihuka. Benetan ederra nintzela, amabirjina baten aurpegia nuela, eta begira zezala nolako bularrak, nolako hankak, nolako aldakak nituen. Zegoen lekutik mugitu gabe, gizona zigarroa piztu eta amak noiz amaituko zain geratu zen, zigarroa errez eta amari begiratuz. Gero, bere ahoskera aspertu eta kexatiaz, honela esan zuen: — Zure alaba inude ona izan ahalko da hemendik bi urtera..., baina dantzaria, sekulan ez.

        Gizon hark ez zekien zenbaterainoko gogorkeriara irits zitekeen ama; hain harrituta geratu zen, non zigarroa ezpain artetik kendu eta aho zabalik geratu baitzen. Hitz egin nahi zuen, baina amak ez zion utzi. Ama argala eta arnas bizikoa zen, eta, egia esan, ez zen ulertzen nondik ateratzen zituen ahots hura eta odolberotasun guzti hura. Hitz iraingarri mordoa esan zion, bai berari eta bai pasabidean ikusi genituen dantzari guztiei ere. Azkenik, gizonak utzitako zetazko alkandora zati batzuk aurpegira bota zizkion oihu eginez: — Alkandorak, egin ditzala zerorrek nahi duzunak..., dantzariek edo...; nik behintzat ez dizkizut egingo, ezta urrez betetzen banauzu ere—. Honelako ateraldirik ez zuen benetan espero zuzendariak, harrituta eta gorriturik, alkandora oihala gorputz eta buru inguruan biribilkatuta zuelarik. Bien bitartean, nik besotik tira egiten nion amari eta, lotsagatik eta umilazioagatik ia negarrez ari nintzen. Azkenik jaramon egin zidan; eta, zuzendaria zetazko zati haiek gainetik kentzen utzirik, gelatik irten ginen.

        Biharamunean, den-dena kontatu nion pintoreari, apur bat nire konfidentea izatera iritsi baitzen. Gustura egin zuen barre, etorkizunean inude ona izateko neukan aukerari buruz zuzendariak esan zuenaz. — Ene Adriana gaixoa! —erantsi zuen gero—, askotan esan dizut..., gaur jaiota oker egin duzu..., duela lau mende jaio behar zenuen: gaur akats iruditzen zaizkigunetako asko dohainak ziren orduan, eta alderantziz... Zuzendari hori, bere ikuspegitik, ez zebilen oker..., badaki publikoak emakume argalak nahi dituela, ilehoriak, bular txikikoak, atzealde txikikoak, aurpegi maleziatsu eta ernagarria dutenak... Zu, ordea, lodia izan gabe ere, betea zaude, beltzarana zara, bularralde ederrekoa, atzealdea berdin, eta aurpegi goxo eta lasaia daukazu... Zer egingo diozu horri? Niretzat ondo baino hobeto dago hori..., jarraitu modeloa izaten... Gero, egunen batean, ezkondu eta zu bezalako hainbat ume izango dituzu, beltzaranak, bete samarrak, aurpegi goxo eta lasaikoak.

        — Horixe egin nahi dut nik —esan nuen adorez.

        — Ederki —berak, orduan—; eta orain buelta eman pixka bat albo horretarantz..., horrela—. Pintore hark, bere erara, maite ninduen; eta, beharbada, Erroman geratu eta nire konfidentea izaten jarraitu izan balu, aholku onen bat emango zidan, eta hainbat gauza ez ziren gertatuko. Baina etengabe kexu zen ez zuelako koadrorik saltzen eta, azkenik, Milanon prestatzen ari zitzaizkion erakusketa baten aukerari heldu zion hiritik behin betirako alde egiteko. Modeloa izaten jarraitu nuen, gomendatu zidan bezala. Baina beste pintoreak ez ziren bera bezain atseginak eta maitekorrak, eta ni ez nintzen sentitzen haiei neure bizitzaz ezer esateko moduan. Bizitza bat, irudipenezkoa, ametsez, asmoz eta itxaropenez osatua baitzen, gainera; izan ere, garai hartan, ez zitzaidan ezer gertatzen.

 

 

 

© Alberto Moravia

© itzulpenarena: Koldo Biguri

 

 

"Alberto Moravia / Erromako emakumea" orrialde nagusia