AURKEZPENA

 

        Alberto Pincherle, edo, ezagunagoa den bezala, Alberto Moravia mende honetako Italiako nobelagilerik handienetako bat da, segur aski beste hizkuntzetara gehien itzuli dena, eta zinemara eramandako obra gehien idatzi dituena. Erroman jaio zen, 1907an, familia burges batean. Bederatzi urte zituela, hezurretako tuberkulosi idorrak jo eta bederatzi urte luzez egon zen gaixorik, eta eritegietan bizi behar izan zuen, ohiko ikasketarik egin ezinik; horrela, irakurle esperientzia handia eskuratu zuen, eta gaixotasunak eta bakardadeak ezarritako gelditasunean eta barne bizitzarako eta hausnarketarako eman zion denbora luzean idazle izango zenaren «aprendizgoa» egin zuen. Hasi ere, oso gazterik hasi zen idazten, eta bere lehen nobelak, 1929an argitaratu zuen Gli indiferenti izenekoak, arrakasta eta ospe handia inguratu zion, baina baita Italian urte haietan boterean zegoen faxismoaren gaitzespena ere. Horrek arazoak ekarri zizkion bere hurrengo liburu batzuk argitaratzeko eta zenbait egunkari eta aldizkaritan idazten zituen artikuluak bere izenarekin agertu ahal izateko; eta ez hori bakarrik: Saloko errepublikako faxistek atxilotu beharreko «bazter-nahasle»en zerrenda beltzean sartu zuten, eta Elsa Morante bere emaztearekin ihes egin behar izan zuen bere bizilekua zen Capri uhartetik, baina ezin izan zuten fronte lerroa zeharkatu; horrela, Napolitik gertu dagoen Ciociara eskualdean geratu behar izan zuen, eta mendiko etxe batean bizi, beste iheslari askoren eta bertako nekazarien artean. Berak aitortu zuen bezala, bere bizitzako bigarren esperientziarik garrantzitsuena izan zen, gaztetako gaixotasunaren ondoren, eta hura ere derrigortuta igaro behar izan zuen. Esperientzia horretatik atera zituen zenbait urte geroago idatzi eta harrera oso onaz argitaratu zuen La ciociara (1957) nobelarako materialak.

        Gerraren ondoren, Moraviaren literaturgintzaren bigarren aroa hasten dela esaten dute kritikoek, bere literatur heldutasunaren aroa; hartan, kemen handiz heldu zion berriro Italiako kultur eta literatur bizitzan protagonista moduan parte hartzeari, eta bere oposizioko narraziogintzak zabalkunde handia lortzeko arrazoiak aurkitu zituen. Neoerrealismoaren eta konpromiso politikoaren urteak dira Italian, oso urte biziak eta izen handiz beteak: Dino Buzzati, Italo Calvino, Tommaso Landolfi, Carlo Levi, Elsa Morante, Pier Paolo Passolini, Cesare Pavese, Vasco Pratolini, Alberto Savinio, Leonardo Sciascia, etab.

        Bigarren aro honetan idatzi zuen Moraviak bere bigarren nobelarik handiena, Erromako emakumea (1947), hain zuzen, Italiako gerra aurreko faxismoaren urte zailetan girotua, «bizitzaren benetako zaporea»ren ardatzarekin. Moraviak bere lehen nobela burgesiaren munduan kokatu bazuen, orain euskaraz aurkezten dugun honetan, ordea, bere idazkerak herriaren mundu estoiko baina bizi-egarriz betea, egunean egunekoarekin bizitzeko araua duena, usteldua baina aldi berean bizimodu normala eta egokia izateko irrika duena azaltzen digu, bizitzaren gorabeherengatik emagaldu bihurtzen den protagonistaren bidez. Adriana, horrela deitzen da, bizimodu normal eta apala —gizon egoki batekin ezkondu eta etxetxo txukun eta garbi bat eduki— izateko ametsak alde batera utzi eta, borondaterik gabe bezala, nobelan sarritan aipatzen den patu gaiztoak ezartzen dion bide errukigabea onartzen du. Maitasun ukatuen istorio bat ehunduko da horrela kontraesanez beteriko bere bizitzaren inguruan, eta bukaera tragikoa baino ezingo du izan. Nobela honetan ondo ikusiko dugu Moravia emakumearen erretratugile oso ona dela, baina, batez ere, maitasunaren eta giza harremanen mundua osatzen duten sentimendu handi eta txiki guztiak trebetasun handiz arakatzen dituela.

        Moraviaren literaturgintza oso zabala da: narrazio lanetan, hogeita hamar titulutik gora ditu, eta antzerki obrak, entseguak eta bidai kontakizunak ere idatzi ditu.

 

 

 

© Koldo Biguri

 

 

"Alberto Moravia / Erromako emakumea" orrialde nagusia