LXXXVII GUTUNA

RICA-k ***-i

 

        Giza aberea omen da gizona, diotenez. Honetan oinarrituz uste dut frantsesa beste inor baino gizonago dela; benetako gizon-gizona: dirudienez, gizarterako egina baitago soilik.

        Baina hauetariko batzuek ezagutu izan ditut, ez bakarrik lagun-arteko direnak, Gizarte Unibertsala ere beraietxek osatzen dutenak. Ixkina guztietan ageri baitira; eta istant batean hiri bateko lau auzotan dabiltza. Horrelako ehun gizonek mila hiritarrek baino anitzago dirudite; arrotzen begietarako izurritearen edo gosetearen kalteak errepara lezaketelarik. Eskoletan galdetzen ohi da, ea gorputz bat egon daitekeen istant berean leku anitzetan: beraietxek dira filosofoek dudatan ipintzen dutenaren froga.

        Beti presaka dabiltza, topatzen duten guztiekin, nondik datozen, eta nora doazen galdetzeko egitekoa baitute.

        Ez zaie sekulan burutik joango egokitasunak eskatzen duela egunero jendea partikularzki bisitatzea, kontatu gabe jendea biltzen den lekutan egindako bisitak. Baina, bide hau azkarregia baita, ez da kontutan hartzen beren zeremonioen araudietan.

        Ekaitzak eta haizeak baino gehiago nekatzen dituzte ateak aldaba joka. Atezain guztien zerrendak aztertuko balira, egunero mila zirriborro ezberdinetan heien izen deiturak agertuko lirateke. Ehorzketetan doluminak eta ezkontzetan zorionak ematen pasatzen dute beren bizitza. Ez du Erregek zerbitzaririk sariztatzen, haien bozkariozko adierazpena errezibitu gabe, eta horretarako beribila alokatu gabe. Beraz, guztiz akituak etxeratzen dira, biharamunean beren funtzio nekagarriari berriro eusteko.

        Nekeak harturik lehengo egun batean halako bat hil egin zen, eta honako hau idatzi zioten hilobian: «Hemen pausatzen da sekulan errepausurik hartu ez duenak. Bostehun ehorzketa lagundu zituen. Bi mila seiehun eta laurogei haurren jaiotzak ospatu. Beti modu ezberdinez zorionak eman zizkien bere lagunei, zeinen pentsioek bi milioi eta seiehun mila libera batzen duten; karriketan barrena zanpaturiko bideak bederatzi mila eta seiehun estadio neurtzen ditu; hiritik kanpo egindakoak hogeita hamasei. Solas atsegina zuen: hirurehun eta hirurogeita bost ipuin zekizkien; eta, bestalde, bere gaztarotik okasio berezi-berezietarako Zaharrengandik iritsitako ehun eta hemezortzi erran zuhur bildu zituen. Hirurogei urte zituela hil da. Nagoen isilik, Bidaiari. Zeren, nola kontatuko nizuke zehatz-mehatz egin eta ikusi duen guztia?»

Parisetik,
1715eko Gemmadi 2.aren ilargiaren 3an.

 

 

 

© Montesquieu

© itzulpenarena: Patri Urkizu

 

 

"Montesquieu / Pertsiar Gutunak" orrialde nagusia