LXXXV GUTUNA
USBEK-ek ISPAHAN-en dagoen MIRZA-ri
Mirza, zuk badakizu Cha-Soliman-en asmoa zela Persiako Armeniar guztiak erresumatik at bidaltzekoa edo, Mahometarrak eginaraztekoa, pentsatuz haren baitan fedegabe hauek bizi ziren bitartean gure inperioa beti kutsatua izanen zela.
Persiarren handitasuna galdua zitzaketen okasio honetan debozione itsuari jarraiki izan balitzaio.
Ez dakigu nola asmoak huts egin zuen: ez erabakia proposatu, ez eta ezezkoa eman zutenek ez zituzten ezagutu ondorioak; arrazoinaren eta politikaren egitekoa bete zuen menturak, eta bi hiriren galaraz edota bataila baten galtzeaz sufri zezakeen baino arrisku handiagotik libratu zuen Inperioa.
Armeniarrak desterratuz pentsatu zen, egun bakarrean deseginen zirela Erresumako merkatari eta ia artisau guztiak. Ziur naiz nahiago zukeela Cha-Abas handiak bi besoak ebaki horrelako agindua zinatu hain, uste zuenez, Mogolari eta Indietako beste erregeei pertsonarik antzetsuenak bidaliz, bere estatuen erdiak oparitzen zizkiela.
Gure Mahometar sutsuek Gebrarrei sufriarazi dizkieten pertsekuzioneek behartu diete hauei Indietara multzoka pasatzera, eta hain laborari artatsuak dituen eta beren lanaren bitartez soilik gure lurren agortea gainditzen zekien nazio honetaz gabetua izan da Persia.
Debozioneari ez zitzaion beste bigarren kolpe bat baizik falta: lana lurperatzea: honen medioz Inperioa berak beheko erreka jotzen zuen, eta berarekin batera halabeharrez hain loratua ikusi nahi zen erlijioa bera.
Aurre-iritzirik gabe pentsatu behar bada, Mirza, ez dakit ez ote den hobeago estatu batean erlijio anitz izatea.
Ohar gaitezke, erlijio haizuan bizi direnak ordinariozki sorterriarentzat ongarriagoak direla erlijio garailekoak baino; zeren, ohoretarik urrun, beren joritasun eta aberastasunez soilik nabarmendu daitezkeenez, bultzatuak baitaude hauek lortzera beren lanen medioz, eta Gizarteko ofiziorik nekagarrienak hartzera.
Bestalde, erlijio guztiek dauzkatenez Gizartearentzat ongarriak diren aginduak, on da ere kartsuki beteak daitezen. Eta zer dago bada kar hau pizteko bere ugaritasuna bezalakorik?
Elkarri ezer barkatzen ez dioten etsaiak dira. Jeloskeria partikularretaraino iristen da: bakoitza beldur baita bere taldea desohora dezakeen gauzarik egiteko, eta talde etsaiaren mespretxu eta gaitzespen barkaezinen menpean izateko.
Horrengatik beti azpimarratu izan ohi da estatu batean talde berri bat sartzea zela biderik ziurrena zaharrenaren gehiegikeriak zuzentzeko.
Huskeria da esatea, Printze baten interesak ez dezakeela sufritu bere estatuan erlijio aniztasunik: Munduko talde guztiak bertan batuko balira ere, ez lioke horrek inongo gaitzik sortuko, denek agintzen baitute obedientzia eta menpetasuna.
Aitortu behar dut historiak erlijio gerrez beteta daudela. Baina, erne, ez ditu gerra hauek erlijio aniztasunak sortu, berea garaile zela uste zutenen intolerantzia izpirituak baizik; proselitismo grina hori Juduek Egiptoarrengandik hartu zuten, eta hauengandik herri izurrite bailitzan Mahometarren eta Kristauengana pasa da; beraz, azken finean, zoramen honen gehitzea giza adimenaren eklipse osoa bezala, ez besterik, kontsideratu behar da.
Ezen, azkenik, besteen kontzientzia zigortzea berez basakeria ez balitz ere, berarengandik sortzen diren mila gaitz horiek sortuko ez balira, zoro izan behar litzatekeen hala obratzeko. Erlijioaz aldatu nahi nauenak dudarik gabe, horretan saiatzen da, ez lukeelarik utziko berea bortxaturik ere: eta beraz, zergatik harritu behar du, Munduko inperioarengatik ere agian berak egingo ez lukeena, nik egiten ez badut?
Parisen,
1715eko Gemmmadi 1.aren ilargiaren 26an.
© Montesquieu
© itzulpenarena: Patri Urkizu