LXXXIII GUTUNA
USBEK-ek VENEZIAn dagoen RHEDI-ri
Ene Rhedi maitea, Jainko bat bada, nahita nahiez zuzena behar du izan: ezen, hala ez balitz, gizaki guztien arteko gaiztoena eta makurrena litzatekeen.
Justizia bi gauzen artean aurkitzen den egokitasuna da; hauen arteko harremana beti bera da, dena dela kontsideratzailea, hala Jainkoa, nola aingerua, edo azken finean gizona.
Egia da gizonek ez dituztela beti harreman hauek ikusten; maiz gainera ikusten dituztenean aldentzen dira; eta beren interesa dela beti hoberen ikusten dutena. Justiziak ahotsa goratzen du, baina, apenas entzuten den pasioen nahaste-borrastean.
Zuzengabekeriarik bum dezakete gizonek, hala interesatzen zaielako, eta besteen atseginari berena hobesten diotelako. Beti beren baitara itzuliz aritzen dira: inor ez baita gaiztoa arrazoinik gabe. Beharrezkoa da zio eragileren bat, eta zergati hau arrazoin interesatua izaten ohi da.
Baina ezinezkoa da Jainkoak buru dezan zuzen ez denik; Justizia ikusten duenez, halabeharrez jarraiki behar dio; deusen beharrik ez duenez, eta bere burua askiesten, izaki orotan gaiztoena bailitzateke, interesik gabe zuzengabea izanik.
Beraz, Jainkorik ez balitz ere, beti maite beharko genuke Justizia; alegia, gure iritziz halako irudi ederra duenaren pareko izaten ahaleginak egin beharko genituzke, balitz, nahita nahiez zuzena beharko lukeena izan. Erlijioaren uztarritik aske bagina ere, ez genuke Zuzentasunarenetik libre izan behar.
Hona, Rhedi, zerk pentsarazi didan Justizia betikoa dela eta ez dela giza itunen ondorio; eta horrela gertatuko balitz, bere buruari gorde beharko liokeen egia izugarria litzateke.
Gu baino indartsuagoak diren gizonez inguratuak gaude: mila era ezberdinez gaitz egin diezaguketenak; eta gehienetan mindu gaitzakete gaztigurik gabe.
Zer nolako lasaitasuna dakigularik gizon guztien bihotzean gure alde borrokatzen ari den eta haien gaiztakerietarik libratzen gaituen barne hastapen bat badela!
Horren ezean amairik gabeko beldur pean ginateke: gizonen aurretik lehoinen ondotik bezala iraganen ginateke, eta inoiz ez geundeke ziur gure ontasun, gure ohore eta gure bizitzaz.
Burutazio guzti hauek dabilzkit, Jainkoak bere ahalmena tiranokeriaz darabilen izaki bezala irudikatzen didatenen kontra; gu geu hura ez ofentsatzearren, arituko ez ginatekeen erara obrarazten diotenen kontra; gure baitan zigortzen dituen huts eta oker guztiez janzten dutenen, eta beren iritzi kontraesanetan, orain gizaki gaizto, eta gero gaizkia gorrotatzen eta zigortzen duen norbait balitz bezala irudikatzen dutenen kontra.
Zein bozkario handia gizon batentzat bere burua aztertzen duenean eta ikusten, bihotz zuzen bat duela! Apal izanik ere, plazer honek guztiz kontentatu behar du: Bere burua, hain ikusten du halako bihotza ez dutenen gainetik, non tigre eta hartzen gainetik ikusten duen. Bai, Rhedi, begien aurrean daukadan Zuzentasun honi, beti eta inoiz hautsi gabe jarraikitzeko gai banintzaio, gizonen artean lehena sentituko nintzateke.
Parisetik,
1715eko Gemmadi 1.aren ilargiaren 1ean.
© Montesquieu
© itzulpenarena: Patri Urkizu