LXXXII GUTUNA

RICA-k SMYRNE-n dagoen IBBEN-i

 

        Benetan berritsuak izan arren frantsesak, badira heien artean, ordea, derbitxe goibel batzuek kartuxoak deitzen direnak. Esaten dutenez, mihia mozten dute komentuan sartzean, eta oxala beste derbitxe guztiek era berdintsuan beren ofizioa dela eta alferrikakoa dutena ebakiko balute.

        Jende mutuez ari garela, hauek baino bitxiagoak ere badira, eta dohain berezi-berezia dutenak. Deus ere esan gabe mintzatzen dakitenak dira, eta solasartea atsegina egiten dutenak ordu pare batean, ezer ezin zaielarik ulertu, ez plagiatu, ezta esan dutenaz ezertxo ere gogoratu.

        Andereek jende mota hau txit gogoko dituzte; baina Naturak emanik okasioa denean, alegia, une oroz behar bezala irri egiteko talentu maitagarria duten, eta beraiek dioten denari baia irritsua egiten dietenak, areago maite dituzte oraindik.

        Baina argiaren gailurra lortzen dute gauzarik arruntenetan hamaika ezten jenioz beteak, eta hamaika finezia entzuten duten orotan aurkitzen dakitenak baitira.

        Bizirik gabeko gauzak solasetan sartzen dutenak ere ezagutzen ditut, beren jantzi brodatuari, perruka horixkari, tabakerari, makilari eta esku-narruei hitzarazten dietenak. Komeni da entzuna izan dadin jada kalean karrosak egin hotsaren bidez eta aldabaren atejoka bortitzen bitartez: aitzin-solas hauek geroko perpausa iragartzen dute, eta lehen hitzak ederrak direnean, ondoren datozen lelokeria guztiak irensgarriak egiten dira eta zorionez berandu samar heltzen.

        Aitortzen dizut gure herrian estimurik batere ez duten talentu ttipi hauek, edukitzeko aski zoriontsu direnei baliagarri zaizkiela hemen, eta beraien aurrean gizon zentzudun batek ez duela batere luzitzen.

Parisetik,
1715eko Rebiab 2.aren ilargiaren 6an.

 

 

 

© Montesquieu

© itzulpenarena: Patri Urkizu

 

 

"Montesquieu / Pertsiar Gutunak" orrialde nagusia