LXII GUTUNA
ZEUS-ek PARISen dagoen USBEK-i
Zure alabak jada zazpi urte egin berri dituenez iruditu zait garaia zela andereneko barne ganbaretara iragan zedin hamar urteak itxaron gabe eunuko beltzengana eramateko, zain dezaten. Inoiz ez da goizegi neskato bati haurtzaroko askatasunez libratzeko, eta ahalkea bizi den murru sakratuen barnean heziketa saindu bat emateko.
Zeren ez naizen ni zenbait amaren iritzikoa, zein senarra emateko puntuan direnean soilik, beren alabak dituzten gordetzen; eta anderenera kontsakratu ordez, kondenatu egiten dituzten, bortizki bizimodu bat harrarazten, sustatu beharko liekeenaren ordez. Zergatik itxaron behar ote da dena arrazoinaren indarretik eta deus ere ez ohituraren eztitik?
Alferrik mintzo zaizkigu Naturak ezarri menpekotasunaz. Ez dela aski sentiaraztea: praktikan ezarrarazten digutela, pasioak sortzen, eta independentziarantz bultzatzen hasten diren garai latz honetan sostenga gaitzan.
Egitekoak bakarrik lotuko bagintu zuekin, batzuetan ahaztu egingo genuke. Jaidurak soilki zuzenduko bagintu, agian beste bortitzago batek ahulduko luke. Baina, legeek gizon bat ematen digutenean, beste guztiak osten dizkigute eta beraiengandik ehun mila legoatara bageunde bezala eramaten.
Natura, gizonen faboretan hain antzetsua dena, ez da mugatu haiengan desirkundeak ezartzera: nahi izan du ere, guk eduki genitzan, eta haien zorionaren erreminta arimadunak izan gintezen; pasioen sua ipini du gugan, soseguz biziaraz ditzagun, eta eginak dauden soraiotasunetik irteten badute, bertara itzul ditzagun, inoiz ez dezakegularik dasta beraiengan sortzen dugun egoera zoriontsuaz.
Alabaina, Usbek, ez pentsa zure egoera nirea baino zoriontsuagoa denik: ezagutzen ez duzun hamaika plazerez gozatu bainaiz hemen; eta nire irudimena etengabe aritu da lanean duten prezioa ezagutzeko; bizi egin naiz, zu ihartu besterik ez zaren bitartean.
Naukazun presondegi honetan bertan, zu baino askeago naiz: zenbat eta zainduago orduan eta zure kezkez gehiago gozatzen dut: eta zure iduripenak, zure jelosia, zure ardurak daukazun menpekotasunaren bestainbat seinale dira.
Jarrai, Usbek maitea: egizu gau eta egun zain nazaten: ez zaitez fida kontu arruntekin; handitu ezazu nire zoriona zurea segurtatuz; eta jakin ezazu beldurtzen nauen gauza bakarra zure hoztasuna dela.
Ispahan-go anderenetik,
1714ko Rebiab 1.aren ilargiaren 2an.
© Montesquieu
© itzulpenarena: Patri Urkizu