XLVII GUTUNA
ZACHI-k PARISen dagoen USBEK-i
Berri handi bat daukat zuretzat: Zéphis-ekin bakeak egin ditut; anderenea bion artean banaturik zegoena batu da. Zu bakarrik falta zara bakea gailen den paraje hauetan. Zatoz, ene Usbek maitea, maitasuna garaile dadin.
Besta handi bat eskaini diot Zéphis-i zure ama, zure andere eta zure ohaide printzipalenak gonbidatuak izan direlarik bertara; zure izeba eta lehengusu asko hantxe zeuden ere, zaldiz etorriak, begitarteko oihal eta jantzien hedoi ilunak estaltzen zituela.
Biharamunean libreago izateko esperantzaz landara joan ginen. Gure gameluen bizkarrera igo eta lau ginen besaulki bakoitzean. Partiada berehalakoa izan zenez ez genuen astirik ukan inguruan erretreta iragartzeko, baina Lehen Eunukoak beti bezain antzetsu eta zuhur beste ardura hartu zuen: ikusiak gintezen galarazten zuen oihalari halako gortina lodia erantsi zion, non ez zenezakeen inolaz inor ikusteko aukerarik izan.
Ibai honetara iritsi ginenean iragan beharrean aurkitu ginen eta bakoitza, ohiturari jarraikiz, kutxa baten barrenean sartu eta ontzira eramana izan zen: zeren, esaten zigutenez, ibaiertzak jendez beterik zeuden. Kurios batek, gordeta geunden lekura gehiegixko hurbildu zitzaigularik, kolpe izugarri bat hartu zuen, ondorioz betirako argirik gabe gelditu zelarik; ibaiertzean larrutsik igeri zebilen beste batek zori bera izan zuen eta zure eunuko fidelek zure eta gure ohoretan bi dohakabe hauek sakrifikatu zituzten.
Baina entzun ezazu gure abenturen azkena. Ibai erdian gindoazenean halako haize bortitza jaso zuen eta halako hedoi izugarriak estali zuten zerua, non gure marinelak etsimenduz betetzen hasi baitziren. Arriskuaren beldurrak harrapaturik minzuriak jo gintuen ia denak. Oroit naiz gure eunukoen ahotsak eta eztabaidak entzuten nituela, batzuek egoeraren larriaz abisatu behar zigutela zioten, eta gure presondegietatik atera, baina beren aitzindariak une oroz esaten zien, nahiago zuela hil bere nagusia hala desohoratu baino lehen, eta puñala sartuko ziola halako proposamen ausartik aurkezten zion lehenbizikoari. Bere onetik aterata zegoen nire esklaboetatik bat korrika inguratu zitzaidan apaindu gabe ni sokorritzearren; baina eunuko beltz batek basaki heldu eta irten lekura itzularazi zuen. Orduan konortea galdu nuen eta ez nintzen nire baitara heldu arriskua pasa arte.
Zenbat eragozpen izaten dituzten andereek bidaietan! Gizonek beren bizitzak gal zorian ezar dezaketenak soilik pairatzen dituzte, baina gu, une oroz gure bizitza eta bertutea galtzeko beldurrez gara.
Adio, ene Usbek maitea. Beti adoratuko zaitut.
Fatmé-ko anderenetik,
1713ko Rhamazan-ea ilargiaren 2an.
© Montesquieu
© itzulpenarena: Patri Urkizu