XLIV GUTUNA

USBEK-ek VENEZIAn dagoen RHEDI-ri

 

        Frantzian hiru estatu mota daude: Eliza, Ezpata eta Lege-gizonak. Bakoitzak neurrigabeko mespretxuan ditu beste biak: hala, berez leloa izateagatik mespretxatu beharko luketena ez dute gutxiesten abokatu izateagatik baizik.

        Artisau apalenek ere beren artean liskarrak izaten dituzte hautatu duten antzearen bikaintasunaz: nork beste ofiziokoaren gainetik jasotzen du berea, duen lanaren gorentasunaz daukan ideiaren arabera.

        Gizon guztiek gutxi gora-behera, gure monarka baten graziaren bat hartutakoan Erivan-go probintziako emakume haren antza dute, zeinek, ematen zizkion bedeinkazionetan, mila aldiz eskatzen zion Zeruari Erivan-go gobernari hauta zezan.

        Istorio batean irakurria daukat, Gineako kostan itsasontzi frantses batek aingurak bota zituelarik, zenbait gizonek lehorrera joan nahi izan zuela ahari batzuk erosteko asmotan. Zuhaitz baten pean justizia egiten zuen erregeagana eraman zituzten. Tronu baten gainean eserita zegoen, alegia, zurezko zur puska baten gainean, Mogol Handiaren tronu gainean egongo balitz bezain harro; zurezko pika batzuek zituzten hiruzpalau zaindariz inguratua; eguzkiaren berotasunetik estaltzen zuen ohe-zeru bezalako guardasolak, zeramatzan hornimendu guztiak, hala nola erregina anderearenak, beren larru beltz eta eraztun zenbait besterik ez ziren. Harroa baino miserableago zen Printze honek arrotz hauei galdetu zien, ea asko mintzo zen Frantzian bere gainean. Uste zuen bere izena polo batetik bestera garraiatua; eta Lur osoa isilarazi zuen konkistatzaile harengandik zeharo alderantziz, Unibertso guztiaren mintzagai behar zuela izan.

        Tartariako khan-ak afaldu duenean oihugile batek aldarrikatzen ohi du Lurreko guztiek jada afal dezaketela, hala balegokie, eta esnea besterik jaten ez duen, etxerik ez duen, eta lapurretik bizi den barbaro honek Munduko errege guztiak bere esklaboak balira bezala begiratzen ditu, eta egunero bitan heiez trufatzen da.

Parisen,
1713ko Rhegeb-en ilargiaren 28an.

 

 

 

© Montesquieu

© itzulpenarena: Patri Urkizu

 

 

"Montesquieu / Pertsiar Gutunak" orrialde nagusia