XIX GUTUNA
USBEK-ek ISPAHAN-go bere adiskide RUSTAN-i
Tocat-en zortzi egun besterik ez ditugu eman, eta hogeita hamabost egun ibili ondoren Smyrne-ra iritsi gara.
Ez da hiri bat bakarra aipatzea merezi duenik Tocat-ik Smyrne-ra. Harriduraz ikusi dut zein nolako ahuleziak jotzen duen Osmanlindarren inperioa. Gorputz eri hau ez du zutik iraunarazten errejimen ezti eta epel batek, eten gabe akitzen eta higatzen duten erremedio bortitzek baizik.
Diruaren truk soilik beren lan karguak lortzen dituzten patxak, ontasunak irentsirik sartzen dira probintzietan, eta hondatzen dute konkistatzera bailihoazen. Gudaroste harroek beren kapritxoak bakarrik dituzte jaun eta jabe. Plazak hustuak, hiriak desertu, soroak deseginak, nekazaritza eta merkataritza guztiz abandonatuak.
Gobernu latz honetan ez dago gaztigurik: lurra lantzen duten kiristinoak, zergak biltzen dituzten juduak hamaika bortizkeria jasan beharrean aurkitzen dira. Lur jabegoa duda-mudazkoa da, eta ondorioz baliaraziko duen garra epela, gobernarien kapritxoaren kontra ezer guti dezakete titulu eta jabegoek.
Hain abandonaturik dituzte arteak barbaro hauek, ezen gerrako artea bera ahantzirik duten. Egunetik egunera Europako nazioak fintzen ari diren bitartean, antzinako ezjakintasunean gelditzen dira, eta ez dira arduratzen ediren berriez beraien kontra mila aldiz erabiliak izan direnean baizik.
Ez dute itsasoko esperientziarik batere, maniobren berri izpirik ere ez dute. Diotenez harkaitz batetik irtendako kiristino multzotxo batek otoman guztiak izerditan eta inperioa neke-larrian ipintzen du.
Merkataritza egiteko gai ez direlarik, penaz sufritzen dute nola Europarrak beti langile eta suhar ordezkoa egiten duten; eta uste dute atzerritar hauei mesede egiten dietela aberasten utziz.
Lurralde zabal hau batetik bestera iragaitean soil-soilik Smyrne aurkitu dut hiri aberats eta bortitz bezala kontsidera daitekeenik. Eta hala bilakatzen dutena europarrak dira, ez dagokie beraz turkoei beste guztien berdin izatearen meritua.
Hona, Rustan maitea, inperio honen ideia zehatza, hemendik bi mendetara konkistatzaile edonoren garaipenen antzezleku izanen dena.
Smyrne-n,
1711ko Rhamazan-en ilargiaren 2an.
© Montesquieu
© itzulpenarena: Patri Urkizu