XVIII GUTUNA
MÉHÉMET-HALI-k, Profeten zerbitzariak,
ERZERON-en dagoen USBEK-i
Gure Profeta sainduari hamaika aldiz egin zizkioten galdera berak egiten dizkidazu. Zergatik ez dituzu irakurtzen Doktoreen Tradizioak? Zergatik ez zoaz adimen guztien iturri aratz honetara? Zure duda-muda eta zalantza guztiak argituak leudeke.
Zorigaiztokoa Lur honetako gauzetan beti nahasirik zerukoak begirada tinkoz inoiz behatzen ez duena, eta mollak-en bizitza miresten duzuenak inoiz ez jarraitu, ez besarkatzera ausartu gabe!
Profanoak, sekulan Betikoaren sekretuetan sartzen ez zaretenak, zuen argiak Su-leizeko ilunpeak dirudite, eta zure adimenaren arrazoinamenduak ekainean, Chahban-en hilabete kiskalgarrian, oinek altxatzen duten hautsaren parekoak dira.
Halaxe zuen adimenaren gaingorena ez zaio iristen immaum ttipienaren behe-beherenari. Zuen filosofia hutsa ekaitza eta iluna iragartzen duen tximista baizik ez da; ekaitzaren erdian baitzaudete eta haizearen nahiara baitzabiltzate.
Aski erraza da zure dudari erantzutea, horretarako ez da behin gure Profeta sainduari gertatu zitzaiona oroitzea baizik, alegia, kiristinoek tentatu eta juduek neurtu zutenean, batzuek eta besteak berdin ahalkearazi zituelarik.
Abdias Ibesalon juduak galdetu zion, bada, ea zergatik debekatu zuen Jainkoak zerrikirik jatea. «Ez da arrazoinik gabe, erantzun zuen Mahomak, abere lizuna baita, frogatuko dizudan bezala.» Egin zuen eskuan buztinez gizonaren irudia eta lurrera bota zuen oihukatuz: «Altxa!» Eta berehala altxatu zen gizona esanez: «Ni Japhet deitzen naiz, Noeren semea». Hain urdindurik al zeneuzkan ileak hiltzerakoan? galdetu zion Profeta sainduak. «Ez, erantzun zuen, baina esnatu nauzunean uste nuen Judizioaren eguna iritsia zela, eta halako beldurra sartu zait bat-batean ileak urdindu egin zaizkidala.»
«Abere guztien zikinkeriak Arkako zoko batean biltzen genituen; honen kargak, ordea, ia iraularazi zuen arka eta izuz bete ginen, batez ere oihu lazgarriak botatzen zituzten gure emazteek. Gure aita Noek Jainkoari aholkua eskatu zion, eta honek gomendatu elefantea hartu eta honen burua bira zezala zintzilik gelditu aldera. Abere honek hainbesteineko lohitegia sortu zuen non bertatik zerria sortu zen.»
Ulertzen duzu, Usbek, zergatik orduz geroztik honen okela higuin eta abere lohi gisara begiratzen dugun?
Baina zerriak egunero lohitegia higitzen baitzuen, honi eta Arka guztiari halako kiratsa zerion, non beraxek doministikua ezin izan zuen galarazi eta sudurretik bidean topo egiten zuen dena karruskatzen zuen arratoi bat irten zitzaion; hau, bada, hain izan zitzaion pairagaitza Noeri, non berriro Jainkoari iritzia eskatzea deliberatu zuen. Honek agindu zion lehoinari kolpetzar bat eman ziezaion kopetan, ondorioz lehoinak urtzintz ikaragarria bota zuen, baina hain bortitza gainera, non sudurretik katu bat irten zitzaion. Uste duzue oraino animaliok lizunak ez direnik? Zer deritzozue?
Beraz, ez zarenean ohartzen zenbait gauzaren lizunkeriaz, esan nahi du, beste gauza anitz ez duzula ezagutzen, eta Jainkoa, Aingeruak eta Gizonen arteko gertaeren ezjakina zarenaren seinalea dela. Ez dakizu zein den Eternitatearen istorioa; bertatik agertarazten zaiguna, liburutegi jainkozkoaren zatiño bat besterik ez baita, eta gu bezala hurbilago daudenak, bizitza honetan dauden bitartean, goibeltasun eta iluntasunean murgildurik dira oraino.
Agur, bego Mahoma zure bihotzean.
Com-en,
1711ko Chahban-en ilargiaren azkena.
© Montesquieu
© itzulpenarena: Patri Urkizu