CLXI GUTUNA

ROXANA-k PARISen dagoen USBEK-i

 

        Bai, engainatu egin zaitut: zure eunukoak liluratu, zure jeloskeriaz burla egin, eta jakin izan dut zure anderene izugarria plazer eta atseden leku bilakatzen.

        Hiltzera noa: pozoina zainetarik igeri dabilkit. Zer egin dezaket, bizitzari lotzen ninduen gizon bakarra jada ez badago hemen? Akabatzen ari naiz; baina nire itzala konpainia onean doa hegan; nire aitzinetik bidaliak ditut dagoeneko Munduko odolik ederrena isuri duten zaindari sakrilegoak.

        Nola pentsa zenezakeen tentela eta Munduan zure kapritxo hutsak bakarrik adoratzeko nintzatekeenik? zuk dena haizu zenuen bitartean nire desio guztiak zanpa zenitzakeenik? Ez! Menpeko bizi izan naiz, baina beti aske: zure legeak Naturarenekin egokitu ditut, eta nire arima beti bizi izan da independentzian.

        Eskerrak eman beharko zenizkidake oraindik egin dizudan sakrifizioagatik: apaldu naizelako leial iruditzeraino; beldurrez nire bihotzean gorde izateagatik Mundu guztiaren aurrean adierazi behar nuena; azken finean, bertutea lohitu eta pairatu dudalako, dei diezaioten horrela zure fantesiekiko nire menpekotasunari.

        Harri eta zur gelditzen zinen ez ikusteaz nigan amodioaren zoramendurik. Ongi ezagutu izan bazenit, bertan gorrotoaren bortizkeria guztia ediren zenukeen.

        Baina luzaro uste izan duzu harro-harro zurea zela nirea bezalako bihotza. Biok zorionekoak ginela: uste zenuen engainatzen ninduzula eta ni izaki, ordea, engainalaria.

        Mintzaera hau arrotza eta berria irudituko zaizu, dudarik gabe. Nire dolorearekin samindu ondoren bultza ote zaitzaket nire kuraia mirestera? Baina, dena dela, hau amaitu da: pozoinak erretzen nau; nire indarrek abandonatzen naute; luma eskutik erortzen ari zait; gorrotoa bera ahultzen doa; hiltzen ari naiz.

Ispahan-go anderenetik,
1720ko Rebiab 1.aren ilargiaren 8an.

 

 

 

© Montesquieu

© itzulpenarena: Patri Urkizu

 

 

"Montesquieu / Pertsiar Gutunak" orrialde nagusia