CXXXII GUTUNA

RICA-k ***-i

 

        Duela bospasei hilabete kafe batean izan nintzen eta denek entzuten zuten aski itxura oneko jaun bat ikusi nuen: Parisen bizitzearen plazeraz mintzo zen, eta Probintzian aspertzera behartua egoteaz kexatzen. «Badauzkat, zioen, hamabost mila libera lur errentetan, baina askoz ere zoriontsuagoa nintzateke horien laurdenak zilarretan eta eramangarriak diren kanbioetan banitu. Nire laborariak estutzen ditudalarik eta justiziazko errentez zamatzen, gero eta zorrez kargatuagoak gelditzen dira, eta ez dut sekulan batera ikusi ehun pistola. Hamar mila libera zor banitu, nire lur guztiak hartuko lizkidakete eta ni Ospitalean nintzateke.»

        Kasu gehiegirik egin gabe irten nintzen; baina atzo auzo honetan nengoelarik sartu nintzen etxe berean, eta ikusi nuen aurpegi xurixka eta luzextako gizon serioa, bospasei solaskideren artean hits eta pentsakor zirudiena, une batean kolpetik honela mintzatzen zela: «Bai, jaunak, bai, esan zuen ahotsa goratuz, erreka jo dut; ez dut jada zertaz bizi: zeren, egun etxean berrehun mila libera ditudan banku paperetan, eta ehun mila zilar ezkutu. Egoera izugarrian aurkitzen naiz: aberats nintzela uste nuen, eta hona non Ospitalean nagoen. Gutxienez erretiroa hartzeko lur zatitxo bat banu, ziur nengoke zertaz bizi, baina kapelu honetan sartzen den lurrik ere ez dut.»

        Oharkabean bestaldera begiratu nuen eta jota bailegoan keinuka ari zen gizon bat aurkitu nuen. «Nortaz fida daiteke? oihuka zioen. Nire adiskiderik minena bezala neukanak utzi nion dirua itzuli egin dit, traidoreak. Hau da, hau fede gaixtoa! Betirako niretzat jada desohoratu bat izanen da.»

        Han bertantxe bazen jantzi zarpailez beste gizon bat begiak Zerura jasoaz honakoxea zioena: «Jainkoak bedeinka ditzala gure ministroen egitasmoak! Ainitza ikus akzioneak bi milatan, eta Pariseko lekaio guztiak beren nagusiak baino aberatsago!» Kuriositatez galdetu nuen haren izena. «Benetan guztiz pobrea den gizona duzu, esan zidaten, eta duen ofizioa ere miserablea da: genealogista, eta bere antzeak etorkizunik izatea espero du, zeren, fortunak sortzen segitzen badute aberats berri guzti hauek, bere beharra izanen duten izenak aldatzeko, beren asaba zaharrak goraltzeko eta beren karrosak hornitzeko. Uste du, nahi adina kalitatezko jende bilaka dezakeela, eta bozkarioz beterik dago datozkion lan ugariak direla eta.»

        Azkenik, agure zurbil eta lehor bat sartzen ikusi nuen, ohartu nintzelarik eseri aitzin berriemaile bat zela. Bizitzaren errebes guztien kontra, seguru garaile bat daukaten horietakoa, eta beti, bai garaipen, bai trofeo irabazle irudikatzen dituzten horietakoa ez zela garbi zegoen; alderantziz, albiste tristeak soilik dauzkaten dardarti horietakoa. «Arazoak benetan oso gaizki doaz Espainiako partetik, zioen: ez dugu zaldungorik mugan, eta beldur naiz Pio printzea talde hindi batekin ez ote den sartuko Languedoc-en sutagar.»

        Nire aurrez aurre bazen aski gaizki jantzirik filosofo bat, berriemailea gupidesten eta bizkarra jasotzen zuena, besteak ahotsa altxatzen zuen bakoitzean. Inguratu nintzaion eta belarrira esan zidan: «Ikusten duzu nola tentel hau ari zaigun duela ordu bat aspertzen bere Languedoc-eko beldurra dela eta, ni, ordea, atzo arratsaldean ohartu nintzen Eguzkiaren nota batez, honek handituz gero, natura guztia lehorraraz lezakeena, eta ez dut fitsik ere komentatu.

Parisen,
1719ko Rhamazan-en ilargiaren 17an.

 

 

 

© Montesquieu

© itzulpenarena: Patri Urkizu

 

 

"Montesquieu / Pertsiar Gutunak" orrialde nagusia