CXXIV GUTUNA

USBEK-ek VENEZIAn dagoen RHEDI-ri

 

        Zein izan daiteke printzeek beren gortesauekiko darabiltzaten liberaltasun neurrigabeen arrazoina? Berenganatzeagatik ote? Baina daitekeen neurrian bereak dituzte; eta, bestalde, menpekoren batzuek erosiz irabazten badituzte, era berean eta arrazoin beragatik, hamaika galtzen dituzte pobre bilakatuz.

        Gupidesten ditut printzeak, beti gizon diru-egarri eta aseezinez inguraturik ikusten ditudanean, eta areago oraindik, ez direnean gai eskaera beti kariagoei deus ere eskatzen ez dutenentzat aurre egiteko.

        Ez dut inoiz entzuten erabili dituzten liberaltasunez, graziez eta emandako pentsioez hitz egiten, hamaika gogoeta buruan erabili gabe: burutazio nahasiak dauzkat eta badirudit agindu hau publikatzen entzuten dudala:

        «Gure menpeko batzuek pentsioak eskatzen daukaten kurai nekaezinak probatzen nau etengabe nire errege ariketa emankorrean, azkenean aurkeztu dizkiguten hainbat eskaerari baia emanez, Tronuaren kezkarik handiena orain arte izan dena. Adierazi digute, gure koroatzeaz geroztik, ez dutela hutsik egin inoiz jaikiera zeremoniorik; beti ikusi ditugula gure pasaian geldirik zutabeak bezala, eta ahalik goren, bizkarrik altoen gainean. Gure Eztitasuna ikustearren ipini direla. Errezibitu ditugu ere zenbait eskaera andere batzuen partetik, galdatuz arreta ipini dezadan nabarmen delako oso mantenu garestia dutela; halaber, urtetan sartuak diren zenbaitek eskatu digute burua astinduz, ohar gaitezen gure aitzindariak ziren erregeen gorteko hornimendua izan zirela, eta, beren guda ekintzez Estatua beldurgarria bilakatu bazuten armadetako jeneralek, beraiek ere Gortea ospe eta fama handiko egin zutela beren azpi-jokoez. Beraz, eskaleak ongi tratatu nahirik eta aurkeztu galde guztiak eman gogoz ondorengoa erabakitzen dugu:

        »Bost seme dituen laborari orok egunero ematen dien ogi razioaren bosgarrena kenduko diela. Familia gurasoei manatzen diet gutxitze hau bakoitzari egin diezaioten ahalik eta erarik zuzenenean.

        »Espresuki debekatzen diet beren lurrak lantzen saiatzen diren guztiei, edo errentan ipini dituztenei, inolako konponketarik egin dezaten.

        »Lan apal eta mekanikoetan ari diren guztiei eta beraz Gure Maiestatearen jaikiera zeremonioaren batean inoiz izan ez direnei agintzen diet, berentzat, beren emazteentzat eta beren semeentzat lau urtetik lau urtera soilik eros ditzaten jantziak; debekatuz zorrozki, bestalde, urtero festa nagusietan beren familietan ohikoak dituzten libertimendutxo horiek.

        »Eta, jakin izan dudanez gure hiri ederretako hiritar gehienak osorik saiatzen direla beren alaben ezkontzan, zein ez diren gure estatuan gomendagarri, modestia triste eta aspergarriaz baizik, agintzen dugu, itxaron dezaten ezkontzeko ordenamenduek dioten adina arteraino, eta betetzerakoan hartara behartu ditzaten. Halaber, debekatzen diegu gure epaileei beren haurren heziketaz arduratu daitezen.»

Parisen,
1718ko Chalval-en ilargiaren 1ean.

 

 

 

© Montesquieu

© itzulpenarena: Patri Urkizu

 

 

"Montesquieu / Pertsiar Gutunak" orrialde nagusia