CVI GUTUNA
USBEK-ek VENEZIAn dagoen RHEDI-ri
Edo ez duzu pentsatzen diozuna, edo bestela pentsatzen duzuna baino hobea zara. Zure burua hezteko utzi duzu zure sorterria, eta heziketak oro gutxiesten dituzu. Arte ederrak lantzen diren herrialde batera heztera zatoz eta galgarritzat dauzkazu. Esango ote dizut, Rhedi? Zurekin adosago nago zeu baino.
Arteen galerak nolako egoera basa eta zorigaiztokora eraman gaitzakeen pentsatu ote duzu? Ez da beharrezko irudimenarengana jotzea; ikusi egin baitaiteke. Badira oraindik herriak Lurraren gainean, non pittin bat hezia den ximua bizi litekeen ohorez: beste biztanleen maila bertsuan egonen bailitzateke; ez litzaioke aurkituko eite berezirik ez eta ere nortasun bitxirik; beste nornahik bezala agituko bailuke eta areago oraindik, bere xarmaz loriatua izanen litzateke.
Diozunez, inperio sortzaileek ez zuten ezagutzen ia inoiz arterik. Ez dizut ukatzen, herri barbaro batzuek Lurraren gainean zabaldu ez direnik uhar oldartsuen gisara eta beren gudaroste basatiez erresuma hezienak okupatu ez dituztenik. Baina kontutan har ezazu hau, arteak ikasi egin dituzte edo eginarazi dizkiete herri bentzutuei; hori gabe beren boterea ortzantzaren eta ekaitzen durunda bezalaxe iragana zitekeen.
Beldur zara, diozu, asma dezaten suntsitzeko orain darabiltena baino medio krudelagoren bat. Ez. Edireite hori fatuek hala nahirik lortuko balitz, giza eskubideek berehala debekatuko lukete, eta nazioen onartze orokorrak desagerraraziko. Ez zaie printzeei interesatzen konkistak egitea horrelako bitartekoz: menpekoak bilatzen baitituzte eta ez lurrak.
Bolboraren eta bonben asmaketez kexatzen zara; arrotz egiten zaizu jada hiri hartu ezinezkorik ez izatea: hau da, arrotz egiten zaizula gaur egun aitzinean baino lehenago amaitzea gerrak.
Ohartuko zinen, historiak irakurtzerakoan, bolboraren asmaketaren ondoren batailetan lehen baino askoz ere odol gutxiago isurtzen dela, ia inoiz elkarrekin topo egiten ez dutenez.
Eta, kasu bereziren batean artea kaltegarria gertatu izan balitz horregatik gaitzetsi beharko ote zitzaketen? Pentsatzen duzu, Rhedi, Zerutik gure Profeta sainduak ekarri duen erlijioa kaltegarria denik egunen batean fede gaixtoko Kristauak nahasiko dituelako?
Uste duzu arteek herriak ahultzen dituztela eta ondorioz inperioen erorketaren kausa direla. Persiar zaharren suntsitzeaz mintzo zara, beraien nagikeriaren ondorio izan omen zenaz. Baina adibide hau okerra da, hainbestetan garaitu eta menperatu zituzten greziarrek, mila aldiz antze hobeaz lantzen baitzituzten arteak.
Arteak gizonak guri bilakatzen dituztela esaten denean, ez da hitz egiten lantzen dituzten jendeez, hauek ez baitaude inoiz, bizio guztietatik kuraia gehien ematzen duen alferkerian.
Beraz, hauek dastatzen dituztenez ari gara. Baina, herrialde hezi batean, arte baten erraztasunez gozatzen dutenak beste bat lantzera behartuak daude, pobrezia lotsagarri batean beren buruak ikusi nahi ez badituzte, ondorioztatzen delarik alferkeria, eta nagikeria ezin direla batean izan arteekin.
Agian, Paris dateke Munduko hiririk plazerez beteena, non hauek finezia sotilenez hornituenak diren; baina agian bizitzarik latzena ere bertan pairatzen da. Gizon bat deliziuski bizi dadin beste ehunek lanean etengabe gogor aritu behar dute. Andere bati bururatzen bazaio elkarte batean soineko berezi batekin agertu behar duela, memento honetatik beharrezkoa izango da berrogeita hamar artisau loak hartu gabe, ez edan eta ez jan aritu daitezen: berak agintzen du, eta gure monarka baino askoz ere lasterrago obeditua izanen da, interesa baita Lurreko monarkarik handiena.
Lanerako su hau, aberasteko grina hau, ofizio batetik bestera iragaiten da, artisauengandik hasi eta maila gorengoenganaino. Inork ez du nahi izan jarraian beherago ikusten duena baino pobreago. Ikus dezakezu Parisen, Azken Judizioraino zertaz bizia daukan gizonak, etengabe lanean diharduela bere egunak laburbidean ipiniz, dioen bezala, zertaz bizi biltzearren.
Grina bera da Nazioaren jabe: ez da lanik eta antzerik baizik ikusten. Non dago, beraz, hainbeste aipatzen duzun herri guri hori?
Eman dezadan, Rhedi, erresuma batean lurgintzarako baliagarriak diren arteak soil-soilik onartzen direla, hauek oso ugariak diren arren; eta atsegina edo fantesia helburutzat dutenak desterratzen direla; hauxe diotsut, estatu hau Munduan litekeen miserableenetarikoa litzatekeela.
Beren beharrak asetzeko behar dituzten hainbat gauza uzteko kuraiaski edukitzean biztanleek, Herria ahultzen joanen litzateke, eta estatua hain herbal legoke, non botere ttipiena gai litzatekeen bereganatzeko.
Aski erraz litzaidake detaile multzo handi bat ematea eta ikustaraztea partikularren errentak ia atsolutoki desagertuko liratekeela, eta, beraz, Printzearenak ere. Ez legoke hiritarren artean dohain trukerik; aberastasun higitze honen bukaera eta arteen elkarrekiko dependentziatik datorren errenta ugaritze hori desagertua ikusiko litzateke. Bakoitza bere lurgintzatik biziko litzateke, eta bertatik ez luke aterako gosez ez hiltzeko beharko lukeen puska hura ere. Baina, honek batzuetan estatu baten errenten hogeigarrena besterik osatzen ez duenez, biztanleen kopuruak neurri berean guttitu beharko luke eta hogeigarren partea soilik gelditu.
Kontutan har ezazu ongi, lanaren errentak norainokoak diren. Soro batek bere nagusiari balioaren hogeigarrena besterik ez dio itzultzen; baina, pistola bat kolore erabiliz, berrogeita hamar balio duen koadroa eginen du pintore batek. Berdina esan dezakegu zilarginez, ileketariez, seta langileez eta beste artisau mota guztiez.
Guzti honetaz, Rhedi, ondorio hau atera dezakegu, alegia, printze bat boteretsua izan dadin menpekoak atseginez bizi behar dutela; bizi beharretarako egin, era guztietako ez deuskeriez jabetzearren lan egin dezan.
Parisen,
1717ko Chalval-en ilargiaren 14ean.
© Montesquieu
© itzulpenarena: Patri Urkizu