CII GUTUNA

USBEK-ek SMYRNE-n dagoen IBBEN-i

 

        Europako estaturik indartsuenak Enperadorearenak, Frantziako erregeenak, Espainiako eta Ingalaterrakoak dira. Italia eta Alemaniako parte handi bat estatu ttiki pilo batean banatuak daude, eta hauen printzeak, egia esateko, soberaniaren martiriak dira. Gure sultan loriosoek andere gehiago dute printze hauetako zenbaitek menpekoak baino. Italiakoak, baturik ez daudenez, pleinugarriagoak dira: beren estatuak karabanetako egoitzak bezalaxe irekiak daude, non behartuak dauden ostatu matera datozkien lehenei; beraz, printze handiekin lotu beharrean aurkitzen dira eta duten beldurrez adiskidantzaz baino areago partaide egin.

        Europako gobernu gehienak monarkiak dira, edo hobe esan horrela dira deituak; zeren, ez baitakit benetan sekulan egiazkorik izan den; gutxienez zail da luzaro beren araztasunean iraun dezaten. Estatu bortitz batzuk dira, despotismoan edo errepublikan erortzen direnak. Boterea ezin daiteke berdin banatua izan Herria eta printzearen artean; oreka zaintzea zailegia da. Beharrezko da boterea alde batetik gutxitu dadin, bestetik handitzen den bitartean; baina ordinariozki gudarosteen buru den Printzearen aldetik dago abantaila.

        Halaber, Europako erregeen boterea aski handia da, eta esan daiteke, nahi adinakoa dutela. Baina ez dira horretaz baliatzen gure sultanak bezain nasai: lehenik, zeren ez duten nahi azturekin eta herrien erlijioarekin topo egin; bigarren, ez zaielako komeni hain urrun eramatea.

        Beren menpekoekin gehien batzen duena gure printzeak horiengan duten botere izugarria da, hain zuzen; eta gehien makurtzen dituena fortunaren gibeltze eta kapritxoetara.

        Seinalerik ttipienaren medioz gogozko ez dituzten guztiei bizitza kentzeko duten ohiturak, okerren eta zigorren artean behar den oreka aldatzen du eta honek printze kristauek zorrozki gordetzen duten Inperioen harmonia eta Estatuen arima antzekoa izanik, gure sultanen gainetik abantaila izugarria ematen dielarik.

        Zuhurtasun ezagatik edo zorigaitzez Printzearen desgrazia merezitzera iritsi den Persiarra ziur dago heriotzaz: okerrik ttikienak edo kapritxorik ñimiñoenak ipintzen du egoera latz honetan. Baina, bere soberanoaren bizitzaren kontra saiatu izan balitz, haren egoitzak etsaientzat ipintzen ahaleginik egin balu, berdin galduko zukeen bizia. Beraz, arrisku berdina du lehenbizikoan eta bigarren kasuan.

        Hala bada, desgraziarik txikienean heriotza segurua ikusiz eta deus okerragorik ez, Estatua jazartzera eta Soberanoaren kontra konspiratzera joko du naturalki, hori denez gelditzen zaion irtenbide bakarra.

        Ez da berdin gertatzen, desgraziarekin batera ongi-nahia eta faborea soilik galtzen duten Europako handiekin. Gortetik erretiratzen dira, bizitza lasai batez eta bere jaiotzaren abantailez dastatu besterik ez dutelarik nahi. Erregearen kontrako hutsez soilik bat hilarazten denez, huts horretan erortzeko beldur dira, kontutan harturik, zein gutxi duten irabazteko eta zenbat galtzeko: ondorioz iraultza benetan gutti eta heriotza bortitzez hiltzen diren oso printze gutti gertatzen delarik.

        Gore printzeek duten aginte mugagabe honetan ez balute beren biziak segurtasunean edukitzeko hainbat arreta hartuko, ez lirateke egun bat biziko; eta beren menpekoak azpian atxikitzen soldatapean ez balituzte kontaezinezko gudarosteak, beren inperioak ez luke hilabete bat iraungo.

        Duela lau edo bost mende Frantziako errege batek bere zaindariak hartu zituela, garaiko ohituraren aurka, Asiako printze ttiki batek hura akabatzeko bidali zituen hiltzaileengandik libratzeko: ordura arte erregeak lasai bizi izan ziren beren menpekoen artean, gurasoak beren semeen artean bezalaxe.

        Frantziako erregeek, beraz, menpekoren baten bizia kentzetik urrun, gure sultanek bezala, beraien esku daukate hiltzaile guztiei heriotza-zigorra kentzea eta bizi grazia ematea. Aski zain gizon bati printzearen begitartea ikusteko zoriona edukitzea behin, bizitzeko duin sentitzeko. Monarka hauek bizitza eta berotasuna ematen digun Eguzkia bezalakoak dira.

Parisen,
1717ko Rebiab 2.aren ilargiaren 8an.

 

 

 

© Montesquieu

© itzulpenarena: Patri Urkizu

 

 

"Montesquieu / Pertsiar Gutunak" orrialde nagusia